Jean Elizalde «Zerbitzari»

 

IXTORIO ETA IPUINAK

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

ZerbitzariIxtorio

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00379.htm

 

 

MANDOZAINAREN IXTORIOA

 

       Ez da egungoa ixtorio hau: gure zaharretarik ikasia dugu, guk, eta berenetarik, hek. Egiaren itxura guziak baititu, doala hemen halere, bertzeak bezala.

       Behin, etxeko-aldi labur bat egin eta, mendiz-mendi berritz Salamankarat zoazin bi muthil gazte koxkor. Hamazazpira urthe zuten naski; burua bero eta moltsa arin.

       Horra nun, han nonbeit, urrun-urrunean, norbeit ikusten duten, mandoz zoala.

       —Esak, to, lagun, batek dio bertzeari: ez dek ori gure erriko mandozaña?

       —Bazukek: aski maiz mendian zabillak.

       —To, planta guzia ala dik, bere bi mandoekin…

       —Goazen bixi bixia, ikusteko bada.

       Eta zanpa zanpa badoazi, iratzez-iratze, othaskaz-othaska, beren gizona begietarik galdu gabe, laster baino lasterrago atxemateko xedearekin, mugazaina kontrabandixtaren ondotik bezala.

       Eta han, bethi nonbeit, gure mandozaina traka-traka bazoan, ez lo, ba lo, mando kankail baten gainean ixtapeka, bigarren mando bat lehenaren buztanari estekatua. Urhats hortan, mandozain eta mando, denak lokarturik ere ez da harritzeko. Noiz-nahi bidearen erdian, tente gelditua zen bigarren mandoa. Oihu handi bat egiten zion orduan mandozainak, begiak ideki gabe:

       —Hüe zak ba, mando demonioa!

 

* * *

 

       Bai, bai: hüe zak mando demonioa segurki, bainan nausia lo dagolarik nork atzarria axik muthila? Ehun urhatsen buruko, berritz tente-potente han zagon mandoa, eta berritz oihu egin behar zion, bere loaren erditik, mandozainak:

       —Hüe, mando, hüe zak demonio!

 

* * *

 

       Denbora bazoan arte hortan eta izerdi ur eginak, horra nun ehun bat urhatsetan, othaska zokho batetarik, bet betan agertzen diren bi muthil gazte koxkorrak.

       —Ikusten dek gure erriko mandozaña dela!

       —Ura eta bera, ala jokoa!

       —Esak. Bigarren mando ori ebatsi bagiñezo!

       —Nola egin ordean?

       —Ik artuko dek mandoa, nausia atzar-arazi gabe eta ahal bezen laster gordeko aiz nobeit, mendi orren gibelean…

       —Eta denbora ortan nausia zerbeiti oartzen bazaio emen?

       —Emengoa bego nere gañ.

       Eta hitzartu bezala egiten dute. Batek ebasten du mandoa, berehala ihesari lotzen da… eta bertzea ematen lehen mandoaren buztanetik, soka bere lephoan inguraturik, ebatsi mandoaren orde.

       Erran gabe doa, deuseri etzela den gutienekorik ohartu mandozaina eta arras lokartuko ere zela naski azkenekotz mandoak bezala egiteko, tente bidean gelditu ez balitz noizean behinka gure muthil tzar eta ozarra.

       Han-harat zoan ordukotz bertzea bere mandoarekin, mendi kaskoan gaindi, gibelaldea biribil…

       —To orai diak nik ere hemendik zerbeit gisaz eskapatzeko heina, dio orduan bere baitan mandoaren buztanetik gelditu denak. Eta tank hantxe badago, lurrean itzatu baliozkate bezala zangoak…

       —Arraio milla demonio, zer duk ik egun ola gelditzeko, deraso mandozainak! Hüe, urde alperra…

       Ba bainan mandoa ez baita mugitzen oraikoan!

       Itzultzen da mandozaina orduan! Eta zer du ikusten? Bere mandoaren orde, gizon bat. Harritzen da. Harritzen eta lotsatzen.

       —Jaungoikoa! Zer da modu au? Nun da nere mandoa?

       —Zure mandoa ez da geyago mando!

       —Zer derasazu, adixkidea? Zer gertatzen da bada?

       —Egia, una. Egun duela amar urte pekatu andi, izugarri bat egin nuen eta ordu berean, Jaungoikuak ala manaturik, amar urterentzat mando billakatu! Jaungoikuak begira zaitzala zu ere sekulan alako pekatuan erortzetik…

       —Gizajo maitea!

       —Doidoia billakatua nintzen berritz gizon, zu oihuka asi zarelarik.

       —Ken zazu laster soka ori lepotik!

       —Ori, lan errexa da.

       —Eta orai zoazi laster zure etxerat. Zer atsegiña izango duten zure aita-amek!

       —Esazu berritz!

       —Zoazi adixkidea; bai, zoazi laster eta otoi barka nik amar urte oitan eman daizkitzudan palokaldi guziak!

       —Denak gogo onez barkatzen daizkitzut.

       —Eskerrik asko. Tori bideko bortz liberako au…

       —Nik zuri eskerrik asko. Eta ikus arte oraiñ!

       —Bai, ikusarte. Jaungoikoak nai badu…

       Eta muthiko tzarra lasterka abiatzen da mendiari gora, gibelaldean su balu bezala, bere laguna mando gainean gorde zaion othaskari buruz, gaizo mandozaina harritua han berean utzi eta.

 

* * *

 

       Iruñako feriak ziren handik hamar egunen buruan. Zoko batean, mando zahar bat saltzeko. Beharrez harat joa baitu mandozainak, hurbiltzen zaio mandoari.

       —To, au nere mandoa duk-eta! dio bere buruarekin.

       Beha aintzinetik, beha gibeletik: ahoa mia, mia buztana: eta berritz bardin iduritzen, bere mandoa duela. Hurbiltzen zaio beharrirat.

       —Esazu, adixkidea! Lengo pekatu andi artan erori ahal zare berritz?

       Burfuria hori beharrian aditzearekin, mandoa kexatzen da eta eskuin eta ezker abiatzen du burua.

       —Ezetz diozu? Nonbeit bada zerbeit haatik?

       Eta bertze beharrirat badoa.

       —Esazu? Lengo peaktu andi artan erori ahal zare berritz, adixkidea?

       Ezetz berritz ere mandoak.

       Beha handik, beha hemendik berritz mandozainak eta nihundik hura duela iduritzen oraino. Hirurgarren aldikotz badoako beharri xilorat:

       —Esazu, adixkidea? Ez dut iñori salatuko: lehengo pekatu artan erori ahal zare?

       Ezetz.

       —Bertze alako zenbeitetan beraz?

       Eta ezetz, ezetz mandoak, gero eta gehiago eskuin eta ezker burua dabilkala, aski kexu.

       —Ezetz berritz ere? Ori, ezagutzen etzaituenak eros zaitzala! Nik etzaitut erosiko!

       Eta handik badoa gure mandozain gaizoa, furian.

 

* * *

 

       Han ibili zen orduan mandozaina harat eta hunat bere sekretua golkoan, nun zer ikusiko zuen. Ikusten ditu kuya eder batzu.

       —Zer dire oriek?

       Zozosko norbeitekin duela egiteko iduriturik, jabeak:

       —Oriek zer diren? Eta, mando arroltzeak!

       —Saltzeko ditutzu? Bat nai nuke.

       Baietz. Egiten dute tratua eta, bere kuya besazpian mandozaina badoa, bihotza atseginez gainditua.

 

* * *

 

       Zenbat iraun zion atsegin horrek erratea ez da errex. Oren bat, beharbada biga, beharbada hirur: gehiagokorik ez bethi. Ezen horra nun etxeari buruz zoalarik, mendia behera, besazpitik lerratzen zaion bere mando arroltzea. Hemen punpa, han punpa debruetan barna abiatu zen… kuya. Mandozaina gibeletik, oihuka:

       —Atoz, atoz, nere mandoa! Norat zoaz?

       Kuya porroskatzen da hainbertzenarekin, harroka bat jorik, eta hain xuxen erbi bat handik haizatzen, ikhara gorrian.

       Laster ohartu zitzaion mandozaina.

       —Ara, ara nere mandoa: arto bihi kolorea: nik bear bezalakoa! Putx, putx, nere mandaka! Atoz nausiaren ganat! dio orroaz gaizoak, atoz, atoz! Ondikotz, ez baitzen ordean nausiaren ganat ethorri mandakarik ez mandaka arroltzerik!!!!

       Jaungoikoak daki nun ahal dabilan mando artho bihi kolorea. Dena dela, handik zortzi egun gabe, hil herrietarat zeramaten laur herritarrek gure mandozaina.

       Requiescat in pace! Bakean dagola!

LUTXURI

 

 

JUAN SOLDADOREN IXTORIOA

 

       Hainitz Eskualdun othe da Juan Soldadoren ixtorioaz orhoitzen denik? Beldurtzeko da ezetz. Han-hemenka xahar zenbeitek polliki kondatzen dukete supazterrean, neguko arrats luze eta hotzetan: bainan oraiko haurreri ez zaizkote lehengo ixtorioak gustatzen, eta aitatxi edo amatxi bururatu gabe lokhartzen dire, harria bezala.

       Bizkitartean bi gazteek hondaturik dakit nik Juan Soldadoren ixtorioa eta «Gure Herria»-ren irakurtzailetan izan baititake nor edo nor, atseginekin irakurtuko duenik, huna nun den ikasi dutan bezala, deusere deusetan emendatu gabe, deusere deusetan gutitu gabe.

       Juan Soldado beraz mende zaharretako Eskualdun bat zen, Jesu-Krixtoren denborakoa. Nungoa? Saratarra? Batzuek hala diote. Hazpandarra? Bertze batzuek hala nahi lukete. Milafrangarra? Zertako ez, Hazpandarra edo Saratarra bezen ongi. Zer uste dutan nik erran behar banu, Juan Soldado Larrungo mazelan zenbeit lamiña zilhotan sortu zela erran nezake, orai kapera pollit bat baita Haranederreko mahastiari hurbil, han nunbeit.

       Dena dela, gizon ederra zen Juan Soldado, eta azkarra. Ahal zuen bezala bizi haatik, ihizitik, arraintzatik, oilasko ixterrak baino maizago artho eta gasna janez!

       Egun batez arraintzarat zoan, etzuela bada arratsean eguerditan bezala ahoan gurutze eginik egon behar. Horra nun urrunsko bi gizon ikusten dituen: biak bizardunak.

       —Nor othe ditut nik bi gizon horiek leku huntan eta tenore huntan? Deus onik ez naski. Neri zerbeit khendu nahiz heldu badire haatik, ez dire hanbat aberastuko…

       Hurbiltzearekin, Juan Soldado ohartzen da aski ongi emanak dituela bere bi gizonak eta batek guziz begitarte ona baino hobea duela.

