3. Ez da egiazki jasankor, berak nahi duenaren ganik eta berak nahi duen negurrian baizik jasan gogo ez duena. Egiazki jasankor denak, ez du behatzen laidoa edo atsegabea noren ganik duen: duen hau bere nagusia, bere heinekoa ala bere azpikoa; ala den gizon zuzen edo makurra. Jasankorrak, edozoin eta nahi bezanbat atsegabe gerta dakion eta edozoinetarik jin, guziak berdin gogotik eta eskerrekin hartzen ditu Jainkoaren eskutik, eta handizki irabazitan dela iduritzen zaio; Jainkoak ez du ezen saririk gabe utziko atsegabetarik den ttipiena, harentzat jasana izan bada.
4. Gudukatzeari erne zaude beraz, garaitu nahi baduzu. Gudurik gabe, pazientziari zor zaion sarirat ez zitazke hel; deusik ez baduzu jasan gogo, saria duzu ez nahi. Saria nahi baduzu beraz, guduka gizonki, jasan iraupenekin. Lanik gabe, ezin dukezu pausarik; ez eta garairik, gudurik gabe.
5. ARIMAK. Graziaren bidez errex ezadazu, Jauna, jitez ezin egin dezaketana. Zoin guti jasan dezaketan badakizu; bai eta zoin laster dutan etsitzen, den gaitz-biderik ttipiena jiten zaitanean. Edozoin atsegabe zure gatik maitagarri eta gutiziagarri bekit: zuretzat laido eta nahigabe jasaitea on baino hobe baitut, nere arimaren salbatzeko.
20. KAPITULUA
Nork bere ahuleziaren aithortzeaz,
eta bizi huntako nahigabeez.
1. ARIMAK. Nere hobena aithortuko dautzut, Jauna, aithortuko ere ba nere ahulezia. Ardura ezdeus bat aski dut histeko eta etsitzeko. Lehia badut orai bertutean gogor egoiteko, bainan sarri, tentazionerik ttipiena jin den ber, herstura handi baterat aurtikitzen nu. Ardura gauzarik ttipienak, ezdeuskeria batek indarrean baderamakit gogoa gaizkirat. Eta deus ez dutalarik hautemaiten ni baitan; guti edo aski atherbean nagolarik nere ustez, horra haizexka batek aurtikitzen nuela kasik.
2. Behozu bada, Jauna, nere ezdeustasunari eta hoinbertze ageri den nere ahuleziazko ezin-ihardukiari; urrikal zakizkit eta athera nezazu lohitik, ez nadin han leporaino sartua sekulakotz geldi.
Ardura histen nuena eta ahalgetzen zure aitzinean, da ikustea zoin erorkor nizan eta nere azturer ihardukitzeko zoin malet. Eta aztura hoier baimen osorik ez emanik ere, hoien jasaitea bizkitartean dorpe zait eta akitgarri, eta hoiekin bethi borroka bizitzeak nardatzen nu.
Huntarik zait nere herbailkeria hobekienik ageri: gogoeta ahalgegarriak jiten baitzaizkit, urruntzen zaizkitan baino errexkiago.
3. O Israelgo Jainko guziz azkarra, giristinoen arimak hain samurki maite ditutzuna, beha zozute othoi zure zerbitzariaren lanari eta griñari, eta bere behar-ordu guzietan hel zakizkio.
Zerutik igor ezadazu zure indarra, gizon berriari nagusi ez dakion zaharra; ez eta arimari, oraino osoki bere meneko ez daukan gorputz lerrakorra, gorputz horri beharko bainiz jazarri, bizi dohakabe huntan hatsa dueno. Zer othe da zorigaitzezko bizi hau, nondik-nahi atsegabez eta kurutzez bethea, alde orotarik artek eta etsaiek inguratua den bezalako hau? Atsegabe bat itzal, bertze bat dathor abian; eta maiz lehenarekin borroka ari nizalarik, huna non dutan bertze andana bat uste gabean heldua gainerat.
4. Hoin kiretsa, hoinbertze zorigaitzez eta nahigabez bethea izanki-ta, bizi hau nola ditake bada maita? Hoinbertze heriotze eta izurriteen ithurburua, nola deitzen othe dugu ere bizia? Bizi hau bizkitartean hanitzek maite dute eta beren atsegina bizi huntan bilhatzen.
Mundu hau zoin ezdeusa den eta enganakorra maiz artzen gira erraiten, bizkitartean ez diogu uko egiten errexki, jaidura tzarrak nagusituegiak ditugulakotz. Gauza batzuek munduaren maitatzerat geramatzate, bertze zonbaitek aldiz erdeinatzerat. Gorputzaren nahikeriek, begietako atseginek eta bizitzeko urguluak munduaren maitatzerat deramate; baiñan, zuzen bezala, hoier darraizkoten atsegabeek eta bihozminek munduaren hastiatzerat eta higuintzerat.
5. Bainan ondikotz munduari datxikon bihotzaren barnean atsegin tzarrak dira nagusitzen, lore xoragarri baitauzka han bildu arrantzeak, zeren ez duen ikusi ez jastatu Jainkoa zoin den gozoa, eta zoin maitagarria bertutea.
Mundua osoki erdeinatzen dutenek eta Jainkoarentzat sainduki bizitzerat lehiatzen direnek, Jainkoa zoin den gozoa badakite segur, Jainkoak munduari zinez uko egiten dutener hitzemanaren arabera; eta ezin hobeki ohartzen dira mundua zoin itsuski eta zonbat gisaz den enganatzen eta duen enganatzen.
21. KAPITULUA
Jainkoa baitan behar dela egon,
bertze ontasun guzien gainetik.
1. ARIMAK. Nere bihotza, gauza guzien gainetik eta gauza guzietan, goxa zite bethi Jauna baitan, hura bera da ezen Sainduen bethiereko gozoa.
O Jesus, guziz ezti eta amultsua, egizu zu baitan kausi ditzatan nere ona eta bakea oroz gainetik ohore eta ospe, osagarri eta edertasun guzien gainetik; kargu eta nagusitasun, jakitate eta argi guzien gainetik; antze eta aberastasun, atsegin eta bozkario guzien gainetik; laudorio eta aiphamen, kontsolamendu eta gozotasun guzien gainetik; esperantza eta agintza, merezimendu eta gutizia guzien gainetik; ixur eta eman ditzazketzun emaitza guziengainetik; asma eta har ditzazkegun zorion guzien gainetik; azkenean aingeru eta zeruko oste guzien gainetik; ikus eta ezin ikus ditazken izaite guzien gainetik; hots, zutaz bertze guzien gainetik, o nere Jainkoa.
2. Ezen, nere Jainko Jauna, zu zira guzietarik hoberena; zu xoilki guziz gora, zu xoilki guziz boteretsua; zu xoilki zuhaurentzat aski zirena eta nehoren beharrik ez duzuna; zu xoilki guziz amultsua eta gozoa; zu xoilki guziz aberatsa eta maite gitutzuna; zu xoilki guziz handi eta ospegarria; zu baitan dira ontasun guziak batean eta osoki; zu baitan izan dira ontasun guziak eta izanen bethi: hortakotz, zutaz emaiten dauzkitatzun bertze guziak ez zaizkit aski edo ttipiegi zaizkit; eta zure buruaz agertzen dauzkitatzunak eta agintzen, ez zaizkit aski, ez balin bazitut ikusten zu eta osoki neretzen.
Nere bihotzak ezen onik ez duke zinez eta ez ditake osoki goza, non ez den zu baitan kokatzen, bai eta, ukantza eta kreatura guziez gorago, zure ganat altxatzen.
3. O Jesus, nere adiskiderik minena, garbikienik maite nuzuna, mundu guziaren jabea eta nagusia, nere lokarriak nork hautsiko dauzkit, hegalak nork emanen, zuri buruz hegaldatzeko eta zu baitan kokatzeko? Noiz duket, nere Jainko Jauna, xoilki zuri so egoiteko eta zoin gozoa ziren ikusteko zoriona?
Noiz othe niz ni baitan hainbertzetaraino bilduko non, zu maitez nere buruari ez bainiz ohartuko ere, bainan zu xoilki baitzitut gozatuko, nehork erran ez dezaken eta askok ezagutzen ez duten moldez?
Intziraka nago maiz orai eta nere atsegabea hasperenka deramat nigargarriko haran huntan gaitz frango gertatzen baita, maiz nahasten, histen eta ilhuntzen nutenak. Gaitz hoiek nute ardura trabatzen eta barreiatzen, beren ganat hurrupatzen eta saretan sartzen, hola zure ganat jiterat ez bainute uzten eta dohatsuentzat dauzkatzun besarka gozoak khentzen baitauzkitate.
4. Nere auhenek eta jasaiteko dutan gaitz andanak hunkiren zituzte agian, o Jesus, bethiereko ospearen iguzkia, mundu huntako arimen kontsolatzalea. Nere ezpainak mutu daude zure aitzinean; ixil daudelarik hek, nere bihotza zaitzu mintzo.
Nere ganat jiterat-noiz arte beranduko du nere Jaunak? Bethor ni ganat, ni bere zerbitzari gaixo gaixoaren ganat, eta bozkarioz bethe nezala. Bere besoa heda biezat, eta, nizan dohakabea, herstura guzietarik nezala khen.
Zato, zato: zu gabe ez baituket ez egun bat ez oren bat alegerarik, zu baitzira nere zoriona eta zu gabe nere mahaina hutsik baitagoke. Zure begitartearen argia nere azkartzerat, zure arpegi maitagarria nere lokarrien hausterat heldu ez deno, atsegabetan niz, presondegi batean oinak burdinez trabaturik bezala.
Zu utzirik, nahi dutenaren ondotik ibil bedite bertzeak; nik, asteko, ez dut deusik maite ez nehoiz maitaturen zutaz bertzerik, zu nere Jainkoa, nere esperantza, nere bethiereko salbamendua. Ez niz ixilduko, ez othoitzetik baratuko, zure grazia berriz itzuli arte ni ganat eta zu nere bihotzari mintzatu arte.
JESUSEK. Horra non nizan zure ganat jina, deitu nuzulakotz. Zure nigarrek eta zure arimaren nahikariek, zure umiltasunak eta bihotzeko urrikiak hautsi nute zure alderat eta jautsi zu ganat.
5. ARIMAK. Deitu zitut, Jauna, eta zutaz gozatzea dut gutiziatu. Guzien oinkatzerat nago zure gatik: zure bilhatzerat zuhauk bainuzu hertsatu lehenik. Milesker beraz, Jauna, zure urrikalmendu nasaiaren arabera zure zerbitzariarentzat hain ona izan zirelakotz.
Zure zerbitzariak zer duke egiteko, bere bekatuez eta ezdeustasunaz orhoituz zure aitzinean are gehiago aphaltzeaz bertzerik? Alabainan zeru-lurreko ikusgarri guzietan zure idurikorik ez da.
Zure obrak guziz onak dira, zuzenak zure jujamenduak; guziak zuk eman bizipidetik dabiltza. Ohore beraz zuri eta ospe, o Aitaren zuhurtzia; nere mihiak, nere bihotzak eta izaite guziek benedika bezitzate eta gorets menderen mendetan.
22. KAPITULUA
Jainkoaren emaitza nasaiez orhoitzeaz.
1. ARIMAK. Zure legeari, Jauna, idekotzu nere bihotza, eta zuk manatuer jarraikitzen erakats ezadazu. Egizu zure nahia ezagut dezatan, eta zuk niri eman guziez orhoit nadin jauspen eta gurbiltasun handienarekin, hola behar bezalako eskerrak bihur dietzatzutan.
Badakit ordean eta aithortzen dut zuk egin emaitza ttipienarentzat ezin ditzaketzutala zor zaizkitzun eskerrak bihur. Zuk eman ongi guziez aphalago niz biziki zure handitasunari so nagolarik, nere gogoa zorabiatzen da.
2. Gorputzean eta ariman ditugun guziak, soin-barnean eta axalean, jitez ala graziaren bidez ditugunak oro, zuk emanak ditugu; eta zure ongi-egin guziek erakusten daukute zoin ziren ona, zoin bihozbera, zoin esku-zabala, zu gure ontasun guzien ithurburua.
Oro, arren, zu ganik dathotzi, batek gehiago, bertzeak gutiago ukan badute ere; zu gabe ezin gitazke ontasun ttipienaren jabe. Gehiago ukan duena ez ditake bere merezimenduez urgoi; ez du zeren bertzeek baino gorago altxa burua, ez eta gutiago ukan duena tru a: handiagoa da ezen eta hobea bere buruari merezimendu gutiago emaiten duena eta zuri eskerren bihurtzen guzien artean umilkienik eta khartsukienik ari dena.
Bere burua guzietarik herbailenarentzat eta tzarrenarentzat daukana ditake ukantza handienen gehienik gai.
3. Ontasun gutiago ukan duenak ez du behar histu eta khexatu, ez eta hak baino gehiago ukan duenaz bekaiztu; behar du aitzitik are gehiago bere gogoa zuri buruz altxatu eta zure onezia goretsi, zeren ditutzun hain nasaiki, gogotik eta urririk zure emaitzak egiten, nehoren alderako berexkuntzarik gabe. Oro zu ganik dathotzi, eta beraz orotan gorestekoa zira.
Badakizu zuk nork zer duen on; ez da guri ikertzea, bainan ba zuri, hunek zergatik duen guti eta hanitz hak, zuhauk dakizunaz geroz bat-bederaren merezimenduen berri.
4. Hortakotz, Jainko Jauna, dohain berezi daukat neretzat, ez baitautazu jendeen laudorio eta ohorez estal nindezaken axaleko lilluragarririk deus eman. Bai segur, bere buluziari eta ezdeusari ohartzen dena, ez dagoke neholere hits, ilhun, etsian; boztea duke hak eta arraitzea, izaitekotz; ezen jende herbailak, umilak eta munduak zangopean dauzkanak, zuk, Jainko Jauna, hautatu ditutzu adiskide eta zerbitzaritzat.
Zure Apostoluak hor ditugu lekuko, munduaren buruzagi zuk ezarriak. Errangurarik gabe bizi izan dira lur gainean, hain xume eta aphal, maltzurkeria eta enganio guzietarik hain garbi non, zure gatik laidoen jasaitea atsegin baitzitzaioten, eta munduari higuin zaiona amultsuki baitzuten hartzen.
5. Zu maite zituena eta zure ongien berri dakiena, deusek ez du hainbertze bozkariatu behar, nola zure nahiaren eta hartaz ditutzun xedeen bethetzeak. Halako atsegin eta zoriona baduke bide hortarik non, batzu handi-mandi izaiteaz tirriatzen diren bezala, hura ttipi izaiteari berdin gogotik baitago, lehen mailean bezain alegera eta zoriontsu azkenean; non berdin gozoki bizi baita laido eta eskarnioen pean, izenik ala omenik gabe, nola bertze batzu ohorez eta karguz gaindian. Zure nahia ezen eta zure ospearen amodioa guzier nagusi behar da; ohiko eta geroko ukantza guziek baino atsegin eta zorion gehiago behar diote eman.
23. KAPITULUA
Bake handia dakarten lau bideez.
1. JESUSEK. Nere haurra, erakatsiko dautzut orai bakearen eta egiazko libertatearen bidea.
ARIMAK. Diozuna egizu, Jauna. Zure entzutea goxo zait.
JESUSEK. Lehia zite, nere haurra, ez zurearen, bainan bertzeen nahiaren egiterat. hauta bethi gutiren ukaitea, hanitzen baino. Har bethi azken maila eta bertze guzien azpiko jar. Egin othoitz bethi eta gutizia, zu baitan egin dadin Jainkoaren nahi guzia. Hola ari dena, bakearen eta soseguaren bidean sartua da.
2. ARIMAK. Zure solas labur horrek, Jauna, gizonaren hobetzeko badauka indar handi. Solas laburra, bainan mamitsua eta ondorioz aberatsa. Begira ahal baneza leialki, ez nintazke hain errexki asaldatu behar. Nere burua khexu eta ilhun sendi dutan aldi oroz, erakaspen hoitarik baztertu nizala ohartzen niz. Bainan zuk, guzien egiteko ahala daukazuna eta bertutean aitzina nadin nahi duzuna, emenda zazu ni baitan zure grazia, zuk errana osoki obra dezatan eta nere salbamendua burura.
3. Gogoeta tzarren ohiltzeko OTHOITZA.
Nere Jainko Jauna, ez othoi nitarik urrunt; nere Jainkoa, laguntzerat zatozkit laster: gogoeta asko eta izialdura bat gaitza sortu baitira ni baitan, nere bihotza leherturik eta nahasirik daukatela. Osorik nola atherako niz hortik? Nola gairaturen ditut?
Ni, duzu erran, ibiliko niz zure aitzinean eta lurreko handi-mandiak aphalduren ditut. Presondegiko atheak zabalduren ditut eta erakutsiren dauzkitzut ihes-biderik gordeenak.
Diozun bezala egizu, Jauna, eta zure aitzinean suntsi bedite gogoeta lizun guziak. Nere atsegin eta esperantza bakharra hauxe da: atsegabe guzietan zure ganat ihes egitea, zuri bermatzea, bihotzaren erditik zure othoiztea, eta zure kontsolamenduen aiduru pazientziarekin egoitea.
4. Adimenduaren argitzeko OTHOITZA.
O Jesus ona, nere bihotzerat ixur zazu zure argia, estalirik daukaten hedoi beltzak urratuz. Hezkitzu, Jauna, nere ehun gogoeta barreiatuak eta urrunt othoi nitarik leherturik naukaten guduak. Altxa zazu nere alde zure besoa, ehozkitzu ni baitan orrobiaka xutituak diren azturak: zure indarrari esker bakea bil dezatan, eta nere bihotz garbituak nasaiki ditzan zure laudorioak kanta.
Mana zozute haizeari eta zirimolari: «jabal hadi», errozu itsasoari; «geldi hadi», haizeari; eta jabaldura handi bat eginen da.
Igor othoi zure argia eta egia, lurraren gainean distira dezaten; ezen, lur agor eta ilhun baten pare nago, zuk argitzen ez nuzuno. Zure grazia gainerat ixur ezadazu eta zeruko ihintzaz busti nere bihotz-xoko guziak: hedazkitzu ur gizenak lur kazkarraren zohitzeko, uzta on eta salbagarria eman dezan. Nere bihotz, bekatuen haztak lehertua daukan hau, altxa zazu; zeruko gauzer lot, othoi, nere gutizia guziak: zeruko zorionaren gozoa jastaturik, lurreko zerez orhoitzea bera hastia dezatan.
Har nezazu eta khen lurreko gauzetarikako atsegin iragankorretarik, kreatura bihi batek ez baitezake ase ez osoki goza nere bihotza. Zuri jos nezazu amodioaren ezin hautsizko lokarriaz; ezen, zu xoilki aski zitu maite zituenak eta, zu gabe, alfer eta ergel zaizko oro.
24. KAPITULUA
Non nola dabiltzan bertzeak
ez dela gure ikustekoa.
1. JESUSEK. Nere haurra, ez izan begi-luze, eta behar-gabeko griñarik ez alha. Hau edo hura gerta, ez duzu ikustekorik zuk? Jarrai zakizkit niri.
Hau izan dadin holakoa edo halakoa; hura hola edo hala ibil dadin eta mintza, zer zaitzuke? Ez zira bertzeen berme, baizik zuhauren. Zendako beraz heientzat griña?
Nik ezagutzen ditut gizon guziak; iguzkipean egiten direnak oro ikusten ditut; badakit bat-bederaren berri, gogoan zer daukan, zer duen nahi eta gutiziak zeri doazkion. Oro beraz nere gain utzi behar ditutzu: zu aldiz zaude bakean eta utz nehon ez dagokena bere urrats nahasietarat. Egin edo erran duena gainerat eroriko zaio, ni ez bainu enganatzen ahal.
2. Ez ihil omen hand¡ baten itzalaren ondotik, ez eta adiskide hanitz beharrez; ez eta zonbait bakharren adiskidantza berezia nahiz: hoik guziek gogoa barreiatzen dute eta bihotza handizki hedoitzen.
Gogotik mintza nintzaikezu eta gauza gordeenak nauzkiketzu ager, noiz nathorkitzun aiduru bazinaude erne, eta bihotzeko athea zabaltzen bazinaut. Erne zaude eta atzarririk othoitzean, eta gauza guzietan umilia zite.
25. KAPITULUA
Zeri datxizkon bihotzeko bake osoa
eta arimaren egiazko aitzinamendua.
1. JESUSEK. Nere haurra, erran dut: Bakea uzten dautzuet, nere bakea emaiten dautzuet, bainan ez munduak emailen duen aran.
Bakea orok nahi, bainan nondik nola bil nehor guti axolatzen. Nere bakea umilentzat eta bihotz eztientzat. Zure bakea pazientzia handi bati datxiko. Entzuten banuzu eta nik erranari bazarraizkio, bake nasaiaz gozatzen ahalko zira.
2. ARIMAK. Zer duket egiteko bada?
JESUSEK. Gauza guzietan gogo emazu zer egiten duzun eta zer erraiten; ez bertze lehiarik ukan nihauri atsegin egitea baizik. Ez gutizia deus, deus ez bilha nitaz bertzerik. Bertzeen solasen edo obren kitzikatzeratez ausarta; zure gain ez diren zeretan ez sar: hola guti edo bakan zaitzu nahasiko bihotza. Bizkitartean nahasdurarik batere ez ukaitea, gorputzean edo bihotzean atsegabe bihirik ez jasaitea, ezin ditake hori lurreko bizian, bainan xoilki bethiereko bakean.
Ez uste ukan beraz egiazko bakea kausitu duzula, nahigaberik batere ez duzulakotz; ez eta guziak ontsa doatzila, ez duzulakotz etsai bihirik; ez eta bertutearen goienerat heldua zirela, oro punperat jiten zaizkitzulakotz; begira zite urgoitzetik, buruan sartzetik Jainkoak molde berezi batez maite zituela, khartsutasun gozo batean bizi zirelakotz: bertutea nork nola maite duen ez da hoitarik ageri, ez datza hor arimako aitzinamendua eta gizonaren saindutzea.
3. ARIMAK. Zertan bada, Jauna?
JESUSEK. Saindu zitazke, nere nahiaren meneko gogotik jartzen bazira; deusetan, ttipi ala handi, orai ala gero, zure ona bilhatzen ez baduzu; eskerrak bihurtzen dauzkitatzula begitarte on berarekin, eta oro gogotik jasaiten ditutzula, on ala tzar.
Bihotzeko gozoaz gabetua izanikan ere, esperantza aski azkar eta gogor balin badaukazu bihotzaren aphaintzeko nahigabe bortitzagoen jasaiterat; zure burua xuritzen ez baduzu gaitz hoik merezi ez bazinitu bezala; bainan, zer-nahi gertaturik ere, saindua eta zuzena nizala aithortzen baduzu, orduan zira bide zuzenean, egiazko bakerat deraman bidean, eta duda-mudarik gabe igurikatzen ahalko duzu nere begitartea berriz ikusiko duzula bozkariorekin.
Zure buruaren osoki gutiesterat heltzen bazira, jakin zazu orduan zirela bake nasaienaz gozatuko, lur huntan egin ditaken bezanbatean.
26. KAPITULUA
Gogoko libertatea othoitzetik dela
hobeki biltzen, irakurgeletarik baino.
