Eki haizearen hodeiak ordenan eta zafiro kizkurtua

                     orroka azpian?

              Ekaitz iragarri gabeak amiletatik zelatan eta

                     mesanako oihalen trumoi hotsa?

              Bere Itsasoa, mirarietan beti desberdin, bere Itsasoa

                     beti berdin mirari bakoitzean,

              Izatea asetzen dion Itsasoa?

              Horrela eta ez bestela, horrela eta ez bestela desiratzen

                     dituzte menditarrek beren mendiak!

                            Itsasoa eta Mendiak

 

       «Mendira doana amagana doa».

       Gurutzatu zituzten Siwalikak eta Dun erdi tropikala, Mussurie atzean utzi, eta iparrerantz abiatu ziren mendiko bide estuetan barrena. Egunez egun gehiago eta gehiago barneratzen ziren mendi pilatuetan, eta egunez egun ikusten zuen Kimek nola ari zen lama gaztetzen eta indartzen. Duneko terrazetan mutilaren bizkarrean sostengatzen zen, bideko atseden leku oro aprobetxatzeko prest. Mussurirako aldapa handiaren hasieran ehiztari zaharrak bide ezagunari ekiten dion bezala suspertu zen lama, eta leher eginda geratu beharko zukeen lekuan tunika luzea estutu zuen, hartu zuen arnasa bi aldiz sakon-sakonetik haize ezin garbiago hartan, eta menditar batek bakarrik ahal duen bezala hasi zen ibiltzen. Kim, zelaietan hazi eta hezia, izerditan zihoan eta arnasestuka, txundituta. «Hau da nire herria», esan zuen lamak. «Such-zenen ondoan, arroz sail bat baino lauagoa da hau»; eta pauso luze, indartsuz, abiadura aldatu gabe, gorantz egiten zuen. Jaitsiera pikuetan ordea, mila metro hiru orduetan, haiexetan uzten zuen Kim atze-atzean: mutilari, tente jaisteko ahaleginekin, min ematen zion bizkarrak, eta behatz lodia galtzekotan ibili zen, sandalien belarrezko lokarriak ebakia eginda. Izai baso handietako itzal zipriztinduetan barrena; garoz apaindutako haritzetan barrena; urki, arte, erroiz eta pinuetan barrena, mendi magal biluzietako belardi irristakor eguzkiak errera irten eta basoen freskotasunera itzuli arte, haritzen ordez banbuak eta bailarako palmondoak azaldu ziren arte, nekerik gabe ibili zen lama.

       Ilunabarrean, atzean utzitako gailur erraldoietara eta etorri ziren bidearen marra lauso mehera erreparatuz, prestatzen zituen lamak, menditarren ikuspuntuaren esku-zabaleraz, biharamuneko etapak; edo, Spiti eta Kulura zeraman pasabide altu baten lepoan geldialdi bat eginez, eskuak luzatzen zituen irrikaz ortzi-mugako elur altuetarantz. Egunsentietan sugar gorritan agertzen ziren elurrak urdin garbiaren kontra, Kedarnath eta Badrinathek, bakardade haietako errege, eguzkiaren lehen izpia hartzen zuten artean. Egun osoa zilar urtua bailitzan egoten ziren eguzkipean, eta arratsaldean bitxiak janzten zituzten berriz ere. Hasieran haize gozoa bidaltzen zieten bidaiariei, gogoz hartzen den haizea malkar erraldoiren bat igo berria denean; baina, egun gutxietan, hiru mila bat metrotako alturan, haize horiek hozka egiten dute; eta Kimek atseginez eman zion mendiko herrixka bati merituak eskuratzeko aukera berari emanez artilezko beroki zarpail bat. Lama harritu egin zen pixka bat haize harekin, labana bezain zorrotza, arazoak zituelako inork gainetik horrenbeste urte kendu zizkion haize harexekin.

       — Baina hauek beheko mendiak dira eta, chela. Ez da hotzik benetako Mendietara heldu arte.

       — Haizea eta ura onak dira, eta jendea nahikoa atsegina, baina jatekoa oso txarra —esan zuen Kimek marmarka—; eta erotuta... edo ingelesak bagina bezala gabiltza. Gainera gauetan jela botatzen du.

       — Zertxobait bai, baliteke; baina gero eguzkitan hezurrak poztu daitezen aski, ez gehiago. Ez dugu beti ohe bigun eta jateko aberatsetan gozatzen ibili behar.

       — Bidetik joan gintezke behintzat.

       Kimek lautadatakoen maitasuna zien ondo zapalduetako bide bihurriei, bi metrotako zabalera ere gabe, mendietan gora doazenak; lamak ordea, tibetarra izaki, mendi-saihetsetako bide zidorretatik eta hartxintxarrezko malden ertzetatik joan baino ezin zuen egin. Maisuak herrenka zihoan dizipuluari azaltzen zioenez, mendietan hezitako gizonak mendiko bide baten nondik norakoa iragarri dezake, eta behe-lainoek bidea laburtu nahi duen kanpotarra atzera eragiten badute ere, ez diote alde handirik egiten pentsakorrari. Hala, zenbait orduz edozein herrialde zibilizatuetan alpinismoa izango zena egin ondoren, arnasestuka gurutzatzen zuten bi amiletako pasabide bat, lur irauliak arduraz zeharkatzen zituzten, eta basoan barrena jaisten ziren berriz bidera berrogeita bost gradutako angeluan. Bide ertzean menditarren herrixkak ageri ziren: lokatz eta lurrezko etxolak, noizean behin aizkoraz zakar landutako egurrezko zutabeak, enaren habiak bezala maldei erantsita, mila metrotako jaitsiera baten erdian zelai txiki-txikietan pilatuta, haize korronte oro bideratu eta indartzen zuen piku arteko zoko batean sartuta, edo, udako larreak zirela eta, mendi arteko pasabideren batean murgilduta, neguan hiru metro elur izango zuten lekuan. Eta jendea, azal ilunekoa, koipetsua, oihal latzez jantzia, hanka motz biluzi eta ia-ia eskimalen aurpegiekin, taldean ateratzen zen bidaiariak jaurestera. Lautadak, atsegina eta konplitua, gizon santuen arteko gizon santu bezala tratatu zuen lama. Baina mendiek ordea beren deabru guztiekin konfiantza zuen bat balitz bezala jauresten zuten. Hangoen budismoa oso bestelakoa zen, ia-ia beren paisaiak bezain fantastikoak ziren naturaren kultuekin nahasia, beren baratz txiki mailakatuak bezain landua; baina ezagutu zituzten txano handia, arrosario tilinkaria, eta aginpide eztabaidaezina zuten testu txinatar bitxiak; eta errespetatzen zuten txanoaren azpiko gizon handia.

       — Euako Bular Handien gainetik jaisten ikusi zintuztegun —esan zien gazta, esne mikatza eta harria bezain gogorra zen ogia eman zien betah batek—. Ez gara sarritan bide horretatik ibiltzen... behi ernariak galdu direnean ez bada. Egun baketsuenetan ere gizonak harrika botatzen dituen bat-bateko haize bat izaten da harri horietan artean. Baina, zer ardura zaie zuei bezalakoei Euako deabrua!

       Eta Kim, gihar guztiak minduta, zorabiatuta behera begiratzeaz, behatzak zulo desegokietan sartzeaz oinak deseginda, orduan pozten zen eguneko ibilaldiaz, St Xavierreko mutil bat laurehun metro lauak irabazitakoan adiskideen laudorioekin poztuko litzatekeen bezala. Ghi eta azukreak eragindako gantzak desegin egin zizkion mendiak; haize lehorrak, intzirika hartuta pasabide krudelen buruan, bularra sendotu eta indartu egin zion; eta aldapa zorrotzek gihar berri gogorrak erantsi zizkioten txorkatila eta izterretan.

       Sarritan meditatzen zuten Bizitzaren Gurpilaz: are gehiago, lamak esaten zuenez, haren tentazio sumagarrietatik libre zeudelako. Arrano gris bat eta noizean behin maldetan zainak miatu eta ateratzen urrutian ikusitako hartza, lehoinabar pikart amorratu bat, egunsentian ahuntza jaten ikusi zutena, eta noiz behinkako txori kolore bizi bat izan ezik, bakarrik zeuden haizearekin, eta haize azpiko belar kantariarekin. Txabola ketsuetako emakumezkoak, txabolen gainetik jaisten baitziren mendietatik behera, itsusiak eta zikinak ziren, senar askoren emazteak, eta bozioa izaten zuten. Gizasemeak aizkolaritzan aritzen ziren nekazaritza lanak utzitakoan: gizon baketsuak, eta ikaragarri xaloak ziren. Baina Kim eta lama ez zitezen elkarrizketa atseginik gabe egon, bidali zien Patuak, batzuetan beraiek harrapatzen zutela bidean, eta besteetan besteak, Daccako sendagile konplitua; jatekoaren truke bozioa sendatzeko ukenduak ematen zituen eta gizon eta emakumezkoen artean bakea jartzeko aholkuak. Mendiak mendietako dialektoak bezain ongi ezagutzen zituela zirudien, eta nolakoak ziren Ladakh eta Tibet alderako lurraldeak azaldu zion lamari. Nahi zutenean itzul zitezkeela lautadetara esan zuen. Bitartean, mendiak maite zituztenentzat, entretenigarria izan omen zitekeen bide hura. Guzti hura ez zien aldi bakar batean esan, harrizko larrainetan topo egin zuten zenbat arratsetan baizik, gaixoez arduratutakoan, sendagileak erretzen jarduten zuenean eta lama rapea hartzen, artean Kim behi txikiak etxeko teilatuen gainean larrean nola zeuden so egoten zelarik, edo arima begien atzetik joaten uzten zuela mendikateen arteko badia urdin ilunetan. Eta baso ilunetan ere izaten ziren elkarrizketa bakartiak, sendagileak belar bila joan behar zuenean, Kimek, sendagile hasberria zenez gero, lagundu egin behar baitzion hartan.

       — Egia esatera, Mr O'Hara, ez dakit zer demontre egingo dudan gure lagun kirolzaleak topatzen ditudanean; baina zuk ez baduzu nire aterkia bistaz galtzen, katastro topografiarako erreferentzia egokia baita, askoz hobeto sentituko naiz.

       Kimek mendi gailurrez osatutako oihanari begiratu zion.

       — Hau ez da nire herria, hakim. Errazagoa dela uste dut hartzaren larruan zorria aurkitzea.

       — A, horixe da nire puntu onenetako bat. Hurrik ez du presarik. Lehen izan dira, ez aspaldi. Karakorumetik jaitsi zirela esan zuten, adar, buru, eta beste guztia hartuta. Ikaratzen nauen gauza bakarra da ez ote dituzten gutunak eta gauza konprometigarriak Lehetik errusiar lurraldeetara bidali. Ahalik eta urrutien joango dira ekialderantz noski... Mendebaldeko estatuetan ez direla inoiz izan adieraztegatik, ez besterik. Ez al dituzu mendiak ezagutzen? —marra bat egin zuen makilatxo batez lurrean—. Begira! Srinagar edo Abbottabadetik barrena etorri behar izan dute. Horixe da biderik laburrena, ibaian behera Bunji eta Astorretik zehar. Baina egina dute kaltea mendebaldean. Hala bada —erreten bat egin zuen ezker-eskuin—, ibili eta ibili doaz ekialderantz Lehera (a, han bai hotz galanta!) eta Indusetik behera Han-léra (ezagutzen dut bide hori), eta gero behera, Bushahar eta Chini bailarara. Hau eliminazio prozesuz jakin dut, eta baita ere horren ondo sendatzen dudan jendeari galderak eginez. Denbora luzea eman dute gure lagunek itxurak eginez eta gogotik nabarmentzen. Horregatik, urrutitik ere ezagutzen dituzte. Ikusiko duzu nola harrapatzen ditudan Chini bailaran nonbait. Eta mesedez, ez itzazu kendu begiak aterkitik.

       Haizeak bultzaturiko xilintxa bat bezala mugitzen zen aterkia bailara eta mendi magaletan barrena, eta lamak eta Kimek, itsasorratza erabiltzen zutelarik, harrapatu egiten zuten une jakinetan, ukenduak eta hautsak saltzen ari zela ilunabarrean. «Halako eta halako bidetik etorri gara!». Lamak atzean utzitako mendi tontorrak seinalatzen zituen arduragabe, eta aterkiak sekulako konplituak egiten zizkien.

       Pasabide elurtu bat gurutzatu zuten ilargiaren argitan, eta lama, txantxetan Kimen aurretik, belaunetaraino sartu zen elurretan, gamelu baktriarraren eran, elurretan hazitako gamelua, iletsua, Kashmirreko azokan noizean behin agertzen zenetakoa. Elur arineko lurretatik igaro ziren eta elurrez hautseztatutako arbeletatik, eta han, ekaitza zela eta ardi txiki-txikiekin, bakoitzak borax zaku bat zeramala gainean, lautadetara zihoazen tibetar batzuen akanpalekuan hartu zuten babesa. Oraindik elurrez zipriztinduriko mendi saihets belartsuetara atera ziren, eta basoa zeharkatuz, belardietara heldu ziren berriz. Baina ibilaldi guzti haiek ez zuten batere ondoriorik izan Kedarnath eta Badrinathen; eta bi egunetako bidaiaren ondoren bakarrik antzeman ahal izan zuen Kimek, hiru mila metrotako mendixka kaskar batera igota, bi jaun handien apaindura edo kozkor bat, gutxi izanda ere, aldatu egin zela.

       Azkenean mundu baten barruan zegoen beste mundu batean sartu ziren: bailara luze-luze bat, non mendixkak mendi handien belaunetatik eroritako harri kozkor eta hondakinez baitzeuden osatuta. Han egun oso batez ibiltzeak ez zituen eraman, antza, amesgaiztoan korrika doana baino harantzago. Neke handiz gurutzatu zuten mendi saihets bat, eta ez al zen bada hura pilaketa nagusitik pixka bat irtenda zegoen konkorra! Belatz biribil bat ez zen gertatu, heldu zirenean, lautada zabala baino, bailaran urrun sartzen zena. Handik hiru egunetara, hegoalderako bidean zegoen lurraren tolesdura mehe bat besterik ez zen hura.

       — Jainkoak biziko dira hemen noski! —esan zuen Kimek, isiltasunak eta euriaren ondorengo hodeien tamaina eta mugimenduak txundituta—. Hau ez da gizonentzako lekua!

       — Aspaldi-aspaldian —esan zuen lamak, berekiko ari balitz bezala—, galdetu zioten Jaunari ea betirako ote zen mundua. Aparta den Hark ez zuen erantzunik eman... Ceylanen izan nintzenean, Bila zebilen jakintsu batek ziurtatu egin zidan hori, palieraz idatzitako Ebanjelioan oinarrituta. Hori bai, Askatasunerako bidea ezagutzen dugunez gero, galdera alferrekoa zen, baina... begira, eta ikusi zer den ilusioa, chela! Hauexek dira benetako Mendiak! Such-zeneko mendiak bezalakoak dira. Ez da inoiz antzeko mendirik izan!

       Beren gainean, oso-oso gainean oraindik, elurraren mugaraino altxatzen zen lurra, han, ehunka kilometroetan zehar, erregela batekin bezala jarrita, azken urki ausartak gelditzen ziren lekuan. Haien gainetik, pilatutako amil eta harritzarretan, oihal zuriaren gainetik irteten saiatzen ziren arrokak. Eta haien gainetik berriz ere, munduaren hasieratik batere aldatu gabe, baina aldakor eguzkiaren eta hodeien umorearen arabera, betiko elurra ageri zen. Ekaitza eta zirimola galduak dantzatzera altxatu ziren lekuetan arrastoak eta hutsuneak ikus zitzaketen elurretan. Zeuden lekuaren azpian, kilometrotan eta kilometrotan jaisten zen basoa, oihal berde-urdina osatuz; basoaren azpian herrixka bat zegoen, zelai mailakatu eta belardi malkartsuez inguratuta. Herrixkaren azpitik bazekiten, nahiz eta une hartan trumoia orroka aritu han, laurehun edo bostehun metrotako aldapa batek Sutluj gaztearen ama diren urlasterrak biltzen diren bailara hezera zeramala.

       Ohi bezala, ganaduaren kamino eta bidezidorretatik eraman zuen lamak Kim, Hurri babuk, «gizon beldurti» hark, hiru egun lehenago egin zuen bide nagusitik urruti, hamar ingelesetatik bederatzik gustuz pasatzen utziko zuten ekaitza igaroz. Hurrik ez zuen ehiza maite —arma-katu baten soinu hutsak kolorea aldarazten zion—, baina, berak esango lukeen eran, «nahikoa ibiltari bizkorra» zen, eta, prismatiko merke batzuei esker, bailara osoa arakatu zuen asmo zehatzez. Gainera, haizeak gastaturiko denden zuria urrutitik sumatzen da berdearen kontra. Ikusia zuen Hurri babuak ikusi nahi zuen guztia Zigalurreko larrainean eseri zenean, hogeita hamar kilometroetara arranoaren heganean, eta berrogeietara bidetik, hau da, bi arrasto txiki, egun batean elurraren marraren azpian zeudenak eta hurrengoan berriz hamabi zentimetro edo jaitsi zirenak maldan behera. Garbituta eta lanera jarriz gero, Hurriren zango biluztu lodiak lur puska harrigarria zeharkatzeko gauza ziren, eta horrexegatik, Kim eta lama jarioak zituen txabola batean zeuden artean, ekaitza noiz bukatu zain, bengaliar koipetsu, busti bat, baina hala ere irribarretsu beti, hitz ingeles dotoreenak erabiliz esaldi guztiz okerrak osatzeko, bi atzerritar busti-busti eta erreumati samarrekin adiskidetzeko ahaleginetan ari zen. Heldu zen, asmo zoroak buruan, atzerritarren akanpalekuaren gainean pinu bat bitan banatu zuen trumoi baten atzetik, eta konbentzitu zituen dozena bat edo bi ekipai eramaile, cooli-ak, aski beldurtuta ordurako, ez zela ona egun hura bidaian jarraitzeko; eta denek batera, zamak bota zituzten eta ez zuten aurrera egin nahi izan. Haien zerbitzuak alokatzen zituen mendiko raja baten menpeko ziren, ohi den bezala, bere probetxurako; eta, nahikoa arazo izango ez balute bezala, atzerriko sahibek errifleekin egin zieten mehatxu. Gehienek aspalditik ezagutzen zituzten errifleak eta sahibak; iparreko bailaratako hartzen usmari eta shikarri ziren, hartza eta ahuntz basatiak harrapatzen trebeak; baina inork ez zituen sekula horrela tratatu. Hala bada, basoak bere altzoan hartu zituen cooli-ak, eta oihu eta garrasiekin ere, ez zituen itzuli nahi izan. Ez zegoen ero itxurak egin beharrik edo... pentsatuta zeuzkan babuak ongi etorria segurtatzeko bestelako bitartekoak. Bihurritu zuen arropa bustia, txarolezko zapatak jantzi, aterki zuri-urdina zabaldu, eta ibilera eztiz eta bihotza eztarrian zuela, hona nola agertu zen: «Bere maiestate Rampurreko rajaren ordezkaria, jaunok. Zertan lagun diezazuket, mesedez?»

