Prosper Mérimée

 

Mateo Falcone

 

euskaratzailea: Koldo Izagirre

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Itzulpena: Koldo Izagirre

 

Euskarazko edizioa: Elkar, 1995

Jatorrizkoaren data: 1830

 

Prosper Merime euskaraz:

       http://ekarriak.armiarma.com/?i=304

 

Informazio gehiago:

       http://armiarma.com/emailuok/?p=220

 

 

Mateo Falcone

 

       Porto Vecchio-tik irten eta ifar-sartaldera goazela, uhartearen barnerantz, lurra harrotu egiten da berehala, eta harkaitz puska handiek oztopatutako eta zenbaitetan erroitzek moztutako bidezidor bihurrietan hiru orduko ibilaldia egin ondoren, makis zabal baten atarian gaude. Korsikako artzainen aberria duzu makisa, eta justiziarekin liskarturiko edonorena. Jakin beharrekoa da laborari korsikarrak, alorrak ongarritzeko nekea ez hartzearren, su ematen diola baso zati bati: hainbat okerrago garrak zabaltzen badira behar baino urrunago; gerta ahala gerta; uzta ederra emanen du betiere, bertako zuhaitzen errautsez simaurtutako lur honetan ereindakoak. Bihiak jasorik, bertan uzten baita biltzen lana emanen lukeen agotza, lurrean erre gabe gelditu diren sustraiak ernetu eginen dira hurrengo udaberrian, oso kimu lodiak egiten direla urte gutiren buruan, zazpi edo zortziren bat oineko. Xara sasitu honi deritzo makis. Zuhaitz eta zuhaizño mota desberdinek osatzen dute, Jainkoak dakien bezala nahasiak eta elkartuak. Aizkora eskuan baizik ezin dezake gizakiak bide egin, eta ikusten dira hainbesterainoko lodi eta tapitutako makisak non basahuntzek berek ezin duten sartu.

       Gizakiren bat hil baduzu, zoaz Porto Vecchio-ko makisera, eta segurtasunean biziko zara fusil on bat, sutautsa eta balak ondoan dituzula; ez ahantz kapa ilun bat bere kapusaiarekin, koltxoi eta estalki erabiltzeko. Artzainek esnea, gazta eta gaztainak emanen dizkizute, eta ez duzu zertan beldur izan justiziarena edo hildakoaren ahaideena, ez bada herrira jaitsi behar izanez gero hornidurak berritzeko.

       Mateo Falcone-k  halako makis batetik legoa erdira zeukan etxea 18...an, Korsikan egon nintzenean. Aski gizon aberatsa zen lurralde hartarako; noblezian bizirik, hau da, ezer egin gabe, artzainek, nomada antzeko batzuek, mendian han-hemen alatzera eramaten zizkioten artaldeen mozkinetik. Ikusi nuenean, kontatu behar ditudan gertakizunetarik bi urtera, berrogeita hamar urteko iruditu zitzaidan gehienez ere. Horra hor gizon txipi bat, baina azkarra, ileak kirru, azabatxea bezain beltzak, sudur kakoa, ezpainak mehe, begiak handi eta erne, eta boten barnealdearen koloreko larruazalekoa. Fusilarekin tiratzeko trebetasun izugarria aitortzen zitzaion hainbeste tiratzaile on dituen bere lurralde hartan ere. Adibidez, Mateok ez ziokeen inoiz tiro eginen basahuntza bati postaz; baina ehun eta hogei pausora buruan edo bizkarrean bala bat ezarrita botako zuen, aukeran. Egunez bezain erraz baliatzen zen bere armez gauean, eta kontatu izan didate Korsikan ibili ez denari sinetsezina eginen zaion trebetasun adibide hau. Paratzen zuten laurogei pausora kandela bat piztua paperezko transparente baten atzean, plater baten zabalekoa. Noratzen zuen, itzaltzen zen kandela gero, eta minutu bat emanik ilunpe betean, tiro egin eta transparentea lautarik hirutan zulatzen zuen.