1. ARIMAK. Jauna, nor zer saindu den ageri da, zeruko gauzetarik gogoa nehoiz ez badu baztertzen; hanitz griñaren erdian, griñarik gabe bezala bada bizitzen; eta hori, ez batere nagia delakotz, bainan zure graziari esker bere gogoa libro daukalakotz, bai eta bihotza lurreko zeren amodio makurretik kanpo.
2. Othoi, othoi, nere Jainko guziz ona, bizi huntako griñetarik begira nezazu, berandets ez nezaten nere bidean; begira gorputzaren mila beharretarik, gurikeria lizunak ez nezan lillura; begira arimaren etsai guzietarik, atsegabeek ez nezaten lotsa eta lehert.
Ez dautzut galdatzen mundutiarrek hain lehiatuki bilhatzen dituzten gauzetarik begira nezazun, bainan guziek, Adamen bekatu madarikatu zinuenaren ondorioz, jasaiteko ditugun atsegabeetarik; hoiek baitiote zure zerbitzariari arima koropilatzen eta berantzen, eta haren gogoa libertateaz gozatzerat ez uzten nahi luken bezanbat.
3. O nere Jainkoa, ezin gehiago amultsua, egizu, othoi, kirets kausi dezatan zeruko gauzen maitatzetik urruntzen nuen atsegin iragankor, orai ondikotz, ona delakoaren idurian, bereganatzen nuena.
O Jauna, nere azturak ez bekizkit nagusi, munduak eta hunen ohore laburrek ez nezatela lillura, ez eta engana debruak, nere etsai maltzurrak. Emadazu ihardukitzeko indarra, jasaiteko pazientzia, bururaino tente egoiteko iraupena. Munduko atsegin guzien orde, emadazu zure gozoa; eta lurtiar amodioaren orde, zure izenaren amodioa.
4. Jatea, edatea, eta gorputzak bizitzeko behar dituenak oro poxelu zaizko arima khartsuari. Egizu sokorri hoitaz behar den negurrian balia nadin eta ez ditzatan sobera maita.
Hoien guzien debalde uzterat ez gira haizu; gorputzak berea behar baitu. Halere, hoitarik behar baino gehiagoren hartzea eta atsegin gehiena dakartenen bilhatzea, zure lege sainduak debekatzen dauku, arimari oldar bailitake bertzela gorputza. Hoik hola, zure besoak othoi bida nezala eta argi, soberakin guzietarik begira dezatan nere burua.
27. KAPITULUA
Gure buruaren maitatzeak gituela
gehienik Jainkoaren ganik urruntzen.
1. JESUSEK. Nere haurra, orotaz jabetzekotz, behar dautazu zure burua osoki eman; zu baitan ez dadila izan zeurerik deus. Jakin zazu zeure buruarentzat duzun amodioa baino etsaiagorik, munduan ez duzula deusik.
Zer negurritan baititutzu maite, negurri ber-berean zatxizkiote gauzer. Heientzat duzun atxikimendua garbia bada, lañoa eta zuzena, ez zira heien meneko izanen. Ez gutizia zilegi ez zaitzuna. Ez atxik arimaren libertatea khentzen ahal dautzunik eta poxelu dukezunik deus. Harritzeko da nola ez ziren bihotzaren erditik nere gerizan jartzen, gutizia ditzazketzun edo eskuko dituzketzun guziekin.
2. Zendako zaude atsegabe hutsal batzuek jana; zendako, griña alfer batzuek urtua? Nere nahi sainduari lot zakizkio eta deusek ez zitu zaurituko. Zure onaren edo nire atseginaren gatik, lekuz leku edo gauzaz gauza balin bazabiltza, sekula ez zira bakean edo griñarik gabe biziko: gauza guzietan eskas zerbait kausituko duzulakotz eta toki guzietan etsai zonbait.
Bakea ez datxiko beraz ontasun ukaiteari edo ontasun metatzeari, bainan ba heien erdeinatzeari eta bihotzetik uzteari. Ez diozute xoilki diruari eta ontasuner behar egin uko, bainan ohore-laudorio goseari eta gutiziari, ezen hoik oro munduarekin batean suntsitzen dira.
3.Tokiz aldatzea deus guti da, bihotza khartsu ez bada; kanpoan bilhatu bakeak guti du iraunen, haren egiazko zimendua eskas badu bihotzak. Erran nahi dut: ni baitan ez bazaude tente, alda zitazke, bainan ez zitazke hobeki. Ezen lerra-bide bat agertzen bazaitzu, zutarik urrun zinauzkan gurikeriak edireinen ditutzu han, lohiagorik oraino ez bada.
4. Bihotzeko garbitasunaren eta zerutikako zuhurtziaren ardiesteko OTHOITZA.
Izpiritu Sainduaren graziaren bidez azkar nezazu, Jauna. Azkar othoi nere bihotzean egiazko khartsutasuna. Maltzurkeriazko dei guziak ithozkitzu nere bihotzean, gauza bihirik, ez txar ez ederrik, ez dezatan gutizia, —orhoit nadin, aldiz, gauza guziak iragankorrak direla eta ni ere heiekin iragaitekoa nizala: ezen iguzkipean iraunkorrik ez da deus, oro ezdeuskeria baizik ez dira eta bihozmingarri. O zoin den zuhurra, gauza guzier hola behatzen diotena!
Emadazu, Jauna, zerutikako zuhurtzia, ikas dezatan oroz lehen zure bilhatzen eta kausitzen, zure goxatzen eta maitatzen, eta gaineratekoen zuk egin eta diren bezala hartzen. Egizu lausengatzaleak nitarik zuhurki urrunt ditzatan, niri aiher daudenak jasan ditzatan khexatu gabe; zuhurtzia handia da, ezen, entzun solas guzier gogor egitea eta laudorio zakurrer beharrien hestea. Has¡ bidea hola da bururatzen segurki.
28. KAPITULUA
Mihi gaixtoer nola iharduk.
1. JESUSEK. Ez khexa, nere haurra, nork edo nork zutaz gogoeta gaixtoak alhatzen baditu, edo mintzo bada laket ez zaitzunaz. Zeure burua gutiestekoago duzu oraino zuhauk; sinesteko duzu zu baino arimaz markitsagorik ez dela nehor. Egiazki khartsu bazira bihotzez, axola handirik ez dukezu haizeak deramatzan hitzez.
Egun beltzetan ixilik egoitea eta bihotzez niri buruz itzultzea, zure bihotza jendeen erranek nahasterat ez uztea: hori zuhurtzia, eta ez ttipia.
2. Zure bakea ez jar sekula jendeen aho-mihietan: ezen, zutaz ontsa mintza ditezen ala gaizki, ez zira bertze gizon bat hargatik. Non dira egiazko bakea eta ospe egiazkoa? Ez othe ni baitan?
Gizoner atsegin egiterat edo ez egiterat kilika ez dena, bake nasaienaz da gozaturen. Zure bihotzeko griñen eta barreiaduren erroa, zure buruaren amodio makurra eta jendeentzat duzun beldur zoroa.
29. KAPITULUA
Atsegabea jitearekin, Jainkoa
nola behar dugun othoiztu eta goretsi.
1. ARIMAK. Zure izena goretsia bedi, Jauna, menderen mendetan, oraiko atsegabe hau gerta dakitan nahi ukan duzulakotz. Bazter ez dezaketanaz geroz, zer duket egiteko zure ganat ihes egitea baizik, lagunt nezazun eta zerbait onik athera dezazun hartarik neretzat.
Jauna, horra hersturan nizala: bihotza eri dut, tinkatzen duen azturak mingaizturik. Eta beraz zer erranen dautzut, nere Aita maite maitea? Hersturak bereturik nauka dena. Hinka tzar huntarik athera nezazu.
Neke hau jin zait, goretsia izan ziten altxaturen nuzularik, ni hain behera erortzerat utzi ondoan. Othoi, othoi beraz, altxa nezazu, ezen nik, nizan hezalako ezdeusak, zer ahal duket eta norat noake goiti zu gabe? Pazientzia emadazu, Jauna, oraino aldi huntan. Lagunt nezazu, nere Jainkoa, eta, zer-nahi gerta dakitan, deusen beldurrik ez duket.
2. Eta orai zer erran dezazuket oraino? Zure nahia egin bedi, Jauna, hersturak eta bihozminak, merezi ditut segurki. Oinhazeak baitezpada jasan behar ditut, pazientziarekin agian, zirimola itzul eta aro ederra itzul arte.
Orai arte hainbertze aldiz egin dautazun bezala, nere Jainko urrikaltsua, zure beso guziz indartsuak gudu huntarik athera nezake oraino, eztituz hunen indarra, errekarat ez nadin arras eror. Eta lan hori zonbat ere baitzait niri gaitzago, hanbatez da zure beso azkarrarentzat errexago.
30. KAPITULUA
Jainkoari laguntzaren
galdatzeaz eta igurikatzeaz.
1. JESUSEK. Nere haurra, ni niz Jauna: atsegabean nik dut azkartzen bihotza. Ni ganat zato, atsegabean zirelarik.
Lasterrago ez baduzu ukaiten laguntza zerutik, berantegi baitzira lotzen othoitzari. Alabainan niri khartsuki othoitz egin aitzin, bazterrerat zeiharkatzen zira aringailu bilha eta kontsolamendu andana baten. Bainan diren guziak guti zaizkitzu, ohartu arte nik ditutala altxatzen nere laguntzari daudenak, eta nitaz kanpo ez dela behar bezalako laguntzarik, ez kontseilu onik, ez eta sendagailu iraunkorrik.
2. Orai haatik, ekaitzaren ondotik zure-baitaratua baitzira, indar berriak harzkitzu, nere urrikalmenduaz orhoituz: ezen zuri hurbil nago guzien antolatzeko, ez bakharrik osoki, bainan oraino nasaiki antolatzeko eta gaindika.
Ezin eginik ba othe da deusik neretzat? Ala erraiten eta ez egiten duenaren pare niz ni? Fedea non duzu? Zaude azkar eta tente. Izan zite jasankor eta gogor, gizona, bere tenorean jinen zaitzu zoriona. Igurika nezazu, igurika: jinen nitzaitzu eta sendaturen zitut. Debruaren sare bat da zure asaldadura; zinez ez duzu izitzekorik.
Geroaz duzun griñak zer dakar, atsegaberik eta nahigaberik baizen? Egunean eguneko gaitzbidea bekizu aski. Geroaz histea edo boztea alfer eta debalde da, zuk asmatua ez baita sekula gertaturen orobat.
3. Bainan ametsezko gogoeta hoiek gizona enganatzen dute, jitea halakoa duelakotz; arima oraino ahul delako marka bertzalde, etsaiak gogoratzen dionari hain errexki jarraikitzen denean. Huni egia ala gezurra berdintsu zaizko, gizona lillura eta engana dezaken ber; bat bera zaio, oraiko gauzen amodioaz ala geroko gaitzen beldurraz zangopera zitzan, baldin azpiratzen bazitu.
Zure bihotza ez bedi beraz nahas ez beldurretan sar. Fida zite niri eta berma nere urrikalmenduari. Nitarik urrun zirela uste duzunean, orduan nuzu ardura hurbilenik. Oro kasik galduak dauzkatzularik, orduan zira maiz merezimendu gehiagoren irabazteko menean.
Ez dira oro gal, ez bazaizkitzu nahi bezala jiten denak. Ez duzu zure oraiko ustearen arahera jujatu behar; ez eta etsitu behar, atsegabea nondik-nahi dathorkizun, atheratzeko esperantzarik gelditzen ez balitzaitzu bezala.
4. Ez uste ukan arras debalde utzia zitutala, noiz edo noiz nahigabe zonbait igortzen dautzutalakotz, edo nahi zinuken atsegin zerbaitez gabetzen zitutalakotz hola baita zeruko erresumarat heltzen. Zuk eta nere bertze zerbitzariek, oro nahi bezala ukaitea baino, hobe duzue segur atsegabe zonbait bidean trebes hatzemaitea.
Gogoeta gordeenen berri badakit nik; badakit bihotza agor egoitea on duzula salbatzeko, oro ontsa doazkitzulakotz urgulutan sar ez ziten; ez eta alai zu baitan, ez zirena bazirela ustez. Eman dutana khen dezaket, bai eta berriz eman, nahi dutalarik.
5. Emaiten dutana, bethi nere dago; gibelerat hartzen dutana, ez dut zuretik khentzen: nere eskutik doa ezen ontasun edozoin, edozoin dohain saindu. Zerbait atsegabe edo nahigabe igortzen dautzutalarik, ez khexa ez etsi, abian ezen arin zitzaket eta zure atsegahea atseginerat dezaket bihur. Bizkitartean, hola ari nitzaitzularilk, zuzenean nago eta eskerrak hartze baino hartzeago ditut.
6. Zuhurra baduzu eta gauzer diren bezala behatzen badiozute, atsegabeak nehoiz ez zitu histu behar etsitzerainokoan; izaitekotz, bozkariatzea dukezu eta niri eskerren bihurtzea. Gehiago dena, zure bozkario bakharra hauxe behar litake: jo zitzatan gupidarik gabe.
Aitak maite nuen bezala zaituztet nik ere maite, nion nere dizipulu hautetsier, igortzen nituelarik ez munduko atseginetarat, bainan ba gudu izigarrienetarat; ez ohoretarat, bainan ba laidoetarat; ez lo egiterat, bainan ba lanerat; ez pausarat, bainan ba jasanaren jasanaz arimaren gain gainetik oatzerat. Nere haurra, orhoit nere hitz hoitaz.
31. KAPITULUA
Lurreko izaite guziak ahanzteko direla,
Jainkoaren aurkitzekotan.
1. ARIMAK. Jauna, grazia handiago baten beharretan niz oraino, deusek ez nehork poxelu egiten ahalko ez dautan heinerat heltzekotz. Zerbaitek, ezen, bere aztaparretan naukano, ez nitake zu ganat aisean hegalda. Aise horren mina bazuen hauxe zionak: Hegalak nork emanen dauzkit ursoari bezala, eta hegaldaturen niz eta pausa-leku bat aurkituren dut.
Lur gainean deusik gutiziatzen ez duena baino libroagorik nor da? Lurreko zerez gorago altxatu behar gira eta gure buruari osoki uko behar diogu egin, gure baitatik ilki, gorago igan oraino eta goien goienean ezagutu zu zirela ororen egilea, ez dela deus zu bezanbatekorik.
Gogoa lurreko edozeri loturik daukaguno, ez dezakegu Jainkozko gauzez alha. Hortakotz da bada Jainkoaren begiresle hain guti, bakanak baitira Jurreko gauza iragankorretarik osoki baztertzen direnak.
2. Huntaratzeko, grazia handi bat behar da, arima bera baino gorago altxa dezaken grazia bat. Gizona ez badago gogoa gora eta kreatura guzietarik garbi, bai eta Jainkoari osoki josirik, haren jakitatea eta haren ontasunak arras hazta ttipikoak dira.
Jainkoaz bertze zerbait handitzat daukana, erpil dagoke luzaz eta herrestan; Jainkoa da, ezen, xoilki negurririk gabekoa eta bethiereko ontasuna. Jainkoaz bertze guziak deus ez dira, eta ezdeustzat Idukitzekoak.
Jainkoak argitu gizon khartsuaren zuhurtziatik eta jakintsuak liburuetarik pirka pirka bildu jakitaterat, ozka bat bada handia. Gizonak berez bere biltzen duen argia baino hanitzez gorago da, Jainkoak zerutik igortzen dion argia.
3. Hanitzek Jainkoaren begiresterat heltzeko nahikaria balukete, hortaratzeko bidea ez dutenak ordean hartzen. Zendako guziz ez dira hortaratzen hanitzak? Zure erakaspener ez direlakotz axalez baizik jarraikitzen eta beren buruaren nekatzeko lehia guti dutelakotz.
Ez dakit zer giren, zerk gerabiltzan eta zer dugun nahi guk, khartsu omena dugunek, bainan artha eta lan asko derabilagu gauza iragankor eta ezdeus batzuentzat, eta epherik ere kasik ez aurkitzen arimako zerez bildu-bilduki orhoitzeko.
4. Oi lastima! bilduxe orduko, barreiatzen gira eta nehoiz kasik-ez ditugu gure obrak behar bezain hertsiki haztatzen. Ez gira ohartzen zoin beherakoi den gure bihotzeko ixuria; urrikirik ere ez dugu, giren guzia lohi baizik ez izaiteaz. Gizon guziek zikindu zutelakotz, beren bidea, zuen Jainkoak igorri delako uhaldea.
Gure bihotzeko ixuria beraz likitsa denaz geroz, likisten ditu nahi-t'ez gure obrak, eta, hortik barna, agerian ezartzen gure arimako ahulezia. Bizi onaren uzta-bihia bihotz garbian da hazten.
5. Edozoinentzat galde hau aditzen da: zer egin du horrek? Zuzenki egin duenetz haatik, nehork guti behatzen.
Bagaude holakoa bihozduna denetz, aberatsa, ederra, jakintsua, idazle ala kantari ona, eskuairekoa bere langintzan; bainan nehork guti galdatzen umila denetz, jasankorra, eztia, othoitzegilea, jainkotiarra.
Naturalezak gizonaren axalari behatzen, graziak aldiz mamiari eta barneari: ardura enganatzen hura; bertzea Jainkoari bermatzen ez enganatzeko.
32. KAPITULUA
Nor-bederak bere buruari uko egiteaz.
1. JESUSEK. Nere haurra, zure lokarriak ez ditzazketzu hauts osoki, non ez diozun zure buruari uko egiten. Estekan dira bizi beren burua maite dutenak eta berentzat ari direnak. Beha: goseak dira, begiluzeak; norat haize harat aise dabiltza; beren mainak bilhatzen dituzte, ez nere atsegina; amets zoro batzuek derabiltzate har-uzka, ezin eginak nahi baitituzte egin. Jainkoaren ganik ez diren guziak erorkor dira alabainan.
Hitz labur eta mamitsu hoik atxik buruan: utz guziak eta kausituko ditutzu denak; zure nahikerier egin uko eta bakea aurkituren duzu. Hitz hoik alha gogoan; obratuko ditutzularik, orotaz jakintsu izanen zira.
ARIMAK. Jauna, ez da hori egun bateko lana, ez haur josteta bat; aitzitik, hitz labur hoiek saindutasunaren gain gaineko mailerat heltzeko behar den guzia daukate beren baitan.
2. JESUSEK. Nere haurra, ez duzu zeren gibelerat egin ez etsi bertutearen goienerako bidea zoin den entzutearekin; bainan goien hortarat heltzerat bermatu edo bederen zure ahal guziaz heltzerat lehiatu.
Ah! hortaratua bazina eta zure buruaren ez maitatzerat heldua! Heldua bazina nere eskupeko egoiterat eta eman dautzutan buruzagiaren meneko! Orduan zinitazke nere gizona eta zure egunak oro baloazke bozkarioan eta bakean.
Hanitz gauza baditutzu oraino utzi beharrak; nere gatik ez badiozute uko egiten guzier, galdatzen duzuna ez duzu ardietsiko. Sinets nezazu: aberastekotz, suak garbitu urrea eros ezadazu; hitz garbiz, eros ezadazu mundu guzia oinkatzen duen zerutikako zuhurtzia.
Hunen biltzeko, lurreko zuhurtziari uko egiozu, bai eta jendeek zutaz diotenari eta zuhauk zeure buruaz daukazunari.
3. Erran dautzut: jendeek balios eta edertzat dauzkatenak utzkitzu, ezdeustzat dauzkatenen erosteko; zerutikako zuhurtzia, ezen, ezdeusa eta txarra zaiote, ahantzirik ere daukate kasik; ez duelakotz hak bere buruaz harrokeriarik eta lur gainean laudoriorik nehon ez bilhatzen.
Hanitzek hura ezpain muturrez goresten dute, bainan beren urratsetan hartarik urrun daude; hanitzentzat gorderik dagon perla baliosa delarik bizkitartean.
33. KAPITULUA
Bihotzaren aldakorraz, eta Jainkoa
behar dugula bethi gure azken xede.
1. JESUSEK. Nere haurra, ez fida zure oraiko kharrari, laster bertze baterat alda ditake. Bizi zireno, aldakor zira nahi-t'ez: batean boz, hertzean hits; orai nahasia, gero bakean; egun khartsu, bihar ephel; batean lantzale, bertzean nagi; orai ilhun, gero arrai.
Bainan gizon zuhur eta khartsutasunaren berri dakiena, tente dago aldaira hoien erdian: zer duen sendi eta haizeak nundik dion jotzen kasurik ez duela egiten, bainan bere gogoa daukala osoki heldu behar den zorionezko mugari. Hola deusek ezin inharrosia da eta den bezala dagoke, hoinbertze gertakarien erdian niri so dagola, xedea laño.
2. Nork bere xedea garbiago eta, ekaitzaren erdian, bide egiteko iraupen gehiago. Bainan xede hori jende hanitzen bihotzean berazten da, kausitu atsegin makur batek ausatzen dituelakotz; bakanak dira, ezen, beren burua batere maite ez dutenak.
Hala nola, delako Juduak Bethanirat jin ziren Martha eta Mariaren ganat, ez Jesusen gatik xoilki, bainan oraiko Lazaro-en ikusteko. Xedea garbitu behar da beraz, lañoa eta zuzena izan dadin; eta, ararteko bertze zer guziak gainditurik, niri buruz itzuli.
34. KAPITULUA
Jainkoa baizik ez ditakela goza, eta gauza
guzietan duela gozatzen zinez maite duenak.
1. ARIMAK. Nere Jainkoa eta nere guzia! Gehiagokorik eta atsegingarriagorik zer dezaket gutizia? O hitz gozo eta eztia, ez mundua eta mundukoak, bainan xoilki Jesus maite duenarentzat! Nere Jainkoa eta nere guzia! Hitz hoien erraitea aski zaio aditzen dituenari eta errepikatzea atsegin zaio maite duenari. Zu hor, oro gozo; zu ez hor, oro kirets.
Zuk duzu bihotza jabaltzen, bai eta bakez eta bozkarioz bethetzen. Zure ariaz ditugu gauza guziak diren bezala ikusten, zure ariaz zitugu behar bezala goresten; deusik ez da zu gabe luzaz atsegin dagikenik; bainan zerbaitek, on eta gozo izaiteko, baitezpada zure grazia behar du eta, altxatzeko, zure zuhurtziaren gatza.
2. Berea zituenak, non zer duke gozagarriagorik? Eta berea ez zituenari nondik zer atsegin dathorkioke?
Munduaren araberako zuhurrak, atseginik ez baita heientzat lizunkerietan baizik, galtzen dira beren zuhurtzia guziarekin: hau ginarri egiazkorik gabekoa baitute eta hilkorra beren arimentzat.
Mundua oinkatuz eta gorputza heziz darraizkitzunak aldiz, egiazki eta zinez dira zuhurrak, gezurretik egiarat, haragitik izpiriturat doatzilakotz goratuz. Holakoer gozoa zaiote Jainkoa, eta lurreko zeretan on zerbait kausitzen badute, Jainkoa dute xoilki goresten. Osoki higa dira, ezen, zurekilako gozotasuna eta lurreko gauzetarikakoa, bethiereko bizia eta oraikoa, bethiereko argia eta gure begiek ikusten dutena.
3. O bethiereko argi, zuk egin argi guziez ezin gorago ziren argia, zure inhar bat, ximixtaren garra bezala, jauts dadila ni ganat, sartzen dela nere bihotz-barneko xokorik bizieneraino. Garbi zazu, zabal, argi eta pizkor nere arima bere ahal guziekin, bozkarioz gaindika betherik, zurekin bat egin dezan.
