Marcel Schwob

 

Mimoak

 

euskaratzailea: Mikel Lasa

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Itzulpena: Mikel Lasa

 

Euskarazko edizioa: Baroja, 1985

Jatorrizkoaren data: 1893

 

Marcel Schwob euskaraz:

       http://ekarriak.armiarma.com/?i=81

 

Informazio gehiago:

       http://armiarma.com/emailuok/?p=438

 

 

Prologoa

 

       Kos-eko irlan Ptolomeo errege otzanaren pean bizi zen Herondas poetak, hemen beheko amodioa ezagutu zuen itzal lirain infernutiar bat igorri zidan: Eta mirraz kopururaino bete zen ene gela; eta hats doi batek hotzitu zidan bularra. Eta ene bihotza hildakoen pare bilakatu zitzaidan; ezen ene bizitzaren orainaz beste egin nuen.

       Itzal amoranteari bere soinekoaren tolesdura artetik Siziliako gazta jalki zitzaion, piku saski bat, arno beltz anfora ttipi bat eta urrezko mattinsaltoa. Berehala, mimoak idazteko joran bizia ukan nuen eta sudur zuloetan azkurea sumatu, artile berriari zerion bilgor usaia eta Agrigente-ko sutondoetako ke lodia eta Sirakusa-ko arrandegietako lurrin garratza zirela bide. Hiriko kale zurietatik sukaldari mangahutsak pasa ziren, eta lepo gozoko xirularisak eta zelestina masail zimurrak, eta betazpia zilarrez anpusturikako jopu merkatariak.

       Itzalak urdinduriko belardietatik zehar unai xistulariak itzuri dira, argizaiez igurtzitako ihiak eramanaz, eta lore gorriz koroatutako mamigile emakumezkoak.

       Baina itzal amoranteak ez zuen ene bertsorik gehiago entzun nahi. Gauari buruz itzuliaz, bere tunikatik urrezko miraila, lobelar zoriak, asphodelo trentzak, astindu zituen, eta Lethe-ko erriberetan hazten den izagetarik bat luzatu zidan. Instantean ukan nuen lurreko gauzen zuhurtzia eta jakituariaren xedea. Eta hor non mirailean ikusi nituen xirula eta edalontzi eta puntu gaileneko kapera eta ezpain ziraunezko aurpegi freskoen irudi garden dardaratia, eta gauzen zentzu ezkutua agertu zitzaidan. Gero lobelarrarengana makurtuz, asphodeloei hozka egin nien, eta ene bihotza oroimenez ezabatua izan zen, eta Teneruntz joateko ene arimak itzalari eskutik hartu zion.

       Itzal geldo eta lirainak, infernuetako belardi beltzetatik zehar luzaz gidatu ninduen, gure oinak azafrau loretan tindatuz. Eta han itsaso gorrituetako irlen urrutimina nabaritu nuen, goroldio biloez lerroturiko Siziliako hareena eta eguzkiaren argi zuriarena. Eta itzal amorantea ene xedeaz ohartu zen. Bere atzapar izugarriez begiak ikutu zizkidan eta Daphnis eta Chloe ikusi nituen Lesbos-eko landetaruntz igotzen. Eta Jainkosa Onak Daphnis-i ereinotzezko neurkina eskaini zion, eta zumetaren garazia Chloe-ri. Berehala landareen lasaitasuna eta zurtoin geldien poza ezagutu nituen.

       Orduan Herondas poetari mimo berriak igorri nizkion Kos-eko emakumeen ukenduz eta infernuko lili zurbilen ukenduz eta lurreko belar sotil eta basatien ukenduz lurrinduak. Hori bait zen hain zuzen, infernuko itzal lirain haren nahia.

 

I Mimoa

 

       Horrela ba, zilarrezko angila helduaz, eta beste eskuaz ene sukaldeko aizto orriluzea, banator portutik etxera. Arrain olioz lurrindutako adats distiradun merkatari baten arrandegian zakatzetik zintzilikaturik zegoen. Hamar drakma aski izan ditut arrain-azokako erosketak egiteko: ze angila salbu, zerkaosteko txiroek ere nahiko ez luketen mielki koskorrak, gaztaka alu batzu eta sardina besterik ez zegoen. Tatuetan ebakitzera noa; larruzko zigorraren hedea bailitzan bihurtzen da; gero salmueran gazituko dut eta sua pizten duten morroiei aginduak ematera noakie.

       — Bota ikatza! Jo hauspoa! Sua susper dadin: makalarena bait da; horren txinpartek ez dizute ez bekarrik sortuko. Angila honen maskuria baino hutsagoa duzue burua. Uztai bat emaidazue. Zoazte popatik hartzera! Biper honek ez du biperrik balio! Aho bete sartuko diat kurutzean hagoenean. Irin koipetsuz gizendutako txerramaren sabela legez lehertuko al zarate! Eraztunak! Kakoak!

       Angila honen haragia xamurra izango da. Gomitatu mokofinen elikadura: Aristipo, liliz koroaturik etorri ohi dena, Hilas, oinetakoak ere urre hautsez tindaturik dituena, eta Parneios ene maixua urre landuzko eraztunez jantzia. Dagoeneko badakit, txalo joko dute dastatu ahala, eta jangelan egoteko baimena emango didate, atearen kontra, kitarrajole eta dantzarisen oin zaluen ikusteko ariaz.

 

II Mimoa

Sasimerkataria

 

       Zigorrez, bai, zigorrez joko haut. Otseinaren soina legez azala orbanez eztaliko zain.

       — Jopuok, deramazue; estreina zirt sabela; itzuli ezazue barearen gisa eta zart bizkarra! Entzun zer dioen.

       — Ez ote haiz ixilduko gizajo hori!

       — Zer egin dut ba, sycophanteen menpe egoteko?

       Deus ebatsi ez duen katame bat dirudi; bapo jan da lo egin nahi du.

       — Jopuok ezarri itzazue zuen saskietan arrainok.

       — Zer dela eta itsasapoak saltzen ari ote hintzen, zinegotziek eragotzi arren?

       — Ez nuen debekuaren berririk.

       — Bando-emaileak ez ote du ba aldarrikatu: «Ixo» aginduz?

       — Ez dut «ixorik» entzun.

       Hiriko legeei iruzur egiten dien, maltzur alena.

       — Tirania du laket emakume honek. Erantz ezazute, ikus dezadan Pisistrataren bat ez ote duen gordetzen.

       Ah! Ah! oraindik orain emea hintzen. Begira hau. Mota berriren bateko merkatari bat dugu hemen. Arrainak ote ziren horrela nahi hindutenak, ala erosleak?        — Bilutsik utzi ezazute mutil gazte hau: heliastek juzkatuko dute, emakumez jantzita, arraina saltzeagatik zigortua izan behar duenez.

       — Erruki zakizkit, sycophante hori, eta entzun arren. Harresi Nagusiko jopu merkatariaren menpe dagoen neska gazte bat maite dut hilarteraino. Hamar minetan saldu asmoa du, eta nire aitak ez du dirurik eman nahi. Usuegi ibilia naiz etxe inguruan, eta itzalpean gorderik daukate ikusi ez dezadan. Berehala datorke azokara bere neska lagun eta jabearekin. Horretarako itxuraldatu naiz mintza nakion; eta nitaz ohar dadin saltzen ditut itsasapoak.

       Mina bat ematen badidak, hire lagunarekin batera atxilotuko haut, arraina erosteko puntuan, eta salatu iduri eginen nikek, hi saltzaile legez, hura erosle legez; gero, ene baitan gordeta, egunsentiraino farre eginen duzue merkatari lukurraren lepotik.