       —Agur, jaunak, agur.

       —Bai zuri ere, adixkidea.

       —Eta nun zabiltzate hemen tenore huntan?

       —Gauak atxematen gaitu herrian sartu gabe eta guretzat ohe bat bazinuken nahi ginuke jakin?

       —Ez zaituztet segurki kanpoan lo egiterat utziko.

       —Milesker adixkidea.

       —Bainan nor zaituztet, zuek?

       —Jesu-Krixto eta Jondoni Petri.

       Nola harritu zen gure Juan Soldado gaizoa! Bainan ez da erran behar, laster berebaitaratu zen eta aski ongi ohoreak egin ziozkaten Jesu-Krixto eta Jondoni Petriri bizpahirur amorroin lastersko atxemanik, hek jan arazi: alimaleko su bat eginik, zangoak ongisko bero-arazi: eta gero iratzezko ohe garbi eta gozo batean etzan-arazi, biak.

       Berak gauerdi bazuen lokhartu orduko.

 

* * *

 

       Biharamun goizean, argia gabe atzarriak ziren Jondoni Petri eta Juan Soldado.

       —Zer egin behar diot gosaritzat?

       —Ez du balio deusik egitea, gizon maitea.

       —Zer egin behar diot gosaritzat? Ez dut nahi Jesu-Krixto behin ethorriko hunat eta gosea doan hemendik.

       —Barur egiten du egun guziez.

       Hainbertzenarekin iratzartzen da Jesu-Krixto ere.

       —Hau da zer loa egin dutan! Ez nuen aspaldi holako oherik atxeman! Zer dautzut zor?

       —Jauna, ez zazula othoi holakorik aipha. Denen nausia zu zare eta denen erregea.

       —Ez da hortan, Juan Soldado: egiatza on guziek behar dute beren saria. Ez zaitut segurki saririk gabe utziko. Zer nahi duzu?

       —Zuk nahi duzuna, jauna.

       —Ederki ihardetsi duzu, hori. Beraz, egundik goiti, zerbeiten beharretan zaren aldi guziez askiko duzu zaku handi bat idekitzea, behar duzun hura zakurat ethorriko zaitzu!

       Eta mendia behera jautsi zen gehiagokorik erran gabe Jesu-Krixto Jondoni Petrirekin…

 

* * *

 

       Handik hamarbat egunen buruan Iruñako ferietarat zoan Juan Soldado, delako zaku handia bizkarrean. Hiri batean, karrikaren erdi-erdian zoalarik, horra nun betbetan sekulako goseak hartzen duen.

       —Hau da lana! Gose hamikatua naiz eta sos bat, ardit bat zarpan ez, zerbeiten erosteko! Hainbertzenarekin xerri hiltzaile baten etxe aintzinean dela ohartzen da: sei edo zazpi odolki eder dilindan ikusten ditu. Oi, zer errabia ematen dioten.

       Zer egin? Guziek eginen zutena eta zak, zakua idekitzen du. Lehen aldia zuen idekitzen zuela zerbeit sar-arazteko, Jesu-Krixto ikusiz geroztik.

       Juan Soldadoren loria, odolki eder andana hura bere zakuan sartzen ikusi zuelarik! Nausia oihuka hasi zitzaion ondotik, bainan hankak arin zituen Juan Soldadok eta laster aintzindu zitzaion mendia goiti xerri hiltzaile dohakabeari…

 

* * *

 

       Harritzeko da ordutik nolakoa bilhakatu zen gure Juan Soldado! Lehen guti ari baitzen lanean, orai etzuen gehiago pikorik egiten. Arraintzan nardatzen zen, ihizin unhatzen eta jateko nahiago zuen etxez-etxe ibili bere zaku handiarekin. Zer ogi puskak, zer zingar zaflak, zer pinta arnoak biltzen zituen, herritarren oihuen eta dixiduen gatik!

       Bainan guzietan bada hein bat. Denetaz ongi baliatu zelarik, zer gertatu zen? Denek athea hetsi zioten Juan Soldadori. Akabo ogi, odolki, zingar, arno: deus fritsik ez zuen gehiago biltzen ahal bere zakuarekin!

       Hain xuxen muthil bat nahiz zabilan inguru herrietako arotz bat. Juan Soldadori erraiten dio hobe duela arotzgoari lotzea, biek ederki elkar adituko dutela. Ez zuen baitezpada fama hoberenetarik arotz harek; bainan gosearekin azeria ere atheratzen da bere zilhotik, eta Juan Soldado muthil sartu zen arotzarekin. Ondoko egunetan behartu zitzaion ez baitzuen bere zakua lamiña zilhoan ahantzi!

       Badakizue nor zen arotz hura? Debrua, adarrak gapelu handi batean gordeak zabilana! Harek Juan Soldadori jasan-arazten ziozkanak! Hainbertzetaraino nun, etsiturik, baleki bale bere zakua ideki baitzuen eta debrua hartan sartu: sartu zueneko, martilu pisu batekin phorroskatu. Orduan hango debru tiki guzien marruak, zeren aita galdu zuten! Hek ere, bat bertzearen ondotik, zakuan sartu zituen Juan Soldadok eta aita bezala phorroskatu, xirtxikatu…

 

* * *

 

       Ordutik heriotzeko oreneraino zer egin zuen gure herritar gaizoak, nihork ez daki. Bertze herri zenbeitetarat jo othe zuen ala lehen bezala arraintzan eta ihizin abiatu othe zen zakua bere gisa utzirik, Jainkoak daki. Gure zaharrek ere ez zakiten eta ez dute behinere erran. Utz dezagun beraz huntan Juan Soldado? Ez eiki. Ezen huna nun, hil-eta, Jainkoaren aintzinean ikusten dugun oraino. Eta Jainkoak gain gainetik larderiatzen du. Entzun dezagun:

       Hoakit hemendik laster: hoa ifernurat egin ditukan ohointza guzientzat, Juan tzarra! Eta, burua aphal, Jesu-Krixtok zaku hura eman ez balio ez zela holakorik gertatuko bere baitan eginik, abiatu zen Juan Soldado ifernurat. Bainan horra nun, hurbiltzearekin, debru tiki bat oihuka hasten den, karrasiaka:

       —Huna Juan Soldado, huna denak porroskatu gaituena. Cuidado, amigos! Cuidado!

       Eta ikharetan, athea muthurrerat zerratzen diote ehun edo berrehun debruk.

       —Zer, ifernurat ere ez nautela sartzerat utziko? Hainbat gaixto…

       Eta zerurat itzultzen da. Jondoni Petrik, ez diola athea idekiko. Juan Soldadok, baietz, idek dezala, ifernukotz ez dutenaz geroz on atxeman.

       Ezetz. Baietz. Zer egiten du Juan Soldadoak?

       Zakua han baitzuen, idekitzen du, Jondoni Petri nahi-eta ez barnean ematen eta tuku-tuku, hirurgarren zeruan sartzen. Geroztik han omen dago, matelak gorri.

LURTXURI

 

 

ERRAN ZAHAR BAT

 

       Behin Jesu-Krixto eta Jondoni Petri bidean zoazin: erretzeko beroa ari zuen. Nihun ithurri bat ez ageri, trago baten edateko. Ezin gehiago iraunez, bazter-etxe batean sartzen dire. Hau jitotegia! Puska guziak nahas-mahas: eltze handi bat gelaren erdian, eguerditan ohea egitekoa, mihiseak lurrean aspaldi xuritzekoak: sukaldean sua hila oiloak mahain gainean pikoko artho jaten ari.

       Harrituak beha daudelarik, neskatxa begi ilhun bat, oraino orraztatzekoa, heiatik heldu zaiote. Aise ageri du hamar egunetarik ere ez dela garbitzen. Soineko phorroskatu batzuetan da, jito bat iduri.

       —Baduzu, ur xorta bat othoi?

       —Etzinuten hunat gabe atxematen ahal, alfer parea?

       —Jainkoaren graziaz, emaguzu xorta bat, ahoaren bustitzeko doia bederen.

       —Aski duzue, nahi baduzue, pegar hortarik hartzea, eta gero zoazkitet lastersko begien bixtatik…

       Edaten dute tututik Jesu-Krixtok eta Jondoni Petrik eta atheko aldea laster hartzen dute, Jesu-Krixto hitz hauk neska tzar eta zikhinari erranik:

       —Jainkoak eman dezanala saritzat senhar on!

       Handik oren paren baten buruko egarriak ithoak zoazin oraino Jesu-Krixto eta bere laguna. Bertze etxe batean sartzen dire. Hau etxe panpina! Bazter guziak zilharra bezen garbia: puska bakhotxa bere tokian: neskatxa bat sukaldean galtzerdi egiten ari. Eta hain polliki emana, hain garbiki!

       Ur xorta bat galdetzen diote hari ere Jainkoaren graziaz. Eta harek xutiturik, edaterat ematen diote etxeko pitar hoberenetik.

       —Edan zazue astiki, jaunak: hemen egonik ez dautazu den gutieneko makhurrik eginen.

       —Milesker segurki, bainan berehala bagoazi, dio ihardesten Jesusek. Saritzat Jainkoak eman dezazula senhar tzar…

       Harritzen da Petri hitz horiek aditzearekin.

       —Zer edaten duzu bada, nausia. Goizeko neska tzar hari «Jainkoak eman dezanala senhar on» erran diozu eta huni «senhar tzar»?

       Jesusek orduan:

       —Petri, Petri, hik ez dakit zer den mundua. Goizeko neska tzar harek ez ahal dik den senhar hoberenarekin ere izanen bizitzeko aski lan? Hunek aldiz senhar tzarra ere onduko dik…

       Eta berritz lothu ziren bideari, Eskual-Herriari buruz diotenaz…

LURTXURI

 

 

GANIX ARTZAINA

 

       Arrats batez Jesusek aingeru bat igorri zion Jondoni Petriri berehala ager zadin haren ganat, zeruko athea ongi hetsirik, nahi liokela zerbeit erran. Athea urhezko gakhoarekin hetsi zuen Jondoni Petrik eta lasterka gan zitzaion Jesusi.

       —Agur, nausia: zerbeit erran nahi omen dautazu?

       —Errak, Petri: azken hirur ilabete hautan ez duk Eskualdun bat ere zeruan sartu! Zer gertatzen duk?

       —Batere ezdakit, nausia. Bainan hirur ilabete hautan Eskualdunik ez baita hil, beldurtzen hasia naiz Eskual-Herrian ez othe duten heriotzetik begiratzeko zerbeit erremedio asmatu!

