Martin Duhalde

 

MEDITAZIONEAK GEI PREMIATSUENEN GAINEAN

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00397.htm

 

 

MEDITAZIONEAK
GEI PREMIATSUENEN GAINEAN

 

Zenbait abisuekin, othoitzekin

eta bizitzeko erregela batekin

 

Arima Jainkotiarren onerako
Baionako diozesako Eliza-gizon batek eginak

 

Baionan,

Cluzeau anaien baithan,
Jaun Aphezpikuaren Inprimatzaileak

1809

 

 

I. PARTEA

 

 

ABISUA

 

       Nola liburu hunen inprimazailiek ez baizakiten eskara, gesthatu zaiete huts ongisko egitea: bainan irakurtzaile eskalduna erretxki ohartuko da huts heitas eta haurkituko ditu gehijenak korreituak liburuaren akabantzan.

 

 

PREFAZIOA

 

       Uzte dugu Meditazione haujen agertzeak handizki lagunduko duen ezkaldun onen Jainkoaren alderako maithagunea. Egilea da ezagutua bere Jinkozko kharraz ta jakintasun hedatuaz. Gaztetasunetik, berthute ta jakitatez berezia zen, gorphutz bati iratxakia, bethi begiratu izan du hartako izpiritua, ta entzajatu haren ederretz-araztera barren artharen pean emanak izan ziren, ta elizari beiratzen zaiskon ezagutzetan argituak izan behar zirenei. Emaiten ohi zituen, theologiari ukhitzen zitzaiskon ezagutzpenak ziren laburrak, enganioz bilhuziak, gusiz argituak. Haren bizia, iztudioaren ta obra-onen artian partaiatua. Egiaren alkian, penitentziaren tribunalean, agertu izan zituen indar ta gantzudura berezi batzuek hanbat bekhatore bere baitan zar arazi, hainbat kordokadura zuntsi arazi, hanbat konsolazione gozo arima nekhatuetan eman izan zitusten. Perzekuzione baten frogantza luze ta gogor batzuren ondoan, onhetzia, maithatua, guziz errezpetatua Jaunaren probidentziak deitu izan zuen lekuan, ezin iharduki izan zioten, fidantzia zuhur ta hedatu baten ariaz maiteki hartu izan zituen nekhei. Gizon barnekoiaren xedearen enganatzea da haren laudorioaren egitea. Xede hura behar da izan errezpetatua haren orroitzapenaren gainean nigar egiten duen amudioaz, ta zeru goretan segitzen duen ezagutsaz. Gehienik onhetzia izanen den ezagutza datza, hark seinalatu izan darozkigun biden segitzean, ta bide hetan bortiztean. Zusenki, Izpiritu sainduaren dohain, ta sainduien ezkolan egin erran zituen ainsinamenduen fruitu batzuei bezala behatu behar zaioten meditazione hautan, bakotxak edirenen ditu haren ahotik gehiago adi ez daitezken konseilluiak, ta frogatuko, bizi zelarik, bihotzetan zor harazten zituien sentimendu Jainkozkoak... denborak ditu, obra hau ezagutzen zutenek galdegiten zutela hunon ager haraztia. Heien gutiziari amur emaiten diogu, ezperantzarekin guzientzat progotxoz izanen dela, Jaunaren ministrointzat, arima leialentzat bezalak. Agian hortarik ethor daiteken onak zerbait iratxakiko dio bethi bihotz-minekin orroituko garen gizon prestu eta Jainkotiarraren zorionari.

 

 

BIZITZEKO ERREGELA

MUNDUAN PRESTUKI BIZI NAHI DIRENENTZAT

 

 

AITZINEKO ABISUAK

 

       1. Erregelaren arabera bizi dena, Jainkoaren arabera bizi da, dio Jaundone Paulok. Nola Jainkoa berenaz baita arrimu ta orde zuzena bera, eta nola berak egin dituen guziak orderekin eta arrimurik ederrenean egin baititu, hagitz zaio lakhet guk ere gauza guziak egin detzagun erregelaren arabera, orderekin eta bakhotxa dagokon denboran eta gisan.

       2. Arimakotzat ere hagitz progotxos da bere egiteko guzietan erregelatua izatea, ta guziak egitea erregelaren arabera. Hortarat ematen dena, ezta errexki aldaratuko bere debozionezko egintz onetarik. Erregelaz orotan bidatzen dena, ohitzen da bere nahia hausten, eta hori ezin erran bezain phondu premiatsu bat da bizitze izpiritualekotzat. Erregelaren arabera biziko denak egunean askotan bere buruari bortxa egin beharko dio; ohean egon nahia, jaiki beharko da bere mugan, elheketan egon nahia, lanerat yoan beharko da; hulako lanean gostu gehienarekin hari denean, utzi beharko du, meditazionea egiteko edo ohera joateko; gauza bera bertze asko phondutan: bada nork bere buruari egiten diotzan bortxa horiek penitentzia guziz balios bat izanen dire. Erregelari behatzen bazaio, egin behar zaion bezala, Jainkoaren beraren nahiari bezala, eta Jainkoaren nahi saindua bethetzeko xede garbiz egiten badire erregelak seinalatzen dituenak. Guziak handizki baliaturen dire zerukotzat: bainan nork bere umorez, gostuz eta jaiduraz, eta Jainkoaren nahiari behatu gabe, egiten baditu ere berenaz ditezken gauzarik hoberenak eta baliosenak, zerukotzat alfer gerthatzen dire guziek.

       3. Arrazoin horiek gatik, asko arima prestu, Jainkoaren nahiaren arabera orotan bizi, ta seindutasuneko bide zuzenean aitzinatu nahi direnek; bizitzeko erregela bat galdetzen ohi diote bere bidariei edo direktorrei: horiek erakharri naute ni ere hauxe iskribuz ezartzerat, Jainkoaren loria ta arimen ona aitzinatu nahiz. Ikhusia da bizkitartean, eztitekela eman bizitzeko erregelarik, guzientzat, sehientzat eta etxeko umentzat, aitzindarientzat eta menekoentzat, aberatsentzat eta yende beharrentzat ongi joanen denik; hain dire batzu bertzeak ez bezalakoak munduko bizi-moduak ta hekiei datxeizkoten eginbideak: eztut beraz nik hemen ezarri, guziei edo behintzat gehienei ongi dohazkoten zenbait phondu premiatsu baizen, eta hek zenbait abisurekin, Jainkoaren  zerbitzuan eta bidetan oraino berri direnen onerako. Batbederak behar dituzken bertze abisu ta erregela bereziak galde diotzoke bere bidariari.

       4. Bizitzeko erregela bat hartu denean, leialki atxiki behar da phondu guzietan, batere utzi gabe, arrazoin handiz landan. Bertzela egitea liteke Jainkoaren alderako leialtasun eskas bat, handizki gaitzi lakiokena, eta arimakotzat asko ondore gaxto lukena. Hargatik San Frantses Salesek abisu ematen deraie yende prestuei, eztela hulako erregelen gainean, ez thematsu, ez grinatsu izan behar. Berdin ezta hautan deusere bekhaturen penan manatua denik, non bertze aldetarik ezten hala manatua. Utzi behar dire beraz, grinarik gabe, zenbait arrazoin onek hala galdetzen duenean. Hala meditazionea da gehienik gomendatzen diren phonduetarik bat. Bizkitartean norbaitek, edo zeren bere bizi-behar handiak eztuen uzten mement bat ere lanetik aldaratzerat, edo zeren den bertzeren azpiko, eta aitzindariek gaizki kausitzenez, ezin har balezake astirik meditazionean egoteko, utzi behar luke meditazionea, haren orde artha berezi bat hartzen lukelarik, bere lanen erdian Jainkoaz ahalik eta maizena orhoitzeko eta egiten dituen guziak Jainkozko xedez ta Jainkoari eskeiniz egiteko. Segurki gaizki egin lezake gisa hartako yende batek, egun oroz oren-erdi bat meditazionean egotea, bere eginbidea trebes uzten lituzkelarik, edo bere aitzindariei haserretzeko bidea emanez. Gauza bera aditu behar da meza entzuteaz, irakurtz edo lektura izpiritualaz, arrosarioaz eta bertze phonduez. Asko gisetara zerbitza diteke Jainkoa; eta batek uzten duenean egin gabe, Jainkoa gatik eta arrazoin onez, egin nahi zuken zenbait ongi, hori deitzen da Jainkoa Jainkoa gatik uztea; eta horrek eztakharke bidegaberik arimakotzat. Izan gaiten beraz leial eta arthatsu gure debozionezko egintzetan, ez ordean hisiti ta thematsu: zerbitza dezagun gure Jainko maitea khar eta jarraitasun handi batekin, ordean bethiere maithagunez edo amodioz eta bihotz ideki batekin, aita guzietako hoberena bezala, eta ez nausi gogor eta ekhargaitz bat bezala.

 

 

Egun guziez egitekoak

 

       5. Iratzartzearekin batean Kristau on batek Jainkoari eman behar dio bere izpirituko lehenbiziko gogoeta, hartaz berehala orhoitzen delarik: eman behar dio bere bihotzeko lehenbiziko sentimendua, hura gogoz adoratzen eta maithatzen duelarik: eman behar dio bere ahoko lehenbiziko hitza, erraten duelarik: Jesus, Maria, Josep; nere Jesus maitea, ematen dautzut nere bihotza osoki, jabe zaite hartaz sekulakotz, eta bethe zazu zure grazia seinduez, halabiz: eman behar dio oraino bere lehenbiziko eginkundea edo akzionea, gurutzearen seinalea debotki egiten duelarik.

       6. Jaiki bortz orenetan, non edo osasun eskasak, edo arduran baino berantago etzan izanak, edo bertze zenbait arrazoin onek eztuen pixka bat berant-arazten. Orobat neguko hotz handietan jaikitzea gibela diteke bortz orenak eta erdietaraino, edo gehienaz ere seietaraino. San Frantses Salesen errana da, on dela seindu ta sano izateko goiz jaikitzea. Hala eginez, asko bekhatutarik beiratzen da; gaizkirako jaidurak ethentzen dire; bere debozionezko egintzetako ta bertze lanetako denbora kausitzen da; oro xuxen gerthatzen dire; hala nola berriz, berant jaikitzen denean, oro makhur gerthatzen ohi baitire, eta bertzela eginen ziren asko egintz on egin gabe gelditzen baitire. Izan beraz goiztiar. Ohetik ilkhitzeko uzkurtasuna garaitzekotzat, aski da zinez gogoan hartzea, zein gogorki zagoen gure Jesus maitea, dela Betelengo abren askan, dela gurutzearen gainean, edo orobat gure bekhatuez merizitu dugun suzko ohea.

       7. Jauntz modeski zein bere adinaren ta herrunkaren arabera; bainan hertsiki beira banitate ta mundutarkeria guzietarik. Egiazki irhigarri eta eskandalos da, debozioneari darraizkon jendeak ikhustea, edo dagozkoten baino arropa ederragoez kargatuak, edo arropak ederregiak ta baliosegiak ezpadire ere, edozein mundutar bezain ximenki aphainduak eta arrimatuak. Soinekoak hartzean, erabil zenbait gogoeta on Izpirituan; orhoit non dugun eta zer egin dugun bathajoko arropa garbia; erreberri bekhatuaren higuntza, zeinak erakharri baitu jaunzturen beharra; othoitz Jesu-Kristo, biluz gaitzala gisa zaharretik, erran nahi da, bekhatutik eta bekhatura darontsaten guzietarik, eta jauntzi gaitzala gisa berriaz, erran nahi da, Jesu-Kristoz beraz, bere Izpirituaz eta sentimenduez bethetzen gaituela.

       8. Jauntzi ta berehala egin goizeko othoitza, ur benedikatuarekin zeinaturik eta belhaunika jarririk. Zenbait arrazoin onez ezin egin baditeke orduan berehala goizeko othoitza, erran zenbait othoitz, beharrenak bederen, soinekoak harzean, eta bere egitekoetan hari delarik. Ez hargatik utz lazakeriaz eta arrazoin handiz kanpoan, goizeko othoitza erran den gisan egin gabe: ondoan asti hobearekin egiteko pezkizan uzten bada, utzia-utzi gelditzen ohi da, eta askotan arratsa ardiesten da goizeko othoitza egin gabe. Eta alabainan othoitza da zeruko laguntzen eta grazien ardiesteko bidea; haren gainean lazatzeraz gero, deus onik eztiteke izan gutaz. Ukhan beraz jarraitasun handi bat othoitzaren alderat, eta othoitzak egin ahalik eta debozione gehienarekin, gogoari zinez ematen diogula, zer hari garen, noren aitzinean agertzen garen, ta nori mintzo gaizkon, bainan ez nahas, ez lotsa, othoitzean barrajadurak eta idortasunak sentitua gatik ere; ez horien gatik othoitzei batere utz egin gabe, ez eta berriz hasterat bihur. Barrajadurek eta idortasunek eztute batere gutitzen gure othoitzen merezimendua, gure nahiaren kontra direno, eta othoitza ahalik eta hobekiena egiterat entsejatzen gareno. Has beraz othoitza ahalik errespetu handienarekin; Jainkoaren aitzinean garela, eta majestate guzizko nausi hari mintzo gaizkola orhoiturik: ondoan barrajatuak kausitzen bagare, itzul berriz eta deskantsuz Jainkoa ganat, eta aitzina eraman gure othoitza kausitzen garen lekhutik, gibelat abiatu gabe. Abisu hau aditu behar da bertze othoitzez ere, meditazioneaz, meza entzuteaz, kofesioaz, komunioneaz, eta hitz batean errelijionezko egintz guziez. Egin detzagun guziak, gure aldetik ta gure eskuko denaz bezenbatean, ahalik hobekiena; gainerakoan gauden deskantsu; Jainkoaz eztauku gehiago galdetzen.

       9. Goiz guziez erreberri, Jainko maitea zerbitzatzeko, eta bekhaturik, bederen-bederen mortalik, eginen den baino lehen bere bizia emateko xede zina. Ikhus zer, non eta norekin izan diteken egiteko, edo bertze zein parada edo okasione gaxtotan kausi gaitazken egun hartan, eta nola beira gaitazken hetan bekhatu egitetik. Hau aditzen da ezin ihes egin dakieken paradez: ezen ikhusia da, ihes egin ahal dakiokenetarik urrundu behar dela. Gomenda nork bere burua bere xede onekin andre dena Mariari, bere aingeru begiraleari ta bere patroin seinduari.

       10. Egin egun oroz oren-erdi bat meditazione, eta hura goizean, ezin bertzez kanpoan. Prestuki bizi nahi diren giristinoek handizki prezatu ta maithatu behar dute meditazioneko egintz salbagarria. Hartan ongi aditzen dire errelijioneko egiak, bihotzean barna sartzen dire; hekien araberako sentimenduz bethetzen da arima, ta hala errexki eramaten da bizitze prestua. Bainan meditazionea alde bat uzten bada, histen ohi da errelijioneko gauzez dugun ezagutza aphurra, iraungitzen bezala da fede guzia, eztire sentitzen, eztire kasik sekulan gogoratzen fedeak irakhasten deraikun egia handiak; eta hortaraz geroztik, zerk urrunduko du bekhatutik? Zerk debekatuko du trebes bizitzetik? Bainan meditazione egiteko usantza atxikitzen bada, hark berak handizki beiratuko du gaizkitik; edo nolazpait behaztopatzen bada ere, meditazioneari arthoski darrajona, laster altxatuko da bere erorikotik. Horrengatik bizitze Izpiritualeko nausi guziek hertsiki gomendatzen dute meditazionea, gaizkitik urrun egoteko ta ongian aitzinatzeko bide segurenetarik bat bezala. San Frantses Salesek galdetzen zuen bidatzen zituen arimetarik, egun oroz egin zezaten oren bat meditazione, nahi bezenbat lan ukhanagatik ere. Hori sobra balin bazaje zenbaiti, nihor guti izanen da, nihor balin bada ere, goiz edo arrats, oren laurden bat bederen ezin kausituko duenik egintz seindu huntakotzat, salbu hainitz bakhan gerthatuko diren egun banaka batzu: baieta gehien-gehienek oren erdi bat errexki kausituko dute, denboraz ongi baliatzen badire, ibilketa eta elheketa alferrak alde bat uzten dituztelarik. Edo azkenean balin bada norbait hain herstuki denik ukhanaren aldetik, edo lanez hain ithorik, non denborarik batere ezin har baitezake meditazionean egoteko, bederen ukhan beza artha berezi bat, bere lanen eta hara-hunen erdian bada ere, errelijioneko egiak ardura gogoan erabiltzeko, ta hekien araberako sentimenduak maiz erreberritzeko. Meditazionean ezta premia errelijioneko gauzen ezagutzan hainitz barna sartzea, ez eta hekien gainean erreflexione luzeak eta ederrak egitea: phondu premiatsuena dire bihotzeko afekzioneak eta sentimenduak; hekiei behar zaje kontu eman guzien gainetik, eta entsejatu behar da bihotza ongi bethetzerat higuintz sendo batez bekhatuarentzat, guzien gaineko maithagunez Jainkoarentzat , ez-axolatasunez lurreko gauzentzat, gutiziaz zerukoentzat, mezprezioz eta arbujoz bere buruarentzat, prezamenduz eta karitatez lagunarentzat. Sentimendu horiek bihotzean ongi finkatzen dituena izanen da segurki meditazionerik hoberena, gainerakoan nahi bezain idorki egina izana gatik ere. Nork bere barrena ta bihotza idor eta sentimendu gabe sentitzen duenean, liburu on batez zerbitza diteke, phixka bat irakurri eta haren gainean erreflexioneak egiten dituelarik. Hala egiten zuen santa Teresa handiak, eta san Frantses Salesek hori ongi kausitzen du. Bat-bederak hautatuko du hobekienik dagokon meditazioneko geia edo sujeta, bere beharren arabera. Hastean eta bekhaturako jaidurak oraino bizisko direnean, hoberenak dire gizonaren laur azken finak. Ondoan, bekhatutik, bederen mortaletarik beiratzeko usantzan jarri denean, bereziki egin behar da meditazionea Jainkoa behar bezala maithatzerat ta osoki harenak izaterat gehienik erakhar gaitzaketen arrazoinen gainean; Jainkoaren osogune edo perfekzione adoragarrien gainean; egin eta egiten deraikun ezin kontatuzko ongien gainean, agintzen deraukun sekulako golardoaren gainean; Jesu-Kristok bere misterioetan, batez ere bere pairamenean, aldareko sakramendu seinduan ta komunione seinduan erakhusten daukun maithagune neurrigabearen gainean: deusere horiek baino hoberik, maithagune garbienaren ta bizienaren su sakratua gure bihotzetan phizteko ta emendatzeko. Hargatik nahi bezain aitzinatua izan arren norbait Iaunaren bidetan, ongi eginen du, noizetik-noizera bederen, meditazione egitea gure azken finen gainean, beldurtasun seindu batean bethiere irauteko. Meditazionea orobat egin diteke asko egunez ere lerroan gei beraren gainean: jaundone Bixintxo Paulakoaz errana da, berrogoi urthez egin zuela aphales-guneaz edo umiltasunaz. Gainerakoan ongi heldu da meditazionea, igandetan, Jainkoa zerbitzatzeko arrazoinen gainean; Jesu-Kristoren misterioak ohoratzen diren besta-egunetan, misterio hekien gainean; Andre-dena Mariaren edo bertze seinduen ohoretan atxikitzen diren bestetan, hekien prestugunen edo berthuten gainean, ezagutuak balin badire behintzat; ortzegunean aldareko sakramendu seinduaz; ortzilarean, Jesu-Kristoren pairamenaz; kofesatu behar den egunaren goizean, bekhatu mortalaz edo benialez; komuniatu behar den goizean, komunione seinduaz.

       11. Egun oroz eta ahalik goizena entzun meza seindua. Ez huts egin hartan egitea komunione Izpirituala. Niholere elizarat ezin badohake, eskeini Jainkoari han ematen den meza seindua, eta egon, lanetik gelditu gabe bada ere, mezako denboratsu hura, Jainkoa baithan bildua, eta mezan kausitzen balitz lituzken sentimendu beretan. Ongi liteke zenbait othoitz ere orduan egitea mezako xedez, hargatik nihor ohartzen ezlitekelarik.

       12. Bazkal aitzinean har bizpa-hirur minuta, etsamina berexia egiteko: huna zer den hau. Egiazko prestu izan nahi direnek, duda gabe gudukatzen dituzte bekhaturako jaidura guziak. Halarik ere bat bereziki hautatzen dute, hari gisa berezi batez gudu egiteko aste batez edo biez edo gehiagoz, zeinek bere beharren arabera, hura arrats bere baitharik suntsitu nahiz: batean izanen imodeskeria, bertzean jauzkortasuna, bertzean hantustea edo urguilua, bertzean atsegin-zalea, bertzean medisentzia, bertzean alferkeria. Orobat hautatzen dute prestugune berezi bat, hartan ongi finkatzerat entsejatzeko; batean aphales-gunea, bertzean eztitasuna, bertzean mortifikazionea, bertzean Jainkoaz maiz orhoitzeko artha, edo bertze zenbait. Bada hemen mintzo garen etsamina berexia hautatu den bekhaturantza edo prestugune haren gainean egiten da. Kausitzen bada hutsik eginik haren gainean, Jainkoari barkhamendo eskatzen zajo, ta xede onak erreberritzen dire: ezpada hutsik kausitzen, bizpa-hirur minuta hek enplegatzen dire bekhaturantza haren higuintzen, eta prestugune haren maithagunean finkatzen. Bide guziz on bat da horixe, jaidura gaxtoak erroetaraino suntsitzeko, ta prestugune batzutan eta bertzetan ongi finkatzeko.

       13. Har bere onthuruntzak oren erregelatuetan; bazkaria eguerdi inguruan, afaria zazpietarik zortzietarat dohala, aintzineko eta ondoko othoitzak huts egin gabe. Jateari ta edateari behatzen zerajen san Agustinek, arimakotzat guziz perilos den gauza bati bezala, eta hala da: gaitz da jan-edanetan ahoko gostuari sobraxe ez behatzea, eta ahoko atsegina gatik xoilki zerbait ez jatea edo edatea; eta hala egiten bada, dudarik ezta bekhatu benial bederen badela, zeren ahoko eta bertze edo-zein sentsutako atsegina gatik xoilki ta bakharrik edo gehienik zerbait egitea, bekhatu baita. Horren gatik zioen san Bernatek ere, janhariak hartu behar direla botikariko edari batzu bezala. Artha izan behar da beraz, onthuruntzak hartzean, ahalaz ahoko gostuari ukho egiteko, deusik ez hartzeko xoilki atsegin haren gatik. Jan beraz eta edan Jainkoaren gogara egitea gatik, zeren hala den Jainkoaren nahia, ta gure gorphutzat haren loriakotzat bizirik ta sendorik atxikitzeko. Aphur bat mortifika diteke, batez ere gauza goxo, ahoari gehienik atsegin egin diezoketenetan; gainerakoan jan ongi, barrenak galdetzen duen eredura. Jar onthuruntzez kanpoan ez jateko eta ez edateko usantzan, beharrez edo bertze zenbait arrazoin onez landan.