Oren dohatsu eta gutiziagarri hura noiz da ethorriren, zure ikusteak bainu zorionez betheko eta osoki baitzitut neretuko guzietan? Hori ez dutano, nere zoriona ezin ditake osoa. Ondikotz oraino nere jaidura tzarrak bizirik daude, ez ditut osoki heziak ez nekatuak; arimari gogorki jazartzen zaizko oraino, gudu bortitz bat pizturik daukotela, eta bihotza ez dautate bakean uzten.
4. Bainan zu, itsaso izigarriaren nagusia zirena, eta haren uhinen oldarra eztitzen duzuna, xuti zite eta lagunt nezazu. Suntsizkitzu niri aiher dauden etsaiak, zure beso azkarrak porroska bitza; erakutskitzu zure obra miresgarriak, zure indarra goretsia izan dadin; ez dut, ezen, esperantzarik ez ihes-lekurik zu baitan baizik, nere Jainko Jauna.
35. KAPITULUA
Nehor ez dela, bizi deno,
tentazionerik gabe izaiteaz segur.
1. JESUSEK. Nere haurra, mundu huntan nehoiz ez zira maldan; biziak diraukezuno, gudurako zure arima indar beharretan ditake bethi. Etsaiek inguratua zira, eskuin eta ezker zuri aiher daude. Erredola batek bezala pazientziak ez bazitu zaintzen, ez zira zauririk gabe egonen luzaz.
Bertzalde, zure bihotza ez badaukazu ni baitan itzaturik, eta ez baditutzu oro lañoki jasan nahi nere gatik, gudu bortitz hoik ez ditutzu jasaiten ahalko eta dohatsuen korona ez duzu irabaziren. Jasan beraz oro gizonki, eta esku azkar batekin poxelu guziak baztert zutarik. Garaitzaleari, ezen, diot emaiten zoriona, eta nagia atsegabe handitan dut uzten.
2. Bizi huntako bakea bilhatzen baduzu, bethiereko bakerat nola helduko zira? Ez uste ukan bakea mundu huntan aurki; atsegabeak ba, sar buruan ausarki dituzketzula hek. Bilha egiazko bakea, ez lurrean, bainan zeruan; ez gizonetan, ez eta gauzetan, bainan Jainkoa baitan xoilki.
Jainkoa maitez, gogotik behar ditutzu jasan oro: neke, oinhaze, tentazione, auhen, herstura, gabezia, eritasun, laido, elhe gaixto, egia samin, ahopaldi tzar, ahalge, erasia, erdeinu. Hoiek zituzte bertutear¡ buruz laguntzen; hoiek, Jesusen soldado frogatzen; hoiek, zeruko zorionaz jabetzen. Neke labur batentzat emanen dut bethiereko saria; ahalge iragankor batentzat negurririk gabeko loria.
3. Zer uste duzu, nere kontsolamenduak zuk nahi bezala ukanen ditutzula bethi? Nere sainduek ere ez dute ez gero holakorik bethi ukan, gudu eta neke hanitz jasan ba. Pazientziarekin diote buru egin, beren indarrer baino gehiago Jainkoari bermatuz: bazakitelakotz lur huntako nahigabeak ez direla zeruko sariaren bethe.
Askok nigar hanitzen eta lan handien ondotik ardietsi dutena, zer duzu zuk berehala nahi? Igurika zazu Jauna, ar gudukan gogotik eta azkar zite; ez etsi, gibelerat ez egin, bainan Jainkoaren ohoretan higazkitzu bethi zure gorputz arimak. Sari bethea emanen dautzut nik eta atheka gaixto guzietan zurekin izanen niz.
36. KAPITULUA
Jendearen jujamendu hutsaler nola iharduk.
1. JESUSEK. Nere haurra, zure bihotza emazu gogotik Jainkoaren eskuetan, eta jendearen jujamenduen beldurrik ez ukan, zure kontzientziaren arabera garbi zireno eta jainkotiar. Holako zerbaiten jasaitea on duzu eta zorion; bihotz umil, berari baino gehiago Jainkoari fidatzen denari ez zaio gaitz izanen hori.
Jende gehienak hanitz mintzo dira; hainbertze nondik sinets? Bertzalde, denekilakoa nehork ezin egin. Eta Jondoni Paulok, Jainkoa baitan guzier atsegin egiterat lehiatu bada eta zen guzia guziekilako bada izan, axola guti zuen bizkitartean jendeen erranez. Bortz egin-ahalak egin ditu bertzeen onetan eta salbamendutako; halere, nahi bazuen edo ez, jendeek gaizki jujatu dute noizean behinka eta gutietsi. Hortakotz, guzien berri dakien Jainkoaren gain utzi zituen oro, eta bere burua, jasankor eta umil atxikiz, zaindu mihi gaixtoen eztenetik eta beren herraren arabera mintzo ziren jende gezurti eta ezdeusen ausikietarik. Noizetik noizerat ihardetsi diote bizkitartean, beldur baitzen, ixilik egonez, giristino ahulak behaztopa zaizkion.
2. Nor zitut zu, gizon hilkor baten beldur izaiteko? Egun ba, hura, eta biharko orobat hila ditake. Jainkoaren beldur izan zite: eta nehoren beldurrik ez dukezu. Nork zer egin diezazuke, elhez ala laidoz? Zuri baino kalte gehiago egiten dio bere buruari, eta, nor nahi nahi izan dadin, Jainkoaren jujamenduari ez dezake ihes egin.
Begien aitzinean atxikiz Jainkoa, utz zuk eztabadak eta zinkurinak. Eta orai iduri bazaitzu erortzerat zoazila eta merezi ez duzun ahalge bat duzula jasaiten, ez khexa horrengatik eta zure koronari lorerik ez motz, pazientzia eskasez; izaitekotz, beha zerurat niri buruz, nik baitaukat ahalge eta laido guzietarik zure jalgitzeko ahala, eta nik baitut saristatzen nor bere obren arabera.
37. KAPITULUA
Nork bere buruari osoki eta zinez uko egiteaz,
bihotzeko lokarri guzien haustekotz.
1. JESUSEK. Nerf haurra, zure buruari uko egiozu, eta kausituren nuzu. Ez egin sekula hauturik ez berexkuntzarik, ez izan deusen jabe; eta irabazitan izanen zira bethi. Ezen, zuretzat deusik atxiki gabe zure buruari uko egiten diozun ordutik, grazia handiago bat duzu ardietsiren.
2. ARIMAK. Jauna, nere buruari zonbat aldiz behar diot egin uko? Eta zertan?
JESUSEK. Bethi eta edozoin tenorez; gauzarik ttipienetan nola handienetan. Deusik ez dut berexten; zu ganik nahi dutana da, zeure ez ziten gehiago izan den gutienik. Nola zitazke nerea, eta ni zurea, zure nahikundeak ez baditutzu kanpoz eta barnez uzten? Zonbat lasterrago baituzu egiten hori, hanbatez ere zitazke hobeki; zonbatez osoki eta zinez uko eginen ere baitiozu zure buruari, hanbat ere zitut nik gehiago maitaturen eta aberasturen.
3. Badira beren buruari uko egiten dutenak, bainan berentzat zerbait atxikiz: ez direlakotz Jainkoari bermatzen osoki, beren zurruburruetan derabilate gogoa. Bertze batzu, aldiz, osoki niri emaiten dira hastetik; bainan gero, tentazionea jitearekin, beren zeretarat itzultzen, eta hortakotz bertutean arras guti aitzinatzen.
Holakoek bihotz garbien egiazko libertatea eta nere adiskidetasun gozoaren grazia ez dute ardietsiren: non ez duten beren burua osoki nere gain uzten eta egun oroz nekatzen, hori gabe ez baita eta ez baititake nerekilan gozamenezko batasunik.
4. Hamar aldiz erran dautzutana errepikatuko dautzut: zure buruari uko egiozu, eman zakizkit osoki, eta bihotzean bake nasaia dukezu. Emazkidatzu oro, ororen ukaiteko; deusen ondotik ez ibil; ez galda deus: niri bakharrik atxikian egon azkarki, eta, nitaz jabetuko zira. Zure bihotza orduan izanen da libro eta ilhuntzen duten hedoietarik garbi.
Hauxe ukan zazu nahikari, hauxe bilha eta othoitzean galda ditutzun guziez buluzirik Jesus buluziari jarraikitzea, zeure buruari hiltzea eta neretzat bethi eta bethi bizitzea. Orduan suntsituren zaizkitzu gogoeta hutsal guziak, asaldadura tzarrak eta behar gabeko griñak. Orduan ere itzaliren behar gabeko beldurrak eta bihotzeko nahikeria makurrak.
38. KAPITULUA
Kanpoko gauzetan nola ibil, eta
lanjeretan Jainkoaren ganat nola ihes egin.
1. JESUSEK. Nere haurra, huna zertarat behar ziren azkarki lehiatu: edozoin toki, edozoin obra ala kanpoko urratsetan bihotza libro egoiterat eta zure buruaren jabe; gauza guzien zure azpiko atxikitzerat, eta ez zu heien meneko; zure obren nagusi eta bidatzale egoiterat, eta ez heien zerbitzari eta esku-makil.
Izaitekotz, egiazko Israeldar baten pare, lokarri guziak hautsirik Jainkoaren haurretaratu behar zira, hok bezala libro eta zoriontsu hok, lur huntako zerez gorago altxaturik, beren gogoa bethierekoetan finkaturik baitaukate; gauza iragankorrer ezkerreko begiarekin baitiote behatzen eta zerukoer eskuinekoarekin; beren bihotza ez baitute mundu huntako lotzerat uzten; bainan, oldez eta moldez, Jainko Nagusi Soberanoak manatu bezala baitira gauza hoitaz baliatzen, Jainkoak bere obretarik bat bakharra ez duelakotz utzi, zoakon mailean ohatu gabe.
2. Bertzalde, gertakari guzietan tente balin bazaude, itxurer so baratu gabe, eta ikusi ala entzun gauzer ez badiozute zure haragizko begiekin behatzen, bainan, nahi dena gerta, Mois bezala Jainkoaren etxean sartzen bazira Jainkoari argi galdatzeko, maiz ihardetsiren dautzu Jainkoak, oraiko bai eta geroko gauzez argitua itzuliren baitzira. Mois alabainan Jainkoaren ganat zoan bere duda-muden eta nekeen argitzeko, eta othoitza zuen lagun bere lanjeretan eta gizonen maltzurkeriaren hausteko.
Hola behar duzu, zuk ere, zure bihotzaren barnean sartu, Jainkoaren laguntza minkiago galdatzeko. Liburu Sainduek diote Gabaondarrek enganatu zituztela Josue eta Israeldarrak, hok ez zutelakotz aitzin Jainkoari argi galdatu; eztia zarioten solaser fidegiturik, urrikalmendu zoro batek galdu zituela.
39. KAPITULUA
Gure obrak ez ditugula tarrapataka egin behar.
1. JESUSEK. Nere haurra, zure egitekoen artha bego bethi nere gain; oro antolaturen ditut, jin arau, zure onetan. Zaude nik mana, eta onik baizik ez dukezu hortarik.
2. ARIMAK. Nere egiteko guziak zure gain uzten ditut, Jauna, gogotik: nere argiekin, berdin, ez nitake urrun joan. Geroaz griñarik gabe, orai beretik agian jarriko niz zinez zure nahi bethearen meneko!
3. JESUSEK. Nere haurra, gutiziatzen duenaren ondotik kalda soberarekin dabil maiz gizona; bainan beretu dueneko, gauza hari bertzela dio behatzen, gizonaren gutiziek ez baitiraukete luzaz gauza berari buruz; aitzitik, batetik bertzerat derabilate nahi-t'ez. Ez da gauza ttipia, segur, gauza ttipienetan ere nork bere buruari uko egitea.
4. Nork bere buruari uko egitea, bertutean egiazki aitzinatzea. Bere buruari uko egiten diona, egiazki libro da eta atherbean. Bainan ohiko etsaia, ongi guzien etsaia, guri jazarri gabe nehon ez dagoke; gau eta egun bere sare izigarriak hedatzen dauzkigu, bere burua zaintzen ez duena hetan sartu beharrez. Egon atzarririk eta egin othoitz, dio Jaunak, tentazionetan ez erortzekotz.
40. KAPITULUA
Gizonak berez-bere onik ez duela deus,
eta deusetaz ez dezakela egin espanturik.
1. ARIMAK. Gizona zer da, Jauna, zu orhoit zaizkion? Zer othe gizonaren semea, fin zaizkion ikusterat zu? Nondik nola merezitu duke bada gizonak zure grazia?
Zertaz duket erranguratzeko, Jauna, debalde uzten banuzu? Edo zuzenez zer duket erraiteko, nik galdatua ez baduzu egiten? Zinez hauxe baizik ez dezaket asma eta erran: deus ez niz, Jauna, deusik ez dezaket, nerez-nere ez dut deus onik; orotan hautemaiten dut ordean nere ahulezia eta orok ilhauntzerat baneramate. Laguntzen ez nuzularik eta barnetik sustatzen, epheltzen niz eta nagitzen osoki.
2. Zu aldiz, Jauna, bethi bera zira; bethi on, zuzen eta saindu badirauzu menderen mendetan, —gauza guziak ontsa, zuzenki eta sainduki egiten ditutzula eta antolatzen. Ni ordean, aitzinatzerat baino gibelatzerat ixuriago, ez nagoke bethi ozka berean, bainan egunean zazpi aldiz aldatzen zait gogoa.
Hobetzen niz bizkitartean, nere laguntzerat aphaltzen zireneko, zeren zuk bakharrik, nehoren laguntzarik gabe, laguntzen ahal bainuzu; bai eta hainbertzetaraino azkartzen ahal non, nere begitarteak ez baitu gehiago bere galduren eta nere bihotza zuri buruz xoilki baita itzuliko, zu baitan pausatuko.
3. Hortakotz, gizonen kontsolamendu guzier banaki uko egiten, bai khartsutasunaren ardiesteko, bai ezinbertzez zure bilhatzeko, —gizonetan nehor ez denaz geroz nere atsegabea arin dezakeenik—, orduan zuzenez zure graziaren aiduru banagoke gostuan, eta zerutikako kontsolamendu berri zonbaiten ukaiteaz botz nintazke.
4. Eskerrak zuri, gauzak ontsa gertatzen zaizkitan aldi oroz. Eskerrak zuri, ongi guzien iturburua. Deus ez niz ni zure aitzinean, deus baino gutiago: gizon aldakor, ahul bat. Zertaz zer espantu dirot egin? Bertzeek gorestea nondik dezaket gutizia? Ezdeus nizalakotz othe? Ezin handiagoko zorokeria, hori.
Harrokeria zinez izigarriko izurria da eta zorotasunik handiena: egiazko loria khentzen baitauku eta zure graziaz baikitu gabetzen. Bere buruaz alaitzen dena, zuk laster higuin duzu; jendeen laudorioen, ondotik dabilanak, egiazko bertutea du galtzen.
5. Gizonaren egiazko ospea eta bozkario saindua, zu baitan loriatzea, ez bere baitan; zure izenaz bozkariatzea, ez bere bertuteaz; eta lurreko gauza bihi batean atseginik ez hartzea, zure gatik baizen.
Zure izena bedi goretsia, ez nerea; ez nere obrak, bainan zureak; eta gizonen laudorioetarik neretzat ez bedi bihirik geldi. Zu zira nere ospea eta nere bihotzaren bozkarioa; zu baitan niz loriatuko eta bozkariatuko, bizi nizano; nik aldiz espanturik ez dut eginen nere ahuleziaz baizik. Gizonek elgarri emaiten duten ospea bezate bilha juduek: nik Jainkoaren ganik heldu dena baizen ez dut bilhatuko.
Mundu huntako ospea eta handitasun guziak huts eta erho dira bethiereko ospearen aldean. O nere Jainkoa, nere Egia eta nere Urrikalmendua! Trinitate Saindua! Zuri xoilki laudorio, ohore, botere eta ospe negurririk gabeko menderen mendetan!
41. KAPITULUA
Mundu huntako ohore guzien oinkatzeaz.
1. JESUSEK. Ez hits othoi, nere haurra, bertzeak ohoratuak eta goretsiak ikustearekin, zu aldiz gutietsia eta aphaldua. Zure bihotza altxa zerurat niri buruz eta gizonen erdeinuek ez zituzte ilhunduko lur gainean.
2. ARIMAK. Hain gira itsuak, Jauna, non ezdeuskeria batzuek laster enganatzen baikituzte. Nere buruari ontsa behatzen badiot, kreatura bihi batek ez daut egundaino zuzengabekeriarik egin, eta beraz, ez dut zutaz erranguratzekorik. Bainan laidoztatu zitutalakotz maiz eta larriki, zuzenez zaizkit jazartzen kreatura guziak.
Ahalgeak eta erdeinuak hartze ditut beraz egiazki; zuk aldiz laudorioak, ohoreak eta ospea. Eta onhartzen ez badut gogotik jendeek gutiets nezaten, debalde utz eta ezdeustzat har, nere bihotzak ez duke bakerik ez sosegurik; ez zure graziaren argirik, ez eta zurekilako batasun osorik.
42. KAPITULUA
Nork bere bakea ez duela
gizonen gainean jarri behar.
1. JESUSEK. Nere haurra, zure bakea norbaiten gainean jartzen baduzu, gogo berekoak zireztelakotz eta harekin bizitzea zaitzulakotz laket, bethi durdurikan izanen zira eta griñan. Bainan bethi bizi eta bethi bera dagon Egiaren ganat ihes egiten baduzu, adiskide baten galtzeak edo hiltzeak ez zitu histuko.
Adiskide batentzat duzun atxikimendua ni baitan behar duzu jarri: atxikimendu egiazkorik eta garbirik ez da, non ez den nik koropilatua. Atxikimendu mota guzier hainbertzetaraino behar diozute egin uko non, zutan denaz bezanbatean, ez baitzinuke nehoren adiskide izaiteko gutiziarik ere.
2. Bainan berez-bere zerbait onik baduela daukanak, Jainkoaren grazia ez du hak bere baitarat jausterat uzten: Izpiritu Sainduaren graziak bihotz umilak bilhatzen dituelakotz bethi.
Zure buruaren osoki ezeztatzen eta kreaturen alderateko amodio guzier uko egiten bazinaki, zure bihotzerat jauts nintazke, nere grazia nasaienen ixurtzerat. Kreaturer beha dagonak, Kreatzalea begietarik galtzen. Kreatzalearen gatik, ikas zure buruaren garaitzen orotan: orduan zira Jainkoaren ezagutzerat helduko. Den gauzarik ttipienak, izariz kanpo gutiziatzen duzun ber eta maitatzen, arima zikintzen dautzu eta urruntzen zitu Jainkoa den Ontasun osotik.
43. KAPITULUA
Zoin huts eta ezdeusa den munduko jakikatea.
1. JESUSEK. Nere haurra, ez utz zure burua jendeen solas eder eta legunek xoratzerat: Jainkoaren erresuma ez datza elheetan, bainan ba obretan. Nik erraner zaude erne: bihotza berotzen dute eta adimendua argitzen, bihotzean urrikia pizten eta atsegin guziak emaiten.
Irakurtze bihirik ez egin, jakintsuago edo zuhurrago agertzea gatik. Azturen hezterat lehia zite: asko gauza gaixtoen ikastea baino gehiago baliaturen zaitzu hori.
2. Asko irakurri eta ikasi ondoan, bethi gauza guzien ithurbururat dukezu itzultzea. Gizoner nik diotet jakitatea emaiten eta haurren adimendua nik dut gehiago argitzen, gizonak bere erakaspenekin egin dezaken baino. Nori ere mintzo bainiz eta hura laster ditake jakintsu, bai eta bertutean azkarki aitzinatzeko bidean.
Zorigaitz, asko ergelkeria jakin beharrez gizonen ondotik dabiltzaner eta nere zerbitzatzeko bideez axola guti dutener! Jinen da tenorea, Jesus erakasleen erakaslea eta Aingeruen Nagusia agerturen baita, nork zer ikasi duen entzuteko, erran nahi baitut bat-bederaren bihotzaren ikertzeko; orduan argiekin miatuko du Jerusaleme eta ilhunbean dauden gauzak argiratuko ditu, eta guziek beren estakuruak ixilduko dituzte.
3. Umilak nik ditut, ephe laburrik barne, hainbertzetaraino altxatzen non zeruko gauzen berri baitakite, asko bezala hamar urthe liburuetan ari izan balira baino hobeki. Elherik gabe erakasten dut nik eta ezbai-ik gabe, espanturik gabe eta hizkatu gabe. Nik erakasten dut lurreko ontasunen gutiesten, oraiko gauzen hastiatzen, bethierekoen bilhatzen eta goxatzen, ohoreer ihes egiten, laidoen jasaiten; nik erakasten nor-bederari esperantza guziaren ni baitan jartzen, nitaz landa deusen ez gutiziatzen, eta oroz gainetik minki nere maitatzen.
4. Batzuek, bihotzaren erditik maitatu nutelakotz, dituzte Jainkoarekilako gauzak ikasi, hotaz gero ezin ederkiago mintzo baitziren. Beren buruari uko eginez gehiago ikasi dute, liburu ederrenetan ikasiko zuten baino.
Guzier doazkoten gauzez mintzo nitzaiote batzuer, beren gauza bereziez bertzeer; itxuretan eta alegietan goxoki agertzen nitzaiote zonbaiti; bertze batzuer aldiz nere gauza gordeenak argi handitan ditut erakusten.
Liburua berdin mintzo guzier, bainan ez guziak berdin argitzen: bihotzari nik baitiot egia erakasten, bihotza nik ikertzen, gogoetak nik xilatzen, artzeko indarra nik emaiten, eta nere emaitzak baititut egiten nori bere merezimenduen arabera.
44. KAPITULUA
Kanpoko zerek ez gituztela beretu behar.
1. JESUSEK. Nere haurra, asko gauza jakin gabe behar zira egon eta munduarentzat hila bazina bezala bizi, mundua zuretzat ez balitz bezala. Beharriak hetsirik ditutzu entzun behar asko solas, eta bakea dakarketen gauzak gogoan erabili.
Hobe duzu laket ez zaizkitzun gauzetarik begien baztertzea, eta nor bere gogoan dituenekin uztea, harekin kalapitan artzea baino. Jainkoarekin ontsa bat egiten baduzu eta haren jujamenduez orhoitzen bazira, errexki jasanen duzu bertzeen azpiko egoitea.
2. ARIMAK. O Jauna, zertaratuak gira? Galtze iragankor batentzat nigarretan gaude, irabazi xume batentzat lehertzen gira eta lasterka gabiltza, arimako kalteak aldiz ahantzirik dauzkagu, edo gure baitan ez gira berant eta doi-doia baizik sartzen. Gutirentzat edo deusetako baizik ez dugun zerbaiti begiak xurituak eta baitezpadako ginukeena dugu bazterrerat uzten, gizona kanpoko zeretarat ixuria dagolakotz dena; bai eta, bere baitan ez delakotz berehala sartzen, han delakotz atseginekin gelditzen ithorik.
45. KAPITULUA
Ez direla oro sinestekoak eta
elheetan huts-egitea errex dela.
1. ARIMAK. Hel zakizkit, Jauna, nere hersturetan, gizonaren laguntzak ez bainezake athera. Laguntza zonbat aldiz ez zait eskastu, ukaitea nondik ere uste bainuen! Eta zonbat aldiz ez dut kausitu, non ere gutienik bainuen uste! Ez dugu zeren gizoner fida beraz: jende zuzenen salbamendua zu baitan dago xoilki, Jainkoa. Gertatzen zaizkigun guzietan goretsia izan zitezela, nere Jainko Jauna.