       —Eskualdunek?

       —Bai, nausia, Eskualdunek. Holakoetako ez dire batere bertzeak baino tontoago!

       —Ikusi behar diagu haatik horixe!

       —Noiz, nausia?

       —Bihar goizean argia gabe abiatuko gaitut biak, han barna itzuli baten egiteko, esne bero xorta bat edanik.

       —Bideko ez dugu deus hartu beharko?

       —Hartuko duk hire makhila, Irisarrin iragaitean behartzen bagaituk ere!

 

* * *

 

       Biharamunean beraz Eskual-Herriari buruz abiatu ziren Jesus eta Jondoni Petri. Oren pare baten buruko, Urtsuiaren puntan ziren. Bertze mendi guzien artean zertako hautatu zuten Urtsuia, harat jausteko, ez nakike.

       Dena dela, Urtsuian bazen orduan etxe xuri pollit bat, bere leiho eta athe gorriekin. Suak suntsitu du geroztik. Ganix Artzaina zelako bat zagon etxe hartan: gizon zuzena eta langilea, bainan jokolaria bi zangoetako erhi puntetaraino, igandetan mezarat gan eta sekulan etxerat ezin bildua bere museko partida tzarrekin!

       —Errak, Petri, ikusten duk hantxeko etxe pollit hura?

       —Ganix Artzainaren etxea da.

       —Agur baten errraterat gan baginakio?

       —Nahi duzun bezala, nausia.

       —Goazen bada.

       Eta badoazi, taka-taka, othaskaz, othaska. Zer izerdiak botatu zituzten bidean egun hartako beroarekin!

       Hain xuxen, Ganix baratzean ari zen pipa-belhar hazi eraiten. Bi gizonak ikusten ditu.

       —Nun zabiltzate holako beroarekin, jaunak? Goazen nere sukalderaino: trago bat elkarrekin edanen dugu.

       —Hola izerditu-eta, egia erran ez du trago batek kalterik egiten ahal!

       Zer arratsalde goxoa iragan zuten hantxet hiruek, elhe eta elhe, Perkain eta Azantza eta bertze Eskual-Herriko pilotari aiphatuez, lehengo dantza ederrez, kanta zaharrez… eta nik ez dakit oraino zertaz. Gaua ohart-gabean ethorri zitzaioten. Xiribita piztu zuen Ganixek eta zer afarittoa egin zioten orduan! Xingar puska bana lehenik, gero zikiro tripa, gero ahia, eta azkenik ardi gasna, hiru pinta arnorekin. Zer gerta ere, gauaz bideari ez lotzeko, han berean egin zuten lo Jesusek eta Jondoni Petrik, lastozko ohe gozo batean.

 

* * *

 

       Lehen argi zirrista zerutik jautsi orduko, jeikiak ziren hiruak biharamunean. Eta Jesusek erran zion Ganixi:

       —Ganix, badakizu nor naizen ni?

       —Jauna, zu Angles zenbeit zarela egina dut atzo. Anglesak dire bakharrik hola mendiz-mendi ibiltzen, nun zer ikusiko duten.

       —Ez naiz ez Anglesa, ez Portugesa, ez Italianoa.

       —Zer, Alamana bederen?

       —Ez nuke nahi ere.

       —Jauna, etzare bada Eskualduna ere?

       —Zertarik iduritzen zaitzu?

       —Ori, atzoko egun guzian ez baituzu juramentu bakhar bat ere erran eta nik bat erraten nuen aldi guziez kopeta zimurtzen baitzinuen!

       —Ez, ez naiz Eskualduna ere, are gutiago Amerikanoa.

       —Zer zare beraz, zerutik jautsia?

       —Horra egia, Ganix. Ni, Jesus naiz: hau, Jondoni Petri. Atzo hemen iragan oren goxoen saria, urrundu gabe eman nahi dautzut. Hauta zatzu beraz hirur gauza: hiruak emanen dauzkitzut, Jainkoaren semea naizen bezen segurki.

 

* * *

 

       Ganix lanean zen orduan. Denak nahi eta hirur bakharrik hautatu behar! Hurbildu zitzaion Jondoni Petri eta beharri xilorat zerbeit erran zion:

       —Zerua? zion Ganixek ardietsi, geroxago ere badut segurki han sartzeko denbora! Egia erran bere mathela gorrietarik aise ageri zuen etzuela oraino hiltzeko gutiziarik. Azkenean, gogoetak ongi egin-eta, hirur gauza hauk galdetu ziozkan Jesusi: lehena, musean hasiko zelarik bethi irabaztea: bigarrena, sukaldeko alki eder batean jar-araziko zituen guziak, harek berritz handik khendu arte bikean bezala iphurditik lotzea: hirurgarrena, baratzean baitzuen gerezi ondo bat ohoinek sasoinean larrutua zaukatena, hartarat izatuko ziren guziak han ezin jautsiz gelditzea, berak lagundu arte.

       —Hola nahi duzunaz geroztik, hola egina izan dakizula, Ganix!

       Eta orduan Jesus eta Jondoni Petri abiatu ziren mendiari behera, makhilak ongi finkatuz, iduriz bederen Hazparneko jaun misionesten etxeari buruz. Eguerdi etzen oraino.

 

* * *

 

       Aspaldi du Ezpeletan merkatuak egiten direla. Ordukotz baziren. Bat etzuen huts egiten Ganix artzainak. Han zen ondoko merkatuan ere.

       Hain xuxen trinketean ari beharra zen Organixta, orduko pilotari ederrena, bi Saratarren kontra. Zer diruak jokatu ziren! Denek ezin irabaz holakoetan, Ganixek ere untzako urhe bat galdu zuen. Eta gero bihotzminaren eztitzeko ostatuan sartu. Han, musean hasi… eta biharamun goiza arte agertu zitzaizkon partida guziak larrutu. Zer sosak ereman zituen etxerat eta bidean zer eskerrak bihurtzen ziozkan Jesusi!

       Handik goiti, arras jokoari eman zen gure Ganix eta jokoak nihor ez badu aberasten, hura aberastu zuen. Bainan ez da erran behar! Aberasturik ere, etzen handitu. Lehengo adixkide berak atxiki zituen: etzen mahainari eman: etzion nunbeitko langileari baratzean bere pipa-belharra erain-arazten: etzen zaldiz abiatu: Ezpeletarat eta Hazparnerat bethi «pedibus cum janbis» zoan. Eta bertzalde maite zuen beharrean zena laguntzea eta ematen zuena ixilka ematen zuen… Hola zoazkion egunak geroztik Ganix Artzainari, eztiki-eztiki, ahal zuena musean larrutuz, bainan bethi behardunari, nor nahi izan zadin, ongia eginez.

 

* * *

 

       Horra nun goiz batez, hamarrak alderat, gizon bat etxerat heldu zaion, sega handi bat bizkarrean.

       —Agur, Ganix.

       —Agur, Jauna. Nun zabiltza hola sega hori bizkarrean? Othe pikatzen?

       —Badut segurki bertze egitekorik.

       —Eta zer bada?

       —Ori, zure bilha heldu nahiz egun.

       —Nere bilha zer xedetan?

       —Herioa naiz, ni. Aski denbora baduela lur huntan zarela zaio Jainkoari. Zato beraz.

       —Ongi da. Bainan azken hameketako bat bederen ez othe dut egiten ahalko bada?

       —Ez dut jostatzeko denborarik egun: hemengo itzulia eginik, sarri Hazparne hortarat ere ager-aldi bat egin nahi nuke.

       —Egunak luze dire sasoin huntan: zato sukalderaino trago baten egiterat.

       —Gizon maitea, berritz ere erraiten dautzut ez dutala astirik. Mugi zaite.

       —Lehen aldia litake norbeit hunat ethorri-eta nere arnoa jastatu gabe itzuli zautala. Ez ahal dautazu, zuk lan hori eginen?

       —Zuri atsegin egiteko xirrista bat hartuko dut beraz xahakotik. Nun duzu?

       —Sukaldean.

       —Goazen, zu aintzinean, ni gibeletik.

       —Zure sega hori baratzean uzten ahal duzu, gibelaratekoan hartzeko.

       —Hau bethi nerekin dabilkat: bainan etzaitela lotsa, etzaitut gibeletik joko.

       Sartu ziren biak sukaldean eta Ganix xahakoaren bilha abiatu.

       —Norat zoazi orai?

       —Xahakoa gelan baitut, haren bilha. Zu, egonen zaren denbora jar zaite horko alki eder hortan.

       —Halaxe eginen dut. Bainan egizu laster.

       Eta jarri zen herioa delako alkian. Ganixek ekharri zion xahakoa. Biek edan zuten trago bana.

       —Eta orai goazen, nahi baduzu, dio Ganixek.

       Xutitzerat abiatu zen berehala Herioa, irri tzar bat ezpainetan, bere begi zuriak itzulikatuz. Etzen mugitu: bikeari bezala alkiari lotua zen.

       —Zer da josteta hau?

       —Ez du balio bururik hauts dezazun: behingotz alkiari lotua zarela hitz dautzut, nik.

       —Nola bada?

       Irriz-irri, Ganixek kondatu zion orduan Jesus nola egun batez ethorri zitzaion Jondoni Petrirekin, zer afarittoa egin-arazi zioten eta saritzat Jesusek alki harri zer bertutea eman zion.

       —Hau nahigabea: gisa huntan, zu eremanik nola eginen dut nik Hazparneko itzulia?

       —Etzaitela kexa: Hazpandarrek ez zaituzte segurki berantesiko! Zaude hor, odol gaixtorik egin gabe… edo zerbeit hitzeman diezadazut…

       —Zer?

       —Ori, ehun urtheren buruan baizik ez zarela nere bilha ethorriko!

       —Hori ez dezaket nihundik hitzeman.

       —Zaude beraz hor!

       —Bertzalde ephe luzeskoa galdetzen duzu.

       —Har edo utz!

       —Jainkoak zer erran lezake holakorik egiten banu?

       —Jainkoak maite nau ni.

       —Eta nere kargua galtzen banu!

       —Ez liteke nahigabe bat handia!

       —Galde zazu bederen gutixago!

       Ezetz. Baietz othoi. Azkenean berrogoi-ta hamar urthez egin zuten tratu. Ganixek Herioa lagundu zuen alkitik atheratzen eta ostiko bat ederra iphurdian emanik han-harat haikatu, Hazparnerat edo Jainkoak daki norat…

 

* * *

 

       Osasun ederrean eta deusen beharrik gabe diruan igeri dabilanari laster doazkio egunak, ilabeteak eta urtheak. Laster gan zitzaizkon Ganixi ere bere berrogoi-ta hamarrak, hameka Eskualdun, aitoren-seme eta bertze, musean errekan emanik. Eta goiz batez etzen batere harritu Herioa berritz ikusi zuelarik Ursuiaren puntan, bethi bere segarekin! Pipa-belhar biltzen ari zen baratzean. Lasterka gan zen sukalderat. Hura orduko, han zen Herioa.

