Zaborretan azkenak
Itxaro Borda

Booktegi, 2019

 

 

Zaborgintza, auzi eta zauri

 

Iratxe Retolaza

 

         Amaia Ezpeldoi detektibe ipurterre eta ibiltariak Booktegira egin du jauzi oraingo honetan, berrargitalpen-eran. Hexalogia baten hondar-nobela dugu Ultimes déchets (Maiatz, 2015) [Zaborretan azkenak, Booktegi, 2019]. Itxaro Bordak, orduko hartan —2015. urtean—, aurreko nobeletako argitalpen-hautuez beste egin zuen: batetik, ez zuen nobela Susa argitaletxean argitaratu, Maiatz argitaletxean baizik; bestetik, argitalpen elebiduna osatu zuen (euskarazko jatorrizkoa eta frantsesezko itzulpena); eta azkenik, izenburua eratzerakoan ere bestelako bide bat jorratu zuen, ordura arteko nobelen izenburuek euskarazko tradiziozko kantu edo lelo bati keinu egiten baitzieten, eta seigarren nobelaren lehen argitalpen hartan frantsesezko Ultimes déchets izendapenaren alde egin zuen. Akaso izenburua eratzeko bide berri honek loturaren bat izan dezake nobelan bertan Amaia Ezpeldoi detektibeak ikergai duen auziaren nolakotasunarekin. Izan ere, lehen bost nobeletan, Joseba Gabilondok adierazi bezala, «detektibeak ikerketa aurrera eraman ahala, kasuek dimentsio nazional bat azaleratzen dute; bilbe nazional zabalago bateko hariak dira. Kasuen konponketak arazo politiko nazional bat deskorapilatzea eskatzen du» (Gabilondo, 2006: 265). Seigarren nobela honetako ikergaiak badu lurraldearekin harremanik, baina, lurraldeari eragiten dioten praktika globalez dihardu batik bat, eta hortaz, dimentsio transnazionala gailentzen da: auzi ekologiko bat du ardatz, zabor-politika globalekin harremanetan garatzen dena.

         Bestalde, Zaborretan azkenak (Ultimes déchets) izenburuak ere zentzu-geruza zenbait iradokitzen ditu, hiru ardatz hauetan gurutzatzen direnak: hondakinen kudeaketa eta ekologismoa (‘ultimes déchets’ hondakinen kudeaketan errefusa esateko ere erabili ohi da); zabor-bilketa eta gizarte-eredua; zabor-imajinarioak jendetasunarekin uztartzen dituzten diskurtsoak. Hiru geruza horietan katramilaturik dabilkigu Amaia Ezpeldoiren gogoa Zaborretan azkenak nobelako orriotan.

 

 

Amaia Ezpeldoiren
kontzientzia ekologista
suspertu zenekoa

 

         Hexalogiako nobela guztiek auzi sozial batean sakontzen badute ere, kezka sozial eta politiko askotarikoek zeharkatzen dute Ezpeldoi detektibearen gogoa, une oro. Ekologismoa, beraz, izan da gogoeta-ildo horietariko bat, lehen nobelatik, Ezpeldoiren mundu-ikuskeran etengabeak izan direlako lurrarekiko atxikimendua, paisaiekiko zein naturarekiko sentikortasuna, lekuan lekukoarekiko jaidura… Are gehiago, auzi edo ikergaiek ere jorratu dute kezka ekologikorik. Bakean ützi arte (Susa, 1994) lehen nobelan, esaterako, Zuberoako kolonizazio ekonomikoari kritika egiteko, gas-hodi baten eraikuntza ekartzen du lehen lerrora, eta auzi horren bitartez lurraren txikizioa ere salatzen du detektibe ruralak:

         «Gazodükaren barnea gorria zen beraz. Odola bezala gorri. Aurkiküntza bitxiak halako destrenpü bat sortü zeikün, eta gorria odolaren ütxürekilan jostez, behin radioan, arratseko berrietan behatü alkarrizketa baten mamiareki jüntatü günüan: üztarrilaren 23 lantzertsü hartako Üthürzehetako gertakariak aipatzen zütüan emazte batek, Xiberoko lürrarekilan egiten ari zirena bortxaketa bati konparatüz. Halaz, zilo eta arroilak oro odolez hantüko ziren epe llabürrean, eta min-sail hortarik gaza ziuntan lerratüko zen» (Borda, 1994: 97).

