HOGOIGARREN KAPITULUA

André Ngam.— Debruak egiten diozkan tzarkeriak

 

       Josep hil-eta laster, André Ngam goiz batez ethorri zitzautan etxerat. Xoria bezen alegera zen. Galdetu nion zertako.—«Gau huntan Josep ikusi baitut!» — «Zer derasak, haurra?» — «Egia baizik, ez, Aita! Josep zeruan zen. Oi, zoin ederra den orai! Urrundik oihu egin dautanean, nahiko nuen haren ganat joan, bainan ez nintaken aira. Orduan hura jautsi da nere ganat eta badakizu zer fidatu dautan? Ez dela zeruko zorionaren parerik, eta nik ere egin-ahalak egin behar ditudala han sartzeko egun batez. Horiek erran-eta berritz goiti abiatu denean, oraino nahiko nuen atxiki: debaldetan, ezen berehala oihu egin daut uzteko, uzteko, lurreko histura berritz loth litzaiokela, bertzenaz. Hitzeman daut haatik ethorriko dela oraino. Orduan atzarri naiz eta nere atsegina ezin gehiago neretzat atxikiz ethorri nitzaitzu hoin goizik!» Eta amets eder horrek geroztik etzion Andréri Josep ahanzterat uzten: bainan ilhuntzeko orde, alegrantziaz bethetzen ziozkan bihotza eta begitartea.

       Guzien gatik etzen hori amets bat baizik: Jainkoak igorria segurki, bainan amets bat halere. Beheraxago erranen dautzuet haatik bertze zerbeit Andréri gertatua eta batere ametsa ez dena. Hori baino lehen, hitz bat debruak noiz-nahi salbaieri egiten diozkaten tzarkeria batzuez.

       Europan ez da maiz ikusten norbeit debruak hartua eta nihork ez du aise sinhesten debrua gorphutz batez jabetu dela. Eta ez naiz bakharrik mintzo gizon buru gaixto batzuez, argia bera ikusi nahi ez duten batzuez. Holakoek beren urguiluan oro ukatzen dituzte. Oro, Liburu Sainduetako erakaspenak barne! Hori etzaut batere harrigarri. Harrigarri dena hau da: girixtino onetan ere badirela sobera dudatzen dutenak! Bixtan da elizak zerbeit finkatu arte, har edo utz dezakegula zerbeit, bekaturik gabe. Ez da haatik airerat hartu edo utzi behar, Elizak baditu othoitz berezi batzu debruaren gorphutzetarik athera-arazteko. Froga da hori, debruak jabe ditakeela beraz gorphutzez: zorokeria da ukatzea. Ukatzen dutenek uste othe dute Eliza baino jakintsun eta zuhurrago-direla?

       Bainan aithortuko othe dautzuet? Guti edo aski neroni hautarik izana naiz, eta Salbaietarat ethorri nintzelarik, norbeitek erraten zautanean nunbeit itzal bat ikusi zuela edo oihu itsusi bat aditu, irri egiten nion. Laster ohartu nintzen nere sinheste-eskasak behar gabe harritzen zituela salbaiak eta nitarik urruntzen. Ordutik, irri egiteko orde, ahal nuen bezala argitzerat lehiatzen nintzen, eta bat edo bertze ethortzen zautanean arima herratu edo bertze holako ixtorio zerbeitekin, zerua, ifernua eta purgatorioa, zer diren erraten nion lehen-lehenik. — «Arima zerurat, ifernurat edo purgatoriorat baizik ez ditakeenaz geroz joan, ez ditake han baizik kausi, eta beraz zuk erraten dautazuna egia bada, debrua dabila hor!» Hola, emeki-emeki, kasko barnean zituztenak xuxentzen ari niozkaten, behinere arras kontra egin gabe. Ez othe zautan hori manatzen zuhurtziak berak?

       Nere baitan ametsak eta amets hutsak zituztela nindagon haatik oraino. Geroxago, hainbertzek eta hainbertzek bethi gauza berak errepikatzearekin, duda bat ethorri zitzautan… eta azkenean sinhetsi dut nik ere, hein batean. Argia ez ditake uka, alabainan. Nahi duenak nahi duena erran dezala, bainan orai zinez eta zinez hau bederen sinhesten dut: debrua salbaien ondotik dabilala frangotan. Bixtan da buruan gaixoeri sartu nahi lioketela, hil-eta gure arima lurrean gelditzen dela, zeruko zoriona eta ifernuko zorigaitza ezagut ez detzaten…

       Gutiz gehienetan, norbeit hiltzerat doalarik edo hil-eta laster ariko da debrua lanean. Etxe ondoan edo hobitik hurbil zernahi harrabots latzgarri aditzen da lehenik; gero, elhe batzu. Itzal batzu ere agertzen dire artetan. Itzal horiek hilaren trakatsukoak dire, eta hura bezala-bezala mintzo. Oraino hilik ez den etxe baten ondoan ikusten edo aditzen badire horiek, froga da etxe hartarik laster norbeit hilen dela… eta hala gertatzen da bethi! Alabainan debruak ez othe dezake ikus eta ezagut norbeitek gordea deraukan gaitza, eta mirikuak bezen ongi finka heriotzea ekharri behar duela nahi-ta ez gaitz horrek? Funtsean, segurki eta segurki gezurtiak ez diren gizon batzuek holakoak finkatu dauzkitet: ez dezaket gehiago duda. Ez, ez dezaket duda! Gerla egin diote debruak Hemur eta Ngami: gerla, bertze girixtino berri frango eta frangori: gerla, gure zerbitzarietarik zenbeiti… salbaiek erranak beren begi eta beharriz frogatu nahi izan dituztelakotz, sinhetsi nahi etzituztelarik bizkitartean.

       Bainan ez othe naiz lerratu eta horietaz soberaxko mintzatu? Dena dela, huna Andréri zer gertatu zitzaion, berak erran dautan bezala.

       Josep hil ondoan, irrisa horitzean, Lam bere landan zen egun batez. Egun guzia lanean arizan-eta, ilhuntzean André abiatu zen aitaren ganat, gauaz abere gaixtoen zaintzen laguntzeko. Bainan horra nun aita buruz-buru egiten duen bidean: «Gauaz ez duzu beraz landan egon gogo, aita? Zurekin egoteagatik heldu nintzen, bada, ni».

       «Nahi duenak eginen dik landan lo: Lamik ez ditek berritz han ikusiko!» — «Zertako?» — «Debruak arras izitu bainaik!» «Debruak izitu? Uste nuen bihotz gehiagoko aita nuela! Funtsean ez da bi zaintzaleren beharrik gure landan: zu, zoazi etxerat, ni egonen naiz landan… eta ederki lo eginen ifernuko debru guzien gatik. Bihar arte beraz, aita.» Orduan Lam itzuli zen etxerat eta André joan landarat.

       Landaren erdian bazen etxola bat, ixtape bat edo biga gora onbor pikatu batzuek airean zeraukatena. Han egiten zuen lo zaintzaleak. Nihorat mugitu gabe, landa guzia begien aintzinean da, eta abere gaixtoak oihu batez urrunt ditazke. Erran behar dautzuet hemen gaindi ez dutala ezagutu gizonik André baino gutiago zerbeitek lotsatuko zuenik. Girixtinotuz geroztik bereziki, ez daki izitzea zer den. Etxolan sartu zelarik, iguzkia jada mendi gibelean gordexea zen, ilhuna heldu. Pipa baten erretzeko, suaren phizten hasi zeneko, horra nun harrabots batzu aditzen dituen azpiko aldean: «To, aitak egia erran zaitak! Bainan, debrutto, ago nik su hau phiztu arte eta ikusterat ethorriko nitzaik behere hortaraino! Ago!

       Hainbertzenarekin bertze harrabots batzu, norbeit goitika hasten balitz bezala! «Soberaxko jan duk naski, to? Bainan irri aski hola! Har dezagun gurutzefika esku batean, arrosorioa bertzean… eta goazen etsaiaren ganat!» Eta orduan jausten da zurubian barna.

       Jautsi denean, harrabotsa gibeletik ari zaio: itzultzen da. Bainan harrabotsak ere ingurua egin du, eta lauzpabortz aldiz oraino entzuten du, bethi gibeletik! «Norbeit ikus baneza, makhilkaldi batez kalitzeko, bainan hunek ez du agertu nahi! Othoitz bat egin dezagun beraz, ikusteko. Ikasak beraz, madarikatua, nik ez dutala Jainko Ona baitan baizik fidatu eta finkatu nahi: hiri bathaioko egunean ukho egin daiat bethikotz! Goiti egizak, nahi baduk, hire barne guzia: nik nere othoitza egin gogo diat lehenik, eta lo, gero.» Hortan ixildu ziren goitikoak, eta André lokhartu zen, deusik aditu ez balu bezala, eta lo egin ederki argiraino…

 

 

HOGOITABATGARREN KAPITULUA

Igandea nola atxikitzen duten salbaiek

Misionesten indarra

 

       Nik ez dut aski buru ona egiazko liburu baten egiteko, liburu batean oro xehe-xeheki erran behar baitire. Larrienez ere orhoitzea zerbeit bazaut. Huna Josep hil-eta laster neroniri gertatu zitzautan zerbeit. Hortarik ikusiko duzue girixtino berriek nola atxikitzen zaukuten igandea.

       Bi girixtino berri ortzirale batez joan ziren, egun baten bidean, norbeiten ikusterat. Biharamunean itzultzeko xedea zuten. Bainan egitekoek uste baino denbora gehiago harturik, larunbat arratsak han berean atxeman zituen. Zer egin? Lanean ziren segurki. «Bihar igandea, eta Aita harasko!» Eta aroa galernatsu batetik, goizalderat baizik ilhargirik ez, bertzetik! Hau lana! Halere igandearen atxikitzea oro baino lehenago dela, bideari lothu ziren zanpa-zanpa. Euria hasi zitzaioten bidean, ilhuna loditu bidexka tzarrenetan, bainan deusek etzituen lotsatu… eta biharamun goizean, meza hasten, eta kaperan sartzen zitzauzkun, lehertuak, larruraino bustiak! Ez othe da hori ongi! Ongi baino hobeki? Nere girixtinoeri ez nioten gorde hala zela. Bainan ez du balio zerbeit ongi dela erratea, beharrean bertze hainbertze ez egitekotz!

       Ondoko larunbat batez Rohaierat joana nintzen beraz, Aita Verdier lagun. Arratseko sartzeko xedea ginuen. Bainan ikaragarrizko euriak hasi zituen eta berehala handitu ziren erreka guziak. Gehiago dena, enbata tzar batek zuhaitzak errotik atheratu zituen oihanean. Rohaien egonez, biharamunean gure mezak ematen ahalko gintuen segurki, bainan zer erranen zuten Kontrangeko girixtinoek? Hetarik bigek doidoia holako bidetzea egina meza sainduaren entzuteko, misionestak gutiago egin behar othe du entzunarazteko? Artzainak ardiek baino alferrago izan behar othe du? Ni bederen Kontrangerat joanen nintzela egin nuen: «Aita Verdier, zure osasunarekin etzaitezke bideari loth, zu, euriak euriari: zaude beraz hemen, ni joanen naiz. Denbora eder bat arte beraz, eta Jainkoak atxik gaitzala!»

       Etxetik atheratu eta ehun urhatsen buruko, euria bera bezen bustia nintzen. Orduan ez nintzen haatik orai bezen ahul eta lotsakor. Mainak zer ziren ez nakien oraino ez-eta nere buruari amor ematea. Mirikuek erakutsi dautet geroztik zer den hori. Salbaiek ez dakite beren burueri amor ematen, ez dakite arthatzea zer den, eta bizkitartean munduan ez da mirikurik osagarri gehiago duenik! Erran ditake ni ere salbaiskoa nintzela bederen orduan. Goizeko zortzietarik arratsaldeko hiruak arte euririk etzen gelditu. Hain xuxen egun hartan, arinago izaiteko, soinean ez nuen athorra bat eta galtza labur batzu baizik! Xoria bezen alegera nindoan halere nere bidean, bainan debruari gaitzitu zitzaion nere alegrantzia eta laster sar-arazi zautan! Ordu arte ez nuen erreka txar batzu baizik atxeman eta aski aise iragan nituen… gerriraino sarturik bederen. Huna haatik bat gothorragoa. Urak burrunban zoazin jada. Zer egin? Hain xuxen beheraxago zuhaitz bat ikusten dut errotik atheratua eta, luze-luzea etzana, nahiko zubia egiten dautana. Ikhara gorrian nere erreka erhoa hartan iragaiten dut… eta bertzalderat jauzi egiten, salbu! Salbu? Baduk hoberik. Zangoa abar batek trabatzen daut airean eta, leihorrerat erortzeko orde, erortzen naiz urerat. Beharrik ez nuen lephoraino baizik, eta laster atheratu nintzen. Bustiarena deusik etzen izanen, abar tzar harek zarrazta bat egin ez balaut zangoan! Eta zorigaitzaren zorigaitza! Oihan guzia odol-edalez bethea baitzen, iretsi ninduten. Zer arratsaldea! Bainan oro ahantzi nituen biharamunean, kapera bethetzen ikusi nuelarik…

       Handik laster huna zer gertatu zen. Frogatuko dautzue zer indarra zuten jada misionestek. Aspaldi zuen nihork etzaukula gehiago atherik sudurrerat hesten: aspaldi, nihor etzela gehiago gu ikusirik ihes abiatzen. Begitarte ona egiten zaukuten orok, eta aski maite zuten gurekin hartaz eta huntaz mintzatzea. Hangoak ginen, hots, eta emeki-emeki buruan emana zuten heyen onaren ondotik baizik ez ginabiltzala. Hainitzek nahiago zaukuten, etxekoeri baino, guri zernahi fidatu. Bi herri gerlan has zitela, misionesta hartuko zuten ararteko eta haren erranerat eroriko ziren berehala batzu eta bertzeak. Eta ez gintuzten ararteko bezala nahi bakharrik hauzo-hauzoko herriek: bainan urrunenekoek ere deitzen gintuzten noiznahi. Deitzen gintuztenak guk ez gintuen bethi ezagutzen, bainan hek nunbeitik bazakiten nor ginen, eta deusik ez ginuela zuzenaren kontra eginen.

       Beraz Rode deithu herria gerlan zen Kontrangekoarekin. Bortz gizon preso hartu ziozkaten Kontrangetarrek Rodetarreri. Bortz dohakabe horiek herriko-etxean ziren, ongi estekatuak. Aspaldiko auzia zuten bi herriek, eta, hastean Rodetarrak nausiturik, zer-nahi gaizki egina zioten Kontrangetarreri. Ez da bethi Phazko eta hauk ederki mendekatu ziren, delako sei gizonen bizkarrean. Eta horra nun sei Rodetar hauk othoizten nauten, Roderat joanik, heyen herritarreri erran dezadan ez diten sobera tema eta lehenbailehen eros detzaten. Bada, ezin sinhetsia da bi herri gerlan direlarik, bateko edo bertzeko norbeit etsaiari zerbeiten eskaintzerat joan dela! Are gutiago joanen baita nihor, haren gizonak preso dauzkano! Bildotxa otsoaren ganat joaitea da: mandataria laster presondegian sar lezakete!