       — Jopuok, emaiozue soinekoa emakume honi ezen emea da (ez zineten ohartu ala?) eta bere itsasapoak sasi itsasapo dira-ta (ezin lehenago esan ala?) — Hoa lotsabe hori, hire salpostura, eta kontuz gero ezer, gehiago saldu, ze ez naun oraindik fio. — Horra hor neska gaztea; gerri fina du, alafede; mina bat erdietsiko dut eta agian, mutil gazte hau. aztoratuz gero, etzauntzaren erdia.

 

III Mimoa

Basoko enara

 

       Ireki! Ireki iezadak mutiko horrek! Oihaneko enarakumeak dira. Pintaturik dago, buru gorriak eta hegal urdinak. Badakigu benetako enarak ez direla horrela; eta, arraiopola!, begira bat zeruan bere arraia zuzena marrazten, baina gurea basoan da. Mutiko! ireki iezaguk, ireki! Mutiko!

       Hemen etorri gerade, hamar, hogei, tra-la-la-ri, enara pintak dirade, udaberriaren aintzindari. Lorarik ez da ikusten, baina hartzazue abarño xurigorriok. Badakigu bazapizti bat erretzen ari zaretena barrena eztiz beterik; eta zuen jopuak atzo satitsuak erosi ditu, azukretan gozatzeko. Zuentzat oturuntza; guk aldiz ezer gutti behar dugu. Intxaur frejituak! Intxaur frejituak! Mutiko, intxaurrik ba duzuia? Ba duzuia intxaurrik?

       Enara buru gorria egunsenti berriaren pare, enara hegal xuria, hilberriko ortzearen kolore. Alaitu ta poztu zaitezte. Arkupeetan freskura ukanen dugu eta zuhaitzek beraien itzala pintatuko dute belardietan. Gure enarak olio ugari opa dizute. Isuri ezazue iazko olioa gure antoisinetan eta bota ardoa gure anphoretan; ezen —entzun, mutiko— dastatu gura duela dio enarak! Isur olio t'ardoa gure basoko enararentzat!

       Zuek ere agian aintzinan, haur zinetenean, ibiliko zenuten enara guk orain bezala. Oroitzen delako zeinua dagi. Ez gaitzazue arren ateondoan utzi gaueko lastargiak piztu arte. Emaiguzue zuen fruitu eta gaztaetarik. Eskuzabal bazarete, aldameneko etxera joango gara, non bizi bait da zikoitz begigorria. Enarak eskatuko dio apailaturik daukan eperra, bere opil doratua, bere zozo errea, eta urrezko ontzak botatzeko arren erregutuko diogu. Betazalak altxatuko ditu eta burua astinduko. Gure enarari abesti bat irakatsiko diogu zeinetaz irri egingo duzuen. Zeren zikoitz begigorriren emaztearen ixtorioa txiokatuko du hiriko kaleetan zehar.

 

IV Mimoa

Ostatua

 

       Ostatu, arkakosuz betea, bere odola xurgatu diozun poeta honek oles dagizu. Eta ez gero gau batez, estrata ilunaren bazterrean, babestu duzulako; bidea lokazturik dago Hades-era doana bezala, baina zure kamainak xehaturik daude, zure argiak lausorik; zure olioa mindurik, zure taloa lizundurik, eta azken udazkenaz gero, zure intxaurrak har zuriz josita dauzkazu. Baina poetak bere eskerrona agertzen die Mugara eta Atena-tik zetozen urde saltzaileei, hauen korrokadak lokartzetik eragotzi bait diote (zure hormak, ostatu, meheak dira), eta halaber eskerrak ematen dizkiet zure arkakosuei, zeinak gorputz guzia ausikiaz itzarturik eduki bai dute, hedeetan barna saldoka zetozten bitartean.

       Ze, loaren faltaz, ilargiaren esne zuria dastatu nahi bait zuen hormaren zirritu batetik, eta horretan zetzala emakume-tratulari bat ikusi zuen ate joka, gauaren erdian. Tratulariak oihuka zioen: «Mutiko, mutiko!». Alabaina jopua buruz behera zurrungaka zetzan eta bere beso kurutzatuez maindireekin belarriak eztalirik.

       Orduan poetak soineko laru bat jantzi zuen, eztaietako beloen kolorekoa; kurubilez jositako soineko hau neska kaskarin batengandik zuen, beste amorante baten mantoiarekin ihes egin zueneko goizean. Horrela ba, neskamea bailitzan, atea ireki zuen; eta tratulariaren ondotik emakume andana bat sartu zen barnera.

       Azkenengo neska gazteak ukabila bezain titi gogorrak zituen; guttienez hogei mina balio zuen honek.

       — Aizu neskame, esan zuen, akitua nago; non da nire ohea?

       — Horra ba andereino hori, esan zion poetak, zure lagunek ostatuko ohe guztiak okupatu dituzte; zure neskame honen kamaina besterik ez duzu libre; nahi izanez gero bertan etzan zaitezke.

       Neska gazteon ugazaba zen gizon mixerable hark kriseiluaz poetaren betartea argitu zuen; eta neskame arrunt bat zela ikusirik, ez ederregia ez dotoregia, ez zuen tutik esan.

       Ostatu, odol-xurgatua izan zen poetak eskerrak ematen dizkizu. Neskamearekin oheratu den emakumea ahate luma baino guriago zen, eta haren lepo lurrindua fruitu helduaren pare. Baina guzti hau ixilpean gordea izan zen, ostatu, zure kamainetako berriketatik urrun. Poeta bildur da Megara-ko zerritxoen «kurrin, kurrin»en sasi esamesen bitartez jakiten baduzue gure poetak amodio lizunak dituela, zatozte ostatura ikus dezazuen ukabila bezain titi gogorrak dituen eta bereganatu zuen neska laguna, arkakosuek marraskatzen zioten bitartean, gau ilargitsu batez.

 

V Mimoa

Piku pintatuak

 

       Esnez beteriko pitxar hau ene pikondoko Jainkosa txikerrari eskainiko zaio. Goizero esne berria isuriko dut, eta, Jainkosari laket izanez gero eztiz edo ardo hutsez beteko pitxarra. Gisa honetan ohore eginen diot udaberritik udazkeneraino; eta ekaitz batek apur baleza, berria erosiko nuke untzi merkatuan, nahiz buztina garesti izan aurten.

       Ordainez, nire baratzeko pikondoa zaintzen duen Jainkosa txikerrari pikoak kolorez alda ditzan eskatuko diot. Xuriak ziren, zaporetsu eta gozoak; baina Iole nezkaturik daukate. Orain berriz piku gorriak kutiziatzen ditu, eta zinez dio hobeak direla.

       Ez da lege piku zuriak ematen dituen pikondoak udazkenerako piku gorriak eman ditzan. Iolek ordea, hala nahi du. Ene baratzeko Jainkoei zaletasuna erakutsi badiet; bioletazko koroak trentzatu baldin badizkiet eta edontzi bete ardo eta esne isuri; lobelarrak erre baldin badizkiet ene harresiko ertza eguzkiak jotzen duen tenorean ilunabarreko aidean zorabiaturik dabilan eltxo multzoaren erdian; ene erlijioagatik haien adiskidetasunarekiko duin baldin banatzaie, ene Jainkosa, lora ezazu zure pikondo hori, piku gorriak eman ditzan. Entzungor baldin bazait, ez diot horregatik ohore egiteari etsiko; aalabaina, halabeharrez goizero jeiki beharko dut, fruitaroan, kontu haundiz piku heldu berri guztiak ireki eta beraien barrua Tyr-eko purpura finez pintatzeko.

