Jose Elizondo

 

ALKATE ONA

 

 

 

 

 

JOSE ELIZONDO

 

Alkate Ona

 

KOITZ BAKARREKO ANTZERKIA, ETA

BILBOKO EUZKO GAZTEDIAK SARITUA

 

Antzezlariak

       Txomin Arrano

       Kaxilda

       Urtzale

       Ijitoa

       Ijito Andrea

       Bizargina

       Alkatea

       Herrizaina

       Mikeletea

       Ardantzalea

       Bere emaztea

       Korkoxa

 

 

Koitz bakarra

 

Iruditegian kontzejupeko ardandegia.— Erdian atarirako atea.— Eskuinera sabairakoa eta ezkerrera ukuilukoa, mahai, aulki, pitxar eta abar.

 

 

Lehendabiziko Irudia

 

Txomin arrano eta Kaxilda

 

TXOMIN: Isilik zaude emakumea; belarriak eten beharrean dauzkat zure jarduna dela-eta.

KAXILDA: Eta ni zure arranoekin moño tontorreraino beteta gainez eginda nago.

TXOMIN: Gajoa! Noiz arrano etengo zaizu mingaina edo zintzurra?

KAXILDA: Utikan; mingain gaizkoatua; hobe zenuke jenio zital hori onduko balitzaizu.

TXOMIN: Zozoak beleari ipurbeltz, zuria onduko den baino lehen txangurruak aurreraka ibiliko dira eta igelei bizarra jaioko zaie.

 

 

Bigarren Irudia

 

Lehengoak eta Urtzale

 

URTZALE: (sartuaz) Ur freskorik ba al daukazue?

TXOMIN: Zer ur fresko arrano? Hemen ez da ardoa beste gauzarik ematen.

URTZALE: Horrexegatik nentorren bada. Ez diote edozeini ura eskatuta ardorik emango niri bezala.

TXOMIN: Lehen ere berriketaz aspertuta nago. Tira, zenbat ardo behar duzu?

URTZALE: Ekar ezazu baso bete; bestela, zaude. zaude: atera egidazu kuartillo bat, gaur egarri izugarria daukat eta.

 

(Txominek, zahagitik atera eta pitxar batean ematen dio).

 

KAXILDA: Barkatu egidazu, baina, jakin al daiteke zein eta nongoa zeran?

URTZALE: Iturrondokoa naiz, eta Urtzale deritzat.

TXOMIN: Urzalea izan behar duzu, bai, arranopola; goizean goizetik ardoa kuartilloa edaten hasten zera-eta.

KAXILDA: Eta zuri zer dizu pitxarka edan nahi badu ere? Zu ere etzera ardotik edo beste zerbaitetik baraurik egongo.

TXOMIN: Nik edatea ez da harritzekoa, egarbera naiz-eta.

KAXILDA: Bestiak zer dira bada? Ez al daukate eztarririk zuk bezala?

TXOMIN: Bai, baina, ez zuk haineko mingainik, berritsu arranoa.

KAXILDA: Isilduko ote zera zure arranoekin? Txomin arrano deitu zizunak, ondo bataiatu zintuen, bai.

URTZALE: Ni naizela-eta, ez zaitezte haserretu, behintzat.

TXOMIN: Ez da zu zarela-eta gure haserrea; egunak dauzkan ordu guzietan honela jarduten gara, ez daukagu beste zereginik.

 

 

Hirugarren Irudia

 

Lehengoak eta Ijito andrea

 

IJITO ANDREA: (sartuaz) Txester** ederrak etxekoandrea.

KAXILDA: Ez ditugu behar.

IJITO ANDREA: Txit merke emango dizkizut.

TXOMIN: Ekar ezazu berau sartuta edukitzeko sumitzezko kaiola bat, nik erosiko dizut eta.

URTZALE: Ja, ja, ja! Hau Txomin arrano arranoa!

KAXILDA: Joan zaitez emakumea, honek ez dizu ezer erosiko-eta.

IJITO ANDREA: (aulkian esertzen da) Ezer erosten ez badidazu ere, zerbait hartu behar dut barau gorrian nago-eta.

KAXILDA: Zer hartu nahi duzu bada?

IJITO ANDREA: Ekar ezazu ogi puska bat eta kuartillo bat ardo.

KAXILDA: Zu ere egarberaren bat bazara.

IJITO ANDREA: Txiki txikitatik honelakoxea naiz.

KAXILDA: Nire gizona bezalakoa, beraz.

TXOMIN: Berritsu madarikatua! Zazpi mila arrano mututuko al zaituzte.

URTZALE: Non duzu ukuilua?

TXOMIN: Eginkizunen bat al daukazu ukuiluan? Behiak ikustera bazoaz alperrik joango zera; gurean ez dago behirik

URTZALE: (sabelari eutsiaz) Ez; beste zeregin bat etorri zait bat batera.

TXOMIN: Zoaz, zoaz gizajo hori; ezagun duzu zer duzun-eta. (joaten da Urtzale ukuiluko atetik)

 

 

Laugarren Irudia

 

Txomin, Kaxilda eta Ijito andrea

 

IJITO ANDREA: Saskirik erosten ez badidazue, etorkizun ona asmatuko dizuet.

KAXILDA: Zer etorkizun eta joankizun? Nahikoa lan izango duzu zerorrenari igartzearekin, eta isilik zaude.

TXOMIN: Isilik zaude bai, honek bakarrik hitz egin dezan; hau noiz edo nola mututuko den asmatzen badidazu, gosaria doan emango dizut.