       Beraz Rodetarrek mandatu hortaz kargatu nindutelarik, aditu zituzten guziak irri karkaraz hasi zitzaizkoten. Bainan nik baietz joanen nintzela segurki ihardetsi niotelarik, aditzaile guziak alde guzietarik hasi zauzkidan ez nuela holakorik egin behar eta ez nuela holakorik egin behar, joaitea bezen segura nuela han hiltzea. — «Bainan erradazue, adixkideak, nunbeitik holako mandatu batez Kontrangerat heldu banintz, nork nahi luke niri gaizkirik egin?» — «Oi, hemen nihork! Bainan guk ezagutzen zaitugu, Aita, Rodetarrek aldiz etzaituzte ezagutzen eta ez dautzute begitarte onik eginen, segur! Segur, gero!» — «Ikusiko dugu! Ikusiko dugu! Rodetarrek zuek bezen ongi badakite misionestak ez direla alderdikari, bainan bai ororen adixkide. Joanen nitzaiote beraz eta fida naiz ez dautedala zuek baino gaizki gehiago eginen! Ondoko egunetan orok eskerrak bihurtuko dauzkidatzue, urhats hori eginik!»

       Joan nintzen. Rodetarrek sekulako begitartea egin zautedan, heyen leialtasunean hola fidatu nintzelakotz. Han iragan nituen bi egunak phesta gorrian iragan gintuen, etxetik etxerat, arno berri jastatzen eta irrisa jaten! Herriko-etxean egin nioten nere mandatua, eta nik galdetu guziak berehala onhartu zituzten. Bi herriek bakea egin zuten: bakea, bigen onetan.

       Bertze behin, gure etxeko Anamitak eta hauzo-herritar batzu ziren samurtu. Uste dut gure Anamitek zuzena alde zutela. Bainan itxura guziak kontra zituzten. Salbaiek arras begi gaixtoz behatzen zioten heyen handi-nahi eta iduriari. Batzu eta bertzeek artekotzat hautaturik, adixkidetu nituen egundaino bezala.

       Huntaz balia, nahi duzue zerbeit beharri xilorat sala dezazuedan? Salbaiek Anamitak batere ez dituzte maite, eta buru hortarik zerbeit ikusirik gaude segurki geroni. Banharra, bertze salbaia guziak bezala da: ez dezake ikus goraskotik behatzen diona. Eta aldiz Anamita, bere herrian ostikatua delakotz, kanporat orduko hantzen! Laster zer-nahi badela iduritzen zaio! Annameko aphezek berek aise balukete itzal hori: horra zertako ez diren gu bezen begi onez ikusiak hemen gaindi. Sobera manatu nahi dute. Badire haatik, berehala errateko, huts hortan egundaino erori ez direnak. Aita Do hautarik da segurki eta segurki. Bainan berritz errepikatzeko, bana bertze Banharrak maiteago ditu misionest frantsesak. Aitago atxematen omen gaituzte…

       Beren eztabadetan, zenbeit aldiz gudua hasi-eta ere, zenbatetan ez naute arartekotzat hartu salbaiek! Ni bezala bertze Aita frantses frango. Bainan nihork ez du Aita Combesek bezenbat galde ukhan eskuin eta ezkerretarik. Orok maite zuten. Noiz-nahi beren landetaraino joaiten zitzaioten ikusterat eta ixtorio xahar erraterat, artean pipa gozo zenbeit errez…. bertze guzieri partitu ondoan belharrik gelditzen bazitzaion! Eta orok elhe bera zuten mihiaren puntan: «Horra gure nausia! Gu guziak baino miletan handiago da, nahiz ttipitu nahi luken!» Ez ditake beraz erran zoin ongi ikusia zen eta zer ongiak egin dituen hemen gaindi!

 

 

HOGOITABIGARREN KAPITULUA

Debrua garhaitua

 

       Debruak etzaukun epherik ez bakerik uzten. Huna zer asmatu zuen 1857garrenean, Kontrangeko elizadi berriaren suntsitzeko. Jada erran dautzuet zer sinhestea duten Banharrek «deng» delakoan, eta ez duzue ahantzia urrundik norbeiten hiltzeko botherea dela hori. Bada, nere zerbitzarietarik bat gisa hortan neskatxa baten heriotzeaz kargatu zuen sorgintsak. Konhoring deithu herri batetakoa zen neskatxa. Kontrangen eztai batzuetan izanik, etxerat zoalarik, bidean ezin ezagutuzko gaitz batek hartu zuen neskatxa dohakabea eta etxerat gabe gorphutz zen. Sorgintsak arroltze batzu hautsi zituen berehala eta hetan irakurtu nere zerbitzari delakoa zela hobendun.

       Zerbeit erran dezagun haatik, lehenik, hobendunaren atxemateko moldeaz. Norbeit galdu dutenak joaiten zaizko «Bo-Jaou» edo sorgintsari. Artean errateko, sorgintsa hainitz balinbada, ez da hanbat sorgin. Hamarretarik zortzietan sorgin edo sorgintsaren mintzatzerat doanak jada norbeit badu begietan, eta berehala hori izendatzen dio. Deusik ez baita gordeka egin behar, herriko jende guzia deithuko dute holako egunetako sorgin edo sorgintsaren etxerat. Artean hau eskuin eta ezker ibiliko da nun zer adituko duen hobendun bezala hautatu gogo duenarentzat. Herri guziaren aintzinean mintzatzeko orena ethorri zaionean, bospasei arroltze koloka mahain baten gainean ezartzen ditu, bere gisako othoitz batzu gora-gora marmarikatzen, eta, arroltze bat bi erhien artean polliki harturik, orori irakusten. Orduan norbeitek galdetzen dio erran dezan nun bizi den hobenduna? Holako herritan bizi da? Edo holakotan? Herri bakhotxaren izena aditzean, gure sorgin edo sorgintsa hasten da indarka, arroltzea lehertu nahi balu bezala… eta ez da lehertzen arroltzea, hobendunaren herria izendatu diotelarik baizik! Damurik!

       Herria ezagutu ondoan, hobendunaren etxea bilhatzen dute gisa berean. Gero, hobenduna bera. Eta futxo, orok sinhesten! Nihori etzaio gogoratuko ederki trufaz ari dela sorgina!

       Beraz horra nola ikasi zuten Konhoringo salbaiek delako neskatxaren hilarazlea nere zerbitzarietarik bat zela. Mandatua igorri zautedan hobenduna berehala eman nezoten mendekatzeko… edo etsaituko ginela. Lanean nintzen eta lanean ginen etxeko guziak. Arroltzeak mintzatuz geroztik, inguru guzietan nehork etzuen dudatzen. Eta, irrisku guzien gatik, guk nola sal lagun bat, guziz den gutieneko hobenik etzuen lagun bat? Othoitz egin nuen lehenik Andredena Mariari, laguntzaren galdetzeko. Aita Verdier nere ondoan nuen belhauniko. Gero huna zer erran nioten mandatarieri: «Lehenbailehen itzul zaizte zuen herritarren ganat eta hauxe errozue: Dioten bezala gure Uoh hobendun balinbada, ez diogu segurki barkatuko, eta emanen diotegu! Bainan ez da deusik airerat egin behar holakoetan: Konhoringar guziak Kontrangerat datozila beraz sorgintsarekin holako egunez. Hunek frogatzen badaut Uoh egiazki hobendun dela, arroltzea behar den bezala hautsirik eta ez nahi duen bezala, berehala Konhoringerat eremanen duzue, nahi duzuenaren hartaz egiteko». Mandatarieri iduritu zitzaioten ez nintzela gaizki mintzo eta nere mandatua ereman zioten herritarreri. Hauk onhartu zuten.

       Bilkura horren aintzineko bospasei egunetan ez duzue aise asmatuko zer arizan nintzen? Sorginek bezala arroltze hausten! Aithortu behar dut lehenak ez nituela errexki hautsi ez eta ere naski arras behar den moldean. Ez nakien oraino arroltze kolokak hautatzen zituztela, hauts-errexago direlakotz onak baino kolokak. Bainan, beharra eragile handi baita, arroltze onen ere hausten ederki trebatu nintzen…

       Aita Verdier lagun hartu nuen bilkhurara joaiteko. Jada hiruetan hogoibat lagun bazen herriko-etxean, oro lantza batzu eskuan eta ezpatak gerritik. Andre Ngam eta Lam ere han ziren, behar orduan gure laguntzeko. Ni mintzatu nintzen lehenik: «Uste duzue beraz Uoh nere zerbitzariak hilarazi duela Konhoringeko neskatxa gaixo hura? Nun da hori erran dautzuen sorgintsa? Edo sorgina? Bat edo bertzea bardin zaut neri, bainan datorkidala aintzinerat?» Eta nik uste bainuen sorgintsa batekin behar nuela auzia trenkatu, ahure motz eta beltzaran bat hurbildu zitzautan, tapa tapa. Haren begi gaixtoa!— «Ha! ha? Hi haiz beraz Konhoringarren argitzaile eta gidaria? Hik dakizkak bertze nihork ez dakizkanak? Hurbil hakit oraino gehixago eta nere aintzinean hauts hire arroltzeak!» Bainan sorgina etzen naski fida: etzuen hurbildu nahi. Herritarrek erranik etzadin lotsa, hek ere han zirela behar orduan laguntzeko, alde-alderat ethorri zitzautan. — «Badakik ederki arroltze hausten: nik ere ba. Nik eginen daizkiat beraz galdeak egun. Arroltze bat hartu zuen eskuan eta bere othoitzak egin. Nik nere arroltzeak ez niozkan agertu. Hasi nintzen galde eta galde.— «Nork hilarazi dik delako neskatxa? Ala eritasunez hil duk? Usteago huke norbeitek hilarazi duela beraz? Saetak igorririk? Nungoa duk hobenduna? Kontrangekoa? Aitaren etxekoa duk?»

       Nahi zuenaren egiterat utzi nuen sorgina eta bere arroltzeak hautsi zituen… nahi zuenean. Eta orduan azken galde hau egin nion: Nor duk, bada, Aitaren etxean hobendun? Ni bederen?» Ikusi bazintuzte orduan sorginaren zilimitrekeriak, ongi baino hobeki erakusteko segurki eta segurki nik ez nuela hobenik! Behinere egiten ez dena, bere esku eskuina ezkerrarekin lagundu zuen eta arroltzearen lehertzeko…. bainan lehertu gabe: «Beha! Nere indar guzien gatik, arroltzeak ez du hautsi nahi! Aitak ez du hobenik!» Arroltze ezin hautsi hura lurrean ezarri zuen orduan, pausatu eta hatsa hartu nahi balu bezala, bainan burua itzul artean handik hartua nion nik eta besoaren puntan orori irakutsia, oihuka: «Orok ikusten duzue zuen sorginaren arroltze hau? Ez omen du hautsi nahi! Bainan hauts dadiela, halare, sorgin hau ez bada bera gezurti handi eta pozoinatzaile tzar bat baizik!» Eta, krak, arroltzea hautsi nuen ororen bixtan eta purrustan alde guzietarat ixuri ezin jasanezko usain batekin!

       Sorgin zaharra zer ikharak hartu zuen eta oro nola eta nola harritu ziren! Eskuko xoria ez nuen airatzerat utzi, eta prediku hau egin nioten Sedangetar gaizoeri: «Adixkide maiteak, horra nori fidatzen zaizten zuen leialtasunean! Horra nork eginarazten dautzuen hoinbertze gaizki! Bainan bertzerik ere begietan ezarri nahi dautzuet egun: jauntto hunek eta hunen iduriko guziek deus ez dakitela… zuek baino gehiago! Norbeit heriotze batez kargatzen duelarik, nihork ez dezoke ezetz erran: ikusten ez direnak dire horiek! Bainan huna zer eginen dugun: Ngam nunbeit gordeko da, eta arroltze bat hautsiz zuen sorginak erraten badauku nun den, esklabo baten saria emanen diot berehala!

       Ngam joan zen lasterka eta herriaren bertze buruan lurrerat zoan etxe zahar batean gorde. Sorginak hautsi zuen arroltzea eta etxe baten izena eman zaukun, ifernuko debru beltzaren kopetarekin. Konhoringo eta Kontrangeko gazte batzu joan ziren delako etxerat, bainan Ngamik han ez atxeman. Elhea galduak zauden salbaiak sorginari eta neri beha.

       Nere zerbitzari guzien izenak bazakizkan sorginak. Bainan hauxe etzakien: Uohk bazuela bertze izen bat: Klon. Etzen izen goiti bat baizik Uoh. Salbaiak othoiztu nituen beharriak oraino hobeki idek zetzaten, eta berritz sorginari hurbildu nitzaion: «Hire arroltze batek hobenduna nere etxean dela erran baitu, eia orai bertze batek hobendun hori nor den salatuko daukun?» Eta lerro-lerro etxeko izen guziak eman niozkan sorginari, Uohren orde Klon erranez. Izen hau aditzean, lanak ikusi zituen eta Klon gizona zen ala emaztea galdetu zaukun. —«Aski duk hire arroltzeari galdetzea», nion ihardetsi. Uste izatu zuen sehi berri zenbeit nukeela Klon… eta arroltzea etzen hautsi! Nik etxeko izen guziak eman-eta arroltzea oso zen oraino.—«Horra beraz Konhoringar gaizoak, Uoh hobendun da eta Klonek ez du hobenik. Eta bizkitartean Uoh eta Klon, Klon eta Uoh ez dire nere etxeko bi zerkitzari: neskatxa berak ditu bi izen horiek! Kontrangen hori orok badakite. Nork finkatuko du oraino sorgin hau ez dela gezurti bat? Hemendik goiti nork erranen du beraz Uohk nihor hilarazi duela?»

       Nihork etzuen ahorik ideki. Eta horrengatik uste duzue jende gaixoek bere sorgin eta sorgintsak bazterrerat utzi dituztela? Fa…

       Hortan utzi gintuzten haatik Konhoringarrek. Zeri lothuko ziren, alabainan? Oi, debruaren amarrua! Eta zoin urrikaltzeko diren menean ematen zaizkonak!

