LOVEDAY JAUNAREN ATERALDiTXOA
Evelyn Waugh
1
«AITA ez duzu oso aldatuta aurkituko», ohartarazi zion Lady Mopingek autoak Udal Zoroetxeko atea zeharkatu zuenean.
«Uniformez jantzita al dabil?», galdetu zuen Angelak.
«Ez, maitea, ez horixe. Ezin hobeto zaintzen dute».
Angelaren lehen bisitaldia zen, eta berak iradoki zuelako eraman zuten alta ikustera.
Hamar urte iragan ziren Lord Moping barneratu zuten uda amaierako egun euritsu hartatik; Angelarentzat oroitzapen nahasi baina samineko eguna izan zen; Lady Mopingen urteroko lorategi-festa eguna, beti samina, eta egun hartan nahasi samarra eguraldiaren gurariagatik; izan ere, lehen gonbidatuak iritsi artean argi, distiratsu eta promesez betea izanik, kolpetik beltz eta ekaiztsu bihurtu baitzen. Jendea korrika abiatu zen aterbera; kanpadenda handia bertan behera erori zen; zerbitzariak kuxin eta aulkiekin joan-etorri bizian hasi ziren; haizeak mahai-oihal bat Txileko pinuaren adarretan utzi zuen, euritan astintzen; atertu zuenean gonbidatuak arretaz irten ziren belardi blaituetara; beste ekaitz bat; beste hogei minutu eguzki. Arratsalde higuingarria izan zen, eta seiak aldean gailurrera iritsi zen bere aitaren suizidiosaioarekin.
Lord Mopingek suizidioz mehatxatzeko ohitura zeukan lorategi-festa zegoen bakoitzean; urte hartan aurpegia ubelduta aurkitu zuten, tiranteez urkatuta laranjondo-berotegian; auzo batzuek, euritik babesteko bertaratuak, lurrera jaitsi zuten, eta afalordua baino lehen anbulantzia bat joan zitzaion bila. Harrez geroztik, Lady Moping tarteka joaten zitzaion bisita egitera eta te-ordurako etxeratzen zen, esperientziaz hitz egiteko gogorik gabe.
Bere auzokide askori ez zitzaien egokia iruditzen Lord Mopingen lojamendua. Baina han ez zen egoile arrunta, noski. Zoroetxeko hegal berezi batean bizi zen, zoro aberatsagoak besteengandik banatzeko propio egina. Bertakoei ardura osoa eskaintzen zitzaien, beren maniek permititzen zuten neurrian. Beren arropa aukera zezaketen (batzuk fantasia bizienetara ematen ziren), marka garestienetako puroak erre zitzaketen, eta beren barneratzearen urteurrenetan afari pribatu batera gonbida zitzaketen berekin harreman estua zuten beste zoroak.
Hala ere, esan beharra dago hura ez zela instituzio-mota garestiena, inola ere ez; «GOGOURRITUENTZAKO UDAL EGOITZA» deitura zorrotzak, gutun-paperetan inprimatua, bertako begiraleen uniformeetan josia, sarrera nagusiko txartel nabarmenean ere pintatua, asoziazio baxuenak iradokitzen zituen. Noizean behin, diskrezio gutxiago edo gehiagorekin, Lady Mopingen lagunak saiatzen ziren hari itsas aldeko kliniken xehetasunak ematen, «doktore oso argiek zuzenduak dira, nerbioetako gaixotasun zailentzat egokiak diren lursail pribatu zabalak dituzte», baina Lady Mopingek ez zituen aintzat hartzen; semea adin-nagusitasunera iristen zenean egoki irizten zien aldaketak egin ahal izango zituen; bien bitartean, ez zuen errejimen ekonomikoa lasatzeko inongo asmorik; senarrak traizio lotsagarria egin zion berak laguntza leiala eskatzen zion urteko egun bakarrean, eta merezi baino hobeto irten zen hartatik.