 

VI Mimoa

Pitxar koroatua

 

       Untzigile naizenez, bere hondoa irauliaz pitxar baten buztinezko sabel goria oratu eta tankeratu ondoren, fruituez bete dut baratzeko Jainkoentzat. Baina zuhaitzen adaska dardaratiei ohartuz, beldur naiz zein lapurrek harresia zulatuko. Gauez, satitsu ilaunek muturra sartu dute sagar aleen artean eta txorten eta guzti jan. Herabe, laugarren orduan, beren buztan lumatsuak, txuri beltzak, astindu dituzte. Oilaritean, Aphroditaren xoriak ene buztinontziaren ertz ubeletan pausatu dira lepoko lumak harrotuz. Eguerdi dardaritian, neska bat bakarrik heldu da Jainkoaganuntz, jazintozko koroekin. Eta pagondoan netzan bitartean nitaz ohartu delarik, bere begiak itzuli gabe nitaz ohartu delarik pitxarra koroatu du. Gisa honetara lorarik gabe gelditu den Jainkoa ernega dadila, satitsuek nire sagarretarik jan dezatela, Aphroditaren xoriek

elkarri makur biezaiote beren buruñoak. Ene adatsetan nahastekatu ditut jazinto moztu berriak, eta hurrengo eguerdirarte pitxar koroatzaileari itxadoten egongo natzaio.

 

VII Mimoa

Jopu farfailduna

 

       Oi Mannia, zatoz lotsagabe hau zigortzera Paphlagonia-ko larruzko zigor batez. Feniziar merkatariei erosi diet hamar minetan, eta ez du goserik pasa ene etxean. Esan dezala bestela sukaldariek olibak edo arrain gaziturik eman dioten. Bere sabela estamu hornitu erreez, Kopais-ko angilez eta oraindik zumezko uztaiaren marka zeramaten gaztaez bete du. Ahuntz-larruz egindako zahagi usaintsuetan gorde ohi nuen ardo nahasi gabea edan du. Siria-ko nire ukendu ontziak hustu ditu eta bere soinekoa purpuraren poderioz bioleta da: ikuztaileek ez dute sekulan upeletan sartu. Haren adatsak urrezko zuzi baten sugar bailiran sakabanatzen dira; ilemoztaileak ez du bere guraizerik sartu. Ene emakumeek egunero depilatzen dute, eta kriseiluaren mihi gorriak azala miazkatzen dio. Haren gerria nire lepoa edo aizto kirtenean landuriko lehoien gilborra baino zuriagoa da.

       Gau batean bakarrik ardo gehiago edan du nire edalontzietan, alafede, Thesmophoris-ko iniziatuek misterioetako hiru egunetan baino. Zurrungaka ari zela uste nuen, sutondoen aurrean etzanda, eta banindoan xehatzaileei esatera haren ezpainak arrabol betekin igurtzi zezatela, kastiguz; horrela ordainduko zuen bere mozkorra baratxuri zanpatu berriaren zapore garratzez. Bainan balantzaka zebilen, begiak lauso, nire zilarrezko miraila leundua eskuetan zuela. Likitsa baino likitsago den horrek, nere bitxi kutxatik urrezko zigilutarik bat ebatsi zuelarik bere bilo kiribilduetan kokatu zuen. Gero hanka baten gainean zutik, ardoaren eraginez gorputza irabiaturik, bere izterra gazezko oihal batez inguratzen zuen, zeinarekin nere artile zurizko soinekoa estali ohi dudan, nire adiskideekin Adonisen jaiak ikustera noanean.

 

VIII Mimoa

Eztaieguneko beila

 

       Metxa berrizko kriseilu honek olio fin eta gardenez argi egiten du artizarraren aurrez aurre. Lurra haurrek jaso ez duten larrosez josirik datza. Dantzarisek ilunperuntz beren atzaparrak luzaerazten dizkioten azken zuziak kulunkatzen dituzte. Xirulajole gazteak azken hiru nota ozpin jo ditu bere hezurrezko xirulan. Eroaileak etorri dira orkatiletako edo eskumuturretako eraztun leihar bete kutxez. Norbaitek bere aurpegia kelarrez igurtzi du eta ziri bertsoak kantatu dizkit. Belo gorridun bi emakumeek irrifar dagite giro patxadatsuan, eskuak zinabrioz igurtzitzen ari diren bitartean.

       Artizarra goraka eta lore motelak zimelduz doaz. Harrilanduz estalitako ardo upel haundiaren ondoan mutiko irribarretsu bat eseri da, zeinen oin klaroak urrezko sandaliez jantzirik dauden. Zuzi bat astintzen ari da eta adats gorrizkarak gaueko ilunpetan barreiatzen dira. Haren ezpainak erdi-irekirik daude arraildurik legokeen fruitu helduegi baten antzera. Doministikua bota du ezkerraldera eta bere oinpean metal hotsa atera da. Badakit, jauzi bat eginez bapatean hanka eginen duela.

       Io! Horra non datorren neskutsaren belo laroa! Bere laguntzaileek besopetik sostengatzen diote. Urrun itzazue zuziok! Eztai-ohantzeak haren aiduru daude, eta neuk gidatuko diot purpura oihalen argi gurira. Io! Murgil ezazue olio lurrintsuan kriseiluaren metxa! Ilinti bihurtu orduko itzaltzen da. Amata itzazute zuziok! Oi nire ezkonlaguna, nire bularraren kontra altxatzen zaitut: zure oinok ez dezatela fereka atariko larrosarik.

 

IX Mimoa

Emakume amorosa

 

       Bertsook irakurriko dituztenei erregutzen diet, otoi, bila dezatela nire jopu ankerra. Nire gelatik aldegin du gauerdi ondoren bigarren orduan. Hiri bithyniar batetan erosi nuen eta eskualde hartako usaina nabari zitzaion. Bilo luzea zuen eta ezpain gozoak. Leka baten antzera zorrozturiko untzi batera igo ginen. Eta marinel bizardunak ez ziguten ilea mozten eta depilatzen uzten, ekaitzen bildurrez; eta katamotz nabar bat itsasora jaurtiki zuten hilberriko argitan. Untzia bultzarazten duten zurezko ohol eta lihozko oihalek, eroan gintuzten Pontiko itsasotik zehar, non uhainak ilunak diren, Thraziako itsasegiraino non eguzki berritan aparraren ildoa purpura eta azafrauzkoa den. Eta Zykladak ere zeharka eta Rhodas-ko uhartea jo genuen. Handik gertu kasko zorrotzetik lehorreratu ginen beste irla ttiki batetara zeinen izena sekulan ez dudan aipatuko. Ezen hango harpeak huntza gorriez sareturik eta ihi berdez josirik daude, belardiak esnea bezain guriak, eta zuhaitzetako baiak oro, direla gorri-ilun, direla beira tantak bezain argi, edo enararen burua bezain beltz, zuku deliziatsu bat gordetzen dute arimaren suspergarri.

       Ez dut deus esango irla honetaz, misterioetan iniziatuek bezala. Zorionezkoa da eta ez dago itzalik bertan. Uda oso batez amoros izan nintzen. Udazkenez untzi zapal batek ekarri gintuen landa honetara. Ezen nire diru arazoak utzi samartuak bait nituen eta dirua pilatu nahi nuen honako hau zeta finezko tunikaz jazteko. Eta urrezko besokoak eman dizkiot, elektroiez trentzaturiko makilak eta itzalean dizdiz egiten duten harribitxiak.