 

 

HOGOITA HIRURGARREN KAPITULUA

Aita Combesen heriotzea

 

       «Hil aintzinean bortz gizonen bathaiatzeko zoriona banu! Hamabortz laguni katixima puska bat ikasten ahal baniote, zoin gogotik eta gogotik kanta nezaken Nunc Dimittis!» Horra zer aditu diotan, behin baino gehiagotan, Aita Combes maiteari. Jainkoak aditu zituen haren othoitz saminak. Eta handizki aditu oraino! Zerurat xuxen-xuxena igorri zituen hainberze haur aiphatu gabe, eri zirelarik bathaiatu zituen bi aitaso xahar eta onez bertzalde, hogoita hamalau lagun bazituen bathaiatuak, eta hogoita hamalauak girixtino onak ziren. Horren gainerat katixima ikasten bazabilzkion hogoita hirur ikasle larri, eta segurki hauk ere gei onak iduri zuten. Bazoaken beraz bakean, Eta Jainkoak ongi baino hobeki frogatzeko, berak hala galdetzen zuelakotz, deitzen zuela Aita Combes, eritasunik etzion igorri eta katixima egiten ari zelarik hartu zuen.

       1857garrena zen: buruilaren hamarra. Aita Verdier joan zen Koxamerat eta han bi egun iragan zituen gostuan Aita Combesekin. Hamalauean nere lagunak etxerat itzultzeko elheak hasi zituenean, Aita Combesek erran zion kofesa zezan: «Ez naiz arras-arras fleitean eta behinere ez dakigu zer gerta dakikegun!» Eta kofesatu zen. — «Nahi duzu hemen egon nadin, Aita Dourisbourek Kontrangeko lanak bakharrik egin detzazkenaz geroz?» — Ez du balio. Zer gerta ere kofesatu nahi nuen: Zoazi». Eta joan zen hartan Aita Verdier.

       Hain xuxen horra nun egun hartan berean Cochinchinatik Koxamerat heltzen zaioten… Aita Bao. Europako eta alde guzietako eskutitzez mando bat bezala kargatua heldu zen Koxamerat. Bazituen guretzat bainan gehienak Aita Combesentzat ziren. Hautarik batean jaun aphezpikuak jakinarazten zion Aita Sainduak aphezpikutzat hautatu zuela eta beraz, oro utzirik, lehenbailehen zoan Cochinchinarat, karguak hartzeko. Arrunt lotsatu zen Aita Combes. Zerbeiti suspixturik, aspaldi fidatua zautan sekulan etzuela holako kargurik onhartuko. Beldurrak hil othe zaukun beraz gure nausi eta adixkide ona? Hainitzek hala uste dute, bainan dakienak daki. Dena dela, berri hori ikasi zuenean, gainerateko eskutitzeri etzioten behatu ere. Egun guzia, behinere ez eta, llhun-ilhuna iragan omen zuen, nihori elhe bat egin gabe. Arratsean katixima hasi zuen halere, gosturik ederrenean. Hain maite zuen katiximaren egitea! Bainan ikasleak etzituen bertze arratsetan bezen luzez atxiki, etzela arras trenpuan erranik. Kanporat zoazin beraz purrustan ikasleak, harrabots bat entzun zutelarik katiximategitik. Berritz jauzian sartu ziren oro, beldur gaixto batekin, eta Aita Combes lurrean atxeman zabal-zabala, jada elherik ez ezagutzarik gabe. Aita Bao deithu zuten berehala. Hunek oliodura sainduak eman ziozkan. Azken othoitzak bururatu orduko, Aita Combes hila zen! Hogoita hamabi urthe zituen doidoia. Orok uste ginuen behingo nausi eta gidari baginuela harekin. Jainkoak etzuen hala nahi. Aita Combesen orena ethorria zen.

       Bainan, ongi behatuz, zer heriotze benedikatua! Horra misionest gaixo bat. Bakhar-bakharrik bizi da bere salbaiekin. Bere aphezlagunak ez ditu urrunetik urrunerat baizik ikusten ahal. Supituki bezala hil behar du, aphez baten deitzeko denborarik gabe. Bainan Jainkoak behar diren guziak eginen ditu: lehenik Aita Verdier igorri eta Aita Combes kofesatuko da. Jada heriotzea bidean da eta misionesta egundaino bezala bakharrik. Bakharrik? Ez, ezen nihork uste gabean Aita Bao heltzen da nunbeitik, azken laguntzen emateko aski goiz. Oi, Jainko maite eta ororen nausia, zoin ona zaren haatik! Sinhestearen hedatzen dabiltzanak nola laguntzen ditutzun! Begia nola atxikitzen diozuten! Sekulan ahanzten banu guretzat duzun amodio ezin sinhetsiskoa, Jauna, ihar bekit eskua, eta ahoan geldi mihia zure laudatzetik ixiltzen banaiz!

       Berri hau herrian hedatu zenean, oro nigar marraskaz hasi ziren xokho guzietan. Euria jauts-ahala ari zen, bainan halere laster jendez bethe zen hilaren etxea. Irrisaren zain ziren bizkitartean gizon gehienak; atabalek lasterka itzularazi zituzten herrirat Erran gabe doa burua galdu zutela kasik girixtino berriek eta girixtinotzerat zoazinek halako aita galdurik. Gau guzia etziren handik higitu eta nigar egitetik ixildu…

       Denbora hortan Aita Verdier eta nik ez ginuen segurki holako heriotzerik gogoan. Biharamun arratsaldean gure bethiko lanetan ari ginen bi mandatari Europako eskutitzekin ethorri zauzkularik. Bazuten ere Aita Baoren hitz labur bat. Etxeko berrien irakurtzen hasi ginen lehenik hurrupaka. Hain goxo da urrun denean aita, amatto eta etxeko guzien berrien ukhaitea! Noizpeit irakurtu gintuen beraz Aita Baok igorri lau hitz irakaragarri hauk: Aita Combes hil da!

       Ortzia karraskan gainerat erori balitzaut ez nintzen gehiago harrituko. Egundaino ez nuen gogoan erabili holakorik gerta zitakeela ere. Adixkide handiak ginen alde batetik Aita Combes eta ni, eta bertzetik hura ginuen gure nausi eta gidaria. Nola deusik egin haren argiak gabe? Zorigaitzak lehertua, nigarrez hasi nintzen purrustan. Bainan bihotza laster altxatu nuen halere eta Jainkoari oihu egin nuen: «Jauna, zuk eman zinaukuzun: zuk hartu daukuzu. Bai, egina izan bedi Nausiak nahi duen bezala eta bethi, bethi benedikatua izan dadiela Haren izen saindua!»

       Berehala Koxamerat joan behar nuela segurki, bi mandatarieri galdetu nioten segi nindezaten. Baietz. Bainan ni lasterka nindoan, etzauzkidan jarraikitzen ahal izan eta berehala elgar galdu ginuen. Egiazki su nuen. Ilhuntzeko bidetze ederra eginik, Moneyen nintzen, Bla dakizuen ibaiaren kontra. Ez nintzen han baizik ohartu odol-edaleak gerriraino lothuak nituela eta dena odoletan nintzela! Ibaia arras loditua zen hain xuxen aintzinetako euriteekin. Nihork ez ninduen lagundu nahi izan bertzalderaino. Debaldetan lehertua nintzen beraz: gauaren nahi eta ez han iragaiterat bortxatua nintzen. Eta hala egin nuen. Bainan biharamunean argiko berritz bidean nintzen, eta lohi, euri, sasi eta ororen gatik Koxamen zazpi orenetako.

       Nere beha zauden salbaiak. Zer begitartea egin zautedan! Hitzik nihorekin erran gabe jada banakien orok nere bihotzmina erdizkatu nahi zutela. Bainan girixtino berriek, Aita Combesen umexurtx dohakabeek unkitu ninduten gehienik. Gozoki nigar egin ginuen elgarrekin. Etziten arras lotsa, Josepen hobiaren gainean ezarriak nituen hitzak errepikatu niozkaten: gu ez garela esperantzarik ez dutenak bezala!

       Jada kutxan sartua zuten Aita Combes bere aphez jauntziekin. Nik egin nituen ehortzetak. Koxamen egungo egunean ez dute oraino ahantzia misionest bihotzdun eta kartsu hura. Salbaiek berehala ahanzten dituzte oro: bizkitartean noiz-nahi bat edo bertze ikusten dut Aita Combesen hobirat joana, belhauniko othoitzean ari…

 

 

HOGOITA LAUGARREN KAPITULUA

Aita Dourisboure Koxamen.

Ponangoko elizadia

 

       Gure lehen elizadia Koxamekoa zen eta uste dut hango girixtinoak zirela hoberenak, Elizadi hori behar zen beraz hobekienik zaindu eta artatu, oro jarraik zaizkion ondoko egunetan. Ez ginen gehiago bi misionest frantses baizik, Aita Verdier eta ni. Harek edo nik behar ginuen berehala Koxamerat joan. Nere lagunari galdetu nion eia nahi zuen joan. Ezetz ihardetsi zautan, erisko zela eta lotsa mintzaira berri baten ikasten hasteko osasun harekin. Kontrangeko girixtino hain maite nituenak utzirik, niri zagon beraz Koxamerat joaitea. Urthe bat lehenago ez dakit aise eroriko nintzen hortarat, bainan zenbeit ilhabete hartan, hainbertze eta hainbertze girixtino on, hoberenak segur khenduz, orotarat egina ninduen Jainkoak.

       Pagano eta girixtino, orok jada ezagutzen ninduten Koxamen eta loriatu ziren ni nindoala harat ikasi zutelarik. Hain maite zituzten misionest frantsesak! Aita Combesen dohain handiek gogorrenak bilduko zituzten, alabainan! Beha. Aita on hori hil eta biharamunean, bi Koxamar Droez deithu herri batetarat joanak ziren. Arratsean Droeztarreri beren herriko berri handia supazterrean erranik, norbeitek heriotze hortaz atseginik baizik etzuela ihardetsi zioten. Edanskoa zen hola mintzatu zen dohakabea eta ilhunpean etzen bi arrotzeri ohartua. Hauk xutitu zitzaizkon eta aintzinerat joan elhe horren xuritzeko: «Eta errak, to? Zer gaizki egin daik gure Aitak egundaino? Zertako egiten dauk atsegin haren heriotzeak?» Dohakabeak etzakien norat itzul ez-eta zer ihardets. Barkamendu galdetu zioten, edanak erranarazi ziola segur holako elhea eta Aita Combes etzaukala segurki gizon tzar batentzat. — «Ez, ez duk zeren berritz holako atheraldi zororik egin, Droez eta Koxam adixkide egotea nahi baduk! Euriaren gatik, gaua hemen iragaiteko xedea ginikan: orai etzezakeguk! Agur…» Eta handik joan ziren berehala.

       Koxamerat orduko, Droezen zer gertatu zitzaioten orori erran zioten. Biharamunean Koxamar guziak Droezen ziren elhearen xuritzen. Etzen gerlarik izan, bainan mihi luzeari bi basa-idi eder gosta zitzaizkon haatik. Ez nintzen oraino Koxamen, ni, hori gertatu zelarik. Joan nintzeneko basa-idietarik bat eskaini zautaten neretzat: ez nuen hartu…, bainan herritar guziek ederki baliatu zuten nere partez. Orai errazue: Koxamarrek ez othe zuten Aita Combes egiazki maite?

       Aita Bao Koxamen zen oraino. Inguruko herrixka batek misionest bat galdeturik, neronek ereman nioten urthearen ondarrerat. Xolang zen herrixka hori: Anammeko bidearen gainean arras, Koxametik doidoia bi orenetan zen.

       Koxamen lehen-lehenik egin nuena da, girixtino-geien katiximarat deitzea. Etzen haatik lan errexa neretzat katiximaren erakastea, banhar mintzaira ahantzixea bainuen. Hemengo mintzairek arras ikusteko guti dute elgarrekin, zorigaitzez. Bainan Jainkoaren laguntzarekin eta neroni ongi bermaturik, aski laster trebatu nintzen berritz eta urthe baten buruko hamabortz bat bathaio banuen eginik.

       Ordu arte bekaizgo eta trufek kalte handia egina zaukuten. Iduri luke batzu eta bertzeak berekin ehortzi zituela Aita Combesek. Bertzalde, girixtino berriak hain ezti eta lagunkin ziren ororentzat, nun paganoak hasi baitziren herritar horiek holakatzen ziozkaten erakaspenari begi hobez behatzen. Urtherik ez da joan geroztik bathaiorik gabe eta ez naiz egunik egon nere katiximetan, ikaslerik gabe. Jainkoa ari zen. Bai, Jainkoa! Eta ez segurki ni! Hamarretarik bederatzietan igurikatzen ez nituen lekhutik heldu zauzkidan nere ikusleak! Eta aldiz nik gehienik othoiztu nuenak huts eginen zautan… edo berantago ihardetsiko! Jainkoak konberti dezake bakharrik: horra fedezko egia bat, misionestek egun guziz beren gostuz frogatzen dutena…

       Ibaiari gora, Koxametik oren erditsu baten bidean da Ponang. Bi herri hautako salbaiek lokharri hainitz badute. Urthe bat bazuen bizkitartean Koxamen nintzela, lehen aldikotz Ponangerat joan nintzelarik. Berehala egiazko Jainkoaz mintzatu nitzaioten, eta zabal zabala begietan eman, beren jainko faltsoeri ukho egiten ez bazuten, etzutela beren eginbidea bethetzen. Aski beltzuri gaixtoa egin zautedan hori aditzean, bainan aski laster zenbeit bakhar hasi ziren nere erraneri hobeki behatzen, eta horiek batetarat ziten, etxe bat eginarazi nuen Ponangen. Nere Anamitetarik batek hasi ziozkaten katiximak. Delako Anamita gizon zuzen eta ezti bat zen, sinheste handikoa. Presondegian ere egona zen-eta girixtinoa zelakotz!

       Preso altxatu zutelarik Aita Chamaison, misionest frantsesaren zerbitzari zen. Kuangnameko aintzindari batek zer-nahi ikusarazi zion eta hiltzat utzi oihan batean. Handik ethorri zitzaukun. Gurekin zen haste hastetik Banharretan eta haste hartako nekhe, buru-hauste eta gainerateko guziak guk bezala jasanak zituen. Hunat gurekin ethorri Anamitak bat bertzearen ondotik hilak ziren, oro, hura salbu. Eta hura, berrogoita hamar urthez goititan bethi gazte eta suhar! Behin sor-herrirat izatu da. Ez du bidetze hori egin anaiaren ikusteko bakharrik, bainan bere etxe-partearen unkitzeko «urrikirik gabe, dio berak, Jainkoaren aintzinean ager nadin!» Horra Ponangerat igorri nuen gizona. Hango mintzaira ez baitzakien errotik, katixima larrienak neretzat atxiki nituen haatik.

