Pierre Choderlos de Laclos
Harreman arriskutsuak
euskaratzailea: Jon Muñoz
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Itzulpena: Jon Muñoz
Euskarazko edizioa: Literatura unibertsala, 1997
Jatorrizkoaren data: 1782
Pierre Choderlos de Laclos euskaraz:
http://ekarriak.armiarma.com/?i=72
Informazio gehiago:
http://armiarma.com/emailuok/?p=1568
HITZAURREA
CHODERLOS DE LACLOS
Pierre-Ambroise Choderlos de Laclos 1741eko urriaren 18an jaio zen Amiens-en. Aita erregearen administrazioko idazkaria zuen. 1759an militar ikasketak hasi zituen La Fère-ko artileria eskolan. 1762an teniente izendatu zuten. 1763an Zazpi Urteko gerraren bukaera ekarri zuen bake hitzarmena sinatu zuen Frantziak, Laclosek gerran aintza lortzeko zituen ametsak ustel gertatu ziren, beraz. 1763tik 1779ra Toul, Estrasburgo, Grenoble, Besançon eta Valenceko gotorlekuetara bidali zuten; hango bizimodu lasai, geldi eta aspergarria urrun zegoen gerrako ekintza, oldarra eta suharretik. 1777an kapitain izendatu zuten. 1778an Frantziak hitzarmen bat sinatu zuen Ameriketako matxinoekin Ingalaterraren aurka borrokatzeko. Beraz, Frantziak atlantikoko uharteak eta kostaldea gotortu behar izan zituen ingelesen balizko erasoari aurre egin ahal izateko. Montalembert markesa izendatu zuten lan horren arduradun, eta honek Laclos deitu zuen 1779an Aix uharteko gotorlekuko buruzagia izan zedin. Baina itsasoan ingeles ontzirik ageri ez, Laclos gogotik aspertu bide zen eta idazten eman zituen hango ordu luzeak; han izan zuten beraz sorrera «Harreman arriskutsuak» liburuko lehenengo gutunek. Geroztik, bi oporraldi hartu zituen (bata 1780ko urtarriletik ekainera eta bestea 1781ko bukaeratik 1782ko maiatzera), Parisen finkatu zen eta han bukatu zuen Aix uhartean idazten hasitako izkribua. «Harreman arriskutsuak» 1782ko martxoan argitaratu zen, lau liburukitan, Durand Neveu argitaletxean. Liburuak arrakasta handia izan zuen eta eskandalu are handiagoa sortu zuen. Egilea eta liburua gaitzetsiak izan ziren, agintari militarrek zigortu egin zuten Laclos eta Bretainiara bidali berehala, baina apirila bukaeran kalean zen jadanik liburuaren bigarren argitaraldia. Urte hartan bertan, Laclosek beste eskandalu bat jasan behar izan zuen: Marie-Soulange Duperré ezagutu eta harekin hasi zen harremanetan, handik bi urtera seme bat izan zuten, artean ezkondu gabe; baina 1786an ezkondu egin ziren azkenik eta Laclosek semetzat ezagutu eta aitortu zuen aldez aurretik izan zuten haurra; geroztik beste bi seme-alaba izan zituzten.
1788an Laclosen bizitzak aldaketa nabarmen bat izan zuen, gudarostea aldi baterako utzi eta politikari lotu baitzitzaion. Orleanseko dukearen zerbitzura hasi zen lanean idazkari gisa. Orleanseko dukea Luis XVI.a Frantziako erregearen lehengusua zen, eta Frantziako gizonik aberatsenetako bat halaber. Haren gerizan parte hartu zuen Laclosek Frantziako Iraultzan. 1789an Londresen erbesteratu behar izan zuen Orleanseko dukearekin eta 1790ean, Parisa itzulirik, Jakobinoen klubean sartu zen, eta «Journal des Amis de la Constitution» («Konstituzioaren Adiskideen Kazeta») jakobinoen aldizkariaren zuzendari izan zen. 1792an gudarostean sartu zen berriz, Gerra Ministeritzako komisario izendatu zuten eta Châlons-sur-Marnera bidali, han gudaroste iraultzailearen aurka borrokatu zen Valmy-ko guduan; gero Pirinioetako gudarosteko gudalburu izendatu zuten.
1792an Orleanseko dukea diputatu hautatu zuten, Luis XVI.aren heriotzaren aldeko botoa eman zuen, eta urte hartan bertan baztertu zituen noble izateak ematen zizkion eskubide bereziak, hori zela eta «Philippe Égalite» ezizena jarri zioten; baina monarkia berriro aginpidean jarri eta bera errege izateko asmotan zebilela egotzirik hil zuten 1793ko azaroan. Laclos ere arriskuan egon zen, 1793an bi aldiz atxilotu zuten, apirilean l'Abbaye presondegian eta azaroan Picpus-en, Orleanseko dukearen alde azpijokoan ari izan zelakoan; heriotza zigorraren beldur izan zen hura ere, baina 1794an askatu egin zuten. Gudarostean berriz sartzea eskatu zuen, baina uko egin zioten; Hipoteken Idazkari Nagusi izendatu zuten eta lanpostu horretan ihardun zuen gudarostean berriz onartu zuten arte. 1800ean, Bonapartek artileriako jeneral izendatu zuen eta Rhin-eko gudarostera bidali. Gero Italian borrokatu zen, eta 1803ko urtarrilean Napoliko gudalburu izendatu zuten. 1803ko irailaren 5ean hil zen Tarenton, Napoli inguruan, disenteriak eta malariak jota.
Esan liteke Laclos nobela bakarreko autorea dela. Izan ere, porrot egindako olerki saio batzuez bestalde, artikuluak, txostenak eta saiakera bat dira hark argitara eman zituen idazlanak. Hona lan aipagarrienak:
— «Les Souvenirs» (Oroitzapenak), 1773an «L'Almanach» aldizkarian argitaratua.
— «Ernestine» opera komikoa (1777), ikusleek gogor gaitzetsitako libretoa.
— «Quels seraient les meilleurs moyens de perfectionner l'éducation des femmes?» («Zeintzuk lirateke emakumeen heziketa hobetzeko baliabiderik onenak?»); Châlons-sur-Marne-ko akademiak egindako galderari Laclosek egin zion erantzuna, 1904an argitaratua.
— 1784an artikulu bat argitaratu zuen «Le Mercure de France» aldizkarian, «Cecilia» ingeles idazlanaz.
— «De l'éducation des femmes» («Emakumeen heziketaz») (1785), lehiaketa akademiko batean aurkeztutako liburua, emakumeen zapalkuntza gaitzesten zuena eta «Harreman arriskutsuak» liburuan ageri diren ideia batzuk lantzen zituena.
— «Lettre à MM. de l'Académie française sur l'éloge du Maréchal de Vauban» («Frantziako Akademiako jaunei egindako gutuna, Vaubango Mariskalaren goraipamenaz») (1786). Obra horretan gogor kritikatu zuen ordu arte oso aintzat hartua izan zen liburu bat eta horrek Gerrako Ministeritzaren gaitzespena ekarri zion.
— «De la Guerre et de la Paix» («Gerraz eta Bakeaz») (1795).
HARREMAN ARRISKUTSUAK
Lehen esan dugun bezala, Laclos 1779an hasi zen «Harreman arriskutsuak» idazten, Aix uhartean egon zen bitartean, eta 1781ean bukatu zuen, agintari militarrek eman zioten sei hilabeteko oporraldia bitartean, liburu horrek emango ziolakoan gerrak ukatzen zion aintza. Tillyko kondeak bere Oroitzapen Liburuan ematen digu Laclosen asmoen eta iritzien berri, Laclosek berak esan zizkion hitzen bidez: «...inork entzungo ez zituen hil eresi batzuk ondu eta irakurleen eta neronen onerako sekula inprimatuko ez diren neurtitzak idatzi ondoren, eta ez aitzinamendu handirik ez omen handirik ekarriko zidan lanbide bat ikasi ondoren, ohiko bidetik aterako zen liburu bat idaztea erabaki nuen, zarata handia egingo zuen liburu bat, ni hil ondoren haren oihartzunak lurraren gainean iraun zezan.» «Harreman arriskutsuak» beraz militar etsi eta gogaitu baten obra handinahia da, 1782an argitaratua, Durand argitaratzailearen etxean, lau liburukitan. Lehenengo argitaraldia 2.000 alekoa izan zen eta berehala agortu zen. Handik gutxira, Durand jaunak beste argitaraldi bat egin zuen. 1782ko urte hartan bertan, jatorrizko argitaraldiaz eta bigarren argitaraldi zuzenduaz bestalde, liburuak beste zazpi argitaraldi izan zituen. 1784tik 1796ra, Laclos bizi zelarik alegia, beste hamabi argitaraldi egin ziren, baina Laclosek arestian aipatutako lehenengo biak baizik ez zituen onartu, eta beste guztiak gaitzetsi. Berehala nobela horrek sekulako arrakasta izan zuen eta eskandalu handia sortu; haren oihartzunak zeharo gainditu zuen Laclosen itxaropena. Eta agintariek haren aurka hartu zituzten neurriek areagotu baizik ez zuten egin liburuaren ospea.
«Harreman arriskutsuak» nobela psikologikoen obra aitzindaria da, gutun bidezko nobelen eta literatura libertinoaren ekarria biltzen dituena besteak beste, eta, intriga eta azpijokoa ardatz harturik, XVIII. mendeko emakumeen egoera salatzen duen eta gizon-emakumeen arteko aginpidezko harremanetan sakondu duen maisu lan bikain eta zehatz idatzia.
XVIII. mendean gutun bidezko nobelak urrezko aroa izan zuen Frantzian, batez ere 1760 eta 1780 bitartean. Goraldi hori mende hartako gizartearen ispilu izan zen, izan ere, gutunak idazteko ohitura oso errotua zen gizarte hartako agintari, dirudun eta nobleziako jendeagan. Gizaldi hartan gizarte harremanek garrantzi handia zuten eta solaskideak elkarrengandik urrunduak ziren orduko, gutunak ordezkatzen zuen solasaldia. Gaurdaino gorde diren garai hartako benetako gutunek aski lekukotasun garbia ematen dute gutun haien literatur kalitateaz. Gizarte harremanetarako kode estu eta zehatzak zituen gizatalde baten ispilu dira gutunak; maiz gutunak ez zuen hartzaile bakarra izaten, lagunartean irakurtzeko xedez egina izaten zen, eta horretxek zekarren kalitate artistiko handia erakutsi nahia. Eta hala ere, lagunartearen begiradek norbera zelatan zuten gizarte hartan, gutuna mamitasunaren, isilmandatuaren eta sekretuaren eremua izan zitekeen. Esan dezagun gainera gutun bidezko harremana idazlan literariorik egitea bururatu ere egiten ez zitzaien gizataldeei zegokiela: aristokratei eta emakumeei. Aristokraten ustean, literaturgintzak ez zuen beren mailari zegokion duintasunik. Emakume askorentzat, berriz, gutuna zen adierazpide bakarra, eta gutun idazle gehienak emakumeak izan ziren, liburu honetan aipatua den Sévigné andrea gidari.
Gizarte ohitura horri jarraiki, XVIII. mendean gutun bidezko nobelak bilakaera luzea ezagutu zuen Frantzian; ahots bakarreko gutunetatik, ahots anitzeko gutunetara. Laclos izan zen hain zuzen genero horren baliabide guztiak maisu baten gisa erabiliz eta muturreraino eramanez maisu lan bat egitera iritsi zena.
Mende hartako lehen erdialdean gutun exotikoek arraskata handia izan zuten. Aipa ditzagun, besteak beste: «Lettres persanes» (Montesquieu, 1721); «Lettres d'une Turque», «Lettres moscovites», «Lettres chinoises»... 1730az geroztik gutun bidezko nobelak joera psikologikoa edo sentimenduzkoa agertuko du, Richardson ingeles idazlearen «Pamela» (1741) nobelaren eraginez. Ahots bakarra dute aipatu ditugun nobelek ezaugarri, eta bakarrizketarako joera hori, lehen esan dugun bezala, emakumeek landu zuten gehien. 1750. urteaz geroztik ahots anitzeko gutun nobelak agertuko dira, gutun bidezko elkarrizketak: «Lettres du commandeur de*** à Mlle de*** avec les réponses du chevalier Mouhy» (1753). Baina «La Nouvelle Héloise» (1761) da gutun bidezko nobelek eredutzat izan zuten nobela. Liburu horretan Rousseauk bikain erabili zituen genero horren baliabide anitzak ahots aniztasunaren mesedetan: maitaleen ahotsa, isilmandatariena, jakitunarena eta ezjakinarena, zuhurrarena eta maltzurrarena... Ahots, pertsonaia, doinu, estilo aniztasun hori ikasgai gertatu zitzaion Laclosi; Rousseauren itzala sumatzen da harreman arriskutsu hauetan, eta Laclosek behin baino gehiagotan egin zuen bere liburuan «La Nouvelle Héloise»ren aipamen zuzena (Ikus CX. gutuna).
Gutun bidezko literaturaren gailurra izateaz gainera, Laclosen liburuak badu beste aurrekari bat, bestea bezala genero haren bilakaerarako baliabide ezinago hobeak eskaintzen zituen XVIII. mende hartan gailendua: nobela libertinoa. Alderdi batzuetan antzematen zen zilegitasunaren eta aldi berean Antzinako Aroaren moralarekin eta erlijioarekin etenik egin ez zuen gizarte hark oso kontutan hartzen zituen debekuen arteko tirabira ongarri emankorra izan zen literatura libertinoarentzat. Genero horrek debekuak behar baititu; aisiarako denbora eta dirua baduen eta lan egiteko beharrik ez duen jendea behar du; eta behar ditu orobat elkarri gaizki esaka eta elkarren zelatan ibiltzea zeregin nagusi zuten eta XVIII. mendeko goi mailako gizarteak hain maite zituen lagunarte eta bilkura haiek. Halaber, genero horrek pertsonaien tipologia jakin bat, gertakizun multzo bat eta estilo zehatz bat du ezaugarri. Italiako Commedia dell'arte-n bezala, literatura libertinoan pertsonaia nagusiak eredu eta molde jakin baten arabera sortuak dira: gizon zitala, emakume gaiztoa, emakume xalo eta errugabea... Genero libertinoaren estilo baliabideak (ahalik gehiena iradokiz ahalik gutxiena esatea, esan gabe ulertutakoak, hitz jokoak, esanahi bikuneko perpausak, antitesiak) Laclosek beste estilo desberdinekin nahasten ditu, errejistro eta doinu aniztasuna emanez bere obrari.
«Harreman arriskutsuak» zorretan dago orobat XVIII. mendearen bigarren erdian arrakasta handia izan zuen genero batekin: sentimenduaren eta grinaren nobelarekin. Rousseauren «La Nouvelle Héloïse» eta Richardsonen «Clarisse» dira berriz ere genero horren aitzindariak. Erromantizismo aurreko liburu horiek gai berriak dakarzkiote XVIII. mendeko nobelari: grinaren goraipamena, izadiaren zentzua, misterioaren eta zehaztasunik ez duenaren garrantzia. Liburu honetako heroiak sentikorrak dira, eta nobela osoa malkoz josia dago; baina pertsonaia sentikorrak lotsagarri gelditzeraino dira batzuetan sentikorrak, eta ez dira halaber aipatzeke geldituko sentikortasunaren ondorio makurrak.
XVIII. mende bukaeran, arrakasta handia izan zuten baita ere beldurra, izua eta tragedia oinarri zuten nobelek. Liburu honetako izua eta drama ordea pertsonaien baitakoa da, eta ilunbeak etsipenak sortutako barne ilunbeak dira.
Gaizkiaren eta azpijokoaren gaia ere maiz agertzen da XVIII. mendeko nobelagintzan, eta Valmonteko bizkondearen eta Merteuileko markesaren pertsonaiak horren adierazgarri garbiak dira; haien kidetasun misteriotsuak elkarrekin egindako txikizioak ditu oinarri, ez dira txikizio fisikoak, psikologikoak ordea, baina hargatik maiz eragiten dute biktimen etsipena, lur jotzea eta heriotza. Emakumearen bortxaketa ere sail horretan sar genezake, eta nobela honetan nabarmen agertzen ez bada ere, aise soma daiteke Valmontek Tourvel andrea seduzitzen duen unea bortxaketa bat dela (CXXV. gutuna). XVIII. mendeak, Argien eta Arrazoiaren mendeak, oso kontutan hartua zuen eromenaren arazoa, eta interes horren lekukotasuna idazlan askotan ageri da, baita nobela honetan ere, Laclosek zehatz aipatzen baitu Tourvel andreak bere agonian bizi duen eromena (XLVII gutuna). Aipa dezagun baita ere estrategia militarraren eragina, Valmontek eta Merteuilek bere azpijokorako baliatua, eta Tourvel andrearen sedukzioaren kontaketa Merteuil andreari egiten dion gutunean Valmontek bereziki aipatua (CXXV. gutuna), ez alferrik Laclos militarra baitzen, ia bere karrera osoan gerran ibili gabeko militarra hain zuzen.
Nobela honetan nabarmena da erlijioaren, erlijio katolikoko sakramentu batzuen, eta batez ere erlijiozko mintzairaren aipamena eta eragina. Ez bakarrik erlijioari atxikiak ageri diren pertsonaietan, hala nola, Volanges andrea, Tourvel lehendakariaren emaztea eta Cécile (komentuko heziketaren eta bere amaren eraginez). Baita libertinoengan ere, eta askoz harrigarriagoa eta eragingarriagoa da libertinoek erlijiozko mintzairaz egiten duten erabilera, deboziozko mintzairaren imitazioa, beren asmoen arabera trebeki erabiltzeko. Nobelaren izenburuak berak ere deboziozko mintzairaren aipua dakar. Politikaren erretorika oraindik nagusitu ez zen garai hartan, galderak, errepikazioak eta sermoien erretorikak berezko dituen gisa horretako baliabideak Laclosek ezin hobeki erabili zituen.
Kontutan hartzekoak dira baita ere aitortzaren eta oliadurako sakramentuaren aipamen garbiak (CLXV. eta CLXIII. gutunak). Aitortzak eragina du gertakarien bilakaeran, eta pertsonaia batzuek berariaz erabiltzen dute beren probetxurako (LXXXI. eta LXXXI. gutuna); eta amaiera aldera, aita Anselme aitorlea Valmonten eta Tourvel andrearen artean bitarteko gisa erabilia izango da. Nobela honen oinarria den gutun bidezko harremana bera ere etengabeko aitortza baten gisara uler liteke.
Erlijioari dagokionez, esan dezagun halaber nobela honek kritika zorrotza egiten diola erlijioa ardatz zuten garai hartako ohiturei eta batez ere emakumeen heziketari. Komentutik atera berria den Cécileren ezjakintasuna nabarmena da eta ez dio inongo babesik ematen Valmonten eta Merteuilen erasoaren aurrean. Tourvel andreak ezingo du amodioaren indarra garaitu, erlijioak ematen dion segurantzari oso atxikia egon arren. Erlijioaren ergelkeria eta aurrejudizioak gorpuzten dituen Volanges andreak zorigaitza ekarriko dio bere alabari eta bere adiskide Tourvel andreari. Ironiaz eta erlijiozko mintzaira bere gisara erabiliz eta irauliz, Laclosek gogor kritikatu zuen erlijioaren itzala gailendua zitzaion eta, Frantziako Iraultzaren bezperan, gainbeheran zegoen gizarte hura, nahiz batzuetan erreparatua zion eta men egin zion mintzaira horren edertasunari.
Teatroa garrantzi handiko topaleku eta ikuskizuna izan zen XVIII. mendeko goi mailako gizartearentzat, eta orobat du garrantzia liburu honetan, gizarte harremanen metafora gisa. Bere izebaren gazteluan, Valmontek antzerki lan bat bailiran prestatzen eta betetzen ditu bere asmoak (XCIX. gutuna). Gertaldi patetikoak ere maiz samar agertzen dira (XXI. eta CV. gutunak).
Opera da idazlan honetako gertakizun askoren gertalekua eta haren oihartzuna eta aipua sarri agertzen dira. Parisen ia gauero egiten ziren opera emanaldiak, eta goi mailako jendeak opera zuen gizarte harremanetarako leku egokiena eta erabiliena. Operaren aurrealdea du gertaleku Tourvel andreak Valmont eta Émilie zalgurdi berean ikusi dituen gertaldi ikaragarriak (CXXXV. gutuna). Operari dagokio orobat Valmont bere izebaren etxera iristen den unearen deskribapenak (LXXVI. gutuna), eta liburuaren bukaerak berak ere opera lan baten amaiera iradoki dezake.
Idazketa bera da nobela honetako pertsonaiak definitu eta gorpuzten dituena. Gutun bidezko nobela bat denez, pertsonaiek idatzi egiten dute, eta norberaren idazkeraren eta besteen idazkeraren arteko tirabirak, estiloak alegia, definituko du pertsonaia bakoitza, idazketaren bidez kontatzen diren gertakariek, gogoetek eta asmoek bezainbat. Idazketarik ezak, egileak batzuetan ohartarazten duenez halako eta halako gutuna errepikazioaren beldurrez edo interesgarria ez delakoan ez argitaratu izanak, nahiz gutun hori existitzen den eta pertsonaiek aintzat hartua duten, irakurlearen jakinmina akuilatzen du eta zehatz adierazita ez dauden gertaerak eta irtenbideak iradokitzen dizkio. Idazketaren garrantziaz ari garela, azpimarra dezagun nobela honetan gutuna bera gertakizun bat dela eta hondamena dakarrela behin baino gehiagotan. Gutuna berez da arriskutsua, norbaiti adierazi nahi zaion baina beste norbaiti ezkutatu nahi zaion zerbaiten froga. Dancenyren eta Cécileren arteko gutunen berri Volanges andreak jakin izanak sekulako ondorioak ekarriko ditu eta nobelaren ardatzetako bat izango da. Era berean, Dancenyk Merteuil andrearen gutunak jendaurrean erakutsi izanak ekarriko du haren hondamena, nahiz ez idaztea eta haren jokabidearen frogarik idatziz ez uztea izan haren oinarrizko araurik nagusiena; arau hori Valmontengana ez bete izana larrutik ordaindu beharko du.
Gutuna hilgarria da gainera. Merteuil andreak idatzi eta Valmontek bere izenean Tourvel andreari bidaliko dion gutunak haren heriotza ekarriko du. Gutun hori, gainera, diktatua izan da, eta ez da bakarra; nobela honetan gutun diktatu asko dago eta horrek baliabideak ematen dizkio idazleari; gutuna irakur lezake gutuna bidalia izan ez zaion beste norbaitek ere, eta gutunaren sinatzailea ez da beti izaten gutuna idatzi duen pertsona bera.
