Jean Elizalde «Zerbitzari»

 

METSIKORAT

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00379.htm

 

 

I

 

       Iphar-Amerikako erresuma hortan herritar zenbeiten ikusteko xedetan itzuli labur bat berri-berritan egin dugulakotz, han zer nahi ikasi baginu bezala, Gure Herria-ren jaun buruzagiak ez dauku bakerik eman nahi, ba eta ilabetekari huntan gure ibil-aldiaz mintzatu behar dugula. Ilabete batez guti ikusten da: are gutiago ikasten. Barka beraz nihori ez badiogu gogoa asetzen, barka guziz gure burua maizegi aiphatzen badugu. Ez dezakegu bertzerik, alabainan.

 

* * *

 

       Hamazazpi egunen bidea da hemendik Metsikorat: hamabortz egunen bidea itsasoan, bigena lurrean. Ez da «St-Nazaire» deitzen den portuaz kanpo bertzerik Frantzia guzian, Metsikorateko untzi bat sartzen denik. Han ginuen beraz gure untzia hartu, Uztaritzeko jaun notariaren semearekin. Bideko ez ginezaken lagun hoberik kausi. «Cuba» zen untziaren izena. Untzi ederra ehun eta berrogoi-ta sei metra luze, hogoi-ta bi metra zabal. Arras bidekaria bertzalde eta itsasoak guti higitzen duena. Ez da untzi hori Frantziako handienetarik, bainan ez dugu uste hobeagorik hainitz badela.

       Dena den, lehen aldia zuen untzi batean zangoa ematen ginuela. Huna zer aithortuko dautzuegun… denboraren buruan: mariñel batek, elheketa zerbeitez hasi eta, erran zaukularik itsaso-bethean nun-nahi badirela bortz sei kilometra ondo eta noiz nahi hamabitaraino, halako bat bizkar hezurrean barna senditu ginuen. Ez da harritzeko: hamabi kilometra ondo… eta iherika guk ez jakin!

       Laster ohartu ginen hargatik ez duela hainitz balio izitzea: ez dela lurrean baino irrisku gehiago holako untziarekin itsasoan. Bainan… goazen emeki eta ez gaiten itsaso zabalean, leihorretik urrundu gabe, sar.

       Errearoaren hogoi-ta bata zen: goizeko zazpiak. Jada iguzkia zeruan gora. Hirur orro handi egin zituen untziak, norbeitek nunbeit min handi bat egin balio bezala, eta emeki-emeki abiatu zen Amerikari buruz. Mundu bat agur eta agurka ari zen leihorretik. Baziren han-hemenka nigarrez ari zirenak ere. Senhar bat, anaia bat eta adixkide bat bera hola doakionari bihotzean zimiko handisko bat egitea, nor harri? Bai, gu ere orduantxe orhoitu ginen Eskual-Herriaz, eta gogorat ethorri zitzaizkun pertsulari famatu baten kantuak:

 

              Herrialde guzietan toki onak badira,

              Bainan bihotzak dio; zoaz Eskual-Herrira.

 

       Eta gu atzerrirat ginoazin, omen txarreko herri batetarat! Ezin ahantzizko eguna! Bainan ohartu gabe, itzaliak ziren leihorrean agurka ari ziren jende maiteak, itzaliak itsas-hegiko etxe pollitak, itzaltzen ari jada urrunean mendiak. Eta bihotzean ilhundura pixka-pixka batekin, gure Uztariztar lagunaren arintzeko, kantuz hasi ginen:

 

Ara nun diran mendi maiteak

Ara nun diran zelhaiak.

Basherri eder xuri-xuriak

Ithurri eta ibaiak.

 

       Ilabete pare batentzat Amerikarat doanak kanta dezake hola: han zoazin gehienek kantuak sartuxeak zituzten!

       Itsasoko bizia? Denak har, lurrekoa bezalatsu. Itsasoan doanak ongi jatea du gogoan, ongi edatea ere ba. Lo ongi egiten da. Eta bideari nihor ez da ohartzen. Zu geldi-geldia zaudelarik, untzia badoa gelditu gabe. Santander, Gijon, Coruña, hirur Espainiako portu eder, karriketan sekulako olio usainarekin, bi egunen buruko ikusiak gintuen. Portu batetik bertzerat, marloinak han gintuen, guzien jostagailu, ehunka ondotik. Bainan bat bertzearen ondotik hirugarren arratseko norapeit itzali ziren marloinak ere beren moko gorri xorrotxarekin…

       Itsaso zabalean ginen, eta itsaso zabalean hamar egunentzat! Hamar egunez ez da gehiago begien aintzinean ura baizik; ur urdin zabal bat aitzinean, gibelean eta bi aldetarik. Noizetik noizerat untzi bat urrunean ikusten bada, zer mirakuilua! Oren bat edo biga, loriatua, hari beha eta beha han zaude, begiak bertzalderat itzulirik ere, berritz harat ekharriak!… Eta azkenean untzia ere emeki-emeki ttipitzen zautzu, laster hedoien artean gordetzeko, amets bat bezala… Eta orduan berritz beha zazu eskuin eta beha zazu ezker, ez duzu bethi eta bethi ur eremuak baizik ikusten. Nihun xori bat, nihun untzi bat, nihun deusere ur urdina baizik.

       Zer gogoeta egiteko lekua! Eta ez da gogoetarik egiten! Ez da orhoitzen untziak hantxet ondoa jotzen balu, zutaz egina litakela: zutaz nihor ez litakela gehiago mintzatzen ahal: untziarekin ezen, zuk ere ondoa jo zinezake, nun eta ondoratu gabe ez zaituen arrain handi tzar zenbeitek oso-osoa edo phuskatuz iresten. Horietaz nihor ez da segurki orhoitzen. Ez-eta behar! Itsasoaz begiak ase ditutzularik, lehen kausituarekin, zure bizian ikusi ez baduzu ere, aspaldiko adixkide batekin bezala hasiko zare elheketa. Erranen diozkatzu, zabal-zabala, zure sekretu minenak: harek ere ba bereak zuri. Erranen diozu norat eta zertarat zoazin: zenbat denborentzat: zertako utzi ditutzun zure herria eta zure herritarrak. Eta zu hola zure berrien adixkide berri horri ematen ari zarelarik, bertze batzu badire jokoan ari direnak. Bertze zenbeit zahar-haurtuak, jauzika, nihork trufatu gabe. Zenbeit bakhar, han eta hemen, jada itsasoari beha, arraineri goraintzika. Zer nahuzue! Oro ez dire bardin eginak eta itsasoko gaitzak ez du legerik. Uste gabean eta uste ez duena har dezake eta du hartzen. Jainkoari eskerrak hargatik behinere ez daukulakotz itsaso tzarrenak bihotza eta barnea itzuli. Hitz dautzuet, ikusiak ikusirik, ez duela guti balio…

 

 

II

 

       Coruña, jada aiphatu español portutik lehen ikusten, diren lur-aldeak «Açores» deithu urarteetan dire. Ondikotz, urrunerat gintuen bakarrik ikusi! Behin edo bertze. «Cuba» han gelditu izatu omen da eta ongi nahiko ginuen aldi huntan ere geldi zadin, bederen hango jendea nolakoa den jakiteko, handia ala nanoa, xuria ala beltza, jendekina ala lapurra. Bainan etzen hurbildu ere. Eta delako lur-aldeez haurrean gogo-kontra gure errientarekin ikasiez kanpo, hitz bat ez dakigu beraz orai ere!

       Portugaletik hamahirur ehun kilometretan dire urarte horiek, itsasoan galduak bezala, eta erresuma horren meneko egundainotik: lur on, zer-nahi fruitu ekartzen dutenak. «Angra» deitzen da hango hiri nausia. Orotarat baditake urarte guzietan berrehun-ta berrogoi-ta hamar mila egoile bezala.

       Mila lau ehun eta hogoita hamekan (1431) atxeman zituen urarte horiek «Cabral» deitzen zuten portuges itsasturi batek. Delako itsasturi horrek berberak atxemana da ere, artean errateko, Bresileko eskualdea. Nola deithu zituen «Açores» urarte hauk? Ez dakigu. Errana da bakarrik han gaindi zer-nahi miru badela, eta nola hango mintzairan «açor» deitzen baita mirua, hortarik gogoratu zitzaiola delako izena: hala bada halabiz.