       14. Bazkal ondoan har oren laurdentto bat, meditazione phixka bat egiteko. Denbora hura iragan diteke orobat, goizeko meditazionean izan diren sentimendu onak erreberritzen, edo Jesus maitea adoratzen bere gurutzean, zeren eguerditik hirur orenetaraino gurutzean egon eta hirur orenetan hil baitzen. Horren gatik ongi liteke oren laurden hau hartzea hirur orenen inguruan, batezere ortzilaretan. Lanean hartzerat behartuak direnek, edo lagunekin daudenek egin dezakete debozione hau, lanetik eta lagunetarik aldaratu gabe, barrenez eta bihotzez, nihor ohartzen ezten gisan.

       15. Afal aitzinean har oren-erdi bat, debozionezko irakurtza edo lektura bat egiteko, eta arrosarioa errateko. Irakur oren-laurden bat, bainan astiroki, gauzak phisatuz, eta irakurtzak sor-arazten dituen sentimendu onez bihotza bazkatuz: irakurtzetik geldi ere baditeke, bihotza aphur bat mobitua sentitzen denean, sentimendu hetan hobeki sartzeko. Irakurtza hagitz progotxos da gisa hortan egiten denean; meditazione bat bezala da. Bainan arras alfer gerthatzen da, nonbait han dagozkon sentimenduez konturik iduki gabe egiten denean. Irakurtzaren ondoan erran arrosarioa. Andre dena Maria iduki behar dugu, Jainkoaren aldeko gure ararteko berezitzat: den zer den eginen du bere egiazko debotentzat, eta beregainki hura bezala prestuki ta garbirik bizitzerat entsejatzen diren neskatxa gaztentzat. Guziek ukhan behar dugu beraz debozione berezi bat, gure Jesus maitearen ama benedikatu haren alderat, maiz eta gure behar-ordu guzietan haren ganat laster egiten dugula, eta haren ohoretan erakhutsiak diren bestak ahalik eta seindukiena iragaten ditugula. Orhoit arrosarioa dela egina ditezken othoitzik ederrenez: erran beraz egun guziez, bainan bethiere errespeturekin ta debotki, eta ez ohitura ta usantza xoilez. Bainan, dio san Bernatek, nahi baduzu Maria sakratua balia dakizun ararteko, ukhan ezazu artha eman dauzkitzun prestugunezko exenplu ederrei zure ahalez jarraikitzeko; eta izan zaite hura bezala Jainkoari bakharrik maithagunez Josia, mundutik aldaratua, bekhatu guzietarik beiratzeko arthatsu, aphalgura edo umil, ezti, modest eta garbi; bederen ukhan nahi zina horrelako izateko ta hortarat entseja. Arrosarioa erran diteke bidean, kasuak hala ematen badu; baieta lanez gaindi direnek erran dezakete phuskatuz eta hamarrak elkhar ganik urrunduz ere, astia duten bezala.

       16. Arratseko othoitzatik lekhora, egon aphurtto bat Jainkoa adoratzen, haren maithatzen, den guzia hari ematen, ta hiltzeko mementean izan nahiko diren sentimendu beretan sartzen, orhoiturik askori gerthatzen zajela, osasunarekin etzan eta goiza argitu baino lehen Iaunaren tribunalerat deithuak izatea. Egin arrats oroz konzientziako etsamina: hartan kontu gehiago iduki bekhatuaren higuintzazko sentimenduak erreberritzeaz, ezenez bekhatuez orhoitzen denbora hainitz iragateaz. Ezen askotan gerthatuko zaje jende prestuei arratsean ez kausitzea egun hartan bekhatuketarik egin dutela, bederen ezagutza osorekin, gainerakoan segur den arren guziek ere, erdi oharkabean bederen, asko huts egiten dugula egun oroz, jaundone Jakua apostoluak dioen bezala.

       17. Etzan hamar orenen inguruan; eta loan sarthu bitartean Jainkoarekin egon bihotzez, zenbait gogoeta on Izpirituan erabiltzen dela. San Frantses Salesek, eta bertze bizitzeko erregelarik eman dutenek, zazpi oren seinalatzen dituzte phausukotzat. Hortan egon behar da ahalaz. Baldin zenbait arrazoinez etzatea berantzen bada, jaikitzea ere phixka bat berant diteke. Hargatik san Frantsesek dio, kaltekor dela berant etzatea, berant jaikiko bada ere. Beraz artha izan behar da muga onez etzateko, gero muga onez jaikitzeko.

 

 

Aste guziez egitekoak

 

       18. Ontsa da ortzilaretan barurtzea, Jesus jaunaren pairamen seinduaren ohoretan. Osasun-eskasa gatik, edo lan handitan hari beharrez, ezin barur ditekenak, egin beza bertze zenbait mortifikazione, bereziki naturalezari atsegin gehienik egin diezoketen gauzetan. Orobat usantza on bat da larunbat arratsetan gutixago jatea, barur-egunetan egiten den bezalatsu, Andre dena Mariaren ohoretan. Ez egin bertze mortifikazione gorphutza pena dezaketenik, nor bere bidariarekin aditurik baizen. Mortifikazione sobrak gorphutza herbaltzen du, nork bere eginbideak ezin bethe detzaken gisan, eta hori gaizki da. Batzutan gerthatzen ere bada, barurez gorphutza flakatzen den bezenbat edo gehiago, arima hantustez ta bere buruarendako prezamenduez gizentzea; eta orduan mortifikazioneak on baino bidegabe gehiago egiten dio arimari. Badire bizkitartean kasu batzu, zeinetan barur eta bertze mortifikazionetarik gehiago egin behar baita; bainan bethi abisu hartu behar da bere bidaria ganik.

       19. Igande-bestetan kausi arthoski eta errespetu gehienarekin elizako ofizio guzietan. Ez hargatik izan thematsu phondu hunen gainean, ez eta bertzen gainean ere. Baldin etxe-zain egon behar bada, edo bertzeak ofizioetarat joan nahi badire, geldi etxean khexagunerik eta erasiarik gabe. Karitatea da prestugune guzien erregina; eta haren ariaz egin gabe uzten bada egiteko gogoa zen zenbait ongi, ezta merezimendua galtzen Jainkoaren aitzinean. Bainan zenbait arrazoinez huts egiten bada elizako ofizioetan kausitzea, bederen ez huts egin elizan eginen zen guzia etxetik egitea. Gainerakoan, astia har diteken bezenbatean, igande-bestetan egon denbora aphur bat sakramendu seinduaren aitzinean, Jesus maiteari konpainia egiten, hari errespetu ta adorazione guziak bihurtzen, maithagune khartsuenarekin hari bere izate guzia ematen, hari bere hutsez bihotz-min handirekin barkhamendu eskatzen, hari bekhatutan bizi direnentzat eta elizako behar guzientzat othoitz egiten. Zenbait seinduren besta denean, hari gomenda gisa berezi batez, eta anima haren prestuguneak imitatzerat. Andre dena Mariaren bestetan erreberri seindu guzien erregina lorios haren alderako errespetuzko, maithagunezko, fidantziazko, debozionezko sentimendurik bizienak; hari othoitz egin arren ararteko balia dakigula, eta berri-berritan eta bihotzik hoberenaz konsekra haren zerbitzuari. Jesu-Kristoren misterioak ohoratzen diren bestetan, ez huts egin, misterio seindu hekien gainean meditazione on bat egitea, hekietan barna sartzeko, ta hekien araberako sentimenduz ongi bethetzeko. Igandetan ikhus ongi zertan eta nola iragan den aitzineko astea; entseja gerthatu izan ditezken huts guziak kontrizione perfetenaz garbitzerat, eta gerokotzat erreberri egundaino baino zinkiago prestuki ta Jainkoarentzat bakharrik bizitzeko xedeak. Erran gabe doha, debozioneari darraizkonak urrun ibili behar direla munduko dantza, ikhuskari perilos, joko sobraniazko, eta holako bertze mundutarkerietarik. Bainan jende Jainkotiarrenak aphur bat dosta ditezke bere kide prestuekin zenbait dosteta onestetan. Izpiritua aphur bat alegeratu behar da, gorphutza ongi izanen bada; guziak Jainko maitearen loriakotz.

 

 

Hamabortz guziez egitekoak

 

       20. Kofesa hamabortz guziez; ez sekulan gehiago luza arrazoin handiz landan. Zenbait egunez aitzina diteke kofesioa, zenbait besta seinalatu gerthatzen denean: ezen halako besta-buruetan ezlukete jende debotek huts egin behar sakramenduetarat hurbiltzea. Hauta ahalik bezenbatean kofesor argitu ta arthatsu bat, bera errelijionearen arabera gobernatzen dena, eta bere penitentak guriki ekhartzea baino hobeki, hek bere hutsetarik korreji-araztea ta prestutasunean aitzina-araztea bilhatzen duena. Ez sekulan ibil kofesor largo, errexki absolbitzen dutenen bilha: hala dabiltzanez dio san Charles Boromek, eztutela debruak berak baino kontrizione gehiago. Kofesor on bat kausitu denean, eman haren baithan bere fidantzia guzia; hari erakhuts bere barneko plegu ta sentimendu guziak, nork berak ezagutzen dituen bezala, eta haren erranetarat eror jautsapen eta sumisione guziarekin. Behin kofesor on bat aurkhituzgero, atxiki bethiere harekin, bertzetarat joan gabe, arrazoin handiz landan. Bainan beira kofesorarentzat afekzione ta estekamendu sobraniazkorik hartzetik; hori arimakotzat hagitz kaltekor izaten ohi da: beha beraz bethiere aita kofesorari, Jesu-Kristo bera balitz bezala: gisa hartan zabal hari bere barne guzia, eta entzun haren solasak eta abisuak. Ez izan eskrupulos, ez kontentagaitzegi kofesioaren gainean. Oren laurden-erdi bat aski da, etsamina egiteko, hamabortz guziez kofesatzeko, eta bekhatutik, bederen handiskoetarik, beiratzeko usantzan direnentzat: eztute halakoek zeren beldur izan hutsketarik ahantz dakien. Bainan ez sekulan laza kontrizionearen gainean; bertzenaz orobat zorigaitza gertha liteke biziaren ithurrian berean herioa kausitzeko; eta kofesoraren oinetarat Jainkoaren grazian zelarik hurbildu litekena, orobat haren oinetarik ilkhi liteke, bekhatu mortal ta sakrilejo izigarri bat eginik. Has beraz bezperatik urrikizko sentimenduak bere baithan erreberritzen: hortan eman diteke etzan-aitzinekotzat seinalatua den mementotto hura. Kofesatzeko egunean egin meditazionea, bekhatua higuintzeko arrazoinen gainean; eta entseja ahalik bizikiena sentitzerat, zer atrebentzia izigarri den, gu bezalako ezjeusak Jainko guziz handi ta botheretsu haren kontra erreboltatzea; zer mesprezio egin dugun hartaz, haren manu sakratuak haren beraren begietan phorroskatu baititugu, eta hartaz arnegatzen ginuelarik, debru madarikatua hautatu baitugu gure aitatzat eta nausitzat, bekhatu mortala egin dugunean; zein beltza izan den gure bihotzeko gaxtotasuna, izate guziz eder eta oso, gure estekamendu guziak berenaz ere merezi dituen hura, gure ahalez hil eta ezeztatu baitugu, zein izigarria izan den gure haren alderako eskergabetasuna, hark bere aldetik ezin erran bezenbat ongi egin daukun ta memento guziez egiten hari zaikun arren, guk hari ongirik handienen orde gaizkirik saminenak egin baitiotzagu, eta berak egin deraikun emaitzez eta dohainez berez edeki baitiogu bizia gure ahalaz; zer krueltasun izigarri erakhutsi dugun Jesus maitearen alderat, hark guredako maithagune hutsez jasan zituen laido ta thormenta guziak eta heriotze dorphea erreberritu baititugu; zein harrigarria izan den gure zoramendua, zeru bat den bezain ederra galdu baitugu, ta ifernua den bezain lazkarria merezitu bekhatu mortalaz, eta bekhatuan kausitzen ginuen atsegin ezjeusa gatik. Horiek dire, bekhatua higuintzerat ta bekhatu eginez urrikitan sartzerat gehienik erakhar gaitzaketen arrazoinak. Ez bada sekulan kofesoraren oinetan jar, ezperen ez absoluzionerik errezebi, oren-erdi baten ingurua erreflexione horietan egon gabe. Hala-hala gisa hortan aphaindu edo preparatu ondoan, bihotza gogor eta hotz sentitzen badaere, ez khexa horrengatik; kofesa aitzina ta har absoluzionea deskantsurekin. Eginkundetarat eta batek daraman bizitzeko molderat behar da hemen behatu guzien gainetik. Artha duenean bekhatutik, bederen handiskoetarik beiratzeko, beldurkhunderekin duda gabe, bainan fidantzia nausi duela ta batere gogohurritu gabe hurbildu behar da sakramenduetarat, eztituen arren bere bihotzean sentitzen nahi lituzken bezalako urrikizko ta maithagunezko sentimendu gozoak. Bainan ditezken sentimendurik hoberenetan litekela iduritzen balitzajo ere, ta nigar gozotan guzia urtzen balitzere, ezluke zeren hartu egiazko urrikia balukela, baldin horiekin batean errexki eta ardura, hamabortzean edo hogoian behin baizen ezpalitz ere, eta gogoeta xoilez izana gatik ere, bekhatu mortaletan erortzen balitz; eta halako kasutan bere burua ikhusten lukenak, ezluke absoluzionea hartu behar, kofesorak eman nahi balio ere, funski bekhatutik korrejitu artean.

       21. Komunia, bidari zuhur eta argituak ontsa kausitzen duen bezain maiz. Atxiki bethiere ardura komuniatzeko gutizia handi bat. Hori da giristino batek mundu huntan ukhan dezaken zorioneik handiena. Jesu-Kristoren eta Eliza ama seinduaren xedea da, maiz komunia dezagun, eta deusere arimakotzat progotxosagorik, ongi egiten bada, eta nola maiz eta ongi komuniatzekotzat, bekhatu mortaletarik arras, baieta benialetarik ere ahalaz beiratu behar baita, nola nork bere naturaleza behar baitu zebatu ta mortifikatu, eta prestugune guziei jarraiki behar baitzaje, hetako paradak gerthatzen diren eredura, horiek guziak arthoski ta gogo onez egin behar ditu arima lejal eta Jainkoti batek, maiz komuniatzeko zoriona merezi dezantzat. Kofesa-artetan gerthatzen bada zenbait besta-buru seinalatu, hetan komuniatzeko baimena galde diezoke bere kofesorari, kofesatzen denean baizen oraino komuniatzen eztuenak ere. Gauza bera galdetuko du bere izeneko seinduaren bestako, eta bere bathajoko egunekotzat, hobe den arren bere bathajoko egunean kofesatzea, arima arras garbiturik, bere bathajoko promesak erreberritzeko. Beira ordean sekulan kofesoraren kontra thematzetik, zenbait aldiz absoluzionea luzatua gatik, edo behin permetitu zituen komunione usuak ondoan bakhandua gatik ere: lannoki ta gogo onez egon behar da haren jujamenduaren azpian, jakinik ezen aingeruak berak bezain garbi ta seindu bagine ere, oraino ezkinukela hertsiki merezi, ez maiz ezik, gure bizi guzian behin xoilki ere komuniatzea. Kofesor arthatsu batzuk luzatzen edo bakhantzen deraizte batzutan komunioneak penitent batzuei, hekien frogatzeko, umiliatzeko, mortifikatzeko, zenbait huts xumetarik hek korreji-arazteko, ongia egitean hek atzarriago ta khartsuago izan-arazteko, bertze xederik eta arrazoinik gabe hala egiten zuen santa Teresaren bidari, izenez eta izanez abila zenak. Halako xedez beraz edo bertzela kofesorak zenbait komunione debekatzen badu, ez batere gaizki har; jar haren jujamenduaren azpian; egin lejalki hark manatu duena, eta bihur xuxen kofesatzerat seinalatu duen denboran. Baina egin bethiere nork bere aldetik maiz komuniatzeko zoriona ukhateko behar den guzia. Bainan beira komunione seinduarekin sekulan sobra familier egitetik, egin bethi arthoski, bai komunione aitzineko aphaintza, bai ondoko eskerrak ematea, komunione bakhotxa gure lehenbiziko komunionea edo azkena balitz bezala. Ez hargatik izan khexos, ez griñatsu, ez sentitua gatik ere nahi litezken bezalako debozionezko sentimendu gozoak ta bihotzeko samurtasunak; egigun gure aldetik ahalik hobekiena, eta gainerakoan gauden deskantsu kofesioaren gainean erran dugun bezala.

 

 

Urthe guziez egitekoa

 

       22. Bizitze Izpiritualeko aitek ongian finkatu ta seindutasunean aitzinatu nahi direnei handizki gomendatzen diote, urthe oroz egitea aste bateko erretreta. Deusere hobeagorik nork bere arimako estatua, hutsak, jaidurak ta prestugune-eskasak ezagutzeko, ta giristinozko sentimenduetan bere bihotza ongi finkatzeko. Badakit bizkitartean hainitzek, hala nola sehiek, familietako umek, jende beharrek ezin eginen dutela erretreta hau, hemen ezarria den gisan. Hekien egin behar dutena da; aste hartan adiskideak ikhustetik, lagunekin solastatzetik, ta bertze denbora-iragaitz premiaz kanpokoetarik ahalaz beiratzea, Jainkoa baithan bilduak egoteko, errelijioneko egiak gogoan erabiltzeko, eta hemen erranak direnetarik ahal dagitena egiteko; bethi aditzen dela hargatik eztiotela bere eginbidei ta premiazko lanei hutsik eginen. Astia har dezaketenek eginen dute erretreta hura gisa huntan.

       23. Aste hartan egin egunean hirur meditazione, bakhotxa oren-erdi batekoa; bata goizean, bertze hamar orenetan, eta bertzea arrats-aldeko hirur orenetan. Egin orobat oren-erdi bat irakurtz izpiritual. Horietan sartzen dire egun guzietako meditazionea ta irakurtza. Lehenbiziko bi egunetan ongi izanen da meditazioneak egitea gizonaren laur azken finez, beldurkunde salbagarri bat, giristinozko atzartasuna, bekhatuaren higuintz osoa, lurreko gauzen mesprezioa bere baithan erre-berritzeko. Ondoko meditazioneak eginen dire, Jainkoa geroago khartsukiago maithatzerat ta lejalkiago zerbitzatzerat erakhar gaitzaketen arrazoinen gainean, haren osogune edo perfekzione adoragarrien gainean, egin eta egiten deraikun ezin kontatuzko ongien gainean, gure alderat erakhutsi duen urrikalmendu miragarriaren gainean, Jesus maiteak dela bere pairamenean, dela aldareko sakramendu seinduan erakhusten daukun bazterrik gabeko maithagunearen gainean. Entseja meditazione ta irakurtz horietan egundaino baino hobeki nork bere burua ta bere eskasak ezagutzerat, ta seinduki bizitzeko xedetan ongi finkatzerat osoki ta bethikotz.

       24. Aste hartan egiten da urtheko kofesioa bere barrena ahalik eta hobekiena ezagutarazten zajola bere bidariari. Astearen erditsuan kofesa diteke behin bere bekhatuak errateko, eta arimako bertze gaitzak eta beharrak ezagutarazteko. Ondoko egunetan entseja, bekhatuezko urriki handi batean Jainkoarendako maithagune perfetenean, ta seinduki bizitzeko xede zinean ongi sartzerat eta finkatzerat. Erretretaren azken egunean edo bezperan akhaba kofesioa, kofesoraren oinetarik ilkhi ta berehala Jesu-Kristoren tribunalerat joan behar balitz bezalako sentimendu berekin. Bekhatuen erratearen gainean atxiki diteke erregela hau. Baldin ezagutzen bada, edo dudatzeko arrazoin onik balin bada, urthe hartan kofesio gaxtorik egin dela, hori agertu behar zajo kofesorari; eta baldin kofesor berri batekin bada egiteko, urtheko kofesioa egin beharko da xeheroki, urthe guzian batere kofesatu ezpalitz bezala, erranez ere zenbat kofesio ta komunione egin dituen gisa hartan. Bainan baldin kofesor berarekin bada egiteko, gerthatu den huts hura garbiki erran eta, askiko da ongi erranak diren bekhatuez jeneralean eta xehetasun handitan sarthu gabe akusatzea. Gauza bera egiten da urtheko kofesioen erreberritzeko arrazoin premiatsurik eztenean, edo ezagutzen eztenean hetan hutsik gerthatu izan dela. Erretreta horren egiteko denbora egokiena liteke, edo eguberriren aitzineko astea, Jesus maitearen sortze dohatsua ohoratzerat, ta hura bera gu baithan Izpirituz eta sentimenduz sor-arazterat aphaintzeko; edo Mendekoste aitzineko astea, Izpiritu seindua bere dohainekin errezebitzeko zoriona ardiesteko. Egun hek, erran nahi da, Jaundone salbatoretik mendekoste arterainoko egunak apostoluek ere iragan zituzten erretretan bethi othoitzean, Jesu-Kristo bere nausiarekin azken afaria egin zuten lekhuan, Izpiritu seinduaren dohainez geroago ta gehiago aberastuak izateko.

 

 

Abisu jeneralak

 

       25. Ikhusia da, nihor eztitekela funski prestu izan, ez eta egiazko seindutasunerat hel, bekhatutik beiratuz, ta prestugune edo berthute guziei jarraikiz baizen. Debozioneari aphur bat ematen zaizkon jendeak beiratzen ohi dire bekhatu larrienetarik, burhoetarik, haserrego handietarik, desoneskeria likhitsetarik, kalumnia beltzetarik. Aphur bat badarraizkote prestugune batzuei; lakhet dute othoitzean, irakurtz onetan, elizako ofizioetan; bere kofesioak eta komunioneak erregelatuak dituzte. Bainan horien guzien gainera, eta ezpadute nahi bizitze erregalatu hura eramateko hartzen dituzten pena guziak galduak izan ditezen, artha ukhan behar dute bekhatu guzietarik ere ahalaz beiratzeko, ta prestugune guziei jarraikitzeko. Jakin behar dute, bekhatu benialak ere hagitz damu samina egiten dioela Jainkoari, bereziki maiz eta errexki norbait hetan erortzen bada, grazien ithurria hainarentzat agortzen bezala dela, hekien bidez etsajak esku handi bat hartzen duela arimaren gainean, gure indar Izpiritualak hagitz flagatzen direla, ta hala bekhatu benialak errexki egiten dituena segurki bezala bekhatu mortalean eroriko dela. Beraz Jainkoaren egiazko adiskide izan nahi dena, ta haren maithagune sakratuan iraun nahi duena, atzartasun handi batean biziz behar da bethiere, bere ahalez bekhaturik bater ez egiteko, ta gauza guzietan prestugune batzuek eta bertzek galdetzen duten bezala gobernatzeko. Ezta hargatik lotsatu behar, erdi oharkabean bezala eta lehenbiziko mobimendu batez zenbait huts gerthatua gatik ere. Segur da berdin arima diteken atzarrienari ere halako hutsak gerthatuko zaizkola. Seindu guzien artean Maria sakratua da halakorik batere gerthatu etzajona. Bihotza hetarat emana eztenean, errexki barkhatzen dire, eta eztiote arimari bidegabe handirik egiten. Huna orai zenbait bekhaturantza edo bizio, eta prestugune berexi, zeinetaz jende prestutasun erakhusten dutenek ere ezpaitaukate bethi behar den bezenbat kontu.

