Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Einstein-en amesgaiztoa

(Hiroshima, Nagasaki, 1945)

 

      Durangotik Coventryra eta Gernikatik Dresdenera, logika bera: herriak —eta beraz herritarrak— bonbardatu egin daitezke. Aitzakia baino ez da aurkitu behar, edo beharbada hori ere ez. Izuaren uhina suntsiketa militarra bezain arma indartsua da, horra bonbaz bonba, eztandaz eztanda gobernuetako bulegoetan ikasi dena.

      Dena ez zegoen asmatua, baina. Logikak koska bat gehiago estutzea, bazuen.

 

HUTS EGINIKO POEMA

 

Nire lagunak

poeta bera ere

poetak deitu zituen.

 

Poema bat idatzi behar da

bonba atomikoaz

halako izugarrikeriarik!

esan zigun

izugarrikeriarik izugarriena

da esan zigun,

akabua da, ezereza,

heriotza da.

 

Ez da, esan zigun,

ohean bakarrik hiltzea

malkoak eta familia

sabaia eta hormak

inguruan.

Ez da bala bat iristea

galdua edo aurkitua

arnasa etetera,

zure loan sartzera.

 

Ez da minbiziak seinalatzea

jatea,

zulatzea.

 

Ez da zure heriotza,

zurea,

irabazi zenuen ezereza,

aire gaiztotua da,

den ororen

hondakina da,

ororena.

 

Inork ez du inorengatik

negarrik egingo,

inork ez du inoren

malkorik izango.

 

Eta hori da izugarriena,

lekukorik gabeko heriotza,

ez azken hitzik

ez inor bizirik.

Heriotza heriotza oro

heriotza oro.

 

Ulertzen?

 

Poema bat idatzi behar da

bonba atomikoaz.

 

Isilik gelditu ginen

ahoak zabalik,

izua irentsi genuen

izoztutako tua balitz legez,

eta gero etxera

joan ginen denok

kontsigna betetzera.

 

Hitz ematen dut saiatu naizela

saiatzen ari naizela,

baina bonba ekarri gogora

eta erori egiten zait

arkatza eskutik.

 

Ezin dut.

 

Lagun poetari

ezin dudala esango diot.

MARIO BENEDETTI

 

      1945eko abuztuaren 6an, goizaldeko hirurak laurden gutxi ziren Paul Tibbets pilotua Tinian uharteko basetik aireratu zenean. Hamabi gizon zihoazen B-29 bonbaketariaren barruan; haietatik lau, zientzialariak. 12 kilotoneko uranio lehergailua zeraman hegazkinak sabelpean, izen ezin ergelagoa ere bazuena bestalde: Little Boy. Abioia Enola Gay deitzen zen, Tibbetsen ama bezalaxe.

      Goizeko zortziak eta laurden pasatxo ziren, Hiroshima gainean zirela, 9.000 metrotik askatu zutenean. 43 segundo ondoren, Little Boy Shima ospitalearen bertikalean lehertu zen, lurretik 580 metrora.

 

ABUZTUAK 6

 

Nola ahaztuko dut ba oinaztargi hura!

Hogeita hamar mila lagun desagertu ziren lipar batean

lehertutako berrogeita hamar mila

hildakoren deiadarrak isildu

 

ke horixkan barrena kiribilka

eraikin birrinduak, zubi eraitsiak

bagoi beteak kiskaliak

hamaika teila harri Hiroshimako hondakin kiskali mulko

 

handik gutxira azala zarpaila legez zintzilik

eskuak bularren kontra estu

isuritako burmuinak oinazkatzen

erretako oihal zerrendak bizkarra biltzen

soin biluziak trumilka eta negarrez

 

gorputzak arma plazan Jizoren estatuatxoak balira bezala

jendea elkarren gainean ibai ertzean

lotutako txalupetara arrastaka igotzen

eguzki errearen pean orduak igaro arau hilotz bihurtzen

arratseko zerua zulatzen zuen gar betean

 

ama eta anaia gaztea etxe hondarren pean

bizirik harrapatu zituen herri inguruak

sutan egiten dute dirdira iraizkinen erdian

armategiaren zoru gainean

ihes egitea lortu duten neska ikasleak ilaran

buruak ile gabe, azal zanbrotuak

begi lehertuak, sabel puztuak

zarata hartan zeren bila nenbilen ni

goizeko argia

zirkinik ez inork

kirats geldo hartan ezer ere ez

euliak besterik metalezko azpilen kontra

 

nola ahaztu isiltasun hura

hirurehun mila biztanleko hiria osorik

hartzen zuena?

nola ahaztu baretasun hartan

 

gure bihotz-arimak hautsi arteko

itxaropen hura

gehiago itzuliko ez diren

emakumeen eta haurren betzulo zuriak?

SANKICHI TOGE

 

      Kopuruak ez dira egundo bonbak bezain zorrotzak. 70.000 herritar hil ziren behetik jota leherketa egunean. Ondorengo urteetan beste horrenbeste eta gehiago hil ziren erradiazioak eragindako minbiziak haginkatuta, Sankichi Toge bera tartean.