       Dena dela, Açores urarteak ere laster itzaldu ziren begi hobereneri: hango mendiak berak ez doazi alabainan zeruraino eta, jada erran bezala, gure untziak egiten zuen bide! Oren pare baten buruko, edo menturaz lasterrago, deus etzen berritz ageri zerua eta itsasoa baizik, salbu ur-eremu zabalean han-hemenka gizaurdi (marsouin) andana batzu, jauzi eta jauzi untziari buruz heldu, norbeitek zerbeit besainka igorriko ziotelako inguzinan.

       Beraz, bertze bospasei egunen bidea egin behar da, itsasoaz begiak kasik ase arte, bertze urarte batzu urrunean ikusteko: «Bermudes» deitzen dituzte.

       Hor, arras lur guti omen, bainan hoberenetarik. Ez omen ditake-eta sinhets zenbat eta zenbat baratzekari biltzen duen horko jendeak, lurra ibili ere gabe! Hargatik, ez dakigu hain laket-lekhu othe diren Bermudes urarteak. Dakiguna da erretzeko beroak ari zirela hain gaindi, gu iragaitean. Español itsasturi batek atxeman zituen urarte hauk hamaseigarren mendean: orai Anglesenak dire, beren hamabortz mila arimekin.

       Hein hortan, jada ageri zen Ameriketarat hurbiltzen ari ginela. Alde batetik, itsasoa ezti eta legun, eta bertzetik, jada erran dugun bezala, erretzeko beroak! Athorra bizpahirur orenetarik aldatu behar! Zorionez, zure bokataren egiteko bethi baduzu mariñeletan bat edo bertze! Ez dauzkitzu, ez zure athorrak elhurra bezen xuri itzuliko naski, bainan saria ere araberan ematen diozu. Eta zuk ez bada bethi nahi zinuena… harek badu nahi zuena!

       Handik goiti, harritzeko da zenbat arrain ikusten den: hainitz ttipitto, xoriek bezen ongi airean, beren hegal motzekin, ehunbat metra egiten dituztenak, bainan marraso biribil (requin) frango ere bai, ahoa zabalduak, norbeit eroriko delakoan untziari jarraikitzen direnak. Lehen marrasoa ikusi ginueneko, nere lagun gazteari erran nion, bideaz asetzen hasia baitzen: «Lagun, altxa bihotza! Seinale ona duk marraso horren ikustea. Ez ahal gaituk Habanatik hain urrun!» —«Hobe», zautan doi-doia ihardetsi.

 

* * *

 

       Biharamunean, Uztailaren laua zen. Goizeko sei orenetan, bere hirur marruma handiak berritz eginik, gure untzia sartu zen Habanako portu ederrean. Jada baziren han hamarbat untzi erresuma guzietakoak: español, angles, alaman eta amerikano, batzu kargatuak, bertzeak kargatzekoak. Orroaz hasi ziren oro, alde guzietarik muuu eta muuu. Hola egiten dute elgarri agur itsasoan untziek.

       Zer atsegina handik oren baten buruan, gure paperak jaunskila beltxaran bizar xorrotx bati irakutsi-eta, zangoak Habanako lurrean finkatu gintuelarik! Iduritu zitzaukun… segurki hala ez delarik… zeruan sartzen ginela ifernutik!

       Bainan Habana zerua dela? Fa, ez-eta aldeko zerbeit ere! Sobera bero ari da han, hasteko. Gero, portuan ikusten den jendea bekunke gaixtokoa da. Haur batzu harra bezen biluz-gorri hantxe ikusi gintuen, sos baten eske gure ganat ethorriak. Bainan nihork ez dezala uste izan soineko erosteko biltzen dituztela sosak haur horiek: ez. Edaria ez othe da soinekoak baino lehenago?

       Etxeak aphalak dire Habanan eta hemengoak baino haxitago arruntean… nun-eta ez diren taula beltz batzuez eginak, zimitzen eta kukusoen, bai-eta zorrien, egoitza hautuzko! Bainan, hala-hala, bazterra xoragarria da han gaindi. Hango loreen kolore min ederrak! Hemengo xoriak ere ez ditazke hangoekin pare! Eta hango fruituaren emana! Ez ditake amets ere zenbat den! Eta nolakoak! Ahotik ezin utzi dire hainitz, hain dute mami ona! Bainan «Gure Herria» ez litake aski handi hango espantuentzat: bego beraz hortan…

       Habanan nahiko ginuen pilota partida bat ikusi. Munduko plazarik ederrenak han dire. Bertzalde sosaren puntan harat biltzen dituzte nun-nahiko pilotari handienak: hala nola gure Xikito ez omen da hango Erdoza bi anaien aldean… pilotarixka bat baizik! Omen erraten dugu ezen Habanan iragan ditugun oren laburretan, delako pilotariak nunbeit ziren.

       Horiek hola, badire Habanan laketzen direnak. Metsikotik Eskual-Herrirat heldu ginelarik, bertze untzi batean bide egin baitugu Daguerre Hazpandar jaun maitearekin, hura arras laketua da Habanan. Ez dugu uste, guk, laketuko ginukeela. Beraz, bi egunen buruan berritz Metsikoari buruz «Cuba» abiatu zelarik, sartzean bezala portutik atheratzean hango untzieri harek eta hari hango untziek agur eginik, bihotzean ez ginuen zimiko handirik sentitu, ez-eta nigarrik egin.

       Bi egun ematen ditu untzi on batek Habanatik Metsikorat: hala eman zituen gureak ere. Larunbatean handik atheratuak, astelehenean han ginen xuxen «Vera-Cruz» deitzen duten erresumako portu handienan.

 

 

III

 

       Metsikoan ibiliak diren guziek gogoan dute Vera-Cruz deitzen den portua. Erresumako handiena da: bainan hitsagorik guk ez dakigu, lehen behako batez untzitik ikusteko. Batere ez gintazke beraz harri harat heltzean eginak balire orduan gogoratu zitzauzkun kopla pollit hauk:

 

              Urrungo eltzea urhez,

              Harat gireneko lurrez.

 

       Famak bai handi, bainan oro gezurrez!

       Etxe guziak iphurdiz daude itsasoari, aspaldi xuritzekoak. Nun dire Eskual-Herrian maite gintuen etxe maite pollitak, izar ttiki batzu bezala mendian jarriak? Nun Eskual-Herriko teilatu gorri alegerak? Nun Eskual-Herriko athe eta leiho pherde gustagarriak? Eskual-Herrian orok iduri dute ongi-ethorri erraten dautzutela: Vera-Cruz hortarat hurbiltzean orok iduri dute aldiz: «zoaz hemendik» erraten dautzutela.

       Basoa bethe-eta behar da hustu: agur erran ginioten beraz untziko adixkide guzieri eta gure phuskak harturik abiatu ginen kanporat.

       Segurki eta halere, paperak erregelan behar dire untzi batean sartzeko, bai-eta futxo atheratzeko ere. Azpitik eta gainetik, aintzinetik eta gibeletik nola behatzen dauzuten hantxe gobernamenduko mandatariek! Ez dute segurki, itxuraz bezalakoak badire bihotzez, behar ez den bezalakorik nihor utziko herrian sartzerat,… bainan guzien buruan nahi duten guziak sartzen omen dire! Jainkoak daki nola… eta guk ere ba…

       Gobernamenduko mandatari mokorren ondotik, mugazainen aldi. Nihork ez dezala kontrabandarik ereman, maguzainek ikusiko ez diotelakoan. Kukuso baten itzala ikus lezakete naski. Deusik etzaiote eskapatzen. Bainan zerbeit onik badute halere: oro ikusten dituzte eta oro sartzerat uzten zenbeit sosetan truk. Hori ez balitz, gizagaizoek ez lukete bizitzekorik. Harritzeko da gurekin ginuen katalan batek zenbat seda sartu zuen berrogoita hamar liberako batean. On da ondoko egunetan harat beharrak direnek jakin dezaten hori, bidean odol gaxtorik ez egiteko. Jakin baginu, ez ginuen hainbertze eginen guk ere…

       Veraz-Cruzen gauari buruz jautsiko denak bethi ongi eginen du adixkide bat porturat ethor-arazten badu. Han, ez ditake adixkideen gainean baizik konda. Bertzenaz, hel egin zozu begitarte hobereneko laguntzaileari, hanbat gaixto zuretzat! Beltzat eta zuriak, han oro phika bezen ohoinak dire. Gure bideko lagunetan ere batek baino gehiagok bere gostuz egia hori frogatu duelakotz, dugu hemen ezartzen, norbeiti oraino balia dakiokelakoan, bihar edo etzi.

