Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23

 

 

BIGARREN EGINTZA

 

        Tardets jauregiko gaztelu-batzagela, antziña garaiak oroitzen dituala. Aurrez aurre sarrerako atea, onen ondoan Tardets abizenari dagokion ekanduaz apaindutako sutegi aundi-geñezko batean erretzen diran egurran, gela guztia berotu-alaituko dute. Ezker-eskubira beste ate batzuek, bear-diranak, eta nai dan eran leyo bat.

        TRESNAK. Mayak, aulkiak, argiak, oyal landuak abar eta abar. Ager-agerian Josu jayotza aurkezten duan margo-ederkide bat, lora-argiz inguratua.

        XVIIIgarren eunki eran antolatu liteke gela au.

 

 

LENENGO ATALA

 

MILDE, GAINE TA ELO

 

(Irurak Josu jayotza margoa, orduantxen jarri-apaintzez bukatuko ba-luteke lez, begira dagozte. Elok eskuan daukan saski batean, gelditutako paper-zakarrak ikusten zaizkio.)

 

GAINE: Eta zer derizkiozu bada, Elo... ongi al dago ala?

ELO: Bai orixen! Au da gauz ikusgarri ederra andere. Gabean, argiak pistutzen direnean, zerua ber-bera emango du.

GAINE: Ainbesteraño?

ELO: Ainbesteraño. Eta alaz guztiz ere, urtero bezela gaurko eguna, emen barruan sortzen zaidan espatxo batek illuntzen dit.

GAINE: Eta ori?

MILDE: Nola?

ELO: Gaur nere burua emendik urruti, oso urruti ikusi naiko nukelako.

MILDE: Ez al zaude bada pozik gure artean?

ELO: Pozik? Ene andreak, Elo beste zazpi aldiz jayoko ba-litzake, Tardets etxean egitera aleginduko litzake.

GAINE: Orduan bada...

ELO: Gau disdi onetan, Belen mendietako artzaya izan banintz ordea, Jesus aurtxoa jayo zanean... a zer nolako gaztanbera egingo zuten esku abek, judu ayek etziran ibillliko ta...

GAINE: (Parrez). Gaztanbera aur jayoberriarentzat, Elo?

ELO: Ala da, etzitzaidan bururatzen...

MILDE: Etzan Belen estalpe arlotean galduko zure biotz biguñaren erakuski ura...

GAINE: Gizatxarkeri batzuek, tarteka-tarteka ez balira...

ELO: Artara jartzen nautelako.

MILDE: Zoaz orain, Elo, ta ia nola tajutzen zeran mutiko-nexken arratsaldekoa bear lez jarrerazteko, bereala emen ditugu ta...

ELO: (Barru aterontz dagiela). Bai andrea, nere gain... gazte oyek astinduko ditut, bestela itz eta itz, gure arratsaldekoa utsean... Bereala arte, andreak.

GAINE: Ez gero gizatxartu..

ELO: Ez dakit... (Elo sartzen da).

 

 

BIGARREN ATALA

 

MILDE TA GAINE

 

MILDE: Lan izango zendutekiela uste diñat, oraingo legiakaz otseñak iritxi dizkiten eskubide ta guzti ere, gure Elo bezin zoriontsurik arkitzen.

GAINE: Otseña al da ordia Elo?

MILDE: Ori ere.

GAINE: Tardetsen ez da otseñik, eta ez lege bearrik ere. Etxe geyenetan ordea nai-ta-naiezkoa zan beren izatea legetzea, gizona goi legez aztuta gañerakuetan seniderik ikusten ezpaitzuan.

MILDE: Ala den. Zein arlote burugabeak gaitunan! Ederki alkar maiteaz bizi besterik ez, ta beti ezpa, asarrea, billatzen...

GAINE: Egia.

MILDE: Itz gaya aldatuaz. Ba dakin Ragota, egunean baño egunan, gazteago arkitzen diñatala?

GAINE: Ala da. Zenbat urte dauzka?

MILDE: Askoak... irurogei... irurogeitamar... larogei txintxillika.

GAINE: Irurogei baño geyo ematen ez ditu; liraintasumean, buru-argitasunean, osasunean eta alaitasunean. Sendakiñak berarekin, garalle irten dirala, ezin ukatu liteke.