       Errukarria ni! Nire ondotik jaiki ez da ba eta ez dakit non kausitu. Urtero Adonisgatik nigar egiten duzutenok, ez itzazue mespretxa nire aieneak! Gaizto alen hori zuen eskuetara baletor, burdinezko katea bat irun ezazue haren inguruan; lot itzazue haren zangoak zerrailetan; zokora ezazute harri lauzezko presondegira; kurutzefika ezazue eta borreroak sarde batekin lepoa bihur biezaiote; oinaze

muinoaren bazterrak oro bihiz erein itzazue, erruz, miruak eta beleak gorpuarengana azkar bildu daitezen. Baina hobe (ez bait dut konfiantzarik zuengan eta ziur naiz pontze harriaz leundutako azal horretaz errukituko zaretena) ez dezazuen ukitu, ez eta ere zuen behatz punta delikatu horiekin. Igor iezazkiozue zuen mezulariak; ekar diezadatela puntuan; ni neuk zigortuko dut eta; Alajainkoa, maite dut, maite dut.

 

X Mimoa

Marinela

 

       Arraun astunik erabili ote dudan jakin nahi baduzute, begira nire atzamarrak eta belaunak; tresna zahar bat bezain gastatuak daude. Belarretarik bakoitza ezagutzen dut itsaso zabalean zeinen kolorea aldiz ubela eta aldiz urdina den, eta itsas-oskol kiribilduen jakituriaren jabe naiz. Badira belar horietarik gure bizia dutenak: hauek jelatina bezain begi transparenteak dituzte, gorputza txerramaren titi koskorren antzekoa, eta zango pilo bat bide batez aho ere direnak. Eta itsas-oskol xilotuen artean, ezagutu ditut mila aldiz baino gehiago zulaturik daudenak; eta zulotxo bakoitzetik hanka bat sar-ilkitzen zaie zeinen bitartez dabiltzan. Herakles-en zutabeak iragan ondoren, lurra inguratzen duen Ozeanoa ez-ezagun eta haserrekor bihurtzen da.

       Eta bere ibilaldian irla ainubeak sortzen ditu non giza diferenteak eta animalia harrigarriak bizi diren. Han bada suge bizargorri bat bere erresuma zuhurtziaz gobernatzen duena; eta toki haietako emakumeek behatz punta bakoitzean begi bana dute. Beste batzuek hegaztien antzeko moko eta muturrak dituzte; gainontzekoan gure antzeko dira. Arribatu nintzaneko irla batetan, biztanleek estamua dugun parean burua zeramaten; eta agur egiterakoan estamua makurtzen zuten. Zyklope, Pigmeo eta Erraldoiei dagokienez ez natzaizue mintzatuko; zeren hauen kopurua kontaezina bait da. Ez zait iduri gauza hauek mirarien kariaz gertatzen direnik; ez naiz hauen bildur. Baina arratsalde batez Skylla ikusi nuen. Gure untziak Siziliako itsasegiko harea jo zuen. Lema jiratzen ari nintzaneko puntuan, urgainean begiak hertsirik zituen emakume buru bat nabaitu nuen. Urre kolorekoa zen bere adatsa. Lo zetzala zirudien. Eta berehala dardarka hasi nintzen; bildurrez zein bere begi niniak ikusiko, jakin bait nekien haiek begiratuz gero gure untziaren branka itsas leizeari buruz zuzenduko nuela halabeharrez.

 

XI Mimoa

Xirularen sei notak

 

       Siziliako larre gizenetan fruitu gozodun almendradi bat kausitzen da, itsasotik ez urruti. Hemen harbeltzez eginiko aulki bat dago non bereterrak urteetan eseri izan diren. Inguruetako zuhaitzen adarretatik ihi finez trentzaturiko zigala kaiolak eta xoriak harrapatzeko erabili ohi diren zume berdez eginiko xederak daude zintzilik.

       Harbeltzezko aulkian lotan datzan emakumea, hankak berdez lotuak eta burua lasto gorrizko txano zorrotz batez estalia, inoiz itzuli ez den bereter baten zain dago. Alde egin zuen, eskuak argizari birjinez igurtzita, xara hezietako ihiak elikatzera; zazpi hodizko xirula egin nahi zuen, Pan Jainkoak irakatsiaren arabera. Eta zazpi ordu iragan ondoren, lehen nota ilki zen harbeltzezko ezarlekuaren ondotik non beilan zegoen egun lotan datzana.

       Alabaina nota hurbilekoa zen, klaroa eta zolia. Gero zazpi ordu iragan ziren eguzkiak urdindutako belardi gainetik, eta bigarren nota ilki zen, alaia eta goria. Eta zazpi orduoro egungo emakume lotiak xirula berriaren hodietariko baten hotsa entzun izan zuen.

       Hirugarren hotsa urrunekoa eta sakona izan zen burdi garrasiaren tankerakoa. Eta laugarren nota are urrunagokoa izan zen eta biziki zaratatsua, kobrearen doinua lez. Bostgarrena nahasia eta laburra izan zen, eztainuzko edalontzi bat kolpatzean ateratzen denaren parekoa. Alabaina gaur egun lotan datzanak zazpigarren nota entzun zuen, hotsik atera ez zuena. Egunen joan-etorriek almendradia laino mehe zurizka batez estali zuten, eta ilunabarrek gandu grisez, eta gauak lanbro purpura eta urdinez. Litekeena da bereterrak zazpigarren nota entzutea, zingira argitsu baten ertzean, gero eta haundiago den arrastiri eta urteen itzalpean; eta harbeltzezko aulkian eserita, bereterraren zain zegoena lokartu egin da.

 

XII Mimoa

Samos-ko ardoa

 

       Polykrate tiranoak hiru flasko zigilatu ekar ziezaioten agindu zuen hiru moeta desberdineko hiru ardo kilikagarriz beterik. Jopu leialak aukeratu zuen flasko bat harbeltzezkoa, flasko bat urre laruzkoa, eta flasko bat beira hutsezkoa; baina edariemaile ganorabakoak Samos-ko ardo berbera isuri zuen hiru flaskoetan. Polykratek harbeltzezko flaskoa kontsideratu zuenean bere betazalak mugiarazi zituen. Hautsi zuen karezko zigilua eta ardoa usaindu. «Flaskoa, esan zuen, arrunta da, eta bere edukinaren usaiak ez nau kilikatzen».

       Urre laruzko flaskoa altxa zuen eta harriturik begira egon zitzaion. Gero deszigilatu ondoren: «Ardo hau esan zuen, eduki daukan mahatsmordo gorriz eta pujaz hornitutako ontzi ederraren parean eskasa da zalantzarik gabe».

       Baina, beira hutsezko hirugarren flaskoa harturik eguzkiaren kontra altxa zuen. Ardo odoltsuari dizdira zerion. Polykratek zigilua etenarazi zuen, bere edalontzian flaskoa hustu, eta dena batean edan. «Hau, esan zuen hasperen bat eginaz, sekulan dastatu dudan ardorik hoberena da». Gero, edalontzia mahai gainean utzirik, flaskoa zahurtu eta mila pusketan erori zen.