       Guk baginuen portuan gure gizona. Ordu arte ez ginuen ezagutzen. Laster ezagutzak egin gintuen hargatik. Zer gizon on eta maitea! Hogoita hameka eta eskua badu, halako gizon bat, eskuko duenak. Aspaldi han egoki, bazakien hango gizon eta xokho guzien berri. Gure lagunak oraino portuan burua galdua ibilki, ezin antolatuz, eta gu jada han ginoazin Vera-Cruzeko karriketan ostatuari buruz, moro bekunde gaixtoko batzuen aldetik, ni erdi harritua, nere lagun gaztea arras izitua! Geroztik hameka aldiz irri egin dugu elgarrekin delako arratsa aiphatu-eta…

       Egia den bezala aithortzeko, ez ginuen hainitz behatu hango karriketako edergailueri, ez eta «Palacio municipal» eta hango eliza-nauzi guziek goresten dituzteneri. Baginuen segurki bertze egitekorik eta horri laster ohartu zitzaion gure adixkide berria: gose amikatuak ginauden. Sartu ginen beraz hiriko ostaturik handienean. Akhelarren segur naiz badela hoberik. Afariari begitarte egin giniola errateko guzurrez behar nuke mintzatu. Ez dut eginen. Egiak behar du bere bidea. Bada, urrikaltzeko litake bizpahirur egun barur litakeena, Vera-Cruzeko ostatuetan ase on bat gero egiteko inguzinan. Jesu, Maria eta Josepe! Nun ikasia ethe dute jateko moldatzen hango ostalerek! Bertzela jaten dute segurki Itsasu Elizalderat doazinek!

       Ostatua laster hustu ginuen beraz, hertzeak ximur eta gure gidari maiteari milesker erranik Metsikori buruz abiatu, burdin bidez. Bederatzi orenak ziren nunbeitan, bainan aspaldi ilhuna. Ez ditake kasik sinhets zoin goiz ilhuntzen duen herri hetan, uda bethean ere. Sei orenetan egun zabala oraino, eguerditan bezala… eta handik oren laurden baten buruko ilhun tunta eta beltza.

       Ilhunaren gatik, ez da hargatik hango jendea etxerat bilduko. Orduan dire-eta gehienik atheratzen beren egitekoetarat! Hala nola zenbat emazte ez ginuen ikusi bide bazterrean tratuan ari, lore saltzen gehienak, ostatutik burdin bideratekoan!

       Vera-Cruzetik Metsikorat egunaz behar litake bethi bidea egin. Munduan ez ditake bide eder eta xoragarriagorik. Vera-Cruzen gaua iragan beharko batute ere, Metsikora doazinak ez dire gauaz bideari lothuko: goizean abiatuko dire. Nere parte, sekulako urrikia banuke orai, ikusiak ikusirik, Eskual-Herrirat itzultzean bederen hala egin ez banu!

       Dena dela, laguna sartu zitzautan laster lotan. Haren adinak hala nahi zuen. Eta ni hasi nintzen aldeko jaun gazte batekin elekheta, erdaraz. Bai, jaunak erdaraz nere moldeko erdara batean! Geroztik aski trebatu banaiz, orduko jada banakien zerbeit, beharrarekin ikasia. Alta ahal dena zen bada nere irakaslea ere, orai ohartzen naiz! Ez nuen ba behin aditu bere koinatari erraten zangoak berotzen ari zelakotz: «Tienes los patos calientes?» Etzen dudatzen eta ez da naski oraino dudatzen haren hitzek, trufarik gabe, hau erran nahi dutela: «Hire ahateak beroak dituk!» Holako errientarekin erdara nolazpeitko bat ikasi banuen eta bidean behin edo bertze irri-egin-arazi, ez da harritzeko.

       Iduri du gau bat, ezagutzen ez den bide batean, ezagutzen ez diren jende batzuekin iragaitea, ikaragarri dela. Batere. Aski da nere laguna bezala lo eta lo egotea… edo nik bezala Metsikano baten espantu ezin sinhetsieri alegi beharriak luzaturik, gogoa bertze nonbeit alhatzea. Eguna ere ethorri zen, betbetan, goizeko zeiak alderat. Oi, ordutik zer gure begien xoramendua, zer gure begien ezin amestuzko asea! Emeki ginoazin eta lasterregi halere! Hango bazter xoragarria! Hango lurraren aberatsa! Hango behi arthaldeak! Hots, bide hura, burutik bururat, egunaz egin behar litake eta urrats guziez geldituz hobeki baino hobeki ikusteko: Jainkoak lurrean egin duen xokho ederrena ez bada, ederrenetarik bat ditake segur.

       Bideko hiri eta herrixkeri ez gitzaiote hainitz ohartu, deus ohartgarririk ez dutelakotz: jendea hargatik hurbildik ikusi ginuen. Eskual-Herrian, guziz igande arratsaldetan, gazte frango geltokirat (edo garalat) badoa nor ikusiko duen iragaiten. Metsikorateko geltokietan, herri osoak ikusten ditutzu bilduak: zahar eta gazteak han dire azkeneraino, batzu bere laneko soinekoetan, kasik athorra has, bertze batzu errege bezala jauntziak, oltzadarrak dituen kolore guziak jauntzietan eta… begitartean. Hemen hirietako neskatxak berak ez du hango atsoak bezenbat irin mateletan ezartzen: ikusi ez baginu, ez ginuen sinhetsiko. Alta ez dire ba laka bat irinekin ere hainitz xurituko! Horiek oro zertarat heldu dire geltokietarat? Ez dakigu, bainan dudarik gabe bertze egitekorik ez dutelakotz. Korbotza baino alferrago da hango jendea.

       Zerk gaituen bada bide hartan xoratu galdetuko duteneri, ihardetsiko dugu hitz batez: bazterrak. Bazterra da ederra. Zabala eta aberatsa, gizonak asma detzazken lore, belhar, landare eta zuhaitz mota guziekin.

       Ondikotz, atsegin guziek badute beren neurria eta edertasun horiek guziak utzi gintuen lurreko ola zahar batzuen artetik geltoki eder batean sartzeko. Metsikon ginen, bidean hamazazpi egun emanik, hemezortzigarren goizean. Biderat, ethorriak han gintuen bi adixkide, Jean Pierre Hiribarren eta Carlos Berriozabal.

       —Agur, adixkideak — Ongi-ethorri… Eta hats-hartzeko astirik gabe, beibil batean ferrindin baginoazin karrikaz karrika gure egoitza berriari buruz. Andere Berriozabal athean zagon, noiz ethorriko ginen, bi hirur alaba maitagarriekin: eta aldean bi Uztariztar, Edmond Detxart Portueneko semea Thérèse Hiribarren jaun notariaren alabarekin. Agurrak laster egin gintuela bixtan da. Andere Berriozabal zen gure begitartea luzatzen hasia zela ohartu… edo guk ginuen mahainetik heldu zen usain gozoa usnatu? Denboraren buruan ez dakit. Dakitana da hautuzko gosari batetarik, etxeko xakurrak etzuela egun hartan ondar handirik milikatu. Irriz zauden bazterretik gure adixkide guziak: ez ginen batere ahalge hargatik, andere Berriozabalen etxea etxe bat baita ahalgetu behar ez dena, hain dire Berriozabaltarrak bihotz on ideki eta zabaleko jendeak. Geroztik etxe hortan egin dut hameka gosari, bazkari eta afari: bat ez dut lehen hori bezala gogoan atxiki. Egia erran ez da harritzeko: bezperan hain afari hitsa egina ginuen Vera-Cruzen.

 

 

IV

 

       Hemendik Ameriketarat doazinetan zenbatek ez dute uste hango bereko jendea zozoskoa dela eta zakuan sar errexa? Laster ohartzen dire hargatik, harat heldu-eta, hango jendea nun-nahikoa bezen atzarria eta gauzeri ohartua dela, nihork ez duela haren bizkarrean diru handirik kondatuko. Ameriketako jendea ez balitz den bezen alferra, hemendik harat doazirek deus ez lukete egitekorik! Horra egia eta laster ohartu nitzaion egia horri Metsikoan! Sos zerbeit han eginik heldu zauzkun Eskualdunek, beren izerdiaren gostuz egina dute segurki eta halere!