       Pozez zoratzen zeuden bi gizonak. Bati garbi antzematen zitzaion frantsesa zela, eta errusiarra zela besteari, baina babuarena baino askoz okerragoa ez zen ingelesez hitz egiten zuten biek. Laguntza eskatu zioten erreguka. Zerbitzari indiarrak gaixotu egin zitzaizkien Lehen. Gero presaka jarraitu omen zuten bidea Simla aldera, pipiak jo baino lehen ehizako trofeoak eramatera. Aurkezpen gutun orokor bat zeramaten (ekialdekoen agurra egin zuen gutunaren aurrean babuak) Gobernuko funtzionario guztientzat. Ez, ez zuten beste ehiza-talderekin topo egin en route. Bakarrik moldatzen ziren. Hornidura ugari zuten. Lehenbailehen nahi zuten aurrera segi. Orduan babua zuhaitzen atzean ezkutatutako menditar batekin hasi zen hizketan, eta hiru minutuz hizketan jardun eta zilar pixka bat eman ondoren (ezin da ekonomiarik egin estaturako lanetan, xahuketa harekin Hurriren bihotzari odola zerion arren), hamaika cooli-ak eta hiru lagunak agertu ziren berriz. Pairatu behar zuten zapalkuntzaren lekuko behintzat izango zen babua.

       — Maiestate asko haserretuko da, baina jende hau arrunta eta guztiz ezjakina da. Gertaera triste hau ahazteko ohorea egiten badidate jaun horiek, asko poztuko naiz. Laster atertuko du eta orduan aurrera egin ahal izango dugu. Ehizan ibili zarete, ezta? Horiexek bai emaitza galantak!

       Jauzika joan zen kilta batetik bestera, saski koniko haietako bakoitza txukun jartzeko itxurak eginez. Ingelesek gehienetan ez dituzte asiarrak ondo ezagutzen, baina ez lukete inoiz kilta bat bere ulezko estalki gorriarekin oharkabean irauli duen babu atsegin bat astinduko. Bestalde, edatera ere ez lukete bultzatuko, nahiz eta oso babua adiskidetsua izan, ezta haragia jatera gonbidatuko ere. Atzerritarrek guzti hori egin zuten, eta baita galdera ugari ere, emakumeei buruzkoak gehienak, eta Hurrik erantzun alaiak eta prestatu gabeak eman zizkien. Gero likido koloregabe batez beteriko basokada bat eman zioten, ginebraren antzekoa, eta gero gehiago; eta berehala desagertu zitzaion Hurriri seriotasuna. Hitz totelka, bere nagusiez gaizki esaka hasi zen, eta gizon zuri baten heziketa hartzera behartu ondoren gizon zuriaren soldata eman nahi ez zion Gobernuaz irain beldurgarriz jardun zuen hizketan. Zapalkuntza eta gaiztakeria istorioak kontatu zituen mingain baldarrez, bere lurraren miseriengatik isuritako malkoek masailak zeharkatu zizkioten arte. Gero balantzaka atera zen, Bengalia Beheko maitasun kantak kantari, eta zerraldo erori zen zuhaitz enbor busti baten gainean. Ez da inoiz ikusi Indiako ingelesen agintearen emaitza bat atzerritarren besoetan hain bete-betean erortzen.

       — Horrelakoxeak dira denak —esan zion frantsesez kirolari batek besteari—. Ondo asko ikusiko duzu India-Indian sartzen garenean. Horren raja bisitatu nahi nuke. Agian berri onak eman ahal izango dizkiogu. Baliteke gure berri entzuna izana, eta gurekiko borondate ona erakutsi nahi izatea.

       — Ez dugu astirik. Simlara joan behar dugu ahal bezain pronto —erantzun zion lagunak—. Niri berriz Hilás, edo Lehetik txostenak bidali izana gustatuko litzaidake.

       — Ingeles posta hobea eta seguruagoa da. Gogoan izan erraztasun guztiak eman dizkigutela... eta, Jainkoaren izenean!... baita eman ere! Ez al da sinetsezineko zorakeria?

       — Harrokeria da; zigorra merezi eta hartuko duen harrokeria.

       — Bai! Kontinenteko batekin borrokan egitea bada zerbait gure jokoan. Horrek bere arriskua dauka, baina jende hau... ba! errazegia da.

       — Harrokeria... harrokeria dena, adiskide.

       «Zer demontretarako balio ote du Chandarnagore Calcuttatik horren gertu egoteak eta guzti horrek» pentsatu zuen Hurrik, goroldio bustitan aho zabalik zurrungaka, «ezin badut horien frantsesa ulertu! Horren bizkor mintzatzen dira! Lastima dauzkaten lepo zikin horiek ez moztu izana!»

       Berriz agertu zenean buruko minak lehertzen zegoen, lotsatuta eta nabarmen beldurtuta, ez ote zuen mozkorrean gehiegi hitz egin. Oso maite zuen britainiar gobernua: aberastasun eta ohore ororen iturri omen zen, eta Rampurreko nagusiak ere iritzi berbera zuen. Hura entzundakoan barrez hasi ziren gizonak eta bezperan babuak esandako hitzak errepikatzen, banaka-banaka, erreguzko keinuz, irribarre koipetsu eta zeharkako begiratu maltzurrez, babu gizarajoa batere defentsarik gabe geratu eta hitz egitera behartu zuten arte... egia esatera alegia. Gero, kontatu zionean Lurgani istorioa, kexuka aritu zen ezin izan zuelako cooli egoskor, arduragabeen lekuan egon, buru gainean belarrezko alfonbratxoak zituztela eta euri-tantak putzu bihurtzen oin-urratsetan, noiz atertuko zain. Haiek ezagutzen zituzten sahib guztiak —zarpail jantzitako gizonak, urtero-urtero beren amildegi maiteenetara itzultzen zirenak—, zerbitzariak eta sukaldariak eta ordenantzak zeuzkaten, menditarrak sarritan. Honako sahib hauek laguntzarik gabe zebiltzan bidaian. Sahib pobreak ziren beraz, eta ezjakinak; sahib zentzudunek ez baitzioten bengaliar baten aholkuari jaramonik egingo. Baina bengaliarrak, hutsetik agertuta, dirua eman zuen, eta beren hizkera ulertzeko gauza zen gainera. Beren kolorekoen aldetik tratu txarretara ohituta beti, azpijokoren bat espero zuten, eta korrika hasteko prest zeuden aukera izanez gero.

       Gero, lur-usain gozoa zerion haize garbitu berrian, mendian behera gidatu zituen babuak, harro-harro cooli-en aurretik, eta apaltasunez atzerritarren atzetik. Gauza asko eta desberdinak pentsatzen jardun zuen. Pentsamendu haietan txikiena ere ezin esateko moduan interesatuko zitzaien. Baina gidari atsegina zen ordea, bere nagusi handiaren ondasunen edertasunak erakusteko beti prest. Atzerritarrek hil nahi zezaketen animaliez bete zituen mendiak: ahuntzak —thar, ibex, markhor—, eta Eliseori berari inbidia emateko adina hartza. Botanikaz eta etnologiaz jardun zuen okerrik gabeko zehazgabetasunez, eta zekizkien legenda lokalen sorta —ez da ahaztu behar hamabost urtez estatuaren ordezkari izana zela— agorrezina zen.

       — Morroi hau originala da, bai —esan zuen atzerritarretan handienak—. Vienako gortesau baten karikatura dirudi.

       — Indiaren aldakuntzaren irudi txikia da... Ekialdea eta Mendebaldearen hibridismo ikaragarria —erantzun zuen errusiarrak—. Gu gara ekialdekoekin molda gintezkeenak.

       — Bere aberria galdu du, eta ezin du besterik eskuratu. Baina gorroto ikaragarria die bere herria konkistatu dutenei. Entzun. Bart aitortu zidan —esan zuen besteak.

       Aterki arraiadunaren azpian Hurri babua belarriak eta garuna luzatuta zebilen frantses bizkor hari jarraitu nahian, mapa eta dokumentuz betetako kilta batean bi begiak finko zituen artean, bereziki handia zen kilta, ulezko estalki bikoitz batekin. Hindustaneko jainko guztiei eman zizkien eskerrak, eta Herbert Spencerri, oraindik ere bazelako lapurtzeko gauza baliotsurik.

       Bigarren egunean errepidea asko igo zen, baso gaineko belardi batera heldu arte; eta hantxe, eguzkia jartzen ari zenean, egin zuten topo lama edadetsu batekin —atzerritarrek bontzo deitzen bazioten ere—, zangoak gurutzaturik harriz heldutako mapa misteriotsu baten aurrean eserita; mutil gazte bati ari zitzaion azaltzen mapa, neofitoa noski, edertasun berezikoa, nahiz eta oso zikina egon. Egun-bide erdira begiztatu zuten aterki arraiaduna, eta Kimek geldialdi bat egitea proposatu zuen aterkia beraiengana heldu arte.

       — Hara! —esan zuen Hurri babuak, Botadun Katua bezala baliabidez beteta—. Horra hemen gizon santu bikaina. Maiestate, nire nagusiaren menpeko segur aski.

       — Zertan ari da? Oso gauza bitxia da hori.

       — Marrazki sakratua esplikatzen ari da... eskuz egina da dena.

       Bi gizonak gelditu egin ziren, buru-hutsik biak, urre koloreko belarra behetik jotzen zuen arratseko eguzkitan. Cooli kopetilunek, atsedena eskertuta, gelditu eta zamak erortzen utzi zituzten.

       — Begira! —esan zuen frantsesak—. Erlijioaren sorkuntzaren irudia dirudi... lehenengo maisua eta lehenengo dizipulua. Budista al da?

       — Oso nola-halakoa —erantzun zuen besteak—. Ez da benetako budistarik Mendian. Baina ikus itzazu tunikaren tolesdurak. Begietara erreparatu... bai lotsagabea! Zergatik senti erazten ote digu horren herri gaztea garela? —hizketan ari zenak zotz luze bat astindu zuen berotuta—. Oraindik ez dugu arrastorik inon utzi. Eta horrek kezkatu egiten nau, aditzen? —kopeta zimurtuta, lamaren aurpegi baketsuari eta jarreraren lasaitasun harrigarriari begiratu zion mesprezuz.

       — Egon. Elkarrekin utziko dugu arrastoa... guk eta zuen herri gazteak. Bitartean, egin ezazu horren kopia.

       Babua arrandiaz aurreratu zen; bizkarraren mugimenduak ez zuen zerikusirik bere errespetuzko hizkerarekin, edo Kimi egin zion keinuarekin.

       — Maisu, sahibak dira hauek. Nire sendagaiek odol-jario bat sendatu diote bati, eta Simlara noa, behar bezala osatzen dela segurtatzera. Zure irudiak ikusi nahi dituzte...

       — Gaixoak sendatzea beti izaten da ona. Bizitzaren Gurpila da hau —esan zuen lamak—, Zigalurreko txabolan erakutsi nizun berbera, euria ari zuenean.

       — ... eta zuk nola azaltzen duzun aditu.

       Begiak argitu zitzaizkion lamari entzule berriak izango zituelakoan.

       — Bide Aparta agertzea ona da. Hindierarik ba al dakite batere, Irudien Arduradunak zekien bezala?

       — Pixka bat bai beharbada.

       Hala bada, jolas berri bati ekiten dion umearen xalotasunaz, burua atzeratu eta Teologiako Doktoreen deia egin zuen garrasi bizian lamak doktrina osoa azaldu aurretik. Atzerritarrak, beren mendiko makilei eutsiz, adi-adi jarri ziren. Kim, apal-apal eserita, aurpegietan zuten eguzkiaren argi gorrixkari begiratzen zion, eta nola urtzen ziren lurrean gizonen itzal luzeak eta berriz banatu. Atzerritarrek ingelesak ez ziren polainak zeramatzaten, eta gerriko estu bitxiak, St Xavierreko liburutegiko liburu baten marrazkiak nolabait ere gogorarazi ziotenak: Naturazale baten abenturak Mexikon zuen izena. Bai, liburu hartako M. Sumichrast zoragarriaren antza handia zuten, eta ez ziruditen inola ere Hurri babuaren irudimeneko «jendilaje eskrupulurik gabea». Cooli-ak, lur koloreko eta mutututa, begirunez kuzkurtu ziren hogei edo hogeita hamar bat metrotara, eta babua, arropa arinaren parte askeak haize jelatutan bandera bat bezala mugitzen zitzaizkiola, aldamenean zegoen zutik jabe baten itxura zoriontsuaz.

       — Hauexek dira —xuxurlatu zuen Hurrik, erritualak aurrera egin ahala bi zuriek belarraren mugimenduari jarraitzen zioten artean, Infernutik Zerura eta atzera berriz—. Kilta handian, estalki gorria duen horretan, dauzkate liburu guztiak, dokumentuak, txostenak eta mapak, eta errege baten gutuna ere ikusi dut, Hilás edo Burnák idatzia. Arreta handiz zaintzen dute. Ez dute ezer bidali Hilás edo Lehetik, seguru.

       — Nor daramate?

       — Bigar-cooli-ak bakarrik. Zerbitzaririk ez dute. Hain dira irudikorrak, non beren jatena ere beraiek prestatzen baituten.

       — Baina nik zer egin behar dut?

       — Itxoin eta ikusi. Baina ezer gertatzen bazait ere, jakin behar duzu paperak non bilatu.

       — Hobeto legoke hau Mahbub Aliren eskuetan bengaliar batenean baino —esan zuen Kimek erdeinuz.

       — Horma ostikoka botatzea baino bide hobeak badira andregaiarengana heltzeko.

       — Ikusi hemen lukurreria eta sabelkeriari dagokion Infernua. Alde batean Desioa dauka, eta bestean Ahuleria —lama gero eta gartsuago ari zen bere lanean, eta atzerritar batek apunte bat egin zion bizkor-bizkor desagertzen ari zen argitan.

       — Aski da —esan zuen azkenean zakar gizonak—. Ezin diot ulertu esaten duena, baina marrazkia nahi dut. Ni baino artista hobea da. Galdeiozu ea saltzen duen.

       — Esan du, «ez, sar» —erantzun zuen babuak. Lamak noski ez zion bere marrazkia edozein bidaiariri emango, artzapezpiku batek bere katedraleko ontzi sakratuak emango ez lituzkeen bezalaxe. Tibet osoa dago Gurpilaren erreprodukzio merkez josita; baina lama artista zen, eta abade aberatsa bere monasterioan gainera.

       — Agian hiru, edo lau, edo hamar egun hartu, ikusten badut sahiba Bila dabilela eta ikastekoak ondo ulertzen dituela, egingo diot beste bat. Baina honako hau lekaide baten iniziaziorako erabilia da. Esan hori, hakim.

       — Oraintxe bertan nahi du... diru truke.

       Lamak buruari eragin zion poliki eta Gurpila tolesten hasi zen. Errusiarrak, bere lekutik, agure zikin bat baino ez zuen ikusi, paper pusketa zikin batengatik urrutaka. Rupia eskukada bat atera, eta mapa gainera bota zuen erdia: lamak mapari heldu zion, eta urratu egin zen papera. Ikara marmar bat heldu zen cooli-en aldetik. Batzuk Spitiko gizonak ziren, eta, beren mailan, budista zintzoak. Lama, irain haren aurrean, zutitu egin zen; eskua apaizaren arma den burdinazko arkatz-kaxa astunera eraman zuen, babua atsekabez batera eta bestera mugitzen zen artean.

       — Ikusten duzu orain... ikusten duzu zergatik behar nituen lekukoak. Jende eskrupulurik gabea da. O, sar, sar! Ez duzu gizon santu bat jo behar!

       — Chela! Hitz Idatzia laidotu du!

       Berandu zen ordea. Kimek babesterik izan baino lehen, bete-betean jo zuen errusiarrak agurea aurpegian. Hurrengo unean maldan behera zihoan errusiarra zilipurdika, Kim eztarrian zuela. Zartako hark mutilaren odoleko irlandar deabru ezezagun guztiak esnarazi zituen, eta etsaiaren bat-bateko erorketak egin zuen gainontzekoa. Lama belauniko jarri zen, txundituta; cooli-ak, zamapean, mendian gora joan ziren ziztu bizian, lur lauetako gizonek lautada kurritzen duten bezain bizkor. Esanezineko sakrilegioa ikusi berri zuten, eta derrigorrez behar zuten handik desagertu, mendietako jainko eta deabruek mendekua hartu baino lehen. Frantsesak lamarenganantz egin zuen korrika, errebolberra bilatzen zuen artean, bere lagunaren ordez lama bahituta gisa hartu asmoz edo. Harri zorrotz zaparrada batek —oso tiratzaile onak dira menditarrak— atzerarazi zuten, eta Ao-chungeko cooli batek harrapatu zuen lama, eta besteekin batera ihes egin erazi zion. Mendiko bat-bateko iluntzea bezain bizkor gertatu zen dena.

       — Ekipaia eta pistola guztiak hartu dituzte —egin zuen garrasi frantsesak, ilunabarrean itsu-itsuan tiratuz.

       — Ondo da, sar! Ondo da! Ez tiratu. Banoa zu erreskatatzera —eta Hurri, maldan behera astun korrika, bete-betean erori zen pozez eta txundituta zegoen Kimen gainera: etsaiaren buru arnas gabea harri baten kontra astintzen ari zen mutila.

       — Zoaz berriz cooli-engana —xuxurlatu zion babuak belarrira—. Haiek daukate ekipaia. Estalki gorriekiko kilta-n daude paperak, baina begiratu ondo dena. Hartu paperak, eta batez ere murasla (erregearen gutuna). Zoaz! Badator beste gizona!

       Ziztu bizian joan zen Kim maldan gora. Bala batek ondoko arroka jo zuen eta Kim lurrera bota zen, eperren modura.

       — Tiratzen baduzu —egin zuen oihu Hurrik—, jaitsi eta txiki-txiki egingo gaituzte. Jauna erreskatatu dut, sar. Hau bereziki arriskutsua da.

       Kim ingelesez ari zen pentsatu eta pentsatu.

       «Ene! Leku gogorra da hau, baina nik uste dut defentsa dela» —bularra ukitu zuen Mahbuben opariaren bila, eta batere segurtasunik gabe, Bikanir basamortuan egindako saio gutxi batzuk izan ezik ez baitzuen inoiz pistola txikia erabili, katua estutu zuen.

       — Zer esan dizut, sar! —babuak negarrez hasi beharrean zirudien—. Zatoz hona eta lagundu zure laguna bere onera ekartzen. Hirurak ere larrialdi ederrean gaude.

       Isildu ziren tiroak. Segurtasunik gabeko urrats batzuk entzun ziren, eta Kim gorantz joan zen ilunpetan korrika, katu bat bezala biraoka... edo bertako bat bezala.

       — Zauritu egin al zaituzte, chela? —galdetu zion goitik lamak.

       — Ez. Eta zu? —izai nanoen artean murgildu zen Kim.

       — Zauririk gabe. Zatoz. Shamlegh Elurpekora joango gara jende honekin.

       — Baina ez ordea merezi duten zigorra eman gabe —esan zuen ahots batek oihuka—. Sahiben pistolak dauzkat hemen... lauak. Goazen behera.

       — Gizon santua jo du... ikusi egin dugu! Gure abereek ez dute umerik egingo... gure emazteak ez dira haurdun geratuko! Etxerakoan gainera eroriko zaizkigu elurteak... Beste ezbehar guztien gainean!

       Izai baso txikia cooli zalapartariz bete zen, beldurrak akabatzen denak, ikararekin ezertarako gauza ez zirela. Ao-chungeko gizonak fusilaren krisketa kolpatu zuen urduri, eta jaisteko keinua egin zuen.

       — Itxoin pixka bat, maisu; ezingo dute urrutira joan. Itxoin ni itzuli arte —esan zuen.

       — Hona hemen kaltetu dutena —esan zuen lamak, eskua kopetan jarrita.

       — Horrexegatik bada —izan zen erantzuna.

       — Horrek barkatzen badu, garbiak edukiko dituzue eskuak. Gainera, merituak eskuratuko dituzue obeditzeagatik.

       — Egon, eta elkarrekin joango gara Shamleghera —insistitu zuen gizonak.