       26. Lehenbizikorik, hantustea edo orguilua maiz gordetzen da prestutasunaren idurien azpian. Asko jende prestu-idurik erraten dute bere baithan, ebanjelioko farisauak bezala: eznaiz lohia, eznaiz hordia, eznaiz ohoina, ez eta arnegaria, hulakoa ta halkaoa bezala; hunenbertze othoitz, hunenbertze meditazione, hunenbertze komunione egiten dut. Horiei behatu ta halako jendetarik asko bere baithan hanpatzen dire, seindu handi batzu balire bezala, baderitzate hurren hirurgarren zeruraino xuxen igaterat dohazila. Bere buruentzat prezamenduz betherik, eztute mespreziorik baizen bertzentzat. Guziez nahi dire izan ongi aiphatuak eta ongi ekharriak, ta gerthatzen bazaje zerbait, hekien hantustea zapha dezakenik, su ta lama egiten dire. Holako asko jende kausitzen da debozioneko itxura hartzen dutenen artean.

       27. Bada hainak desengana bitez; eta egiazki prestu eta debot izan nahi direnak, hertsiki beira bitez halako sentimendurik bere baithan idukitzetik. Egiazko aphalesgunea, nork bere burua mesprezatzea, ta bertzez ere aphaletsia ta mesprezatua izatea gutiziatzea edo bederen gogo onez jasatea, da Egiazko prestutasunaren zimendua eta erregela segurena; eta aphalesgune hori gabe, othoitz, barur, komunione frango egitea ezta bertzerik, dio san Gregorio handiak, herrautsa haizeari botatzea baizen. Beraz batbedera segur izan bedi, zenbatenaz baita urrunago egiazko aphales gunearen sentimenduetarik, ta hanbatenaz dela egiazko seindutasunetik urrunago ta gutiago prestu, gainerakoan bizitzerik Jainkoskoena balerema ere. Seinduek bere buruak arbujatzen eta mesprezatzen zituzten, lurreko herrauts phixka batzu bezala, ezjeus batzu bezala, bekhatoretako handienak gizon guzietako gaxtoenak bezala. Entseja gaiten bada gu ere, hek bezala seindu egin nahi bagare, sentimendu beretan sartzerat, orhoitzen garelarik ezen, eztugula gure baitharik deusere, ezjeusa ta bekhatua baizen, eztugula beraz merezi arbujorik ta mespreziorik baizen; gure baithan diteken on guzia Jainkoa ganik dela, hari zajola beraz zor ohore ta loria guzia; eta gure bizian ezpagindu egin bekhatu mortal bakhar bat baizen ere, hortaz merezitu ginituzkela baieta gehiagorekin, mundu huntan gertha ditezkegun ahalge, desohore ta laido guziak. Egia horiek zinez gogoan harturik, arthoski gudukatu behar ditugu, gure prestutasuna gatik, jakitatea gatik, eta bertze edo-zein arimako ta gorphutzeko gisagune edo kalitate on gatik sor ditezkegun gure buruendako ikhustatezko ta prezamenduzko sentimendu guziak: zorrozki beiratu behar gare jenden laudorioen ta munduko ohoren gutiziatik: deusik ez egin sekulan xede hortaz, ez halaber utz egingabe egin gogo zenik deusik, mundutarren burlen eta erasien beldurrez: ibil bere jaunzturetan eta aphaintzeko maneran bakhotxaren herrunkari dagokon bezain arruntki, hortan hutsik egitekotz, sobraz baino gutiagoz lehenago huts eginen duen gisan: sekulan ez mintza nor bere buruaz, edo hari dagozkonez eta ukitzen zaizkonez, bertzen prezamendua gu gana dezaken gisan, non eztuen zenbait arrazoin handik hala galdetzen, lekhat hargatik bere bidariari, zeinari ezagutzerat eman behar baitzaizko barneko onak gaitzak bezala. Seindu handi batzuen ohitura zen, bere buruez agitz aphalki ta mesprezio handirekin mintzatzea; bere aphalesgune handiak hala mintza-arazten zituen: hargatik san Frantses Salesek nahiago du, eztadin nor bere buruaz batere mintza, ez ongi, ez gaizki, zeren aphalesgunearen hizaintza haren azpian errexki gorde bailiteke ta maiz gordetzen baita hantustearen phozoina. Gerthatzen zaikunean bertzez gaizki aiphatuak eta mesprezatuak izatea, hori har atsegin guziarekin, bederen eztiki ta gogo onez jasan, asko aldez merezi dugun gauza bat bezala, gogoari emanik ezen, gaizki aiphatzen gaituzten phondu hartan hobenik ezpadugu ere, bertze aldetarik ta bertze arrazoinez merezi dugula handik dathorkigun beheragunea ta ahalgea, baieta gehiago. Horra nolakoa izan behar den barnez eta kanpoz egiazko aphalgura eta edozein egiazko prestu izan nahi dena. Ez hargatik khexa, hantustezko zenbait sentimendu bere baithan sentitua gatik ere: ukhan artha hek bere bihotzean thotzeko, hetarik bere gogoa aldaratuz: hori egin eta egon deskantsu; berdin orduan sentimendu hek eztire bekhatu. Hau auditu behar da bertze tentamendu guziez ere.

       28. Hantusteari hurbildanik darrajo jauzkortasuna ta pairu-eskasa; bethi kasik elkharri datxeizko bi bekhaturantza horiek. Hala ikhusten ere dire hanbat jende prestu-iduri, nor nahi bezain minbera, jauzkor; supher, sentikor; fits baten pairatzen eztakite, erran behar bada; ezjeus baten gatik orobat hanbat khexagune erakhusten dute, hanbat erasia baderabilate; goragokoak, bardinak, eta bereziki sehiak eta bertze bere menekoak erasiaz eta errephortxuz xahutzen dituzte orobat huts xumenak gatik; nihork ezin buru dezake hekiekin, eritasunak hartzen dituenean, edo bertze zenbait nahi-gabe gerthatzen zajenean. Holako jende prestu-iduriek, bere arimakoaz bertzalde, bidegabe handi bat egiten diote debozioneari ere: hortik esku hartzen dute mundutarrek debozioneaz trufatzeko ta jende egiazko deboten ere mesprezatzeko.

       29. Jakin behar dugu beraz, pairatzen jakitea, gaitzak eta nahigabeak ezteki jasatea dela egiazko prestutasunaren seinale segurena. Bertze guzietan jainkozko xedez bezain ontsa ibil genetazke jaidura naturalez, gure guredako maithagunez, hantustez, othoitzean eta sakramenduetan kausitzen dukegun barneko gozo batez, eta hala gabiltzano, ikhusia da eztitekela gure baithan prestugune handirik. Bainan nola naturalezak ezpaitu bere kontua kausitzen gaitzetan eta nahigabetan, hek ongi jasatea, ta hetan senti ditezken naturalezako jauziak eta sumindurak arthoski gudukatzea ta zaphatzea da egiazko prestuak garelako seinale bat hurren ezin dudatuzkoa. Urrun beraz jende egiazki prestu izan nahi den baten ganik, urrun barneko jauzi biziak, bihotzeko minkhartasunak, erasia saminak, lakhet pairatzen, nola nahikoak izanen badire ere, eta nondik nahi, baieta gizonen gaxtakeriatik ethorriko bada ere, pairatzeko ukhanen duena; hotza, beroa, gosea, egarria, oinhazeak eta eritasunak eztiki, baieta atseginekin Jainkoaren esku bethi maithagarritik hartzerat entseja; jasan guziak errenguratu gabe: mintza hargatik lañoki ta garbiki gaitzak erremedia detzaketenei, batezere gaitzek ondore txarrik ukhan dezaketenean, gorphutzeko gaitzentzat barber-mirikuei, eta arimakoentzat nor bere kofesorari ta bidariari, ta egin griñarik gabe hekiek manatzen dutena.

       30. Gaitzak eta nahigabeak ongi jasateari darrajo nork bere burua mortifikatzeko artha, ta hartarat emanak izan behar dire egiazko prestu izan nahi direnak. Egiazko prestua izan behar da Jesus jaunaren iduriko, eta zer izan da Jesu-Kristok lurraren gainean eraman duen bizitzea, bethi zirauen eta azken hatsarekin xoilki baratu zen mortifikazione bat baizen? Bekhatuak borhatuko badire, behar du nork bere burua penatu ta mortifikatu; bada guti-gutiak arima prestuak, leheneko denboretan bekhatu mortal aphur bat egin eztutenak, eta oraino gutiago dire egun oroz ere asko huts xumetarat lerratzen eztirenak. Bertzalde gure naturaleza guzia gaizkirat makhurtua da, eta segurki bekhatuko lezerat arthikiko gaitu, ezpadugu egun orozko mortifikazionearen bidez gogorki ekhartzen. Hala dio jaundone Paulok, alhargun gazte guriki beizi dena, bizi delarik hila dela. Ezta hargatik egin behar, gorphutza flaka eta osasuna altara dezaketen mortifikazione handirik, barurik, gau-beilatzerik, eta bertze holakorik, bere buruz eta bere bidariarekin aditu gabe. Bainan bertze asko mortifikazione, egun oroz, kasik memento guziez egin ditezke, indarrak eta osasuna batere ukitu gabe; hala-nola, ikhusi nahian ez behatzea, aditu nahian beharria ez paratzea, berriak jakin nahian ez galdetzea, mintzatu nahian ixilik egotea, hotz, gose egarri guti bat sentitzean ez lehiatzea surat hurbiltzerat, jaterat, edaterat, bere nahia utzirik bertzerenerat erortzea ez on, ez gaitz handirik eztakharketen gauzetan. Bada holako mortifikazionei hagitz jarraikia izan behar da egiazko prestu izan nahi den Kristaua; horiez, kasik deus gosta gabe, bilduko ditu zerukotzat aberastasun handiak.

       31. Alferkeria oraino eskas bat maizegi baizen kausitzen eztena debozioneko itxura hartzen duten jendetan. Egiazki eskandala bat da hetarik zenbait ikhustea, elkhar gana bilduta, oren osoak, arratsalde osoak iragaten, lanari batere, edo erdizka baizen konturik ematen eztiotela. Orobat meza entzuterat joan eta, aitzinean edo ondoan Jainkoak daki zenbat denbora galtzen dute elheketan eta funsgabekerietan. Horiek egiazko deserregelamendu batzu dire, zeren denbora galtzea berenaz ere gaizki handi bat baita, zeren bere etxekoei asko bekhatu egiteko, eta mundutarrei hetaz eta debozioneaz gaizki erasteko bide ematen baitiote.

       32. Jakin behar dugu beraz guziek, Jainkoari egun batez kontu hertsi bat eman beharko diogula, gure eginkunde guziez bezala, gure biziko memento guziez ere. Enplega beraz guziak ongi, gauza onetan eta Jainkoaren gogarako izanen den gisan. Garen guziak, zoin bere ahalen eta herrunkaren arabera, obligatuak gare lanean haritzerat; hola da Jainkoaren manua, eta hori da gizonari bekhatu egin ondoan eman dioen lehenbiziko penitentzia. Bizitzeko zerbait laguntza edo onthasun dutenek, baldin behintzat bere gisa bizi badire, edo bertzeren meneko izan arren, bere aitzinekoek astia uzten badiote, denbora gehiago eman dezakete Jainkozko gauzetan, othoitzean, elizan; hainek begira detzakete bizitzeko Erregela huntan ezarriak diren phondu guziak, eta gainerako denbora enplega bezate arthoski lanean, bertze jende, bere lanetik bizi behar direnak, edo bere aitzinekoek denbora handirik bere eskuko uzten eztiotenak, are jarraikiagoak izan behar dire lanari. Hainek goiz guziez eman balezate oren erdi bat meditazionean, egun oroz iragan baletzate oren osoak elizan, bere eginbidei huts eginez, bere etxekoak haserre-araziz, edo gaitz phixka batek hartzen baditu, bertzeren laguntzaren beharrean litezken gisan, gaizki legikete hanbat denbora debozioneko gauzetan ematea; debozione gaizki aditu bat liteke hori. Bertzeren manupean bizi denak guzien gainetaik amor egin behar deraje bere aitzinekoei;obeditu behar deraje arthoski ta gogo onez, Jainkoaren edo eliza ama seinduaren legek debekatzen eztituzten gauza guzietan; hori Joan behar da debozione hutsezko gauza guziak baino lehenago. Orobat onthasunketarik eztutenak entsejatu behar dire oneski ta nihor behartu gabe bere bizia kharrajatzeko ahaletan ezartzerat bere buruak. Kasu horietan diren jendek, oneski har dezaketen denbora debozionezko gauzetan eman eta, gainerakoak eginen dituzte lanean hari direlarik, erregela huntan hor-hemenka errana den bezala. Ahalaz hartuko dituzte igande-bestak kofesatzeko ta komuniatzeko, eta orduan enplegatuko dute ahal dagiten bezenbat denbora. Bainan gerthatzen bazaje astelehunetan sakramenduen hartzea, laburzkiago egin detzakete bere debozioneak, elizako eskasa etxean eta bere eginbidetan hari direla ahalaz bethetzen dutelarik. Bainan halako jendek ukhan bezate artha berezi bat bere lanak eta Joan-Ethorri guziak othoitzatzat balia-arazteko. Egiten duten guzia egin bezate, ez bakharrik bizi beharrez, edo bertze arrazoin naturalez, bainan egin bezate Jainkoa gatik, Jainkoaren nahia bethetzeko xede garbiz, eta zeren harentzat duten maithaguneak erakhartzen dituen gauza guzietan hari atsegin egiterat: horrela egiten badute, kontu egin ahal dezajete bere denbora guzia othoitzean daramatela; eta asko denbora belhauniko daramatenek bezenbat edo gehiago grazia ardietsiko ta zerukotzat merezimendu bilduko dute.

       33. Lagunekin ibiltzearen eta solastatzearen gainean, huna jende prestuek atxiki behar dituzten erregelak. Ezpitez ibil ezin bertzean eta arrazoin onez baizen, jande lazo, munduaren araberako sentimenduak dituzten, eta solasak eta aireak darabiltzatenekin; hori Jainkoari zor dioten ohorearen kontra liteke, baieta asko gisetara arimakotzat kaltekor gertha lakieke. Hargatik halako jendetarik norbait Jainkoari irabazteko esparantza balin balute, ezlezakete gaizki egin hura aphur bat hantatzea; zerbait adiskidetasun erakhuts ere baliezokete. Bainan beira ongi, haina Jainkoari irabazi nahian, eztiotzon hainak debruari berak irabaz. Ezin bertzez kausitzen direnean mundutarrekin, eta bereziki bertze muetakoekin edo fexukoekin, iduki bezate ahalaz aire seriosa: neskatxak ez ukhana gatik ere xede gaixtorik, gizon gazten aitzinean alegeregi ta araiegi agertzen bada, horrek berak asko ta asko bekhatu eragin dezake: neskatxak eztitu askotan ezagutuko, ordean Jainkoak ikhusiko ditu, eta bere jujamendu ikharagarrian haren gain ezarriko ditu, haren faltaz eginak bezala. Horrela bortxatuak direnean bertze sexuko jendekin ihardukitzerat, arthoski begira betzate Izpiritu Seinduaren abisu hauk: atzartasun guziarekin begirazozu zure bihotza, beldurrez sor dakizun, zuretzat den gutiena perilos izan diteken afekzionerik batere: eztezazula sekulan begirik koka bertze muetako jenden gainean, beldurrez begietan gaindi sar dakizun bekhatuaren phozoina. Bai, artha guziarekin begiratu behar ditu jende prestuki bizi nahi denak abisu zuhur horiek, jakinik ezen debru lohiak hatzematen dituen hanbat arimetan eztela bat, erran behar bada, hastean bekhaturatzeko gogorik zuenik; bainan behar den atzartasunarekin bihotza zaindu gabez, han sortzen da ondikozko afekzione bat, zeinak behin bihotzari nausituzkero, zertarat nahi herrestatzen baitu. Eta eztezala nihork bere burua lausenga, jende erregelatuekin, gizon seinduekin dihardukalako estakuruan; san Agustinek dio, san Anbrosio ta san Jeromo bezain seindutzat eta hek bezain seindutasunean finkatutzat zaduzkanak ikhusi izan dituela ondikoz erortzen, Jainkozko adiskidetasunetik hasirik. Ezta ere nihor fidatu behar, ez bere adinaren, ez bere prestutasunaren, ez orai artean eraman dituen garaitien eta begiratzeko zoriona ukhan duen garbitasunaren gainean: bethi perilos izanen dire bi muetetako jenden elkharrekilako ihardukitzeak; eta galtzeko bidetan jarri nahi eztenak hetarik ahalik gutiena atxiki behar du ta ahalik laburzkiena, hetarat bortxatua denean atzartasun handi batean egoten delarik bere barneko ta kanpoko sentsu guzien gainean. Hargatik halako kasutan hobe da phixka bat mintzatzea, eta zenbait umore on aire guti bat erakhustea, ezenez trunko bat bezala bethi mutu egotea. Hau aditzen da prestugunerik batere kolpatzen ezten solasetan eta gauzetan: ezen errelijionea, karitatea, modestia, edo bertze zenbait prestugune kolpatzen dutenetan ez irhi batez baizen ezpalitzere, konsent sarthu behar: aitzitik gothorki enferratu behar zaje mihi phozoatu hekiei, eta goraki agertu behar da Jainkoaren ohorearen alde. Hargatik beldur izateko bada, erasia gaxto hekiei enferratuz, bekhatu gehiago egin dadin, ez goraki enferra, bainan atxiki aire idor bat, alda solasa bertze zenbait gauzetarat, eta ilkhi lehen bai lehen halako konpainia izurritsuetarik.

       34. Jende prestuek elkhar hantatzeak eztakharke berenaz deus gaizkirik; aitzitik arimakotzat hori on diteke, artha hartzen badute, hartu behar luketen bezala, Jainkozko gauzez aphur bat bederen mintzatzeko. Ongi liteke ere adiskide prestuek patu bat egin balezate, elkhar abisatuko dutela batak bertzean ikhusiko dituen hutsez; ezen eztugu zeren dudatu askotan hutsak egiten ditugula ustekabean eta oharkabean; ordean gu hetarat ez ohartua gaitik ere, bertzek ikhusten ohi dituzte, eta adiskide egiazko batek bere adiskideari bihur diozoken zerbitzu handienetarik batentzat idukitzeko da hura bere hutsez abisatzea. Hargatik elkharrekin ihardukitze hetan beira alferkeriatik, beira medisentziatik, batari piko, bertzeari asiki, mundu guziari hauzi egitetik; ahalaz ez mintza bertzeren hutsez, non eztiren behintzat jende-artean arras banatuak, eta orduan ere ahalik gutiena. Ohartu behar da oraino, jende prestuek elkharrekin ihardukitze hura ere arimakotzat kaltekor litekela, baldin bihotza adiskidetasun natural batez sobraxe lotzen balitzajo norbaiti; bethi haren ganat lehia, harekin baizen onik ez, harekin eztenean ere bethi kasik hura gogoan: holako adiskidetasunak, neskatxen edo haurriden artean izana gatik ere, asko bidegabe egiten dio arimari; Jainkoari zor diogun maithagune osoa hagitz flakatzen du, debozioneko gostua ethentzen du; asko ondore gaxto baduke. Iduki beraz bethiere bihotza gauza eginetarik laxatua; deusere, ez nihorere maitha Jainkoa baithan eta Jainkoa gatik baizen, Jainkoarendako maithagune sakratuak bethiere gure bihotzetan lehen herrunka idukiko duen ta osoki erreginatuko duen gisan.

       35. Azken abisua, bainan guziz premiatsua, jende prestuei hemen emateko dudana da, arthoski dabiltzala bethiere Jainkoaren aitzinean, dakitelarik ta maiz gogoan hartzen dutelarik lekhu ta memento guziez haren baithan direla, ta beha dagokotela: hori da Jainkoak berak Abrahami eman zioen abisu handia, ta egiazko seindutasunerat heltzeko irakhatsi zioen bide segura. Maiz erran biezote beraz jende debotek bere buruari: nere Jainkoa beha dagot; lagunekin naizenean bezain ontsa bakhartasunean, elizan bezain ontsa etxean, bidean eta plazan, argian bezain ontsa ilhunbetan eta gau-minean badakusa zer egiten dudan, aditzen du zer erraten dudan, zundatzen du nere bihotzaren zolaraino; ez othe da deus nere izate guzian, ez barnean ez kanpoan, Jainko handi, Jainko maite hari damu dakiokenik? Gogoeta guziz ona, bekhatutik urruntzeko, ta ongia khar seindu batekin egiteko. Jainkoaz orhoitzearekin batean jende prestuak adora bezate, erakhuts biezote bere maithagunea, bere bekhatuen barkhamendua ta behar dituzten laguntza guziak eska biotzote. Ukhan bezate artha, egiten dituzten guzi-guziak, lan arrontenak ere bai, Jainkozko xedez, Jainkoaren nahia bethetzea ta hari atsegin egitea gatik egiteko. Goizean ofreimendu hori egin eta egun-araldian ere ahalik maizena erreberri bezate: gisa hortan memento guziez zerukotzat aberastuz Joanen dire. Orenak jotzen duenean, sar bitez bere baithan; adora bezate Jainko Jauna, orobat Jesus maitea, batean gurutzearen gainean, bertzean aldareko sakramendu seinduan, gogoa hetarat hedatzen dutelarik; gomenda bekizko Andre dena Mariari, agur-Maria batez, eta bere aingeru begiraleari othoiztto huntaz: Angele sancte Dei, sit tibi cura mei, nunc et in hora mortis meae. Amen. Hori latin da; huna eskaraz: Jaunaren aingeru seindua, idukazu, arren nitaz artha orai eta nere heriotzeko orenean. Hala-biz.