       Andere Berriozabalen mahainari halako begitartea egin-eta, jende mota horrekin berehala ezagutzak egiteko gutizia eta errabia handi batek hartu ninduen. Hain xuxen, doidoia ikusterat ethorria zitzaitan nere haurreko lagun bat, Lorentxo Berho, Azkain Elizaldeko semea. Hari nion galdetu hiriko xoko-moko guzietarat itzuli laster bat egin-araz zezadala. Ez ditake munduan atxeman Lorentxo Berho baino gizon maitagarriagorik. Bethi orori atsegin egiterat ekharria, bethi nola derautzun atsegin eginen dabila. Hameka oren on eta eder iragan badut Metsikon, hari diozkat gehien-gehienik zor. Goiz hartan ere ez nuen beraz nere galdearen bietan egitearen beharrik izan. Berehala abiatu ginen «Indianoak» direlakoen ondotik.

       Karrikan dabilan jendeketa guziaren artean, ezagut-errexak dire beren begitartetik lehenik eta gero beren jaunzteko moldetik.

       Hura begitartea! Nihun ez dute segurki lehen garhait-saririk irabaziko beren edertasunarentzat! Kopeta hertsi baten azpian, bi begi ttipi nunbeit gordeak, edozoin gaturenak baino argiago: sudurra zabal, ahoa oraino zabalago, kokotsa xorrotx, beharriak handi. Emazteak bethi buru has, ileak dilindan, sasi bat iduri: gizonak aldiz bethi harritzeko lastozko xapel batzu buruan…

       Eta jauntzia! Emaztekiek ez dituzte oraino ezagutzen Pariseko jauntzi-moldeak (modes) bainan zangarrak, besoak eta lepho-baphoak Parisen bezen ageri dabilzkate. Gaineratekoan dituzten piltzarrak, gorriago eta ederrago zaizkotela iduritu zait bethi. Oinetakoak etzotzute aipha, ez dakite zer diren edo ez dituzte maite, …nork daki zertako.

       Bada, gizonek ere ahal den bezalako jauntziak dabilzkate! Bat ez dut ikusi ederkisko emanik. Galtzak ez dituzte nahi, galtxoinak aski zaizkote. Ez galtzerdirik ez oinetakorik. Athorra ere ez dute segurki setazkoa! Ez-eta bethi xurienetarik!

       Nola bizi diren direlako Indianoak galdetuko duteneri, lañoki ihardetsiko dut batere ez dakitala. Lan errexenari lotzen direla maiz hori bai… eta hainitzek nahiago dutela eskuak gurutzatuz bizi, afer, izertuz baino. Egunean egunekoa, handik edo hemendik, irabazia edo ebatsirik, balinbadute, zer zaiote Indianoeri!

       Badakit: oro ez direla hola bizi. Basherrietan badire Indianoak beren izerdiaren gostuz orai beren etxe eta ontasun ttipiaren jabe direnak. Nihork ez du lurra maiteago: nihork ez du hobeki artatzen. Nun-nahiko gizonak bezen langileak direlakotz, deuse neskasik ez da heyen etxetan.

       Bainan ehunetarik bat da holakoa. Bertze lauetan hogoi-ta hemeretziak lan eginaren eta errextasunaren adixkideak, eta adixkide minak dire, alfer hotzak, hots! Ahaide hainitz badu alferkeriak. Alferra maiz gezurtia da. Ez da munduan nihor Metsikoako Indianoak baino aiseago gezurra erraten duenik. Hatsa bera gezurra du. Bainan zerbeit erraten dautzutenean, froga zozute gezurrez mintzo direla, batere ez dire durduzatuko eta beren gezurraren finkatzeko… bertze bat erran-eta, kito. Nere herritar eta adixkide Basilio Barnetxen emazteari gertatua zaiola ixtorio hau deraukat arras. Egun batez, sehia heldu zaio:

       —Anderea, etxerainoko bat baitezpada egin behar nuke: aita hil zaut.

       —Zoazi, zoazi berehala eta ni hemen antolatuko naiz ahal dutan bezala, behar den denbora guzia. Zoazi laster.

       Handik ilabete baten buruan berritz heldu zaio andere berari sehi bera:

       —Anderea?

       —Zer da?

       —Etxerainoko bat baitezpada egin behar nuke berritz.

       —Zertako?

       —Aita arras eri dut.

       —Aita arras eri?

       —Bai, anderea.

       —Bainan orai duela ilabete bat ehortzi zinuen zure aita!

       —Hala da,… ahantzia nuen.

       Ez dut, ikusiak ikusirik eta adituak aditurik, batere dudatzen geroztik ere delako sehiari aita berritz hil zaiola behin baino gehiagotan. Metsiko utzi nuen goizean edo bezperan, Uztaritzeko jaun notariaren alabaren sehiari hola-hola eritu edo hil zitzaion anaia. Ez dakit geroztik sendatu edo phiztu den. Harri nintake ez balitz egin.

       Bertzalde alferrak maiz edatea maite du. Ez da Indianoak baino mozkor handiagorik. Gutiz gehienak arrailtzen dire ahal duten guzian. Han ez dute arnorik, bainan badute «pulque» deitzen duten edari bat, izpiritu zerbeit dukeena. Hartarik ari dire gophor betheka gizon eta emazte, gizonak baino are gehiago emazteak. Egia erran hango jendearen ezpain gorri zabalek iduri dute edariarentzat eginak direla. «Pulque» hortarik karrikaren erdian atxematen ahal da: errateko maneran, karrika xoko guzietan badire saltzaleak. Arratsa heldu delarik, barrika oraino matxarde lodi eta azkar batzuen puntan ikusten ez baduzu, jabeak etxerat eremana duelakotz, aise ohartuko zitazke nun saltzen zuten delako edaria halere: hiruzpalau emazte, zabal-zabala, lo han ikusiko dituzu, lekuko, ezin ukatuzko lekuko.

       Hartako doia jastatu nahi izan dut «pulque» hortarik. On da guzien jakitea. Pitar tzar usteldua iduri du edari horrek eta egiazki Indianoa behar da izan horren maitatzeko. Hemengo bahamiek ez lukete nahi, segur eta segur…

       Erranetarik, iduri luke beraz Indianoak aise bazterrerat utzi behar litazkeela. Hala dute egiten hemendik Metsikorat doazinek, nun-eta ez duten arras ezinbertzea. Hala ditugu utzi guk ere, eta salbu lehen egun hartan ez gitzaizkote hainitz ondotik ibili. Hau erran behar dut hargatik: Indianoak fede handiko jendeak direla. Nola dauden elizan eta nola ari diren othoitzean bi besoak zabalduak! Alderdi guzietan badituzte beren elizak eta kaperak, hemengo ederrenak baino ederrago eta aberatsago.

       Barnetik egiten dute othoitz Indianoek ala axaletik? Hori ez dakit. Heyen begitarteari behatuz elizan, iduri luke saindu hutsak direla. Bainan gero, othoitza bururatu-eta kanporat abiatzen direlarik, beha zozute eskuetarat; hamarretarik bederatzietan zerbeit ebatsirik atheratuko dire, edo itze bat, edo gakho bat, edo… aldeko lagunaren xapela. Lorentxo Berho nere herritarrari, mahain sainduan, sakelatik moltsa ereman zion aldeko Indianoak behin! Metsikon ezagutu dut aphez Eskualdun bat: aita Laca. Aspaldi han baitago, nihork ez ditu hobeki ezagutzen Indianoak. Bada, aita Lacak erraiten zautanaz nekhe da, arras nekhe, Indianoari zerbeit buruan sar-araztea. Ebastea nihundik ere etzaio bekatu Indianoari. Jabeari dago zaintzea… eta zaintzen ez badu, Indianoari hartzea.

       Huna zerbeit, bertze aphez bati gertatua. Behin Indiano bat heldu zaio, biharamunean ezkondu nahi lukeela.

       —Badakizu bederen zer den ezkontza?

       —Bizpahirur emazte izaten ahal eta bat hautatzea, behinere ez panpatzeko xedearekin.

       —Adixkidea, katixima laburskoa duzu bihar ezkontzeko. Ez dakit behinere ikasi duzun ongi. Nahi baduzu, bururen buru elgarrekin ikusiko dugu berritz, egun hasirik.

       Eta hasten zaio haur bati bezala Jainkoa zer den, Jainkoa nun den, orotan dela. Baietz beraz Indianoak. Eta hortan geldi, orduan. Biharamunean, berritz:

       —Eian orhoitzen zaren atzo erranez. Zenbat Jainko dire?

       —Bat.

       —Nun da?

       —…!

       —Orotan.

       —Aita, behinik behin hori ez da egia.

       —Bai egia da.

       —Ez.