2. Ahulak gu eta aldakorrak, laster enganatzen gira eta aldatzen. Nor non da, gauza guzietan aski atzarri eta begiraturik, noiz edo noiz uste gabean enganatua ez izaiteko edo zer egin bethi ontsa ikusteko?
Zuri bermatzen dena, Jauna, eta bihotza lañorik bilhatzen zituena, ez da hain errexki erortzen. Eta atsegabetarat erortzea gertatzen bazaio, nola-nahi behaztopaturik ere laster duzu altxatuko zuk, bai eta atseginetan ezarriko, bururaino zuri fida dena ez duzulakotz zuk debalde uzten.
Bakan da gertatzen adiskide ona, bere adiskideari herstura guzietan tinki datxikona. Zu, Jauna, zuzira xoilki guzietan guziz leiala, zutaz bertzerik nehor ez.
3. O zoin zen zuhurra, hauxe zion arima saindu hura: nere bihotza finkaturik eta itzaturik daukat Jesus Jaunari. Ni ere hala banintz, gizonen beldurrak ez nindezake hain errexki bere, ez eta heien solas tzarrek hain aise nahas.
Nor non da aski zuhur, aitzinerat guzien ikusteko eta geroko gaitz guzietarik zaintzeko? Aitzinerat ikusi gaitzek hain saminki jotzen-eta, uste-gabekoak zonbatez ez dira garratzago? Nizan bezalako dohakabea, nere burua zergatik ez dut hobeki zaindu? Zendako ere niz bertzeer hoin itsutuki fidatu? Bainan gizonak gira, gizon ahul batzu baizik ez, askok aingeruak girela uste ukanik eta erranik ere.
Nori fida, Jauna, nori, zuri ez bada? Zu zira egia: zu ez zira enganatzen eta ez duzu enganatzen ahal. Gizon guziak aldiz gezurtiak, ahulak, aldakorrak eta erorkorrak guziz solasetan; hainbertzetaraino non ez baitzaizkote kasik sinetsi behar berehalakoan, egia diotela iduri dutelarik ere.
4. O zonbat zuhurki erran daukuzun gizoner ez fidatzeko, gizonak etsaitzat dauzkala etxekoak berak, eta nor-nahik erranik ere: Kristo nerekin da edo hor da, ez dugula sinetsi behar! Hori nere gostuz ikasirik nago: agian ez hain zoro, bainan atzarriago izaitekotan.
«Gure artean dagola hemen errana, gure artean», daut othoizka galdatzen norbaitek. Eta ni ixil ixila nagolarik eta hak errana nehork ez dakikela uste dutalarik, horra non bera ez dagoken ixilik, niri ixilik egoiteko galdatu ondoan; horra non abian saltzen nuen, saltzen ere ba bere burua, eta badoan han harat.
Hortakotz, Jauna, ahopetik beharrirako segeretu airakorretarik begira nezazu; zaint nezazun aho bildu zabal-errexetarik; hek bezelako ez nadin bilhaka. Elhekoak eta zinezkoak emaitzu nere ahoan, eta nere mihiak ez dezala jukutriarik erabil. Bertzeetarik onets ez dezaketanetik begiratu behar dut neure burua hertsiki.
5. O zer zoriona eta bakea, bertzeez ez mintzatzea; edozeren nola-nahi ez sinestea; entzun gauzen ez errepikatzea; bakhar batzuer baizik bihotzaren ez agertzea; zu bethi gure bihotzaren leuko hartzea; elheek norat haize harat aise ez eremaitea; bainan gu baitan eta gutarik kanpo diren guziak zure nahi sainduaren arabera gerta ditezen agiantzea!
Zeruko graziaren begiratzeko zer bide segura, bertzalde, gizonek edertzat dauzkaten guzier ihes egitea; goresten dituztenen ez gutiziatzea, bainan bihotza zuzent eta kharrez bethe dezaketen guzien bilhatzea artha handienarekin!
Zonbat ez dute askok galdu, bertutea jendeek ezagutu diotelakotz eta goretsi goizegi! Bertze batzuek aldiz zonbat ez irabazi, grazia ixil ixila begiratu dutelakotz, tentazionekilako gudua athertzen ez zaikon bizi huntan!
46. KAPITULUA
Jainkoari girela bermatu behar,
mihi gaixtoek jorratzen gituztelarik.
1. JESUSEK. Nere haurra, tente zaude ni baitan eta berma zite niri. Elheak zer dira, elhe baizik? Airea jotzen dute, bainan harria ez hausten. Hobendun bazira, orhoit zure nahikaria zure hutsetarik zuzentzea behar dela izan. Bihotzean deus errangurarik ez baduzu, erabil gogoan mihixixtak bihotz onez behar ditutzula jasan, Jainkoaren gatik.
Erauntsi handirik oraino ezin jasan-eta, sobera othe zaitzu noiz edo noiz elhe gaixto zonbaiten jaisaitea? Holako gauza ttipiek zendako dautzute bihotza jotzen, baizik haragiaren menean zirelakotz oraino eta gizoner behar baino gehiago diozutelakotz behatzen? Jendeek gutiets zitzaten beldur zirelakotz, duzu zure hutsentzat erasiarik ez nahi, eta estakuru bilha zabiltza heien estaltzeko.
2. Bainan zeure buruari behatuz hobeki, onhartuko duzu mundua zure bihotzean bizi dela oraino, bai eta gizonen errankizunek gogoetatzen zituztela. Alabainan, zure hutsentzat ez duzunaz geroz erasiarik ez larderiarik onhartu nahi, ageri duzu garbiki ez zirela oraino egiazki umil; ez eta munduari ez zirela egiazki hila, ez eta mundua zuretzat.
Nere hitza entzun zazu, eta jendeen hamar mila elheez ez dukezu axolarik. Ditazken elhe tzarrenak zuretzat erranik ere jendeek, zer kalte zinuke, lasto-fits baten pare airez aire haizeak ereman ditzan uzten bazinitu? Burutik hilo bat bera khentzen ahal othe dautzute?
3. Bihotza khartsu ez duena eta Jainkoa begien aitzinean ez daukana, erasia txar batek errexki du asaldatzen. Niri bermatzen denak aldiz eta bere hartan egon beharrez ez dabilanak, gizonen beldurrik ez duke. Juje ni niz ezen, nik ditut gauza gordeenak ezagutzen; badakit nik gauza non nola gertatu den, laidoa nork nori duen egin.
Holako elhea nere ganik jin zaitzu, holako gauza nere haiarekin gertatu, hanitzen bihotzean gorderik zauden gogoetak argi betherat ager zitezen. Hobenduna eta hobengabea nik ditut egun batez jujaturen; bainan nihauk dakitan jujamendu gorde batez nahi ukan ditut, aitzinetik, bat eta bertzea haztatu.
4. Gizonen lekukotasuna maiz enganakorra, nere jujamendua aldiz egia: bethi bera egonen da eta ez da kordokatuko. Ardura gorderik dago, jende bakhar batzuer diotet xoilki agertzen gertakari bakotxean, bainan nehoiz ez du enganatzen, ez enganatze ahal, zuhurtziarik gabekoer ez dela zuzena iduriturik ere. Edozeren jujatzea bego beraz nere gain; ez bedi hortan nehor bere burutarik sar.
Jende zuzena ez da nahasiko, zernahi gerta dakion Jainkoaren nahiz. Ez duke axola handirik, hoben emaiten badiote ere jendeek zuzengabeki. Eta bertze batzu, alde jarririk, heltzen bazaizko xuritzerat, ez da ere horrengatik zoroki bozkariaturen. Orhoit da hura nik bakharrik dakitala bihoiz eta gerruntze barneen ikertzen, eta ez dutala axaleko idurien eta itxuren arabera jujatzen. Maiz jendeek laudagarri daukatena, niri osoki gaizki zait.
5. ARIMAK. O Jainko Jauna, juje zuzen, azkar eta jasankorra, gizonen ahuleziaren eta tzarkeriaren berri dakizuna, izan zite othoi nere indarra eta nere zurkaitza, ezen nere bihotzaren lekukotasuna ez zait aski. Zuk badakizu nik ez dakitana: erasia guziak beraz umilki behar nituen hartu eta ezti-eztia jasan.
Barka ezadazu othoi, hola egin ez dutan aldi guzientzat, eta pazientziarekin jasaiteko grazia emadazu ausarkiago. Barkamenduaren ardiesteko hobe segur zure urrikalmendu nasaia, nere kontzientzia uherraren xuritzeko duketan alegiazko zuzentasuna baino. Bihotzean deus errangurarik ez ukanikan ere, ez dut hori aski bizkitartean zuzen izaiteko: zure urrikaria khen, gizonetarik nehor ez baita saindu zure aitzinean.
47. KAPITULUA
Nahigaberik handienak behar direla jasan
bethiereko biziaren irabazteko.
1. JESUSEK. Ez lotsa, nere haurra, neretzat hasiak ditutzun lanetan; ez etsi den gutienik, heldu zaizkitzun atsegabeetan; bainan, zer-nahi gertaturik ere, nere agintzak azkar bezitza eta altxa. Nehoren beharrik ez dut, negurririk gabe zure saristatzeko.
Mundu huntan ez zira luzaz nekaturen, bihozminek ez zituzte leherturen bethi. Aphur bat igurika zazu, eta zure gaitzak bururatzen ikusiko ditutzu laster. Tenore bat jinen da, zure lanak eta nahasdurak bururatuko baitira. Egunekin batean itzaltzen direnak oro, gauza guti dira eta guti dute irauten.
2. Egin, egiteko duzuna; nere mahastian ar lanean leialki: nihau izanen niz zure saria. Idaz, irakur, kanta, ar oihu-minka, egon ixilik, egin othoitz, nahigabeak jasan gizonki: bethiereko biziak gudu hoik oro eta handiagoak balio ditu. Bakea jinen zaitzu, Jainkoak dakien egun batez: orduan ez da orai bezala egunik ez gauik izanen, bainan bethi argia, bethi iguzkia, bethi bakea eta pausu geldi bat.
Ez duzu erranen orduan: gorputz hilkor huntaz nork gabetuko nu; ez eta oihu eginen: oi zer nere zorigaitza, oi nere desterruaren luzea! Ezen herioa leizerat aurtikiren du Jainkoak, eta zoriona ezin galduzkoa izanen da; orduan auhen bihirik ez, bainan bozkario dohatsu bat; orduan gozotasuna eta ospea, biak elgarrekin.
3. O! sainduen koronak ikusten bazinitu zeruan! Munduak lehenago, bizitzeko gai izan ez balira bezala, zangopean zauzkanak, zer ospearen eta bozkarioaren jabe diren orai bazinaki, segur abian lurreraino aphal zintazke, eta nahiago zinuke guzien azpiko jarri, bati berari manatzea baino. Mundu huntako atseginak ez zinitzazke gutizia ere: Jainkoaren gatik zerbaiten jasaiteaz ba, bazinuke atsegin; eta jendeen artean ezdeustzat hartua izaitea irabazietan handiena litzaitzuke.
4. O! egia hoik goxo balitzaizkitzu eta bihotzaren zolaraino sar bazinitza, nondik zinuke behin erranguratzeko kopeta? Neke guziak ez othe dira jasaitekoak, bethiereko biziaren irabazteko? Jainkoaren erresumaren galtzea edo irabaztea ez ahal da?
Altxa beraz begitartea zeruari buruz: han nago ni; nerekin han daude mundu huntan azkarki gudukatu diren saindu guziak. Orai bozkarioetan hek, orai atseginetan, orai beldur guzietarik atherbean, orai pausuan; eta menderen mendetan nerekin egoitekoak nere Aitaren erresuman.
48. KAPITULUA
Bethiereko zorion betheaz
eta bizi huntako hersturez.
1. ARIMAK. O zeruko egoitza guziz dohatsua! O bethiereko egunaren distiranta, gauak nehoiz ilhuntzen ez duena! Egun bethi bozkariozkoa, bethi segura, eta nehoiz bertzelaka ez ditakeena! O egun hura jina balitz, lur huntako zer guziak suntsituak balira!
Jadanik badute sainduek argia darion bethiereko egun hura: bainan lur gainean dabiltzanek ez dute ikusten oraino, urrunerat eta itzal hanitzen artetik baizen.
2. Zeruko egoiliarrek egun hari zer bozkario datxikon badakite: oraino lur gainean diren Ebaren semeak, aldiz, hasperenka daude, hemengo egunak zoin kiretsak eta okaztagarriak diren ikusiz.
Lur huntako egunak laburrak eta tzarrak, auhenez eta hersturaz betheak: hemen bekatuek zikintzen dute gizona, aztura hanitzek beren saretan sartzen, asko beldurrek dardarikatzen, asko griñek tirabiratzen, asko ergelkeriek barreiatzen, asko ezdeuskeriek berduratzen, hanitz gezurrek inguratzen, ehun lanek lehertzen, mila tentazionek ethentzen, gurikeriak zaingabetzen, beharrak mingaizten.
3. Oi gaitz hoik noiz dira itzaliko? Noiz suntsituko, koropilatua naukaten jaidura tzarrak? Zutaz bakharrik noiz othe niz orhoituren, Jauna? Zu baitan noiz bozkariaturen osoki? Deusek ez nehork poxelurik egin gabe, noiz othe niz biziko egiazki libro, arimako ala gorputzeko gaitz guzietarik atherbean? Noiz duket bake azkarra, bake iraunkor eta segura, barneko eta kanpoko bakea, deusek ez nehork nahas ez dezaken bakea?
O Jesus ona, zure ikusterat noiz othe niz helduko; zure erresumaren ospea noiz dut begiretsiko; noiz izanen zaizkit guzietan guzia? O noiz aurkituren niz zure erresuman, bethieretik zure hautetsientzat daukazun erresuman? Etsaien artean nago gaixoa bakharrik, nere herritik urrun, egun oroz gudukan eta ezeria gorrienean.
4. Nere zorigaitza arin zazu eta nere auhena ezti, nere gutizia guziak, ezen, zuri buruz doatzi, dei errepiketan. Munduak eskaintzen dauzkitan laguntza guziak nekagarri zaizkit. Nere bihotz guziaz zutaz gozatu nahi nuke, bainan hortarat ezin helduz nabil. Zeruko gauzer nahi nintazke josi, bainan ontasun iragankorrek eta nere jaidura tzar, heziak ez ditutanek leherturik naukate. Gauza guziez gorago altxatu nahi nuke gogoa, bainan gorputzak heien menerat aphaltzen nu nahi-t'ez. Hola, nizan bezalako dohakabea, nihaurekin borroka ari niz; nere burua zama bat zait, arimak goiti eta gorputzak beheiti aiherka deramatena, zoinek bere eskualde.
5. Oi zer nere bihotzeko auhena, gogoa zeruko gauzetan izankita, gogoeta tzarrak nere othoitzaren nahasterat metaka heldu zaizkitalarik!
Nere Jainkoa, ez urrunt othoi nitarik eta zure hasarrean ez baztert zure zerbitzariaren ganik. Aurtik othoi zure ortzia, eta barreia gogoeta hoik; bota gain-beheiti zure geziak, eta suntsituko dira etsaiaren maltzurkeriak. Bil zazu zure ganat nere izaite guzia; egizu munduko zer guziak ahantz ditzatan, nitarik urrunt ditzatan eta ostika nere jaidura tzarretarikako ametsak.
Hel zakizkit, o bethiereko Egia, eta ezdeuskeria bihi batek ez biezat bar bihotza. Zato, zeruko egoiliarren Gozoa, zure aitzinean ihes joan bedite lizunkeria guziak. Barka ezadazu niri ere, barka othoi, othoitzean zutaz bertze zerbait gogoan derabilatan aldi oroz.
Zinez aithortzen dut, gogoa maiz bertze nonbait dutala. Xutik ala jarririk, ez niz ardura gorputza dutan tokian. Nere gogoak norat ere bainerama eta han aiz maizenik. Nere gogoa non, ni han; ardura nere gogoa maite ditutan zeretan. Jitez maite dutana edo laket ohi zaitana, hura lasterka heldu zait bururat.
6. Hortakotz diozu garbiki: Non zure ona, han zure bihotza. Zerua badut maite, zeruko gauzez niz gogotik orhoitzen. Mundua badut maite, munduko onek nute bozkariatzen eta hango gaitzek ilhuntzen. Gorputza badut maite, gorputzari doazkon zerak zaizkit maiz gogoratzen. Arima badut maite, arimari doazkonak ditut gogoan erabiltzen. Alabainan zer ere baitut maite, eta hartaz mintzatzea dut gogotik entzuten haren itxura dakarrat nerekin etxerat.
Dohatsu, zure gatik kreatura guziak urruntzerat uzten dituena; bere jite tzarra hezten duena nahit'ez; bihotza khartsu daukalarik, haragiaren gutiziak zaphatzen dituena; hola haren bihotzak, bakeaz jabeturik, othoitz garbiak eskaintzen baitauzkitzu, eta, kanpoz ala barnez lurtiar guzier uko eginik, on baita zeruko aingeruen lerroetan sartzeko.
49. KAPITULUA
Bethiereko biziaren goseaz, eta
gudulari bihozduner hitzeman ontasunez.
1. JESUSEK. Nere haurra, zeru gainetik bethiereko zorionaren gosea emana zaitzularik, bai eta gorputzeko bahitegitik atheratzekoa, nere argi itzalik ez hitsaldirik gabekoaren begiresteko, —zabal zazu zure bihotza eta zerutikako asmu saindu hori onhar amodiorekin. Jainko guziz onari bihur esker minenak, hain samurki arthatzen zituelakotz, hain amultsuki ikuskatzen eta, zuhauren haztak lurreko gauzetarat lerraraz ez zitzan, hain azkarki altxatzen.
Gutizia hoik, ezen, ez dute zure gogoan edo zure ekintzetan beren ithurburua, baizik zeruko grazian. Jainkoari daizkotzu zor, zure ganat aphaldu nahi ukan baitu bere behakoa, bertutean eta umiltasunean geroago gehiago aitzina ziten, jinen zaizkitzun guduer buruz azkar dezazun zure bihotza eta, zure indar guziez niri loturik khartsuki, nere zerbitzatzerat gogotik lehia ziten.
2. Zonbat-nahi bizia izan dadin sua, kherik gabe bizkitartean ez da altxatzen kharra. Halaber, zeruaren gutiziak erreak daude batzu, gorputzeko irrits eta tentazionetarik ez direnak oraino osoki garbi. Hortarik da ez baitabiltza Jainkoaren gatik bakharrik, arren eta arren galdeka ari zaizkolarik.
Holakoak ere dira maiz zure gutiziak, zinezkoak eta kharrez betheak dauzkatzularik zuhauk. Nork bere goxoki-nahitik sortzen dituen gutiziak ez dira garbiak, ez onak osoki.
3. Galda, ez laket zaitzuna edo on duzuna, bainan niri on eta ohoragarri zaitana; ezen, zuhurra baduzu, zure gutiziak eta munduko gauza guziak baino nahiago behar duzu ukan nik manatua dautzutana eta huni behar zaizko jarraiki.
Badakit zure nahikariak zer diren; entzuten ditut zure auhenak. Nahi zintazke jadanik Jainkoaren haurren artean izan, libro eta lorios; atseginarekin ez zagozke bethiereko egoitzaz eta bozkariozko zeruaz orhoituz; bainan hartarako tenorea ez duzu oraino jina: gerlatean zira oraino, lan-artean, nahigabe jasaiteko urthetan. Ontasun soberanoaz nahi zintazke ase, bainan ez ditakeena da ora¡. Ni niz ontasun hura: zagozkit aiduru, Jainkoaren erresumako aldia jin arte.
4. Lur gainean asko nahigabe jasan behar ditutzu oraino, eta hanitz atsegabetarik barna duzu iragaiteko. Zoriona badukezu noizetik noizerat, bainan ez zorion nasai, osoa. Azkar eta tente zaude beraz, zure naturalezari ez doazkonak bai egiten bai jasaiten ditutzula ontsa. Gizon berria jauntzi behar duzu eta bertze gizon bat bilhakatu. Nahi ez duzuna, maiz egin behar; eta nahi duzuna, utzi.
Bertzeak beren urratsetan ontsa heltzen ikusiko ditutzu: zuk, zure bidean, harri mokorrak ditutzu joko milaka. Bertzeak entzunik izanen dira: zuri itzuliko zaizkitzu aditzaleak bizkarrez. Bertzeek galdatzea askiko dute ukaiteko; zuk, aldiz, galdatuko eta ez ardietsiko. Jendeen aho-mihitan handiak izanen dira bertzeak: zu nehork ez zitu aiphatuko ere. Hau edo hura emanen diote bertzeer egiterat: zu, deusetako on ez bazina bezala, zituzte bazterrerat utziko. Hortarik bihotza ilhunduren zaitzu artetan; zerbait izanen zira, bazagozke halere ixilik.
5. Nahigabe hoien eta holako hanitzen bidez, ohi da ezagutzen nor den Jainkoaren zerbitzari; hoitarik da ageri nork nola dion bere buruari uko egiten eta nola duen hau garaitzen, edozoin aldartetan.
Deusek ez dautzu, nere ustez, zure buruari hil behar zirela erakusten, nola gutienik nahi ditutzun gauzen begiz ikusteak eta jasaiteak, bereziki laket eta deusetako on ez zaizkitzun gauza batzuen egiterat manatua zirelarik. Buruzagi baten azpiko zirenean, nagusi hari jazartzeko kopetarik ez duzulakotz, garratz zaitzu haren eskumakil bizitzea eta zuhauren nahikundeer uko egitea.
6. Bainan, nere haurra, lan hoien ondorioak erabilzkitzu gogoan; orhoit bururaturen direla laster eta zer sari handia darraikoten: hola ez ditutzu dorpeak kausituren, bainan zure pazientzia ezin gehiago azkarturen da.
Zure nahikeri txarrer ora¡ beretik eta gogotik uko egiten badiozute, zeruan nahi duzuna eginen duzu bethi. Han nahi ditutzun guziak eta gutizia ditzazketzunak oro kausituko ditutzu; han ontasun guziez jabetzen ahalko zira, galtzeko beldurrik gabe. Han zure nahiak nerearekin bat eginen du: nitaz landa ez duzu ontasun bihirik nahiko. Han nehor ez zaitzu jazarriren, nehork ez dautzu kalapitarik emanen, nehor ez dukezu poxelu, nehor aiher: bainan gutiziatu guziak han badituzketzu batean, zure bihotza osoki asetzen dutela eta gaindika bethetzen. Hartu laidoentzat han emanen dautzut ospea, jasan auhenentzat ohorea; han, lur gaineko azken mailaren orde, bethiereko errege-alki bat. Obedientziaren ondorioak han dira ageriko; han da bozkariaturen bere burua nekatu duena; umilki bertzeen azpiko egon dena, Jainkoak han du saristatuko ederki.
7. Ora¡ beraz umilki aphal zite bertzeen eskupean, nork zer dautzun erran ala manatu kasurik egin gabe. Galdatu ala manatu guziak artha handienarekin onharzkitzu eta gogotik egin, galdatzalea edo manatzalea izan dadin zure buruzagi, zu baino gazteago ala zure kideko. Batek hau dezala bilha, bertzeak hura; bat aho betheka espantuz ar dadiela huntaz, bertzea hartaz; hamar mila jendeen laudorioak ditzatela bil; begozi: zu, ordean, ez bozkaria ez huntan ez hartan, baizik zure buruaren gutiestean, nere ospean eta nere nahi sainduan. Hauxe bakharrik duzu gutiziatu behar zuk: bai bizitzeaz bai heriotzeaz Jainkoa izan dadin bethi goretsia zu baitan.