 

XIII Mimoa

Hiru lasterka

 

       Pikondoak jalki ditu bere pikoak eta olibondoak bere olibak; zeren gauza harrigarri bat gertatu baita Skyra-ko irlan. Neska gazte bat ihesi zihoan, mutil gazte bat segika zuela. Bere soinekoaren ertza altxata zeramanez gazezko azpiko galtzak ikusten zitzaizkion. Korrika zihoala, zilarrezko mirail bat jauzi zitzaion. Mutil gazteak miraila jaso eta bere burua miratu zuen; zuhurtziaz beteriko bere begiak ikusi zituen, maitatu zuen haien arrazoia, harrapaketari utzi eta mahaian eseri zen. Eta neska gazteak ihesari ekin zion berriz, gizon heldu bat atzetik zetorkiola. Bere soinekoaren azpikaldea altxata zeraman eta bere izterrak fruitu baten mamiaren pareko ziren. Lasterka zihoala urrezko sagar bat erori zitzaion altzotik. Eta atzetik zetorrenak urrezko sagarra jaso zuen, bere golkoan sartu, gurtu, harrapaketari utzi eta mahai gainean eseri

zen. Eta neska gazteak ihes egin zuen berriro; baina bere urratsak nasaiagoak ziren. Zeren agure zahar bat zetorkion atzetik balantzaka. Bere soinekoa jaitsita zeraman eta bere orkatilak ehun eraztun nabarrez estaliak. Baina korrika zihoan bitartean gauza harrigarri bat gertatu zen: zeren bularrak banan-banan askatu eta lurrera jalki zitzaizkion, mispero helduak bailiran. Agureak biak sudurkatu zituen; eta neska gazteak, bere burua Skyra irla zeharkatzen duen ibaira bota aurretik, izuduraz eta damuz txillio bi jaurtiki zituen.

 

XIV Mimoa

Tanagra-ko guardasola

 

       Horrela bada moldez eginiko bariletan tinkatua, buztinezko hariez trentzatua edo goritutako lurrezko ehunez ehotua, gibelaldean eguzkiaren kontra nauka bular oparozko neska gazte batek. Beste eskuaz artil zurizko soinekoa altxatzen du, eta bere sandale persiarren gainkaldean elektroizko eraztunez moldeaturiko orkatilak nabari zaizkio. Haren adatsa uhintsua da eta orratz haundi batek zeharkatzen du kokote gainetik. Burua itzultzean eguzkiaren bildurra nabari zaio eta badirudi Aphrodita etorria zaiola burua makurtzera.

       Horrelakoxea da nire anderea, eta antzinan hyazintoz jositako belardietan erraturik ibili ginen, bera mami arrosazkoa, eta ni neu lasto laruzkoa. Eguzkiaren kolore zuriak kanpokaldera makurtarazten ninduen, eta nire txapelaren pean makurtuta nengoen birjinaren adatsaren lurrinaren kariaz. Eta antzaldatzen duen Jainkosak jarein ninduelarik, jausten ari den uretako enararen antzera, hegalak zabaldurik, urmael baten erdian sortutako landare bat ferekatzera doanean, amoltsuki haren buru gainean pausatu nintzen; aidean, harengandik urruntzen ninduen zurtoina utzirik, haren txapel bilakatu nintzen, teila estalgarri dardaratia.

       Baina buztingile batek, neskatilen irudiak ere buztinez oratzen zekiena, hiriko paraje hits batetan begiz jo gintuelarik, igurikitzeko erregutu zigun eta instant batean hatsaz lurrezko iruditxo bat tankeratu. Forma arrunten egilea izanik, bere buztinezko mintzairan adierazi gaitu; eta egiazki, esku onez ehotu nau, eta artil zurizko soinekoa mailguki tolestatzen jakin izan du, eta ene anderearen adatsa uhintzen; baina, gauzen xedeari ez bait zitzaion ohartu, maite dudan buruarengandik ankerki bereiztu nau; eta guardasol bilakaturik ene bigarren bizitzan, ene anderearen kokotetik urrun kulunkan nabil.

 

XV Mimoa

Kinne

 

       Kinneren oroigarriz sagaratu dut aldare hau. Hemen aparra irabiakorki dabilen harkaitz beltzen ondoan, biok erraturik ibili gara. Hareatza zulatuak badaki, eta kainaberadiak eta hondartzako ihiek, eta itsasoko lobelarrek. Bere eskuak magurio

farfailduez beterik zituen eta bere belarrietako kaikuak musuz betetzen nizkion.

       Irri egiten zuen goroldioetan pausatu eta buztanarekin zabuka egon ohi diren txori gondordunez. Bere begietan nekusan lur beltzarana itsaso urdinarengandik bereizten duen argizko lerro luze zuria. Bere oinak orkatiletaraino bustitzen zituen eta itsasoko mamutxoak bere soineko gainera egiten zuten salto. Maite genuen arratsaldeko artizar distiratsua eta hilgora hezetsua. Ozeanoa zeharkatzen duten haizeteek espeziedun lurraldetako lurrina zekarkiguten. Gatzez zuriturik genituen ezpainak eta uretan lanpara bizidunak bailiran argi egiten duten animalia transparente eta bareei so egon ohi gintzaizkien.

       Aphroditaren hatsak inguratzen gintuen. Eta ez dakit zer dela eta Jainkosa onak lokarterazi duen Kinne, hareetako lobelar laruen artean zerraldo erori zen, goizeko izarraren dizdira larrosetan. Ahotik odola zerion eta bere begietako argitasuna itzali egin zen. Haren betazal artean ikusi ahal izan nuen, eguzkitan poztutzen diren gizakume ta zingira ertzetan nigar dagiten emakumeen artean bereizketa markatzen duen marra luze beltza. Orain Kinne, lurpetako erriberetan bakarrik dabil, eta bere belarrietako kaikuak hegan dabiltzan itzalen zaraten oihartzun ozenez beterik dauzka, eta hareatza infernutiarraren gainean lobelar goibel burubeltzak kulunkatzen ari dira, eta Persephone-ko zohardi iluneko izarrak ez du ilunabarrik ez oilariterik; asphodelo lore zimelduaren eitea du Kinn-ek.

 

XV* Mimoa

Sisme

 

       Hor iharturik ikusten duzun hori Sisme zeritzan, Thatta-ren alaba. Estreina erleak eta ardiak ezagutu zituen; gero itsasoko urgatza dastatu zuen; azkenik merkatari batek eraman zuen Syriako etxe zurietara. Orain iruditxo bitxi baten antzera bere harrizko kutxan hertsirik datza. Konta itzazu haren behatzetan disdiratzen duten eraztunak; horiek adina urte osatu zuen. Begira haren bekokia lotzen duen benda: hor hartu zuen lotsati bere lehen maitasun muina. Uki ezazu harribitxiaren izar zurbila bere bular zirenen gainean datzana: hor pausatu zen haren maitea. Sisme-ren ondoan ezarri zituzten, bere mirail distiragabea, bere zilarrezko hezurñoak, bere adatsa zeharkatzen zuen elektroizko orratz galanta; zeren hogei urteren buruan (hogei eraztun daude), altxorpean hilobiratu zuten. Gizon aberats batek emakumeek kutiziatzen duten guzia eman zion. Sisme-k ez du ahaztu, eta bere hezurño zuriek ez dute harribitxirik astantzen. Alabaina haundikiak hilobi hau eraiki zuen bere heriotz xeratsua babestearren, eta lurrinezko ontziz eta urrezko malkontziz inguratu. Sisme-k eskerrak ematen dizkio. Baina zuk, ukendutako bihotz baten sekeretuak jakin nahi badituzu, aska itzazu esku eskerreko falanjetxoak: beirazko eraztun arrunt bat kausituko duzu. Hori maite du Sisme-k. Zaude ixilik eta konpreni ezazu.