       Bizitzeko erregela huntaz zerbitzatuko direnak othoizten ditut, eztezaten huts egin ni ere Jainko maiteari gomendatzea. Segurki jaundone Paulok baino arrazoin gehiago dut beldur izateko, bertzeak salbatzen lagundu ondoan, nerorri gal nadin.

 

 

JESUSEN IZEN SEINDUAREN LETANIAK

 

Abisua

 

       Guziz ederrak dire letania hauk Jesus maitearen sentimenduak ta prestugune berezienak hautan seinalatzen dire, ta othoitz eder batzu dire, hek hari berari galdetzeko. Bada ere hirur ehun egunen induljentzia debotki erraten diren aldi bakhotxeko. Egun oroz erran behar litezke beraz, gure kateximak goizeko othoitzean gomendatzen duen bezala; eta nola ezpaitire kausitzen latinez baizen jende-artean banatuak diren liburuetan, hemen eskaraz ezarri ditut, gostu, debozione ta progotxu gehiagorekin erran detzaten nahiz eskara baizen eztakitenek, aditzen dituztelarik bertsu batzutan eta bertzetan seinalatuak diren Jesu-Kristoren prestuguneak, eta hek hari berari eskatzen diotzotelarik.

       Hargatik irakurlea abisatu behar dut, Espainian inkisizioneak debekatzen dituela Letania hauk, bertze guziak ere bai, lekhat Andre dena Mariarenak, seindu guzienak, eta hagonian direnenak; eznintzen guti espantitu hori aditu nuen lehen aldian. Horrek ere aphur bat dudan iduki nau, ea hemen ezarriko nintuenetz: alabainan lekhuan lekhuko legeak begiratu behar dire. Bainan nola Espainiako theologo prestu bezain argitu batek erran baitzautan, duela denbora, Espainian ere erran zitezkela, hastea eta akhabantza uzten zirelarik, horren gainean ethorri naiz hauk hemen ezartzerat eskaraz arimen onetarako. Espainian erraten direnean beraz, hasi beharko dire hitz hautarik: Jesus, Jainko biziaren semea; eta utzi bertze hitz hautan: zure ama Maria Birjina guziz eztiaz; ondoan den oremusa edo othoitza erran diteke Espainian Frantzian bezala.

 

 

Jesusen izen seinduaren letaniak

 

       Jauna, urrikal zakizkigu.

       Jesu-Kristo, urrikal zakizkigu.

       Jauna, urrikal zakizkigu.

       Jesus, adi gaitzatzu.

       Jesus, entzun gaitzatzu.

       Zeruetako aita, Jainko zarena, urrikal zakizkigu.

       Seme, munduaren eroslea, Jainko zarena, urrikal.

       Izpiritu seindu, Jainko zarena, urrikal zakizkigu.

       Trinitate seindua, Jainko bakhar bat zarena, urrikal zakizkigu.

       Jesus, Jainkoa biziaren semea, urrikal zakizkigu.

       Jesus, aitaren argia, urrikal zakizkigu.

       Jesus bethiko argiaren distiadura, urrikal zakizkigu.

       Jesus loriazko erregea, urrikal zakizkigu.

       Jesus zuzentasunezko iguzkia, urrikal zakizkigu.

       Jesus Maria Birjinaren semea, urrikal zakizkigu.

       Jesus guziz miragarria, urrikal zakizkigu.

       Jesus Jainko guziz ahaltsua, urrikal zakizkigu.

       Jesus geroko mendeko aita, urrikal zakizkigu.

       Jesus kontseilu handiko aingerua, urrikal zakizkigu.

       Jesus guziz botheretsua, urrikal zakizkigu.

       Jesus guziz pairutsua, urrikal zakizkigu.

       Jesus guziz obedienta, urrikal zakizkigu.

       Jesus bihotzez ezti ta aphalgura, urrikal zakizkigu.

       Jesus garbitasunaren maithatzalea, urrikal zakizkigu.

       Jesus gure maitatzalea, urrikal zakizkigu.

       Jesus, bakhezko Jainkoa, urrikal zakizkigu.

       Jesus, biziaren emailea, urrikal zakizkigu.

       Jesus prestugunen modela, urrikal zakizkigu.

       Jesus arimen bilhari khartsua, urrikal zakizkigu.

       Jesus gure Jainkoa, urrikal zakizkigu.

       Jesus gure ihes-lekhua, urrikal zakizkigu.

       Jesus on-beharren aita, urrikal zakizkigu.

       Jesus sinhestunen tresora, urrikal zakizkigu.

       Jesus artzain ona, urrikal zakizkigu.

       Jesus egiazko argia, urrikal zakizkigu.

       Jesus bethiko zuhurtzia, urrikal zakizkigu.

       Jesus mugarririk gabeko ontasuna, urrikal zakizkigu.

       Jesus gure bidea ta gure bizia, urrikal zakizkigu.

       Jesus aingeruen bozkarioa, urrikal zakizkigu.

       Jesus patriarken erregea, urrikal zakizkigu.

       Jesus profeten argitzailea, urrikal zakizkigu.

       Jesus apostoluen nausia, urrikal zakizkigu.

       Jesus ebanjelisten irakhaslea, urrikal zakizkigu.

       Jesus martiren indarra, urrikal zakizkigu.

       Jesus kofesoren argia, urrikal zakizkigu.

       Jesus birjinen garbitasuna, urrikal zakizkigu.

       Jesus aphezen loria, urrikal zakizkigu.

       Jesus seindu guzien khoroa, urrikal zakizkigu.

       Alde zakizkigu, barkha diezaguzu, Jesus.

       Alde zakizkigu, entzun gaitzatzu, Jesus.

       Gaitz guzietarik, libra gaitzatzu, Jesus.

       Bekhatu guzietarik, zure haserreduratik, debruaren amarruetarik, lohikeriazko izpiritutik, sekulako heriotzetik, zure gogoramenduen alderako ez-axolatasunetik, zure haragitze seinduko misterioaz, zure sortzeaz, zure haurtasunaz, zure bizitze guziz Jainkozkoaz.

       Zure nekhez, zure hagoniaz eta pairamenaz, zure gurutzeaz eta uzmenduaz, zure akidurez, zure heriotzeaz eta ahorzgoaz, zure phizteaz, zure zerurat igateaz, zure bozkarioez, zure loriaz, zure ama Birjina Maria guziz eztiaz, libra gaitzatzu, Jesus.

       Jainkoaren bildots, munduko bekhatua, khentzen ditutzuna, barkha diezaguzu, Jesus.

       Jainkoaren bildots, munduko bekhatuak khentzen ditutzuna, entzun gaitzatzu, Jesus.

       Jainkoaren bildots, munduko bekhatuak khentzen ditutzuna, urrikal zakizkigu, Jesus.

       Bertsua. Benedika dadila Jaunaren izen seindua-ihardestea. Orai ta hemendik aitzina mende guzietan.

       Oremus. Erran nahi baitu, egigun othoitz. Jesu-Kristo gure Jauna, zure apostoluei erran zenerajen: galdezazue eta errezebituko duzue, bilhazazue eta kausituko duzue, Jozozue atheari eta idekiko zaitzue: galdez eta errekeriz gagozkigutzu bada gu ere; igutzu, arren, zure maithagune guziz Jainkozkoaren sentimenduak, eta egizu bihotz guziaz eta gure eginkunde guziez maitha zaitzagun, gure mihiko solasez bezain ontsa, eta ezgaitezen sekulan geldi zu laudatzetik eta benedikatzetik, ezina Jainko zarelarik bizi baitzare eta erreginatzen baituzu Jainko aitarekin Izpiritu seinduaren batasunean mendetako mende guzietan. Halabiz.

 

 

JESU-KRISTORI OTHOITZAK

 

 

Nork bere burua Jesu-Kristori emateko othoitza

 

       O! Jesus Iauna, huna non naizen zure zerbitzari bat, ta zure Eliza seinduaren ume bat; arren bada harzazu zure eskuetan nere eskuko den guzi-guzia; harzazu nere memorioa, nere adimendua, nere borondatea, nere bihotza, nere arima ta nere gorphutza. Naizen guzia ditudan guziekin zuk egina naiz, zuk ongi garastia erosia naiz, arrazoin guziez zurea naiz; bada guzi-guzia zuri bihurtzen natzatzu, zure eskuetarat ezartzen naiz, naizen guzia ta gauza guzietan zure borondate seinduaren arabera goberna nazazuntzat. Indazu, arren, zu, eta zure ama Maria Birjina guziz seindua egiazki ta osoki maithatzeko grazia, eta horrekin batean aski aberats izanen naiz, eta eztautzut deus bertzerik eskatzen. Biz-hala.

 

 

Nork bere burua Jesusen bihotz sakratuari emateko othoitza

 

       O! nere erosle Jainkozkoaren bihotz adoragarria! gizonentzat erretzen zauzkan bazterrik gabeko maithagunea gatik, gure salbatzeko isuri nahi izan duzun odol prezagarria gatik; zure urrikalmendu mugarririk gabeak gatik, egun eta bethikotz ematen dauzkitzut naizen guzia ta ditudan guziak; ematen dauzkitzut nere gorphutza, nere arima, nere gogoetak, nere gutiziak, nere hitzak, nere eginkundeak, nere pairamenak; bainan gisa bereziago batean ematen dautzut nere bihotza bere maithagune, estekamendu ta mobimendu guziekin. Harzazu, arren, o! Jesusen Jainkozko bihotza, garbizazu, seinduzazu, eta emazu guzia sutan zure maithagune sakratuaz. Den-hala.

 

 

Jesusen bihotz sakratuari ohorezko amanda

 

       O! nere salbatzailearen ta nere Jainkoaren bihotz adoragarria! guziz damuz iretsirik, ni ganik ta bertze hanbaten ganik gorphutz seinduko sakramenduan errezibitu ditutzun eta egun oroz errezebitzen ditutzun laido saminak gatik, huna non nagon zure aldaren oinetan ahuspez jarria, hetaz guziez zuri ohorezko amanda egiteko. Oi! nere errespetuez ta nere adorazionez berre ahal banezake zure ohore mesprezatua! Oi! nere nigarrez, baieta nere odolaz errepara ahal banetzake hanbat errespetu-eskas, hanbat farfanakairia, hanbat sakrilejo! Oi! ala nere bizia ongi enplegatua bailetake, hoin gauza handi batetakotz sakrifika ahal banezake! Barkha diezezu, errekeritzen zaitut, o! nere Jainkoa, hanbat heretiko desohoratzen zaituztenei. Bainan bereziki barkha diezadazu neroriri, zeinak mezak gaizki entzunez, komunione hotzez, komunione gaxtoez eta bertze hanbat gisaz hain damu saminak egin baitauzkitzut: orhoit zaite, zure bihotz adoragarria nere bekhatuez kargaturik, izan dela heriotzeraino hagorandua. Arren bada, zure hanbat nekhe ta pairamen, zure heriotzea ta odola ezpitez neretzat alfer izan. Suntsi diezadazu bihotz gaxto hau, eta indazu bertze bat, guzia zure bihotz sakratuaren araberakoa izanen dena; bihotz bat urrikiz phorroskatua ta beheratua, bihotz bat garbia ta notharik gabea, bihotz bat gaurgero den guzia zure loriakotzat enplegatuko dena, ta zure maithagunearen su sakratuaz erretzen egonen dena. Nere aldetik hitz ematen dautzut, o! Jesus adoragarria! Iragan bizian egin ditudan errespetu-eskasak eta sakrilejoak, orai nere bihotza guzia auhenetan hondatua daukatenak, nere ahal guziez erreparatuko ditudala, maiz ethorriz zure aldaren oinetarat zuri nere errespetuak bihurtzerat, zu maiz eta ahal dagidan debozione ta khar guziarekin errezebituz komunione seinduan, eta bethiere modestia guzia begiratuz, barnez eta kanpoz, zure Eliza seinduetan.

 

 

Nork bere jaidura gaxtoen garaitzeko grazia eskatzeko Othoitza

 

       O! Jainko, seindutasuna bera zarena! O! urrikalmenduzko aita! zuk egin nauzu, zure ume maitei eman zajen libertate dohatsuan zerbitza zaitzadantzat. Ez nazazula bada, arren, utz gehiago nere jaidura gaxtoen lege ahalkagarrien azpian bizitzerat: hel zakizkit ta lagun nazazu, hek garaituko baditut, nere buruari egin behar diotzodan ta jasan behar ditudan gudu gaitzetan.

       Ezagutzen duzu, Jauna, ni zein flakoa naizen, ta zein borthitzak diren niri nausitu nahiz dabilzkidan etsai muthiriak, nere bihotzeko jaidura gaxtoak. Hain ardura haserregoak asaldatzen nau; hantusteak harrotzen nau; sumindurak minkhartzen nau; lohikeriak izurrikeriez bethetzen nau; nere umore gaxtoak hain jasangaitza egiten nau; nagitasunak hain phisu, hain laxo egiten nau nere eginbiden gainean; nere-neredako maithagune itsua hain ardura sartzen da egiten dudan ongi gutian ere, eta beretzen du zuretzat egin behar nuenaren zathi handi bat, guzia ezpada ere. Zer herstura, o! nere Jainkoa! Zer ondikozko esklabotasun, horien guzien bortxa, zu maithatu nahi zaituen eta guzia zurea izan nahi den arima batentzat!

       Bai, egin da; gaurgero, eta zer nahi gostako bazautere, eztitut nahi entzun nere jaidura gaxtoen gogoramendu phozoatuak. Bekhatutik beiratu nahi naiz; eta nere jaidurak direnazkero nere bekhatu guzien ithurriak, baitezpada gudukatu nahi ditut, zehatu nahi ditut nere arimaren etsai muthiri hauk. Zure izenean, o! Jainko guziz botheretsua! Hartuko ditut harmak, etsai dorphe haukien gudukatzeko. Bertze hanbatek, zure grazia seinduaren laguntzarekin batean garaitu dituzte loriozki; eta nik ere esperantza dut, zure izenean ta zu laguntzen zaizkidalarik, garaituko ditudala, Jesu-Kristo gure Iaunaz, zeina bizi baita eta erreginatzen baitu mendetako mendetan.

 

 

Arimako ta gorphutzeko garbitasuna galdetzeko othoitza

 

       O! Jesus adoragarria, Birjinen espos loriosa! lurraren gainean bizi zineno, hain maithagune berezia erakhutsi izan duzu garbitasuneko prestugune ederrarentzat. Mirakulurik espantigarrienaz, Birjina baten ganik sorthu nahi izan zare, haren garbitasuna den gutiena zaurtzen etzelarik. Bertze phondu gehienen gainean bai, bainan garbitasunaren gainean eztitutzu utzi zure etsai errabiatuak zure kontra akusik xumena altxatzerat. O! Jesus adoragarria! Prestugune prezagarri hunentzat ukhan duzun maithagune berezi horren ariaz, errekeritzen zaitut eman diezadazun, hau nik ere dagokon bezala prezatzeko ta osorik begiratzeko grazia. Zure idurira egin nauzu; nola ni atrebi hain higuin duzun bekhatu batez zure iduri sakratua likhisterat? Mehatxatzen duzu, fundituko duzula zure tenplu seindua profanatuko duena; zer sakrilego izigarri ezliteke, nere gorphutza, zure tenplu bizia, hanbat aldiz komunione seinduan egon-tokitzat zerbitzatzen zaitzuna, lizuntzea ta lohitzea? Zure mienbroa naiz; zer monstro ninteken beraz zure begietan, zu Birjinen Birjinaren mienbroa. Naizena, debru lohiaren mienbro egiten banintz! ez, o! Jesus adoragarria! eztezazula sekulan deusere sartzerat utz ni baithan, arimako ta gorphutzeko garbitasuna den gutiena hits diezakedanik. Badakit grazia berezi bat behar dudala, Jainkozko prestugune hunen osorik begiratzeko. Horrengatik ere zu ganat egiten dut laster, o! hanbat Birjinen espos adoragarria! Zenbatak, zeruan aingeruak bezala, bizi izan direnak lurraren gainean? Hek ere flakoak ziran ni bezala. Eznau beraz nere flako izateak lotsatzen; zure laguntzarekin batean badaidiket nik ere bertze hanbatek egin izan dutena, egidazu beraz, o! nere Jesus maitea, nere izate guziaren gainean hain atzarririk bizitzeko, ta othoitzari hain arthoski jarraikitzeko grazia, non Izpiritu tentatzaileak, zure loriaren ta nere salbamenduaren etsai madarikatu hark ezpaitaut sekulan den gutiena eskurik hartuko.

 

 

ANDRE DENA MARIARI OTHOITZAK

 

Andre dena Mariaren himnoa, air,
Maris Stella, hasten dena, eskaraz ezarria

 

       Agur, itsasoko izar ederra, Jainkoaren ama guziz behar bezalakoa, bethi Birjina izan zarena ta zeruko athe ta sar-bide zorionezkoa.

       Onhetsazu gure ahotik, bertze orduz aingeru san Gabrielek egin zautzun agur lorios hau, ta finka gaitzatzu egiazko bakean: ezen Ebari baino hobeki dagotzu zuri bizien amaren izena.

       Phorroska zaitzu beraz, oi! ama guziz ona! Gu ondikozko hobendunak amarratuak gauzkatziten gathe phisuak; suntsi zatzu gure ilhunbe lodiak; urrunatzu gu ganik arimako ta gorphutzeko gaitz eta ondiko guziak, eta zure seme adoragarri gure Jainkoa ganik ardiets dietzagutzu behar ditugun on guziak, eta bereziki arimari ta salbamenduari ukitzen zaizkonak.

       Erakhutsazu, arren, egiazki zarela ama; eta hel-arazatzu gure galdeak eta errekerimenduak Jesu-Kristo zure semea ganaino, zeina zu ganik sorthu nahi izan baita gu salbatzeko, eta, arren, zure othoitzen bidez ta zure amoreak gatik digula eskatzen diogun guzia.

       O! Birjina seindua, egundaino zu bezalakorik izan ezten bezalakoa, guzien artean zure eztitasunaz, aphalesguneaz eta garbitasunaz seinalatu izan zarena! Egizu, arren, zure othoitzez, gu ere, gure bekhatuetarik atherarik, izan gaiten bihotzez ezti, aphalgura ta garbi.

       Egizu, arren, zure othoitzez, bizi gaitezen seinduki ta garbiki, eta bethiere atxiki dezagun zerurat daraman bide xuxena, egun batez ukhan dezagun, Jesu-Kristo zure semea ta gure salbatzaile guziz maitea bere lorian ikhusteko, ta haren aitzinean zurekin batean sekulako bozkarioaz gozatzeko zoriona.

       Loria ta laudorio aita Jainkoari; loria ta laudorio Jesu-Kristo gure jaun guzien gainekoari; loria ta laudorio Izpiritu seinduari; Trinitate adoragarriari eman bekio ohore bera ta guzien gainekoa. Biz-hala.

 

 

Salve Regina eskaraz

 

       Agur, Erregina, urrikalmenduzko ama, gure bizia, gure gozoa ta gure esparantza, agur. Zure ganat gaude deiez, gu Ebaren ume desterratuak; zure ganat gaude hasgorapenez, guziak auhenetan eta nigarretan hondaturik nigarrezko haran huntan. Ea bada, gure abokata, itzulatzu gu ganat zure begi urrikalmendutsu horiek; eta desterru huntarik ilkhitzen garenean, erakhuts diezaguzu Jesus zure sabeleko fruitu benedikatua. O! ama guziz bihotz-samurra! o! ama guziz urrikalmendutsua! o! Birjina Maria guziz eztia ta gozoa!

       Bertsua. Othoitz egizu guretzat, o! Jainkoaren ama guziz seindua.

       Ihardeskia. Merezi dezaguntzat Jesu-Kristok agindu dauzkigun onthasun handiez gozatzea.

 

Oremus, egigun othoitz

       O! bethidanik zaren Jainko guziz botheretsua, Izpiritu Seinduaren obraz eta egintzaz aphaindu zinituen Birjina ama Maria loriosaren gorphutza eta arima, Jesu-Kristo zure semeari zegokon bezalako, egon-lekhu bat izan zedintzat: egizu, arren, haren orhoitzapena errespetu eta bozkario guziarekin ohoratzen dugunak, libratuak izan gaitezen, haren arartekotasunaz, eta oraiko gaitzetarik eta sekulako heriotzetik; galdetzen dautzugu Jesu-Kristo hartaz beraz. Halabiz.

 

 

Andre dena Mariari othoitza

 

       Maria seindua, Jainkoaren ama benedikatua ta bethi Birjina, nik egun hartzen zaitut bihotz guziaz eta nere bizi guzikotzat nere patrointzat, nere abokatzat, zere Jainkoaren aldeko ararteko berezitzat, eta nere Jainkoaren ondoko jabetzat: hartzen dut xede ta gogo zinena, sekulan ez urruntzeko zure ganik, sekulan deusik ez errateko, deusik ez egiteko, zuri damu ditekezunik, ta bertzeak ere nere ahalaz urruntzeko zure ohorearen eta nahiaren kontra dohazken guzietarik. Har nazazu beraz, o! ama maite-maitea ta guziz ona! Har nazazu, othoi, ta bethiere iduk nazazu zure umetzat eta zerbitzaritzat; hel zakizkit eta lagun nazazu nere urhats guzietan, ta gerthatuko zaizkidan parada, hirrisku, tentamendu ta behar-ordu guzietan; eta beregainki eznazazula utz nere heriotzeko orenean. Halabiz.

 

 

Andre dena Mariari bertze othoitza

 

       Orhoit zaite, o! Birjina Maria, guziz ona ta urrikalmendutsua eztela egundaino aditu, zure geriza seindurat laster egin duenik, zure laguntza galdetu duenik, eta harentzat ararteko balia zinitezen eta othoitz egin zenezan bihotz onez ta behar bezala errekeritu zaituenik nihor izan dela arbujatua, ta bere esperantzan ta galdetan enganatua. Ni ere, o! Birjina guziz seindua, Birjina guzien ama loriosa, fidantzia hortaz betherik, barren ta gogo guzia ondurik, zure ganat nathor, zure ganat egiten dut laster, zure oinetarat ahuspez erortzen naiz, nere bekhatuen karga phisuaren azpian marraskaz nagoela. Ea bada, o! Berbo adoragarriaren ama loriosa, eztezazula, arren, nere othoitza arbuja ta mespreza: aitzitik urrikal bekit zure bihotz samurra ta garbia; adizatzu ta entzun nere deiak eta errekerimenduak; erakheitsazu egiazki gure ama zarela, eta Jesu-Kristo, gure jaun, gu salbatzea gatik zure ganik sorthu nahi izan denak, zure bidez ongi har eta entzun betza gure othoitzak. Den-hala.