Pertsonaia arketipoak sortu bainoago, Laclosek idazketa arketipoak sortzen ditu: xalotasun moldakaitzaren idazkera (Cécile, Danceny), maitasun grinarena (Tourvel andrea), libertinoen idazkera maltzur, landuago eta intelektualagoa (Valmont eta Merteuil andrea). Eta, jakina, idaztankera horien arteko nahasketa egiten du. Horretan, bi libertinoek, Valmontek eta Merteuil andreak, iristen dute goi maila, bere asmoen eta premien arabera aukeratzen eta baliatzen baitute unean uneko estiloa. Eta haiek dira orobat, bi pertsonaia xalo eta eskarmenturik gabeei, Cécileri eta Dancenyri, nola idatzi behar duten irakasten dietenak. (CXXI. eta CV. gutunak). Estiloen arteko kontrasteak edo errepikazioak efektu bereziak sortzen ditu, eta horretarako Laclosek bikain erabili zuen gutunen hurrenkera edo ordenamendua. Bestalde, Laclosek berak aitzinsolasean garbi adierazten du estiloari ematen dion garrantzia: gutunen estilo akatsak aipatzen ditu gaitzesgarriro, baina gutunon estilo aniztasunari merezimendu irizten dio.
Nobela honetako denbora nahiko bizia da, ez du amodiozko eta heziketazko nobelen gelditasuna, gainbehera baten bizkortasuna sumatzen zaio. Libertinoen denbora berez da bizkorra: bizkon ekin, bizkor garaitu eta azkenik harremana berehala hautsi eta beste bati lotu. Amodioaren denbora, berriz, iraunkortasunaren, jarraikitasunaren, gelditasunaren denbora da. Idazlan honen hasieran maitasunaren denbora da nagusi (Danceny-Cécile eta Tourvel-Valmont; nahiz Valmontek maiteminduta dagoela aitortu ez, Merteuil andreak behin baino gehiagotan egotziko dio maiteminduta egotea eta horrek dakarren gelditasuna, eta hain zuzen ere horixe izango da amaiera iragarriko duen seinalea eta, beraz, gelditasuna bizkortasun bilakaraziko duena). Gutunen datek ere oso zehaztu eta mugatzen dute nobelaren denbora.
Lehen esana dugu «Harreman arriskutsuak» gizarte baten ispilu direla, amaitzear zegoen Errejimen Zaharraren ispilu, alegia. Pertsonaiak arketipo jakin batzuetan oinarrituta daude; nobleziako kideak dira, ez denak ordea maila bereko nobleak. Ezin uka, nolanahi ere, diruak gizarte hartan eta nobela honetan duen garrantzia, eta zenbateraino tankeratzen eta baldintzatzen dituen pertsonaiak eta gertakariak. Dirua da Volanges andreak alabaren senarra hautatzerakoan duen irizpide nagusia, Gercourt Danceny baino askoz aberatsagoa baita. Baztangak eta eskandaluak bainoago, auzia galtzeak eta beraz dirurik gabe gelditzeak ekarriko dio hondamena Merteuileko markesari.
Pertsonaien sexuari eta adinari erreparatzen badiogu, sailkapen bat egin liteke. Bost pertsonaia nagusien artean, Cécile, Tourvel andrea, Merteuil andrea, Danceny eta Valmont, hiru emakumeak dira eta bi gizonak. Baina badira garrantzi handiko beste pertsonaia batzuk ere: Volanges andrea, Rosemonde andrea, Prévan eta, maila apalago batean, urrundanik mintzo den Gercourt. Pertsonaia banaketa horretan emakumeak nagusi beraz. Baina bi libertinoen sexu rolak anitzak dira; Valmont Tourvel andrearen eta Cécileren maitalea da, eta Merteuil andrearen maitale izana; Merteuil andrea, berriz, Dancenyren maitale izango da eta Valmonten maitale ohia da; horrez gainera, une jakin batean Prévanen maitale ere izango da, eta beste zenbaitetan Cécilekin duen harremanaren nolakotasuna anbiguoa gertatuko da (XX. eta LXIII. gutunak). Sexu banaketa horretan, Merteuileko markesa guztiz pertsonaia arauz kanpokoa da; nobela osoan zehar hura da beti gertakizunen eragile eta sortzaile, eta Valmonti zein Prévani nagusitzen zaio; jokaera hori ezohikoa da eta ez dator inondik ere bat XVIII. mendeko gizarteak emakumeari ematen zion rolarekin (puntu honi dagokionez argigarria da Merteuileko markesak LXXXI. gutunean bere bizitzaz, bere pentsaeraz eta bere arauez egiten duen kontaketa).
Pertsonaien adinak pertsonaiaren rola bera baldintzatzen du: Danceny eta Cécile pertsonaia gazte, xalo eta maltzurkeriarik gabeak dira hasieran, eta nobelaren bilakaerak berak egingo ditu maltzurrago eta, nolabait esateko, libertinoago. Zer esan nahi zuen Laclosek, adinean aurrera egin ahala xaloak libertino bilakatzen direla? Bestalde, pertsonaiek adinez duten aldea oso urte gutxikoa da eta ez du zerikusirik gure gaurko ikuspegiarekin. Garai hartako gizartean jendea gazte samar hiltzen zen eta nobeletako heroiak oso gazteak izaten ziren orobat. Gutunetan aipatua da Cécilek hamabost urte dituela, Dancenyk ere hortxe nonbait seguru asko; haien maisu eta gidari diren Valmont eta Merteuilek hogeita urte gutxi izango dituzte, eta Volanges andre ohituraren arabera oso gazte ezkonduak hogeita hamar bat urte inguru izan litzake. Rosemonde andrea da gure ikuspegiaren arabera ere adin handikoa den pertsonaia bakarra.
Nobela honetan paralelismo eta kontraste asko ageri dira, batzuk oso esanguratsuak. Aipa ditzagun horietako zenbait. Valmont-Cécile harremana eta Valmont-Tourvel harremana aldi berean eramanak daude hasieran. Tourvel andreak, maiteminduta egon arren, Valmonti gogor aurre egin izanak etengo du paralelismo hori. Alde ederra dago baita ere literatura libertinoak oso berezkoa duen gertakizun batean: emakumearen gelan gauez eta ezkutuan sartzen den gizona. Valmont zuzen eta bizkor sartu da Cécileren gelan, eta neskak berehala emango du amore; Prévan Merteuil andrearen gelan sartu izana ordea emakume horrek aldez aurretik pentsatu, antolatu eta kalkulatutakoaren arabera izango da. Adinez eta pentsaeraz ikusle eta kontalari rola betetzen duten bi pertsonaien arteko aldea ere ez da makala: Rosemonde andrearen zintzotasuna eta adimen bizia eta Volanges andrearen ergelkeria eta berekoikeria. Bestalde, paralelismorik garrantzitsuena gertakizunen ardatza bera izan liteke: bikoteen harremanak. Batetik libertinoak, Valmont eta Merteuil, eta bestetik pertsonaia xalo eta maltzurkeriarik gabeak, Cécile eta Danceny. Valmontek Cécile hezi eta seduzitzen du; Merteuilek Danceny hezi eta seduzitzen du; horrez gainera, bi bikoteak elkarrez maiteminduta daude; bikotekide aldaketa bat izango da beraz, Valmont-Merteuil eta Danceny-Cécile maiteminduak hasieran, Valmont-Cécile eta Merteuil-Danceny seduzituak gero. Parekotasun horiek sortzen duten oreka eta egonkortasuna Tourvel andrearen eta Valmonten arteko eta, neurri batean, Merteuilen eta Valmonten arteko maitasun grinak suntsituko du eta grina horrek berak sortuko du drama eta gertakarien bukaera.
Aipagarria da Valmonten eta Merteuilen arteko aginpidezko harremana. Liburuaren hasieran esaten zaigunez aspaldiko kidetasun batek lotzen ditu pertsonaiok, baina bukaera aldera jakingo dugu paper arriskutsu batzuk direla harreman horren lotura (CLXIX. gutuna). Nolanahi ere, harrokeria eta nork bere buruaz duen libertino erabateko eta beteginaren irudiari atxiki nahia dira elkarren arteko lehiaren ardatza, eta harrokeria horrek berak eginaraziko die elkarri erronka eta ekarriko du azkenik bien arteko gerra. Gerra horrek sortuko du hondamena: Valmonten heriotza eta Merteuilen porrota eta ihesa.
Nobelan adierazten denez, balirudike bertutea eta morala izan direla garaile, baina Michel Delon-ek aipatu duen bezala (Delon, Michel, Les liaisons dangereuses «Etudes littéraires», P. U. F., 1986) garaipena azken batean nobelagilearena da, Laclosena, zeren Rosemonde andreak bere eta Volanges andrearen izenean gertakizunak isiltasunean eta ahanzturan gordeak izan daitezen nahi eta eskatzen baldin badu ere, nobelagileak argitaratu egin ditu azkenik.
Nobela hau itzultzeko argitarapen hau erabili dut: «Les liaisons dangereuses, Pierre Choderlos de Laclos. Édition présentée, commentée et annotée par Béatrice Didier. Le livre de poche, 354». Hitzaurre honetan aipatutako datu eta argibide gehienak ere Béatrice Didier-ek edizio horretan bertan adieraziak dira.
Itzulpen honetako bizpahiru gutun Juan Garziak egindako itzulpenean oinarrituak dira. Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere Joxean Muñoz, Antton Olano, Juan Mari Arzallus, Jose Luis Agote eta batez ere Josu Zabaletari itzulpen hau irakurtzeagatik eta egin dizkidaten oharrengatik. Orobat Ibaizabal argitaletxeko Joxe Antonio Sarasolari.
HARREMAN ARRISKUTSUAK
edo
Gutunak
gizarte batean bilduak
eta bertze batzuen jakinbide argitara emanak
«Ikusi ditut neure garaiko ohiturak
eta gutun hauek eman ditut argitara.»
J.J. ROUSSEAU,
La Nouvelle Héloïse-ko aitzinsolasa
ARGITARATZAILEAREN OHARRA
Izkribu honen izenburua eta idazleak bere aitzinsolasean izkribu honez erraten duena gorabehera, irakurleei behar diegu geure ustez gaztigatu ezen ez dugula bilduma honen egiazkotasuna bermatzen, eta badugula orobat garrantzizko arrazoirik nobela bat baizik ez dela uste izateko.
Iruditzen zaigu halaber ezen egileak berak suntsitu diola egiantza, iduriz haatik haren bila ibili dela, bai aski baldarki suntsitu ere, argitara eman dituen gertakariak ezarri dituen garaiagatik. Alabaina, agerrarazten dituen anitz pertsonaia hain dira ohitura gaiztokoak, ezen ezin uste baitaiteke gure mendean bizi izan direnik; filosofiaren mende honetan hain zuzen, non argiek, orotarik barreiatuak, bihurtu baitituzte gizon guztiak arras prestuak eta emakume guztiak arras apalak eta begiratuak, batbederak dakien bezala.
Beraz gure iritzian, baldin idazlan honetan aipatuak diren gertakariek egiaren kutsurik badute, ez zitezkeen bertze lekutan edo bertze denboratan baizik gertatu; eta arrunt gaitzesten dugu egilea, zeina, hurbilagotuz bere mendeari eta bere herrialdeari, ausartu baita, interesa areago ernarazteko esperantzaren liluraz nonbait, biziki arrotzak zaizkigun ohiturak gure beztiduraz eta gure ohiturez agerraraztera.
Irakurle sobera sineskorra sujet honek sor liezaiokeen ezein ezustetarik begiratzeko bederen, gure eskuan dagokeen bezainbat, geure iritzia bortiztuko dugu fidantziaz proposatzen diogun arrazoi batez, zeina baita gure ustez garailea eta ihardets ezina; erran nahi baita, kausa berek dudarik gabe ondorio berak beharko lituzketela nahitaez sortu, eta ez dugu hala ere egungo egunean ikusten hiruretan hogei milako errenta duen andereñorik erlijioan sartzen, ez eta lehendakariaren emazte gazte eta ederrik xangrinez hiltzen.
IDAZLEAREN AITZINSOLASA
Idazlan honek, edo hobeki bilduma honek, nahiz irakurleek beharbada sobera lodi kausituko duten oraino, ez du halere jatorrizko gutun bilduma osoaren gutun multzo ttipiena baizik biltzen. Bilduma hori beretua zuten presunek gutunok ordenatzeko eginkizuna nire gain eman dutenean, eta jakinik argitaratzeko xedean zirela, ez dut eskatu, neure arduren sari gisa, alferrikakoa irudituko zitzaidan guztia edekitzeko baimena baizik; eta saiatu naiz alabaina beharrezkoak iruditu zaizkidan gutunak baizik ez gordetzen, dela gertakariak ulertzeko, dela izaeren bilakaerarentzat. Baldin lan arin horri gehitzen badiogu iraunarazi ditudan gutunak berriz ordenatzeko lana, eta ordenamendu hori daten arabera egin dut ia beti, eta ohar labur eta bakan batzuk azkenik, zein eta, gehienek, ez baitute bertze xederik, ez bada aipamen batzuen iturburua jakinaraztea, edo argitzea berebat zergatik iruditu zaidan zilegi gutun batzuk kentzea, jakin ahalko da idazlan honetan izan dudan parte guztia. Nire eginbidea ez zen urrunago hedatzen.
Aldaketa handiagoak proposatu nituen, eta ia denak ebakeraren edo estiloaren garbitasunari zegozkionak, zeinaren kontra irakurleak hainbat hutsegite kausituko baitu. Nahi nukeen halaber gutun sobera luze batzuk mozteko baimena izan, haietariko anitzetan elkarri guztiz ere arrotz zaizkion sujetak aipatzen baitira, bereizirik, eta ia iragaitzarik gabe. Lan hori ez zidaten onartu, eta dudarik gabe ez zatekeen nahikoa idazlanari merezimendurik emateko, baina edekiko zizkiokeen bederen akats parrasta bat.
Ohartarazi didate gutunak berak nahi zirela ezagutarazi, eta ez soilik idazlan bat gutun horien gainean eginikoa; eta orobat zatekeela egiantzaren nahiz egiaren aurkakoa gutun horietan esku hartu duten zortzi edo hamar presunek izkiriatu izana guztiek berdin garbi. Eta argudiatu diedanean ezen, aitzitik, bilduma horretan ez zela ezein gutunik huts larririk gaberik, eta kritikatik salbu legokeenik, erantzun didate ezen irakurle zentzudun orok hain segur igurikiko zukeela partikular batzuen gutun bilduma batean hutsegiterik kausitzea, zeren itzal handiko autore anitzek, baita zenbait akademikok ere, orain arte argitara eman dituzten gutun bilduma orotan, ezeinik ere ez baita kausitu erantzuki horren gerizan egon litekeenik. Arrazoi horiek ez didate etsiarazi, eta iruditu zaizkit, oraino iruditzen zaizkidan bezala, errazagoak ematen, ezen ez onartzen; ez nintzen ni ordea nagusia, eta men egin diot. Atxiki dut soilik neure ezadostasuna adierazteko eta nire iritzia bertzelakoa zela jakinarazteko eskubidea; eta hori dagit une honetan.
Idazlan honek izan dezakeen merezimenduaz den bezanbatean, nire egitekoa ez da ausaz argibiderik ematea, nire iritziak ez baitu eraginik izan behar eta ez baitezake eraginik izan nehorenarenean. Haatik, irakurtzen hasi baino lehen, gauzak zertan diren hein batean jakitea laket dutenek; horiek, diot, segitzen ahal dute: bertzeek hobe dute bertatik idazlanera berera iragatea; bai baitakite aski eta sobera.
Hasteko, erran dezaket ezen nire iritzia izan baldin bada, eta hala izan dela aitortzen dut, gutun hauek argitara ematea, ez dudala haatik arrakasta izanen dutenik neholaz ere uste: eta nire egiaz mintzatze hau ez bedi har egile baten umiltasun aizunaren gisa; zeren eta egiaz berdin mintzaturik deklaratzen baitut ezen bilduma hau iruditu ez balitzait irakurleei eskainia izateko duina, ez nuela zeregin hori neure gain hartuko. Saia gaitezen itxurazko kontraerran hori adosten.
Idazlan baten merezimendua baliagarritasunak edota atsegintasunak osatzen dute, baita biek ere, horretarako gai denean: arrakasta ordea ez da beti izaten merezimenduaren frogagarri, eta sarri zaio atxikiagoa hautatu den gaiari, gaiaren egikerari baino, aurkezten dituen objetu multzoei, taxutuak izan diren erari baino. Beraz, izenburuak berak iragarri bezala, gizarte oso baten gutunak biltzen dituen bilduma honetan anitz interes dira nagusi irakurlearena ahultzen dutenak. Bertzenaz, hor adierazten diren ia sentimendu guztiak aizunak edo itxuratuak direnez, ez dezakete kitzika jakinminezko interesa baizik, zeina baita betiere sentimenduzko interesa baino hagitz maila apalagokoa, eta, oroz gain, ez baita bihozberatasunera bertzea bezain emana, eta are nabarmenago uzten baititu xehetasunetan ageri diren akatsak, hanbatenaz xehetasunak etengabe aihertzen baitzaizkio ase nahi den desira bakarrari.
Huts horiek kitatuak dirateke agian idazlanaren izateari berari dagokion dohain batez: erran nahi baita, estilo aniztasunaz, egile batek nekez erdiesten duen merezimendua, hemen ordea berez ageri zena, eta berdinkeriaren asperretik bederen salbatzen duena. Anitz presunek aintzat ere har lezakete ohar kopuru aski handi bat, zein berriak, zein ez oso ezagunak, gutun hauen baitan sakabanatuak. Hori da, nire iduriko, gutunok eman dezaketen atsegin guztia, denik eta oniritzirik handienaz ere jujaturik.
Idazlan honen baliagarritasuna, are ukatuagoa izanen dena agian, uste dut haatik aiseago frogatzen ahal dela. Ohitura gaiztoak dituztenek ohitura onak dituztenak galbidean jartzeko baliatzen dituzten bideak erakustea ohituren zerbitzuan aritzea dela iruditzen zait bederen, eta, nire iritzian, gutun hauek eragintza handiz lagun dezakete xede hori erdiesten. Zein bakan baliatzen diren ikusirik, ezezaguntzat jo litezkeen bi egia garrantzitsuren froga eta etsenplua ere kausituko da gutunotan: bata, ohiturarik gabeko gizona lagunartean hartzera makurtzen den emakume orok ez duela azkenik kaltea baizik hartuko harengandik; bertzea, alabaren fidantzia bera ez den bertze norbaiten esku uzten duen ama oro zuhurtziarik gabea dela gutxienez. Sexu bateko zein bertzeko gazteek ikas lezakete orobat ezen ohitura gaiztoko presunek horren erraz eskaintzen bide dieten adiskidantza ez dela beti segada arriskutsu bat baizik izaten, eta hagitz galgarria nola haien zorionarentzat hala haien bertutearentzat. Guztiarekin ere, uste dut soberakeriari, nahiz ontasuna hurbil duen beti, beldur izan behar zaiola halakoetan; eta, gazteriari idazlan hau irakurtzea kontseilatzetik urrun, oso garrantzitsua iruditzen zait gazteek urrun izan ditzaten gisa horretakoak oro. Idazlan hau arriskutsua izatetik baratu eta baliagarri bilaka daitekeen garaia iruditzen zait biziki ontsa hauteman duela, nahiz den emakume, ama on, zentzuzko ez ezik, zentzu oneko batek. «Iduriko zait», erraten zidan, gutun hauen eskuizkribua irakurri ondoren, «zinez eginen diodala neure alabari zerbitzu, liburu hau esposatuko den egunean emanik.» Baldin etxekoandre guztiak iritzi berekoak badira, bozkarioak eginen ditut betiko liburua argitaratu izanaz.
Ordea, idazlan honen aldeko uste on hori abiapuntu harturik ere, iruditzen zait bilduma hau jende gutxiri laketuko zaiola betiere. Gizon eta emakume galduek interesa dukete kalte egin diezaiekeen idazlan bat gaitzesteko; eta ez baitute trebetasunaren eskasik, trebe izanen dira agian oinarrizko arau zorrotzak dituzten jendeak haien alde eta fabore jartzeko, beldurrik ere gabe aurkezten dugun ohitura gaiztoen ikuskari horrez asaldatuak.
Zentzuz ustez bortitzak direnek ez dute batere interesik izanen emakume debot batengan, eta horregatik beretik emaztetto baten gisa behatuko diote; debotak aldiz haserretuko dira bertuteak lur jo duela ikusirik, bai arranguratuko ere erlijioa agertu izanaz ahalez hain eskas.
Bertzenaz, gostu fina dutenak higuindurik dirateke gutun hauetariko askoren estilo sobera bakun eta sobera akastunaz; irakurle arruntak aldiz, inprimatua den oro lanaren emaitza delako usteak liluraturik, egile baten molde bortxatua ikusi usteko du bertze zenbait gutunetan, mintzarazi duen pertsonaiaren gibelean ageri.
Azken finean, norbaitek erranen du, oro har agian, ezen gauza bakoitzak bere lekuan baizik ez duela balio; eta ezen egileen estilo sobera landuak eskuarki grazia kentzen baldin badie alabaina gizarte gutunei, gutun hauen laxotasunak zinez hutsegite bihurtuak direla, eta pairagaitzak gertatzen direla, inprimarazten direlarik.
Zinez dut aitor ezen gaitzespen horiek guztiak egiaztatuak izan daitezkeela: uste dut halaber gaitzespen horiei ihardets ahal niezaiekeela, eta aitzinsolas baten luzera gainditu ere gabe. Baina onartu beharrean gara ezen orori behar izan banio ihardetsi, orduan ez zuela idazlan honek deusik ihardesten ahal; eta hala iritzi izan banio, batera edekiko nituzkeela orobat aitzinsolasa eta liburua.