       Zenbeit aste zuen doidoia Ponangen zela nere Anamita, ondorio hoberenak ukhan zetzazken zerbeit gertatu zelarik. Aztaparka lothu nitzaion. Ponang tokiz aldaratu nahi zuten, eta aldaratzerat zoan. Holakoetan zer-nahi ziminokeria egiten dute salbaiek, eta uste dute orduan eginak oro gero ez badituzte erreberritzen usu-usua, heriotzea herrian alhatuko dela. Hala-hala oitura zaharrak aldaira horietan utz ditazke irriskurik gabe. Denik ere zerbeit irriska dezake oitura horien kontra lehenik ahoa ideki duenak! Nere baitan egin nuen: «To! Huna padara eder bat jende gaixo horieri beren ziminokeriak utzarazteko… neronek lehenik utzirik! Beldur hori galtzen badute behin, hobeki entzunen naute!»

       Herri berri bat egiten denean, ziminokeria handienak galdetzen dituzten hirur gauzak dire, etxeak atxikiko dituzten pilarren xutitzea, sukhaldearen moldatzea eta lehen pegar uraren ekhartzea. Hirur gauza horiek nik egitea orotan galdeturik… nere gisan egin nituen. Erran nahi dut, behinere egiten etzituzten bezala egin nituela irrisku guziak nere gain harturik. Eta oro jarraiki zauzkitan ixil-ixila…

       Europan etxe baten egiteko lehen harria pausatzen duenak morteroa berak eman behar dio harriari: hemen aldiz haintzurkaldi bat nuen emateko. Gero bertzeek egiten zuten gainerateko guzia. Pilarra doidoia eskuz unkitu eta, bertze etxe batetarat joan! Sukaldetako lana ez nuen gaixtoago: aski nuen sukaldearen erdian su bat phiztea. Erran gabe doa artetan trufa ederrik egiten niotela bere jainkoentzat! Gero, uraren aldi. Herriko emazte batzu jarraiki zitzauzkidan ithurrirat eta han kanabera muthur bana eman zautedan bethetzeko… eta artha handienarekin bethe niozkaten, irria begian eta trufa mihian!

       Horiek nik nere gisan eginez geroztik, Ponangeko salbaiek etzuten bertze deus egitekorik. Hanbat gaixto neretzat gaizki- egin banuen! Hek niholaz hobenik etzuten, eta loriaren loriaz, bazkari eder bat eskaini zautedan. Bazkal ondoan sari bat galdetu nioten: lehengo herriaren aintzinean xutik baitzuten harrizko jainko gerizatzaile bat, hura: «Guk gogo onez emanen ginautzuke segurki, bainan nor mentura haren unkitzerat? Dohakabea erhauts lezake!» Ez nioten baimen hori baizik galdetzen. Neroni joan nintzen beraz delako jainkorat, eta, erroz gora ezarririk lehenik, bizkarrean hartu, Koxamerat ereman eta hango urean sekulakotz pulunpatu! Uste dut geroztik ez den hainitz mugitu errekako harri eta belhar tzarren artetik.

       Ondoko egun batez bertze hoinbertzeko edo handiagokoa egin nioten oraino landetako jainkoen kontra…

       Holako eta holatsuko bertze zozokeria batzuen galarazteaz bertze egitekorik badu haatik misionestak. Jainkoak errana dio hau: «Hautatu haut errotik atheratu eta landa dezakan». Beraz salbaia gaixo horien bihotzetan zerbeiten landatzeko orena ethorria nuen. Hortzez eta haginez hasi nintzen lan horri… eta urthe bat gabe herri hortan banituen hamabortz girixtino larri: neskatxa bat eta hamalau muthil gazte. Zaharrenak etzituen hogoita bortz urthe oraino: gazteena hamabortzetan zen. Piol zuen neskatxa horrek izena eta, nahiz deusik etzakien, aspaldi bathaioaz nahitua zen. Ponangerat abiatu aintzinean, han eta hemen frangotan ikusia nuen, eta bethi galde bera egiten zautan: «Nik ere «Ba-Jang» ezagutu nahi bainuke, noiz ezagutaraziko dautazu»? «Ba-Jang» asmatzen duzue nor den: Jainkoa. Neskatxa horri zerk emana zion holako gutizia? Ez dakit. Arras girixtino ona da bethi Piol…

       Pikota sartu zitzaukunean Ponangen, jada hiruetan hogoi girixtino banituen: erdiak hil ziren pur pur pur. Bainan, emeki bada emeki, hileri ordainak heldu zaizkote. Eta hautuzko ordainak, eiki!

       Hemen ez da lasterka aintzinatzerik. Salbaiak ez ditazke arratsetan baizik ikus, lanetik lehertuak itzuli direlarik. Irrisa horitzen hasiz geroz ez ditazke arras guziez ere ikus. Nola laster argi beraz? Horrengatik bagoazi… bagoazi. Haatik Ponangeko girixtino heien buruan zerbeit sar-arazteko, ez nintaken hainitz egon. Gau beltzean nola itzul Koxamerat, alabainan? Ez ditazke asma hango bidexkak… eta noiz-nahi euria nuen! Dena dela, oro ahantziak ditut orai. Ahantziak, eta ederki ordainduak dauzkit Jainkoak, Haren arthalde ttipian ardi batzu gehiago baitire! Oxala berritz ere nekhatu behar banu… sari berean!

 

 

HOGOITA BORTZGARREN KAPITULUA

Aita Verdieren heriotzea

Saigonerat badoa Aita Dourisboure

Aita Besombes salbaietan

 

       Ponangeko elizadia ezin xutituz ari nintzelarik Annameko erresuman gertatu zirenak ez detzazket aiphatu gabe utz: guretzat ondorio handiegiak izatu dituzte, ixiltzeko.

       Touranneko itsas-hegian zenbeit denbora egonik, Rigault de Genouilly itsas-aintzindari famatua Saigonen sartu zen bere soldadoekin 1859-eko otsailean. Errabiaren errabiaz, girixtinoeri jazarri ziren Anamitak. Nunnahi ondotik zabilzkioten eta bat atxematen zutenean, esklaboak berak baino garrazkiago zerabilkaten beren erresumarat eremanik. Iduri zuen ifernu guzia elizari gerlan lothu zela, behin bethikotz lehertzeko. Ez dut haatik gerla hortaz deus xehetasunik eman. Guretzat ukhan dituen ondorioen gatik aiphatzen dut bakharrik. Oro jada sutan zirelarik bizkitartean bertze guzietan, Binhdineko eskualdean nihun deus etzen. Hango misionestek irriskurik gabe elgar ikus zezaketen eta beren berriak oraino aise helarazten zauzkuten. Bainan 1860garrenean bideak hetsi ziren: Binhdineko eskualdea ere suak hartu zuen. Nihundik ez nuen beraz gehiago berririk.

       Zenbeit ilhabete geroxago, bertze zorigaitz handi batek bihotza hautsi zautan arras: Aita Verdier hil zitzautan. Kontrangen utzi nuen Koxamerat ethorri nintzelarik. Jada arras ahuldua zen ordukotz geroztik egunetik egunerat oraino gehiago ttipitua zen. Ez dakit zer eritasun zuen: hiratuz zoan, behinere halako min handirik gabe. Etzitakeela han senda ohartu zelarik, bertze norapeit joaitea galdetu zautan eta berehala hitz bat igorri nion Nere Jaun Cuenoti, bere ganat deith zezan eta Singapour-eko eskualdean sendatzerat igor. Zorigaitzez jaun aphezpikuak etzautan berehala ihardetsi… eta gero badakizue bideak nola hetsi zauzkun nihorat abiatzeko: Banharren erdian preso ginen.

       Etzuen hiltzeak lotsatzen Aita Verdier eta berehala erori zen Jainkoaren nahi saindu guzietarat. Aski denboraz oraino, nahiz etzitaken nihorat joan gehiago, noizetik noizerat bere meza ematen ahal zuen. Azkenekotz hortako ere etzuen gehiago indarrik. Egunak, asteak eta ilhabeteak etzanik iragan behar, kasik higitu gabe, bizirik hila! Etzuela gehiago denbora handirik bizitzeko, Rohaieko etxerat eremanarazi nuen, bizkarrez. Bi aste zuen han zela, goiz batez erran zautalarik: «Jainko maiteak ni hiltzea nahi duenaz geroz, nere girixtinoen artean nahi dut hil. Ereman nezazue beraz lehenbailehen Kontrangerat».

       Hala egin ginuen. Etzen gehiago hezur eta larru baizik. Bidean uste izatu ginuen hil behar zitzaukula. Ez. Etxean hil zen, ezti-eztia, 1861garrenean, Aphirilaren 21-ean, Han dago hura ere Kontrangeko oihanean, Josep Nguiren aldean, berritz phiztu arte! Eta ni, bekatoros dohakabea, oraino bizi? Nik ehortzi behar nere lagun maiteak, ez naizelakotz on eta gei Jainkoaren aintzinean agertzeko!

       Nere mihiak ez du aski hitz saminik hemen errateko zer bihotzmina eman zautan nere azken lagun frantsesaren galtzeak! Segurki bi aphez on banituen nere ondoetan, Aita Do eta Aita Bao: bainan ez jaun aphezpikuarekin ez bertze misionestekin berririk ez nezaken gehiago gurutza, eta erran ditake galdua bezala nintzela! Sor-lekutik hoin urrun, kontseilari bat gabe, adixkiderik gabe, laguntzailerik gabe, salbaiekin! Trabak baztertzeko, ilhunbeak argitzeko bakharrik! Bakharrik, ni hoin ttipia, ni hoin ezdeusa, ni hoin jakitaterik gabea! Oi, ez ninduen gabeziak lotsatzen ez-eta diru eskasak! Ez! Bizkitartean hunat ekharri nituen soineko hek aspaldi higatu ziren eta Jainkoak daki zer pildak nerabilzkan! Zapata pare bat gelditzen zitzautan doidoia, eta hura ere joantxea, eta, begiko ninia bezala, meza sainduaren emateko begiratzen nituen! Eta, gehiago dena, bide guziak hetsirik, beldurtzeko baitzen behin-behin ez nuela irinik eta arnorik eskuratuko, igandetako mezaz kanpo bertzerik eman gabe egon behar! Eta arte hortan bathaioak emendatuz baitzoazin, irinik gabe nola egin beharko nuen girixtino berrien Mahain Saindurat hurbilarazteko?

       Urrungoek misionestak urrikari dituzte nekhatzen direlakotz, maiz beharra dutelakotz lege. Bada, deus ez dire horiek, jasaiteko dituzten bihotzmin eta beldur gaixto batzuen aldean. Bainan zer diot? Misionesta egiazki misionest balinbada, gabeziak eta gaineratekoek ez dute lotsatzen: azkartzen eta sustatzen, ba. Neronek frogatua dut hori. Nik bezala egin dute bertze frangok. Bainan mina barnekoa delarik, ilhundura eta desgustua bakharrik den bati heldu zaizkolarik, ah! orduan ikaragarri da! Orduan hameka aldiz jarri naiz Koxameko ibaiaren ondoan, bertze orduz Israelitak Babyloneko ibaiaren ondoan bezala eta nigarrez hasi: Cæpit pavere.

       Bi urthe luze iragan nituen nihungo berririk gabe. Bideak bethi hetsiak zirenaz geroz, banakien Annamen etziotela beraz oraino girixtinoeri barkatzen. Noizean behinka hango merkatzale ezagun batzuek Jakinarazten zautedan hango edo hemengo girixtino gaixo batzueri oraino oro ebatsi ziozkatela, eta larrutu eta biphildurik utzi. Bainan merkatari horiek Ansonekoak baitziren gutiz gehienak, beraz gerla tokietarik aski urrungoak, ez nituen arras sinhesten ahal. Zer zoakioten guzien buruan? Behin haatik merkatari horiek berria ekharririk Anamitek gizon xuri bizar luze bat preso ereman zutela bere adinaren gatik, beldurtu nintzen Nere Jaun Cuenot othe zen bederen. Hura zen, zorigaitzez. Geroztik jakina dut hilaraztekoa zutela, uste gabean hertzetako gaitz tzar batek ereman zuelarik…

       Anhartean soldado eta mariñel frantsesak Cochinchina behera guziaz jabeturik, nahi-eta ez bakea eginarazi zioten Anamiteri eta hitzemanarazi girixtinoeri etziotela gehiago deusik eginen. Misionestak ordutik nun-nahi ibil zitazken beren erakaspenaren hedatzeko. Gizon gazte batek ekharri zaukun berri on hori. Bazuen haatik berri tzarrik ere, hala nola jaun aphezpikua presondegian hil zela, misionest frango ere bazela hilik, girixtino hainitz desterraturik! Eta holako! Gizon gazte horrek erran zaukun oraino nola gorde zen Saigonen heriotzeari espakatzeko Aita Herrengt, eta, Aita Sainduak bertze bat izendatu arte, hura zela gure buruzagi eta nausia. Hitz bat igorri nion berehala xehetasun guziekin. Denboraren buruan orhoit naiz galde hau egiten niola: «Nor dugu Aita Saindu?» Eta bertze hau ere ba: «Zer du Frantziako errege edo enperadoreak izena?» Ez dakit nola ez nion ere, bertze orduz Paule ermitauak San Antoni bezala, galdetu oraino: «Etxeak egiten othe dituzte oraino gizonek?»

       Zenbeit ilhabeteren buruko bertze galtze latzgarri bat ukhan ginuen. Nihork etzuen Aita Herrengt horrek baino gei gehiago Nere Jaun Cuenoten kargua hartzeko: «choléra» deithu gaitz ikharagarriak ereman zaukun! Erromatik jada jakinarazia zioten aphezpikutzat hautatu zutela, bainan aphezpiku-titulua gibelat igorria zuen, bere burua ttipiegi zaukalakotz holako kargu baten bethetzeko. Paperak Erromako bidean… eta Aita Herrengt jada bertze munduan! Zer den gizona!

       Ez ginakien gehiago zer egin. Nor zen buruzagi? Nori eman gure berriak? Jakiteko, goiz batez Annameko bidea hartu nuen.

       Hamahirur urthe bazuen salbaietan nintzela. Ez nuen Annameko erresuma ezagutzen. Frantziatik heldu nintzelarik, misionestak etzitazken gauaz baizik ibil. Egia erran, aldi huntan ere aski lotsa nintzen egunaz ibiltzeko. Anamitek segurki hitza emana bazuten bakea utziko zaukutela, hain aise badakite hitzaren jaten. Bertzalde ez nuen paperik eta banakien legearen arabera behar nituela. Binhdinen nihor ez atxemanik, Saigoni buruz abiatu nintzen denborarik galdu gabe. Bainan urez joan behar bainuen, untzi baten beha gelditu nintzen Giako ondoan. Anamita gazte batek berri on bat ekharri zautan harat: Giako porturat misionest bat ethorri zela. Aita Besombes zen. Bi jauziz joan nintzen porturat eta nere lagun berria goxoki besarkatu. Aita Verdier hilez geroztik, begitarte xuririk ez nuen nihun ikusi. Eta badakizue? Aita Besombes frantsesez elheketa hasi eta ez nion aise ihardetsi: frantsesean harrozten hasia nintzen zinez!