       Une batez, fusil baten kargadorean kartutxo bat sartzeko behar den denboran, duda egin zuen lamak. Orduan altxa eta behatz bat jarri zuen gizonaren sorbaldan.

       — Ez al duzu entzun? Hilik ez dela izango esan dut, nik, Suchzeneko abade izan naizen honek. Hurrena sagu jaiotzeko gogoa al duzu, edo erlatzpeko suge, edo piztia nazkagarri baten sabeleko zizare? Nahi al duzu...?

       Ao-chungeko gizona belauniko jarri zen, lamaren ahotsak deabruak uxatzeko tibetar gong baten durundia egiten baitzuen.

       — Ai! Ai! —egin zuten oihu Spitiko gizonek—. Ez gu madarikatu... ez hori madarikatu. Gehiegizko ardura besterik ez zen, maisu... Utzi fusila lurrean, txoro alaena!

       — Amorrua amorruaren gainean! Gaitza gaitzaren gainean! Ez da hilik izango. Izango ahal dira apaiza jo dutenak beren ekintzen gatibu. Zuzena eta bidezkoa da Gurpila, batere desbideratzen ez dena! Sarritan jaioko dira... oinazez —burua erori egin zitzaion, eta Kimen sorbaldan sostengatu zen indarrez.

       — Gaitz handia egitetik hurbil egon naiz, chela xuxurlatu zuen pinuen arteko erabateko isiltasunean—. Bala ateratzen uzteko tentatuta egon naiz; eta, benetan, bai, heriotza gogorra eta mantsoa izango zuten horiek Tibeten... Aurpegian jo nau... haragian...

       Lurrera irristatu zen, arnasestuka; agurearen bihotz nekatua taupadak ematen eta gelditzen entzun ahal izan zuen Kimek.

       — Hiltzeko adinako zauria egin al diote? —esan zuen Ao-chungeko gizonak, besteak isil-isilik zeuden artean.

       Ikarak akabatzen gorputzaren ondoan belaunikatu zen Kim.

       — Ez —egin zuen oihu berotuta—, ahuleria besterik ez da —orduan gogoratu zitzaion bera zuria zela eta zuri baten akanpalekuko hornidurak zituela eskura—. Zabaldu kiltak! Izango dute agian sendagairik sahibek.

       — Hara! Hori badakit nik —esan zuen barrez Ao-chungeko gizonak—. Ez naiz alferrik izan Yankling sahibaren shikarri-a sendagai hori ezagutu gabe. Nik ere dastatu dut. Begira!

       Botila bat, whisky merkea, atera zuen kolkotik, —Lehen esploratzaileei saltzen zaiena bezalakoa—, eta lamaren hortzen artean jarri zuen pixka bat.

       — Halaxe egin nuen Yankling sahibak Astorren atzean txorkatila bihurritu zuenean. Hara! Begiratu dut dagoeneko horien saskietan... baina Shamleghen banaketa hobea egingo dugu. Emaiozu pixka bat gehiago. Sendagai ona da. Ukitu! Hobeto dihoakio bihotza. Burua beherago jarri eta igurtzi pixka bat bularra. Geldik egon balitz zain ni sahibez arduratzen nintzen artean, ez zen halakorik gertatuko. Baina beharbada gure bila etorriko dira hona sahibak. Orduan ez litzateke gauza txarra izango beren pistolekin tiratzen hastea, ezta?

       — Uste dut hartu duela batek bere ordaina —esan zuen Kimek hortz artetik—. Ostiko bat eman diot izterrondoan maldan behera gindoazenean. Hila gerta zitekeen!

       — Ondo dago ausarta izatea bat Rampurren bizi ez denean —esan zuen bere txabola rajaren palazio zaharkitutik kilometro gutxitara zeukan batek—. Sahiben artean izen txarra hartzen badugu, ez gaitu inork shikarri gisa enplegatuko.

       — A, baina horiek ez dira sahib angrezi-ak... ez dira jende alaia, Fostum sahiba edo Yankling sahiba bezalakoak. Atzerritarrak dira... ez dakite angrezi-z hizketan, sahibek bezala.

       Une hartan lama, eztulka, eseri egin zen, arrosarioaren bila.

       — Ez da hilik izango —murmurikatu zuen—. Zuzena da Gurpila! Gaitza gaitzaren gainean...

       — Ez, maisu. Hemen gara denok —Ao-chungeko gizonak lamaren oinak jo zituen poliki—. Zuk aginduta ez bada, ez da inor hilik gertatuko. Egon pixka batean. Akanpaleku txiki bat egingo dugu hemen, eta gero, ilargia goian denean, Shamlegh Elurpekora joango gara.

       — Astindu baten ondoren —esan zuen Spitiko gizon batek ahots betez—, lo egitea da onena.

       — Ezinegona daukat lepoaren atzealdean, eta zerbaiten estutasuna edo. Utzidazu burua zure magalean jartzen, chela. Zaharra naiz, baina ez grinarik gabea... Gauzen Kausan pentsatu behar dugu.

       — Emaiozu maindire bat. Ezin dugu surik piztu, bestela sahibek ikusi egingo gaituzte eta.

       — Hobe dugu Shamleghera joan. Inork ez gaitu Shamlegheraino jarraituko.

       Rampurreko gizon urduria ari zen hizketan.

       — Fostum sahiben shikarri-a izana naiz, eta Yankling sahiben shikarri-a naiz orain. Yankling sahibarekin nengoke orain bigar (lan) madarikatu honengatik izan ez balitz. Egon daitezela bi gizon behean zelatan pistolak hartuta, ez dezaten sahibek erokeria gehiago egin. Nik ez dut utziko gizon santua.

       Eseri egin ziren, lamarengandik ez oso bertan, eta, pixka batean entzuten egon ondoren, nargile bat pasa zuten: Day and Martin botila zahar bat zen uraren ontzia. Ikatz gorriaren argiak, eskuz esku joan ahala, begi estu, erdi itxiak argitzen zituen, matrailezur altuak, eta sorbalden inguruko artilezko tolesduretan desagertzen zen lepo sendoa. Meatze magiko bateko iratxoak ziruditen, mendietako gnomoak bilkuran. Eta hizketan jarduten zuten artean, inguruko ur-lasterren soinuak banaka-banaka desagertu ziren, gaueko izotzak errekak ito eta itsutzen zituenarekin batera.

       — Nola altxatu den gure aurka! —esan zuen Spitiko gizon batek miresmenez—. Gogoan dut ibex zahar bat, Ladakheko inguruan, duela zazpi elurte Dupont sahibak tiratu eta huts egin zuena, eta atzerritarrak bezalaxe tente-tente jarraitu zuen hark ere. Shikarri ona zen Dupont sahiba.

       — Ez Yankling sahib bezain ona ordea —Ao-chungeko gizonak zurrutada bat egin zion whisky botilari eta besteei pasa zien—. Entzun orain niri... besteren batek gehiago dakiela uste ez badu.

       Ez zion inork erronkari erantzun.

       — Shamleghera joango gara ilargia goian izatean. Han denon artean banatuko dugu ekipaia. Nik aski dut fusil berri hau bere kartutxo guztiekin.

       — Zure ondasunak bakarrik hondatzen dituzte hartzek ala? —esan zuen lagunetako batek, pipari tiraka.

       — Ez; baina musketa poltsak sei rupiana ordaintzen dituzte orain, eta zure andreak denden oihala eta sukaldeko ontzi batzuk har ditzake. Hori dena Shamleghen egingo dugu, egunsentia baino lehen. Orduan bakoitza bere bidetik joango da, ahaztu gabe sahib horiek ez dituela inoiz ikusi ez zerbitzatu, beraiek esan dezakete eta ekipaia lapurtu diegula.

       — Hori ondo dago zuretzat, baina zer esango du gure rajak?

       — Nork esango dio ezer rajari? Sahib horiek, gure hizkuntza jakin gabe, edo babuak, bere asmoetarako guri dirua emanda gero? Armadaren bat bidaliko al du horrek gure aurka? Zer froga geratuko da? Behar ez duguna Shamleeheko simaurtegira bota dezakegu, gizonek zapaldu ez duten lekura.

       — Nor da Shamleghen uda honetan? —larretarako leku bat besterik ez zen Shamlegh, hiruzpalau txabolekin.

       — Shamlegheko Emakumea. Hark ez ditu sahibak maite, ondo asko dakigunez. Besteak lasaituko ditugu opari txiki batzuekin. Eta hemen badugu denontzako aski —hurbilen zuen saskiaren alderdi beteena ukitu zuen.

       — Baina... baina...

       — Esan dut ez direla benetako sahibak. Leheko bazarrean erosiak ziren zeramatzaten larru eta buru guztiak. Ezagutzen ditut arrastoak. Azkweneko ibalaldian erakutsi nizkizuen.

       — Egia da. Erositakoak ziren larru eta buru guztiak. Pipiak jotakoak ere baziren.

       Arrazonamendu zorrotza zen hura, eta Ao-chungeko gizonak ezagutzen zituen bere lankideak.

       — Okerrena gertatuko balitz, Yankling sahibi kontatuko diot, oso gizon alaia da eta barre egingo du. Ez diegu ezagutzen ditugun sahibei kalterik egiten. Eta horiek berriz apaizak jotzen dituzte. Ikaratu egin gintuzten. Aldean alde egin genuen! Nork daki non erori zitzaigun ekipaia? Zer uste duzu bada, utziko diola Yankling sahibak lur barneko poliziari mendietan gora eta behera ibiltzen, berari jokoa hondatzeko gero? Simla eta Chini ez daude batere gertu, eta are urrutiago daude Shamlegh eta Shamlegheko simaurtegia.

       — Ondo da, baina nik eramango dut kilta handia, sahibek goizero biltzen zutena, estalki gorria duen hori.

       — Horrexek frogatzen du —esan zuen zorrotz Shamlegheko gizonak—, ez direla benetako sahibak. Nork entzun du inoiz Fostum sahibak, edo Yanklig sahibak, edo baita Peel sahib txikiak ere, ahuntzak harrapatzeko gauak esna ematen dituen horrek, bai, nork entzun du sahib horiek sukaldaririk gabe etorri direnik mendira, eta fusila daramanik gabe, eta... era guztietako jende ondo ordaindua, agintariak eta zapaltzaileak eraman gabe taldean? Nola sortuko dute horiek arazorik? Eta kilta hori, zer?

       — Ezer ez, Idatziriko Hitzaz beteta dagoela besterik ez... liburuak eta idazteko koadernoak, eta tresneria bitxia, elizakoa edo.

       — Shamlegheko simaurtegiak hartuko du dena.

       — Horixe! Baina hori eginez sahiben jainkoak iraintzen baldin baditugu, zer? Ez zait gustatzen era horretan erabiltzea Idatziriko Hitza. Eta brontzezko idolo horiek ere ez ditut ulertzen. Hori ez da menditar soilentzako harrapakina.

       — Lotan da oraindik agurea. Sh! Chela-ri galdetuko diogu —Aochungeko gizonak, gidariaren harrotasunaz, berriz edan zuen.

       — Badaukagu hemen —xuxurlatu zuen—, zer den ez dakigun kilta bat.

       — Nik badakit ordea —esan zuen zuhurtziaz Kimek. Lasai eta erraz hartzen zuen lamak arnasa, loaldi gozoan; Hurriren azken hitzetan pentsatzen aritua zen Kim. Joko Handiaren partaide bezala, babuaren aurrean makurtzeko prest zegoen une hartan—. Gauza zoragarriz betetako kilta da, zoroek ez erabiltzeko modukoa.

       — Esan dut bada nik; esan dut —egin zuen oihu zama hura gainean zeramanak—. Traizionatuko gaituela uste al duzu?

       — Niri ematen badidazu ez. Nik atera diezaioket duen magia. Bestela kalte handiak egingo ditu.

       — Apaizek beti hartzen dute beren zatia —whiskya kikiltzen ari zen Ao-chungeko gizona.

       — Niri ez zait axola —erantzun zuen Kimek bere sorlekuaren indarraz—. Bana ezazue zuen artean, eta azkar asko ikusiko duzue zer gertatzen den!

       — Nik ez behintzat. Txantxetan ari nintzen. Eman agindua. Behar duguna baino gehiago daukagu denok. Bakoitza bere bidetik abiatuko da Shamleghetik egunsentiarekin batera.

       Beren plan sinpleak egiten eta berregiten aritu ziren beste ordu batez, bitartean Kin hotzez eta harrotasunez dardarka zegoela. Egoeraren umoreak bere baitan zeuden irlandarra eta ekialdetarra kilikatzen zituen. Horra hor Iparreko Botere beldurgarriaren ordezkariak, Mahbub edo Creighton koronela bezain handiak beren herrietan, bat-batean erabat ezinduta. Bat, Kimek ondo asko zekienez, elbarrituta egongo zen denbora luzean. Erregeei aginduak eginda zeuden. Gau hartan ordea han behean nonbait zeutzan, maparik gabe, jatekorik gabe, armarik gabe, eta Hurri babua izan ezik, gidaririk gabe. Eta haien Joko Handia desegitea (nori emango ote zioten informazioa pentsatzen zuen Kimek), ikarak eragindako gaueko ihesa, ez zen gertatu Hurriren trebeziari esker edo Kimen trikimailuengatik, aldiz, Umballako polizia gazte arduratsuak Mahbuben fakir lagunak atxilotu zituen bezain era erraz, eder, eta ezinbestekoan.

       «Horra hor non dauden... ezertxo ere gabe; eta... ene, hau hotza!... Hementxe nago ni beren gauza gutiekin. A, haserre egongo dira, bai! Pena ematen dit Hurri babuak.»

       Bazter zezakeen errukia Kimek; izan ere, nahiz eta haragian sufrimendu ugari pairatu, arima harrotasunez lehertu beharrean zeukan bengaliarrak. Mendian behera kilo metro t'erdira, pinudiaren ertzean, erdi izoztuta zeuden bi gizonek —bat oso gaizki tarteka-tarteka—, elkarrenganako errietak babuari egindako irainik gogorrenekin tartekatzen zituzten; babua berriz ikarak erotu egin zuela zirudien. Ekintzarako plana eskatzen zuten. Babuak esaten zien zoriontsu zirela oraindik bizirik egoteagatik; cooli-k, zelatan ez bazeuden, arrastorik utzi gabe desagertuak izango zirela; raja, bere nagusia, ehun eta berrogei kilometroetara zegoela, eta, Simlarako bidaiarako dirua eta talde bat utzi beharrean, preso hartuko zituela segur aski apaiz bat jo zutela jakitean. Bekatu hartaz eta bekatuaren ondorioez aritu zen luze eta zabal hizketan, gaiz aldatzeko agindu zioten arte. Itxaropen bakarra, esan zuen, batere nabarmendu gabe herriz herri joatea zuten, zibilizaziora heldu arte; eta hamaikagarren aldiz malkoetan blai eginda, galdetu zien goiko izarrei zergatik sahibek «jo ote zuten gizon santua».

       Hamar urratsek eramango zuten Hurri besteek inola ere harrapatu ezingo zuketen iluntasun zalapartarira, hurrengo herriko aterpe eta jatekora, sendagile berritsuak eskasak baitziren han. Baina nahiago zuen hotza, gosea, hitz txarrak eta noizbehinkako zartadak pairatu bere enplegatzaile adeitsuen ondoan. Zuhaitz enbor baten kontra kuzkurtuta, sudurrari tiraka zegoen triste-triste.

       — Eta ez al zaizu burutik pasa —esan zuen bero-bero zauririk gabeko gizonak—, zer nolako ikuskizuna eskainiko dugun mendi hauetan batera eta bestera hemengo jendearen artean?

       Hurri babuak zenbait orduz ez zuen ia beste ezertan pentsatu, baina galdera ez zen berarentzat.

       — Ezin dugu batera eta bestera ibili! Ia-ia ezin dut pausorik eman eta! —esan zuen purrustaka Kimen biktimak.

       — Agian gizon santua errukiorra izango da bere maitasunean, sar, bestela...

       — Agintzen dut atsegin berezia izango dudala nire errebolberra bontzo gazte horren gainean hustean urrena topatzen dudanean —izan zen kristautasunik gabeko erantzuna.

       — Errebolberrak! Mendekua! Bontzoak! —Hurri gehiago kuzkurtu zen. Bazetorren berriz ere borroka—. Ez al zaitu kezkatzen izan dugun galerak? Ekipaia! Ekipaia! —hizlaria belarretan literalki dantzan entzun zezakeen babuak—. Generaman guztia! Segurtatu dugun guztia! Gure irabaziak! Zortzi hilabetetako lana! Ba al dakizu zer esan nahi duen horrek? «Gu gara, bai, ekialdekoekin tratatzeko gauza garenak!» Ondo asko egin duzu, bai, zorionak.

       Hizkuntza desberdinetan jarraitu zuten borrokan, eta Hurrik irribarre egin zuen. Kim zegoen kilta-ekin, eta kilta-etan zegoen zortzi hilabetetako diplomazia. Ez zeukan mutilarekin harremanetan jartzeko erarik, baina konfiantzazkoa zen Kim. Gainontzekoan, moldatuko zen Hurri mendietan barrena egin beharreko bidaia hura Hilásek, Bunárrek eta zazpiehun kilometro bidezidorrek belaunaldi batez kontatzeko moduko istorioa izan zezan. Beren cooli-ak kontrolatu ezin dituzten gizonak ez dituzte asko errespetatzen Mendietan, eta umore zorrotza du menditarrak.

       «Neronek egin izan banu» pentsatu zuen Hurrik, «ez nukeen hobeto egingo; eta, ene Jainkoa, pentsatzera jarrita, neronek moldatu dut noski dena. Zeinen azkarra izan naizen! Mendian behera korrika nindoala bururatu zait! Iraina ustekabean gertatu da, baina nik bakarrik atera niezaiokeen... a, zuku guztia. Nolako ondorio moralak jende ezjakin honen aurrean! Traturik gabe... paperik gabe... idatzizko batere dokumenturik ez... eta ni interpretaritza egiteko. A zer barreak egingo ditudan koronelarekin! Haren paperak edukitzea ere gustatuko litzaidake, baina ez dago bi lekuetan batera egoterik. Axioma da hori.»

 

 

14. ATALA

 

              Anaia belaunikatu egiten da (hala dio Kabirrek)

              Harria eta brontzearen aurrean jentilen erara.

              Baina anaiaren ahotsean ditut entzuten

              Nire erantzunik gabeko sufrimenduak.

              Patuak ezarria du hark Jainkoa

              Haren otoitza mundu osoarena da... eta nirea.

                            Otoitza.

 

       Ilargia ateratakoan abiatu ziren cooli zogiak. Lamak, loaldiak eta whiskyak adoretuta, aski zuen Kimen sorbaldaren sostengua isilik, pauso luzeekin ibiltzeko. Arbel-harriz zipriztinduriko belarretik joan ziren ordubetez, amil zahar bat inguratu zuten eta Chiniko bailaratik batere ikusten ez zen lurralde berri batera igo ziren. Belardi ikaragarri bat betiko elurretaraino igotzen zen abaniko forman. Haren oinean hogei bat areatako zelai bat zegoen, eta bertan buztin eta egurrezko txabolak ageri ziren. Haien atzean —izan ere, mendietan gertatu ohi den bezala, gauza guztien gainetik eskegita zeuden txabolak— seiehun metrotako zuloa egiten zuen lurrak Shamlegheko simaurtegiraino, gizonak oinik jarri ez duen lekuan.

       Lama herrixkako leku hoberenean jarri zuten arte, ez ziren gizonak harrapakina banatzen hasi. Kimek oinak garbitu zizkion, mahomatarren erara.