Beroki astunez jantzitako pertsona bakarti batzuk zebiltzan belardian barrena, urrats luzeez batzuk, oinak arrastaka besteak.
«Horiek klase apaleko zoroak dira», esan zuen Lady Mopingek. «Zure aita bezalako jendearentzat lorategitxo eder bat dago. Iaz aldaska batzuk bidali nizkien».
Adreilu horizko fatxada soilaren ondotik pasatu eta doktorearen sarrera pribatura iritsi ziren. Bertan autoa utzi eta doktoreak gisa hartako elkarrizketetarako paratuta zeukan «bisitagela»n hartu zituen. Leihoa burdinazko barrotez eta sarez babestuta zegoen barnealdean; ez zegoen sutondorik; Angela, urduritasunak bultzatuta, aulkia erradiadoretik urruntzen saiatu zenean, konturatu zen zorura torlojuz lotuta zegoela.
«Lord Moping zuek ikusteko prest dago», esan zuen doktoreak.
«Zer moduz dago?»
«A, oso ondo, primeran, oso pozik nago. Hotzeri itsusia izan zuen duela pixka bat, baina bestela egoera ezin hobean dago. Denbora ugari ematen du idazten».
Zoru baldosatuaren gainean oinak herrestan zeramatzan norbait aditu zuten. Atearen beste aldean ahots mehe kexati batek, Angelari aitarena iruditu zitzaiona, zioen: «Ez dut astirik, benetan. Itzul daitezela beranduago» .
Landetako azentu xumea zeukan ahots atseginago batek erantzun zuen, «Tira, gizona. Ikustaldi erabat formala da. Nahi baino luzaroago ez duzu geratu behar».
Orduan atea bultzatu zuten (ez zeukan ez kisketik ez sarrailarik) eta Lord Moping gelara sartu zen. Ile zuri-zuria eta adeitasun handiko aurpegiera zuen aguretxo batek laguntzen zion.
«Hau Loveday jauna duzue, Lord Mopingen laguntzailea».
«Idazkaria», esan zuen Lord Mopingek. Astiro hurbildu eta bostekoa eman zion emazteari.
«Angela duzu hau. Gogoratzen zara Angelaz, ezta?»
«Ez, ezin dut halakorik esan. Zer nahi du?»
«Zu ikustera etorri gara, besterik gabe».
«Ba tenore izugarri desegokian etorri zarete. Oso lanpetuta nabil. Idatzi al duzu Aita Santuarentzako gutun hori, Loveday?»
«Ez, milord. Berori gogoratuko da noski lehenbizi Ternuako arrantzatokiei buruzko zifrak begiratzeko eskatu zidala».
«Halaxe da. Tira, berdin dio, gutun osoa berridatzi behar delakoan nago eta. Informazio berri pila bat iritsi zait bazkalordutik hona. Pila bat... Beraz, maitea, erabat lanpetuta nago». Jakinminezko begirada urduria zuzendu zion Angelari. «Danubioarenagatik etorriko zinen inondik ere. Ba besteren batean etorri beharko duzu. Esaiezu konponduko dela, dena konponduko dela, baina ez dudala behar adina arreta emateko astirik izan. Esaiezu hori».
«Oso ondo, aita».
«Gainera», esan zuen Lord Mopingek umore txarrez, «bigarren mailako arazoa da hori. Lehenbizi Elba, Amazonas eta Tigris ibaiei ekin behar diegu, ezta, Loveday? ... Danubioa, alajaina. Ibaitxo ziztrin halakoa. Niretzat erreka besterik ez da. Tira, ezin naiz geratu, atseginak izan zarete etortzen. Gehiago egingo nuke zuen alde ahal banu, baina ikusten duzue zein lanpetuta nagoen. Idatz iezadazue horri buruz. Hori da. Jar ezazue dena idatziz».
Eta hura esanez gelatik irten zen.