       —Etzaizu gantzak hainitz trabatzen bide hori guzia hoin laster egiteko! Nekatua zare: jar zaite alki hortan.

       —Ez, Ganix, ez. Aldi huntan ez da trufarik: mugi zaite.

       —Zer zare egun ere Hazparnerat gan beharra?

       —Ez, atzo izatua naiz Hazparnen: zapatain bat ereman nuen nerekin.

       —Ez dut beraz eskapatzerik?

       —Ez.

       —Huntaz harritzen naiz: berrogoi-ta hamar urthe hitzeman eta nola ethorri zaren oren bat goizegi!

       —Ori, azken aldiko arno hartarik xirrista bat emanen zinautalakoan! Ahotik ezin utsia zen.

       —Etzaitut segurki urriki horrekin utziko. Eta gehiago dena, baratzean nahi baditutzu zenbeit gerezi jan, hantxe ditutzu!

       —Milesker, arras maite ditut gereziak…

       Trago bat edan zuen beraz Herioak eta lasterka gan zen baratzerat, gerezi-ondorat izatu eta jan eta jan hasi. Zer asea egin zuen!

       Oren baten buruan jausterat abiatu zen. Ezin nihundik ere. Ganix hurbildu zitzaion… eta Jesusen hirurgarren agintza irriz kondatu. Herioaren arrabia orduan!

       —Zer behar othe dautazu galdetu oraikoan?

       —Oraikoan? Ehun eta berrogoi-ta hamar urthe!

       —Baduzu burutik, gizona?

       —Jainkoari esker, burua ongi dut oraino.

       —Ez du iduri. Nahi ditutzu hogoi urthe?

       —Ez.

       —Berrogoi?

       —Ez.

       —Ez dautzut nik bertzerik emanen aldi huntan!

       —Nahi duzun bezala, bainan ez ahantz etzarela hortik jautsiko nik lagundu gabe.

       Azkenean ehun urthe eskaini ziozkan Herioak.

       —Othoi, ez zatzula gutiz utz.

       Onhartu ziozkan Ganixek. Jausten lagundu zuen eta toki berean berritz ostiko bat emanik Canboko alderat fueratu.

       —Zoazi harat: Jainkoari norbeit ereman behar badiozu egun Canbon izanen duzu segurki nori loth!

 

* * *

 

       Mendeak ere badu buru bat: iragan ziren ehun urtheak ere… eta laster iragan. Xahartua, ezindua, ohean zagon astelehen batez Ganix gaizoa. Hirurgarren aldikotz Herioa agertu zitzaion.

       —Egun ere zerbeit jikutria asmatuko othe duzu?

       —Ez, ez. Biziaz asexea naiz aldi huntan. Nihork ez du gehiago nerekin musean ari nahi. Ez da gehiago Organixta bezalako pilotari handirik. Gobernamenduak khendu dauku pipa-belharra gure baratzean egiteko dretxoa ere. Ez da gehiago nihor eskuarazko kanta zaharretan ari. Haurrak arras erdarari emanik dire Canbon eta horietan. Neskatxak dantza itsusi batzueri lothuak dire.Ez dakit zer ikusiko nuken oraino ondoko egunetan. Ereman nazazu lehenbailehen!

       Herioak jo zuen beraz buruan bere sega handiarekin, bizkarrean hartu eta ereman.

 

* * *

 

       Aise asmatzeko da nungo bidea hartu zuen orduan Herioak: zerukoa. Bainan, han, Jondoni Petri dago athearen zain eta nor ekarki zuen Herioak ihardetsi zioneko, athea gakhotu zuen.

       —Ganix Artzaina zeruan sartzerat utz? Sekulan! Aski zuen, berehalako aldi hartan, Jesusi zerua galdetzea! Doala nahi duen lekurat…

       Herioak ter ter ter, ereman zuen orduan Purgatoriorat. Han ere etzutela nahi, atherik ez ideki.

       —Goazen beraz ifernurat…

       Hain xuxen, athean zagon Luzifer, debruen nausia.

       —Nor duzu hor?

       —Eskualdun bat.

       —Eskualdun bat? Datorla, datorla segurki. Munduko bertze eskualdeek ez balaukute Eskual-Herriak baino sugei gehiago ematen, ez gintazke hainitz bero hemen… Zer du izena?

       —Ganix Artzaina.

       —Zer bethi musean ari zen Urtsuiako gizon zahar hura?

       —Hura eta bera.

       —Ongi ethorri zarela, Ganix! Zer sua eginen daukuzun helduden neguan!

       —Ez, uste duzun bezenbat, jaun Luzifer: nik ez dut ifernuarekin ikustekorik!

       —Zertako bada, Ganix?

       —Ez baitut egundaino gaizkirik egin, nik!

       —Ez othe?

       Goiz-arrats guziez nere othoitzak karsuki egiten nituen; igande guziez meza-bezperak Hazparnen entzuten; bi orenen bidea eginik neguan ere: aski maiz mahain saindurat hurbiltzen.

       —Bai eta jokoan ebasten!

       —Ebasten jokoan? Nork erran dautzu hori? Musean larrutu dutan norbeitek?

       —Errazu zerua ez dela zure bihotza baino garbiago.

       —Nahuzu ikusi? Emazu karta pare bat.

       —Zer jokatuko duzu?

       —Nere arima…

       Eta debru tiki bati kartak ekhar-arazirik lotzen dire musean, buruz-buru, Ganix eta Luzifer. Zer partida! Eta futxo… Ganixek irabazi…

       Bai, orduan laster haikatu zuela handik debruak Ganix Artzaina! Bainan norat jo? Badoa berritz zerurat eta kask, kask, kask, jotzen du athea.

       —Nor da hor?

       —Ni.

       —Zu berritz? Zeruan ez da tokirik zu bezalakoentzat: zoazi hortik.

       Hainbertzenarekin san Joseph agertzen da nunbeitik.

       —Zer ari zare hor, gizon maitea?

       —Jauna, Jondoni Petrik nihundik ez nau sartzerat utzi nahi!

       —Zer ari zinen lurrean?

       —Ahal nuena ori, jauna.

       —Zurgintzan etzinen ari?

       —Beharko zenbeit aldiz, jauna, nere etxearen antolatzeko.

       —Ongi da: zerua irabazia duzu… Petri, utzak gizon hau sartzerat.

       —Ez dut utziko.

       —Ez dukala utziko? Uzten ez baduk, ni banioak…

       —Zer nahuzu! Bihotzmin handia izanen dut, bainan hori sartzerat utziko dutan baino lehenago…

       —Eta hemendik urruntzean, nerekin ereman ditiat Jainko nere Semea eta Andredena Maria. Hek ere gatea nahi baduk… Ez segurki, etzuen holakorik nahi gaizo Jondoni Petrik eta horra zertako berehala athea zabal-zabala ideki zuen Ganix Ursuiako artzainari. Ordu zuen.

LURTXURI

 

 

MIXERIA

 

       Mixeria nor den norbeit Eskual-Herrian balinbada eros dezala «Gure Herria» eta irakur dezala kondaira hau. Kondaira hunek ez badio deus handirik ikasten, ez dio bederen denbora handirik gal-araziko: laburra da.

       Badakite Eskualdunek zer zaikun guri zorigaitza? Hainbertze kondaira pollit gure xaharrek oraino baitakite, hek galtzerat uztea, norbeitek bildu eskasean, emeki-emeki!

       Gure aldetik noizetik noizerat, supazter xokhoan aditurik, bat edo bertze hemen ezarri gogo dugu. Ez badire bethi guzien gustukoak, barka dezagutela zer xedek gabilzkan oharturik. Eskuarak ez luke hil behar…

 

* * *

 

       Beraz, Mixeria Akhelarren zagoen gizon xahar bizar xuri bat zen. Nungoa othe? Jainkoak daki. Izenetik hartzeko kaskoina zitaken sortzez bederen, kaskoinian gosez hil beldurrarekin noizpeit Eskual-Herrirat ethorria lamiña denboretan.

       Zer-nahi izan dadien, Akhelarren zagon bethi gure Mixeria, geroztik aspaldi lurrerat eroria den etxola txar batean. Eskuara ere bazakien, liburutarik edo nolazpeit ikasia.

       Bai-eta egiazki etxola txarra zela etxola hura! hura! Berak bere eskuz ahal zuen bezala moldatua, lastoz, landa zokho batean: zeru-lurreri zabal-zabala idekia. Hantxe bizi zen esketik bildu ogi kasko batzuekin gaizo Mixeria, hotzarekin bizkar hezurreraino hoztua, euriarekin larru-barneraino buztia. Dohakabea! Eta nolako soinekoekin! Alde guzietarik zilhatuak: athorra galtza iphurditik ageri: lehengo xapel turruta luze irri-egingarri hetarik bat buruan. Zer haurren trufaren bazka!

 

* * *

 

       Horra nun udazken ilhuntze batez, sekulako hotzarekin, han barna iragaitean, Mixeriaren etxolan sartu zen Jesus Jauna.

       —Agur, Mixeria.

       —Agur, jauna. Aise ikusten dut hoztu zarela kanpo hortan. Neretzat behinere ez dut egiten, bainan zato, phiztuko dut su eder bat.

       —Milesker, nik ez dut hotzaren beldurrik.

       —Bai bederen gosearena? Har zazu beraz mahain gainetik ogi kozkor hori eta biek jan dezagun.

       Eta erditik eginik Jesusek eta Mixeriak jan zuten ogi kozkor hura…

 

* * *

 

       Hain xuxen, orduantxe berean, plazan partida bat errebotean eginik etxerat zoazin hamarbat haur. Etxolaren parrean gelditurik oihuka hasi ziren.

       —Kuku hadi, marro zaharra.

       Eta kisk kask harri batzu etxolako lastorat erori ziren. Lasterka hurbildurik, prediku eder bat egin zioten Jesusek haur tzarreri eta etxerat igorri zituen, urrikia bihotzean. Zer eskerrak bihurtu ziozkan Mixeriak berritz etxolan sartu zitzaionean.

       —Badakizu nor naizen bederen ni? zion Jesusek orduan galdetu.

       —Batere, jauna: bainan nor-nahi izan zaitezen, zure mintzo eztiko gizonik ez dut behinere kausitu, nik, hemen gaindi.

       —Ni, Jesus naiz.

