NI ETA NI
Domingo Agirre

Euskal Esnalea, 1917

 

 

I

ARANZIBIA 

 

      Ikusten dezu hor, irakurle, Ondarroatik laster, Markinarako bidean, Artibai ondoan, jauregi antzeko etxe lasai bat, zaharra, zartatua, huntzez jantzia, adabakiz betea, uzta-mandio, abere-ukuilu, nekazarien aterpe bihurturik, eta, txapel zuloan zehar aitonari ile txuriak bezela, ganbara-leihoetatik lasto moltsoak agiri zaizkola?

      Aranzibia deritzo. Orube ospetsua inoiz, etxe aberatsa, zaldun azkarren bizilekua zan. Ez zenkizula izenik ere? Sinisten dizut. Txiroa eta zaharra errez ahaztu ohi dira, eta ahaztutakoek ez daukate izenik. Hamaika izengabeko gauza bada lurrean.

      Baino ni zahar zalea naiz. Eta zaharraren itzalez liluraturik, antzinetako paperak ikusiaz, jauregi hondarrak aztertuaz, harri banatuai galdezka, habe lizunduai begira, asabeen bizitza ulertu nahian, amets asko egin det eta egia batzuk ikasi ditut.

      Hara hemen amets eta egiak nahaste.

      Garai bateko egunetan, 1390etik aurrera noski, Amorototik Gorozikaraino, Murelagatik Ondarroara bitartean inguru danetako soro eta belardiak, mahasti, sagasti, mendi eta basoak, harkaitzak eta lurrak, gailur, aldapa, hegi eta ibarrak, ola, igara, erreka, iturriak, eta gauza guztien Egileari hor-hemen jasotako elizarik gehienak ere, nagusi bakar eta oso jakina zeukaten: Aranzibiako jauna.

      Aranzibiara eraman ohi zituzten, auzo eta urrutietako maizterrek, saski, zorro, pitxar eta upeletan, sagar, udare, keriza eta mahatsak, ezti eta esneak, intxaur eta gaztainak, gaztae, arrautz, oilaskoak, uso, arkume, erbi eta eperrak, aingira, eskailu, lasun eta legatzak, sagardo berri eta txakolin zaharrak; lurrak, ibaiak eta itsasoak zeuzkan edo zekarzkian ale, arrain, haragi eta edari mota guztiak; erruz, oso erruz, behar zan baino askozaz gehiago; nagusientzat eta morroientzat, bertako jaun eta mendekoak ase eta indartu zitezen, beti ate joka zebiltzan eskale eta bidaztiek nahikoa jan eta edan zezaten.

      Itzalpe onera bezela, ardangelarik merkeena zalako, Aranzibia­ra joan ohi ziran, zaldiz eta oinez, Gipuzkoatik edo Markinaldetik, Zaldupen behera eta Gardotzan zehar, edozein ordu eta abadunetan, era eta alderdi guztietako adiskideak, odolekoak eta ezagunak, bakezale eta gudalariak, andreakana eta zaldunakana, jolas-gosean eta lagun eske, aginte nahian eta kemen bila; betekadara, hordikerira, masiatzera, txurikera leunak itzultzeko edo anaien bidean haserre zitalak gertatzeko lehiaz.

      Aranzibian danentzat zegoan aukera: emakumeentzat, andreen alboan, abegi ona, laztan zintzoa, atseden biguna, eta sarri, gazte maitearen albistea; gizakumeentzat, gizonen artean, tremesa eta burruntzia, tupia eta upela, ipuin lohi eta gordina, esakera doilor eta zakarra, burrukarako bide azkar eta zihurra. Andreak gela bazter berezian egon ohi ziran, orain axolakabe eta behingoan kezkatsu, batak besteari esku-lana erakusten, amets gozoak aisa eralgitzen, algaraz, negarrez edo eskariak eginaz; gizonak ostera, egotokirik zabalenean, bihurri, lotsagabe eta oihuka, horko eta hemengo jazoera txarrak esaten, urlia edo sandiaren asmo gaiztoak jakin erazten, alkarri su ematen, txakolinaz batera gorroto itsua irentsitzen. Andreen gelatxoan gurutzea zan bilaldiko buru, itxaropen eta apainduri bakarra; zaldunen artean guda-tresnarik zorrotzenak zeuden gizategiko edergarritzat; basurde, hartz, orin eta otsoen larruak hormetan goi esekita; bele, miru, zapelaitz eta arrano iharrak sabaian behera zinzilik.