       — Jatekoa bidaliko dugu —esan zuen Ao-chungeko gizonak—, eta estalki gorriarekiko kilta. Egunsentian ez da lekukotzarik emango duen inor izango, ez alde batera ez bestera. Kilta-n behar ez denik zerbait baldin bada... begira horri!

       Keinu bat egin zuen leiho aldera —elurrak islatzen zuen ilargiaren argitasunez betetako espaziora zabaltzen zen leihoa—, eta whisky botila huts bat bota zuen harrika.

       — Ez dago erorketaren soinuaren zain egon beharrik. Munduaren amaiera da hau —esan zuen kanpora atereaz. Lamak aurrera begiratu zuen, bi eskuak leihoaren barrenean jarrita, opalo horiak bezala distiratzen zuten begiez. Aurrean zuen amildegi izugarritik mendien gailur zuriak gorantz egiten zuten ilargiaren irrikaz. Gainontzeko guztia izar arteko espazioa bezain iluna zen.

       — Hauexek dira nire mendiak, bai —esan zuen poliki—. Horrelaxe bizi beharko luke gizonak, munduaren gainean jarrita, gozamenetatik at, garrantziko gauzetan pentsatzen.

       — Bai; tea prestatu, bururako maindirea tolestu, eta behi ernariak uxatuko dizkion chela bat baldin badu.

       Kriseilu ketsu bat zegoen apal baten gainean piztuta, baina ilargiaren argia gaineratu egin zitzaion; eta argi nahasi hartan, jatekoaren poltsa eta ontzien gainera makurtuta, fantasma luze bat bezala mugitzen zen Kim.

       — Ai! Baina orain, odola hozten utzita ere, tarrapataka ari zait oraindik burua, eta soka bat edo sumatzen dut lepoaren bueltan.

       — Ez da harritzekoa. Zartada ederra zen. Egin duena...

       — Neure grinengatik izan ez balitz, ez zen kalterik gertatuko.

       — Zer kalte? Hamaika bider merezita zuten heriotzatik libratu dituzu sahibak.

       — Ez duzu lezioa ondo ikasi, chela —maindire tolestu batean atseden hartzera etorri zen lama, Kimek arratseko eginbeharrekin jarraitzen zuen artean—. Itzala itzalaren gainean baino ez da izan zartada. Gaitzak berak... zeinen ahulak ditudan hankak egun hauetan!... nire gaitzarekin egin du topo, nire amorru, errabia eta gaitza bihurtzeko desioarekin. Grina horiek esnatu egin didate odola, urdaila nahasi, eta belarriak orroka jarri —tea irakiten edan zuen lamak zeremoniaz, katilu beroa Kimen eskuetatik hartuta—. Grinarik gabea banintz, gaitzaren zartadak gorputzean baino ez zukeen kaltea egingo, orbaina, ubeldura, eta hori lilura da. Baina izpiritua ez neukan garbi, zuzenean sortu baitzitzaidan Spitiko gizonari kanpotarrak hiltzen uzteko gogoa. Desio horrekin borroka egiterakoan, arima desegin egin zait eta ehun zartadek eragindakoa baino min handiagoa hartu du. Bedeinkazioak errepikatu arte (Zorionbide budistez ari zen), ez dut sosegurik izan. Baina arduragabezia labur hark ereindako gaitzak bukaera arte jarraitzen du. Zuzena da Gurpila, ez baita batere desbideratzen! Ikasi lezioa, chela.

       — Altuegia da hori niretzat —murmurikatu zuen Kimek—. Oraindik ez naiz sosegatu. Pozik nago gizon hura zauritu izanaz.

       — Horixe sentitu dut, bai, zure belaunen gainean lotara jarrita, beheko basoan. Larritu egiten ninduen nire ametsetan... zure arimako deabru horrek, niregana baitzetorren. Hala ere beste aldetik —arrosarioa askatu zuen—, merituak eskuratu dituzu bi bizitza salbatuz, kalte egin didatenen bizitza. Orain gauzen kausa aztertu behar dut. Nire arimaren txalupa urperatzekotan ibili da.

       — Egin lo, eta indarrak berritu. Hori da zuhurrena.

       — Meditatzen ari naiz. Zuk uste baino handiagoa da beharra.

       Egunsentira arte, mendi gailur altuetan ilargiaren argitasuna ahuldu ahala, eta urruneko mendien aldapetan erabateko beltza izan zena baso berde samurra bihurtzen zen artean, horman finkatuta eduki zituen begiak gau osoz lamak. Noizean behin marmarren bat egiten zuen. Burdinez itxitako atearen bestaldean —bertara agertu ziren behi irudikorrak beren ukuilua izandakoaz galdetzera— Shamlegh eta cooliak harrapakeria eta festan ari ziren. Ao-chungeko gizona zuten buru, eta behin sahiben jatekoen latak irekiz gero, eta onak zirela ikusi, ez ziren atzera egitera ausartu. Shamlegheko simaurtegiak hartu zituen kondarrak.

       Amesgaiztoz beteriko gaua eman ondoren, kanpora atera zenean Kim goizeko freskuran hortzak garbitzera, kolore argiko emakume batek, turkesez betetako buruki batekin, bazter batera eraman zuen.

       — Joan egin dira besteak. Kilta hau utzi dizute zuri, agindu bezala. Ez ditut sahibak maite, baina aztikeria bat egin behar dizugu ordainetan. Ez dugu Shamlegh txikiak izen txarra hartzerik nahi, zera,... istripua dela eta. Shamlegheko Emakumea naiz —begi harro, distiratsuz begiratu zion; emakume menditarren zeharkako begiratua ez bezalakoa zen hura.

       — Bai noski. Baina ezkutuan egin beharra dago.

       Kilta astuna jostailu bat balitz bezala jaso eta bere txabolan sartu zuen.

       — Kanpora eta itxi atea burdinekin! Ez dadila inor inguratu nik hau bukatu arte —esan zuen Kimek.

       — Baina gero... hitz egingo al dugu?

       Kimek lurrean hustu zuen kilta: topografiarako tresnak, liburuak, egutegiak, gutunak, mapak, eta usain bitxia zerion posta indiarra. Behe-behean poltsa brodatu bat zegoen, dokumentu zigilatu, doratu, eta koloreztatu batekin, errege batek besteari bidaltzen diona bezalakoa. Kimek arnasari eutsi zion pozaren pozez, eta sahiben ikuspuntutik aztertu zuen egoera.

       «Liburuak ez ditut behar. Gainera, logaritmoak dira... topografia noski —alde batera utzi zituen—. Gutunak ez ditut ulertzen, baina ulertuko ditu Creighton koronelak. Denak gorde behar dira. Mapak... nik baino mapa hobeak egiten dituzte... horiek bai noski. Indiarren gutun guztiak... Hara! eta batez ere murasla —poltsa brodatua usaindu zuen—. Hau Hilás edo Bunárrena izango da noski... Hurri babuak egia zion. Ene Jainkoa! Harrapakin galanta da. Hurrik ikusi ahal balu... Gainontzekoak leihotik behera joan behar du». Primerakoa zen itsasorratz bat aztertu zuen, eta teodolito baten estalki distiratsua. Baina azken finean, ez dago ondo sahib batek lapurretan egitea, eta gauza haiek froga desegokiak izan zitezkeen noizbait. Eskuizkribu zati txikiena ere sailkatu zuen, mapa guztiak, eta gutun indiarrak. Multzo malgua osatzen zuten. Burdinez itxitako liburuak eta beste bost sakelako ere alde batera utzi zituen.

       «Gutunak eta murasla arropa barruan eta gerrikoaren azpian eraman behar ditut, eta eskuz idatzitako liburuak jatekoen poltsan jarri. Zama handia izango da. Ez. Ez dut uste besterik hartuko dudanik. Baldin bazen, cooli-ek bota dute khud-ean behera, beraz ondo dago dena. Orain zure txanda da.» Sartu zuen berriz kilta-n harrika botatzeko asmoa zuen guztia, eta leihoaren zureriaraino altxatu zuen. Hirurehun metro beherago hodei-laino luze bat zegoen, geldia eta ertzetan biribildua, goizeko eguzkiak oraindik ukitu ez balu bezala. Hirurehun metro beherago ehun urtetako pinudi bat ageri zen. Haize bolada batek hodeia mehetu zuenean gailur berdeak ikusi ahal izan zituen, goroldiozko ohe bat ziruditela.

       «Ez! Ez dut uste atzetik inor joango zaizunik!»

       Biraka-biraka zihoala, erori ahala barruko guztiak atera zitzaizkion saskiari. Teodolitoak arroka baten izkina jo zuen eta granada bat bezala lehertu zen; liburuak, tintontziak, margo-kaxak, itsasorratzak eta erregelak segundu batzuetan agertu ziren erleak balira bezala. Gero desagertu egin ziren; eta, leihotik erdi zintzilik, Kimek bere belarri gazteak luzatu arren, ez zen soinu bat bera ere amiletik heldu.

       «Bostehun... mila rupia ere ez dira aski horiek erosteko», pentsatu zuen penatuta. «Xahuketa ederra izan da, baina gainontzekoa guztia badaukat, egin duten guztia, hala espero dut. Orain nola demontre kontatu behar diot hau Hurri babuari eta zer demontre egin behar dut nik? Eta nire agurea gaixorik dago. Ulez bildu behar ditut gutunak. Hori egin behar da aurrena... bestela ezkotu egingo dira... Eta bakar-bakarrik nago!» Fardel txukun bat egin zuen gutunekin, ule zurrun itsaskorra ertzetan tolestuz, bizimodu ibiltariak ehiztari zahar bat bezain ordenatua egin baitzuen Kim bidaia kontuetan. Gero ardura handiagoz jarri zituen liburuak jatekoen poltsan, behe-behean.

       Emakumeak atea jo zuen.

       — Ez duzu aztikeriarik prestatu ordea —esan zuen, ingurura begiratuz.

       — Ez da beharrik —Kimek erabat ahaztuta zeukan hitz magikoen beharra. Emakumeak, batere begirunerik gabe, barre egin zion Kimen larritasunari.

       — Batere ez... zuretzat. Begi keinu hutsez egin ditzakezu zuk aztikeriak. Baina pentsa ezazu gugan, gaixook, joaten zarenean. Mozkorregi zeuden bart denak emakume gaixo bati entzuteko. Zu ez al zaude mozkorra?

       — Apaiza naiz —Kim bere onera etorria zen, eta, emakumea batere desatsegina ez zenez gero, bere posizioari lotzea iruditu zitzaion onena.

       — Abisatu nien sahibak haserretu egingo direla, galdekizuna egingo dutela eta txostena rajarentzat. Babua ere beraiekin da. Funtzionarioak mingainluzeak izaten dira.

       — Horrek kezkatzen al zaitu? —ordurako erabat osatuta zeukan plana Kimek, eta irribarre zoragarria egin zion emakumeari.

       — Ez osorik —esan zuen emakumeak, esku indartsu ilun bat atereaz, turkesa eta zilarrez estalia.

       — Istant batean buka dezaket hori —jarraitu zuen bizkor—. Babua Ziglaur ondoko mendietan bueltaka zebilen hakim bera da (ba al zenuen haren berri?). Nik ezagutzen dut.

       — Dena kontatuko du sariaren truke. Sahibak ez dira menditarrak bereizteko gauza, baina babuek badituzte begiak, gizonezkoentzat... eta emakumezkoentzat.

       — Bidaliozu hitz bat nire partetik.

       — Ez da zuregatik egingo ez nukeen gauzarik.

       Kimek lasai-lasai hartu zuen konplitua, maitasunean emakumezkoek agintzen duten lurraldeetan gizonek behar duten bezala. Gero koaderno batetik orri bat hartu, eta arkatz ezabaezinez idatzi zuen shikast hizki zarpailetan (ume gaiztoak hormatan zikinkeriak idazteko erabiltzen duten idazkera): «Idatzi duten guztia daukat: lurraldearen marrazkiak, eta gutun asko. Batez ere murasla. Esadazu zer egin behar dudan. Shamlegh Elurpekoan nago. Agurea ondoezik dago.»

       — Emaiozu hau. Ahoa itxiko dio. Ez da oso urruti ibiliko noski.

       — Ez. Basoan daude oraindik arrokaren bestaldean. Eguna argitu duenean zelatan egon dira umeak, eta oihuka esan digute nondik nora mugitu diren.

       Harridura nabaritu zitzaion Kimi; baina zelaien ertzetik kanta zorrotz bat zetorren, miruarenaren antzekoa. Abereak zaintzen ari zen haur batek jaso zuen berria, Chiniko bailara menderatzen duen maldaren bestaldean zegoen anaia edo arreba bati.

       — Senarrak ere kanpoan dauzkat, egurra biltzen —intxaur eskukada bat atera zuen kolkotik; garbi-garbi zabaldu eta jaten hasi zen. Kimek ez ikusia egin zion.

       — Ezagutzen al duzu intxaurraren esanahia... apaiza? —esan zuen sotiltasunez, eta oskolaren bi zatiak eman zizkion.

       — Oso ideia ona —bi oskol zatien artean sartu zuen paper pusketa—. Ba al duzu argizari pixka bat hau ondo ixteko?

       Emakumeak hasperen luze bat egin zuen, eta Kim bigundu egin zen.

       — Ez dago ordainik zerbitzua betetzen den arte. Eman hau babuari, eta esaiozu Kutunaren Semeak bidali diola.

       — Ai! Egia, bai, egia! Azti batek... sahibak bezalakoa den batek.

       — Ez, Kutunaren Semeak; eta galdeiozu ea erantzunik izango ote den.

       — Baina... zakarkeriaren bat esaten badit, zer? Ni... beldur naiz.

       Kimek barre egin zuen.

       — Dudarik ez dut oso nekatuta eta goseak izango dela. Mendiak ez dira oherako lagun onak. Hai, nire... —mingain puntan izan zuen «ama» hitza, baina «arreba» bihurtu zuen—, oso emakume zuhurra eta bizkorra zara. Dagoeneko herri guztiek jakingo dute zer gertatu zaien sahibei, ezta?

       — Hala da. Albisteak Ziglaurren zeuden eguerdirako, eta biharko Kotgarhen izango dira. Herriak beldurrak eta haserre daude batera.

       — Ez dute zertan haserretu bada. Abisua eman herriei jaten emateko sahibei eta bakean pasatzen uzteko. Isilka atera behar ditugu gure bailaretatik. Gauza bat da lapurreta, eta beste bat hiltzea. Babuak ondo ulertuko du, eta ez da gero kexurik izango. Bizkor ibili. Nagusiaz arduratu beharra daukat esnatzen denean. Hala izan bedi. Zerbitzua egin ondoren esan duzu datorrela sana ezta? Ni Shamlegheko emakumea naiz, eta Rajaren agindupean nago. Ez naiz ume egile arrunta. Zurea duzu Samlegh: apoa, adarra eta azala, esnea eta gurina. Hartu ala utzi.

       Erabakior joan zen mendian gora, zilarrezko koilareak bular zabalean tintika, bostehun metro gorago goizeko eguzkiarekin topo egitera handik. Une hartan indiarrez pentsatu zuen Kimek, fardelen ertzetan argizaria jartzen zuen artean.

       «Nola segi lezake gizon batek Bidean edo Joko Handian emakumeek horrela asperrarazten dutenean? Fordeko Akrolako neska hura izan zen lehenbizi; gero usategi atzeko morroiaren emaztea, besteak kontatu gabe, eta orain hau dator! Umea nintzenean ondo zegoen, baina orain gizona naiz eta ez naute gizon bezala ikusten. Intxaurrak! Ja, ja! Almendrak izaten dira lautadetan!

       Herrira irten zuen ohiko zerga eskatzera; ez eske ontziarekin, lautadetarako baitzen hori, printze baten erara baizik. Shamlegheko udako populazioa hiru familiek baino ez dute osatzen: lau emakume eta zortzi edo bederatzi gizon. Jateko enlatatuak ugari zeuzkaten denek, kinina amoniakatutik hasi eta vodkaraino, bezperako harrapakinean bere zati osoa hartu baitzuen bakoitzak. Dendak, primerakoak, aspaldi moztu eta banatu zituzten; aluminiozko eltzeak ere, beren markarekin, hantxe ageri ziren.

       Baina ondorio gaizto ororen aurkako babes hoberena lama bertan egotea zela uste zuten, eta batere lotsarik gabe zeuzkaten gauzarik onenak eman zizkioten Kimi, baita edateko chang-a ere, Ladakheko bidetik datorren garagardoa. Gero eguzkitan jarri ziren berotzeko, eta hantxe eseri ziren amaierarik gabeko amilen gainetik zituztela hankak zintzilik, berriketan, barrez eta erretzen. India eta Gobernua ezagutu izan zituzten sahib ibiltarien bidez epaitzen zituzten, beraiek edo beren lagunak shikarri bezala enplegatu zituzten sahiben bidez. Ibex-a, Tibeteko ahuntza edo markorrekin huts egindako tiroez hogei urte lurperatuta zeramatzaten sahiben istorioak entzun zituen Kimek, xehetasun bakoitza atzetik argituz, tximistaren kontra zuhaitzen adarrak ikusten diren bezalaxe. Beren ondoezen berri eman zioten, eta, garrantzitsuago zena, zango indartsuekiko abere txikien gaixotasunena; Korgharh bezain urrutira egindako bidaiak ere kontatu zizkioten, hantxe bizi baitira atzerriko misiolariak, eta are urrunago Simla zoragarrira egindakoak, kaleak zilarrez harriztatuta dituena, edozeinek, bai, edozeinek egin bailezake han sahibentzat lan: bi gurpiletako gurdietan ibiltzen dira eta dirua nolanahi xahutzen dute. Geroxeago, serio eta isilkoi, oso mantso ibiliz, erlatz azpiko elkarrizketara etorri zen lama ere, eta leku zabala utzi zioten. Haize finak suspertu egin zuen, eta amildegiaren ertzean eseri zen onenekin, eta, elkarrizketa bizitasuna galtzen hasi zenean, hartxintxarrak botatzen aritu zen azpiko hutsunera. Handik berrogei kilometroetara ageri zen, arranoaren heganean, hurrengo mendikatea, landare arrastoz zulatu, marratu eta pitzatua: basoak, batetik bestera eguzkia ikusi gabeko egun osoko ibilaldia. Enara baten habian eserita egotea bezalakoxea zen hura, munduaren teilatuko erlatzen azpian.

       Noizean behin eskua luzatzen zuen lamak, eta norbaitek ahots mehez esandakoaren laguntzaz, Spitirako bidea seinalatzen zuen eta Parungla zeharkatuz, iparreranzkoa.

       — Atzean, Mendiak ugaritzen diren lekuan dago De-ch'en' (Hanléz ari zen), Monasterio Handia. s'Tag-stan-ras-ch'en-ek eraiki zuen, eta istorio hau kontatzen dute berataz.

       Eta kontatu egin zuen: sorginkeria eta mirarizko istorio harrigarria, Shamlegh osoa arnasarik gabe utzi zuena. Apur bat mendebaldera jiratuta, Kuluko mendi berdeez galdegin zuen, eta Kailungen bila hasi zen glaziarren azpian.

       — Handixe etorri bainintzen ni aspaldi, oso aspaldi. Lehetik etorri nintzen, Baralachiren gainetik.

       — Bai, bai; badakigu —esan zuen Shamlegheko jendeak, urrutira joanak baitziren denak.

       — Eta bi gauez egin nuen lo Kailungeko apaizekin. Hauexek dira nire mendi maiteak! Itzal guztien gainetik itzal bedeinkatuak! Hantxe zabaldu zitzaizkidan begiak; hantxe bilatu nuen Argia; eta hantxe prestatu nintzen Bilakuntzarako. Mendietatik etorri naiz... Mendi handi eta haize indartsuetatik. A, zuzena da bai Gurpila!