       Hain munta handiko merituarekin, ospe handiaren jabe egina zen Mateo Falcone. Adiskide zintzo bezain etsai lanjerosa esaten zitzaion: zerbitzala eta mesedegina, bakean bizi zen mundu guztiarekin Porto Vecchion. Baina esaten zuten Corte-n, emaztea hartu zuen herrian, gerlan bezala amodioan azkarra omen zen aurkari bat eratsia zuela gogorki: leihoan eskegia zeukan ispilu txipi baten aitzinean bizarra egiten ari zela hartu zuen fusil tiroa Mateori egozten zitzaion behintzat. Giltza eman zitzaion aferari, Mateo ezkondu egin zen. Bere emazte Giuseppa-k hiru alaba eman zizkion lehenik (senarraren amorrua), eta azkenik seme bat, Fortunato jarri ziotena: familiaren esperantza zen, izenaren iraupena. Alabak ongi ezkondu zitzaizkion: aitak eskuko zeuzkan, behar izanez gero, suhien aiztoak eta eskopetak. Semeak hamar urte baino ez zituen, baina igartzen zitzaion dohain miragarririk.

       Udazken egun batez, Mateo goizean goiz irtena zen emaztearekin artalde bat ikustera joateko makiseko zabaldi batera. Fortunato gazteak nahi izan zituen lagundu, baina zabaldia urrunegi zegoen; gainera, norbaitek gelditu behar zuen etxezain; aitak ezetz esan zion: argituko da ez ote zitzaion damutu.

       Ordu batzuk baziren aldegina zela eta Fortunato gaztea eguzkitan lasai etzanda zegoen, mendi urdinei beha, eta gogoetaka, hurrengo igandean herrira joanen zela afaritara, bere osaba kaporalagana, noiz ere sutarma baten eztandak hautsi zizkion gogoetak tanpez. Soinua etorria zen ordokira jiratu zen altxatuta. Fusil tiro berriak ondozka, tarte desberdinetan, eta beti ere gero eta hurbilago; noizbait, gizonezko bat azaldu zen ordokitik Mateoren etxera zeraman bidezidorrean, menditarrek daramaten kapelu puntadun batez orraztua, bizarduna, pildaz jantzia, fusila makulu hartuta herrestan, nekez. Izterrean tiro bat hartu berria zen.

       Gizon hau sasitarra zen, eta gauez herrira jaitsi zelarik sutauts bila, bidean voltigeur korsikarren zelada batean eroria. Defendatze gogor baten ostean atzera egitea lortu zuen, baina bizi-bizian persekutatu zuten harkaitzez harkaitz tiroka. Alde laburra zien soldaduei eta zauriak eragotzi egiten zion makisa jotzea harrapatua izan zedin baino lehen.

       Fortunatogana hurbildu zen, esanez:

       —Mateo Falconeren semea haiz?

       —Bai.

       —Ni Gianetto Sanpiero nauk. Lepo-horiek zetozkidak atzetik. Gorde nazak, ezin diat aitzina egin.

       —Eta zer esanen du nire aitak bere baimenik gabe gordetzen bazaitut?

       —Ongi egin duala esanen dik.

       —Nork daki!

       —Gorde nazak agudo, bazatozek.

       —Itxoin ezazu aita etorri arte.

       —Itxoin? Alajainkoa! Bost minutu barru hemen egonen dituk. Gorde nazak, edo akatuko haut.

       Odol hotz handian erantzun zion Fortunatok:

       —Fusila deskargatua daukazu, eta ez daukazu kartutxo gehiago katxeran.

       —Labana zaukaat.

       —Eta nik baino arinago eginen duzu laster?

       Jauzi egin zuen, eta eskumenetik urrun jarri zitzaion.

       —Hi ez haiz Mateo Falconeren semea! Heure etxe aurrean utziko duk altxa nazaten?

       Umeak hunkitua zirudien.

       —Zer emanen didazu gordetzen bazaitut? —dio hurbilduz.

       Sasitarrak miatu zuen gerritik zintzilik zekarren katanarruan, eta noski sutautsa erosteko gordea zeukan bost liberako txanpon bat atera zuen. Fortunatok irri egin zuen zilar pieza ikusitakoan; hartu zuen, eta Gianettori:

       —Ez beldur izan.