MILDE: Ez niñan nik beintzat uste izango, gai onetan jakintsu aundienak ere ezer iritsiko ziñanik. Ragota'gaz egin ditena ordea, begien aurrean diñagu.

GAINE: Gutxi lakoen gizadi autua izan bear du bereak.

MILDE: A, ori bai. Bere gain eraman dizkikan lan katazkaz, iñork ez din beñere eroria ikusi, batzuek onela askotan opa ba zioten ere.

 

(Txistu ots luze bat entzungo da).

 

GAINE: (Altxata leyorantz egiñaz). Nor ote degu?

MILDE: Tzedar izango den.

GAINE: Onelako goiz?

MILDE: Dana dala, ongi etorria izan bedi gure artera.

GAINE: Emakumea da... Ara!... Leti.

 

(Laxterka atetik irteten da).

 

MILDE: Leti! Zer ote dakar gure txori-buru maitagarriak? Senar emazteak adiskidetuko ziran... (Altxiaz) Ori izango da, ala ere! Bestela arritzekoa da Tardets'etzaz gogoratzea, uria jai oztez gañezka dagoan garayean. Ene gaxoa! Gaizki azitako umearen zorigaitza.

 

 

IRUGARREN ATALA

 

MILDE, GAINE TA LETI

 

(Gaine ta Leti sartuko dira, au lotsatuta bezala atzean geldituaz).

 

LETI: Laztadu nai nazu, ene izeba!

MILDE: (Leti laztanduaz). Esate utsagatik ere... A eskergabea! Emen maitatzen augunan añe ta...

LETI: Bai, badakit. Eta nik! Etzenduteke sinistuko zenbat aldiz oroitu naizen zuen izate eztitsuaz eta Tardets gaztelu bizitze atsegiñaz.

GAINE: Bai ote?

LETI: O bai! Ain bearrekoak zaizkit nere nekean.

MILDE: Gaxo al ator ba, ene illoba?

LETI: Ez gaxo ez, nekatua, atseden bearrean.

MILDE: Ori besterik ez baden; beste aldi askotan bezala, gure artean, emen, uriko joan etorri ibiltzetatik urruti, laxter tajutuko aiz; gogoa altxa kementzen den añean soña indartu osatzen zaiñala. (Besotik elduaz). Ator su ondara, bidean oztuko intzan eta. (Gaine'ri). Agindu ezan tea ekartzeko.

 

(Gaine'k telefonoz itz egite itxura egingo du. Milde ta Leti su ondoan exeriko dira).

 

LETI: (Daraman gañekoa kendu ta exeriaz). Eskarrikasko izeba. Zein ona zeran! Egingo zindazuten arreraz nere keska ba nekarren ere...

MILDE: Ikusten den bada ire keskak zertaz etzeukabenala beñere izan. Gaizki azitako umiaren naikeri txoroen bat beste txarkeririk ez diñat igan uste izan beñere ta.

LETI: (Apal). Eta Gorma'k ere, ez al du geyago uste?

MILDE: Ez, ezta ere. Erabilli denan azkatasuna, nik lez geyegia arkitzen din, emakumearentzat batez ere. Ez baitik emakumeak ona izate utzarekin ase bear, izan eta alaxe agertzea bearrekoa diñala esana baitzegon... Aundiak, aundiki ordea, ta zerbaiterako Tardets abizen ospetsua daraman.

 

(Bitarte onetan Gaine, zerbait tajutzen bezela asiko da).

 

LETI: Ba! Tardets abizena, gañerakoak bezela, on-txarrez, altxa-beralduez, aundi-txikitasunez egindako naste ori, gizon edo emakume adierazten duana da. Lege zarrekoa da izeba, abizenari ainbeste begiratu ta eskatze ori!

MILDE: (Minduaz). Lege berrikoa berriz ezer ere ez aintzakotzaz artzea, bakoitzak gura diñan eran bizitzea. Egia, zuzentasuna, izen onari minberatasuna, antziñako ergelkeriari lez par egin... eta, azkatasuna azkatasun ugaria... Orrekin naikoa diñagu. Orrela gatxiazkin!

LETI: Izeba, arren, asketsi! Etzan nere asmoa... (Deituaz). Gaine, Gaine, ator, ire bear naun.

GAINE: Zer du? Zer gertatzen da?