       Irri frango eginarazi nion. Nere ganat heldu zen Banharren elizadietarat, bainan ez baitzauzkidan nahi nituen xehetasun guziak ematen ahal izan, bere bidean utzi nuen eta nereari jarraiki: «Ahal bezen laster itzuliko naiz haatik, eta hainbertze herritarren Saigonen ikusteko atseginak ez daut ahantzaraziko nere eginbidea Banharretan dela!»

       Saigonen iduritu zitzautan Frantzian berean nintzela. Untzi hek ikusi nituelarik soldado eta mariñel frantsesez betheak, karrika luze eder hetan sartu nitzelarik, guziz hango eliza xuri eta ederretan kantu batzu aditu nituelarik eta eliza horietako meza eta elizkizun paregabeak entzun, xoratu nintzen eta uste izan nuen amets luze batetik atheratzen nintzela. Nigarrak jauzi zauzkidan. Bainan Saigoneko xoramenduek etzautedan burua galarazi halare eta ikasteko nituenak ikasi orduko, egiteko nituenak egin orduko, begiak eta bihotza laster nere Banhar maiteetarat itzuli nituen! Berehala nahiko nuen abiatu, bainan Nere Jaun Lefebvre, Cochinchina behereko jaun aphezpikuak nere osasunaren gatik zenbeit egun egonarazi ninduen. Pausatuxe nintzelarik eta berritz joaitea deliberatu, egundaino bezala bertze zerbeitek gibelatu ninduen, eta arte hortan Binhdineko eskualdean sekulako nahasmenduak jauzi ziren.

       Huna zertako. Aita Besombes bere paperekin zen eta nihork etzezoken deusik egin. Xixpa batzu Salbaietarat bazeramatzan: horien ageria ere bazuen. Bainan nola nihor ez baitzen fida Hueko erregeak eginen zuenaz, orok hitz baten jateko gei baitzaukaten, Aita Besombes, gu lehen aldian bezala, gauaz eta gordeka ibilki zen. Bera mugazaineri aise espakatu zen eta Banharretarat heldu. Bainan horra nun mugazainek delako xixpak atxematen dituzten. Etzuten bertzerik behar eta nahi han gaindiko aintzindarixka txar batzuek oihuka eta zalapartaka berritz girixtinoeri jazartzeko. Gaixo girixtinoak! Doidoia desterrutik itzulirik, beren egoitzen xutitzen eta antolatzen hasterat zoazin!

       Horiek aditurik, Aita Besombes xuxen-xuxena prefetari joan zitzaion haatik, eta, paper guziak eskuan, bere xixpak galdetu. Hainbertzenarekin aintzindari handi bat harat ethorririk, oro antolatu ziren eta gerla hori phitzarazi zutenek beren karguak galdu zituzten. Jada erran baitugu frangotan Jainkoak bethi badakiela gaizkitik ongiaren atheratzen, hala egin zuen aldi huntan ere: Hueko erregeak, ikharan bizi baiginen, Banharren eskualdetako elizadi guzieri bere baimena eman zioten, eta misionesteri behar zituzten paper guziak igorri harat-hunat ibiltzeko.

       Saigonetik ez nintzen mugitua, ni, denbora hortan. Hango erretorgoa emana zautan Nere Jaun Lefebvrek. Sei ilhabeteren buruan hartu nuen bakharrik etxeko bidea.

       Ez dakit zenbat herritar eta adixkide kausitu edo ikusi nuen Saigonen. Hainitz. Eta batzu bertzeak baino maitagarriago! Bihotzak zimiko bat egin zautan beraz eta begi bat busti agur erraterat joan nitzaiotelarik lerro lerro. Ez dut ere sekulan ahantziko zoin onak izan ziren neretzat bai Carmeseko bai Jondoni Pauloren serora maiteak. Saigoneko girixtinoek ere gogotik atxikiko omen ninduten segurki! Bainan ez nintzen hangoa eta untzia hartu nuen joaiteko. Saigoneko auzapheza eta hango jauneria gehiena untziraino ethorri zitzautan, azken agur baten erraterat! Oi, zer jende onak! Hoinbertze atxikimenduk nola unkitu ninduen! Binhdinen Aita Besombes nere beha zagon. Elgarrekin egin ginuen handik goitikako bidea.

 

 

HOGOITA SEIGARREN KAPITULUA

Pikota

 

       Bake osoan bizi zen gure elizadia. Paganoek etzioten gehiago trufarik ez bertzerik egiten girixtinoeri eta arthaldea bethi handituz zoan, eta ni, ni lehen halako ilhunaldiak nituena, orai irriz eta kantuz ari nintzen ardura! Bihotz guzia loriaz bethea nindagon, egundaino ukhan dugun zigorraldirik ikaragarriena Jainkoak eman zaukularik. Bi urthez pikotak erhautsi gintuen, eta girixtinoetan hiruetarik bat hil zitzaukun. Pikota zer den salbaiek etzakiten ordu arte, salbu xahar-xahar zenbeitek beren haurrean aiphatzen aditurik. Izenak berak lotsatzen zituen xahar hauk. Zorigaitzez, itxura guzien arabera girixtinoek ekharri zaukuten pikota! Huna nola.

       Girixtino bat beharrarekin borroka ari zen Ansonen eta lotsatu zen, han egonen zeno urtheak etzituela aise gurutzatuko. Bere etxekoekin guri buruz abiatu zen. Ondikotz, bidean zerbeit gisaz pikotak hartu zuen eta Rohaien Aita Doren zerbitzari guziak ohartgabean kutsatu zituen eri dohakabeak Cochinchinarat joana zen Aita Do, hain xuxen. Bainan aski hurbil bazen bertze misionest bat eta hel egin zioten. Eritasunaren berri jakin zuteneko, salbaiak arrunt lotsatu ziren inguru guzietan eta Komkomeko girixtinoek berek etzuten gehiago gurutzatu nahi Rohaiekoekin. Kanabera punta zorroztuak bi herrien artean landatu zituzten eta!

       Nihori etzitzaion haizu Rohaieko erien ikusterat joaitea. Aphezari berari debekatua zitzaion. Bainan bazakien aphezak artzain onak bere ardientzat hil behar duela eta huna nola jokatu zen, eritasuna Rohaien kokatu zeno. Botoinetarik laster ageri baitzen eri batek laster hil behar zuen ala ez, bat hiltzerat zoala ikusi orduko, norbeit lasterka kanabera-punta artez-arte Aitaren bilha joaiten zen, gauak gauari. Biharamun goizeko eri gaixoak sakramendu guziak hartuak zituen eta, argia gabe, Aita berritz etxean zen. Eta nihor etzen ohartu! Neronek gero eta gero ikasiak ditut horiek…

       Zenbeit astez pikota Rohaien egon zen, bainan gero fama hedatzen hasi zen han eta hemen ere agertzen hasi zela. Azkenekotz orotarat hedatu zen. Ez ditake erran mundua nola lotsatua zen! Etzen gehiago ez ahaidegorik ez adixkidantzarik: eri etzena ihesi zoan ahal bezen laster eta ahal bezen urrun, oihan zokhoetaraino, han zuhaitz erro eta belhar tzarrez biziko bazen ere. Eriak, bakharrik ari behar zuen gaitzarekin borroka. Gose eta egarriak, bertzalde! Baziren sukharrarekin ezin egonez, urerat jauzi egiten zutenak freskatzeko eta han ithotzen, indarrek utzirik. Hilak ere nun-nahi atxeman zitazken, bideetan, oihanetan, landetan, basagathu eta abere gaixto batzuek jada erdi iretsiak! Herrietan hiltzen zirenek han berean usteldu behar zuten, nihor ez baitzen ehortzeko. Ez da beraz harritzeko gaitza zabaltzen ari bazen egunetik egunerat.

       Koxamen nintzen orduan. Gaitza etzitzaukun berehala agertu. Inguruko herri guziak jada erdi hustuak gaitzaren gatik, eta gu oraino ere sendo! Gau batez athea jo zautan norbeitek eta leihorat erran: «Aita, eri bat badugu etxean, zato laster ikusterat. Ez dakigu ez othe duen pikota!» Mandatariari jarraiki nitzaion berehala, eta eria ikusi orduko ez nuen dudarik ukhan: pikota zuen. Ez nioten etxekoeri gorde hala zuela. Harritu ziren. Oro ihesari ematerat zoazin berehala, neronek gelditu ez banitu: «Norat nahi duzue joan? Jainkoak nahi gaitu frogatu: benedika dezagun Haren izen saindua! Bainan girixtinoek ez dute, paganoek bezala, elgar utzi eta ukatu behar. Herri Guzia neronek bilduko dut bihar eta elgarrekin orok ikusiko dugu zer egin. Ordu arte, ez lotsa». Eta berehala etxe hartako sendoak eta nere meneko Anamitak igorri nituen oihanerat etxola handi baten argiko egiteko. Gero, nihor ohartu gabe, eria harat ereman ginuen. Anamitek etzuten irriskurik, pikota orok ukhana baitzuten haurrean: ez-eta nik, ezen bizpahirur aldiz bederen xertatua izana naiz

       Erran bezala, biharamunean herri guzia bil-arazi nuen herriko-etxerat eta egia ikaragarria salatu nioten: «Bainan, haur maiteak, zer nahi gerta dadien, gauden elgarrekin. Girixtinoek zerbeit badugu hiltzeak baino gehiago lotsatu behar gaituena, hura da aphezik eta sakramendurik gabe hiltzea. Eta bakotxa bere alde joaiten bada ni ez naiz orotarat heltzen ahalko!» Orok batean ihardetsi zautedan: «Ez, Aita, ez dugu ihesi joan nahi. Hiltzekotz, zure ondoan nahi dugu hil!»

       Etzen guti horren ardiestea. Bertze etxola batzu eginarazi niozkaten, nihor eritzen bazen ere. Lehen eri hura sendatu eta ongi sendatu arte, nere Anamitak eta ni baizik, nihor etzitzaion hurbildu. Bertzerik etzen denbora hortan eritu eta orok uste ginuen Koxam salbu zela. Bainan airea pozoinatua zen eta pikota oihan zokhoetaraino heldua. Koxam ere hartu zuen beraz eta ederki zafratu. Nik errana baizik etzuten egin halere Koxamarrek. Norbeit eritu orduko, oihaneko etxoletarat erematen zuten berehala, han arthatzeko. Eri handienak berex han ere. Hauk ikusten nituen maizenik, gorphutzak bezala arimak arthatzeko.

       Oi, oihan zokho hartako ikaragarrikeria! Etzuten gehiago gizonak iduri eriek. Aldean ukhurtua, alde guzietarat zoakioten ustelduraren erdian belhauniko hainitzetan, azken sakramenduen ematen hasten nitzaiotelarik, olio sainduak ez zikhintzeko, erhiak xukatu behar nituen aldi guziz. Zer bihotza behar den holakoetan goitika ez hasteko! Lehen aldietan bihotzak gaindi egin zautala ez dut gordeko. Geroztik barnea egin zautan haatik! Ehortzetek ez ninduten batere gutiago lotsatzen, herritik nihor ez baitzen haizu hilari jarraikitzerat…

       Hala hala, zer atseginak ere ez nituen! Gaixo eriek hain ongi hartzen zituzten beren gaitz eta heriotzeak nun uste baitut oro Jainkoarekin direla zeruan! Oraino pagano zirenak, bakar batzu salbu, oro bathaiatu nituen, ematen giniozkaten artha onek unkiturik. Oi, Jainkoa zoin ona den! Hainitz eriarazi du… salbatzeko! «Felix calamitas!» oihu egin dezaket beraz nik ere, guzien gatik: pikota ethorri ez balitzauku, hainitz eta hainitz beren ilhunpetan egonen ziren!

       Iduri luke, ikusi ginuenean gaitza ez ginezakela geldi bere bidetan, ez gintuela baitezpada eriak zokho hartarat ereman beharko. Bainan ez nintzen airerat ari. Paganoek etzuten guk bezala egin beren herrietan, eta pikota hainitz lasterrago hedatu zitzaioten. Oro kasik batean eritu ziren eta kanpo lanak nihundik etzituzten hortakotz egiten ahal izan. Pikotaren ondotik goseteak atxeman zituen beraz. Guk aldiz eriak arthatu gintuen, eta kanpo lan guziak egin, hainbertze eri ez ginuelakotz batean, eta gero selhauruak bethi bezala bethe ziren.

       Eta Aita Besombes nere lagun berria zer ari othe zen denbora hortan? Nola ez dutan aiphatu zaudete segurki? Zertako? Bera eritu zaukulakotz. Etzuen haatik pikotak hartu, bigetan bederen xertatua izana baitzen, bainan oihanetako sukharrak. Lehen ilhabetean ederki ihardoki zuen eta lorietan erraten zautan. «Ikusiko duzu ni ez naizela erituko! Ez dut egundaino orai bezenbat indar ukhan!»—«Hobe, adixkidea, hobe, bainan etzatzu lasterregi egin kukuruku: badakit hemengo berri!»