       Banaka-banaka bedeinkatu zituen denak: glaziar handiak, arroka biluziak, morrenak eta arbel mordoak; lautada lehorra, laku gazi ezkutua, zuhaitz urtetsua eta ur ugaritako aran joria, bata bestearen atzetik, hilzorian dagoen gizonak bere jendea bedeinkatzen duen bezala; eta Kim txundituta geratu zen lamaren irrikarekin.

       — Bai... bai. Ez da gure Mendiak bezalako lekurik —esaten zuen Shamlegheko jendeak. Eta berekiko hasi ziren galdezka nola bizi litekeen gizona lur lau bero izugarrietan, non ganadua elefantea bezain handia egiten baiten, eta ezin duten mendi maldan goldatu; non herriak beste herrien ondo-ondoan baitauden, entzunda zutenez, ehunka kilometroetan zehar; non jendeak taldetan irteten baitzuen lapurtzera, eta lapurrek uzten dutena poliziak eramaten zuen.

       Halaxe bada igaro zen goiz lasai hura, eta azkenean Kimen mezularia larre makurretik jaitsi zen igotzerakoan zeraman bezain arnas lasaiaz.

       — Mandatu bat bidali diot hakim-ari —esplikatu zuen Kimek, emakumeak agarra egin zuenean.

       — Idolatrekin elkartu al da? Ez, gogoan dut haietako bat sendatu zuela. Merituak eskuratu ditu, sendatu zuen hark bere indarra gaitzerako erabili bazuen ere. Zuzena da Gurpila! Zer gertatu zaio hakim-ari?

       — Beldur nintzen ez ote zeunden ubelduta eta... eta banekien hakim-a zuhurra dela —Kimek argizariz itxitako intxaur oskola hartu eta bere oharraren atzealdean irakurri zuen ingelesez: Hartu dut zure gutun konplitua. Ezin ditut orain lagunak utzi, baina Simlara eramango ditut. Gero zurekin elkartzea espero dut. Desegokia jaun haserreei jarraitzea. Bueltatu etorri zareten bidetik, eta harrapatuko zaituztet. Oso pozik postagatik nire arretari esker. Esaten du, maisu, idolatrei ihes egingo diela, eta gugana itzuliko dela. Itxoingo al dugu bitartean Shamleghen?

       Lama luze eta maitasunez egon zen mendiei begira, eta buruari eragin zion.

       — Ezin da, chela. Barru-barrutik desiratzen dut, baina debekatuta dago ordea. Gauzen kausa ikusi dut.

       — Zergatik ez? Orain, mendiek egunez egun indarberritzen zaituztenean? Gogoan izan nola geunden makalduta eta erori beharrean han, Dunen.

       — Gaiztakeriak egin eta ahazteko indartu nintzen. Liskartia eta zalapartaria besterik ez naiz izan mendietan —Kim irribarrea ezkutatzen saiatu zen—. Zuzena eta ezin hobea da Gurpila, batere desbideratzen ez dena. Gaztea nintzenean, aspaldi, erromes joan nintzen Guru Ch'wanera, ezkien artera (Bhotanwards seinalatu zuen), Zaldi Sakratua daukaten lekura.

       — Isilik, isilik! —esan zuen Shamlegh osoak batera—. Jam-lin-nink'orrez ari da, Mundua Egun batean Ingura Lezakeen zaldia.

       — Nire chela-rekin bakarrik ari naiz hizketan —esan zuen lamak, errieta biguna eginez, eta goizeko izotza hegoaldera dauden erlatzetan urtzen den bezala sakabanatu ziren besteak—. Ez nenbilen egiaren bila egun haietan, dotrinaz hitz egin nahi nuen. Lilura dena! Guru Ch'wan-eko garagardoa edan eta ogia jan nuen. Biharamunean esan zuen batek: «Sangor Gutokekin borroka egitera goaz» (kontura zaitez nola lotzen zaion Haragikeria Amorruari), «jakiteko zein abadek agintzen duen bailaran eta zeinek hartuko dituen Sangor Gutoken inprimatzen dituzten oroitzen irabazia.» Joan nintzen bada, eta borroka egin genuen egun batez.

       — Baina nola, maisu?

       — Gure luma-kaxa luzeekin, eta erakutsi ahal izan dut gainera... hala bada, ezkien azpian borrokatu genuen, bi abade eta fraide guztiek, eta batek hezurreraino zulatu zidan kopeta. Ikusi —atzera bota zuen kapusaia eta zilar koloreko orbaina erakutsi zuen, denborak arindua—. Zuzena eta ezin hobea da Gurpila! Atzo min eman zidan orbainak, eta berrogeita hamar urte ondoren gogoratu zitzaidan nola egin zidaten, eta egin zidanaren aurpegia; eta liluraren baitan jardun nuen apur bat. Gero berriz zuk ikusi zenuena etorri zen... istiluak eta zorakeria. Zuzena da Gurpila! Idolatraren zartadak orbaina jo zuen. Orduan izpirituak dardara egin zidan: arima ilundu egin zitzaidan, eta liluraren urak astindu zidan arimaren txalupa. Shamleghera etorri arte ezin izan dut Gauzen Kausaz meditatu, edo Gaitzaren erroak topatu. Gau osoa eman dut ahaleginetan.

       — Baina, maisu, zu guztiz errugabea zara. Neure burua zuretzat opari.

       Kim ezinegonez zegoen agurearen tristurarekin, eta oharkabean atera zitzaion Mahbub Aliren esaldi hura.

       — Egunsentian —jarraitu zuen serioago lamak, arrosarioaren aleak esaldi mantsoen artean pasatuz—, argitasuna etorri zitzaidan. Hauxe da... Zaharra naiz, mendian hazia, mendian elikatua, eta ez dut sekula mendian atseden hartuko. Hiru urtez ibili naiz Indian zehar bidaian, baina... izan al liteke bada lurra Ama Lurra bera baino indartsuagoa? Nire gorputz zoroak Mendia desiratzen zuen, eta Mendiko elurra, han behetik. Esaten nuen, eta egia da, Bilakuntzak ez duela huts egingo. Hala, Kuluko emakumearen etxean mendirantz jiratu nintzen, neure burua konbentzituta. Hakim-ak ez du errurik. Hark, Desioaren atzetik, aldez aurretik esan zidan Mendiek indartu egingo nindutela. Kalte egiteko indartu ninduten, nire Bilakuntza ahazteko. Bizitzan eta Bizitzaren grinetan gozatzen nuen. Malda gogorrak desiratzen nituen igotzeko. Bilatzen saiatu naiz. Gorputzaren indarra neurtu dut, eta okerra da hori, Mendi handian, iseka egin nizun Jamnotriren azpian arnasestuka hasi zinenean. Txantxetan hasi nintzen pasabideko elurrari aurre egin nahi izan ez zenionean.

       — Baina zer kalte egiten du horrek? Ni beldurrak nengoen. Zuzena zen. Ni ez naiz menditarra; eta zure indar berriengatik maite zintudan.

       — Behin baino gehiagotan gogoratu zait hori —masaila eskuan jarri zuen tristuraz—, zure laudorioak eta hakim-arenak bilatzen nituen nire zangoen indar hutsarengatik. Hala bada, gaitza gaitzaren atzetik zetorren ontzia bete zen arte. Zuzena da Gurpila! Hiru urtez ohore egin dit India osoak. Etxe Miragarriko Jakituriaren Iturritik hasita —irribarre egin zuen—, kanoi handi batekin jolasean ari zen ume txiki bat arte, bidea prestatzen zidan munduak. Eta zergatik?

       — Maite zintugulako. Zartadaren sukarra besterik ez da hori. Neroni ere oraindik ondoezik eta dardarka nago.

       — Ez! Bidean nengoelako zen, si-nen-ak (zinbaloak) bezain afinatua, Legea bete asmoz. Arau horretatik aldendu egin nintzen. Melodia hautsi egin zen: eta horri zigorrak jarraitu nion. Nire Mendietan, nire herriaren ertzean, nire grina gaiztoaren lekuan bertan, etorri zait zartada... hemen! —kopeta ukitu zuen—. Ontziak lekuz aldatzen dituelako lekaide bat jotzen duten bezala, halaxe jo naute ni, Such-zeneko abade izan naizen hau. Hitzik ez, ez, zartada bat baizik, chela.

       — Baina sahibek ez zintuzten ezagutzen, maisu!

       — Elkarren antzekoak ginen. Ezjakintasunak eta Grinak Ezjakintasuna eta Grinarekin egin zuten topo bidean, eta Sumindura sortu zuten. Kolpe hura zeinu bihurtu zitzaidan, niri, galdutako yak-a baino hobea ez naizen honi, hau ez dela nire lekua alegia. Ekintza baten kausa uler dezakeenak Askatasunaren bide erdia egina dauka! «Atzera berriz, Bidera», dio Kolpeak. «Mendiak ez dira zuretzat. Ezin duzu Askatasuna aukeratu eta horrekin batera bizitzarekin gozatu».

       — Nahiago nuke errusiar horiek topatu ez izana!

       — Gure Jaunak Berak ere ezin du Gurpila atzerantz jiratu; eta eskuratu dudan merituengatik beste zeinu bat ere irabazi dut —eskua kolkoan sartu eta Bizitzaren Gurpila atera zuen—. Ikusi! meditatu ondoren pentsatu dut hau. Hona hemen idolatrak urratu ez mena; ez da nire azkazala baino zabalagoa.

       — Ikusten dut, bai.

       — Halakoxea da bada gorputz honetan geratzen zaidan bizitza. Gurpilaren zerbitzari izan naiz nire egun guztietan. Orain Gurpila nire zerbitzari da. Baina zu Bidean gidatuz eskuratu ditudan merituengatik ez balitz, beste bizitza bat beharko nuke nire Ibaia aurkitzeko. Ulertzen al duzu, chela?

       Hain zakar desitxuratutako mapari begiratu zion Kimek. Ezkerretatik eskuinetara zihoan zeharka urradura, Hamaikagarren etxetik, Uma desiotik jaiotzen den lekutik (tibetarrek marrazten duten bezala), abere eta gizakien mundutik, Bosgarren Etxea deneraino, Zentzuen Etxe hutsa. Haren logika eztabaidaezina zen.

       — Argitasuna irabazi aurretik —lamak begirune handiz tolestu eta jaso zuen dena—, tentatu egin zuten gure Jauna. Ni ere tentatu naute, baina bukatu da hori ordea. Gezia lautadetan erori zen, ez Mendian. Horretaz, zertan ari gara hemen?

       — Ez al diogu behintzat hakim-ari itxoingo?

       — Nik badakit noiz arte biziko naizen gorputz honetan. Zer egin dezake bada hakim batek?

       — Baina gaixo eta urduri zaude. Ezin duzu ibili...

       — Nola egon naiteke gaixo Askatasunaren bila banabil? —zutitu egin zen segurtasunik gabe.

       — Orduan jatekoa ekarri behar dut herritik. A, Bidea!

       Kimek berak ere atseden hartu beharra zeukala sentitu zuen.

       — Zuzena da hori. Jan dezagun zerbait eta goazen. Lautadetan erori zen Gezia... baina ni Desioaren atzetik nenbilen. Prestatu dena, chela.

       Kim turkesez brodaturiko burukiarekiko emakumearengana jiratu zen; amilean behera harrixkak nagikeriaz botatzen aritua zen artean. Irribarre atsegina egin zion Kimi.

       — Artasoroan galdutako bufaloa bezala topatu dut babua; purrustaka eta hotzarekin doministikuka. Hain gose zen, non bere duintasunaz ahaztu eta hitz gozoak ere esan baitizkidan. Sahibek ez daukate ezer —esku-ahur huts bat luzatu zuen—. Urdaila oso gaizki dauka batek. Zure egitea izan al da?

       Kimek baietz egin zuen buruaz, begi distiratsuz.

       — Bengaliarrarekin hitz egin dut aurrena, eta inguruko herri bateko jendearekin gero. Emango zaie sahibei jatena behar dutenean, eta ez diete dirurik eskatuko. Harrapakina banatuta dago. Babuak sekulako gezurrak esaten dizkie sahibei. Zergatik ez ditu bertan behera uzten?

       — Bere bihotz zabaltasunagatik.

       — Ez da inoiz bihotza intxaur lehor bat baino handiagoa zuen bengaliarrik izan. Baina ez dio axola... Intxaurrak direla, eta... Zerbitzuaren ondoren saria dator. Esan dizut zurea duzula herria.

       — Ni naiz galtzaile —hasi zen Kim—. Pentsatu berriak nituen nire bihotzak desiratzen dituen gauzak eta... —ez dago zertan halakoetan esaten diren konplituak errepikatu beharrik. Hasperen luzea egin zuen... baina nire maisuak, ikuspen bat dela eta...

       — Hara! Zer ikusi dezakete bada begi zaharrek, eske-ontzi ondo bete bat baino?

       — ... herri honetatik Zelaietara doa berriz.

       — Egoteko eskatu.

       Kimek buruari eragin zion.

       — Ezagutzen dut nire Gizon Santua, eta badakit nola amorrarazten den kontra egiten diotenean —erantzun zuen bene-benetan hizketan—. Egiten dituen madarikazioek dardara batean jartzen dituzte Mendiak.

       — Lastima ez zutela burua hautsia izatetik salbatu! Zu izan zinela sahiba zigortu zuen gizon adoretsua entzun dut. Utziozu ametsetan segitzen. Egon!

       — Mendiko emakume —esan zuen Kimek, aurpegiera gazte biribildua bigundu ezin zion seriotasunaz—, gauza hauek jasoegiak dira zuretzat.

       — Izan bitez Jainkoak zintzoak gurekin! Noiztik izan dira gizonak eta emakumeak gizon eta emakumez beste?

       — Apaiza apaiza da. Oraintxe doala dio. Ni bere chela naiz, eta berarekin joango naiz. Jatekoa behar dugu Biderako. Herri guztietan ohorez hartzen dute, baina.. —mutikoen irribarre hutsa zena egin zuen bat-batean—, jatekoa ona da hemen. Emadazu pixka bat.

       — Eta ematen ez badizut, zer? Ni naiz herri honetako emakumea.

       — Orduan madarikatu egingo zaitut... pixka bat, ez asko, baina bai gogoan izateko aski —ezin zion irribarre egiteari utzi.

       — Madarikatu nauzu dagoeneko, betileak erortzen utziz eta kokotsa altxatuz. Madarikatu? Zer axola zaizkit niri hitz hutsak? —eskuak bularraren gainean gurutzatu zituen—... ez dut nahi zu haserre joatea ordea, nitaz uste txarra eramatea... Shamlegheko belar eta simaur biltzailea naiz, baina emakume aberatsa hala ere.

       — Ez dut ezer pentsatzen —esan zuen Kimek—, baina penatuta nago bagoazelako, makalduta bainago oraindik; eta jatekoa behar dut. Hona hemen poltsa.

 

 

15. ATALA

 

              Ez nioke Enperadoreari lekua utziko

              Ez pasatzen erregeari

              Koroa Hirukoitzaren aurrean

              ez nintzateke makurtuko

              Baina hau desberdina da!

              Haizeetako Botereekin borrokan ez dut egingo...

              Begirale, sar dadila barrura!

              Jaitsi zubia... gu guztion Jauna baita

              Ametsa egia bihurtu zitzaion Ameslaria!

                            Maitagarrien setioa

 

       Chiniko iparretik hirurehun kilometrotara, Ladakheko arbel urdinetan, Yankling sahiba dago, gizon alaia; mendi-gailurrak ari da katalejoz aztertzen, bere usmari kuttunaren bila, Ao-chungeko gizon bat. Traidore hori ordea, Mânnlicher errifle berri bat eta berrehun kartutxoekin, beste nonbait dago, azokarako muxeka-hartzak harrapatzen; hurrengo boladan jakingo du Yankling sahibak zeinen gaixo egon den bere usmaria.

       Bushahrreko bailaretan gora —Himalayetako arrano begi zorrotzak aldendu egiten dira haren aterki zuri-urdina begiztatzean—, bengaliar bat doa presaka, garai batean lodia eta itxura onekoa izandakoa, eta orain berriz mehea eta zaildua. Bi atzerritar argitsuen eskerrak jaso ditu, berak gidatu baititu, eta ez trebeziarik gabe, Indiako hiriburu alai eta handira daraman Mashobrako tuneleraino. Ez zen bengaliarraren errua izan, terrala zela eta, atzerritarrak telegrafo-estazioa eta Kotgartheko europar kolonia baino harantzago eraman izana. Ez zen haren errua izan, sarritan aipatzen zituen jainkoena baizik, atzerritarrak Nahaneko mugetara eraman izana, non estatuko rajak britainiar soldadu desertatuekin nahasi baitzituen. Hurri babua azaltzen aritu zen lagun haiek beren herrian zuten handitasuna eta loria, erregetxo lotiak irribarre egin zuen arte. Galdetu zion edonori azaldu zien, maiz, ozen, era askotan. Jatekoaren eske ibili zen, non egona topatu zuen, izterrondoko zauri bat sendatuz —arrokaz estalitako malda batean behera ilunpetan bueltaka erorita bar litekeena bezalakoa—, sendagile gisa zuen trebezia zuela frogatu zuen, eta derrigorrezkoa zela gauza guztietan. Adiskidetasun haren zergatiak asko esaten zuen bere alde. Beste esklabutza kide askok eta askok bezala, Iparreko askatzaile handia bezala ikusten ikasi zuen Errusia. Gizon beldurtia zen. Ikaratuta ibili zen, bere enplegatzaile adeitsuak ezingo ote zituen asaldaturiko nekazari haien haserretik libratu. Berari, izan ere, berdin zitzaion gizon santu bat jo ala ez jo, baina... Oso eskertuta zegoen, eta bihotz-bihotzez pozten zen «berak ahal zuen gutxia» egin izanaz haien abentura eramateko —galdutako ekipaia kenduta noski— zorieneko bukaerara; ahaztuta zeuzkan zartakoak; ukatu egiten zuen zartakorik eman zenik ere pinuen azpiko aurreneko gau itsu hartan. Ez zuen saririk nahi, ez ordainik egindako zerbitzuengatik, baina, merezi zuela uste bazuten, idatziko ote zioten gomendiozko gutun bat? Baliagarria izan zitekeen besteren batzuek, atzerritarren adiskideak, Pasabideak gurutzatzen bazituzten edo. Etorkizunean izango zuten handitasunean bera gogoan izan zezaten erregutu zien; izan ere «zorroztasunez irizten zuen» berak, bai, berak, Mohnedro Lai Dutt, Calcuttako Unibertsitatean lizentziatua zen hark, egin ziola «estatuari zerbitzuren bat».

       Atzerritarrek agiri bat eman zioten bere kortesia, laguntza, eta gidari bezala zuen trebezia goraipatuz. Babuak gerrikoan sartu zuen eta negar-zotinka hasi zen; izan ere, arriskutan ugarietan ibili ziren elkarrekin. Eguerdian, Simlako Mall jendez betea gurutzatuz, Simlako Alliance Bankura eraman zituen, nor ziren eman nahi baitzuten han aditzera. Handik Jakkuaren gaineko goizeko hodeia bezala desagertu zen.