MILDE: Utza! Leti'ren abotik oraingo ozteak azaltzen diten izate arin, sentsu gabea, ezin eraman diñat.

LETI: Eta zer nai dezu, izeba, nik azaltzea, naizena baño? (Negarti). Bai bakarrik nagoala! Tamala! Nere ergelkeri-buru-ariñez atsendu zerate.Tardets'en ere.

GAINE: Ene Leti, ez ezan onela artu.

LETI: Bai, bai, argi dakust, zuen maitasuna ere galdu detala... Lenago oniritzi ta “ene izeba!” aintzatzen zenduen nere arintasunak, orain aspertuko zinduke... Aspertu! Guztiak nere inguruan, nere ondoan, aspertzen zaizkit... Tzedar’ek ere orrexegatik utzi ez nau ba?... Gaine, Gaine, ederki baztartu naun!

GAINE: Zer dion ordea?

LETI: Ez dakiñat, guztiz zoritxarrekoa naunala baizik.

MILDE: (Leti aur bat bezela maitatuaz). Ene gaxoa! Nere betiko aur laztana. Zein egoki egin denan, gure artera, ire soin-gogo eroriak altxatzeko bear diten ta iritxiko diten atseden-geldi billa, etortzea.

LETI: Iritxi! Baliteke!

MILDE: Bai. Ontarako ordea, ain gutxi nai diñan izeba onen eskuetan, oso-osorik jarri bear aiz. Egingo al den? Naiko ote den?

LETI: Bai, bai, oso-osorik. Bear-bearrekoa zait zure itzetan xinistea... nola bañan, nola iritxiko det pakea?

GAINE: Gaurko gabez, ta gizonen artean pake ori zabaltzera, Jaungoikoaren semea jayo zan Belen’en.

LETI: Ala da!...

GAINE: Gau zoragarri disdia gaurkoa.

 

 

LAUGARREN ATALA

 

LENGOAK ETA ELO

 

(Elo bear diran tresnakaz sartu ta sutegi ondoko mai baten gañean utziko ditu).

 

MILDE: Orain... aurreratu ta ia zer nai denan. Ontatik asi bear diñagu... (Gaine’k banaketa egiten du).

GAINE: Naikoa?... Emendikan?

MILDE: Ondo da...

LETI: Uste baño zaletuagoa nengoen!

MILDE: Jakiña! Artu, artu... Zerbaiten bearra daukan!

LETI: (Alai). Lenengo egin bearra ez da zalla. (Elo’ri). Ene Elo, adiskide zarra, ez dezu neri ezer esan bearrik?

ELO: Andrea! Biotz-biotzez poztutzen naizela, zure arpegia beñere baño disdi-ederragoa ikusteaz.

LETI: Eskarrikasko Elo! Eta geyago?

ELO: Tzedar jauna ongi izango da.

LETI: (Oso motz). Bai.

ELO: Asko poztutzen naiz... Zerbait geyago nai dezute andreok?

GAINE: Ez, joan ziñezke Lou-Elo. (Elo joaten da).

LETI: O, lekune ixill onetan eta zuen maitasun bigunen erdian, nere burua bai ederki ta atsegin arkitzen dedala.

GAINE: (Parrez). Beragan xinisten den ordea?

LETI: Beti; nere naiezan mindu bazaituztet ere. Aztu zerate noski? Ez al da orrela, izeba?

MILDE: Jakiña! Ez gera gogoratzen ere!

LETI: Ba nekien, zorrotza bañan ona zera.

MILDE: Geyegia iretzat...

LETI: Ez, geyegia beñerez... Ara, ara. Suak ere nere alaitasunean, lagundu nai naula ematen du. Begira garrak dagizkien mingain urdin, gorri, ori bizi oyek... begiak alaitu, betetzen dituzte. Ez da arritzekoa, garayetan, gizonak urtziaz gurtzea. Neska otseña pozik izango nintzake.

MILDE: (Altxiaz). A betiko nere marama txoroa! Urrutiago joan adi.

GAINE: Nora zuaz, ama?

MILDE: Garaya aurrera zian, ta berandutu gabe, ire gaur gaberako jantzia gertu nai diñat. (Leti'ri). Badakin Leti, Gaine'k artu duan Tardets etxekoandre izenari maxter guztien aurrean gaur gabean asiera eman bear zion... Eta ongi etorria, Leti.