       Berehala egin zuen zulo handi bat etxetik hurbil zegoen belar metan. Gianetto kurubilkatu egin zen bertan, eta umeak estali egin zuen aire apur bat uzten ziola arnas hartzeko, belar hark gizon bat gordetzen zuela ezin sumatzeko moduan hala ere. Erakutsi zuen, gainera, basapiztia baten jukutria aski maneratsua. Hartu zuen kateme bat umeekin eta belar metan paratu zituen, antzeman ez zekion harrotu berria zela. Ondoren, bidezidorreko odol arrastoak etxe aldean ikusirik, hautsez estali zituen artoski, eta amaitutakoan, eguzkitan etzan zen ostera lasaitasun handienean.

       Minutu batzuk beranduago Mateoren ate aurrean zeuden sei gizon uniforme ilun lepo horiko, axuant bat zutela buru. Axuant hau Falconeren ahaidea zen nondik edo handik. (Badakizue Korsikan ahaidegoaren mailek urrunago jarraitzen dutela besteetan baino). Tiodoro Gamba zuen izena: gizon bizkorra, sasitarrek beldur ziotena, bat baino gehiago ihizatua baitzen.

       —Egunon, lehengusu txipia —dio Fortunatogana heldu orduko—, nola hazi haizen! Ikusi duk gizon bat hemen barrena orain guti?

       —O, ez naiz oraino zu bezain handia egin, lehengusu neurea —erantzun zuen umeak zozo antzean.

       —Helduko duk hori ere. Baina ez duk gizon bat pasatzen ikusi, esan!

       —Gizon bat ikusi dudan?

       —Bai, gizon bat belus beltzeko kapelu puntadun bat zuela, eta jaka bat gorriz eta horiz brodatua?

       —Gizon bat kapelu puntadun bat zuela, eta gorriz eta horiz brodatutako jaka bat?

       —Bai, erantzun ezak agudo, eta ez errepika nire galderak.

       —Goizean, apaiz jauna gure ate aurrean pasa da, bere zaldi Piero-ren gainean. Aita zer moduz zegoen galdetu dit, eta nik esan diot...

       —A, puttikoa, maltzurrarena jotzen didak! Esadak agudo nondik pasa den Gianetto, bere bila baikabiltza; eta, segur naiz, bide hau hartu du.

       —Nork daki!

       —Nork dakien? Nik bazekiat heuk ikusi duala.

       —Ikusten ote dira ba bidekoak lotan?

       —Hi ez hintzen lo, mukizua; fusil tiroek iratzarri haute.

       —Uste duzu, lehengusu neurea, zuen fusilek halako zarata ateratzen dutela? Nire aitaren eskopetak handiagoa bai.

       —Deabruak eramanen ahal hau, madarikatu alaena! Segur nauk Gianetto ikusia duala. Gorde ere ez ote duan egin. Goazen, lagunak, sar etxean, eta beha ezazue gure gizona dagoen. Hanka bakarrean zetorrean, eta sobera burua badu, aluak, makiseraino herrenka heldu nahi izateko. Izan ere, odol arrastoak hemen galtzen dituk.

       —Eta zer esanen du aitak? —galdetu zuen Fortunatok murrika— zer esanen du jakiten duenean bere etxean sartu zaretela kanpoan zegoelarik?

       —Mukizua! —dio Gamba axuantak belarritik heltzen diola— ez dakik bertsoa botarazten ahal diadala nik? Beharbada sabrearen xapalaz hogeiren bat bizkarreko emanda hitz eginen duk.

       Eta Fortunato beti murrika.

       —Mateo Falcone dut nik aita! —dio harrokeriaz.

       —Ongi dakik hik, bihurri horrek, Corte-ra edo Bastia-ra eraman hazakedala. Etzanaraziko haut presondegi batean, lasto tartean, zangoak burdinetan, eta gilotinapean paratuko haut esaten ez badidak non den Gianetto Sanpiero.

       Mutikoak barre egin zion mehatxu sinesgaitz honi. Errepikatu zuen:

       —Mateo Falcone da nire aita!

       —Axuanta —esan zion ahapetik voltigeur-etako batek—, ez gaitezela saltsatu Mateorekin.

       Poxelu zirudien Gambak zinez. Ahapean mintzo zen etxe osoa maiatua zuten soldaduekin. Ez zen operazio sobera luzea izan, korsikar baten baserria pieza karratu bakar batek baitu osatzen. Mahai bat, zizeilua, kofreak eta sukaldeko edo ihizako tresnak ditu altzari. Bizkitartean Fortunato txipiak katua laztantzen zuen, eta bazirudien maltzurki bozkariotzen zuela voltigeurren eta bere lehengusuaren nahasmenduak.