      Aranzibia, gizaldi haietako beste jauregiak bezela, ez zan jauregi atsegina, ez zan emakumientzat egokia. Etxeen artean ar-emeak balira, etxe hura arra zala esango nuke. Horregatik hainbeste burni. Burni eta larruak oihal ederren lekuan; hegazti harrapariak txori pitxien ordez; argia baino sua gehiago; lorea baino egurra hobeto; leuna eta limurra oso urri; trinkoa, latza eta garratza txit ugari.

      Mila laurehun eta hogeta zortzigarren urtean Peru Ortiz Aranzibia zan jauregi artako nagusi. Gizon gogorra, zaldun setatsua, gudari ausarta, indar handien jabea, harrokeriaz ok egina, bere aurrean buru apalak ikusten ohitua, auzoetako jauntxo danak azpiratzea zan bere axolarik handiena.

      Peruk ez zuan bera baino gehiagokorik inola ikusi nahi. Ahaltsu izatea, etsai izatea zan beretzat. Eta norbaiti eskubidea gehitu bazitzaion edo aberastasuna zerbait hazi, laster idoroko zuan Peruk borrokarako aitzakia.

      «Adiskidea —ekingo zion, kopeta goibelduaz— hire maizterrek nere zuhaitza ebaki omen ditek; hire artaldeak nere zelaian ibili omen dituk; nere axolarik ez dekala esan omen dek… Gezurra dala? Gezurra litzake herorrek esana balitz. Ordainduko diakala? Ez diat hire dirurik behar, hi baino aberatsago nauk. Ez hadi gordeta egon, eman zak arpegi, erakutsi zak ire ahaltasuna, erten zak kasket indarge horrek».

      Era orretako gizonak dauden lekuan errez ohi dator esetsaldia, eta egun gorri haietan era horretakoak ziran zaldun gehientsuak.

      Hara zergatik, gaur batak eta bihar besteak, hango mendian eta harontzagoko basoetan, goizean galtzaile eta gauean garailari, egundainoko guda makurrak zerabiltzaten Euskal Herri guztian.

      Alferrik nahi zuan emazteak bide hoietatik Peru aldendu. Alferrik oilarrari kukurrukurik ez egiteko esan. Berezko akatsa, jatorrizko grina, odolean daramagun bihurrikeria, izakeraz datorkigun errentasuna Jaungoikoak bakarrik kendu dezake.

      Bi seme-alaba zituzten: Gonzalo eta Laura. Gonzalo, mutil sendo askatua, harroxko samarra, bere buruari asko zeritzona, txit borrokazalea, aitaren jarraitzaile bero sutsua. Laura, gazte on eta errugabea, txukun eta maratza, isil eta hezia, neskatxa guri eta liraina, inguruetako emakumerik eder eta maitagarriena.

      Biak ziran gurasoen bihotzekoak, baina aitak, bere antzera Gon­zalo zala-eta, mutilaren alde joera gehiago zuan. Honen gogorkeria bat jakin orduko, arpegiz arpegi esan ohi zion:

      «Ederrak eman dizkok, beraz. Ondo egin dek; horrela behar haut, ondorengo bikaina zeukat… Hator, nik erakutsiko diat hiri etsai ergela zuzitzen. Aranzibia azpiratuko duanik ez da jaio, ez arrania!».

      Ama ostera bere alabarekiko honela mintzatu ohi zan:

      «Eskerrak zu zauskatana nere pozerako, bada gizonakandik ezingo det gauza onik itxaron. Gure Gonzalok zezenkoa dirudi, eta, gainera, bere aita dagokio beti zirika. Ez dakit zertarako hazi nahi duan, edo, egia aitor nahi badet, gehiegi dakit. Beldurrez nago nahigaberen bat sortuko ez ote zaigun».

      Baita sortu ere.