50. KAPITULUA
Auhenetan dagonak, bere burua
nola behar duen Jainkoaren eskuetan ezarri.
1. ARIMAK. Jainko Jauna, Aita guziz saindua, izan zitela goretsia ora¡ eta bethi, oro egin izan direlakotz zuk nahi bezala, eta zuk egin guziak ontsa baitira. Zu baitan bedi bozkaria zure zerbitzaria, ez bere baitan, ez eta bertze bihi baten baitan: zu zira xoilki bozkario egiazkoa, zu nere esperantza eta nere loriazko saria, zu nere zoriona eta nere ohorea, Jauna.
Zeren jabe da zure zerbitzaria? Xoilki zuk eman diozunaren jabe, deusen gai ez zelarik bizkitartean. Oro zureak dira, oro zuk emanak, oro zuk eginak. Beharrean nago ni eta lanetan haurzarotik; batzutan hits dago nere arima nigarretaraino, batzutan ere nahaspilatzea da, jaidura tzarrek hertsaturik.
2. Bakeari darraikon bozkarioa dut gutiziatzen; zure haurrek duten bakea dut eskatzen, zure zorionaren argiarekin hazten ditutzun zure haurren bakea. Bake hori emaiten badautazu eta zorion saindu hori bihotzerat ixurtzen, bozkarioz betheko da zure zerbitzariaren arima eta zure goresten ariko khartsuki.
Bainan, ardura egiten duzun bezala, itzaltzen bazaizko, ibiliko da lasterka zure manamenduen bidean; belaunikatzea ez zaio gelditzen orduan eta bere bulharren jotzea, ez diolakotz aitzineko egunetan bezala buruaren gainerat distiratzen zure argiak, eta zure hegalpeak ez baitio tentazionetarik begiratzeko emaiten atherbe.
3. O Aita zuzen eta bethi goresgarria, zure zerbitzariaren frogatzeko tenorea jina da. Aita guziz maitagarria, zuzen da zure zerbitzariak zerbait jasan dezan orai zuretzat. Aita bethierekotz adoragarria, jitekoa zela zuk bethidanik zinakien tenore hura jina da: zure zerbitzaria ephe labur batentzat eroriko bezala da orai, bainan bihotzez bethi zu baitan bizitzeko, Jendeek behin guti edo aski erdeinaturen dute, aphalduren, erhautsiren; jasanaren jasanaz ehoa izanen da, ezin xutitzeko heinean mamitua: bainan egun berri baten argi-urratzearekin batean zurekin pizteko eta zorionezko ibaian sartzeko, zeruetan. Aita guziz saindua, zuk hola nahi ukan duzu, hala duzu manatu, eta zuk manatua bethe izan da.
4. Hau da zure adiskidearentzat daukazun grazia: nahi duzu atsegabeak jasan ditzan mundu huntan zu maitez, zuk nahi duzun negurrian eta iduri zaitzun edozoinen bidez. Deus ez da gertatzen lur gainean itsurat, gibelondo zerbait zuk emana ez zaionik, zure zuhurtziak manatu ez duenik.
Zuk aphaltzea on nuen, Jauna, zure legeen ikasteko, nere bihotzetik harrokeria eta urgulu guzien khentzeko. Ahalgeak begitartea estal zezatan on nuen, nere atseginaren zu baitan bilhatzeko, ez gizonetan. Ikasi ere dut zure jujamendu gordeetaz beldurtzen, bai eta jende zuzena kaskatzen duzula nola bihurria, zoin bere negurrian haatik eta sekula zuzenik gabe.
5. Eskerrak zuri, nik egin gaizkientzat zure besoak ez nuelakotz gupidetsi; aitzitik, ukaldi garratzenez porroskatu nuzulakotz, kanpoz ala barnez min eta hersturak igorriz.
Iguzkipean ez da deus ez nehor, bihotza altxa dezaketanik, zu baizen, nere Jainko Jauna, arimen arthatzalea. Zuk duzu zauritzen eta sendatzen, zuk ifernurat eremaiten eta handik gibelerat bidatzen, Zure erakaspenek naukate sailean; zure zigorrak argituko nu berak.
6. Huna non nizan zure eskuetan, Aita maitea; zure zaharoaren ukaldier nago. Jo nere bizkarra eta nere lepo-hezurra, zure nahi sainduaren araberalat xuxent ditezen nere nahikunde makurrak.
Hain ontsa dakizun bezala, haur khartsu eta umil bat egizu nitarik, zure nahi sainduaren bethetzerat dagokeena bethi, lehen keinurat. Nizan guzia, ditutan guziak zure eskuetan emaiten ditut, zuk zuzentzeko: zigorraz hemen joa izaitea hobe dut, bertze munduan baino.
Guzien berri badakizu xeheki eta gizonaren bihotzak deus gorderik ez du zuretzat. Geroaren berri badakizu, gertatu aitzinetik eta nehoren beharrik ez duzu nork zer egiten duen jakiteko. Zuk badakizu bertutean aitzinatzeko zer dutan on: nahigabea zoin on dutan nere hutsetarikako herdoilaren garbitzeko. Egizu nitaz zure olderat; debalde ez utz nere arima bere bekatuen gatik, nehork baino hobeki ezagutzen daizkotzun bekatuen gatik.
7. Egizu, Jauna, jakin behar dutana jakin dezatan, maite behar dutana maita, gehienik laket zaitzuna gorets, on zaitzuna kausi dezatan on, gaizki zaitzuna dezatan gaitzets. Ez nezazula utz nere gorputzeko begiek ikusiaren arabera jujatzerat, ez eta entzuten ditutan elhe arinen arabera mintzatzerat, bainan egizu gorputzeko zerak eta arimakoak elgarretarik zuzenki zeihar ditzatan nere iduripenean, eta guziz lehia nadin zure nahia nolako den ezagutzerat.
8. Gizona maiz enganatzen, bere naturalezaren arabera jujatuz; ba mundutiarra, begiz ikusten dituenak baizik ez maitatuz.
Gizon batek gehiago balin dukea, den baino handiago egiten duelakotz norbaitek? Gezurti batek gezurti bat du enganatzen, ezdeus batek ezdeus bat, itsu batek itsu bat, eri batek eri bat, gizon batek bertzea aho-betheka handiesten duenean; eta finkarik gabeko laudorioek ahalgetzen baizik ez dute, egiazki, emanak zaizkona. Ezen, san Frantses umilak ziona, nor zonbat ere baitaukazu zuk, Jauna, eta izaitez da hura hanbat, den gutienik ez gehiago.
51. KAPITULUA
Obra handientzat on ez dena,
ttipietan egon behar dela.
1. JESUSEK. Nere haurra, bertuteari buruz ez dezakezu bethi berotasun bera atxik; ez zagozke ere bethi khartsutasunaren ozka berean: noizean behin, sortzez eta izaitez makurra zirelakotz, nahit'ez zira jautsiren beherago, eta zure bizi galkorraren hazta ezinbertzez eta hasperenka duzu jasan beharko. Gorputz hilkor hori deramazuno, unhadura eta bihozmin asko badukezu. Gorputz hori baduzuno, gorputz horren haztak maiz auhenkaraziko zitu, bihotza hertsatzen dautzula, ez baitzitu arimako zeretan geldi-geldia utziko, ez eta Jainkoaren behin bethikotz begiresterat.
2. Orduan dukezu on, orduan, kanpo lanpide xumeetarat ihes egitea; obra on zonbaitetan zure gogoaren jostatzea; fidantza handienarekin nere ikustaldiaren aiduru egoitea; jabaltzerat itzuli ez nitzaitzuno, zure bihotzeko agorraren eta arrotzaren pazientziarekin jasaitea. Itzuliko nitzaitzu bada segur. Nekeak ahantz-araziko dauzkitzut. Gozaraziren zitut bihotzeko bakeaz. Zabalduren dauzkitzut Liburu Sainduetako alhor bihitsuak: bihotza zorionak hanturik nere manamenduen bideari abia ziten lasterka. Eta erranen duzu: Bizi huntako minak ez dira, egun batez agertuko zaitan ospearen bethe.
52. KAPITULUA
Gizonak ez duela uste ukan behar
atseginak dituela hartze,
bainan ba zigorradak.
1. ARIMAK. Zure kontsolamenduen ez niz gai, Jauna, eta nere bihotzerat jauts ziten ez dut merezi. Zuzenki ari zaizkit beraz, gabezian eta auhenetan uzten nuzularik. Itsasoaren bethe nigar egiten ahal banu ere, ez nintazke oraino zuk kontsolatzeko gai. Zigorra eta zaharoa baizik ez ditut hartze, ardura eta handizki laidoztatu zitutalakotz eta mila gisetarat dutalakotz bekatu egin.
Oro ontsa haztatu ondoan, aithor dut ez nizala atsegin ttipienaren gai. Bainan zuk, Jainko samur eta urrikaltsua, zuhauk eginak suntsi ditezen nahi ez duzuna, —zure oneziaren aberaslasuna urrikalmendu-ibaietan ixurtzea gatik, zor ez zaion negurrian zure zerbitzariari bihotza altxatzen diozu, Jainko bati doakon aran. Zure kontsolamenduak, alabainan, gizonen arteko solas hutsaletarik bertzelakoak dira.
2. Zer egin dut, Jauna, zuk niri zerutikako kontsolamendu ttipienaren emaiteko? Nere orhoitean, deus onik ez dut egin; gaizkirat aldiz ixuria nintzan bethi eta biziaren zuzentzerat nagi. Horra egia, nik ezin ukatua. Bertzerik banerasa, niri bihur zinitazke eta ez nuke nehor aldekorik.
Nere bekatuentzat zer dut hartze, baizik ifernua eta bethiereko sua? Zinez aithortzen dut laido eta trufa guziak merezi ditutala eta zure zerbitzari khartsuen lerroetan sartzeko ez dutala nik. Eta, nahiz bihozmin dutan huntaz, egiaren alde jarriko dut lekuko nere burua bera: hobendun nizala aithortzen dut, zure urrikalmenduaren errexkiago ardiestekotan.
3. Nizan bezala hobendun eta ahalgeak urtua, zer erran dezaket? Hitz hau baizik ez dut utziko erortzerat: Bekatu egin dut, Jauna, bekatu egin, urrikal zakizkit, barka ezadazu othoi. Nere atsegabean nigar xorta zonbaiten ixurtzerat utz nezazu, leku ilhun eta herioak goibeldurik daukan hartarat joan baino lehen.
Hobendunari, bekatore dohakabeari zer diozu galdatzen, bere bekatuen urriki minarekin aphal dadin baizik? Egiazko urrikitik eta bihotzeko umiltasunetik sortzen da barkamenduaren esperantza; hek dute jabaltzen bihotz iraulia; hek gibelerat itzultzen galdu grazia; eror ditaken Jainkoaren hasarrea hek baztertzen, eta besarka saindu batean hek batzen arima urrikitua Jainkoarekin.
4. Bekatorearen urriki umila laket zaitzu, Jauna, isentsuaren usaina baino biziki laketago. Hura da zure oin sainduen gainerat ixurtzea nahi zinuen gantzugailua, ezen bihotz urrikitu eta umila ez duzu behinere arbuiatu. Urrikian da etsai errabiatuaren kontrako ihes-lekua; urrikiak du oneratzen eta garbitzen bide bazterretan ohitu eta zikindu den bihotza.
53. KAPITULUA
Lurreko zerer atxikiak daudenen baitan
ez duela graziak uztarik emaiten.
1. JESUSEK. Nere haur handizki baliosa da nere grazia; atze dituen zerekin eta lurreko gozakariekin ez dezake nahas-mahasik onets. Graziak poxelu dituen guziak behar ditutzu beraz baztertu, bihotzeratu nahi baduzu. Urrunt zite guzietarik, bakhar bakharrik egoitea maita zazu, solas alferretarik egizu ihes, othoitz zazu geroago gehiago Jainkoa eta khartsukiago, urrikitan eta garbi idukitzea gatik bihotza. Munduari begiak hets, den guzia ez balitz bezala, eta Jainkoari lot lurreko gauzer baino hertsikiago.
Ez dezakezu gogoa ni baitan finka eta, orozbat, gauza iragankorretan atsegin har. Ezagunetarik eta adiskideetarik urrundu behar zira eta lurreko gozakari gutietarik kanpo egon. Giristinoer hau zioten galdatzen Jondoni Petrik: Arrotz eta bidekari batzu bezala ibil zitezen mundu huntan.
2. O zer fidantza duken hiltzerat doanak, atxikimendu bihi batek ez badauka munduari josirik! Bainan eri den arima ez dagoke guzietarik hola bazter; eta lurreko gauzer josirik dagon gizonak ez daki, zonbat bere buruaz jabeago den bere baitan bizi den gizona.
Egiazki khartsu nahi bazira, bai hurbilekoer bai urrunekoer behar diozute egin uko eta zeure buruari nehori baino gutiago fidatu. Zeure buruaren osoki garaitzerat heltzen bazira, etsai guziak errexki azpiratuak dituzketzu. Garai-ik handiena, nork bere buruaren garaitzea. Bere burua hezten duena, alabainan, gorputza arimaren sehi eta arima nere zerbitzari ezartzeko gisan, hura da, hura, bere buruaren jabe eta mundu guziaren nagusi.
3. Goien hortarat heldu nahi bazira, gizonki behar duzu, hasian has¡, haizkorarekin erroari lotu, zure buruaren eta lurreko ontasunen alderat duzun amodio gorde eta makurraren mozteko.
Bere buruaren sobera maitatzetik dathorzkio gizonari, ondoan garaitzeko eta errotik khentzeko dituen aztura guziak. Bere alderako amodio itsutik athera bezain sarri, bake eta jabaldura handia duke bihotzean.
Bainan beren buruari hiltzerat gutiak direlakotz ari eta beren hartarik ilkitzerat gutiak lehiatzen, hartakotz daude, bethi berdin, jaidura tzarren esku-makil, eta gogoa ezin dakiokete beren buruaz gorago altxa. Bere buruaren jabe nerekin ibili nahi duenak, bere bihotzaren lerrabideak gogorki behar ditu zaindu eta kreatura bakhar bati ere atxikimendu bereziz ez lotu.
54. KAPITULUA
Graziaren urratsak naturalezaren
urratsetarik bertzelakoak direla.
1. JESUSEK. Nere haurra, beha ontsa graziaren eta naturalezaren urratser: nahiz biziki aiher diren elgarri; non zoin diren nekez da ikustea; jende khartsu eta argituenek berek batzu bertzeelarik doi-doi dituzte berexten.
Orok ongia nahi segur, eta, beren elhe eta obretan, guti edo aski bilhatzen; hortakotz ditu bada ongiaren itxurak enganatzen gizon hanitz.
2. Naturaleza maltzurra da, jende hanitz bereganatzen du, saretan sartzen eta enganatzen, ba eta da bethi beretzat ari; grazia, aldiz, lañoki dabil, gaizkiaren itzalari berari ihes egiten du, arte bihirik ez hedatzen, oro Jainkoarentzat ditu egiten garbiki eta Jainkoa baitan da pausatzen bere azken mugan bezala.
3. Naturaleza heriotzeari bihurri; hertsaturik izaitea ez du onesten, gaitzi zaio azpira dezaten edo eskupeko ezar; bere oldez eskuperatzeak latz egiten dio. Graziak aldiz zeure buruaren nekatzerat zeramatza, zure jaidura tzarrer ihardukitzerat, bertzeer mendutzerat. Harekin zure libertateaz ez duzu axolarik; garaitua izaitea, bertzeen azpiko bizitzea berdin zaitzu; zure buruaren jabe ez eta nehoren nagusi izaitea ez duzu nahi, bainan ba Jainkoaren eskuko bizitzea, egoitea eta izaitea bethi eta Jainkoaren gatik edozoinen eskupean umilhi aphaltzea.
4. Naturaleza beretzat ari da lanean, nork zer on ekarriko dion begiak landatuak dago. Graziak aldiz ez du behatzen nondik zer on duken nor-berak beretzat, bainan ba zer onik duketen ere bertze zonbaitek.
Naturalezak ohore eta jauspen gogotik du hartzen; graziak aldiz ohore eta ospe guziak Jainkoari ditu leialki bihurtzen: Naturaleza laidoen eta ahalgeen beldur da; grazia aldiz, Jesusen izenean, laidoen jasaiteaz botz. Naturalezak alferkeria eta pausa maite ditu; graziari aldiz lana besta bat baitzaio, lanean gogotik da ari.
5. Naturaleza gauza pollit eta ederren ondotik dabil, txar eta itsusiak bere ganik urrunduz. Graziari aldiz gauza bakun eta aphalak laket zaizko; den kazkarrenak ez du lotsatzen, piltzardunak berak ez izitzen.
Naturaleza lurreko ontasun gose, heien ukaiteak du bozkariatzen, galtzeak ilhuntzen, elhe gaixto ttipienak khexatzen. Grazia aldiz, bethiereko ontasuner beha dagola, lurrekoer ez da lotzen, hauien galtzeak ez du histen, elhe makurrenek ez hasarretzen: bere ontasunak eta zoriona zeruan ezarririk dauzkalakotz, deusik galtzen ez den zeruan.
6. Naturaleza zikoitza da. Emaiten baino gogotikago du hartzen. Berea du xoilki maite. Graziak aldiz berea gogotik emaiten orori, beretzat bakharrik deusik ez nahi, beretzat aski guti. Badu uste emaiteari atsegin gehiago darraikola hartzeari baino.
Naturalezak lurreko zeretarat, atsegin tzarretarat, esdeuskerietarat eta solas alferretarat du bere ixurkia. Graziak aldiz Jainkoaren ganat eta bertute biltzerat altxatzen gizona. Ordutik hunek lurreko ontasuner uko eta munduari ihes baitu egiten, gorputzaren nahikeriak zaphatzen ditu, barreia-bideak bakantzen, jendeetarat agertzeak berak ahalgetzen.
Naturalezak bere atsegina gorputzari doazkon gauzetan gogotik du hartzen; graziak aldiz bere zoriona Jainkoa baitan baizik ez du bilhatzen eta, lurreko zer guztiak oinkaturik, bere atsegina Ontasun soberanoa baitan jartzen.
7. Naturaleza bethi beretzat eta bere onetan ari da. Urririkakorik ez du deus egin nahi. Bertzeentzat ari da, uste duelarik hok ordaina edo zerbait gehixago emanen diotela dela fagore, dela laudorio. Egiten duen izpia, emaiten duen poxia zer-nahi bazaizko, zer-nahi badirela nahi luke erakuts balezote lagunek.
Grazia aldiz ez dabil urtheek deramatzaten ongien ondotik: Jainkoaz bertze saririk ez zaio sori. Bizitzeko baitezpada behar dituener berer ez da atxikia, bethiereko biziaren irabazteko on dituen negurrian baizik.
8. Naturaleza adiskide eta ahaide hanitz ukaiteak alaitzen du; sortzez handietarik balin bada edo nolazpeit handien lerrorat heldua, dagon mailaz da hanpatzen. Handien alderat dena agur, aberatsetarat dena elhe zuri, bere kidekoen goresle bethi.
Graziak aldiz bere etsaiak ere maite ditu; grazia adiskideen ketaz ez da urgulutan sartzen. Grazian denari ez zaio deus aitoren-seme edo familia zaharretarik izaitea, non ez zituen bere arbasoak bertutez bertzeer nagusi. Gabezian denari aberatsari baino begitarte hobe ohi du egiten; hobenik-gabearen aldea gogotikago hartzen, azkarraren aldea baino. Egia maite duen gizona du laguntzat nahi, Gezurtiaren ganik baztertzen da. Jende onen sustatzetik ez da baratzen, onak hobetzerat lehia ditezen oraino, beren bertuteaz Jainko-Semearekin eite hartzeko xedetan.
9. Naturaleza eskas ala poxelu duenaz laster erranguratzen da; graziak aldiz gabezia pazientziarekin du jasaiten. Naturalezak beraren ontsatzerat bidatzen ditu oro; bere intresentzat gudukatzen kalapitan. Graziak aldiz guziak Jainko ithurburuaren ganat ditu itzultzen; ongia bere ganik eta berez-bere dukelakorik ez du. Eztabada ez zaio laket; bere iduripenean ez da thematzen, hobea iduriturik. Bere asmu eta gogo guziak onhartzeko uzten ditu bethidanikako Zuhurtziari; jujatzeko, Jainkoari.
10. Naturaleza berri eta segeretu gose da; bere buruaren erakusterat irrikatua da, nola gauza guzien ikusterat, ikuskatzerat bere begiz; ezagutua izan dadin, laudatua, miretsia, horra zer tirriak derabilan.
Grazia aldiz ez da berriketari, ez begi-luze: badaki aztura hoik har-joaren ustel usain bat badutela, —berririk deus, deus iraunkorrik ez denaz geroz lur gainean.
11. Graziak erakasten dauku beraz gorputzeko nahikerien negurritzen, geure baitan ez alaitzen, gure buruaren behar gabe ez agertzen, gorderik egoiten, laudatuak eta miretsiak izaitea merezi dugularik. Nahi du, jakitate ala bertze edozeretan, arimarentzat on dukeguna baizik ez dezagun bilha, hau orozbat Jainkoarentzat ohore delarik eta ospe.
Bere alde diren edo egiten dituen ongientzat ez dabil laudorio-keta; du bakharrik nahi Jainkoa izan dadin goretsia, bere amodio garbian igortzen dituen emaitzetan.
12. Grazia hori naturalezaz goragoko argi bat da, Jainkoaren emaitza berezi bat, hautetsien zigiloa edo marka eta salbamenduaren finka: gizona lurreko gauzetarik zerukoen maitatzerat derama lehen gorputzeko atseginetarat zagona arimako zeretarat sustatuz.
Herstuago beraz eta heziago naturaleza, eta graziaren ihintza egunetik egunerat nasaikiago heltzen xoko guzietarat, gizona baitan alki berri egiten duela Jainkoarentzat.
55. KAPITULUA
Gure jitearen tzarraz eta
graziaren ondorio onez.
1. ARIMAK. Nere Jainko Jauna, zure eite eta idurirat egin nuzuna, emadazu, othoi, nere salbamenduko hain baitezpadakoa erakutsi dautazun grazia handi hori, nere jite tzar, bekaturat eta galbidetarat herrestan neramana hez dezatan. Nere gorputzean sendi dut alabainan bekatuaren legea, arimaren legeari aiher dagona eta nere gutizia tzarren bethetzerat neramana, nahi badut ala ez. Nere jaidura tzarrer ez dezaket iharduk, zure grazia saindua bihotzerat bero beroa ixuriz laguntzen ez banuzu.
2. Zure graziaren beharretan niz eta behar handitan, nere jite, haurzarotik gaizkirat ixuria dagonaren garaitzeko. Adam lehen gizonaren bekatuak kotsatu du gure jitea. Haren hutsaren ondorio gaixtoa jautsi da gizon guzien gainerat. Oro lehertuak gauzka. On eta zuzen egina zinuen naturalezak, arbasoaren bekatutik ahulezia dakar eta makurkeria. Bere gain utziz, ez doake makur baizik, lurreko gauzetarat eroriz buruz behera. Gelditu zaion ahal izpiak iduri du hauspean gorde pindarñoa.