       Belar metara hurbildu zen soldadu bat. Katua ikusi eta baioneta kolpe bat eman zuen belarretan artagabe, bizkarrak harrotuz, alegia eta bere zuhurtzia hura alferrikakoa balitz bezala. Zirkinik ez; eta mutikoaren aurpegiak ez zuen trahitu demendreneko hunkidurarik.

      Axuanta eta bere tropa madarikazioka ari ziren; ordoki aldera behatzen zuten kopetilun, etorriak ziren bidetik itzultzeko prest bezala. Buruzagiak, Falconeren semea mehatxuek beratuko ez zutela komentziturik, azken ahalegin bat egin nahi izan zuen eta palaguen eta oparien indarra saiatu.

       —Lehengusu txipia —dio— biziki mutiko atzarria haizela hi! Urrun helduko haiz. Baina joko maltzurrean ari haiz nirekin; eta, nire lehengusu Mateori emanen niokeen minagatik ez balitz, zer mila sorgin!, nirekin eramanen hinduket.

       —Ba!

       —Baina nire lehengusua etortzen denean, afera kontatuko zioat, eta odol egiteraino zigorkatuko hau gezurra esan didaalako.

       —Ba ote?

       —Ikusiko duk... Baina tira... izan hadi mutil zintzoa, eta zer edo zer emanen diat.

       —Eta nik, lehengusu neurea, aholku bat emanen dizut: zera, berandutu egiten bazarete, Giannetok makisa joko duela, eta orduan zu bezalako birigarro bat baino gehiago beharko duzue bilatzeko.

       Hamar bat ezkutu aise balioko zuen zilarrezko erloju bat atera zuen axuantak; eta, Fortunato gaztearen begiek distira egin zutela ikusitakoan, honela esan zion erlojua dilindan zeukala bere altzairuzko katetxoaren buruan:

       —Hi haiz...! Horrelako erloju bat nahi huke lepotik zintzilik, Porto Vecchioko karriketan oilo-papoa baino harroago hoala jendeak galdetzeko: «Zer ordu da?» eta heuk esan ahal izateko: «Beha ezazue nire erlojuan».

       —Handitzen naizenean, osaba kaporalak emanen dit erloju bat.

       —Bai; baina hire osabaren semeak badu bat... ez hau bezain ederra, egia esan... Haatik, hi baino gazteagoa duk.

       Umeak hasperen egin zuen.

       —Beraz, erlojua nahi duk, lehengusu?

       Fortunatok, zeharrez erlojuari beha, oilasko bat osorik eskaintzen zaion katua ematen zuen. Eta konprenitzen duenez trufaka ari zaizkiola, ez da ausartzen atzaparra egozten, eta tarteka begiak aldentzen dizkio tentaldian ez erortzearren; baina ezpainak eztitzen ditu beti ere, jabeari esanen balio bezala: «Krudela dela jostaketa hau!»

       Alabaina, bazirudien Gamba axuantak fede onez eskaintzen ziola erlojua. Fortunatok ez zuen eskua luzatu, baina hala esan zion irribarre mikatz batean:

       —Zergatik trufatzen zara nitaz?

       —Alajainkoa, ez nauk trufatzen. Ginanetto non dagoen esan, eta hirea duk erloju hau.

       Fortunatok ez sinetsiaren irria egin zuen; eta, bere begi beltzak axuantarenetan tinkaturik, saiatu zen haren hitzetan zegokeen egia irakurtzen.

       —Gal ditzadala nire sorbaldakoak —egin zuen oihu axuantak— ez badiat erlojua ematen horren truke! Lagunak ditiat lekuko; eta ezin diat neure hitza jan.

       Honela mintzatuz, erlojua hurbiltzen zion beti ere, hainbeste non umearen masail zurbila ukitzen zuen ia. Honen aurpegiak ederki erakusten zuen bere baitan kutizia eta abegitasunari zor zion begirunea egiten ari ziren borroka. Bular biluzia indarrez hanpatzen zen, eta lehertu egin behar zuela zirudien. Bizkitartean erlojuak kulunka egiten zuen, itzulika, eta batzuetan surdur punta jotzen zion. Noizbait, emeki, eskuineko eskua altxatu zitzaion erlojurantz: ukitu zuten hatzamar puntek; eta osorik hartu zuen eskuan axuantak katearen muturra utzi gabe hala ere... Biribila urdina zuen... estalkia berriki ziratua... eguzkitan, suzkoa zirudien... Sobera handia zen tentaldia.

