John Steinbeck
Zeruko belardiak
euskaratzailea: Maria Garikano
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Itzulpena: Maria Garikano
Euskarazko edizioa: Literatura unibertsala, 1995
Jatorrizkoaren data: 1932
John Steinbeck euskaraz:
http://ekarriak.armiarma.com/?i=140
Informazio gehiago:
http://armiarma.com/emailuok/?p=1382
HITZAURREA
John Steinbeck Californiako Salinas hirian jaio zen 1902an. Salinas Pazifikoko kostatik distantzia gutxira dago, eta izen bereko ibarretik hurbil; hantxe kokatuko zituen idazleak, bere jaioterriaren inguru haietan, bere obra gehienak, baita Zeruko Belardiak ere. Itsas biologia ikasketak egin zituen Stanford-eko Unibertsitatean, baina graduatu baino lehen, eta idazle izatera erabakita, Unibertsitatea utzi eta New Yorkera jo zuen. Lehen urte haietan, idazteaz batera, eta argitaratu zituen lehen obren salmenta urriak hartara bultzatuta, beste hainbat lanetan jardun beharra izan zuen: ganadua zaintzen eta fruta biltzen ibili zen, piszifaktoria batean egin zuen lan, adreiluak garraiatu zituen Madison Square Garden-en eraikuntzarako. Bere lehen nobela, Cup of Gold (1929), mendiko etxe isolatu eta bakarti bateko zaindari zela idatzi zuen. Tartean obra gehiago plazaratu bazituen ere, Tortilla Flat izan zen (1935) hasieratik onespen zabala izan zuen bere lehen obra. 1940an Pulitzer Saria eman zioten bere nobelarik ezagunenagatik, The Grapes of Wrath, Oklahomako nekazari ezer gabekoen exodoa kontatzen duen kronika epiko hunkigarria. Beste titulu asko ere argitaratu zituen, eta batzuek ospe berezia lortu zuten zineak egindako bertsioengatik: Perla, Of Mice and Men, East of Eden, The Wayward Bus eta abar. 1962an Nobel Saria eman ziotenean, hitz hauek esan zituen Sueziako Akademiak Steinbeck-i buruz: «Ez da bere asmoa inor mindu gabe idaztea, irakurlearen lasaitasun eta entretenimendurako. Aitzitik, aukeratzen dituen gaiak serioak eta salatzaileak dira, hala nola Californiako fruta eta kotoi plantazioetako greba gogorrak.»
Zeruko Belardiak 1932an argitaratu zen, eta beraz Steinbeck-en lehen obretako bat da. Idazle oparoa eta eklektikoa izan zen, nobelaz gain ipuinak, bidaia liburuak, satirak, pelikula gidoiak eta antzerkiak idatzi zituena. 1968an hil zen arte idazten eta argitaratzen segitu zuen etenik gabe. Hala aitortzen zuen idazleak berak lagun bati idatzitako eskutitz batean: «Ez dago nigan pertsonala edo behin betikoa den emoziorik. Egia esan, idazten ari ez naizenean, habitatu gabeko gorputz bat bezala sentitzen naiz. Uste dut halakoetan bakarrik naizela benetan zoritxarreko.»
ZERUKO BELARDIAK
1
California Garaiko Misio karmeldarra eraikitzen ari zirela, 1776garren urte aldera edo, hogei indio kristautuz osatutako talde batek erlijioa utzi zuen gau batez, eta goizalderako beren txaboletatik alde eginda zeuden. Zisma txiki hark, jarraibide txarra izateaz gain, lana makaldu zuen adobezko adreiluak egiten zituzten buztin-zuloetan.
Agintari erlijioso eta zibilen batzar labur baten ondoren, buruzagi espainiar bat bidera atera zen zaldizko talde batekin ume errebelatu haiek Ama Elizaren altzora itzularazteko. Tropak bide zaila egin zuen Carmelgo ibarrean gora eta harantzagoko mendietatik, eta ibilaldia konplikatu egin zen gainera disidente iheslariek beren aztarnak ezkutatzerakoan erakutsi zuten trebetasun deabruagatik. Soldaduteriak topatu zituenerako aste oso bat igaro zen, baina azkenean aurkitu zituzten, itsuskeriak praktikatzen aurkitu ere, erreka batek zeharkatzen zuen mendi-lepo garotsu baten hondarrean; esan nahi da hogei herejeak seko lo zeudela utzikeriazko jarreretan.
Militar irainduek harrapatu egin zituzten, eta, haien garrasiak aintzat hartu gabe, kate luze eta mehe bati lotuta jarri zituzten. Ondoren kolumnak buelta eman eta berriro ere Carmelorako bidea hartu zuen, neofito gizarajo haiei buztin-zuloetan damutzeko aukera ematearren.
Bigarren eguneko arratsaldearen azken orduan orein txiki bat azaldu zen troparen aurrean, eta bai azkar asko ezkutatu ere tontor baten bestaldean. Buruzagia bere kolumnatik aldendu eta oreinaren atzetik abiatu zen zaldi gainean. Bere zaldi astuna ezinean eta estropezuka igo zen aldapa malkartsuan gora; otso-mahatsek beren atzapar txorrotxak luzatzen zituzten buruzagiaren aurpegiaren bila, baina berak hala ere ekin eta ekin jarraitu zuen bere afariaren atzetik. Minutu gutxitan, muinoaren gailurreraino heldu eta gelditu egin zen, zeharo harrituta begi aurrean zeukanarekin: ibar luze bat belardi berdez tapizatua, eta bertan orein talde bat, larrean zebilena. Ibar zoragarri hartako belazeetan haritz bikainak hazten ziren, eta muinoek arduraz babesten zuten bai behe-laino eta bai haizearen erasotik.
Buruzagi diziplinatua samurtuta sentitu zen edertasun baketsu haren aurrean. Gizon hura, bizkar ilunak zirtzilatzeraino zigortu izan zituena, bere izaera harrapariaz arraza berri bat sortzen ari zena Californiarako, zibilizazio ekarle bizardun eta basati hura jaitsi zen zaldi gainetik eta altzairuzko kaskoa erantzi zuen.
— Ama Maria Saindua! —xuxurlatu zuen—. Horra Zeruko belardi berdeak. Horra nora gidatzen gaituen gure Jainkoak.
Haren ondorengoak ia zuriak dira gaur egun. Ibarra aurkitzean sentitu zuen emozio sakratu hura berritzea besterik ezin dugu guk egin, baina muino arteko ibar eztiari eman zion izenak hantxe darrai. Gaur egun ere Las Pasturas del Cielo bezala ezagutzen dute.
Zorioneko ezbeharren bat medio, lur haiek ez zuten inoren feudope zabalean bukatu. Ez zen Espainiako aitonen semerik haietaz jabetu bere diru edo emaztearen trukean. Bere muino besarkatzaileen artean ahaztuta gelditu zen luzaro. Buruzagi espainiarra, aurkitzailea, hara itzultzeko asmoz egon zen beti. Gizon bortitz gehienek bezala, hark ere, irrikarik samurrenaz, hil aurretik bake alditxo bat izatea espero zuen, adobezko etxe bat erreka ondoan, eta ganadua gauez hormei uxarka.
Emakume indiar batek sifilisa pasa zion, eta aurpegia zimeltzen hasi zitzaionean, adiskide on batzuek bihitegi zahar batean giltzaperatu zuten inor kutsa ez zezan. Eta hantxe hil zen bake-bakean, zeren sifilisa, inoren aurrerako latza izan arren, ez baita adiskide txarra ostatu-emailearentzat.
Denbora asko igaro ondoren, squatter familia batzuk Zeruko Belardietara etorri eta hesiak altxa eta fruta-arbolak aldatu zituzten. Lurra inorena ez zenez, sesio latzak izan zituzten haren jabe egiteagatik. Ehun urte geroago, hogei familia zeuden hogei granja txikitan Zeruko Belardietan. Ibarraren erdialdetik hurbil, denetariko denda eta postetxea zeuden, eta milia erdi bat gorago, erreka ondoan, eskola bat koska eta inizialez betetako paretekin.
Familiak oparo eta bakean bizi ziren azkenean. Beren lurra emankorra zen eta landu-erraza. Beren baratzetako fruituak Californiako erdialdean sortutako finenak ziren.
2
Zeruko Belardietako jendearen ustetan Battle granja madarikatuta zegoen, eta umeen ustetan berriz, sorginduta. Lurra ona izan arren, ederki erregaitua eta eman handikoa, ibarrean inor ez zen haren zale, inork ez zuen etxe hartan bizi nahi, zeren bai lurrak bai etxeek, zainduak, maitatuak eta landuak izan direnean, eta gero bertan behera utziak, goibeltasun eta mehatxuz beteak ematen baitute beti. Etxe abandonatu baten inguruan hazten diren zuhaitzak beltzak izaten dira, eta lur gainean luzatzen dituzten itzalek forma kezkagarriak izaten dituzte.
Battle granja zaharrak bost urte zeramatzan hutsik. Festa eguneko sasoiez, aitzurraren beldurrik gabe, belar-gaiztoak zuhaitz txikiak adinakoak egin ziren. Baratzean, korapilatuta, sendotuta eta elkarren artean katramilatuta zeuden fruta-arbolak. Haien fruta ugariagoa zen, baina urriagoa tamainari zegokionez. Laharrak hazten ziren erroen inguruan, eroritako frutak irentsiz.
Etxea bera, bi bizitzako egoitza koadratu eta ondo eraikia, dotorea eta duina izan zen bere pintura zuria artean fresko zegoenean, baina ondorengo istorio bitxi batek halako kutsu bakarti, eramanezin bat utzi zuen haren inguruan. Belar-gaiztoek portxeetako oholak okertu zituzten, hormak ilundu egin ziren eguraldi txarrekin. Mutikoek, denboraren kide gizonak jasotakoaren aurkako lehian, leiho guztiak puskatu zituzten eta eraman ere bai garraiatzeko modukoa zen guztia. Mutilek uste dute garraiatzeko moduko traste guztiak, bistako jaberik ez dutenak, jostailu bezala erabil daitezkeela etxera eramanez gero. Mutilek etxeari barrua hustu, putzu-zuloak mota desberdinetako hondakinez bete, eta istripu hutsez, sarailategian benetako tabakoa fumatzen ari ziren batean, bihitegi zaharra erre zuten. Mundu guztiak eskaleei leporatu zien sutea.
Granja abandonatua ibar estuaren erdialdetik hurbil zegoen. Zeruko Belardietako granja on eta oparoenek mugatzen zuten bi aldeetatik. Mordoilo sastrakatsu bat zen ederki landu eta mantendutako bi lur sailen artean. Ibarreko jendearen ustez toki hark bazuen madarikazio bitxiren bat, zeren gertaera latz bat eta misterio argiezin bat eman baitziren bertan.