IJITO ANDREA: Hori gauza erreza da; erosi ezazu kotorra bat eta andrea inbidiaz mututuko zaizu.

KAXILDA: (eskoba hartuta jotzeko keinua egiten dio Ijito andreari) Zoaz hemendik, likitsa.

TXOMIN: Laga iezaiozu bakean (Ijito andreari) Ardo saltzez aspertu naiz eta nola aberastuko nintzake?

IJITO ANDREA: Erosi edo ostu ezazu loteriako txartel bat eta igurtz ezazu korkox baten konkorrean; lehenbiziko saria ateratzen ez baduzu, lepoa moztu degidatela.

KAXILDA: (Ijito andreari) Zaude isilik txaldan alaena, gezurra darizu barra-barra eta.

TXOMIN: (pozaz) Hau mauka! Korkoxari igurtzi eta beste gabe aberastuko naiz (Kaxildari) Zoaz estankora eta erosi ezazu loteriako txartel bat; azkar ibili zaitez, aberastu behar gara-eta.

KAXILDA: Gizona, zoratu al zera?

TXOMIN: Zoratu bai zu, txartela ekarri ezazu berriketa gutxiekin.

KAXILDA: Ekarri beharko diot bakea izango ba dut.

 

 

Bosgarren Irudia

 

Lehengoak eta Urtzale (Kaxilda gabe)

 

URTZALE: Hau deskantsua hartu dut.

TXOMIN: Gure baratzeko babak mesede izango dute

IJITO ANDREA: (Urtzaleri) Gizontxoa, nahi al du etorkizunaren berri jakin?

URTZALE: Zein dator, bada, obispoa edo errege?

IJITO ANDREA: Ez dut hori esan nahi; berorren...

URTZALE: Behorrak mendian; ni ez naiz berorri, zu edo i baizik.

TXOMIN: (Bere artean) Korkoxa ere ez da mingainez motza; nire andrearekin uztartu daiteke

IJITO ANDREA: (Urtzaleri) Esan nahi dizut edo diat, eze, zure edo hire etorkizun ona agerraraztea nahi duzun edo nahi duan?

URTZALE: Etorkizun ona? Etorri behar onekoa izan banintz ez nian bizkarrean daukadan hau izango.

TXOMIN: Tira laga iezaiozu berriketari eta aditu zakitzat zer esaten dizun.

URTZALE: (Ijito andreari) Tira bada esan ezazu esan behar duzuna, emakumea.

IJITO ANDREA: (Urtzaleri eskua hartuta) Denbora asko baino lehen aberastuko zera.

URTZALE: Aberastu? Ez behintzat eguzkia oraingo bidean badabil. Nondik nora ni aberastu?

IJITO ANDREA: Zuk badaukazu anaia bat erbestean.

URTZALE: (harrituta) Egia da! (bere artean) Nola jakin ote du?

IJITO ANDREA: Anaia hori, laster zeharo aberastuta etorriko zaizu.

URTZALE: Ez gehiago esan; ez gehiago esan; nahikoa dut...

IJITO ANDREA: Zaude, gizona, zaude oraindik. Eta egun batetik bestera hilko da.

URTZALE: Bapo! Eta orduan dauzkan diru guziak niretzat izango dira.

IJITO ANDREA: Eta aziendak ere bai.

URTZALE: (txanpon batzuek patrikeratik aterata ematen dizkio Ijito andreari) Eutsi; ardotarako neukan dirua bada ere; mesede izugarria egin didazu-eta.

 

 

Seigarren Irudia

 

Lehengoak eta Kaxilda

 

KAXILDA: (sartuaz) Zer mesede gero? Eta sinistu egiten diote! (Ijito andreari) Oraindik hemen zaude?

TXOMIN: (Ijito andreari) Eta nire andrea noizko bezala mututuko da?

IJITO ANDREA: Zuk kotorra erosi bezain laster.

KAXILDA: (Ijito andreari eskobarekin erasotzen dio) Zoaz hemendik berritsu gezurtia.

 

(Joaten da ihesi Ijito andrea erdiko atetik)

 

KAXILDA: (Txomini) Eutsi zorioneko txartela.

 

(Ematen dio txartela Txomini eta joaten da eskuineko atetik)

 

 

Zazpigarren Irudia

 

Txomin, Urtzale eta Ijitoa

 

(Sartzen da Ijitoa bizkarrean tximua eta kotorra bat barruan daukan kaiola, dakarzkiela, filarmonika zahar bat jotzen).

 

IJITOA: Jinkuak adur on dizuela, jaunak

TXOMIN: Musika ere badugu?

URTZALE: Komedianteak herriratu zaizkigu, Txomin.

IJITOA: Tximua dantzan ikusi nahi baduzue, sos batengatik ikusiren duzue

TXOMIN: Ez dugu tximu beharrik; aski tximuak gara gu ere.

IJITOA: Orduan, kotorrak, gure presidenteak senatuan egin dun mintzaldia egingo dizue.

URTZALE: Zer? Ijitoak ere presidentea baduzue?

TXOMIN: Bai hauen aziendak gobernatzeko.

IJITOA: Gure presidentea dela erratea nahi ez baduzue frantsesena dela errango dut.

TXOMIN: (eskuekin bere kopeta joaz) Arranoa! Non daukat burua? (Ijitoari) Zaude, zaude; salduko al zenuke kotorra?

IJITOA: Ez baitaukat saltzeko, baina sos premian nagoelarik animali biak salduko dizkizut.

TXOMIN: Ez dut tximu beharrik.

IJITOA: Ezin saldu nitzake biak baizik.

