Herioren hegala
Hitzaurrea
Isiltasunari ostutako testuak dituzu hauek. Ez dira nireak egundo izan. Nireak egin egin dira, ezarian, eztanden osteko isilunea xaretzen joan denean. Kea desegin eta bizitza izpika loratu arau hasi zitzaizkidan azaleratzen, Durango eta Gernikako 75. urteurrenaren kariaz, hitzaldi bat zela medio. Teila hautsiek, makakorroek, dei etsituek atera dizkidate isiltasun beldurgarri horretatik. Zenbat diren, ez dakit. Hona dakartzadanak aukera murritz baten emaitza direla, ez dago esan beharrik. Bonbardaketena, isiltasun handi baten istorioa baita. Isiltasuna, hori delako, behin eta berriz, nonahi, bizitzak ematen dion berehalako erantzuna. Eta handia, egunerokotasunak bere hotsak ekarriagatik isiluneak hor dirauelako, direnak direla arrazoiak. Sasoi batean, munduko bidegabekeria larrienaren begian geundela sinetsita bizi ginen. Gernikakoa zen, hala esaten genuen, herritarren kontrako aurreneko aire-erasoa. Arbola santurik gabe, Durango ez zegoen urruti, ordea. Ezta Otxandio ere, gerra hasi eta lau egunera. Denbora behar izan dugu jakiteko ohore malapartatu hori ez zegokigula guri, Afrikan egin zela lehenbiziko aldiz esperimentua, Arrifen. Hori bai, egile beren eskutik. Ezaguna zaigu ondoren zer etorri den. Laster da mende bete populazio zibilaren kontrako bonbardaketak egiten hasi zirela. Noiz amaituko diren, badakigu. Bitartean, hala moduzko zerrenda bat osatzea, ez da lantegi zaila. Beti estutu behar da koska bat, hori bai. Hegazkin mota, lehergaien osaketa, pilotuen izen-abizenak kanbiatu... baina logika bera beti. Biktimak dira itxura batean aldatzen direnak, gero, nola ez dakigula, elkarren antz itzela hartzen badute ere. Asko dakigu, baina isiltasunak salatu egiten du gure jakinduria. Bonbardatutako herrien gainetik atzamarra pasatzea da: zenbat idazle heldu da guregana hemendik? Zenbat testu handik? Irabazleek zentsura ezarri zuten Japonian Hiroshima eta Nagasaki suntsitu eta gero. Debekatua zegoen bonba atomikoak utzitakoaz idaztea. Yoko Ota izan zen estatubatuarren erabakiaren biktimetako bat. Emakumearen erantzunak durundi egiten du egun ere: “Ezin ahantz dezaket... argitaratzerik ez badut ere, idatzi beharra dut”. Idatzi bai, baina nork irakurtzeko? Orain ez dago zentsura ezarri beharrik. Hiroshima ostean egon diren Gernika guztietan, berdin Groznin zein Shinchunen, Kosovon nahiz Basoran, egon da Yoko Ota bana. Ondoriozko galderak gure literatura sistema salatzen du: zergatik ez zaigu helarazi haien lan bakar bat? Edo bestela ikusita: non egon da munduaren berri hainbeste dakien idazleria hango hautsik ez batzeko? Bai, beharbada daukaguna baino ‘informazio gehiago’ behar dugu izugarrikerion muinaz taxuzko lerro bakar bat zirriborratzeko, baina orduan, obra perfektuaren zain, mututasuna salatari, onartu beharko genuke Durangoz zein Gernikaz idatzi duten Vallejo, Éluard, Unzueta guztiek hobe zuketela berba euren eskuez ito. Eta ondorioak beldurra ematen du: ez diogu literaturari arriskuaren zakarrik ere opa? Hitzik eza bera ez da zikinagoa?
Herioren hegala |