Ahal ttipi hori sortzetik dugun adimendua da, hedoi lodi batzuek alde orotarik inguratua. Badaki oraino ongiaren berexten gaizkitik, gezurretik ere ba egiaren, bainan ontsa zaionaren obratzeko ez du ordean ahalik: egiaren argi bethea ez baitauka arren bere baitan eta bihotzeko kharra ez baitu osoki garbia.
3. Hortako dut bada, Jauna, gizon khartsu bezala zure legean atsegin hartzen; hortako niz ohartzen zure manamenduak onak direla, zuzenak eta sainduak, gaizkia gaitzesten dutelakotz eta gutarik bakotxa bekatutik zeihartzen. Bainan nere larruaren barnean, bekatuaren legeak bere lokarriez tinkatua nauka adimenduari baino jarraikiago niz gorputzeko nahikerier.
Hortako dut ni bailan ongiaren gutizia, bainan ezin egina era ba. Hortako ditut xede onak hartzen ardura; bainan nere ahulezia zurkaizten duen grazia eskasten zaitanean, den trabarik ttipienari amor emaiten diot eta erortzen niz. Saindutasunerako bidea itsu-mandoka hatzemaiten dut, garbiki ikusten orduan zer dutan egiteko; bainan, nere ustelduraren haztak lehertua, ez nitake deusetan ont osoki.
4. Oi Jauna, zure graziaren zer behar handitan nizan, ontzen hasteko, onbideari jarraikitzeko, onbidearen bururaino heltzeko! Hura gabe, ezen, deusik ez dezaket; zu baitan ordean urrats on guzien egiteko ahala badut, zure grazia lagun.
O zinez zerutikako grazia, nehork merezimendurik ez baitu hura gabe; hura gabe sortzez ditugun dohainak ez dira deus. Jakitate, aberastasun, edertasun, indar, antze, aho eder, hoik oro, Jauna, graziarik gabe deus ez dira zure begietako. Naturalezako dohainak erkide dira alabainan onentzat nola gaixtoentzat; bainan grazia ala karitaterako lehia hautetsiek dute bakharrik ukaiten dohainez; hartarik dira ezagun bethiereko biziaz gai direnak.
Grazia hain da gauza handia non, hura gabe, geroaren asmatzeko ahala, mirakulu egitekoa, Jainkoaren begirestekoa bera deus ez baitira. Zer diot? Ez fedea ere, ez esperantza, ez bertze bertuteak ez zaizkitzu laket, grazia eta karitaterik gabe.
5. O grazia guziz dohatsua, adimendu laburreko gizona bertutez aberasten duzuna eta ontasun handienen jabea umiltzen, zato, jauts zite ni ganat; zure kontsolamenduez bethe nezazu goizean jeiki orduko, agortasunak sobera akiturik etsi ez dezan nere bihotzak.
Othoi, othoi, Jauna, urrikal zakizkit: zure grazia aski dut alabainan, jitez nahi dutana ez ardietxirk ere. Guduek eta hersturek leherturik ere, gaitz bihi baten beldurrik ez duket, zure grazia nerekin dutano. Hura da nere indarra; hura, nere argia eta laguntza. Etsai guzier nagusi da indarrez; jende zuhur guzier, zuhurrez. Hak du erakasten egia, bizia hak oneratzen, argitzen bihotza eta hersturetan jabaltzen; hak ditu ilhundurak arintzen. beldurra khentzen, othoitzerako kharrari hazkurri emaiten; hak jauz-arazten urrikiaren nigarrak.
Hura gabe zer niz ni, doi-doi suko on den egur eihar bat baizik? Aitzin-biderat jinik, zure graziak bethi lagunt nezala beraz, Jauna; hertsatuki neramala obra onetarat: deiadar egiten dautzut, Jesu-Kristo zure Semearen bitartez. Hala biz.
56. KAPITULUA
Gure buruari behar diogula uko egin,
eta kurutzearekin Jesusi jarraiki.
1. JESUSEK. Nere haurra, zeure buruari zonbat ere baitiozu eginen uko, hanbatez zira ni baitan sarturen. Hala nola bihotzean bakea baitauka kanpotik deus gutiziatzen ez duenak, halaber, bere buruari uko eginez da nor-bedera batzen Jainkoarekin. Nakaizdurarik eta errangurarik gabe nere nahi sainduaren egiterainokoan, zeure buruaren erdeinatzen nahi dautzut erakatsi.
Jarrai niri: ni niz bidea, egia eta bizia. Biderik gabe ezin aitzina; egiarik gabe ezin ezagut; bizigailurik gabe ezin bizi. Ni niz hartu behar duzun bidea; ni, sinetsi behar duzun egia; ni, iguriki behar duzun bizia. Ni niz bide zuzena; ni, lehen eta azken egia; ni, egiazko bizia, bizi dohatsua, bere baitarikako bizia. Nere bidean balin bazaude, egia ezaguturen duzu; eta egiak zure buruaren jabe ezarriko zitu, eta bethiereko bizia duzu ardietsiko.
2. Nerekin bizitzerat heldu nahi bazira, jarrai nere manamenduer. Egia nahi baduzu ezagutu, sinets ni baitan. Osoki saindutu nahi bazira, sal oro. Nere ondotik jin gogo bazira, egin uko zure buruari. Bizi dohatsuaz nahi bazira jabetu, erdeina oraiko bizia. Zerurat altxatu nahi bazira, umilia mundu huntan. Erreginatu nahi baduzu nerekin, ereman nere kurutzea. Kurutzearen zerbitzariek dute bakharrik zorionaren eta egiazko argiaren bidea kausitzen.
3. ARIMAK. O Jesus Jauna, munduak erdeinatzen duen bizi hertsia ereman duzunaz geroz, emadazu, othoi, mundua oinkatuz zuri jarraikitzeko grazia. Sehia, ezen, ez da bere nagusia baino gehiago, ez eta haurra bere erakaslea baino gorago.
Zu bezala bizitzerat ar bedi zure zerbitzaria, hartarik baitu bere salbamendua eta egiazko saindutasuna. Zure biziaz kanpo irakurtzen edo entzuten ditutan guziak ez dautet atsegin ez zorion osorik emaiten.
4. JESUSEK. Nere haurra, gauza hoik oro badazkitzunaz geroz, dohatsu zu, egiten baditutzu. Nere manamenduak ezagutzen dituenak eta begiratzen, hak nu maite. Eta nik ere maitatuko dut hura, nere burua hari agertuko diot eta nerekin dut jar-araziko nere Aitaren erresuman.
5. ARIMAK. Jesus Jauna, zure erranaren, zuk hitzemanaren arabera egina izan bedi: zuri esker, negurririk gabeko zorion hartaz izan nadila gai. Zure eskuetarik hartzen dut, ba hartzen, kurutzea; eremanen dut, ba eremanen zuk nahi ukan duzun bezala, hil artio.
Zinez, jainkotiarraren bizia kurutze bat da, bainan zeruko osperat deramana. Abiatu niz; gibel egiterat ez niz haizu; gelditzerik ez dut.
6. Ea, aneia maiteak, goazen elgarrekin: gurekilan izanen da Jesus. Jesusen gatik dugu hartu kurutzea, Jesusen gatik dezagun ereman bururaino. Jesus izanen da gure laguntzalea, gure aitzindari eta biderakusle den bezala. Horra gure Erregea aitzinean doakigula; gure alde joko du haren besoak. Garraizkiola gizonki; nehor ez bedi izi; gauden gogo bethez galtzeari gudu hortan; bainan ohorea ez dezagun beltza, Kurutzeari ihes eginez.
57. KAPITULUA
Nehork ez duela behar etsitu,
huts zonbaiten gatik.
1. JESUSEK. Nere haurra, zorion aldartetan botz eta khartsu baino, nahiago zitut nahigabetan jasankor eta umil ikusi. Zendako ilhun, jendeek gain emaiten dautzuten huts ttipi baten gatik? Handiagoa izan balitz ere, ez zinuken gogoetatzerik. Utz elheak erortzerat. Egina zaitzun zimikoa ez da lehena, badakizu holako baten berri; ez da ere izanen azkena, luzaz bizi bazira.
Baduzu bihotzik aski, deus khexabiderik gertatzen ez zaitzunean. Kontseilu onen ere emaiten badakizu eta elhe onez bertzeen pizkortzen; bainan, bat-batean nahigabeak jo orduko, horra non ziren zuhau argi eta indarrik gabe. Beha zonbatetaraino ziren beratza, gauzarik ttipienetan hoin ardura ikusten duzun bezala, eta bizkitartean Jainkoaren oldez da hori, nahi baitu salba ziten.
2. Khen ahal bezanbatean bihotzetik pilpirak; atsegabeak hunkitzen badu, gaina har bezo berehala, lotsa nagusitzerat utzi gabe. Jasan bederen pazientziarekin, ez badezakezu arraiki jasan. Zerbait entzunik bihozmin baduzu eta sumintzen bazitu, zaude eztiki; zure ahotik atheratzerat ez utz deus, jende ahulak ahalge ditazkeenik. Zure zainak laster jabalduko dira eta itzultzearekin graziak gozatuko dautzu bihotzeko kiretsa.
Bizi niz bethi, dio Jaunak, zure laguntzeari nagola eta sekula baino gehiago zure kontsolatzeari, baldin niri fidatzen bazira eta dei egiten badautazu khartsuki.
3. Izan bihozdunago eta gehiagoren jasaiterat zaude. Ez dira oro gal, atsegabeak eta gudu bortitzak maiz gainerat dituzulakotz. Gizon zira, ez Jainko; gorputz zira, ez aingeru.
Bertutearen ozka berean nondik zindagozke alderat, aingeruek zeruan eta lehen gizonak lurrean ez dutenaz geroz iraun ahal ukan? Auhenetan daudenak nik arintzen ditut eta salbatzen; eta beren ahuleziaren berri dakitenak, nere Jainkotasunerat nik altxatzen.
4. ARIMAK. Jauna, goretsia izan bedi zure hitza, nere ahoarentzat erlearen eztia baino eztiagoa den zure hitza. Hoinbertze atsegabeen eta hersturen erdian zer egin dezaket nik, zure elhe onek altxatzen ez banute?
Azkenean zeruratzen baniz, zer zaiket jasaitea, jasanik ere hoinbertze? Emadazu heriotze on bat; mundu huntarik bertzeratze dohatsu bat duketala zu ganik. Orhoituz nitaz, nere Jainko Jauna, bide xuxenaz nezazula ereman zure erresumarat. Halabiz.
58. KAPITULUA
Gure ikusmenetik gorago ez dugula
zeren beha; Jainkoak beretzat dauzkan
jujamenduetan ez dugula sartzerik.
1. JESUSEK. Begirautzu, nere haurra, zure adimenduaz goragoko zeretan eztabadan artzetik eta Jainkoaren jujamendu gordeen kitzikatzetik; zendako den bat debalde utzia eta bertzea graziaz gaindika bethea; zendako den hau auhenez ithoa eta bertze hura ohorez estalia. Gizonen argi guziez gorago daude gauza hoik; gizonaren adimendu eta jakitate guziak ez du Jainkoaren jujamenduen xilatzeko ahalik.
Beraz etsaiak holako tirriak igortzen dauzkitzularik edo oraino lagun begi-luze batzu gauza hoik jakin beharrez dabiltzalarik, ihardets zuk profetarekin: Zuzena zira, Jauna, eta zuzenak dira zure jujamenduak. Edo oraino: Egiak dira Jainkoaren jujamenduak eta berenaz zuzenak. Gizonak nere jujamenduen beldurti behar du, ez zilatzale, haren adimenduaz gorago direlakotz.
2. Sainduen merezimenduak ere ez hazta; heien gainetik ez kalapita, zoin den sainduago edo zeruan handiago. Hortarik dira sortzen ardura eztabada alferrak eta aharrak; burgoikeria eta urgulua du hazten, bekaizgoa pizten eta herra, hau ari dela saindu baten goresten, hura bertze saindu batez espantuka.
Holako zeretan sartzeak ez dakar gibelondorik deus; dena, sainduer gaitzi zaiote; Jainkoa, ezen, ez da lipiztari, bainan baketiar, eta bakea egiazko umiltasunari datxiko, ez urgulari.
3. Batzuek saindu bat maiteago dute bertze bat baino; bainan hortan beren bihotzak derabiltza, Jainkoak baino gehiago. Saindu guziak nik ditut eginak, nik graziaz duntuak, nik saristatuak zeruan.
Heien artean nork zer merezimendu duen badakit nik; ukan dituzten grazia guziz gozoak nik emanak naizkoten aitzinerat; mendeak mende ziren baino lehen, nere hautetsiak ezagutzen nituen. Nik ditut mundutik bereziak, ez nute hek hautatu lehenik; nere graziaz deitu ditut eta nere urrikalmenduan nereganatu. Gudu mota askoren artetik nik ditut athera, atsegin espantagarrienak heien bihotzerat nik ixuri, iraupena nik diotet eman, heien pazientzia nik saristatu.
4. Azkena ezagutzen dut nola lehena, eta direnak oro negurririk gabeko amodio batez ditut besarkatzen. Nere saindu guzietan ni nuzu behar goretsi, oroz lehen ni benedikatu eta ohoratu, nik ditut guziak hoin gora altxatu bethiereko ospean, aitzinetik gai ez zirelarik hautetsi bainituen.
Saindu ttipienetarik bat gutiesten duenak, handiena ez du goresten, handia, ezen, eta ttipia nik eginak ditut. Saindu bat aphaltzen duenak, zeruan diren bertze saindu guziak eta nihau gitu aphaltzen.
Saindu guziak amodiozko lokarri batek elgarri josirik dauzka: denek gogo bera dute, nahi bera, eta orok elgar maite dute maitetasun beraz.
5. Bainan oraino gehiago dena, beren burua eta merezimenduak baino maiteago nute ni. Beren buruaz gorago nik altxaturik, berentzat zuten amodioa suntsiturik, nere amodioan osoki barna daude, eta ni baitan pausaturik gozagarrizko bake batean. Deusek ez ditu handik baztertzen ahal, ez histen ahal; bethiereko Egiak bethetzen dituela, amodio ezin hil batek sutan dauzka.
Gizon lurtiarrak ez ditezela beraz sainduak zer eta nola diren ondotik ibil, beren atsegin makurren berri baizik ez dakitenaz geroz. Sainduen ospea ttipitzen dute edo handitzen beren ixuriaren arabera, eta ez bethiereko Egiaren araberan.
6. Asko ez-jakinean mintzo dira: heien artean guziz, Jainkozko argiak hunkitzen ez dituenak, bakan baitute hok norbait maite buruzko amodio garbi, oso batez. Bihotzeko ixuri batek, gizonaren gizonerako amodio batek deramatza holako edo halako sainduaren alde; uste baitute zeruko bizia lurreko biziaren idurikoa dela. Bainan lurtiarrek uste dutena bertzerik da, bertzerik, Jainkoak argitu gizonek ikusten dutenetik.
7. Beraz, nere haurra, zure jakitateaz gorago diren gauza hoitan ez zirika zure adimendua; izaitekotz, artha handienarekin lehia zite egun batez Jainkoaren erresuman leku baten hatzemaiterat, azkena bada ere izanen.
Zeruan nor den sainduena eta handiena norbaitek balaki ere, zendako luke ezagutza hori, umil ez badago nere aitzinean eta nere Izen saindua goresten ez badu are gehiago? Bere bekatuen izigarriaz, bere bertuteen ttipiaz orhoit dena, ikusiz sainduen saindutasunetik zonbat dabilan urrun, Jainkoak hura maiteago du, zeruan zoin den saindu handiena edo ttipiena ari dena baino.
Khartsuki sainduen othoiztea eta, umil bihotza, heien arartekotasunaren eskatzea hobe da biziki, zer eta nola diren behar gabe bilhatzea baino. Sainduak botz dira, osoki botz beren dohatsuan, bertzerik zer dukezu jakin beharrik hetaz? Nola diren badakizunaz geroz, zendako erabil zure mihia solas alferretan?
8. Beren merezimenduez ez dute espanturik sainduek; beren baitarik deus onik ez dutela aithortzen dute eta duten ongi guzia niri bihurtzen, ezen nik emanak daizkotet oro, nere negurririk gabeko amodioan. Hain nute maite eta zorionez hain dira betheak non, heien ospeak deusik ez baitu eskas eta heien zorionak ez baituke eskasik deus.
Saindu guziak zonbat ere baitira zeruan gorago, hanbatez dira beren baitan umilago, hanbatez ere nitarik hurbilago, eta nik hanbatez ditut maiteago hek. Hortakotz da errana: beren koronak Jainkoaren oinetarat aurtikirik, ahospez erori zirela Bildotsaren aitzinean eta menderen mendetan bizi dena adoratu zutela.
9. Hanitzak badaude nor othe den zeruetan handiena, ez dakitelarik ttipienen artean sartzeko gai ditazkenetz berak. Zeruan oro handi dira, ttipienak ere, oro Jainkoaren haur deituak izanen baitira eta deitu bezala izanen. Ttipiena gizadi handi baten buruzagia bezala izanen da, bekatoreak bizitze luze baten ondarrerat ez duelarik aurkituko heriotzea baizik.
Nere dizipuluak elgarri baitzauden nor othe den zeruetan handiena, nik hauxe nioten ihardetsi: ez bazirezte itzultzen gaizkitik ongirat eta haur ttipien idurikotzen, zeruko erresuman ez zirezte sartuko. Nork ere baitu bere burua aphalduren haurño hunen heinerat, hura da handiena izanen zeruko erresuman.
10. Zorigaitz, beren burua haurñoek bezala aphaldu gogo ez dutener: zeruko athea hain da aphala non, ez baitira sartu ahalko. Zorigaitz ere, beren atseginak lur gainean hartzen dituzten aberatser, gabezian daudenak sartzearekin zeruan, kanpoan baitagozke hek orrobiaka.
Eta zuek, jende xumeak, alegera zitezte eta bozkaria: zuendako baila Jainkoaren erresuma, baldin egiari doakon bidez bazabiltzate.
59. KAPITULUA
Nork bere esperantza eta fidantza
xoilki Jainkoa baitan behar dituela jarri.
1. ARIMAK. Jauna, bizi nizano, zeri edo nori berma? Zerupean ageri diren guzietan nor da nere atsegin handiena? Ez othe zu, nere Jainko Jauna, negurririk gabe urrikaltsu zirena? Non izan niz ontsa zu gabe? Non gaizki zurekin? Gabezian nahiago dut zu gatik, aberats baino zu gabe. Lur gainean ibilkari nahiago dut zurekin, zu gabe zeruaz gozatzale baino. Zu non, zerua han; zu non ez, heriotzea han eta ifernua.
Zu zira nere gutizia guzia, zure ondotik behar niz beraz hasperenka, auhenka eta othoizka ibili, Zuri baizik ez nitake osoki fida, laguntza zu baitan baizik ez dezaket igurika behar-orduetan, nere Jainkoa. Zu zira nere esperantza, zu nere fidantza, zu bethi nere kontsolatzale jarraikiena.
2. Oro beren onaren ondotik dabiltza: zuk nere aitzinamendua eta nere salbatzea duzu xoilki bilhatzen eta oro nere ontzekotan ditutzu antolatzen. Guduen eta nahigabeen erdian uzten nuzularik ere, nere geiagotzea gatik zira ari: ara hortaz frogatzen ohi baititutzu maite ditutzunak. Eta ez zitut gutiago maitatu behar, ez gutiago laudatu nere gorabeheretan, kontsolamendu handienez bethetzen banintuzu baino.
3. Zu baitan beraz, Jainko Jauna, dut finkatzen nere esperantza guzia eta nere ihes-lekua, zure eskuetan ezartzen nere nahigabe eta herstura guziak: zutaz bertze guziak aldakor baitzaizkit eta ahul.
Adiskide hanitz ukanikan ere, lagun azkarrenek lagundurik ere, jende zuhurrenek behar bezala argiturik ere, jakintsu handienen liburuek bihotza goraturik ere, nere buruaz jabetzeko ontasun handienak bildurik ere, leku gordeenean eta laketgarrienean gorderik ere, zertan nitazke, zuk ez banuzu laguntzen, gerizatzen, azkartzen, goratzen, argitzen eta begiratzen?
4. Bakea eta zoriona iduriz dakarten gauzak deus ez dira zu gabe; egiazko zorion mikorik ez dute emaiten. Zu zira beraz guzien burua, biziaren ithurburua, jakitate guzien erroa; eta oroztik gainetik zuri bermatzea eta zure zerbitzariaren atseginik altxagarriena.
Nere begiak zuri buruz dauzkat; zure eskuetan jartzen niz, nere Jainkoa, urrikalmenduen ithurria. Zerutik benedika eta saindu zazu nere arima, zure egoitza sainduaren han egiteko, zure bethiereko ospearen han finkatzeko, eta zure Jainkotasunari aiher ditakeenik ez dadin ere han aurki deus.
Guziz ona eta urrikaltsua zirenaz geroz, beha ezadazu othoi; ilhunbetan eta herioarekin borroka zutarik urrun dabilan zerbitzariaren othoitza entzun zazu. Bizi huntako galbideen erdian geriza zazu eta begira zure zerbitzari xumearen arima; zure graziak lagunt beza eta ereman, bakezko bidean gaindi, bethiereko Argiaren egoitzarat. Halabiz.
LAUGARREN LIBURUA
SAKRAMENDU SAINDUAZ
Mahain saindurako Jesusen dei khartsua.
JESUSEK. Zatozte ni ganat, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet. Nik emanen dautzuetan ogia, nere haragia da, munduari bizia emanen diona. Har zazue eta jan: hau da nere Gorputza, zuentzat emaiten dutana; egizue hau nere orhoitzapenetan. Nere haragia jaten duena eta nere odola edaten, ni baitan dago eta ni haren baitan. Nik zuer erran hitzek egiazko argia eta bizia dauzkate.
LEHEN KAPITULUA
Zonbat jauspenekin dugun behar
Jesus bihotzeratu.
1. ARIMAK. Zure hitzak dira hoik, o Jesus, bethiereko Egia, nahiz ez ditutzun oro egun berean erranak, nahiz ez ditugun oro leku berean irakurtzen. Zureak direnaz geroz eta egiak, eskerrekin eta fedeekin ditut behar hartu. Zureak dira, zuk erranak direnaz geroz; nereak ere dira, nere salbatzeko erranak ditutzulakotz.
Zure ahotik zorionekin hartzen ditut, nere bihotzean barnago sartzeko. Sustatzen nute hitz ezti, gozo eta amultsu hoiek; bainan nere bekatuek lotsaturik naukate eta nere bihotzeko lohiak sakramendu guziz saindu hortarik urruntzen nu. Zure hitz amultsuek biltzen nute zu ganat, nere bekatuen haztak aldiz tokiari lotzen.
2. Manatzen dautazu, zeruan zurekin nahi baniz, fidantzarekin mahain saindurat nadin hurbil eta, bethiereko biziaz eta ospeaz nahi baniz jabetu, zerutikako Ogitik jan dezatan. Zatozte ni ganat, diozu, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet. O hitz ezti, maitagarria bekatorearen beharrientzat! Zuk, nere Jainko Jauna, gizon ezdeus eta herbaila zure Gorputz Sainduaren jaterat deitzen duzu! Bainan ni nor niz, Jauna, zu ganat hurbiltzerat ausartatzeko? Zuk, zeruetako eremuen eremuak bethetzen ditutzunak: Zatozte ni ganat! diozu.