 

XVI Mimoa

Hiletako esku-ikusiak

 

       Lysandro-ren hilobian zumezko azpil berde bat, kriseilu gorri bat eta zilarrezko edontzi bat ezarri ditut.

       Azpil berdeak une batez (zeren urtaroren batean xahutuko bait da) gure adiskidantza gogoratuko dio, bazka belar berdea, bazkan ari diren ardien bizkar arkotua, eta elkarrekin lokartu genueneko itzal freskoa. Eta lurreko elikadurez oroituko da, eta anphorak elikagailuz hornitzen direneko neguez.

       Kriseilu gorria, eskuak loturik eta hankak trentzaturik dantzan ari diren emakume biluztuez apainduta dago. Olioaren usainaz lurrunduko da buztina, eta hartaz egina dagoen kriseilua, apurtuko. Horrela bada, Lysandrok ez du berehala ahaztuko, lurpeko bizitzan bere gau zoriontsuak eta lanparadiak argitu zitueneko gorputz zurizkarak; eta gainera berau erabilia izan zen bere mihi goriarekin beso eta izterretako biloak kentzeko, ukimen eta ikusmenaren plazer haundienaren faboretan.

       Zilarrezko edontzia pujaz eta urrezko mahatsmordoz koroaturik datza; Jainko zoro batek bere thyrsoari daragio eta badirudi Selene-n astoaren muturrak oraindik usain dagiela. Ardo garratzez beterik egon zen, hutsa eta nahasia; ahuntzen larruz lurrinduriko Chios-ko ardoez, eta buztinezko ontzietan aidean zintzilik freskaturiko Egin-eko ardoez. Lysandrok bertatik edan izan zuen bertsoak errezitatzen zitueneko oturuntzetan eta ardoaren arimak poesiaren demonioa sarrarazi dio eta lurreko gauzen ahaztea. Horrela demonioaren eitea bere ondoan luzaroan oraindik biziko da; eta azpila usteldu dadinean eta lanparadia apurtu, iraungo du zilarrak bere hilobian. Aileza maiz hustu ahazteaz beteriko edontzi hau gure artean gozatu zuen mementu ederren gorazarrez!

 

XVII Mimoa

Hermes psychagogos

 

       Hildakoak harri landuzko sarkophagoetan hobiratuak izan daitezela, edo lur ala metalezko urna-sabeletan gordeak, edo zutik, urrez edo urdinez pintatuak, buru muin eta hestez hustuak, lihozko benda istuez lotuak. Multzoka jarraitzen zatzaizkit eta haien urratsak gida makilez zuzentzen ditut.

       Gizonek ikus ezin dezaketen bidezihor azkar batetik goaz aintzina. Gortesauak birjinen kontra presatzen dira, eta eraileak filosofoen kontra, eta amak haurgintza erreusatu zutenen kontra, eta apaizak biraolarien kontra. Ezen egindako hobenez damutu bait dira, dela gogoz egindakoez, dela eskuz eragindakoez. Eta lurrean libro izan ez direnez gero, legepean, usadiopean, edo oroimenaren menpe bizi izan zirelako, orain bakardadearen bildur dira eta elkar sostengatzen dute. Gizonekin

bilutsik harri lauzen gainean etzaten zen emakumeak, amodioaren irrika bizia ukan arren eztai aurretik hil zen neska gaztea kontsolatzen du; Aurpegia errautsez eta izerdiz zikinduta heriotza aldarrikatu zuenak pentsalari baten bekokian ezarri du bere eskua. Bere haurrak maitatu izan eta haiengatik pairatu duenak, bere gogoz antzu izandako prostituta baten altzoan makurtu du bere burua. Bere Jainkoagan sinestu uste, eta belaunikatzera bere burua behartu zuen soineko luzez jantzitako gizonak, bere hiritarkideen aurrean aragi eta izpirituzko hitzarmen guztiak urratu dituen zinikoaren sorbalda gainean nigar dagi. Horrela ba, bidean doazen bitartean batak bestea laguntzen du, oroimenaren uztarripean dabiltzala.

       Gero Lethe ibaiaren erriberara datoz non ezartzen ditudan ixilik darion ur korrontearen luzeran zehar. Eta batzuk pentsamendu txarrez beteriko buruak murgiltzen dituzte, bestetzuk esku gaizkileak. Zutitzerakoan, Lethe-ko urak haien oroitzapenak iraungi ditu. Bapatean elkarrengandik bereizten dira eta bakoitzak nork bere buruarentzat irrifar egiten du, libre delakoan.

 

XVIII Mimoa

Miraila, orratza, lobelar

 

       Miraila mintzo da:

       Langile batek artezki moldatu nau. Haseran bere eskuzuloa bezain hutsa nengoen, eta ene gibela begi globo huts baten antzekoa zen. Halako batez Athenek zuhurtziaren hatsaz biztu ninduen. Jakin badakit zer nahi duen ene jabe den neskatilak, eta aurretik polita dela diotsat. Alabaina gauez jeikitzen da, eta bere brontzezko lanparadia pizten du. Nigana sugarraren gandor doratua zuzendu eta bere kautan beste bisaia baten ahiduru da. Bere bekoki zuri berbera agertzen diot, eta bere masail tankeratuak, eta bere bular ondoko anpusdura hasera, eta kuriositatez beteriko bere bi begiak. Bere ezpain dardaratiak hurbiltzen zaizkit fereka zorian; baina urre goriak bere aurpegia bakarrik argitzen du, eta gainontzeko guzia enegan ilunpean datza.

       Urrezko orratza mintzo da:

       Ehunik aberatsena josten ari nintzenean Tyro-ko jopu beltz batek ebatsi ninduelarik, usain gozodun prostituta baten eskuetara etorri nintzen. Bere adatsetan sartu ninduen eta lotsagabeen eskuak eztenkatzen nituen. Aphroditak eskolatu nau eta zorroztu boluptatea dela medio. Azkenik neska gazte honen orrazkerara heldu naiz eta bere bihurrialdietan ikara ederrik eragiten diot. Txahal zoroaren pare jauzika dabil nire azpian, eta ez dakit nondik datorkion bere gaitza. Gauaren lau ataletan zehar burutapenak pizten dizkiot eta bere bihotza esaneko zaie. Lanparadiko sugar urduriak itzalak dantzarazten ditu. Egoera zorabiatsu honetan, abiadan datozkion ikuskizunak ikusten ditu, eta bere ispilura doa laster. Baina honek irrikak ematen dion aurpegi tormentatua baizik ez dio erakusten.

       Lobelar burua mintzo da:

       Lurrazpiko landetan jaio nintzen kolore ezezaguneko landare artean. Iluntasunaren nabardura oro ezagutzen dut; gau beltzeko lore distiratsu oro ikusi dut. Persephone-k bere magalean eduki nau, eta lokartu egin naiz. Aphroditaren orratzak neska gaztearen jakinmina zirikatzen duenean, etenik gabeko gauean erraturik dabiltzan formak erakusten dizkiot. Jadanik existitzen ez duten garaziz hornitutako mutil gazteak dira. Aphroditak badaki horien nahikundeak ematen, eta Atheneak bere ametsen hutsala agertzen die hilkorrei; baina Persephonek adar eta marfilezko ate biren giltza misteriotsuak dauzka. Lehenengo atetik gauaren erdira jaurtikitzen ditu gizona izutzen duten itzalak; eta Aphroditak atzematen ditu, eta Atheneak akabatzen. Baina bigarren atetik Jainkosa Onak ongietorria egiten die Aphrodita eta Athenea-ren eskutik datozen gizon-emakumeei.