TXOMIN: (bere artean) Tximua ere erosi egin beharko diot (Ijitoari) Zenbat nahi duzu bada animalia biengatik?

IJITOA: Ehun libera; ez bat gutxiago eta ez gehiago.

TXOMIN: (Urtzaleari) Zenbat dira ehun libera?

URTZALE: Ehun pezeta edo ehun lau errealeko.

IJITOA: (Txomini) Nahi duzu edo ez?

TXOMIN: Bai zera! Asko da; gure andreak xahutuko ninduke; gau eta egun marmarka isildu gabe jardungo luke.

URTZALE: Askotxo da, bai; (Ijitoari) Eskatu duzun erdiarekin ere aski duzu.

IJITOA: (Txomini) Tori bada animaliak, baina, bihar artean ezkutuan eduki behar baituzu. Ekar iezazkidazu berrogeita hamar libera.

TXOMIN: (Ematen dizkio berrogeita hamar pezetak eta tximua eta kaiola hartzen dizkio)

IJITOA: Agur jaunak. (joaten da erdiko atetik)

BESTE BIAK: Agur.

(Txomin tximua eta kaiolarekin, eskuineko atetik joaten da).

 

Zortzigarren Irudia

 

Urtzale bakarrik

 

       Gizajoa Zoratu behar du bere andrea mututu nahirik. Kotorra erosi du emaztearen jarduna isiltzeagatik. Orain baten lekuan bi kotor izango ditu ardantzale errukarriak. Bakoitza bere zoramenak darabil! Zer egi handia esan zuen hau esan zuenak. Ni ere banabil bizibidea eratu ezinik, baina gaurkoagatik sabel aldia ondo gozatu behar dut Txominen bizkar bada ere. Gizon bihozbera dirudi zakar xamarra bada ere, eta zakarra izatea behar ere badu daukan andrearekin: txirriska baino areago da berriketan hasten danean eta hasteko hutsa behar du. Nik ez dakit zenbait emakumeri, horrenbeste hitz egiteko arnasa eta txistua nondik sortzen zaien. Niri behintzat hitz bigarrenerako, eztarria hego haizeak jota bezala lehortu, eta txistua, ingurdua baino lodiago egiten zait; orduan mingaina aho sabaian pegatuta edukitzen dut eta txori emea baino mutuago gelditzen naiz. Baina, hau da patxada daukadana! Onik onenean kartzelara eramango banaute ere ez dakit eta putreak baino gibel handiagoarekin, hemen nago, bilatuko ez ninduketen lekuraino ihes egin gabe. Zenbat gaiztakeri eragin ohi ditu behar izateak! Bildotsa baino otzanagoa naizelarik, beharrak gaiztakeria eragin dit. Goseak nengoen-eta zeharo ahuldu behar nintzen, bai, eta orduan, sartu artzain txabola batera, esnea edo zerbait elikagarri eskatzeko asmoarekin: inortxo ere ez zegoen eta zer egin dut? Hartu dut... (pauso hotsa aditzen da) Baina norbait dator...

 

 

Bederatzigarren Irudia

 

Urtzale eta Txomin

 

TXOMIN: (sartuaz) Orain puska baterako bakea egin dugu. Andrea etorriko ez balitz nahi nuke, arranopola.

URTZALE: Zu zeran gizonarekin andrearen beldurrez zaude? Ez dakit horrenbeste arraiorekin nola oraingoz kiskaldu ez duzun.

TXOMIN: Kiskaldu? Berak bai kiskaltzen didala odol guzia; galtzarbean daukadan txoria ere berak eragindakoa da

URTZALE: Zer? Galtzarbean kaiola al daukazu?

TXOMIN: Kaiolarik ez daukat, baina txoria bai.

URTZALE: Eta ez al du ihes egiten?

TXOMIN: Atea zabaltzen diot baina ez du alde egin nahi, arrano madarikatuak.

URTZALE: Arranoa alda bada?

TXOMIN: Ez gizona, ernada*.

URTZALE: Ernada? Aurtengo pasakoa izango da, beraz?

TXOMIN: Bai zera! Bi urte hauetan neronekin daukat eta; berbera, egun bitik batean sendakuntza egitera etortzen zait.

URTZALE: Zer bada? Txoria gaixorik al dago?

TXOMIN: Ez gizona. Zer arrano da berau? Nire andrea baino berritsuago zera. Ez al dakizu galtzarbean sortu ohi den zuldarrari ernada deitu ohi zaiola; erdaraz golondrino?

URTZALE: Angela Maria! Zuldarra daukazu beraz?

TXOMIN: Bai laster etorriko zait barberua sendakuntza egitera, baina, alatxanpaina bidaliko dut, ez dit ezer ere aurreratzen.

URTZALE: Hori, bikearekin sendatuko zenuke.

TXOMIN: Bikearekin? Ipini ezazu zuk mingainean. Mormuarekin nagoela uzte al duzu? (haserretuta)

URTZALE: (bere artean) Hau da jenio txarra daukana! (Txomini) Zure onagatik esan dizut, baina, onesten ez badiozu, barka iezadazu.

TXOMIN: Berriketari utzita, tragoxka bana edan dezagun, Urtzale.

URTZALE: Nahi duzuna, Txomin.

 

(Txominek ateratzen du zahagitik pitxarra bete ardo eta mahaian lagata aulkian esertzen da Urtzalerekin batera. Betetzen ditu bien edontzi edo basoak eta eskaintzen dio bat Urtzaleri.)

 

TXOMIN: Tira Urtzale ardozalea; horrenbeste jardun eginda egarriz egongo zera-eta edan ezazu.

URTZALE: (edontzia hartuaz) Eskerrik asko, Txomin. Zure ernadaren osakuntzagatik edatera noakizu. (edaten du Urtzalek)

TXOMIN: Eta ni zure korkoxaren osasunagatik (edaten du Txominek) Nola egin zenuen korkox zorrotz hori?

URTZALE: Nik ez nuen egin; amak egin zidan.

TXOMIN: Jaiotzezkoa duzu, beraz?

URTZALE: Ala izan behar du; nire gogamenaz geroz, neronekin darabil eta. (bere artean) Gezurretan atsituko ote nau?

TXOMIN: Iruditzen zait, hemen sartu zerenez geroz, korkoxa hazi egin zaizula.

URTZALE: Izan daitekeena da; ilgoran hazi eta ilbeheran gutxitu egiten zait.

TXOMIN: Beraz ilargiari igartzeko ez duzu pronostiko beharrik.

URTZALE: Ezta palometrorik ere.

TXOMIN: Utziko al didazu korkoxaren gainetik neurria pasatzen?

URTZALE: Leun-leun bada, bai, baina, kontuz ibili zaitez alperrik galdu ez diezadazun.

 

(Txomin jaikitzen da eta Urtzalek ikusi gabe patrikeratik loteriako txartela aterata pasatzen dio hiru edo lau aldiz korkoxaren gainetik; gero korkoxari usain eginaz txartela patrikeran gordetzen du.)

 

TXOMIN: Hauxe da usain gozoa korkoxean daukazuna. Gazta usaia dela esango nuke gezur handi gabe.

URTZALE: Izan daiteke; bularrekoa nintzala amak eman zizkidan esne guztiak hor dira eta.

TXOMIN: Ez daukazu gose beldurrik, beraz.

 

URTZALE: (bere artean) Baina bai juez jaunarena.

TXOMIN: Edan dezagun, Urtzale, laster aberastuko garenen pozean bada ere.

URTZALE: Nik behintzat sinisten dut aberastuko naizena; nire anaia hori lehen ere txit saiatua zen eta ez diot gaitzesten aberats porrokatua etorriko denari; etorrita pulmonia bat harrapatuko du edo txakur amorratu batek kosk egingo dio eta hilko da; orduan bere diru guziak niretzat izango dira.

TXOMIN: Bejondeizula eta hala izan dadila, Urtzale.

 

 

Hamargarren Irudia

 

Lehengoak eta Bizargina

 

BIZARGINA: (sartuaz) Kaixo jaunak!

URTZALE: Ongi etorri.

TXOMIN: (bere artean) Hemen da Sangrijuelas arrano hau.

BIZARGINA: Zer diozu Txomin?

TXOMIN: (haserre) Laga egidazu bakean, arrano birekin; ez daukat berriketarako gogorik.

URTZALE: Ez iezaiozu hitz egin, andrearekin haserretu da eta.

BIZARGINA: Nik zer egingo diot bada? (Txomini) Nola daukazu txoria? Ikusiko al dugu?

TXOMIN: Ikusi ezazu airean doana, ez nire galtzarbekoa, kilker arranoa.

BIZARGINA: Sendatu al zaizu, bada?

TXOMIN: (emakumearen hitza irudikatuaz) Sendatu al zaizu bada? Hizketan, nire andrea dirudizu. Noiz arrano ikasi behar duzu gizonek bezala hitz egiten?

BIZARGINA: Gaur, guztiz haserre zaude; andreak gaizki hartu zaitu, nonbait.

TXOMIN: Zer andre eta zer pazi? Hobe zenuke sendakuntzan hobeto saiatuko bazina, nire antzera, inor sufritzen eduki gabe.

BIZARGINA: Nik zer egingo dizut, zu odol eta haragi txarrekoa bazara?

TXOMIN: Zer haragi eta zer urdai? Txarra izanda ere zati galanta jango zenuke, goseti arrano horrek.

URTZALE: Baita nik ere orain daukadan gosearekin: Aaaaa...! Hau da barau luzea! Aste Santua dela iruditzen zait.

BIZARGINA: Tira Txomin; nahi baduzu, sendakuntza egingo dizut.

TXOMIN: Sendakuntza? Hilkintza esan bazenu zuzenago asmatuko zenuen. (Urtzalegatik) Sendatu ezazu honen korkoxa.

URTZALE: Ez, ez; ez niri ukitu.

BIZARGINA: Ez gizona, ez; urte askotan iraun diezazula.

URTZALE: Hala bedi.

TXOMIN: Hala bedi esaten du alajaina! Hori da konformidadea!

TXOMIN: Zer egingo diot bada?

TXOMIN: Honezkero aizkorarekin ebaki nuen nirea izan balitz Ernioko gailurra dirudien konkor hori.

BIZARGINA: Txomin, sendakuntza egitea nahi ez baduzu, kontuak egin ditzagun eta eman egidazu eman behar didazuna.

TXOMIN: Kontuak egin behar al ditugu? Egin ezazu kontu, kontuz konturatu garela eta kontatu iezazkiozu amonari.

URTZALE: Hau da kontuz!

BIZARGINA: Ez diot amonari kontatuko; alkateari kontatuko diot kontu hau. Egingo al dugu kontua edo ez?

TXOMIN: Nahikoa kontu daukat nik, galtzarbeko txorien zulakadak kontatzen. Zoaz alatxanpaina.

BIZARGINA: Ez duzu nahi? Alkateagana noa, bada.

 

(Joaten da Bizargina erdiko atetik)

 

 

Hamaikagarren Irudia

 

Txomin, Urtzale eta Kaxilda

 

KAXILDA: (sartuaz) Zer iskanbila da hau? Ez al dugu une bateko bakerik behar?

TXOMIN: Zu bezalako deabruak diren lekuan, bakea nekez izango da. Emakumea, gu bakean gaude eta zaude isilik, mila arranorekin.

URTZALE: (bere artean) Orain ere, arranoak milaka irten zaizkio ahoko zulotik; arranoz betetako habia dauka zintzurrean, Txomin arrano honek.

KAXILDA: (Urtzaleri) Ez dakizu ondo, honen onduan daukadan infernua, batean arranoa dela, eta bestean galtzarbeko txoria.

TXOMIN: Eta nik zure ondoan zerua daukat. Nire oinaze eta atsekabe guziak zure berritsukeriagatik dira, igarri dizut.

URTZALE: Baliteke, bai; emakumeen mingaina zorrotza baita.

KAXILDA: Zuria leuna! Ardoa milizkatzeko bai. Hobe zenuke sor duzun ardoa pagatuko bazenu.

URTZALE: Emakumea, ez zaitezela estutu; aberastutakoan propina eta guziarekin pagatuko dizut.

TXOMIN: Tira Kaxilda, zoaz sukaldera zazpiehun mila arranorekin; bakea behar dugu; bakea.

KAXILDA: Ez naiz joango zer iskanbila izan duzun jakin arteraino.

URTZALE: Hutsa izan da; Txominek, Bizarginari sendakuntza pagatu nahi izan ez dio, arrazoi zuen-eta.

TXOMIN: (Urtzaleri) Txitua bezala itoko zintuzket, berritsu arranoa. Orain zer dauka andreak zer jakin Bizarginarekin gertatu zaidana?

KAXILDA: Hori ere badugu? Nik pagatuko diot, soinekotarainoko guziak salduko baditut ere.

URTZALE: Laga iezaiozu Txomin soinekoak saltzen; gero salbajeak bezala taparraboarekin ibiliko da.

TXOMIN: Bai, eta bera eta zu, ferietako barraka batean aterako zaituztet. A zer pilumeno parea!

KAXILDA: Hori ere egingo zenuke zuk, baina ez duzu lortuko, zure egin ahal guziagatik ere.

URTZALE: (sabelari eutsiaz) Ai... ai... ai!

TXOMIN: Zer duzu, gizona?

URTZALE: Hil behar dut; hauek oinazeak!

KAXILDA: Non?

URTZALE: Hesteak, urdaila eta biriketarainoko guziak erretzen dauzkat... Ai!

TXOMIN: Hori hutsa duzu, gizona; laster joango zaizu.

URTZALE: Ez, ez, ekarri ezazue sendakina edo apaiza; hil behar naiz-eta.

TXOMIN: (heltzen dio Urtzaleri eror ez dadin eta eramaten du aulkian esertzera) Eseri zaitez hemen eta joango zaizu; ni ere horrela egoten naiz ernada mokoka hasten zaidanean; zuri ere ernada arranoren bat hesteetan sortu zaizu.

KAXILDA: Edo ardo kumea; zure galtzarbekoa bezalakoa.

TXOMIN: Berritsu arranoa.

KAXILDA: Banoa, sendakinari deitzera, nahigaberik izan ez dezagun zorioneko korkoxarekin (Kaxilda ateratzera doala, sartzen dira erdiko atetik Alkatea eta Bizargina)

 

 

Hamabigarren Irudia

 

Lehengoak, Alkatea eta Bizargina

 

URTZALE: Ai nire hesteak! Ai!

ALKATEA: Zein da hesteetatik gaixo dagoena? (Urtzaleri) Zu al zera?

URTZALE: Bai jauna. Ai nire urdaila!

ALKATEA: Zer? Urdailetik ere sentitzen al duzu?

URTZALE: Bai jauna. Ai nire birikak!

ALKATEA: Biriketatik ere bai?

URTZALE: Bai jauna; hil behar naiz.

ALKATEA: (Bizarginari) Tira, Sangrijuelas jauna; ikus ezazu honek zer gaitz daukan.

BIZARGINA: (Urtzaleri) Atera ezazu mingaina.

URTZALE: Zertarako?

BIZARGINA: Atera ezazu eta esango dizut.

TXOMIN: Txoroa; iruditzen zaio mingainean hesteak ikusteko ispilua daukala.

BIZARGINA: (Urtzaleri mingaina ikusita) Ardo mina dauka; ardo txarrak hesteak erre dizkio.

TXOMIN: Ez nik emandakoak, behintzat.

URTZALE: Zuk eman didazunarekin gaixotu naiz, ez dut besterik edan-eta.

ALKATEA: Txomin, zer sikulusaltsa egiten dizkiozu ardoari? Zer botatzen diozu?

TXOMIN: Jauna, nik ezer ez, ur pixka bat ezpada.

ALKATEA: Ura botatzen diozu beraz. Zuriari ere bai?

TXOMIN: (Buruari hatz eginaz) Nireari... ez hainbeste.

ALKATEA: Eta ala ere ez zera aberastu?

KAXILDA: Berak asko behar du eta.

ALKATEA: Ixo emakumeak. (Txomin) Ardoari ura egiten diozula-eta, Sangrijuelasi sendakuntza pagatu nahi ez diozu?

TXOMIN: Jauna, nik pagatu nahi diot sendatutakoan.

BIZARGINA: Zergatik ez didazu sendatzen utzi?

ALKATEA: Tira, aski dugu; nik jakingo dut kontu hau erabakitzen (Bizarginari) Tira, Sangrijuelas, zer agintzen diozu gaixoari?

BIZARGINA: Tipula egosien ura hartu dezala eta sendatuko da.

ALKATEA: (Kaxildari) Tipulak egosi egitzazu eta gaixoari ura ekarri egiozu.

KAXILDA: Bai jauna, berehalaxe.

 

(Joaten da Kaxilda eskuineko atetik)

 

 

Hamahirugarren Irudia

 

Txomin, Urtzale, Alkatea, Bizargina eta Ertzaina

 

ERTZAINA: (atetik) Egun on dagizuela, jaunak. Alkatea hemen aldago?

ALKATEA: Hemen nago, bai; aurrera etorri zaitez.

ERTZAINA: (Alkateari antzezki eta eskutitz bat emanaz) Hauek bidali dituzte berorrentzat.

ALKATEA: (Hartzen dizkio eta eskutitza irakurtzen du) Urdauriko alkate jauna: Gizon ikaragarri batzuek erbestetik etorri zaizkigu eta ernai egon zintezke, hauetakoren bat horraino joan ez dagizun. Gizon hauen egitekoa, bonbekin kristau guziak hiltzekoa da (besteei) Aditzen al duzue?

TXOMIN: Ni ez nau hilko; "portestante" egingo naiz-eta.

KAXILDA: Lehen ere nahikoa "portestante" zera.

ALKATEA: Ixo! (irakurtzen) Gizon gaizto horietako baten antzezkia (erretratua) bidaltzen dizut, horraino iritsia balitz ezagutu dezazun; korkox antzekoa da baina korkoxaren ordez bonba bat darama; kontuz ibili zaitez Urdauriko alkate, anarkista da-eta. (Alkateak, aldizka, antzezkiari eta Urtzaleri begiratuaz) Zer da hau? (Urtzaleagatik) Antzezkikoa eta berau bat dira (Urtzaleri) Zu zera, zu, anarkista. Zer duzu bizkarreko hori? Bonba?

URTZALE: Ez jauna; zera... zera...

ALKATEA: Aitzakia asmatu ezinik zaude; eman egidazu bonba edo xahutuko zaitut; gizon hiltzaile likitsa (heltzen dio Urtzaleri besoetatik eta ertzainari esaten dio: Aguazila, ken iezaiozu bonba. (Aguazilak txamarrapetik eskua sartuta ateratzen dio Urtzaleri gazta berri bat egin ditun ahaleginarekin zerbait banatu zaiola eta lurrera boteaz dio:) Lehertu zait! (Ertzainak hitz haiek esandakoan, Txomin mostradore atzean ezkutatzen da; Alkatea Urtzaleri utzita erdiko ateraino ihesi joaten da; Ertzaina mahaipera eta Bizargina ezkerreko atera.)

URTZALE: (Gazta lurretik jasoaz) Jaunak ez zaitezte beldurtu, gazta berria da eta.

ALKATEA: Gazta? Gaztarekin hiltzen al dituzu gizonak?

TXOMIN: Bai; arratoiak bezala.

ERTZAINA: Hil baino lehen hamaiketakoa egingo dugu.

URTZALE: Goseak nengoen eta, artzain txabola batetik hartu dut.

ALKATEA: Laga ezazu bada geldi-geldi mahai gainean.

 

(Urtzalek lagatzen du gazta mahai gainean)

 

ALKATEA: Aguazila, usain egiozu, ea gazta den edo ez.

AGUAZILA: Nik ez diot usainari igartzen, jaiotzezko usain gabekoa naiz eta.

ALKATEA: Txomin; zuk egiozu, bada.

TXOMIN: Bai zera! Lehertu eta sudurra airean eramango lidake; hobe dugu gure andreari deitu; hiltzen bada ere ez da askorik galduko.

ALKATEA: Dei iezaiozu, bada.

TXOMIN: (deiadarka) Kaxilda!

 

 

Hamalaugarren Irudia

 

Lehengoak eta Kaxilda

 

(Kaxilda sartzen da eskuineko atetik kotorraren kaiola eta tximua dakarzkiela)

 

KAXILDA: Zer da horrenbeste Kaxildarekin? (Txomini) Zuri ere hesteetako mina egin al zaizu?

ALKATEA: Emakumea zabiltza azkar (harrituta) Baina, zer tresna dakartzazu? Familiarekin al zatoz?

TXOMIN: (Kaxildari) Laga itzazu eskuetako horiek eta usain egiozu mahai gaineko horri, ea gazta den edo ez.

KAXILDA: (Joan eta gaztari usain eginaz) Gazta da; ondo usain ederrekoa halere.

ALKATEA: Behatza sar iezaiozu ea barruan zerbait ote daukan.

KAXILDA: (gaztari behatza sartuta geri milizkatuaz) Idiazabalgo gazta berria da.

TXOMIN: (bere ezkutalekutik irtenda) Ez da bonba. Tira, zertan zaudete beldurraz? A zer soldaduak zuek gerra baterako!

 

(Alkatea, Ertzaina eta Bizargina beren ezkutalekuak lagata iruditegiaren erdira etortzen dira)

 

ALKATEA: Izua pasatzeko gazta jan dezagun Txomin, atera egiguzu pitxar bate ardo eta esaguzu zertarako dauzkazun kaiolako txori hori eta tximua etxean gordeta. Ume ordezkoak al dituzu?

TXOMIN: Esango diot egia. Nire andrea hain da berritsua...

KAXILDA: Bai eta zu isila, arranoka hasten zarenean.

ALKATEA: Emakumeak isilik. Esan ezazu, Txomin, esan behar duzuna.

TXOMIN: Hain da berritsua, eze, galtzarbeko txoria ere bere berriketak direla-eta irten zait.

KAXILDA: Ardoagatik.

ALKATEA: Ixooo! Bestela multa botako dizut.

TXOMIN: Hara non etorri zaidan nire minaren osakuntza ijito andre baten bitartez.

ALKATEA: Zer bada? Belarren batzuek agindu al dizkizu?

TXOMIN: Ezta belarriak ere; kotorra erosteko agindu zidan, nire Kaxilda mututu dadin, eta handik laster ijito giza bat etorri zait animalia hauek zekartzala. Urtzale bitarteko dela tratua egin dugu eta hona hemen orain zer gauza ederren jabe naizen.

KAXILDA: Ederrak bost behatzean; zu bezalakoak.

URTZALE: Kaiolakoa, guztiz hiztuna omen da.

ALKATEA: Txomin, hitz eragin iezaiozu kotorrari.

TXOMIN: (hartzen du kaiola eta mahai gainean ipintzen du) Tira kotorratxo esan zerbait jaun hauei. (ez du ezer esaten)

ALKATEA: Andrea mututu beharrean kotorra mututu zaizu, Txomin.

TXOMIN: Ez arranoa; hitz egin beharko du edo mokoan jota zaputza kenduko diot. Kotorra arranoa hitz egingo al dun edo ez? (kotorra isilik dago)

URTZALE: Nola nahi duzu hitz egitea mokoa lotuta daukala?

TXOMIN: Egia da, izan ere. (kaiolako atea irekita txoriari mokoa askatzen dio esanaz) Orain, orain egingo digu Frantziako presidenteak egin zuen sermoia. Tira kotorratxo, hasi zerbait esaten. (Txoriak, beleak ohi duen bezala, kua, kua! egiten du eta guziak barrez hasten dira eta alkateak dio:)

ALKATEA: Txomin, zure kotorra belea da; ederra sartu dizu ijitoak.

TXOMIN: Hilko dut, horrelakorik egin badit, tranposo arranoa; hamar duro besterik ez dute balio.

KAXILDA: Hamar duro! Gizon etxe hondatzailea; zuk kendu behar didazu osasun guzia.

TXOMIN: Zeini aditzen zaizue txori kontuan?

URTZALE: Niri.

TXOMIN: Ikus ezazu ondo, kotorra edo belea den.

URTZALE: (txoriari eskua luma gainetik pasatzen dio eta esaten du:) Txori hau gainetik pintatua dago, eta azpia kedarra baino beltzagoa du; bele huts hutsa da.

TXOMIN: Deabruen adarrak! Hilko dut ijito biraoa.

ALKATEA: Onena ikusi dugu; orain ikus dezagun monaren dantza, nahigabea pasatzeko.

TXOMIN: (hartzen du tximua eta mahai gainean ipintzen du esanaz) Tira makakiko dantza adi Frantzian dantzatzen diren bezala.

URTZALE: (tximuagatik) Honek ere muturra lotuta dauka.

TXOMIN: (askatzen dio eta esaten du:) Nola ito ez animalia gaixoa arnasarik hartu ezinda? Tira makakito, dantza adi, polit hori.

       (tximuak dantzan hasi beharrean katuaren miaua egiten du. Miau! (esanaz) (Txominek jotzen du ukabilarekin eta animaliak) Fuu! (egiten dio) (Beste guziak barrez hasten zaizkio eta dio:)

ALKATEA: Katua sartu dizue monatzat, Txomin.

KAXILDA: Hemendik aurrera, Txomin arrano deitu beharrean, Txomin kaiku deituko dizute.

TXOMIN: Zaude isilik emakumea, bestela hilko zaitut; hau ere niri gertatu behar zitzaidan, ez ditut hamar duro alperrik eman.

URTZALE: Andrea pozez zoratzen dago; oraingoan ez da sei hilabetean isilduko.

 

 

Hamabosgarren Irudia

 

Lehengoak, Mikeletea, Ijitoa eta Ijito andrea

 

(Ijitoa eta Ijito andrea sartzen dira Mikelete batek aurrean dakartzala)

 

MIKELETEA: Alkate jauna: hona hemen lapur bi non dakarzkiodan.

ALKATEA: Lapurrak al dira? Zer ostu dute?

MIKELETEA: Atezabal baserritik astoa ostu dute, baserrikoak soroan lanean ari zirela, eta jabeak ezagut ez zezan begi bat atera diote animalia gaixoari.

ALKATEA: (Ijitoari) Zer? Begietako operazioak egiten ere ikasi duzue? Nik bilatuko dizuet bezeri (parroki) ona ofizioa ahatz ez dezazuen; kartzelako euli guziei begiak atera arteraino ez zaituztet handik aterako.

IJITOA: Jauna, guk ez diogu inori astorik ostu; gurea da.

MIKELETEA: Zuena izan balitz ez zen laga dugunean Atezabalgo ukuilura joan den bezala joango.

IJITO ANDREA: Goseak zegoen eta lasto usainera joan da.

TXOMIN: (Ijito andreari) Eta zu zeren usainera etorri zera lehen onera, etorkizunaren igarlea zinala esatea? (Ijitoagatik) Beste honekin panpantxo eginda niri hamar duro ziplatzeagatik? (Ijitoari lepotik heltzen dio) Itoko zaitut nire dirua atzera ematen ez badidazu.

ALKATEA: Laga egiozu, Txomin, zuk ere erruak badituzu eta; gogora zaitez ardoari zer egiten diozun urarekin eta Sangrijuelasi sendakuntza pagatu izan nahi ez diozula; gainera, ez dagokizu zure eskutik justizia egiterik; zerbaitegatik nago ni hemen.

BIZARGINA: Bai, alkate jauna; berorrek justizia egin beza, eman diezadala zor didana.

ALKATEA: (Bizarginari) Zu ere isilik zaude, erruak dituzu-eta. Zertan eduki duzu Txomin gaixoa horrenbeste denboran sufritzen, sendatu edo hil, zirt edo zart egin gabe? Sendakuntzan ez dakizulako edo zure irabazia luzatzeagatik? Batera edo bestera dela errudun zera.

URTZALE: Hori da ondo hitz egitea, hori.

ALKATEA: (Urtzaleri) Zu ere mutu bazeundeke, gazta ostu duzu-eta.

URTZALE: Baina nik ez dut inor engainatu; goseak nengoan eta zer egingo nuen zegoan lekutik hartu baino?

ALKATEA: Mendira joanda belarra jatea zendun. (Aguazilari Ijitoagatik) Eraman itzazu hauek kontzejupeko ostatura eta hango euli guziak itsutu edo begibakartu arteraino eduki itzazu.

IJITO ANDREA: (belauniko) Barka biezagu alkate jauna; ez dugu gehiago horrelakorik egingo eta.

IJITOA: (Urtzaleri) Anai; lagundu nazak kartzelatik libratzen.

URTZALE: Ni zure anaia?

IJITOA: Bai, ni nauk, Juan hire anaia, txikitan Juantxo deitzen zidatena eta Frantzia aldera joanda aspaldian nengoena; sinisten ez baduk, hona hemen (kentzen ditu Ijitoak bizar ordezkoa (postizoa) eta peluka) Ezagutzen al nauk?

URTZALE: (harrituta) Juantxo! Nire anaia haiz, bai, baina nola ijitotu haiz?

IJITOA: Goseak ijitotu nauk.

ALKATEA: (biei) Zuek goseak egindako umeak zarete, noski.

TXOMIN: Ijito madarikatua! Bere ama ere engainatuko luke; darion hitza ere besterena dela esango nuke, birau arranoak.

URTZALE: (Ijitoari) Ondo nengoan hire aberastearen zain egon banintz.

TXOMIN: Baita ni ere, horien esanaz gainera andrea mututuko zitzaidala sinistuta; deabruak eramaten baditu ere ez da askorik galduko.

KAXILDA: Ondo egin zaizu, ondo; hemendik aurrera isildu gabe jardungo dut nahi dudana esaten.

ALKATEA: Tira, orain guziak isildu zaitezte, justizia egitera noa eta.

GUZIAK: Bai, bai, justizia nahi dugu.

ALKATEA: Sasi-alkate banaiz ere ez naiz zentzu-argiz motza; ez dut behin ere belarra hasten ikusi baina, badakit zapoa zer zulotan ezkuta daiteken. Ez dut justiziako liburuetan estudiatu baina gogoan daukat aitonari ikasi nion esaera gogoangarri bat.

GUZIAK: Zer? Zer?

ALKATEA: Hobe dela errukia gogorkeria baino.

GUZIAK: Egia, egia.

ALKATEA: Eta... horrengatik ez zaituztet gogorrean hartu nahi.

GUZIAK: Ondo egina, ondo egina.

ALKATEA: Batez ere, niri kalterik egin ez didazuelako.

GUZIAK: Ezta egingo ere.

ALKATEA: Beraz, elkar barka iezaiozue, izan dituzuen ezbaiak eta kito.

GUZIAK: Bizi bedi gure alkate ona.

TXOMIN: Nik ezbaiak barkatzen ditut baina ez hamar duroak.

ALKATEA: (Ijitoari) Zerorrekin al dauzkazu Txominen hamar duroak

IJITOA: Bai jauna.

ALKATEA: Ekar iezazkidazu, bada.

IJITOA: Har bitza. (ematen dizkio)

ALKATEA: (Ertzainari) Berrogeita hamar pezeta hauek herriko gaixoen artean banatzeko dira, gehienak ardo minarekin daude-eta.

TXOMIN: Lehen ere esan diot ura bakarrik egiten diodala.

ALKATEA: Berdin da; uraren diruak dira eta ura herriarena da; zuria ez.

GUZIAK: Herriarena da, bai.

ALKATEA: Orain Urtzaleren gazta, guzion artean jan dezagun, Txominek ardo puska bat eman nahi badigu.

ERTZAINA: Baina gazta ez da Urtzalerena, artzainena baizik.

ALKATEA: Hori ez da herrian gertatu dena eta ez daukat nik berarekin zer ikusirik; geldi dadila Urtzaleren kontzientziarako.

URTZALE: Bai jauna; laga nire kontzientziarako.

ALKATEA: Gainera nire justiziak, horrenbeste balio dula uzte dut.

GUZIAK: Baita gehiago ere; jan dezagun, bada, jan dezagun! Bizi bedi gure alkate ona.

ALKATEA: Egon zaitezte nik zerbait esan artean. (jendeari)

              Jendeak egin arren irri eta farra

              ez naiz mundu honetan alkate bakarra;

              makina bat badago eme edo arra

              non daukan ez daki(e)la begiko makarra.

TXOMIN: Orain euskaldunari on dagokiona da txaloz ondratzea gure Alkate ona.

 

AMAIA