3. Zeren gatik zure jauspen urrikaltsu hori, zeren gatik holako dei amultsua? Nondik ausarta ni zu ganat, nihauren baitan fidantza zerbait eman dezaketan onik deus ikusten ez dutana? Nola zuri idek nere etxeko athea, zure begitarte guziz amultsua hainbertze aldiz laidoztatu ondoan?
Aingeruek ikharetan zituzte adoratzen, sainduak zure aitzinean beldurrarekin josiak daude, eta: Zatozte guziak ni ganat, zuk diozu! Zuhauren ganik ez balitz dei hori, Jauna, egia dela nork sinets? Eta hurbil gaizkiotzun zuhauk ez bazinauku manatzen, gutarik nor mentura?
4. Noe gizon sainduak, bertze zonbaitekin bere buruaren salbatzekotan, arkharen egiten ehun urthe zituen eman: eta nik nere burua nondik dezaket aphain oren bat barne, zeru-lurren egilearen bihotzeratzeko doakon jauspenarekin?
Mois zure zerbitzari handi eta adiskide bereziak, ezin ustelduzko zurez moldatu zuen arkha bat, urre garbienaz aphaintzen zuelarik, legearen bi harri-lauzen ezartzeko barnean: eta nik, nizan bezalako har-joak, nondik duket lege-egilearen eta bizi-emailearen hain errexki nere baitarat hartzeko kopeta?
Salomon Israelgo errege zuhurrenak zazpi urthe eman zituen tenplo espantagarri baten eraikitzen zure Izen Sainduaren ohoretan; bururatu ondoan eskaini zautzun, eskerrak zaizkitzula bihurtzen zortzi egunez; eta, turrutek bazter guziak inharrosten zituztela, oihuka ari zelarik jendea bozkarioz, ospe handitan pausatu zuen batasunezko arkha aitzinetik berezia zaion tokian. Eta nik, gizonetarik herbailenak eta ezdeusenak, oren erdi bat doi-doi ez baineramake khartsuki, —ha! oren erdi bat baino gutiago higatu banu behin behar bezala!— nola zitzazket sar-araz nere etxean?
5. O nere Jainkoa, zer kharrarekin lehiatu diren gizon saindu hoik guziak zuri atsegin egiterat! Eta nik ondikotz zoin guti dutan egiten! Zoin den laburra, komuniatu aitzin, nere bihotzaren aphaintzen deramatan ephea! Bakan niz nere baitarat osoki biltzen, bakanago nere gogoa bateie barreiatu gabe egoiten.
Bizkitartean zure aitzinean, nere Jainkoa, behar ez bezalako gogoeta bihirik ez lakiket jin behar, ez eta lurreko deusek ez nehork gogoa hartu: bihotzeratu behar dutana, ez aingeru bat, bainan aingeruen Nagusia bera denaz geroz.
6. Batasunezko arkha, barnean zauzkan gauzekin, eta zure Gorputz guziz garbia, bere ezin erranezko bertuteekin, ez dira bat bertzearen bethe, hurbilik ere; ez elgarren bethe halaber Juduek legearen arabera egiten zituzten sakrifizoak eta zure Gorputzeko sakrifizoa, hek itxurazkoak baitziren eta heien eskasa hunek baitu orai osoki estaltzen.
7. Zendako beraz ez dut su gehiago zure aitzinean? Zure Gorputz Sainduaren jateko zergatik ez dut bihotza khar gehiagorekin aphaintzen, ohiko Patriarka eta Profeta saindu hek, bai eta errege eta aitzindariek beren azpiko zituzten jende guziekin, hainbertze artha ukan dutenaz geroz zorzaizkitzun ohoreen bihurtzeko?
8. David errege guziz khartsua bere indar guziez jauzika arizan zen batasunezko arkharen aitzinean, Jainkoak haren arbasoer egin ongien orhoitzapenetan; asko musika-tresna mota ere egin-arazi zuen; psalmo batsu moldatu, gero jendeak bozkariotan kantatzen zituenak; berak halaber, Izpiritu Sainduaren graziak gogoa beroturik, xirribinka joz errepikatzen zituen; erakatsi zuen Israelgo jende guzier nola beren bihotz guziaz Jainkoa gorets; erakatsi oraino, elgarrekin Jainkoaren ohoratzen eta handiesten egun oroz.
Batasunezko arkhak holako kharra eta Jainkoaren alderat holako ohoreak sortzen bazituen orduan, zer sua eta jauspena ez dugu behar, nik eta giristino guziek, Sakramendu Sainduaren aitzinean, Jesusen Gorputz guziz Sainduaren jaterat goatzilarik!
9. Hanitzak tokiz toki badabiltza Sainduen erreliken ikusteko; harriturik daude hek egin gauzak entzutearekin, heien ohoretan altxatu eliza ederrak ikustearekin; heien hezur saindu zetaz eta urrez estalientzat badute behako eta musu: eta zu, hemen zitut aldare gainean, nere aitzinean, zu nere Jainkoa, sainduen Saindua, gizonen Kreatzalea eta aingeruen Nagusia!
Beilari hoik begi-luze izanez dabiltza ardura eta zerbait berririk ikusi beharrez; nehor guti, aitzinean baino prestuago itzultzen denik; bereziki, bihotzean egiazko urrikirik gabe, arinkeriaz dabiltzanean.
Hemen aldiz, aldareko Sakramenduan, oso osoa hor zira, o Jesus, egiazko Jainko eta egiazko gizona, eta bethiko salbamenduarentzat hazkurri nasaia zu baitan dugu biltzen, khartsuki eta behar bezala bihotzeratzen zitugun aldi oroz. Ez gituzte ez arinkeriak, ez jakingurak, ez gorputzeko atseginak zuganatzen, bainan ba fede biziak, esperantza khartsuak eta egiazko amodioak.
10. O ezin ikus zitzazkegun Kreatzalea, zoin den miresgarria guretzat egiten duzuna! Zoin ziren gozo eta urrikaltsua zure hautetsientzat, zure Gorputz Saindua jaterat emaiten diozutenaz geroz! Zure egitate hori gure adimenduaz goragokoa da; horrek dautzu bereziki jende khartsuen bihotza biltzen, horrek diote berotzen zu ganako amodioa. Alabainan zure zerbitzari on, egun oroz beren buruaren hobetzerat ari direner, sakramendu guziz saindu horrek maiz emaiten diote khartsutzeko ahal bizia eta bertutearen amodio errea.
11. O sakramendu horrek daukan grazia espantagarria, zure zerbitzariek baizik ezagutzen ez dutena, gaixtaginek eta bekatuaren meneko daudenek ezagut ez dezaketen grazia!
Sakramendu horrek dauku Izpiritu Sainduaren grazia ixurtzen bihotzerat; arimak hor ditu berritzen galdu indarrak, eta bekatuak khendu edertasuna hor beretzen berriz. Grazia hori batzutan hain da handia non, darraikon khartsutasunari esker, ez bakharrik arimak, bainan ere gorputz ahulduak indar berri bat baitu.
12. Hortako bereko da saminki deitoragarri, ephel eta nagi baikaude, Jesusen bihotzeratzeko nahikari gutirekin, hura delarik bizkitartean hautetsien esperantza eta sari bakharra. Alabainan Jesusek gitu salbatzen, hak gitu erosi, hura da gure atsegina lur gainean eta sainduen zoriona zeruan.
Oi deitoragarria! zonbat jende sakramendu salbagarri hortaz axola guti dutenak, sainduen bozkarioa delarik eta mundu guziaren zurkaitza! Oi gizonaren bihotza zoin den itsu eta gogorra, sakramendu espantagarri hortaz axolatuago ez izaiteko, iduri-ta, egun oroz har ditakelakotz, gutiago duen balio!
13. Sakramendu guziz saindu hori toki batean baizik ez balitz obratzen eta obratzeko aphez bat baizik ez balitz munduan, zer lehiarekin loazken jendeak toki hartarat eta aphez haren ganat, sakramendu hori obratzen ikusi nahiz! Bada ordean aphez bat baino gehiago, mezak hanitz tokitan badira: zonbat ere lur gainean komunione saindua hedatuago baitoa eta hanbatez garbikiago ager ditezen Jainkoaren urrikalmendua nola amodioa gizonaren alderat.
Eskerrak, zuri, o Jesus ona, bethiereko Artzaina, zeren gitutzun gure desterruan eta gabezian zure Gorputz eta Odol sakratuaz hain amultsuki hazten eta sakramendu horren hartzerat zuhauk deitzen, diozularik: Zatozte ni ganat, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet.
2. KAPITULUA
Sakramendu Sainduak erakusten daukula
Jainkoa zoin den ona eta zoin maite gituen.
1. ARIMAK. Jainko on eta urrikaltsua baitan fedez betherik, hurbiltzen nitzaitzu, Jauna: eri, nere Salbatzalearen ganat nathor; gose eta egarriak zizpildua, biziaren ithurbururat; orotaz gabetua, zeruko Erregearen hegalperat; meneko, nere Nagusiaren eskuetarat; kreatura, Kreatzalearen alzorat; auhenek urtua, nere kontsolatzale amultsuaren ganat nathor.
Bainan zer duket nere ezdeusean, zu nere ganat jiteko? Zer niz ni, zuhauren niri emaiteko? Bekatoreak nondik du zure aitzinerat agertzeko kopeta? Eta zu nola zira bekatorearen ganat jausterat aphaltzen?
Zure zerbitzaria ezagutzen duzu; badakizu bere baitan deus onik ez duela, zuk emaiten diozunaren gai izaiteko. Zoin ezdeusa nizan aithortzen dut beraz eta zu zoin ona ziren eta amultsua ezagutzen; zuk neretzat duzun amodio negurrigabearentzat eskerrak bihurtzen dauzkitzut. Ezen zeure baitarik duzu egin hori, ez nere merezimenduen gatik; egin, zoin ona ziren hobeki jakin dezatan, geroago gehiago zitzatan maita eta barnago nadin finka umiltasunean.
Hori laket zaitzunaz geroz eta hola daukuzunaz geroz manatu, atseginekin dut hartzen nik ere zure emaitza: nere bekatuek ez dautet agian poxelurik eginen.
2. O Jesus guziz on eta eztia, zer jauspena, zer eskerrak, zer laudorioak dauzkitzugun zor, zure Gorputz Saindua daukuzulakotz emaiten! Gizonik nehor ez da emaitza hori zoin den handia behar bezala erran dezakeenik.
Komuniatzean, nere Jaunaren ganat hurbiltzearekin, zer gogoetak dituzket, doakon bezala ez dezaketanaz geroz adora; hainbertzerainokoa dutalarik bizkitartean haren nere bihotzeratzeko gutizia! Gogoeta hoberik eta salbagarriagorik zer duket, zure aitzinean osoki umiliatzea baino? Goresten zitut, nere Jainkoa, eta bethi goretsiko; nere burua gutiesten dut eta zure peko ezartzen, ezdeusa nizan bezain behera.
3. Sainduen Saindua zu, eta ni bekatore zirtzil bat! Ni zuri behatzeko ere on ez izanki-ta, horra non zu nitaraino ziren aphaltzen. Horra non heldu ziren nere ganat; nerekin nahi zira, zure mahainerat deitzen nuzu. Jaterat eman gogo dautazu zerutikako hazkurri bat: aingeruen ogia. Eta ogi hori zuhau zira, bizirik den ogia, zerutik jautsia, munduari bizia emaiten duena.
4. Horra non den ageri zure amodioa; horra non dugun garbiki ikusten zoin ziren ona! Zer esker minak eta laudorioak ez ditutzu hartze hortakotz! O zer xede on eta salbagarria zurea, sakramendu hori egin zinuelarik! O zer afari gozo eta atsegingarria, zure Gorputz Saindua zinuelarik jaterat eman! O zoin espantagarria zure obra, Jauna; zoin handia zure ahala, zoin miresgarria zure egia! Erran duzu eta oro egin izan dira, eta zuk manatua da gertatu.
5. O gauza harrigarria, federik gabe ezin sinetsia eta gizonaren adimendua leherturik daukana: zu, nere Jainkoa Jauna, egiazko Jainko eta egiazko gizona, ogi poxi baten eta arno xorta baten itxuren azpian oso osoa hor zira, eta jaten zituenak ez zitu suntsitzen. Zu, guzien Nagusiak, deusen ez nehoren beharrik ez duzunak, sakramendu horren bidez nahi ukan duzu gu baitan egon: nere gorputz eta arima garbirik atxik ditzatzu, bihotza botz eta garbi zure Gorputz Saindua maizago har dezatan nere salbamenduaren onetan, sakramendu hori, ezen, zure ospearentzat egin duzu, zure amodioaren orhoitzarentzat.
6. Bozkaria zite, nere bihotza; bihurzkiotzu eskerrak Jainkoari ukantza espantagarri horrentzat eta nigarrezko haran huntan utzi dautzun kontsolamendu paregabearentzat. Ezen sakramendu hori berritzen eta Jesusen Gorputza bihotzeratzen dugun aldi oroz, gure erospeneko obra dugu berritzen eta Jesusen merezimendu guziez gira jabetzen.
Jesusek guretzat duen amodioa alabainan nehoiz ez da ttipitzen eta haren urrikalmendu handia nehoiz ez agortzen. Gure bihotza behar dugu beraz sakramentu horri buruz geroago khartsukiago aphaindu eta misterio salbagarri hori artha handienarekin gogoan erabili.
Emaiten edo entzuten dugun meza saindua behar zaiku handia, berria eta atsegingarria iduritu Andre dena Mariaren sabelerat jautsirik egun, egun gizon egiten balitz bezala Jesus, edo, gizonen erosteko, egun hiltzen balitz bezala, kurutzetik dilindan.
3. KAPITULUA
Ardura komuniatzea on dugula.
1. ARIMAK. Huna non heldu nitzaitzun, Jauna, zure emaitzaz baliatzekotan, bozkariatzekotan halaber zure onezian aphaindu daukuzun aphairu sainduan. Gutizia dezaketan, gutiziatu behar dutan guzia zu baitan dago: zu zira nere Eroslea eta Salbatzalea, nere esperantza eta indarra, nere ohorea eta ospea. Bozkaria zazu beraz egun zure zerbitzariaren arirna, zuri buruz baitut altxatu nere bihotza, o Jesus Jauna.
Nahi zitut orai khartsuki eta jauspenekin bihotzeratu, nere etxean sar-arazi: Zakeok bezala merezi dezatan zuk benedikatzea eta Abrahamen haurren artean jartzea. Nere arima zure Gorputza beretu nahiz dago eta nere bihotza zurekin bat egin nahiz.
2. Eman zaizkitan aski dut: zutaz kanpo egiazko altxagarririk ez baita. Zu gabe ezin egona niz; nere ganat heldu ez bazira, ez nitake bizi. Zu ganat behar niz beraz maiz hurbildu, nere gaitzen sendagailutzat behar zitut bihotzeratu: bidean eroriko niz, zerutikako hazkurriaz gabetua baniz.
Alabainan, o Jesus urrikaltsua, osteari mintzatu eta eriak sendatu ondoan, zinion egun batez: Ez ditut beren etxelarat barurik igorri nahi, bidean alditxar ez ditezen. Hori egizu neretzat ere, zure Gorputza giristinoen altxagarritzat sakramendu hortan utzi daukuzunaz geroz. Ezen zu zira arimaren hazkurri gozoa; eta doakizun aran hartzen zituena, bethiereko loriaren ondoko da bilhakatzen.
Hain ardura bekaturat erortzen, hain laster nagitzen eta lotsatzen nizanaz geroz, behar dut baitezpada, maiz othoitz eginez eta kobesatuz, nere bihotza berritu, garbitu, sustatu zure Gorputz Sainduaren jateko; bertzenaz, luzazegi barur egonez, nere xede oner huts-egin beldur bainiz.
3. Haurzarotik, ezen, gizonaren jitea gaizkirat ixuria dago, eta gaizkian barnago sartzen ditu erroak, zure sendagailuek laguntzen ez badute. Komunione sainduak gaizkitik khentzen du eta ongian gogortzen.
Ora¡, komuniatzen edo meza emaiten dutalarik, hain ardura ephel eta nagi balin banago, zer nintazke bada sendagailu horri uko egiten banio eta holako laguntza handiaz gabe banintadi? Eta ez baniz egun oroz komuniatzeko edo mezaren emaiteko on, egin-ahalak ditut eginen noiztenka bederen komuniatzeko eta grazia handi hortaz jabetzeko: bere gorputz hilkorrak zutarik urrun daukano, giristino baten atsegin lehena, atsegin bakharra bere.Jainkoaz maiz orhoitzea baita eta bere Jesus maitearen khartsuki bihotzeratzea.
4. O guretzat duzun onezia harrigarria! Zu, Jainko .Jauna, izpiritu guzier bizia eta izaitea emaiten daizkotzutena, nere arima gaixo gaixorat nahi zira jautsi eta zure Jainkotasun eta gizontasunarekin haren gosea nahi duzu ase.
Dohatsu bihotza, dohatsu arima, khartsuki bere Jainko Jaunaren jateaz gai egiten dena! Zoin den maitagarria bereganatzen duen Arrotza! Zoin gozoa bihotzeratzen duen Laguna! Zoin jarraikorra bere-baitaratzen duen Adiskidea! Zoin ederra besarkatzen duen Maitea, maite dituen guziak eta gutizia dezazken zer guziak baino maiteago behar duena!
Zeru-lurrak eta hango edergailuak oro ixil bedite zure aitzinean, o nere Jesus maite guziz gozoa, dituzketen gauza eder eta espantagarriak zuk emanik baitauzkate denak, eta ederrez eder ez baitira zutarik hurbiltzen ere, zu negurrigabeko Jainko zuhurretik.
4. KAPITULUA
Komunione khartsuari darraizkon ondorio onak.
1. ARIMAK. Nere Jainko Jauna, zure zerbitzariaren bihotzerat ixurkitzu zure grazia gozoenak, zure sakramendu guziz eder hortarat khartsuki hurbiltzeko on izan nadin. Zuri buruz susta ezadazu bihotza eta nere nagikeria leletik iratzar nezazu. Nere ikusterat zato zure grazia salba arriekin: sakramendu horrek, bere ithurburuan bezala, gorderik daukan zure gozotasuna jasta dezatan eta goza gogoz eta bihotzez. Argizkitzu nere begiak ere sakramendu paregabe horren begiresteko; azkar zazu nere bihotza, duda-mudarik gabeko fede batekin dezatan sinets sakramendu horri datxikon misterioa.
Sakramendu hori zure obra da, ez gizonena; zuk egina duzu, ez gizonek asmatua. Sakramendu horren asmatzeko eta adimentzeko, berez bere nehor ez da on, aingeruen beren adimenduaz gorago baita. Nondik beraz nik, bekatore zarpail, hauts eta erhauts baizik ez nizanak, nondik zer dezaket misterio handi hortan ezagut eta adi?
2. Jauna, laño bihotza, fedea azkar bezain umil, eta zuk manatu dautazulakotz, fidantza eta jauspen handienarekin heldu nitzaitzu zinez sinesten dut hemen zirela sakramendu huntan Jainko eta gizon. Nere bihotzerat jautsi nahi zira, amodioz zuri nahi nuzu josi. Zuri othoitzean nago beraz, Jainko guziz amultsua, eta grazia berezi bat minki galdatzen dautzut: zu maitez urt nadin eta suntsi zu baitan, zutaz kanpo kontsolamendu den gutienik ez dezatan bilha.
Sakramendu guziz handi eta saindu hau, alabainan, gorputzaren eta arimaren salbamendua da eta bihotzaren eritasun guzien sendagailua; horrek ditu aztura tzarrak xuxentzen, ematzen jite bortitza, tentazioneak ezeztatzen edo ahultzen, grazia handiagoak ixurtzen bihotzerat, bertutea gotortzen, fedeari finkatzen erroak, indar emaiten esperantzari, sustatzen amodioa eta zabaltzen.
3. Sakramendu hortan zonbat grazia ez duzu eman, bai eta egun guziez oraino emaiten, khartsuki komuniatzen duten zure adiskide maiteer, nere Jainko Jauna, zu nere arimaren zurkaitz bakharra, gure ahuleziaren sendatzalea eta arimako atsegin guzien ithurburua. Nahigabe mota guzien jasaiteko, hanitz kontsolamendu diozute emaiten: lotsatuak daudelarik, zuk gerizaturen ditutzulako esperantzarekin altxatzen ditutzu; —grazia berri zonbaitekin bihotza azkartzen diozute eta argitzen; eta hola, komuniatu aitzin griñatsu eta ephel zaudenak, zerutikako hazkurriak azkarturik aitzinean baino hobeak direla ohartzen dira.
Zure hautietsekin zuhurki ari zira hola: berak ohar ditezen garbiki eta onhar dezaten zinez beren baitarik zoin ahulak diren, eta zuri esker zer graziak eta ongiak beretzen dituzten, berenaz hotz, gogor, idor zirenak lehen, zuri esker berotzen, ernatzen, khartsutzen baitira.
Zu ganat, o gozo guzien ithurburua, nor hurbil ditake umilki, eztiago itzuli gabe? Su handi baten ondoan nor dagoke, berotu gabe aphur bat? Zu zira ithurburua, bethi betherik gaindika dariona; zu, bethi garretan dagon ezin iraungizko sua.
4. Gaindika bethea den ithurri hortan hurrupatzerat eta ase artio edaterat haizu ez baniz, bederen ezpainez tinki lotuko niz uraren aska-xiloari, eta han, ahal bezala, xortaño zonbait xurgaturen ditut nere egarriaren hausteko, egarriarekin ez zizpiltzeko. Ez badut oraino aingeruen garbitasuna eta sua, egin-ahalak ditut eginen halere khartsutzeko eta bihotzaren aphaintzeko; bizia emaiten duen sakramendu hori umilki hartzearekin, zeruko su handitik pindarño bat bedere dezatan bil.
O Jesus ona, Salbatzale guziz saindua, zure graziarekin bethe zazu othoi nihauk eskas dutana, —edozoini dei egiteko aski ona izan zirenaz geroz, ziniolarik: Zatozte ni ganat, lanaz akituak eta nekeetan zirezten guziak, eta nik arinduko zituztet.
5. Bai segur, nekeetan niz ni, begitartea izerdi dut, bihotza hersturetan; bekatuek lehertua naukate, tentazioneek lotsatua, mila jaidura tzarrek tinkatzen nute eta nekatzen. Nehork ez nu laguntzen ahal, nehork ez nezake lohitik athera zuk baizik, nere Salbatzale Jainko Jauna; nizan guzia, ditutan guziak zure gain uzten dauzkitzut, begira nezazun eta bethiereko bizirat hel.
Har eta onhar nezazu beraz, zure Izen sainduaren ohoretan, zure Gorputza hazkurritzat, eta edaritzat zure Odola eskaini dauzkitatzunaz geroz. Egizu, Jainko Jauna, nere Salbatzalea, zure sakramendu hortarat maiz hurbilduz nere khartsutasuna geroago handiago jar dadin eta beroago.
5. KAPITULUA
Aldareko sakramenduaren saindutasunaz.
Apheztasunaren goraz.
1. JESUSEK. Aingeru bat bezain garbi eta Jondoni Joane bezain saindu bazina ere, Gorputz Sainduaren jateko ez zintazke gai, ez eta hunkitzeko bereko. Alabainan Jesusen Gorputzaren kontsekratzeko, hunkitzeko eta hazkurritzat aingeruen ogiaren hartzeko, nahi bezain saindu izanikan ere, gizonak ez duke zuzenik.