LETI: Agur, izeba...

 

(Milde joaten da).

 

 

BOSGARREN ATALA

 

LETI TA GAINE

 

LETI: Ja... ja... ja... Itxura ederrekoa egongo aiz. Eskerrak ederra aizela Gaine, bestela... Ta alaz guztia ere, lan izango inteken orratik Tardets antziña aiton-amon goraldu guztiak, ni onelako jantzi parragarrian ipintzen... Ezagutzen al den?

GAINE: Bai, ta egiaz ez den polita. Pozik; pozik jantziko diñat ordea, gure antziña oitura oyek jarraitzeagatlk.

LETI: Antziña oiturak! Izeba irekin txoraturik egongo den, agerpen oyek maitatzen ditunalako. (Isekan). Tardets gaztelu etxekoandreak. Zarra ta gaztea. Aintza berai!

GAINE: (Parrez). Ederki dakin par egiten.

LETI: (Tamal). Eta orra gauzak nola ditunan! Gomuta abek negar egin bearrazi lirateke.

GAINE: Zergatik?

LETI: Oitura oyek beteaz lege zarrera nik bizi nai ez izateagatik, Tzedar eta nere arteko asarre ta ezin tajutua zetoztenalako. Jakingo den bakoitza geren aldetik bizi gaitunala.

GAINE: Sortaldera joana denala.

LETI: Ori, estalkia den. Egia, bata bestiarentzat jayoak ez gaitunala. Tzedar'ek bere emazteari, berari begira, bere naya beteaz, biziera illun, ixil-geldia eskatzen baitzion... (Sutsu). Ta, Gaine, ludia, zabal maitagarria den; dagizkien batza jayak, disdi-zoliak; jarraitzen diten gizonak emakume naikeri txikienak, sumatuta betetzen alegintzen dituenak, gure aulkeriak ere goratuta aintzaturik. Eresi gain autuak, usai bakan lilluragarriak dagiten bide loratuan... batzuen eta bestien txalo artean, nere gaztetasun eta diotenez edertasunakaz, bide orretan garalle ibiltzen, ez ote den atsegin zoragarria?

GAINE: Bai. Bide orren azkena ordea, aspertzea den, aspertze illun tamala, Leti gaxoa.

LETI: Eta ik nola dakin ori?

GAINE: Emen beko zoriona ere, gure bearra beteaz baizik irixten ez diñagulako.

LETI: Bearra... bearra... zalla ta illuna den.

GAINE: Ez, nai izatea den lenengo baldintza. Ta Tzedar lako gizon altxa baten maitasunaren laguntza, bigarrena.

LETI: Lekueta zion! Itzik esan gabe, emakume bateri egin zezayokean ezetsi aundiena eginda joana gañera.

GAINE: Eta ain urruti ezbaletxion? Eta ire ondora etorriko balitzaikiken?

LETI: Ba, balitz, izatetik urruti den.

GAINE: Oraingoan ez ain urruti. Alaitu adi. Gaur gabean Tardets etxean Josu jayotzarekin zuen adiskidetasuna jaituko degu.

LETI: Bañan Tzedar emen den?

GAINE: Ez, gaur gaberako ordea iragarria bialdu din. Nere zoriona beraz Leti! Aurtxo orrek ekarri zaituzte gaur biok gure artera, Tardets'era, zuen egiazko lagunak, zuen atsegiñak poztu ditzan.

LETI: (Nastua lez). Tzedar!... Gau ona... Olentzero... O bai orain dakust argi ta garbi nere zoritxarra. Tamala! (Sutsu altxiaz). Poztu adi Gaine, osoro garaitu naun.

GAINE: Zer dion ordea, Leti?

LETI: (Erdi parrez). Ik nere lengusu Gorma gizajo elbarria bayeztea zergatik izan unan ez dakiñatela uste al den?

GAINE: Nora ua? Tzedar'en gogo eder aundiak, nere zoriona dagi.

LETI: Berari begira lilluratua agoala, nere buruan sartuko denalakoan. Alperrik! (Ixillik). Aspalditik zekiñat Tzedar nereganatuarekin, nere zoriona iritxi gabe iria purrukatu niñala.

GAINE: Leti; Gorma den nere senarra.

LETI: Bai ire senarra bai, ire jabea ordea...