«Ikusten duzue egoera ezin hobean dagoela», esan zuen doktoreak. «Mardultzen ari da, ederki ari da jaten eta lo egiten. Egia esan, bere sistema osoaren tonua orbanik gabea da».
Atea ostera zabaldu eta Loveday itzuli zen.
«Barkatu itzultzea, doktorea, baina beldur nintzen andereñoa kezkatuta ote zegoen milordek antzeman ez izanagatik. Ez diozu jaramonik egin behar, andereñoa. Hurrengoan oso pozik jarriko da zu ikustean. Baina gaurkoan suminduta dago lanean atzeratu samar dabilelako. Hara, doktore jauna, aste osoa daramat liburutegian laguntzen eta ezin izan ditut milorden txosten guztiak makinara pasatu. Eta bera ere nahasi egin da fitxategiarekin. Horregatik izan da. Ez du asmo txarrik».
«Bai gizon atsegina», esan zuen Angelak Loveday bere zereginetara itzuli zenean.
«Bai. Ez dakit zer egingo genukeen Loveday zaharra gabe. Denek maite dute, bai langileek bai pazienteek».
«A, bai, gogoratzen dut. Lasaitu ederra ematen du halako zaindari onak dituzula jakiteak», esan zuen Lady Mopingek; «ez dakien jendeak mozolokeria galantak esaten baititu zoroetxeei buruz».
«Baina Loveday ez da zaindaria», esan zuen doktoreak.
«Esan nahi duzu bera ere alditsua dela?», esan zuen Angelak.
Doktoreak zuzendu egin zuen.
«Egoilea da. Kasu nahiko interesgarria da, gainera. Hogeita hamabost urte daramatza hemen».
«Ba ez dut inoiz pertsona zentzuzkoagorik ikusi», esan zuen Angelak.
«Halako itxura ematen du, bai», esan zuen doktoreak, «eta halaxe tratatu dugu azken hogei urteotan. Etxe honen bizitza eta arima da. Ez da paziente pribatua, noski, baina haiekin nahasten uzten diogu. Bikaina da bilarrean, esku-jokoak egiten ditu kontzertuetan, gramofonoak konpontzen dizkie, haien zerbitzaria da, eta lagundu egiten die gurutzegrametan eta bestelako, e... hobbyetan. Emandako zerbitzuen truke eskupeko xumeak ematen uzten diegu besteei, eta honez gero nolabaiteko dirutza egingo zuen. Trebea da paziente zailenekin ere moldatzen. Gizon paregabea leku honetarako».
«Baina zergatik dago hemen?»
«Ba gauza nahiko tristea da. Oso gaztea zela, norbait hil zuen, ezagutzen ez zuen neskato bat; bizikletatik bota eta itoarazi egin zuen. Bere burua entregatu zuen berehalakoan, eta hemen izan da geroztik».
«Baina orain guztiz kaltegabea da. Zergatik ez diozue joaten uzten?»
«Beno, denon onerako izango balitz kalean legoke inondik ere. Ez du seniderik, Plymouthen bizi den arrebaorde bat izan ezik. Garai batean bisita egitera etortzen zitzaion,, baina urteak dira ez dela agertzen. Bera oso pozik bizi da hemen, eta ziur egon zaitezke ez dugula guk urratsik emango hemendik joan dadin. Baliagarriegia da guretzat».
«Baina ez dirudi bidezkoa», esan zuen Angelak.
«Pentsa zure aitaz», esan zuen doktoreak. «Galduta egongo litzateke Loveday idazkari izango ez balu».
«Ez dirudi bidezkoa».
2
Angela zoroetxetik irten zen, bidegabekeriazko irudipen baten zamapean. Bere ama ez zegoen ados.
«Pentsa, bizitza osoa eroetxe batean hertsita ematea».
«Laranjondo-negutegian urkatzen saiatu zen», erantzun zion Lady Mopingek, «Chester Martindarren aurrean».