       Eta egiazki gaitzak etzuen ordu arte hartu, gero azkarkiago hartzeko baizik. Sukharrez bertzalde, hazteria zikhin bat ukhan zuen: bai-eta barneko gaindidura batzu. Zainak hala hil zitzaizkon nun deusetako kalipurik ez baitzuen gehiago. Erran ditake beraz, guzien buruan pikota denbora hartan nik baino gehiago ikusi zuela…

       Jada errana dut eta berritz erran nahi: hemen gaindi bada nausien nausi bat, sukharra. Nihork ez dio buru egiten ahal. Salbaiak berak noizean behinka hartzen ditu, bainan kanpotiar bati ez dio barkatzen. Gutiz gehienak hobirat erematen ditu. Sendatzen direnak, ongi eta ongi ahuldu eta zehaturik uzten ditu. Eta utziko! Hau ongi jakin dezatela gure ondokoek. Ez diotet lotsatzeko erraten: misionesta deusek ez du lotsatzen, bainan ez diten lotsa! Misionest gazte batek hunat ethortzean badu amets bat: martirgoarena. Hemen badute martirgoaren mentura. Zer diot mentura? Segurantza, badute, segurantza. Bainan martirgo hori ez da nahi luketen su, azote eta odolarekilako martirgo hura. Bertze bat da, luze eta samina! Ustea badut, bai eta esperantza, huni bertzeari bezen begitarte ona egiten diola Jainkoak…

 

 

HOGOITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

Gau latzgarri bat. — Jainkoa gure alde

 

       Gutik egin zuen pikotak ez bazuen desegin misionesten lan guzia. Solas horri lothu gabe, bertze ixtorio bat nahi dautzuet haatik kondatu, ikus dezazuen Jainkoak nola laguntzen gintuen segurki. Gisa hortan, hein batean bederen, gure Jainkoaren alderako zorra ttipituko dugu…

       Pikota hasi baino urthe bat lehenago, zenbeit koxamar makurtu ziren hauzo batzuekin eta Tolehko herrirat joan egoterat. Toleh hamar bat aneurkin edo kilometretan da. Zazpi joan ziren denetarat: bortz pagano eta bi girixtino. Bertze hirur ere baziren haatik katiximan ibiliak. Pikota etxean sartu zitzaiotelarik lotsatu ziren, eta beldurtu ifernurat joan beharko zutela. Elgarrekin mintzaturik, muthiko gazte bat ethorri zautan bilha, izerdi uretan. Eguerdi zen. Aintzineko gaua sukharrarekin iragana bainuen neronek, etzana nindagon. Euria ari zen bertzalde parrapatan, eta ibaiak jada handituak ziren. Banakien bertzalde arratsari buruz sukharrak berritz hartuko ninduela. Bainan hirur bathaioren aintzinean etzen sukharrik ez bertzerik: xutitu nintzen berehala eta abiatu. Koxametik Tolehrat joaiteko ez da lur biderik oren erdi batez: nahi eta ez urez joan behar. Bi Anamita hartu nituen, untziska batean eremateko. Lur-biderat heldu ginelarik Koxamerat itzularazi nituen, ongi eta ongi erranik ilhuntzeko toki bererat ethortzeko, sukharrak han hartzerat utzi gabe, eta oinez jarraiki nitzaion nere mandatari gazteari.

       Erien etxean sartzean halako usainak sudur guzia bethe zautan nun alditxartzer bainintzen. Eri gaixoen loriak berehala phiztu ninduen haatik. Bi oren iragan nituen han, eta beharrenak errepikaturik, hirur bathaio egin nituen. Ikusi bazinute etxe hartako zoriona! Huna zer erran zautan emazte gazte batek: «Aita, orai hil naiteke bederen! Ez dut deusen gutiziarik gehiago lurrean!» Gaixoa! Jainkoak aditu zuen eta ondoko gauean berean deithu. Eta segur haren gorphutza ondoko egunetan ez bazitaken usteldura meta bat baizik, arima zeruan zen bederen bathaioko garbitasun eta distiraduran! Bertze bigek gaitza garhaitu zuten eta ez dute segurki ahantzia Jainkoaren dohaina.

       Bainan iguzkia aphaltzen hasia zen eta etxerat itzuli behar nuen. Goizeko muthiko gazte bera gidari, ur hegiari buruz taka taka abiatu nintzen. Ondikotz, etxetik ehun urhatsen buruko horra nun hasten zaukun ortzia karraskan! Nere laguna igorri nuen gibelat, bakharrik ere bidea eginen nuela.

       Sobera atsegin ukhana nuen arratsalde hartan: Jainkoarekin zorretan ninzen beraz. Euria hasi zuen jauts-ahala… eta ur hegian nere gizonik nihun ez ageri! Beha egonik, Koxamerat itzuliak ziren, holako denborarekin eta eri, segurki ez nintzela kanporat menturatuko. Hotz ikarak jada hasiak nituen. Bada, handik Koxamerat badakizue ez nuela lur biderik. Etzen alde guzietarik sasi beltza baizik. Eta horra nun urak atheratzen diren karraskan, zuhaitz eta oro errotik atheraturik berenkin ereman nahi balituzte bezala! Gaua, gau lodi bat ethorri zen hainbertzenarekin… eta ni bethi han! Han, eri eta atherberik gabe! Zer egin? Othoitz kartsuena Jainko Maiteari bihotzaren erdi-erditik eskaini-eta, makhil bat pikatu nuen sasian eta abiatu. Abiatu, norapeit. Ondikotz, menditik beheiti karraskan ethorririk, ur tzar batek nere bidea hautsi zautan laster! Etzuen iduri halako urik bazela: sartu nintzen. Belhaunetaraino nuen doidoia, bainan halako indarra eta oldarra zuen nun, ohartu gabe, laur hatzez gora han harat eremana baininduen! Beharrik Jainkoak ez ninduen utzi! Haitz ondo baten ondoan iragaitean, adar batzueri aztaparka lothu nintzen, xutitu eta uretik ahal nuen bezala atheratu. Erreka bi urhatsetan zoakidan karraska gorrian. Han sartu banintz, nereak egin zuen… mirakuilu batez kanpo.

       Lehertua, lohiaren erdian jarri nintzen den gutieneko bat nerebaitaratu arte. Hotzaren hotzez sua nuen gorphutz guzian. Bainan sukharraren gatik errekaren bertzalderat joanez baizik ez nezakela deus egin ikusirik, xutitu nintzen berritz. Han berean etzen bertzalderat iragaiterik. Goraxago erreka hertsixago zitakeela, beraz iragan errexago, gibelat itzuli nintzen han-hemenka galtza eta athorra phuska ederrik utziz. Bainan deus guti dire horiek, gaineratekoen aldean. Halere, nere erreka tzarra iragan nuen azkenean… sei oren handiz hirur kilometra ttipi egin ondoan! Hameka orenak bezala ziren. Haizea eta euria gelditu ziren hainbertzenarekin. Ilhuna bethi bardin lodi zen haatik. Bi urhatsetan nuen beltz zerbeiti hurbildurik, ongi haztatu nuen eta ikusi zuhaitz lodi bat zela lurretik bi metretan bi aldetarat zabaltzen zena. Xutik ez nindagoken gehiago. Zuhaitzerat igan nintzen beraz, hortzak ederki tinkatuz, eta ixtapeka eman. Han pausatu nintzen, amets batzu bezala egun hartako urhats eta gertakariak gogoan nerabilzkala. Bainan errazue? Hirur lagunen bathaiatzeak ez othe du hoinbertze balio? Hala heldu zautan bederen gogorat nere zaldi gogorraren gainean: «Ni zer naiz? Deus, eta deus baino gutiago, bainan gaur bederen erran dezaket egiazki misionest naizela! Jainko maitea, azkenean urrikaldu zitzauzkit, ezen gau huntan zuhaitz baten gainean egin behar badut lo, zure amodioak hortaratu nauela erraten ahal dut!» Ez dut uste ohantze hura munduko tronurik ederrenarentzat trukatuko nuen orduantxe…

       Gau guzia han iragaitea hobe nuela nindagon, hotza sartzen hasi zitzautalarik. Han egotea, hiltzea zen. Jainkoak badakiela oihanean ere bere misionestaren zaintzen, belharrez belhar, sasiz sasi abiatu nintzen eta joan, joan, joan bethi, azkenean landa irrisa batetarat heldu arte. Zaintzalearen etxola gogorat ethorririk, eskuin eta ezker bilhatu nuen, eta noizpeit atxemanik, sartu: «Orai banu su ttipi bat, idortzeko bederen!» Alabainan duen hura behinere etzaio aski gizonari! Egia erran sukhar harekin eta larruraino bustia, ez da harritzeko nik sua gutiziaturik ere! Nola egin ordean surik? Zerekin? Hain xuxen horra nun su phizteko dohakabe bat zarpan atxematen dutan. Ez gero, biga: bat, bat bakharra, dena ere bustia! Ikharan iraganarazi nuen harri baten kontra… eta phiztu. Jainkoak hala nahi duenean, oro alde joaiten zauzkitzu: horra froga. Zer sua egin nuen! Ez dut uste gau ondar hura nik baino gustuanago iragan zuen gizonik badela munduan, Jainkoari oihuka: «Zoin ona zaren! zoin ona zaren! eta zoin ona zaren!»

       Ondoko egunetan haatik, nahi banuen eta ez, nere ohean luze-luzea egon behar izatu nuen, bi bulharrak hartuak eta hatsa korrokan. Ez da behinere deusetaz espantuka ari behar. Nik uste bainuen bulharrak gaitz guziak baino azkarrago nituela, horra!

       Behin hiltzerat nindoala beldurturik, ez nion nahi baino lasterrago nere bekatuen barkamendua emanarazi Aita Besombesi, eta harek barkamenduzko hitzak bururatu gabe, jada ezagutzarik gabe nintzen. Gaua hasterat zoan. Biharamunean nere baitaratu nintzelarik, badakizue zer ikasi nuen? Oliodura Saindua bera ukhana nuela, orok nitaz etsiturik! Bainan olio sainduarekin Aita Besombesek nere zangoak unkitu zitueneko bera alditxartu zen eta zabal-zabala lurrerat erori! Herri guzia gure alderat bildu omen zen berehala, nigar marraskaz oro! Uste dut norbeitek gure ehortzetak ere aiphatu zituen. Bainan Jainkoak ez gintuen oraino nahi. Sendatu nintzen: Aita Besombes ere, ba. Behinere etzela haatik arras ongituko, nere Jaun Charbonnier gure aphezpiku berriak Cochinchinarat deithu zuen. Bidea ahal zuen bezala egin zuen nere lagun gaixoak, noiz-nahi hiltzeko irriskuan. Aphezpikutegian urthe batez ukhan zituen artha onek hobekitu zuten halere… eta oraino ikusiko duzue Banharrekin borroka…

       Bainan ez othe da ordu Jainkoak gure elizadi berri maiteari igorri ziozkan frogantza ikharagarriak aipha detzadan azkenean? Ba naski.

       Jada errana dut girixtino batek ekarri zaukula pikota, itxura guzien arabera. Jada baginuen hortakotz mehatxu frango aditurik eskuin eta ezker. Jainkoak bere gaztigua eman zion haatik, gehien-gehienik gure kontra mintzatu zen dohakabeari: etxe guzia hustu zion, lau anaietarik hasirik azken haurreraino, bera barne.

       Debruak dohakabe horri ordainak atxeman ziozkan halere gure kontra gerla hasteko edo has-arazteko. Etsaiik ez ginuen aldeko herrietan. Bi egunen bidean bilhatu zituen beraz: Xodangetarrak. Hauien xede gaixtoak aski laster beharritaratu zitzauzkun, bainan ez noiz jazarri beharrak gintuen. Horra zertako egun eta gau ikharan ginauden. Damurik!

       Hirur aldiz abiatu ziren guri buruz. Rohaieko elizadia zuten gehienik begietan eta lehen xedetan, herri hortaz jabetuz geroz gaineratekoez aise jabetuko zirela, inguru-herriak ez baitziren segurki gure alde agertu nahi, kontra ez izana gatik. Lehen aldian lau ehun Xodangetar baziren jada bidean, hegaztinak kontrako aldetik hasi zitzaizkotelarik kantuz eta gibelat eginarazi.

       Bigarren aldian, oraino gerlari gehiago bildu zen eta bideari lothu. Hastean hegaztinak alde agerturik, airean Rohaieko ondoraino hurbildu ziren. Han basa-gathu batek bidea pikatu zioten haatik. Basa-gathu bat bidean, zer jainkoen mehatxua! Berritz ere ukho egin zuten…

       Hirurgarrenean, bortz ehunez goiti baziren. Hitzartua zuten traba guzien gatik bururat helduko zirela, eta gauaz Rohaieko ondo-ondoraino heldu ziren. Hain xuxen, salbu bizpahirur atxo xahar eta zenbeit haur, Rohaitar guziak oihanean ziren, egoitza berrien egiten ari. Etsaiak etzuen beraz hainitz irriskatuko Rohaien sartu balitz: oro suntsitzen ahalko zituen nahi-nahirat. Bainan Jainkoa etzagon lo aldi huntan ere eta berritz salbatu gintuen.

       Oren erdi baten bidean ziren Xodangetar gerlariak, gure elefantetarik bat, oihanean alhan ibilirik, bidearen erdian tente eman zitzaiotelarik. Ilhargi bafada batek oro argiturik hainbertzenarekin, etsaieri odola berehala hoztu zioten zainetan… elefant harek, eta etziren nahi baino lasterrago beren etxetarat heldu, zin eginik girixtinoak hilen zituela nahi zuenak: ez, hek!…

       Handik zenbeit egunen buruan mezua igorri zaukuten etzirela gehiago hasarre eta adixkidetu nahi zutela: «Egin nahi ginautzuen gerla etzen zuzena, gure jainkoek hirur aldiz trabak igorri dauzkutenaz geroz! »

       Jainkoak lagundu gintuen oraino. Bethi bardin urrikal dakigula…

 

 

HOGOITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

Aita Besombes, ederki lanean hasi orduko, hiltzen da

 

       Kasik gure girixtinoen erdia galdu ginuen pikotarekin, eta zorigaitzez, Koxamen bederen hoberen hoberenak. Pikota ethorri aintzinean erran ditake girixtinoek egiten zutela Koxamen legea. Paganoek deusetan etzioten buru egiten behinere eta finka ditake kasik herri hori arras girixtinotua zela, pagano bakhar-bakhar batzuekin. Nola, bertzalde, herriko buruzagiek deus ez baitzuten hasten misionestari bere baimena galdetu eta baizik, sekulan etzen makhurrik. Herriko buruzagi on horietarik bat baizik etzen haatik gehiago bizi: Hemur. Ondikotz, zahartzen hasia hau ere! Etzioten beraz gehiago hainbertze behatzen. Hemen gaindi nausi izateko, ez da indarra eta bihotza bezalakorik, eta bigak galtzen dire adinarekin. Gaizo Hemur!

       Hau ere aithortu behar dut: paganoetan bakhar batzu baziren oraino gure erakaspeneri aski begi gaixtoz behatzen zutenak. Aintzinean gordetzen bazuten, kopeta altxatzen hasi zuten girixtinoak gutitzean. Elhea goraxago zuten; jada eztabaida batzuetan zuzen kontra ibiliak! Eta horra nun Koxame hauzo-herri batekin makurtzen den. Pagano eta girixtino, orori erran ginioten berehala zer zuten egiteko, zuzenki ibili nahi bazuten. Ez gintuzten entzun. Ez gintuzten entzun, diot, ezen biga baginen hola mintzatzeko: Aita Besombes berritz nerekin nuen. Begiak argitu zitzauzkun orduan eta ikusi ginuen gure elizadiari erroak eginaraztekotz, bertze lur batean landatu behar ginuela, edo bertze gisa batetarat bederen.