Battle-tarren bi belaunaldi bizi izan ziren granjan. George Battle 1863an etorri zen Mendebaldera New Yorkeko estatuaren iparraldetik; oso gaztea zen ailegatu zenean, soldaduskarako edadean zegoen. Bere amak jarri zuen dirua granja erosteko eta etxe koadratu handia eraikitzeko. Etxea bukatu zutenean, George Battlek bere amaren bila joan zitezen agindu zuen, berarekin bizitzera etor zedin. Eta saiatu zen etortzen andre zahar hura, espazioa bere herritik hamar miliara bukatzen zela uste zuena. Toki mitologikoak ikusi zituen, New York, Rio eta Buenos Aires. Baina Patagonia uztera zihoala, hil egin zen, eta itsasontzi bateko zaindari taldeak ozeano grisean ehortzi zuen, hilkutxa bezala bela puska bat zuena eta aingura kate baten hire maila oinei lotuta; nor eta andre hura, bere herriko kanposantuko konpainia ugariaren esperantzan bizi izandakoa.
George Battlek ondo miatu zituen bazterrak, andre kontuan inbertsio ona egin nahirik. Salinasen Miss Myrtle Cameron aurkitu zuen, hogeita hamabost urteko neskazahar bat, fortuna txiki baten jabea. Miss Myrtle bazterrean utzia izan zen epilepsiarako joera arin bat zuelako, garai hartan «aldiak» izenaz ezagutzen zen gaitza eta gehienetan jainkoren baten gaizki-nahiari leporatzen zitzaiona. Georgeri epilepsiak ez zion ardura. Bazekien ezin zuela nahi zuen guztia eduki. Myrtle bere emazte bihurtu zen eta seme bat eman zion, eta gero, bi aldiz etxeari su ematen saiatu ondoren, Lippman Sanitarium izeneko presondegi pribatu txiki batean sartu zuten, San Josen. Bere bizitzaren gainerakoa kakorratz lanetan pasa zuen, Kristoren bizitza sinboliko bat osatzen kotoi hariz.
Handik aurrera, jenio gaiztoko etxekoandre andana batek zuzendu zuen Battle granjako etxe handia. Klase bertsukoak ziren denak, iragarkiak jartzen dituzten horietakoak: «Alarguna, 45, etxekoandre postua nahi granja batean. Sukaldari ona. Ezkontzarik ez.» Bata bestearen atzetik etorri eta aurreneko egunetan eztiro eta tristeki jarduten zuten, Myrtlerena jakin arte. Horren ondoren begiak ñirñirka zituztela ibiltzen ziren etxetik, abstraktuan bortxatuak sentituz.
Berrogeita hamar urte bete zituenerako zahartuta zegoen George Battle, lanaren poderioz konkortuta, eta bere bizimodua plazerik gabea eta elkorra zen. Bere begiek behin ere ez zuten uzten halako pazientziaz lantzen zuen lurra. Bere eskuak gogortuta eta belztuta eta zirrikituz beteta zeuden, hartz baten hankak bezala. Eta bere granja ederra zen. Baratzeko zuhaitzak inausita eta ondo zainduta zeuden, bakoitza bere kideen pareko. Barazkiak berriz, beren lerro zuzenetan, kirrizkatsu eta berde-berde hazten ziren. Etxeaz ere arduratzen zen George, eta lorategi bat zeukan atarian. Etxearen goiko pisuan ez zen behin ere inor bizi izan. Granja hura adierazpiderik gabeko gizonaren poema zen. Dekoratua pazientziaz prestatu eta Sylvia bati itxoiten zion. Sylviarik ez zen sekula etorri, baina berak berdin-berdin zaindu zuen lorategia haren esperoan. Bere semearen haurtzaroko urte guztietan, George Battlek oso arreta gutxi eskaini zion. Berarentzat garrantzizko gauza bakarrak fruta-arbolak eta barazki lerro berde eta freskoak ziren. Halako batean John bere semea karabana batean misiolari joan zenean, Georgek mozdaderik ere ez zuen sentitu. Lanean segitu zuen, urtetik urtera gorputza areago beheratuz bere lur harexen gainean. Auzokoek behin ere ez zioten hitz egiten, berak ez ziolako inoren hizketari jaramonik egiten. Bere eskuak, beti kakotuta egotearen poderioz, hobi modukoak bihurtu ziren, eta erreminten girtenak zehazki egokitzen ziren haien barrura. Hirurogeita bost urte zituela, zahardadeak eta eztul txar batek beste mundura eraman zuten.
John Battle bere karabanan itzuli zen granja erreklamatzeko. Bere amagandik epilepsia eta Jainkoaren ezagutza okerra heredatuak zituen. Deabruen aurkako lehia zen bere bizitzako zeregin bakarra. Kanpamentuz kanpamentu ibilia zen, eskuak astinduz, deabruei hots egin eta ondoren denei nahasmena eraginez, makurkeria gizon-egina exortzizatuz eta larrutuz. Etxera etorri zenean, deabruek bere arreta eskatzen segitu zuten. Aletu egin ziren barazki lerroak, eta beren gogoz ahalegin bat edo beste egin ondoren, amore eman zuten belar-gaiztoen aurrean. Granja naturaren baitara itzuli zen isilka, baina deabruak indartu eta lotsagabetu egin ziren.
Bere burua babestearren, John Battlek hari zuriko gurutzetxoz bete zituen arropak eta sonbreirua, eta horrela armatuta, legio ilunen kontrako lehiari ekin zion. Arrats grisean, granjaren inguruetatik ezkutuka ibiltzen zen makila astun batez armatuta. Sastrakari ekin, makilarekin han eta hemen zartakoak emanez, eta maldizioak botatzen zituen deabruak beren gordelekutik aterarazi arte. Gauez, lahar artetik arrastaka demonio batzar baten ondora jo, eta aurrerantz oldartzen zen batere beldurrik gabe, bere armarekin kolpeak emanez zitalki. Egunez berriz, etxera joan eta lo egiten zuen, deabruek ez baitute egun argitan lanik egiten.
Egun batez, arrats geroz ilunagoan, John lila arbolatxo batera inguratu zen arrastaka, bere etxe atarian bertan. Bazekien arbolatxoa deabru bilkura sekretu baten babestoki zela. Haiei alde egiten ez uzteko adina hurbildu zenean, jauzi batez zutitu eta ekin egin zion lilari, makila itsumustuan astinduz eta garrasika. Bat-bateko kolpeek esnatuta, suge batek kriskitin hotsa atera zuen nagi-nagi, buru gogor, txapala goratuz. Johnek makila erortzen utzi eta dardara egin zuen, zeren suge baten abisu lehor, zorrotza soinu ikaragarria baita. Belaunikatu eta errezatu egin zuen une batez. Bat-batean, hala esan zuen garrasika: «Hona hemen suge madarikatua! Alde, deabrua!», eta aurreraka bota zen behatz harrapariekin. Sugeak hiru aldiz egin zion kosk batere gurutze babeslerik gabeko eztarrian. Johnek apenas egin zuen borrokarik, eta minutu gutxiren buruan hil zen.
Auzokoek ez zuten aurkitu putreak zerutik jaisten hasi ziren arte, eta aurkitu zutenarekin Battle granjaren beldur izan ziren aurrerantzean.
Granja landu gabe egon zen hamar urtez. Umeek esaten zuten etxea sorginduta zegoela, eta gauez haraino hurbiltzen ziren beren buruak ikaratzeko. Zerbait beldurgarria bazuen etxe handi eta desolatu hark, hain erne begiratzen zuten leiho huts haiekin. Pintura zuria libratu egin zen puska luzeetan; teilatuko oholxak kiribildu egin ziren zeharo. Granja bera guztiz basati bihurtu zen. George Battleren lehengusu urrun bat zen jabea, ikustera ere inoiz etorri ez zena.
1921ean Mustrovic-tarrak egin ziren Battle granjaren jabe. Bat-batekoa eta misteriotsua izan zen haien etorrera. Goiz batez hantxe azaldu ziren, gizon zahar bat eta bere emazte zaharra, hezur hutsa biak, azal horia tenk eta distiratsu matrailezur altuetan. Ez batak ez besteak ez zuen ingelesik hitz egiten. Ibarrarekiko komunikazioaz semea arduratzen zen, gizon luze bat gurasoenak bezalakoxe matrailezur altuekin, ile beltza trakets moztua eta kopetaren erdiraino eroria eta begi beltz ezti, betizuekin. Azentuarekin hitz egiten zuen ingelesa, eta beharrezkoa zitzaiona bakarrik esaten zuen.
Dendan galderak egin zizkioten onez-onean, baina jendeak ez zuen informaziorik lortu.
— Etxe hori sorginduta zegoela uste izan dugu beti. Ez al duzue oraindik fantasmarik ikusi? —galdetu zion T. B. Allen dendariak.
— Ez —esan zuen Mustrovic gazteak.
— Primerako granja da, belar-gaiztoak kenduz gero.
Mustrovic jiratu eta dendatik atera zen.
— Etxe horrek badu zerbait —esan zuen Allenek—. Hor bizi diren guztiei batere ez zaie gustatzen hitz egitea.
Oso gutxitan ikusten zituzten Mustrovic zaharrak, baina gizon gazteak egunak dituen ordu guztiak granjan lan eta lan pasatzen zituen. Berak bakar-bakarrik garbitu eta erein zuen lurra, inausi eta erregaitu zituen zuhaitzak. Edozein ordutan, lanean ikusten zuten jo eta ke, korrika txikian zeregin batetik bestera, eta aurpegia larrituta, mundua uzta biltzeko beta izan baino lehen buka zitekeelakoan edo.
Familiak etxe handiaren sualdean egiten zuen bizimodua eta loa. Beste gela guztiak itxita eta hutsik zeuden, eta leiho puskatuak konpondu gabe. Sukaldeko leihoetako zuloetan euliak harrapatzeko papera itsatsi zuten haizerik sar ez zedin. Ez zuten ez etxea pintatu, ez beste inola zaindu, baina gizon gaztearen ahalegin frenetikoekin lurra itxura ederra hartzen hasi zen berriro. Bi urtez esklabo batek bezala landu zuen lur hura. Egunsentiaren gristasunean ateratzen zen etxetik, eta ilunabarrak berea emana zuen atzera itzultzen zenerako.
Goiz batez, kotxea hartu eta dendara zihoala, Pat Humbertek antzeman zuen Mustrovic-tarren tximiniatik ez zela kerik ateratzen.
— Etxeak utzia dirudi berriro ere —esan zion Alleni—. Gizon gazte hori besterik ez dugu inoiz inguruetan ikusi, hori egia da, baina okerren bat bada. Etxeak berak seinale du abandonatu egin dutela.
Hiru egunez auzokoek aprentsioz begiratu zioten tximiniari. Ez zuten miaketan hasi eta denen aurrean barregarri geratu nahi. Laugarren egunean Pat Humbert, T. B. Allen eta John Whiteside etxeraino joan ziren. Isiltasun zurrumurrutsua zen hangoa. Etxeak abandonatua zirudien benetan. John Whitesidek sukaldeko atea jo zuen. Erantzunik edo mugimendurik izan ez zenez, tiradorea jira zuen. Atea zabaldu egin zen. Sukaldea garbi-garbi zegoen, eta mahaia jarrita: platerak zeuden mahai gainean, platertxoak porridge, arrautza frijitu eta ogi xerrekin. Jana lizuntzen hasia zegoen. Euli batzuk noraezean zebiltzan ate irekitik sartutako eguzkiaren argitan. Pat Humbertek oihu egin zuen: «Inor bai?» Bazekien galderak ez zuela zentzurik.