       Ikustazue, meheegia izerditan hasteko, presatuegia burdinazko kutxako sendagaiak laudatzeko, Shamlegheko aldapa igotzen, gizon zuzen ezin hobea. Begiraiozue, babuen ezaugarri guztiak alde batera utzita, eguerdi aldean hamaka batean etzanda zigarroak erretzen, turkesez brodaturiko burukia daraman emakume bat hego-ekialderantz keinuka ari den artean, belardien bestaldean. Ohatilak, dio emakumeak, ez dira gizonak bezain azkar mugitzen, baina bila dabilen txoriak Lautadetan beharko zuten egon dagoeneko. Gizon santuak ez zuen han egon nahi, Lispeth saiatu zen arren. Marmar egiten du babuak, gerriko handia estutu ondo eta badoa berriz ere. Ez zaio axola ilundu ondoren bidaiatzea; baina egunean egiten duen bide puskak —ez da zenbatuko duen inor— bere endari irri egiten dion jendea txundituta utziko luke. Herritar atseginek, duela bi hilabeteetako Daccako sendagai-saltzailea gogoratuz, basoko izpiritu gaiztoen aurkako aterpea ematen diote. Bengaliar jainkoekin, Unibertsitateko heziketa eskuliburuekin, eta Royal Society-arekin, London, Ingalaterra, egiten du amets. Hurrengo egunsentiarekin batera, balantzaka beti, aurrera doa aterki zuri-urdina.

       Dunaren mugan, Mussurie atze-atzean eta lautadak urrezko hautsetan beren aurrean zabalduta dituztela, ohatila zartatu bat dago, eta han, Mendi guztiek ondo asko dakiten bezala, garbituko duen Ibai baten bila dabilen lama dago etzanda, gaixorik. Herriak borrokan hasi beharrean ibili dira lama edukitzeko ohorea dela eta; izan ere lamak bedeinkazioak eman dizkie, eta ez hori bakarrik, dirutza ederra ere eman die haren dizipuluak: sahiben prezioen hiruna. Duli-ak eguneko hogei kilometro egin ditu ia, euskarrien mutur koipetsu, zaharkituek erakusten duten bezala, eta sahib gutxik erabiltzen dituzten bideetatik gainera. Nilang pasabidearen gainetik, ekaitzarekin, haizeak bultzaturiko elur-hautsak lama izukaitzaren arropako tolesdura guztiak bete zituenean; Raiengekq adar beltzen artetik, non basahuntzen txilioak entzun baitzituzten hodeietan zehar; beheko arbeletatik, kulunka eta bihotzak estututa; lama juxtu-juxtu sostengatzen zutela sorbalda eta matrail estuen artean Bhagiratiren azpiko Cut Roaden bihurgune beldurgarriak igaro zituztenean; trosta motza sostengatuarengatik balantzaka eta kirrinka Uren Bailarara jaistean; presaka bailara itxi horretako lur lau hezeetan barrena; gora eta gora, Kedarnatheko haize-bolada orrotsuekin topo egiteko; gelditurik eguerdietan hariztietako itzal atseginpean; herriz herri eramanez goizaldeko freskuran, elizkoiei ere barkatu behar zaienean gizon santu pazientzia gabeei hitz itsusiak esatea; edo zuzien argitan, gutxien ikaratzen denak ere mamuetan pentsatzen duenean... heldu da duli-a azken etapara. Menditar mozkoteak izerditan daude beheko Siwaliketako bero desberdinean, eta apaizak inguratzen dituzte bedeinkapena eta ordaina jasotzeko.

       — Merituak eskuratu dituzue —dio lamak—. Zuek uste baino meritu handiagoak. Eta mendira itzuliko zarete —suspiriatzen du.

       — Jakina. Mendi handietara, ahal bezain azkar —eramaileak sorbaldak igurzten ditu, ura edaten du, berriz bota, eta belarrezko sandalia ondo jartzen du. Kimek, estutua eta nekatua aurpegia, gerritik ateratzen dituen zilarrezko txanpon txikiak ordaintzen dizkie, jatekoen zakuaz arduratzen da, sartzen du ulezko fardel bat —idatzi sakratuak dira— bularrean, eta zutitzen laguntzen dio lamari. Agureari bakea nabari zaio berriz ere begietan, eta ez du uste mendiak erori eta zanpatuko dutenik uholdeak zirela eta geldik zain egon behar izan zuten gau beldurgarri hartan uste izan zuen bezala.

       Gizonak duli-a hartuta zuhaitz ttattarren artean desagertzen dira.

       Lamak esku bat jasotzen du Himalayen murailaren aldera.

       — Zuengana, mendi guztien artean bedeinkatuak zareten horiek, ez zen erori gure Jaunaren Gezia! Eta zuen haizea ez dut berriz arnastuko!

       — Baina hamar aldiz indartsuagoa zara zu haize on honetan —dio Kimek, Lautada atsegin joriak desiratzen baititu Kimen arima ahulduak—. Hemen, edo inguru hauetan, erori zen Gezia, bai. Oso poliki joango gara, koss bat eguneko beharbada, Bilakuntzak ez du huts egingo eta. Baina zakua oso astuna da.

       — A, Bilakuntzak ez du huts egingo. Tentaldi handia gainditu dut.

 

 

       Ez zuten orain eguneko hiru kilometro baino gehiago inoiz egiten, eta Kimen bizkarrak eramaten zuen zama guztia: agure baten zama, jatekoen zaku astuna liburu itxiekin, idazkien pisua bihotzean, eta eguneko errutinaren xehetasunak. Eskean ibiltzen zen egunsentian, maindireak jartzen zituen lamaren meditazioarentzat eskumuturrak min ematen zion arte euliak uxatuz, magalean hartzen zion buru ahula eguerdiko berotan, berriz ere eskean ibiltzen zen iluntzean, eta oinak igurzten zizkion lamari, eta lamak Askatasunaren aginduarekin saritzen zuen, gaur, bihar, edo, gehienera ere, etzi hartuko zuena.

       — Ez da inoiz halako chela-rik izan. Duda egiten dut batzuetan, hobeto zaindu ote zuen Anandak gure jauna. Eta sahiba zara zu? Ni gaztea nintzenean... aspaldi... ahaztu egiten zitzaidan. Orain sarritan begiratzen dizut, eta beti gogoratzen naiz sahiba zarela. Harritzekoa da.

       — Zuk esana da ez dela ez beltzik ez zuririk. Zergatik mintzen nauzu hitz horiekin, maisu? Utzidazu beste oina igurzten. Ez dut hori gogoko. Ni ez naiz sabla. Zure chela naiz, eta burua astuna sentitzen dut sorbalda gainean.

       — Pazientzia pixka bat! Elkarrekin lortuko dugu Askatasuna. Orduan gu biok, Ibaiaren bestaldetik, gure bizitzari begiratuko diogu, Mendiko bideak atzean ikusten genituenean bezala. Beharbada ni ere izan naiz inoiz sabla.

       — Ez da inoiz zu bezalako sahibarik izan, zin egiten dut.

       — Ziur naiz Etxe Miragarriko Irudien Gordetzailea iraganeko bizitzan oso Abade zuhurra izan zela. Baina haren betaurrekoek ere ez didate ikustarazten. Itzalak sortzen dira zuzen-zuzen begiratu nahi dudanean. Ez dio axola, ezagutzen ditugu azal gaixo txoroaren trikimailuak; beste itzala bihurtzen den itzala. Denbora eta espazioaren lilurek lotzen naute. Noraino heldu gara gaur haragitan?

       — Koss erdia edo egin dugu. (Kilometro erdia baino gehixeagoa, eta egun nekagarria izan zen hura).

       — Koss erdia. Ja! Hamar mila milako egin ditut izpirituarekin. Nola gauzkaten denok gauza zentzugabe horiek inguratuta, lotuta, eta zapalduta! —arrosarioaren aleak horren astunak gertatzen zitzaizkion zain urdineko esku meheari begiratu zion—. Chela, izan al duzu inoiz ni uzteko desiorik?

       Kimek ulezko fardelean pentsatu zuen, eta jatekoen zakuko liburuetan. Hartarako baimenik zeukakeen batek leku egokira eramango balitu, bost axola berari Joko Handiak bere kabuz jarraitzea. Nekatuta zegoen eta burua beroa zeukan, eta urdailetik zetorkion eztul batek kezkatu egiten zuen.

       — Ez —esan zuen oso serio— ni ez naiz maitatzen ikasi duenari koska egiten dion zakurra edo sugea.

       — Samurregia zara nirekin.

       — Ezta ere. Erabaki bat hartu dut zuri galdetu gabe. Mezu bat bidali diot Kuluko emakumeari goizean ahuntzaren esnea eman digun andrearen bitartez, esanez makaldu samartuta zeundela eta ohatila baten beharrean. Haserretu egiten naiz nire buruarekin pentsatzen dudanean ez nuela Dunean sartu ginenean eskatu. Hementxe egongo gara ohatila etortzen den arte.

       — Pozik nago. Urrezko bihotza duen emakumea da, zuk diozun bezala, baina berritsua... berritsu samarra.

       — Ez zaitu nekatuko. Horretaz ere arduratu naiz. Maisu, bihotza minduta daukat zurekin oso ardura eskasez ibili naizelako —trabatu egin zitzaion ahotsa eztarrian—. Urrunegi eraman zaitut; ez dizut jateko ona hartu beti; ez dut beroa kontutan hartu; jendearekin berriketan aritu naiz bidean, zu bakarrik utzita.. eta... eta... Hai mai! Baina maite zaitut... eta orain beranduegi da... Umea nintzen... O, zergatik ez ote nintzen gizona? —larridura, nekea eta bere urteen gainean zeukan zamarekin, lehertu eta negarrez hasi zen lamaren oinetan.

       — Zer da hori! —esan zuen agureak atsegin—. Pittin bat ere ez zara inoiz desbideratu Zintzotasunaren Bidetik. Ni baztertu? Zure indarrean bizitu naiz, ume, zuhaitz zaharra horma berriaren karean bizi den bezala. Egunez egun, Shamleghekoa gertatu zenetik, indarra lapurtu dizut. Horrexegatik, ez zuk bekaturik egin duzulako, zaude makalduta. Gorputza da, Gorputz inozo, zoroa, orain hizketan ari dena. Ez ziurtasunez beteta dagoen arima. Kontsola zaitez! Jakin ezazu behintzat zein deabrurekin ari zaren borrokan. Lurretik jaioak dira... liluraren kumeak. Kuluko emakumearengana joango gara. Merituak eskuratuko ditu guri ostatu emanez, eta batez ere niri lagunduz. Zu libre ibiliko zara berriz indartzen zaren arte. Ahaztuta neukan Gorputz zoroa. Errurik baldin bada, niri dagokit. Baina hurbilegi ditugu Askatasunaren Ateak erruaren zamarik eramateko. Egin diezazuket laudoriorik, baina ba al da bada horren beharrik? Azkar... oso azkar... behar guztien gainetik egongo gara.

       Eta halaxe lagundu eta kontsolatu zuen lamak Kim, horren gaizki ulertzen den animalia horri buruzko esaera jakintsu eta testu serioekin, gure Gorputzari buruzkoak alegia; izan ere Gorputza, engainua besterik ez delarik, Arimaren lekua hartzen saiatzen baita, Bidea iluntzeko, eta alferrikako deabruak etengabe ugaritzeko.

       — Hai! Hai! Mintza gaitezen Kuluko emakumeaz. Zer uste duzu, beste aztikeriaren bat eskatuko didala bere ilobentzat? Gaztea nintzenean, aspaldi-aspaldi, horrelako lanbroek, eta baita beste batzuek ere, traba egiten zidaten, eta abade batengana joan nintzen; oso gizon santua zen, egiaren bila zebilena, nik orduan ez jakin arren. Eseri eta entzun, nire bihotzeko ume horrek! Kontatu nion nire istorioa. Eta esan zidan, «Chela, hau jakin behar duzu. Gezur asko da munduan, eta ez gezurti gutxi, baina ez da gure gorputzak bezalako gezurtirik, gure gorputzen sentsazioak izan ezik. Hura pentsatzen kontsolatu egin nintzen, eta abadeak eskuzabaltasunez tea edaten utzi zidan bere aurrean. Utzidazu orain tea edaten, egarri naiz eta.

       Malkoen artean barrez, Kimek Jamaren oinak musukatu zituen, eta tea prestatzen hasi zen.

       — Zu nire gorputzean sostengatu zara, maisu, baina ni zugan sostengatzen naiz beste gauzetarako. Ba al dakizu?

       — Asmatu egin dut beharbada —eta Jamaren begiek keinu bat egin zuten—. Hori aldatu beharra daukagu.

       Hala, kirrinka artean, arrastaka eta arrandiatsu sahib andrearen palankin kuttuna agertu zenean, hogei kilometro baino urrutiagotik bidalita, ile urdindutako zerbitzari ury-a arduradun, eta baita geroago ere, Saharunpore atzeko etxe nahasi zuriaren ordena desordenatura heldu zirenen, bere neurriak hartu zituen lamak.

       Konplituak egin ondoren esan zuen sahib andreak alai goiko leiho batetik:

       — Zertarako balio du atso batek agure bati emandako aholkua? Esan nizun nik... esan nizun nik, maisu, begiak ez kentzeko chela-ren gainetik. Nola egin duzu? Ez ezer esan! Badakit. Emakume artean ibili da. Erreparatu begietara, a zer begi zuloak, eta sudurretik beherako marra argigarrira! Txiki-txiki egin dute! Hau lotsa! Eta apaiza gainera!

       Kimek gora begiratu zuen, erantzuteko makalegi, eta buruari eraginez ukatu nahian.

       — Ez txantxetan ibili. Garai hori bukatu da. Arazo handiak dauzkagu esku artean. Arima gaixotu egin zitzaidan niri Mendietan, eta berari gorputza. Orduz geroztik bere indarrean bizitu naiz... bera janez.

       — Umeak denak... zaharra eta gaztea —esan zuen purrustaka atsoak, baina ez zuen beste txisterik egin—. Sendatuko ahal zaitu nire abegi onak! Egon pixka bat eta jardungo dugu Mendi handi ederrez berriketan.

       Iluntzean —suhia itzuli zen, eta andreak ez zuen basetxean errondan ibili beharrik izan—, arazoaren muinera joan zen, lamak dena azaldu baitzion ahots apalez. Bi buru zaharrak batera makurtzen ziren, zuhurtziaz. Kim ohatila bat zuen gela batera joana zen balantzaka, eta lotan zegoen izerditan. Lamak debekatu egin zion maindireak jartzea eta jatenaz kezkatzea.

       — Badakit.. badakit. Nork jakingo du nik baino hobeto? —esan zuen karkaraz andreak—. Bizitzaren Ibaitik urez betetako txarroekin, txarro bete-beteekin datozenen eskuei heltzen diegu heriotza-sutzarrera goazenok. Oker jokatu dut mutilarekin. Bere indarra utzi al dizu? Egia da zaharrek gazteak jaten dituztela egunero. Orain mutila sendatzea dagokigu guri.

       — Askotan eskuratu dituzu merituak...

       — Nire merituak. Eta zer da hori?... Kurrya egosten duen hezur zakukada zaharra, «Nork prestatu du hau?» galdetu ere egiten ez duten gizonentzat. Baina nire ilobarentzat balira...

       — Sabelekoa izan zuena?

       — Pentsatzea ere Gizon Santuak hori gogoratzen duela! Amari esan behar diot. Oso ohore handia da! «Sabelekoa izan zuena»... segituan gogoratu zaio gizon santuari. Harro jarriko da.

       — Niretzat nire chela, argirik ez dutenentzat semea dena da.

       — Iloba esatea hobe. Amek ez dute gure urteen jakituria. Ume batek negar egiten badu zeruak goitik behera datozela esango dizu amak. Amonak berriz nahikoa urrun dauzka erditzearen oinazeak eta bularra ematearen plazerak, ez ote den negar hori gaiztakeria hutsa, edo haizeak, pentsatu ahal izateko. Eta berriz ere haizeez mintzatu zarenez gero, Gizon Santua azkenekoz hemen izan zenean, iraindu egin nuen agian aztikeriak etengabe eskatuz.

       — Arreba —esan zuen lamak, fraide budistek batzuetan mojari zuzentzeko erabiltzen duen forma erabiliz—, aztikeriek kontsolatzen bazaituzte...

       — Hamar mila sendagile baino hobeak dira.

       — Benetan diotsut, kontsolatzen bazaituzte, nik, Such-zeneko abade izan naizen honek, zuk nahi bezainbeste egingo ditut. Ez dizut inoiz aurpegia ikusi...

       — Mizpirak lapurtzen dizkiguten tximuek ere irabazitzat daukate hori. Je, je!

       — Baina lotan dagoen horrek esan bezala —keinu bat egin zuen gonbidatuen gelako aterantz, patioaren bestaldera—, urrezko bihotza daukazu... Eta, izpirituan, benetako «iloba» da niretzako.

       — Ondo! Gizon Santuaren behia naiz ni —hinduismo hutsa zen hura, baina lamak ez zuen kontutan hartu—. Ni zaharra naiz. Semeak eraman ditut sabelean. A, gizonen gogokoa nintzen garai batean, bai! Eta orain sendatu egiten ditut —lamak eskumuturrekoen soinua aditu zuen, ekintzarako prestatzen ari balira bezala—. Mutilaz arduratuko naiz, errezetak prestatuko dizkiot eta bete-bete egingo dut ondo osatu arte. Hai! hai! Oraindik ere badakigu zerbait zaharrok.

       Hala bada, hezur guztiak minduta, begiak zabaldu zituenean Kimek, eta sukalde aldera joan zenean maisuaren jatekoaren bila, debeku larriekin egin zuen topo, eta beloarekiko irudi zahar batekin atean, ile urdindutako zerbitzaria zuela aldamenean; oso zehatz azaldu zizkion hark inola ere egin ezin zituen gauzak.

       — Egin behar duzula? Ez duzu ezer egin behar. Zer? Kutxa itxi bat, liburu santuak edukitzeko? A, hori desberdina da. Jainkoek ez diezadatela utzi apaiza eta bere otoitzen artean jartzen! Ekarriko dute kutxa, eta zerorrek gordeko duzu giltza.

       Ohe azpian utzi zioten kaiza, eta Mahbuben pistola, gutunen ulezko baketea, eta giltzapeturiko liburuak eta egunkariak atera zituen bertatik Kimek, lasaitasunezko suspirio batez. Arrazoi zororen batengatik sorbaldetan zuen zama ez zen ezer buruko zamaren ondoan. Hura zela eta, min ematen zion lepoak gauetan.

       — Gazteek egun hauetan izaten ez duten ondoeza duzu zuk, aurrekoak zaintzeari utzi ziotenez geroztik. Lo egitea duzu erremedioa, eta sendagai batzuk —esan zion sahiba andreak; eta poztu egin zen Kim erdi mehatxatu erdi lasaitu egiten zuen iluntasunean murgiltzean.

       Edariak prestatu zizkion, lurrindegi baten Asiako ordeko misteriotsuren batean, usain txarra eta okerragoko gustua zutenak. Kimen ondoan egon zen atsoa hartu zituen arte, eta etengabe egin zizkion galderak atzera bota zituenean. Debekua jarri zuen patioan, eta gizon armatu bat bertan ezarriz areagotu zuen. Egia da gizonak hirurogeita hamar urte zituela, eta zorroan sarturiko ezpatak kirtena besterik ez zuela; baina sahib andrearen agintearen sinboloa zen, eta gurdi zamatuak, zerbitzari berritsuak, txekorrak, zakurrak, oiloak eta antzekoak, bihurgune handi bat egiten zuten leku hartan. Kimi gorputza garbitu zionean, eraikuntzen atzealdea bete-bete eginda zeukaten senide pobreen artetik —etxeko zakurrak, deitzen ditugu guk—, denetan onena, lehengusu baten alarguna aukeratu zuen, oso trebea europarrek, ezertxo ere ez baitakite horretaz, masaia deritzaten horretan. Eta biak elkarrekin, Kim ekialdetik mendebalderantz etzanarazita, traba egin ordez laguntza eman zezaten gure gorputzaren lokatza gurutzatzen duten lur-korronte misteriotsuek, txiki-txiki egin zuten arratsalde luze batean zehar, hezurrez hezur, giharrez gihar, zainez zain, eta azkenik, kirioz kirio. Erantzunik gabeko mami bihurtu arte oratuta, erdi hipnotizaturik emakumeei begiak estaltzen zizkien chador nahasiaren etengabe jarri eta kentzearekin, hogeita hamasei orduz murgildu zen Kim loan: lehortearen ondoren euriak lurra bustitzen duenean bezalako loan.