         Azpiegituren eraikuntza, bada, lurraren bortxaketaren sinbolotzat irudikatzen du pertsonaia batek. Amorezko pena baño (Susa, 1996) hirugarren nobelan, bestalde, Bardeetako poligono militarraren gatazkara hurbiltzen da Ezpeldoi, eta Tuteran ibiltari dela, zentral nuklearren kontrako mugimendu ekologista dakar gogora, Gladys del Estal gaztean gorpuzturik:

         «Larri nintzen unean, buruhon brumatsuaren harrotzera izen-deitura saila jin zitzaidan: Gladys del Estal... Gladysen heriotzaz oroitzen nintzen, demagun Donostian noizean behin Gladys Parkea bataiatzen zuten Egia auzo peko baratza publikoaren ertzetik pasatzean, baina ez nekien zuzen zein gertakarirekin uztart antinuklear gazte haren herioa […].

         — Baiki, baina debaldetan. 1970 urteetan zehar guduka bat moldatu zen; aldi berean Bardeetako Juntako herrietako ordezkariek, ekologistek eta ezker-abertzalegoak eraman zutena eta oraindik daramatena, daramaguna hots! 1978an tirogunearen okupazio sinbolikoa egin zen, eta jendeen segurtasuna gerizatzea eskatuz Tutera, Argedas, Kadreita, Baltierra eta Kaskanteko auzapezek agiri amankomun bat argitaratu zuten, poligonoaren desegitea deiadarkatuz, eremuak berreskuratzeko asmoz. Ondoko urteko ekainaren 3an, basaki zapaldua izan zen manifestazio erraldoian, poligonoaren ezeztatzearen alde eta Bergarako Sotoan eraikitzeko xedea zen zentral nuklearraren aurka, Tuterako karriketan galdu zuen bizia Gladys del Estalek...» (Borda, 1996: 77).

         Amorezko pena baño (Susa, 1996) nobelan, gainera, azpiegitura horien guztien eraikuntzak proiektu politiko txikitzaile beraren adartzat ditu:

         «Gure amets-garaietako zelaiak ebatsi zizkiguten, gasodiak, poligono militarrak, zentral nuklearrak, turismo guneak eta meategiak eraikitzearren. Ahalgea sartzen ziguten, ebasketaz ohar ez gintezen, hobendunak haiek zirela oihuka ez genezan. Ase-ezina zen kapitalismoa: ideia bakar eta bakun baten ardatzean biltzen zituen aldekoak bezainbat atzoko kontrakoak; sosa behar zen, hots, guziek gutiziatuko zuten standing baten mantentzeko eta preseski nahikunde hotz horretan oinarritu jendartearen maneiatzeko» (Borda, 1996: 80).

         Lehen nobeletan, hortaz, kezka ekologistak azpiegitura handien eraikuntzari loturik doaz, gehientsuenetan. Zaborretan azkenak nobela, berriz, auzi ekologiko honek zeharkatzen du alderdik alde: Maddi herrikideak Oragarre jaioterrian zabortegia eraikitzeko egitasmoa abian dela jakinarazten dio Ezpeldoiri, eta laguntza eskatzen dio enpresa kudeatzailearen asmoen berri izateko. Ezinbestean, fikziozko testuinguru horrek Hazparneko hondakindegiaren auzia dakar gogora, 2014. urtean borbor zebilena: orduko hartan Hazketa 2010 elkarteak salatu zuenez, Bil Ta Garbi kudeatzaileek ez zuten asmorik Hazparneko hondakindegia 2015. urtean ixteko, bi hamarkada lehenago adostu bezala. Gertaera erreal hori nobelara bilduta, mugimendu ekologista horren ekarpena balioesteaz gain, fikziozko hari zein gertaeratan pentsamendu ekologistaren inguruko galderak pausatzea dakar. Hartara, auziak Ezpeldoiren kontzientzia ekologista bizkortzen du: besteak beste, nobelan zehar detektibeak bere kontraesanak hauspotzen ditu, pentsamenduaren eta ekintzaren arteko tentsioak irudikatzen ditu (zaborrak pilatzeko ohitura txarrak, azpiegitura urrunekiko axolagabekeria…), eta eguneroko erabaki txikiek ingurumenean duten eraginaz dihardu. Kontraesan horiek aletzearekin batera, zabor-politiken inguruko pentsamenduak harilkatzen ditu han-hemenka: lurralde eta botere aberastuek euren zabor-metak lurralde pobretuetara bideratzeko kateak; zabortegiak bazter-auzo edo bazter-herrietan kokatzeko politikak (batez ere hirigune handietako zaborrak pilatzen dituztenak); birziklatze-politikaren ertzak; eta abar.