 

 

Andre dena Mariaren bihotz sakratuari othoitza

 

       O! Maria, bethi Birjinaren, eta bere amaren sabelean ere bekhatuaren notha guzietarik beiratua izan denaren bihotz sakratua! zu zare, Jesu-Kristorenaz landan, Jainkoaren esku guziz botheretsuak egundaino egin duen egin izan duen bihotzik seinduena, garbiena, osoena, handiena, alde guziz ohoragarriena: zu zare graziazko, ontasunezko, eztitasunezko, garbitasunezko, urrikalmenduzko ta maithagunezko ithurri ezin agortuzko bat: zu zare prestugune guzien modela eskasik gabea, eta Jesusen bihotz adoragarriaren iduririk ederrena ta osoena: zu bethi erretzen egon zare maithagunerik khartsuenaz ta garbienaz, eta zuk bakharrik maithatu duzu Jainkoa, serafin, aingeru ta seindu guziek elkharrekin emanik ere baino gehiago: zuk loria gehiago eman diozu Trinitate adoragarriari zure itzuli xemenaz, diren bertze guziek bere eginkunde handienez eman dioten edo eman ahal diozoketen baino.

       Zure aitzinean ahuspez jarririk beraz, o! urrikalmenduzko amaren bihotz sakratua, bihurtzen dauzkitzut ahal dagizkidan errespeturik handienak; eskerrik hedatuenak ematen dauzkitzut, nere beharren gainean ukhan ditutzun eta oraino ere dauzkatzun urrikalmenduzko ta maithagunezko sentimenduez, eta zure amazko ontasunetik errezebitu ditudan ongi guziez.

       Zu izanen zare geroroz, oi! bihotz guziz maithagarria, zu izanen zare geroroz, zure seme maitearen bihotz adoragarriaren ondoan, ni gehienik behaturen natzajona; zuretzat izanen dire nere errespeturik handienak, nere maithagune suharrena, nere debozione samurrena; zure ganat ethorriko naiz, zure bidez nere salbatzaile adoragarria ganat heltzeko; zure bidez jautsiko dire ni ganat haren graziak eta urrikalmenduak; zu izanen zare nere ihes-lekhua, nere atsekabetan, nere gozoa nere nahigabetan, ta nere laguntza nere behar guzietan.

 

 

Induljentzia batzu,
nor-nahik, noiz-nahi ta nahi bezenbat aldiz
irabaz detzakenak

 

Abisua

       Eztugu zeren dudatu, Jainkoaren zuzentasunaren alderat zor handiz kargatuak garela. Iragan denboran egin ditugun bekhatuak gatik; eta nola egun oroz ere zenbait hutsetan erortzen baikare, egun oroz zor berriak egiten ditugu, zeren ezpaita bekhaturik batere, zeinarentzat ezpaitiogu Jainkoaren zuzentasunari satisfakzione egin behar. Zor batzu dire horiek, mundu huntan edo bertzean baitezpada pagatu behar ditugunak. Bada zor horietarik atheratzeko baliatzen zaiku induljentziak. Ontsa ez-axolatuak genetazke beraz gure arimen alderat, ezpagine arthoski baliatzen, Elizako tresoretan kausitzen dugun, hanbat zor phisutarik atheratzeko bide erretx huntaz. Bainan orhoit gaiten, induljentziak irabazteko seinalatuak diren othoitzak eta bertze eginkunde onak, giristinozko sentimenduekin egin behar direla, ta bereziki bekhatuezko urriki egiazko ta bizi batekin. Ezen induljentzia, bekhatu jadan barkhatuei zor zajen denborako penaren barkhamendua da; eta ezta bekhaturik batere barkhatzen egiazko urrikia gabe. Batez ere induljentzia irabazteko egiten den azken othoitza, edo bertze eginkunde ona, baitezpada egin behar da Jainkoaren grazien delarik.

       Aita seindu batzuk eta bertzek eman dute asko induljentzia. Bainan gehienak, edo zenbait konfardiei, edo zenbait besta-buruei iratxikiak dire, eta hetaz kanpoan ezin irabaz ditezke. Bainan hemen ezarriak direnak nor-nahik ta noiz-nahi irabaz detzake. Horren gatik ere hemen ezarri ditut.

       1. Induljentzia plenaria edo osoa irabazten dute. Fedezko, esperantzazko ta maithagunezko aktak, hilabethe batez egun oroz egiten dituztenek, hilabethe haren akhabantzan ongi kofesaturik komuniatzen dutelarik, eta othoitz egiten dutelarik denbora berean Eliza seinduaren goramenduarentzat, heresien eta xismen ezeztamenduarentzat, eta errege giristinoen bakearentzat. Bizpahirur gure aita eta agur Maria erran ditezke xede hortarat. Induljentzia hau irabaz diteke arima joanentzat ere, eta erreberri diteke hilabete guziez, batean defuntu batentzat, bertzean bertze batentzat, eta arima joana ezpada beharretan, nork beretzat.

       2. Bada zazpi urthe ta zazpi berrogoi egunen induljentzia, fedezko, esperantzazko ta maithagunezko aktak egiten diren aldi bakhotxeko. Induljentzia hau ere irabaz diteke arima joanentzat.

       3. Ehun egunen induljentzia irabazten dute, angelus belhauniko, ezkilak jotzean, erraten dutenek, eta hori aldi bakhotxean: eta hala, goizean, eguerdian, eta arratsean erraten duenak, irabazten du hirur ehunena. Angelus xutik erraten da larunbat arratsetik igande arratseraino, baieta bazko-denborako egun guzietan ere, eta bazko-denbora doha bazko-larunbatetik Trinitateko iganderaino.

       Regina coeli dakitenek, hura erran behar dute bazko-denboran, bere bertsuarekin eta othoitzarekin, angelusen orde ta lekhuan. Bainan Regina coeli eztakienak, orobat erran dezake angelus.

       4. Bada hirur ehun egunen induljentzia, Jesusen izen seinduaren Letaniak erraten diren aldi bakhotxeko, eta berrehun egunena Andre dena Mariarenak erraten diren aldi bakhotxeko. Jesusen izen seinduarenak Espainian erraten badire, begiratu beharko da hekien aitzinean iskribu huntan ezarria den abisua.

       5. Bada ehun egunen induljentzia, oren laurden bat bederen meditazione egiten den aldi bakhotxeko, edo bertzei meditazionea nola egin irakhasten diotenentzat.

 

 

ABISUA MEDITAZIONEAREN GAINEAN

 

       1. Meditazionearen izen xoilak eta aiphamenak asko jende xinple harritzen eta izitzen ditu: baderitzate meditazionea gauza bat dela, hainitz jakitate eta Izpirituko zorroztasun galdetzen duena, eta prestutasunean aitzinatuei baizen eman etzajena. Asko bertze, meditazione egitetik, desenkusatzen dire bere lanean hari-beharraren gainean, eta diote, eztutela astirik meditazionean egoteko, doi-doia hartzen dutela bere obligazionezko othoitzen egiteko artea ere. Gisa hortan, batzuk aitzaki batez, bertzek bertze batez, oraino giristino gehienek alde bat uzten dute meditazioneko exerzizioa, zeinari bizkitartean seindu guziak hain arthoski ta hanbat gosturekin yarraiki izan baitzazko, zeinari ere gehienik zor baitziotzaten seindutasunean egin dituzten aitzinamendu handiak.

       2. Bada aitzaki, hanbat arima, bere bidegabe handitan, meditazioneko pratika salbagarritik urruntzen dituzten horien sunsitzeko, aski da ongi ezagutzea zer den meditazionea ta zertan datzan ezta bada bertzerik , baizitare errelijioneko zenbait egia, ebanyelioko zenbait maxima eta irakhasmendu: edo zenbait prestugune aphur bat gogoan erabiltzea, hekien araberako sentimenduz bihotza bethetzeko, eta hekiei dagozkoten bezalako gogokundeak edo erresoluzioneak hartzeko bere konduitakotzat edo egiteko moldekotzat. Hala, Jainkoaren osoginen edo perfekzionen gaineko meditazionea datza, Jainkoaren bothere zuhurtzia, ontasun, urrikalmendu, zuzentasun mugarririk gabeak gogoan erabiltzean, haren bekdurrez, ta harendako errezpetuz ta maithagunez bihotza bethetzeko, hartzen delarik gogokunde zin bat, hain maithagarri dela ezagutzan den Jainko hari damu dakiosken guzietarik urrun ibiltzeko, eta bizi guzian ahalik eta lejalkienik haren zerbitzatzeko.

       3. Bertzerik zer behar da, meditazionea zein gauza erretxa den sentitzeko? Nor da, nahi bezain jakitategabea ta izpiritu laburra izanen bada ere, bainan xede ona ta bihotz zuzena balin badu, nor da Jainkoaren osogune miragarriak, egin deraikun ongi ezin kontatuzkoak, gure salbatzaile maiteak bere pairamen edo pasione seinduen Jasan zituen thormenta dorpheak eta erakhutsi zaukun maithagune bazterrik gabea, Jainkoaren jujamenduaren zorroztasun, ifernuko izigarrikeriak, Zeruko loria eta gozo ezin erran bezalakoak, aphur bat gogoan ezin erabil detzakena, horiei dagozkoten bezalako sentimendutan ezin sar ditekena, eta horien arabera bizitzeko xedeak ezin har detzakena? ez, ezta hortakotzat eskola handirik behar; bihotz zuzena, nahi ta xede ona dire hemen premiazkoenak; eta askotan ikhusten dena da, jende eskolarik eztutenak, bainan bihotz zuzen batekin Jainkoa bilhatzen dutenak, gizon argituek baino hobeki egiten meditazionea.

       4. Eztiteke gehiago balia, meditazione egiteko astirik eztutela diotenen aitzakia. Meditazionea egin diteke noiz-nahi ta non-nahi, bidean, lanean, jende-artean, Elizan, etxean, baieta ohean ere. Horietan guzietan asko gauza erabiltzen ohi dire gogoan: zertako eztire erabiliko errelijioneko egia handiak hanbat gogoeta gaxtoen edo funts-gaben lekuan? Zertako ez enseja egia ta misterio handi hekien araberako sentimenduak bere bihotzean erreberritzerat, eta finkatzerat, eta prestuki bizitzeko xedetan geroago hobeki gogortzerat? Berdin izpiritua ta bihotza Jainkoarekin ta Jainkozko gauzetan daudelarik ere, orobat aitzina joanen dire kontu eman behar zajen bertze gauzak eta egitekoak. Hargatik ongi lanez gaindi ta egitekoz lehertua izan behar liteke, egun oroz orenlaurden bat bederen meditazionean egoteko ezin berex lezakena. Helas! gehienek, eta astirik ezin har dezaketela diotenek bertze nor-nahik baino gehiago, ez othe dute, egun gehienetan bederen, denbora gehiago ere galtzen elhe-melhetan eta phasajeta alferretan?

       5. Meditazionea egitea zein errex den jakiteak behar ditu giristino gogo hurriak alaitu edo animatu. Bada egintza edo pratika salbagarri huntarik atheratzen diren on handiek behar dituzte bertze giristino laxoak bere nagitasunetik sendatu, eta meditazioneari jarraikitzeko arthaz bethe. Ez, ezta deusere meditazionearen usantza baino hoberik, dela bekhatutik beiratzeko, edo hartarat lerratzen bada, hartarik ilkhitzeko, dela prestutasunean finkatzeko, aitzinatzeko eta irauteko Jainko Jaunak berak Isajas profetaren ahoz bekhatorei ematen derajen abisu handia da, sar ditezela bere bihotzetan barna, eta jar ditezela, bekhatutik urrun-arazteko gehienik gai diren errelijioneko egia handiak gogoan erabiltzen, eta bere ahalez phisatzen. Eta egiazki, zein othe da bekhatorea, bere bizitze gaxtoan iraun lezakena, maiz eta zinez gogoan erabiltzen badu, bekhatu eginez erakhusten duela Jainkoaren alderat esker-gabetasun bat, eta Jesu-Kristoren alderat krueltasun bat, basa jende barbaroenen artean ere halakorik kausitzen ezten bezalakoa; mement guziez, orobat arimako laguntzarik batere ukhan gabe, herioak hatzeman dezakela, eta zorigaitz hori gerthatzen bazajo, bertze hanbati gerthatu zajen bezala, eztagola bertzerik harentzat, baizitare jujamendu bat osoki lazgarria ta etsimenduz bethea, eta hartarik lekhora thormenta batzu, nihork ezin erran, ezin gogoan har dezaken bezain gogorrak, eta bethi eta bethi iraunen dutenak? Nor da bekhatu egiterat atrebi litekenik, egia handi horiek maiz eta zinez gogoan erabiltzen balitu? eta nolazpait, etsajak, esku harturik eta jaidura gaxtoak nausiturik, bekhaturat lerratzen bada ere, nola ezta lehiaturen bekhatutik altxatzerat, baldin zinez ematen badio gogoari, gutien ustean kausi ditekela sekula guzikotzat leze beltzetan ehortzia? Bai legez baderrakegu ondikozko denbora hautan ere, Jeremias profetak bere denboran erraten zuena, bekhatu lotsagarrienek, zopherna batek bezala, estalia daukatela lur guzia, nihor kasik eztela bere bekhatuez behar bezalako penitentzia egiten duenik, ez Jainkoaren zerbitzuari behar bezala darrajonik, zeren nihork kasik ezpaitu artharik errelijioneko egia handi horiez premia liteken bezain ardura ta zinez orhoitzeko. Eta Dabit errege seinduak, zenbat ere baitzen ongian finkatua, bere burua galdua zaukan, baldin laxatzen bazen Jaunaren lege seindu gau eta egun meditatzeko zuen jarraitasunetik.

       6. Meditazionea, bekhatutik beiratzeko ta ilkhitzeko bezala, handizki baliatzen da ongian finkatzeko eta aitzinatzeko ere. Egintza seindu huni arthoski darraizkon jende prestuek sentitzen dute, errege profetak bezala, Jainkoaren maithagunearen su sakratua bere bihotzetan geroago gehiago phizten eta emendatzen meditazionearen bidez. Jainkoaren osogune adoragarriak, egin deraizten eta egun oroz egiten deraizten ongi handiak, agintzen derajen golardo edo sari ezin erran bezain handia ta gozoa, maiz eta zinez gogoan erabiliz, sustatzen eta finkatzen dire Jainkoaren alderako maithagune sakratuan, bere izate guziaz egin dioten eta maiz erreberritzen dioten emaitz osoan, eta edozein hersturetan izanen badire ere, ez sekulan, ez deusen gatik ere, haren zerbitzu seindutik ez aldaratzeko xede zinean. Errelijioneko egiak eta misterioak, maiz eta zinez gogoan erabiliz; hobeki aditzen dire, maithatzen dire, hetan gostu hartzen da, bihotzean barna sartzen dire, arima guzia hekien araberako sentimenduz bethetzen da; sentimendu hek bethi finkatuz doazi, eta azkenean natural bezala egiten dire: bada hartarazkero, bekhatuari ihes egiten zajo, naturalki higuin diren gauzei bezala, eta prestugune guziei jarraikitzen zaje gerthatzen diren parada guzietan, jaidura naturalez maithatzen eta bilhatzen diren gauzei bezala. Ezin gertha ditekena bezala da beraz, jende prestu bat bekhaturat lerra dadin, meditazionea egiteko usantza atxikitzen dueno; edo funtsean, nola ondikozko bizitze huntan gareno, etsajez inguratuak, eta gaizkirako pendura muthiriz betheak baikare garen guziak, gerthatzen bazajo ere jende prestu bati bere eginbidetik nolazpait aldaratzea, segur bezala laster ere bihurtuko dela bide xuxenerat, meditazionea egiteko usantza lejalki atxikitzen badu.

       7. Ezta gehiago behar, edo zeini ere senti-arazteko, bere salbamenduko egitekoan ongi bururat heldu nahi den Kristau bat, baitezpada bere ahalaz jarri behar dela egun oroz bere meditazionea egiteko usantzan, eta hura lejalki atxiki behar duela bizi deno. Hori ere premiatsuago da, barnetik edo kanpotik bekhaturat biziki hertxatuak direnentzat; ez, halakoek eztute zeren higuriki galtzetik beiratuko direla, meditazione usuak eta zinak eginez baizen. Gauza bera diot, Jainkoak grazia berezi batez hartarat deithurik, prestutasunean aitzinatu ta egiazko seindutasunerat heldu nahi direnez. Guziz arthatsu ta jarraikiak izan behar dire meditazionea egiteko phonduaren gainean.

       8. Asko jende, bereziki Jaunaren zerbitzuan berri direnetarik, lotsatzen eta gogo-hurritzen dire meditazione egitearen gainean, zeren ezin iduk dezaketen bere Izpiritua bildurik; zeren eztuten sentitzen bihotzeko agortasunik baizen. Horrek asko erakhartzen ditu meditazioneko egintza guziz salbagarria arras aldebat uzterat. Oi! arren, beira bitez hortarik. Jakin bezate barrajadura ta agortasun hek eztirela huts batzu, eztiotela bere meditazionen merezimendua batere gutitzen, baldin hekien beren aldetik eskasik ezpada, ta bere meditazioneak ongi egiterat entsejatzen badire duda entsejatu behar gare, Izpiritua bildua, ta hartu dugun meditazioneko geian edo sujetean baratua atxikitzerat, eta bihotza hari dagozkon bezalako sentimenduetan sar-erazterat. Bainan hortarat entsejatua gatik ere Izpirituak harat-hunat barrajatzen bazaiku, ezkare hortaz batere ez espantitu, ez khexatu behar; gizonaren herbaltasuna da hori lurraren gainean. Beraz barrajatuak kausitzen ditugunean gure buruak, emeki ta deskantsaz itzuli behar gare Jainkoa ganat eta gure meditazioneko geirat. Bertzerik ezpalitz ere, bethi ukhanen dugu Jaunaren aitzinean barrajadura hekien gudukatzearen merezimendua, eta Jainkoak gure on handitan kontu idukiko dauku gure xede ta nahi onaz. Jakin behar dugu bertzalde eztela gauza guti bat, meditazionean sentitzen diren idortasunak penitentziazko Izpirituz hartzea ta jasatea, ezagutzen dugula eztugula merezi Jainkoak bertze gisaz trata gaitzan; eta baldin agortasun hekien bortxa arthoski atxikitzen badugu meditazionea egiteko usantza, Jainkoak benedikatuko gaitu, eta idortasun hekien orde emanen deraiku barneko hezadura ta gozo atsegingarriak, berak hortarakotzat seinalatu duen denboran. Hala gerthatu izan zaje gehienean seindu handienei, ezen eztugu zeren uste izan hek ere bere othoitzetan eta meditazionetan atseginez eta gozoz gaindi zaudela; etzuten askotan sentitzen idortasunik eta unhadurarik baizen: bainan horiek guziak gogo onez jasaten zituzten; bere sentimendu eskasaz Jaunaren aitzinean ahalgetzen ta beheratzen zirelarik: bainan horien guzien bortxa arthoski irauten zuten bere othoitzetan eta meditazionetan, hetan ematen ohi zuten denbora batere laburtu gabe. Bada jarraitasun eta lejaltasun horren sariak izan dire, Jainkoak ondoan eman deraizten gozo handiak ta grazia seinalatuak.

       9. Meditazioneko geitzat edo sujetzat hartu behar du bat bederak bere beharrei dagokoten egia, irakhasmendua edo misterioa. Bizitze prestuari berriki emanak zaizkonek, eta bekhaturako pendurak oraino bizisko dituztenek, bereziki egin behar dute gizonaren laur azken finen gainean, eta bekhatutik hobekienik urrun-araz gaitzaketen bertze egien gainean: baieta jende prestuenek ere, noizean behin bederen, horien gainean meditazionea egin behar dute, beldurkhunde eta atzartasun seindu batean irauteko. Gainerakoan ongian aphur bat aitzinatuak direnek maizago eginen dute, Jainkoa osoki maithatzerat, eta nor den guzia harenak izaterat erakhar gaitzaketen egien eta arrazoinen gainean, Jainkoaren osogune adoragarrien gainean, egin deraikun eta egun oroz egiten hari zaikun ongi handien gainean, Jainko-salbatzaileak guretzat bethe dituen misterioetan erakhutsi daukun maithagune neurrigabearen gainean. Kofesatzeko egunean guziek eginen dute meditazionea, bekhatuez urrikitan sarzeko arrazoinen gainean, eta kofesatu gabe komuniatu behar den goizean, komunione seinduaren gainean, sakramendu horien errezebitzerat ongi aphaintzeko edo preparatzeko. Gainerakoan meditazionea ongi doha, igandetan, Jainkoa zerbitzatzeko ditugun arrazoinen gainean; bertze bestetan, hetan ohoratzen diren misterio berezien gainean; ortzegunean, aldareko sakramendu adoragarriaren gainean; eta ortzilarean, Jesu-Kristoren pairamen guziz ukigarriaren gainean. Horren gainean bat bederak hauta dezake, bere gostuak eta Jaunaren graziak seinalaturen dioen geia. Jaunaren zerbitzuan berri direnek ere ezpezate huts egin, zenbait aldiz bederen, meditazione egitea, Jainkoak erakhutsi derajen urrikalmendu miragarriaren gainean, ta haren maithatzeko bertze arrazoinen gainean, zeren maithagune sakratu hark behar baiteraizte arindu ta gozatu gehienek berri hartan egiteko premia duten penitentzia garratzak, eta bere ohitura gaxtoen ta jaidura muthirien kontra jasateko dituzten gudu nekhagarriak.

       10. Jadanik erran dugu, ta egia da, meditazionea egin ditekela non-nahi ta noiz-nahi, bai eta edozein lanetan hari delarik ere; horrek behar ditu alaitu ta animatu jende beharrak, biziko badire, bethi ta bethi lanean hari behar direnak, eta sehiak, etxeko umeak ta bertze jende bertzeren manupean bizi direnak, eta bere aitzinekoek bertzela astirik uzten eztiotenak: hortan behar dire ere hainak gehienean baratu; ezen gaizki liteke, meditazionean egotea gatik, bere eginbideari huts-egitea, edo bere aitzinekoak haserre-araztea. Bainan nola bertze asko jendek asti gehiago har baitezakete, on da hainek jakin dezaten meditazionea egiteko molde arrimatua; hekientzat bereziki ezartzen dut hemen.

       11. Meditazionean seinalatzen ohi dire bereziki hirur pharte; preparazionea, bertzela aphaintza deith dezakeguna, gorphutza, ta bukania edo akhabantza.