«Ez naiz aitaz ari. Loveday jaunaz ari naiz».
«Ez dut uste ezagutzen dudanik».
«Bai, aita zaintzeko jarri duten eroa».
«Zure aitaren idazkaria. Gizon oso adeitsua, nire ustez, eta bere lanerako ezin egokiagoa».
Angelak apur batez baztertu zuen gaia, baina hurrengo egunean bazkalorduan berrekin zion.
«Ama, zer egin behar da norbait eroetxetik ateratzeko?»
«Eroetxetik? Jainkoarren, neska, ez duzu nahiko zure aita hona itzultzea noski».
«Ez, ez. Loveday jauna».
«Angela, erabat nahastuta ikusten zaitut. Konturatzen naiz hutsegitea izan zela atzoko bisitalditxora nirekin eramatea».
Bazkalondoan Angela liburutegian sartu zen, eta luze gabe buru-belarri murgilduta zegoen entziklopedian agertzen ziren ero-legeei buruzko xehetasunetan.
Ez zion amari gaia berriz aipatu, baina bi aste beranduago, aitaren hamaikagarren Barneratze Festarako faisai batzuk eraman behar zirela eta, Angelak berak eramateko desio ohigabea agertu zuen. Ama bestelako gauzetan lanpetuta zebilen, eta ez zitzaion susmagarria iruditu.
Angela bere auto txikian abiatu zen zoroetxera, eta ehiza entregatutakoan Loveday jaunaz galdetu zuen. Une hartan lanpetuta zegoen koroa bat egiten, edozein unetan Brasilgo Enperadore izendatuko zutela espero zuen egoile batentzat, baina egiteko hura utzi eta minutu batzuk eman zituen Angelarekin hizketan. Honen aitaren osasunaz eta umoreaz mintzatu ziren. Denbora puska bat pasata Angelak galdetu zion, «Ez al duzu inoiz hemendik irteteko gogoa izaten?»
Loveday jauna begi berde-urdin adeitsu haietaz so geratu zitzaion. «Hemengo bizitzara ohitu naiz, andereñoa. Gogoko dut hemengo jende gaixoa, eta uste dut haietako batzuek gogoko nautela. Edo behintzat, nire mina izango luketela joango banintz».
«Baina ez duzu inoiz pentsatzen berriro libre izatea?»
«Bai horixe, andereñoa, pentsatzen dut; ia etengabe pentsatzen dut horretaz».
«Zer egingo zenuke aterako bazina? Izango da noski hemen geratzea baino nahiago zenukeen zerbait».
Agurea urduri mugitu zen. «Hara, andereñoa, esker txarrekoa dirudi, baina ezin uka dezaket pozik onartuko nukeela ateralditxo bat, gozatzeko zaharregia izan baino lehen. Denok dauzkagu geure irrika gordeak, eta sarri askotan izan dut gauza bat egiteko desioa. Ez galdetu zer den. ... Ez luke luzaro iraungo. Baina uste dut hori egindakoan, egun batean bakarrik, agian arratsalde batean bakarrik, orduan lasai hil ahal izango nintzatekeela. Adore berriz ekin ahal izango nioke hemengo jende gaixoari laguntza emateari. Bai, hori uste dut».
Angelaren begiak malkotan zeuden arratsaldean abiatu zenean. «Bere ateralditxoa izango du gizagaixoak, bai horixe», esan zuen bere artean.
3
Egun hartatik aurrera, aste askotan zehar, Angelak helburu berri bat izan zuen bizitzan. Aire kontzentratu batez eta erreserbazko kortesia ohigabea erabiliz mugitzen zen etxeko errutina arruntean zehar, Lady Moping erabat nahasita utziz.
«Uste dut neska maiteminduta dagoela. Egbertsondarren mutil zakar hori ez izatea espero dut».