Goi eta behe miatu zuten etxea, baina hutsik zegoen. Sukaldea kenduta, beste gela guztietan ez zegoen altzaririk. Granja abandonatua zegoen guztiz, bat-batean abandonatu zuten gainera.
Geroago, sheriffa jakinaren gainean jarri zutenean, ez zuen hark ezer argigarririk aurkitu. Mustrovic familiakoek esku-diruz ordaindua zuten granja, eta joaterakoan ez zuten aztarrenik utzi. Inork ez zituen joaten ikusi, eta inork ez ziten sekula berriz ikusi. Haien partaidetza izan zezakeen krimenik ere ez zen eskualde hartan gertatu. Goiz batez eta bat-batean, gosaltzeko esertzera zihoazen unean, Mustrovic-tarrak ezkutatu egin ziren. Makina bat aldiz eztabaidatu zuten kasua dendan, baina Inor ez zen gauza izan soluzio onesgarri bat proposatzeko.
Berriro ere belar-gaiztoak jaio ziren lurrean, eta basaihenak fruta-arbolen adarretaraino igo ziren. Eta praktikarekin trebatuta bezala, granjak basatasunera jo zuen berriro segituan. Monterreyko konpainia inmobiliario bati saldu zioten zerga-diruaren ordainetan, eta Zeruko Belardietako biztanleek, aitortu ala ez, seguru jo zuten Battle granja madarikatuta zegoela. «Lur ona da,» zioten, «baina ez nuke neuretzat nahi ezta musu-truk emanda ere. Ez dakit zer gertatzen den, baina etxe horrek badu zerbait xelebrea, azala ere pinportzen dizuna. Norbaitek mamuetan sinestea ere ez litzateke harritzekoa izango.»
Zirrara atsegin batek zeharkatu zuen Zeruko Belardietako jende guztia Battle granja zaharrak berriro ere biztanleak izango zituela jakitean. Pat Humbertek ekarri zuen zurrumurrua Denetariko Dendara, automobilak ikusi baitzituen etxe zaharraren atarian; eta T. B. Allenek, dendaren jabeak, lau haizetara zabaldu zuen albistea. Allenek jabe berrien inguruko gorabehera guztiak sumatu eta bezeroei kontatu zizkien, konfidentzia guztiak «Diotenez» batekin hasiz. «Diotenez Battle etxea erosi duena fantasma bila ibiltzen diren horietakoa da, gero haiei buruz idazteko.» T. B. Alienen «Diotenez» hura bere babesa zen. Egunkariek «ustezko» erabiltzen duten bezala erabiltzen zuen.
Bert Munroe bere ondasun berriaren jabe egin aurretik, Zeruko Belardietan bazebiltzan dozena bat istorio berari buruzkoak. Berak bazekien bere bizilagun berriak izango ziren haiek begira zeuzkala, inoiz hartan harrapatu ez bazituen ere. Isilkako begiraketa hori gain-gaineko arteen mailaraino garatu da nekazarien artean. Ikusi dute agerian daramazun ipitzik ttikiena ere, zenbatu eta buruz ikasi dituzte soinean daramatzazun arropak, zure begien koloreari eta sudurraren itxurari ere erreparatu diote, eta azkenik, hiruzpalau adjektibotara murriztu dute zure gorpuzkera eta nortasuna; eta bien bitartean zu zure presentziaz ohartu ere ez zirelakoan egon zara.
Granja zaharra erosi ondoren, Bert Munroek lanari ekin zion belarrez jositako atarian, arotz talde batek etxea konpontzen zuen bitartean. Altzari guztiak kanpora atera eta erre egin zituzten. Lehengo tabikeak bota eta berriak altxa zituzten. Hormak beste paper batez jantzi eta asbestozko teilatu berria eman zioten etxeari. Azkenik, pintura hori zurbilez pintatu zuten kanpoaldea.
Bertek herak moztu zituen atariko aihen eta zuhaitz guztiak argiari sartzen uzteko. Hiru asteren buruan, etxe zaharrak ez zeukan lehengo itxura zabartu eta sorginduaren aztarrenik. Han eta hemen emandako maisutasunezko ukituei esker, bere itxura Mendebaldeko beste ehun mila nekazari etxerena bezalakoxea zen.
Barruko eta kanpoko pintura lehortu bezain laster, altzari berriak heldu ziren: eserleku guri-guriak eta idazmahai txiki bat, estufa esmaltatu bat, altzairuzko oheak egurra imitatuz pintatuak eta erosotasun matematikoa eskaintzeko garantizatuak. Ispiluak ere baziren festoiekiko markoekin, eta Wilton alfonbrak, eta baita koadroen erreprodukzioak ere, kolore urdina modan jartzea lortu duen artista moderno batenak.
Altzariekin batera Mrs. Munroe eta hiru Munroe gazteak etorri ziren. Mrs. Munroe andre mardula zen, quevedo hezurrik gabeko bat eramaten zuena zinta bati lotuta. Etxekoandre ona zen. Altzari berrien banaketa behin eta berriz aldarazi zuen gustura geratu arte, baina behin gustura geratu eta gero, behin altzariari arreta osoz begiratu, buruaz baietz adierazi eta irribarre egiten zuenean, altzari hura hantxe egongo zen betirako, garbiketarako bakarrik mugituko zen aurrerantzean.
Bere alaba Mae neska polit bat zen, masail leun, borobil eta ezpain helduekin. Bere gorputza sentsuala zen, baina kokots azpian bihurgunetxo apal bat ageri zuen bere amarena bezalako mardultasuna iragartzen zuena etorkizunerako. Maeren begiak adiskidetsuak eta xaloak ziren, ez bizkorrak, baina ezta ergelak ere. Inor ohartu gabean, bere amaren doblea bilakatuko zen, etxekoandre ona, ume osasuntsuen ama, damurik gabeko emazte ona.
Bere gela berrian, Maek dantzaldi programak itsatsi zituen ispiluaren kristala eta markoaren artean. Hormetan Monterreyko lagunen argazki markodunak eskegi zituen, eta argazki albuma eta egutegi giltzatua mesanotxe txikiaren gainean utzi zituen. Egutegi hartan inolako interesik gabeko zerrenda ezkutatzen zion begi zelatariari: dantzaldiak, festak, gozokiak egiteko errezetak eta zenbait mutilengana sentitzen zuen joeratxoa. Bera arduratu zen bere gelako gortinak erosi eta josteaz, kolore arrosa zurbileko gasa teatral batekoak argia iragaz zezaten, eta kretoi loretsuko zenefa batez hornituak. Saten izurtuko sobrakamaren gainean, lau boudoir burko antolatu zituen axolagabekeriaz utzita baleude bezala, eta panpina frantses berna-luze bat etzan zuen haien kontra, ile hori motzekoa eta oihalezko zigarro bat zeukana ezpain makaletatik zintzilik. Maeren ustez, panpina hark bere izpirituaren zabaltasuna erakusten zuen, bere tolerantzia erabat onesten ez zituen gauzekiko. Bere lagunek iragan bat eduki zezaten gustatzen zitzaion, zeren, halako lagunak izanda eta haiei entzunez, ezabatu egiten baitzuen bere bizitza akats gabekoagatik izan zezakeen damua. Hemeretzi urte zituen; ezkontzan pentsatzen ematen zuen denborarik gehiena. Mutilekin ateratzen zenean emozio apur batez hitz egin ohi zuen idealei buruz. Zehatz esateko ez zekien idealak zer ziren, baina sumatzen zuen haien araberakoak direla kotxean jasotzen dituzun muxuak dantzalditik etxerakoan.
Jimmie Munroek hamazazpi urte zituen. Batxilerra bukatu berria zuen eta ikaragarri zinikoa zen. Gurasoen aurrean, Jimmieren jokamoldea betizua eta sekretuz betea izan ohi zen. Bazekien ezin ziela jakitera eman berak munduaz zuen ezagutza, ez baitzuten ulertuko. Bekatua edo heroitasuna ezagutu gabeko belaunaldi batekoak ziren. Bizitza zientziari eskaintzeko bere asmo sendoa, behin zientzia bera ere emozio posibilitate guztiez garbitu eta gero, ez zuten bere gurasoek gogo onez hartuko. Zientzia esatean, Jimmiek irrati, arkeologia eta aeroplanoetan pentsatzen zuen. Perun imajinatzen zuen bere burua, urrezko txarroak lur azpitik ateratzen. Bere ametsa ziega antzeko tailer batean enzerratzea zen, oinaze eta erridikuluz betetako urteen ondoren diseinu berri eta abiadura suntsigarriko aeroplano batekin ateratzeko.
Jimmieren gela etxe berrian makina txikien nahaste-borraste bat bihurtu zen bera bertan finkatu orduko. Kristalezko irrati-hargailu bat zeukan, aurikularrekin, esku-magneto bat etengailu telegrafiko bat martxan jartzen zuena, brontzezko teleskopio bat eta konta-ezinahala makina erdi puskatu. Jimmiek ere bazuen gordailu sekretu bat, kandadu astun batez itxitako kutxa bat, haritzez egina. Kutxa hartan bazen denetarik, dinamita kartutxoekiko lata erdi bat, errebolber zahar bat, Melachrino zigarro pakete bat, hiru preserbatibo Merry Widows markakoak, botilatxo bat muxika likore, daga baten itxurako paper-mozle bat, lau eskutitz sorta lau neska desberdinenak, hamasei ezpain-arkatz dantza lagunei ostuak eta baita kutxa bat ere maiteminduen ohiko oroigarriekin: lore lehorrak, painelu eta botoiak eta, denetan preziatuena, farfaila beltzez apaindutako liga borobil bat. Jimmiek ez zuen gogoratzen nola lortu zuen liga hura. Gogoratzen zuena askoz betegarriagoa zen nolanahi ere. Giltzatu egiten zuen beti bere logela kutxa ireki baino lehen.
Kolegioan zebilenean, lagun askok berdintzen zuten Jimmieren bekatu kopurua, eta zenbaitek bai erraz gainditu ere. Ordea, Zeruko Belardietara etorri eta laster, bere gaiztakeriak ezohikoak zirela aurkitu zuen. Alproja zentzatu bat bezala ikusi zuen bere burua; baina ez, zentzatua, berriz erortzeko posibilitaterik ez izateraino. Hain osoki bizi izanak abantaila handia ematen zion ibarreko neska gazteenen artean. Nahiko mutil egokia zen Jimmie, argala eta ongi osatua, ile eta begi beltzekin.