       —Sinhesten dut segurki, jauna: horra zertako hunat ethorri zarenetik gozo handi batek hezurretaraino hartu dautan gorphutz guzia! Barkha, jauna, ez banaiz berehala belhaunikatu: belhaunek ez ninduten atxikiko.

       —Badakit, Mixeria: ez duzu beraz hortaz zeren kexa. Orai, erranak erran, zer nahi duzu zuretzat egin dezadan?

       —Ori, jauna, ez dautzut batere mintulinkeriarik eginen nik: sobera ona zarela, ez dutala deusen beharrik eta holako. Ez, jauna, baduzu ahala: huna beraz zer nahi nuken. Othoi arrats guziz emadazu mahain gain hortan, eske ibiltzeko beharrik gabe, biek erditik jan dugun bezalako ogi kozkor bat. Egizu bertzalde landa muthurreko atheka hartarik herri huntako haur tzarrak ez diten gehiago iragan nere trufatzeko.

       —Hola egina izan bedi hemengik goiti.

       —Jauna zaharra naiz: erromesa naiz. Bainan ez naiz oraino bizi huntaz asea. Utz nezazu hemen zenbeit urthe bederen, bainan noizetik noizerat zato egun bezala nere ikusterat. Zutaz kanpo, nahiagoko dut nihor ez ikusi…

       —Mixeria, onhartzen dut galde hori ere. Eta orai banoa. Mixeria, egon ongi eta bertze aldi bat arte.

       —Nahi duzun arte, jauna, eta milesker hainitz.

 

* * *

 

       Hola-hola zen ordutik gertatu. Behinere ogiak etzion huts egin Mixeriari. Bazuen eta bera aserik inguruko xori guzien asetzekoa! Haurrik etzitzaion gehiago trufatzeko etxolarat hurbildu. Hurbildu nahiz ba arizan athekan, bainan han bethi zerbeitek gibelatu!

       Denborak gan, denborak ethorri, horra nun behin Herioa etxolari buruz abiatu zen gaizo Mixeriaren hartzeko eta eremateko, asmatzeko da norat. Bainan Jainkoaren indarrak ez baitu neurririk: haren kontra nihork ez deus egiten ahal! Herioak ere etzuen atheka iragan. Errabia gorrian, mila gisetarat jokatu zen segurki, zapatak khendurik eta espartinak emanik. Debaldetan. Han utzi behar izan zuen Mixeria bere etxolan…

 

* * *

 

       Nere irakurtzaile maiteak, zeronek ez othe duzue zenbeit aldiz frogatu Mixeria oraino bizi dela. Nik bai bethi. Bizi… eta biziko menderen mendetan.

LURTXURI

 

 

ONDICOLA ETA LUTXOKI

 

Don Anbrosio’ri

 

       Arruntzako herri guzian etzen Ondikola baino gizon prestuagorik. Mandoa baino azkarrago zen eta bizkitartean etzuen sekulan, xorta bat edan eta ere, uli bati minik eginen. Prestua bezen Jainkotiarra bertzalde. Beraz herrian guziek maite zuten, maite bihotzaren erditik; bainan etzuen Lutxoki baino adixkide minagorik. Elizan bethi biak elkarren aldean jaun erretoraren prediku ederreri beharriak luzatuak: ostatuan bethi biak musean elkarren lagun nor nahirekin. Ez da beraz harritzeko, Ondicolaren heriotza ortzirale batez ikasi zuenean, goxoki nigar egin bazuen Lutxoki gaizoak!

       Eta geroztik etzuen onik. Bethi buruko min tzar batekin: deus ezin gehiago gogo onez jan. Hiratuz zoan egunetik egunerat: mirakuilu baita! Hamar urthe iraun zuen haatik oraino. Orduan zer begi eztiarekin ikusi zuen hurbiltzen heriotza, bere adixkide Ondikolaz orhoitu eta! Hil zen eztiki eta Arrunztar guziek erran zuten: «To, elkar atxeman dute berriz bi adixkideek!»

       Elkar atxeman bi adixkideek? Bai,… bainan ez hain errexki. Uste baino xokho gehiago da gain hartan eiki! Beha beraz hunat zer itzulikak ibili zituen Lutxokik Ondicolaren ondotik. Harrigarri da kasik.

 

* * *

 

       Begiak sekulakotz hetsi zitueneko eta bera den gutienekorik ohartu gabe, zeruko athean zen Lutxoki. Kaxk, kaxk, kaxk jotzen du athea. Burua artetik doidoia agertzen du Jondoni Petrik eta, behatu gabe ere, galdetzen:

       —Nor da hor?

       —Ni.

       —Nor, ni? Ni hainitz bada lurrean.

       —Ni, Lutxoki.

       —Nungo Lutxoki? Bada ere hainitz Lutxoki bazterretan.

       —Arruntzakoa, jauna.

       —Arruntzakoa? Zoazi beraz hemendik, Arruztarrekin aski buru-hauste badut izanik orai arte!

       —Barkatu, jauna, nik ez nakien holakorik. Bainan ez ahal nauzu bederen nere adixkide Ondicolari agur baten erraterat utziko? Hor dukezu nunbeit hamarbat urthe huntan.

       —Nere paperetan ez dut izen hortako Arrunztarrik. Zoazi beraz hemendik, bertze denborarik neri gal-arazi gabe.

       Eta, tanpakoan, athea hesten dio Jondoni Petrik, tente han dagoela gure Lutxoki, harritua.

       —Hau duk ongi ethorria egin dautana zeruko athezainak! dio bere baitan Lutxoki gaizoak. Ez nauk, dudarik gabe, ni aski garbi zeruan sartzeko. Ez eta Ondicola ere. Eta hala duk. Hainbertze kapilla gorri ibili diagu igande arratsetan! Zenbeit tanto ere musean ebatsi, behar handirik gabe! Gehiago dena, behin edo bertze jaun erretoraren atheraldi batzueri irri egin elizan! Holakoentzat egina duk Purgatorioa: goazen harat…

 

* * *

 

       Ez baitzen haatik Purgatorioan ere Ondicolaren izenik, hango paper guziak azpikoz gora bietan itzulikatu eta ere! Gaizo Lutxokiren harritzea! Eta lotsatzea! Orduan, bere baitan egin zuen:

       —To, Ondicola ifernuan bada, izanen duk bertze Arrunztarik ere! Egia baita naski gure erretorak latinez hainbertzetan errepikatzen zaukuna: Multi sunt vocati, pauci vero electi. Eiki bada nere herritarrentzat egia dena, zenbat gehiago ahal ditakeen lehen hauzo Arrangoiztar eta Milafrangarrentzat! Dena dela, ez nauk huntan baratuko. nere Ondicola nunbeit atxeman behar diat. Goazen beraz ifernurat.

       Huna ifernua. Athean joko dut ez dut mende bat egonik, azkenean jotzerat deliberatzen da Lutxoki: kaxk kaxk kaxk. Zabal-zabala idekitzen da berehala athea. Jesus, Maria eta Josepe, zer kalda! Erre nahi du ondo hartan. Eta Lutxokik aditzen ditu ikaragarrizko marraskak, gizon batzu bizirik larrutzen ari balituzte bezala. Sentitzen du ere ezin jasanezko suge usain bat, bafadaka sudurrerat heldu zaiona. Hainbertzenarekin, debru beltz bat agertzen zaio bi begi handi gorrirekin, ahotik sua dariola.

       —Zer nahi duzu?

       —Arruntzako Ondicola hemen duzuen jakin.

       —Bada segurki Arrunztar barne huntan, bainan Ondicola deitzen denik, ez…

       Gehiagokorik galdetu gabe, Lutxoki itzultzen da laster zeruari buruz, ifernuko usainaren ondotik hangoa berritz usnatzeko. Eta bideak bideari bazoan, burua hautsia nun othe zuen bada Ondicola. Bide erditsutan bezala, zerbeitek gogorat ematen dio, menturaz denbora hartako erretorak gaizki bathaiatu zuela eta, sekulan bada, linboetan kausituko duela. Eta taka taka abiatzen da linboeri buruz. Eremu zabalak dire gain hartan. Orenak eta orenak bidean eman zituen beraz Lutxokik, bainan halere, noizbeit heldu zen linboetarat.

       Ondikotz, linboetan ez baitzen ordean Ondicolarik! Ongi bathaiatua baitzuen beraz orduko erretorak! Horiek hola, orai zer egin!

 

* * *

 

       Bai, zer egin?… Hortan zagolarik Lutxoki, buruari hatzka, hedoiezko pareta baten gibeletik entzuten du halako burrunba bat. Harritzen da eta linboetako haur bati galdetzen dio berehala:

       —Haurra, zer da burrunba hori? Hor ere bada naski egoitza zenbeit?

       —Izan behar da zeren mila urtheko bat badu ni hemen naizela eta egundainotik burrunba bera aditu izan dut.

       —Huntaraz geroz, ikusi behar dut hor kausituko othe dutan bederen bilha nabilan adixkidea! Agur, haurra, eta milesker hainitz.

       —Ez da zeren, jaun maitea.

       Bainan Lutxoki jada bazoan han-harat, delako burrunbari buruz.

       Etzitzaion halere hain urrundik heldu burrunba. Bi oren eta erdiren buruko Lutxoki han zen sekulako jendeketaren erdian. Hango mintzairak ordean! Aditu zituen batzu hemen anglesez, hor bertze hainbertze, españolez; haratxago asko eta asko frantsesez. Eta nik dakita urrunago nor nola!

       —Nun dire Eskualdunak?

       —Ori aditzen ditutzu xokho hartako kantari hek? Eskualdunak dire. Ez dire goizetik arratserat ixiltzen.

       Lutxokiren loria hainbertzenarekin leku hartan eskualdun kanta zahar batzu aditzean! Lasterka abiatzen da delako zokhoari buruz, bidean lehenik español bat eta gero frantses bat pusakoan lurrerat aundikirik. Eta Eskualdunetan lehen-lehenik nor ikusten du? Ondicola…

       —Errak, to, zer ari haiz hemen?

       —Eta hi, nun habila?

       —Hire ondotik, zeruan sartzeko.

       —Baduk asti beraz, gaizoa. Hoa, hoa bakarrik, eta lehenbailehen: ni ondoko urtheetan ethorriko nitzaik.

       —Bainan zer duk leku hau?

       —Hik ez dakik eta ez jakiten ahal.

       —Bainan?

       Hau duk denbora gabe hil direnen lekua.

       —Nola hil zukek denbora gabe?

       —Ni bezala, to. Sortu nintzelarik Jainkoak nere paperetan eman zikan 75 urthe biziko nintzela. Ondikotz nik egun batez erremedio bat hartu behar izan mirikuak manaturik eta berehala hil, 50 urthetan. Orai beraz hemen egon behar 75 urthe egin arte.