LEHENENGO PARTEA
LEHENENGO GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
...ko Ursulinetan
Ikusten duzu, adiskide maitea, hitza betetzen dizudala, eta txanoek eta girgilek ez dutela nire denbora guztia betetzen; izanen dut betiere zuretzat astirik. Egun bakar honetan nolanahi ere elkarrekin eman ditugun lau urteetan baino soineko gehiago ikusi dut; eta uste dut Tanville harro horrek atsekabe gehiago izanen duela nire lehendabiziko ikustaldian, non haren galdea egiteko xedea baitut, gu ikustera in fiocchi jin den guztietan hark eman uste diguna baino. Amak orori buruz eskatu dit aholku; lehen baino askoz gutxiago tratatzen nau egoiliar baten gisara. Badut gelari bat neure zerbitzuko; badut gela bat eta kabinet bat nik erabiltzeko, eta idazmahai arras polit baten gainean izkiriatzen dizut, non laket zaidan guztia gorde baitezaket, giltza eman baitidate. Amak erran dit egunoro ikusiko dudala iratzarria den orduko; aski dudala orobat bazkalordurako orrazturik egotea, beti bakarrik egonen baikara, eta egunoro erranen didala beraz arrastirian zer ordutan behar naizen harekin bildu. Gainerakoan astia neure gogara balia dezaket, eta hemen ditut neure harpa, marrazki eta liburuak, komentuan bezala; salbu eta Ama Betierekoa ez dela hor niri liskar egiteko, eta neure esku baizik ez nukeela orobat betiere deusik egin gabe egotea: baina nola nire Sophie ez baita hemen solastatzeko eta irri egiteko, nahiago dut zerbaitetan aritu.
Ez dute bortz orenak jo oraino; amaren bila ez dut zazpi orenak arte joan behar: horra aski denbora, baldin zerbait banu zuri errateko! Oraino ez didate ordea deus ere erran; eta baldin ikusiko ez banitu prestaerak egiten, eta hainbat neskame jinen ez balitzaizkit oro neuretzat, usteko nuen amak ez duela ni esposatzeko asmorik, eta Joséphine on horren bertze zaharmin bat dela. Hala ere, amak hain sarri erran baitit andereño batek komentuan gelditu behar lukeela esposatu arte, ezen jalgiarazi nauelarik, Joséphinek arrazoi izanen baitu.
Zaldi orga bat baratu berri da atarian, eta amak mezutu dit joateko berehala bere gelara. Jauna balitz? Ez nago jantzirik, dardaraka dut eskua eta taupadaka bihotza. Galdetu diot gelariari ea bazekien nor zegoen amaren gelan: «Hain segur ere», erran dit, «C*** jauna da.» Eta irri egin du. Hura dela uste dut. Itzuliko naiz segurki gertatu dena zuri kontatzera! Horra bederen haren izena. Ez dezadan inor zain eduki. Adio, berehala etorriko naiz.
Irri eginen diozu bai Cécile gaixoari! O! Hau lotsa! Baina zu ere ustekabean harrapatuko zintuen ni bezala. Amaren gelan sartu eta ikusi dut gizon bat beltzez jantzia, haren ondoan zutik. Ahal bezain ongi agurtu dut, eta neure lekutik higi ezinik gelditu naiz. Egizu kontu zer nolako irrikaz aztertu dudan! «Andrea», erran dio amari, ni agurturik, «horra hor andereño xarmangarri bat, eta inoiz baino hobeki sumatzen dut harengan zure ontasunen balioa.» Horren perpaus goresgarria entzunik, halako dardarak hartu nau, non ez nezakeen zutik iraun; kausitu dut besaulki bat, eta han eseri naiz, arras ahalke gorritan eta asaldu bizian. Eseri naizen orduko, horra non gizon hori belauniko jarri zaidan. Orduan zure Cécile gaixoak burua du galdu; ikara bizia nintzen, amak erran duen bezala. Auhen min bat eginez altxa naiz; ...hara, ekaitz gau hartan bezalaxe. Ama barrez lehertu da, ziostalarik: «Hots bada! Zer duzu? Eseri eta luzatu oina gizon honi.» Izan ere, adiskide maitea, gizon hura zapatari bat zen. Ezin adieraz diezazuket zenbatez ere nintzen ahalketua: beharrik han ez zen ama baizik. Uste dut ezen, esposatzen naizenean, sekula ez naizela zapatari horrez baliatuko.
Aitor dezagun txit jakintsuak garela! Adio. Sei orenak inguru dira, eta gelariak jantzi egin behar dudala dio. Adio, Sophie maitea; oraino komentuan banintz bezala zaitut maite.
P.S.— Ez dakit nire gutuna noren bidez igorri: beraz Joséphine etorri arte igurikiko dut.
Parisen, 17**ko abuztuaren 3an.
II. GUTUNA
MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI
...ko gazteluan
Itzul zaitez, bizkonde maitea, itzul zaitez: zer ari zara, zer egin ahal duzu bere ondasun guztiak betiko emanak dizkizun izeba xahar baten etxean? Abia zaitez berehala; zure beharretan naiz. Ideia bikain bat bururatu zait, eta zure esku nahi dut utzi haren obratzea. Hitz apur hauekin aski behar zenuke; eta, nire aukeraz ohoratuegirik, behar zenuke jin, laster eta fite, nire manuak belauniko entzutera: nire ontasunak neurriz gain atxikiak dituzu ordea, nahiz jadanik baliatzen ez dituzun; eta herra eternalaren edo bihozberatasun soberazkoaren artean hautatu beharraren karietara, bozkaria zaitez, zeren nire ontasuna baita gailendu. Neure asmoak nahi dizkizut bada jakinarazi: baina zin egidazu, zaldun leiala zarenez gero, uko eginen diozula zeinahi abenturari honako hau fini dezazun arte. Heroi baten hainbatekoa da: amodioa eta mendekua dituzu zerbitzatuko; zure oroitliburuan ezarri beharreko bertze amarrukeria bat gehiago izanen da azken buruan: bai, zure oroitliburuan, zeren eta egunen batean argitaratuak izatea nahi baitut, eta hartu baitut izkiriatzeko ardura. Baina utz dezagun hori, eta lot gakizkion esku artean dudanari.
Volanges andreak bere alaba esposatzen du: sekretua da oraino; baina atzo jakinarazi zidan. Eta nor uste duzu hautatu duela suhitzat? Gercourteko kondea. Nork erran behar zidan Gercourten lehengusina bilakatuko nintzenik? Herra bizian naiz!... Hots bada! Oraino ez duzu asmatu? O! Adimenaren astuna! Barkatu diozu beraz intendentaren emaztearekiko abentura? Eta nik, ez duta arranguratzeko arrazoi gehiagorik, mustroa halakoa? Baina ari naiz baketzen, eta mendeku hartzeko esperantzak arima dit sosegatzen.
Biga-bostetan gogaitu zaitu, niri bezala, izanen duen emazteari Gercourtek ematen dion garrantziak, eta ezin itzurizko asturuari itzuriko zaiola sinetsarazten dion uste ergelak. Ezagutzen duzu murru arteko hezibidean duen uste irrigarria, eta emakume bilo-horien neurritasunaren fabore duen aieruzko uste are irrigarriagoa. Alabaina, eginen nuke ezen, Volanges gaztearen hiruretan hogei mila liberako errenta gorabehera, ez zituzkeela eztei horiek sekula eginen, neska izan balitz beltzarana, edota ez balitz egon komentuan. Froga diezaiogun beraz ez dela ergel bat baizik: egunen batean hala izanen baita dudarik gabe; horretan ez dut kezkabiderik: baina horrela hasiko balitz, hori bai irrigarria. Biharamunean aise libertituko ginateke bere burua goratzen zuela entzunik! Zeren goratuko baitu; eta horrez gainera, zuk neskatila hori prestaturik duzun orduko, malura handia litzateke Gercourt hori, bertze zeinahi bezala, Paris guztiaren irrigarri egina ez gelditzea.
Bertzenaz, nobela berri honetako heroiak zure begirune osoa merezi du: zinez da ederra; soil-soilik ditu hamabortz urte, huraxe bai arrosaren kapulua; moldakaitza, egia erran, ezinago moldakaitza, eta itxurez arras ezaxolatua: baina, zuek gizonak, ez zarete itxuren beldur; bertzalde, badu halako begirada goibel bat zinez eskaintza handikoa: horrez gainera nik gomendatzen dizut; ez duzu beraz niri eskerrak ematea eta obeditzea baizik.
Gutun hau bihar goizean hartuko duzu. Bihar arratseko zazpi orenetan nire etxean egon zaitezen fermuki dizut galdatzen. Zortzi orenak arte ez dut nehor hartuko, ezta zaldun erregetua bera ere: ez du behar adina buru hain eginkizun handirako. Ikusten duzu maitasunak ez nauela itsutzen. Zortzi orenetan libertatea dizut itzuliko, eta berriz jinen zara hamar orenetan izaki eder horrekin afaltzera; zeren amak eta alabak nire etxean afalduko baitute. Adio, eguerdiak jo du: aurki ez naiz zutaz gehiago arduratuko.
Parisen, 17**ko abuztuaren 4an.
III. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Oraino ez dakit deus ere, adiskide maitea. Amak asko jende zuen atzo afaritan. Afaldarrak, gizonak bereziki, aztertzeko nuen arretagatik, asper-asper eginda nengoen. Gizonek eta emakumeek, asko behatu zidaten, eta gero ahapetik mintzo zitzaizkion elkarri; ongi nekusan nitaz mintzo zirela: ahalke gorritan jartzen ninduen horrek; ezin nuen erremediatu. Nahi bai nik, ohartu bainintzen bertze emakumeei behatzen zietenean, ez zirela ahalke gorritzen; edo agian aurpegian jarria duten gorri koloreak ez du uzten estuasunak sortzen dien gorritasun huraxe ikusten; zeren ez gorritzeak hagitz nekeza izan behar baitu gizon bat begiz begi so duzunean.
Nitaz zer pentsatzen ote zuten ez jakitea zen gehien kezkatzen ninduena. Bizpahirutan hala ere polit hitza entzun uste izan nuen: baina moldakaitz hitza ere argi eta garbi entzun nuen; eta hala beharko du izan, zeren eta horrela mintzo zen emakumea nire amaren ahaidea eta adiskidea baita; iduri ere zuen berehala adiskidetu zela nirekin. Hura da afalondoko bilkura hartan ele doi bat eman zidan presuna bakarra. Bihar haren etxean afalduko dugu.
Afalondoan, hain segur nitaz mintzo zen gizon bati entzun nion bertze bati erraten: «Umotzen utz dezagun hau, aurtengo neguan ikusiko dugu.» Gizon hori izanen da agian esposatuko nauena; baina orduan ez da lau hilabete barru arte izanen! Auzi hau zertan den jakin grinak nago.
Horra Joséphine, eta presaka dabilela erraten dit. Neure bertze moldakaizkeria bat dizut hala ere kontatu nahi. O! Andre horrek arrazoi duelakoan nago!
Afal ondoren jokoan hasi ziren. Ni amaren ondoan jarri nintzen; ez dakit nola gertatu zen, baina ia bertatik lokartu nintzen. Sekulako barre algarak iratzarri ninduen. Ez dakit niri egiten ote zidaten irri, baina baietz uste dut. Amak lotaratzeko baimena eman zidan, eta atseginez bete ninduen. Kontu egizu hamaika orenak paseak zirela. Adio, Sophie maitea; asko maite ezazu beti zeure Cécile. Egiatan diotsut mundua ez dela guk uste bezain atsegingarria.
Parisen, 17**ko abuztuaren 4an.
IV. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Parisen
Zure manuak xarmangarriak dira; zure manatzeko manera are da atseginagoa; despotismoa maitaraziko zenuke zuk. Ez da lehenengo aldia, dakikezun bezala, jadanik zure esklabo ez izatea deitoratzen dudana; eta horren mustroa naizela diozun arren, ez dut sekula plazerrik gabe oroitzen izen eztiagoekin ohoratzen ninduzun garaia. Izenok berriro merezi izateko gogoa ere badut sarri, eta baita, zurekin batera, munduari tinko irautearen etsenplu ematekoa ere. Baina zeregin handiagoak dauzkagu deika; menderatzailearena da gure asturua; behar zaio jarraitu: ausaz bide osoa egin ondoren berriz aurkituko dugu elkar; zeren eta, zu haserretu gabe derradan, markesa txit ederra, gutxienez urrats berdinaz jarraitzen baitidazu; eta, munduaren zorionerako elkarrengandik banaturik, nork bere aldetik fedearen prediku egiten dugunez geroztik, uste dut amodiozko zeregin honetan, nik baino jarraitzaile gehiago izan dituzula. Ezagutzen dut zure eginahala, zure sugar goria; eta harako Jainko hark geure egitateengatik jujatuko bagintu, egunen batean hiri handi bateko santu begirale izanen zinateke, zure adiskidea gehienez herriska bateko santu xume bat litzatekeen bitartean. Mintzaira horrek harritzen zaitu, ez dea egia? Baina zortzi egun baditu, ez dudala bertzerik entzuten, ez mintzatzen; eta horretan trebatzeagatik nago hain zuzen ere zuri ez obeditzera behartua.
Ez haserretu eta entzun. Nire bihotzeko sekretu guztien gordailu baitzara, sekula eratu dudan asmorik handienaren berri emanen dizut. Zer proposatzen didazu? Deus ikusi ez duen, deus ez dakien neskatila gazte bat seduzitzea; zeina emanen baitidate, nolabait errateko, batere babesik gabe; zeina aitzineko gorazarrearekin hutsik egin gabe liluratuko baita, eta agian jakinminak erakarriko baitu amodioak baino fiteago. Nik bezala bertze hogeik erdiets dezake. Ez da horrelakoa bururatu zaidan egitekoa; erdiesteak loria bezainbat plazer ziurtatzen dit. Nire koroa prestatzen ari den amodioa bera ere zalantzan dago mitrearen eta erramuaren artean, edo, gehiago dena, biak elkartuko ditu nire garaipena ohoratzeko. Zuhaur, adiskide ederra, errespetu santu batek hartuko zaitu, eta erranen duzu gogo beroz: «Horra nire bihotzaren araberako gizona.»
Ezagutzen duzu Tourvel lehendakariaren emaztea, haren jaidura, haren ezkon maitasuna, haren oinarrizko arau zorrotzak. Horra nire erasoaren xedea; horra nire dinako etsaia; horra erdietsi nahi dudan jomuga:
Eta erdiesteak ez badakar saririk,
Gutxienez saiatu izanaren ohorea izanen dut nik.
Neurtitz txarrak aipa daitezke, poeta handi batenak direnean.
Jakinen duzu bada lehendakaria Borgonian dela, auzi handi bat dela kausa (auzi garrantzitsuago bat galaraziko ahal diot!). Haren erdi kontsolaezinak hemen behar du pasa bere alarguntza atsekabetuaren denbora guztia. Meza bat egunoro, ikustaldi zenbait eskualdeko behartsuei, goizeko eta arratseko otoitzak, irtenaldi bakartiak, deboziozko elkarrizketak nire izeba xaharrarekin, eta zenbaitetan wisk triste bat, horiek behar dute izan haren entretenigarri bakarrak. Eragintza handiagokoak prestatuko dizkiot. Aingeru begiraleak ekarri nau hona, haren eta nire zorionerako. Zentzugabea! Damu nuen azturazko begiramenei eskaintzen nizkien hogeita lau orenez. Zer zigor handia niretzat Parisa itzultzera behartuko banindute! Beharrik lau behar diren wiskean jokatzeko; eta hemen nola bertako erretora baizik ez baitago, neure izeba hilezkorra erreguka ari izan zait egun batzuk eskain diezazkiodan. Onartu dudala igerriko zenion. Jakin bazeneza nola lausengatzen nauen orduz gero, oroz gain nolako onbidea ematen diodan haren otoitzetan eta haren mezan ikusten nauelarik sarri. Ez dio susmorik hartzen nik han gurtzen dudan Jainkoari.
Horra bada non, duela lau egun, grina handi batek hartua nagoen. Badakizu zein den bizia nire irritsa, badakizu nola gainditzen ditudan oztopoak: ez dakizu ordea bakardadeak nola gehitzen duen desiraren karra. Ideia bat baizik ez dut; hartan dut egunez pentsatzen, eta gauez amets egiten. Emakume hori edukitzeko premia bizia dut, haren amoros izatearen lotsatik salba nadin: nora ez ote garamatza desira zapuztu batek? O, atseginaren zoragarria! Nire zorionagatik eta batez ere nire atsedenagatik zaitut otoizten. Zoriontsuak gu emakumeak hain gaizki defendatzen direlako! Haien ondoan ez ginateke esklabo herabetiak baizik. Badut une honetan emakume errazengana esker oneko sentimendu bat, zure oinetara berez naramana. Zure oinetan ahuspezten naiz barkazioa eskuratzeko, eta finitzen dut gutun sobera luze hau. Adio, adiskide ederra: herrarik gabe.
...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 5ean.
V. GUTUNA
MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI
Badakizua, bizkonde, zure gutuna bakana dela bere ausardian, eta karia horretara ez haserretzea niri baizik ez legokidakeela? Argi frogatu dit ordea burua galdu duzula, eta soilik horrek salbatu zaitu nire erresuminetik. Adiskide eskuzabala eta sentikorra naizenez, laido hori ahanzten dut zure arriskuan baizik ez pentsatzeko, eta arrisku horretan gogoeta egitea hain delarik ere gogaikarria, amore ematen diot une honetan duzun premiari.
Tourvel lehendakariaren emaztea eduki zuk! Hori gutizia irrigarria hori! Aise antzematen dut hor ezin erdietsi uste duena baizik desiratzen ez dakien zure buru gaiztoa. Zer da bada emakume hori? Begitartea neurrizkoa, nahi baduzu, nehongo bizitasunik gabea ordea: gorpuzkeraz hala-halakoa, baina xarmarik gabea: beti irrigarri jarria! Zapi pila lepo gainean, eta gerruntzea kokotseraino igoa! Adiskide gisa mintzo natzaizu, horrelako bi emakume aski zenituzke, zeure izen ona erabat galtzeko. Oroit ezazu bada Saint-Rochen eskean ari zen egun hura, eta ikuskari haren berri eman izana biziki eskertu zenidanekoa. Ikusi uste dut oraino, gizon mehar handi txima-luze hari eskua emanik, urrats bakoitzean estropezuka, lau kanako saskia betiere norbaiten buru gainean, eta gur egiten zuen bakoitzean ahalke gorritua. Nork erranen zizun orduan: emakume hori desiratuko duzua? Hots, bizkonde, ahalke gorritu zaitez zuhaur, eta zatoz zeure onera. Sekretua agintzen dizut.
Eta bertzalde, egiezu so zain dauzkazun nahigabeei! Zein duzu lehiatu beharreko aurkaria? Senar bat! Ele hori entzutetik beretik ez zarea ahalketua sentitzen? A zer lotsa huts egiten baduzu! Eta zein loria eskasa garaipena erdietsiz gero! Gehiago diot; ez ezazu batere plazerrik igurika. Plazerrik ba ote da ahalketiekin? On ustekoez ari naiz: plazerraren muinean berean sotilak, ez dizute erdi atseginik baizik eskaintzen. Nor bere buruaren erabateko utzialdi hori, irritsaren eldarnio hori non plazerra bere gehiegitasunaz araztua den, amodioaren ontasun horiek, emakume horiek ezjakinak dira horretan. Horra nire iragarpena; irudipenik zoriontsuenean ere, lehendakariaren emazte horrek zugatik dena egin duela uste izanen du senartzat hartzen zaituelakoan, eta ezkontideen buruz burukorik xamurrenean, bi dira beti ageri. Honako honetan are okerragoa da; zure ahalketi hori debota da, haurtzaro eternalera kondenatu ohi duen emakume onaren deboziokoa. Oztopo hori gaindituko duzu agian, ez zaitez ordea suntsituko duzulakoan hantustetu: Jainkoaren amodioa garaituko duzu, ez ordea deabruaren beldurra; eta, zure maitea besoetan harturik, haren bihotza taupadaka sentituko duzularik, izuz ariko zaio taupadaka eta ez amodioz. Beharbada, emakume hori lehenago ezagutu izan bazenu, egin zenezakeen harekin zer edo zer; baina hogeita bi urte ditu horrek, eta bi urte inguru baditu esposatu zela. Sinets nazazu, bizkonde, emakume bat hein horretaraino sartu delarik oskolean, bere asturuaren mende behar da utzi; sekula ez baita huskeria bat baizik izanen.
Beraz, izaki eder horrengatik ez didazu obeditu nahi, lurperatzen duzu zeure burua zeure izebaren hilobian, eta uko egiten diozu abenturarik zoragarrienari eta zeure ohorerako denik eta aproposenari. Zer nolako asturuz ote da Gercourt zure aitzin ibiltzea beti? Hara, ez natzaizu beltzurika mintzo: baina, une honetan, zeure izen ona merezi ez duzula uste izateko tentatua naiz; zuri dizudan fidantziari uko egiteko tentatua batez ere. Sekula ez naiz ohituko neure sekretuak Tourvel andrearen maitaleari erratera.
Jakizu, dena dela, Volanges ttipiak dagoeneko buruan laino eman diola norbaiti. Danceny gaztea dauka burua galdurik. Harekin kantatu izan du; eta izan ere egoiliar batek ohi duen baino askoz hobeki aritzen da kantuan. Bikoteka usu errepikatu behar izaten dute, eta gogoak ematen dit neskak gogara eginen zukeela aho batezkoa: baina Danceny hori haur bat da, gorte egiten galduko du bere denbora, eta ez du deus ere finituko. Neskatxa ttipi hori berriz aski mukerra da; eta, zer gerta ere, hau ez da nehondik ere zuk egin ahal zenukeen bezain atsegina izanen: haserre nago beraz, eta zalduna heltzen denean hain segur liskar eginen diot. Ezti izatea kontseilatzen diot; zeren eta, une honetan, aise eginen bainuke harekikoaz. Ziur naiz ezen baldin hura abandonatzeko burutazio ona baneuka, etsia hartuko lukeela; eta deus ez zait horren atsegingarria, nola zaidan amodiozko etsipena. Zital deituko ninduke, eta zital ele hori beti izan dut laket; krudel hitzaren ondoren hura da eztiena emakume baten belarrietan, eta bertzea baino aiseago merezitzen ahal da. Serioski, arta hartuko dut etendura horretaz. Hala bada zeren kausa zaren! Beraz zure kontzientzia baitan ezartzen dut. Adio. Gomenda nazazu lehendakariaren emazte horren otoitzei.
Parisen, 17**ko abuztuaren 7an.
VI. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Ez baita emakumerik atxikitzen jakin duen nagusigoaz neurriz gain baliatzen ez denik! Eta zuhaur ere, usu adiskide bihozbera deitu izan zaitudana, baratu zara azkenik nire adiskide izatetik, eta beldurrik gabe erasotzen didazu begi begiko dudan xedean! Tourvel andrea zer nolako moldez irudikatzera ausartzen zaren!... Zein gizonek ez zukeen bere biziaz ordainduko ausardia ozar hori? Zuri ez bertze zein emakumeri ez lekarkioke horrek belzkeria bat bederen? Otoi, horren gaitzaldi bortitzak ez niri gehiago pairarazi; ezin segurta baitezaket jasanen ditudanik. Adiskidantzaren izenean, zaude emakume hori neuretu dezadan arte, baldin hura gaitzerran nahi bazeneza. Ez dakizu soilik irritsak duela amodioaren lotura urratzeko eskubidea?
