Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012

 

 

Berbak isildutako bonbardaketari

(Durango, 1937)

 

      Sortzez da liburu bitxia César Vallejo perutar idazlearen Espainia, alden ezazu nigandik kaliz hau. Bartzelonako mendialdean, Errepublikaren esku zegoen Montserrateko abadian inprimatu zuen Manuel Altolaguirre poetak 1939ko urtarrilean, frankistak bertara iritsi baino egun batzuk lehenago. Bazekien zertan zebilen Altolaguirrek. 38ko azaroan Pablo Nerudaren Espainia bihotzean atera zen moldiztegi bertatik.

      Kasu bietan soldadu errepublikarrek egin zuten papera, muntatu zituzten moldeak, mugiarazi zituzten makinak. Vallejoren liburuxka egiteko (hamabost poema soil gerraren erdian), esaten da jeneral frankista baten uniformea ere erabili zela paper-pastarako. María Zambranok arroz-papera zela gogoratzen du, hain mehea non ezin zen bi aldeetatik ondo inprimatu. Juan Larrea bilbotarrak idatzi zion hitzaurrea. Pablo Picassok marrazki bat ezarri zion.

      Ordurako hilabeteak ziren Vallejo lurpean zela, Paris ondoko Montrougeko hilerrian. Espainiara gerra-hotsak tentatuta iritsi zen, Valentzian aurrena eta Madrilen ondoren Errepublikak antolatu zuen Idazle Antifaxisten Batzarrera.

 

            HILETA ERREDOBLEA DURANGOKO ERRAUTSEI

 

            Aita hautsa Españatik igotzen zarena,

            Jainkoak salba, libra eta koroa zaitzala,

            aita hautsa arimatik goratzen zarena.

 

            Aita hautsa sutatik igoten zarena,

            Jainkoak salba, zapata jantz eta tronoa eman diezazula

            aita hautsa zeruetan zarena.

 

            Aita hautsa, kearen birloba,

            Jainkoak salba eta infinitora gora zaitzala,

            aita hautsa, kearen birloba.

 

            Aita hautsa non justoek amaitzen duten,

            Jainkoak salba eta lurrera itzul zaitzala,

            aita hautsa, non justoek amitzen duten.

 

            Aita hautsa, ahurretan hazten zarena,

            Jainkoak salba eta bularrez estal zaitzala

            aita hautsa, ezerezarekiko izua.

 

            Aita hautsa, burdinaz osatua,

            Jainkoak salba eta gizon itxura eman diezazula,

            aita hautsa sutan abiatu zarena.

 

            Aita hautsa, pariaren apreta,

            Jainkoak salba eta ez zaitzala sekula be deslot,

            Aita hautsa, pariaren apreta.

 

            Aita hautsa barbaroek haizeratzen dutena,

            Jainkoak salba eta jainkoez gerrika zaitzala,

            aita hautsa atomoek estaltzen dutena.

 

            Aita hautsa, herriaren kubritxeta,

            Jainkoak salba zaitzala betirako gaitzetik,

            Aita hautsa española, aita gurea.

 

            Aita hautsa futurora zoazena,

            Jainkoak salba, gida eta hegalak eman,

            Aita hautsa etorkizuna zarena.

(Itzulpena: EDORTA JIMENEZ, 1987)

 

      Euskaraz, urteak beharko dira artean Durangoko bonbardaketak bere poema izan dezan. 1947an eman zuen argitara Baionan Telesforo Monzonek Gudarien egiñak:

 

            TABIRA

 

            Euskalerrian, goizean goiz irtetzen

            langilleak lanera,

            euliak bezalaxe dirala agertzen

            andrak eleiza aldera.

            Menditik bera neskatxa alai gazte

            datoz errira astogain,

            gaztain, arrautza, barazki ta esne

            dakarzkitela salgai.

 

            Goiz baten Tabirak, esnatzean,

            txori beltzak zituan ortzian.

            Urbiltzen ari zala aien otsa,

            erriak bere gain eriotza!

            Etxeak datoz goitik bera

            —arri ta gorputzak batera—

            zaborretan ager ditugu

            zango ta bular beso ta buru

 

            Eleizan kristauak otoitzean:

            Sapaia yausi ta arrapa apian!

            Apaiz zartxo bat da mezalari

            Yauna eskuan dula ilda yausi!

            Ta Yainkoaren Odol Bera

            ixuri zitzaigun lurrera…

            Onelaxe dala bat egin

            aren Odol Erriarenakin!

 

            Erriak:

 

            Dantza ta Guda mendi goietan…

            Aupa mutillak! Aurrera!

            Bakea baitegu biotzetan,

            ez degu iltzeko beldurra!

            Euskalerri’ko mutil gazteak,

            —Aingeru, naiz ta Gudari—

            gorroto Gabe yausiak dira

            mendigoietan kantari.

 

      Ia hirurehun bonba bota zituen Vittorio Cannaviello-ren Aviazione Legionariak martxoaren 31n eta apirilaren 2an eta 4an, 15.000 kilo leherkari inguru.

      336 herritar hil zen erasoetan.

      Hala ere, “bonbardaketa isildu” legez ezagutzen da Durangokoa.

      Itzalak itzalpekoa bezala estal lezake sinboloak errealitatea.

      Errautsa urteetan egongo da gordean euskal imajinarioan, Ger- nikakoaren gerizpean.

 

DURANGO 1937

Haiei

      Ahatz dezagun suntsidura, oinazea, tristura denik ere.

      Ez ukitu adreilu hautsiok, ez errauts epelok, ez odol itsaskor hau. Ez entzun sabai hondatu guzi hauen azpitik ailegatzen diren kexu eta biraoak, ez inondiko irrati irabazleren partetik.

      Ez usaindu zufrea, ez usaindu gorpu ilunduen hatsa, ez perfume untzi apurturik. Ez ikusiarena egin sulamek argituriko harroin erorien hiri honi begira, haur esku zuri solte bati begira.

      Ez pentsatu bare erre legez arrastatzen garenik, ez pentsatu izurriteen edo herese erreketen ondoren bezala oroimin legez bakarrik arrastatzen garenik. Ez izutu inguruko eta zeure baitango seinale alarmagarriengatik, hitzak ahaztu dituzulako edota haur esku solteak eskailera hondatuetan barrena, bere amaren bila, bihotza oratu eta bere hatzamar zuriez lauskitzen badizu.

      Ahantz dezagun hondamendi guzi hau. Desasosegua utzi eta, imajina dezagun mundua sosegatua eta ederra dela. Imajina dezagun bizirik gaudela.

JOSEBA SARRIONANDIA

 

 

 

ITURRIAGA, Unai; SANVI, Alex, Udaberririk ankerrena, Durango 1936 Kultur Elkartea-Elkar, 2011.

JIMENEZ, Edorta, “César Vallejo, ahots anaia Euskadiko gerraz”, Susa-20, 1987. VALLEJO, César, España, aparta de mi este cáliz, Cátedra, 1988. SARRIONANDIA, Joseba: Ez gara geure baitakoak, Pamiela, 1989.

XX, Durango, isildutako bonbardaketa, Dygital-EITB-Durangoko Udala, 2007. (Dokumentala)

 

Herioren hegala
(literatura bonbapean)

Iņigo Aranbarri

Literatura Eskola, 2012