Manfred, mutil gazteena, normalean Manny deitzen zutena, zazpi urteko ume serio bat zen, aurpegia kuzkurtuta eta erkituta zeukana haragi faltsuengatik. Bere gurasoek bazuten haragi faltsuen berri; kentzeko kontua ere aipatu izan zuten. Mannyk berebiziko ikara hartu zion ebakuntzari, eta bere amak, hori ikusita, beldur hura mehatxu frenatzaile bezala erabili izan zuen semea gaizto portatzen zenean. Orain, haragi faltsuak kentzeko kontua aipatzen ziotenero, Manny histeriko jartzen zen izuaren izuz. Mr. eta Mrs. Munroe ume pentsakorra zelakoan zeuden, agian jenio bat. Gehienetan bakarrik jostatzen zuen, edo eseri eta espazioari begira egoten zen luzaro, «ametsetan», bere amak esaten zuenez. Zenbait urtez ez zuten jakin atzeratua zela, haragi faltsu haiek geldiarazi egin zutelako bere buruaren garapena. Normalean Manny ume zintzoa zen, eskurakoia eta beldur pixka bat sartuz gero segituan obeditzen zuena, baina gehitxo ikaratzen bazuten, histeriak bere mende hartzen zuen, bere buruaren kontrola eta iraupen sena bera ere galaraziz. Noizbait kopetaz lurra joka ere hasi izan zen, odola begietan sartu arte.
Beti indar berberaren kontra lehiatzeaz nekatuta zegoelako etorri zen Bert Munroe Zeruko Belardietara; indar hura, gainera, garaile ateratzen baitzitzaion beti. Proiektu askori ekindako gizona zen, baina behea jotzen zuten guzti-guztiek, ez Bertek berak egindako akatsengatik, baizik eta, banaka hartuz gero, ezbehar huts ziruditen okerrengatik. Bertek ezbehar guzti haiek batera ikusi, eta bere arrakastarik nahi ez zuen Patu baten ekintzak iruditzen zitzaizkion. Nekatuta zegoen arrakastarako bide guztiak oztopatzen zizkion izengabeko zerbait haren kontra borrokatzeaz. Berrogeita hamabost urte besterik ez zituen, baina atseden hartu nahi zuen; bizkar gainean madarikazio bat zeukala sinestekotan zegoen.
Urte batzuk lehenago garaje bat zabaldu zuen herri baten mugan. Negozioa ondo zihoan; dirua barra-barra sartzen zen. Bere ustetan arriskuz kanpo zegoenean, beste kale batetik egin zuten estatuko errepide nagusia eta nora jorik ez zuela utzi zuten bera, negoziorik gabe. Urtebetera-edo garajea saldu eta janari-denda bat zabaldu zuen. Berriro ere arrakasta izan zuen. Zorrak ordaindu eta banketxean dirua sartzen hasi zen. Orduan, janari-denda kate batek berearen ondoan denda berria zabaldu, prezio gerra bati ekin eta negozioa uztera behartu zuen. Bert gizon minbera zen. Askotan gertatu zitzaizkion horrelakoak, dozena bat aldiz bai. Bere arrakastak iraunkorra zirudien unean, zorigaitzak zartako bat ematen zion. Bere buruan zuen konfiantza urritu egin zen. Gerra lehertu zenean ia ez zitzaion adorerik geratzen. Bazekien gerrarekin dirua egin zitekeela, baina beldur zen, hainbeste aldiz bentzutua izan ondoren.
Asko animatu behar izan zuen bere burua ejertzitoari indabak saltzeko lehen tratua egin aurretik. Negozioa hasi eta lehendabiziko urtean, berrogeita hamar mila dolar atera zituen, bigarrenean berrehun mila. Hirugarren urtean milaka indaba akre erosteko tratua egin zuen, artean landatu gabe zeudenean. Bere tratu hartan, libra hamar zentabo ordaintzeko hitza ematen zuen. Bildutako indabengatik, erraz hartuko zituen hemezortzi zentabo librako. Gerra-azaroan bukatu zen, eta lau zentaboan saldu zuen bildutako libra bakoitza. Hasi zenean baino dire gutxixeagorekin bukatu zuen.
Aldi hartan erabat sinetsi zuen madarikazioarena. Kemena galduta, etxetik ere ez zen ia ateratzen. Lorategian jarduten zuen, barazkiak landatu eta bere patuaren etsaitasunaz pentsatzen zuen. Pixkanaka, gelditasunezko zenbait urteren ondoren, lurrarekiko nostalgia erne zen bere baitan. Pentsatu zuen nekazaritzan zegoela bere patuarekin gurutzatzen ez zen ahalegin bide bakarra. Eta agian granjatxo batean atsedena eta segurtasuna aurkitu ahal izango zituela.
Battle granja salgai jarri zuten Monterreyko konpainia inmobiliario batean. Bertek granjari begiratu bat eman, zer aldaketa egin zitezkeen ikusi, eta erosi egin zuen. Hasieran bere familia ez zen han bizitzearen aldeko, baina, berak ataria garbitu zuenean, argindarra eta telefonoa jarri eta altzari berriekin etxea eroso utzi zuenean, ia entusiasmoz hartu zuten. Mrs. Munroek pentsatzen zuen beso zabalik hartzekoa zela Berten Monterreyko desanimuari azkena jarriko zion edozein aldaketa.
Granja erosi zuen unetik beretik, Bert libre sentitu zen. Akabo zen kondena. Madarikazioaren menpetik salbu zegoela jakin zuen. Hilabetean, bere sorbaldak zuzendu eta bere aurpegiak lehengo itxura kezkatsua galdu zuen. Nekazari sutsua bihurtu zen; xehetasunez xehetasun irakurri zituen lurra lantzeko metodoak, laguntzaile bat hartu eta goizetik gauera arte lan egin zuen. Egun bakoitzak suspergarri berriren bat bazuen berarentzat. Ematen zuen lurretik jaiotako kimu bakoitzak immunitate promesa berritzen ziola. Pozik zegoen, eta berriro ere konfiantza zuelako, ibarrean adiskideak egiten hasi zen, eta bere posizioa sendotzen.
Gauza zaila da, eta abilidade handia eskatzen duena, nekazal komunitate batean berehalakoan onartua izatea. Ibarreko jendeak gaitzespen apur batez ikusi zuen Munroe familiaren etorrera. Battle granja sorginduta zegoen. Hala uste izan zuten beti denek, baita ideiari barre egiten ziotenek ere. Orain gizon bat etortzen zitzaien eta oker zeudela erakusten zien. Eta hori gutxi izanda, lurraldearen itxura aldatzen zuen granja madarikatuaren tokian kaltegabeko granja emankor bat jarriz. Jendeak bere hartan nahi zuen Battle granja. Barrutik, minduta zeuden aldaketagatik.
Bertek gaitzespen hura ezabatu ahal izatea gauza handia izan zen. Hiru hilabetetan., ibarreko beste partaide bat bihurtu zen, gizon trinkoa, auzoko bat. Erremintak uzten zizkioten eta berak ere bereak uzten zituen. Sei hilabeteren buruan eskola-batzarreko partaide aukeratu zuten. Neurri handi batean, bere Furia haietatik libratuta sentitzen zuen zorion harexengatik irabazi zuen jendearen maitasuna. Gainera, gizon atsegina zen; gozatu egiten zuen adiskideei mesedeak eginez, eta are garrantzitsuagoa, ez zuen zalantzarik izaten mesedeak eskatzeko orduan.
Dendan bere egoera azaldu zion nekazari talde bati, eta miresgarria iruditu zitzaien denei azalpenaren garbitasuna. Ibarrera etorri eta berehala izan zen. T. B. Allenek bere aspaldiko galdera hura egin zuen:
— Beti uste izan dugu etxe hori madarikatuta zegoela. Makina bat gauza xelebre gertatu dira hor. Oraindik ez al duzue fantasmarik ikusi?
Bertek barre egin zuen.
— Etxe batetik jan guztia kentzen baduzu, laster alde egingo dute arratoiek —esan zuen—. Zahartasun eta iluntasun guztiak kendu dizkiot nik etxeari, horietaz bizi baitira fantasmak.
— Ederki utzi duzu etxea, esan beharrik ez dago —onartu zuen Allenek—. Zainduz gero toki hoberik ez da Belardietan.
Bertek kopeta zimurtu zuen serio-serio, pentsamendu berri batek bere buruan tokia hartzen zuen bitartean.
— Suerte txarra ugari izan dut —esan zuen—. Negozio pila batean sartu naiz eta den-denak gaizki atera zaizkit. Hona etorri nintzenean, madarikazio baten pean nengoela uste nuen.
Bat-batean barre egin zuen orduantxe bururatutako ideiagatik.
— Eta, zer egingo-eta, aurreneko gauza, denen ustez madarikatuta dagoen etxea erosi. Begira, oraintxe bururatu zait beharbada nire madarikazioa eta granjarena, biak borrokan hasi, eta elkar garbitu dutela. Edozein modutara, seguru dakit ezkutatu direla biak.
Gizonek ere barre egin zuten. T. B. Allenek zartako bat eman zion mostradore gainari.
— Ateraldi ona izan da hori —esan zuen—. Baina nik hobea botako dizut. Beharbada zure madarikazioa eta granjarena, biak parekatu, eta gopher-txulo batera sartu dira kriskitin suge pare bat bezala. Beharbada gutxiena uste dugunean madarikazio-kume pila bat izango ditugu Belardietatik arrastaka.
Bildutako gizonak algaraka hasi ziren hura entzutean, eta T. B. Allenek buruz ikasi zuen eszena osoa, errepikatu ahal izateko. Antzerki bateko elkarrizketa bezalakoa izan zela pentsatu zuen.
3
Edward Wicks errepide nagusiaren ertzeko etxe txiki, goibel batean bizi zen, Zeruko Belardietan. Etxearen atzealdean muxika sail bat eta baratz handi bat zeuden. Edward Wicksek muxikak zaindu bitartean, bere emazte eta alaba ederrak baratza landu eta ilar, indaba eta marrubi goiztiarrak biltzen zituzten Monterreyn saltzeko.
Edward Wicksek aurpegi motz, beltzarana zuen eta ia betilerik gabeko begi txiki eta hotzak. Bera zen, denen ustetan, ibarreko gizonik maltzurrena. Tratu zikoitzak egiten zituen eta bere pozik handiena muxikekin auzokoek baino zentabotxo batzuk gehiago ateratzea izaten zen. Ahal zuenean, tranpa iaioak egiten zituen zaldien salerosketan, legerik hautsi gabe betiere, eta bere zorroztasuna zela-eta komunitatearen begirunea bereganatu zuen; baina, xelebrea bada ere, ez zen aberastu. Hala eta guztiz, dirua tituluetan jartzen ari zela sinestaraztea gustatzen zitzaion. Eskola-batzarraren bileretan aholkua eskatzen zien beste partaideei titulu desberdinei buruz, eta hala, bere aurrezkiak aintzat hartzeko modukoak zirela pentsa zezaten lortzen zuen. Ibarreko jendeak «Tiburoi» Wicks deitzen zion.
— Tiburoi? —esaten zuten—. Oh, apustu egingo nuke hogei bat mila dolar badituela, beharbada gehiago. Horri ziria sartuko dionik ez da.
Baina, egia esan, Tiburoik sekula ez zituen bostehun dolar baino gehiago batera eduki.
Tiburoiren plazerik handiena gizon aberastzat hartua izatea zen. Zinez, hainbeste disfrutatzen zuen horrekin non aberastasuna benetakoa bihurtzen baitzen berarentzat. Balizko bere dirutza berrogeita hamar mila dolarrekoa zela erabakita, liburu-nagusi bat eramaten zuen, bertan interesak kalkulatu eta bere inbertsio desberdinak idazten zituelarik. Eragiketa horiek bere bizitzako pozik handiena ziren.