       —Gizagaizoa! Eta hemengo mundu hau guzia?

       —Mundu hau guzia denbora gabe mirikuek hila.

       —Jainko ona, lurrekoek balakite!

 

* * *

 

       Ondicola eta Lutxokiz guk ez dakigu gehiagokorik. Huntan akabatuko dugu beraz aldi huntako ixtorioa. Bainan ez da erran behar, zer ziren haatik lehengo mirikuak! Jainkoari esker, bertzerik dire oraikoak… Arruntzen eta bertzetan…

LURTXURI

 

 

HARRIXABALEN BEZALA, BETHI

 

       Eskualdunetan ez gira gehiago zonbeit bakhar-bakhar baizik, Harrixabaleko herriaz mintzatzen aditu dugunik, aspaldi baitu su ikaragarri batek Jainkoaren gaztiguz suntsitu zuela. Ez dakitenentzat, zerbeit bederen jakin dezaten, dezagun hau erran: Harrixabal herrixka xuri pollit-pollit bat zela, aski gixena, han nunbeit, Uztaritzeko inguruetan. Senpereko alderat ala Milafrangako ixtunen ondoetan, ez dakigu. Bainan ez du hainitz munta horrek, errateko ditugunen errateko.

 

* * *

 

       Denbora hartan bazuten beraz Harrixabalen jaun erretor bat, orai guti ikusten baita halakorik Eskual-Herrian eta bertzetan ere. Ona, kartsua eta beroa zen. Beroskoa zonbeit aldiz, haize hegoa bezala. Bainan erretorak aldarean othoitz gehiago, predika-alkian oihua saminago,… eta jendea errebesago zoan herri hartan, egunetik egunerat. Halako moldez nun, igande batez, tak eta zart, Harrixabaltarreri beren erretorak saminki erran baitzakoten:

       «Zuek giristinoak, badakizue zer iduri duzuen? Martin Uztaritzeko komentuko baratzezainaren jazko tipulak. Landatu zituelarik aski polliki burutzen hasiak ziren. Geroztik bietan bederen eman zakoten ongarria. Eta zer ongarria! Hiruetan sarratu zituen. Eta nola sarratu, nihon belhar ondo bat utzi gabe! Idortean, arrats guziz artha handienarekin busti, mafrundi gaixto baten gatik! Bainan hemen egia erran behar dut, oro eta oro debaldetan: pirrit bere lan guzia etzakon baliatu: tipulak etziren egin eta Martin gaizoak atheratu zituen sartzean bezalatsu, kukusoaren heineko… Giristinoak, horra hemengo ixtorio bera. Hunat jaun apezpikuak duela hogoibat urthe igorri ninduelarik, kartsu kartsuenetarik ez izanagatik, bazen Eskual-Herrian berean zuek baino makurragorik. Eta nik geroztik nere hameka egin-ahalak egin ditut lur horren ontzeko. Egiazki, nihil mihi conscius sum, ez dut deusen urrikirik: bertze batek etzuen predika-alki huntarik oihu gehiago eginen, zokho-moko guziak ikertuz eta itzulipurdikatuz, boza eta biloak galdu arte. Eta… eta? Arri arri mandoko: zuek saindutasuneko bidean aintzinatzeko orde, gibelat egin! Bainan nik egun hauxe erran behar dautzuet: nekatua eta asea niz, leporaino asea: ez bazizte bada, gehiago luzatu gabe, zuen baitan sartzen eta Jainkoaren ganat itzultzen, nik lekuak hustuko ditut: zuek hemen utzirik, ni joanen niz ahal dutan tokirat. Halabiz». Irri egin zakoten Harrixabaltarrek igande hartan ere beren erretoraren erran guzieri eta apuñatik lothu «Credo»ren kantatzen!

 

* * *

 

       Egunak joan, egunak jin, garizumako denbora ere hurbildu zen eta bere buruarekin elheketa zagon arrats batez, supazter xokhoan, gathu bizkar legun bat aldean luze luzea, gure jaun erretora: Zer nahuzue bada gehiagokorik nik egin dezotan herri huntako jendeari? Jaz erditsuek etzituzten beren pazkoak egin. Aurthen laurden bat heldu bazaut, munduko gorena! Eta helduden urthean? Ez, ez: hola ez doake gehiago: nitaz aseak dire Harrixabaltarrak: hobeko dakot beraz lehenbailehen jaun apezpikuari hitz bat igorri, deusetako ez nizela hemendik goiti on, ordain bat laster igor dezadala Harrixabalerat. Bai, hala egin behar dut: hemengo jende guzia ifernu ondorat joaitea baino, guzien buruan ez othe da hobe ni Ainhoako kaperan ermitau bizitzea? Ermitaugoa aiphatzearekin, horra nun betbetan, gure erretorari gogorat heldu zakon hain xuxen adixkide bat baduela Otsolarreko errekan jada ermitau, omen handiko saindu, omen handiko predikari eta, Hazparneko misionestek baino hobeki ere, harek herria konbertituko dakola. Eta berehala Kadet eiherazainarekin hitz bat igortzen dako ermitau adixkideari ondoko egunetan joanen zakola ikusterat eta, hemendik harat, haren doia xingar nunbeit atxeman dezala.

       Ondoko igandean, ebanjelio saindua kantatu-eta huna gure erretora mahain sainduan. Irri xuri bat ezpainetan, hasten da: «Bakotxat bere egitekoak ditu: zuek baditutzue zuenak eta nik badituk eneak. Beraz aste huntan bi egunez herritik kanpoan izanen niz. Predikare padre, debalde madre baitut nik hemen, huntan egungo akabo». Jendearen harritzea igande hartan! Bainan etzuen gutiago harritu behar ondokoan, predika-alkirat iragaiten ikusi zutelarik, bere bizar zuri luzearekin, xano ttipi bat buruan, Otsolarreko ermitau saindua!

       Zer erran zakoten Harrixabaltarreri egun hartan ermitauak? Batere ez dakigu. Dakiguna da astelehen goizetik hasirik jendea goiz guziez tropaka heldu zela elizarat kofesatzeko xedearekin! Hainbertzetaraino nun ifernuko debru beltza hango su lametan kexatzen hasi baitzen Harrixabaleko su-gei onak galdu behar zituela, ermitauaren gatik. Zer egiten du orduan? Takataka abiatzen da Harrixabalerat, buztana xut, denbora bada oraino zerbeit egiteko Harrixabaleko gei onaren eskasez ifernuko sua hil ez dadin, edo ttipi. Nihor ohartu gabe badoa aphez etxearen aintzinean barna eta sartzen da elizan, ur benedikaturik hartu gabe bixtan den bezala. Bainan athetik bi urratsetan hantxe gelditzen da harritua eta tontotua. Ezik nor ikusten du kadira hartan belhauniko, burua bi eskuen artean? Xantxo. Xantxo, mozkor handi, ohoin tzar, gezurti ikaragarri bat, behinere elizan zangorik ematen ez duena! Ez, ez: holakorik ez du nahi debruak: hein bat bada guzietan: eskuko xoririk ez dako segurki ermitauari utziko. Ez lezake gaizki irri egin Harrixabaleko erretor buru zuriak!

       Bainan orduan ditu lanak debru beltz harek! Nola bilduko du orai Xantxo? Han dago hau bilha, hura bilha, eta deusik ezin kausi. Eta denbora hortan, Xantxo kofesatzen da, ermitau sainduak manatu hirur hamarrekoak erraten ditu eta… abiatzen da, xoria bezen arin, kanporat.

       «Jesu, Maria eta Josepe, urrikal nakizue, dio begiak atherat altxatu ditueneko, Xantxok: debrua hantxe, buztanetik aise ezagut ditake! Ez nu bada berritz bere sareetarat segurki bilduko!»

       Bainan nundik athera? Elizan ez da athe bat baizik? Jauzian badoa beraz gure gizona, iragaitean kuskako bat ukondoaz debruari emanik. Eta gibelat itzuli ere gabe lasterka etxeko alderat hartzen du, athea burrunban hetsirik…

       Ai, ei, ai! Zer da orro ikaragarri hau! Zer den? Huna. Xantxo atheratu deneko, debru beltza ere atheratu da. Bainan gauza batez ez da orhoitu: buztana luzeskoa duela eta eskuetan hartzen ez badu, atheak eta paretak artean hartuko dakotela. Eta hala-hala da gertatzen. Debrua han dago orai preso. Ezin aintzina, ezin gibela, ezin ere itzul buztaneko mina emendatu nahi ez badu…

       —Xantxo…

       —Zer duk?

       —Othoi othoi haugi ene hemendik kentzerat…

       —Ez eiki.

       —Haugi, sari bat ederra emanen daiat…

       Sari bat? Debruaren eskutik ere sari bat on da! Guziz zonbeit sos lituzke on Xantxok, pilik ez baitu sakelan eta okhinari bi egunen buruan ilabetea ordaindu behar! Bainan…

       —Ez diat hire ganik deusik nahi.

       —Xantxo haurtzen ari hiz naski hola mintzatzeko? Haugi, emanen daizkiat hamar mila libera…

       Hamar mila libera! Hamar mila libera! Xantxo ikaran dago gaizki entzun duela naski.

       —Zonbat erran duk?

       —Hamar mila libera…

       —Emaitzik beraz lehenik eta athea idekiko daiat.

       —Han dituk untzi batean, jaun erretoraren baratze muthur batean.

       —Etxean ontsa nindukek jaun erretorarekin helduden igandean, kofesatu orduko bere baratzean ohointzan ikusten banindu!

       —Hamar mila liberak ez dituk harenak! Nun ikusi duk hik egundaino erretorik holako sosarekin?

       —Hala duk hori ere, oraiko mendean…

       Denbora hortan bi urratsetarat hurbildua zen Xantxo. Rau, buztanetik lotzen da debruari eta athea idekitzen du. Debruak nahi luke segurki ihes egin, bainan aztapar onak ditu Xantxok eta ez du utziko, zorra ordaindu arte, orai.

       —Habil hor, eiki, eni diruaren ematerat, erran bezala!

       Badoazi, badoazi zango punten gainean, aphez-etxeari hurbiltzearekin. Unzia bere hamar mila liberekin erran lekukan kausitzen dute eta orduan, gehiagoko agurrik gabe, biek bi alde hartzen dute, debruak ifernuko alde eta Xantxok etxeko alde, lehen adixkide bezen orai etsai…

 

* * *

 

       Hala beharrean, ixtorio hunek baluke debru beltzak bezenbat buztan oraino. Ez dakogu batere emanen. Dezagun bakarrik erran aspaldi hil zela Harrixabaleko erretora geroztik ere hameka buruko min bildurik; Xantxo laster berritz bilakatu zela lehengo Xantxo, arras edanari eta ohointzari ere eman zela, eta guziz debruak amarru handiak dituela, ezen, Harrixabalen ez bada, eskualde bereko herrixka batean, oraiko erretorak dionaz, debruak biltzen du nahi duen bezen bat su-gei, bethi.