O aphezen kargu espantagarria eta ohore paregabea, aingeruer ez bezalako ahala eman baitiotet! Eliza sainduak bere legeen arabera ordenatu aphezek daukate bakharrik, ezen, mezaren emaiteko eta Jesusen Gorputzaren kontsekratzeko ahala.
Apheza Jainkoaren lekukoa da egiazki. Jainkoak erran eta manatuaren arabera, Jainko bezala da mintzo. Jainkoa da bizkitartean sakramendu horren obratzale nagusia, nehork ikusi gabe ari dena, oro haren nahi sainduaren azpiko direnaz geroz eta orok hak manatua dutelakotz egiten.
2. Sakramendu guziz eder hortan, Jainko boteretsuak errana behar duzu sinetsi, ez zuhauk uste duzuna edo itxuretarik iduri zaitzuna: beraz ikhara saindu batekin eta jauspenekin behar zira aldare saindurat igan. Beha zure buruari eta ikus zer kargua eman dautzun aphezpikuak, bere eskuak zure gainerat hedatu dituelarik.
Horra non ziren aphez, mezaren emaiteko eskuarekin: jarrai zite meza sainduaren khartsuki emaiteari, behar den tenorean, eta zure bizia dadila izan itzalik gabea. Zure eginbidea ez da hortakotz arinago; aitzitik, hertsiago dakarrazu uztarria eta bertze jauntzi batean zintazken baino sainduago behar zira. Aphez batek bertute guziez du edertzeko bere arima: bertzeer, bizitze garbi baten erakuspena du emaiteko. Ez da hala hulako jendeak bezala edo bertze arruntak bezala bizi behar, bainan zeruko aingeruak eta lurreko jende sainduenak bezala.
3. Bere eliza-jauntziak soinean Jesusen lekuko, beretzat eta gizon guzientzat umilki eta minki othoitz egiteko da apheza. Aitzinean eta gibelean kurutzearen itxura dakar, Jesusen oinhazeez bethi dagoen orhoit. Aitzinean kurutzea: Jesusen urratser ontsa behaturik, jarraikitzerat khartsuki lehia dakioten. Gibelean kurutzea: bertzeen ganik heldu zaizkon atsegabeen eztiki jasaiteko Jainkoaren gatik. Aitzinean kurutzea: bere bekatuez nigar egiteko; gibelean kurutzea: bertzeak maitez, hauien bekatuez ere nigar egiteko; Jainkoaren eta bekatoreen ararteko Jesusek ezarria dela ez dezan bertzalde ahantz, eta, Jainkoaren urrikalmenezko grazia ardietsi arte, othoitz egitetik nola mezaren emaitetik ez dadien unha.
Meza saindua emaitearekin aphezak Jainkoa goresten du, aingeruak bozkariatzen eta bera Elizaren gizon agertzen; biziak laguntzen ditu, hilak zoriontzen eta bera ongi guziez da jabetzen.
6. KAPITULUA
Komunione aitzineko othoitza.
1. ARIMAK. Zoin handia ziren, Jauna, eta ni zoin ezdeusa orhoitzearekin, ikharetan nago eta ni baitan ahalgeturik. Alabainan zu ganat hurbiltzen ez baniz, biziari diot ihes egiten; eta bihotza lohi baniz hurbiltzen, hasarretzen zitut. Zer egin beraz, nere Jainkoa, zu nere behar-orduetako laguntza, eta argia?
2. Bide xuxena erakats ezadazu, erakats zer araz, laburzki, nere bihotza aphaint dezakezutan ni baitarat sartzeko. Jakitea on dut alabainan nere bihotza nola behar dutan khartsuki eta jauspenekin aphaindu, nere salbamenduaren onetan zure sakramenduaren hartzeko edo oraino meza saindu guziz handiaren emaiteko.
7. KAPITULUA
Kontzientziaren ikertzeaz
eta hobetzeko xede zinaz.
1. JESUSEK. Oroz lehen, bihotza zinez umil, jauspen aphalenarekin, fede osoaz betherik eta Jainkoaren goresteko xede khartsuenarekin du behar aphezak aldare saindurat hurbildu misterio sainduen obratzeko, Jesusen Gorputzaren hunkitzeko eta bere baitaratzeko.
Iker xeheki zure kontzientzia eta, egiazko urriki eta kobesio umil baten bidez, ahal bezanbat garbi zazu eta argi zure bihotza; haletan non, zure bekatuen zamaz arindurík, nahasmendu eta errangurarik gabe hurbil baitzitazken ni ganat. Duzula barnatik urriki zure bizi guziko bekatuez, bainan bereziki zure egun orotako hutsez, eta epherik aski balin baduzu, bihotzez aithor Jainkoari zure jaidura tzarretarik dituzketzun arimako ithatxurak.
2. Egizu nigar eta auhen, gorputzeko atseginetarat hain ixuria zirelakotz oraino eta munduari hain josia; zure azturak hain guti direlakotz heziak; gutizia likitsez hain zirelakotz bethea; zure gogo-bihotzen zaintzerat hain ezazol; mila amets ergelek hain ardura lilluratua; kanpoko gauzetarat hain barreiakor, barneko bildutasunerat hain hurri; irri egiterat eta jostatzerat bain zalu, nigar egiterat eta urrikitzerat hain uzkur; ezazoltzerat eta gurikerialat hain lehiatsu, gorputzaren nekatzerat eta arimaren khartsutzerat hain nagi; berrien ikasteko eta ezdeuskeria batzuen ikusteko hain begi-luze, ahalge eta laido jasaiteko izipera; ontasun hanitzen biltzerat hain aztaparkari; emaiteko hain zikoitz, atxikitzeko hain tinki; solasetan hain arin, ixilik egoiteari hain bihurri; zure bizimoldean hain harro, zure urratsetan hain bazter-nahasle; jan-edanetan hain sabelkoi; Jainkoaren hitzaren entzuteko hain elkor; lanaren uzterat hain lerrakor, lan egiterat hain muthiri; kondera perttolietarat hain atzarri, gaubeila sainduetan hain logale; hok noiz bururatuko diren hain khexu dirauteno, othoitzetik gogoa hain urrun; meza emaitean hain xoriburu, eliza-othoitzetan hain ephel, komuniatzean hain agor; inguruetarat gogoa hain zeiharkor, hain bakan zure baitan osoki bildua; hain laster odola jauzia, lagunari zimiko egiterat hain trebe, gaizkiari ohartzeko hain begi-zorrotz, larderian hain garratz; atseginetan hain airos, atsegabeetan hain bihozgabe; xede onen hartzerat hain erne eta hauien bethetzerat hain nagi!
3. Urrikia bihotzean hutz hoik eta gaineratekoak aithortu ondoan, zure ahuleziaz auhen ela bihozmin duzula, xede zin bat har zazu hobeki bezitzeko eta bertutean urratsez urrats aitzinatzeko. Gero zeure baitan bihotzaren erditik eta zabalki, aldare gain batean bezala, behin bethikotz zure buruaren eskaintza osoa egidazu nere Izen sainduaren ohoretan, zure gorputz eta arima nere eskuko uzten ditutzula arrunt: ara hortaz Meza sainduaren emaiteko gai izan ziten eta nere Gorputz Sainduaren hartzeko zure salbamenduaren onetan.
4. Alabainan ez da Jainkoari doazkon eskaintzetan ederragorik ez eta bekatuen garbitzeko bide hoberik, mezan eta komunionean Jesusen Gorputza eskaintzearekin batean nork bere buruaren garbiki eta osoki eskaintzea baino.
Egin-ahala egiten badu gizonak eta bere bekatuez egiazko urrikia balin badu, barkamendu eta grazia galdez heldu zaitaneko, hitzemaiten diot nik —biziaren Jainkoa niz ni, ezen, eta ez dut bekatorearen heriotzea nahi, bainan ba ni ganat itzulirik sainduki dadin bizi— hitzemaiten diot haren bekatuez ez nizala gehiago orhoituren, bainan oro barkaturen daizkotala.
8. KAPITULUA
Jesusek bere burua kurutzearen gainean
guretzat osoki eman duen bezala,
gu ere osoki eman behar gitzaizkola.
1. JESUSEK. Kurutzearen gainean besoak hedaturik eta buluz, zure bekatuentzat Aitari nere oldez eskaini nizan bezala, nihaurentzat deusik iduki gabe Jainkoaren baketzeko nizan guzia emaiteraino, halaber zuk ere, egun orotako mezan, zure burua behar dautazu zeure baitarik eman garbiki eta osoki, zure khar eta indar guziekin, ahal bezain gogotik.
Zer dautzut oroz gainetik galdatzen? Nere eskuko osoki jartzerat zitezen lehia. Zutaz kanpo emaiten dauzkitatzun guziak ez zaizkit deus: ez ditut zure emaitzak nahi, bainan zu.
2. Bertze guziak ukanikan ere zuk ni gabe aski ez zinuken bezala, halaber zure emaitzetarik bihi batek ez nu atsegintzen, ez bazaizkit eskaintzen zuhau. Zure burua eman ezadazu, eman osoki Jainkoaren gatik eta zure eskaintza onharturen dut.
Nizan guzia zure gatik eskaini diot nere Aitari; nere Gorputza eta Odol guzia hazkurri egin ditut, ni osoki zurea izaitea gatik eta zu nere gelditzeko. Bainan zu baitan biribilkaturik bazaude eta zure burua ez baduzu nere nahi sainduari gogotik eskaintzen, zure eskaintza ez da osoa eta gure artean ez da izanen egiazko batasunik. Zeure jabe izaiteko grazia ardiestekotz, edozoin obrari lotu aitzin behar zira zeure baitarik Jainkoaren eskuko jarri.
Nere argiak ardiesten dituztenak eta beren azturak garaitzen, zendako dira hain guti? Ez dakitelakotz beren buruari osoki uko egiten. Nik errana bethi egia da: Orori uko egiten ez duena, ezin ditake nere dizipulu. Zuk beraz, nere dizipulu izan nahi bazira, ziren guzia eman zakizkit zure bihotz-olde guziekin.
9. KAPITULUA
Ditugun guziekin behar gitzaizkola Jainkoari eman
eta guzientzat dugula behar othoitz egin.
1. ARIMAK. Jauna, oro zureak dira, bai zerukoak bai lurrekoak. Nizan guzia nahi nitzaitzu gogotik eskaini, eta zure egon nahi niz sekulakotz. Jauna, nere burua lañoki dautzut egun eskaintzen zure zerbitzuko; har zazu zure eskumenerat, zure ohoreari doakon guziaren egiteko. Har nezazu egundanik zure Gorputzaren eskaintzarekin batean, ikusten ez ditutan aingeruak hor berean daudelarik izaitez lekuko; eta egizu nere emaitza hori nihauri eta zure haur guzier balia dakigun, salbamenduko.
2. Bekatu egiten hasiz geroztik hunat zure aingeruen eta zure aitzinean egin ditutan bekatu eta huts guziak eskaintzen dauzkitzut, Jauna, zure urrikalmenduzko aldarearen gainean: zure amodioaren suan erre ditzatzun oro, kontzientzian utzi dauzkitaten lertzoak berak suntsi ditzatzun; eta, bihotza hola garbitu ondoan, bekatuek gal-arazi grazia berriz diezadazun eman, denak osoki barkaturik; azkenekotz, zure haurra amultsuki zureganatuz, baketurik harekin dezazun besarka.
3. Nere hobenak nola ditzazket ordain, bihozmin kiretsenarekin umilki aithortuz baizik eta zurebarkamendua eskatuz gau ala egun? Othoi, othoi entzun nezazu; zure aitzinean ahospez nagonaz geroz, urrikal zakizkit, nere Jainkoa. Nere bekatuek lazten nute, higuin ditut; hitz dautzut ez nizala gehiago eroriko; nere hutsez nigar egiten dut eta eginen, bizi nizano; eta, ordaintzekotan, penitentzia egiterat nago nere ahalaren arabera.
Barka, Jauna, barka nere bekatuak zure Izen sainduaren ohoretan; salba zazu, othoi, zure Odol sainduarekin erosia duzun nere arima. O Jainko urrikaltsua, zure galtzarrean jartzen niz eta zure eskuetan dut ezartzen nere burua; egidazu othoi zure oneziaren arabera, ez nere maltzurkeriaren eta hobenen arabera.
4. Ttipia izan arren eta eskasa, ni baitan ditaken ongi guzia eskaintzen dautzut, zuk garbi dezazun eta saindu, onhar dezazun eta zure gogorakoa izan dadin, hobe dezazun egunetik egunerat eta nizan bezelako gizon nagi eta ezdeusa zorionezko zerurat nezazun ereman.
5. Eskaintzen dauzkitzut ere jende khartsuen nahikunde on guziak, nere burhasoen, adiskideen, anaien, arreben, ahaideen eta zu maitez niri ala bertzeer zerbait ongi egin daukutenen beharrak; eskaintzen ere, berentzat eta berenentzat —bai bizientzat, bai hilentzat— othoitzak eta mezak galdatu dauzkidatenen deiak. Guziek hauteman bezate beren baitan zure graziaren laguntza, zure kontsolamenduen indarra; galbideetarik begirazkitzu, eztizkiotzute bihozminak; gaitz guzietarik arinduak, bozkariotan ditzatzutela beren esker minenak bihur.
6. Bereziki nere othoitzak, mezak eta komunioneak eskaintzen dauzkitzut laidoztatu, histu edo atsegabean ezarri nutenentzat, edo zerbait kalte eta bihozmin egin dautatenentzat; halaber, nere jakinean edo ustegabean, hitzez ala obraz histu eta zauritu ditutanentzat, bihozmin eta gaizbide eman diotedan guzientzat, gure bekatuak eta elgarri egin makurrak guzier berdin barka dietzagutzun.
Khen, othoi, gure bihotzetik, Jauna, gogo makur, sumindura, hasarre eta eskatimazko lipizta guziak; khen, othoi, elgarrentzat behar dugun amodioa hauts edo ttipi dezakeena. Urrikal, Jauna, zure urrikalmendua eskatzen dautzutenez; eman othoi zure grazia beharrean daudener; egizu, bizi huntan zure dohainez gozatzeko gai izanik, hel gitezen bethiereko bizirat. Halabiz.
10. KAPITULUA
Komunione saindutik ez girela
hala hula baztertu behar.
1. JESUSEK. Maiz joan behar zira graziaren eta urrikalmenduaren ithurbururat, oneziaren eta garbitasun osoaren ithurbururat, zure jaidura tzarretarik eta bekatuetarik sendatzekotz: azkarrago, erneago iharduk dezazun debruaren oldarrer eta zure burua zaint haren sare-ukaldi ixiletarik. Etsaiak, komunione sainduan zer ondorio onak darraizkon eta komunionea zer sendagailu gaitza den badakielakotz, bere zazpi egin-ahalez bermatzen da giristino khartsuen mahain saindutik baztertzerat eta urruntzerat.
2. Komunione sainduaren egiterat doatzilarik dituzte, alabainan, batzuek tentazione bortitzenak jasaiten debruaren ganik. Aingeru tzar hau, Job sainduak zion bezala, Jainkoaren haurren arterat dathor, bere ohiko maltzurkeria herratsuaz heien nahasterat, izitzerat, herabetzerat, heien kharraren ttipitzerat edo fedearen kordokatzerat, komunione sainduari uko egin dezoten edo mahain saindurat epheltasunekin ditezen hurbil.
Bainan haren maltzurkeriaz eta hak egorri gogoeta tzarrez, hok nahi bezain izigarriak eta lizunak izanikan ere, ez duzu zeren axola: kaskoari behera aurtizkiotzu denak. Aingeru ahalgegarri hori erdeinatu behar duzu eta trufatu; haren tarrapatek nahi bezanbat nahasirik ere, ez duzu zeren komunione saindua utz.
3. Komunione sainduak maiz poxelu du ere khartsu beharrez dukezun griña handiegia eta kobesatu nahiz dukezun keska. Egizu jende zuhurrek errana eta utz behar gabeko keskak eta griñak: Jainkoaren graziari poxelu egiten diote eta bihotzean kharra dute ezeztatzen.
Ez utz komunione saindua, aphur bat nahasia zirelakotz eta kontzientzian baduzulakotz zerbait errangura; bainan kobesa zite lehen bai lehen eta bertzeek egin dauzkitzuten laidoak barkazkiotzute gogotik. Zuhauk norbaiti hoben egin badiozu, umilki galda zozu barkamendu eta Jainkoak gogotik barkaturen dautzu.
4. Kobesioaren edo komunionearen luzatzeak zer duke onik? Bihotza garbi zazu lehen bai lehen, aurtik laster pozoina. Sendagailuaren hartzerat ernatuz, bethi luzatuz baino hobeki zoazke. Egun aitzakia baten gatik gerorat uzten baduzu, bihar orobat handiago batek zitu gibel-araziko; hola luzaz egon zitazke komuniatu gabe eta komuniatzeko geroago utiago zinitazke on.
Zure oraiko epheltasuna eta nagikeria inharroskitzu lehen bai lehen griñaturik eta nahisirik luzaz egoiteak deus, onik ez du, traba batzuek mahain saindutik urrun atxik zitzaten ere ez. Aitzitik, komuniatu gabe luzaz egoitea kaltekor duzu biziki, nagitasun handi bat darraio bethi kasik.
Oi deitoragarria! giristino ephel eta ezazol batzuer estakuru guziak on zaizkote kobesatu gabe egoiteko luzaz eta ondorioz komuniatu ere gabe, bere buruaren hobeki zaintzeko beharretan ez izaitea gatik.
5. Nigar-egingarria! Komunione saindutik hoin errexki urruntzen direnek, zoin guti nuten maite, eta zoin guti diren khartsu! Zoin den dohatsu eta Jainkoak zonbat duen maite, bihotza bethi zilhar daukan gizona, hain zilhar non egun oroz komuniatzeko on baita, gogotik komunia bailezake ere, haizu balitz eta bertzeak ohartu gabe egiten ahal balu!
Norbait artetan komuniatu gabe balin badago umiltasunez edo zerbait aitzakia zuzenez, ohore hari, Sakramendu horrendako duen jauspenarentzat. Bainan epheltasunez badago mahain saindutik urrun, bere burua behar du akulatu eta bere ahal guziaz aitzinerat urrats egin. Jainkoak lagunduko du haren nahikundea, nahikunde onari baitu bereziki behatzen Jainkoak.
6. Ez komuniatzeko zerbait aitzakia zuzen ukanikan ere, komuniatzeko nahikari eta ona balin badu norbaitek, ez da sakramendu horren ondorio onez gabeturik egonen. Alabainan giristino jarraiki edozoin egun oroz eta tenore guziez komunia ditake gogoz, eta komunione horri ondorio hoberenak datxizko; bizkitartean, egun batzuez eta behar orduetan, amodio eta jauspenekin behar duzu Salbatzalearen Gorputz Saindua egiazki bihotzeratu, zure atsegina baino gehiago Jainkoaren ohorea eta ospea bilhatzen ditutzula.
Inkarnazioneko misterioa eta Jesusen oinhazeak gogoan derabiltzan aldi oroz, halaber Jesusen amodioak bihotza sustatzen dion aldi guziez, gogoz komuniatzen da giristino bat eta ikus ez dezaken grazia batek azkartzen du.
7. Besta buruetan edo komuniatzea ohi duen egun batzuetan baizik bere bihotza aphaintzen ez duena, ardura erdi-larre izaiten da komuniatzeko. Dohatsu, bere burua osoki ezeztaturik Jainkoari emaiten diona, meza emaiten duen edo komuniatzen den aldi oroz!
Meza emaitean ez izan zaluegi ez hurriegi, bainan atxik zure herritarrer doakoten izar¡ ona. Ez zira bertzeentzat akitgarri ez lotsagarri behar, bainan ba buruzagiek manatu malda erditan duzu egon behar; ikusiz, ez nondik duken gozo gehiago zuhauren bihotzeko kharrak, bainan nola ditaken hobe jendearen harat-hunatentzat.
11. KAPITULUA
Komuniatzea eta Liburu Sainduen irakurtzea
guziz beharrezko direla arima jarraikiarentzat.
1. ARIMAK. O Jesus guziz gozoa, arima khartsuarentzat zer atsegina zure mahainean zurekin jartzea: han, o arima khartsuaren amodio bakharra, bere bihotzaren gutizia guzien gainetik gutiziatu behar zituena, han zure Gorputz Saindua diozu jaterat emaiten, ez bertzerik.
Niri ere gozo litzaiket zure aitzinean nigar zonbaiten ixurtzea zu maitez eta, santa Madalenak bezala, nere nigarrekin zure oinen bustitzea. Bainan khar saindu hori non kausi? Nigar sainduen ithurburua non aurki?
Bai segur, zure aitzinean eta aingeruen aitzinean nere bihotz guzia sutan behar litake jarri eta bozkarioarekin nigarrez urtu. Hor zitut alabainan, sakramendu hortan, egiazki hor, nahiz bertze itxura batzuen azpian gorderik zauden.
2. Izaitez eta Jainko bezala duzun distiradura nere begiek ez lezakete jasan, eta izaitez dariozun argia estaltzen ez bazinu, mundua suntsitua litake. Sakramendu hortan beraz gorderik balin bazaude, bere ahuleziaren gatik zaude hola gordea.
Aingeruek zeruan adoratzen dutena, nere dut egiazki eta hor adoratzen nik ere; bainan nik fedearen bidez baizik ez dut ikusten oraino, hek aldiz den bezala eta estalgirik gabe. Egiazko fedearen argia aski behar zait niri eta argi horri jarraiki behar nitzaio bethiereko egunaren argia jeiki arte, itxuren itzalak suntsitu arte.
Bainan itzalik gabeko equn hura jitearekin, ez da gehiago sakramendurik izanen, dohatsuek zeruan ez dutenaz geroz sakramenduetako sendagailuen beharrik. Bozkariotan daude alabainan alderat Jainkoaren aitzinean, haren ospea bekoz beko ikusten dutela; Jainkozko argian igeri bezala eta berak argi bilhakatuak, Jainko gizon egina gozatzen dute, haste hastetik zen bezala eta bethi dagon bezala.
3. Gauza espantagarri hoitaz orhoitzen nizalarik, arimako kontsolamenduak berak dorpe zaizkit eta higuingarri; munduan ikusi eta entzun guziak, ezen, ezdeustzat dauzkat, nere Jainkoa bere ospearen distira osoan ikusiren ez dutano.
Hor zitut lekuko, Jauna, ez dutala nehon kontsolamendurik, pausurik ere ez kreaturetan aurkitzen; ez dezaket aurki zu nere Jainko, bethierean begiretsi nahi zituzketanaren baitan baizik. Ez ditakeena da bizkitartean hori, gorputz hilkor hunekin deramatano nere bizia. Pazientzia handi bat hartzeko dut beraz, nere nahikunde guziak zure nahiaren azpiko daudela.
Alabainan, Jauna, zeruan jadanik zurekin bozkariotan diren sainduak ere, lur gainean zireno, fede eta pazientzia handiekin zauden zure egunaren aiduru. Hek sinetsi dutena sinesten dut nik ere; hek zailki igurikatu dutena igurikatzen dut berdin nik; zure graziaren laguntzarekin heltzea badut uste nik ere hek heldu izan diren lekurat.
Anartean, sainduen erakuspenek azkarturik, fedearen arabera biziko niz. Kontsolatzeko eta argitzeko ukanen ditut bertzalde Liburu Sainduak, eta, oroz gainetik, sendagailu eta ihes-lekutzat zure Gorputz Saindua.