Zer diot ordea? Tourvel andreak ba ote du liluraren beharrik? Ez; xarmangarria izateko aski du den bezalakoa izatea. Gaizki beztitzen dela egozten diozu; bai noski: apaindura oro kaltegarri du; estalgarri oro itsusgarri: soilik laxotasunari emana denean dago zinez zoragarri. Jasaten ari garen bero kiskalgarriari esker, soineko soil eta arin batek haren gerri biribil eta zaulia ikusteko parada eman dit. Bularraldea muselin soil batez du estalia; eta nire begiraldi gordekako bezain barrenkorrek hauteman dute jadanik haren gorpuzkera xarmangarria. Haren begitarteak ez omen du, zure iritzian, batere bizitasunik. Eta haren bihotzak mintzorik aditzen ez duenean zer adieraziko du bada? Ez, dudarik gabe, emakume horrek ez du, gure emakume pinpirinen gisara, behako gezurtirik, batzuetan seduzitzaile eta betiere engainatzailerik. Ez daki perpaus baten hutsalkeria aldez aurretik prestaturiko irri batez ezkutatzen; eta izanagatik munduko hortzik ederrenak, libertitzen denean baizik ez du irri egiten. Ikustekoa da ordea nola, jolas alaietan, alegrantzia laño eta egiazko baten irudia eskaintzen duen! Nola, berehalatik artatuko duen behartsu baten ondoan, haren behakoak pozaren poza eta ontasun urrikaltsua iragartzen duen! Ikustekoa da nola, laudoriozko edo balakuzko denik eta ele ttipienaz batez ere, aizuna ezin izan litekeen xalotasunezko halako asaldura hunkigarri bat agertzen den haren aurpegi zerutiarrean!... Ahalketia eta debota da, eta beraz hotza eta iharra dela diozu? Nire iritzia arras bertzelakoa da. Zer nolako sentikortasun harrigarria ez ote duen izan behar senarraganaino heda ahal izateko, eta beti kanpoan den norbait beti maitatzeko? Zer froga sobera handirik desira zenezake? Jakin dut hala ere bertze froga bat erdiesten.
Gidatu ditut haren urratsak hala lubaki bat gainditu behar izan genezan; eta, nahiz oso arina den, emakume hori are da lotsatiagoa: jakinen duzu ahalketiak beldur izaten direla lubakitik aitzina jotzeko. Nire gomendioan behar izan du jarri. Neure besoetan eduki dut emakume apal hori. Gure prestakizunek eta nire izeba xaharraren ibilerek karkaraka irri eragin zioten debot jostari horri: baina, moldakaitz antzean trebeki, harez jabetua nintzen orduko, gure besoak elkarri lotu zitzaizkion. Haren bularra neureaz hertsatzen nuen; eta, bitarte labur hartan, sentitu nuen haren bihotza lasterrago ari zela taupadaka. Ahalke gorritasun atsegin batek aurpegia gorritu zion, eta haren asaldura apalak aski jakinarazi zidan bihotza amodioz ari zitzaiola taupadaka eta ez izuz... Nire izeba haatik zu bezalaxe tronpatu zen, eta erran zuen: «haurra izutu da»; haurraren xalotasun xarmangarriak ez zion ordea gezurrik erraten utzi, eta lañoki erantzun zuen: «O ez, baina...» Ele bakar horrek argitu nau. Harrezkeroztik, esperantza eztiak ordezkatu du kezka krudela. Emakume hori edukiko dut; laidoztatzen duen senarrari kenduko diot: gurtzen duen Jainkoari berari edekitzera ausartuko naiz. Zer zoragarria haren kontzientziaren ausikien aldizka kausa eta aldizka garaile izatea! Urrun nigandik goganbeharturik daukaten aieruzko usteak suntsitzeko asmoa! Nire zoriona eta nire loria emendatuko dute. Sinets beza bertutea baitan, eskain biezat ordea; egon bedi bere hutsegiteen izuan geldiezinik; eta mila beldur ikarek aztoratua, ez bitza ahantz, ez bitza garait nire besoetan ez bada. Orduan onartuko dut hark erran diezadan: «biziki maite zaitut»; soilik hura, emakume ororen artean, izanen da hitz hori errateko duin. Egiazki izanen naiz hark nahiago izan duen Jainkoa.
Onez onean mintza gaitezen; gure abeniko hain hotz nola errazetan, bozkarioa deitzen dioguna doi izaten da plazer. Erranen dizuta! Bihotza ustez zimel nuen, eta ez bainuen neure baitan irritsa baizik kausitzen, zahartzaro goiztiarraz arranguratzen nintzen. Tourvel andreak gaztaroaren ilusio xarmantak itzuli dizkit. Haren ondoan, ez dut gozatzeko premiarik zoriontsu izateko. Zeregin horretan emanen dudan astia da izutzen nauen gauza bakarra; zeren ez bainaiz ausartzen asturura deus uztera. Zorioneko neure ausardiez oroitzen naizelarik ere, ezin ausart ninteke horiek baliatzera. Zinez zoriontsu izan nadin, emakume horrek behar dit bere burua eman; eta hori ez da egiteko xumea.
Ziur naiz miretsirik zinatekeela nire zuhurtziaz. Ez dut oraino amodio hitza erran; baina fidantzia eta interesa elkarri jadanik adierazi dizkiogu. Emakume hori ahalik eta gutxiena tronparazteko, eta batez ere belarrietaratzen ahal zaizkion erranen ondoriotik begiratzeko, nihaurk dizkiot kontatu, eta iduriz neure burua akusatzen nuela, neure balentriarik ezagunenak. Irri eginen zenuke ikusirik nolako xalotasunaz predikatzen didan. Konbertitu nahi omen nau. Ez du oraino susmatzen eginbide horretan entseiatzea zenbat gostako zaion. Ez du urrundanik ere uste ezen nik galdu ditudan dohakabeen alde eginez, hark bezala mintzatzearren, aitzinetik dela beraren alde eta fabore mintzo. Ideia hori atzo bururatu zitzaidan haren predikurik baten erdian, eta neure buruari ez nion errefusatu ahal izan haren solasa eteteko plazerra, profeta baten gisa mintzo zela hari seguratzeko. Adio, adiskide ederra. Ikusten duzu ez naizela ezinbertzez galdua.
P.S.— Izan ere, zaldun gaixo horrek etsipenez bere burua hil du? Egia erran, ni baino ehun aldiz presuna gaiztoagoa zara, eta umiliaturik nengoke baldin neure burua ederretsiko banu.
...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 9an.
VII. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Ez badizut neure ezteiez deus erran, da aitzineko egunean baino gehiago ez dakidalako. Ohitu naiz horretan gehiago ez pentsatzera eta neure bizimodu hau aski gostukoa dut. Asko ari naiz ikasten kantua eta harpa; iruditzen zait askoz laketago ditudala maisurik ez dudanez geroztik, edo, aitzitik, maisu hobe bat badudanez geroztik. Danceny jaun zalduna, aipatu nizun gizon hura, Merteuil andrearen etxean kantuan lagun izan nuena, atsegintasun handiz egunoro jiten da hona, eta nirekin du orenez oren kantatzen. Ezinago adeitsua da. Aingeru baten gisa kantatzen du, eta doinu txit ederrak sortzen ditu, eta halaber hitzak doinuen lagungarri. Maltako Zalduna da ondikotz! Iruditzen zait ezen esposatuko balitz, haren emaztea arras zoriontsua litzatekeela. Haren eztitasuna xarmangarria da. Ez du sekula konplimendurik egiteko itxurarik, eta haatik erraten duen guztia lausengarria da. Etengabe egiten dit liskar, nola musikaz hala bertze gauzez: bere kritikak ordea hain interes eta alaitasun handiz egiten ditu, non ezinezkoa baita hari esker ona ez erakustea. Behatzen dizunetik bertatik, iduri du zerbait goxoa erraten dizula. Hori guztiaz gainera atsegina da oso. Konparazione, atzo, kontzertu handi batera gonbidaturik zen; nahiago izan zuen arrats osoan gure amaren etxean gelditu. Hori arras laketu zait; zeren eta hura hemen ez denean, nehork ez baitit hitz egiten, eta aspertzen bainaiz: hura hemen denean, aldiz, elkarrekin kantatzen eta solastatzen dugu. Niretzat badu beti elerik. Hura eta Merteuil andrea dira atseginak iruditzen zaizkidan bi presuna bakarrak. Baina adio, adiskide maitea: hitz emana dut egungo ikasia nukeela arieta bat hagitz lagungarri zailekoa, eta ez dut hitza jan nahi. Ikasteari ekinen diot berriz hura heldu artean.
...tik, 17**ko abuztuaren 7an.
VIII. GUTUNA
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI
Ezin nehor izan daiteke ni naizen baino sentikorrago, andrea, erakusten didazun fidantziari buruz, ez eta nik baino interes handiagorik izan Volanges andereñoaren etorkizunaren alde. Bihotz bihotzetik opa diot zoriona, ez baitut egiten dudarik merezi ez duenik, eta hartarako guztiz ere nagokio zure zuhurtziari. Ez dut Gercourteko jaun kondea ezagutzen; baina, zeure hautuaz ohoratu baituzu, ez dezaket harengana arras uste onuratsua baizik izan. Ezin neure aldetik, andrea, bertzerik opa ezkontza horri, ez bada izan dadin hain zoriontsua nola baita nirea, zeina baita berebat zuk obratua, eta zeinaren kariaz egunean egunean bizikiago eskertzen baitizut. Zure alaba andereñoaren zoriona izan bedi zuk niri eman didazunaren saria; eta ailedi adiskiderik minena amarik zoriontsuena ere izan!
Zinez doluturik naiz ez baitiezazuket asmo oneko aitormen egiazko hau bozez eskaintzen ahal, ez eta Volanges andereñoaren ezagutzak egiten ahal ere, nik nahi nukeen bezain sarri. Zure ontasun benaz ama baten gisakoak gozatu ondoren, badut harengandik ahizpa baten adiskidantza amoltsua igurikiteko eskubidea. Otoi arren, andrea, galdegiozu nire partez adiskidantza hori, merezi ahal izateko zain nagoen bitartean.
Tourvel jauna kanpoan izanen den denbora guztia landan emateko asmotan naiz. Hartu baitut Rosemonde andre agurgarriaren lagunarteaz gozatzeko eta profitatzeko beta. Xarmanta da oraino andre hori: ez du deusen eskasik, nahiz den adin handikoa; osoki atxikiak ditu oroimena eta arraitasuna. Soilik haren gorputzak ditu lauretan hogeita lau urte; haren gogoak ez ditu hogei baizik.
Gure bazterraldia Valmonteko bizkonde haren ilobak du alegeratzen, nork ere begirunez nahi izan baitizkigu egun batzuk eskaini. Omenez baizik ez nuen ezagutzen, eta karia horretara deus guti desira nezakeen areago ezagutzea: iruditzen zait ordea gehiago balio duela gizonak omenak baino. Hemen, nola munduaren zurrunbiloak ez baitio gaitz egiten, zuhurra eta harrigarriro erraza du mintzoa, eta egin dituen makurrak bakan baizik agertzen ez den xalotasunaz aitortzen ditu. Fidantzia handiz mintzo zait, eta nik indar handiz egiten diot prediku. Zuk nola ezagutzen baituzu, nirekin akort izanen zara obratu beharreko konbertsio eder bat litzatekeela: baina ez dut egiten duda ezen, zernahi hitz emanik ere, Parisen eginik zortzi egun ahantziko lituzkeela nire predikuak oro. Hemen eginen duen egonaldia bitartean bederen haren jokaera hainbat ere gutxiago izanen da ohi duenaren gisarakoa: eta, nire ustez, haren bizimoduaren karietara, deus ere ez egitea duke eginkizunik onena. Badaki izkiriatzen ari natzaizula, eta bere goraintzi begirunezkoak eman diezazkizudan manatu dit. Har itzazu nireak ere ager ohi duzun ontasunaz, eta ez ezazu sekula dudarik egin ohorez opa dizkizudan neure sentimendu egiazkoez, etab.
...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 9an.
IX. GUTUNA
VOLANGES ANDREAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI
Sekula ez dut dudarik egin, adiskide gazte eta ederra, ez niri didazun adiskidantzaz, ez niri dagokidan orori buruz agertzen duzun interes zinezkoaz ere. Ez diot puntu hori argitzeko, zeina baitut orain eta sekulako gure artean adostua izatea igurikitzen, erantzun zure erantzunari: ordea ez dut uste egon nintekeenik Valmont bizkondearen sujetaz zurekin solastatu gabe.
Ez nuen igurikitzen, aitor dizut, izen hori zure gutunetan sekula kausitzerik. Alabaina, zer izan dezakezue zuk eta hark komunik? Zuk ez duzu gizon hori ezagutzen; nondik jakin zenezakeen libertin baten arimaren berririk? Hark darakusan bakan baizik agertzen ez den xalotasunaz hitz egiten didazu: O! Bai; Valmonten xalotasunak zinez behar du arras bakana izan. Nola baita faltsu eta arriskutsu atsegin eta seduzitzaile den bezainbat, ez du nehoiz, gazte-gaztea zenetik, urratsik egin edo elerik erran asmo bat izan gabe, eta ez du nehoiz izan asmorik gaiztoa edo kriminala ez zenik. Adiskidea, zuk ezagutzen nauzu; zuk badakizu, saiatzen naizelarik ere bertuteak neureganatzen, bihozberatasuna ez dela horietarik gehien maite dudana. Hargatik, baldin Valmont grina suharrek hartua gertatuko balitz; baldin, bertze mila bezala, adinak dakartzan hutsegiteek liluraturik balego, haren jokabidea gaitzetsirik, presuna urrikiko nuke, eta zain egonen nintzateke, isilean, zorioneko aldaketa batek jende prestuen estimua itzul liezaion. Baina Valmont ez da halakoa: haren jokabidea haren oinarrizko arauen ondorioa da. Badaki kalkulatzen gizon batek egin ahal dituen izugarrikeriak oro bere burua arriskuan jarri gabe; eta arriskurik gabe izateko krudel eta gaizto, emakumeak ditu kaltiartzat hautatu. Ez naiz seduzitu dituenak kontatzen baratuko: zenbat ez ote ditu ordea galdu?
Nola baitaramazu bizimolde zuhur eta landara bazterreratua, eskandaluzko abentura horiek ez dira zuganaino heltzen. Haren abentura batzuk kontatzen ahal nizkizuke hotzikaratan jar zintzaketenak; baina zure behakoak, zure arima bezain garbiak, zikinduak lirateke halako ikuskariaz: ziur naiz Valmont ez dela sekula arriskutsua izanen zuretzat, horrelako armen beharrik ez duzu zeure burua begiratzeko. Errateko dizudan gauza bakarra da ezen, hark artarik eman dien emakume orotarik, arrakasta izan edo ez, bat bakarra ere ez dela harez auhendatu behar izan ez duenik. Soilik Merteuileko markesa da arau orokor horretarik salbuetsirik; soilik hark jakin du buru egiten eta kateak ezartzen haren gaiztakeriari. Aitortzen dut haren bizitzako xehetasun horrek duela nire begien aitzinean gehien ohoratzen: orobat aski izan baitu bere alargunaldiaren hastapenean egozten ahal zitzaizkion oker zenbait ororen begien aitzinean arras justifikatzeko.
Nolanahi ere den, adiskide ederra, nire adina, nire esperientzia eta batez ere nire adiskidantzagatik, zilegi izan bekit zuri gaztigatzea ezen hasiak direla munduan Valmonten ausentziaz ohartzen; eta jakin baledi aldi batez dela hirugarren gisa bere izebaren eta zure artean gelditu, zure omena bere eskuetan luke; zeina baita emakume bati gerta dakiokeen malurarik handiena. Kontseilatzen dizut bada haren izebagandik erdiets dezazun Valmont ez dezala gehiago bere ondoan atxiki; eta han gelditzen setatzen bada, uste dut zalantzarik gabe zeure lekua hari behar diozula utzi. Baina zergatik gelditu behar luke? Zer ari da bada landa horretan? Baldin haren joan-jinak barrandaraz bazenitza, ziur naiz konturako zinatekeela ezen geriza erosoago bat baizik ez duela hartu, inguruan obratzeko asmotan den bilaukeriaren bat egiteko. Baina, gaitza sendatu ezinean, konforma gaitezen guhaur galbidetik begiratzeaz.
Adio, adiskide ederra; horra nire alabaren ezteiak amini bat gibelaturik. Gercourteko kondeak, nahiz egun batetik bertzera jinen zelakoan geunden, mezutu dit ezen bere errejimenta Korsikan dela; eta nola oraino baden han gerla hotsa, ezin izanen duela negua baino lehen handik lekutu. Gaitzitzen zait; baina horren karietara igurikitzen dut izanen dugula ezteietan zu ikusteko plazerra, samurturik bainintzen zu gabe egin zitezen. Adio; arras zuri nago, konplimendurik gabe nola salbuespenik gabe.
P.S.— Goraintziak eman nire partetik Rosemonde andreari, merezi duen hainbat maite baitut beti eta beti.
...tik, 17**ko abuztuaren 11n
X. GUTUNA
MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI
Nirekin beltzuritu zarea, bizkonde? Ala hilik zarea? Ala, horren pareko litzatekeena, lehendakariaren emazte horrentzat baizik ez zarea bizi? Gaztaroko ilusioak itzuli dizkizun emakume horrek, sarri dizkizu aieruzko uste irrigarriak ere itzuliko. Jadanik horra non herabeti eta esklabo zaren; berdin zenuke amoros izatea. Uko egiten diezu zorioneko zeure ausardiei. Horra bada non oinarrizko araurik gabe jokatzen duzun, eta oro fidaturik asturuari, edo, gehiago dena, gutiziari. Ez duzua jadanik oroitzen amodioa, medikuntzaren gisa, soilik izadia laguntzeko artea dela? Ikusten duzu zeure armez garaitzen zaitudala: ez naiz ordea karia horretara harrotuko; lur jo duen gizona garaitzea baita. Emakume horrek behar dizu bere burua eman, erraten didazu: E! Dudarik gabe, hala behar baitu; emanen ere baitizu bere burua bertzeek bezala, bereizkuntza honetaz, zeina den gogo txarrez baitizula emanen. Baina, bere burua behingoz eman diezazun, hura hartzetik hastea da egiazko bidea. Zeinen amodioaren benazko zentzugabekeria baita bereizkuntza irrigarri hori! Amodioa diot; zeren amoros baitzara. Bertzela mintzatzea, litzateke zu traditzea; litzateke zure eritasuna ezkutatzea. Erraidazu bada, amoros hitsa, eduki dituzun emakume horiek, uste duzu bortxaz eduki dituzula? Baina, zenbatenaz ere den handia nork bere burua emateko duen nahia, zenbatenaz ere batbederak horretarako presa handia izan, hanbatenaz behar baita oraino estakuru bat; eta badea guretzat estakuru sobera erosorik bortxaz amore ematen dugula iduri duen hura baino? Niretzat, aitor dezadan, gehien laket zaidan gauzetariko bat da eraso bizi eta ontsa egina, non oro gertatzen baita ordenamenduz nahiz lastertasunez; zeinaren karira sekula ez baikara izanen moldakaizkeria bat guhaurk konpondu beharreko tenore penagarrian, aldiz behar bailitzaigukeelarik baliatu; zeinak bai baitaki hala borondate onez ematen ditugun gauzetan ere bortxaren itxurari atxikitzen, eta trebeki lausengatzen gure bi gutizia maiteenak, defendatzearen loria eta fin gaitz egitearen plazerra. Onartzen dut uste baino bakanagoa den dohain hori beti izan dudala laket, nahiz sekula ez nauen hala ere liluratu, eta batzuetan gertatu ere izan zaidala, soil-soilik sari gisa. Hala non gure norgehiagoka zaharretan, edertasuna baitzen ausardiaren eta trebeziaren saria.
Zuk ordea, jadanik zuhaur ez zaren horrek, garaitzeko beldur bazina bezala jokatzen duzu. E! Noizdanik bidaiatzen duzu aldi laburka eta zeharbidetik? Adiskidea, nahi delarik hel, postako zaldiak eta errepidea! Ordea utz dezagun sujet hori, zenbatenaz ere muzindurik bainauka, hanbatenaz zu ikustearen plazerraz gabetzen bainau. Izkiria iezadazu bederen orain arte baino sarriago, eta eman zure aitzinapenen berri. Badakizua abentura irrigarri horretan badituzula hamabortz egun baino gehiago emanak, eta jende oroz ezaxolatua zabiltzala?
Ezaxolatzea dudalarik aipatu, iduri duzu adiskide erien berri jakitera aldizka norbait igorriagatik, alabaina erantzuna jakiteko deus egiten ez duten jende horien moldekoa. Finitzen duzu zeure azken gutuna zalduna hil ote denentz galdetuz. Ez dut ihardesten, eta ez zaitu horrek sobera kezkatzen. Ez dakizua nire amorantea adiskide mina duzula? Haatik zaude lasai, ez da hila; eta hila balitz, bozkariozko soberaniak zukeen hila. Gaixoa zalduna, zein den amoltsu! Zein den amodiorako egina! Zein den biziki sentitzen jakitun! Burua galdurik nauka. Serioski, ni haren amoros izatean kausitzen duen bozkario erabatekoak egiaz eta benaz nau hari atxikitzen.
Egun hartan berean, non izkiriatu bainizun ekin behar niola gure harremanak hausteari, zeinen zoriontsu nuen bilakarazi! Haatik ari nintzelarik hura zinez etsiarazteko bideez arduratzen, horra non haren etorrera iragarri zidaten. Gutiziaz ala arrazoiz, sekula ez zitzaidan hain ontsa iruditu. Muzindurik hartu nuen hargatik. Igurikitzen zuen nirekin bi oren iragatea, jende orori atea zabalduko nion orena baino lehen. Jalgi behar nuela erran nion: nora nindoan egin zidan galde; ez nion deus jakinarazi. Errateko eta errateko hark: zu izanen ez zaren lekura, ihardetsi nion lazki. Beharrik harentzat, ihardespen horrek harri eginik utzi zuen; zeren eta, elerik erran balu, ezinbertzez zetorkeen aharra bat nik buruan neukan haustura ekarriko zukeena. Haren isiltasunaz harriturik, egin nion so nolako keinua egiten zuen ikusteko, zin dagizut, bertze xederik gabe. Berriro kausitu nuen begitarte xarmangarri hartan, tristura aldi berean sakon eta samur hura, zeinari buru egitea zein gaitza den zuhaurk ere aitortzen baituzu. Kausa berak ondorio bera zuen ekarri; bigarren aldiz garaitua izan nintzen. Ordudanik, nigan okerrik kausi ahal ez zezan saihesteko bideez baizik ez nintzen arduratu. «Egiteko bat obratzera noa», erran nion ahaire eztixeago batez, «eta egiteko hori halaber dagokizu; baina ez galdetu deus. Etxean afalduko dut; itzul zaitez, eta jakinaraziko dizut». Orduan hitza berriz ahoratu zitzaion; ez nion ordea hitzaz baliatzen utzi. «Presaka nabil», erran nuen gero. «Utz nazazu; arratsa arte.» Eskuan muin egin zidan eta jalgi zen.