GAINE: (Joatera egiñaz). Ez aut utziko bide orretan aurrera joaten.

LETI: Azketsi arren eta nitzaz kupitu adi. Ain naun zorigaxtokoa. (Negarrez). O bai garexti ordaindu diñatela nere emakume aundi naikeri txoroa! Tzedar arrapatzeko, nere almena, irea bañan goyagokoa unala agertzeagatik izan unan guzia ta. Bai bainetxekiñan alkargana makurtuak zeundetela!

GAINE: Orduan... ire senarra maite ez den.

LETI: Or dago nere oñaze miñena. Tzedar aundiegia den ezagutu ta ez maitatzeko. Gizon orren izate altxia ordea ez diñat nik beñere bete, bear bezelako jauntasunaz beti agertu bazait ere. Berriz ere lengoa zionat: “Garaitu naun Gaine”.

GAINE: I bizi aiz, eta dionez ire senarrak, begi txarrez begiratzen din arte, nasteak ire buruan odei beltz illun oyek altxatzen dizkin... utzi ezan alde batera ta Tzedar'en nayarekin ire zoriona egiña den.

LETI: Bai ote? Tzedar'ek nere oraindañoko erokeriak aztuko al dizkin?

GAINE: Jakiña! Ori den bere amets eztia ta.

LETI: Zein egoki egin dedan gaur onera etortzea! Azketsi Gaine, eroa nentxion, esan dizkiñaten itzak esateko. Ona aiz egiz, nere azpikeria astu ta... nere miñari sendagaya arkitzen alegintzen aiz ta.

        I bai Tzedar'entzat emazte autua izango intzala!

GAINE: Ixo. Ik dion ire azpikeri orrek erakarri zionan zoriona. Emen unan nere lekua. Eta i irean gaur ezarriko aiz.

        (Ozte itza, zaldi irrintzi ta zakur zaunkak entzungo dira). Emen ditun.

LETI: Norbait?

GAINE: Gorma ta Ragota eizetik... Gurekin bai-diñagu jaun au ere.

LETI: Ez dizkiñat orain ikusi nai; erakutsi zaidan nere gela, nere burua jantzi ta tajutu nai diñat.

GAINE: (Parrez). Badakin ire senarra bereala emen denala.

LETI: (Parrez). Eta nere apainketan alegindu bear naunala.

GAINE: Ori... ori...

LETI: Nere iñudearen ipui azkena bete dedin: “Zoriontzu bizitu itunan, eper ugari janaz, eta abar, eta abar”.

 

(Biok parrez sartzen dira).

 

 

SEIGARREN ATALA

 

RAGOTA, GORMA TA ELO

 

RAGOTA: (Ragota, atzetik Elo duela sartzen da).

        A agure maltzurra! Obe dek bai, emen, etxekoandreari lau zurikeri esanaz gelditu aizen. Zer dituk “amusdenek” egindako erokeri ospetsuak, are nagusi onek gaur eragin azi zidakenarekin? (Su ondoan exeritzen da).

ELO: Tardets gazteluak, inguru ederrak ditu bada, jauna.

RAGOTA: Inguruak eta urrutiak; ontan bat gaituk. Aro onetan ordea, Tardets su ondoa atsegiñagoa dek, alajañetan!

ELO: Bai jauna, orain bai; udaran ordea...

RAGOTA: Badakik i ta ire kasta ez dekala motela izan? Zuen bizitz guztia emen igaro omen dezute! Baztar txarra auxen!

GORMA: (Sartuaz). Eta nola guaz? Berotu gera ala?

RAGOTA: O bai, atsedendu natzaizu egiaz.

GORMA: Ibilliak ez du kalterik egiten.

RAGOTA: Orratik, geyegiak... Eta zakurrak?

GORMA: Beste ainbeste egiteko gertu. Ikusiko bazenitu jaten! (Elo'ri). Aizak, Elo, guk zerbait pixgarri bear diagu.

RAGOTA: Ederki! Ekarri ezak ona, irabazi diagu ta...

ELO: Bereala jaunak. (Aterontz dagi).

GORMA: Ez gero, Elo, txiki ibilli.

ELO: Ez, jauna, ez. (Joaten da).

GORMA: Etxe onetako ardotegiaren jabe, berrogei urte abetan bera bai da. Eta gain gañean edukitzen ez da gero nolanai sayatzen!