       Fortunatok altxatu egin zuen ezkerreko eskua ere, eta pototsarekin, sorbalda gainetik, atzean zeukan belar metara noratu zuen. Axuantak berehala ulertu zuen. Utzi zuen katearen muturra, Fortunato erlojuaren jabe bakarra gelditu zen. Orein baten zaulitasunaz jaiki eta hamar bat pauso urrundu zen belar metatik, voltigeurrak harrotzen hasiak baitziren berehala.

       Luze gabe inarrosi zen belarra, eta gizon odoldu bat irten zen, aiztoa eskuan; baina zutik jarri nahi zuelarik, zauri hoztuak eragotzi egin zion tente jartzea. Erori zen. Axuanta oldartu zitzaion eta aiztoa kendu zion. Berehala lotu zuten estu, gogor egin bazien ere.

       Gianettok, lurrean etzana eta sorta bat bezala lotua, hurbildua zen Fortunatogana itzuli zuen burua.

       — ...kumea! —esan zion haserrez baino erdeinuz.

       Mutikoak hartua zuen txanpona bota zion, jadanik merezigarri ez zela ulerturik; baina sasitarrak ez zion kasu eman mugimendu hari. Zinezko odol hotzean esan zion axuantari:

       —Gamba adiskidea, ezin diat oinez; eraman egin beharko nauzue herriraino.

       —Orkatza baino arinago egiten huen laster oraindik orain —erantzun zuen ankerki garaileak—, baina hago lasai: hain pozik nagok hi harrapatuaz, ze legoa bete eramanen hinduket lepoan nekatu gabe. Gainera, adiskidea, angaila bat eginen diagu adarrekin eta heure kaparekin; eta Crespoli-ren baserrian aurkituko ditiagu zaldiak.

       —Ongi —esan zuen atxilotuak— lasto piska bat ere ezar ezazue angailan, lasaiago noan.

       Voltigeurrak saiatzen ziren artean, batzuk lera antzeko bat egiten gaztainondo adarrez, besteak Gianettoren zauria lotzen, Mateo Falcone eta bere emaztea azaldu ziren tupustez makisera zihoan bidezidorraren bihurgunean. Emakumea nekez zetorren gaztaina zaku animale baten zamapean makur eginik, senarra aldiz fusil bat eskuan eta beste bat bizkarrean egurasten zen, desohoragarri baitzaio gizon bati armena ez beste zamarik eramatea.

       Soldaduak ikusirik, Mateoren lehen ustea izan zen bera atxilotzera etorriak zirela. Zergatik ideia hori baina? Auzitan ote zebilen justiziarekin? Ez. Omen onaren jabea zen. Esan ohi den bezala, bizimodu jatorreko herritarra zen; baina korsikarra eta menditarra zen, eta korsikar menditar guti dago, oroimenean ongi sakonduz gero, bekatuñoren bat aurkituko ez duenik, hala nola fusil tiroak, aizto kolpeak eta antzeko zirtzilkeriak. Mateok, beste inork baino areago, garbi zeukan kontzientzia; hamar urte luze ziren ez zuela fusila gizonengana noratu; baina hala ere zuhurra zen, eta behar izanez gero defentsa polita egiteko gisan paratu zen.

       —Emakumea —esan zion Giuseppari—, utzi zakua lurrean eta zaude erne.

       Berehala obeditu zuen. Sorbaldan zekarren fusila eman zion, poxelu egiten ahal baitzuen. Eskuan zekarrena armatu eta bere etxerantz egin zuen aitzina astiro bide bazterreko zuhaitzen enborrez enbor eta prest, etsaikeriarik mendreenean, enborrik lodienera oldartzera, babesean tiro egin ahal izateko. Emaztea orpoz orpo zerraikion, ordezko fusilarekin eta kartutxontziarekin. Etxekoandre on baten zeregina da, liskarretan, senarraren armak kargatzea.

       Axuanta, bestalde, atsegabetan zen Mateo hala hurreratzen ikusirik, urratsez urrats, fusila aitzinatua eta atzamarra menakan.