Gero, zaputz haren ordaina eman nahirik hari, edo eman nahirik ausaz neure buruari, deliberatzen dut susmotan hartzen ez zuen neure etxe ttipia erakutsi behar niola. Neure Victoire fidela deitzen dut. Ohi dudanez min dut buruan; oheratzen naiz neure zerbitzari guztientzat; eta, azkenean egiazkoarekin bakarrik gelditurik, hura morroiz mozorrotzen den bitartean, nik gelari soineko bat janzten dut! Victoirek ekarrarazten du berehala zaldi orga bat nire lorategiko atera, eta horra hor partituak. Heldurik amodioaren tenplu honetara, hautatzen dut azpiko jantzirik dotoreena. Honako hau zoragarria da; nik asmatua da: ez du deus ikustera uzten, eta oro du haatik igerrarazten. Agintzen dizut gisa horretako soineko bat lehendakariaren emazte horrentzat, janzteko duin bilaka dezazunean.
Prestakizun horien ondoren, Victoire bertze xehetasunetan ari den bitartean, irakurtzen dut Sopha-ren atal bat, Héloïse-ko gutun bat eta La Fontaine-ren bi ipuin, hartu nahi nituen eredu anitzak oroitzeko. Bizkitartean, neure zalduna atera heldu zait, beti ohi duen presaz. Nire atezainak ez dio sartzera uzten, eta eri naizela jakinarazten dio: aitzineko gertaldi larria. Tenore berean ematen dio nire txartel bat, ez ordea nik izkiriatua, nire arau zuhurrari jarraiki. Irekitzen du, eta kausitzen du han Victoireren eskutik: «Bederatzi bederatzietan, bulebarrean, kafetegien aitzinean.» Joan da hara; eta han, ezagutzen ez duen morroi ttipi batek, ezagutu uste ez duen batek bederen, zeina baitzen Victoire bera, iragartzen dio zaldi orga behar duela igorrarazi eta berari behar zaiola jarraitu. Nobela gisako ibilera horrek guztiak burua berotzenago zion, eta buru beroak ez du deus kalterik egiten. Heldu da azkenik, eta ustekabeak eta amodioak benazko lilura sortu dute harengan. Bere baitaratzeko astia izan dezan, promenatzen gara une batez basoxkan zehar; gero etxeari buruz daramat. Hastapenean ikusten ditu bi mahai tresna jarririk; gero ohea egina. Sartzen gara kabineteraino, oro apaindurik ageri. Han, erdi gogoetaz, erdi sentimenduz, neure besoez inguratzen dut eta haren belaunetara erortzen naiz. «O adiskidea!» erraten diot, «ustekabeko une hau zuretzat prestatu nahi izateagatik, damu dut beltzuriaren itxuraz zu oinazetu izana; nire bihotza instant batez zure behakoetarik ezkutatu izana. Barkatu nire hutsegiteak; amodioaren amodioz nahi ditut zuzendu.» Jabetuko zara sentimenduzko hitzaldi horren ondorioaz. Zaldun zoriontsu hark altxarazi ninduen, eta nire barkazioa izan zen zigilatua zuk eta biok bozkarioaren bozkarioz eta era berberean geure haustura eternala zigilatu genuen aulki otomanoaren beraren gainean.
Bai baikenituen sei oren elkarrekin iragateko, eta deliberatua bainuen denbora hori guztia berdin izan zedin harentzat zoragarria, haren irritsaldiak ematu nituen, eta pinpirintasun atsegina agertu zen eztitasunaren ordez. Ez dut uste nehoiz horrenbertze arduratu izan naizenik atsegingarri gertatzen, ez eta neure buruaz sekula horren pozik egon naizenik ere. Afalondoan, aldi batez haur eta aldi batez arrazoitsu, aldi batez jostari eta aldi batez sentikor, batzuetan baita libertin ere, plazer nuen irudikaturik zalduna bere haren-aren erdian dagerien sultan baten gisa, non aldizka aldizka ni bainintzen haren begietako sultanaren emazte bakoitza. Alabaina, haren eskaintza behin eta berriz errepikatuak, betiere emakume berak hartu izanagatik, amorante berri batek hartzen zituen beti.
Argi azkorrian elkarrengandik bereizi behar izan ginen azkenik; eta, zer ere erraten baitzuen, zer ere egiten ere baitzuen niri kontrakoa frogatzeko, bereizteko premia handia zuen gogo gutxi bezainbat. Jalgi ginen unean berean eta azken adio gisa, hartzen dut zorioneko egonleku hartako giltza, eta haren eskuetan ezarriz: «Zuretzat baizik ez dut izan», erraten diot; «zuzen da zu izan zaitezen nagusi: sakrifikatzaileari baitagokio tenpluaz baliatzea.» Maltzurkeria horrekin aldez aurretik naiz begiratu etxe ttipi guztiz susmagarri baten jabetzak sorraraz liezazkiokeen burutazioetarik. Sobera ezagutzen baitut, segur naiz ez duela niretzat baizik baliatuko; eta hartuko banindu hura gabe hara joateko gutiziak, badut naski bertze giltza bat. Hara berriro itzultzeko egun bat nahi zuen gosta ahala gosta ezarri; baina oraino sobera maite dut hura hain azkar erabili nahi izateko. Ez baitzaie soberakeriei amore eman behar, ez bada berehala utzi nahi diren gizonekin. Hark ez daki hori; baina, haren zorionerako, nik badakit biontzat.
Ohartzen naiz goizaldeko hiru orenak direla, eta liburuki bat izkiriatu dudala, ele bat bakarra izkiriatzeko asmoa izanik. Halakoa baita fidantziazko adiskidantzaren xarma: horren kariaz zu zaitut betiere gehien maite, baina, egiazki, zalduna zait gehiago laket.
...tik, 17**ko abuztuaren 12an.
XI. GUTUNA
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI
Zure gutun zorrotzak izituko nindukeen, andrea, baldin, zorionez, ez banu hemen segur izateko arrazoi gehiago kausitu zuk gaztigatu bezala beldur izateko baino. Valmont jaun beldurgarri horrek, ustez arras izuturik baitauzka emakume guztiak, iduri du bazter utzi dituela bere arma hilgarriak, gaztelu honetan sar aitzin. Ez du urrundanik ere egin asmorik, ez hain gutxi ekarri nahikunderik; eta bere etsaiek ere aitortzen dioten gizon maitagarriaren dohaina, kasik desagertua du hemen, bihotz oneko gizonaren dohainen fabore. Landako giroak egin bide du mirari hori. Segurta diezazuket hala ere ezen, nirekin delarik une oroz, iduriz gogobeterik, ez zaiola itzuri maitasunaren kutsurik dukeen ezein elerik, ez eta gizon guztiei zilegi omen zaien horietako ezein perpausik ere, nahiz ez duten, hark bezala, jokabide hori justifikatzeko behar hainbat arrazoi. Sekula ez zaitu zuhur ibiltzera behartzen, nahiz begirunez jokatu nahi duen emakume orok egun halabeharrez zuhurtziari behar duen atxikia egon, inguruan dabilzkion gizonei aurre eginen badie. Badaki sorrarazten duen arraitasunaz neurriz gain ez baliatzen. Amini bat balakari gerta liteke agian; baina hain da fina balakuan non lausengura ohituko bailuke xalotasuna bera. Erran nahi baita, anaiarik baldin banu, ailedi Valmont jauna hemen agertzen den bezalakoa! Hainbat emakumek galaitasun nabarmenago bat nahi luke harengandik; eta aitor dut eskerdun baino eskerdunago natzaiola zeren jakitate handiz hain ontsa jujatu bainau, non ez bainau haiekin nahasi.
Potret hori zuk egin didazunaren oso bertzelakoa da dudarik gabe; eta, hargatik, biak antzekoak dirateke bakoitzaren aldia finkatuz gero. Aitor du berak anitz oker egin dituela, eta bertzeek ere egotziko zioten bertze hainbat. Gizon gutxi kausitu dut ordea emakume prestuez hura baino errespetu gehiagoz mintzo zedinik, kasik gogo beroz erranen nuke. Jakinarazten didazu xede horretan bederen ez duela engainatzen. Horra Merteuil andrearekin duen jokabidea nire hitzen frogagarri. Sarritan du solasgai; eta betiere halako laudorioz eta halako atxikimendu benazkoaz, non zure gutuna hartu arte, uste izan baitut hark bien arteko adiskidantza gisa aipatzen zuena ez zela maitasuna baizik. Iritzi ausart horren errua aitortzen dut, eta nire hutsa are handiagoa da, zeren eta Valmontek sarri hartu baitu Merteuil andrea justifikatzeko arta. Aitor dizut ez niola amarru gisa baizik behatzen haren partetik egia zintzoa zenari. Ez dakit; baina iruditzen zait horren emakume goresgarri batek horren atxikia duen adiskidantzarako nor den gizona, ez dela ezin zentzatuzko libertin bat. Ez dakit bertzalde hemen daraman jokabide zuhurra inguruotan obratu nahi dituen zenbait egitekori zor zaionentz, zuk uste duzun bezala. Inguruan bada naski emakume maitagarririk; gutxi jalgitzen da ordea, goizean ez bada, eta ehizara joaten omen da. Egia da ez duela oso bakan baizik ekartzen ehizakirik; baina moldakaitza omen da zeregin horretan. Bertzenaz, kanpoan egin dezakeenak deus gutxi kezkatzen nau; eta baldin jakin nahi baneza, ni zure iritzira hurbiltzeko edo zu nirera erakartzeko bertze arrazoi bat izateko baizik ez litzateke.
Valmont jaunak hemen egitekoa duen egonaldia laburtzera saiatzeko egiten didazun proposamenaren karietara, oso zaila iruditzen zait haren izebari bere iloba etxean har ez dezan galdegitera ausartzea, hainbat nola baitu anitz maite. Hitz ematen dizut hargatik, begirune hutsagatik ordea eta ez premiagatik, baliatuko dudala galdegitza hori egiteko okasioa, dela izebari, dela ilobari berari. Nitaz den bezanbatean, Tourvel jaunak badaki hura itzuli arte hemen gelditzeko asmotan naizela, eta harrituko luke, arrazoi osoz, nik arinkeriaz asmoz mudatu izanak.
Horra, andrea, argibide arras luzeak: baina iruditu zait Valmont jaunaren aldeko testigantza zor niola egiari, bai baitakit egiaren premia handian dela zure aldera. Sentikor natzaio orobat zure kontseiluak iradoki dituen adiskidantzari. Berebat hari zor baitizkiot Volanges andereñoa zure alabaren ezteiak gibelatu izanaren okasioz erraten dizkidazun begirunezko eleak ere. Biziki eskertzen dizkizut: ordea, zein ere den handia neure buruari hitz emana diodan atsegina une horiek zurekin iraganez, bihotz-bihotzez sakrifikatuko nioke Volanges andereñoa hainbat lasterrena uros izanen dela jakiteko desirari, baldin halarik ere nehoiz baledi urosago bere bihozberatasun eta errespetu guztia osoki merezia duen ama baten ondoan baino. Harekin bat dagit zuri atxikitzen nauten bi sentimenduotan, eta ontasunez har ezazu, otoi, berauen segurtamena.
Ohorez bainaiz, etab.
...tik, 17**ko abuztuaren 13an.
XII. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK MERTEUILEKO MARKESARI
Ama ondoezik da, andrea; ez da jalgiko, eta haren ondoan gelditu beharrean naiz: beraz ez duket zurekin operara joateko ohorea. Zinez diotsut ikuskaria bera baino dolutzenago zaidala zurekin ez egotea. Otoi arren, zaude horretaz ziur. Hain zaitut maite! Erranen zenioke Danceny jaun zaldunari aipatu didan bilduma ez dudala, eta baldin bihar ekartzen ahal badit, plazer handia eginen didala. Gaur jiten bada, etxean ez gaudela erranen diote; zeren amak ez baitu nehor hartu nahi. Bihar hobeki izanen ahal da!
Ohorez bainaiz, etab.
...tik, 17**ko abuztuaren 13an.
XIII. GUTUNA
MERTEUILEKO MARKESAK CÉCILE VOLANGESI
Biziki samurtua naiz, polit hori, bai zu ikusteko plazerraz gabetu nauzulako, bai eta gabetze horren kausaz ere. Okasio hori berriz agertuko delakoan nago. Konplituko dut zuk Danceny zaldunarentzat duzun mandatua, nor ere segur baita hagitz beltzurituko ama eri duzula jakinik. Baldin bihar nahi banau hartu, lagun egitera joanen natzaio. Hark eta biok kartetan erasoko diogu Belleroche zaldunari; eta, haren dirua irabazteaz gainera, zu eta zure maisu atsegina kantari entzuteko plazerraren emendioa ere izanen dugu, proposamen hori eginen baitiot. Baldin zure amari eta zuri komeni bazaizue, ni naukazu nihauren eta neure bi zaldunen erantzule. Adio, polit hori; nire konplimenduak egin Volanges andre maiteari. Besarkatzen zaitut ezti-eztia.
...tik, 17**ko abuztuaren 13an.
XIV. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Atzo ez nizun izkiriatu, Sophie maitea: ez ordea plazerra zela kausa; zinez derraizut. Ama eri zen, eta haren ondoan eman nuen egun osoa. Arratsean, gelaratu nintzelarik, arrunt eroria nuen bihotza; eta laster eta fite oheratu nintzen, eguna finitua zela seguratzeko: sekula ez baitut horrenbertze luzetsi egunik. Ez hain zuzen ama asko maite ez dudalako; ez dakit ordea zer zen. Operara joatekoa nintzen Merteuil andrearekin; Danceny zaldunak ere han behar zuen. Ontsa dakizu horiek ditudala bi presuna maiteenak. Ni ere operan egon behar nintzen orena heldu zenean, bihotza nahi gabe hertsatu zitzaidan. Dena higuingarria zitzaidan, eta negar egin nuen, negar, malkoak ezin atxiki. Beharrik ama ohean zen, eta ezin ikus nintzakeen. Segur naiz Danceny zalduna ere atsekabetan zela; baina gozaldituko zen ikuskariaz eta hango jende guztiez: hagitz desberdina da.
Beharrik, egun ama hobeki da, eta Merteuil andrea jinen da bertze presuna batekin eta Danceny zaldunarekin: beti aski berandu heltzen da hala ere Merteuil andrea; eta oso aspergarria izaten da denbora luzean bakar-bakarrik egon beharra. Hamaika orenak bertzerik ez dira. Harpa jo behar dut hain segur; eta gainera hainbat denbora emanen dut garbitzen eta apaintzen, zeren eta egun ontsa orrazturik nahi baitut egon. Uste dut Ama Betierekoak arrazoi duela, eta mundutartuz geroztik batbedera pinpirin bihurtzen dela. Polit agertzeko ez dut sekula izan duela zenbait egunetik hona bezain gogo handirik, eta uste bezain polita ez naizela iruditzen zait; horrez gainera, begitartea gorriz apaindua duten emakumeen ondoan, askoz gutxiago naiz. Merteuil andrea, konparazione, ohartua naiz gizon guztiek ni baino ederrestenago dutela: ez naiz horregatik kasik haserretzen, zeren anitz maite bainau; eta erraten du orobat Danceny zaldunak ni ederrestenago nauela bera baino. Hain du zintzo jokatu niri hori erranik! Iduri ere zuen gogobeterik zela. Konparazione, ez dut hori ulertzen ahal. Asko maite nau eta! Eta Danceny!... O! Poz handia eman dit! Halaber, hari so egitea aski dela iruditzen zait batbedera edertua izateko. So egonen nintzaioke beti, baldin haren begiak kausitu beldur ez banintz: zeren, hori gertatzen zaidan guztietan, harriturik gelditzen bainaiz, eta nahigabe gisako zerbait sortzen baitit; baina ez dio axolarik.
Adio, adiskide maitea; garbitzen hastera noa. Ohi bezala maite zaitut betiere.
Parisen, 17**ko abuztuaren 14an.
XV. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Jokabide zinez zintzoa ageri duzu nire mentura tristean ni ez abandonaturik. Hemen daramadan biziera akigarria da guztiz, pausuan gehiegia eta berdintasunean motela baita. Zure gutuna eta zure egun xarmant hartako xehetasunak irakurririk, hogei aldiz tentatua izan naiz eginkizun baten estakurua eman eta zure oinetara lasterka joateko, eta zuri eskatzeko ezen izan zakizkion, nire alde, zeure zaldunari desleial, zeren, ororen buruan, ez baitu bere zoriona merezi. Badakizua hari buruz jeloskortu nauzula? Zer diozu bada haustura eternalaz? Uko egiten diot zin horri, eldarnioan egina baita: ez ginatekeen zin hori egiteko duin, baldin zina bete behar izan bagenu. Ah! Egunen batean mendeka ahal neza zure besoetan, zaldunaren zorionak nahi gabe sortu didan hisia! Suharturik naiz, aitor dut, ikusirik gizon horrek, gogoetarik gabe, nekerik ttipiena ere hartu gabe, bere bihotzeko senari ergelki jarraikiz, nik ezin iritsi dudan zoriona aurkitu duela. O! Galaraziko diot... Hitz emaidazu galaraziko diodala. Zuhaur ez zarea umiliaturik orobat? Lehiatzen zara hura engainatzera, eta zu baino zoriontsuagoa da haatik. Estekan eduki uste duzu zeure kateetan! Zuhaur zauzka ordea bereetan. Lasai egiten du lo, zuk plazerrak zaintzen dizkiozun bitartean. Zer gehiago eginen luke haren esklaboak?
Hara, adiskide ederra, anitzen artean partitzen duzularik zeure burua, ez dut jelosia poxirik: ez baititut zure amoranteengan Alexandreren oinordekoak baizik ikusten, denen artean ezin atxikirik ni errege bakarra nindukan erresuma hura. Baina haietarik bati zeure burua guztiz eman diezaiozun! Bertze gizonen bat izatea ordea ni bezain zoriontsua! Hori ez dut jasanen; ez uste jasanen dudanik. Edo hartzen nauzu berriz, edo hartzen duzu bederen bertzeren bat; eta ez traditu, gutizia baztertzaile batez, elkarri zin eginik diogun adiskidantza ezin hautsizkoa.
Badut, dudarik gabe, amodioaz zer arranguraturik aski eta sobera. Dakusazunez, aintzat hartzen ditut zure ideiak, eta aitortzen neure okerrak. Alabaina, baldin desiratzen dena eduki gabe ezin bizitzea, baldin desira horri nork bere denbora, plazerrak, bizia eskaintzea amorostea bada, egiaz eta benaz naiz amoros. Bide horretan ez naiz sobera aitzinatu. Sujet horren karietara deus berririk ezin erran ere nizuke, arrunt gogoetagarria zaidan gertakari bat agitu ez balitz, ikarabide ala esperantzabide ote den oraino ez dakidana.
Ezagutzen duzu nire sehia, azpijokoetan maisua, eta irri eragile zinezkoa: igerriko zenion nire manuz gelariaz behar zuela amorostu, eta morroiak behar zituela horditu. Listafin hori ni baino zoriontsuagoa da; erdietsi du dagoeneko. Berriki jakin duenez, Tourvel andreak bere morroi bati manatu omen dio har dezala nire jokabidearen berri, bai eta jarraik dakidala ere goizeko neure irtenaldietan, ahal lukeen bezainbat, nire oharkabean. Zer nahi du emakume horrek? Hala non emakume lañoetan lañoena ausartzen ere baita guhauri benturatzea zilegi ez litzaizkigukeen gauzak benturatzera! Zin dagizut ezen... Ordea, emakumezko jukutria horrez mendekatzeko xedea hartu aitzin, saia gaitezen hura geure fabore ekartzen. Susmagarriak zaizkion ibilera horiek ez zuten oraindaino batere xederik; behar zaie bat eman. Horrek nire arreta guztia merezi du, eta horretan gogoetatzeko uzten zaitut. Adio, adiskide ederra.
Betiere ...ko gaztelutik, 17**ko abuztuaren 15ean.
XVI. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Ah! Sophie, hona anitz berri! Ausaz ez nizkizuke erran behar: baina norbaiti behar dizkiot kontatu; nik baino indar gehiago baitute. Danceny zaldun hori... Hain asaldaturik naiz non ezin baitut izkiriatu: ez dakit nondik hasi. Amaren etxean harekin eta Merteuil andrearekin iragan nuen afalondo eder hura kontatu nizunez geroztik, ez dizut gehiagotan aipatu: ez bainuen nehori mintzatu gogo; hala eta guztiz ere nik hura beti gogoan. Geroztik, arrunt tristetu zen, guztiz tristetu, hainbat ere tristetu, non ni ere atsekabetu bainintzen; eta nik zergatik galdegin, eta hark ezetz erraten zidan: nik ordea banekusan baietz. Azkenean, atzo ohi baino sobera tristetuago zen. Ez zuen haatik ohi duen bezala gogo onez nirekin kantatzeko eragozpenik izan; baina, behatzen zidan aldi guztietan, bihotza hunkitzen zidan. Kantuan bukatu ondoren, joan zen nire harpa zorroan gordetzera; eta, giltza ekarriz, erran zidan otoi arren berriz jo nezala arratsean ere, bakarrik nengokeen orduko. Ez nuen deusen susmorik; jotzeko gogorik ere ez nuen: baina arren eta arren eskatu baitzidan, baietz erran nion. Bazuen arrazoirik. Izan ere, gelaratu nintzelarik eta nire gelaria jalgi zen orduko, harparen bila joan nintzen. Harien artean gutun bat kausitu nuen, plegatua soil-soilik, eta zigilatu gabea, eta hark igorria. Ah! Hor mezutzen didan guztia bazeneki! Haren gutuna irakurri dudanez geroztik, hain zoriontsua naiz, non ezin baitut bertze ezertan pentsatu. Lau aldiz irakurri dut segidan, eta gero neure idazmahaian gorde. Buruz nekien; eta, oheratu naizenean, horrenbertze errepikatu dut non ezin lokar nintekeen. Begiak herstetik beretik, han ikusi nuen, Danceny bera irakurri berria nuen guztia ari zitzaidan erraten. Ez naiz gau berandua arte lokartu; eta iratzarri naizenetik bertatik (oraino oso goiz zen), joan naiz haren gutuna berriz hartzera neure gogara berrirakurtzeko. Ohera ekarri dut, eta gero musu eman diot nola balitz... Agian ez dago ongi gutun bat gisa horretan musukatzea, baina ezin begira nintekeen hori egitetik.