       —Bai eta bai.

       —Nik bizkitartean frogatuko dautzut nere aitaren etxe teilatu gorri hartan ez dela Jainkorik!

       —Ori, mila pezo emanen dauzkitzut hori frogatzekotan!

       —Emadazkitzu berehala: nere aitaren etxe teilatu gorrian ez da Jainkorik… zeren nere aitak ez baitu etxerik, teilatu gorriarekin! Teilatu beltza du.

       Norbeit doala halako kaskoetan zerbeit sar-arazi nahiz, suaren hiltzeko thu eginez bezalatsu eginen du. Kasko gaixtoa dute Indianoek, bainan ez dira zozoak. Eta hastean erran dutan bezala, nihork ez du, Indianoaren bizkarrean diru handirik kondatuko. Indianoak egun erdi batez ikustea aski da, egia horren frogatzeko. Lorentxo Berhorekin abiatu gabe ere banakien, hogoi urthe huntan Metsikon maiz eta maiz frogatu omen baitu… bere gostuz.

 

 

V

 

       Indianoek bezala, Metsikoan gaineratekoek ere fama tzarra dute. Harat joaiteko xedea hartu nuelarik, zenbatek eta zenbatek etzaudetan erran ez nezala holakorik egin, han ez nuela deus onik kausitzen ahal! Zorionez, birika bere lekuan dut eta etzautan den gutieneko izialdurarik hezurretan sartu. Guzien buruan, zer da lurrean gertatzen? Jainkoak nahi duena. Eta hura bakarrik… Nere baitan egiten nuen, bertzalde, ez ahal nuela Alemanen kontra Frantziak egin gerlan baino ikaragarrikeria handiagorik ikusiko, Eskualduna izanagatik lehen egunetik azkeneraino gerla hartan ibil-arazi bainaute Frantsesek!

       Ikusiak ikusirik, badakizue zer erraten dutan orai? Nahi duenak nahi duena erran dezala hemendik goiti, nik ehunetarik bat ez dutala sinhetsiko hango ixtorioetan! Espantuak dire segurki handienak. Bethi gerla gorrian ari direla elgarrekin Metsikanoak, bai; bainan elgarri min-ka, ez. Hango tiro eta zalaparta guziekin oraikotz itsasoak berak gorrituxea behar zukeen. Nihun ez dut Veracruz-eko portuan baino udinago kausitu! Eta sekulan orhoituko naiz nere adixkide Jean-Pierre Hiribarrenek, irri xuri batekin, behin erran zautanaz:

       —Muxas palabras, pocas obras, dituk hemen! Egun batez, hemengo egunkariek harritzeko espantuak eginik gobernamenduko soldadoek gobernamenduaren kontra altxaturikako soldadoekin egin gudu batez, Angles bat ethorri zukan ikusi beharrez.

       —Bertze egitekorik gabe?

       —Bertze egitekorik gabe, bai. Bizkitartean Metsiko huntan lotsatu zitekan guti edo aski, etzadin hurbil gudu tokirat, han kausituko zituela oraino gorphutzak, ustelduak, harrek jaten ari. Eta holako…

       Bainan hoa hi Angles bati buruan duena khentzerat! Gure Anglesa joan zukan beraz, usain tzarraren kontra zer-nahi usian-oneria harturik, joan bururaino… eta zer ikusi? Bi mando hilak.» —Eta gizonak? Hilik phiztuak dudarik gabe, azkeneko «Gure Herrian» aiphatu gizontto hura bezala-bezala!

       Sehi eta egunkari-egile, oro bardinak dire Metsikon: oro, gezurtiak. On dakiotela.

       Egia erran, nola nahuzue odol ixurtzerik izan dadien hango gudu gorrienetan? Soldadoek ez dute soldadoaren izena eta jauntzia baizik. Nola soldadotuak ere dire! Ez da han xorterik edo bertzerik, zeren ehunetarik batek ez baitu herriko etxean ageririk. Merkatu batetarat bil dadiela gazte andanatto bat, gobernamenduak «lazoan» hartzen ditu eta soldado altxatzen. Ezar-araz orori nolazpeitka doakaten jauntzi bat eta… adelante, muchacho: cargado o no cargado, fuego! Ez da gero harritzeko holako soldadoak ez badu etsaiaren ondotik zapata pare handirik higatzen… eta higatzen baditu, higatzen ditu ihes joaiteko oihan batetako gerizarat.

       Hau ere erran behar da: soldado horietarik hainitz ezkonduak direla eta miletan nahiago dutela beren emaztea alharguntzen ikusi baino… berek alhargundu. Bainan hori, bego hortan.

       Zer dire bada hainbertze denboraz Metsikotik egunkariek ekarri dauzkuten gudu-berri lotsagarriak? Ez nintzen han; ez dakit. Bainan beldurra nuke hango gerlariak etzirela ohoin batzu baizik. Milaka frogak badire: huna bat. «Novillero» deitzen den ontasun handi batean bizi da Baiones jaun gazte bat, Dorcasberro. Egun batez aditzen du etxe inguruetan ibilki zaizkola gobernamenduaren kontra ziren soldadoak. Ez du dudatzen zer xedek dabilzkan han gaindi: bainan zer egin? Handik biharamunean urrunduak zituen berritz… etxexo zaldi guziak harturik.

       Dorcasberrok gobernamenduari berehala galdetzen diozka orduan bere soldadoak zortzi bat egunentzat, bertzeek berritz itzulirik behiak ebats ez detzoten. Metsikoan gobernamenduak gisa huntan bere soldadoak prestatzen ditu, heyen pagatzeko (ordaintzeko) esku-gain duteneri zerbeit. Heldu zaizko beraz soldadoak Dorcasberrori… aintzineko egunetan han berean ebatsi zaldien gainean. Beraz… hango gerlak zer diren hortarik ageri da!

       Eta ez uste izan soldadoak direla bakarrik holakoak: aintzindariak, hobeak direla. Ez: tantiruri, orok elgar iduri. Mami beraz eginak dire nausi eta muthilak: denik ere, muthila baino ohoinago dela nausia! Huna jada aiphatu Dorcasberrori jeneral batek igorri mezu bat: froga hoberik ez da nere erranaren finkatzeko.

 

EJERCITO REVOLUCINARIO

COLUMNA VOLANTE

Señor Gerente del Ing. Novillero

       Muy señor nuestro y amigo,

       «Nos es grato participar a Usted que, encontrandonos operando por esta zona con una columna de 150 hombres y estando dispuestos a impartir garantias a todos los elementos de orden y trabajo, recurrimos a Usted con el objeto de que esa negociacion nos muestra en cantidad de 2.000 pezos por el sostenimiento de nuestras fuerzas, en la inteligencia de que dispongan de garantias amplias su persona, sus intereses y sus empleados. De no acceder a nuestra peticion no nos hacemos responsables de lo que suceda en lo futuro. La cantidad de 2.000 pesos que hoy le pedimos se servian enviarlas con el portador.

El General GANDEMO

El Coronel NARCISSO

 

       Delako Gandemo hunek ziozkan Dorcasberrori goraxago aiphatu zaldiak ebatsi. Ez dezaket finka aski kopeta izatu zuela gobernamenduko soldadoekin ethortzeko handik laster, bainan ez nintake harri. Zertaratzen den gizona lanean ari gabe bizi behar duela buruari eman diolarik!

       Nago munduan othe den gizonik Metsikanoak bezenbat harrabotsa maite duenik. Harritzeko da zer musika terrentak aditu ditudan Metsikon ilhabete batez. Urhatsik ez ditake han egin xirribit zerbeit, xirula edo guziz «phonographe» direlakoetarik entzun gabe. Bertzerik ez dela, Metsikanoa orenak eta orenak ariko zautzu barrika huts bati joka. Berritz ere diot, emozu hari harrabotsa. Hainbertzeraino nun Calles herriko buruzagia bere karguan sartu delarik aspaldisko, manua izan baita Metsikano guziek beren alegrantiza ager zezaten zerbeit gisaz, erran tenore batez, eta tenore hartan gizon, emazte, haur, agure eta atso, oro karriketarat atheratu baitire etxeko padera, pertz eta pegarrekin, heyeri jo eta jo. Hango kalapita oren batez! Eta horrengatik Metsikanoek erranen dautzute ez dutela egundaino herriaren buru holako gizon burukorik ikusi!