         Zaborretan azkenak nobelan, hortaz, ikuspegi ekologistan sakondu ez ezik, begirada ekologistan ere eraldaketa gertatzen da Ezpeldoiren gogoan. Oraingoan, ikusgarriak diren lurraren triskantzak salatu ordez, ikusezinak diren triskantzak ditu hizpide: hondakinek sorturiko kutsadura ikusezina eta ekosistema baten heriotzaranzko ziklo ikusgaitza, biak ala biak beroketa globalaren eragile, besteak beste. Rob Nixonek (2011) biolentzia motela (‘slow violence’) darabil hondamen ekologiko hauek izendatzeko: izan bada ingurumen-eragin bat, ingurumenaren kontrako biolentzia bat, berehalako ondorio dramatikorik ez badakar ere, epe luzera oso ondorio dramatikoak dakartzana. Biolentzia motel hau ez da ikusgarria, ezin da antzeman epe historiko laburrean, eta horregatik, ekologismoaren erronka nagusietariko bat da egun hondamen horiek ikusgarri egitea, kontzientzia ekologista suspertzeko. Zabor-politikak ere badira hondamen horien adarretariko bat, Ezpeldoik berak dioen moduan, hondakinak ezkutatzeko jarduna nagusitu baita, triskantza ekologiko hori ikusezin bihurtzeko asmoz:

         «Hondarkinak, edozein izanik, gai batuak zeuden, lurpean gordetzekoak, Bure-ko zikin irratiaktiboak bezala bost ehun metrotan ehortziak, ingurune bukolikoetan urtuak, estalki berdeez ikusi ezinduak, nehork ez zezan kezka zipitzik eduki edertasun paradoxalezko paisaietatik isurtzen zen pozoiaren presentzia etengabearekiko» (Borda, 2019: 71).

 

 

Amaia Ezpeldoi
kale-garbitzaile
bihurtu zenekoa

 

         Ezpeldoi protagonistaren egunerokoan leku garrantzitsua du zaborrak Boga boga (Susa, 2012) liburutik aurrera. Nobela hartan, detektibe-lanak egiteaz gain, lan-jardun berri bati ekingo dio Ezpeldoik: «Bizitza gainera erabat kanbiatu zitzaidan: betidanik amestu lana erdietsi nuen Baionako Hiri Garbitzaileetan. Halatan Baionako besten bigarren goizean, Karimekin eta Dederekin karrika garbitzen ari nintzela» (Borda, 2012). Lanpostu berriko esperientziek gogoeta-ildo berri bat pizten dute Ezpeldoiren gogoan: zabor-metaketarekiko eta zabor-bilketarekiko kezka. Izan ere, kale-garbitzaile izateak lekuko pribilegiatu egiten du, hiriko kaleetako zabor-ohituren berri emateko:

         «Lauretarik hamarrak arte lanean ari izan nintzen. Dede pausuko zen. Karimen eta Suleimanen konpainian higatu nituen beraz orduak, karrikaz karrika mondoinatu zakarrak biltzen. Euriteen ondotikako beroengatik urrin tzarra hedatzen zen ezaxolatiek kanpoan abandonatu poltsetarik. Haietarik zenbait zakur gosetiek edo kuriosek irekirik lur hasean husten ziren eta beste batzuek deus ez zeukaten hiritarren bisitak ukaiten zituzten. Beti bazen zerbait errekuperatzeko epea iraungitzear zuen janariaz aparte. Baiona Txikian ez zen zaborren bilketa selektiborik egiten. Halatan, oheko matalazak, arropa hertsiegiak, informatikako materiala, hozkailuak, telebista zaharrak bermatzen ziren are berriagoaren premia zuen kontsumo gizartearen aztarna xifrituak bailiran: erradazu zer aurtikitzen duzun, erranen dizut nor zaren...» (Borda, 2012: 30).