RAGOTA: Badakizu, Gorma, ludiak eman lezakean onura, zuk aña arrapatzen dunik, beste bat arkitzen zall izango litzakela?

GORMA: Ez det ukatzen.

RAGOTA: Begien aurrian dagoana...

        (Elo bonbill eta edan ontziakin sartzen da). Ia... ia... zer dakarkizun?

GORMA: Oraiñ ere trebe azalduko aiz noski.

ELO: (Edan ontziak bete ta eskeñirik). (Ragota'ri) Jauna. (Gorma'ri). Nagusi, ez det uste zure etxeko izena gaizki utziko detanik.

RAGOTA: (Edan ondoren). Ez, onelako leunkeri atsegiñarekin. Bapo, agurea, ederki!

GORMA: Betikoa du Elo'k, nori, nola eta nola, berak bakarrik dakizkien ardotegiko edanak ateratzen jakitea.

RAGOTA: Gaur beintzat, jakin du. (Elo'ri). Bota ezak, bota beste bat, eta ik ere edan. Adiskide zarrak gaituk.

ELO: Jauna, eskarrikasko, bañan...

RAGOTA: Zer eskarrikasko! (Edan eta gero). Ez da ezer ere onelako aberastasun jabearen adiskidea izatea! Au erari berexi-berexia da ta Gorma.

GORMA: Ez dago gaizki.

RAGOTA: (Elo'ri emanaz). Tira, ik an beko zuloan onelakoak maiz edango ditukalarik...

GORMA: Edan ezak Elo. Ragota jaunak Tardets'en oñak ipiñi zituan ezkeroztlk, nagusia dekala badakik.

ELO: (Edanez). Orduan jaunak, zuen osasunerako.

RAGOTA: Eta orain, betoz samintasunak, ez da? (Elo'k par dagi).

GORMA: Orratik... obe alaitasunak.

RAGOTA: Eskuetan daukazun atsegin-egundea galtzeak izutzen zaitu e? Jakiña! Ez bai dezu urria.

ELO: Jaunak, zerbait geyago agintzen dezute?

GORMA: Ez, joan intekek.

RAGOTA: Eta ez aztu lagunak gaitukala.

 

(Elo joaten da).

 

RAGOTA: Bai seme, bai, zure zori on edo gaxtoak, edertasun-liraintasuna kendu bazizun ere, ugari ordaindu zinduan gañerakoan, etxe kanpo-barruan aberastasun, ugaritasunak batuta eman lezakean ongunde lasaitasun osuenez ta gutxietan izan oi dana, zure izatea atsegin biguña egiten, egiñalian sayatzen zaizkitzun, notin berexiaz inguraturik.

GORMA: Ala da.

RAGOTA: Amaitzeko, nere bizi guztian ezagutu detan andrerik ederrena, eta zure onagatik biziaren erdia emango lukean emaztea Gaine, onura edertasun guztiak beragan batuta dauzkan emakume zoragarri ori... A zantzaill arrapagoya! (Parrez). Ez aiz motela.

 

 

ZAZPIGARREN ATALA

 

RAGOTA, GORMA TA MILDE

 

MILDE: (Sartuaz). Arratsalde ontxo bat, ene nereak. (Parrez). Badakust alperrik etzaudetela. (Ragota ta Gorma'k, altxa, ta eskuan mun ematen diote).

GORMA: Ongi etorria ama.

RAGOTA: Andrea, zer dagizu egunean baño egunean ederrago egoteko?

MILDE: Pozak edertzen badu, gaur nere arpegiak badauka zertaz, zuek alai ikusteaz gañera...

GORMA: Zertaz?

RAGOTA: Eta ori?

MILDE: (Exeriaz). Etzenduteke asmatuko, nor etorri zaigun gaur etxera, gure artera.

RAGOTA: Zalla da.

GORMA: Eztakit Tzedar'en zai gaudela baizik... Bera ote?

MILDE: Bere emaztea, Leti gurea, bere senarren etorreraz itzik etzekiela.

GORMA: Orduan ustekabean gaur senar-emazteak bata bestiaren aurrean arkituko dira.

MILDE: Leti, Gaine'k esanda, jakiñen gañean dago, ta gaxua, apalki asko bere senarrarekin onek nai duan eran bizitzera oso-osorik etsita dago.