      Halako goiz batean goiz, Laura samurrak behar baino lehen utzi zuan bere ohe garbia. Zer zan atari aurreko iskanbila? Zer ziran oihu eta burni hots haiek? Nondik zetorren ohi ez bezelako zalaparta hura? Bere gelako leiho estutik ikusi zezakean, nik orain irudimenez dakustan bezela. O zenbat giza nabarmen! Betozko ilunez zaldi gainean Peru; zaldi gainean Gonzalo, ausardia dariola. Beren ondoan jauregiko morroi, maizter, artzain eta egurgileak, ehundaka; zelai eta mendi hegaletan, Likona eta Ubilatarrak, Kareaga eta Arostegiko zaldunak, orube askotako Ahaide Nagusi eta ogipekoak, entzute handiko eta izengabeko gudalariak; zahar eta gazteak, bizarge eta bizartsuak; aizkora, ezpata, gezi eta guda-makilaz txit horniturik, oihal bigunez ondo apainduta edo ardi larruz ozta jantzian; oleska, jolaska edo zaldien antzera irrintzika; goikoak mendekoari zital aginduaz, bakoitzak bere lagunari erme deadarrez, edozeinek edonori zerbait eskatu edo emanaz; aizak eta hi, eup eta begira, tori eta ekak, hator eta hoa, ernai, alaitsu, biziro eta urduri, egundainoko ardailarik ero eta ikusgarriena darabilte.

      Zertarako bildu ote dira hainbeste gizadi?

      —Egun on, Laura —dio Berroetako zaldun gazteak, txapela kenduta, begiak leihora boteaz.

      —Nora zoazte?

      —Ehizera.

      —Otsoren batzuk agertu al dira?

      —Nahikoa otso Abendainotar hoiek.       

      —Abendainotarrek zer gaitz egin dizute?

      —Zure aitak badaki.

      Laurari ez zion aitak ezeren albisterik eman. Beti bezela, emakumeen isilik asmatu zuan Peruk guda berrirako aitzakia. Ez zuten andreek horrelako gauzetan sartu behar. Haien ustea eta malbaloreen salda hotza, hor nunbait.

      —Tira, mutilak —esaten du guztien mintzoa etenaz— goazen azkar, egun argia da. nahikoa berandutu zaigu.

      Eta gudari trebeak Peruren atzetik alde egitean, gizadi trinkoaren oihu eta oiharzunak apurka, mailaka, urrutiruntz amaitu ondorean, toki haietako erregetza bake doneari beragandu zaio.

      Eguzkia zeru garbian jaiki da; haran-zelaiak ihintzez ederturik daude; astamenda, sasilore eta baratzetako lili pitxiak beren usain gozoa oparo zabaltzen dute; ipar haize leunak zuhaitz adarretan jolas limuria darabil. Aranzibiako etxe buruan, enara pitino pizkorra behin ere isiltzake, jardun txoro pozgarrietan dago. Artibau eder txukuna, bere kolkoa garbi erakutsiaz, ertzetako landareak narotuaz, alai eta bizi, zuri eta kizkur, gli-gli, glu-glu, kutio-kutio, itsas alderuntz gurguraiz dihoa…

      Laurak ez du ezertxo ikusten; izadiaren hotsik batere ez dantzu, ezta bere animako lainoa kenduko dion eguzkirik, ezta bihotzaren nekea ahaztu eraziko dion usain eta zurmur eztirik.

      Zeharo konkortua, bertan behera eroria, leiho zuloan bilatu du amak.

      —Zertan zaude?

      —Ahal dakit, ama?

      —Noiz zutindu zera?

      —Aspalditxo.

      —Bada orduan… 

      —Bai, dana jakin det. Nere begiz ikusi ditut gizon itsuak gure enparantzan, auzoa birrintzeko lehiaz; nere begiz ikusi ditut Legarmendin gora lotan zegoan amorrua esnatzera, heriotzaren atarira zoli joaten. Aurki dira etsaiok aurrez aurre: alde batetik nere aita, nere anaia bakarra, eta bestetik, ai, amatxo!, beste aldetik Joane Abendaino, halako gazte on eta burutsua!

      —Hau naigabea datorkigu!

      —Eta noiz! Zorioneko ametsetan nengoala!

      —O, nere Laura errukarria! O, nere alaba gaisoa!

 

NI ETA NI
Domingo Agirre

Euskal Esnalea, 1917