 

* * *

 

       Horra zer jende motarekin duten egiteko Metsikorat doazinean gure herritarrek. Erran dezaket ez direla hain gaizki heltzen halere. Eskualdunen eskuetan dire hango lantegi handiskoenak, saltegi ederskoenak, «haciendas» gizenenak. Batzu eta bertzeez hitz bat errateko xedea nuke ondoko egunetan «Gure Herriaren» irakurtzaileeri luzeegi ez bazaiote hango ibil-aldia.

 

 

VI

 

       Metsikorat joanak diren Eskualdunetan andanatto bat bada esne tratuari emanik eta tratu horri esker sos alde eder baten egiterat doanik. Hirietan esne hainitz behar da. Hiri bat othe da munduan, jende arauka, gehiago behar duenik Metsiko hiriak baino? Hainbertze emazte alfer bada bertze jateko zerbeiten senharreri eta haurreri egiteko lanik hartu nahi ez dutenak! Harritzeko da zenbat esne sartzen den beraz hango karriketan! Lehen aldikotz Metsikorat doanari, bada zerbeit ehun urhats guzietan begiak jotzen diozkana: hitz hauk: Leche pura, leche pura . Laster ikusi ginuen Eskualdunen esne saltegiak zirela, gutiz gehienak.

       Iduriz deus ez da esne tratua baino errexagorik: aski da behiek emana saltzea. Later errana da hori. Errana bezen laster eta aise egina balitz! Hamar pinta esne saltzeko dituenak, ba, laster eta aise eginen ditu! Bainan milaka direlarik pintak, bada urhats ederrik egiteko. Ez da gau guziz loz asetzen, hango esne-tratularia segurki! Idekitzen ez baditu begiak, idekitzen ere beharriak, tratu horri lothu den Eskualdun gaizoak ez dauzka berritz ikusirik hemengo mendi maite, ithurri eta ibaiak! Beha bada. Behien arthatzeko eta deizteko, nahi eta ez, hango langileak behar ditu. Alferrak eta ohoinak dire arruntean. Nola ez ditu beraz zaindu behar nausiak? Langileak bezala maiz, zorigaitzez, saltzaileak ere hangoak dire. Zertan da nahi dutenaren egiterat uzten baditu? Eta nahi dutena eginen dute, bethi gainean ez bada. Hortarik amets ditazke nausi gaixoak ibili behar dituen harat hunatak eta izanen dituen buru-hausteak!

       Dena dela, Metsikon, iragan ditugun egun laburregietan, zoriona izan dugu —ezen zorion bat zaiku— bizpahirur lau Eskualdun kausitzeko tratu hortan ari direnak, Azkaindar eta Urruñar. Heyeri esker «Gure Herriak» egun xehetasun zenbeit eman detzazke. Berant bada berant, orori milesker hemen.

       Metsikon kausitzen den esne-etxerik handiena «Los Pirineos» deitzen da. Mila behiz goiti badute etxe hortan. Jabe bat baino gehiago bada hor, hargatik: ororen buru, Marquazuza izena duen Eskualdun adineko bat . Hiriko hamar karriketan baditu etxe horrek saltegiak.

       Horren ondotik esne-etxe handiskoenetarik bat «San Javier» delakoa. Hango nausiak baino maitagarriagorik munduan ez da. Bi, hirur-lauetan hango barneak bururen buru kurritu ditugu eta galde ditazken xehetasun guziak galdetu, nihoren beltzuririk gabe. Bai, zer jende alai eta onak San Javieren!

       Metsikotik hogoibat kilometretan da san Javier mendi alderat, ahal den bezalako bide batzuetan barna. Etxe handi bat, bere kaperarekin, komentu bat iduri. Etxeari hurbil, bospasei atherbe handi eta atherbe horietan, lerro lerro, zezen, behi eta miga, zazpi ehun buru bezala. Arraza holandesa da san Javierekoa, ez omen baita han hobeki eman dezakenik. Behi bakhotxak bere bortz milako hura balio du. Zezen bat bada berrogoi miletan eman ez lezaketena. Ez dute behirik atxikiko hamar pinta bederen ematen ez baditu. Batzuek harritzeko ketak ematen diozkate eta bat ikusi dugu aspaldi hartan hogoita zortzi pinta egunean ematen zituenak. Artho pherdea eta luzerna diote ematen jaterat buru horieri guzieri. Behar dela phazka hoinbertze bururen asetzeko erranen duteneri, ihardetsiko dugu badela nasaiki. Ez dire han hemengo lur berak. Lur ustel aberats batzu dire, hamar metretataraino. Luzerna —alfalfa erraten diote Metsikon— ilabete guziez phikatzeko da, sutan ethorria, gizona bezen gora. Bertzalde Eskual-Herri guzia zazpi aldiz itzulikaturik ere Aldudetik Santa Grazirat eta Endaiatik Ezteren-zubirat, ez da halako etxalderik kausituko. Zer eremuak! Zenbat oren ez othe litazke behar inguruaren egiteko? Zaldiz baizik ez baitugu inguru hori egin, ez dezagun neurririk eman. Bai, zaldiz egin dugu, guk, eta… bizpahirur itzulipurdikoren goztuz oraino! Eskual-Herrian, Uztaritzeko haranak, Errobia erdian, begiak asetzen baditu, zer da bizkitartean hor ageri dena hango ikusgarriaren aldean? Iguzkiaren aldean itzala.

       San Javieren ez dugu uste behi esnedunak behinere kanporat libratzen dituztela. Han berean diote beren aska luzeetan, egunean bi aldiz, besotara bat pherdailu jan-arazten. Ura ere aldean dute. Azpiez ez dute zeren kexa. Ez diote ez othe ez iratze, deusik ematen azpian behieri. Garbitasuna errexenetarik da beraz; untzitaraka ura igorriz behien zangoetarat egiten dute. Behiak ere, goiz guziez, urarekin garbitzen dituzte, hemen gaindi hainitz etxetan haurrak egiten diren baino hobeki.

       Ez gaiten San Javieretik urrunt bertze zerbeit ikusi dugula han behinere ikusi ez ginuena erran gabe: Metsikorat heldu gabe esnea itzul bailitake, horren behar den trenpuan emateko tresna. Ez da gehiago debrukeriarik gizonak asmatzen ez duenik eta kontu —kontu!— ondoko egunetan ez duten kausituko sekulan ez hiltzeko erremedio zerbeit. Bainan gizona hobeki othe litake orduan?

       Metsikoren bertze aldean, hiriari hurbiltxago, bertze esne-etxe bat ikusi dugu. San Andres du izena hunek. Ez da San Javier bezen handia San Andres. Hirur ehunbat behi othe den han? Bainan zer behiak! Eta nola artatzen dituzten! Loria da barne hetan ibiltzea eta nun-nahi belhaunika ditake zikhintzeko beldurrik gabe. San Andresen ere arraza holandesa dute. Hamar suisa balin-badituzte, munduko gorena. Langileak, hangoetarik: bainan saltzaile, nausia bera «calle san Geronimo» deithu karrikako etxe batean. Harat heldu zaizko, goiz-arratsetan, nihunereko gizon xahar, atso ximurtu eta haur mukitsu guziak bere untzien bethetzerat, sosa eskuan. Sosa eskuan, bai, bainan uste duzue bat bakharra baden bere baitarik ordainduko duenik? Ez. Alegia ahantzi, etxerat abiatzen dire oro, oihuka gibeletik aditu arte. Nolako mundu, halako molde. Xoxoa ongi litake holakoekin! Gaizo Carlos segurki!

 

 

VII

 

       Huntaraz geroz, ez othe dugu hitz bat erraten ahal Metsikon gaindi ikusi dugun laborantzaz, nahiz naski Eskualdun guti den han direnetan lur laneri emanik?

       Han bereko laborariak ez dire bada, hurbiltzeko ere, hemengoak bezen aintzinatuak. Lurra hain aberatsa da, han, eta aroak hala laguntzen du nun hango laborariak ez baitu lan egiterik. Errextasunari ematen da. Ez duzu behinere lur baten ontzen ikusiko. Hiriko zikhinak aski lituzke ontasunean hedatzea: merke eta aise eskura letzazke. Etzaio balio. Etzaio naski egin behar duela edo egin dezakeela, gogoratzen ere. Hala-hala hango ontasun guzietan ur-haska eta arroila ederrak ikusiko ditutzu, nor-nahi izan dezaten jabe.