Petrolio konpainia bat osatu zen Salinasen, Monterreyko eskualdearen hegoaldean putzu-zulo bat egiteko asmoz. Horren berri izan zuenean, Tiburoik John Whitesideren granjara jo zuen konpainiaren akzioen balioa eztabaidatzeko.
— South County Oil delako konpainia horretaz pentsatzen aritu naiz —esan zion.
— Geologoen txostenak itxura ona dauka —esan zuen John Whitesidek—. Beti aditu izan dut inguru horretan petrolioa bazela. Aspaldiko kontua da.
John Whitesideri maiz eskatzen zioten aholkua horrelako auziei buruz.
— Baina, jakina, ez nuke nik diru gehiegi sartuko.
Tiburoik behatzekin beheko ezpaina tolestu eta pentsakor geratu zen une batez.
— Buelta asko eman dizkiot buruan —esan zuen—. Niri aukera polita iruditzen zait. Hamar bat mila dolar dauzkat han eta hemen eman beharko luketena eman gabe. Zera izango dut onena, kontu handiz aztertzea. Zer iritzi ote zenuen jakin nahi nuen.
Baina Tiburoik hartua zuen erabakia. Etxera iritsitakoan, liburu-nagusia hartu eta hamar mila dolar atera zituen bere irudimenezko libretatik. Gero Southern County Oil konpainiako mila akzio gehitu zizkion bere titulu zerrendari. Egun hartatik aurrera larritasunez zaindu zituen Burtsako kotizazioak. Apur bat igotzen zirenean, txistuka ibiltzen zen doinu monotonoez, eta jaisten zirenean berriz, aprentsiozko korapilo bat sentitzen zuen eztarrian. Azkenean, Southern County-ko kotizazioak igoera azkar bat izan zuenean, halako poza hartu zuen Tiburoik non Zeruko Belardietako Denetariko Dendara joan eta marmot beltzeko erloju bat erosi baitzuen tximini gaineko koskarako, esferaren alde bakoitzean onixezko habe bat zuena, eta gainean brontzezko zaldi bat. Dendan zeuden gizonek askojakinen aurpegia jarri eta Tiburoi mordoxka ederren bat irabaztear egongo zela xuxurlatu zuten.
Astebete geroago kotizazioek behea jo eta konpainia ezkutatu egin zen. Albistearen berri izan orduko, Tiburoik liburu-nagusia atera eta bere akzioen salmenta idatzi zuen kiebra egunaren bezperako datarekin; bi mila dolarreko irabaziaz saldu zituela idatzi zuen.
Pat Humbertek, Monterreytik zetorrela, gelditu egin zuen kotxea errepidean, Tiburoiren etxe aurrean.
— Sosik gabe utzi omen zaituzte South County horretakoek —aipatu zion.
Tiburoik barre egin zuen satisfazioz.
— Zer naizela uste duzu, Pat? Bi egun badira saldu nituela. Inork baino hobeto jakin behar zenuke ez naizela atzo jaioa. Banekien kapitala itxurakoa zela, baina igoera izango zuela ere banekien, eragileek osorik ateratzeko modua izan zezaten. Haiek kargaz arindu zirenean, beste horrenbeste egin nuen nik ere.
— Hori da hori! —esan zuen Patek mirespenez.
Eta Denetariko Dendan sartu zenean informazioa zabaldu zuen. Gizonek buruari eragin eta espekulazio berriak egin zituzten Tiburoiren diru kopuruari buruz. Eta onartu zuten hobe zutela negozio batean harekin aurrez aurre ez egokitzea.
Garaitsu hartan Monterreyko banketxe bati laurehun dolar maileguan eskatu eta bi eskuko Fordson traktorea erosi zuen Tiburoik.
Pixkanaka, halako ospea hartu zuen bere iritzi eta iragarpen zuzenengatik, non Zeruko Belardietako inori ez baitzitzaion burutik pasatzen bonorik edo lur sailik edo ezta zaldirik ere erostea aurrena Tiburoi Wicksekin hitz egin gabe. Tiburoik arazoa arretaz aztertu bere miresle bakoitzarekin eta aholku harrigarri onak emanez bukatzen zuen.
Handik urte gutxira bere liburuak zioen ehun eta hogeita bost mila dolar pilatu zituela inbertsio burutsuen bitartez. Auzokoek, gizon txiro baten antzera bizi zela ikusita, orduan eta errespetu handiagoa zioten aberastasunek ez ziotelako burua harrotu. Ziria sartuko zionik ez zen. Bere emazte eta alaba ederrak barazkiak zaintzen eta Monterreyn saltzeko prestatzen segitzen zuten, Tiburoi bera baratzeko milaka eta milaka zereginez arduratzen zen bitartean.
Tiburoiren bizitzan ez zen nobeletako maitasunik izan. Hemeretzi urterekin hiru dantzalditara eraman zuen Katherine Mullock, berau libre zegoelako. Horrek martxan jarri zuen prezedentearen mekanismoa, eta ezkondu egin ziren bai neskaren familiak eta bai auzoko guztiek hala espero zutelako. Katherine ez zen polita, baina belar-gaizto sortu berriaren freskotasun lerdena zuen, eta behor gaztearen sasoi oparoa. Ezkondu ostean galdu egin zituen sasoia eta freskotasuna, polena jasotako loreak bezala. Bere aurpegiak behera egin zuen, aldakak zabaldu egin zitzaizkion, eta bere bigarren patean sartu zen, lanarenean.
Harekiko tratuan, Tiburoi ez zen ez samurra ez krudela. Zaldiekin erabiltzen zuen gogortasun ezti berberaz gobernatzen zuen. Krudelkeria induljentzia bezain zentzugabea iruditu izango zitzaion. Inoiz ez zion hitz egiten pertsona bati bezala, inoiz ez zizkion aipatzen bere itxaropen edo gogoeta edo hutsegiteak, ezta bere paperezko aberastasunak edo muxika uzta ere. Katherine harritu eta kezkatu egingo zatekeen bestela jokatu izan balu. Haren bizitza nahiko konplikatua bazen beste baten pentsamendu eta arazoen karga gehitu gabe.
Wicks-tarren etxe ilun huraxe zen granjako gauza itsusi bakarra. Naturaren orbel eta zaborreria desegin egiten da lurrean urte bakoitza igarotzearekin batera, baina gizonaren zaborreriak iraupen luzeagoa du. Ataria josita zegoen zaku zahar, paper, kristal puska eta enbalatzeko alanbre mordoiloz. Belarrik eta lorerik jaiotzen ez zen granjako toki bakarra etxe ingurua zen, lurra zepatuta baitzegoen han, antzu eta etsai bihurturik bertan hustutako xaboi-ur pertzakadengatik. Tiburoik bere baratza erregaitzen zuen, baina etxe inguruan ur ona alferrikaltzeko arrazoirik ez zuen ikusten.
Alice jaio zenean, Zeruko Belardietako emakumeak tropelean etorri ziren Tiburoiren etxera, haurra polita zela aldarrikatzeko prest. Haurra benetan polita zela ikusi zutenean, zer esan ez zekitela geratu ziren. Bozkariozko oihu femenino horiek, ama gaztea lasaitzea bilatzen dutenak, besoetan daukan narrasti itxurako izaki ikaragarria gizaki dela pentsa dezan, eta hazitakoan ez dela munstro bihurtuko; oihu femenino horiek beren zentzua galdu zuten. Gainera, bere umeari begiratzen zionean, Katherineren begiek ez zuten ageri sasi-entusiasmo hori, emakumezko gehienei dezepzioak itotzeko baliatzen zaiena. Aliceren edertasuna miresgarriegia zen ordainik gabea izateko. Haur politak gehienetan gizon nahiz emakume itsusi bihurtzen ziren, esaten zion Katherinek bere buruari. Hori esanda, errezeloaren parte bat uxatzen zuen, Patua tranpan harrapatu eta berak boterea ostu balio bezala bere aurre-ezagumenaren bitartez.
Lehen bisita egun hartan. Tiburoik bi emakume elkarrekin hizketan sentitu zituen. Hala esaten zion batak besteari, sinetsi ezinik bezala:
— Baina haurra polita da benetan. Nola izan liteke hain polita?
Tiburoi logelara itzuli eta alabatxoari begira egon zen luzaro. Kanpoan, baratzean, hausnar egin zuen asunto hartaz. Haurra polita zen benetan. Zentzugabea zen berak edo Katherinek edo ahaideren batek hartan eragina zuenik pentsatzea, zeren denak itsusiak baitziren, bai jende arruntaren aldean ere. Argi zegoen gauza txit zoragarria eman zitzaiela, eta, gauza zoragarriak unibertsalki gutiziatuak direnez, Aliceri babesa eskaini behar zitzaion. Horretaz pentsatzean, jakina, Tiburoik Jainkoan sinesten zuen, berak ulertu ezin zuen guztiaren egile zehazgabea bezala ikusten zuelarik.
Alice gero eta ederragoa bihurtu zen hazi ahala. Bere azala arnapolak bezain distiratsu eta kolore bizikoa zen: bere ile beltzak garo zurtoinen kizkurtasun suabea zuen, bere begiak promesezko zeru gandutsuak ziren. Umearen begi serio haietara begiratzen zuenak, hala pentsatzen zuen: «Bada hor zerbait ezaguna zaidana, zerbait —hala iruditzen zait— zorrotz gogoratzen dudana, edo bizitza guztian bilatu dudana.» Orduan Alicek burua jiratzen zuen. «Hara ordea! Neskato xarmangarri bat besterik ez da eta!»
Tiburoik jende askorengan ikusten zituen errekonozimendu horren pausoak. Gizonak gorritzen ikusten zituen neskari begiratzean, mutikoak tigreen modura borrokatzen hura inguruan zutenean.
Gizonezkoen aurpegi guztietan gutizia irakurtzen zuela iruditzen zitzaion. Sarritan, baratzean ari zela, bere burua oinazetzen zuen ijitoek neskatoa lapurtzen zutela imajinatuz. Egunean dozena bat aldiz, jakinaren gainean jartzen zuen gauza arriskutsuei buruz: zaldien atzeko hankak, hesien garaiera, sakanetan gordetzen zen arriskua eta kotxerik bazetorren begiratu gabe errepidea gurutzatzeak suposatzen zuen galbide segurua. Auzoko eta pitxi-saltzaile guztiengan, eta, okerrago oraindik, arrotz guztiengan bahitzaile posible bat ikusten zuen. Zeruko Belardietan eskaleak etorri zirela zabaltzen zenero ez zion neskatoari bere begi aurretik aldentzen uzten. Eskursiozaleak ere harrituta geratzen ziren Tiburoiren amorruaz bere terrenotik alde egiteko agintzen zienean.
Katherineri zegokionez, Aliceren edertasun geroz handiagoak bere errezeloa areagotzea besterik ez zuen egiten. Halabeharra kolpea emateko zain zegoen, eta horrek esanahi bakarra izan zezakeen, halabeharra indarrak biltzen ari zela are eta koipe bortitzagoa emateko. Katherine bere alabaren esklabo bihurtu zen, haren gainean zegoen beti eta hiltzear dagoen elbarri bati bezalako zerbitzutxoak eskaintzen zizkion.