       12. Aphaintza bereziki hirur gauzetan datza. Lehenbizikorik eman behar da Jainkoaren aitzinean. Orhoitu behar da, eta zinez eman gogoari, Jainkoa leku guzietan dela, eta bereziki othoitzean jartzen garen lekhuan dela eta ohartasun berezi batekin behar dagokula. Hori zinez gogoan harturik, adoratu behar da Jainko handi hura, majestate neurri gabe haren aitzinean gure ahalaz beheratzen eta urmariatzen garelarik. Bigarrenekorik, ezagutu behar dugu, dela gure ezdeustasuna gatik, dela bereziki gure bekhatuak gatik eztugula merezi, zeru-lurren jabe guziz seindu haren aitzinean agertzea. Entsejatu behar gare beraz, arima bekhatuaren notha guzietarik garbitzerat, urrikizko sentimendurik bizienak erreberrituz, eta Jainkoari umilki barkhamendu eskatuz. Hirurgarrenekorik, nola ezpaikare gai, zerukotzat balia ditekegun gogoeta bakhar bat gure baitharik ukhateko, Jainkoari galdetu behar diotzogu, meditazionea ongi egiteko behar ditugun graziak eta laguntzak; othoizten dugularik, argi dezan gure Izpiritua meditatzerat goazin geiaren gainean, bero dezan gure bihotza, bethe dezan gure arima berak hartan ikhusi nahi dituen sentimenduez, eta har-araz dietzagun gure bizi-moldekotzat behar diren bezalako gogokundeak. Horietan datza meditazioneko aphaintza, zeinak ezpaitu iraun behar oren-laurden-erdi baten ingurua baino gehiago.

       13. Hortarik lekhora sartzen da meditazioneko bigarren phartean, zeina deitzen baita gorphutza: ta hau ere hirur gauzetan datza. Lehenbizikorik egin behar dire gogoetadura edo konsiderazione ahalik eta zinenak hartu den meditazioneko geiaren gainean; entsejatu behar da ahalik hobekiena haren aditzerat. Gogoan hartu behar dire hura hobekienik senti-araz dezaketen arrazoinak; zer irakhatsi daukun Jesu-Kristok haren gainean, zer exenplu eman daukun bai hark, berak, bai bertze seinduek. Behatu behar zaje meditazioneko gei hari datxeizkon bertze gauzei, eta darraizkon onei edo bidegabei. Gogoetadura horietan egoten da aphur bat, erran nahi da, meditatzen den geia gogoan ongi hartu ta, bihotza haren araberako sentimendutan sartzen hasi diteken artean. Bihotzeko sentimendu eta afekzione hautan datza meditazioneko gorphutzaren bigarren phartea: hauk dire meditazionearen funtsa, arima ta muina bezala. Hauzi behar zaje beraz kontu eman guzien ganetik, ta hautan behar da gehienik baratu. Gogoetadurak berak eztire enplegatzen, sentimendu hek bihotzean sor-arazteko baizen; eta hala gogoetadurak utz ditezke, bihotza sentimendu on hetan sartzen denean. Nor nahik ere ikhusten duke sentimendu hek, batean batzu, bertzean bertze batzu izan behar direla, meditazioneko geiak dakharkenaren arabera. Batean egoten da majestate guzietako Jainko haren aitzinean guzia beheratua, hari errespetu ta adorazione guziak bihurtzen bertzean Jainko mugarririk gabe maithagarri haren bihotz guziaz maithatzen, bertzean guzien gaineko nausi hari bere izate guzia osoki ta bethikotzat ematen, bertzean urrikirik minenarekin bere bekhatuez hari barkhamendu eskatzen, ta bere bizi guzikotzat gertha dakiozken gaitz eta nahigabe guziekin haren zuzentasunari satisfakzionetan eskeintzen. Bertze batzutan egoten da, prestugune baten prezatzen, maithatzen, gutiziatzen, ta hari jarraikitzeko xedetan finkatzen, edo bekhaturantza baten bihotz guziaz aborritzen, hartarik beiratzeko gogo zin bat hartzen, prestugune edo bekhaturantza hekien gainean egin ahal izan ditezken hutsez Jainkoaren aitzinean ahalgetzen eta hari barkhamendu eskatzen, ikhusten ongi zer bide behar den hartu ta zer den egiteko, bekhatu hartarik beiratzeko ta prestugune haren arabera bethiere gobernatzeko, eta ongi finkatzea bide hetaz baliatzeko gogokundean. Hemendik ere ageri da, gorago erran dugun bezala, bat bederak hauta dezan, hobekienik dagokon eta beharrena duen meditazioneko geia. Sentimendu horiek bihotzean aphur bat gutitzen edo iraungitzen badire, berriz gogorat erakhartzen da hek sor-arazi zituen zenbait arrazoin eta phondu; hala entsejatzen da sentimendu hek erreberritzerat, eta hetan egoten da, erran den gisan. Sentimendu horiek atxikitzen dire meditazioneak iraun behar duen denboraren akhabantzatsuraino; eta horrek iraun behar da, ahal baditeke, bihotza bekhaturako ta lurreko gauzetarako jaidurez arras arnegaturik, Jainkoaren maithagunean, ta bere bizi guzian hari lothua egoteko xede zinetan finka dadin artean. Ondoan hartzen dire gogokundeak edo erresoluzioneak; eta hautan datza meditazioneko gorphutzaren hirurgarren phartea. Gogokunde hek izan behar dire, sentimenduez erran den gisan, meditatzen den geiaren eta bat bederaren beharren araberakoak. Ezen guti balia liteke oro-orozki edo jeneralean bekhatutik beiratzeko ta prestuki bizitzeko xedea hartzea: jautsi behar da xehetasunerat edo detaillerat; ikhusi behar dugu zertan huts egiten dukegun, edo zer ongi uzten dukegun egin gabe, meditatzen den geiaren gainean, eta huts hetarik bereziki beiratzeko, eta ongi hura bereziki egiteko gogokunde zina hartu behar da.

       14. Azkenean meditazionearen bukania edo akhabantza gisa berean hirur phondutan datza. Lehenbizikorik Jainkoari eskerrak eman behar zaizko meditazione hartan eman dauzkigun argiez eta sentimendu onez eta egin dauzkigun bertze graziez. Bigarrenekorik, barkhamendu eskatu behar zajo meditazione hartan izan dituzkegun barrajadurez eta hoztasunez eta egin dituzkegun bertze hutsez. Hirurgarrenekorik, egiten da floka Izpirituala: huna zer den hau. Jende guriek ta bere sentsuen esklabo direnek lakhet ohi dute floka bat aitzinean erabiltzea, haren urrin onaren atsegina maiz hartzeko: orobat baieta miletan hobeki jende prestuek hartzen dute bere meditazionean gehienik ukitu dituzken sentimenduetarik bat edo bertze, hartaz maiz orhoitzeko egun-aralde hartan, ta haren bidez bere sentimendu onak bethi freskorik ta bizizrik idukitzeko; eta bereziki gogoan hartzen den phondu edo sentimendu hura deitzen da hemen floka izpirituala. Hala, aphalesguneaz edo umiltasunaz egin bada meditazionea, hauxe har diteke flokatzat: Jesus bihotz-ezti ta aphalgura, egizu nerea zurearen iduriko: heriotzeaz egin bada, hagonian direnen letanietako bertsu hau: heriotze gaxtotik beiragaitzatzu, Jauna: jujamenduaz egin bada, errege profetaren othoitz hau: ez, arren, Jauna, etzaitezela sar hain jujamendu zorrotzetan zure zerbitzariarekin: parabisuaz egin bada, san Ignazioren erran eder hau: oi! ala lurra, dituzken edertasun ta aberastasun guziekin ere, deus guti ta arbujagarri baitzait, zeruari behatzen diodanean! Ifernuaz egin bada, san Agustinen hitz hauk: hemen, arren Jauna, bai hemen erre nazazu, hemen phorroska nazazu, hil ondoan sekulako sutik beira nazazuntzat: Jainkoarendako maithaguneaz egin bada, san Thomasen hitz hauk: maite zaitut, o! Jainko guziz maithagarria; bainan egizu, othoi, khartsukiago maitha zaitzadan: Jesu-Kristoren pairamenaz egin bada, san Bernaten hitz hauk: gorde nazazu, o! nere Jesus maitea, ta bethi ere gorderik iduk nazazu zure zauri sakratuetan: eta horrela bertze meditazioneko geien gainean. Borondate onez egiten bada, bat bederari bere prestutasunak, eta are hobeki Jaunaren graziak kausi-araziko dio asko floka urrin onetako. Akhabantzan, meditazionean ukhan dituzkegun sentimendu onak, ta hartu ditugun gogokunde onak eman behar dire, eta gerorri hekiekin batean eman behar gare Andre den Mariaren laguntza seinduaren azpian, erraten dela elizaren othoitz hau: zure geriza seindurat ihes egiten dut, o! gure Jainkoaren ama guziz seindua. Arren bada eztetzatzula arbuja nere othoitzak; hel zakizkit nere behar-ordu guzietan; beira gaitzatzu ta athera hirrisku gaxto guzietarik, o! Birjina guziz loriosa ta benedikatua. Hortan akhabatzen da meditazionea, hargatik artha hartzen delarik, hartan izan diren sentimendu onak egunaz maiz erreberritzeko, ta beregainki hekien arabera gobernatzeko.

       15. Hemen ezartzen dut orai exenplu bat, guziek hobeki adi dezatentzat meditazione egiteko molde hori. Hor-hemenka ezarriak diren gurutzek seinalatzen dute, lekhu hetan aphurtto bat trikatu bejar dela, han errana dena ongi gogoan hartzen eta goxatzen. Nere meditazionea egin nahi dut beraz aphalesguneaz. Aphaintza, erran den gisan egin ondoan, sartzen naiz meditazionearen gorphutzean; eta lehenbizikorik entsejatzen naiz umil eta aphalgura izateko ditudan arrazoinak ongi gogoan hartzerat gisatsu huntan. Zer naiz nere baitharik? Ezjeus hutsa. Badut gorphutz bat, badut arima bat, eta gorphutz huntan eta arima huntan nahi dudan bezenbat Izpiritu, jakitate, osasun, indar, edertasun, jujustasun, asko bertze gisagune ta kalitate eder, on eta prezagarri. Ordean horietan guzietan deus ezta nerorri baitharik dudanik; bertzek emanak ditut, bertzerenak dire. Zer nintzen, duela berrogoi, hirur hogoi, ehun urthe? Deusik ez; eta orai ere deusik ezninteke, norbaitek ezpanindu egin. Beraz nere baitharik ezjeus huts-hutsa naiz. Baditeke bada deus mesprezagarriagorik, ezjeusa baino? Eta zein gaizki dohakon ezjeusari bere baithan hanpatzea, bere burua prezatzea, ta bertzez prezatua izan nahi izatea!

       Naizen eta dituzkedan guzietan deusere ezta, ez eta ile hondo bat ere, nere baitharik dudanik; guzi-guziak Jainkoa ganik dire, Jainkoarenak dire. Hari zor zajo beraz bakharrik guzien ohorea. Eta nolakoa liteke nere atrebentzia, Jainkoari guzia zor zajon loria haren pharte den xumena ere, hari ebatsirik, neretzat iduk baneza, jendez ikhusia ta laudatua izatea bilhatuz, edo hortan atsegin hartuz!

       Nere baitharik ezjeusa hutsa naizenaz bertzalde, zenbat bekhatuz ez naiz nere bizian kargatu? Oi! eta menturaz zer bekhatu ahalkagarriz eta lotsagarriz! Zer diteke bada bekhatua baino mesprezagarriagorik, arbujagarriagorik, hastiagarriagorik? Ni, nere jabe guzien gainekoaren alderat atrebentziazko, eskergabekeriazko, krueltasunezko monstro bat izan naizena! Ni, Judas berria, Herodes berria, Pilatus berria, Borredo berria, eta hek guziak baino miliunetan areagoa, nere Jesus maitea hanbat aldiz gurutzefikatu, xehakatu, hil dudana! Ni, nere Jainkoaz arnegaturik, debru madarikatuaren ume eta esklabo egin naizena, eta ifernuko zolan ehortzia izatea merezitu dudana! Oi! eta menturaz orai ere hori guzia naiz: ezen nor da bere bekhatuak barkhatuak izan zaizkola seguratua izan ditekenik? Oi! zein mesprezagarri egin naizen nere Jainkoaren begietan! Eta baldin ezjeusak bezala ezpadut merezi mespreziorik baizen, zer eztut merezi bekhatore bezala? Munduan gertha ditezkedan ahalge, desohore, laido guziak; munduak gaizki aipha nezan, anbilka erabil nezan, karrikako basa bezala oinen azpian ezar nezaten guziek, horra niri zor zautan guzia gehiagorekin.

       Eta zer on eztatxeizko aphalesguneari arimakotzat? Bertzaldetik berriz zein ikharagarriak diren hantustearen edo urguiluaren ondorioak! Jainkoa enferratzen zajo hantustetiari, eta bere graziak nasaiki ematen diotza aphalgurari; berak erran dauku hori asko lekhutan. Zer behar dut gehiago hantustearen khutsu guziak ni baithan suntsitzerat, ta egiazko aphalesgunean ongi finkatzerat nere ahal guziez entsejatzeko?

       Luzifer, aingeru guzietako ederrena, zertaz egin izan debru guzietako izigarriena? Hantusteaz, bere buruarentzat hartu zuen prezamenduaz. Zer gerthakari! Eta baldin Jainkoak hanbat gaitzetsi badu hantustea aingeruetan, hain ederrak eta osoak ziren Izpiritu hetan, zer begiz lekusake ni, ezjeusa baithan, ni lurreko herrautsa baithan, ni nere bizian hanbat bekhatuz kargatu naizena baithan!

       Eta Andre dena Maria zertaz izan da altxatua, Jainko izateaz landan diteken dignitaterik gorenerat, Jainko-amatasunerat? Bere aphalesgune ezin erran bezain handiaz. Oi! beraz Jainkoak alde batetarik osoki gaitzesten badu hantustea, ala bertze aldetik handizki prezatzen baitu aphalesgunea!

       Bertze hanbaten baithan gauza bera ikhusi izan da. Seinduak hein seindutasun osotarat igan dire bere aphalesgune handiaz. Bainan asko bertzek, denbora batez seindu handi gisan bizi izan ondoan, hain eroriko ikharagarriak egin izan dituzte, eta kasik guziak, zeren bere prestugune guzien erdian ere hantuste aphur bat baitzaukaten bere baithan: hala Dabit, hala Salomon, hala Jaundone Petri, hala bertze asko. Bereziki mende guzietan bethe izan da, eta egun oroz ikhusten da bethetzen Jaundone Pauloren errana; bekhatu desonestak, eta hetan ditezken lotsagarrienak direla hantustearen ondoreak. Zertarat bada nago ni, baldin bekhaturantza galgarri hura ni baithan erreginatzerat uzten badut? Hala-hala zer grazia bereziak eztitut higurikitzeko, ta hekiekin batean zer seindutasunetarat eznaiz helduren, baldin egiazki ta osoki aphalgura izaten banaiz? Hantustetia ezta zeruan sarthuko; bainan egiazko aphalgurak segur bezala du zerua.

       Horiek bada, ta holako bertze arrazoinak gogoan erabiliz, sartzen naiz afekzionetan eta sentimenduetan, gisatsu huntan. O! aphalesgunea, o! prestugune hain prezagarria, ala gure Jainkoak zutaz kontu handia baitauka, zure ariaz arima aphalgurak bere grazia baliosenez bethetzen dituenazkero! Eta nola nik zu ez maitha! Oi! prestugune guziz prezagarria, arren finka zaite ni baithan, zutaz eta zure arabera erregela bedi nere izate guzia barnez eta kanpoz, eta eztezazula sekulan utz hantustearen khutsurik ni baithan sartzerat.

       Oi! nere Jainkoa! eta nere buruazko prezamendua, eta ikhusia ta ohoratua izateko hirritsa hain biziak dire ni baithan; hain amarrutsuak dire; hain errexki hatzeman diezakedaket bihotza, ta lerra ditezke egiten dudan ongi gutizat ere. O, nere Jainkoa, zerorri hel zakizkit, arren, zure loriaren ta nere salbamenduaren etsai izigarri hau gudukatzen ta ni baitharik arras suntsitzen. Barkhamendu, o! nere Jainkoa, nere lagunez prezatua, maithatua, ohoratua izatea gutiziatuz, egin dauzkitzudan zuzen kontrakeriez, eta egizu, arren, gaurgero egiazki ta osoki izan nadin aphalgura.

       Oi! nere Jesus maitea, eta nola ni agertuko naiz zure aitzinean? Hanbat aldiz ta hain hertsiki gomendatu daukuzu aphalgura izatea; hanbat aphalegune erakhutsi duzu zerorrek ere zure sortzean, bizian, pairamenean eta heriotzean; munduko distiaduratik urrun, bizitze beheratua, ilhuna, gordea hautatu izan duzu mundu huntako zure phartajatzat: eta nere buruarentzat hanbat prezamenduz, hanbat ikhustatez bethea: beheramendu phixka bat, desohore guti bat ezin jasan; hanbat atsegin laudatzen nautenean: hain khexu zerbaitetan eskas egiten dautedanean. Oi! nere Jesus maitea, egiazki ikharatzeko dut ikhusteaz zein egite guti dudan zu, nere modelarekin, zeinaren iduriko izanez baizen ezpaititeke neretzat salbamendurik. Oi! Jesus amultsua, akhabazazu hasi duzun lana. Arras suntsi zazu ni baitharik hantustearen bekhaturantza itsu, galgarria, eta finka nazazu aphalesgunean, salbamendukotzat hain premiazkoa den prestugune balios hartan. Oi! Jesus bihotzez ezti eta aphalgura, egizu arren, nere bihotza zurearen iduriko.

       Aphur bat sentimendu horietan egon ondoan, arthikitzen dut begi-kolpe bat nere egiteko molde guziaren gainerat, ikhusteko ea zertan huts egiten dudan aphalesgunearen kontra; nere burua sobra prezatuz, soineko ederregiak edo airosegiak erabiliz, edo arruntak balin badire ere, artha sobrarekin arrimatuz; munduan ederki agertzea bilhatuz ematen zauzkidan laudorioetan atsegin hartuz. Egiten dauzkidaten mesprezioetan eta nitaz atxikitzen dituzten erasia txarretan damu sobra hartuz, edo bertzela; eta hartzen ditut horien guzien gainean egiazko aphalesguneak galdetzen duen bezala gobernatzeko gogokunde zinenak. Hartzen dut gero nere floka Izpirituala, eta akhabatzen dut nere meditazionea, gorago erran dugun gisan.

       16. Holatsu egiten da meditazionea aphalesgunearen gainean. Hargatik bakhotxari bere bihotzak eta debozioneak eragin diotzoke, bai horren, bai bertze geien gainean, bertze gogoetadurarik ere, eta bai sor-araz bertze sentimendurik; hekien arabera orobat egin dezake, haukiei sobra lothu gabe.

       17. Meditazionea orobat egin diteke, zenbait liburu onetan pixka bat irakurriz, eta irakurri denaren gainean bere gogoetadurak eginez, eta dagozkon bezalako sentimendutan sarthuz. Hala egiten zuen santa Theresa handiak, askotan behintzat; eta hori ontsa kausitzen du san Frantses Salesek. Hala kontseila niezeke debozionean berri, ta gauza hautan arrotz direnei; baieta jende Jainkotiarrenei ere, bederen bihotza idor sentitzen duten denboretakotzat.

       18. Hortarakotzat zerbitza diteke edozein liburu, Jainkozko gauzez mintzo denez. Bainan gutiziatzeko liteke izan ledin zenbait liburu, gauzak meditazione gisan lekharzkenik. Halako asko badugu Frantsesez, ez ordean eskaraz, lekhat buru edo kapitulu bakhar batzu Filotean. Horren gatik iduritu zait jende prestuei atsegin eginen, eta zerbitzu bihurturen nerajela, ondoan dathozen meditazioneak hekiei eskaraz eskuetarat emanez. Lehenbiziko pharte huntan hilabeteko egun guzietakotzat emanak direnak frantsesetik eskararat itzuliak dire, Journée Chrétienne deitzen den liburutik. Hargatik han-hemenka zenbait ganbiamendu phixka egin dut. Badire ere zenbait hekien artean nerorrek egin ditudanak; hek dire, gizonaren laur azken finez, Jainkoaren eta debruaren zerbitzuaz, Jesu-Kristorendako maithaguneaz ta haren imitatzeko eginbideaz, eta Andre dena Mariaren alderako debozioneaz direnak, eta sakramenduez denaren hirurgarren phondua, komunione gaxtoaz. Bainan nola baitire gei batzu, hemen aiphatzen eztirenak, eta bertze batzu hemen laburzkiegi direnak, bigarren phartean ezartzen ditut hekien gainean nerorrek egin tudanak.

       19. Badakit nerorrek egin ditudanak luzegi direla meditazione batentzat. Ala bainan eskaldunei mintzo natzaje, eta eztut ezagutzen eskarazko libururik, gauza hedadura aphur batekin dakharzkenik. Hautarik phondu bat beraz, edo orobat phondu baten pharte bat ere, zerbitza diteke meditazionekotzat, eta gainerakoa lekturatzat, edo bertze egunetako meditazionentzat.

       20. Nik lehen aldikotzat iskribu hau eginezkero agertu da eskarazko meditazionetako liburua. Jende prestuak balia bitez ematen zaizkoten laguntzez, eta guziak gomenda bekitzote Jainko maiteari.

 

 

HILABETEAREN EGUN GUZIETAKOTZAT
MEDITAZIONEAK

 

 

I. EGUNA

Fedeaz

 

       I. PHONDUA. Fedeak irakhatsen daukun guzia Jainkoaren hitzaren gainean bermatua dago. Ez, gure fede seindua ezta gizonek asmatua eta moldatua; Jesu-Kristo, egiazko Jainkoak berak irakhatsi zeraizten bere Apostoluei, hauek gero munduan predikatu zituzten errelijioneko egia guziak. Erran ere bazerajen, bidaliko zerajela Izpiritu Seindua, egia guziak irakhatsiko zeraiztena, eta munduaren akhabantzaraino hekiekin egonen zena, eta seguratu zituen, ifernuko athek edo ahal guziek ezin garaituko zutela haren Eliza. Segur naiz beraz, eta Jesu-Kristo, berenazko egiaren hitza berme dut, eznaizela errebelatuko, Elizari behatzen natzajono, eta hark irakhasten darotana sinhetsiz, irakhasten deraitan zenbait misterio nik ezin endelgatua gatik ere; deusere adimendu zuzenari hobeki dagokonik, adimendua bera Jainko baten hitzari sumetitzea baino. Ordean egiazko fedeak galdetzen du, zinez sinhets detzadan Ebanjelio Seinduko erran guziak, berenaz sinhetsiak izatea baizen galdetzen eztuten misterioak bezain ongi, nere bizia eta eginkunde edo akzione guziak erregelatu behar dituzten egiak ere: Jainkoa baithan hirur presuna badirela sinhesten dudan bezain sinhetsi behar dut, salbamendua dela munduan ditugun egiteko guzietako buruzagia, bekhatua dela bizian gertha ditekegun gaitzik handiena; bekhatu mortal bakhar bati zor zaizkola sekulako thormenta guziz izigarriak; thormenta hetarik beiratu ta sekulako loriarat heldu nahi bainaiz, gurutzea behar dudala eraman bere salbatzaile adoragarriaren ondotik, nere buruari bortxa handiak egin behar diotzadala, nere jaidurak, sentsuak eta gutiziak mortifikatu ta gudukatu behar ditudala, bihotzez ezti, aphalgura, garbi, pairutzu izan behar naizela. Holako egietarik bat bakharra ezpadut sinhesten, eztut egiazko fedea, eta hortaz beraz damnazioneko bidean naiz, Jesu-Kristok berak erran duenaren arabera. Sinhetsi othe ditut bada zinez egia horiek guziak iragan denboran? Sinhetsi banitu behar den bezain zinki, biziko othe nintzen, bizi izan naizen bezala? Eta orai ere sinhesten othe ditut? O! nere Jesus maitea, zure ontasun bakharretik daukat fedearen dohain baliosa; arren bada begira nazazu haren galtzetik; phitzazu ta berre ni baithan, nere on guziaren ithurria izan behar den prestugune prezagarri hau.