       Hastean pagano herrien erdi-erdian egiten gintuen gure etxeak. Ez ginezaken bertzela egin, egia erran. Hola girixtino berriak irrisku guzien erdian ziren haatik. Horietarik urruntzeko, norapeit herriz kanpo ereman behar gintuen beraz. Hala deliberatu ginuen. Bakhotxa gure alde lanean hasiko ginen, toki hoberenetan. Ez ginuen dudarik salbaiek, gure landa ederrak ikusi eta, emeki-emeki gutarik hurbildu nahiko zutela: aski ginuen orduan guk eman legeak onhartu nahi zituztenak baizik ez hurbiltzerat uztea! «Hanbat gaixto gure herrietarik urruntzeak kalte zenbeit balinbadu mementoan! Hala-hala hemen bizitzea baino ez othe dugu hobe bertze nunbeit erroak ongi egitea?»

       Hemen gaindi lurra ez da nihorena. Bakhotxak nahi duena eta on iduritzen zaiona hartzea eta atxikitzea aski. Ez ginuen beraz beldurrik norbeitek kontra egin zezan hauzo-herrietarik. Halere eskuak bethe giniozkaten, lanean hasi gabe, seguragoz. Girixtino batzuekin joan ginen, bakhotxa gure alde, jarraiki nahi etzaizkigunak aphez anamit baten eskuetan utzirik. Hauiekin aise gururatzeko, ez ginen urrunegi joan. Eta lothu ginen lanari, jozak eta emak. Bainan Aita Besombesen lanak aipha detzagun lehenik.

       Xolangeko elizadia suntsituxea zen pikotarekin. Hil etziren girixtino bakharrak eskuin eta ezker joaiteko bezperan ziren Hadrongetarren beldurrez. Aita Besombes galdetzerat joan zitzaioten eia nahi zuten herri bat egin harekin. Baietz, gogotik. Bainan guziak ongi adi detzatzuen, hitz bat erran behar dut Hadrongetarrez.

       Motongeko hegoaldean badire lehenik zelhai handi batzu, gero mendixka lerro bat, eta gibelean aran eder eta aberatsenak. Haratago. mendi mazelan dagozi, Motongetik bi egunen bidean bezala, delako Hadrongetarrak. Gerla arras maite dute eta tzarrak dire. Lurrak hoberenetarik baitituzte eta ibil-errexak, emazteeri eginarazten diozkate lanak, berak Banharren kitzikatzerat joaiteko. Holako itzuli bakhotxean esklabo bat edo bertze erematen dute hemendik berentzat edo Laostarreri saltzeko. Gu hunat ethorriz geroztik ere, eskualde hartan ehun bat herri bada gutienetik Hadrongetarren lotsaz husturik. Eta orai horra eskualde bat osoa hain ibil-errexa litakelarik, larre doana! Hadrongetarren izena bera aiphatzea aski zaiote hemen gaindiko haurreri ikhara jauzarazteko.

       Aita Besombes ibili zen oihanez oihan Xolangetik Hadrongetarren herriraino, nun atxemanen zuen lur hoberena eta herri baten egiteko egokiena. Han elizadi bat egin-eta, Hadrongetarrek etzirela alde huntarat gehiago abiatuko egiten zuen. Guk geronek ez dugu salbai horien beldurrik. Ez daukute egundaino minik ez kalterik egin: berak lotsatuko dire gutarik ttipienari zimiko baten egiteko ere. Bainan gure meneko gizonak gu bezen aise utz othe letzazkete oihanetan, bat edo bertze preso ereman gabe, etzakitelakoan gure meneko zirela? Hori ez ginakien oraino, bainan Aita Besombes fida zen haren kopetak Hadrongetar tzarrenak lotsatuko zituela eta bide xuxenean atxikiko. Bere lagunekin hitzartu zuen beraz bera joanen zela lehenik hautatu tokirat eta landa bat ederra eginen langile batzuekin, uztaren mementoan makhurrik ez bazen, Xolangetar guziak joanarazteko.

       Artean errateko, Aita Besombes bezalako gizon bihotzdun guti da: deusek etzion burua galarazten. Etzakien kexatzea zer den irrisku handienetan ere. Iduri zuen-eta kasik irriskua etzuela ikusten! Huna zerbeit Aita Besombes elhe guziek baino hobeki ezagutaraziko dautzuetena. Cochinchinan bizi zen orduan. Gau batez heldu zaizko basa-gathu handi bat badela etxe inguruan. Hartzen du bere xixpa eta kanporat badoa. Hara bi argi sasian: basa-gathuaren begiak. Xuxen-xuxena badoa bi urhatsetaraino eta tiro batez, zabal-zabala, marruma bat eginarazi gabe, sasian etzaten du basa-gathua. Bertze holatsuko zer-nahi erraten zuten hartaz, ongi ezagutu zutenek. Horra zertako salbaiek nahiago zuten hari fidatu armada oso bati baino. Horra ere zertako hain aise onhartu zuten harekin herri baten altxatzea, Hadrongetarren bide-bidean izanagatik…

       1866garren urthearen ondarrean ginen, hola bakhotxak gure alde hartu ginuelarik. Xolangerat joan zen lehenik eta handik oihanerat. Aita Baoren beharrik etzen beraz gehiago Xolangen: Koxamerat igorri nuen, hango lanaren egiteko. Aita Besombes etzen bakharrik joan toki berrirat; hamazazpi edo hemezortzi lagun ereman zituen berekin. Hautarik sei Anamitak; bertze guziak salbaiak, ezkondu eta ezkongei. Oro, ordu arte, Aitaren muthil eta zerbitzari zirenak. Etzoazin urrun: doidoia orentsu baten biderat. Bainan sobera zen hori bera goizean eta arratsean egiteko: Aitak berehala etxola handi bat eginarazi zioten beraz han egoteko alderat eta etziren ondoan baizik hasi oihanaren errotik atheratzen landaren egiteko eta irrisaren eraiteko.

       Erran gabe doa holakoetan bethi lehen lanak direla bortitzenak eta Aita Besombes etzen hainitz jostatu lehen egunetan. Zenbeit ahuntz bainituen Annametik ukhanak, bizpahirur igorri niozkan. Hola, esne xorta bat bederen bazukeen, hasteko, bainan basagathu batek ebatsi ziozkan. Zaldi bat ere banion emana Xolangerat ibiltzeko; hura ere ebatsi zion basa-gathu berak edo bertze batek. Zaldirik gabe etzuen Xolangerat joaiterik eta gauak han iragan behar zituen nahi eta ez. Langileak hain lotsa ziren Hadrongetarrentzat, berak uzteko!

       Eta egia erran, gaixoek bazuten Hadrongetarrentzat lotsatzeko arrazoina frango. Behin, Aita Besombes norapeit bazterturik, kanabera landare batzuen bilha edo ihizi zerbeiten ondotik, Hadrongetarrak ustegabean gainerat ethorri zitzaizkoten langileeri, eta neskatxa bat ebatsi zioten. Aita itzuli zelarik, oro nigarrez atxeman zituen eta, han irrisku sobera bazela, ihes abiatzeko heinean. Aitak hitzeman zioten, munduko etsai guzien gatik, neskatxa joan bidetik itzuliko zela laster etxerat. Ohoinak nungoak ziren jakin zueneko, bi Anamita igorri ziozkaten eskutitz motz hunekin: «Neskatxa hori aitaso Kinh ongi ezagutzen duzuenarena baita, errazue zer gaizki egin dautzuen. Bainan hobenik ez badu eta zuzen kontra ebatsi badiozue, lehenbailehen itzuliko duzue». Eta Hadrongetarrek neskatxa itzuli zioten. Egundano menturaz etzioten nihori deusek hola itzuli! Bixtan da berri hori ere laster hedatu zela orotarat eta Aitaren fama etzela ttipitu. Langileak etziren gehiago lotsa eta goizetik arratserat gogo onez ari ziren beren oihan zokhoan.

       Zuhaitzak atheratu eta tokia garbitu zuten segidan, zikhin guziak errerik. Gero lurra aphaindurik, irrisa erain. Irrisa ederki abiatua zen jada, herriko-etxea landaren erdi-erdian hasi zutelarik. Gero, selhauruen aldi. Ezen selhauruak ere egin behar ziren, irrisa polliki horitzerat baitzoan! Zer egun goxoen esperantza! Baduk hoberik: horra nun eritzen den Aita Besombes, betbetan!

       Berri hori ekharri zautedanean, berritz ere sukharrarekin nintzen. Nere laguna ni baino eriago zitakeela, jeiki nintzen nere ohe txarretik eta bideari lothu. Lotsatzen hasia zen Aita Besombes. Etzakien batere zer zuen, bainan etzezaken jan eta edanik atxik. Mirikurik ez den tokietan ez da sendagailu bat baizik: othoitza. Gero sendatzea edo hiltzea, Jainkoaren gain!

       Gau hura eriarekin iragan nuen. Biharamun goizean hobekixago iduri zuen. Kofesatu nuen halere eta nere etxerat itzuli nintzen, Andredena Mariak han iragaiteko. Bideak sukharra emendatu zautan oraino eta bi egunen buruan mandatua ekharri zautedalarik Aita Besombes gaizkitu zela, ez nintaken higi. Aita Bao joan zen beraz Xolangerat. Elhea galdua omen zuen ordukotz eri gaixoak. Ezagutza bazuen oraino eta zerbeit gisaz Aita Baori adiarazi zion berritz ere bere bekatuen barkamendua nahi zuela, eta Aita Baok barkamenduaren hitzak erratean eskua altxatu zuelarik eriaren gainerat, huni bi nigar gozo jauzi zitzaizkon begietarik. Berehala oliodura saindua eman zion. Horren beha bezala zagon Aita Besombes azken hatsaren emateko: 1867garren urthea eta agorrilaren hamaseia zen, Andredena Mariaren phesta biharamuna. Ez da dudarik Ama Onak deithu zuela bere ondotik aingeru eta sainduen egoitza ederrerat sar-arazteko.

       Nork erran behinere Jainkoa zer xedek dabilkan! Horra misionest gazte bat. Gazte bezen kartsua da, eta iduri du Banharren elizadian ez ditakeela deus onik gehiago egin hori gabe. Eta horra nun, lanean hasi deneko, Jainkoak bere ganat deitzen duen! Gure Aita Zeruetakoa, halere bethi egin bedi zuk nahi duzuna! Neroni eri eta nere adixkide bakharra hila, nola erran nere bihotzmina!

       Ez nuen Aita Besombes ehortzterat uzten ahal oraino arras finkatua etzen herri batean. Lan bat da haatik hemen gaindi gorphutz baten toki batetik bertzerat erematea, ezen salbaiek uste dute kutsua bidean ixurtzen duela. Egitekotz, bideko herri guzieri zerbeit eman behar zaiote… kutsuaren urruntzeko. Nik ez nuen holako antolamendurik onhartzen ahal. Gerlarik ere ez nuen behar haatik. Anamita eta langileeri urez bertzaldetik ekharrarazi nioten gorphutza, nihungo herririk unkitu gabe. Gau bat osoa eman zuten bidean Rohaieraino heltzeko eta han neronek egin nituen elizkizun guziak.

       Aita Besombes gaixoaz ez erratekorik gehiago izaiteko, berehala huna zer gertatu zen. Ogia utzi ala segitu behar zen? Hastean segitzea hobe zela egin nuen eta Aita Do harat igorri. Etzuen hainitz denbora berritz, gurekin zela. Lan handi-handirik ez baitzen oraino eginik, lotsa zitaken.

       Ez: etzen lotsatu eta hilak zerutik lagundu zuen. Uzta ederra sartu zen urthe hartan selhauruetan. Gero, orok elgar lagunduz egoitza berri batzu egin zituzten eta, hitzartuak ziren bezala, Xolangeko girixtino guziak ethorri zitzaizkoten han egoterat. Herri berriari «Tou-Er» eman ginion izena, ondo hetako ibai handi baten izenetik. Egungo egunean hirur ehun bat bizitzale bada han. Girixtino baino pagano gehiago oraino, bainan hurbiltzen ari zauzku emeki-emeki hauk ere, eta esperantza dut laster bertze girixtino berri andana eder bat ukhanen dugula.

        

HOGOITA BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Bertze herri bat: Jo-Ri-Krong.— Lagun berri bat: Aita Suchet eta hunen heriotzea.— Banharren elizadia zertan den

 

       Aita Besombes bere oihanean lanean ari zen denboran, hitz dautzuet ni ere ez nindagola eskuak gurutzaturik. Badakizue Koxamen hasten dela Rongaoko zelhai ederra, Bla ibaiaren bi aldetan egun baten bidean hedatzen dena. Eskuineko aldean hautatu nuen toki berria, Koxam eta Rohaien artean. Ez da lur ustel horiek baino aberatsagorik. Tresna on batzuekin laster baratze xoragarri bat iduri luke eremu guziak. Urthe guziz uholdeek busti aldi bat ederra ematen diote alde batetik, eta bertzetik ez ditake asma zenbat xirripa on heldu zaion mendietarik… irrisa aise landa ditaken zokho busti guzia aiphatu gabe. Bainan salbaiek ez dute aski tresna holako lan bati lotzeko.

       Eta egiazki orai arte bederen ongi egin dute ez lotzea! Esku hutsekin edo halatsu egin behar direlarik oro, ez du balio amets handiegitan hastea. Zertako uste duzue salbaiek maldak bilhatzen dituztela, edo mendiak edo oihanak, beren landen egiteko? Heien etsaiik handiena belharra baita, eta beren irrisa beheretan edo toki urtsu batean egiten badute, laster irrisa horri belharra nausituko baitzaio. Holako toki batean, sarra-ahala, belharra sortzen da, eta arratsean ez da ageri goizean nun zer sarratu zen. Gehiago dena, ez da aski belharraren errotik atheratzea ere, berehala ez erretzekotan: ondoko gauean berean ihintzak egundaino bezala har-araz lezoke.

       Koxametik urruntzeko jada eman dauzkitzuetan estakuruez kanpo, berze hau ere banuen beraz: bere lur txarrekin Koxam niholaz etzitakeela gehiago zabal eta handi, hango patarretan golderik ez baitzitaken higi. Bada, ongi ikusten nuen girixtino berrieri baitezpada irakutsi behar niozkatela nekhazaritzako molde berriak, oihanetarat joan etziten. Oro toki aberats eta ibil-errex batean bilduz baizik ez nezaken gehiago zerbeit egin…

       Ongi buruan ibiliak nituen oro: nere herri berria laborari etxe handi bat izanen zela, eta holako. Nere Anamitak lehenik igorri nituen Hagou deithu salbaietarat, idi eta basa-idi batzuen erosteko. Gero Cochinchinarat joan ziren golde eta gainerateko tresnen bilha. Nik bezala egin zuen Aita Dok, lurrak oraino nereak baino ibil errexago baitzituen, eta hainitz hurbilago. Nik baino lasterrago hasi zituen lan berriak: bainan, orduan eta gero, bethi elgar lagunduz egin ditugu gure urhats guziak.