Nahiz Wicks-tarrek alaba benetan adoratu, eta tankera hartan kezkatu haren segurtasunaz, eta haren edertasunaz jende gosearen begiekin gozatu, bazekiten alaba zoragarri hura neskato ikaragarri ergel, makal eta atzeratua zela. Tiburoiren kasuan, segurtasun horrek bere beldurrak areagotzen zituen, ondo asko baitzekien neskak ezingo zuela bere burua zaindu eta ehiza erraza bihurtuko zela berarekin eraman nahi zuen edozeinentzat. Baina Katherinerentzat, Aliceren ergeltasun hura gauza atsegina zen, horri esker amak mila aukera zituelako alabari laguntzeko. Laguntza emanez, Katherinek gailentasun bat erakusten zuen eta neurri batean bien arteko tarte handia laburtzen zuen. Katherineri pozgarriak zitzaizkion bere alabaren ahultasun guztiak, zeren bakoitzarekin baliotsuago eta alabagandik hurbilago sentitzen baitzen.
Alicek hamalau urte bete zituenean, bere aitak sentitzen zituen ardura ugariei beste bat gehitu zitzaien. Ordura arte Tiburoiren beldur bakarra alaba galdu edo itsustuko ote zen izan zen, baina handik aurrera kastitatea galdu zezakeela pentsatze hutsa aski izaten zuen zeharo izutzeko. Pixkanaka, gaia hausnartzearen poderioz, azken beldur honek beste biak irentsi zituen. Bere alabaren beharbadako desloraketa hura galera eta itsuste bezala hasi zen ikusten. Ordutik aurrera, artega eta susmati jarri ohi zen gizon edo mutilen bat granjara inguratzen zenero.
Kontu hura amets gaizto bihurtu zen berarentzat. Alice bistatik ez galtzeko esaten zion behin eta berriz emazteari. «Ez jakin zer gerta litekeen», errepikatzen zuen, begi zurbilak susmoz diz-diz zituela. «Ez jakin zer gerta litekeen.» Alabak buruan zuen akatsak asko zorroztu zuen Tiburoiren beldurra. Edozeinek honda zezakeela pentsatzen zuen. Edozeinek abusa zezakeela bere alabaz, bakarrik utziz gero. Eta neskak ezingo zuela bere burua babestu, hain ergela izaki. Gizon batek ez du sekula otzal dagoen txapelketako txakur-emea hurbilagotik zaindu Tiburoik bere alaba baino.
Aldi baten ondoren, Tiburoi ez zen lasai geratzen alabaren garbitasunari buruz harik eta ziurtatzen zioten arte. Hilero galderaz josten zuen emaztea. Fetxak ere hark baino hobeto zekizkien.
— Ondo al dago? —galdetzen zuen irrikaz.
— Oraindik ez —erantzuten zion Katherinek mesprezioz.
Ordu batzuk geroago:
— Ondo al dago?
Ekin eta ekin segitzen zuen, azkenean Katherinek erantzun arte:
— Horixe ondo dagoela. Zer uste zenuen ba?
Erantzun horrek lasai uzten zuen Tiburoi hilabeterako, baina ez zuen bere ernetasuna laxatzen. Kastitateak osorik zirauen, beraz zaindu egin behar zen aurrerantzean ere.
Tiburoik bazekien Alicek ezkondu egin nahiko zuela egunen batean, baina, pentsamendua sarritan etortzen bazitzaion ere, uxatu eta ahazten saiatzen zen, zeren Aliceren ezkontza sedukzioa bera bezain higuingarria iruditzen baitzitzaion. Pitxi eder bat zen, begiratzekoa eta bere hartan gordetzekoa. Auzia, berarentzat, ez zen morala, estetikoa baizik. Baldin eta desloratzen bazuten, ez zen handik aurrera berak hainbeste estimatzen zuen pitxi ederra izango. Ez zuen maite aitak umea maite duen bezala. Hori baino areago, altxor bat bezala zaintzen zuen, disfrutatuz gauza delikatu eta paregabe baten jabe zelako. Denborarekin, hilero-hilero «Ondo al dago?» galdetzearen poderioz, kastitate hura alabaren osasun, iraupen eta osotasunaren sinbolo bilakatu zen.
Egun batez, Alicek hamasei urte zituela, Tiburoik emazteagana jo zuen aurpegi kezkatuaz:
— Badakizu ezin dugula benetan jakin ondo dagoen ala ez... alegia... ezin garela benetan ziur egon non eta sendagile batengana eramaten ez dugun.
Katherine begira geratu zitzaion une batez, hitz haien esanahia ulertu nahirik. Gero, aurreneko aldiz bere bizitzan, bere onetik atera zen:
— Bilau hutsa zara, zikina eta susmatia —esan zion—. Alde hemendik. Eta berriz holakorik aipatzen baduzu, ni... ni joan egingo naiz.
Tiburoi harritu egin zen pixka bat, baina ez zen purrustadarekin ikaratu. Hala ere, baztertu egin zuen mediku azterketaren ideia, eta hileroko galdera harekintxe konformatu zen.
Bitartean, Tiburoiren liburu-nagusiko fortunak gora eta gora jarraitzen zuen. Gauero. Katherine eta Alice oheratutakoan, liburukotea hartu eta sabaitik eskegitako lanpararen argitan irekitzen zuen. Orduan, inbertsioak planeatzen eta interesak kalkulatzen ari zela, begi zurbilak kiskurtu eta bere aurpegi motzak bizkor itxura hartzen zuen. Bere ezpainak mugitu egiten ziren pixka bat, une hartan zerbait enkargatzen ari baitzen telefonoz. Bere aurpegiak espresio serio, eta aldi berean atsekabetua hartzen zuen hipotekatutako granja on batez jabetzen zenean. «Amorrazioa ematen dit hau egin beharrak», xuxurlatzen zuen. Baina horrelakoxea da negozioen mundua, konprenitu beharra daukazue.
Tiburoik luma tintontzian busti eta hipotekaren kontu hura liburuan idazten zuen. «Letxugak,» esaten zuen berekiko. «Mundu guztia letxugak aldatzen ari da. Merkatuak lepo egingo du. Nik uste patatak aldatu behar nituzkeela, eta hala diru pixka bat egin. Hau lur ona da.» Hirurehun akreko patata saila erein zuela idazten zuen liburuan. Bere begiek lerroak zeharkatzen zituzten. Hogeita hamar mila dolar zeuzkan banketxean, interesak besterik eman gabe. Penagarria zen. Dirua alferrik zegoen ia. Kontzentraziozko zimurdura bat pausatzen zen bere begietan. San Joseko Etxegintza eta Mailegu konpainia zer moduzkoa ote zen galdetzen zion bere buruari. Ehuneko seia ematen zuen. Ez zen komeni presaka eta itsu-itsuan sartzea, konpainia ikertu gabe. Gaueko lana bukatutzat eman eta liburua ixterakoan, Tiburoik kontu hura John Whitesideri aipatzea erabakitzen zuen. Batzuetan konpainia haiek kiebra jotzen zuten, arduradunek ihes egiten zuten, pentsatzen zuen urduri.
Munroe familia ibarrera etorri baino lehen, gizon eta mutil guztiengan sumatzen zituen Tiburoik Alicerenganako intentzio txarrak, baina behin Jimmie gaztea begiztatu ondoren, bere beldur eta susmoak murriztu egin ziren, denak Jimmie sofistikatuaren gainean batu arte. Mutila argala eta aurpegi egokikoa zen, ahoa ongi osatua eta sentsuala zuen, eta bere begiek batxilerreko mutilen harrokeria iraingarri horrekin distiratzen zuten. Jimmiek ginebra edaten zuela kontatzen zen; hiriko arropak janzten zituen, artilezkoak, sekula ez laneko galtzak. Ilea gominaz distiraka eraman ohi zuen, eta oro har bere portaera eta jarrerak libretasun handia zuten, Zeruko Belardietako neskak irri txoroka eta sinuka uzten zituena mirespen eta aztoramenez. Jimmiek begi lasai, zinikoekin begiratzen zien neskei, eta haien aurrean disipatu itxura ematen saiatzen zen. Bazekien neska gazteek iragan baten jabe ziren mutilengana jotzen zutela. Jimmiek bazuen iraganik. Behin baino gehiagotan mozkortu zen Riverside Dance Palace-n; gutxienez ehun neskari musu emandakoa zen, eta hiru alditan, bekatuzko abenturak izan zituen sahats artean, Salinas ibaiaren ertzean. Jimmiek ahaleginak egiten zituen bere aurpegiak bere bizitza makurra erakutsi zezan, baina, itxura hutsarekin nahikoa izango ez zelakoan edo, zenbait zurrumurrutxo jarri zituen martxan, Zeruko Belardietatik abiadura lausengarriz hedatu zirenak.
Tiburoi Wicksek zurrumurru haiek aditu zituen. Eta bere barrean Jimmie Munroeganako gorrotoa erne zen, Jimmieren emakumeekiko portaerak eragiten zion beldurretik jaioa. Zer aukera zituen Alice eder, ergelak —pentsatzen zuen Tiburoik—, hain eskola handiko norbaiten aurrean?
Alicek mutila ikusterik izan baino lehen, Tiburoik debekatu egin zion hura ikustea. Hain kartsuki hitz egin zion, non neskaren burmuin moteletan jakingura apal bat piztu baitzen.
— Ez zaitzadala nik behin ere Jimmie Munroe horrekin hizketan harrapatu —esan zion.
— Nor da Jimmie Munroe, aitatxo?
— Hori berdin zaizu. Baina ez zaitzadala nik berarekin hizketan harrapatu. Aditzen? Hara! Bizi-bizirik larrutuko zaitut begiratu bakar bat ematen badiozu.
Tiburoik ez zion behin ere Aliceri eskurik gainean jarri, Dresdengo txarro bat kolpatzearen kontra zituen arrazoi berberengatik. Laztantzeko ere zalantzak izaten zituen, markaren bat uzteko beldurrez. Zigorra ez zen behin ere beharrezkoa. Alice ume zintzoa eta eskurakoia izan zen beti. Gaiztotasunak ideia edo anbizio batetik sortua izan behar du. Neskak ez zuen behin ere ez bata ez bestea ezagutu.
Eta berriro ere:
— Ez zinen ba Jimmie Munroe horrekin hizketan ibiliko, ezta?
— Ez, aitatxo.
— Ea ba, ez zaitzadala nik horretan harrapatu.
Agindu hori hainbat aldiz errepikatu ondoren, Aliceren burmuinetako zelula lodituetara ideia bat sartu zen isilka: gustura ezagutuko zuela Jimmie Munroe hura. Amets ere egin zuen mutilarekin. Eta horrek erakusten du zenbateraino zegoen asaldatuta, zeren Alicek oso gutxitan izaten baitzituen ametsak. Amets hartan, bere gelako egutegiko indioaren antza zuen gizon batek, eta Jimmie izena zuenak, automobil distiratsu batean etorri eta muxika handi, urtsu bat ematen zion. Berak muxikari kosk egindakoan, ura bere kokotsean behera erortzen zen eta horrek lotsa ematen zion. Orduan amak esnatu egin zuen, zurrungaka ari zelako. Katherinerentzat pozgarria zen bere alabak zurrunka egitea. Biak parekatzen zituen akatsetako bat zen. Baina, aldi berean, ez zen dama bati zegokiona.