GORMA: Ala ere, nekez bedeik bere burua noizpait gertu duanean.

RAGOTA: Leti marama polit zoragarria da egiaz.

MILDE: Naiz ta arin xamarra izan, txit ona da; ezagutzen det ondo.

GORMA: Igo itzazute orain odeyetaño bien artean bere txorakeriak andre gaztien jarraigarritzaz ipiñi litezkeala esanaz. Senarra iritxi orretakoa badu!

RAGOTA: Tzedar'en iritzia! Txoraturik gizona, txoraturik bere emazte polit gazteaz berriro jabetzez.

MILDE: Nik ere ala uste det.

RAGOTA: Nai ta nai ez. Lekune paketsu bigun onetan gañera? Naiko ez ba luke ere artaratuko litzake. Au zerua bai da! Ene adiskideak, ni berriz jayotzekotan, Tardets'en atera gabe bizitzera lotuko nitzake.

MILDE: Ez, ez; zure lekua, ain egoki bete dezuna zan... Eta gu batez ere ikuitzen gaitun aldetik, Bleda ta gure artean ziran ez-bai, ezin tajutuak nork bukatuko zituen zuk bezin egoki?

RAGOTA: Beste bat izango zan. Ori beintzat, berez baizetorren.

GORMA: Zu arteraño ez gaituzte ba-da ezagutu.

RAGOTA: Gure artean oi ziran ezbaiak tajutzea, ain errex izango zenik, iñork uste ez genduelako. Burutsu, leyal, zuzenak agertu zerate. Zu ta Tzedar etzerate agerkai aulak...

 

 

ZORTZIGARREN ATALA

 

RAGOTA, GORMA, TA MILDE, BARRUAN NESKA MUTIKOAK, TA GERO GAINE

 

(Barruan neska-mutikoen aotsa entzungo da, barruan, da esatia Ragota, Gorma ta Milde altxatzen dirala).

 

NESKA MUTIKOAK:

                Tardets etxe nagusira

                gatoz arriturik galdetzera

                Goiko Jauna jayoko ote dan

                askatxo arlote batean.

 

MILDE: Ara gure neska mutikoak, beren erru-ezagaz, zoriona gure biotzetan sortzen dakitenak.

RAGOTA: Eta ori?

GORMA: Gure oituretan pollitenetako bat ikusi nai badezu, oraintxen da egokiera.

RAGOTA: Nola ez? Pozik.

 

(Berriz ere neska mutikuen aotsa entzungo da Gaine antziña jantzian sartzen dala).

 

NESKA MUTIKOAK:

                Tardets etxe nagusira

                gatoz arriturik galdetzera

                lurraz goya egitea

                ia egiaz ba leikian

 

(Txistu, pandereta, itz, par, ojuak entzungo dira).

 

RAGOTA: (Gaine'ri). Tardets ormetan ikusten diran antziña etxeko andre irudiak ederrak izan arren, berriari aitzekirik arkitzen lan izango lutekeala uste det.

GAINE: Jantzi egokia, deritzaizu gurea?

RAGOTA: Jantzia, jantzia... ere bai, daramana ordea egokiagoa...

GAINE: (Parrez). Esker aunitz.

NESKA MUTIKOAK:

                Gaur gaberako

                iragarri da

                Josu jayotza

                Belen'en.

 

                Berri-on pozak

                alaitu bitza

                gaur dagozenak

                Tardets'en.

 

        Aginaldo! (Itz, par, oju txistua).

GAINE: (Gorma besotik elduaz). Goazen?

GORMA: (Ragota'ri). Nagusi-etxekoandreari dagokigu, gaurko egunez dantz-abestiaz Josu jayotza berria zabaltzen dabiltzan neska mutikoai, atea idekitzea.

RAGOTA: Ederki! Oitura egokia. (Milde'ri besoa eskeñiaz). Andrea! Bigarren erreskadan bada ere, guretzat lekua izango da noski.

GAINE: Bigarren erreskadan, ez, lenengoan...

RAGOTA: Ba... ba... zuazte aurrera.

MILDE: Ori da. Gu atzetik, ain pozik, ez da?

RAGOTA: Aurreneko mallak ludian...

 

(Onela izketan guztiok aterako dira).


 

 

 

 

Gaine
Katalina Eleizegi

El Día — 1932-02-09/1932-04-23