 

XIX Mimoa

Akme

 

       Bere eskuak nire ezpainen kontra nituen bitartean hil zen Akme, eta nigargileak ingurura zitzaizkigun. Hotza bere zangoetaz jabetu da, eta zurbil eta izotz bilakatu dira. Gero bihotzeraino heldu zaio, taupadak geldi eraziz, etzanik kausitu duten xoriaren antzera, hankak sabelaren kontra bildurik, egunsenti izoztu batez.

       Gero hotza bere ahoraino heldu zitzaion eta purpura ilun bilakatu.

       Eta negargileek Syriako ukenduz igurtzi zuten gorputza, eta bere hankak eta eskuak tolestatu, su metaren gainean ezartzeko. Eta sugar goriak berehala itsatsi zitzaizkion uda gauetako maitale izugarri baten antzera, besarkada beltzaileen poderioz irentsi beharrez. Eta ofizio hori duten gizon hitsek, zilarrezko bi ontzietan Akme-ren errautsak ekarri zituzten ene baitara. Adonis hiru aldiz hil zen, eta hiruretan emakumeak aieneka aritu ziren teilatuetan. Eta hirugarren urteburuan, festaburu gauean, amets bat ukan nuen.

       Iruditu zitzaidan nire Akme maitea oheburu ondoan agertu zitzaidala, ezkerreko eskua bular gainean zuela. Itzalen eremutik zetorren nonbait: zeren haren gorputza harrigarrikiro transparentea zen, eskua ipinita zeukaneko bihotzaren lekua ezik.

       Orduan oinazearen kariaz itzartu eta Adonisgatik nigar dagiten emakumeen antzera deitoratu nuen.

       Eta logurearen lobelar garratzek lokartarazi ninduen. Eta berriro uste izan nuen nire ohe ondoan, nire Akme maiteak bere bihotzaren kontra eskua sakatzen zuela.

       Orduan deitoratu nuen berriro eta ametsen zaindari ankerrari eutsi zezala erregutu nion. Baina hirugarren aldiz azaldu zen eta buruaz zeinu egin. Eta nondik-nora gabeko bide batetik zehar gidatu ninduen hilen zelaira, zeina Slyx-en gorri urtsuak inguratzen duten. Eta han, bular gainean zeraman eskua zabaldu zuen. Alabaina, Akmeren itzala transparentea izan arren esmeralda berdearen pare, haren bularrean bihotzaren eitea duen orban gorri bat ikusi ahal izan nuen. Eta mintzorik gabe erregutu zidan bere bihotz odoldua hartzeko, Siziliako lurretan gari landak bezala infernuetan uhinkatzen diren lobelar landetan zehar erratuki ibil zedintzat.

       Orduan nire besoz inguratu nuen, baina haize sotila besterik ez nuen atzeman. Eta bazirudien nire bihotzera odola zetorrela; eta Akmeren itzala erabat transparente bilakatu zen desagertzeraino. Orain bertsuok ditut idazten, ene bihotza Akmeren bihotzez anpusturik bait dago.

 

XX Mimoa

Datorreneko itzala

 

       Persephone-ren tenploko zaindarisa txikerrak lobelar bihiez hornitutako eztizko pasteltxoak ezarri ditu saskietan. Aspaldidanik daki jakin Jainkosak ez dituela dastatuko, zutabe atzetik zelatan egona bait da. Jainkosa onak ez du bere seriotasuna galtzen eta lurrazpian jaten du. Eta gure jakiez elikatuko balitz, nahiago luke baratxuriz igurtzitako ogia eta ardo ozpina; zeren erle infernutiarrek mirraz lurrindutako eztia egiten bait dute, eta lurrazpiko zelai ubeletako pasiatzaileek lobelarrak astintzen dituzte etengabe. Horrela ba, ilunpetako ogiak enbalsamatuen gustoa du eta mami barnean datozen bihiek logura ematen dute. Hori dela eta Homero hark zioenez, hildakoak, Odyseu-ren ezpatapean daudenak, saldoka zetozen lurrean zulatutako luebaki batetara bildotsen odol beltza edatera. Eta oraingo honetan hildakoek bakarrik odola xurgatu dute, berpiztu asmoz: baina gehienetan hiletako eztiz ase ohi dira eta lobelar ilunez eta haien zainetatik darion likidoa Lethe-ko ura da. Itzalek loa irentsten dute eta ahaztura xurrupatzen.

       Hau dela eta, gizakumeek Persephone-rentzat opariok aukeratu dituzte; baina hari bost axola, zeren ahazturaz beterik baitago eta logurez gainezka.

       Persephone-ren tenploko zaindarisa ttikia itzal bakarti bati itxoiten ari zaio, agian gaur helduko dena agian bihar, agian sekula. Itzalek bihotz maitekor bat gorde badute lurrean neska gazteak bezala, itzal honek ezin izan du ahaztu ahaztearen ibaiko ur goibelaren kariaz, ez eta lokartu loaren landako lobelar tristeen kariaz.

       Baina ahaztu nahi luke zalantzarik gabe, lurtiar bihotzak ohi dutenez. Orduan arrastiri batez helduko da, hilargia goian dadineko, eta Persephone-ren saski onduan geldi geldituko. Tenploko zaindarisarekin batera lobelar bihiez nahastutako pasteltxoak zatitu eta bere esku zuloan Lethe-ko goibel pittin bat emanen dio. Itzalak lurreko lobelarrak dastatuko ditu eta neska gazteak ur infernutiarra edango; ondoren bekokian elkarri muin eman eta itzala itzalen artean eta neska gaztea gizakumeen artean zoriontsu izanen dira.

 

Epilogoa

 

       Daphnis eta Chloe-k hontzak bezala iratzarturik pasa zuten gau luzeak Persephone argitsuarengana helarazi zieten. Maitaleen Jainko errukiorrak garaiz igorri zien heriotza, haur zintzoen antzera. Ninphen edo Pan-en edo Zeus-en bildur zen. Oilariteko loan zeuden bitartean hegaldarazi zituen haien arimak; eta, Hades-eko erresumara heldu ziren, eta, purifikaturik, infernutiar zingira zikindu gabe zeharkatu zuten, igelen kroakadak somatu zituzten, Zerbero-ren mutur gorrien zaunka hirukoiengandik ihes egin zuten. Gero, asturuen ilunabarrak doi-doi argitzen dituen zelai itzaltsuetan, itzal zuri biak eseri eta lore horiak jaso zituzten, eta hyazinthoak; eta Daphnis-ek asphodelozko trentza bat ehotu zuen Chloerentzat. Baina ez zuten jan Lethe-ko erriberetan hazten den lotus urdina, ez eta edan oroitzapena ezabatzen duen urik. Chloek ez zuen ahaztu nahi. Eta Persephone erreginak suzko zola izotzezko sandaliak eman zizkien ibai gorrietako suzko korrontea zeharka zezaten.

       Alabaina, lurrazpiko lore hori haundi, urdin eta zurbilen artean egonagatik, Chloe gogait eginik zegoen. Belardi ilun haietan gaueko ximeletak besterik ez zuen ikusten, txit motelak, zeinen hegal beltzak kurutze odolduez ebakirik zeuden. Daphnis-ek animalia gautiarrak besterik ez zituen ferekatzen, zeinen begiek hilargiaren distira zuten, zeinen ilea xaguzaharrena bezain xuabea zen. Chloe, baso sagaratuetan uluka ari diren hontzen bildur zen. Eguzkipean gauzak duen zuritasunaren irrika zeukan. Lethe-ko urertzetan ez bait zuten beren muturra sartu, oroimena gordetzen zuten; biziaz nigar zegiten eta Persephone-ren ontasunari otoi.