Tiburoi Wicksek telegrama bat jaso zuen. «Izeba Nellie hart hil. Hileta larunbatean.» Bere Ford-ean sartu eta John Whitesideren granjara jo zuen, eskola-batzarraren bilerara joaterik ez zuela izango esatera. John Whiteside batzarreko idazkaria zen. Handik abiatu baino lehen, Tiburoik une batez aurpegi kezkatua jarri, eta esan zion:
— Zera galdetu nahi nizun, San Joseko Etxegintza eta Mailegu konpainia horretaz zer iritzi duzun.
John Whitesidek irribarre egin zuen.
— Konpainia berezi horretaz gauza handirik ez dakit —esan zuen.
— Begira, hogeita hamar mila dolar dauzkat banketxean ehuneko hinia emanez. Pentsatu dut interes handixeagoa ere atera nezakeela han eta hemen begiratuz gero.
John Whitesidek ezpainak zimurtu, eztiro haizematu eta tapatakoak eman zizkion aire bafadari behatz erakusleaz.
— Horrela, bat-batean, Etxegintza eta Mailegua bezalako apusturik ez duzula esango nuke.
— Oh, ez ditut nik negozioak estilo horretan egiten. Ez dut nik apusturik nahi —eten zion Tiburoik—. Toki batean ez badut etekin ziurrik ikusten, ez naiz sartzen. Apustuzale gehiegi dago.
— Hitz egiteko modua besterik ez da, Mr. Wicks. Etxegintza eta Mailegu konpainia gutxik jotzen dute kiebra. Eta interes onak ematen dituzte.
— Informatu egingo naiz hala ere —erabaki zuen Tiburoik—. Oaklandera joatekoa naiz izeba Nellieren hiletara; San Josen ordu batzuk gelditu eta informatu egingo naiz konpainia horretaz.
Zeruko Belardietako Denetariko Dendan, espekulazio berriak izan ziren gau hartan Tiburoiren aberastasunaren zenbatekoari buruz, zeren Tiburoik bati baino gehiagori eskatu baitzion aholkua.
— Dena dela, gauza bat segurua da —bukatu zuen T. B. Allenek—. Tiburoi Wicksi ziria sartuko dionik ez da. Han eta hemen aholkua eskatu bai, baina ez du inoren iritzia aintzat hartzen berak bere aldetik aztertu arte.
— Oh, ziria sartuko dionik ez da —esan zuten aho batez bertan bildutakoek.
Larunbat goizean Oaklandera joan zen Tiburoi, bere bizitzan aurrenekoz emaztea eta alaba bakarrik utzita. Larunbat ilunabarrean Tom Breman azaldu zen etxean, Katherine eta Alice eskolan ospatzekoa zen dantzaldira eramateko asmoz.
— Oh, ez zait iruditzen Mr.Wicksi gustatuko litzaiokeenik —esan zuen Katherinek, ahots ikaratu eta dardaratiaz.
— Ez joatekorik ez dizue esan, ezta?
— Ez, baina... aurreneko aldiz joan da kanpora. Ez zait iruditzen gustatuko litzaiokeenik.
— Segur aski ez du behin ere horretan pentsatu —lasaitu zuen Tom Bremanek—. Zatozte! Presta zaitezte.
— Joan gaitezen, amatxo —esan zuen Alicek.
Katherinek bazekien bere alabak beldurtzeko ere ergelegia zelako hartzen zuela hain aise erabakia. Alice ez zen ondorioak neurtzeko gauza. Ezin zituen imajinatu Tiburoi etxeratu ondorengo asteak, elkarrizketa oinazetsuz beteak. Katherinek imajinatzen zituen senarraren hitzak. «Ez dut ulertzen zuen atera nahia, noiz eta ni hemen ez nintzenean. Bion artean etxea zainduko zenutelakoan joan nintzen, eta egin zenuten aurreneko gauza korrika dantzaldi batera alde egitea izan zen.» Eta gero galderak: «Norekin egin zuen dantza Alicek? Eta? Zer esan zion mutilak? Zergatik ez zenuen aditu? Aditu egin behar zenuen.» Ez zen Tiburoiren aldetik haserrerik izango, baina asteak joan eta asteak etorri hartaz hitz egingo zuen, hartaz hitz egiten segituko zuen harik eta Katherinerentzat dantzarekin zerikusia zuen guztia gorrotagarri bihurtu arte. Eta hilabetearen une jakin hura heldutakoan, bere galderak ziztuka hasiko ziren eltxoak bezala, Alice ez zegoela familia esperoan seguru jakin arte. Katherinek ez zuen uste dantzaldira joatea merezi zuenik, gero berriketa guzti haiek entzun behar bazituen.
— Joan gaitezen, amatxo —erregutu zion Alicek—. Sekula ez gara inora bakarrik joan.
Errukizko olatu bat altxa zen Katherineren baitan. Neska gaixoak ez zuen bere bizitzan bakarkako une bat izan. Behin ere ez zen mutil batekin txorakeriak esaten egon, zergatik eta bere aitak ez ziolako bere entzueratik aldentzen uzten.
— Ondo da —erabaki zuen arnasa estututa—. Mr. Bremanek prestatu arte itxoiten badigu, joan egingo gara.
Oso ausarta sentitu zen, Tiburoiren ezinegonari haizea ematen ziolako.
Herri txikietako neskentzat gehiegizko edertasuna itsusitasuna bezainbateko kaltea da. Herriko mutilek Aliceri begiratzen ziotenean, korapilatu egiten zitzaien eztarria, esku eta oinak urduritu eta handitu, eta lepoa berriz gorritu. Ez zen harekin hitz egitera edo dantzatzera behartuko zituenik. Horren ordez, neska itsusiagoekin dantzatzen zuten amorratu beharrean, ume lotsatiak bezain zalapartatsu bihurtu eta bere burua nola nabarmenduko ibiltzen ziren eroaldiak emanda bezala. Bestaldera begira zegoenean, kirika egiten zioten, baina Alicek begiratzen zienean, ahaleginak egiten zituzten haren presentziaz ohartu ez balira bezala jarduteko. Alice, beti horrela tratatu zutenez, ez zen inolaz ere bere edertasunaren jakitun. Ia etsita zegoen hormako loreen status berbera izatera dantzaldietan.
Jimmie Munroe horman apoiatuta zegoen, indiferentzia dotore eta primerako asper itxuraz, Katherine eta Alice eskolako atetik sartu zirenean. Jimmieren praka barrenak hogeita zazpi hatzeko zabalera zuten, bere txarolezko oinetakoak adreiluak bezain koadratuak ziren orpoetan. Lazodun gorbata beltz bat hegaldatzen zen bere zetazko alkandora zuriaren lepoan, eta ileak diz-diz egiten zion buruan. Jimmie hiritarra zen. Aztore nagi bat bezalaxe oldartu zen. Alicek txaketa kendu baino lehen, mutila aldamenean zuen. Kolegioan bereganatutako ahots nekatuaz, galdetu zion:
— Dantzarik egin nahi, neska?
— Eh? —esan zuen Alicek.
— Dantza egin nahi al duzu nirekin?
— Dantza, diozu?
Alicek bere begi lausotu, promesaz beteak mutilagana zuzendu, eta galdera tentel hura umoretsua eta zoragarria bihurtu zen; aldi berean, beste hainbat gauza ere adierazten zituen zeharka, Jimmie ziniko hura ere hunkitzeko eta kilikatzeko modukoak.
«Dantza?», pentsatu zuen esan nahi zuela. «Dantza besterik ez?» Eta kolegioko esperientzia guztiarekin ere, korapilatu egin zen Jimmieren eztarria, bere oin eta eskuak mugitu egin ziren urduritasunez eta odola lepora igo zitzaion.
Alice bere amagana jiratu zen. Mrs. Breman eta biak kontu kontari ari ziren, etxekoandreen sukaldaritzari buruzko erretolika berezi horrekin.
— Amatxo —esan zuen Alicek—, dantza egin al dezaket?
Katherinek irribarre egin zuen.
— Segi ezazu —esan zion. Eta gehitu zuen:
— Ondo pasa ezazu behingoz.
Jimmiek ikusi zuen Alicek txarki dantzatzen zuela. Musika isildu zenean:
— Bero dago hemen barrean. Atera gaitezen buelta bat ematera —proposatu zion.
Eta kanpora eraman zuen, eskolako patioko sahatsen azpira.
Bitartean, ordura arte eskolako portxean egondako emakume batek barrura sartu eta zerbait xuxurlatu zuen Katherineren belarrira. Katherine kolpetik zutitu eta kanpora joan zen korrika.
— Alice! —hots egin zuen amorrarazita—. Alice, etorri hona segituan!
Bikote errebelatua ilunpetatik azaldu zenean, Katherinek Jimmieri ekin zion:
— Alde egin ezazu, aditzen didazu? Alde egin ezazu neska honen aldamenetik edo arazoak izango dituzu.
Jimmieren kemena urtu egin zen. Etxera bidaltzen duten umea bezala sentitu zen. Sentimendua gorrotagarria zitzaion, baina ezin zuen menderatu.
Katherinek eskola barrura eraman zuen alaba.
— Aitak ez al zizun esan Jimmie Munroegana ez inguratzeko? Eh? —galdetu zion. Izututa zegoen Katherine.
— Bera al zen ba? —xuxurlatu zuen Alicek.
— Horixe baietz. Zertan ari zineten hor kanpoan?
— Muxuka —esan zuen Alicek ahots larrituaz.
Katherine aho zabalik geratu zen.
— Ai, Jaungoikoa! —esan zuen—. Ai, Jaungoikoa, zer egingo dut?
— Txarra al da, amatxo?
Katherinek kopeta zimurtu zuen.
— Ez... ez, horixe ez dela txarra! —hots egin zuen—. Izan... ona da. Baina zure aitak ez dezala behin ere jakin. Ez esan, galdetzen badizu ere! Zure aita... begira, erotu egingo litzateke. Gaua bukatu bitartean egon nire ondoan eserita, eta ez berriz Jimmie Munroerengana inguratu, aditzen? Beharbada zure aita ez da enteratuko, Ai, Jaungoikoa, baldinbaitere ez ahal da enteratuko!
Astelehenean Tiburoi Wicks ilunabarreko trenetik jaitsi, Salinasen, eta autobusa hartu zuen Zeruko Belardietara eramaten zuen bidegurutzeraino. Heldu maletari eta etxeraino zeuzkan lau miliak egiteari ekin zion.
Gaua argia, eztia eta izarrez betea zen. Muinoetako soinu ahul, misteriotsuek ongi etorria eman eta ameskeriak pizten zizkioten buruan, beraz bere pausoez ahaztu zen.