       —Menturaz —egin zuen gogoeta— Mateok ahaidea balu Gianetto, edo adiskidea, eta defendatu nahi balu, gutunak postara baino zuzenago helduko litzaizkiguke bi fusil horien sutunpak gutariko bigana, eta fusilaren miran paratzen banau ahaideak garela ahantzita...!

       Kordoka horretan, erabaki ausart bat hartu zuen, alegia Mateogana bakarrik aurreratzea afera kontatzeko, aspaldiko laguna bezala hartuz; baina Mateoganainoko alde laburra izugarri luzea iruditu zitzaion.

       —Kaixo, eup!, lagun zaharra —egin zuen oihu—, zer moduz, aspaldikoa? Gamba naiz, zure lehengusua.

       Mateo gelditua zen hitzik atera gabe, eta bestea mintzo ahala, fusilaren kanoia jaso zuen emeki, eta axuanta bildu zitzaionean zerura noratua zegoen.

       —Egunon, anaia —esan zuen axuantak eskua luzatuz—. Aspaldi du ikusi ez zaitudala.

       —Egunon, anaia!

       —Zu agurtzera etorria naiz, zu eta Pepa lehengusina. Bide luzea egin dugu egun; baina ez dugu zertan zinkurin egin harturiko nekeagatik, atxikitze on bat egin baitugu. Gianetto Sanpiero harrapatu dugu oraintxe.

       —Jainkoari esker! —esan zuen Giuseppak—. Esnetarako ahuntza ebatsi zigun iragan astean.

       Hitz hauek bozkariotan sartu zuten Gamba.

       —Gizarajoa! —esan zuen Mateok—. Goseak zegoen.

       —Arraio hori lehoia bezala defendatu da —jarraitu zuen axuantak mindu samartuta—, nire voltigeurretariko bat hil dit, eta guti balitz, besoa hautsi dio Chardon kaporalari, baina ez du ardura, frantximenta da... Eta gero hain ongi gorde da ze deabruak berak ez zukeen atzemanen. Fortunato lehengusu txipiagatik izan ez balitz, ez nukeen inoiz aurkitu ahal izanen.

       —Fortunato! —egin zuen oihu Mateok.

       —Fortunato! —errepikatu zuen Giuseppak.

       —Bai, Gianetto horko belar metan izkutatu da; baina lehengusu txipiak salatu dit jukutria. Jakinaraziko diot bere osaba kaporalari, opari eder bat igor diezaion. Eta bere eta zure izena azalduko dira juje jaunari eginen diodan argiketan.

       —Madarikatua! —bota zuen ahapetik Mateok.

       Talderaino helduak ziren. Gianetto angailan etzana zegoen eta abiatzeko prest. Mateo ikusi zuenean Gambaren lagun, irri egin zuen irribarre bitxi batean; gero, etxeko aterantz jiratuta, tu egin zuen atarira, esanez:

       —Traidore baten etxea!

       Hil beharra zela zekien gizon bat baino ez zen ausartuko traidore hitza esaten Falconeri erantsia. Aizto ukaldi on batek, bigarrenik gabe, emanen zion irainaren ordaina. Haatik Mateok ez zuen eskua bekokira eramatea beste zirkinik egin, lur jotako gizona iduri.

        Fortunato etxean sartua zen aita heldu zela ikusitakoan. Berehala azaldu zen pitxar bat esne eskuan, begiak apal Gianettori eskaintzeko.

       —Ez hakit hurbil! —egin zion oihu sasitarrak ahots lazgarri batez.

       Ondoren, voltigeurretariko batengana itzuliz:

       —Lagun, emadak edatera —esan zion.

       Soldaduak esku artean paratu zion bere xahakoa, eta bandidoak arestian fusil tiroka aritua zen gizonak ematen zion ura edan zuen. Eskuak bular gainean edukitzeko moduan lot zezatela eskatu zuen gero, bizkar atzean lotuak eduki ordean.

       —Etzanda —esan zuen— gozo egon behar da.

       Saiatu ziren haren atsegina egiten; gero axuantak abiatzeko agindua eman zuen, adio egin zion Mateori erantzunik hartu gabe, eta ordokirantz jo zuen arinki.