       Lurraren ibiltzeko hemengo molde bertsuak dituzte. Iraulden hemengo goldearekin ari dire: bi idi aintzinean hinkili-hankala joaki, laboraria akhulo bat eskuan gibeletik. Otso-emaile beharrik ez dute hargatik, burran bezala sartzen baita hango lur ustelean goldea. Bada, arhatzen ez dute denbora handirik galduko! Behin irauli duten lurra hemen hamarretan arhatu dena baino hobeki da! Lan gutirekin beraz hango laborariak hemengoak baino probetxu hobeak ditu segurki!

       Hango ogia, hasteko, hemengoa baino ederrago da. Ez dugu, guk, ederragorik ikusi Frantzian, Espainian eta Italian ibili ditugun urhats guzietan. Are gutiago Eskual-Herrian Bilbaotik Donibane-Garazirat eta Iruñatik Maulerat ibili ditugunetan!

       Eremu ikaragarriak ogiz egiten dituzte Metsikoan. Nola egiten dute gero ogi horren guziaren jotzeko? Hemen orai gehienetan bezala mekanikari lothuak dire Metsikanoak. Lehen, beren mandoeri joarazten omen ziozkaten, gainean harat hunat egun osoak ibil-araziz, hortarat kondenatu batzu bezala. Herri bezenbat molde. Metsikano zaharren moldea etzauku batere bertze bat baino astoago.

       Oloari ez diote hainbertze begitarte egiten leku hetan. Nun edo nun egiten dute bizkitartean, pherde delarik zaldieri emateko.

       Hala-hala arthoa nun-nahi bada ausarki: ogi indianoa erraten diote. Arthoarekin dituzte Metsikanoek egiten «tortillas» deithu talo batzu, karrika exkinetan edozein atso zaharrek salduko dauzkitzunak bere esku zikhinetan ongi fartzitu ondoan. Hortarik jateko aski bihotz duena, ez du goseak hilen! Ogi eta artho bihiaren ehotzeko eyhera ederrak badituzte Metsikoan. Bat ikusi dugu Juan de Yrigoyen Eskualdunarena: hemen gaindiko eyhera ederrenak baino ederrago da, eiki.

       Metsikoan badute oraino halako baba beltz bat arras maite dutena: han «fricollis» du izena. Hango jendeak bezala hemendik doanak ere begitarte egiten dio baba horri… mahainean.

       Lur sagar guti hargatik. Dena ere, txarra eta ez han-batekoa. Hemen aithortu behar dugu, hemengo baratzekari gehien-gehienak kausi baditazke hango merkatuetan, ez dituztela hurbiltzeko ere hemengoak balio. Tipulak onak dire bizkitartean, xuri eta eder. Loraza eta azak ere hemengoak bezalatsukoak.

       Eta fruitu edo igaliak, Gipuzkoan erraten duten bezala? Hemendik eremaneri behinere ez diote ongi har-arazi. Bainan han berekoek nihungoeri zorrik ez diote. «Banana» direlakoetarik ihaurri bada. Zuhaitzetik hartzen duzularik igali hori, ahotik ezin utzia da. Ez gaituzte naski aise sinhetsiko hemen «banana» jaten ari direnek, hemen ez baitire segurki hain onak! Hemengo bananek ez dute hangoen aldean pipa bat tabako balio. Bai, pipa bat tabako! Guti baino gutiago balio duen zerbeitentzat, horra zer erraten duen egundainotik, Bainoako aphezpikutegian idazle eta jaun kalonje handi den J.S.P. gure Milafrangar adixkide xaharrak…

       Bertze igali bat bada Metsikoan «mango» deitzen dutena. Mango horietan bada guzietarik. Ttpipiak, arras eta arras onak dire. Handiek, hala-hala, halako usain eta gustua dute nun, zeruan «mango» handirik jan behar balitz, saindu handienek ez bailukete han sartu nahi!

       Mahatsik ez dute Metsikon, guk kurritu ditugun eskualdetan bederen, eta ez dugu uste bertze nihun ere hainitz baden. Mahatsaren orde, «maguey» deithu landare bat. Hartarik dute egiten jada behin aiphatu dugun «pulque» hango edaria. Hango jendea »pulque» hortan ithoa dago, bainan hemendik doazinek ez dute mozkor handirik tiratzen pulque-tik. Landare horrek Eskual-Herrian ere ederki har lezakeela daukagu, han eta hemen ondo batzu ikusi baititugu eder eta fresko. Bainan zertako ginuke? Eskualdunek hobe diote segurki Iroulegikoari begitarte egitea!

       Eskual-Herriko zuhaitza frango Metsikoan ikusi dugu. Huna oraino gogoan ditugun zenbeit: haitza, zurtzuria, agina, lizarra, haltza, urkia eta han-hemenka lerra mota batzu.

       Loreak ez ditugu zeren aipha. Gizonak ez dezake asma zenbat den eta zoin ederrak diren. Munduan bertzerik ez balitz ere, Metsikoan den lorealdeak froga lezake Jainko handi bat badela segurki hoinbertze, hoinbertze eta hoinbertze edertasunen amesteko bereko!

       Bainan norat goazi? Laborantzaz hasi eta horra nun lerratu garen laborantzarekin guti ikusteko duken zerbeitetarat: loreetarat. Eskual-Herriko laborariek ez dute astirik loreen ondotik ibiltzeko. Hangoek, ez dute ondotik ibiltze beharrik: athean nahikoa badute, bainan ez diote behatzen ere. Utz detzagun beraz loreak han, bethi bardin eder athera ditela lurretik hemendik harat doazinen xoragarri, zeruko Jainko onari bihotzak altxa-arazten dituztela, sobera lurrari josterat utzi gabe.

 

 

Itsas bertzaldean

 

       Duela dotzena erdi bat urthe, Uztaritzeko ikastegi ederra has-arazi zuelarik, lan horren bururatzeko dirua xuhursko zuela eskuetan iduriturik, Baionako jaun Apezpikuak mandatari batzu igorri zituen itsas-bertzalderat. Denboraren buruan huna nun eskuratzen dugun mandatari horietarik batek hango Eskualduneri egin zioten mintzaldia. Berantegi othe da «Gure Herrian» ager-arazteko? Ez. Eskuaraz egina den ber, mintzaldi horrek agertu behar du segurki hemen. Egileak barka dezagula gure ohointza ttipia… Erran gabe doa, mintzaldi hau nihun etzela oraino agertu.

       G.H.

       HERRITARRAK,

              Atzerrian lurra garratz,

              Oina ibil egik baratz:

       dio Eskual-Herriko erran zahar batek. Bainan hoinbertze Eskualdun den tokian arras atzerrian othe naiz bada eta ba othe dut egiazki behaztopatzeko irrisku handirik? Etzait iduritzen. Zabal-zabala bihotza ideki behar dautzuet beraz hemen, zerk nabilkan, hartan ikus dezazuen mintzaldi txar eta tzar huntan baino hobeki.

       Ez, enau lotsatu zenbeit aldiz hain lotsagarri den itsaso zabalaren orroak, ez-eta duela zenbeit denbora beren hegaletan egunkariek Eskual-Herrirat ekarri daukuten hemengo nahasmendu handiaren famak!

       Egia erran, nere buruari eman banio kontu bakarrik, ehun estakuru kausituko nituen, ba, sor-lekhu maite hartan egoteko. Bainan zertan litake mundua, bethi bereari balago bakar-bakarrik gizona?

       Herritarrak, beharra eragile handi dela zenbatetan ez duzu irakurtu zuen liburuetan? Bada, beharrak ekarri nau ni ere hunat, irriskurik balinbazen irrisku horien gatik, gure Eskual-Herria maitagarrien-maitagarrienik den sasoin huntan, han begiak eta bihotza hala asetzen dituzten lerro aphaindura eder guziak utzirik dela landare fresko, dela lili maite, eta oro!

       Baionan Eskualdunek badugu apezpiku xahar bat, apezpiku saindu bat, apezpiku handi bat. Harek galdetu bezen laster, untzia hartu dut. Eta huna nun naizen…

       Herritarrak Baionako jaun Apezpikuaren izenean, hango Eskualdun guzien izenean, bai-eta gogo onez lurpean bere ezdeustasunak gorde-araz lezaken mandatari hunen izenean guzieri: Agur! Agur bihotzaren erditik!