         Baiona hiriko zabor-bilketara hurbiltzen da Boga boga (Susa, 2012) nobelan, eta ondoren, Ultimes déchets (Maiatz, 2015) / Zaborretan azkenak (Booktegi, 2019) nobelan zabor-meta hori herri bazterretan eta nekazal guneetan ezkutatzeko politikez dihardu.

 

 

Amaia Ezpeldoik
zabortegian gorpu bat
aurkitu zuenekoa

 

         Zabortegiaren auzia arakatzen ari dela, detektibe ruralak zabortegian emakume baten gorpua topatzen du, hondakinen artean. Gorpua hondakin gisa pilatuta ikusteak, galdera berriak sortzen dizkio detektibeari, ohikoegi bihurtu baita egun zabortegietan gorpuak edo gorpu-zatiak topatzea. Areago, ohikoegi bihurtu da pertsonak hondakin gisa irudikatzea. Jendetasunaren eta gizatasunaren mugez jarduteko ere zaborraren imajinarioa erabili dela salatzen du Ezpeldoik, zaborraren diskurtsoek ez dute ardazten soilik hondakin solidoen eta likidoen auzia:

         «Sozietate aurreratuetan emigranteekin, eritasunarekin, homosexualekin, zahartzaroarekin, elbarrituekin eta heriotzarekin berdin obratzen zen eta bizidunekin halaber, zaborraren zaku berean sakatu nituen denak: ez aipatu eta ezkutatu, ikus-ezintasunean gatibu, zikintegien antzekoak ziren zaharretxe eta hilerri abandonatu» (Borda, 2019: 71).

         Modu horretan, ordena ekonomiko-politikoak eraikitako diskurtsoa ikusgarri egin nahi du. Izan ere, gizatasunetik at kokatzen diren gorputzak irudikatzen ditu pentsamendu neoliberalak, hainbat gorputz modu honetara irudikatzen dituelako: erabiltezinak eta erabilgaitzak, ekoizpenaren denboran eta espazioan ezinbesteko ez direnak, hondakin baliogabeak, eta abar. Zaborraren inguruko kontzientzia piztuta, eta zabor-diskurtsoak auzitan jarrita, Amaia Ezpeldoik bazterretan kokaturiko gorputz- eta gorpu-hondakinekiko afektua adieraztea du helburu. «Zaborrarekiko maitasun zirrizta bat jasan nuen» (Borda, 2019: 71).

         Zabor artean arakatuz, hondakin-metak hauspotuz, Amaia Ezpeldoik hondakin-politikak birpentsatzeko gonbidapena egiten digu. Bide batez, gizatasunaren inguruko diskurtsoak auzitan jartzeko gonbidapena egin ere. Txanpon beraren bi alde.

 

 

Bibliografia aipatua

 

            Borda, Itxaro (1994): Bakean ützi arte, Iruñea: Susa.

            Borda, Itxaro (1996): Amorezko pena baño, Iruñea: Susa.

            Borda, Itxaro (2012): Boga boga, Zarautz: Susa.

            Borda, Itxaro (2019): Zaborretan azkenak, Booktegi.

            Gabilondo, Joseba (2006): «Itxaro Borda: migrantzia melankolikoa eta ni lesbiar nazional baten idazketa», in Nazioaren hondarrak, Bilbo: EHU, 253-278.

            Nixon, Rob (2011): Slow Violence and the Environmentalism of the Poor, Cambridge / Massachusetts / London: Harvard University Press.

 

Zaborretan azkenak
Itxaro Borda

Booktegi, 2019