       II. PHONDUA. Zer progotxu du giristino batek fedea ukhatea, ezpadu haren gainean moldatzen bere bizitze guzia? Erhokeria handi bat da ez sinhestea errelijione bat, Jainkoak berak irakhatsi duena, hanbat miliun marthirek bere odolaz zigilatu dutena, hanbat mirakuluz finkatua izan dena, eta debruek berek hanbat aldiz aithortu izan dutena; bainan miletan erhokeria handiago bat da errelijione bat sinhestea, eta sinhesten ezpalitz bezala bizitzea; hori da debruek bezala sinhestea: ezen debruek ere sinhesten dute gure errelijionea egiazkoa ta Jainkozkoa dela, bainan eztire gutiago debru. Sinhesten diren egien arabera ez bizitzea da fedea bera desohoretzea ta laidoztatzea; eta ordutik Jaunaren dohain balios hau bera gure kaltetan liteke; ezen dudarik ezta sinhestun baten bekhatuak hanitzez handiagoak direla, legez kanpoko batenak baino, eta haren damnazionea miletan dorpheagoa izanen dela. Zer damu khiretsetan eznaiz sarthu behar orai artean fede seinduari egin diotzodan laidoen gainean? O! Jesus maitea, zerorrek lagun nazazu hemendik aitzina, alde guziz eta phondu guzietan irakhatsi dauzkigutzun egien eta maximen arabera bizitzen.

       III. PHONDUA. Fedea izanen da beraz geroroz nere eginkunde guzien ithurburua, ta nere bizitze guziaren erregela. Hark kondenatzen duena oraidanik eta bethikotz kondenatzen dut nere bihotz guziaz, naturaleza gaxtoak zer nahi erranen badu ere. Parada guzietan munduko maxima galgarriei kontra pharatuko deraiztet Jesu-Kristoren maxima salbagarriak. Zer dio munduak? Nork bere atseginak hartu behar dituela lurraren gainean, bere jaiduren arabera bizi behar dela, bere sentsuen gutiziak bethe behar dituela, dohakabe direla gurutzea kharrajatzen dutenak, erromestasuna, mesprezioak, ahalgea jasateko dituztenak, eta dohatsu pairamenik gabe, alde guziz bere gogara bizi direnak. Zer dio Jesu-Kristok? Horien guzien kontrarioa. Zeinek othe du arrazoin? Munduak ala Jesu-Kristok othe?

       Jainkoari emotzu eskerrak, zeren eman dautzun fedearen dohain baliosa, eta zeren sar-arazi zaituen eta zaduzkan egiazko Elizan, heresian eta xisman erori gabe. Iragan biziaz guzia ahalgeturik, finka zaite hemendik aizina fedearen arabera bizitzeko xede zinetan.

       O, Jauna, emenda diezaguzu fedea. San luk.

       Zer progotxu da, norbaitek katholiko gisan sinhets dezan, baldin pagano gisan bizi bada? S. Agust.

 

 

II. EGUNA

Gizonaren xedeaz, edo zertako den munduan

 

       I. PHONDUA. Hunenbertze urthe badu eznintzela munduan; orai bizi naiz; nork eginik othe? Ez bertzek, Jainkoak berak baizen; haren ganik daduzkat bizia, hatsa, arima bere ahal guziekin, eta gorphutza bere sentsu guziekin. Eta zertako, eta norentzat egin othe nau Jainkoak? Ez bertzerentzat, beretzat baizen, ez bertzetako, baizitare haren ezagutzeko, maithatzeko ta zerbitzatzeko. Gure bihotzak berak erraten dauku Jainkoarentzat eginak garela, eta eztezake kausi phausu osorik, ez egiazko bakerik, Jainkoa baithan baizen, dio San Agustinek, mundu huntan naturalezak gutizia detzaken guziak frogatu zituenak.

       II. PHONDUA. Bakhotxari berea eman behar zajo. Jainkoak eginak bagare, ta beretzat bakharrik egin bagaitu, izan gaiten beraz Jainkoarenak. Ordean Jainkoarenak izan gaiten gogotik. ume maite batzu bezala; bertzenaz harenak izanen gare gure bortxa, esklabo batzu bezala. Baitezpada izan behar gare, edo dohatsu, haren ontasunaren azpian, edo dohakabe, haren justizia zorrotzaren azpian; ezta bitharterik: bietarik zein nahi duzu?

       III. PHONDUA. Gauza bakhotxa bere azken xedera heldu behar da, zertako egina baita, eta hartako zerbitzatu behar da. Iguzkiak ezpaginitu argitzen, ezpalitz bezala liteke; edo hobeki errateko, monstro bat liteke munduan. Orobat egiazko monstro bat da giristino bat, Jainkoarentzat egina den arren, guzia Jainkoarena eztena; deusere dohakabeagorik halako bihotz bat baino. Bizi othe naiz bada, Jainkoarentzat baizen bizi behar eztena bezala?

Nere gogoeta, gutizia, estekamendu eta eginkunde guziak harentzat othe dire? Oi! ala gauza gutia baita, egiazki ta bakharrik Jainkoarentzat egiten dudana! Zer hari gare bada munduan, egiteko dugun gauza bakharra ezpadugu egiten?

       Urrikiz izan zaite urratua, zeren zure biziaren hain zathi handi bat menturaz Jainkoarentzat ez bertzerentzat enplegatu duzun, eta har zazu xede zina geroroz hura bakharrik bilhatzeko gauza guzietan.

       O, zu zare nere Jauna ta nere Jainkoa. San Joan.

       Zaren guzia Jainkoak egina zare, eta hala baitezpada nahi du zaren guzia ta bethi harena izan zaitezen San Agustin.

 

 

III. EGUNA

Munduaren mesprezioaz

 

       I. PHONDUA. Munduari estekatzen zajona, hortaz beraz nolazpait ere gelditzen da giristino izatetik. Mundu farfano edo profano hunek hanbat lehia du handitasunentzat, aberastasunentzat, atseginentzat, dosteta harroentzat, banitatearentzat, naturaleza galdua balaka dezaketen guzientzat; osoki da beraz Jesu-Kristoren etsaja. Horrengatik ere Jesu-Kristok hanbat madarizione aurthiki du Ebanjelio Seinduan munduaren kontra, eta garbiki erraten dauku, haren diszipuluak eztirela mundukoak, mundutik berexi ta hastandu dituela, bethiere munduarekin gerlan bizi behar. Eztetzaket beraz Jesu-Kristo ta mundua biak elkharrekin zerbitza; batarekin edo bertzearekin baitezpada hautsi behar dut. Ikhus bada bietarik zeinekin nahi dudan iduki ta zeinekin hautsi. O, Jesus maitea, bihotz guziaz arbujatzen dut mundua, zurekin idukitzeko, ta zure Ebanjelio Seinduaren arabera bizitzeko.

       II. PHONDUA. Eznaiteke munduaren alde itzul, nere bathajoko hitzak eta obligazioneak hautsi gabe. Debruaz ta haren ponpez arnegatu dudanean, goraki hitz eman diot zeru-lurren jabeari, oinen azpian ezarriko nituela mundutiarrek prezatzen dituzten guziak, dosteta, bilkhuja, hizkuntza, banitate, moda, aphaindura, jaunzteko manera harro ta galgarri guziak, hitz batez Jesu-Kristok egin deraikun modestiazko, aphalesgunezko, garbitasunezko, mortifikazionezko, bertzelako lekzionen kontra dohazken guziak; obligazione hori hartu dut nere denbora eta adin guzietakotz. Zer atrebentzia, zer sakrilejo ezliteke bada, jainko bati hain goraki eman diodan hitza haustea? Eta hori iragan denboran hanbat aldiz gerthatu izan zautanazkero, hanbat aldiz eta hanbat gauzetan behatu natzajonazkero munduari, Jesu-Kristo ta haren ebanjelioa alde bat uzten nituelarik, zer nigar garratzak eztitut isuri behar orduko nere zoramenduaren gainean?

       III. PHONDUA. Deus eztu munduak, Jainkoarentzat eta bethi bizitzeko egina den arima baten estekamendua merezi dezakenik: eztu ere zertaz paga bere zerbitzariak. Haren onthasunek, dostetek, atseginek, ohorek, laudorioek aphur bat lillura dezakete gure bihotza; eztezakete ordean sekulan ase, ez osoki bethe; hala aithortu du Salomonek, eta haren ondotik munduan pulunpaturik bizi izan ondoan, egiazki Jainkoa ganat itzuli izan direnek. Munduko nahikarak eztire itxurapenik eta itzalik baizen; hobeki errateko, egiazko gaitz batzu dire. Gizona gaxtatzen dute, eta eztute debekatzen dohakabe izatetik. Munduko ontsatasun osoena, eta iduriz deus eskas etzajona, hain hauskorra ta iragankorra da; hanbat khirestasun eta nahi gabe badatxeiko. Harri genetazke munduko dohatsu idurik hekien atsekaben berri balin baginaki. Bai, tronuaren gainean denak askotan hasgorapen frango aurthikitzen eta asko nigar isurtzen du, zephoetan burdinez kargaturik dagonak bezain ongi.

       Mesprezioz bethe zaite munduarentzat eta mundutarkeria guzientzat, othoitzazu gure Jauna arras suntsi dezan zu baithan munduaren Izpiritua, ta bakharrik bere Izpirituaz bida edo gida zaitzala gauza guzietan, munduari batere behatzen etzaizkola, ta munduko maximez eta erasiez konturik batere idukitzen eztuzula.

       Mundu hunen adiskide dena, hortaz beraz Jainkoaren etsai egiten da. Jaund, Jakuak.

       Zorigaitz gauza iragankorrei estekatzen zakizkotenei, berak ere hekiekin batean iraganen eta suntsituko baitire. San Agustin.

 

 

IV. EGUNA

Heriotzeaz

 

       I. PHONDUA. Deusere seguragorik, egun batez hilen garela baino. Izan nadin nahi bezain gazte, hazkar, osasun onetakoa; balia nadin mirikuntzak gure egunen luzatzeko asmatu dituen bide ta mojan guziez; ez horiek, ez bertze deusek ezin beiratuko nau herioaren kolpetarik. Nahi bezain prestuki bizia gatik ere, bardin hil beharko naiz. Giristino onaren heriotzea, egia da, eztia ta gozoa izaten ohi da; Jaunaren begietan baliosa da ta prezagarria: bainan funtsean arima Jainkotiarrena gaxtaginik handiena bezain segurki hil beharko da. Egun batez hil beharko naiz; hitz laburra; bainan egia latza, eta sentsu handia duena! Hilen naiz; erran nahi da, munduan dituzkedan gauza guziez gabetua izanen naizela. Montoinka bil detzadan urhe-zilharrak, onthasunez igeri izan nadin; deusere eztut nerekin eramanen; ojhal phixka bat, nere gorphutz pustela estaltzeko, bospasei oin lur, ustelduraz, harrez, zizariz bethea, horra zer izanen diren nere onthasun guziak. Eginkunde onak bakharrik, othoitzak, barurak, erremuninak, mortifikazionea, aphalesgunea. Sakramenduetarat maiz eta ongi hurbiltzea, horiek izanen dire nerekin eramanen ditudan onthasun xoilak, eternitatekotzat baliatuko zaizkidanak. Zer erhokeria beraz hain arras galdu beharko ditudan gauzez hanbat kontu idukitzea, nerekin bethikotzat eramanen ditudan onthasun bakharrez hoin artha guti hartzen dudalarik!

       Hilen naiz; erran nahi da, hastandu beharko naizela, munduan maithatu dituzkedan guzietarik. Adios khiretsak orduan senharrari, emazteari, haurrei, adiskidei; adios sekulakotz mundu guziari, adios bihotz-erdiragarria, norbait edo zerbait minki maithatu izan denaren eredura. Jainkoarekin bakharrik izanen da egiteko handik harat. Gainerako guziek laster ahantziko naute. Zenbait egunez pixka bat nitaz mintzatuko dire: bainan hekien begietarik joanezkero, laster Joanen naiz hekien gogotik ere. Zer erhokeria beraz, hain osoki galdu beharko ditudan, eta beharrik handienean laguntzarik batere ezin eginen dautedan lagunei eta adiskidei, bihotza hain hertsiki estekatzea, nere denborako eta eternitateko ongi edo gaizki izatea eskuetan daukan eta egin behar duen Jainko handi haren adiskide maite izaterat hain guti entsejatzen naizelarik! Ordean zenbatez ezliteke erhokeria izigarriagoa, norbaitekin adiskidetzen banintz Jainko legearen kontra, ebaskoetan, gormandizetan, medisentazietan, desoneskerietan elkharren lagun izatekotan? Seguratua izan ahal niteke, gure elkharrendako maithagunea, elkharrendako aborrimendutarat aldatuko dela, eta halako adiskide batekin kausitzen banaiz ifernuan, gu gerorri izanen garela bata bertzearentzat debrurik errabiatuenak.

       Hilen naiz; erran nahi da, nere gorphutza eroriko dela estaturik lazgarrienerat. Nere begiak iraungiak; nere aurpegia guzia desegina, horitua, behatzen dioten guziak izitzen dituela; nere mihia, eskuak eta zangoak ezin higi ditezken bezala; nere gorphutz guzia bizirik eta higitzeko ahalik gabe, trunko higun bat egina, laster bazter guziak phozoa eta izurrizta letzakena, ezpalire lehiatzen luphe batean harren zarratzera. Eta luphe hartan zer bilhakatuko da bizpahirur egunen buruko? Bainan nere arima ezta hilen; gorphutzetik ilkhi eta sarthuko da bethi, bai bethi, iraunen duen bizitze batean, edo zeruan haren zorion handitan, edo ifernuan haren zorigaitz izigarritan. Oi! zer zoramendu lastimagarri beraz, edertasun huntaz nere burua itsutzerat uztea, gorphutz pustel huntaz hanbat kontu idukitzea, ez bilhatzea, hunen ederki jaunztea, hunen guriki ekhartzea, hunen gaitz guzietarik beiratzea, huni bere nahikara eta atsegin guziak ematea baizen, hain kontu guti daukadalarik, bethi eta eternitate guzian, nere zorion edo zorigaitz handitan bizi behar den arimaz!

       Hilen naiz; erran nahi da azkenean, salbamenduko laguntza guziak orduan akhituko direla neretzat. Nahi bezain urrun joana gatik ere bekhatuko ta damnazioneko bidean, bizi naizeno, nere baithan zar niteke, nere salbamendua egin dezaket, seindutasunik goreneraino ere hel niteke, behar den bezain osoki ta khartsuki itzultzen banaiz Jainkoa ganat. Bainan azken urhatsa eginezkero, deusere ezin eginen dut nere salbamendukotzat; ezta geroroz izanen neretzat, ez graziarik, ez sakramendurik, ez urrikalmendurik: bekhatu mortal bakhar batekin ilkhitzen banaiz mundutik, ifernu lazgarria izanen da nere egoitza eternitate guzikotzat; bekhatu benialak ere etzaizkit barkhatuko, nihork eztaki zenbat denboraz purgatorioko thormentak, mundu huntako gaitz guziak hurbiltzen etzaizkoten bezalakoak, pairaturik baizen; eta thormenta hetaz, eta hil ondoan eginen ditudan prestugunezko eginkunde guziez, Jainkoarentzat ukhanen dudan maithaguneaz, emanen diodan loriaz eta laudorioez, deusere eztut zerukotzat merezituko. Norat ere eroriko baita zuhaitza edo arbola, eta han egonen da, dio Izpiritu Seinduak. Zein auhendagarria den beraz nere lazakeria, zerukotzat aberastera hain guti entsejatzen bainaiz! Nere bizia hain laburra da eternitatearen aldean; phondu bat baizen ezta; segurki den guzia eta ahal daidikedan bezain ongi zerukotzat enplegaturik ere, ezliteke sobra: eta bizkitartean nere biziaren zathi handi bat zerukotzat alfer izanen den gisan daramat. Hanbat denbora, hanbat urthe menturaz bekhatu mortalezko estatuan, eta orduan egin dituzkedan egintza on guziak zerukotzat arras galduak; gainerako denboretan egiten ditudan lan gehienak ere bizitze huntakotzat doako, Jainkoari batere behatu gabe; eta hetaz ere Jainkoak eztaut zerukotzat konturik batere idukiko. Horra beraz nere denboraren zathirik handiena eternitatekotzat arras galdua. Eta egin nezaken ongi eztut lazakeriaz uzten egin gabe? Eta egiten dudan ongia ere, othoitzak, kofesioak, komunioneak, meza-entzuteak, zein hozki, zenbat nagitasunekin eztitut egiten? Zer bihotz-min. Zer asaldu dagoen beraz neretzat herioa hurbiltzen zautala sentitzen dudanekotzat, orduan ikhusiko baitut, hanbat denbora munduan iragan, eta zerukotzat aberasteko hanbat ahal ukhan dudan ondoan, eskuak hutsik bezala agertzerat nohala nere Jainkoaren aitzinean! Ala orduan bertzela prezatuko baitut, orai hain lazoki eta alferki iragaten dudan denbora hau! Eman behar naiz beraz orai beretik nere ahal guziez zerukotzat baliatzera Jainkoak bere ontasun handiaz ematen dautan denboraz, bekhatutik zorrozki beiratuz, ahal dagidan ongi guzia eginez, eta guzia ahal dagidan bezain ongi ta perfeki.

       II. PHONDUA. Eta noiz ethorriko othe da neretzat mement ikharagarri hura? Eztakit, eta sekulan ezin jakinen dut. Bainan badakit, noiz nahi ta non nahi herioak hatzeman nezakela. Eztut zeren nere burua lausengatu gazte ta hazkar naizelakoan; traba ez jeusak horiek herioaren kontra. Asko ezagutu dituzket ni baino gazteagoak, nik bezain luzeki bizitzeko iduri ederra zutenak, eta zeinak ezpaitire orai munduan. Bada hekiei gerthatu zajena, niri ere gertha dakiket. Menturaz urthe hunen, hilabete hunen, aste hunen buruko hobian zarratua izanen naiz, eztut mundu huntan mement bat ere seguraturik. Zer egin nezake bada, balin baneki bizpahirur egunen barnean Jainkoaren aitzinean agertu behar naizela? Zertako eztut hura eginen orai beretik? Legez erhokeria handi bat, ethorkizuna den bezain guti segur den denbora batetarat bidaltzea nere salbamenduak galdetzen duena, bakharra nere eskuko dudan orai denboraz baliatu behar bidean. Orai ifernuan dauden arima gehienek gerokotzat xederik hoberenak zituzten; onthasun phixka bat bildu ondoan, hulako egiteko akhabatu ondoan, ezkontzeko denbora ethorri zitekenean, edo bertze hulako edo halako mugan, kofesio on bat eginik Jainkoarekin bakhetu gogo ziren, arras debozioneari eman gogo zitzaizkon. Bainan higurikitzen zuten geroko denbora hura ezta hekientzat izan; eta nik orai egiten dudan bezala, bethi gerorat gibelatu dutelakotz osoki Jainkoari ematea, orai eta eternitate guzikotz su-elementetan dauntza marrasketan eta errabiamenduan. Nork erran daut bada, ethorkizuneko denbora hark eztautala niri eskas eginen, bertze hanbati bezala? Eta horren gainean nihondik ezin baduket segurantzarik, nolakoa da nere erhokeria, dio San Bernatek, bizi bainaiz estatu batean, zeinetan segurki ezpainuke nahi herioak hatzeman banintza? Holako zoramendurik erakhusten othe dut denborako egitekoan? Hetan ongi bururat heltzeko bide segurak alde bat utzirik, hartzen othe ditut dudazko bide, gehienak enganatzen dituztenak?

       Eta nola hilen naiz? Supituki othe, ala aizinetik ezagutzen dudala hiltzerat nohala? Eztakit. Dakidana da, asko heriotze supitu gerthatzen dela; nere bizian urthe guti iragan bide da, non ezten halako zenbait gerthatu. Eta nork erran daut eztagola neretzat zorthe bera? Zenbatak ere eztire herioaz joak izan, bekhatu egitean berean, ebasten hari zirela, hordituak zirela, zeigarreneko manamendua hausten hari zirela? Heriotzearen lazgarria! Hainak doazi Jainkoaren aitzinera harmak haren kontra eskuan dauzkatela. Bada sekulan bekhaturat lerratzen banaiz, nork segura nezake eznauela herioak hatzemanen bekhatu egite hartan beran? Eta dakidan denboran hori gertha ditekedala, nola mirakulu eskurik aski etsaiak har diezaket bekhaturat lerratzeko?

       Badakit ere gehiago, heriotze gehien-gehienak supituak izaten direla, eta gehienak uste baino lehen doazila mundutik. Eritasuna arina dela hartzen ohi da hastetik; ondoan uste etzen bezala indarrak harzten ditu, eta azken orena ethortzen da, guti higurikitzen zelarik. Askotan herioa ezpainetan izanen da, eta eriak usteko du urrun dela. Eriari hurbiltzen zaizkonek ere, karitate gaizki aditu batez, uste hortan lausengatzen ohi dute. Hala arimako egitekoei kontu ematea gibelatzen da azken mementetaraino. Bainan orduan zertako da gai ondikozko eri hura? Nola orhoit bere bekhatuez? Nola har hetaz behar den bezalako urrikia? Nola sar Jainkoaren aitzinean ongi agertzeko behar diren errelijionezko sentimenduetan, gorphutza guzia gaitzez hartua, arima guzia nahasia den denboran? Ala egia baitiote herstura hartan izan eta mundurat itzuli direnek, ezina bezala dela orduan deus onik egitea; gehienak eztire xoilki orhoitzen ere orduan sakramenduak hartu zituztela. Oi! zer erhokeria lastimagarria liteken beraz nere erhokeria, baldin nere kofesioetan kausitzen ditudan hutsak, edo bertze gauzetan gerthatzen zaizkidanak erreparatu gabe, eta egin nahi nuken eta noizpait egin gogo dudan ongia egin gabe banintago azken eritasuneraino! Bide hortaz segur bezala naiz, huts hek erreparatu ta ongi hek egin gabe Joanen naizela mundutik. Zaudete beraz bethi prestik, eta hiltzean izan nahiko zaretan estatu berean, zeren ezpiatakizue noiz eta nola izanen den zuen mundutik ilkhitzea, dio Jesu-Kristok. Osasunean zareno, egizu penitentzia, eta gainerako ahal dagizun ongi guzia: ezen eritasunean egiten den penitentzia ere eria izaten ohi da, eta osoki beldur naiz eriarekin batean hiltzen dela, eta deusere etzajola Jainkoaren aitzinean baliatzen; San Agustin hitzak dire horiek.