LURTXURI

 

 

HARRIXABALEKO HIL-HARRIETAN

 

       Egun guti du Harrixabaleko herria hemen berean aiphatu dugula. Ez ginuen bada orduan uste berritz hoin laster aiphatuko ginuela. Beharra bezalakorik ez da. Eta guzien buruan ez othe da hobe hola, ezen nihork ez ditu oraino ahantzi hango erretor ona eta Otsolarreko ermitau saindua? Bertzalde orok gogoan dute oraino nola Harrixabaleko erretorak egin etzezakena ermitauak egin zuen: hango jendea konbertitu…

       Huna bada zer zen gertatu delako herrian, handik laster. Erramu goiz batez hoihuka eta zalapartaka, othoi eta othoi, pazkoak laster egin zetzaten ari zelarik erretor gaizoa, izertua, hatsa joana, betbetan zain bat urratu zitzakon barnean… eta aditzaileak ohartu ere gabe, hila zen: gorphutz mahain sainduaren ondoan! Bi egunen buruan Harrixabaltarrek egin zazkoten ehorzteak! Han ziren kontseiluko gizon guziak, ikastegietako nexka-mutilak, Mariaren haur gazte eta zaharrak: han inguruetako aphez eta fraide guziak: han, Uztaritzeko komentuko serora andana bat: han ere, Otsolarreko ermitaua bere xano ttipia kaskoaren puntan. Eta nik dakita nor oraino? Hola nun, horiek guziak ikusi balitu, erretor zenak segurki, eta lehen aldikotz, erran nahiko baitzakoten: «Allo, behin bederen gauzak ontsa egin ditutzue: ez niz urrikaltzen hilik…»

       Hirur egunen buruko Harrixabaleko erretor berria izendatua zuen jaun apezpikuak. Badakizue nor igorri zakoten? Otsolarreko ermitaua. Bainan jada saindatua zen herri hura, debrua ez baitago behinere lo, eta ermitauak ere etzituen hiruetarik bat baizik pazkoen egiteko bildu. Egin zuen oihu, egin zuen kantu: oro debaldetan: herria etzuen bildu. Haren bihotzmina! Lotsatzeko ere bazen! Bainan ermitau bat deusek ez du lotsatzen: are gutiago, Otsolarrekoa! Othoitzean hasi zen beraz, zinez eta barnez othoitzean, Andredena Mariaren bitartez, Jesusi: «Jesus ona, zeru-lurren nausia, emadazut othoi mirakuilu baten, bat bakarraren herri huntan egiteko indarra: gisa hortan, hitz dautzut, herriko jende guzia berritz zure ganat itzul-haraz nezake! Eta ez hemengoa bekarrik, bainan hemengoaren etsenpluarekin Milafranga hortakoa ere ba! Bai-eta Uztaritzekoa ere! Gero, Canbokoa! Senperen ez dira hain harrotuak, bainan han ere nor edo nor badikate bere baitan sartzea on lukenik!…»

       Eta horra nun Jesusek berehala ihardesten dakon:

       «Uztaritzeko, Canboko, Senpereko eta Milafrangako erretorek ez ditek hik bezalako buru hausterik: han ez ditek mirakuilu beharrik. Bainan uste duk hik bat askiko dukala?»

       —Bai, nausia, bat askiko dut, aski handia egitearekin, hogoi-ta hirur urthe Otsolarren Uztaritzeko jaun notariaren arthotik janez bizi izan nizen bezen segur!

       —Ontsa duk; ematen daiat beraz eta gogo onez ematen nahi dukan mirakuiluaren egiteko indarra…

 

* * *

 

       Ondoko igandean huna zer zuten Harrixabaltarrek predika-lekutik aditu ermitauari: «Berri bat beharrietarat jin zaut: ene errenatarik bat ez duzuela hemendik goiti sinhetsiko edo mirakuilu bat zuen begietan beharko dutala egin! Ni bezalako ermitau ttipi bati hainisko galdetzea da hori. Bainan bertzela ez ditakenaz geroz, ontsa da: mirakuilu bat eginen dautzuet. Sarri aski duzue bezperetarik lekora hil-harrietan kausitzea orok! Erranak erran, sarri arte!»

       Ez ginuke segurki finkatu nahi Harrixabaltar batek ere bere erretora egun hartan sinhetsi zuela, bainan finka ditakeena da, egia delakotz, oro eta oro bezperak ondoan han zirela xuxen hil-herrietan. Ermitaua berehala iragan zen harrizko alki baten gainerat eta, irri xuri-xuri bat ezpainen puntan, hasi: «Harrixabaltarrak, nik ez ditut bi hitz: goizean hitzeman dautzuet mirakuilu bat emen egitea, bai, hitzean nago. Zer da mirakuilutean handiena? Hil bati biziaren ematea. Horra bada orai berean eta guzien bixtan zer eginen dutan. Jaun xantrea ene aldean dut: eskuetan badu untzi bat: untzi hortan ezarriak ditut azken bi urthe hautan hil direnen izenak. Zoin izen atherako baita untzitik eta hura dut nik phitzaraziko, hilaren ahaide hurbilenak hala nahi badu!» Eta xantreari orduan erraten dako: «Sina-minarik gabe, Pettan, athera zazu izen bat zure untzitik.»

       Hango ixiltasuna orduan aise amesteko da: uli bat adituko zen naski airean ibilki handik ehun urratsetan!

       Xantreak atheratzen du beraz izen bat eta irakurtzen Sakelajori Anton, Larreburuko nausia!

       —Nun dira Anton zenaren ahaide hurbilenak? Erhia altxa!…

       Noizbeit, Gaxuxa Ergel, Antonen ilobak altxatzen du erhi bat… erhi pitina!

       —Nahuzu phitzaraz dezadan zure osaba?

       —Jauna, nik zer nahuzu bada erran dezazudan? Osaba hilez geroz ezkondu nintzen eta sainda da hola! Galde zazu othoi ene senharrari… Bainan senharrak estuko xoria maiteago baitzuen airekoa baino, ukhan ondoriotasuna gerokaren mentura baino…

       —Bego hori hortan, dio berehala ermitauak. Denborarik ez dezagun gal eta xantrea, athera laster bertze izen bat…

       —Katalin Lumatx, Xoxoeneko etxeko-anderea…

       Urthe bat etzuen oraino hila zela Katalinek eta jadat berritz ezkondua zen Xidro, hare senharra.

       —Xidro, nahi duzu phitzaraz dezadan Katalin?

       —Jauna Katalinek bazituen segurki alderdi onak, bainan itzal handiak ere ba. Eta nahiz oraiko emaztea ere ez den aingeru bat, guziak konda, nahiago du, hau bakarrik atxiki. Ez lukete biek sekulan, elgar adituko eta buru hortarik norentzat litake kaltea? Enetzat…

       —Aski, aski hortan, Xidro: Katalinik ez dautzut phiztuko. Bainan goazen berehala hirurgarren bati.

       —Extebe Gibelandi!

       Berehala eta bere baitarik hainbertzenarekin hurbiltzen da, taka taka, muthil gothor bat.

       —Aita nuen Extebe Gibelandi. Jauna, phitzaraz zazu segurki, bainan barneko min tzar bat baitzuen, hura gabe. Bi urthe handi atxiki ginuen eri, ez ginuke berritz holakorik nahi deusetan ere.

       —Ez duzue deusetan ere holakorik izanen eta Pettanek athera dezala oraino izen bat.

       —Batihcta Gutierne…

       Eta izen hau aditu orduko marrumaka hasten da xoko batetik atxo ximur motho gorri bat: hi hi hi eta hi hi hi.

       —Gaizo Batixta… Batixta maitea… Zer atseginarekin ikusiko zaitudan segurki!

       Ermitauaren loria orduan! Loriarekin kasik besarkatu zuen-eta atxo ximurra!

       —Jainkoari eskerrak! Atxo maitea, egia da beraz sarri nahi duzula zure Batixtarekin buruz-buru afaldu eta emaiten dautazula haren orai berean phitzarazteko zure baimena?

       Eta atxoak zer erranen zuen goaitatu ere gabe, ermitaua jada lasterka bazoan Batixtaren hobiari buruz, nunbeitik haintzur bat agerturik hura bizkarrean. Bainan lehen haintzur kolpea ematerat utzi gabe, atxoak horra nun dakon besoa gelditu.

       —Burutik egin othe zautzu jauna. Ez nauzu utzi akabatzerat! Nik segurki nahi nuke Batixta phitzaraz dezazun, bainan berak ez luke nahi. Huna hitzez-hitz zer erran zaukun hiltzerakoan: «Zerurat noa, zerurat noa eta zer nahi eskainirik ere, zeru eder hartarik ez nuke atheratu nahiko!»

       Hainbertzenarekin Xantrea hurbiltzen zako ermitauari eta beharri xilorat, erraten delako Batixtak bere emaztea panpatzen zuela noiz-nahi: ifernu bat zela hezen etxea:

       —Zeruan bada, zeruan utziko dugu Batixta…

       Bainan horra ermitaua egundaino bezala lanean. Nor othe da ahaidek gogotik phizten ikusiko dutena? Eta heldu zako: sekulan bada eta, erretor zena.

       —Nahuzue phitharaz dezadan zuen erretor zena? Erhia xut nahi dutenek…

       Bi erhi xutitzen dira: Xantrearena eta gobernantarena.

       —Zer, hoin bihotz gabeak zirezte herri huntan! Horra aphez gaixo bat zuentzat gorphutza eta arima higatu dituena eta ez dira bi erhi baizik xutitzen? Badira hemen Heren-Ordeko giristinoak, badira Mariaren haurrak, badira hameka aldiz erretor zenaren mahainean ase eta bethe diren gizonak: hek ere ez dute erhirik altxatuko? Zer da beraz herri hau?

       Hargatik ez baitzen erhirik altxatu ermitauaren oihu-karrasia minekin ere! Han zagon gero-ta harrituago, ez jakin gehiago zer erran. Emazteki moko mehe bat hurbiltzen zako: Mariaren haurretako buruzagia, berrogoi-ta bederatzi urthetan.