Asko irakurtzen zuen liburutegian, zorrotz aztertzen zituen legezko edo medikuntzazko ezaguerak zituztela uste zuten gonbidatuak, eta erabateko begirunea erakusten zion Sir Roderick Lane-Foscote beren parlamentari zaharrari. «Alienista», «abokatu» edo «gobernu-funtzionari» hitzek lehen zine-artistek eta borrokalari profesionalek izaten zuten halako distira bat hartu zuten Angelarentzat. Kausa baten atzetik zebilen emakumea zen, eta ehiza-sasoia amaitu orduko irabazi egin zuen. Loveday jaunak askatasuna lortu zuen.
Zoroetxeko doktorea uzkur agertu zen, baina ez zuen kontra handirik egin. Sir Roderickek Barne Ministeritzara idatzi zuen. Beharrezkoak ziren paperak sinatu zituzten, eta Loveday jaunari azkenik iritsi zitzaion hainbeste urte baliagarri eman zituen etxea atzean uzteko eguna.
Zenbait zeremoniak markatu zuten haren irteera. Angela eta Sir Roderick Lane-Foscote doktoreen ondoan eserita zeuden gimnasioko tribunan. Azpian biltzen ziren emozioa jasateko gai omen ziren instituzioko pertsona guztiak.
Lord Mopingek, atsekabezko esaldi egoki gutxi batzuk adieraziz, urrezko zigarro-kutxa bat eman zion Loveday jaunari ero aberatsen izenean; beren burua enperadoretzat hartzen zutenek domina eta ohore-tituluz bete zuten. Zaindariek zilarrezko erlojua eman zioten, eta ordaintzen ez zuten egoileetako askok negar egin zuten zeremonia egunean.
Doktoreak egin zuen arratsaldeko hitzaldi nagusia. «Gogoan hartu», ohartarazi zion, «gure asmo onenak eta beroenak baino ez dituzula atzean uzten. Inork ahaztuko ez dituen loturek elkartzen zaituzte gurekin. Denborak zurekin dugun zor-sentimendua sakondu besterik ez du egingo. Etorkizunean inoiz aspertuko bazina munduko bizitzaz, hemen beti izango zara ongi etorria. Postua zure zain izango duzu».
Dozena bat inguru egoilek, eromen-maila desberdinekoak, jauzika eta saltoka jarraitu zioten bidean barrena, harik eta burdinazko ateak zabaldu eta Loveday jauna askatasunera irten zen arte. Haren maletatxoa aurretiaz bidali zuten geltokira; berak nahiago izan baitzuen oinez joan. Ez zuen bere planei buruz hitz egin nahi izan, baina ez zitzaion dirurik falta, eta gehienek uste zuten Londresera abiatuko zela ondo pasatzera, Plymouthen zeukan arrebaordea bisitatzera joan aurretik.
Denak harrituta geratu ziren Loveday askatu zutenetik bi ordutara itzuli zenean. Irribarre bitxi bat zeraman aurpegian, oroitzapenezko irribarre barnerakoi atsegina.
«Itzuli naiz», jakinarazi zion doktoreari. «Uste dut oraingoan betiko geratuko naizela hemen».
«Baina Loveday, bai oporraldi laburra. Ia ez duzu ondo pasatzeko betarik izan eta».
«Bai horixe, jauna, eskerrik asko, oso ondo pasatu dut. Urte guztiotan plazer txiki bat agindu nion neure buruari. Laburra izan da, jauna, baina guztiz atsegingarria. Orain berriro ekin ahal izango diot hemen dudan lanari inolako damurik gabe».
Zoroetxeko bidean, milla erdi bat haratago, bizikleta abandonatu bat aurkitu zuten gerora. Emakume-bizikleta zahar samarra zen. Handik hurbil, bide ondoko erretenean, neska gazte baten gorputz itoarazia zetzan: etxera tea hartzera zihoala, bidean barrena bere aukerez meditatzen zihoan Loveday jauna aurreratzera menturatu zen neska gaztearen gorpua.
© Evelyn Waugh
© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal