Pablo Fermin Irigarai «Larreko»

 

NAFARROATIK

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Nafarroatik, Pablo Fermin Irigarai Larreko (Iñaki Caminoren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00282.htm

 

 

1916

 

       Eskualduna-ren egile leenari.

       Nere jauna:

       Una, emen bialtzen datzut lerro batzu, argitaldu nai badituzu, Eskualduna astekari maite ortan. Nik baño obeki adiraziko zinuke erdarazko alocucion delako ori Eskualdunaren irakurleri; baño zer gerta ere, lanpetua bazaude edo, or dituzu iru orri oriek euskaraz eta erdarazko oarpena.

       Agur eta agindu nai aña zure zerbitzari apal uni.

       Burutzapen ederra

       Iruña, iri untako jaun aundi batzu, Campion, euskeltzale omentsua buru dutela, bildu dira batzarrean, mendiz araindiko gure aurride gudarieri laguntzeko asmoz.

       Bilkura untan erabaki dute batza bat egitea eta unen bidez aal ditezken laguntzak bildu ta Baionako apezpikuari bialtzeko, jaun unek banatu dizkan euskeldun zaurituen eta il diren seniden artean.

       Ortako, so uni edo oarpen bat edatu dute Naparra guzian, adiraziz, nolaz odolez, mintzoez, oiturez eta oroituriez mendiz araindiko euskeldunek eta unaindikoek errialde bat bakarra egin ginuela leen.

       Ortaz landa, oroituarazten dakute, nola orain duela lau urte gure Diputazioneak, Navas de Tolosa delakoaren zortzi eungarren urte betetzeko jaietan, komitatu zituela Laburdi, Zubero eta Baxe Nabarrako erriak, leen gure erriekin batean, Nabarra erresuma osotzen zutelakotz.

       Orain berriz, ilun-beltza untan, oro ilurrin, zauritu ta zigorpetuak daudelarik biotz mikorik baldin badugu lagundu bear ditugu gure anaiak aal detzazkegun laguntza guziz.

       Emengo apezpiku jaunak onetsi ditu batza unen burupideak eta erabakia du eliza guzietan eskabideak egiteko.

       Orobat iri untako egunkari edo kazetak ere, bozik onesten dute burupide oriek eta atseginekin beren laguntzak eskeini ditiozte batzari unen asmoak bururatzeko.

       Batza unen bazkidetan alderdi guzietakoak badirelakotz, uste dut, zerbeit zintzoki eginen dutela, gure aurride maiten miñak eztiarazteko.

       Jainkoak detzala.

Larrekoa

 

 

1917

 

       Kazernara abian zaudela jakinarazten didazu, berri unek biozmintzen nau, baña; alde bat obe, ontzat emana bazaude. Dena den Jainkoa lagun dizula an emen eta beti.

       Emengo kazeta egunkaria, Diario de Nabarra delakoak eman zigun iragan ortzegunean berri bat itz burutzat bombardeamiento de Algeciras zuena; eta zion sekulako kanoi burrunba entzunik zagozila Algecirasko egoiliarrak: biziki arrankura da berri unen elarazlea, Gibraltarko anglesak etzutela zilegi kanoi ukaldiz jotzeko Algecirasko bazterrak eta jende guzia ikaraturik idukitzeko.

       Non zer ote zenik etzuen erraiten; alemanen urpezko baten berri zuketen edo.

       Bilbaoratu ziren atzo, Begoña 3g.go itxas gizonak, etarik zazpi eztire ageri eta uste dute untzitik txalupara atera zirelarik untzia ondoratzean irauliarazi zuela txalupa ere eta orduan ito bide zirela kapitaina, unen ondokoa eta bortz geiago. Untzia torpedeatu zuten iragan illeko 23 garrenean Brest-ik eta Cardiff artean.

       Bilbotar Pablo Georgelin Orbegozo mutil gaztea il da Reims-ko inguruetan, aitaren ordez gana zen 17 urte baizik etzituela eta ala ere gudari bizkorra; aski da erraitea lietenan maillara eldua zela. (g.b.).

       Espainiako gobernuko buruzagiek badute lan, gudalari nagusien eztiarazteko: gudari berexien defendatzaileak biziki zorrotz agertu dira gudualgo ministroaren agindu batengatik.

       Biziki arrankura omen dira nolaz batzu maila batetik goragokoratzen dituzten, gibeletik utzirik aintzinean zagozinak; baita ere nolaz ematen dituzten gudukurutzeak eta eken sariak.

       Ori dela bide gerlako ministroak bere lekua utzirik berarrazi omen diote arrankurdunek auxe otoiztuz.

       Gisa beraz arrankura gaitzean agertu dire, Hacienda delako langile edo enplegatuak, oriek ere min berberetik joak direlakotz.

       Gobernuko buruzagiak ateka estu untarik ateratzeko lanak izanen ditu. Diote Garcia-Prietok utzi bearko duela lekua eta gobernu nacional delako bat berriaren ordez ezarri, amets utsa; geroak agertuko du zeri gauden.

       Naaskeri auek atzeratu dute aspaldiko autzia, Espainia noren alde eman bearra den edo tente igitu gabe, neutral. Au ere geroak erakutsiko du, baño beldur naiz gudalari naguziak nai dutena erdiesten badute, erdietsiko dutela berena neutrales direlakoek ere.

       Dena den, Jainkoa lagun digula eta Berak nai duena izan dadin; alaxe.

       Gaurko berrien arau gure gobernuko gizonak estu-aldian ditugu, ministro nagusiak bere izenean eta bertze ministroen izenean, erregearen eskuetan utzi bide du buruzagigoa.

       Orain berriz lanak gizon bila. Gudularien naasturiak lekutu du orai arte ginuena; eken begikoak bearko dute eldu direnak, eta ek ere gisa beraz bulkatuko dituzte bertze batzuek; oraiko gizonetan nik ez dakit oso osorik nor izenda diteken gizona.

       Oraintxe bertan, igandearen eguerdian, etorri da erri untara Weyler, general aipatua: ongi etorri berexi bat egin diote.

       Ostatuz emengo gobernadorearen egoitzari dago.

       Arritzekoa da oraiko gobernuaren aldaire saltsan sartua ez dagola. Izan diteke aintzinetik lana egina den, edo, or konpon erran ta una eldu den.

       Agur bero-bero bat Eskualdunaren egileri eta unen irakurtzaleri agur eta barkatu.

Larrekoa

 

 

1925

 

       Barkatu, baño utz nazatzue nere kolkoaren ustutzerat.

       Baldin ezpa dakizue, ene kolkoan badut xokoño gorde-gorde bat eta xoko artan beti daukat erne ta bizi bizia Eskualdunari diotan atxikimena.

       Xoko ortan, geroago eta barnago egin ditu erroak eta berdin maite izan dut, egal zabaletan bizi zelerik gudu aitzineko urtetan; nola egalak eta buru motzagoekin aal zuen bezela, bizi zenean, gudu latzgarri aren epe luzean.

       Baño ez; ez nuen berdin maite eder eta andi zenean nola doi- doie bizi zenean; ez, maiteago nuen tipi zelarik, azkurri emaile guti zuelarik, orduan nuen biotzez urrikariago, orduan nituen urrikari aren egile bakarrak.

       Noizpeinkako laguntzaleek bazituen beraz; baño, astekari batek bear dituenek, tente bear ditu tenorez, andik landarekoak, alperrikekoak.

       Nik ez dakit zuzenki nere biotzaren berri: nik ez dakit ongi, zergatik ainbertze maite dutan Eskualduna dakitana, Eskualduna diotelarik, Eskualdunaren egile eta laguntzale, Eskualdunaren maitale eta irakurle, oro batean, ek ditu ene biotzekoak.

       Baño ez, badakit zergatik, Eskualduna maite dutan.

       Euskar-itzik ez nakienean, euskal herri batean nindagoenean; andere euskaldun batek eskeindu zidan bein Eskualduna eta nik ezetz ez errateagatik artu nion keñuz ta irriz eskerrak biurtzen nitiola.

       Paper ura zer ote zen; euskaraz egina zagolarik ikusi eta ni ikasiago agertu naiz, andere aren aitzinean alegia eta euskaraz nakiela sakelan gordetu nuen geroago irakurtzeko.

       Bai ta andere arek, astera ene etxera Eskualduna bialtzen.

       Bai ta nik ere, Eskualduna, buruen buru ezpazen, (orain dula 27 urte du gero kontu orrek) orduan biziki larri zen gure astekari maitea eta Ziberoko saila enetzat zaila bezain luzea zuen.

       Ordutik asi nintzaion euskarari oartzen eta ikasten ere.

       Aldez, erri arteko sendakintzarako bearrezkoa nuen euskara eta aldez, euskararen alderat ene biotzean ernatzen ari zen landarea bear nuen alatu.

       Tori, nola asi nintzen Eskualduna maitatzen eta nola Eskualdunari esker, euskaraz zerbeit ikasia nagon 25 urtez ura ere irakasle izanik.

       Ez etsitu, ikasten ari naiz orañik; zaartuxe naiz, baño kolkoa bero dut orañik euskeraz ikasteko.

Larreko

 

 

       Aspaldi badu ez dutala Eskualdunako xokorik zikindu.

       Leenengo berri ona (emengo fuboltzalentzat). Iragan igandeari izan zuten nor-geiagoko izugarria, emengo Osasuna deitzen duten ostikolari taldeak eta Donostiko Real Sociedad delakoak.

       Oste gaitza bildu zen; Nafarroako erri auniztik etorri ziren, eta Donosti, Irundik ere bai.

       Emengo Osasunakoak garaile 3 gol bati.

       Eskualdunaren begikoa ez pai da josteta ori eta enea ere ez; ortan bego.

       Eldu den astearteko gauazko amarretan, pilota partida berezi bat Iruñeko egunkari egilek antolatua.

       «Euskal-jai»en Irigoyen iragan igandean Iruñen, jai andia ginuen, Iruñeko zaindari Jondone Zernin, emengo leen ipispikua, eta sinesmenaren erakusle leena.

       Jondone Zerningo elizan egin da jaia; leenik iri guzitik prozesioa eta ortan udalako gizonak buru, ipispiku jaunakin batio. Gero meza nagusia, Iruñen zerbeit diren guziek an zaudela. Apezpiku jaunak predikua eta gero erriko etxean otruntza.

       Bi anaiak eta Basterrika Gelbentzu, kontra xixteraz, Irigoyen zaarrena badakizue, pilotari naguziena dugula, baño bere partidak ezpei dira motelak an elkar ikusiko dute.

       Eskualdunaren emengo irakurleak tirriatuak gaude ren begira; aste untan eskutan dukegu eta bozik.

       Begitartea beti ilun ere, ez da on; irri egitea ere aldika, laket dugu eta orgatik goxo zaigu, Almanaka.

       Nola nai den dela, irakule maite ori, Jainkoa baitan agur.

Larreko

 

 

       Udarbia edo betterabe dela bide, erriberatarrak ez daude amur emateko: Zaragozan bildu dire udarbi jabeak eta guziak batean gobernukoeri oiu, onetsi ez detzan, Cubako zukreari muga zerga saria tipitzea, erosi bear duenak naiko luken bezala, merkeago erosteko.

       Marroko ortan ere, ixillaldian ditugu agian, urte unekiñ batio, etsia artuko ote dugu guziek.

       Aize-egoa dabil; eldu den 8 garrenean, izanen dugula gobernuko gizonen aldaira. Gudulariek aspertuak ote dauden eta bertzeak aldaira gose ez nakike.

       Ala-ala, edo gizonez aldatu; oraiko eta geroko Jainkoak berex ditzala gizon onak: Espainian ala Frantzian, buruzagi onen bearra bagenuke.

       Egun otan, ipar aize sendo bezain mee batek biziki jotzen gitu eta itsuski ozten ere bai; zinez egia, erran zaarrak diona, aizea da negua. Inguruetako mendi buruak eta mendi mazelak ere, zurituak dagozi.

       Iruñe untan ere, euskararen alde, zerbeit ari dire.

       Oraiñ duela bizpairur illabete, emengo jaun batzu bildu ziren, orko «Euskaltzale Biltzarra» bezalako bat egiteko eta bereala asmoak obeki zuzentzeko, arautegi edo reglemento delako bat antolatu.

       Gobernu ordekoak hura onetsi eta argirat eman zuten: «Euskararen Adiskideak» du batza orrek izena.

       Jainkoak omen daki zenbat bazkide bildu dituen jadanik eta bildu gogo dituenak, oraiñik.

       Ongi ala, ongi: Nafarroako euskaldunek zerbeiten bearra baginuen!

       Orren buruzagiak, abiadura gaitzean eldu zaizkigu gero!

       Nor gara gu? oiu bat egin digute Ultzamako Auzatik. Ba, eta jai polita egin zigutela!

       Ederki alaxe; indar ortan iraun bezate Jainkoaz eta Euskal Erriaz; eta ez gero, oldar andian asi eta bereala xokorat, itzalerat; ez alakorik!

       Iragan igande arratsaldean berriz izan dugu fuboleko partida izigarria; emengo Osasuna eta Irungo Real Union gelditurik garaile, biga deuseri, Irungo ostikalari talde, omen andikoa.

       Oste gaitza bildu omen da jostalekuan.

       Emengo egunkari La Voz de Navarra delakoak, irakurgai bat eder-ederra dakarra Iparralde deitzen den euskar-idazle aipaturena.

       Erdaratik euskararat itzulikatzeko lanaz mintzo delarik; adiaraztera ematen digu, noraraño argituak bear diren ortaratzen direnak.

       Bi itzkuntzetan nagusi direlarik, euskar lanen gaia ere, barnedanik ongi miatua eta ikasia bear dutela.

       Bertzeenaz euskararentzat kalte ditekela, lan orietan eskuak sartzea, baldin ezpadazki ongi jakin bear dituenak.

       Bere aolku mamitsuenak, zuzentzen dabezte, euskaraz ikasten ari diren gazteeri, erraten deiela.

       Ez bide ortarik artzeko baldin ezpa dira bi itzkuntzetan nagusi.

       Baldin gai artarik trebetasun andirik ezpadute. Lan ortaratu baño leen, ardura irakur dezatela, Axular, Mendiburu eta Agirre.

       Ala ornituak daudenean, lan ori bururatzeko, ez aspertzeko amabi aldiz lan bera egin bear badute ere, lerro aldi bakotxaren itzulikatzeko.

       Baiona alde ortan bada edo badire lan ortarako gai direnak; apezpiku jaunaren gutunetarik argi ageri da, nagusi ditugula eta nai baginituzte erakaspen zenbeit guri eman; baginuke bearra!

       Espainiako gobernu berriko gizonak ixililk daudela; baño ez guziak. Iragan ortziralean, Madriden bildu ziren bazkaltzera U.P. (union patriotique) delakoen buruzagiek eskeindu bazkarira orain artio eta oraitik gobernuan daudeneri.

       Bazkari on baten ondotik, maizenik itz-egiten oi da, eta an ere elekatu bide ziren Upe-ko buruzagi eta iru general.

       Azkenik Primo de la Riverak erran omen zuen, Espainiako bazterrak bake ederrean daudela.

       Leengoen aldean berak doazila zuzen eta zintzoki: oraiko ministroak ixilik daudela; orañik bakotxaren lanen berri ikasten ari direlako.

       Ez berantesteko, poliki poliki elduko direla jo gogo duten mugara: noizko ez du erran.

       Emen diote, Espainia eta Frantzia gaindi badabiltzala Abl-del Krim ordez, batek eskeintzen, baño Madridetik itzik ez dakigu. Angleterra aldeko berriak ditugu oriek. Noiz nai ordu liteke beingoan eta betiko, ango gauzak antolatzeko.

       Pilotan nor nagusi gelditzeko, xixteraz eta palotez, aritu ziran iragan igandean: xixteraz aisa nagusitu ziren Astiz ta Errasti, Huarte ta Lezkanoren aitzi.

       Paloteaz berriz, garaile Iribarren ta Irurita, Michel Martinez ta Areta partidaren kontra.

       Irakurle on ori, Jainkoa baitan, agur.

Larreko

 

 

1926

 

       Iragan aste osoan egonak gara «Plus-Ultra» delako aire untziaren berrien goait: asteazkeneraño non ote zabiltzan edo non zagozin geldituak jakiñ naiak beti.

       Asteazkeneko arratsaldean berriz, lauetan Buenos-Aires jo zutela eta an zabiltzala oste andiak ingurutik eta ondoan.

       Emen ere, berri ori jakin orduko, ari ziren zapar otsak, ezkil otsak, soñuak eta besta.

       Orañik ere nabari ditugu egunkarietan eta, bestondoak.

       Nik ez dakit, baño, beldur naiz ameka gezur iretsiak gaudela jadanik edo bertzela etorriak edo sortuak. Nik uste ez daitekela egunkarien orri guziak bururen buru «Radio telefonaz» bazkatu.

       Nola nai den dela, an omen dagozi gure txori gizonak.

       Ni ez naiz gauza oketan ikasia eta ez dakit zenbaterañoko goratzeko gai den txori-gizon oriek egin duten lana.

       Iñork ez duela orain artio olakorik egin badaiteke eta ori egia da!

       Ala izanik ere, oraiko aldi untan, aireko untziak dabilzkaten bezala; orren arrigarrizko lana ote da?

       Berriki egiten diren indar emateko errota edo motorak, 500 ehun zaldien indarra dutenez geroz, unelako ibil aldi baten egiteko gai baldin badira, ori alde batetik.

       Ortaz landara, oraiñ dituzten tresnekin; airean eta urean zuzen ibiltzeko, nola «goniometro» delakoa eta ainbertze laguntzen dituztenekin, ain arrigarrizko egitekoa ote da Franco, Alda eta Radak egin dutena?

       Eztabai oriekin ez nuke sartu nai, emengoen artean; larrutuko ninduten edo makurrago litekena, giltzapetzeko gai bilaka nindeke.

       Nola nai den dela; aldi untako elabide bakarra ori dute eta ori dugu; egunkarien alapide ugaria ori da, ez dakit noiz arte.

Larreko

 

 

       Iragan asteko iru egunez, Iruñen izan dugu Aita Laburu, jesuita; Biologie delakoari buruz itz egitera deitua. Sortzez bilbotarra dugu jaun ori, sendakintzako ikastaroak egin eta jesuita sartu zena, orain duela zenbeit urte.

       Ez Espainian bakarrik, Frantzian, Suizan, Alemanian; ainitz lekutako eskoletan ikasia eta jakintza ortan diren jakintsuenekin egon ikasten.

       Astelehenean, argi eta ederki adiarazi zigun Biologie delako egi andi bat. Bizidunek bizitzeko indar ura, nondik eldu zaioten; nondik eta nola etorri zen leengo bizidunen baitara…

       Betidanik ezpada, izandu dire eta badire jakintsu edo jakintsun-iduri batzu ziotenak eta diotenak: noizbait, mundu untan, bere baitarik agertu zela biziduna (generatio expontanea) azirik gabe.

       Bizidun eta bizirik gabea; berexkorik gabe, batetik eldu dela bertzea: jakina, leenbizi artan; begiz ezin ikusi daitezken bizidunak direla zallak, jakiteko ala direla.

       Gero ta mendez mende, lekuaren baldintzaren arauaz agertu direla munduko bertze bizidun larrien nabarmenak.

       Leenagoko eta oraiko jakintsunek gauza ori argitzeko egin dutena, zeeki adiarazi zigun A. Laburu gizon argiak.

       Guzien burutik, Pastur jakintsua erran zuela auzi untarik azken itza eta itz ori izandu dela «generatio expontanea» delakoaren azken atsa.

       Azirik gabe ez daitekela bizidunik ezta umerik aitarik gabe.

       «Omne vivum ex ovo». Eta leengo biziduna Jaungoikoak egina dela.

       Bigarren egunean berriz gauza bizi bakotxaren izatea, beti berdin dela eta bertzelatu ez daitekena: bertzelatu baño leen iltzen dena.

       Oraiñ artioko jakintsun geienak zioten, munduaren astetik eta poliki-poliki, bizidunak elkarri zarraizko tipienetarik asi eta lurra lekuaren baldintzeri esker, bat bertzea bilakatuz.

       Milaka eta miloika urteeri esker bizidunak edertuz ziminotik sortu zela leenengo gizona.

       A. Laburuk argi erakutsi zigun, arazo untarik gezurra frango dabiltzala; baño oraiko jakintsu zintzoenen arabera, batean diotela; bizidun ñimiñoena aziduna dela, eta aziari dagokiola, ura bezalako baten sortzeko indarra eta beti ura bezala eta ez bertzerik.

       Beti umeak aita bezalako direla eta ez bertzela: «immutabilité des espèces».

       Baldin ori ezpa daiteke eta ez daike, evolutionismerik ez da.

       Irugarren egunean berriz; gu baitako gurintza eta barneko erraiak sortixosten duten odol aldera (secretion interne) ixuriaz, mintzatu zitzaikun.

       Sendakintzako ongi eldu diren egiak direlako, aoa zabalik iduki ginituen aren jakintzari so; arriturik oro.

       Sendakin jakintsunen aldi huntako gaiak oriek direlako; asko bagaude gauza orietaz tutik ez dakigunak.

       Eta beti zerbeit onik ikasi dugu.

Larreko

 

 

       Ez dakit zertaratu bearrak ote garen!

       Aurten bezenbat gazteri igandero multzoka iritik lekora dabiltzanak ez dut ikusi.

       Batzu oñez, bertzeak bertze gisaz multzoka mutikoak eta neskatxak; aurten neskatxak ere asi dire mari-mutikoena egiten bertze irietakoak bezala.

       Urbileko menditara dela; Aralar-a dela, Astabizkarrera dela.

       Erronkari, Axitartera; bada emen, urbil aski dauden leku xoragarriak.

       Baña iragan igandean beribil batean, ilunabarrean eldu ziren lau lagunek miñartu zuten; beribila urandira lerratuz Larrotxapea delako emengo auzoan.

       Gerokorik ez omen dute.

       Bertze beribil bat Legarda ondoan itzulipurdika errekara juan omen zen; iru zoazin eta bat ilotza an gelditu zen, bertze bat, konorturik gabe eta irugarrenak deusik ez.

       Astelen goizean Donostitik eldu ziren bi lagun beribil batean; eta Iruñe ondoan, aitzinean eldu zen kamion bat iragan naiez, zerbeit baztertu eta arbola bat jo zuten; bietarik bat ilik eta bertzea miñartu gabe.

       Ez dakit zertan dagon, baño maizegi ditugu olako makurrak igandetan. Orrek nai du erran, edo gidariek ez daudela burutik ongi edo aparexu oriek erabiltzeko jakin bear dena ez dakitela.

       Sanferminetako bortz egunak nolakoak izan ditugun, zuen adiarazteko, ni ez naiz gai.

       Ortarako leku guzietan barna ibili bear, berriak ikasteko edo ikusteko, eta nik naiago etxean jarrita egon, ibili baño.

       Emengo bestetan, zezenak ditugu jostaketa nagusiena eta aurten, bortz egunez, seira zezen il dituzte eta azkeneko egunean zortzi: zezen iltzale oberenetarik emen zituzten, eta Gipuzkoa-Bilbao eta alde guzietarik jendez leerra etorri dira, bereziki azken bi egunetako.

       Aurten bi gauza berri izan ditugu bestetan «Exposition agricole industriel» poliki egina eta ikusgarriki apaindua; badu zer ikusteko: eta Certamen artísticoek ayuntamentuak idekia; untara, euskarazko lan asko biali omen dute eta oketarik multzo bat saritu dituzte.

       Merkatuan abere ainitz arkitu omen da; bereziki zaldi-beor; tipi ta andi; azken egun oketan bei eta idien merkatu, orietarik ere ba omen da. Zaldi oberenak erosten dituzte valenziarrek.

       Guzien buruan, Iruñeko bestetan jostaketa bitziena, iñon emen baizik ikusten ez dena, erdaraz encierro deitzen dutena.

       Iri mutur batetik bertzera, karrikaz karrika, olazko esiz, esten dute bide bat; eta gauerdian ekartzen oi dituzte egunean eguneroko zezenak idiekin lagunduz bide orren mutur batetara: eta or idukitzen dituzte goizeko zazpitaraño.

       Zazpiak jo eta su-ziri baten otsak adiarazten du tegiko ataria idekitzera doazila, eta unaiek makil ukaldiz idiak eta zezenak multzoan eta egin aala laster eramaten dituzte zezen plazara.

       Bide guzian egoten oi dire mutil eta gizon asko, zezenen aitzinean lasterka joaiteko.

       Orietarik ainitz, ezin geiago gelditzen dira bazterretan, non ta botatzen ez diren bide erdian eta zezenak izigarriko oldarrean eldu direlarik aldetik iragaiten, gelditzen ezpadira, ezin ibiliz jendeak trabatuz.

       Ala ere, bakan baizik ez da miñarturik.

       Izituak, arrituak, eldu dire idien ondoan, ok bai dakite bidea eta ez zezenek.

       Eldu den igandeko «uskar eguna», Auritzen.

       Pilota partida ez da nik erraten nuen bezala, baizik eta bi azpeitiar anaiak, eta Lasa-Oyarbide.

Larreko

 

 

       Iragan ostiralan emengo banketxe batean ebatsi nai zuten.

       Lau gizonek galdin omen zuten Tafallako beribilen jabe bati, beribil bat biaramunean Elizondora juateko.

       Itz eman zieten baietz eta biaramunean atera ziren lauak eta chofera.

       Bide erdian edo pix egin bearretan zaudela, geldiarazi zioten beribila eta orduan lauetarik biek lotu ziren choferari eta arbol bati estekatu meatxatzen zutela, ixilik egoteko, bizia galdu nai ezpazuen.

       Lauak eldu ziren Iruñera eta emen sartzean gelditu zuten beribila eta lau gizonetarik biga jautsi ziren eta bertze biak jo zuten aitzina «Hispano-Americano» delako banketxera buruz.

       Baño, bidea uts egin zuten eta uste gabean banketxe eretzean «Paseo de Valencia» delako lekuan sartu, nondik gurdik eta abererik ezpaidaike ibili.

       An zauden guziak oartu baiziren eta ekeri bea, gelditu autoa an utzi bere armekin eta igesari eman zuten.

       Jandarmak arrapatu bide zituzten bertze bi gizon banketxe ondoan, gogan beartuta bertzeen aiduru ote zagozin eta ala izaki.

       Oriek aitor eman omen dute banketxean ebasteko zedetan zabiltzala. Baño bertze lauetarik ez dute bakar bat ere atzeman orañik.

       Eskualdunak Auritzen daukan berrieltzale «Asto-Bizkar», emen ginaukan aurtemintan, atseginez elkar agurtu ondoan, euskar idaztiari buruz egin dugun astiro, mintzaldi gozoa.

       Auritz aldean eman bezala, ostoska eta erauntsika egon ondoan iragan larunbata eta igandean, iparaizea nagusitu dela eta aize mee unek oztu gaituela.

       Ba usoek sudur onak dituzte eta orgatik iragan aste osoan, uso iragaitza andia omen zen. Bakarrak il dituzte eta ala ere, iru pezeta eterdi, uso pareak egin du. Nik dakitan batzu etzuten sari orren erdian, ez eta ere erdiaren erdian erosiko; ain aier dute usoaren aragi beltza!

       Iragan igandean, Iruñen bildu zen gazteketa! Fubol delako partida zutela Real Sociedad Donostiakoak eta emengo Osasunak.

       Iru gol bati, emengoak nagusi; etsitzen asiak ziren, emengo Osasuna taldea, gainbera itsusi batean errekara zoala, baño… orañik zutitu dire.

       Iragan igandean Erribera aldean egonik, nekazariek matsa biltzen ari ziren: arri erauntsiak leenik eta idorteak gero, matsa lore guzia galdu zuela zioten; baño orañik zerbeit gelditu bide zen.

       Ez dakit geiago berri, zuendako on denik eta orgatik emen geldi.

       Jainkoa baitan, urrungo arte.

Larreko

 

 

       Segurki ez dakit, baño, leen kisuskile bat omen zen, Italiako buruzagi Mussolini jaun ori. Azken guduaz geroztik jaun orrek egin du bide, socialista leenik eta gero, ator-beltzen, zuzendari, bereganatu zituen asko eta asko, non ta indartu bai zen eta Romako gobernuko gider guziez jabetu artio.

       Ordutik unata Jainkoak daki, nola jabetu den Italia erresuma osoaz. Azken gudu-ondotik Italia ator-utsean gelditurik, bere dirua, lira, errekara zoan zalui.

       Iñor etzen agertzen buru egin aal zezakenik eta orduan Mussolini «ator beltzekin» bulardetsuak eta ausartiak, bet betan, gauza guziez jabetu ziren orain lau urte.

       Orduko gobernukoak eta eken kidekoak antzara ferratzera bota zituen.

       Poliki-poliki, Mussolini jarraizaleak bilakatu dire, Italiako mutilak, gauza guziek beren eskutan dauzkate.

       Mussolini gizon bulardetsua dela, ez daiteke ukatu, jakinduri ainitz ezpadu, buru argiduna eta langile azkarra da.

       Xede onetan ibiltzeko garra baduela, egia, eta zinez langilea ere bai.

       Italiar geienek, ura baitan ustekida andia dute eta aren ondora bildu dire egiazkoak eta alegiazkoak.

       Leengo gobernuko bortz-eun mila mutil ekendu ditu, xuurki ibiltzeko mutil geiegi zutela. Ori ala da egia ez Italian bakarrik, bertze leku askotan ere.

       Egia erraiteko, gudu izigarria eman deie naasle guzieri; komunista mason eta alako bertze batzueri.

       Mussolini eta orren jarraitzaleak bere buruaz artuak, esku geiegi ere artu dutela egia: edozein gaixtakeri egiteko gai dira, non ta egiten duten edo egitera daramaten ura, beren alde den edo ala uste duten.

       Geiegizko ortaratu direla, bein baño geiagotan; ez daiteke uka. Baño, nola nai den dela, lira diruari indar berria eman diote. Bertze erresumakoek, ez diote italiarreri leen bezenbat irri egiten.

       Aita Saindu eta kristauen alderat ere, askoz begiratuago agertu dire. Gisa beraz, Aita Sainduak, ipizpikuek, eta katoliko geienek begi onez ikusten dute Mussoliniren buruzagigoa.

       Lau aldiz hiltzer dute, baño lauetarik garbi atera da.

       Azken alditik lekora, berak omen dio, ez diotela gisa ortan ilen azti zenbeitek erran ote dio!

       Etsaiak bildurrazteko edo bera beldurtzen ari ote da!

       Leengo kisuskileak, zer lege berri uste duzue eman duela!

       Italiar ez direnak, Italiako mugetarik arat bizi direnak, ots, zu ta ni gaizki mintzo bagara Mussoliniz edo fasciste gizonen egintzaz, gu epaitzeko lege bat eta zigortzeko Italian bizi bagiñe bezala.

       Noizpait arata bagineke, orduan giltzapetuak gindezke.

       Azkenik ikasi dugu, Mussolinik bere lantegian begien aitzinean omen dauka Julio Cesarren iduria.

       Orgatik aren eta adiskiden oiua eta xedea, orduko Cesarrenak omen dira. Arek izan zuen lurren eta bazterren nagusigoa nai omen dute oraiko fascistes ok ere.

       Zer aginean ditugun italiar «Nor gira, gu», oriek.

       Bearrik, euskaraz jakinen ez dutela, bertzeenaz salatuak gindezke.

Larreko

 

 

       Iragan igandean izan ginituen jubileo-ko barkamena irabazteko eliz-agerraldiak: bortz parrokietan, leengo aldian bezenbat bildu ginen.

       Fuboleko partida berriz, emengo Osasunakoek irabazi zituzten Donostiako Esperanzakoak; gol bat deuseri.

       Leengoan nion basurde ura, Iruñeko auzo den Magdalenan il zuten bi tiroz, ugaldetik ateratzean.

       Jainkoa baitan, irakurle maite ori agur.

       Eldu den illeko 8 garrenean asten omen dire emen, Irugnen, pilotazalen (amateurs) nor geiagokoen pilota partidak: ots, ea, eldu den urteko nor kampeon, esku-uska, palaz eta txisteraz.

       Garaikerri untan sartu gogo dutenak, beren izenak binaka eman dituzte jadanik, eskuz aritzeko, zazpi bikoek, palaz aritzeko sei biko eta txisteraz berriz lau.

       Biko oriek guziek, elkarren indarrak negurtzeko, eginen omen dituzte 42 pilota partida, eldu den illetik eta apirillaraino jokatzeko.

       Iragan aste geiena, busti eta aizetsu izan dugu. Aste huntan berriz, ipar aizea nagusituko ote den gaude: baño badaiteke ego aldera itzultzea ere, aurten ortara baigoazi. Irakurle maite ori, agur.

Larreko

 

 

       Iragan igandean itsuskeri andi bat ikusia nago eta ez dakit errateko gai ote dutan. Goizeko 8etan karrika batean ikusi ditut iru mutiko gazte, 27-28 urteko, mozkor arrailduak. Arratsean berriz, iru mutiko gazte 26-27 urtekoak: biek zeramaten irugarrena mozkor arraildua, ezin zutirik egon: zinez negargarria!

Larreko

 

 

1927

 

       Leengo alditan erran dautzuet, Iruñe untako karrikak eta bazterrak nola egonak diren zenbeit egunez, loiez emokatuak; telefonoko ari lodiak lurpez edatzeagatik.

       Grippe-z landara, sukar ustelarekin eri daudenak ba omen dira ainitz.

       Lur iraultze orrek, bustiarekin batio, nago ez ote duen bertze gaitza ori ekarri.

       Ori dela, urak direla edo nik ez dakit zer, sukar ustelaren kutsua azi da nonbait eta lekuz edatu.

       Sendakinek badute lan: arrontean eri denik guti baizik ikusten ez dutenek ere orain badute norat jo.

       Bearrik, Iruñen badirela berrogeita amar bat sendakin.

       Iruñeko apezgaien etxean grippe elderiaren kutsua sartu omen zeie: orañik bakarka zenbeit baizik ez omen dute; baño beldurtzeko da, ainbertze ikaslen artean gaitza edatu dadin.

       Gobernukoek Madrida deitzen omen dituzte Nafarroako buruzagiak, ots, diputadoak, bien arteko eztabaiaren koropiloa laxatzeko edo zergaren zenbat ortan elgar aditzeko.

       Beingoan ixildu azi bazituzten emengo egunariak, zinez ixilik dagozi ordutik; itzik ere, ez dute erraten.

       Ez dakigu baño, Nafarroako esku-zuzenak begiratzeko estu-aldian ote gauden.

       Eztabai ortarik ez dezakegu itzik adiarazi baldin gobernuko mutileri ongi ezpazeie erraten edo idazten dugun ura.

       Eskuaraz erran nai duguna, erdarara itzulikaturik eman bear diotegu: bertzeenaz ez da argitaltzerik.

       Jainkoa baitan, agur.

Larreko

 

 

       Iru urtez, emen Iruñen izan dugun gobernadore edo suprefeta, iragan astean juan zitzaigun Burgosa, ango gobernadore egin dutelakotz.

       Eskualdunek ez dugu jaun arenganik esker onik izan, ots; euskaraz idazteko, diot.

       Bein, emengo egunari baten zerrendak argitaltzeko baimen eske, eraman zitioztelarik, eken artaen ba omen zen euskar olerki edo bertso bat.

       Au ikustearekin, zerrenda eramalleari erran omen zion: «dile a tu amo que escriba en cristiano», hots, «kristauak aditzeko gisaz idazteko, errok ire nagusiari».

       Gure mintzoera ez bide zitzaion goxo.

       An, Burgosen ez duke alako aldi arren berri.

       Sukar-ustelaz joak edo kutsatuak ez omen doazi geiagotuz: berriki joak daudenak guti omen dira; obe ala.

       Elderi luzea den sukar ustel ori!

Larreko

 

 

       Iragan igandean ameketan, eliza nagusian izandu zen «Te Deum» bat, eskerrak Jainkoari biurtzeko, Alfonso XIII Espainiako erregetzat 25 urthez iraunazi duelako.

       Beizamako baserri batean ama alaben iltze itsusiagatik, giltzepetuak zaudenak, askatu dituzte ezpaita agertu eken kalteko ez aitorrik eta ez lekukotasunik.

       Obenik badute edo ez badute, gizagaizoak itzala franko izan dute eta jasan bear izan dute egunkari bi ez bertze guzien aldetik.

       Jainkoak daki zer tzarkeriak eman dituzten eken lepotik!

       Aspaldidanik, oartua nago, badirela bazterretan, eskualduna itsustu naiak eta egunarietan barna dituztenak ateratzen dituztenak. Egia bere bidetik doala!

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik!

       Aezkoako Orbaiztan, mugazainek gizon bat iltzer dute bere etxean sartzerakoan: kontrabandan dabilelakotz edo ez dakigu zergatik.

       Leenik il zuela, gero zauri-andi dagola.

       Zaragozako Ikastetxe nagusiaren (Université) zuzendari edo erretore, ginuen emen iragan Salbatoretan; «Olympia» delekoan eman zuen mintzaldi bat Jondone Frantzisko Asiskoaren.

       Zazpi ehun urteburua ospatzeko.

       Jaunketa andia bildu zen, buru argi eta ao ederreko izlaria entzuteko, ederki egon zen.

       Larunbatean berriz, Lyceon Donostiako Andrio sendalaria «Osasungarria eta jostetak», mintzaldi gaiaz arturik.

       Iragan igandean, Iruñeko karrikak arin-eder egon ziren Donostiako joslarieri esker.

       Beilari gisaz, Iruñeko Andre Dena Kaminokoaren agerraldia zuten.

       Lau ehun gazte ziren Aita Sotogaizto zuzendari zutela.

       Batzarre polita egin zioten iruñarrek, elizarakoan eta elizatik San Inaziora; emengo musikari taldeak, lagunduz euskar kanta politak eman zituzten. San Inazio atean «Inazio, gure...».

       Arratsaldeko zazpitan neskatxa taldea itzuli zen Donostirat: zintzoak bear dute, ilemozdun guti ikusi dutalako.

       Zezenak ere baginituen igandean: eken ikus-miña ari bide zeie San Ferminetaz oroiturik.

       Madriden ditugun gure ordelariak Gobernuakin zer ari diren ez dakit.

       Etarik bat, Baleztena itzuli ezkontzen delako.

       Berriz, emen eri gelditu zen argizale Uranga, iragan larunbatean juan zen.

       Guzien artean eginen aal dute lan onik.

       Jainkoak ala nai duela.

       Egun otzak ari ditu berriz ere; aspaldi untan aro aldakorregi daukagu.

       Gobernuko jaunekin antolamenetan dagon Baleztena diputado jauna, iragan astean etorri zen ezkontzera, Gipuzkoako Arrasaten egin zen ango neskatxa joslari batekin ala bereala Madrida itzuli bere lanetara.

       Burnibidetako langile bat, gurdi baten gañean, lanean ari zela, erori zen eta kasko ezurra autsi.

       Konortu gabe eraman zuten eritegira eta ala, eri andi dago, madridarra omen da.

       Don Félix Arraras, Burgosko eliza nagusiko kalonje magistrala jaunak, izandu zuen, iragan igande eguerdian, Jondone Asiskoaren omenaz bigarren mintzaldia.

       Bortz ordu laurden egon zen ederki itz-egiten, ao ederreko predikaria da ta; jakintsuki adiarazi zigun sainduaren bizitza alai izan zela.

       Apezgai etxeko teologi eta filosophi ikasleak jinak dire beren etxetara.

       Euskaraz ikasten ari direnak ere izan dituzte examinak berdin Diputazionekoek.

       Urrengo aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Aurtengo Sanferminak, bertze urtetakoak baño ots-andikoak izan dire. Zerk anditzenago dituen ez nakike; baño zezenak eta zezen ilzalek nago eman dioten aipamen andi ori.

       Aize guzietara edatzen bai dituzte, berri oriek; orgatik leku urritietarik ere, etorri dira ikustera.

       Emengo zezen jaiek badute bertzeetan ez dena «encierro» deitzen dutena.

       Arratsaldean jokatu eta il bear dituztenak; goiz goizean, karrikaz karrika! egin aala laster eramaten dituzte, idi batzu lagun ta bidari, artzañak makil ukaldika gibeletik.

       Idi oriek jarriak daude lan ortara eta badakite bidea.

       Baño, josteka unen galbidea, ehunka edo milaka gazte eta gazte ez direnek betetzen dute bide ortarik erdia bedere, plaza aldekoa.

       Gizona eta zezena, nor leenka, zezena nagusi bai da, bidelaurden bat aitzinago asita, gizon lasterkaria badaiteke eldu dadin leenago, bidea utsik badago.

       Baño, ainbertze dire bide aitzinean; eldu direneri traba andia egiten bai dute elkarri eta berdin zezenak ere geldi azten dituzte biderik uzten ez diotelako.

       Aurten ere, gizon bat ilik, bi zauritu eta zenbeit kolpatu.

       Ume nintzenean, gutiak ziren zezenen aitzinean trebe zirenak lasterka juateko eta orgatik bazuten leku.

       Baño azken urte oketan trebe direnak eta zezenak ere ez dezakete lasterrik egin; orgatik, orai egiten den bezala, zuen aalkea ezpanu, erranen nuen, astokeri andia dela.

       Aurten bezenbat mota guzietako tarrantik, ez dut beñere ikusi.

       Iragan igande goizean, tarranta batek gizon bat leertu zuen.

       Iragan igandean etsia eman zioten «Eusko Ikaskuntzak» Donostian eman duen ikastaroari.

       Emengo eta atzerriko jakintsunek ederki mintzatu omen dire Euskal Erriari dagokion gai ainitzez.

       Euskaraz ere, egin zigun Muxika jaunak, bi mintzaldi. Batzartu ginenak ere sartu ginen elkar izketan elgarren bilkuran.

       Ango erabaki batek ala dio «Eusko Ikaskuntza» jo, bitarteko egin dezan orko «Euskaltzale Biltzarra»kin eta otoiztu dezan «Euskaltzaindiko» idazkera, euskal-idazle guziek onetsi dezagun.

       Ots, orthographe delako berbera guzientzat.

       Madriden ginauzkan ordelariak, gobernuakin antolamena eginik itzuli dire, baño ez digute erran zer egin duten.

       Bizpairur egunez aro zikin baten ondotik, ipar aizeak lagunduz onera eman du. Agian, eginen aal ditu orai artio baño egunaldi obeak; belarra, ogiak eta egiteko.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

       Eldu den igandean, Jondoni Iñaki eguna. Baztango Berroetan euskar eguna; mintzalari, bersolari, pilotari eta danzari.

       Eta aurren euskaraz irakurtzea ez?

       Eldu den illean berriz, Leizan euzkar egunak 13 eta 14 garrenean.

       Emen ere mintzalari nausienetarik, Azkue eta Ormaetxea jaunak bedere.

       Bersolariak (Enbeita ere eldu omen da) pilotari eta dantzak. Bi egunez eginen ote dugu zerbeit onik euskararen alde.

       Leiza erri larria eta euskaldunenetarik bai da, andik zerbeit agertuko da.

       Leizako jaiak, ango errikogizonek antolatuak eta ordainduak dire gero; erri guti dire olako.

       Uarte-Arakilen gizon batek miñ artu du gari ebakitzen ari zelarik.

       Larunbat arratsaldean gari molla bat bota da itzultzean, uga oporsega gañean zeramala larrean zango bat trabatu eta erortzean segak urratu zion ukaraia, beatz loditik asi eta ukondoraño.

       Ukarzaña (artere cubitale) ebaki zion eta odol ixurtze andia izan zuen, Iruñako eritegira eldu bizkitartean.

       Eritegian bear zituen artak emanik ongi omen dago.

Larreko

      

 

 

       Eskualdunaren emengo arpidedun guzieri banatua dago, Almanaka: aurten ere ederki eldu da, urtero oi bezala.

       Gai askotarik zerbeit; baño aurten, uts bati oartu natzaio.

       Bertze urtetan irakurgai leena eta nagusiena izaten zen, euskarari edo Eskual Erriari buruz zerbeit berri on emateko edo kalte zenbeitarik begiratzeko.

       Lehenago, Adema jaunak egiten zigun bezala; oraino jaun ori mututua dago, eta damurik eskuararentzat eta eskualdunentzat.

       Urte mugako eskuararen goraberak ikertuz, oartuazten ginituzten aren irabaziak edo galtzeak eta aitzineko eskuararen onetan artu bear ginituen neurriak eta.

       Alako gaiaz atsegin zaizkigu eskuar lanak.

       Gisa beraz eta bozik ikusi dugu miriku ernea aurten ere «Gure gorputza»z mintzo zaigula eta ederki.

       Aurten koplak ere, musikan emanak.

       Barbier jaunaren ipui politak; laborarier urte guziko eta illabeteka egin bear dituen lanak.

       Aurren-xokoa: irri solas eta Oxobiren bi pilotariez mintzo den lana. Badu nondik irri egin eta nondik zerbeit ikasi.

       Iragan larunbatetik, alkate berria badugu Iruñen; Larratxe jaun eskualduna, beratarra; «Eskuararen Adiskideak» delako biltzarraren buru.

       Iragan igandetik, telefono berria, automatique deitzen dutena ere badugu: nor naiekin mintzatu daiteke bitartekorik gabe.

       Ori edatzen edo antolatzen, urte bat baño geiago eman dute.

       Azkenean, gure diputado jaunak konturatu dire, hospitaleko kapillautzat apez eskualduna bear dela eta berriz agindu du, eskuaraz dakitenen artean eginen duela aukera.

       Jaun andiak ibili omen dire, ala bear dela adiarazten, eta nik uste apezpiku jaunaren itza ere entzunik izan dela.

       Orai bedere, esker onik izan duela eskuarak gure jauregian.

       Ordu zen!

       Irakurle maite ori, Jainkoak dizula eguberri on eta urtats obea.

       Jainkoa baitan eta urbilen aldi artio.

Larreko

 

 

1928

 

       Iragan larunbatetik, guti-aski elurra ari du: Iruña inguruko mendiak elurrez estaliak daude.

       Iruñan bertan ere, bada zerbeit; aurrak jostatzeko bedere pilotukaldika edo irrixtoan.

       Negua, neguan ari duelarik nonbait or; naiz errana den bezala, «elurra zuria delarik beltza dela».

       Basurde eizira juanak ez dakigu zer egin duten.

       Iragan igandean, Madriden izan zen, emengo seme Aita Mutiloaren konsagrazioa apezpikutako.

       Emengo ayuntamentuaren ordezkoak eta Aita Mutiloaren aurride eta adiskideak; ortarako juanak, an zauden.

       Eldu den 12 garrenean emanen omen du emen, apezpiku bezala leen meza.

       Jainkoak lagun diola, apezpiku on bat egiteko.

       Emengo ayuntamentuak erabaki du azkenean, Diputazioneko galdea alde bat utzirik, Barañain delako hospitalea gobernuaren eskuetan alde bat emateko. Gobernuko xedeak leenak badire, badukegu itxu-arrotz eta eskale.

       La Voz de Navarra delako egunaria, gobernadoreak isundu edo multatu du 500 pezeta eta zortzi egunez argitaratu gabe.

       Almadia gidatzen eldu zen Eskarozeko gizon batek miñartu zuen iragan ostiralean: almadiako ibi zuren artean zango bat porrokatu zuen; baño arras moztu gabe utzi zioten ikusi artio.

       Iragan larunbat arratsean berriz ere izan ginituen boxeo delako borrokaldiak.

       Erraten datzuet jakinazteko jostaketa edo zer den orrek emen ere laketzen ari dela adiarazteagatik.

       Jakinarazi ziguten, igandean jokatu bearra zela pilota partida bat, Iturain aita-semeak emengo Lasaren kontra.

       Bano Iturain aitak gaztigatu omen zuen eri zagola ezin etorri.

       Partida orren ordez egin zuten bertze bat: Lasa bertze batekin eta Gorriti Pacoin kontra: Lasak irabazi zuen.

       Urbilen aldi artio Jainkoak nai duelarik.

       Iruñako «luistarren batzokian» gizon letradunketa gaitza bildu zen, iragan ostirale arratsean, gure apezpiku jauna an zagola, asi zuen bere mintzaldia Aita Laburu jesuita «Biologie» delako ikasgaietan jakintsun dena.

       Ortarako, Europan diren lantegi oberenetan asko ikasirik; orañ jesuiten konbentuan bere gain ikastaro berberean ari dena.

       Bere mintzaldia gai untarik eman zuen «Orai aldi untako asmakizunak (Problèmes) Psico-pisiologie, abere eta gizakiena bekaldurik».

       Jakina: biztanle guzien artean, tipienetarik asi eta goragokoetaraño, mallaz malla iraganik, ikusi dezakegu batetik bere ondokoa arte gutiak berexten duela.

       Ala ere, bakotxa beti bere aitaren azitik eldu eta ez bere urbilenetarik.

       Ustez ta, azi batetik aziaren ama ez bezalako sortu zitekela edo biztanle tipienetarik larriagoa eldu zela argiratu zuten «évolutionnisme» delako ikasbidea.

       Gure gaztaroan, irakasle eta ikasle oro évolutionniste bilakaturik ginauden: orai arenak ere egin du.

       Jainkoak egina, abere guztiak buru batetik ateraiak izanez geroz elkarren antza edo eite zerbeit izatea ez da arritzeko.

       Barneko erraiak, biziaren bideak berdinak izanez geroz, jakina.

       Elkarren eite ori erakusten duen ikasketa da «Psico-pisiologie» berdinkaratua (comparée).

       A. Laburuk zion: ollotegi batean, ollo batek mokukaltzen ditu bertzeak, guzien nagusi agertuz; baño, ollotegitik ura ekenduez geroz, bertze bat leengoetarik agertzen da nagusi gelditzen direnentzat bertzea baño okerrago.

       Aldiz, gizon bat mutil egonik nagusitzera heldu bada, bere dituen menekoekin, leengo bere nagusia baño gogorrago agertzen oi da.

       Txorietan ere, badire etsaigoan bizi direnak eta etsaietarik beren buruak begiratzeko una zer egiten duten.

       Emagun: a txoriak, b txoria duela etsai; baño b txoriak ere c txoria du etsaia. A txoria umetzera eldu denean, kabia egiteko leku bila ari denean; b txoriak bere kabia egiten oi duen lekutik urruntzen da eta berexten du. C txoriak egiten duen lekuaren ondoan; ots, bere etsaiaren etsai ondoan.

       Aldiz mutikoek; ez ote dute olakorik egiten eskolatik ateratzean?

       Mutiko bat bertze bigarren batek jotzen du, baño bigarren uni bertze irugarren batek garaitzen edo jotzen dio.

       Eskolatik ateratzean, leen mutikoa irugarren aren ondoan ateratzen da; ots, txoria bezala bere etsaiaren etsai ondoan.

       Orgatik, zion A. Laburuk «Sociologie animale» eta «Sociologie humaine» badutela elkar ikustekoa.

       Bata eta bertzearen bizi modua barnatuez geroz, bada nondik bazkatu, delako «Psico-fisiologie» berdinkaraturik.

       Gero zer diren eta nola «Hipnotisme animal eta Hipnotisme humain», zerk dituen bat eta bertzea berexten eta ikasketa ortarik atera daitezken argiak.

       Zine delako bizi-idurian, erakutsi zizkigun egin dituen ikas-lanak: ollo, igel, amorrai, muzkerra eta kakamarrokin, lokarrazten edo...

       Bertze zenbait gauzen ondotik, azkendu zuen mintzaldia adiaraziz, zer den ideitisme. Batek gauza bat ikusten duenean eta gero gauza ura aitzinean ez daukalarik, artaz oroitzeko gogora ekartzen du aren imajina.

       Ideiste batek, oroitu ordez, gauzak ikusten ditu aitzinean balitu bezala, alucinationdunek bezala.

       Beraz, guti uste dugun lekuetarik argiago baizik ez dela ageri Jainkoa, guzialduna.

       Nork buruan artu erran zituen guziak?

       Urrengo aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Erri itsusi untarik lerro batzu zikindu naiez ari naiz eta... kezketan nago izanen ote diren argitaltzezko gai.

       Nola nai den dela, Toledotik eta Toledoko gauzez guti izain da euskaraz eginik eta au bedere ona or.

       Badakizue Madridtik Toledora, 70 kilometro bidea dela guzia ordoki.

       Malkor arritsu batean dagola Toledoko hiria, nik ez nakien: gañera eldu eta bertze aldetik arrizko ripa batean Tajo delako ur-andia ageri da, eta ur-andiaz bertze aldetik, berdin zut arri-gorria.

       Urrunera, olio ondo eta maastiak ageri dire, baño ez aunitz.

       Erri zar zar bat dela guziek badakizue; karrikak laburrak, mearrak, eta biurriak ditu, geienak petikora edo gainbera ibili bearrak.

       Baño, Toledo, gaitza da; leena ezpada, elizako ontasunetan eta oroituri zaarretan.

       Eliza-nagusi bat badu; ura nolakoa, atetik ez du ainbat iduri; baño barnetik, andiagorik, ederragorik, aberatsagorik!

       Bear bada ura ikusteko illabete bat osoa bear zinuke!

       Aren egileak! zenbat egile! eta zenbat urtez lanean aritu ote ziren eta zer lanak eta nolako langileak!

       Oraiko gure espantu guziekin ez da olako lan egilerik.

       Eta elizako gordairuak? Ez daiteke sinetsi ango ondasunak, nolakoak diren; elizako jaunzduretan den aberastasuna!

       Meza emateko jaunzdura bat bada, 80.000 arribitxi balio andikoekin egina.

       Baño, nola guziak bakotxa bere lekuan emana!

       Badire bertze bizpairur eliza, zaarrak bezain ederrak; Alcazar eta San Juan de los Reyes, bereziki dire gain gañekoetarik eta ikusgarriak.

       Beti daude ikuslez beteak, españolez baño geiago, anglesez.

       Korpusko eliz bira egiten da karriketan barna; arte guti bai da etxe batetik bertze aldekora, etxe gain gañeko bizitzetarik bertze etxe eretzekoetara, edatzen dute zapi lodi bat ongi estekaturik, alde batetik eta bertzetik.

       Aitzineko bospasei zaldizko korneta jotzale, eta bi atabal zaldi baten gañean eta zaldi beraren gañean atabalaria ere.

       Gero eliza guzietako kurutzeak; balio andikoena, eliza nagusikoa; gurdi batean bear da eraman; ain da andia eta pisua guzia urrezkoa.

       Azkenik «Kustodia» munduan den andienetarik, zaarrenetarik, baliosenetarik; Arpe aipamen andiko urrelariak egina.

       Aren ondorik Toledoko kardenal Segura jauna eta erriko buruzagi mota guzitakoak.

       Eliz bira larreñe, Zokodobere delakoan barna iragan zelarik, kardenal jaunak artu kustodiatik gure Jauna eta etxe baten barandatik eman zigun onespena.

       Biaramunean Españako errege ere, an omen zen; kabalgata delako edo Auto Sacramental batera juanik.

       Ikusgarri omen zen, an egin zutena.

Larreko

 

 

       Ikusi gabe, ez daiteke jakin, nolako zalaparta, otsa, musika-dantza leku bilakatzen den Iruña, San Ferminetan.

       Bazinakite zer sei egunak eman ditugun! bearrik, ni Iruña berri aldean bizi naizela eta ez dugula asko ikusten eta ez guzia entzuten ere!

       Zezenez leerra; goiz atsaldero eken ondotik eta ala ere, miñ andirik iñork ez duela artu, pozik.

       Tolosako txistulariak jo aldi politak egin dituzte.

       Madridko, «Sinfonica» konzierto emallea, emengo Orfeonekoekin eman dituzte iru joaldi ederrak.

       Baño: zer beroak, bero sapa, beti izerditan eta edaten!

       Iragan igande arratsaldean bi erauntsi eder bota zituen, arri pikor zenbeit ere ba, euriaikin batio, baño ez kalterik egiteko.

       Zer euri-ondo ederra! bazen aren bearra! bazter guziak erreak, landareak egarriz orituak; zinez goxo da alako euri-ondoa.

       Aste untan ere, izan dugu jasan bearrak autoekin. Larrotxapean, lau urteko aur bati gañetik iragan auto baten errota eta bereartan il-otzik utzi zuten.

       Bertze auto bat lastoz beterik eta gañean zoan gazte bat bota eta kasko ezurra autsi.

       Larrotxapeko alkohol egiteko lantegi bat sutan. Iragan ostirale eguerdian, ango langileak atera ondoan, gizon bat sartu zen; berreun litroko untzi bat, alkoholez ustu eta su eman omen zion, Jainkoak daki zer asmotan: bazter guziak alkohol untziz beterik dagolarik.

       Lantegiaren jabeaikin partzuer izana leen, bazakien ango berri, baño ez aski, idekia uste zuen ataria etsia egoki eta sartu zen aldera ezin itzuli, suak artua bai zagon, tiro batez bere burua il zuen gizon doakabeak.

       Lau aurren aita, leen ontasunez ongi egona, orai bear gorrian zagolako, diote, egin bide duela.

       Zaartzaroan dagozin Naparroako beartsueri laguntzeko, Iruñako andereño multzo batek lanez leer eginik eun mila pezeta bildu dute. Lan ortan baziren gizonak ere, baño rifa edo kermesse delakoaren bidez neskatxa gaztek lan onik egin dute. Iragan igande arratsaldea zuten azken eguna; bildu dituztenak xortean saldurik, azkenik egin dutena Diputazioneak emanikako auto Citroen bat. Norendako den ez dakigu orañik baiziren 60.000 zenbaki salduak.

       Bi urtetik, Iruñako ayuntamentuak egiten du «Certamen literario artístico» aurtengoan baziren lau euskar gai; ortarako aurkeztu dira emeretzi euskar lan.

       Gai bat zen «Quixote» delako liburutik IX lerroaldea euskararat itzulikatzea; gai untarik 17 lan izan dire. Saria 300 pezeta, eztiari uliak bezala, bildu dire untara euskar idazleak.

       Oketarik bortz izandu dire sarituak.

       Leena 300 pezeta, Ormaechea jauna Orixe.

       Bigarrena 100 pezeta, Aita Oyeregui Kaputxinoa.

       Irugarrena Angel Irigarai jauna, 100 pezeta. Laugarrena 75 pezeta Agirre jauna eta bortzgarrena Garbizu jauna 50 pezeta.

       Iruñako liburu zaarretan eta Iruña bazterreko toki izen bilko ederra egin du Baleztena jaunak, 750 pezeta saria irabazirik.

       Iruñan eta inguruetan erdaraz ari direlarik darabilkiten euskar itzen bilkoari berriz saria eman diote Belzunegi apez jaunari.

       Tirriaturik nago euskar lan orien irakurtzeko. Obekienak berexteko, zinegotziak (jurados) izandu dire Aita Inza Kaputxinoa, Intxaurrondo eta Arantzadi jaunak.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Amabortz egunez oatzean egonik ura utzi bezain laster, asi naiz lerro batzu moldatu bear ditudala, Eskualdunarentzat.

       Jainkoari esker ongi nago; baño indarrak berritzeko, Auritz-ko bidea artu gogo dut, eta Jainkoak ala nai badu, an egonen naiz ogei egunez.

       Diputazione eta Gobernuko gizonen artean ijaz egin zuten antolamena gisa batera eta orai Gobernuak berriki eman duen aginduan, bertze gisaz jokatu omen da.

       Oraikoan, erritarreri ekentzen dio berek nai duten irakaslea izendatzeko bere zituen eskubideak; Españako bertze guzietan berdinkaraturik.

       Diputazioneak oiu egin omen du, ez dela ori leen itzemana; ez dakigu gobernukoek zer iardetsiko dioten.

       Iruñako alkate eta iri gizonek ere, badute zerbeit naaspide gobernadore jaunarekin, geienak beren lekuak usturik; or dabila gobernadorea alde batetik eta bertzeak berexturik; erraz ez dela jakiteko zer aterako den. Nola nai den dela gobernadoreak alkateari ez deus batengatik, 500 pezetako multaz jo omen zuen eta alkateak lekua utzi, or konpon erranta; alkate lagun geienek ori ederretsi eta lekuak ustu ere.

       Gobernuak, berak paratuak bai dire gizon oriek, bilatuko ditu bertze orien iduriko zenbeit eta kito.

       Iragan igandean, meza nagusian nindagolarik Jondoni Agustin elizan ez nintzan guti arritu aldare saetsean gure apezpiku jauna belaunikaturik ikusi nuelarik, eta gero prediku alkira igan zelarik, ebanjelio saindua xeatu zigun ain zintzo eta ederki aoa zabalik egon bai nintzen ura entzuten; ederragorik!

       Iragan ortzirale arratsaldean, Billabako auto kamion bat, Ibañetatik gain-bera zoalarik, errota baten goma leertu, baztertu eta amilkatu zen, iru gizonek miñarturik: iruetarik biga hospitalera eraman zituzten.

       Idortea dela bide, ez dugu aspaldian bertze solasik; artoak moztu dituztela burutu gabe eta ala ala eman bazkatako.

       Arbi ereina, ezin sortu dela, eta ereiteko arorik ez, gure nekazariek badute lan!

       Lur sagarrik ez dugula izanen aspalditik etsiturik gaude: ez dakit lursagarren ordez zer janen dugun!

       Erribera aldean maatsak ere ez omen dire pikotzen, ots pikor xe-xeak ez omen dire larritzen.

       Aurtengo idorte onen ondorioak emanen dute zer errateko eta zer nigar egiteko!

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

1929

 

       Jainkoari esker, berriz ere asten naiz, Eskualdunaren leeneko nere xokoa bete bearrez eta auxe da nere leengo berria; bidenabarrean Eskualdunaren egile eta irakurleri, biotzez agur erraten diotetala.

       Ni ixildu nintzelarik, Nafarroako berrieltzale bat sortu zitzaigun, Irisarri deiturik. Nor zaitudan ezpadakit ere, otoizten zaitut, esker on baten bidez ez ixiltzeko.

       Zu bezalako euskar idazleak ez ditugu sosetan bilatzen; sosak baño gehiago balio bai du alako baten atzemaitea: orgatik Irisarri jauna, ez nezazula Eskualdunan lekurik utzi; zurea baizik ez, nerea betez geroz, ni bozikago.

       Iragan astean, guti-aski Nafarroa guztian egiñ du euri. Sortu ez diren ogiak sortzen ezpadire ere, sorturikakoak egin daitezke. Bada eta maastientzat ere ongi etorri da.

       Mendi aldera berriz, bazka ateratzeko ta artoak ereiteko garai onean diote.

       Bazterretan oianalde gaitzak erre direla eta badute arrankura Leitza, Ezkurra, Goizueta eta Aranoko erritarrak: ortaz landara amar baserri erreak Leitzan!

       Oianak egiten asi berriak ginauden ba!

       Aralarko mendi gañean, Jondone Mikel aingeruaren eliza ondoan, burdinezko kurutze andi bat paratu gogo dute; argi eder eder bat gainean duela.

       Etxarri Aranatzen arrigarrizko artzain gazte bat omen dute, 16 urtekoa, iñork ez erakutsirik, ederki pintatzen ba omen daki: irakurtzen eta idazten bere baitarik ikasia, omen.

       Fagoaga, nafar kantari aipatua, Napolesko San Carlos delakoan omen dugu berriz ere kantatzeko itz emanik.

       Lekarozko ikastetxean, egin dute euskar-jai bat; euskar-ikasleen examiñak zituztela: euskar-dantzak, itzaldiak eta nik dakita zer. Ez da erran bearrik, ederki egon zirela; mutilak dire gero ango irakasleak ortako!

       Don Resurreccion Azkue jauna, etxeko zurubitik bota eta beso bat autsi omen du. Badakizue gero, nor dugun apez jaun jakintsun ori. Azkarra da bertzenaz eta laster daukagu sendo.

       Kuraje gaitzako gizona; baño buruz eta biotzez orañik azkarrago!

       Badugu aren bearrik!

       Bizkaiko Diputazioneak erabaki du, Gernikako arbolaren iru adarrez, iru kurutze egitea, bat Aita Sanduarentzat, beste bat Erregearentzat eta bestea Diputazionearentzat.

       Pilotaren alderako zaletasuna piztuarazteko zerbeit ari dire emen ere.

       Bazuen bearra! Fubol ori «zangoz egina da» gero. Kastillanoz, gauza bat makur dagola edo deusik balio ez duela adiarazteko, erraten oi da, «zango egina dago».

       Zangoz elgar trabaturik jostatzen ari baño; obe da bai, pilotan ari.

       Ongi ala! pelotako «federacion» delakoak, Azkarate Jostre egin dute buru.

       Leen baginuen «liburuaren eguna»: orai badukegu «Nafarroako liburuaren eguna». Ortan sartu gaitezke euskaraz ere. Nafarroari dagokion zerbeiti buruz: Oroituria, ipuñak, oiturak eta. Lau sari eder, lau lan ederrentzat, 6.000 pezeta, 4.000 pezeta, 3.000 eta 2.000 pezeta. Eldu den abendoaren azkeneraño badugu epe.

       Damurik, jaun juntari orietan ez dugu euskaldun bat baizik, Larratxe jauna.

       Damurik: Mikel Iriarte jauna. Ustarizeko erretora il zaigula.

       Eskualdunak dolutan gaude eta euskar-idazleak bi aldiz.

       Ura bezalako euskar idazlea! Jainkoak bere baitan daukala gure adiskide on eta gozoa.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Leen itza zuen Eskualduna eta eskualdunentzat; mendiz araindikoeri «Sakramendu Sainduari» egin dioten gorasarre ezin ederrago arengatik, Jainkoak onets detzala, guk goratzen dugun bezala.

       Oxobi ene jaun adiskideari esker minenak; aste ortako jaien berri, orren eder eta borobilki eman digulakotz! Mutila da gero Oxobi euskaraz idazten!

       Zortzi egunez zezenak eta soñua eta oranik ez ixiltzen: geienak erotu ote garen, nago. Baño leengo egunetan jai eta soñu, arrabots eta musika, izan ezpaginu bezala; iragan larunbata-arratsa zuritan iragaiteko baimena eman zuten, erriko gizonek: «Verberna» delako baten bidez!

       Ots, dantza eta oihu gau guztirako: etxean gelditzen direnek, lan egiten dutenek eta eriek, ez dute lo egiteko eskubiderik?

       Iragan larunbatean emen izan ginituen bospasei musikari taldeak Donostiako, Arrasate, Tudela, Tafalla, Estella eta Doneztebekoak; nagusiketak izan zituzten zezen plazan; zinegoziek erran dutena ez dakigu orañik.

       Nor nai izan dadien Iruñako karriketan, egunaz eta gauaz izandu zen soñu.

       Marruecosko guduari, Franziaikin batio, etsia eman bai zioten; españolen aldeko gudulari nagusia, Sanjurjo delako generala zen eta Iruñan sortua delakoz egin diote arri iduri bat eta landatu Iruñako bazter batean (Navas de Tolosa) eta gorasarrea egin diote Iruñako erri gizonek; irudiaren egilea Orduna Erronkarikoa. Iragan larunbatean izandu zen, iduri orren agertzea; an bildurik erriko buruzagi guziak eta goratu denaren izenean bere seme batek agertu zuen arri iduria alkate jaunak leenik gorasarrea eskeinduz.

       Jai untara etorri ziren zazpi aeroplano, lertxun andana bezala bi lerrotan; bi orduz egon ziren jira biraka Iruña gañetik; ortots aldi gaitza eginik.

       Iragan igande arratsaldean etsia eman zioten zezeneri; ordu zen! izan dute asetzeko doi!

       Beti bezala; zezenak onak direlarik zezenlariak etxerat naiago eta aeuk iduri gogoz nai dutelarik, zezenak orduan idiak. Zezenlarieri zezenak eta asto beltxarenak erranik, biaramunean berdin zezenetara berriz, bertze ainbertze egitera itzultzen.

       Zezenlari bat zauritu zuen zezen batek, banderillas ipintzean edo sartzean.

       Beste bospasei guti edo aski minarturik izandu dire, zezenak tegira sartzean.

       Iragan igandean, zirrikalarien nagusiketa; Iruña zazpi aldiz inguratu bear; leen inguraldiak egin zituena, izandu zen Zepeda, bizkaitarra.

       Aro gaitza ari digu; bero izigarria, gari ultziak egiteko auta: belharrak egiteko, berdin.

       Berriz ere diot! zein eder izandu zaitan, Baionako apezpiku jaunaren itza, eskerrak emanez eskualduneri; gora zuek!

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       «Aizea da negua»; ipar aizea nagusiturik, euriaren ondotik, biziki oztu du; neguan gaude eta orgatik, Omisaindu egunean zirenak, etziren beste urtetan bezenbat, eta juan zirenetarik ez guztiak otoitz egitera.

       Arimaren egunean eta bezperan elizak beteak goiz-goizetik.

       Urtero oi duen bezala, ayuntamentuak meza bat atera zuen Sarasate zenaren aldez: Iruñako Orfeonak eman zuen meza ondoan ilotoia.

       Iragan igande arratsaldean Iruña ondoko Tajonar delako errixkan, mutiko batek arma etxetik artu, burasoen gorderik kargatu; eta zer egin gogo zuen ez dakigula, tiroa aurdiki zitzaion eta ezkerreko eskutik beatza bat eraman zion.

       Bereala gaxotegira ekarri zuten eta bear zituen artak emanik an gelditu zen.

       Eldu den Jondoni Frantses Xabier eguneko eliz jaian, Diputazioneak predikaria berexi du, eta da Zarranz Pedro jauna euskaldun berria, apeztuez geroz euskaldundurik, eta ez da euskaldundu, euskaraz itz egiten den erri zenbaitean egon […] untan bertan: ori bai dela euskararen aldezko egiazko maitetasuna!

       Ala balire gazte guztiak, iri andietarik berpiztuko zen euskara; orai untan norbaitzuek amesten duten bezala.

       Damurik ametsa; baldin gazteen biotzetan ez pada euskararen aldeko landare azkarra ernatzen; alperrik.

       Gazteen artean, fubol aldeko karra dela edo berek maite duten amekataldearena; maiz liskarra edo asarre bidea bada jostalekuetan: leengo igandean Azagra eta Peraltako bi taldeen artean, izan omen zuten asarre bizia; guardia zibilak eta bildu bear izan zutela.

       Iragan igandean emen izandu zen fuboleko partida, nor leenengo Pasaiako taldea eta Osasuna; emengoek irabazi zuten; iru batez.

       Nafarroako zartzaroaren gorasarre delakoak ari dire lanean eta erdietsi ere, erri geienetarik laguntza; lau sos, biztanle arau.

       Orgatik orai artio erdietsi dute eguneko pezeta bat lauetan ogei urtetik gorako zaar guztientzat.

       Laster erdietsi gogo dute eguneko pezeta sari, iruetan ogeita amabortzetik goragoko zaar guztientzat.

       Ederki dago ori! Gure zorionak, eskerrak lan ortan esku ematen duten guztieri.

       Iragan larunbatean saldu ziren 413 tzerri gizenak, 2,65 eta 2,85 pezeta kilo bakotxa bizian eta 17,50 pezeta dozena, ilik.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

       Iragan astean etorri zen Donostiarik bere etxera Arturo Campion jauna.

       Ongi ethorri dela bere etxera eta gure artera, Nafarroako jaun andienetarik bat.

       Zerbeit lan eginik dago euskeraren aldez eta Euskariaren.

       Orgatik, Euskalerri guztian ongi artu dute Campion jaunaren aldeko gorasarrea, «Eusko Ikaskuntza»ren gerizapean. Berriki Donostian «Euskal Esnale»koek egin diote gorasarre ixil bat, aur euskaldun multzo batek eskeindurik.

       Nik ere, leku untarik, biotzez oiu egiten diot, «Gora Campion jauna».

Larreko

 

 

1930

 

       Aro gaitza ari du; noiznai ortoska eta erauntsika; berriz ere ugaldeak bulartu dire.

       Aro auta bazka ateratzeko eta landak zikiner nagusitzeko.

       Goizueta delako errian, mutilak bi taldetan emanak, liskarra izan dute zein taldetan dauden pilotari oberenak. Liskarra lekura, agertu zen erriko-mutila eta unek bakearen ordez, mindu zituen eta mutil batek jo zuen eta arek auzi eman mutil guztieri.

       Etzaizue iduri erraz dela eztabai orren xuritzea?

       Talde bakotxaren oberenak buruz buru jokatuez geroz... bano, iluna izanen zen eta ezin egon biaramun artio.

       Katalandarrak, diotenez, zilegi dute beren bandera eta izkuntza, gisa guztietara: eta guk, orañik nik uste, euskararekin batio aren itzulikatzea bearrezkoa dugu argitaltzeko.

       Donostian; jokua erdietsi bearrez dabiltza eta iragan ortzegunean iskanbilla franko izan omen zen guardiak tiroka. Primo de Rivera gobernuan egon deno, ez da alakorik izan eta orai, zergatik?

       Orduan zilegi etzena? zerk zilegitu du?

       Iruñako gobernadore jauna eta Barbarin delako alkate jauna elkar asarraturik, itz gordinegiak esan bide zituzten. Ez dakigu zergatik.

       Baldorban, agertu omen dira ainitz basurde ango landetan.

       Nafarroako bost errialdeko alkateak, errialdeko erriburuan bildurik «Consejo foral» delakoarentzat izendatu dituzte ordelariak.

       Ogia merkatu; kiloko ogi bakotxean sei zentimo merkeago eta kilo erdiko ogia aldiz lau zentimo: ots, orai, kilokoa 58 zentimo eta kilo erdikoa 31 zentimo.

       Iragan igandean ateri arte batean, lau zezen il zituzten; salbatore eguneko zaudenak eta euriarengatik utziak.

       Iragan igandean Errenterin olerki jaia eta euskalzaleen bilkura.

       Euskararen aldezko euskaldun sutsuenak an bildu ziren eta agertu zuten guztien aitzinean, olerki saritua eta aren egilea: Lauaxeta jaun bizkaitarra.

       Bertsolarien jaia zelakoz, bersolari multzo bat bildu zen eta eman zuten poliki. Txori batek erran didanez, eder-ederki egon omen zen Enbeita, Muxikakoa.

       Orai duela bi urte, Iruñako erotegiko mediku nagusia berexteko, etzuten kontuan iduki, eta iñork etzuen itzik erran, aal bazen euskalduna bear zela.

       Euskaldunen artean ero ainitz omen dago eta erotegian ageri omen da, ala bada, sendaginak zerbeit erdiesteko ero batenganik beste osagaien artetik ez ote da nagusiena, delako psikoterapia, ots: itzez eta arrazoinez egiten den osagarrikoa.

       Iruñakoan bearrezkoa ez pada sendakin euskalduna Gipuzkoako Santa Agedan? ez ote?

       Ango ere, bi sendakin izendatu dituzte eta biek euskar itzik ez omen dakite.

       Gaixo euskaldun utsak!

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Nolapaiteko egunaldiak ari ditu!

       Amar bat egunez atertu gabe errate batera.

       Ez da arritzeko Arga Iruñako ur andia bularturik eldu bada; berriz ere, bere bidetik gainditurik, ur bazterreko baratze eta etxeak beretu ditu.

       Iragan igandeko, urak asi ziren bere lekutzen: baño orañik ez alde bat atertzen.

       Goiko mendietan elurra ere egin zuen, iragan asteko ostiralean.

       Iragan astean, ostiraleko eguerdi aitzinean, Iruñako Misericordia zaharrean, etxe berri baten egiten ari zirenean, lanabesa edo andamu gañetik erori zen ogei urteko gazte bat eta buru ezurra autsirik, zenbeit orduen buruan il zen doakabea.

       Iragan astean, Iruñako alkate eta arkiteto bi jaunek, miatu eta ikusi omen zituzten erabiliz, karrika urtatzeko giltza berriak; ainitz obeak omen dira.

       Urdiain eta beste erri batzuetako erriko gizonak jo dute ministro de Fomento delakora erranez, aurten mendietako zuaitzez baliatzera ez diotela uzten.

       Iruñako alkate jauna eta Nafarroako saleroste batzaren buruzagia, Doria jauna biak batean Diputazioneari urbildu dire galdegitera, aalbait leenen egin dadin, Eugi eta Aldude bitarteko bide zabala, bearrekoenetarik delakoz.

       Baño bertze errietan alakoetan, eskeintzen duten laguntzarik gabe.

       Iruñako alkate jauna ez dago beldurrez izun edo multa botatzeko.

       Leengo gau batez, irizain batek gizon iraintzale bat baitu zuelarik eta bildu, gizon multzo bat irizainaren kontra agertu zirelako, gure alkateak gizon ok guztiak zigortu ditu, bakotxari 250 pezeta ekenduz. Ongi dago.

       Iragan astetik, unen astearteraino Iruñan zagon Bon Barzelonako iduri egile edo karikaturiste eta astelenean, teatro Gayarre delakoan, egin zuen mintzaldi bat Iribarne jaunak, Bon delako orrek lagundurik.

       Bitxi da gizon ori, bere, boemien gisako auto batean, España guztia ikusten ari da eta alde guztietan lan bera egiten karikaturak.

       Euskaraz nola erran diteken ori, ez dakit.

       Orbaiztako olan, eskoletxe bat bear omen da ogeitaamar aurrentzat, Orbaiztara urrunegi dutelakoz. Baiki; Baztan eta Bosterrietan ere badire erri geienetan auzoak errietarik urrun daudenak eta okentzat auzo-eskolak bear litezke. Noizpait zerbeit eginen aal dugu, gure baserri eta bordarientzat!

       Urri, ille untako 25 garrenean egin ditu 90 urte, Nafarroari ekendu ziotela bere gaina edo bere eskuko nagusiena.

       Ekendu diogu, baño; badaiteke erran ere, orduko gure erritar batzu eskeindurik edo emanik. Urtero, nigar batzu ixurtzen ditugu eta mintzaldi bat edo beste egin eta ortan geldi.

       Aurten, Iruñako Arantzadi'tar jaun lege gizonak egin omen zuen egun ortan mintzaldi eder bat Donostiako Eusko Etxean.

       Aita Zurbitu jaun jesuitak gizonketa gaitza bildu du eman dituen mintzaldien entzutera.

       Apolojetikako gaiaz, aritu da zortzi egunez eta ongi egin ditu.

        delako batzarrean juntariak bildu ziren iragan astean eta Jainkoari esker eskutartean badabilate egiteko zerbeit.

       Obe ala, zerbeiten bearra bada zinez; euskaldunen artean eta euskaldundu bear zutenen artean.

       Iragan merkatuan 424 txerri gizen saldu ziren.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

1931

 

       Iragan asteko elur erauntsiak bizpairur aldiz lurrari estalki lodia emanez, egonak gara; baño Jainkoari esker, igandean bertzelatu zauku, ipar-aizea nagusituz eta bazterrak zerbeit idortuz.

       Grippe delako gaitzak orañik irauten du; baño, ez iñaute ondoko dantzak geldiazteko gisaz.

       Zaragozatik diotenez etorri zauku, estudiantina deitzen duten musika jotzale taldea, berrogei bat gazte, beren dantzari eta jota emallekin.

       Nik ez dakit, baño joka nezake, talde ortan, ikasle bat ere ez dela. Nola nai den dela, or dabilza karrikaz karrika eta antzokiz-antzoki, musika jotzen, kantatzen eta eskatzen, sabela betetzeko bide asko omen da eta oraiko jostaketa bezala daukate, erriz-erri ibiltzea bertzean bizkarretik bazka bilduz.

       Garizuman, alde untara etortzea ere!

       Iragan asteazkenean apezpiku jaunaren jauregian, notarioa an zutelarik; apezpiku jaunak eta Iruñako alkate jaunak izenpetu zuten idazkaia non ta adiarazten duen ayuntamentuak, apezpiku jaunari ematen dition etxe-lekuak seminario berria egiteko.

       Iragan asteko eluraldeak, mendietako bide zabal geienak etsi ditu, non ta ezpai daiteke eldu orañik Auritza-Belatera, Erronkarira-Otsagira; bakarturik gelditu dire elur andiz inguraturik. Aspaldi badu alako elurketa andirik ez ginuela ikusi.

       Elurra dela bide, bazterretan basurde eizian ibili diren bezala, Iruñan etxe-uso eizian. Alkate jaunak amabots-na duro multa, eman diote iru uso-eiztarieri.

       Diputazioneak Caja de ahorros delakoari eman dio etxeleku bat, diputazioneko jauregiaren gibeleko aldean.

       Etxe berri bat egin gogo dute.

       Diputazioneak, Gaston eta Baleztena diputado jaunak izendatu ditu Aldudeko tren-bidea egiteko traben urratzeko; mendiz araindian eta Frantziako gobernuarekin.

       Aurten egin gogo dituzten bide berrietan daude San Miguel Aralarkoa. Goñikoa eta Aezkoan Aribetik Orbaiztarakoa.

       Diputazionearen izenean Gaston eta Oroz jaunak Barañain delako etxetaz jabetu ziren iragan ostegunean.

       Lur mendiak lerraturik bi lekutan, Iratiko trena bizpairur egunez egon da ibili gabe; iragan larunbatetik asia da.

       Iragan larunbatean erriko etxean batzarre gabe; erriko gizonik bildu etzelako; asteleneko utzi bear.

       Arat-unata zerketa dabilzanak, Diputazioneari galde egin diote duten patente-saria ttipitu dieztela.

       Nafarroako arteko zergak Gipuzkoan baño bi aldiz geiago dutelakoz.

       Gobernuak onetsi du, bere agindu-pean izan dadin Nafarroan, Matseko-jaia delakoa.

       Iragan larunbatean 467 txerri gizenak saldu ziren, 2,50 eta 2,60 pezeta kiloa.

       Iragan larunbatean erriko etxean batzarrik gabe gizonik bildu etzelako.

       Pilota partida polita jokatu zen iragan larunbat arratsean Urzelai-Sustarra alde batetik, eta Atano II-Txikuri, bestetik.

       Azken ok irabazi zuten aisa aski.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Iragan aste osoan aro izigarri ederra egin digu, udaberri baño udakoa iduri.

       Iragan igandean euritu zuen udako erauntsi bezalako batekin eta bereala oneratu zuen.

       Agian, Aste Sainduko jaietako ere, gisa beraz eginen aal du.

       Aurten, beste urtetan baño andiki naiko lukete egin ostiraleko prosesione ederra: aurtengo, ostirale sainduko zazpi itzak egiteko, berexi dute Felipe Elgezabal jauna, fiscal eclesiastico dena.

       Iragan igandean bildu ziren prosesioneko zati berezi guztietako buruzagi eta zuzendariak, bear diren antolamenak egiteko.

       Egun orietako trensariak ere merkatu dituzte.

       Eldu den urteko poso-berri bat geiago izanen omen dugu: Nekaldi-ko Anaitasunaren buruzagiek, Orduna delako ertilari edo eskultor-ari, eman diote, Jesus kurutzean il urren bat egiteko lana.

       Berriki Orduna unek Diputazionean erakutsi du bere lan eder bat, «Jesus kurutzean», diotenez, ongi dago.

       Orai-aldi untako solas bide nagusiena egunkarietan bedere; eldu den illeko erriko gizonen aukera edo auteskundeak; iru alderdietan bedere, jadanik emanak dire: leenik agertuak republicano-socialistak, bigarrenak erregearen aldekoak edo dinastikoak, irugarrenik Nafarroako zuzenen aldekoak edo anti-dictatorial delakoak ziotenez; jaimista, integrista eta liberal epelak batean doazi, naastale guztien aitzi eta Nafarro aldekoek berriz, republikanoekin.

       Alegia, republikanoak eta unen idurikoak izandu direla beñere, Euskal Erriko zuzenen aldeztale.

       Eta orai, zergatik? Mutil onak dituzu oriek, gure, zuzenen alde muturrak austeko!

       Aste Sainduan, Iruñan zezenak; iragan igandean, zezenetan ari zirelarik erauntsi bat egin zuen, baño ala ere zezenak il zituzten.

       Eldu den igandean, Bazkotan; toreadore onak eldu omen dira, bat eskualduna, Eibarko Pedrutxo, eta Mariano Rodriguez. Zezenak Nafaroako Funes delakoak.

       Bazko biaramonean emanen dute joaldi bat kantuz Schola Cantorum delakoek eta biolin jotzale mutiko batek; aur bat delarik, ederki jotzen omen du, bere amak pianoz lagundurik.

       Iruñako ogeienekoak beñere ez dira biltzen leenengo otsematean; beti luzatu bear eldu den astelenerako.

       Madriden Cuatro-vientos delako aerodromon, il da Esparza. Goñi, nafar kapitaina, bere aparexuaikin batio goradanik bota da.

       Nafarroako albeiteroek ikastaro labur bat egin dute, aragien ontzat emateko bear diren iker aldiak egiteko. Ikasgaiak Beperet jaun argiak eman ditu.

       Greco-romana delako borrokaldietan, Madriden Otxoa gelditu da garaile; azken borrokaldia Fullaondori garaituz Otxoa gerrikodun.

       Iragan igandeko pilota partida txarra izan zen.

       Irureta bi anaiak etzuten 9 baizik egin Urzelai eta Zabalaren kontra.

       Nafarroan, bi fronton berri egiten ari dira; bat Donezteben eta bertzea Billaban.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Aroa ala-ulakoa dugu: iragan igandean aizea aldatu zuen, ego aizeaikin larunbatean ortostu zuen eta erauntsi bat ere bai egin.

       Igandetik unata oztu du eta euri erauntsiak noiz-nai dakarzki.

       Iragan ostegunean «Liburuaren jaia» zuten instituto eta normalekoek; bizpairur itzaldietan liburuaren onak goratu zituzten; eta, liburu tzarrenak?

       Teatro Gayarre delakoa urratzen ari zirelarik, iragan ostegun arratsaldean langile bat bota zen gain-gainetik, lanabesen zurak jotzen zituela poliki poliki eldu omen zen, leenbizian uste bait zuten zur zenbaiti lotuko zela baño, dohakabea lurreratu zen kazka andiak artu eta bular erdiko ezurra autsirik, bospasei orduen buruan il zen.

       Jainkoa baitan bego.

       Estella delakoan; azken aldiko konseilluko gizonen garaitia jaitzen zutela, batzarre egin zuten iragan larunbatean; lege zarraren aldekoek, mintzaldi bat emanez Arantzaditar jaunak.

       Iragan larunbatean gobernadore jaunak Nafarroako konseilluko gizonetarik berexi zituen zazpi gizon, lau republikano eta iru sozialista Nafarroako Diputazionearen zuzendari gisaz, diputadoen aukera egin bizkitartean, diputado gabe dagoeno.

       Yaun oriek dira: Salinas, Garcia Larratxe, Fernandez Pierola, Munilla, Soriano Zapia, Jaime Dean, eta Marko Ilintxeta; Diputazioneko baranda luzean errepublikako bandera zagon eta andik itz egin zuten gobernadore eta Soriano jaunek.

       Diputazione berria izendatzean, gobernadoreak ez du gogoan iduki gure lege zarra eta artaz konturik izan gabe egin du egin duena. Orgatik nafartarrek bekoz-beko jarri zaizko.

       Errepublika, gobernuko giderrer nausituez-geroz, kutxetarik diru ainitz atera omen dute, atzerrietara eramateko edo.

       Orgatik, gobernuak debeku eman du neurri batetik goragoko diru atetzeari.

       Errepublikanoen itzeri ezpai dira fidatzen: oraiko aldian, itzez geiagoko zerbeit bear dugu ikusi sinesteko.

       Nola nai den dela gobernuko mutilek zelatan dauzkate banketxeak, dirutalde andirik ateratzen ez uzteko.

       Euskalerriko aldi untako auzi andiena, euskaldun eta euskotar guztien bateratzea, delako Estatuto vasko egiteko, bospasei alderdikarietan gaude eta Jainkoak daki zeri buruz ariko garen bat ez egiteko guztiok.

       Jainkoak lagun gaitzala berexkundeak uzteko eta bearrezkoetan bat egiteko!

       Barzelonako apezpiku, Irurita jauna iragan astean etorri zen Almandozko Benta berrira, an zenbeit egun egonta Durangora juateko, karmelita eskualdun apezpiku berri baten konsekratzera.

       Fronton moderno delakoan pilota partida polita iragan igandean.

       Txikuri eta Uriz, Lasa-Arrieta.

       Ogeietaraño berdin juan ziren elkarren ondoan, baño leenengoak beti aitzinean, Txikuri eta Uria, pilotari politak dira biak.

       Ogeietarik arat Lasa, emengo pilotari oberenak zer izan zuen eztakit uts batzu egiteko, eta laster besteek egin zituzten ogei ta amarrak.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Aro aldakorra daramaguna! Larunbatean otz eta igandean bero; goizean iparaizea eta arratsaldean ego aizea.

       Espainiako artxapezpiku leena, Segura jaunak egin duen gutuna Gobernuari edo De los Rios ministroari, gaitzitu zaio; baño, ez du geiago eman, erantzupena ikasteko astia artu du beñipein: eta ori ongi dago; naiz aitzinetik artxapezpiku jaunaren politikaz erran duena utzi zezaken ikasi ondoko.

       Sevillako artxapezpiku jauna ere mintzatu da, gobernu berriaren menean duzkegun egin bearrez. Eta Espainiako apezpiku jaunak ere ari dire poliki katolikoen egitekoeri buruz, bide egiten.

       Nafarroan orai aldi untako solas bide bakarra edo andiena; noiz, nola eta nork egin bear duen Estatuto vasco delako arautegi; Nafarroa bakarrik, edo Euskalerri guztia bat eginik, jokatu bear den eldu den auteskunde edo diputadoen aukeran.

       Emen, argi ageri dena da; oraiko gobernukoekin zirenak edo daudenak ez dutela berotasun andiakin artu gure zuzenen eskuratzeko: naiz Diputazioneko leenak galde egin duen gobernuari ea zer moldez egin dezaketen galdea.

       Etzait ongi Madridtik erraten digutena egitea; baldin ura ezpada eman geienek nai dutena.

       Ni beldur, azkenean elkarren artean naasten ezpagara deusik ez egiteko edo ez erdiesteko.

       Gobernadore berria, erriz-erri dabila, erri kozkorrenak ikertuz eta guztieri agurrik beroenak egiten.

       Agerraldi orietan, beti aurpegiak arin agertzen dire; ez daitezela laster ilundu!

       Nafarroako abertzaleak edo nazionalistak ere piztu dire eta asi dire erriz-erri batzokiak ideki bearrez edo nazionalista izeneko norbait biltzen erri bakotxean.

       Euskaldunen erriko zuzenek erdietsi bagenezkigu.

       Iragan igandean zezenak ere baginituen, baño zezenak ez bide dire aski jendea biltzeko eta ba omen zuten josteko-makina bat biltzen zirenen artean rifatzeko.

       Pilota partida ezin ederragoa ikusi ginuen, Fronton Moderno delakoan Lasa, Gorriti eta Txikuri, Uria. Lauak elkarren bete, ederki aritu ziren; 29etan berdindu eta azkena Lasak uts egin ta galdu.

       Garaileak biko ederra egiten dute.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Goialde untara etorri naizelako, zueri agur erran gabe; emendik bedere, nai dautzuet erran aurtengo San Ferminak ere juan direla beti bezala, baño jende gutiagokin.

       Zezen lasterketak ekarrazi dute jende; baño, egun batzuetan, asteazkena eta igandean, jendeketa andia izanagatik biaramuneko lekutuak zauden geienak.

       Goizetan, encierro delakoetan kolpe adar ukaldi zenbeit, eta arratsaldean iñarrosi aldi zenbeit guti gora bera, ez omen da miñartu duenik.

       Igandean, Gernikan izandu zen batzarrera juan omen zen Iruñetik ere, gazte multzo bat.

       Euskalerriko erri-gizonketa gaitza bildu omen zen, diputado aukeratu berrieri, Madrida baño leen agur egiteko.

       Astelenean berriz, Iruñen dute bilkura Nafarroako erri guztietarik bilduak Diputazioneko deiari onetsiz.

       Estatuto vasco delakoaren alde den edo ez jakiteko.

       Nik uste geienak aren alde emanen direla: badaiteke zenbeitzuek alde emanik ere, oarmen zenbeit eginen dutela, nola estatutoan sartu bear duela edo ez Eliza ta Gobernu arteko baia edo konkordato.

       Batzuek naiko dutela Madridko gobernuaren eskuko, eta geienek, nik uste, naiko dutela, Euskalerriak, esku ori bere gain artu dezan.

       Diario de Navarra egunkariak ez du nai nafarrek ager diten estatuto vasko delakoaren alde.

       Nafarroako geienak lege unen alde agertu direlakoz edo, ezin bertzean bezala, eman da estatuto nabarroaren alde.

       Egunkari unen zuzendari jauna ez da nafarra, Madridkoa da. Orgatik ez da arrigarri, Euskalerriko estualdi huntan Madriden egotea eta andik bere aurra bazkatzen ari.

       Badirudi, emendik bear zuela alapide garbiena bildu; baño, aspalditik Madrida bea egoteak ez digu onik egin.

       Ongi dago, Madriden zer dioten eta zer egiten duten jakitea, guk bear dugun bidetik artzeko.

       Baño, ez andik, arrotz batek nai duen bezala gu ibiliazteko.

       Alde artarik gure alderako maitasun guti.

       Guzien buruan; nork daki ez ote da ongi etorri Diario de Navarra delakoaren lana? Ez ote dire orgatik Nafarroako errepublikanoak estatuto vasko-nabarroaren alde errazago eman?

       Nola nai daudela errietako konseillukoen estatutoaren alde ematen badire, egunkari unen izena aldatu bearko dute, egiari bide eman nai badiote.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

1932

 

       Bospasei egunez laño zikin baten pean egonik, iragan larunbatetik unat iparaizea nagusiturik, lanoak garbitu ditu.

       Iragan asteko solas bide bakarra jesuista jaunen uxatzea.

       Azken Eskualduna-ren leenengo mintzaldia «Etxetik kampo» eder-ederra zaigu emengo guztieri.

       Ez daiteke mintzaldi labur batean geiago eta ez obekiago erran.

       Iruñako jesuisten eliza, ayuntamentuarena da; orgatik itzuliko diote jabeari eta ez apezpikuaganako.

       «Xabier» edo etxe-elizak, aspalditik badute beren jabea, Guaki kondea.

       Iragan igandean bildu ziren Diputazionean Nafarroa guztiko errien ordezkoak estatuto delakoari buruz.

       Bildu zirenetarik 210.000 biztanleen izenean eman ziren Estatuto vasco delakoarentzat: 68.000 nafarren izenean ez dutela Estatutorik nai eta 28.000-en izenean Estatuto nabarroarentzat.

       Irutik biga aski bai dute, badute naiko.

       Erriberako Zintruénigo delakoan gobernadore jaunak fraile predikari bat multatu du 500 pezetaz. Katoliko ez direnentzat itz itsusiak erran zituelakotz.

       Erriberako zenbeit errietan; Miranda, Arroniz, Legaria, lurrak direla edo oianak direla, asarre dabiltza: gobernadorea ari da poliki lanean guztiak antolatu bearrez.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Aro zikina ari diguna! Beti bustia, eta atertzen duenean bero, aspalditik ego aizea nagusi bai dugu.

       Ogiak, garagarrak eta belarrak botaiak; lurrean itoak; uste ginuelarik uzta on bat bidean; badaiteke beste aldera Jainkoak laguntzen ezpadigu.

       Gobernadore jauna Madridtik itzuli berria dugu eta berak dionez zerbeit erdietsirik Nafarrarentzat. Baño, nik uste emen, ainitzek ez paidiote begi onez ikusi azkenengo naasturietan, berdin eskuñaldekoek nola beste aldekoek: zioten, lekuz aldatuko zutela; baño, finkatuago eldu omen da gobernuaren aldetik.

       Gobernadore jaunak, Dikastillo delekoan, iru dantza leku etsiazi omen ditu, ez dantzatzeagatik, baizik osasun-kalterako lekuak zirelakoz.

       Arabako mugaaldean larretik ebasten omen dituzte abereak eta Araban sartzen; gobernadore jaunak, Arabakoa otoiztu omen du zaindu dezala nola dituzten paperak zunsizen.

       Diputazioneko gestore eta estatutoaren aldezkoak lanean badabiltza; orri banatzen eta irakaspenak ematen, ayuntamentukoak eta erritarrak argitzen, estatutoaren onak agertuz.

       Eldu den igandean, Iruñan biltzekoak daude erri-ordekoak, estatutoaren onesteko edo uzteko.

       Diario de Navarra, beti bezain gogor ari da. Estatutoaren aldezko guztiak iguin ditu; batzu, nazionalistak direlakoz eta bertzeak ezkeraldeko edo gobernualdekoak direlakoz.

       Azkenik, Nafarroako bi diputado, Aizpun eta Gortari jaunak erran dutelakoz bere boza emanen dutela estatutoaren alde, naiz arrazoñ andiak dituzten beren gogoak ez asetzeko, eta beste aldera jotzeko: ori ere gaitzitu zaio Diario delakoari.

       Unen aldekoek, lepoaldean eramaten omen dute ikur gisaz, boton bat eta artan emanik «gu bakarrik», nik ez diotet ikusi, eta ez dakit egia ote den.

       Baño, geienek, ez bakarrik eta ez lagunekin, ez dute ibili nai; ezpai dute kolkoan ortarako indarrik aski.

       Gobernadore jaunari salatu diote; Tafallan, Ayuntamentuko batzarrean, egunari egile bat, alkateak eta bertze erriko gizon batek zanpatu dutela. Zer putikoak!

       Salinas, gobenadore-orde zelarik liburutegi batetik gutun zikinak saltzetik debekatu ditu.

       Estellako Aita Urangari, ez dio baimenik eman gurutze-bidea agerian egiteko.

       Andiki egin da Iruñan, Jesusen-Biotzeko bederatzi-urrena eta iragan ostiralean egin zuten azkena; egun guztian eliza-nagusia beterik egonik, Aita Sainduaren otoiztuak egiteko.

       Aizpun diputado jaunak, galdeegin du diputadoen biltzarrea, orai zuritzen ari diren «Agraria» deleko legegaiak, agintzerik ez dezala izan Euskalerrian.

       Loretegi berria, Aita Elizondo kapusaidunaren gutun berria da; diote, ederki egina dagola, nik ez dut irakurtu.

       Irakurtu dutana da bertze gutun berri bat, Jesusen Biotzaren illa. Oar Arteta jaun apezak egina. Mamiz ederki eldu bada, euskara garbi-garbiz apaindurik ere bai. Laffitte jaunaren Mayatzeko ilabetea bezala da; mamiz aberats bezain eder euskaraz. Egile bieri, nere zorionik beroenak.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

       Bertze hitzaldi bat ukan dugu Estatuto hortaz mintzo dena; nihondik ez dezakegu ezar hemen, biziki luzeegi da. (Egilearen oharra)

 

 

       Bizpairur egunez idorrik egonik, berriz ere igandean ortostu zuen, eta orduz geroz bustian gaude. Oraiko aldi untarik, aro onik ezin dukegu gizajende arteko asarreak ematzen ezpaditugu.

       Aldi untako, gure solas-bide nagusiena, errate batera, bakarra «estatuto» delako gaia.

       Aspalditik gai untarik ari bagare, azken egun oketan ez da besterik.

       Karlistak, integristak eta erregearen aldekoak; naiz errelijioa aitzaki gisaz arturik, naiz bakarrik obe ginukela nafartarrek erranez; guztien buruan nazionalisten eskua or dabilelakoz ezin dute onetsi, ezin ikusi dute. Ori dela bide, erriko etxeko azken batzarrean, eskuñaldeko zinegotziak, guztiak batean eman dire estatutoaren kontra.

       Karlistek diote estatutoak bere iturburua, ur-zikinetan duela, belar tzarra azten den lingetan; linga ori, abertzaletasuna da.

       Iragan igandean Iruñan bildu ziren Euskal-Erriko ayuntamentu guztien ordezkariak eta Bizkaia-Gipuzkoa eta Arabako geienak eman ziren estatutoaren alde; baño Nafarroako 120 ayuntamentu beste aldera eta 109 estatutoaren alde, beraz Nafarroa gelditzen atean; geiena edo iru zatietarik biga ez dituelakoz erdietsi estatutoa onesteko.

       Abertzaleak ez, beste eskuñaldeko geienak estatutoaren aitzi eman dire.

       Iragan igandean Donostiatik atera ziren Dublin aldera buruz, Eukaristiko batzarrera, alderdi abertzalearen izenean Hernandorena, Irigarai jaun sendagileak, Laborda jaun apeza; berekin deramazkite zenbeit pilotari; gure jokoa erakusteko eta Euzkadiko berri emateko.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

      

 

1933

 

       Leen itza zure Eskualdunaren leen egile jauna. Zor diot nere eskerrik beroena: urteonak ematean, orren azken irakurgai ederrean, biotz onez berexi ninduelakoz.

       Berriz ere, urte berri on ona Soubelet jaunari eta ura baitan Eskualdunaren egile-lagunzale eta irakurle guztieri. Jainkoak ala nai duela.

       Lanzurda zariola, zenbeit egunez laño beltz baten pean egonik, berriz ere epeldu du, ego aizea nagusituz.

       Nafarroako Caja de ahorros delakoak etxe berri bat egin du eta astelenean zuten aldaira. Beko aldeko ganbaretan daude kokatuak orduez geroz.

       Eguberriko jaietan, aur batzu elizaz-eliza kantari dabiltza, ederki eskolatuak Nazareteko artzainak Jesus Aurrari zuzentzen dioten agur politak entzuteko, elizak betetzen dira.

       Iruñan, laster izanen dugu «Emisora Radio Navarra» emendik sortu daitezken adigaiak, alde guztietara barreiatzeko.

       Orai, bide zabal geienak pikeztatuak daudelakoz, bidezain gutiago bear da eta Diputazioneak berreun bidezain lanez bertzelatu gogo ditu.

       Fitero-Milagro-Kaskanteko langileak, ango nagusiez kexu ez dituztelako guztiak berdin artzen lanerako. Gobernadore jaunak nagusieri agintzen, langilea nor den beatu gabe, artzeko.

       Iruñan sanatorio anti-tuberculoso eritegi berria, laster ideki gogo dute. Birieridun asko bai da bazterretan ideki bezain laster beteko da.

       Gaxotegian ere, bi etxe berri antolatu dituzte eri okendako. Errepublikako buruzagia egon zelarik etxe orien idekitze itxura egin zuten; baño, orai artio ez dire betetzen ari.

       Diputazioneak, bidezainentzat etxe egokiak egiteko, arkitetoen artean, nork obeki bat ideki zuen eta 21 aurkeztu omen dira.

       Diputazioneak, lan orien xuritzeko, zinegotziak bereziko ditu: ok erabakiko dute zein ta zein diren berexteko gai.

       Errege eguneko bezperako aurren jaia, beldur dire, aurten ez ote den orren ederra izanen.

       Aurten, badire jaun batzu mindurik, eta mindurik dagonenganik ez daiteke lan onik.

       Iruñako etxe nagusiak batzarrean bildu dire eta arautegi baten pean elkhar laguntzeko beren izenak eman dituzte.

       Oraiko aldian, ontasun jabe izateko lanak ditu; leengo jaun-andieri bere bazterren jabetasuna ekendu diote; eken bazterrez gobernua jabetuz.

       Gobernadore jauna baitan, beti bezala, Erriberako nagusi langilen arteko eztabaien mezulariak badabiltza. Debekatu du ezartzetik iragarkiak, Elizaren jazarkundea adiarazten dutela egia ez delarik.

       Fuboleko partida jokatu zuten Osasuna eta Oviedo bana berdin, geldituz.

       Ulazia eta Lasa berriz ere maniman jokatu ziren.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Udaberrian gaude; gizonaz landara oro arin, iguzki pean ez da izakirik, udaberrian arintzen ez denik, bizia berritzen ez duenik: gizona da bakarrik bertzelaturik dabilena.

       Aste guren edo aste saindurako, apezpiku jaunak eman digun eskutitza, bazinakite zein ederra den!

       Jainkoaren itza, ebanjeliotik artu eta, ura bera xeatuz ematen digu eder bezain llaburki. Gure etsaien alderako gure egin bearra, Jainkoarena bere etsaien alderakoa bezala izan bear dela; ori du gaia, elburu eta mamia: tenore untako gai egokia!

       Eldu den 16 garrenean euskar asteko igandean, orfeoneko zuzendari Mujika jaunari, gorasarrea egin gogo diote Donostian. An bildu bearrak dira musika jotzale taldeak, nork obekienik egiteko batera eta Mujika jaunak lau talde batean zuzenduko ditu «Gernikako arbola» jotzen eta ori izanen da gorasarrearen nabarmena.

       Donostiako abertzaleak, jai ederrak antolatzen ari dira eldu diren bazkotako; gipuzkoar abertzale oriek gaitzak dire jai antolatzen eta jai egiten. Emendik bedere, gazte asko juan gogo dute.

       Bazinakite Iruñako zinegotziek daukaten sua, errepublikako bigarren urtea jaitzeko!

       Eldu den 14 garrenean ostiral saindua izaki eta nola jokatu? Nork daki ez ote duten erabakiko, egun ortan bearko dela ezkilak jotzea; ori zerbeit litzeke ostiral sainduko!

       Eliza nagusian, andiki ari dira, Onatzezko Andre dena Mariaren zazpi urrena egiten, eliza andia izanagatik betetzen da; omen andiko mintzalaria dute predikari, Aita Benisa kaputxinoa: ao ederreko izlaria.

       Endarlaza ondoan, gertaera itsusi bat izandu da. Donostiatik norbaitek, iru portuges Frantzia aldera bidatu-iduriz eraman zituen Lesaka aldera eta andik ur-bide zabal batean, banazka ura iraganez nai zituen il: leenbizikoaikin uts egin zuen eta orduan aren asmo tzarra agertu.

       Iruñako Alkate jaunak, debekatu du etxe eta orma ezkinetan, iragarkirik ezartzea; zinez zikina bezain itsusia da: ortarako leku bereziak ba direla.

       Urtero bezala, Apezpiku jauna,k konfirmazionea emanen du eldu den astean.

       Eldu den igandeko, tradizionalistek ekarri gogo dute Pradera jauna itzaldi bat emateko Euskal-Jai-en. Ez da jaun ori guztien gogokoa; adiskide baño geiago badituela beste aldetik, nago.

       Aita Mikeleiz jesuitak, gutun eder bat argitaldu du, Aita Otxoaren bizitzaz; Jondone Iñakiren egunetako leenengo jesuita, euskaraz misioak egin zituena.

       Iragan igande goizean zendu zen Iruñako kaputxinoetan Anaia Lizaso, Getariako eta Errenteriako txistulariaren semea. Aspalditik gaxo zagon bano uste gabean bat batean il otzik gelditu zen. Jainkoa baitan bego.

       Juan den igandean, Iruñan, agur eta solas egin ginion Garmendia'tar Kepa jaunari; emengo aldi zuen saratar jaun begiko eta euskaldun argiak.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Euria asi zauku, Jainkoari esker; Erribera aldean on asko eginen ote duen ez dakit; emen bedere eta mendi aldetan, ongi etorria dela; ereinak sortzeko eta sortuak biziazteko bearrezkoa dugu.

       Aralarko Jondone Mikel aingiruari arreuka eta egonak ziren iragan astean arakildarrak: emengo laborariek ere egin zuten otoi aldia euria galdetuz.

       Juan den igandean, nazionalistek lau bilkura izan zituzten, Imarkoain, Erriberri, Elizondo eta Goizuetan.

       Tradizionalistek berriz, egin dezaketen bilkurik andiena Lizarran egin zuten, arata deiturik, Euskalerria maite duten guztieri. Ezpata dantza txistulariekin, abertzalek bezala, baño... Madrida bea daudeno, gauza onik ez daiteke.

       Fraile-seroren barreiatzeko eta eken etxe-lurren jabetzeko egina duten legea, ganbaran onetsia izan da. Berrogoita amar diputadoez beste guztiek baietz erran dute.

       Baño, buruzagi jaunaren baia, orañik ez du eta nork daki? ez ote duen ganbarara itzuliko berriz obeki ikusteko.

       Nola nai den dela, Euzkadiko bederatzi diputado sozialista errepublikano legearen alde eman dire. Lege untan balego Españako lanik gabeko langilen zoriona bedere!

       Debrukeriaz landara, zuen alkea ezpanu, errain nuke, lege ori astokeri andia dela. Irakasle-sariz landara, bearko omen dituzte ikastetxetako 306 milloi pezeta.

       Makurrena, fraile-seroren aide eta adiskidek, ortarako diru geiena ordaindu bearko dugula!

       Donostian, euzko langilentzat ikastetxe bat ideki dute; Aita Azpiazu, langile-nagusien arazoetan ainitz dakienak, asiera eman dio mintzaldi eder-eder batekin.

       Ariztimuño apez jauna izanen da eskolako irakasle bidari.

       Euskalzaindiko jaun ikasiak Iruñen izan dituzte ille untako batzarrak. Eken lana zerika eta zeri buruz izan den ez dakigu.

       Bozik agurtu ditugu Azkue, Inzagarai, Elissalde, Maidagan apez jaunak, Aita Intza, Lakonbe eta Ormaetxea jaunak.

       Zuek bazinakite, emazteak ere, greco-romana delako borroka aldietara emanak direla? Nik ez nakien eta makurrena da La Voz de Navarrari esker ikasi dutela.

       Igande arratsean lau borrokaldi izanen zirela; baño, zikinkeri orien berri ez dakit.

       Gogorki eta bidegabeki, gobernuko mutilek abertzalen aitzi eman dire itsuturik tiroka, giltzapeturik, multatzen eta egunkariak baitzen.

       Iruñako alkate jauna Madrida doa, Españako alkaten bilkura dutelako: geldialdiaren (paro) korropiloa lazatzeko bada, ongi ibili!

       Iruñako Argarai delako auzoan, etxe egile Martikorena jaunak ehun etxe-merke egin nai ditu. Erriko gizonek bozik ikusiko luketela.

       Erle azteko ikasten ari dira ameka irakasle, Billabako lur lanetako ikastetxean; Nagore jauna irakasle.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Asi badu asi, legortearen araberako ugaldeak izan ditugu iru egunez, lerroan; zinez, edoiak lerturik, ur-jauzi baten pare bazterrak larrutu dituela!

       Eta ori, ortoska eta iñazturaka, nor nai izitzen zuela: lekutan arri erauntsiekin naas-maas.

       Iruñan, larunbateko arratsa, beldurgarri zen: iñazturetarik begiratzeko burdin-ziri sokadunak, etxe guztietan izanagatik eta Diputazionean lau kantonetan; unen lilitegiko lerrondo eder ederra, iñazturak gallurretik ondoraño erditik egin zuen.

       Adinez eta ederrez, ain zen lerrondo ederra, non ta aste untako emengo solas bide nagusiena ori izandu bai da.

       Naigabeturik utzi gaitu: Diputazionea lerrondo ura gabe ezin ezagutu dugulakoz: etzituen ehun urte; baño etxe andia artan bizi diren gutiak baña zarrago bai.

       Jakinen duzue, Españako gobernuak erreka jo duela; au ere berri bat duzue, baño guretzat lerrondoaren larrutzea baño tipiago. Nola nai den, andi-mandiak or dabiltza galdeka eta erranka zer bidez, zorionera eraman daiteken.

       Buruzagiak Lerroux azeri zarrari eman ditio ugalak, gobernu berri bat errekatik ateratzeko; baldin erreka zolan zozialistak trabatzeko gelditzen ezpadire.

       Oraiko zozialisten etsai bildurgarriena Lerroux eta unen alderdikoak direnez geroz, Españako bakedun geienek onesten dute. Bano, ni bezala beste asko oroituko dire, Barzelonako «Semana trágica» delakoan Lerroux ori bera zen naasleen gidari eta deabru zirikazale tzarra: nolako aolku emallea! Monje etxetan sartzeko, bortxaz onesteko ama bilakatzeko.

       Aolku ori ezeztatu ote duen, ez dakit, naiz diotenak oraiko Lerroux ez dela ordukoa.

       Untaz landara, Martinez-Barrios; alderdiko bigarrena franc-mazonen Grand-Oriente omen da.

       Euzkadiko esku-zuzenen aldeztaleak ez dire izanen; aldiz, etsaiagoak baizik ez.

       Azken larunbat arratsaldean etxean nindagola agur egitera etorri zitzaidan, Lauaxeta euskar idazle leenetarik eta gogoeta andiko euskar olerkaria. Zaarreri agur egitea maite badu, nik maiteago dut orrenbesteko agerraldia egin didalakoz, orrenbeste lan ta lan euskara eta aberriaren aldez egiten ari den gazte zintzo batek.

       Nafarroako jira-bira bat egiten ari zen Bilbaoko abertzale gazte batzuekin. Emendik berriz ere, nere esker bizienekin, Jainkoak lagun diola osasunean eta bere gain dituen lan guztietan.

       Il unen amabigarrenetik asi ta 15 egunez, irakasle gazteen ikastaro-asterketa dute: gazte asko dabiltza karriketan.

       Eldu den igandean, Sarasate zenaren 25 garren il urte burua, emengo orfeonak jaitu nai du, aren il obian il otoitzak kantatuz.

       Gisa beraz «Santa Cecilia»ko musikari taldeak Biarritzen, zenaren etxean nai diote oroigarri bat eskeindu.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Neguari buruz bagoazi; elurra beñipein agertu zaigu eta igande goizetik bazterrak zuriturik dagozi.

       Ataundar miñartuak, emengo gaxotegian gelditzen diran iruak aski poliki daude: juan den astean etxeratu ziren beste biak sendaturik edo sendatu urren.

       Juan den asteko solas-gai bakarra, diputadoen aukera eta orañik gai unen buztana larrutzeko dago.

       Iruñako auzitegian autarki kondatzen bi egunez lanak izan dituzte.

       Aunitzekin ere, leen leenak «bloque» delako katoliko oberenak, berek diotenez: besteak, abertzaleak barne, ala-olakoak, oberenak markitsak.

       Abertzalek, bloquen iruetarik bat; ots, ogei milla edo.

       Ala ere, abertzalen aldeko eman direnak, geienak bedere, egiazko abertzaleak badire, bozik!

       Abertzaletasun egiazko ereinzak luze eta barna jorratu bear da; emeki-emeki egiten du bide.

       Funtsezko izateko iñor ez ezetsi, aldiz, maitatu; biderik ederrena eta zuzenena gureganatzeko.

       Katoliko gisaz, gure etsaia garaitzeko bide egokiena, ura baño obea izatea.

       Abertzale gisaz, gure aberria aldezteko, bakotxa, bere lanpidetan, beste edozein arrotz-lankide bezain ona izatea, edo obea.

       Ni, sendazale gisaz, egin aalak egitea beste edozein sendazale arrotz baño obeago agertzeko. Eta unela eginpide guztietan.

       Besteen egintzetan ez begiluze izan, ek diotena eta egiten dutena jakitea ongi; baño, gure onerako, guk egin bear ditugunak ek baño obeki egiteko.

       Etsaiari erran-merran bide ez emateko, katoliko garen aldetik eta bakotxak bere dituen bideetarik zuzen ibili. Gure aberriaren maitasunean landatzen ditugun landareak ez dezala aberkide garanorik itsustu.

       Irakurle maite, aitzineko itz ok, barkatu.

       Apezpiku jauna boza ematen egon omen zen: bere debekuaren apez jaunari eman ote zion eztabaika ari dire, eta ori, Iruña guztiko eman zituzten xarteletan, ura zagolakoz.

       «Bloque» delako aaldunek, Diputazioneko buruzagiari galdetzen diote nafartar geienen izenean jestore lekuak ustutzeko napar-legearen arabera berritzeko.

       Salinas jaunak: auzi ortarik ez daudela guztiak garbi ko mutilak izandu zirela eta naparlegea ostikatu: eta gobernuak erran artio ez dituztela ustuko, ots, berriz napar legea autsi?

       Bestek diote beren baitarik ez direla ari, baizik eta napar geienen izenean, zer? eun milla oriek gauza ori erdiesteko, gaitza ortarik kutsatuak dauden gizonak bilatu dituzte?

       Igandean, karmelitetako eliza ederra abertzalez koka-ala bete zen Arana Goiri zenaren urte buruko mezan. Eder-ederra izandu zen.

       Santa Cezilia jaitzeko, igandean meza eder bat egin zen Santo Domingo elizan.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

1934

 

       Zenbeit egunez bustitan egonik, berriz oneratu zaigu eta igandetik unata, egunaldi politak ari ditu: bazterrak lilitsu daude eta txoriak kantari. Arrigarri dena; aurten orañik ez ditut ikusi eliza dorre eta dorre zarretan, inguruka egaka dabiltzan iñaretarik.

       Egoaldera iragan da Iruñatik barna Calvo Sotelo, Primo de Riveraren ministro ohia, Nafarrerriari lau milionen zimikoa eman ziona eta ordutik unata egiazko nafarrek ezin ikusia duguna begiko zikina baño.

       Paristik eldu zen, gobernuak barkamendua onetsi bezain laster emen ginuen, eta Nabarratik barna, Dantxarinetik Reparatzea izan zuen ostatu eta Iruñako banker batean bazkaldu omen zuen.

       Kampion jaunaren laurogoi urte betetzearen eguna izandu zen astelenean. Orai eta beti, Jainkoak lagun dizula.

       Egun batez, zu baitan, zeure burua euskotar bezala ezagutu zinuelarik, euskara ikasteari lotu zinen.

       Nolako erabakia eta nolako ikastaroa! Baiki, adimen argidunen lanak edozein gairi buruz eder eta andi; euskar-ikaskide ederrena eman ziguzularik, ura da, nik uste, zure lanetan ederrena.

       Baño, ai ei ai eta miletan ai! Zu bezalako euskar jokalariak azturik ditugu eta beldur naiz, gure euskara bear bezala ez landuz ilen dela; azkenean erdarak itoko duela. Ala ere, euskara baño leenago gu ilen gara, Jainkoak lagun digula, gure azkenak aren alde emanez.

       Iruñako iri-gizonek, Diputazioneari laguntza galdetu zion langabe daudeneri lan emateko eta Diputazioneak ezetz erran dio, ari laguntzeko beste errieri ere egin bearko lukela.

       Ordik asarre zerbeit erakutsi dute azken batzarrean.

       Ala egonik ere, azken urteko batxiler ikasleeri, arat-unat bat egiteko, milla pezeta eman ditu.

       Bi egunez, Madridko Sinfónica eta Orfeonak batean, bi jo aldi eder eman ditu; sekulako ooreak eta egin ditiozten Iruñak egunkarietarik.

       Bozik jakin dugu Zerbitzari eta Leon apez jaunak bi liburu eder egin dituztela.

       Aralarko Jondoni Mikel juan den larunbatean Lizarra edo Estellan ginuen; aurten bigarren aldiz eldu dela eta Iruñan bezala, erritik atera ziren ongi etorri gozo bat egiteko.

       Iruñako laboratorio delakoan, lanean ari dire bilatzeko zerbeit, etxe ezkinetako izkribu tzarrak garbitzeko, ez omen daitezke ekendu.

       Hidráulica Moncayo delako batzak, erosi omen du beste indar iturri bat, Central térmica 1.200 kilovatio indarduna, bat eskas duelarik bertzeari lotzeko.

       Diario de Navarra egunariak orrialdi polita bat eman du ziza onak berexteko; iduri ederretan agertzen da obekienik zein diren jateko onak eta zein diren tzarrak.

       Ernaizu euskar idazle jaunak euskara bezain ongi ezagutzen omen ditu eta berexten; ala erran didate, nik bozik sinetsi eta jan ere.

       Eugi aldeko Quinto Real delako alkate jaunak, Iruñako egunarietan erraten du Aldudeko errege bideak ez duela Esnatsutik iragan bear, baizik beko aldetik Urepel barna, bere irizpidea argituz.

       Iruñako Ateneo delakoan, eldu den larunbatean, Garate sendagile jaunak mintzaldi bat egin gogo du, karlisten sortzetik ehun urte burua delakoz, karlistez mintzatuko da.

       Nor geiagoka pilota partidetarik eskuzko biga ikusi ditut, leenengo mallakoa eta bigarrenekoa. Arras poliki aritu izan dire; altsasuarrek irabazi dituzte; bi biko politak dire.

       Juan den igandean Escolapios elizan euskar-eskoletako aurren leenengo Jaun artzea izandu zen. Ogei aurrek egin zuten. Eusko-etxeko abes-batzak, poxpolinak eta, ederki kantatu zuten. Zorionak aurreri eta aurren etxekoeri.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Juan den aste geiena ortoska eta ortots-erauntsika juan du; eta oranik ere, bero dago, sargori. Arri erauntsi zenbeit ere egin du bazterretan, diotenez, kalte andirik gabe, Jainkoari esker.

       Besta-berri eguna andiki jaitu zen; baño, eliz-birak eliza barnetik; eliza nagusian eta bai besteetan ere.

       Iruñan lanik etzen egin, baldin ezpazen etxe egiten ari diren langile zenbeit. Egunkarilariak ere jai zuten eta biaramunean, ostiralean, egunkaririk gabe.

       Besta-berri egunean zezenak ere baginituen eta zezen iltzaleak neskatxa batzu: bano oraiko feminismo (emakumeak gizondu bearrak) egia izateko gizonezko zezen iltzaleak txarrak bai dire, ezta arrigarri neskatxak ere gaizki egin badute. Zezen plaza bere gain zutenek, azken zezenak zituzten, eta ez da erran bearrik ez direla aberastu, aldiz poliki galdu.

        delako amu-bazka dela bide, arrantzale geienak kexu kexu daude eta galdeka debeka dezaten; bertzenaz ugalde guztiak arrain azi gabe geldituko direla.

       Arrantza gisa ortan, Franzia aldekoak nagusi omen dira.

       Mañeru errian abertzalez beterik heldu zen auto bat ango mutil batzuek arrikatu eta tirokatu zuten. Arrigarri dena, Jainkoaren izena aipatuz edo karlisten ikurtza.

       Zangozan ere, karlisten bilkuran mintzatu zirenetan izan zen zimiko zenbeit abertzalentzat.

       Hau ere ez da arrigarri, Pradera jauna an zen ta.

       Juan den ortzegunean, egunkarilariak jai zuten; beren batzako ez dakit zenbat urte betetzea; bazkaria zuten.

       Aralarko Jondoni Michel elizan andiki jaitu zuten Besta-berri eguna, inguruetako artzainak apainki jantziak, Gure Jaunaren geriza edo aterbea eramanez eta gazteketa gaitza batek lagunduz elizbira guztian.

       Igandean heldu zen Emilio Sola jauna, gobernadore berria, Cadizko alkate izana.

       Diario delakoarentzat begiko gizona. Ongi etorri dela.

       Yanguas jaunak ere ongi egin omen du gobernadore ordekoa.

       Iruñako alkate jauna eta bere lagun Arribillaga, Madridtik itzuli ziren nai zutena erdietsi gabe Sanatorio antituberculoso delakoaren laguntza gabe.

       Orduna ertilariak Diputazioneari eman dio Diputazione etxe berriko aitzin-aldeko ertilan ederra, arrixurian egina. Eder ematen du.

       Madridko El Debate lege zarraren aitzi mintzatu delakoz, Iruñean ere, egunkariak barne, gaizki artu dute tradizionalistak ere bai! Noizpait asiko dire abertzaleak baño finkiago. Ordu lukete!

       Eldu den igandean Tafallan euskal-jaia Iruñeko «Eusko gazteriak» antolaturik.

       Nafarroan ere bildu da poliki alderdi aldeko emaitza, delako bakotxaren egun sarika.

       Diputazioneak milla pezeta eskeindu ditu Donostiako «Eusko-Ikaskuntzako» ikastaroako amar gazteri laguntzeko. Nori eman, berak ikusiko.

       Ateneon Angel Lazkano jaunak egin zuen musika-gaiaz mintzaldi bat: aldika pianoz berak jotzen eta Huarte jaunak lagunduz. Huarte jaunak aurkeztu zituen aur saldo bat ongi ikasia, kantu batzu emateko. Ederki egin omen zuten; bano euskar kanturik ez.

       Napartar misiolari bat Kadreitako seme, Darien Panamako apezpiku egin dute. Ogeita bi urtez Mexico eta E.E.U.U.n egona da.

       Jakako katoliko gazteak Xabier elizara eldu dire eldu den igandean.

       Lopez Hermanos oskileak bere ola anditik utzi dituzte lanik gabe 75 langile. Langile lagunak eta jabeak ezin aditu batean daude.

       Seminario berriko lanak berriz asteko, diru galdeka asi gogo dute. Diote ere Baztango andere aberats batek, milloi bat pezeta duela ortako; baño, il denaren illobek auzi ematen dutela.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Euri botaldi polit baten ondotik, aroa ona dugu; ots, esakerak dion bezala euriondo ederra.

       «Euskararen Adiskideak» buruzagiz aldatu dute eta juntari batzu berritu: izendatu dituzten buruzagiak, Leandro Olivier jauna, leena, eta bigarrena Ziganda Paz andereñoa; oraiko aldian esku onetan dugu euskararen aldeko buruzagigoa: juntari berriak aldiz, iru jaun apez gazte eta beste bi gazte.

       Lekua utzi dutenen artean Aita Iruarrizaga, Zamorara juan da, erdaraz ere ongi bai daki; andik ere egin dezake lan onik, euskararen alde; berekin eraman bai du euskar-iturria.

       Juan den ostirale arratsean Amayur delako abertzale asterokoa, baitu eta bildu zuten; nik uste, gobernadore jaunari itz-on baten erraten zitiolakoz.

       Gobernadore jauna, Madrid eta Cadiz aldera juana dugu; ibilari gaitza dugu jauna; azken bi astetan Nafarroako bazterrak ikusten Jainkoak daki zenbat errietako agerraldiak egin zituen. Zerbeit da, bere begiz ikustea Nafarroako bazterrak!

       Juan den asteko emengo berri larriena Euskal Erriko ayuntamentuen aukera edo ez aukera. Gobernukoen aldekoek diote ez dela aukera guti baizik izan. Bestek, aldiz, geienak, gisa batera edo bestera, egunaz edo gauaz, egun batean edo bestean, leku batean edo bestean, bere jokua egin dutela.

       Nafarroako alkate geienak ixilik eta geldirik egon dire. Zer gerta ere, kutsatzeko arriskurik gabe naiago. Gamazada delakoan bere bizia arriskuan ipiñi zuen eta baitu izandu zena Lopez-Zabalegi, Garesen sargento zagona aitzindarier biurtu zena, orai ere eman da alkaten alde, Lizarran bildu ziren alkaten alde.

       Abertzalek eldu den igandeko, nai zuten Aralar delakoa igan eta gobernadore jaunak debekatu diote. Ala ere bakarka juan gogo dute. Aldi untarik, abertzaletasunak indar artuko du, eragozpenak iraganaziz.

       Astelenean, asi ziren erotegiko zuzendarigo lekuarentzat, nork obekienik berexteko asterketak; baño, euskararen jakin bearrik ote den leku ortan, iñork ez du itzik erran.

       Ibañetako lepoan, diotenez lur zilatzen ari zirela, giz-ezurrak bilatu omen dituzte, Rolandoren ezurrak omen. Ala balitz; orai jaitu gogo du Rolanen kantua bilatu zutelako eun-urte burua; ez dakit non agertu zelako, Diputazioneak eta, nai dute jaiak egin; bereartan Rolandoren iduri bat eta gero Orreaga-Auritzen jaiak eta Diputazioneak oturuntza.

       Igandean, eliza guztietan, eskola katolikoentzat eskea zen.

       Gazteizko apezpiku jaunak, apezeri debekatu diote musika, kantu eta dantza zarrak aurreri erakusten eta irakasten ibil daizten. Apez batentzat lan egokia ez delakoz, utzi dezatela apez ez direnentzat.

       Mundua dagon bezala, lanak ditu baiki, jakitea; zer lan dagokion bati eta zer ez.

       Ordu untako gizon eta emakume geienen lan andiena besteen utsak bilatzen eta besteen egin bearrak adiarazten.

       Ni ere ez ote nago lan-andi ortan lanean ari, uste gabean oraintxe!

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Aroa lazoa ari du; beti bustian, baño otzik ez. Egun oketan ez du argitzen: «Abenduko eguna, argitu orduko iluna».

       Baztango Arizkunen, juan den asteartean, Irigaraitarren ama zenaren aldez mezak izandu ziren. Ango erretoraren ama zelakoz apezketa gaitza bildu zen. Baztango geienak an ziren.

       Eliza koka-aala betea zagon, erritarrak eta Baztango erri geienetarik emakumezko eta gizonezko asko bildu zen. Iru meza nagusi, bat besteain ondotik. An bildu ziren guztieri eta oketaz landara, gure ama maite maitearen alde otoiztu duteneri, gure eskerrik beroenak.

       Bakarka ezin eman eta, emendik nere eta nere aurride guztien izenean, lagundu gaituzten guztieri esker bizienak. Jainkoa baitan bego.

       Erriberako Lodosa, erri andian, elizari su eman diote, baño bereala oartu zirelako, itzali zuten, suak kalte andirik egin gabe.

       Baita ere, su eman zioten xabon egiteko lantegi bati; etxe geiena erre zen! Zer putikoak, egunero arrosarioa egiten dutenetarik ote dira?

       Gobernadore jauna, an egona da azken larunbatean eta dio, bost gizon baitu dituzte; ustez ta badakiten suaren berri.

       Leitzan berriz, eskolatik norbaitek edo norbaitzuek, errepublikako ikurra edo itxura ekendu, eta aren ordez kurutzefika ezarri omen dute.

       Ori egin dutenak aurrak omen dira eta gobernadore eta inspectorra asarre bizian omen daude. Aurkeria baizik ezpada!

       Irakasleak arrankura dire, Nafarroan ez dela beste lekuetan bezala, oberenak lenbiziko, baizik eta tradizionalisten adiskideak.

       Ori da, Gobernuak berriz erriko gizoneri eskubidea, ezagutu diotelakoz beren maestruak berexteko; ezin kenduzko eskubidea dute ta.

       Lege zarrari, beti atsikika: irakasleak direla zimiko: sendakin-osagile-albeitero direla, gobernuaren gain eken sari ordaintze eta.

       Zerga berriak direla bide, eskua eta sudurra sartu nai, Nafarroako lege zarrean, irakasle izendatzeari, Aizpun jaunari esker, nik uste, gobernuak bere itza iretsi du eta lege zarrera itzuli.

       Iruñako egunkariak argi eta garbi asarrea agertzen dute; baño Diario delakoak, uste du Madriden sendakingo aldakuntza ori, egin dutela, ez dakitelakotz gure lege zarraren berri; eta dio agindu duenari jakinazten diotelarik, eginen dutela irakaslekin bezala, itzetik itzuliazi.

       Sei soseko timbre edo selloak, Iglesias zenaren itxura dutenak biltzen dituzte eta aren ordez, berriak eman dituzte Ramon-Cajal zenaren itxurarekin. Leengoa sozialista eta oraikoa... jakintsuna.

       Gudularientzat, orañik sos biltzen ari dire: gudaldia edo estado de guerra ere, luzatu zuten illabete batez; biskitartean sosa bildu daiteke.

       Alkate jaunak erran du: esneketari bat gogorki zigortu duela esne tzarra saltzen zuelakoz.

       Capuchinos delako auzoan auzo-zain bat ezarriko duela, ango etxe bazterrak eta bideak begiratzeko: auzoko erritarrak kexu direla, begiratuak ez daudelakoz.

       Iruñako bazter batean, bonba andi bat bildu dutela, orai dela zenbeit egunez Vuelta del Castillo delakoan bildu zutena bezalakoa.

       Erriko etxean sei iri-zain berexteko, astelenean aukera zuten. Juan den igandean eliza guztietan, eskola katolikoentzat eskea zuten.

       Buenos Airesen, piano jotzale andia agertu da Larrea, iruñar gaztea. Ango egunkariek goraka ari diote.

       Rufino Garcia Larratxe jauna, Gazteizko gobernadore izana, eri andi dago elizakoak arturik. Bere emaztea eri-handi omen dago.

       Diariok gobernuari itz-onak zuzentzen ditio. Nafarroari eman diolakoz bere duen eskua, diputadoak berexteko eta dio ere, orai dela aldi ona gure autonomia galde egiteko eta erdiesteko.

       Baño, baño: gure aurridekin batio estatutoa onetsi etzutelarik, ori bera zioten eta... jadanik zerbeit gertaturik bear zuten.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

      

 

1935

 

       Oraiko aldi untan, gure egin bear guztien artetik, eta gauza guztien gañetik; abertzalen egin bear andiena, leena eta bearrena, euskararen ikastea eta erabiltzea.

       Euskaldunak arjoak ote gauden! gure etsaiak, Euskalerria funditu nai ote duen! ez dakit…

       Baño; lelo berbera, alde guztietarik nabari da: euskaldun zintzoenak arrankuraka, gero ta geiago nigarrez ari dire.

       Baiki; egia da, euskaldun berezi batzuen indarrak, aundiak direla, euskara piztu bearrez; euskara apaindu eta edertu bearrez. Egia da; euskaldun zintzo bezain argiak eta langileak deika ari direla ortarako, eta euskal idazleak bateraratzeko. Ni baitara beatuz, eta nere ingurueri oartuz nere biozmina!

       Leen, ni, euskaldunekin beti euskaraz ari nintzen eta ni bezala beste nere maite batzu; eta orai? Ez dakit nora goazin, baldin aitzina bagoazi!

       Leen, nik, nere gogoa ere euskalduntzat naukan eta orai, beldurtzen asi naiz ez ote zaitan bertzelatzen ari.

       Leen, gogoan erabiltzen nuena, euskaraz jantzirik eldu zitzaidan batere bortxatu gabe. Barkatu; baño etsitzen asia naiz, gu letradunak, beartuenak gaudenak, euskaraz letraduntzera, eta ala ere, gero ta gutiago, euskaraz itz-egiten eta ikasten. Gure euskar lanak, edozein gairi buruz, errazki bezain argiki egin bear gintuelarik? nolako beaztopo eta motelkeriekin agertzen ditugu?

       Aldiz, euskara baizik ez dakitenek ez dute aditu nai, beren umeri euskaraz irakasteko; erdaraz, diote; euskaraz ez daiteke erriko karriketara agertu. Baldin, batek erdaraz ezpadaki; non nai mutu ta gor.

       Nafarroako ibar edo aran euskaldunenetarik batean, balleko-etxean idazkariago lekua utsik zagon eta uste duzue gizon euskalduna billatu dutela? Uste nuke! Uste duzue, ibar untako baserritarrek euskalduna nai dutela? Uste duzue ibar untako seme abertzaleak euskalduna berexi dutela? Zergatik ez? Baldin ezpada, uste dutelakoz, euskara lengua barbara dela, edo artzain izkuntza, ikazkin izkuntza.

       Bein; ni nindagon erri bateko sendakintza-lekua utsik zagon, eta sendakin-deia agertu zutelarik, erri artako jaun nagusienari esan nion: emen, baserritar guztiak eta erritar geienak euskaldun utsak direnez gero, sendakin euskalduna bearrezkoa da.

       Eta gizon xaarrak esan zidan; ez, sendatzen ona izan dadin eta euskaraz ez badaki, berdin on.

       Eta nik uste dutala, oraiko aldi untan, Euskal Erriko letradun ikasia agertzeko, euskara gabe ez daitekela!

       Asko euskaldunentzat, euskara deusere ez da! Ikasi gabeak!

       Nere biozminaren andia! Gure aberriaz, au ta ura; euskara gora, euskara gurea, euskara eder eta jakintsu… baño, jakintsuentzat. Euskararen aldeko, gure maitetasuna? zein izariz negurtzeko gai ote da?

       Nik ezin dut sinetsi, aberria maite, eta euskaraz ikasteko egin aalak egiten ez duena!

       Arrigarri dena! zerbeit lan egin dut euskaraz ikasteko; aspalditik, lan ortan nabil eta badakit, zer-ori buruz, zertaratu naizen.

       Ikusia-ikusi. Nola nai dut bestek egin dezaten nik baño geiago, baldin, nik izan ditudan aldi-on eta bide onak ikasteko, bestek ezpadituzte!

       Gaur, ilun aldian nindagola, euskarari buruz ere, gogoa ilundu zait eta una, lan untan, ilunduraren nabarmena.

       Zer den aatik, nere gogoaren aldaketak!

       Ilundurik asi naiz gogoeta itsetan eta orai, nere lan auxe egin dutalarik, nere baitan diot: euskar lan auxe egiteko gai bedere banaiz; nere gogoeten berri adiarazteko gauza banaiz… orañik; Jainkoari esker ez naiz bertzelatu.

Larreko

 

 

       Aro naasia duguna! Gaur egoaizea, biar zearaizea eta berdin iparaizea; egoaizeak euri zerbeit ekarri zigun; baño, bereala iparaizeak garbitu.

       Juan den ostirale-larunbata ta igandean jai ginuen, errepublikaren laugarren urte betetzea: leen unelako urte mugetan, egun bat jai izaten zen; orai aldiz, iru egunez. Zerbaitean ezagun bear da, langilen errepubikan bizi garela.

       Igandean gudulari mota guztietakoak, Plaza de la Republika delakotik iraganazi zituzten, Iruñako buruzagien aldetik goraka errepublika eta goraka zibilak, mugazainak; baño ez besteak.

       Alkate jauna Iruñetik atera zen, bizpairur eguntako; baño erriko etxeko barandak oialduak zauden, nola gobernukoa, nola Diputazionea; baranda guti ikusten zen apaindurik. Zedakoak sartu dire errepublikan, baño, errepublika ez da beren etxetan ageri.

       Eldu den illaren 12 garrenean Pio Baroja jaun ipui-egile omen andikoari, Academia de la Lengua delakoan leku ematen diote.

       Euskaldun izaki eta… obe luke «Euskal zaindikoari» bide egin.

       Ateneo delakoan lege zarrez azkenik mintzatu dena Eladio Esparza jauna; baño, iduritu zait gai uni irri egin diola.

       Barkatu Esparza jauna, baño, etzaio iduri, lege zarraren muñetan euskara ere an dagola? Nik ala uste det.

       Aitzol jaunak, mintzaldi batean erran zuen; euskara gabe Euskal Erririk ez dela, eta abertzaletasunik gabe, euskararik ez dela. Nik ere ala uste det.

       Aita Olangua, iruñar jesuita; misolari Chinan egona, Bilbaon il da. Jainkoa baitan bego.

       Euzkadi-tik Arritokieta andreak, emakumen gizondu bearrezkoari buruz lan dagi.

       Feminismo delako alderdi orrek, funtsezko oñarririk ez du, nik uste; baño, euskar idazle gisaz, andereñoek garaituko digute, Arritokieta eta beste batzu ederki ari direlakoz.

       Ateneo delakoan andereño bat, Ariz dotora, aurren azitzeaz mintzatu zen, baño erdaraz.

       Idozingo Zabalza oianean, basurde bat il zuten, juan den astean.

       Diputazioneak lagunduz erlekintza ikastaro bat egin gogo dute, apezgeientzat, irakasle-geientzat, andere, andereñoentzat, gudularientzat eta nekazarientzat. Saldo bakotxarentzat bost egun.

       Aurtengo Cantinas escolares delako bazkarieri, etsia eman diote; 800-etik milla aur, elikatu dituzte.

       «Euskararen Adiskideak» ezin izan du, euskarazko misiorik eman, aurtengoz Kurutz bidea euskaraz eta itzaldi bat ostirale sainduan.

       Orañik, euskaraz idazteko debeku dugu? Gaurgoitik, gobernadore jaunak ez daki euskaldunik ote duen bere meneko bazterretan.

       Berdin da bai; baldin erdararat itzulikatzeko naiago dut deusik ez egin; berdin erdaraz ere, ez gaituzte sinetsiko.

       Eldu den igandean Motrikura euskar idazleen batzarrera: Jainkoak ala nai duela.

       Olaizola jauna, egun oketan, Iruñan dugu, Eusko-Etxeko kantarien berri jakiten.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Aro itsa duguna! beti goibel, aldiz euria eta aldiz iguzkia; baño, beti bustirik.

       Cantinas Escolares delako zuzendarigoa juan den astean bildu zen, prestamenak egiteko eldu den udarako.

       Aurtengo udan Zudairez landara, uztaillan ideki gogo dute etxe bat Ondarrabin! Ain ongi eldu omen dire aurrak, non ta naiko luketen errietarik ere, laguntza zerbeit!...

       Gobernadore jauna, bozik Erriberako errietan barna; naiz euria ari duela erriz-erri dabila itz-onak erraten eta bai zerbeit itz ematen ere.

       Zergatik ote da, errietarako bere agerraldi geienak, Erriberan egien dituela eta ez menditarren artera?

       Erri andi eta bizta geiago dagolakoz? Edo beste kariaz? Badaiteke bazter eketan adiskide edo alderdikide geiago izatea, menditarren artean baño.

       Ala ere, Nafarroako euskaldunek erakuts lezakete, erdaldunez landara, badela bere menekoetan euskaldunik ere; eta unela ikasiko zuen euskaldunak bizi garela; beste bide zenbeitetik ikasi ezpadu.

       Iruñeko mendikariak, (barkatu, baño mendigoizale itza, ez dut benere erabiltzen, gauza bera adiarazteko mendikari itz-ederra dugulakoz; eta ez oraikoa) bi aldetara juanak; batzu Lizarruzti aldera eta beste batzu Izaga mendira eta itzultzean arratsaldean, Urrozko erri larrian, jai egiteko; baño, buttirik.

       Euskaldunak jakintsun bilakatzen ari gara edo ari dire.

       Aste batean iru gutun eder argitaldu dituzte: Arantzadi jaunak bat Ereintza izenarekin.

       Ogei urtez, abertzaletasunaren azia ereintzen egin dituen lanen berri ematen du, Arantzadi jauna bera izan zelakoz Arana Goiriren adiskide mina eta nork daki, ez ote aren argi emalle eta begirale?

       Nik Kizkitza jaunaren abertzale lanak irakurtzen asi nintzala, berrogei urte urbil eta! Zer lan ederrak!

       Aita Polikarpo Iraizozkoaren lau ebanjelioak batean bilduak, eta emanak euskara garbian; lan ederra!

       Aita Agirre jesuitak bertze irugarren bat eman digu Kristau esku-liburua beste bere bien antzekoa; bano, kristau larrientzat; izenez katoliko garenak nola bear dugun izan gure egiteko guztietan.

       Irakurle maite: emen ditugu iru jaun aberkide, zintzoenetarik, jakintsuenetarik eta langile porrokatuenak.

       Eskerrik beroenak zor dieztegu eta egiazko gorasarre baten gai dire, zinez.

       Jose Martin Etxepeteleku jauna il da Cisne delako ostatuaren jabea; lesakarra sortzez, euskaldun garbia eta euskara maite zuena: Jainkoa baitan bego.

       Il denaren anai arrebari; Jainkoak dizuela osasun, anai zenaren alde otoitz egiteko.

       Irakurle: Jainkoa otoiztu zagun il denaren alde.

       Eldu den igandean Iruñeko nekazari batzak jai andi bat izanen du Jondoni Agustin elizan, Aita Lizaso predikari.

       Tradizionalistek, Fitero-Corellan eta Larragan, bilkurak egin gogo dituzte eldu den igandetik asi ta.

       «Falange española» direlako España erregetarrak ere, Erribera aldean lanean ari dire, bere aldera norbait biltzen ote duten.

       Eldu den 16 garrenean, Albeniz jaun apezaren teatrolan bat biziaziko dute: elizatiar dramak Pablo el Tebano du izena.

       Juan den astean irur ogeita bat eskelari bildu zituzten, ekeri bide egoki zenbeit emateko; baño, eskean ez uzteko.

       Alkateak dio, ezin bertzean egin dutela; bide ertzetik zuhaitz ederrak ekendu; bano? ez ote zen bearrago, ederrago eta egokiago, tren-bidea bide zabaletik aldaratzea?

       Erriko gizonek ez dakite zer egin Diputazioneak eman dizkioten berrehun milla pezetekin.

       Juan den urtean, xautuak askoz geiago izan bai ziren artuak bano; zulo orren estaltzeko nai zuten, bestek aldiz lan berrietako.

       Diputazioneak Subizako urbiden truk eman diezte dirualde ori.

       Diputazioneak, bere mutileri agindu zorrotzak eman diete, eper-eize debekua begiratzeko; eta eperrik, atzipenez, inork bildu ez dezan.

       Ateneo delakoan, Moreno Pelayo Jauna izandu da azkenik lege zarrez mintzatu dena.

       Aitzinekoak, geienek, jakintsuki mintzatu bai dire lege zarrez; oraikoek lan gutiari esker, mintzatu daitezke; bano agertzen zeie, geia ez dutela biotzean barna ibili; orietarik ausartienak, erraten dute españolekin batio, berexirik nai dutela.

       Nola daiteken ori, ez dakigu baldin, bi aberrien umeak bagine!

       Diputazione aitzineko aldean dugun oroigarri ederrean (monumento) iguzki sartze alderdian, unela euskaraz dago idatzirik.

       «Gu gaurko euskaldunak, gure aitasoen illezkorren oroipenean, bildu gera emen, gure legea gorde nai degula, erakusteko»

       Mintzatu direnetan euskar esakera ori ez du inork bildu, eta orgatik itz aberkoiak nik berritzen ditut.

       Ill unen ondarrean, emendik ere juan gogo dute Madridko Cerro de los Angeles delakora eta andik Zaragozara ere.

       Zenbeit autobus bete nai dituzte, bizpairur egunez juan etorria egiteko.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Aurtengo San Fermin jaiak bi alditan egin dire; ots leer egiteko leenengo aldian; bi egunez atsendu, eta berriz larunbatako gaua eta igande osoa.

       Leenago aldian, lau egun-terdi arrabot zakar baten pean egonik eta gero, ostegun-ostirale egunetan, arri-erauntsi tzar batzu; asko lekutan kalte andiak egin dituztela.

       Kalte andiak eginagatik, larunbat gauan, gauerdiko dantza zikina; sorgindantza deitzen dutana, delako verbena ori.

       Alde guztietarik ortara goazi; zine lizuna dela, jantzi nabarmena dela edo mee eta gertu dela... gu beti ortara.

       Azken urte oketan, Takonera delako lilitegi eta zuaiztegi zabalean egiten da «sorgin dantza» ots, leku geiago zoko geiago.

       Arri erauntsiek kalte geiago egin dituen erriak, Tafalla eta ingurukoak, Estella ta ingurukoak, Gares, Mendigorria, Mendaza etc.

       Gobernadore jauna ibilia da erriz-erri, bere begiz ikusteko egin dituen kalteak.

       Ogi geienak moztuak eta baletan zaudelakoz, ez da ainbeste kalte, bano ala ere asko lekutan ondatu dena eta eraman dituen ur-andiak (zamak) aunitz izan omen da... «Casa Nabarra de Seguros» delako ari ogeita amar erriek galdin dute, arriak egin kalteak negurtzeko.

       Aizpun jauna Iruñen zagolakoz larunbat eta igandean otoiztu dute, izan dadin Gobernuaren eta errien bitarteko; kalteak zerbeit eztitzeko gobernuko laguntza erdiesten.

       Iruko jauna eta lagunek ez daude lo, Aezkoako mendiak bere jaberatzeko.

       Uste zutelarik eztabaia xuriturik edo prest zagola ongi erabakitzeko; ganbaran legegaia agertzean beste gisaz agertu delarik, berriz lanean asi behar izan dute ortan, eta Marzillako tren bide berrian.

       Ministroez beste norbaitek eskua sartu bide du, gure diputadoek nai ez duten gisaz gauza egiteko.

       Gobernukoen artean eta diputadoen artean eztabai, andia, baserri jaben eta maisterren lege berriari buruz.

       Batzu, gure diputado euskaldunak eta beste asko ere, nai lukete lege berria izan dadin Aita Sainduen itzetara eta beste batzu, aldiz jabek eta aberatsek nai duten bezala; oken alde agertu dire karlistak eta erregetarrak.

       Igazko gari duenak saltzeko eta gobernuari saldu nai badio; eldu den 19 garreneraño epea dauka, adiarazteko; zenbat saldu nai dion eta zein lekuetan daukan, edo zein errietan.

       Encierro delako batean, Bustinduy Donostiako gazteari, adar-ukaldi bat eman bai zioten bularrean, larunbatean il zen Donostian, Jainkoa baitan bego. Emengo bere adiskide batzu meza bat emanazi dute.

       Encierro ori, orai, azken urte oketan egiten den bezala, ez da arrigari gertatu dena gerta dadin.

       Leen, ortaratzen zirenek lasterkariak ziren eta gutiz gora bera, bazakiten nondik lasterka asi, zezenekin batio plazaratzeko.

       Orai egiten den bezala bidea jendez bete beterik aurkitzen da eta zezenak gelditu behar dute, lekurik uzten ez diotelakoz. Igandean zuten azken eguna.

       Merkatuko aberetan geienik izandu dena, beti bezala zaldibeor-potoka xeak; ots, larreko beorretarik.

       Ijito-jende asko izandu da, ok ez daude benere, lanik gabe, beti ibilki.

       Aro naasi-bero tzakarren ondotik egunaldi politak egiten ditu, ozkiro.

       Egun oketan pilota partida politak ere izandu dire, eskuz eta palaz.

       Jaietako egunetan, egonak dire, aeroplano zenbeit, ez dakit zertako etorriak.

       Urbilen aldi artio Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Bizpairur egunez uralde pollita egin digu; bazen bearra, egia errateko.

       Euriondo ederra dugu; ots, uso eizira juateko; nik uste, aste untan iragaiten asko direla.

       Ni ez naiz eizira juaiten; baño aroak eta sasoñak erakutsirik ardura zerura bea nagola.

       Iri-etxean edo udal-etxean, erriko gizonek erabili dituzten gaietan, bat izandu da San Kristobal delako gazteluan, jadanik urte bat badu, ainbeste gizon giltzapeturik daudela; gaztelua ez dela ortarako, eta leen bai leen bearko dela etsi edo bear bezala egin.

       Gaztelu ortan, bat zendu delakotz langileak bere asarrea agertu dute egun bat, ortzirala, lanik egin gabe, baño biharamona aste-saria eskuratzeko eguna izaki eta, laneratu ziren.

       Ala ere, zenbeit aritu etzirelakotz eta nai izan zutelakoz besteeri debekatu, C.N.T. eta U.G.T. delakoen buruzagiek bildu zituzten eta amar bat gazte geiago. Adiarazi nai izan dute, gazteluak osasungarrizko bear dituen baldintzak ez dituela eta orgatik il dela.

       Egia errateko, San Kristobal, gudularien gerizatzeko egina dago eta ez gaxoak an idukitzeko ez eta iñor giltzapeturik an idukitzeko.

       Untaz landara, il dena birieriduna (tuberculose) zelakoz, leku ito arek il duela.

       Juan den larunbatean, Andredena Pilarekoa eta abenda (arraza) ren eguna, bi aldetarik jai ginuen.

       Goiz artan eurialde gaitza egin zuelakoz, jende guti atera zen delako Fuente de la teja, non urtero erromeria egiten bai da. Arraza eguna zelakoz, barandak oialdu zituzten Diputazione eta agintari etxe guztiak.

       Gauaz argitu zituzten eta plazan sugaiak erre; ez omen zuten astirik izan geiago egiteko.

       Jai ori dela bide, J.A.P. delakoek eta Pensamiento Navarro egunkariak imperialismo español delakoa dute amesten.

       Juan den igandean Iruñeko karlistek «Jesus y Maria» elizan il-meza bat emanazi zuten, Oreja eta Larrañaga jaun zirenen alde.

       Juan den urriko naasturietan, Arrasate-Mondragonen il zituztelako urte betetzea zuten deitoratu.

       Gurbindo eta Esparza jaunak arrankura dire, iñor ez dela oroitzen aurten dela Sancho el Mayor delakoaren ehun urte muga. Guztiak ixilik daudela.

       Urriko argi-urratzeko arrosariora jende asko juaten da, gizonezko ainitzek eliza betetzen dute.

       Eusko langilek berriki egin zuten galdera onarturik, kilo ogi bakotxaren salneurria sos batez gutitu dute edo merkatu.

       Euzko langileak larunbatean bildu ziren Alfaro jaunaren mintzaldi bat entzuteko. Gazteizko eusko langilen alde lan andiak egin omen ditu eta cooperativas delako antolapenetan nagusi delakoz mintzaldi eder bat egin zuen.

       Oloroneko «Harmonie» delakoaren musikariak, egun batez egon ziren eta berehala itzuli ziren.

       La Reforma Agraria delako lege berriari asiera emateko, Diputazioneak entzun dezazke Baigorri delako bazterra erosi eta zatitu nai duten erriak.

       Estella aldean asi dire zerbeit egin bearrez; Baigorri ori ere, alde artakoa da.

       Irakaslegoan sartzeko, azterketak egin dituztenetan; berrogoi ta iru irakasleme eta berrogoi irakasle onarturik izan dire.

       Astelenean asi zuten irugarren etsamiña edo «aurreri irakastea» (ejercicio práctico). Bariobero jaun lege gizona; naastale gorri geienen aldeztalea, San Kristobalen giltzapeturik daudenak ikusten, egon omen da.

       Orai, guk baño obeki badaki nola dauden an daudenak; ni ez naiz egon ta.

       Beste eliza bat ebaster dutela, Mendibil errikoa; atea ezin idekiz, nai izan dute ezkildorretik eta ango atea ere ezin bota, etsitu zuten.

       Oraiko eliza ebasteak zertan ote dago?

       Diputado abertzaleak, poliki lanean ari direla eta La Voz de Navarra egunkariak, dakarra, diputado bilkuran egin duten galdea.

       Lege nagusiaren laguntzaz baliaturik, galdegin dute «kristau-ikasbidea»-ren ikastaroa, eskoletan ipintzeko, ortarako aski dela gurasoek galdegitea eta bai irakaslek, berek emaiteko edo beste norbaitek.

       Oliteko errian, Garran jaunak eginazi du eskol-etxe bat eta igandean onetsi zuten, eta berehala bilkura bat egin zuten eskolako juntariek.

       Eldu den igandean, emengo «Union de Navarra» delakoek autobusetan juan gogo dute Donostiara, Gil-Robles entzuteko.

       Juan den igandean Arenas eta Osasunak zuten fuboleko partida. Osasunakoek galdu zuten, besteek iru gol eginez.

       Azken merkatuan, txerri eta aretxe ainitz saldu zen. 440 txerri eta 50 aretxe; txerriek bat-beste, kilo bizirik, 2,25 pezeta egin zuen. Aretxek berriz, 1,90 pezeta kilo bizirik.

Larreko

 

 

1936

 

       Leenengo berri; larriena ezpada, jakingarria; gaxo egon naizela amabost bat egunez, baldin irakurle maite ori oartu ezpada ere.

       Baiki; ni gaxo egoteak, geienentzat garrantzi andirik ezpadu; euskaldun astekarientzat... baluke.

       Ez, nere berriak gora behera, baldin eder agertuko ez delakoz; baizik eta emengo berri elzalea bearrezkoa badute, bilatu bearko dela... ezpai dut emen ordañik ikusten.

       Nola nai den, berriz ere emen nago.

       Juan den aste oso-osoa eman dute «Acción Católica» delakoek bilkura eta mintzaldietan.

       Jondoni Domingo elizan, ilunabarretan, asko mintzatu dire Arizkun, Gurpide, Begiristain jaunak eta ondar egunetan Madridko buruzagiak «A.C.» zer den adiaraziz eta zer gisaz bear den barneratu eta bertan lan egin.

       Azken igandean etsia eman zioten apezpiku jaunaren mintzaldi eder batekin. Apezpiku jaunak «A.C.» politika guztietarik berezi nai izan zuen eta ongi egin zuen: emen, kezka orrekin gaudenak bagaude ta.

       Errelijioaren alde lan egiteko, bidenabarrean edo, aberriaren alde egiten ezpadute, etzeie iduri lan ona dela.

       Argi eta garbi erran zuen «A.C.»-k ez duela aberriarik aipatu bearrik.

       Gobernuak ganbara etsiez geroz, alde guztietan bazterrak iñarrosten ari dire.

       Emen, Nafarroan, leengo aaldunak «bloque» delakoak; Bilbao jauna eta Aita Gaforen ordez sartu dire Gortari eta Elizalde jaunak, Gil Robles-tarra eta karlista.

       Orain artio, orien kontra edo eretzean, Iruko jauna, bera bakarrik; bakarrik ere bospasei bezenbat bada.

       Mingaña luzeak diote: zergatik doa bakarrik? erantzupena kolkoan gordeturik. Iruko jauna biotza zabala du eta non nai adiskideak ditu; apezen artean bezenbat gorrien artean, eta bakarrik eldu bada aisago bilduko ditu gureak eta ekenak.

       Orai, abertzaleak, Erroman daudela bada erratekorik...

       Auteskundeak direla, marxistas direla, eta gorri guztiak bat egiten dutela eta katolikoen egin bearra, bat egitea dela. Euskalerrian badugula zerbeit, Españako beste bazterretan ez dutena, egia: zerbeit ori, da gure izatearen nabarmenak eta gure esku zuzenak; gure aldean zerbeit ori ere, begiratu bear dugu; jakina, katoliko agertuz eta izanez.

       Baño, Madrida bea daudenak, ez dute ori ikusi nai edo bedere ez dute aipatu nai.

       Nik uste, abertzaleek ori berexten bai dute argi eta garbi; orgatik, ez dire beste guztiak elburu ortarik oroitzen; abertzaleekin ezpai diteke elkartu; ez, urre eske juateko ere. Batzu, au ta ori izan direla, besteak aldiz gorriekin adiskideturik ibiliak direla; eta ezpadire gorriak bai tintatuak, eta unela gabiltza, beti bezala; argi ikusten besteen utsak, eta bakotxak bereak, laño pean.

       Eibarko 170 giltzapetuen auzia berriki ikusia da eta orietan 105 bere gain utzi badituzte, gañerakoen auzia ez da orañik xuritu; baño diote, iru urkatzera; 25-20 urte eta 16 urtera epaitu dituztela.

       Iri gizonek eskoletxe berriak egin nai dituzte, naiz Diputazioneek ikastetxe nagusia egiten badu ere. Ederki dago ori!

       Ikastetxe andiko ikasleek orai ere saltsa jastatu nai. Eskolak etsi dituzte, astearteraño.

       Ikasleek ez dute bertze egin bearrik, ikasi baizik eta ori, zuzen ikastetxera juanez; euskaldun ikasleek ori nai dute, jaramonik egin gabe aldeko naasturieri.

       «Eusko Abesbatzak» igande arratsaldean, apezpiku jaunari gorasarre egin zioten Escolapios delako gela andian. Ongi egon omen zen.

       Ororbian arbol xederatzen ari ziren langile batzu eta jabearen semea agertu zen zerbeit erraten eta langile batek aizkora ukaldiz il zuen dohakabea; berak bere burua baitu zuen.

       Aukerak direla bide, bilkurak izandu dire Iruñen, gorriek bere aaldun gaiak mintzatuz; bloque delakoek berriz errietan.

       Azken merkatuan 529 txerri saldu ziren 38 sos kilo bakotxa.

       Urbilen aldi artio Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       Aaldun edo diputadoen autatzea dela bide, zenbat mintzo den!

       Nere irizpideko, oraiko aldi untan eta autatzeari buruz, asmo edo xede bearrezkoena bear litzeke, berexi, langile beartsuen alderako gizon oberenak; ots, langileak maite dituztenak.

       Aita Sainduak dio: oraiko aldian, errelijioari egin dion kalte andiena, langile beartsuen galtzea, edo gure sinestetik eken urruntzea.

       Ori egia denez geroz, nor obendun? Ebanjelioko egia asko bizkarrera eman ditugulakoz.

       Katoliko aberatsak eta nagusi geienak? Zer gisaz jokatu gara gure menekoen aldera?

       Gogoratu dezagun, ebanjelioak diona: 24. «Hargatik bada, zorigaitz zuentzat, aberatsak, zeren zuen gozoa oraidanik duzuen».

       25. «Zorigaitz zuentzat, aseak zaretenak, zeren gose izanen baituzue.»

       Bakotxa bere baitaratu, obendun ote den ikusteko.

       Eta ez bakarrik aberatsak eta nagusiak; bai ta apezak, fraileak eta.

       Beartsuak, aberatsak baino adiskideago eta maiteago izan ote dituzte? Langileak, nagusiak baño maiteago? mutilak, nagusi-etxekoandreak baño?

       Aspaldidanik uste untan nago; langile geienak etsai baldin baditugu, gu, obendun garela.

       Ez ditugu lagundu; ez ditugu maitatu, ebanjelioak erakasten digun bezala. Aberatsekin naiago; beartsuekin eta langilen etxeetan baño maizago, aberatsen etxetan.