Orain, adiskide maitea, biziki kontent izanagatik, biziki asaldaturik naiz orobat; zeren ez baitiot segurki gutun horri erantzun behar. Ontsa dakit ez dela halakorik egin behar, eta haatik Danceny galdezka ari zait; eta, ez badiot erantzuten, segur naiz nahigabetan jarraituko duela. Harentzat hain baita haatik etsipengarria! Zer kontseilatzen didazu? Baina zuk ez dakizu nik baino gehiago. Merteuil andreari mintzatzeko irrika bizian naiz, anitz maite bainau. Danceny kontsolatu nahi nuke; baina ezein okerrik ez nuke egin nahi. Maiz gomendatzen digute izan gaitezen bihotz onekoak! Eta debekatzen digute gero bihotzak iradoki diguna egitea, gizon batentzat denean! Hori ez da bidezkoa. Ez direa gizonak gure hurkoak nola baitira emakumeak, bai eta are gehiago ere? Zeren eta azken finean ez ote dugu aitarik zein amarik, anaiarik zein ahizparik? Eta horrez gainera senarrik. Halere, ontsa ez den zerbait egitera banoake, ausaz Danceny jaunak berak ez luke jadanik uste onik nitaz! O! Hori ez, konparazione, nahiago dut triste segi dezan. Eta bertzalde, azken finean, betiere garaiz nenbilke. Atzo izkiriatu baitu, ez nago gaur izkiriatzera beharturik: halaber arratsean ikusiko dut Merteuil andrea, eta baldin ausartzen banaiz, dena kontatuko diot. Baldin ez badut hark erranen didana baizik egiten, ez duket neure buruari zer liskarturik. Eta erranen dit bertzalde doi bat erantzun diezaiokedala agian, horren triste egon ez dadin! O! Hau nahigabe handia.
Adio, adiskide maitea. Erraidazu betiere zer uste duzun.
...tik, 17**ko abuztuaren 19an.
XVII. GUTUNA
DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI
Zuri izkiriatzeko plazerrari edo erranen nuke premiari amore eman baino lehen, andrea, lehenik otoi arren entzun iezadazu. Badakit neure sentimenduak zuri deklaratzera ausartzeko, bihozberatasunaren beharretan naizela; baldin sentimenduok justifikatu baizik ez banitu nahi, alferrik nuke bihozberatasuna. Ororen buruan zer egin behar dut ez bada neure obra zuri erakutsi? Eta zer dut zuri errateko, nire behakoek, nire asaldurak, nire jokabideak bai eta nire isiltasunak berak ere nik baino lehen erran ez dizutenik? E! Zergatik haserretuko zinateke zuk sorrarazi duzun sentimendu batez? Zugandik nola baita jalgia, dudarik gabe da zuri eskainia izateko duina; baldin kiskalgarria bada nola baita nire arima, garbia da nola den zurea. Makurkeria ote zure begitarte xarmangarria, zure dohain liluratzaileak, zure grazia xarmangarriak eta horren nolakotasun preziatuei neurtu ezin ahalako balioa emendatzen dien xalotasun hunkigarri hori ederresten jakin izana? Ez, dudarik gabe: baina, izan ahal da maluros, izan gabe errudun; eta horra zain daukadan asturua, baldin nire goresmenezko eskaintza errefusatzen baduzu. Nire bihotzak eskaini duen lehena da. Zugatik ez balitz, oraino nintzateke, ez alegera, bai ordea lasai. Ikusi zaitut; soseguak ihes egin du nigandik urrun, eta dudazkoa dut zoriona. Nire tristurak harriturik zauzka haatik; haren zergatikoaz galdegiten didazu: batzuetan ere dolutzen zintuela ikusi uste izan dut. Ah! Erran ele bat, eta nire zoriona zuk sortua dukezu. Baina, elerik erran baino lehen, gogoan har ezazu ele batek halaber mukuru dezakeela nire malura. Izan zaitez bada nire asturuaren erabakitzaile. Zugatik izanen naiz betiko uros edo maluros. Esku maiteagoetan jar nezake interes handiagorik?
Hasi naizen bezala bukatuko dut, zure bihozberatasunari otoiztuz. Entzuteko eskatu dizut; areago ausartuko naiz, otoi arren erantzun iezadazu. Uko egitea, litzateke laidotua zarela niri aditzera ematea, eta neure bihotzaren bermeaz diotsut nire errespetua nire amodioaren heinekoa dela.
P.S.— Balia zaitezke, niri erantzuteko, gutun hau zugana helarazteko baliatu naizen bide berberaz; segura eta orobat erosoa iruditzen baitzait.
...tik, 17**ko abuztuaren 18an.
XVIII. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Zer! Sophie, aldez aurretik gaitzesten didazu egiteko asmotan naizena! Banuen haatik aski kezka; horra non areagotzen dizkidazun. Argi dago, diozu, ez dudala erantzun behar. Arras zeure gogara mintzo zara; eta bertzenaz, ez dakizu zehatz-mehatz auzia zertan den: ez baitzaude hemen ikusteko. Segur naiz nire lekuan bazina, nik bezala jokatuko zenukeela. Hain segur, oro har, ez da zilegi erantzutea; eta atzo izkiriatu nizun gutunean ontsa ikusi duzu nik ere ez niola erantzun nahi: ez dut uste ordea nehor kausitu izan denik nehoiz ni nagoen egoeran.
Eta hala ere bakar-bakarrik erabaki behar! Merteuil andrea, nahiz atzo arratsean ikustea igurikitzen nuen, ez zen jin. Oro nire kontra biltzen da: hura baita nik Danceny ezagutu izanaren kausa. Ia beti harekin ikusi dut, harekin mintzatu natzaio. Ez diot gaitzik opa: baina bakarrik uzten nau durduzaldiaren unean berean. O! Nire errukarria!
Egizu kontu Danceny ohi bezala jin zela atzo. Nire asaldua hain zen handia non hari behatzera ere ez bainintzen ausartzen. Ezin zitzaidan mintzatu, ama han baitzen. Banuen susmo beltzurituko ote zen, izkiriatu ez niola ikusirik. Ez nekien nola jokatu. Geroxeago galdegin zidan ea nire harparen bila joan zedin nahi nuen. Bihotza hain bortizki ari zitzaidan taupadaka, non hari baietza eman, ezin izan bainuen bertzerik egin. Itzuli zelarik, are okerragoa zen. Ez nion une batez baizik so egin. Hark ez zidan behatzen; baina halakoa zuen itxura non eri zela erran zitekeen. Horrek atsekabe handia ematen zidan. Ekin zion nire harpa akordatzeari, eta gero, ekarri zidan, eta erran zidan: «Ah! Andereño!...» Ez zizkidan ele bi horiek baizik erran; baina erran zizkidan zeharo irauli ninduen doinu batez. Harpaz preludioak jotzen ari nintzen, zertan ari nintzen jakin gabe. Amak galdegin zuen ea ez ote genuen kantatuko. Danceny desenkusatu zen, alditxartuxe zela erranez; eta nik, ez bainuen estakururik, kantatu behar izan nuen. Nahikatu nuen sekula ez izatea bozik! Espreski hautatu nuen ezagutzen ez nuen ahaire bat; zeren segur bainekien ezeinik ezinen nukeela kantatu, eta zerbaiti ohartuko litzaizkiokeela. Zorionez, ikusliar bat jin zitzaigun; eta, zaldi orga bat sartzen ari zela entzutetik beretik, baratu nintzen, eta Dancenyri eskatu nion otoi harpa berriz eraman zezala. Beldur nintzen hura ere ez ote zen aldi berean joanen; itzuli zen ordea.
Ama eta ikustera etorri zitzaion andre hura elkarrekin solasean ari ziren bitartean, Dancenyri nahi izan nion une batez oraino behatu. Haren begiak kausitu nituen, eta neureak ezin gibela nitzakeen. Geroxeago malkoak zerizkiola ikusi nuen, eta nehork ikus ez zezan behar izan zuen jiratu. Bet-betan, ezin izan nion eutsi; nik ere negar egin behar nuela sentitu nuen. Jalgi nintzen, eta izkiriatu nuen berehala arkatz batez paper puska baten gainean: «Ez zaitez bada horrenbertze atsekabetu, otoi; hitz ematen dizut erantzunen dizudala.» Hain segur, ez dezakezu erran makurrik badenik horretan; eta bertzalde ni baino bortitzagoa zen. Neure papera harparen hari artean ezarri nuen, haren gutuna ezarria zen gisara, eta egongelara itzuli nintzen. Askoz lasaiago nintzen. Arras berantesten nuen andre hura joan zedin. Zorionez, ikustaldian zen; berehala joan zen. Hura jalgi bezain sarri, harpa berriz jo nahi nuela erran nuen, eta bila joateko eskatu nion Dancenyri. Ontsa ikusi nuen, haren itxuragatik, ez zuela deusen susmorik. Itzuli zelarik ordea, o! Hura bozkarioa! Harpa niri buruz ezarriz, amak ezin ikus zezakeen eran jarri zen, eta eskua hartu zidan eta tinkatu zuen... nola tinkatu ere!... Instant bat baizik ez zen izan: baina ezin jakinen nizuke erraten zer nolako plazerra eragin zidan. Eskua gibelatu nuen haatik; hala ez diot neure buruari zer liskarturik.
Orain, adiskide maitea, ikusten duzu ezin naizela hari izkiriatzetik begiratu, zeren hitz eman baitiot; eta bertzalde, ez diot berriz atsekaberik sortuko; zeren hark baino gehiago sofritzen baitut. Baldin hori gaizki egina balego, zaude ziur ez nukeela eginen. Izkiriatzea gaizki egon liteke ordea, batez ere nehor triste egotea eragotzi nahi izanik? Durduzaturik nauka gutun hori ontsa izkiriatzen ez jakiteak: ohartuko da, ordea, ez dela nire hutsa; eta bertzalde segur naiz nirea izateagatik beretik, laketuko zaiola betiere.
Adio, adiskide maitea. Oker ari naizela iruditzen bazaizu, erraidazu; baina ez dut uste. Dancenyri izkiriatzeko unea hurbiltzen ari den heinean, bihotza taupadaka ari zait ezin sinetsizko eran. Haatik behar dut egin, zeren hitz eman baitiot. Adio.
...tik, 17**ko abuztuaren 20an.
XIX. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI
Hain zinen tristerik, atzo, jauna, eta ni horrenbertze atsekabetzen ninduen horrek, non makurtu bainaiz izkiriatu zenidan gutunari erantzunen niola zuri hitz ematera. Egungo egunean orobat uste dut ez dizudala erantzun behar: haatik, nola hitz eman baitizut, ez dut hitza jan nahi, eta horrek behar dizu frogatu zuri dizudan adiskidantza handia. Orain badakizunez, igurikitzen dut ez didazula hartzara zuri berriz izkiriatzea galdeginen. Igurikitzen dut halaber nehori ez diozula erranen izkiriatu dizudanik; zeren gaitzetsiko bainindukete segurki, eta horrek xangrina handia sor bailiezadake. Igurikitzen dut oroz gainetik zuhaurk izan ez dezazun nitaz uste makurrik, zeren horrek bertze edozerk baino gehiago atsekabetuko baininduke. Segur erran diezazuket ezen ez niokeela halako begirunerik agertuko zu ez bertze nehori. Estimu handitan nuke orain zauden bezala gehiago tristeturik ez egoteko begirunea zuk halaber agertuko bazenit; zeren bertzela zu ikusteak ematen didan plazer guztiaz gabetuko bainauzu. Ikusten duzu, jauna, zinez eta egiaz mintzo natzaizula. Ez dut gehiagorik galdatzen, non ez den gure adiskidantzak iraun dezan sekula betiko; ordea, arren otoi, ez gehiago izkiria.
Ohorez bainaiz,
CÉCILE VOLANGES
...tik, 17**ko abuztuaren 20an.
XX. GUTUNA
MERTEUILEKO MARKESAK VALMONTEKO BIZKONDEARI
Ah! Zital horrek, balakatzen nauzu, zutaz trufa eginen ote dudan beldur! Hots, ontarte hori eginen dizut: horrenbertze erokeria izkiriatzen dizkidazu, non lehendakariaren emazte horrek murgildua zauzkan zintzotasuna behar baitizut barkatu. Ez dut uste nire zalduna ni bezain bihozbera litzatekeenik; gizon horrek ez luke gure hitzarmena luzatzea onetsiko, eta ez luke deus plazerrik kausituko zure asmo eroan. Nik haatik gogotik egin dut irri, eta biziki haserrarazi nau bakar-bakarrik irri egin beharrak. Zu hemen izan bazina, ez dakit alaitasun horrek nora eramanen ninduen: gogoetatzeko astia izan dut ordea eta zorrotz jokatu dut. Ez uste nire ukoa sekulako denik; gerorako uzten dut ordea, eta arrazoi dut. Harrokeriaz ariko nintzateke agian, eta, behin jokoaren kilikak hartuz gero, ez da jakiten ahal non bara. Berriz izanen naiz estekatuko zaituen emakumea, lehendakariaren emazte hori ahanztera behartuko zaituena; eta nik, doilor honek, bertutetik gibelaraziko bazintuzket, zer eskandalua! Peril horretarik begira zaitezen, horra nire baldintzak.
Zeure debot eder hori eduki dezazun orduko, froga bat ekar ahal diezadakezun orduko, zatoz, eta zurea izanen naiz. Ordea jakin badakizu ezen, garrantzizko egitekoetan, frogak idatziz baizik ez direla hartzen. Abeniko horrez, batetik, sari bilakatuko naiz kontsolamendu izan ordez; eta ideia hori are laketago zait: bertzetik, zure erdiesteak zirrara handiagoa duke, desleialtasunari emanen baitio bide. Zatoz bada, zatoz ahalik lasterrena zure garaikundearen froga niri ekartzera: beren garaipenaren fruitu distirantak beren damaren oinetan ezartzera zetozen gure zaldun bihoztoien gisara. Serioski, jakinminak nago ahalketi batek zer izkiria dezakeen horrelako une baten ondoren, eta zer oihal ezartzen duen bere hitzen gainean, bere gorputza oihalez biluzia utzi ondoren. Zuk beharko duzu ikusi prezio garestiegia jartzen ote diodan neure buruari; baina aldez aurretik gaztigatzen dizut ez dudala deus ere beheitituko. Ordu arte, bizkonde maitea, on iritziko diozu neure zaldunari fidel jarrai nakion, eta liberti nadin hura zoriontsu egiten, nahiz horrek nahigabe doi bat eragin zuri.
Ez banintz haatik hain ohitura oneko emakumea, uste dut nire zaldun horrek balukeela, une honetan, aurkari arriskutsu bat; Volanges ttipiaz ari naiz. Haur horrek bihotza galdurik nauka: zinez grina handi bat da. Tronpatzen ez banaiz, haur hori arras gailenduko da modan dauden gure emakumeen artean. Haren bihotz ttipia bilakaeran dakusat, eta ikuskizun hori zoragarria da. Bortizki maite du jadanik bere Danceny; baina oraino ez daki deus horretaz. Mutilak ere, nahiz neska biziki maite duen, bere adinekoen herabetasuna du oraino, eta ez da sobera ausartzen neskari deus erratera. Bi-biak maitasunez zoraturik dauzkat niri buruz. Neska ttipiak batez ere gogo bizia du bere sekretua niri errateko; baditu bereziki egun batzuk zinez estutua ikusten dudala eta zerbitzu handia eginen niokeen doi bat lagundu izan banio: baina ez dut ahanzten haur bat dela, eta ez dut arriskatu nahi. Danceny zertxobait argiago mintzatu zait; baina, harez den bezanbatean, egina dut hautua, ez diot aditu nahi. Neska ttipi horrez den bezanbatean, neure ikasletzat hartzeko tentatua naiz sarri; Gercourti zerbitzu hori egiteko irrikan nago. Nahikoa asti utzi dit, urria arte Korsikan izanen baita. Hartua dut asti horrez baliatzeko xedea, bai orobat, egoiliar laño horren ordez, emakume guztiz gertutu bat hari ematekoa. Zer segurantza mutiria du bada gizon horrek, ausartzen baita lasai lo egitera, badelarik emakume bat oraino mendekatzeke, harez zer arranguraturik badukeena. Hara, neska ttipi hori une honetan hemen balego, ez dakit zer ez niokeen erranen.
Adio, bizkonde; gabon eta garaikunde on: baina, Jainkoarren, aitzina zaitez bada. Egizu kontu ezen emakume hori edukitzen ez baduzu, bertzeak lotsatuko direla zu eduki izanaz.
...tik, 17**ko abuztuaren 20an.
XXI. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Azkenean, adiskide ederra, urrats bat aitzina egin dut, urrats bat zinez handia, zeinak jomugaraino eraman ez banau ere, jakinarazi baitit bederen bide onean naizela, eta aienatu baitit berebat desbideratzeko nuen beldurra. Neure maitasuna aitortu dut azkenik; eta nahiz emakume horrek denik eta isiltasun setatsuena gorde duen, erdietsi dut harengandik erantzunik agian nahasmen gutxiena duena eta balakariena berebat: baina ez gakizkien gertakariei aitzindu, eta itzul gaitezen hasierara.
Oroituko zara nire ibiliak barrandatuak zirela. Hots bada! Nahikatu dut eskandaluzko bide hori guztien onbiderako izan zedin, eta horra zer egin dudan. Manatu diot neure isilmandatariari bila ziezadan, inguruotan, laguntza behar zezakeen dohakaberen bat. Mandatu hori ez zen zaila betetzeko. Atzo arratsaldean, isilmandatari horrek jakinarazi zidan ezen gaur goizean zerga ezin ordain zezakeen familia oso baten altzariak bahitu behar zituztela. Segurtatu nintzen etxe horretan ez zedin izan adinagatik edo gorpuzkeragatik nire ekintza susmagarria bihur zezakeen ezein neskatila edo emakumerik; eta, argibide guztiak izan nituenean, afalorduan erran nuen biharamunean ehizara joateko asmoa nuela. Izan nadin hemen zuzen eta bidezko lehendakariaren emaztearekin: dudarik gabe bazuen hark bihotz zimikorik eman zituen manuengatik; eta, ez baitzuen bere jakinmina garaitzeko indarrik, izan zuen bederen nire nahiari kontra egiteko aski indar. Bero gehiegi eginen omen zuen; eri gertatzeko arriskutan nengokeen; ez nuen deus hilko eta alferretan nintzen akituko; eta, solas hori bitartean, haren begiek, ausaz hark nahi baino hobeki mintzo baitziren, aski adierazten zidaten nahi zuela arrazoi makur horiek nik ontzat har nitzan. Ez nuen men egiteko ezein asmorik, igerriko zenionez, eta gisa berean aihertu nintzaion ehizaren eta ehiztarien kontrako marmarraldi ttipi bati, eta, begitarte zerutiar hura, afalondo osoan, ilundu zuen beltzuri laino ttipi bati. Beldur izan nintzen une batez bere manuak ez ote zituen atzera botako, eta haren adeitasunak ez ote zidan kalte eginen. Ez nuen kalkulatzen emakume baten jakinmina; hein hartaraino nintzen tronpatua. Neure sehiak gau hartan berean lasaitu ninduen, eta gogobete oheratu nintzen.
Goizean goizik iratzarri naiz eta abiatu. Gaztelutik berrogeita hamar bat urratsera, neure barrendari hura atzeman dut niri jarraika. Hasi naiz ehizan eta landan barrena abiatu naiz heldu nahi nuen herrira buruz; ez harturik bidean bertze plazerrik jarraika ari zitzaidan arlote hari korrika ibilaraztea izan ezik, eta nola ez baitzen bidetik saihestera ausartzen, maiz egiten zuen, lasterka bizian, nik baino hiru bider tarte luzeagoa. Hura neurtzearen bortxaz, nihaur ere arras berotu naiz, eta zuhaitz baten azpian eseri naiz. Lotsagabe hori ez zait bada nigandik hogei urratsera ere ez zegoen sastraka baten gibelean gerizatu, eta han eseri hura ere? Hari fusilaz tiro egiteko tentatua izan naiz une batez, halatan, perdigoi hutsez kargatua baitzen, aski jabetuko baitzen jakinminak dakartzan arriskuez: beharrik harentzat, gogoratu zait baliagarria ez ezik, beharrezkoa ere banuela neure asmoetarako; gogoeta horrek salbatu du.
Bitartean herrira heldu naiz; abarrotsa dakusat; aitzinatu naiz: egin dut galde; gertatu dena kontatu didate. Zergabiltzailea etorrarazi dut; eta, nire gupida eskuzabalari amore emanik, berrogeita hamasei libera ditut prestuki ordaindu, diru kopuru hori zela kausa amilduak baitziren bortz presuna hondamendira eta etsipenera. Egintza hain xume horren ondoren, ez dezakezu pentsa ikusliarrek zer nolako bedeinkazio hotsak atera dituzten nire inguruan! Zer nolako eskertza malkoak isurtzen ziren familia hartako aitzindari zaharraren begietarik, eta nola edertzen zioten aitalehen aurpegi hura, etsipenaren zantzu krudelak instant bat lehenago arras higuingarri bihurtua. Ikuskizun hari miraz so nengoen, eta horra non bertze laborari gazteago batek, emakume bat eta bi haur eskutik heldurik zekartzala, urrats bizkorrez nigana hurbildurik, erran dien: «Eror gaitezen guztiok Jainkoaren irudi honen oinetara»; eta une horretan berean, familia hori nire inguruan bildua zen, ahuspez nire belaunetan. Neure ahulezia dut aitortuko; begiak malkoz zaizkit busti, eta sentitu dut neure baitan bultzada bat, gogoz bertzerakoa, baina zoragarria. Harriturik nintzen ongia egiteak ematen duen plazerraz; eta badut susmoa guk jende bertutetsutzat dauzkagun horiek ez ote duten bere buruaren atseginez erran ohi diguten bezainbat merezimendurik. Nolanahi ere den, bidezkoa iruditu zait jende errukarri haiei eman berri zidaten plazerra ordaintzea. Hamar luis neramatzan aldean; eman egin dizkiet. Horra non eskertzak berriz hasi diren, baina ez ziren jadanik arestian bezain bihotz-erdiragarriak: premiak ondorio benetakoa sortu zuen, ondorio handia; gainerakoa ez zen esker oneko eta harridurazko adierazpen soil bat baizik, balio urriko dohainen truk.