       Hamar bat minutu iraganen ziren Mateok ahoa ireki gabe. Mutikoak begi ernez behatzen zien noiz amari noiz aitari, zeinak, fusila makulu harturik, lehertu beharreko amorruaz behatzen zion.

       —Ongi hasi haiz hala ere! —esan zuen noizbait Mateok ezti baina gizona ezagutzen zuena beldurtzeko moduko ahots batez.

       —Aita! —egin zuen oihu mutikoak malkoak begian hurbilduz haren aitzinean belaunikatzeko bezala.

       Baina Mateok agindu zion:

       —Hoakit urrun!

       Eta umea geratu egin zen zotinka, geldirik, aitagandik zenbait urratsetara.

       Hurbildu zen Giuseppa. Erlojuaren katea ikusi berria zuen, muturra Fortunatoren atorrapetik ageri.

       —Nork eman dizu erloju hori? —galdetu zuen aire garratz batean.

       —Lehengusu axuantak.

       Hartu zuen erlojua Falconek, eta, harri batean gainean bortizki jaurtita, milaka puska egin zuen.

       —Andrea —esan zuen— neurea dea ume hau?

       Adreiluaren gorria hartu zuten Giusepparen masail beltzaranek.             

       —Zer diozu, Mateo? Ba dakizu nori ari zaren?

       —Alabaina, ume hau da gureetan trahizioa egin duen lehena.

       Arrabiztu ziren Fortunatoren zotin-negarrak, eta Falconek ez zizkion bere katamotz begiak gainetik kentzen. Azkenik jo zuen lurrean fusilondoarekin, sorbaldan jaso eta makiserako bidea hartu zuen Fortunatori etortzeko aginduz. Mutikoak obeditu egin zuen.

       Giuseppak laster egin zuen Mateogana, eta besotik heldu zion.

       —Zeure semea da! —esan zion ahotsa dardaraz, begi beltzak senarrarenetan tinkatuz, haren bihotzekoak irakurri nahiz.

       —Utz nazazu —erantzun zuen mateok—. Bere aita naiz.

       Giuseppak semea besarkatu eta basetxean sartu zen marruez. Amabirginaren irudi baten aurrean belaunikatu eta otoitzean ekin zion kartsuki. Anartean Falcone berrehunen bat pauso egina zen bidezidorrean barrena, eta ez zen gelditu erroitz txipi batean amildu arte. Sundatu zuen lurra fusilondoarekin eta apatza eta zulaerraza aurkitu zuen. Leku egokia iruditu zitzaion bere asmorako.

       —Fortunato, hoa harri puska horren ondora.

       Esana egin zuen mutikoak, eta ondoren belaunikatu egin zen.

       —Egik otoitz!

       —Aita, aita, ez nazazu hil.

       —Egik otoitz! —berritu zuen Mateok ahots ikaragarri batez.

       Umeak, murduka eta marruka, Paternosterra eta Kredoa esan zituen. Aitak, latz, Amen erantzun zuen otoitz bakoitzaren amaieran.

       —Horiek dituk dakizkian otoitz guztiak?

       —Aita, Avemaria ere badakit eta izebak irakatsitako letania.

       —Luzea duk, baina ez dik ardura.

       Umeak ahots hilean amaitu zuen letania.

       —Amaitu duk?

       —O, aita, barka! Barka nazazu! Ez dut berriz eginen! Osaba kaporalari erregutuko diot Gianetto indultatzeko!

       Hizketan jarraitu zuen; Mateok fusila armatu eta mazelara ekarria zuen esanez:

       —Jainkoak barkatuko ahal hau!

       Umeak azken ahalegin bat egin zuen etsian, altxatu eta bere aitaren belaunak besarkatzeko; baina ez zuen astirik ukan. Mateok su egin zuen, eta Fortunato zerraldo erori zen hila.

       Gorpuari behako bat eman gabe, Mateok etxerako bidea hartu zuen aitzur baten bila, semea ehorzteko. Urrats batzuk baino ez zituen egin, non Giuseppa topatu zuen, sutunpak izututa etorria.

       —Zer egin duzu?

       —Justizia.

       —Non dago?

       —Erroitzean. Ehortziko dut. Giristinoz hil da; meza esanaraziko diot. Esaiozue Teodoro Bianchi suhiari datorrela gurera bizitzera.

 

                                                                      1829