       Ordean zer estatutan hilen othe naiz? Jainkoaren grazian, ala bekhatutan naizela othe? Eztakit eta hau da ezagutza eta jakin-eskas bat, ikhara handi batez bethe behar nauena: ezen Jainkoaren grazian edo hartarik kanpoan hiltzeari darrajo, sekula guzikotzat edo zeruan lorios ta dohatsu, edo ifernuan izigarriki dohakabe izatea. Nola hilen othe naiz bada! Jainkoaren adiskide, ala etsai othe? Ez eiki, eztakit. Behintzat bekhatutan bizi banaiz, segur bezala da bekhatutan hilen naizela. Ezen bethi kasik egia gerthatzen da erran komun hau; nola bizi, hala hil; eta san Jeromak segur bezala zaukon, ehun mila gaizki bizi direnetarik doi-doia izan ditekela bat, Jainkoaren grazian hilen dena eta salbatuko dena. Eta baldin lazokisko bizi banaiz, bekhatu handirik ez, prestugune handirik ere ez, eta Jainkoaren zerbitzuko kharrik gabe, nola hilen othe naiz? Eztakit segurki; bainan beldur izateko dut, halako bizitze laxo bati heriotze gaxtoa eta sekulako damnazionea jarraikiko zaizkola. Ala bainan akhabantzaraino ongian irautea eta graziazko estatuan mundutik eramana izatea, grazia berezi bat da, dohain guzietako dohaina da, Jainkoak nihori zor eztioena. Nola higuriki dezaket bada, dohain seinalatu hura neri emanen dautala, baldin bizitze hotz eta nagi bat baderamat, Jainkoarendako maithagune handirik gabe, asko damu xume bekhatu benialez egiten diodala, asko egintz on, haren gogarako litezkenak, lazakeriaz egin gabe uzten ditudala, ta egiten dudan ongia ere hanbat eskasekin egiten dudala? Eta ikhusi izan dire hanbat seindu handi, hiltzerakoan beldurrean eta ikharan sarthuak, ezjakinez ea ukhanen zuten Jainkoaren grazian mundutik ilkhitzeko dohain handia. San Hilarionek, mortuan aingeru bat bezala bizi izan ondoan, sentitu zituen, bertze askok bezala, izialdura hek; eta hunela animatzen zuen bere burua mement ikharagarri hartan: zeren beldur haiz. O! nere arima! Badik hirur hogoi urthe, ahalik eta hobekiena Jesu-Kristo zerbitzatzen duala. Oha beraz fidantiarekin nausi maite haren ganat, esparantza oso batekin, aita on bat kausituko duala haren baithan, eta ez etsai gogor bat. Bai, bere bizian ahalik khartsukiena Jainkoaren zerbitzuari darraizkonek, horrela anima detzakete bere buruak hiltzerakoan. Bainan, oi! ala beldur izateko baita, bizitze laxo bat daramatenen heriotzea, heriotze gaxtoa, damnatzeko direnen heriotzea izan dadin!

       Azkenean nahi bezain kharsu eta lejal izana gatik ere orai Jainkoaren zerbitzuan, ez horrekin ere eznaiz segur seinduen heriotzeaz hilen naizela. Salomon eta Judas gaxtoa denbora batez egiazki ziren seindu; bainan ondoan gaizkirat eman ziren eta segur da bigarrena behintzat sekulakotz galdu zela, ta lehenbizikoaz ere duda handia da. Bertze asko izan dire, zenbait denboraz, batzu hainitz urhez ere bai, lurreko aingeru gisan bizi izan direnak, eta bizikitartean ondikoz galdu izan direnak: bada nihork eztiezaket segura eztela gauza bera izanen nitaz ere.

       Beraz jakitate-eskas hautan naizanezkero, nere eginbidea da, beldurtasun seindu batean bizitzea, ta nere ahal guziak egitea, Jaundone Petrik gomendatzen daukun bezala, nere zerurako hautamena seguratzeko, bekhatu, bai handi, bai xume guziei, nere ahalaz ihes-eginez, Jainkoak ematen dauzkidan grazia guziez ongi baliatuz, sakramenduetarat maiz hurbilduz, bainan bethiere aldi bakhotxean azken aldikotzat errezibitzen banitu bezala, gainerakoan ere ahal dagidan ongi guzia eginez, eta guzia ahal daidikedan bezain ongi, huts egin gabe, heriotze on baten egiteko grazia Jainkoari eskatzea. Hola bizi banaiz, hiltzerat bethi prest izanen naiz, eta nola nahi nohan mundutik, supituki balitz ere, nere heriotzea heriotze seindu bat izanen da.

       III. PHONDUA. Nolakoak izanen dire nere sentimenduak herioa hurbiltzen zaitanean? Osoki orai ezpezalakoak. Bizi gareno, munduak lilluratzen ohi gaitu; gure jaidura gaxtoek zoratzen gaituzte; naturaleza galduak azpitik gauzka; eta horiek gure fedea iraungitzen, ezperen hagitz flakatzen dute; guti-gutiak dire, sinhesten dituztela dioten egien araberako sentimenduak dituztenak, ta hekien arabera bizi direnak.

       Bainan herioa hurbiltzearekin batean, nausi arrotz horiek desagertzen dire; mundua ezeztatzen, pendurak ethentzen, naturaleza iraungitzen dire; eta horiek gure Izpirituetarat hedatu zituzten hedoiak eta enganioak suntsitzen dire, eta fedeak bere indar guzia hartzen du.

       Orduan beraz hasiko naiz gauzez jujatzen ebanjelioko argien arabera. Orduan munduari behatuko diot, airean agertu den bezain sarri suntsitzen den lanho bati bezala. Nolakoa izanen da beraz orduan nere bihotz-mina, baldin munduari behatzen banatzajo nere Jainkoaren zuzuenen kontra, baldin munduko maximei ta modei jarraikitzen banatzaje nere solasetan, jaunzturetan eta bizitzeko maneran? Baldin munduko erasien, burlen eta farren beldurrak edo zenbait gaizkitarat lerra-arazten, edo zenbait ongi egitetik eta Jainkoak gogorat ematen dautan bezain erregelatuki bizitzetik urrun-arazten banau? Ai, orduan ezagutuko dut zer erhokeria den, hil ondokotzat, ez onez, ez gaitzez ezin balia dakikedan mundu huntaz hanbat kontu idukitzea, eta hunen gatik alde bat uztea nere Jainkoa, nere nausi guzien gaineko bakharra, zeinarekin xoilki ikhusiko baitut geroroz egiteko ukhan beharko dudala, eta zeinak baitauka eskuetan nere sekulako zoriona edo zorigaitza.

       Orduan, hanbat artharekin eta nekherekin bildu dituzkedan onthasunak urthuko zaizkit, eta Joanen dire bertzen, ta menturaz primu esker-gabe batzuen eskuetarat. Orduan beraz behatuko derajet karrikako basari bezala, eta hekien biltzen enplegatzen ditudan denborak eta nekheak arras galdutzat atxikiko ditut. Eta nolakoa izanen da nere atsekabea, baldin onthasun biltzea gatik, ahantzia uzten badut nere eternitateko egiteko handia, baldin lazo izaten banaiz othoitzaren, sakramenduen, debozionezko bertze eginbiden gainean?

       Orduan lagun eta adiskide guziei ez-axolarekin behatuko derajet, zeren ikhusiko baitut, herstura hartan, eta hil ondokotzat deus ere ezin baliatuko zaizkidala. Oi! eta zer khirestasunetan izanen da hondatua nere bihotza, baldin nere bizian norbait maithatzen badut Jainko-legearen kontra! Bai, mement ikharagarri hartan ikhusiko ta biziki sentituko dut zer zuzenkontrakeria, zer ebaskoa izigarri zen bihotz hau errefusatzea nere Jainkoari, zeinarentzat baizen ezpaitzuen ukhan behar ez estekamendurik, ez bizirik, eta hunen ematea lagun galdu bati, debruaren ministro bati, eta haren bidez debruari berari! Orduan bizi-biziki gogoan landatuko zaizkit nere Jainkoak nere bihotzeko afekzionez galdetuko dautan kontu hertsia, eta nere estekamendu gaxtoez eginen dauzkidan errephortxu lehergarriak; eta hartan izanik eta mement ikharagarri hartan experientzia eginik baizen, nihork eztezake jakin, zer phondutaraino orhoitzapen horrek lehertzen eta deboilatzen duen bihotza.

       Denboratik eternitaterako iragaitza ikharagarri hartan eztu beraz konturik idukiko denborarekin suntsitzen diren gauza guziez, munduaz, onthasunez, ohorez, lagunez, adiskidez. Orduan nere Izpiritu guzia hartuko dutenak izanen dire bizian egin dukedan ongia edo gaizkia, zeren hek bakharrik eramanen baititut mundutik, eta hekiek beharko bainaute edo sekulako lorian sar-arazi, edo eternitate guzikotzat ifernuko lezetan ehortz-arazi. Orduan beraz gogorako zaizkit nere bizi guzian egin dituzkedan bekhatu guziak. Eta baldin zorigaxtoan nere biziaren zathi handisko bat, zenbait urthe bekhatutan baderematzit, oi! zer bekhatuzko oste izigarri etzaut gogorako? Hanbat gogoeta, hanbat gutizia, hanbat solas, hanbat libertinkeria, hanbat harrokeria, hanbat bertze gisetako bekhatu izigarri. Oi! nork erran nola begi-kolpe horrek amarratzen eta nahasten duen mundutik ilkhitzerat dohan arima deithoragarria! Orduan eztute lekhurik ukhanen, bizian bekhatua ezdeustatzen bezala duten aitzekiek, naturaleza gaxtoa dugula, gaizkirako pendura muthiriz betheak ginela, flakoak ginela, munduan bizi behar ginela, eta hala munduaren arabera egin behar ginuela: hiltzeko phunduan suntsituko dire estakuru horiek guziak, zeren ezagutuko baitugu Jainkoa zela gure nausi guzien gainekoa, eta hari behatu behar ginaizkola bertze guzien gainetik, zeren ezagutuko baitugu, zenbat ere gaitz baitzitzaikun bekhatutik beiratzea, Jainkoak hortarako laguntza frango ematen zaukula, bai sakramenduetan, bai hetarik kanpoan. Eta ezagutza horiekin batean, oi! zer itxura izigarriekin orduan gogorako zaizkidan nere bekhatuak! Monstro batzu izanen dire, Iskritura Seinduaren arabera, alde orotarik sethiatua idukiko nautenak, guzia deboilatuko nautenak; uholde batzu izanen dire, nere arima guzia iretsiko eta hondatuko dutenak. Oi! ala garrazki pagatuko baitut ordu lazgarri hartan nere arinkerian, eta nere bizian hartzen ditudan atsegin gaxtoak!

       Ondikozko arima hura entsejatzen da, egin duken ongian kausitzerat zenbait arintgarri eta konsolazione hurrendua daukan atsekabe minaren kontra. Oi! ordean ala gutia eta eskasez bethea kausitzen baitu orduan egin duelako ongi hura! Haren othoitzak hain hotzak; haren kofesioak hain guti preparaturik eginak, haren komunioneak hain ephelak; eta behar bada hainbertze sakramendu errezebituak, bekhatua funski behinere utzi gabe; hain penitenzia guti egina, menturaz hanbat bekhaturen ondoan, eta penitentzia egiten zuelako denbora hartan berean ere, hanbat lausengu bere gorphutzarentzat, hanbat gurikeria bere buruari emanak, bederen ageriki bekhatu etzirenetarik. Horra zer kausitzen duen arima hark egin zuelako ongi hartan. Orduan hura guzia esdeus bezala agertzen zajo, eta ikharan sartzen da, beldurrez eta egin zituelako egintz on hak berak hainbertze bekhatu izan diren Jaunaren begietan; othoitz hek Jainkoak iduki diotzan beldurtzen da, nausi lorios hari egin diotzan burla batzuentzat, hetan erakhutsi dioen ohartasun eta errespetu eskasa gatik; beldurtzen da kofesio ta komunione hek hainbertze sakrilejo izan diren, zeren ezten hekiekin batean arras bizitzez aldatu. Osoki beldur da beraz Jainkoaren aitzinera dohan bekhatuz kargaturik, eta deusere gabe haren haserradura ezti dezakenik; eta horrekin batean herstura hartan izan dena da bakharra dakiena nola kausitzen den nahasia, deboilatua, lehertua: mirakulu izanen da, ezpada arras etsimendutan erortzen, eta ezpadu azken hatsa aurthiki gabe ere bere ifernua hasten.

       Eta ni zertan izanen othe naiz mement, naturalezarentzat ikharagarri, eta fedearen arabera are lazgarriago den hartan? Badakit nere ariman asko bekhatu mortal egin dudala nere bizian. Bakhean jartzerat entsejatzen naiz, erranik ezen nere buruari, bekhatu egin badut, kofesatu ere banaizela, eta penitentzia egin dudala. Ordean nere kofesioak behar zen bezain sentserrak, llanoak, egiazkoak eta osoak izan othe dire? Ukhan dut behar zen artha guzia nere bekhatuez orhoitzeko, eta guziak garbiki aithortzeko? Etzaut othe gelditzen griñarik betere horien gainean? Ukhan dut nere kofesioan bekhatuazko urriki bat, behar zen bezain zina, handia ta guzien gainekoa, ta horrekin batean nere bizi guzian bekhatutik beiratzeko hain xede sendoa, non egiazki bainitagon zer nahi egiterat, pairatzerat eta sakrifikatzerat, bekhatu mortal den xumenerat lerratuko nitzen baino lehen? Ezpada nere bihotza hain osoki bekhatutik aldaratu, nere kofesioak eskasak izan dire, eta nere bekhatuak barkhatzetik urrun, berak izan dire sakrilejo izigarri batzu. Horren gainean ezin ukhanen dut bizi naizeno segurantza osorik; eta horrek behar nau bethiere beldurtasun seindu batean iduki. Halarik ere aski bakhean bizitzeko arrazoin baduket, baldin nere kofesioarekin batean bizitzea aldatu badut. Eta bada, Jainkoa ganat itzuli naizelako denbora hartan, hautsi dut arras bekhatuarekin? Bekhatutik bezala, bekhatuko parada gaxtoetarik ere urrun egotu naiz? Eztezadala nere burua lausenga; kofesatzearekin batean ezpanaiz funski, barneko maneraz aldatu, eztut batere zeren kontatu nere kofesioen gainean.

       Penitentzia egin dut; ordean zer penitentzia? Eta nere ariman uste izan dezaket Jainkoak aski etsiko duela egin dudalako penitentzia egin ditudan hanbat bekahturen aldera? Bihotz guzia khirestasunez betherik Jainkoari maiz eta nigar saminekin barkhamendu eskatzeko artha, othoitz khartsuak eta hainitz, gabean barna zirautenak, barur hertsiak osteka, bere buruen kontrako higuntza seindu bat, bere gorphutzak ahal guziez mortifikatzeko eta gogorki tratatzeko lejaltasuna, jaunztura latzak eta arruntak, orobat jan-edanak, eta hautarik, hala nola lotik, doi-doja naturalezak baitezpada behar duen bezain guti, atsegin eta nahikara guziak bere buruei errefusateko atzartasuna, bizitze huntako gaitzak eta nahigabeak ere Jainkoaren eskutik penitentziazko xedez hartzen zituztela; eta horiek guziak, ez zenbait egunez edo astez, bainan urthe osoz eta asko urthez; horra zer ikhusi izan den seindutzat ezagutuak diren penitentetan. Zer diot bada orai nere buruaz? Egin dudalako penitentzian kausitzen ditut seinale horiek? Eta ezpaditut kausitzen, nola bizi naiteke bakhean eta deskantsu? Edo orai eztakit zerk bakhean ezartzen banau ere, zer izialdurek eznaute lehertuko hiltzeko phonduan, gauzak diren bezala agertuko zaizkidanean? Ez, bizi naizeno, eta bereziki heriotzeko mementekotzat, eztiteke neretzat bakhe osorik, non kofesio on bat egin eta herekin batean bekhatua arras uzten dudalarik, ezpanaiz hil aitzinean denbora aphur batez penitentziazko egintzetan eta Jainkoaren zerbitzuko gauzetan ahal guziez enplegatzen.

       Egitzu maiz gogoetadura hauk, hiltzeko phonduan zarela kontu eginez, eta entseja zaite mement ikharagarri hartan ukhanen ditutzun sentimenduetan ongi finkatzerat: hori da bekhatutik beiratzeko ta seinduki bizitzeko irakhasten bide hoberenetarik bat. Ohi zaite egiten ditutzun guziak egiten, zure eginkunde bakhotxa zure biziko azkena izan behar balitz bezala; hala egitzu beregainki zure kofesioak eta komunioneak.

       Ohoin bat bezala ethorriko naiz zure hartzerat gutien uste duzunean, dio Jesu-Kristok.

       Giristino batek eztu sekulan biharamunerat luzatu behar salbamenduko egitekoak galdetzen duena, dio elizako aita batek.

 

 

V. EGUNA

Jujamenduaz

 

       I. PHONDUA. Herioak jotzen du azken kolpea. Gorphutza iraungitzen da; luphean zarratzeko ta zizarien bazka izateko baizen on ezten gorphutz hil bat bilhakatzen da. Arima asko gisetako gogoetez bethea, ikharatua, nahasia, hargatik prestuki bizi izan balin bada, Jainkoaz lagundua eta esparantzaz animatua, hala-hala bekhatutan eraman badu bere denbora, guzia deboilatua, menturaz osoki etsimendutan eroria; arima hura, diot, Jainkoak daki nolako sentimenduz bethea, ilkhitzen da gorphutzetik, eta mement berean kausitzen da juje ikharagarriaren aitzinerat eramana, han jujatua izateko, ta eternitate guzikotz edo osoki dohatsu edo osoki dohakabe egin behar duen sententzia aditzeko. Zer mement! Zer jujamendu! Zer izialdurak!

       Nolakoak ditezke arima baten sentimenduak juje adoragarri haren aitzinean agertzen denean? Juje hura da Jainkoa bera, berenaz den izate, mugarririk gabe handi, lorios, botheretsua, diren gauza guziak hitz batez ezjeusetik athera duena, begikaldi batez itsasoa zolaraino ta lurra bere zimenduetaraino iharrosten eta ikharatzen duena; Jainko bat hain loriosa, non zeruko Izpiritu gorenek eta garbienek ezin beha baitiezokete ikhara seindu batekin baizen. Nola bada ta zer sentimendurekin agertzen diteke arima bat juje handi, juje ikharagarri haren aitzinean? Guzia lotsatua, urmariatua, beheratua, izialduran sarthua.

       Juje bat da guziak dakizkiena, deusere ezin gorde dakiokena. Orai gure bizitzearen lekhuko den hura bera izanen da orduan gure jujea, dio San Agustinek. Bizi gareno Jainkoak ikhuste ditu guk egiten ditugun ta gu baithan iragaten diren guziak; gau-minean, ilhunbetan eta bakhartasunean egiten duguna, egun handian, agerian ta lagunen aitzinean egiten duguna bezain ontsa. Gure behatze, solas, oin-urhats guziak badakuski. Gogoeta edo bihotzeko mobimendu den xumena eta sorthu den bezain laster suntsitzen dena, hain ongi ezagutzen du, nola kanporat agertzen den eginkunde larriena. Hala beraz Jainkoak ikhusten ditu, adimenduaz zerbitzatzen hasten garen lehenbiziko mementetik eta azken hatsa aurthiki artean, izpirituz, bihotzez, begiez, mihiaz, eskuez, arimaz eta gorphutzaz egiten dugun guzia. Bada horiek guziak gogoan dauzka; fits bat etzajo ahanzten; eta horra zein juje argitu ta jakintsunen aitzinean agertzen den arima hura; harentzat ikharatzeko ta lotsatzeko arrazoin berria.

       Juje bat da aitzakirik batere aditzen eztuena, legearen arabera zorrozki jujatuko duena. Mundu huntan hain antzetsu gare gure buruen lausengatzeko. Gazteak gazte gisan behar dire jauntzi, ibili, mintzatu ta gobernatu. Munduan bertzekin bizi behar denak bertzek bezala egin behar du, bertzenaz irhigarri liteke. Naturalezari ere zerbait eman behar zajo, eta bere ethorkiz jauzkor, urguilus eta atseginetarat ekharria denari zerbait barkhatu behar zajo. Holako mila estakuruz entsejatzen gare mundu huntan gure buruak edertatzera; askotan bekhatua ezjeuszat eta bekhatu handiak xumetzat dauzkagu. Ordean juje guzien gainekoak eztu holako estakururik aditzen. Ebanjelioak egiten deraikun modestiazko, garbitasunezko, umiltasunezko, eztitasunezko, mortifikazionezko, munduazko arnegamenduzko, bakharrik, egun eta adin guzietan Jainkoarentzat bizitzeko maximak eta manuak, adin guzientzat, estatu ta herrunka guzientzat dire; eta Ebanjelio Seindu hura da Jainkoak bere jujamenduaren eta sentenziaren erregelatzat hartuko duena. Badaki hori jujatua izaterat dohan arimak; badaki ebanjelioaren gainean behar duela ihardetsi, ebanjelioaren arabera jujatua izan behar dela zorroztasun guzian, ta haren bizia ezpada izan Ebanjelio Seinduaren araberakoa, sekulakotzat kondenatua izaterat dohala. Oi! zer izialdurarekin agertzen den beraz tribunal ikharagarri hartan!

       Bizkitartean zenbat ere ikharagarria baita jujamendu hura, arima seinduki bizi izan den bat, edo bekhatu egiteko zorigaitza ukhan badu ere, ondoan denbora aphur bat penitentzia garratzetan eraman duen bat, tribunal hartan fidantzia handirekin agertzen da. Bere konzientziaren lekhukotasunak sustengatzen du, ta juje adoragarriak egiten dioen hartze arrajak osoki animatzen du; esperantza handi batekin agertzen da beraz juje adoragarriaren aitzinean, eta benedizionezko sentenzia baten ardiesteko fidantzia handi batekin hurbiltzen zajo.