Bizkitartean, familia horren bedeinkazio eleketarien erdian, iduri nuen ez gutxi drama bateko heroi bat, bururatze agerraldian. Sumatuko zenuen jende saldo horren artean nire barrendari leial hura zegoela. Nire xedea betea zen: han utzi ditut guztiak oro, eta gaztelura itzuli naiz. Oro kalkulaturik, bozkarioak egiten ditut neure asmakizunaz. Emakume horrek merezi du dudarik gabe ni horrenbertze arduratzea; ardura horiek dirateke egunen batean hari erakutsiko dizkiodan agiriak; eta, aldez aurretik ordaindu baitiot, nolabait, baduket harez neure gogara baliatzeko eskubidea, neure buruari batere erantzukirik egin behar izan gabe.
Ahantzi zait erratea ezen, oroz baliatzeko, eskatu diedala jende on horiei egin diezaioten Jainkoari otoitz nire xedeen alde. Ikusiko duzu ea haien otoitzak aldez bederen jadanik adituak izan ote diren... Erraten didate ordea afaria prest dela, eta beranduegi litzateke gutun hau bidaltzeko, baldin gutuna hertsi eta afaltzera joanen ez banintz. Beraz, gainerakoa hurrengoan postaz. Samurturik naiz, gainerakoa baita hoberena. Adio, adiskide ederra. Ebasten didazu une batez hura ikusteko plazerra.
...tik, 17**ko abuztuaren 20an
XXII. GUTUNA
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VOLANGES ANDREARI
Dudarik gabe on idurituko zaizu, andrea, Valmont jaunaren ezaugarri bat ezagutzea, alde handia baitu, nire ustez, zuri irudikatu dizkizuten horiekin. Hain baita dolugarria nornahi begitan hartzea, hain gogaikarria bizioak baizik ez kausitzea bertutea maitarazteko behar diren dohain guztiak dauzkaketenen baitan! Ororen buruan zuri horren laket zaizu bihozberatasunez aritzea, non iritzi zorrotzegi bat aldatzeko arrazoiak zuri emanik plazer handia har baitezakezu. Valmont jaunak ontarte hori, erranen ere nuke kasik bidezkotasun hori, igurikatzeko eskubidea badukeela iruditzen zait; eta horra zergatik dudan hori uste.
Egina du, gaur goizean, inguruotan asmo gaiztoren bat baduela pentsatzeko bidea eman zezakeen horietako txango bat, hala nola zuri bururatu baitzitzaizun; eta burutazio hori damu dut halaber azkarregi neurenagatu izana. Beharrik harentzat, eta batez ere beharrik guretzat, zeren bidegabeak izatetik salbatzen baikaitu, nire sehi batek haren bide beretik joan behar zuen; eta era horretan ase dut neure jakinmin gaitzesgarria, baina zorionekoa. Sehi horrek mezutu digunez, Valmont jaunak kausiturik ...ko herrian asturugaitzeko familia bat, zergak ezin ordaindu ahal izateagatik altzariak saldu behar zizkiotena, ez soilik lehiatu da dohakabe jende horien zorra kitatzera, orobat eman die munta handiko diru kopuru bat. Nire zerbitzaria egintza bertutetsu horren lekuko izan da; eta mezutu dit orobat nola herritarrek, haien artean eta nire sehiarekin solasean, erran zioten sehi batek, zeina izendatu baitute, eta nire sehiak uste baitu Valmont jaunarena zela, argibideak eskatu zituela atzo laguntzarik behar zezaketen herri hartako biztanleez. Baldin hori horrela bada, ez da soilik erruki iragankor bat, egokierak baldintzatua: da ongia egiteko asmo gogoetatua; da onginahiaren karra; da arimarik ederrenaren bertuterik ederrena: baina, izan asturu edo izan asmo finko, betiere da egintza onest eta laudagarri bat, aditzetik beretik malkoak isurtzeraino hunkitu nauena. Erranen dut orobat, eta betiere bidezkotasunez, ezen egintza hartaz mintzatu natzaiolarik, hark ez baitu aipatu ere egin, egintza hura ukatzetik hasi dela, eta azkenik aitortu duelarik iduri zuen hain balio gutxi ematen ziola, non haren apaltasunak merezimendua bikoizten baitzion.
Orain, erraidazu, adiskide agurgarria, Valmont jauna ezin zentzatuzko libertin bat ote da? Baldin hala bada eta horrela jokatzen badu, jende prestuei zer geldituko zaie? Zer! Gaiztoek zintzoekin banatuko lukete ongia egiteak dakarren plazer sakratua? Jainkoak utziko luke familia bertutetsu batek gaiztagin baten eskutik har zitzan Jainkoaren beraren probidentziari eskertuko lizkiokeen laguntzak? Eta atseginez entzunen lituzke aho garbiek gizon makur bat bedeinkazioz betetzen? Ez. Nahiago dut sinetsi ezen hutsegiteak izanagatik luzeak ez direla eternalak; eta ez dezaket pentsa ongia egiten duena bertutearen etsai denik. Valmont jauna ez da agian harremanen arriskuaren bertze etsenplu bat baizik. Laket zaidan ideia horretan baratzen naiz. Baldin, batetik, balio baleza Valmont jauna zure gogoan justifikatzeko, hainbat baliosagoa egiten du, bertzetik, zuri sekula betiko atxikia naukan adiskidantza amoltsua.
Ohorez bainaiz, etab.
P.S.— Orain berean Rosemonde andrea eta biok familia zintzo eta dohakabe hori ikustera goaz, eta gure laguntza berantiarra Valmont jaunarenari eranstera. Jende on horiei emanen diegu bederen beren ongilea berriz ikusteko plazerra: hori baita, nire iduriko, Valmont jaunak utzi digun egiteko guztia.
...tik, 17**ko abuztuaren 20an.
XXIII. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Gaztelura heldu nintzenean geldituak ginen: berriz ekinen diot kontakizunari.
Garbiketa labur bat egiteko astia hartu baizik ez, eta egongelara joan nintzen, non nire eder hura tapiz bat egiten ari zen, hango apaizak nire izeba xaharrari kazeta irakurtzen zion bitartean. Ehundegiaren ondora joan nintzen esertzera. Behakoek, ohi baino eztiagoak baitziren, eta kasik ferekuzkoak, berehala asmarazi zidaten sehiak kontu emana zuela jadanik bere eginkizunaz. Alabaina, nire emakume atsegin eta zelatari hark ezin izan zuen gehiagoz gorde ebatsia zidan sekretua; eta, artzain agurgarri baten hitz-jario haatik prediku bat zirudiena eteteko beldurrik gabe: «Badut nik ere berririk kontatzeko», erran zuen; eta berehala nire abentura kontatu zuen, kontalari zuhur hari zegokion zehaztasunaz. Pentsa dezakezu neure apaltasun guztia baliatu nuela: baina nork geldiaraz lezake bere maitearen laudorioa, ezbairik ere gabe, egiten ari den emakumea? Egiten uzteko xedea hartu nuen beraz. Erran zitekeen santu baten goresmena ari zela egiten. Bitartean, so nengoen, ez esperantzarik gabe, haren behako biziek, haren egonkera libroago bihurtuak, eta oroz gain ahots doinu hark, dardarizo jadanik sumagarriaz haren arimaren zirrara salatzen baitzuen, amodioari eskaintzen zioten guztiari. Solasa bukatu zuen orduko: «Zatoz, iloba», erran zidan Rosemonde andreak; «zatoz, besarka zaitzadan.» Berehala ohartu nintzen predikari eder hura ezin begiratuko zela orobat besarkatua izatetik. Ihes egin nahi izan zuen hala ere; laster zen ordea nire besoetan; eta, aihertzeko indarra izatetik urrun, doi-doia gelditzen zitzaion zutik egoteko bezainbat indar. Zenbatenaz emakume horri so egon, hanbatenaz dut hura desiratzenago. Bizkor itzuli zen bere egitekora, eta, tapizari berriz ekina zelako itxura zuen mundu guztiarentzat; ni ohartu nintzen ordea bere esku dardaratiak ez ziola lanean jarraitzen uzten.
Bazkalondoan, emakumeek joan nahi izan zuten nik hain debozio handiz artatu nituen dohakabe haiek ikustera; ni eraman ninduten lagun. Esker on eta laudoriozko bigarren gertaldi horren asperretik begiratuko zaitut. Nire bihotzak, oroitzapen zoragarri batek hertsatua, berantetsia du gaztelura heltzeko unea. Bidean, lehendakariaren emazte eder hark, ametsari ohi baino emanago, ez zuen deusik erran. Egun hartako gertakariak eragin zuen ondorioa neure alde baliatzeko bideak aurkitu nahiak osoki hartua nindukanez, ni ere isilik nengoen. Soilik Rosemonde andrea ari zen hizketan eta ez zuen gugandik erantzun bakan eta laburrik baizik hartzen. Asperturik behar zuen gurekin: hori zen nire asmoa, eta betea zen. Beraz, zalgurditik jaitsirik, bere gelara joan zen, eta nire eder hura eta biok buruz buru utzi gintuen, gela argiz eskastu batean; ilunbe eztia, amodio herabearen bihotz-berotzailea.
Ez nuen solasa nik nahi nuen xedera bideratu beharrik izan. Predikari amoltsu haren karra neure trebezia baino hobeki baliatu zitzaidan. «Ongia egiteko guztiz ere nor izaki», erran zidan, haren behako eztia nigan pausaturik: «zergatik gaizkiari emana bizi?» — «Ez dut merezi», erantzun nion, «ez laudorio hori, ezta gaitzespen hori ere; eta ez dezaket uler nola, adimenez hain ernea zarenez, ez nauzun oraino igerri. Zuri fidaturik kaltetua gerta banendi ere, nire fidantzia sobera merezi duzu, ezin beraz uka diezazuket. Nire jokabidearen gakoa izaera ondikotz errazegi batean kausituko duzu. Ohitura gaiztoko jendeak nituen inguruan, eta haien bizioak imitatu nituen; lehiatu nintzen hantustez agian jende haiek gainditzera. Bertuteen etsenpluak gisa berean hemen bainau liluratu, entseiatu naiz bederen zuri jarraitzera, zure parera heltzea iguriki gabe. E! Gaur laudatzen didazun egintzak ausaz bere balio guztia galduko luke zuretzat, baldin egintza horren benetako arrazoia jakin bazeneza! (Ikusten duzu, adiskide eder horrek, egiatik zenbatez ere nintzen hurbil.) Neure laguntza», erran nuen gero, «ez didate dohakabe horiek niri zor. Zuk egintza laudagarri bat ikusi uste duzun lekuan, nik ez nuen laket izateko bide bat baizik bilatzen. Ez nintzen, hala behar baita erran, goresten dudan Jainkoaren eskumakil ahula baizik. (Orduan solasa eten nahi izan zidan; baina ez nion astirik utzi.) Une honetan berean», gaineratu nuen, «neure sekretua ez zait ahuleziagatik baizik itzurtzen. Isilean gordeko nizula hitz emana nion neure buruari; bozkariotan nintzen egin izanaz, nola zure bertuteari, hala zure xarmari, eskaintza garbi bat zuk nehoiz ezagutuko ez zenuena; baina, ez bainaiz engainatzeko gauza, begien aitzinean dudalarik xalotasunaren etsenplua, neure buruari ez diot erantzukirik jadanik eginen zurekin ezkutukerian ibiltzeagatik. Ez uste esperantza gaizto batez iraintzen zaitudanik. Maluros izanen naiz, badakit; baina neure sofrimenduak maiteko ditut; neure amodioaren soberania frogatuko didate; neure atsekabeak zure oinetan, zure altzoan, ditut ezarriko. Handik ditut aterako berriz sofritzeko indarrak; han dut kausituko ontasun errukarria, eta kontsolaturik naizela usteko dut, zeren deitoratuko bainazu. O, nire maite horrek! Adi nazazu, deitora nazazu, eman zeure laguntza!» Bizkitartean belauniko nintzen haren aurrean, eta haren eskuak neureetan tinkatzen nituen: hark ordea, eskuak bet-betan gibelatuz, eta etsipenaren itxuran begien aurrean eskuak gurutzatuz, oihukatu zuen: «Ah! Nire dohakabea!»; gero malkotan lehertu zen. Beharrik, neure baitatik hain nintzen bertzeratua, non ni ere negarrez ari bainintzen; eta, haren eskuak berriz atxikirik, malkoz bustitzen nituen. Izari hori behar-beharrezkoa zen; zeren Tourvel andrea hain zen bere oinazeari emana, non ez baitzen nireaz ohartuko, baldin ez banu hari gaztigatzeko bide hura aurkitu. Horrez gainera, neure gogara aztertzen ahal nuen halatan begitarte xarmant hura, malkoen lilura ahaltsuaz are ederragotua. Burua berotzen ari zitzaidan, eta neure buruaren nagusigoa hain nuen galdua, non une hura baliatzeko tentatua izan bainintzen.
Zein da bada gure ahulkeria? Zein da zernolakoen nagusigoa, baldin nihaur, neure asmoak ahantzirik, arriskatu banaiz, garaipen goiztiar bat erdieste aldera, gudaldi luzeen xarma eta hondamen deitoragarri baten zertzeladak galtzera; baldin, mutil gazte baten desiraz liluratua, bururatu bazait Tourvel andrearen garailea arriskuan jartzea eta bertze emakume bat gehiago eduki izanaren abantaila geza bertzerik ez erdiarastea, bere lanen emaitza gisa! Ah! Errenda dadi, baina borroka dadi; garaitzeko indarrik ezean, izan beza aihertzeko indarra; bere gogara goza beza bere ahulkeriaren sentipena, eta izan bedi bere hondamena aitortzera behartua. Utz dezagun ezkutuko basa ehiztaria ustekabean harrapatu duen oreina hiltzen; benetako ehiztariak ordea oreina heriotzera behar du erakarri. Asmo hori ezinago gorena da, ez dea hala? Baina orain asmo horri ez jarraitu izanaz damurik egon nintekeen agian, zoria gertatu ez balitz nire zuhurtziaren laguntzaile.
Zarata entzun genuen. Egongelatik zetorren. Tourvel andrea, izuturik, itsumustuan altxa zen, hartu zuen suziri bat, eta irten zen. Joaten utzi behar izan nion. Zerbitzari bat baizik ez zen. Bertzerik ez zela ziurtatu nuen orduko, Tourvel andrearen atzetik joan nintzen. Ez nituen urrats batzuk baizik egin, eta horra non, dela nitaz ohartua zelako, dela halako izu sentimendu lauso bat izan zuelako, entzun nion nola ibilera azkartu, eta bere gelan sartu baino gehiago barnera oldartu eta atea hersten zuen. Hara joan nintzen; baina giltza barnetik jarria zuen. Ondo begiratu nintzen atea jotzetik; sobera erraz ihardukitzeko parada ematea zatekeen eta. Beharrik ideia sinple bat bururatu zitzaidan: sarraila zulotik behatzen saiatzea; eta han ikusi nuen emakume maitagarri hura belauniko, malkoz bustia, eta kartsuki otoitzean. Zein Jainkori deitzera ausartu zen? Amodioaren aurka badea aski Jainko ahaltsurik? Alferretan ari da orain arrotz laguntza eske: haren asturua nihaurk dut erabakiko.
Egun baterako aski eta sobera egina nuela iritzirik, gelaratu nintzen ni ere eta zuri izkiriatzen hasi. Igurikitzen nuen emakume hura afalorduan berriz ikustea; baina ondoezik zela eta oheratua zela erranarazi zuen. Rosemonde andreak haren gelara nahi izan zuen igan, baina eri maltzur hark jarri zuen nehor ikustea galarazten zion buruko min baten estakurua. Pentsa dezakezunez, afalondoko bilkura laburra izan zen, eta ni ere buruko minez nintzen orobat. Neure gelara erretiraturik, gutun luze bat izkiriatu nuen zorroztasun hura deitoratuz, eta oheratu nintzen, gutuna gaur goizean igortzeko asmoz. Gaizki lo egin dut, gutun honen data ikusiz igerriko zenionez. Iratzarri naiz, eta berrirakurri dut karta. Ohartu natzaio ez naizela aski neurritsua izan, suharra gehiago nerakusala amodioa baino, eta haserrea gehiago tristura baino. Berridatzi beharko dut; baina lasaiago behar nuke egon.
Argi azkorria sumatzen dut, berarekin dakarren freskurak lokarraraziko ahal nau! Ohera noa berriz; eta, zein ere den emakume horren nagusigoa, hitz ematen dizut ez naizela harez hainbertze arduratuko, non ez baitzaidan zugan asko pentsatzeko astirik geldituko. Adio, adiskide ederra.
...tik, 17**ko abuztuaren 21ean, goizaldeko 4 orenetan.
XXIV. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEARI
Ah! Erruki, andrea, jabal ezazu, otoi, nire arimaren asaldura; erraidazu, otoi, zer behar dudan iguriki edo zerk behar nauen izutu. Bozkariozko soberaniaren eta zorigaitzezkoaren artean, zalantza oinaze krudela da. Zergatik mintzatu natzaizu? Ezin aurre egin niezaiokeen neure pentsamenduak zure helmenean utzarazten zizkidan halabeharrezko lilurari? Zu isilean biziki maitatzeari askietsirik, neure amodioaz gozatzen nuen bederen; eta sentimendu garbi hori, zure oinazearen irudiak oraino asaldatu gabea, aski zitzaion nire zorionari: bozkario iturri hori etsipen iturri bilakatu da ordea, malkoak isurtzen ikusi zaitudanez geroztik; Ah! Nire dohakabea! krudel hori entzun dizudanez geroztik. Andrea, bi hitz horien oihartzunak luzaroan iraunen du nire bihotzean. Zer nolako asturugaitzaz, sentimendurik eztienak ez diezazuke beldurra baizik sor? Zein da bada beldur hori? Ah! Ez hain zuzen sentimendu hori zeureganatzeko beldurra: zure bihotza, nik ondo ezagutzen ez dudana, ez da amodiorako egina; nirea, zuk etengabe gaitzesten duzuna, soilik hura da sentikorra; zurea errukigabea da. Hori hala ez balitz, ez zeniokeen hitz kontsolagarri bat ukatuko bere sofrimenduak kontatzen ari zitzaizun dohakabeari; ez zintzaizkiekeen haren behakoei itzuriko, zu ikusteko plazerra baizik ez duelarik; ez zinatekeen haren kezkaz krudelki jolastuko, eri zinela hari iragarririk zure osasunaz argibideak hartzera joatera utzi gabe; eta sentituko zenukeen gau hura bera, zuretzat ez baitzen hamabi oreneko atsedena baizik, dolorezko gizaldi bat izanen zela harentzat.
Zergatik, erraidazu, merezi izan dut zorroztasun suntsitzaile hori? Ez naiz zu jujetzat hartu beldur: zer egin dut bada? ez bada amore eman edertasunak sortu eta bertuteak justifikatzen duen sentimendu gogoz kontrako bati; errespetuz neurritsua betiere, eta fidantziaren eta ez esperantzaren ondorioz tolesik gabe aitortua izan zena: iduriz zuk eman bide didazun eta nik neurririk gabe men egin diodan fidantzia hori tradituko zenuke? Ez, ez dezaket sinets; litzateke hobenik baduzula uste izatea, eta zugan ezeinik kausi dezakedala pentsatzetik beretik bihotza zait iraulkatzen: neure liskarrak gezurtatzen ditut; izkiriatzen ahal nituen, ez ordea pentsatzen. Ah! Utz nazazu betegina zarela uste izaten, hori baita gelditzen zaidan plazer bakarra. Betegina zarela froga iezadazu zure laguntza eskuzabala niri emanik. Dohakaberik lagundu ote duzu, zure laguntza nik bezainbat behar zezakeenik? Ez nazazu utz murgilarazi nauzun eldarnioan: maileguz emaidazu zeure arrazoia, bortxaz kendu baitidazu neurea; zentzatuko nauzun orduko, argi nazazu zeure lana bururatzeko.
Ez zaitut engainatu nahi, ez zara sekula nire amodioa garaitzera helduko; amodio hori arautzen erakutsiko didazu ordea: nire urratsak gidatuz, nire hitzak diktatuz, salbatuko nauzu bederen zuri laket ez izateko zorigaitz lazgarritik. Aiena ezazu batez ere beldur etsipengarri hori; erraidazu barkatzen didazula, urrikaldu zatzaizkidala; emaidazu zeure bihozberatasunaren segurantza. Sekula ez dukezu nik nahi nukeen guztia; arrenka galdatzen dizut ordea behar dudan urria: ukatuko didazu?
Adio, andrea, har ezazu ontasunez nire sentimenduen eskaintza; ez dio deus kalterik egiten nire errespetuaren eskaintzari.
...tik, 17**ko abuztuaren 20an.
XXV. GUTUNA
VALMONTEKO BIZKONDEAK MERTEUILEKO MARKESARI
Hona atzoko berri.