       Bainan, jada zuen begietan galde bat ikusten dut: zerk ekarri nauen Metxikorat? Zerk? Huna. Diru beharrak! Baditake mementu huntan zueri zerbeit galdetzea ardiak ahuntzari ile galdetzea dela. Hemen izatu ditutzuen nahasmendu ikaragarrien ondotik, dirua xuhurtuxea ditake moltsa jorienetan. Ez dut, nik diruketa handirik nahi. Nik nahi dutana da guziek, bai guziek, zerbeit, guti bada guti, eman dezaten, hemendik sor-lekhurat berritz itzuliko naizelarik, Baionako jaun Apezikuari, Hango herritarreri egiaz erran dezotedan: Metxikon ditugun anaietan bat ez da Herria oraino maite ez duenik!…

       Eta zertako diru hori? Hazitik bihi da errana eta mila aldiz zeronek frogatu duzue egia dela. Bai, hazitik bihi. Emadazue hazia, zuek. Eskuara garbiz hazi hori deitzen da dirua, erdaraz de trigo deitzen den bezala. Eta nik hemendik eremanik, Baionako jaun Apezpikuak erainen du berehala eta hazi horrek sarrixago ekarriko du bihia. Bihia, erran nahi baitut Eskualduntasun gehiago sor-herrian…

       Eskualduntasuna! Guretzat munduko aberastasunetan lehena eta handiena! Ezik, parerik othe du gure mintzairak? Othe da hain garbirik, hain goxorik, hain ozenik? Eta gure jostetak? Pilota paregabea? Ohiko dantza garbi arin eta pollitak? Motxiko, salto motx, aurresku eta abar?

       Ondikotz, miletan ondikotz! Emeki-emeki eta bat bertzearen ondotik, Eskualdunek kontu egin faltaz, oro galtzen ari ditugu! Gure karriketan haurrak ez dire gehiago erdaraz baizik mintzo! Laster basherrietan barna, mendi gainetan beretan, Eskuararik entzunen othe dugu gehiago?

       Soldado ibili diren egunetik gure muthiko gazteak kanpoko kantu ahal den bezalako batzueri eman zauzku, herrikoak utzirik; eta gure neskatxeri, beren bulhar ederrekin, oraiko moda higuingarriek boza bera ereman diote, doidoiako bat ezpain puntetan utzirik! Haurrek nun ikasiko dituzte beraz arbasoen kantu maitagarriak? Ala igande arratsetan ez othe dugu gehiago aditu behar:

 

              Nahiz ez den gaztelua

              Maite dut nik sor-lekua

              Aiten aitek hautatua?

 

       Herritarrak, hori ez aditzearekin ez othe zaut idurituko, herritik kanpo

 

              Nunbeit naizela galdua?

 

       Galduko da Elizanbururen izena! Galduko, Ipharraguirren izena! Ganixon eta Mirentxuk sekulan ez dute ikasiko:

 

              Ara nun diren mendi maiteak,

              Ara nun diren zelhaiak,

              Basherri eder xuri-xuriak,

              Ithurri eta ibaiak…

 

       Zer zorigaitza! Erran ditake-eta zorigaitzen zorigaitza hori dela!…

       Eta, bertzalde, phesta egunetan dantza arrotz batzu dantzatuko dauzkute Sara, Hazparne eta Baigorriraino! Orduan akhabo xirulak, akhabo ttunttunak! Eta, hitz batez dena errateko, akhabo Eskual-Herria!

       Zer bihotzmina eskualdun odol xortarik oraino zainetan doakiotenentzat! Eta, bada, hortarat goazi! Zer diot hortarat goazila? Ez othe gare jada hortan? Eta gure arbasoak berritz lurrerat itzul balite nola harri litazken! Menturaz ez lukete gehiago Eskual-Herrian egon nahi! Atzerri, Otserri zuten beren denboran erraten. Ez dakit orai ez othe luketen Eskual-Herri, Otserri erranen nigarra begian? Bai, Eskual-Herri, Otserri

 

* * *

 

       Ordu da beraz gure lotik, lo galgarritik, atzar gaiten Eskualdunak! Ordu, hortzez eta haginez guziak loth gakion lanari, kanpotarrak eta kanpotarrek beren molderat egin Eskualdun berri batzu Aberriaz arras nausitzerat ez uzteko! Ordu, norbeitek xede hortan zerbeit hasten badu, ez eskua, bainan eskuak berehala eman detzogun!

       Eta herritarrak, huna nun Baionan 75 urtheeri buruz doan jaun Apezpiku saindu hura oihuka ari zautzuen orai berean: Zuek, San Inazio eta san Frantses handien herritarrak, Joanes Mayorga eta aita Garicoitz handien herritarrak, oro, bai oro, zatozte othoi nere laguntzerat! Lurren herririk ez da zuen Herria baino maitagarriagorik, bere mintzaira ezti, pilota eder eta dantza pollitekin! Ez dut nahi horietarik deus gal dadien! Horra zertako Eskual-Herriaren bihotz-bihotzean, Uztaritzeko hiri ederrean, etxe baten egiterat noan, han Eskual-Herriko haur ttipieri, bizitzeko behar dituzten bertze guziekin, zuen mintzaira eta ohikuntza zaharren egundaino bezala berritz maitarazteko! Bai oro zatozte nere laguntzerat…

       Hango Eskualdunek ederki ihardetsi diote segurki beren jaun Apezpikuaren oihuari! Ausarki eman diote segurki! Bainan, ausarkia bera zer da egungo egunean? Esku-lana hain khario da! Hain khario harri, zur, eta oro! Ez, ez ditake beraz lanaren bururatzerat hel gure jaun Apezpikua hango diruarekin bakarrik. Argentina, Chile, California eta Metxikotik lagunt balezate Eskualdunek! Orotarat igorri edo igorriko ditu mandatariak. Ni igorri nau zuen ganat.

       Eta orai, herritarrak, Eskualdunen jaun Apezpikua, gure Herria hain maite duen jaun Apezpikua, han dago begia hunat itzulia. Segur naiz othoitzean ari dela hemengo mandatariak zuen bihotzak hunki detzan, hil ez dadin Eskual-Herria…, gure Eskual-Herria!

       Bainan ikharan nago, ni. Nihundik nahi nuke hemengo Eskualduneri buruan eta bihotzean sar-arazi zer amodioa duen jaun Apezpiku sainduak gure Aberriarentzat eta ez dakit hartu kargua behar den bezala betheko othe dutan?

       Bai, ikharan nago, neronek ere Eskual-Herria baitut maite guzien gainetik, neronek ere uste baitut egin duela eta arras egin Eskual-Herriarenak berehala iratzarturik xutitzen ez badire Eskualdun guziak, haren alde, bethi bizi dadin…

 

* * *

 

       Eta zuek, herritarrak, zer diozue orai? Egun batez nahi duzue Eskual-Herrirat itzuli azken urthe batzu beren han iragaiteko? Haatik, berritz ere behar dautzuet erran: atzeek ebasten ari daukute Eskual-Herria! Nahi duzue sarrixago atzeekin bizi? Nahiko duzue, gureen orde zer-nahi erdarazko kantu aditu? Nahiko duzue, pilota utzirik, zuen haurrek jo dezaten hiriko jostetetarat? Badakit ezetz…

       Beraz, esku emozue guziek Baionako jaun apezpikuari. Lagunt zazue ahal duzuen moldean eta ahal duzuen heinean. Eta hola sarri itzuliko zaizte Eskual-Herrirat. Bai, Eskual-Herrirat! Ez, atzerri edo otserrirat…

 

* * *

 

       Huntan akhabo dut. Edo bederen akhabatzerat noa. Kondatua da egun batez Iruñako hiri eder eta aberatsari buruz zoala Carlos Quinto. Artean errateko, ez ahal zabilkan deus onek! Dena dela horra nun buruz-buru egiten duen laborari batekin eta huni Iruñako berriak galdetzen diozka. Eta laborariak lañoki ihardesten dio: «Iruñan aurthen gari asko!»

       Carlos Quinto nigarrez hasi omen zen: !Ah, Iruñan gari asko…, Iruñan gari asko? Eta, futxo, batere ez enetako!»

       Hemendik zenbeit egunen buruan neri ere hemengo berriak galdetuko dauzkit Baionako jaun Apespikuak eta, ikusiak ikusirik, nik ihardetsiko diot «Metsikon badela oraino diru asko».

       Nigarrez ez dezadala erran: «Zer, batere ez da neretako?» Bai izanen da zerbeit harendako, hemengo Eskualdunak nihungoak baino Eskualdunago direlakotz. Ala ez othe, herritarrak?

       Den gutieneko dudarik gabe dautzuet beraz guzieri egundanik erraten: Milesker! Milesker eta gora Metxikon bethi hoin Eskualdun dauden Eskualdunak!… Gora Eskual-Herria!