       —Jauna, nahi duzu egia nik erranik jakin? Hobe da erretor zena den tokian uztea. Ez dakizu zuk azkenekotz arras mokotua ginuela? Utzazu bada bere hobian: hein batetik goiti hango hobea da den hoberena ere…

 

* * *

 

       Hauxe da lana! Gogoetatzen hasia da ermitaua nihork ez duela naski bere mirakuiluaren egiterat utziko! Behin ahal hori izan-eta, zer lastima! Bainan gogorat heldu zako bezperan ehortzia baduela hirur urtheko aingeru bat eta bihotza hautsi nahi zuela bere nigarrekin amak.

       —Hura phitzazaz baneza!

       Ondikotz eta ondikotz, hartako ere etzuen astirik izatu, ezen hainbertzenarekin galerna bat jauzi zen ikaragarrizkoa. Hasi ziren lehenik ortziak karraskan, gero harria purrustan. Eta harrixabaltar guziak, lasterka joan ziren zoin beren etxetarat…

       Eta ermitaua? Ermitauak egin zuen bertzek bezala. Eta gauza den bezala errateko, ez dakigu eia ondoko igandetan egiten izan ahal zuen bere mirakuilua. Harrixabaltarrak pazkoetarat biltzeko ala Harrixabaltarrak gelditu ziren lehen asto, gero mando…

LURTXURI

 

 

BIXINTXOREN PREDIKUA

 

       Orai ere, nihor guti ditake naski Landesetan gaindi eskuara dakienik, bainan denbora bat izatu da han Eskualdun itzalik, beharrez ere, kausituko etzena.

       Eskualdunak beren mendietan zauden orduan, artzain egunaz, kontrabandixt gauaz, behinere herritik urrundu gabe. Zorionezko denbora! Deusek etzituen gure arbasoak Baionarat deitzen,… are gutiago Baionatik harat. Etzen burdin biderik. Etzen beribilik. Etzen pirripitarik. Deus, itzuli batez urruneko aldiaren egiteko. Mirakuilu zen beraz Eskualdun bat Baionatik harat kokatzea, ezkontzaz edo bertzela.

       Bizkitartean, denbora hartako apezpikua Eskualduna zuten Landesetan. Nungoa? Orduko paperek ez dute erraten. Bai ordean, jakitate handiko gizona zela: saindua ere ba: bainan guziz mintzatzaile xoragarria elizan. Ithurritik ura bezala omen zoakon ahotik elhea.

       Bihotz ona ere zukeen, paperek ekartzen baitute apezpikuak bere kalonjeen trufak berak onhartzen zituela. Hargatik laudorioak etzituen maite eta behin kalonje batek haren predikuari xoratua egona zela erranik, laster ihardetsi zion: «Zer derasazu? Ageri da zure denboran ez duzula mintzatzaile eder handirik entzun! Zer litake Eskualdun aphez batzu aditzen bazintu?»

       —Zure umiltasunak dautzu hori erran-arazten, ezen aphez bat ez da Lapurdi, Baxenabar eta Xubero guzian axoinerat heltzen zautzunik…

       —Ikusiko duzu halako aldi batez.

 

* * *

 

       Aldi hura ez baitzen ordean laster heldu eta, egunetik egunerat, Landesetako kalonjeak gero-ta gehiago trufatzen zitzaizkon Eskualdun apezpikuari… bereziki Eskual-Herriko aphezen jakitateaz eta mintzatzeko modeaz!

       Hainbertzenarekin, horra nun Akitzeko urak manatzen diozkaten Arruntzako jaun erretorari. Delako apezpikuarekin eginak zituen bere eskola guziak, lehenik Hazparnen, gero Larresoron eta Baionan azkenik. Egundainotik toka mintzatuak ziren. Akitzerat orduko, agur bat egin nahi izan zion Eskualdun apezpiku eta haurreko lagunari. Apezpikutegirat sartzean:

       —Agur.

       —To, Jainkoak egortzen nau: ongi ethorri haizela segurki!

       —Zer duk bada!

       —Helduden igandean Bixintxoren phesta baitugu Akitzen, haren predikua hik emanen dautak…

       —Apezpiku izanik ere, baduka burutik? Nik Bixintxoren prediku bat eman? Eta erdaraz oraino?

       —Ba, hik eta erdaraz oraino. Prediku bat egin behar duk nere kalonje guziak harrituko dituena, neronek behinere egin ez dutan bezalakoa!

       —Ago othoi ixilik. Ala ahantzia duk nere eskola guziak herrestan eginak ditudala, bethi ororen gibeletik, bethi azken, behinere erdara debru hortan hainitz trebatu gabe! Eta, jakizak bertzalde haurrean ikasi nuen erdara puxka hura aspaldi Uztaritzeko oihanetan galdua dutala!

       —Galdua eta maldua, hik eginen duk igandeko predikua. Ala sinhestea ttipitzen ari zauk? Hoa, hoa zabal-zabala, Jainkoak lagunduko hauelakoan: ez duk Harek egin ez dezakenik. Huntan akhabo. Etzakala ahantz Landesetako apezpikua eguerditan xuxen ematen dela mahainean. Beraz…

 

* * *

 

       Zer bazkari egin zuten egun hartan, ez dakigu. Ez-eta zertaz mintzatu ziren mahainean bi adixkideak. Haurreko zenbeit pilota partida aiphatu zituztelako beldurra dugu bakharrik.

       Bi orenetan laneko gelarat abiatzearekin, keinu bat apezpikuak egin zion Arruntzako erretorari, jarraik zakion, eta jarraiki zitzaion erretora. Mahain batean biak jarri-eta, liburu handi batzuen artetik paper luze bat apezpikuak atheraturik:

       —To, horra nun dukan Bixintxoren predikua. Goiz huntan neronek hiretzat egina diat. Aski duk gogoz paterra bezala ikastea. Sarri ikusiko diat zer heinetan haizen.

       Eta erretor gaizoari ahoa idekitzeko astirik utzi gabe, apezpikua kanporat badoa,… athea gakhoturik, orduan.

       Aspaldi zuen Arruntzako erretorak, aspaldi segurki, etzela zerbeiten ikasteko hola bermatu. Hamarretan kopetako izerdia xukatu ez bazuen arratsalde hartan, behinere etzuen egin.

       Bainan ere ilhuntzean berritz gela hartarat sartu zelarik apezpikua, gure erretoraren atsegina, marmarmar den gutieneko dudarik gabe hari prediku luzearen ematean! Doidoia bietan edo hiruetan izatu zuen-eta errateko zerbeit apezpikuak!

       —Ikusten duk etzuela kexatzea hainitz balio! Igandean behar ditek, eiki, nere kalonje kaskoinek ederki harritu!

       —Hemendik harat arratsalde huntan ikasia ahanzten ez badiat, Larresoron frangotan gertatu izan zautan bezala!

       —Haurra hintzen orduan eta burua airean. Bertzalde bihar eta etzi askiko duk paperari artetan behatzea. Horiek hola, orai guazen afaltzerat, gero lo on baten egiteko.

 

* * *

 

       Ondoko igandean, Akitzeko eliza-nausia gaineraino bethea zen, predikari handi baten fama karrikaz karrika laster hedaturik. Aldarearen aintzinean, hamabi kalonje beren xingola gorri ederrekin: predika-alkiari parrez-par, belusa horiz estalirikako tronu gora batean, jaun apezpikua, Akitzeko auzapez jauna ber-bera eskuinean jarria zuela, eta ezkerrean xutik bere gelaria.

       Egun hartako meza! kantu guziak xaramelan eta apugnatik, alde batetik hiriko haur guziek eta bertzetik neskatxa kantariek gizon andana batekin baltsan! Loria zen. Bainan huna, azkenean, Eskualdun erretora predika-aldian.

       Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren izenean. Halabiz. Gurutzearen seinalea egiten du predikariak: zeinatzen dire apezpikua, kalonjeak, kantariak eta oro. Oro. Eta lotzen da predikuari gure herritarra, eztiki lehenik, halako ikhara batez bezala boza dardaratuz. Berotzen da gero. Eta orai badoa, badoa gero-ta gorago, Bixintxoren urhats guzieri jarraikiz zehe batez baztertu gabe.

       Xoratua dago hari eliza guzia. Apezpikuak berak, loriaren loriaz, noizetik noizerat bere kalonje trufanten alde hartarat burua itzultzen du. Zer predikua!

       Baina, zer da? Horra nun, betbetan, krak, predikaria ixildu den. Itzultzen da ezker, itzultzen da eskuin, bainan hitzik ez gehiago. Zer da? Gure erretor gaizoa demendrenik ez da gehiago orhoitzen paper luze hartako hitzez. Oro suntsitu dire haren burutik. Jautsi beharko baitu naski predika-alkitik, predikua hortan utzirik? Azken indar bat egiten du oraino, bainan burua hutsa du. Hutsa. Itzultzen da, ahalgeak ithoa, apezpikuaren alderat, zer egin behar duen galdetzeko bezala. Eta apezpikua, hor aintzinean, zuri-zuria hura ere, ikusi dueneko, odolak gaindi egiten dio bihotzean: errabia ikaragarri batek hartzen du burutik zangotaraino, eta, elizan zela ere orhoitu gabe, haurrean bezala eskuaraz, oihu egiten dio: «To, horra nun dukan hire prediku debrua! Hire espantuekin edertzen gaituk segurki Lapurdi, Baxenabar eta Xuberoko aphezak, haizen bezalako lukaink…» Hitz hori bururatu gabe, berritz krak gelditzen da predikaria. Jainkoaren mirakuilua! Bere predikua berritz gogorat heldu zaio. Zer egin orai? Nola antola eskuarazko atheraldia?

       Zuek eta nik ez ginuen naski eginen, irakurtzaileak: jaun erretorak ederki egin zuen. Rrau, itzuli zen kalonjeen alderat eta hekieri buruz erran: «Jaun kalonje jakintsunak, zuek badakizue doidoia erran ditudan hitzak, hitz hebreo batzu direla, Jeremias profetak maiz errepikatzen zituenak…» Eta hasian hasi, lotzen da azken sailari karraskan, elizako lau zokhoak inharrosten dituela. Berritz badoa. Orai paper luze guzia baderama gelditu gabe, azken hitzeraino, halabiz dohatsu hartaraino. Eta kopeta izerdi uretan, predika-alkitik aldarerat jausten da orduan, behako bat iragaitean apezpikuari emanik.

 

* * *

 

       Sei ilabethez bederen kaskoinak mintzatu omen ziren Arruntzako erretoraz. Kalonjeak, gehienik. Eta hautan bat baitzen lauetan hogoita hamar urthetarat zoana, lañoki aithortzen omen zuen: «Ori, prediku ederrik aditu dut segurki nere denboran: bainan batek ez nau behinere hala agradatu nola Eskualdun erretorarenak! Zer jakintsuna! Eskuaran bezen trebe iduri zuen frantsesean, latinean, eta gehiago dena hebreo mintzairan!»

ZERBITZARI