       Gero jaten eman zion, etxe osoa mugimenduan jarriz. Hegaztiak hil erazi zituen; barazkiak ekartzea agindu zuen, eta lore zaindari zuhurra, pentsaera mantsokoa, andrea bezain zaharra, izerdi batean egon zen; ongailuak, eta tipula, eta errekako arrain txikiak hartu zituen... eta limak sorbeteak egiteko, xederan harrapatutako galeper lodiak, eta oilasko gibel erreak, jengibre xerrak tartean sartuta.

       — Zerbait badakit mundu honetaz —esan zuen atsoak bete-bete egindako erretiluaren gainetik—, eta bi eratako emakumeak baino ez dira bertan: gizonari indarra kentzen diotenak, eta indarra itzuli egiten diotenak. Garai batean aurrenetakoa nintzen ni, eta orain berriz besteetakoa naiz. Ez, ez dezazula nirekin apaizarena egin. Txantxetan ari nintzen. Eta orain ez bada, halaxe izango da bideetara itzultzen zarenean. Lehengusu —hori senide pobreari, bere ongilearen borondatea laudatzen inoiz nekatzen ez zena—, zaldi orraztu berriaren distira ari zaio jartzen larru azalean. Ez al du ematen gure lan honek dantzari bati botatzeko bitxien garbiketa?

       Eseri eta irribarre egin zuen Kimek. Ahuleria izugarri hura zapata zahar bat kentzen den bezala desagertu zitzaion. Mingaina berriz ere hizketan lasai hasteko irrikitzen zeukan; astebete lehenago hitzik txikienak ere ahoa errautsez betetzen ziola iruditzen zitzaion. Lepoko mina (lamak kutsatua nonbait) joanda zuen, sukarraren oinaze eta ahoko zapore nazkagarriarekin batera. Bi atsoak, arduratuxeago orain beloekin, ez asko ordea, ate zabaldutik mokoka sartzen ziren oiloak bezain alai zebiltzan.

       — Non da nire maisua? —galdetu zuen Kimek.

       — Hara bestea berriz! Ondo daukazu maisua —esan zion sahiba andreak ahots zorrotzez—. Baina ez bere merituengatik. Jakingo banu zuhurtuko duen aztikeriaren bat badela, nire bitxi guztiak salduko nituzke huraxe erosteagatik. Neronek egositako jateko gozoei ezetza eman, bi gauetan sabel hutsarekin zelaietan barrena ibili, eta azkenean erreka batera erori, horri deitzen al diozu maisutza? Eta gero, zuk utzi didazun bihotz pusketa berak bere artegatasunarekin hautsi didanean, ez al dit bada esaten merituak eskuratu dituela? A, gizon guztiak berdinak dira! Ez, ez da hori... bekatu orotatik libre dagoela esan dit. Esango niokeen nik ere hori bera goitik behera busti beharrik gabe. Ondo dago orain. Duela astebete gertatu zen guzti hori... baina, a zer nolako santutasuna! Hiru urtetako ume batek hobeto egingo lituzke gauzak. Ez kezkatu zure maisuarengatik. Ez dizkizu begiak gainetik kentzen gure erreketan atzera eta aurrera ez dabilenean.

       — Ez dut gogoan maisua ikusi izana. Egunak eta gauak burdin zuriak eta burdin beltzak bezala igarotzen zirela gogoratzen naiz, zabaltzen eta ixten. Ez nengoen gaixo: nekaturik besterik ez.

       — Urte batzuen ondoren berez datorren lozorroa da. Baina bukatu da oraingoa.

       — Maharani —hasi zen Kim, baina atsoaren begiak ikusita, maitasunezko titulura itzuli zen—. Ama, bizitza zor dizut. Nola eman behar dizkizut eskerrak? Hamar mila bedeinkazio zure etxearentzat eta...

       — Kaka zaharra, etxea! —(ezin da andreak esandakoa hitzez hitz aldatu)—. Apaiz bezala, eman eskerrak Jainkoei nahi baduzu, baina niri, axola ez bazaizu, seme bezala eman eskerrak. A zer santu klasea! Ez al dizkizut bada oinetako hamar behatzak astindu eta altxatu eta zartatu eta bihurritu, gero zuk nire burura testuak botatzeko? Izango zen nonbait bihotza apur zeniezaion erditu zintuen amaren bat. Zer egiten zenuen harekin, seme?

       — Ez dut amarik izan —esan zuen Kimek—; hil egin zitzaidan, esan zidaten, oso txikia nintzenean.

       — Hai mai! Orduan ezingo du inork esan eskubideak ostu dizkiodanik... bidera itzultzen zarenean eta etxe hau beste mila etxeen artean beste bat izatean, gero ahazteko aterperako erabilia, ezertara behartzen ez duen bedeinkazioa eman ondoren. Ez dio axola. Ez dut bedeinkaziorik behar, baina... baina... —lurra oinaz jo zuen senide pobreari begira—. Eraman erretiluak etxera. Zertarako balio du jatenen kondarrak gelan edukitzea, zorigaiztoko emakume?

       — Nik... nik ere izan nuen seme bat nire garaian, baina hil egin zen —esan zuen intzirika sahib andrea bezalakoxea zen irudi makurtuak chador-aren azpitik—. Badakizu hil egin zela! Erretilua eramateko aginduaren zain nengoen.

       — Ni naiz, ni, zorigaiztokoa —egin zuen oihu sahiba andreak damututa—. Chattris-etara joaten garenok (apaizek azkeneko diruak hartzen dituzten aterki handiak, heriotza-sutzarren ondoan) chatti-ak daramatenei heltzen diegu indarrez (ur-txarroak: bizitasunez beteriko gazteez ari zen; baina hitz joko txarra da). Jaian dantzan egin ezin denean, leihotik begiratu beharra dago, baina amona izatearen lanak oso osorik hartzen dio denbora emakumeari. Alabaren seme zaharrenarentzat behar ditudan aztikeria guztiak ematen dizkit orain zure maisuak, zera... hori izango da ezta?, bekatutik guztiz libre dagoelako. Hakim-a oso maila apalean geratu da egun hauetan. Nire zerbitzariak pozoitzen jarduten du nagusiak aurrean ez daudenean.

       — Zer hakim, ama?

       — Daccako gizona, hirutan zatitu ninduen pastilla eman zidana. Galdutako gamelua bezala agertu zen duela astebete, Kulurako bidean anaia bihurtu zinetela esaka, eta zure osasunaz oso larrituta zegoela itxurak eginez. Oso mehea eta gosetuta zegoen, eta hura ere asetzeko agindua eman nuen... bera eta bere larritasuna!

       — Ikusiko nuke hemen baldin bada.

       — Egunean bost aldiz jaten du, eta bixikak kentzen dizkie nire morroiei bere buruari perlesia galarazteko. Hain kezkatuta dauka zure osasunak, ezen sukaldeko atean jarri eta hantxe egoten baita, kondarrak jaten. Hantxe egongo da orain noski. Ez gara sekula berataz libratuko.

       — Bidal ezazu hona, ama —une batez distira itzuli zitzaion Kimi begietara—, eta saiatuko naiz ni.

       — Bidaliko dut, baina ez dago ondo harrika bidaltzea. Gutxienez, izan zuen Gizon Santua errekatik ateratzeko adina zentzu; Gizon Santuak esan ez zuen bezala, merituak eskuratuz.

       — Oso hakim zuhurra da. Ekarrarazi ezazu hona, ama.

       — Apaiza apaiza laudatzen! Horixe da miraria! Adiskidea baduzu (borrokan aritu zineten azkenekoz elkartu zinetenean), loturik ekarriko dut eta... eta gero primerako afaria emango diot, seme... Altxa eta ikusi mundua! Ohean egote hori hirurogeita hamar deabruen semea da... seme! Seme!

       Bizkor ibiliz joan egin zen sukaldean haize zirimola sortarazteko, eta andrearen itzala zapaldu beharrean agertu zen babua, sorbaldei zegokienean behintzat erromatar enperadore baten erara jantzita, Titus bezalako kokotondoarekin, buru-hutsik, txarolezko zapata berriekin, gantzak inoiz baino joriago, agurka eta pozez zoratzen.

       — Ene Jainkoa, Mister O'Hara, hau poza zu ikusteaz! Atea ixteko mesedea egingo dut. Lastima gaixorik zaudela. Oso gaixo al zaude?

       — Paperak... Kilta-ko paperak. Mapak eta murasla! —giltza luzatu zion artega; izan ere, Kimen arimak orduan behar zuena guzti hartaz libratzea baitzen.

       — Arrazoi duzu. Horixe da Zerbitzuaren ikuspuntutik egin beharreko gauza egokia. Dena al daukazu?

       — Kilta-n eskuz idatzita zegoen guztia hartu dut. Gainontzekoa menditik behera bota nuen —giltzak sarrailan egiten zuen soinua entzun zuen, ulearen tirazo gogorra itsasgarria poliki urratzen zen artean, eta paperen zarata babuak denak bizkor aztertu ahala. Arrazoirik batere gabe bere azpian zeuden paperak, komunikatu ezinezko zamak, kezkatuta eduki zuten gaixo egon zeneko egun hutsaletan. Harexengatik ere sentitu zuen gorputz osoan odola taupadaka, Hurrik, elefante batek bezala salto eginez, eskua berriz estutu zionean.

       — Primeran! Ezin hobeto, Mister O'Hara! Denak harrapatu dituzu, denak banaka-banaka... Esan zidaten zortzi hilabeteetako lana oso-osorik galdu zutela! Ene Jainkoa, nolako astindua eman zidaten! Begira, hementxe dago Hilásen gutuna! —babuak bizpahiru lerro irakurri zituen gorteko pertsieraz, horixe baita diplomaziaren mintzaira, baimendua eta baimendu gabearena—. Rajah sahib jaunak azkeneraino sartu du hanka. Ofizialki esplikatu beharko du nola demontre idazten dizkion amodiozko gutunak Zarrari. Eta mapak primeran eginda daude... eta inguru horietako hiruzpalau lehen ministro ere badira gutun haietan nahastuta. Jainkoaren izenean, sar! Britainiar Gobernuak Hills eta Burnárren ondorengoa aldatu, eta oinordeko berriak izendatuko ditu tronurako. «Traizio maltzurrena»... baina ez duzu ulertzen, ezta?

       — Zure esku al daude orain? —esan zuen Kimek. Hori besterik ez zitzaion axola.

       — Dudarik ez izan horretaz —gorputzeko leku ezberdinetan gorde zuen altxorra, ekialdekoek bakarrik ahal duten eran—. Eta berehala helduko da bulegora. Betirako apaindura naizela hemen uste du atsoak, baina hauek hartu eta segituan joango naiz, oraintxe bertan. Harrotuko da Mr Lurgan. Ofizialki nire menpeko zara, baina ahozko txostenean zure izena aipatuko dut. Lastima ez daudela onartuta txosten idatziak. Bengaliarrok nabarmenak gara zientzia zehatz horretan —giltza Kimi bota eta kutxa hutsa erakutsi zion.

       — Ondo. Ondo dago hori. Oso nekatuta nengoen. Nire Maisua ere gaixo zegoen. Eta erori egin al zen...?

       — A, bai. Ni bere adiskide egin naiz, eta oso ona gainera. Oso jokaera bitxia zeukan zugana etorri nintzenean, eta pentsatu nuen berak izango zituela agian paperak. Meditazioetan zebilenean atzetik ibili nintzaion, eta etnologia armez eztabaidan ere jardun nuen berarekin. Begira, hemen orain oso gauza gutxi naiz, bere aztikeria guztien ondoan. Ene, O'Hara, ba al dakizu, atakeak izaten ditu. Halaxe da, bai. Kataleptikoak gainera, ez badira epileptikoak. Halaxe topatu nuen zuhaitz baten azpian, in articulo mortem; jauzi egin zuen, erreka batean sartu eta itoko zen, nigatik izan ez balitz. Nik atera nuen.

       — Ni ez nengoelako han! —esan zuen Kimek—. Hila gertatu zitekeen.

       — Bai, hila gertatu zitekeen, baina orain lehortuta dago, eta eraldatzea gertatu zaiola dio —babuak bekokia jo zuen jakituriaz—. Royal Society-rako oharrak hartu ditut in posse. Bizkor ibili beharra daukazu, erabat sendatu eta Simlara itzuli, eta Lurganen etxean kontatuko dizut nire istorio osoa. Primerakoa izan zen. Praken behealdea nahikoa urratuta zeukaten, eta Nahan raja zaharrak europar soldadu desertoreak zirela pentsatu zuen.

       — A, errusiarrak! Zenbat denbora eman zuten zurekin?

       — Frantziarra zen bat. A, egunak eta egunak! Orain menditar guztiek errusiar guztiak eskaleak direla uste dute. Ene! Nik lortu ez nien gauzarik ez zeukaten batere. Eta jende arruntari kontatu niona... a, zer nolako istorio eta pasadizoak! Lurgan zaharrenean kontatu dizkizut hara joatean. Atera egingo gara gau batean ospatzera! A zer tantoa biontzako! Bai, eta ziurtagiri bat eman zidaten. Horixe izan zen onena. Ikusi behar izan zenituen, Alliance Bankuan nor ziren aditzea ematen! Eta eskerrak Jainkoari paperak hartu zenizkiela! Ez duzu barre askorik egiten, baina egingo duzu sendatzen zarenean. Orain burdinbidera joango naiz zuzenean eta ospa. Konfiantza osoa izango duzu hemendik aurrera lanerako. Noiz etorriko zara? Oso harro gaude zutaz, ikara handia pasarazi badiguzu ere. Eta batez ere Mahbub.

       — Bai, Mahbub. Non dabil?

       — Hemen inguruan zaldiak saltzen, jakina.

       — Hemen? Zer bada? Mantso hitz egin. Burua astuna daukat oraindik.

       Babuak behera begiratu zuen lotsatuta.

       — Begira, ni oso beldurtia naiz, eta ez dut erantzukizuna atsegin. Zu gaixo zeunden, ezta, eta nik ez nekien non demontre zeuden paperak, eta ezta zenbat ziren ere. Beraz, hona etorri nintzenean telegrama bat bidali nion pribatuan Mahbuberi, Miruten baitzen zaldi lehiaketan, eta zertan zen gauza kontatu nion. Bere gizonekin agertu eta lamaren adiskide egin da, eta txoroa deitzen dit eta oso zakarra dabil...

       — Baina, zergatik, zergatik?

       — Horixe da nik galdetzen dudana. Bakar-bakarrik proposatu dut dokumentuak inork lapurtuko balitu edo, gizon indartsu, adoretsuren bat nahi nukeela atzera berriz lapurtzeko. Badakizu, hil ala bizikoak dira, eta Mahbubek ez zekien non zinen zu.

       — Mahbub Ali sahib andrearen etxera lapurtzera etorri? Erotuta zaude, babu —esan zuen Kimek bere onetik aterata.

       — Paperak nahi nituen. Eman dezagun atsoak lapurtu zituela, orduan zer? Proposamen praktikoa besterik ez zen, nik uste. Ez zaizu asko gustatzen, ezta?

       Bertako esaera batek, aldatu ezina, erakutsi zuen zenbateraino ez zen hura Kimen gustukoa.

       — Tira bada —esan zuen Hurrik sorbaldei eraginez—, gustu kontutan ez dago asmatzerik. Mahbub ere haserretu egin zen. Hemengo inguru guztietan saldu ditu zaldiak, eta esaten du andrea pukka (benetakoa) dama dela, eta ez dagoela horrelako zakarkeriarik egiteko prest. Niri ez zait axola. Paperak badauzkat, eta oso pozik nengoen Mahbuben laguntza morala izateagatik. Egiatan, gizon ikaratia naiz, baina, nola edo hala, zenbat eta ikaratiago, orduan eta gauza zailagoetan sartzen naiz. Hala bada, pozik nengoen nirekin etorriko zinelako Chinira, eta pozik nago Mahbub inguruan zegoelako. Andrea batzuetan oso zakarra izaten da nirekin eta nire pastilla ederrekin.

       — Izan bedi Ala errukiorra! —esan zuen Kimek alai ukondoan sostengatuz—. Sinestezina da bai babu hau! Eta gizon hau bakarrik ibili zen, ibili baldin bazen, berak lapurretan egin zieten atzerritar amorratuekin!

       — A, hura ez zen ezer izan, eman zidaten astinduaren ondoren; baina paperak galtzea, hori bai, serioa izango zen. Mahbubek ere astindu ninduen ia, eta hona etorri eta lamarekin aritu zen hitz egin eta hitz egin. Hemendik aurrera etnologi ikerketetan murgilduko naiz. Hala bada, agur Mister O'Hara. Lauak eta hogeita bostetako trena harrapatuko dut bizkor ibiltzen banaiz. Primeran pasako dugu Mr Lurganenean zure istorioa kontatzen. Txosten bat egingo dut hobeto zaudela esanez. Agur, lagun maitea, eta hurrengoan emozioen menpe zaudenean ez erabili hitz mahomatarrik tibetarrez jantzita zaudela.

       Bi bider estutu zizkion eskuak Kimi, babua baitzen burutik oinetaraino, eta atea zabaldu zuen. Eguzkiaren argiak aurpegi oraindik arrakastatsua jo zionean, Daccako medizina saltzaile apala bihurtu zen berriz.

       — «Lapurtu egin die», pentsatu zuen Kimek, berak jokaturiko parteaz ahaztuta. «Ziria sartu die. Bengaliarren eran esan dizkie gezurrak. Chit bat eman diote (gomendiozko gutuna). Bere bizitza arriskatuz barregarri utzi ditu... ni ez nintzateke tiroen ondoren sekula itzuliko... eta gero ikaratia dela esaten du... Eta ikaratia da. Mundura itzuli behar dut berriz ere.

       Hasieran zangoak makurtu egiten zitzaizkion pipa kanoi txarrak balira bezala, eta eguzkiak argitutako lehen haize boladak itsutu egin zuen. Horma zuriaren ondoen eseri zen, duli-arekin egindako bidaiaren gertaerak buruan bueltaka zituela, Jamaren ahuleria, eta orain, hitz egiteko eragingarria desagertuta, baita berekiko errukia ere, ondoezik daudenek ohi duten bezala, erruz baitzeukan hartatik. Buruak, desanimaturik, kanpoko guztitik alde egiten zion, lehiaketarako zaldi hezigabeak eskalaproiari ihes egiten dion bezala lehenengo aldiz sentitzen duenean. Nahikoa zen, guztiz nahikoa, kilta-ren kondarrak joanak izatea, bere eskuetan ez egotea. Lamarengan pentsatzen saiatu zen, zergatik erori ote zen errekan, baina munduaren handitasunak, barneko patioaren atetik ikusita, pentsamenduak kateatzeko ahalmena eragozten zion. Orduan zuhaitzetara eta zelai zabaletara begiratu zuen, aleen artean ezkutaturiko lastozko teilatuko txabolez zipriztinduta, begi arrotzez begiratu zuen gauzen tamaina, proportzioa eta zertarakoa neurtu ezin zuten begiez, eta halaxe eman zuen ordu erdi bat. Denbora guzti hartan sentitzen zuen, hitzetan adierazi ezin zuen arren, inguruko gauza guztietatik at zeukala arima, makinari lotu gabeko gurpil koskadun bat bezalakoa zela, bazterrean geldirik zegoen azukre kanaberaren xehazkailu merkearen gurpila bezalakoa. Haizeak abanikatu egiten zuen, loroek garrasi egiten zioten, atzeko etxe populutsuen zaratak —eztabaidak, aginduak eta errietak— hildako belarrietara heltzen zitzaizkion.