       Apezak eta langileak elkarrenganik berexi direlakoz, nik uste, Aita Sainduak eman diola «Acción Católica» delakoari bide berexi bat, apezez besteek lan egin dezaten, sineste gabeak biltzeko eta argitzeko.

       Nola nai den dela; oraiko autatze untan, leenengo bide berberetik dabiltza eta...

       Oraiko aldian, katoliko baten nabarmen ageriena, langilen alderako egiazko katoliko agertzea, bear litzeke.

       Gizon zintzo baten kristautasuna, nola langileak laguntzen dituen, nola maite dituen, ori bear litzeke ezagupide bereziena.

       Iruko jauna adiskide dut eta badakit aren berri.

       Berriki, eri gaxo bati gaxotegian leku emateko, beste zerbeiten ondotik, unela askentzen zuen idazki eder bat:

       «No es cristiana una sociedad que no arbitra medios de atender al desvalido enfermo, a cuya puerta llama la muerte, a la que debe recibirse con la solemnidad de su transcendencia máxima.»

       Unela mintzo den gizona, ez daiteke erran ez dela errelijioaren aldekoa.

       Zergatik ote den, ez dakit; baño, oraiko aldian bloque delakoak, iduritzen zait, ez daudela urrengo aldian bezain bero.

       Gorrien aaldun gaiak ere agertu dire; baño, ekin batio doan «Acción nacionalista» delako gaia orañik ez da sortu.

       Argia-ko berrielzale Mendi-xuri jaunak, La Voz-etik zerbeit erran bide zuen (ni orduan eri nindagolakotz ez nuen deusik irakurtu) bloque delakoek Auritzen egin zuen bilkuraz. Mendi-xurik erran zuena gaitzitu zitzaion Diarioak Auritzen daukan berrielzaleari eta jaun unek, Jainkoak daki erran zition gordinkeriak. Baño, Mendi-xuri jauna zutitu da eta ez da ixildu; bereak eta asto beltxarenak erran ditio larunbateko La Vozetik; argi eta garbi adiaraziz, eusko-abertzaletasuna bat bakarra dela emen, Gipuzkoan, Bizkaian eta berdin Benabarreko Luzaide eta Arnegin; orroitzea aski da nola Luzaideko Politeneko etxeko berberak direla Arnegiko Politenekoak.

       Nola nai den izanik, bilkura arren ondorio gisaz, Aurizkoak ez daude bakean.

       Mendi-xuri jauna, uzkizu bere uliekin; gu, gero ta katoliko zintzoago izan; gero ta nafartarrago, gero ta, gure erriaren nabarmenak azkarrago agertu, bereziki euskara.

       Izotzillak utzi digun aroa! Arrigarri dena! Zuaitzak loretzen asiak, landare belardunak erro guti bernerat eta geiago airerat, bearrik, elurra bereala eldu zaigula!

       San Cristobal gaztelutik, Gijona 209 giltzapetu eraman dituzte; baño, bide-near, Etxarri-Aranaz barna. Gelditu direnak 250 omen dire.

       Igandeko fuboleko partida, bustia eta otza Osasuna ta Betis Sevillakoa. Emengoek irabazi zuten sei golez, bestek batere ez.

       Azken merkatuan 440 txerri eta 45 aretxe saldu ziren, sos bat merkeago.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

      

 

 

       Gauza guztiak, buruz-beera bai dabiltza, aroa ere, aspaldidanik unela doa; busti eta bero, egoaizeak bere nagusigoa ez du utzi nai.

       Iyaz bezala, maiatzean edo orrilan berotzen badu, gureak egin du.

       Ramon Gainza Iguaran eliza nagusiko ebasgoan zerbeit ikusteko zuelakotz, ekarrazi dute Burgostik eta erran omen du, ez duela ikustekorik lan ortan; baño jujeak uste du ez diola egia erran.

       Egunkarietan, aaldun autatzeari buruz; nola mintzo diren; ez bakarrik bakotxa bere sainduari otoizten; baizik eta Jainkoak daki etsaiarentzat zer dioten.

       Egon naiz, zenbeit egunez gogoeta, egunkariek irakurtzetik utziko ote nituen; baño ezin, nik ere, zerbeit jakin nai, zerbeit lagundu nai.

       Guztien buruan solasbide larriena eta guretzat miñena da: askok, katoliko direnak, gutaz diote argi eta garbi, abertzaleak nolapaiteko katolikoak garela, ots; adiskideago garela gorriekin besteekin baño, eta ori egia daiteke.

       Nere aldetik, nere lantegian, lanean ari diren sozialistak begi onez ikusten ditut eta berek neri uste dut gisa beraz.

       Eta ez, bere aitzinean nik nere kristautasuna gordetzen dutalakotz; aitzitik, orrengatik ere, «Aitaren, Semearen eta», noiz nai egiten dut eken aitzinean eta nere lana, berdin gogotik egiten dut ekeri nola besteri.

       Baño, gisa ortan egotea latza zait! Lehen bai lehen juan daizten egun ok! Orai, bozik gaude; gezurrak eta gordinkeriak gutituko ditugu.

       Neri geien geienik itsusi zaitana: apezek, frailek eta, entzutea, lan egiten dutela batzuen alde. Nik uste; apez bat erritar guztien aldera, berdin agertu bear dela; ez baten alde ez iñoren alde. Untaz landara, apezak ere, erritarra da, nor naiek bezenbat eskubide du bere gogoaren aldekoari laguntzeko: baño gauza da jakitea zer den obe.

       Itz batean, apez jaunak ez luke etsaigo ortan eskurik artu bear; oraiko bere etsaiena, izan daiteke sarriago, aren bearretan edo aren adiskidetasunaren eske eldu dena.

       «Mutatis-mutandi». Sendakinek ere errietan unela bear ginuke; sendakin bat ematen bada alderdikari, beste, partida dituenak, nola beatuko diote eta nola arengana joko?

       Bereziki, beartsuen maitale, langilen laguntzale, aberatsak bezain begiko bear ginuzke beartsuak.

       Nik uste ortan dagola, oraiko langile-eztabaien xuritzeko giltza.

       La Voz-ek dakarra, apezpiku jaunaren mintzaldi batetik arturik.

       Apezpikuak eta apezek zer gisaz bear duten agertu politikako gaietan eta alderdikariekin! ederki! nik uste badela apezpiku jaunaren itzen bearra.

       El Diario eta Artibaien euskarazko lana. Arrigarri da gertatu dena, Euzkadi-ko euskar-sailan agertu lan batekin. Euskaratik Jainkoak daki nola itzulikaturik, esanazi zioten, guardia zibilek, esaten etzuena. Egileak, euskaraz eta erdaraz argi eta garbi adiarazi zuena, etzen zibilendako makurrik; baño El Diariok orañik ez bide daki egia den bezala. Baño, erran-merran gezurrezko ainitz dabila ta...

       Iruñeko iri-gizonek nai dute gauaz ere auto bat edo bi prest egon daizten, bereala, bear orduetan etaz baliatzeko. Baiki gauaz ezin daiteke auto bat atzeman, eri-andi bat gaxotegira eramateko edo.

       Igandean erran zuten, muga aldera juanak zirela artilleriako bi konpañia, ustez naasle batzu sartu nai zutela. Nork daki, norbait eizian edo baldin ezpazen. Eldu den buruilaren eizia debekatu dute.

       Aaldun-aukera ez dakit nola bururatuko den; baño uste dut, bloque delako seiak aterako direla, urrengo aldian bezala. Jakina, Nafarroan errelijioaren aldeztale gisaz jarriz geroz, apez fraile geienekin batio juanez geroz; ez da arrigarri unela geienen bereganatzea beste partida guztiak bateraturik ere, garraitzeko.

       Nola nai den, orañik ez dakigu zuzenki azken berriak; bakarrik Belaskoaingo errian komunista bat Iruñekoa il dutela.

       Fuboleko partida Osasuna eta Barceloneko Español, emengoek irabazi zuten sei golez, bestek bat.

Larreko

 

 

       Egunaldi ederrak egiten ari duena! Arrigarri da, jadanik zuaitzak ostotzen asiak; aspaldidanik liliak landetan eta zuaitzak liliturik.

       «Otsaila, firilli faralla», errana da baño; aize egoaren asotsa ezpada, aurten ez dugu elurrik.

       Aroa epel baldin badugu, bazterrak ez daude orren geldi.

       Aaldunen aukera dela eta, España geienean, gorrienak nagusitu direlakoz, eztabai aunitz badago. Gobernuak beldurrez edo Jainkoak daki zergatik, aaldunen aukera, zenbeit lekutan bigarren aldiz egin bear eta ori ikusi gabe, lekua ustu du eta Gobernu berria berehala egin dute, Azaña giderraren yabe.

       Baño, guztien buruan; oraiko borroka aldi luzearen ondoren gisaz, zer? euskaraz ikasi bear dugula eta euskaraz itz egin bear dugula; zergatik? euskaraz, baldin bat, mozkorturik ezpadago, geienetan itz gordin guti esaten dugulakoz. Zilegigoaren arrasta laxatzen ez dugularik, gure baitan gaude: nai duena gertaturik ere.

       Eriotzaren ondoan, nor dago, euskalduna baño, bere baitan? Nik ongi dakit, euskaldun bateri erraten diotalarik, arrixku zerbeitean zaude, eta zer gerta ere, elizakoak eta artu obe zinuke.

       Batere asaldatu gabe, Jainkoak nai duena izan dadiela, ori esan ta bakean. Españan, gutiz gora bera, Frantzian bezala; gorri-gorrienak sozialista-komunista guztiek bat egin dute, gobernuaz jabetzeko; diote sozialistako iru laurdenak komunistak direla.

       Gobernuko gizon guziak masonak omen dire, eta orietarik iñori axolik ez omen zaio ori erranik ere.

       Nafarroako gobernadore, berriki egin dute Garcia Larretxe jauna; orai duela bizpairur urte Alabako gobernadore izana. Au bedere ezaguna dugu, etxekoa eta euskalduna. Gorria izanik meza entzuten du eta bazkoz egiten ere bai. Baño, dio egun gutxitako baizik ez dagola; uste dugu zergatik den, berriki gaizki eri-andi egonik, eta alargundurik dagolakotz*.

       Gobernu berriaren agindurik leenengoa, giltzapeturik zaudenak bere gain uztea eta 107 laxatu dituzte.

       Beregain utzi dituzten giltzapetuak, guztiak ziren urriko naasturian Eibar delakoan bilduak; bat ez, beste guziak aske; bat ori da Larrañaga jaun zena il zuena.

       San Cristobal delako gazteluan dagozinak ere utzi dituzte bere gain.

       Juan den ostirale arratsean gazte oste gaitza ibili zen karrikaz-karrika San Cristobal delako giltzapetuak aske uzteko; baño orduko, Gobernuak agindua emana.

       Baita ere Euskal-Erriko zinegotzi alkateak, bere lekuetaratu dituztela.

       Urbilen aldi artio Jainkoak ala nai duela.

Larreko

 

 

       «Euskeraren Adiskideak» ezin dute erdietsi euskarazko misio bat. Barkatu, irakurle maite ori; oraintxe ni misiolari: A.C. delakoak, guztiak misiolari egin gaituztelakotz; una emen, nere aldi.

       Jainkoak egin gaitu gu ezerezetik. Ikusten dugunean; nola, landareak azitik; abereak amarenganik eldu diren, ezin dezakegu sinetsi berez-bere eldu diren.

       Landare batek edo abere batek, non dauka edo nondik du aziak daukan indarra landare-abere bat egiteko?

       Izateari dagokiola, umeak egiteko algoa; baño izateak nondik dauka indar ori? Leenengo izatetik eta leenengoak, nondik? Jainkoaganik.

       Eta ori nola?

       Ausarti-arrozarra naizela?

       Nere adimenarekin, Jainkoarena neurtu nai dut?

       Alegia eta gauza guztien iturburuak ezagutzen ditudala!

       Zenbat eta zenbat gauza azaletik, azaletik ere ezagutzen ez ditugula!

       Oraintxe bertan ez dabiltza airean, sonuak, itzak-izkerak eta mintzaldi baten otsak? Ek biltzeko edo eken berri jakiteko? nondik? Radio delako tresna agertu artio, eken berri ez ginakien. Baño: gu baitan, non dugu Jainkoaren bideak jakiteko tresna? Gure adimena? Ortarako gai balitz, Jainkoa bezenbat gindezke.

       Beti; gogoeta oketan nagola, untara eldu naiz: Jainkoaren adimena eta Jainkoaren algoeri, nik ez dezoketet mugarik berexi eta... ixildu bear; edo obeki, belaunikatu.

       Abere txiki bat, abere andi bat, gizona, ikertu; aren zoko-moko guztiak miatu, berexi, bakotxaren elburua negurtu: larrutik asi, aren zati-izpika guztiak ezagutu: giarrak-zañak-kirioak-erraiak: mirari andi orren dakizkigunak eta ezin ditugunak xeeki ikasi!

       Nola ba; baldin ezpadakigu zer diren eta nola bere elburua betetzen aal duten, erran dezakegu: gauza oriek beren baitarik eginak direla, edo «alakorik ala» eginak direla?

       Guk; Jainkoa ikusten ez dugulakoz, gauza orien egiten, erraten dugu; Jainkorik ez dela.

       Bano: non dugu zuurtzia? gu baitan? non dugu, Jainkoak dabiltzkien bideak ikusteko begia?

       Guk, algo ori bagenu, Jainkoa bezenbat gindezke.

       Zer ausartzia, Jainkoaren begi ernea bezen ernea, gurea.

       Itz batean: adimenak eta sinesteak argi eta garbi adiarazten digute Jainko bat bakarra dela, eta Ura gure Egilea, gure Iraunazlea eta gure Azkena.

       Una emen gure sinestearen egi andiena!; aren iturburua eta elburua.

       Nafarroako aaldunen aukeretan, naiz eskun aldekoak nagusitu diren, emengo eskertarrek Españakoena egin nai dute, eta ostirale arratsaldean Diputazioneko jauregia beretzat artu zuten: baranda banderekin eman zuten eta otsaillaren amaseigarrenetik jaunak egin zituzten lan eta erabakiak urratu edo erre zituzten.

       Bereala gobernadore jaunek zainak biali zituen eta etxea ustuazi.

       Arratsean osteka, banderekin eta kantuz oiuka gobernadore eta an mintzatu ziren ez dait nor ta nor; gero karrikaz-karrika oiuka eta tiroka Diario baitan: nik uste galdetzen bide zutela Diputazioneko jaunak utz zezaten bere lekuak, Zeda-koak gobernu zirelarik izendatuak direlakoz.

       Zibilak eta asaltokoak atera ziren, naasleak geldi artetu eta ixilazteko: baino makurrago baizik ez, asaldatu ziren eta bi aldetarik tiroka asi: amar bat zaurituetarik biga il dira.

       Nafartarrak Madrida bea bizi garelakoz, ez dute indarrik aski Diputazioneko jaunek: baldin gure lege zarraren indarrez balaude; or konpon, besteeri erranez, emen, gure etxean gu nagusi gindezke.

       Oviedo eta la Motta, eliza nagusiko ebasgoagatik giltzapetua edo baitua zagona; orai, ostiralean bere gain utzi zuten eta auzitegiko jaunek argi eta garbi erran dute ez dela obendun.

       Diario egunkaria biaramunean dolutua agertu zen; ez bai dire egunkariak gutienik, aren gain eman zutela eliza nagusiko ebasgoa.

       Gobernadore berria Zaragozakoa omen dugu; karrera duna ez omen da; baño, gizon gisakoa, diotenez.

       Egunkarietan, oranik, aukeraren ondorenak agertuz eta utsak besteen gain emanez izketan ari dire, bat bestearen bizkarretik.

       Egunkariek itzik ez dute erran; baño Españako zenbeit lekuetan elizak erre, elizatiarrak il eta... ixildu omen dituzte.

       Ai, ei, ai, baldin ebanjelio osoa bakotxak bere gain artzen ezpadu!

       Egun oketako berri bakarra, ortzirale gauazko naasturia; ilak, zaurituak eta Diario egunkariaren arrikatzea edo tirokatzea.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Elurra inguruko mendietan; elurra Iruñen bertan; euria eta otza alde guztietan; baño, aurten, ego aizea nagusi bai dugu beti, bereala egiazko udaberri goxoan gaude; baldin langabeko gizonek eta laguntzen dituztenek ezpagaituzte goseak idukitzen.

       Juan den asteazkenean langile guztiak lanarte egin zuten; lankaiak edo egin gogo dituzten obrak asten ez dituztelakoz, asarrea erakutsi zuten lanik ez eginez eta iñori lan egiten ez utziz; gisa ortan, esneketariak, ogiketariak, etxez-etxe ezin zutelakoz saldu, okindegi guztietan jendeketa gaitza bildu zen ogi erostera.

       Egun guztia iraundu zuen saltoki guztietan lerro gaitza txandaren begira.

       Larunbateko ere, asi zen erraten beste lanarte batekin meatxatzen gituztela baño ez bide zen egia.

       Orai duela amabost egun, Rotxapeako andreño Gelbenzu (pilotariaren arreba) bidean irristatu eta ur andira erori zen eta ito; zenbeit egunez aren loia ezin atzemanez ibili ta, orai, juan den ostegunean, azken elur-euri erauntsiekin batio urak bulartu baiziren nonbait andreñoaren loia traba zenbeitetik laxatu eta ur gañera agertu zen; arrantzale batzuk ateratu eta bildu zuten Miluzeko zubi ondoan.

       Oraiko aldi untan lana emateagatik edo, iri gizonek, zinegotziek, etxe zarrak botatzen zerbeit egin nai dute.

       Azkenik, Xabier delako seminario zaarra erosi nai dute; baña, otoi, leenik il dizkitela an bizi diren garratoiak; bertzeenaz, izurrite edo pestea Iruñe guztian edatuko dute.

       Iruñeko jaun euskaldun batek egunkarietarik, Iruñeko iruetarik, oiu egiten du «Katoliko Ariketa» edo «Acción Católica» delakoak, euskaldunen artean bear lukela lan egin eta ortarako, euskaldun gazteriari deitzen, edo otoizten du, eldu daizten Escolapiosko gela andi batera, non bildu gogo dugun, euskaraz itz-egiten trebatzeko.

       Noizpait bedere asi gaizten euskaraz ibiltzen, ibiltzen denak eginen du bide; ta ez geldi dagonak eta ixilik.

       Gure apezpiku jaunak bozik ikusiko luke, nik uste; gu, ortarako euskaraz trebatzen asten bagine.

       Bizi bagara, ikusiko dugu zenbat gazte, zenbat mutil eta zenbat neskatil eldu diren!

       Nafarroako errepublikanoak ez dire egoaldekoak bezala; orai berriki gure Alkate izana, Garbayo jauna, zendu da katoliko zintzo bat bezala; Jainkoa baitan bego.

       Egunkarietan adiarazten dute, egun oketan, delako meza gregorianak erranazten dituztela il denaren arimaren aldez, Jondoni Nikolas elizan.

       Langabekoen laguntzeko, erri-gizonek eta beste zenbaitzuek, erabaki dute laguntzeko; bakotxari emanez iru pezeta, noiz artio ez dute erran.

       Apezpiku jaunak iru milla pezeta eman ditu lanik gabeen laguntzeko: bost ehun pezeta Iruñeko andre batek.

       Fascista delako jaun batzu baitu dituzte eta bildu; fascista delako batzokiak etsiazi dituzte: amarrak giltzapetu dituzte, bat, Alfaro jauna, bere gain utzi dute, bet betan aita il zaiolakoz Madriden.

       Diputazioneak erabaki du bide zenbeit berritzea, langileri lana emateagatik.

       Urbilen aldi artio, Jainkoak ala nai duelarik.

Larreko

 

 

       Orai, udaberrian gaude, egunaldi politak egiten ari da, goiztiri otzak baño egunaz argi eta ez otz: juan den astean izan dugu naiko euri eta urandiak lekuetarik aldaratuak.

       Españako buruzagiaren autatzeko Nafarroan «bloque de derechas» delakoak berexi ditu Diputazioneko ahaldunak, seiak, eta «bloque» orren buruzagia, Martinez Berasain jauna.

       Ez dakit nola Nafarroako zinegotziek egin dezaketen orren bertze, nola diotenez: geroak erakutsiko digu garrantzia andia ote duten emengo zinegotzien berexteak; baldin ezpada «bloque de derechas» delako batasunak bere indarrean irauten duela adiarazteko? edo diputadoak direnez geroz, ea ote diren egiazki.

       Ogeita zortzi urtez gure artean egon den Modesto Font jauna, gobernadore ordezko bezala arras guretua bezala zagolarik, emendik ekendu dute eta Huelvara bota, Jainkoak daki zergatik; ez bide da edo ez bide zen gobernukoen aldekoa.

       Gauza guztietan bezala; lan gabekoeri asi delarik bost eta iru pezeta egunsari ematen, familiadun edo bakar den arabera; eken artean, ere sartu omen dire zerbeiten jabe diren biga... baño diotenez baetuko dituzte.

       Diputazioneak ere eman omen du langabeentzat amar mila pezeta, uren kalteak eztitzeko zerbeit lan egiteko, orai berriki Erriberako ur andien bazterretan.

       Au ikusirik, gobernadore jaunak ere itz eman du, eldu den udan asiko direla lanean, Ebro ta Aragon urandiak ez daizten lekutan edatu edo barreatu; bazter bazter zenbeiteko lur guztiak fundi ez daizten.

       Berriz asi dire gure zinegotziak, Plaza del Castillo delako zola berritu eta zimentatu bear dutela; beingoan egin bear dena egin, eta ez nolanaiko lanak egiten ari.

       Aurtengo «Aberri Eguna» jaituko da errietan: erri bakotxak berez-bere.

       Eldu den illeko amargarrenean abertzale bilkurak izango dire Baztanen, Itunen eta Beran; Monzon euskal-izlari aoederrekoa mintzalari, eta lau bertsolari, Dargaitz, Iriarte, Txapel eta Basarri; ots, oberenetarik: ongi dago!

       «Eusko Ikaskuntzak» erabaki du gorasarre bat egitea Julio Urquijo jaunari: ederki dago! eta Azkue jaunari, noiz?

       Aurtengo udako ikastaroan (uztailaren 16 garrenetik 22era) norbaitek erakutsiko du, nola egin daiteken lana delako bilingüismo bideratzeko. Euskalerriko oroituriako batzarrea berriz, Estellan egingo dute buruillaren seigarrenetik amairugarreneraño. Diputazioneak laguntza itz-emanik.

       Manezaundi jaunak La Vozetik irakurgai polit-politez ari da euskaldunen irrieginazten: ederki dago bere azken «Airez-Aire», Uztaritzen emana.

       Gure zinegotziek erabaki zenbeit artu zuten azken batzarrean: langabeen laguntzeko zerga zerbeit; iruetan ogei auto baño geiago ez uzteko Plazan. Alkate jaunari ahalgoa eman diote artzeko edo beretzeko «Comandancia de Injenieros» delako etxea.

       Larunbatean «Eusko gaztedia»n, Ayerar jaunak egin zuen mintzaldi bat.

       «San Cosme y San Damian» delako sendakin batzan, Zubeldia jaunak filosofiaz mintzatu zen.