Hamaika orenetan Rosemonde andrearen gelan sartu nintzen; eta, haren gerizpean, sarrarazi ninduten ustez eri zenaren gelan, oraino ohean baitzen. Betondoak arrunt ubelduak zituen; nik bezain gaizki lo eginen ahal zuen hark ere! Baliatu nuen Rosemonde andrea urrundua zen une bat eriari neure gutuna emateko: ez zuen hartu nahi izan; ohe gainean utzi nuen ordea, eta zintzo bada zintzo joan nintzen neure izeba xaharrari besaulkia hurbiltzera, bere haur maitearen ondoan nahi baitzuen egon: emakume hark gutuna gorde behar izan zuen eskandalurik sor ez zedin. Eriak moldakaizkiro erran zuen ustez sukar pixka bat bazuela. Rosemonde andreak eriari pultsua hartzera behartu ninduen, nire medikuntza ezagutzak arras goraturik. Besoa nire esku utzi beharrak eta bere gezur ttipi hura sumatua izanen zela jakiteak nahigabe bikuna sortu zion beraz nire eder hari. Alabaina, eskua hartu nion eta tinkatu nuen neure esku batez, bertzeaz beso fresko eta guri hura aztertzen nion bitartean; andre maltzur hark ez zuen deusik erantzun, halatan non harengandik gibelaturik erranarazi bai-tzidan: «Ez zaio zirrara fitsik sumatzen.» Zorrotz susmoa hartu nien haren behakoei, eta, zigor izan zekion, ez nituen bilatu: handik berehala, jaiki nahi zuela erran zuen, eta bakarrik utzi genuen. Bazkaltzera agertu zen, baina bazkaria tristea izan zen; iragarri zigun ez zela promenatzera joanen, horrek erran nahi baitzuen ez nukeela harekin mintzatzeko egokierarik. Iruditu zitzaidan hasperen bat behar nuela egin eta behako oinazezko bat behar nuela une hartan agertu: dudarik gabe igurikitzen zituen, egun osoan hura izan baitzen haren begiak aurrez aurre ikusteko izan nuen aukera bakarra. Hainbat nola baita zintzoa, baditu hala ere bere jukutria ttipiak bertze edozein emakumek bezala. Nire asturuaz argitasunik emateko ontartea egin ote zidan hari galdegiteko unea kausitu nuen, eta harritu samar entzun nion erantzuten: Bai, jauna, izkiriatu dizut. Gutun hori hartzeko irrika bizian nintzen; baina dela oraino jukutriaz, edo dela moldakaizkeriaz, edo herabetasunez, ez zidan gutuna arratsa arte eman, gelara joan zen unea arte. Gutun hori igortzen dizut neure gutunaren zirriborroarekin batera; irakurri eta juja: ikus nolako faltsukeria nabarmenaz erraten didan ez dela amorosturik, alderantziz dela ziur naizen arren; eta arranguran datorke halaber baldin gero engainatzen badut, nahiz ez duen ni aldez aurretik engainatzeko beldurrik! Adiskide ederra, gizonik trebeenak aski lan badu oraino emakumerik zintzoenaren heinera heltzeko. Ergelkeria horiek guztiak sinesten ditudalako itxurak beharko ditut bada egin, eta etsipenez beharko naiz akitu, andre horrek zorrotz antzean ibiltzea laket duelako! Nola ez naiz mendekatuko makurkeria horiez... Ah! Pazientzia har dezadan... baina adio. Oraino asko izkiriatu beharrean naiz.
Izan ere, bihotz-gogor horren gutuna itzuliko didazu; gerta liteke hark aurrerago miseria horiek balioetsi nahi izatea, eta arauz eta legez behar da jokatu.
Ez dizut Volanges ttipia aipatzen; bertze egunen batean mintzatuko gara neska horrez.
Gaztelutik, 17**ko abuztuaren 22an
XXVI. GUTUNA
TOURVEL LEHENDAKARIAREN EMAZTEAK
VALMONTEKO BIZKONDEARI
Hain segur ere, jauna, ez zenuke nigandik ezein gutunik hartuko, baldin atzo arratseko neure jokabide ergelak ez banindu behartuko gaur zuri argibideak ematera. Bai, negar egin nuen, aitor dizut: baliteke halaber zuk hagitz artoski aipatzen dizkidazun bi eleok niri itzuriak izatea; malkoak eta eleak, oro hauteman dituzu; oro behar zaizu bada argitu.
Sentimendu zintzoak baizik ez sorraraztera ohitua bainaiz, ahalke gorritu gabe entzun ahal ditudan hitzak baizik ez aditzera, merezimendu osoz erdietsi uste dudan segurantzaz gozatzera; sentitzen ditudan zirrarak ez dakizkit ez disimulatzen, ez gudukatzen. Zure jokabideak sortu didan harridura eta ezinegona; halako nik dakita zer beldur, niri sekula gertatu behar ez zitzaidan egoera haren eraginez; ausaz zuk erdeinatzen dituzun emakumeekin nahasiko eta haiek bezain arinki tratatuko ote ninduzun ideia ezin jasanezkoa; kausa horiek guztiek bildurik malkoak sorrarazi ahal izan dizkidate eta erranarazi, neure ustez arrazoiz, dohakabea nintzela. Hitz hori, nahiz zuri sobera bortitza iruditu zaizun, ahulegia litzateke haatik, baldin nire malkoek eta nire hitzek bertze kausarik balute; baldin laidoztatu behar nauten sentimenduak gaitzetsi beharrean, sentimenduok neuretzeko beldurrez egon ahal banendi.
Ez, jauna, ez naiz horren beldur; baldin beldurrez banengo, ihesi nindoake zugandik ehun lekoara; basamortu batean gerizatuko nintzateke zu ezagutu izanaren malura negarretan deitoratzera. Ausaz ere, zu sekula ez maitatzeko segurantza osoa dudan arren, ausaz hobe nuke neure adiskideen kontseiluei jarraitzea; zu nigana hurbiltzen ez uztea.
Uste nuen, eta hori izan da nire hoben bakarra, uste nuen emakume onest bat errespetatuko zenuela, ez baitzuen galdatzen zu ere onest izatea eta zurekin egoki eta zuzen jokatzea baizik; jadanik defendatzen baitzintuen, zuk zeure desira gaiztoez laidoztatzen zenuen bitartean. Zuk ez nauzu ezagutzen; ez, jauna, zuk ez nauzu ezagutzen. Bertzenaz, ez zenukeen usteko hobenak eskubide bilaka zenitzakeenik: aditu behar ez nituen eleak erran dizkidazulako, ez zenukeen usteko irakurri behar ez nuen gutun bat niri izkiriatzeko baimena zenukeenik; eta zure urratsak gida ditzadan, zure hitzak dikta diezazkizudan galdatzen didazu! Hots bada, jauna, isiltasuna eta ahanztura, horra niri ematea komeni zaizkidan kontseiluak, nola zuri zaizkizun jarraitzea komeni; orduan, izanen duzu, alabaina, nire bihozberatasunaren eskubidea: zeure esku baizik ez zenuke nire esker onaren eskubidea ere erdiestea. Ez ordea, ez diot galderik eginen errespetatu ez nauenari; ez diot fidantziazko frogarik emanen nire segurantza neurriz gain baliatu duenari. Behartzen nauzu zuri beldur izatera, zu hastiatzera menturaz: nik ez nuen hori nahi; zugan ez nuen neure adiskiderik agurgarrienaren iloba baizik ikusi nahi; adiskidantzaren bozaz oldartu nintzaion gogor akusatzen zintuen boz publikoari. Oro suntsitu duzu; eta, aldez aurretik dakusat, ez duzu deusik ere konpondu nahiko.
Nahi dizut beraz, jauna, jakinarazi ezen zure sentimenduek laidoztatzen nautela, ezen sentimendu horien aitormenak iraintzen nauela, eta batez ere, sentimendu hori neuretzetik urrun, behartuko nindukezula zu sekula gehiago ez ikustera, baldin solasgai hori ez baduzu estaltzen nire ustez zugandik igurikitzeko, bai orobat zuri fermuki galdatzeko eskubidea badudan isiltasunaz. Gutun honekin batera doakizu zuk izkiriatu didazuna, eta zuk honako hau gisa berean itzultzeko ontartea eginen didazulakoan nago; zinez penaturik nintzateke existitu ere behar ez zen gertakari baten ezein aztarnarik geldituko balitz. Ohorez bainaiz, etab.
...tik, 17**ko abuztuaren 21ean
XXVII. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK MERTEUILEKO MARKESARI
Jainko jauna, zeinen ona zaren, andrea! Zeinen ontsa sumatu baituzu aiseago mintzatuko nintzaizula izkribuz, ezen ez bozez! Zeren eta erran behar dizudana oso zaila baita; baina adiskide zaitut, ez dea egia? O! Bai, adiskide txit mina! Saiatuko naiz ez beldur izaten; eta bertzenaz, hain nago zuhauren eta zure kontseiluen beharretan! Nahigabe handia dut, iruditzen zait mundu guztiak nire pentsamendua asmatzen duela; eta Danceny aurrean dudalarik batez ere, behatzen didan orduko ahalke gorritzen naiz. Atzo, negarrez ikusi ninduzunean, zuri mintzatu nahiagatik zen, eta bertzalde, nik dakita zerk mintzoa debekatzen zidan; eta zuk zer gertatzen zitzaidan galdegin zenidanean, malkoak gogoz kontra zitzaizkidan begietaratu. Ez nezakeen hitzik erran. Zu gabe, ama ohartuko zitzaiokeen, eta zer bilakatuko nintzen? Horra, haatik, nolakoa den nire bizimoldea, batez ere duela azken lau egunez geroztik!
Egun hartan berean, andrea, bai, erran eginen dizut, egun hartan berean Danceny jaun zaldunak izkiriatu zidan: O! Kausitu nuelarik haren gutuna, segur derraizut ez nekiela zer zen; baina, gezurretan ari ez nadin, ez dezaket erran plazer handirik hartu ez nuenik gutuna irakurtzen; ikusten duzu, nahiago nuke bizitza osoan atsekabetan eman, Dancenyk gutun hura izkiria ziezadan baino. Banekien ordea ez niola deusik erran behar, eta segur erran diezazuket berebat ezen haserre nintzela erran diodala Dancenyri: baina bera baino bortitzagoa dela erraten du, eta ni ados nago; zeren Dancenyri ez erantzutea deliberatu bainuen, eta ezin haatik gibelatu naiz hari izkiriatzetik. O! Behin baizik ez diot izkiriatu, bai izkiriatu ere, aldez, niri gehiago ez izkiriatzeko hari errateko: baina guztiarekin ere, behin eta berriz izkiriatzen dit; eta nola nik ez baitiot erantzuten, tristerik dela ikusten dut, eta orduan areago atsekabetzen naiz: hala non ez dakidan zer egin, ez nitaz zer izanen den, eta arras dohakabea naiz.
Erraidazu, arren otoi, andrea, gaizki egina legoke Dancenyri noizean behin erantzutea? Soilik niri ez izkiriatzeko erantzukizuna har ahal dezan arte, eta lehen ginen bezala egon ahal gaitezen arte: zeren, nik behintzat, horrela jarraituz gero, ez baitakit zer bilakatuko naizen. Hots, haren azken gutuna irakurriz, ezin bukatuzko negarrak egin nituen; eta ziur baino ziurrago nago ezen ez baldin badiot erantzuten, biziki garela penatuko.
Haren gutuna ere igorriko dizut, edo kopia bat bertzela, eta zuhaurk jujatuko duzu; ontsa ikusiko duzu ez duela deus gaiztorik galdatzen. Nolanahi ere, baldin uste baduzu ez dela zilegi, hitz ematen dizut hari izkiriatzetik begiratuko naizela; uste dut ordea akort izanen zarela nirekin, ezen ez dagoela horretan kalterik.
Solasbide horri heldu baitiot, andrea, utz nazazu bertze galdera bat egiten: errana didate norbaiten amoros izatea gaizki dagoela; baina zergatik da hori? Egiten dizut galdera hori, zeren, Danceny jaun zaldunak dioenez, horrek ez baitu neholaz ere makurrik, eta ia mundu guztia amoros omen baita; hori hala balitz, ez dut ikusten zergatik behar naizen ni izan horretarik begiratzen den bakarra; edota andereñoentzat baizik ez ote dago gaizki? Zeren amari berari entzuna baitiot erraten D... andrea M... jaunaz amorosturik zela, eta ez zuen aipatzen gaizki egina legokeen zerbait bailitzan; eta ziur naiz haatik ama nirekin samurtuko zela, Danceny jaunari diodan adiskidantzari hartuko balio susmorik. Gure amak ume baten gisa tratatzen nau betiere; eta ez dit fitsik erraten. Uste nuen, komentutik jalgiarazi ninduelarik, esposatzeko izanen zela; baina orain ezezkoan nago: ez uste horrek kezkatzen nauenik, zinez diotsut; zuk ordea, haren adiskide mina baitzara, zuk badakizu menturaz auzia zertan den, eta baldin badakizu, erranen didazulakoan nago.
Horra arras gutun luzea, andrea, baina zuri izkiriatzeko baimena eman baitidazu, baimen hori profitatu dut oro zuri kontatzeko, eta zure adiskidantzari nagokio.
Ohorez bainaiz, etab.
Parisen, 17**ko abuztuaren 23an.
XXVIII. GUTUNA
DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI
E! Zer, andereño, niri erantzuteko ukoan setatua zara oraino! Deusek ez zaitzake amore ematera makur; eta egun bakoitzak berarekin darama ekarria zuen esperantza! Zer da bada zuk gure artean iraun dezan onartzen duzun adiskidantza hori, baldin nire atsekabeaz zu sentikortzeko bezain ahaltsua ere ez bada; baldin hotz eta lasai bazauzka, ni aldiz ezin itzal dezakedan su baten doloretan hilduratua naizelarik; baldin hari ez fida izateaz gainera, ez bada halaber aski zu urrikitan sarrarazteko? Zer! Adiskidea oinazetan duzu eta ez duzu deus egiten hari laguntzeko! Ez dizu ele bat baizik galdatzen, eta zuk ukatzen diozu! Eta nahi duzu sentimendu sobera ahul hori askiets dezan, nahiz zu sentimendu hori hari berriz ziurtatzeko beldur zaren oraino!
Atzo erran zenuen ez zenukeela eskergabea izan nahi: ah! Sinets nazazu, andereño, amodioa adiskidantzaz ordaindu nahi izatea, ez da eskergabekeriaren beldurrez egotea, da eskergabearen itxura izateari berari zaion ikara. Ez naiz haatik gehiago ausartzen interesgarria ez baitzaizu zamatsua baizik gerta ez dakizukeen sentimendu batez zure denbora alferrik galaraztera; neure baitan beharko dut bederen sentimendu hori atxiki, hura menderatzen ikasi bitartean. Badakit egiteko hori zeinen gogorra izanen den; ez diot neure buruari ezkutatzen neure indar guztiak beharko ditudala; baliakizun guztiak baliatuko ditut: haien artean bada bat nire bihotzari gehien gostako zaiona, erran nahi baita zurea sentikaitza dela neure buruari maiz errepikatu behar izatea. Zu gutxiago ikusten ere saiatuko naiz, eta ari naiz jadanik horretarako estakuru egoki baten bila.
Zer! Galduko dut zu egunoro ikusteko ohitura eztia! Ah! Damukizun duket bederen sekula betiko. Zorigaitz eternala duket amodiorik amoltsuenaren sari; eta zure nahia izanen da, eta zuk sortua izanen da! Ez dut sekula, jakinaren gainean diot, gaur galtzen dudan zoriona berriz aurkituko; zu baizik ez zinen nire bihotzarentzat egina; zer nolako plazerraz eginen nukeen zuretzat baizik ez bizitzeko zina. Baina zuk ez duzu zin hori hartu nahi; zure isiltasunak garbi jakinarazten dit zeure bihotzak ez diotsula deusik nire alde; horra zure ezaxolatasunaren frogarik ziurrena, eta aldi berean hori niri iragartzeko manerarik krudelena. Adio, andereño.
Ez naiz erantzunik igurikatzera ausartzen; amodioak lehiaz izkiriatuko zukeen, adiskidantzak plazerrez, eta urrikiak berak ere agradamenduz: baina urrikia, adiskidantza eta amodioa berdin dira arrotz zure bihotzarentzat.
Parisen, 17**ko abuztuaren 23an
XXIX. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI
Baniotsun, Sophie, izkiriatzea zilegi dela kasu batzuetan; eta zinez diotsut zure iritziari jarraitu izana hagitz dolutzen zaidala, hainbat nola atsekabetu baikaitu Danceny zalduna eta biok. Arrazoi nuela frogatzeko, horra Merteuil andrea, zeina baita hori ontsa dakien andrea, azkenik nik bezala pentsatzera lerratua. Dena aitortu diot. Hasieran zu bezala mintzatu zait: baina dena azaldu diodan ondoren, deliberatu du oso gauza desberdina zela; soil-soilik eskatzen du neure gutunak oro eta Danceny zaldunarenak oro erakuts diezazkiodan, ziur egon nahi baitu ez dudala erran behar dudana baizik erranen; orain lasai nago beraz. Jainko Jauna, zenbat maite dudan Merteuil andrea! Hain da ona! Eta arras emakume agurgarria da. Beraz, ez dago zer erranik.
Nolako presaz izkiriatzera noakion Danceny jaunari, eta hura nola bozkariatuko den! Uste baino gehiago bozkariatuko da; zeren orain arte neure adiskidantzaz baizik ez nion hitz egiten, eta hark betiere nahi zuen neure amodioaz hitz egin niezaion; gauza bera zen nire ustez; baina azken finean, ez nintzen ausartzen eta Danceny horretan setaturik zen. Merteuil andreari erran diot hori guztia; arrazoi nuela erran dit, eta erran dit berebat ez dela batbederaren amodioa aitortu behar, aitortzetik gehiago ezin begiratu arte: alta bada, ziur naiz ez naizela neure amodioa aitortzetik luzaroan begiratzen ahalko; gauza bera da ororen buruan, eta honako hau areago laketuko zaio.
Merteuil andreak orobat erran dit horrez guztiaz mintzo diren liburuak utziko dizkidala, behar bezala jokatzen, eta halaber orain arte baino hobeki izkiriatzen irakatsiko didatenak: zeren, ikusten duzunez, neure hutsegite guztiak erraten baitizkit, horra biziki maite nauelako froga; gomendio bakarra eman dit, ez diezazkiodan liburu horiek amari aipa, zeren nire heziketaz sobera ezaxolatu dela irudiko bailuke, eta karia horretara haserre bailiteke. O! Ez diot fitsik erranen.
Bai harrigarria alabaina ahaide ttipia baizik ez dudan emakume bat nire ama baino gehiago arduratzea nitaz! Bozkarioak egiten ditut hura ezagutu izanaz!
Galdetu dio halaber amari ea etzi operara eraman nazakeen, haren palkora; han bakar bakarrik egonen garela erran dit, eta solasean ariko garela denbora guztian, nehork entzuteko beldurrik gabe: solasa nahiago nik opera bera baino. Nire ezteiez mintzatuko gara orobat: zeren zinez esposatzera noala erran baitit; baina horretaz ezin mintzatu ahal izan gara gehiago. Konparazione, ez dea bada txit harrigarria amak niri fitsik ez erran izana horretaz?
Adio, Sophie, Danceny zaldunari izkiriatzera noa. O! Pozaren pozez nago.
...tik, 17**ko abuztuaren 24an.
XXX. GUTUNA
CÉCILE VOLANGESEK DANCENY ZALDUNARI
Azkenean, jauna, makurtu naiz zuri izkiriatzera, neure adiskidantza, neure amodioa zuri segurtatzera, bertzela maluros baitzinateke. Bihotz onik ez dudala diozu; segur baino segurago derraizut oker zaudela, eta orain zalantza gehiagorik izanen ez duzulakoan nago. Izkiriatzen ez nizulako baldin bazaude atsekabetan, uste duzu ni ere ez nintzela orobat penetan? Baina ez nuke, neholaz ere, gaizki egina litzatekeen zerbait egin nahi; eta ez nuke orobat neure amodioa aitortuko, baldin aitortzetik begiratu ahal izan banintz: zure tristurak sobera penatzen ninduen. Orain ez ahal zara gehiago penatuko, eta izanen ahal gara arras zoriontsuak!
Igurikitzen dut gaur arratsean zu ikusteko plazerra izatea, goizik jinen ahal zara! Sekula ez ordea nik nahi bezain goizik. Amak etxean afalduko du, eta hemen gera zaitezen proposatuko dizula uste dut: ez ahal duzu bertze eginkizunik izanen herenegun bezala! Atsegina izan zen joatekoa zinen afari hura? Zeren goiz-goizik alde egin baitzenuen. Ez gaitezen ordea horretaz mintza: orain bai baitakizu maite zaitudala, ahal bezainbat geldituko ahal zara nire ondoan! Zeren zure ondoan baizik ez baitut bozkariorik, eta nahi nuke zu ere bozkariatsu izan zintezen.
Damu dut zu oraino triste egona, baina ez da nire errua. Jinen zaren orduko galdatuko dut harpa jo nahi dudala, nire gutuna ahalik lasterrena izan dezazun. Ez dezaket gehiagorik egin.
Adio, jauna. Oso maite zaitut, bihotz bihotzez; zenbatenaz erraten baitizut, hanbatenaz alegerago naiz; egonen ahal zara zu ere alegera!
...tik, 17**ko abuztuaren 24an.
XXXI. GUTUNA
DANCENY ZALDUNAK CÉCILE VOLANGESI
Bai, dudarik gabe, zoriontsuak izanen gara. Nire zoriona arras ziurra da, zeren maite bainauzu; zurea sekula ez da finituko, baldin iraunen badu zuk sorrarazi didazun amodioa bezainbat. Zer! Maite nauzu, ez zara jadanik zeure amodioa niri seguratzeko beldurrez! Zenbatenaz erraten baitidazu, hanbatenaz zara alegerago! Irakurri ondoren maite zaitut xarmangarri hura, zure eskuz idatzia, aditu dut zure aho ederra aitormen hori errepikatzen. Ikusi ditut begi xarmangarri horiek nigan finkatuak, amoltsutasunaren eiteak ederragotuak. Hartu ditut niretzat sekulako bizitzeko zure zinak. Ah! Har ezazu zuk ere neure bizitza osoa zure zorionari eskainiko diodalako nire zina; har ezazu, eta zaude ziur ez dudala tradituko.
Zer egun zoriontsua iragan genuen atzo! Ah! Merteuil andreak zergatik ez ote du beti sekreturik zure amari kontatzeko? Zain dugun estualdiaren ideia zergatik datorkit gogoan darabiltzadan oroitzapen zoragarriekin nahastera? Zergatik ez dezaket maite zaitut izkiriatu didan esku polit hori neure eskuetan etengabe atxiki, musuz estal, eta mendeka halatan ontarte handiago bat nik zuri galdaturik zuk egin didazun ukoaz!
Erraidazu, Cécile, zure ama itzuli zelarik; haren presentziak behartu gintuelarik elkarri behako ezaxolatuak baizik ez igortzera; zure amodioa niri ziurtaturik, ezin jadanik kontsola nintzakezularik amodio horren frogak niri eman nahi ez izanaz, ez duzu bada ezein damurik sentitu? Ez duzu zeure baitan erran: musu batez zoriontsuagoa izan zitekeen, eta zorion hori nik diot ebatsi? Hitz emaidazu, adiskide maitagarri horrek, lehen okasioan ez zarela horren zorrotza izanen. Promes horren laguntzaz, hartuko dut kuraia halabeharrak prestatu dizkigun makurbideak pairatzeko; eta zu ere sekretuaren jakinaren gainean zaudelako segurantzak eztituko ditu bederen gabezia krudel horiek.
Adio, Cécile xarmanta: hona zure etxera abiatzeko orena. Ezinen zintuzket utz, zu berriz ikustera joateko ez balitz. Adio, nire maite laztana! Beti eta beti are maiteko zaitudana!