      Hiru egunera, beste bonba bat bota zuten Estatu Batuek Nagasakiren gainean. Fat Man deitu zuten. 1945a amaitzerako, 80.000 ziren hildakoak.

      Alemanian ez bezala, asko dira Hiroshiman nola Nagasakin gertatutakoa kontatu beharra sentitu zuten idazleak: Sankichi Toge, Tamiki Hara, Ota Yoko, Oda Makoto, Masuji Ibuse, Ineko Sata, Hiroko Takenishi, Kyoko Hayashi, Katsuzo Oda, Mitsuharu Inoue, Akiya Utaka… hibakushak dira, bizirik atera direnak.

      Irabazleek galdekatu egin zituzten, zentsura ezarri zieten, argitaratzea debekatu. Eta idazleen erraietan, Holokaustoaren osteko kezka bera, Theodor W. Adorno-ren teorian eta Paul Celan-en praktika poetikoan ageri den obsesio eta ondorio berbera, “nola adierazi izua isiltasunaren bidez ez bada”.

      Hitzek duten esanahia ere galtzen duten esperientzia izan da, ezinezkoa da forma ematea minari.

 

            Hona nire sinesmen guztia

            hitzak isiltasunaren baitan,

            arriskuz betetako hitzak.

AKIYA UTAKA

 

      Yoko Ota-k idazletzaren arduraren neurria ematen du:

 

      Seguru asko ez zen zaila izango gertatuaren mingotsa ‘infernu’ bezalako hitzen bidez erakusteko gai izan bagina. Nik, ordea, ezin nuen egia errepresentatu lehenago terminologia berririk sortu gabe.

 

      Genbaku bungaku deitzen da, Bonba atomikoaren literatura.

      “Komun bati esker nago bizirik” gogoratzen du Tamiki Hara-k.

 

      Ez nuke asmatuko esaten zenbat segundo pasatu ziren dena gertatu arte; bat-batean hots uhin baten burrunba buru barruan. Gero, dena ilundu zen. Senez, deiadar egin nuen, eskuak aurpegian nituela jaiki nintzen. Gauzak bata bestearen kontra jotzen, ekaitz batek astinduak bezalaxe. Infernua bezain beltz zegoen dena. Ez neukan aztarrenik ere zer ari zen gertatzen. Haztamuka, korridorera zeraman atea leherrarazi nuen. Herioan, garbi entzun ahal izan nituen zaratotsaren erdian neure agonia uluak, baina ezinezkoa zitzaidan ezer ikustea. Hala ere, azkenik kanpoan, itzalen perfila ikusten hasi nintzen argi hilduratsu haren menpean. Txikizioaren ertzak ziren. Orduantxe hasi zitzaizkidan sentipenak zehazten.

      Aurrean nuenak amesgaiztorik okerrenetik sortua zirudien. Hasieratik, leherketaren kolpea buruan jaso eta dena ilunpetan galdu arte, banekien ez nengoela hilda.

 

      Eta Masuji Ibuse-k:

 

      Galipota erantsi egiten zen zapata zoletan eta oinez ibiltzea ere zail egiten zen. Kable elektrikoen beruna urtuta zegoen, eta jarioan erortzen zen behegaineraino. Hala zegoen bide ertza, zilar koloreko tanta lodiz zipriztindua. Errepide nagusian, tranbien hari elektrikoari eusten zioten altzairuzko posteak okertu egin ziren, eta kableak, erdibituta, zintzilik zeuden. Ez nintzen haietako bakar batera inguratu, bizirik egongo ziren beldurrez.

      Inguru hartan, etorbidean etzandako gorpuak dezentez gutxiago ziren. Hamaika eratan zeuden barreiatuak, baina gehienak —ehuneko laurogei baino gehiago—, ahuspez. Salbuespen ia bakarra andre-gizon batzuena zen, ahoz gora zeuden biak Shirakamiko santutegirako tranbia-geltokiko segurtasun gunearen alboan, belaunak tolestuta eta besoak euren soinekiko diagonalean luze. Biak erabat biluzik eta kiskalita zeuden, eta ipurmasailen azpian gorotz-putzu bana zuten. Inon ikusi gabea nintzen halakorik. Biek zuten buruko zein gorputzeko ilea errea, eta profilek baino ez zuten laguntzen bereizten —bularrek, esaterako—, zein zen gizonezkoa eta zein emakumea.

 

      Eleberriak dira, baina fikzioari nekeza egiten zaio zirrikituren bat aurkitzea. Leherketaren durundia, etxe suntsituen hautsa, burdinaren okerra eta hildako bizilagunak lumaren tintarekin nahastu dira, sekula gehiago ez bereizteko.

 

 

 

BENEDETTI, Mario, Noción de patria-4, Visor, 1999.

DE MORAES, Vinicius, “Rosa de Hiroshima”, Obra poética, Afranio Coutinho, 1968. HARA, Tamiki, Flores de verano, Impedimenta, 2011.

IBUSE, Masuji, Lluvia negra, Libros del Asteroide, 2007.

OÉ, Kenzaburo, Cuadernos de Hiroshima, Anagrama, 2011.

TOGE, Sankichi, Poèmes de la bombe atomique, Edit. Laurence Teper, 2008.

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012