       «Ni Kim naiz. Ni Kim naiz. Eta nor da Kim?». Behin eta berriz errepikatzen zuen hura Kimen arimak.

       Ez zuen negarrik egin nahi —ez zuen bere bizitzan inoiz negar egiteko horren gogo gutxirik izan— baina bat-batean malko zoro batzuk jaitsi zitzaizkion sudurretik behera, eta ia entzun zitekeen klik batez bere izakiaren gurpila kanpoko munduari lotzen zitzaiola berriz sentitu zuen. Lehen pare-paretik zentzurik izan gabe pasatzen zitzaizkion gauzak beren tamainara bihurtu ziren. Kaleak ibitzeko ziren, bizitzeko etxeak, animaliak larrerako, zelaiak landatzeko eta gizonak eta emakumeak beraiekin hitz egiteko. Errealitate eta benetako ziren denak, gotorki ezarrita oinen gainean, guztiz ulerkorrak, bere lokatzaren lokatza, ez gehiago ez gutxiago. Belarrian arkakusoa duen zakurrak bezala eragin zion buruari eta ataritik irten zuen. Andre sahibak, begi zelatariek mugimendu haren berri eman ziotenean, esan zuen: «Joan dadila. Nik egin dut neurea. Ama Lurrak egin behar du gainontzekoa. Gizon santua bere meditazioetatik itzultzean, esaiozue hari ere mutikoa joan egin dela».

       Gurdi huts bat zegoen muino batean handik kilometro erdira, atzean Bengalako pikondo bat zuela, gaztea oraindik; talaia, nolabait esateko, zelai goldatu berrien gainean; eta Kimi, haize gozoarekin, astuntzen hasi zitzaizkion betazalak hara hurbildu ahala. Lurra ona eta garbia zen; ez belar berria, hori, bizia bada ere, dagoeneko heriotzaren bidean baitago, aldiz, bizitza ororen haziak dauzkan lur itxaropentsua. Behatzen artean sentitu zuen, eskuekin zanpatu, eta pixkanaka-pixkanaka, gozamenez hasperen eginez, etzan egin zen luze-luze egurrez eutsitako gurdiaren itzaletan. Eta sahib andreak bezain leial jokatu zuen Ama Lurrak. Bere arnasa eman zion, horren luze bere korronte onetatik etendako ohatila batean etzanda egonik galdu zuen oreka berreskura zezan. Kimen burua indarge egon zen Ama Lurraren bularrean, eta esku zabalduak errenditu egin zitzaizkion haren indarrera. Babesten zuen zain ugariko zuhaitzak, eta baita egur hil moztuak ere bazekiten zeren bila zebilen, Kimek berak ez jakin arren. Hantxe egon zen ordutan, loaren sakonean baino sakonago.

       Iluntze aldera, bueltan zetozen abereen hautsak ortzi-muga osoa kez bete zuenean, lama eta Mahbub Ali etorri ziren, oinez biak, kontuz-kontuz, etxekoek esan baitzien nora joan zen Kim.

       — Ala! Horixe da zorakeria horrela egotea haizetan! —murmurikatu zuen zaldi-tratulariak—. Ehun bider tirokatu ahal izan dute... baina hau ez da muga ordea.

       — Eta —esan zuen lamak, askotan kontaturiko istorioa errepikatuz—, ez da inoiz horrelako chela-rik izan. Neurrizkoa, atsegina, zuhurra, izaera onekoa, alaia beti bideetan, arduratsua beti, ikasia, ongi hezia, konplitua. Handia da saria!

       — Ezagutzen dut mutila, esan dudan bezala.

       — Eta ez al da bada horrelakoa?

       — Gauza batzuetan bai... baina oraindik ez dut topatu inoiz gezurtia izan ez dadin Txano Gorrien aztikeriarik. Ondo zaindu dute noski.

       — Sahib andreak urrezko bihotza dauka —esan zuen lamak serio—. Semea balu bezala zaindu du.

       — Ummm! India erdia mutila zaintzeko prest dago nonbait. Ondo dagoela ziurtatu besterik ez nuen nahi, eta bere borondatez dagoela hemen. Dakizun bezala, adiskide zaharrak ginen biok elkarrekin egin zenuten erromesaldiaren lehen egunetan.

       — Bion arteko lokarria dugu hori —lama eseri egin zen—. Erromesaldiaren bukaeran gaude.

       — Zurea ordea duela astebete erabat bukatzekotan egon omen zen. Entzun nuen andre sahibak esan zizuna ohatilara igo zintugunean —Mahbubek barre egin zuen, eta bizar tindatu berriari tiratu zion.

       — Beste gauzez ari nintzen meditatzen orduko hartan. Daccako hakim-ak eten zizkidan meditazioak.

       — Bestela —pashto-eraz esan zuen, ohitura onen izenean—, Infernuko lekurik itogarrienean bukatuko zenituen meditazioak... sinesgabea eta idolatra izateagatik, zure xalotasun eta guzti. Baina orain, Txano Gorri, zer egin behar dugu?

       — Gaur gauean —hitzak mantso etorri ziren, arrakastaren dardararekin—, gaur gauean bertan ni bezain garbi geratuko da mutila bekatu arrasto oroz, ni bezain ziurtaturik, oraingo gorputza uzten duenean, Gauzen Gurpiletik libratuko denaz. Zeinu bat daukat —bularreko mapa urratuan jarri zuen eskua—, laburra izango dela nire denbora alegia; baina babestu egingo dut urteetan barrena. Gogoan izan, Jakituria lortu dut, duela hiru gau bakarrik esan nizun bezala.

       — Egia behar du izan, Tiraheko apaizak bere lehengusuaren emaztea lapurtu nuenean esan zuen bezala, sufi-a naizela; izan ere, hementxe bainago —esan zuen Mahbubek, berekiko—, esanezineko bekatu handienak entzuten eta erantzun gabe... Gogoan dut istorioa. Hala bada, mutila Jannatu l'Adn-era doa (Edeneko lorategia). Baina nola ordea? Hil egingo al duzu, edo ito, babuak atera zintudan ibai zoragarri horretan?

       — Ni ez ninduten inongo ibaietatik atera —esan zuen lamak xalo-xalo—. Ahaztu egin zaizu gertatutakoa. Jakituriaz topatu nuen.

       — A, bai. Egia —esan zuen totelka Mahbubek, alde batetik haserre eta bestetik miretsita—. Ahaztuta neukan gertatutakoaren haria. Jakinda topatu zenuen.

       — Eta nik inori bizitza kenduko nionik esatea, hori ez da bekatua, erokeria hutsa da. Nire chela-k lagundu zidan Ibaira. Bekatuaz libre geratzeko eskubidea dauka... nirekin.

       — Bai, garbitu beharra dauka. Baina gero, adiskide... gero zer?

       — Zer axola dio horrek, Jainkoaren izenean? Nibbanez ziur dago... argia badu... nik bezala.

       — Ondo esana. Beldur nintzen ez ote zen Mahomaren zaldira igoko eta ihes egin.

       — Ez; aurrera egin behar du, irakasle bezala.

       — Hara! Orain konturatzen naiz! Horixe da moxalarentzat bide zuzenena. Irakasle joan beharra dauka, noski. Bere premia dute nonbait, estatuko funtzionario bezala, esate baterako.

       — Horretarakoxe prestatu zuten. Nik merituak eskuratu nituen, dirua eman nuelako berarentzat. Egitate onak ez dira hiltzen. Mutilak lagundu dit Bilakuntzan. Nik berriz berean lagundu diot. Zuzena da Gurpila, Iparreko zaldi-tratulari hori. Izan dadila irakasle; izan dadila funtzionario... zer axola dio? Azkenean lortua izango du Askatasuna. Gainontzeko guztia lilura da.

       — Zer axola dio horrek? Nirekin eduki behar dut eta Balkh baino harantzago sei hilabete barru! Hamar zaldi herren eta hiru gizon sendoekin etorri nintzen hona, babu oilo horri eskerrak, atso baten etxetik mutila indarrean ateratzeko. Eta orain ezer egin gabe egon beharra daukat nonbait sahib gazte bat idolatren nor daki zer zeruetara eramaten duten artean, Txano Gorri bat dela medio. Eta Jokoaren jokalari on samartzat naukate! Baina agure ero honek mutila maite du; eta nik ere ero zuhur baten gisa jardun beharko dut.

       — Zer da otoitz hori? —esan zuen lamak, pashto-erazko esaldiak bizar zurian sakabanatzen ziren artean.

       — Ez dio ardurarik; baina ulertzen dut orain, Paradisua ziurtatuta, Gobernuaren zerbitzura sar litekeela mutila, eta lasaiago nago. Zaldietara joan beharra daukat. Iluntzen ari du. Ez esnatu. Ez dut entzun nahi nola dabilen mutila zuri maisu esaka.

       — Dizipulua dut ordea. Zer esan lezake bestela?

       — Esan dit hori. Horretaz ez zara haserretuko, zu, bekaturik gabe, garbitu berria eta ia itota gainera, gizon ona zarela esaten dizudalako... oso gizon ona. Hitz eginda gaude elkarrekin hiru edo lau bider, eta zaldi-tratularia besterik ez banaiz ere, gauza naiz hala ere, esan ohi den bezala, santutasuna zaldi baten hanken artean ikusteko. Bai, eta ikusten dut halaber nola hartu zizun hasieran eskua gure Mundu osoaren Adiskideak. Ondo tratatu, eta utziozu mundura irakasle bezala itzultzen, zera..., hankak garbitzen dizkiozunean, hori baldin bada moxalarentzako sendabide egokia.

       — Zergatik ez duzu zuk zerorren Bidea egiten, eta hala, mutilari lagundu?

       Seko harrituta utzi zuen Mahbub eskakizunaren lotsagabekeriak; mugaren bestaldean zartako bat baino gehiagoz erantzungo zion halako bati. Baina bere arima lurtarrak egoeraren alderdi xelebrea sumatu zuen.

       — Mantso... mantso, pausoka-pausoka, Umballako errepidean zaldi herren zikiratuak oztopoak gainditu zituen bezala. Joan naiteke geroago Paradisura... badut horrelako asmorik... aspirazio handiak.. eta zure sotiltasunari zor dizkiot gainera. Ez al duzu inoiz gezurrik esan?

       — Zertarako?

       — Alaren izenean, hara bestea! «Zertarako» zure mundu horretan! Ez al diozu inoiz gizon bati kalterik egin?

       — Behin... arkatz-kutxa batekin... zuhurra izan baino lehen.

       — Bai? Iritzi hobea dut orain zutaz. Zure erakutsiak onak dira. Nik ezagutzen dudan gizon bat aldendu egin duzu bortxakeriaren bidetik —barre algaraka hasi zen—. Dacoity (lapurreta, armekin) egiteko asmoz hona etorri zen gizon bat. Bai, jo, ostu, hil, eta nahi mena eramateko asmoz etorritakoa.

       — A, zer nolako zorakeria!

       — A! Eta baita lotsa handia ere. Horixe pentsatu zuen hark ere zu ikusitakoan... zu eta beste batzuk, gizon eta emakumezko. Hala, bertan behera utzi zuen dena; eta orain gizon babu lodi handi bat astintzera doa.

       — Ez dut ulertzen.

       — Alak ez dezala horrelakorik nahi! Gizon batzuk duten jakituriagatik dira indartsu, Txano Gorri. Zure indarra are indartsuagoa da. Gorde ezazu... gordeko duzu noski. Mutilak ez bazaitu ondo zerbitzatzen, tiraiozu belarrietatik.

       Astrakanezko gerriko zabala estutuz, harrokeriaz balantzaka galdu zen ilunabarrean afganiarra, eta sorbalda zabal haiei begira geratzeko adina jaitsi zen lama bere hodeietatik.

       — Gizon horri kortesia falta zaio, eta itxuren itzalek engainatuta daukate. Baina ondo mintzatu da nire chela-z, eta orain mutilak bere saria hartuko du. Egin dezadan otoi! Esnatu, emakumegatik jaiotako zoriontsuena zaren hori. Esnatu! Azaldu da!

       Itzuli zen putzu sakonetatik Kim, eta lamak ahoa nahi adina zabal zezan utzi zion, izpiritu gaiztoak aldentzeko behatzak behar bezala kliskatuz.

       — Ehun urtetako loa egin dut. Non...? Maisu, luze egon al zara hemen? Zure bila atera naiz, baina —barre egin zuen erdi lotan—, loak hartu nau. Ondo nago orain. Jan al duzu? Goazen etxera. Ez zaitut aspalditik zerbitzatu. Eta sahib andreak ondo eman al dizu jaten? Nork garbitu dizkizu hankak? Eta ahuleria... sabela eta lepoa, eta belarrietako taupadak?

       — Joana... dena joana. Ez al zenekien?

       — Ez dakit ezer, urtetan ez zaitudala ikusi besterik ez. Zer jakin behar nuen?

       — Bai harrigarria, berria zugana ez iritsi izana, nire pentsamendu guztiak zugana zuzenduak zeudenean.

       — Aurpegia ezin dizut ikusi, baina ahotsa gong bat bezalakoa duzu. Gaztetu egin al zaitu bada sahib andreak bere sukaldearekin?

       Hankak gurutzatuta zituen irudiari begiratu zion, limoi kolorea beltzaren kontra. Halaxe dago eserita Bodishat Lahoreko Museoko ardatzei goitik behera begira.

       Isilik geratu zen lama. Arrosarioaren tintina, eta aldentzen ari ziren Mahbuben oinen urratsen klop-klop biguna izan ezik, Indiako arratseko isiltasun bigun, ketsuak bilduta zeuzkan biak.

       — Entzun! Berriak dauzkat.

       — Baina lehenbizi...

       Esku horia luzatu egin zen isiltasuna aginduz. Kimek tunikaren ertz azpian sartu zituen zintzo-zintzo oinak.

       — Entzun! Berriak dauzkat! Bukatu da Bilakuntza. Orain Saria dator... Horra nola. Mendien artean geundenean, zure indarraren kontura bizitu nintzen, adar gaztea makurtu eta ia-ia puskatu zen arte. Mendietatik etorri ginenean, kezkatuta nengoen zugatik eta bihotzean nituen beste arazo batzuengatik. Nire arimaren txalupari norabidea hautsi zitzaion; ezin nuen Gauzen Kausa ikusi. Hala, emakume bertutetsuaren eskuetan utzi zintudan oso-osorik. Ez nuen jatekorik hartzen. Ez nuen urik edaten. Hala ere ezin nuen Bidea ikusi. Jatekoa indarrean eman nahi zidaten, eta oihu egiten zuten nire ate itxiaren aurrean. Hala, zuhaitz baten azpiko zulora joan nintzen. Ez nuen jatekorik hartu. Ez nuen urik edan. Meditaziotan eserita eman nituen bi egun eta bi gau, nire gogoa isolatuz; arnasa hartu eta bota, behar den bezala... Bigarren gauean —hain izan da handia sacia-Arima zuhurra askatu egin zen Gorputz zorotik eta libre geratu. Hori ez nuen sekula lortu, nahiz eta ateetan egon. Pentsa ezazu, zoragarria da eta!

       — Zoragarria, bai. Bi egun eta bi gau jatekorik gabe! Baina non zen sahib andrea? —esan zuen Kimek ahots apalez.

       — Bai, arima libre joan zitzaidan, eta, arranoa bezala igoaz, ikusi zuen ez dagoela ez Teshu lamarik ez beste arimarik. Tanta uretara joaten den bezala, halaxe joan zen nire Arima ere gauza guztien atzean dagoen Arima Handira. Une horretan, kontenplazioari esker goratuta, India osoa ikusi nuen, itsas ondoko Ceylanetik Mendietaraino, eta baita Such-zeneko nire Arroka Margotuak ere; herri eta herrixka guztiak ikusi nituen, txikienak ere bai, inoiz atseden hartu dugun lekuak; une berean eta leku berean ikusi ditut denak, Arimaren baitan baitaude. Hala, ikusi nuen Denbora eta Espazioaren lilura gainditu zituela Arimak. Hala jakin nuen libre nintzela. Ohatilan etzanda ikusi zintudan, eta idolatrarekin mendian behera erortzen; une berean, leku berean, nire Ariman, Arimak, esan dizudan bezala, Arima Handia ukitu baitzuen. Teshu lamaren gorputz zoroa ere ikusi nuen etzanda, eta Daccako hakim-a aldamenean belaunikatuta, belarritik garrasika. Orduan nire Arima bakarrik geratu zen, eta ez nuen ezer ikusten, gauza guztiak bainintzen, Arima Handia iritsita. Eta meditatzen aritu nintzen milaka eta milaka urtez, batere grinarik gabe, Gauza guztien Kausak ondo ezagututa. Orduan ahots batek oihu egin zuen: «Zu hiltzen bazara zer gertatuko zaio mutilari?» eta zuganako errukiz bete nintzen; eta esan nuen: «Nire chela-rengana itzuliko naiz, bestela Bidea galduko du eta.» Orduan nire Arima, Teshu lamaren Arima dena, Arima Handiarengatik aldendu zen, kontatu ezineko neke, gonbitalarri eta sufrimenduz. Arrautza arrainetik bezala, arraina uretatik bezala, ura hodeietatik bezala, hodeia haizetatik bezala, halaxe atera zen, halaxe egin zuen jauzi, halaxe aldendu, halaxe banandu zen Teshu lamaren Arima Arima Handitik. Orduan ahots batek oihu egin zuen: «Ibaia! Ibaia gogoratu!» eta mundu osoari begiratu nion, lehenago ikusi bezala baitzegoen, bakarra denboran, bakarra espazioan, eta Geziaren Ibaia ikusi nuen oinetan. Ordu hartan nire Arima gaiztakeriaren batek edo bestek oztopatzen zuen, eta hala ez nengoen erabat garbituta, eta besoetan neukan bekatu hura, eta gerri inguruan bihurrituta; baina alde batera jarri nuen, eta aurrera egin nuen arranoak bezala Ibairantz hegan. Mundu bat bestearen atzetik apartatu nituen zuregatik. Ibaia ikusi nuen nire azpian, Geziaren Ibaia, eta, behera jaitsiz, urak inguratu egin ninduen; eta berriz ere Teshu lamaren gorputzean nengoen, baina bekatutik libre, eta Deccako hakim-ak burutik helduta neukan Ibaiko uren gainetik. Hemen dago! Mango zuhaiztiaren atzean dago, hemen, hementxe bertan!

       — Alla kerim! Eskerrak babua gertu zegoen! Asko busti al zinen?

       — Zer axola zitzaidan hori? Gogoan dut hakim-a Teshu lamaren gorputzarekin kezkatuta zegoela. Ur santuetatik atera zuen eskuetan hartuta, eta gero zure zaldi-saltzailea etorri zen Iparretik ohatila eta gizon batzuekin, gorputza ohatilan jarri eta sahib andrearen etxera eraman zuten.

       — Zer esan zuen sahib andreak?

       — Nire gorputz honetan ari nintzen meditazioan, eta ez nuen entzun. Hala bada, bukatu da Bilakuntza. Eskuratu ditudan merituengatik, hemen da Geziaren Ibaia. Nire Arimaren seme zaren hori, zu bekatu orotatik libratzeko, itzularazi egin dut Arima Askatasunaren Ataritik... libre bainago, eta bekaturik gabe! Zuzena da Gurpila! Ziurtatua dugu askatasuna! Zatoz!

       Eskuak magalean gurutzatu eta irribarre egin zuen, beretzat eta bere maitearentzat salbazioa lortu duen gizonari dagokion bezala.