       On da orai bederen erran dezazuegun, izan dadien Europakoa edo Anamita, hemengo aphez batek zer langile eta laguntzaile duen bere etxean eta menean. Lehenik, zenbeit Anamita, berek nahi zutelakotz jarraiki zaizkonak, katixima, prediku eta gainerakoetan laguntzeko. Komentuetan bizi diren fraide kartsu batzuen lan ber-berak egiten dituzte. Katixima eta predikuez bertzalde, ez dire haatik lotsa zer-nahiri lotzeko, ala barnean ala kanpoan. Lur-lanetan trebe dire gutiz gehienak. Anamitek irakutsi diote salbaieri goldearen erabiltzen.

       Aphez baten etxean bertzalde badire, esklabo izanik, aphezak erosi dituen sehi eta langileak. Eta artean errateko, sos gehiago baginu esklabo gaixoen erosteko! Bainan… bainan…! Esklabo hautan, oraino haur hutsak badire: erosi orduko bathaiatzen ditugu. Handiagokoeri katixima irakusten diotegu lehenik, gero bathaiatzeko esperantzan. Nere etxean ez dut esklabo-ohirik baizik. Badire erosi nituelarik jada ezkonduak zirenak. Hautarik ahal bezen guti erosten dut haatik, zuhaitza ez baita gogortu-eta hain aise plegatzen! Beraz arruntean nere sehi eta langileak ongi moldatu eta plegatuak dire eta ez dute errateko handirik. Adinerat heltzen direlarik, neronek ezkontarazten ditut, bakhotxari hobekienik doakion bezala. Ez dute ez notarian ez auzaphezaren aintzinean iragaitearen beharrik, nere ezkongeiek, egun handia ethorri zaiotelarik. Kofesatzen ditut… eta ezkontzen! Eta hogoi urthe baitu salbaien erdian bizi naizela, hau finka dezaket kopeta gorarik: hemen ez dela ezkontzako legeak hausten duenik! Bainan berritz itzul gaiten gure elherat…

       Herriaren egiteko tokia hautatua nuen. Koxamarrak jarraikarazterat lehiatu nintzen orduan. Gutiz gehienek baietz ihardetsi zautedan lehenik, bainan dudak ethorri zitzaizkoten laster. Berritz bildu nituen… eta berritz hitza hartu zautedan. Dena dela, Koxametik joaiteko eguna ethorri zenean, handi handia, bi familia jarraiki zauzkitan! Ez dut ukatuko zerbeit egin zautala segurki nere arthalde guziaren han uzteak, bainan ez nezaken gehiago gibelat egin, Anamitekin bakharrik bizi beharko banuen ere. Jarraiki zauzkitan bi familietarik bat ez dut erran beharrik Hemurrena zela. Herriz kanpoko aita-familiako batek galdeturik hura ere nerekin har nezan, baietz ihardetsi nion gogotik. Paganoa zen. Hamasei lagun bazituen berekin: hiruetarik biga bederen, haurrak eta ezkongeiak.

       1866garren urthea zen eta abendoa. Hemen gaindi hazilatik aphirila arte ez baita euririk ez aro gaixtorik ez ginuen etxolak egin arte lotsatzekorik.

       Zenbeit ilhabete lehenago nere langileeri lur batzu ibilaraziak niozkaten, harat orduko irrisaren eraiteko gisan. Ez ginuen beraz landetan denborarik galdu eta egoitzen egiten hasi ginen laster. Arratsak paganoeri katixima egiten iragaiten nituen supazterrean. Bertze guziak arraintzarat joaiten ziren denbora hortan. Eta gero, afal ondoan orok batean arratseko othoitza erranik, bakhotxa joaiten zen bere xokhorat, lo xorta baten bilha, lurra mihise eta zerua estalki. Zer bizi ederra osasunean denarentzat.

       Nere etxea egin zuten lehenik: alde batean kapera, bertzean nere eta Anamiten egoitza, kapera handi eta ederrago baten geroxago egiteko xedearekin, haatik. Irrisa onthu gabe etxe guziak xutik ziren eta uzta eder bat sartu ginuen geroxago, Jainkoari esker. Irrisa hori nik partitu nuen, etxe bakhotxari jende arau berea emanez Urthe hura baino ederragorik ez dut uste ereman dutan nere bizi guzian! Oro bat ziren eta makhur baten itzalik nihun balinbazen, aski nuen ahoa idekitzea. Irrisa berriaren jaten hasi ginen egunean, hamabortz pagano bathaiatu nituen. Herria sortua zen beraz: Jo-Ri-Krong deithu nuen. Ororen loriak etzuen parerik eta Jainkoari eskerrak bihurtu giniozkan gogotik…

       Ondoko urthea oraino aberatsago izatu ginuen, tresna berrieri esker. Hadrongetarrek eman elefant bat Annameko gobernuari diru phuska baten kontra saldurik, bertze zer-nahi tresna berri eta on erosi nuen. Salbaiek esku-gainik etzuten hortako. Nere tresnak ematen niozkaten beraz beren lanen egiteko. Anamitak han eta hemen nituen egun guziz, tresna horien erabiltzeko moldea irakusteko. Aldeko herrietarik noiz-nahi nere langileen ikusten frango bazabiltzan. Urthe hartako uztak oro harritu zituen. Jo-Ri-Krong bi aldiz handiago zen beraz bertze urthe baten buruko. Ikasleak ere emendatuz zoazkidan arratseko katiximetan: gizon, emazte eta haur, bethi etxearen bethe banuen…

       Bainan mila aldiz hobe da herri bat ez dadin lasterregi handi. Aise adituko duzue zertako. Salbai bat herrirat bakharrik heldu zitzautanean, nahiko denbora banuen hartaz artha hartzeko eta nere molde berezian moldatzeko. Ehun edo berrehun ethorri balauzkit batean, lanari nihundik ez nion bururik egiten ahalko. Ez nituen beraz galdeak nola-nahi eta berehala onhartzen. Nihor ez nuen herrian sartzerat utziko, gutienetik ez bazioten jainko faltsoeri egiten diozkaten ximinokeria zozoeri berehala ukho egin nahi, eta oraino gehiago, zinez hitzematen beren makhurretan nihori etzirela jazarriko. Alabainan, hemen hasten diren auzi eta gerlak zertarik heldu dire hamarretarik bederatzietan? Hortarik, jada errana dutan bezala. Nihor ez nuen bortxatzen girixtinotzerat: bortxaz girixtinotua ez litake sekulan girixtino on bat. Nik galdetuak onhartzen zauzkitedan beraz eta hainitzek beren haur ttipiak bathaia-arazten ere. Ethorriz geroztik, ezagutza zutenak laster abiatzen zauzkitan katiximan. Larrietan badire haatik hain bil-errexak ez direnak. Bakhar batzuek deus ez dute aditu nahi. Agian denborak eta Jainkoak bilduko dituzte…

       Joanak eta ahantziak dire segurki orai lehen denbora hetako oren latzgarri eta lotsagarriak. Nihork ez gintuen ikusi nahi orduan: gure etxola txarrak, geronek egin behar gintuen oihanean. Ahal dena jan behar ginuen. Orai orotarik badugu: irrisa nahikoa, arthoa ausarki. Artho bihitik ez dugu haatik oraino irin egiterik, ehotzekorik ez baitugu! Errerik jan behar beraz artho burua!

       Eskual-Herriko arthoa hemengo irrisa-irinetik egin ogia baino hainitzez hobea da, neretzat bederen. Eyhera bat baginu, hainitz balio luke guretzat: arthoak ez du irrisak bezenbat arthatze beharrik. Ez du belharraren beldur handirik, irrisak bezala, lasterrago handitzen delakotz.

       Artho eta irrisaz bertzerik ere badugu orai gure etxeetan: oilo, xerri, ahuntz, idi, basa-idi, uso eta ere zenbeit zaldi. Elefantak bertzalde. Bainan zaldiz ibiltzeko, zerbeit badugu oraino eskas: bideak. Orai arte zaldiz ez dut Aita Doren etxerainokoa baizik egiten ahal, Rohaietik Jo-Ri-Krongerat bide pollit bat eginarazia baitugu geronek! Elefantak, alabainan, karga handien ibiltzeko dire. Badute jada zer egin irrisaren landatik etxerat ekhartzeko. Zenbeit aldiz Annamerat ere igortzen ditugu haatik muthilekin, gatzaren bilha, bai-eta Frantziatik igortzen dauzkuten phuska guzien…

       Horiek oro ez dire jada guti. Eta horien gainerat nik hau erran dezaket: Jo-Ri-Krongeko erregea naizela. Egia aithortzeko, nere erregetasuna ez doa urrun, bainan Bezkoitzen edo nun-nahi bigarren baino ez othe dut hobe hemen lehen? Onik badu nere erregetasun ttipiak: horri esker, laster ez bada noizpeit, hemengo jendea egiazko Jainkoaren ganat itzuliko da. Egin ditudan obra guzietan, ez dut egundaino bertze xederik ukhan. Aita Do Rohaien ni hemen bezen jaun handia da. Handiago ez bada!

       Eta halere hau aithortu behar lañoki: lurrean ez dela zorion osorik. Jatekoa ausarki… eta ezin gehiago jan, nik! Haragirik ezin gehiago har, barnea unhatuegia nuelakotz! Jatekorik ez ginuen denboran, idi bat janen nuen kasik. Orai idiak ba… eta ez jastatu behar! Zenbeit denbora bazuen jada jaun aphezpikuak errana zautala pausatzerat eta sendatzerat haren ganat joaiteko. Herri berria egin-eta joanen nintzela ihardetsia nion. Eta herria egin orduko, Aita Besombes hila! Ez netzazken salbaiak aphezik gabe utz.

       Behin, egun ilhun batekin, gogoetan ari nintzen nere buruarekin, sekulan hiltzerat heldu banintz edo bertze norapeit joaiten, Banharren elizadia berehala suntsituko zela segur. Horra nun urhats arrotz bat aditzen dutan hainbertzenarekin, athean. Itzultzen naiz. Eta zer ikusten dut? Misionest xuri bat. Aita Suchet..

       Ez ditake asma zer loriak hartu ninduen. Lorietan zagon misionest gaztea ere. Begietarik, begitartetik, bere urhatsetik beretik ageri zuen hala zagola! Hogoita lau urthe zituen. Bi musu gozoren artetik, huna zer erran zautan: «Aita Dourisboure, Jainkoak igortzen nau zure ganat. Badakit eri zarela eta ezintzen hasia. Nik aldiz indar frango badut, eta ongi lagunduko zaitut!»

       Ongi lagunduko! Sukharrek berehala hartu ez balute, ba! Bi ilhabete gabe hil ez balitz, ba! Jainkoak geroa ezagutarazten balauku, ez litake zorionik. Badaki segurki zer ari den, oro gordez. Aita Suchet ethorri zelako berria laster hedatu zen herrian eta atseginak gaindi egin zuen bihotz guzietan. Nihor etzen lanerat joan egun hartan eta orok, lerro-lerro, itzuli bat egin zuten gure etxeraino Misionest berriari agur baten errateko. Aita Suchetek etzakien mintzaira; nik ihardesten nioten beraz haren partez: «Ikusten duzue zoin maite zauzten Jainkoak! Lotsatzerat zinoazten, eri naizelakotz, nere heriotzeak umexurtx utziko zintuztela. Orai nik badut ordaina, eta zuek aita. Nik atsegin handi bat badut bihotzean: zuek ere alegeratu behar duzue nik bezala. Aita berri hunek bere aitamak eta hamahirur haurride etxean utzi ditu: froga hoberik othe ditake egiazki maite zaituztela? Guziz, zuen arimak maite dituela? Nola ez duzue beraz ordainez maitatuko? Eta bereziki zuen arimak nola ez ditutzue hobeki maitatuko?»

       Segurki frogatu nuen laster lagun bat ona baino hobea igorri zautedala: kartsua zen, ixila eta bihotz onekoa. Ez nezaken adixkide hoberik asma eta gutizia. Hel-eta bizpahirur egunen buruko jaun aphezpikuari hitz bat igorri zion salbaietan jada lakhetua zela. Denbora berean erraten zion ni arras eri nintzela eta segurki jaun aphezpikuak ongi eginen zuela lehenbailehen bere etxerat deitzen baninduen, arthatzeko. Nere Jaun Charbonnier onak galdea igorri zautan beraz. Ondikotz, galde hori heldu zitzautanean, Aita Suchet jada hila zen. Sukharrek ereman zuten. Kutxa bat baitzen neretzat egina, hartan sartu ginuen eta ehortzi. Hobiaren gainean azken hitz batzuen erraten hasi orduko bi ilhabetez Aitak eman zauzkun etsenplu eder eta esperantza handiez, nigarrek itho ninduten eta ez nuen ahorik idekitzen ahal izan. Oi, bethi egin dadiela halere Jainkoaren nahi saindua!

       Jaun Aphezpikuari berri hauk igorri niozkalarik, ohartarazi nuen berritz nere xokhoari egundaino bezen estekatua nintzela, eta ez nintzela, eri izanagatik, mugituko bertze galde bat ukhan arte. Berehala ihardetsi zautan haatik: «Zer irabaziko dute Banharrek, hor hiltzen bazitzaiote? Ez othe dute hobe zenbeit denbora zutaz gabetzea, berritz azkartua itzul zakioten? Ez duzu gehiago luzatzerik: zato. Zatozkit lehenbailehen!»

       Orok uste ginuen Cochinchinako aireak sendatuko ninduela. Gaizkirik baizik etzautan egin… eta jaun aphezpikuak zenbeit denborarentzat igorri ninduen… Frantziarat.

       Egungo egunean zortzi-bederatzi ehun Banhar bada bathaiaturik, zazpi herrietan kokatuak oro. Rohai baita erdian, handik herri urrunenerat egun baten bidetsua da. Jo-Ri-Krong eta Rohaieko inguruetan Cochinchinan bezalako irrisa landa eder batzu orai ikus ditazke nun-nahi. Abereak ere badituzte aspaldiskoan salbaiek. Etxaldeek ageri dute gothortzen ari direla.

       Aita Dok behin igorri dauzkit Frantziarat hango berriak. Salbaiak nere beha omen daude segurki. Artho opilaren egiten ikasteko erraten daut, eta artho-irin egiteko tresna zerbeit ereman dezadan gibelaratekoan.

       Bainan hango elizadiak baluke bertze zerbeiten beharra ere: xixpa zenbeitena. Xixparik ez duteno, gure girixtinoak bethi irriskuan izanen dire, Hadrongetar eta bertze holako batzuen ondoan. Eta aldiz xixparen izenak berak urrunarazten ditu ohoin handienak!

       Jainko Onak bethi atxik detzala hango girixtinoak eta egin dezadala berritz hetarat itzultzeko grazia!

Liburu hau irakurtuko dutenek othoitz bat egin nahiko dute Banhar gaixoentzat…

 

Aita DOURISBOURE