       Eta ametsak Erebe-ko marfilezko atetik ilkitzen direnez gero, itzalen loa ametsik gabekoa da. Usadioz, oroimenik gabe daudenez gero, haien buru hutsal eta arinak ezertarako ez dira gauza ezpada Tartaro inguratzen duten itxurarik gaueko aieneak jaurtikitzeko; baina Daphnis eta Chloek izugarri sufritzen dute beren iragan bizitzako oroitzapenak lo dauden bitartean ezin gauzaturik.

       Errukitu zen haietaz Jainkosa ona, eta Arimen Gidariari kontsola zitzan agindua eman. Gau urdin batez, ametsen bidez engaina iduri egin zien; eta gure betazal aurretik Erebe-ko ate zurbiletik iheska, zabuka, hegalka, oihuka, irrika, edo nigarka, pasatzen diren izaki nabarren artean Daphnis eta Chloe, elkarren kontra hertsiki loturik, Lesbos-eko irla ikustera itzuli ziren.

       Itzala urdinzkara zen, zuhaitzak klaroak, xara argitsua. Ilargiak urrezko ispilua zirudien. Han isladatu zen Chloe izarren koilarez inguratua. Urrutiago Mitylene zutitzen zen, nakarezko huri bat iduri. Marmorezko zenbait iduriek, etzanik ihintza zuten edaten. Haien adats bihurriek belarretan distira egiten zuten, horiz tindaturik. Aidean argi lauso batek dardar egiten zuen.

       — Horratx! —diotsa Chloe-k—, non da eguna? Eguzkia hilik ote? Daphnis eneñoa, nondik nora goaz? Ez dut bidea ezagutzen. A!, ez da animaliarik ikusten, Daphnis, abiatu gareneko galdu dira.

       Eta Daphnis-ek erantzuten dio:

       — O Chloe, berriro erratuki gabiltza, belardietako loan edo estalpeko atseginaldietan gure begininietara zetozen ametsak bezala. Gure kaskoa hutsik dago lobelar helduaren lora legez. Gure eskuak gaueko lore eternalez beterik dauzkagu. Asphodeloz inguraturik duzu bekokia, eta zure golkoaren kontra daramazu Zoriontsuen irlan sortzen diren lora gakodunak. Agian hobe ez gogoratzea.

       — Baina orain gogoratzen naiz, Daphnis eneñoa —diotsa Chloe-k—. Nynphen harpeetara daraman bidea zelai honen pare doa. Ezagutu berri dut eserita egon ohi gineneko harri lauza. Ikusten duzuia hainbeste izutu gintuen otsoa agertu zeneko basoa? Hemen, estreineko aldiz trentzatu zenidan zigalentzat kaiola bat. Han, sastraka hartan, atzeman zenuen zigala zaratatsu bat niretzat, eta nire adatsetan katiatu, non etengabe kantuan aritu zen. Aintzinako Athenatarren urrezko zigalak baino ederragoa zen kantuan aritzen bait zen. Nahiko nuke beste bat.

       Eta Daphnis-ek erantzun zuen:

       — Zigalek eguerdian ekiten diote, haizeak zauri gisako zuloak egiten dituenean galondoen bihotzean, zurtoin berdedun zikutak bere aterki zuria hedatzen duenean freskura bila. Orain lotan daude eta ezingo nuke topa. Baina begira, Chloe, Pan Jainkoaren leizea; eta orain erreparatu dut zure gorputz bilusia urduri ikusi nueneko aintzira; eta handik hurbil lehen musua eman zenidaneko xara, neguan xederak zabaltzen nituen bitartean zure zelatan egon nintzenekoak, eta zuk, goiko aretoaren erdian, anphora haundietan gordetzen zenituen fruituak.

       O Chloe, etxearen arrastorik ez da agertzen, eta otso-lizardia bakardadean datza, oilagorrak eta erregetxoak gehiago ez datza, eta Persephone-k gure arimako sugarra itzali egin du.

       — Horra, dio Chloek. Lore purpura berri baten gainean lotan zetzan erle bat atzeman berri dut. Behatu dut: zikina eta zatarra da, bere sabeleko zirkulu beltzak ez zaizkit laket. Sartu berri dut behatza ezti erlauntza batetan, eta eztiaren lurrun guztia bapatean xahutu da. Ez dut gehio eztirik nahi.

       — Chloe, emaidazu musu bat, dio Daphnis-ek.

       — Horra, eneñoa.

       Eta itzal zuri biak urduritu ziren hitzegiteko ausardirik gabe. Zeren haien musuak eztenik ez zuen, ez eta usai basatirik; eta artalde, ahuntz, xori eta zigalekiko kutizia urrituaz zihoanez haien bihotzetan, elkarren gorputzak ukitzearen plazerrak ez zien harrezkero kilikatzen.

       — O Chloe, hemen hartu genituen gazta gurintsuak zumezko saski berdeetan.

       — Eta orain, gazta ez dut ia gogozko ere, ene Daphnis.

       — O Chloe, hemen bildu genituen gure azken urteko lehen bioletak.

       — Eta orain, bioletak ez zaizkit ia gogozko ere, ene Daphnis.

       — O Chloe, begira lehen musua eman zenidaneko basotxo hori.

       Eta Chloek, bere burua itzuliaz, ez zuen deus erantzun.

       Orduan, ixilik, beren baitan madarikatu zuten gauza guziak arrenkuraz tindatzen dituen gaua. Eta Arimen Gidariari otoi egin zioten, arren haien bila etortzeko berriro, Erebe-ko ate zurbiletatik zehar eraman ziezaten asphodelo zelaira non oroimenaren oinaze samurra bait zuten.

       Baina Jainkosa Onak entzungor egin zien. Makurturik gelditu ziren, bakoitza bere harrizko irudien artean.

       Gau urdina doi-doi urreztatu zeneko, arraun hotsa somatu zuten, erribera aldetik. Burua altxatu zuten, marinel lapurrak ikusi ustetan, zeintzuk Lesbos-en hegialdeko bazter guziak ebasten bait dituzte, eta arraunkada bakoitzean oihu sendo bat jaurtikitzen: rup-pa-pai.

       Alabaina, bruma fin bat besterik ez zegoen arren, ez zuten untzirik ikusi. Baina, hondartza aldeko olatuetan bitsa sortzen zuen oihartzun ikaragarri bat entzun zen.

       — Pan Jainkoa hil da! Pan Jainkoa hil da! Pan Jainkoa hil da!

Orduan Aritylene-ko huri nakaratua suntsitu egin zen, eta harrizko irudiak oro erori, eta irla beltz bilakatu, eta iturburuetako ira txoek ihes, eta zuhaitz bihotzetatik, landare muinetatik, lore orrietatik, Jainko txikiak ilki ziren, eta ixiltasuna hedatu marmol zatien gainetik.

       Daphnis eta Chloe-ren itzalak ezabatu egin ziren, bat batean zaharkituak, eguberriz; eta Jainkosa Onak, zeinen boterea deusestatua izana zen, berarekin eraman zituen belardien gaindik iheska zihoan bitartean Jainkoak erretiratzen diren eskualde ezezaguenera. Bere hatsez ernaldu zuen Lesbos, eta Azul erazi lurrera Daphnis eta Chloe; zeren irla, zeharkatzen duten ubideen artean, ugaritutako haien arimaz estalirik bait dago, hainbat dira hobiratutako haien bihotzetik sortu diren ereinotz eta zume berderakoiak.