Hileta gustukoa izan zuen. Loreak politak ziren, eta ugariak gainera. Emakumezkoen negarrak eta gizonezkoen hanka-punttako ibilera solemneak atsekabe gozo bat eragin zioten Tiburoiri, desatsegina izatetik urrun zegoena. Elizako erritual sakona ere, inork ulertzen edo entzuten ez duena, droga antzeko bat izan zen, bere gorputz eta burmuinetara zuku gozo eta misteriotsuak isuri zituena. Eliza zabaldu eta itxi egin zen bere inguruan ordubetez, eta kontaktu hartatik usain biziko Toreen eta intsentsuzko olatuen bake sentsazio loeragilea atera zuen, eta eternitatearekiko harremanak piztutako emozioa. Gauza horiek ehorzketaren soiltasun handiagatik gertatu ziren bere baitan.
Tiburoik inoiz ez zuen bere izeba Nellie oso ondo ezagutu, baina asko disfrutatu zuen haren hiletan. Modu batera edo bestera, senideei heldua zitzaien bere aberastasunaren berria, begirune eta duintasunez tratatu baitzuten. Une hartan, etxerantz oinez zihoala, gauza horiek errepasatu zituen, eta pozak bultzatuta denbora bizkortu, bidea laburtu eta berehala heldu zen Zeruko Belardietako Denetariko Dendaraino. Tiburoi barrura sartu zen, bai baitzekien dendan norbait aurkituko zuela, bera kanpoan egon bitartean ibarrean izandako gorabeherak kontatuko zizkiona.
T. B. Allenek, jabeak, gertatzen zen guztia jakiten zuen, eta gainera bazekien albiste hutsalenari interesa gehitzen, kontatu nahi ez balu bezala eginez. Zurrumurrutxorik txoroena ere kilikagarri bihurtzen zen T.B. zaharra zenean kontalaria.
Jabeaz gain beste inor ez zegoen dendan Tiburoi sartu zenean. T. B.k horman apoiatutako bere silaren bizkarra beheratu, eta bere begiek jakin-minezko txinpartak bota zituzten.
— Kanpoan ibili omen tara —adierazi zuen konfiantzara gonbidatzen zuen doinuaz.
— Oaklanden izan naiz —esan zuen Tiburoik—. Hileta batera joan beharra izan dut. Aldi berean negozioren bat egin nezakeela pentsatu mien.
T. B.k egokia iruditu zitzaion guztia itxoin zuen xehetasun gehiago eskatu baino lehen.
— Zer berri, Tiburoi?
— Berri? Ez dakit horrela deitzea zuzena den, Konpainia bati buruz informatu naiz.
— Eta dirurik sartu? —galdetu zion T. B.k errespetuz.
— Zertxobait.
Bi gizonek lurrera begiratu zuten.
— Eta hemen zer berri, kanpoan egon naizen bitartean?
Berehala nahieza bezalako zerbait azaldu zen gizon zaharraren aurpegian. Antzematen zitzaion gertatutakoa esatea ez zuela gustuko, berezko gorrotoa ziola eskandaluari.
— Dantzaldia, eskolan —aitortu zuen azkenean.
— Bai, banekien.
T. B.k sinuak egiten zituen. Antza, borroka bat ari zen gertatzen bere buruan. Zekien guztia Tiburoiri kontatu behar ote zion, Tiburoiren beraren onerako, ala bere golkoan gorde behar ote zuen. Tiburoik jakin-minez segitzen zuen borroka hura. Lehenago ere hura bezalako asko ikusitakoa zen.
— Ea ba, zer gertatu da? —esan zuen, T. B. zirikatzearren.
— Agidanean ezkontzaren bat izango ote dugun luze gabe.
— Bai? Nor?
— Ba zera, urrutira joan beharrik ez dagoela esango nuke.
— Nor? —galdetu zuen Tiburoik berriro.
T. B.k alferrikako beste ahalegin bat egin eta galdu egin zuen borroka.
— Zu —aitortu zuen.
Tiburoik irri egin zuen ezpain artean.
— Ni?
— Alice.
Tiburoi tentetu eta zaharrari begira geratu zen. Gero aurreratu eta aldamenean jarri zitzaion, larderiatsu.
— Zer esan nahi duzu? Argitu zer esan nahi duzun, adiskidea!
T.B.k konprenitu zuen urrutiegi joan zela. Alde egin zuen Tiburoiren ondotik.
— Ez gero, Wicks jauna! Ez gero ezer egin!
— Argitu zer esan nahi duzun! Argitu dena!
Tiburoik sorbaldatik heldu T. B.ri eta amorru biziz astindu zuen.
— Zera, dantzaldiko kontu hura... dantzaldikoa besterik ez.
— Alice dantzaldian izan al zen?
— Bai.
— Zer egiten zuen han?
— Ez dakit. Edo... ezer ez.
Tiburoik silatik indarrean altxarazi eta bere hanka zalantzatien gainean jarri zuen T. B, zakarki.
— Esan! —exijitu zion.
Zaharrak antsi egin zuen.
— Jimmie Munroerekin patiora ateratzea besterik ez zuen egin.
Tiburoik bi sorbaldetatik heltzen zion orain. Zaku bat bezalaxe astindu zuen dendari izutua.
— Esan! Zer egin zuten?
— Ez dakit, Mr. Wicks.
— Esan.
— Ba zera, Miss Burkek... Miss Burkek esan zuen... muxuka ari zirela.
Tiburoik zakua erortzen utzi eta eseri egin zen. Izututa zegoen, hondamendiaren aurrean balego bezala. T. B. Alleni begirazoak bota bitartean, bere adimendua alabaren lohitasunaren ideiarekin lehiatzen zen. Ez zitzaion bururatu ere egin beharbada gertakaria muxu batekin hasi eta bukatu zela. Tiburoik burua mugitu eta bere begiradak batera eta bestera jo zuen dendatik, etsipenak hartuta bezala. T. B.k fusilen bitrina gainetik pasatzen ikusi zuen haren begirada.
— Ez gero ezer egin, Tiburoi! —hots egin zion—. Fusil horiek ez dira zureak.
Tiburoik ez zituen une hartara arte fusilak ikusi ere egin, baina bere arreta haien aldera zuzendu orduko, salto bat eman, kristalezko ate korredizoa zartako batez zabaldu eta errifle astun bat hartu zuen. Prezioaren etiketa kendu, eta kartutxo kaxa bat poltsikoratu zuen. Gero, dendariari begiratu ere egin gabe, ilunpetara atera zen pauso luzeka. Eta T. B. zaharra telefonoan zen Tiburoiren pauso bizkorrak gauean galdu baino lehen.
Munroe-tarren etxerantz zihoala bizkor-bizkor, Tiburoiren pentsamenduek lehia etsian ziharduten. Pixka bat ibili ondoren, ordea, gauza bat argi ikusi zuen: ez zuen Jimmie Munroe hil nahi. Hari tirorik botatzea ez zitzaion burutik pasa ere egin dendariak ideia aipatu arte. Ondoren, pentsatu gabe jokatu zuen. Zer egin zezakeen orain? Munroe-tarren etxera heldutakoan zer egingo zuen imajinatzen saiatu zen. Agian tiroa bota beharko zion Jimmie Munroeri. Beharbada, gauzek hartutako bideagatik, hilketa burutzea beste erremediorik ez zuen izango Zeruko Belardietan nor izaten jarraitu nahi bazuen.
Tiburoik kotxe bat zetorrela sentitu eta sastraka artean gorde zen, automobila orroka pasatzen zen bitartean haizearen balbula zabal-zabal zuela. Laster ailegatuko zen Munroe-tarren etxera, eta ez zuen Jimmie gorrotatzen. Ezer ez zuen gorrotatzen, bakarrik bere buruaz jabetu zen huts sentsazio hura, Alicek bertutea galdu zuela jakitean. Aurrerantzean, ezinbestean, hildako norbaitez bezala pentsatu beharko zuen bere alabaz.
Bere aurrean, Munroe-tarren etxeko argiak ikus zitzakeen orain. Eta Tiburoik konprenitu zuen ezingo ziola Jimmieri tirorik bota. Barre egiten bazioten ere ezingo zion mutilari tirorik bota. Bere baitan ez zegoen hilketarik. Hesiaren atetik begiratu bat eman eta bere etxera joatea erabaki zuen. Jendeak barre egingo zion beharbada, baina berak ezin zion inori tirorik bota.
Bat-batean gizon batek sastraka baten gerizpetik atera eta garrasi egin zion:
— Utzi fusil hori, Wicks, eta altxa eskuak!
Tiburoik lurrean utzi zuen erriflea halako obedientzia nekatu batez. Sheriffaren ordezkariaren ahotsa ezagutu zuen.
— Kaixo, lagun —esan zion.
Jendeak inguratu egin zuen orduan. Tiburoik Jimmieren aurpegi ikaratua ikusi zuen beste aurpegien atzean. Bert Munroe ere ikaratuta zegoen. Esan zuen:
— Zergatik hil nahi zenuen Jimmie? Ez dizu kalterik egin. T.B. zaharrak hots egin dit telefonoz. Kalte egiterik ez daukazun tokian jarri behar zaitut.
— Ezin duzu kartzelara eraman —esan zuen sheriffaren ordezkariak—. Ez du ezer egin. Gauza bakarra egin zenezake: fidantzapean jarri, bakea ziurtatzeko.
— Egiatan? Hori egin beharko dut hortaz. —Berten ahotsak dardara egiten zuen.
— Fidantza handia eskatzea duzu onena —jarraitu zuen ordezkariak—. Tiburoi oso gizon aberatsa da. Ea ba! Salinasera eramango dugu, eta zeu ere etorri, auzia ipini nahi baduzu.
Hurrengo goizean Tiburoi Wicks adorerik gabe bezala etxeratu eta ohe gainean etzan zen. Begiak motelduta eta nekatuta zeuzkan, baina irekita mantendu zituen. Bere besoak hildako batenak bezain laxa luzatzen ziren bere ondoan. Orduak joan eta orduak etorri, hantxe etzanda jarraitu zuen.
Katherinek, baratzetik, etxera sartzen ikusi zuen. Poz mingots bat sentitu zuen haren sorbalda erori eta burua garraiatzeko modu makalagatik, baina etxera sartu zenean bazkaria prestatzeko, hankapunttaka mugitu zen eta isilik ibiltzeko esan zion Aliceri.
Hiruretan Katherinek logelako atetik begiratu zuen.
— Alice ondo zegoen —esan zuen—. Galdetu egin behar zenidan ezer baino lehen.
Tiburoik ez zuen erantzun eta postura berean geratu zen.
— Ez al didazu sinesten?
Senarraren adore faltak ikara ematen zion.
— Ez badidazu sinesten, medikuari hots egingo diogu, Oraintxe bertan etorraraziko dut, sinesten ez badidazu.
Tiburoik ez zuen burua jiratu.
— Sinesten dizut —esan zuen indarrik gabe.
Atean zutik zegoela, behin ere ezagutu gabeko sentimendu bat jabetu zen Katherineren buruaz. Bere bizitzan sekula imajinatu gabeko gauza bat egin zuen. Kemen epel bat harrotu zen bere barruan. Ohearen ertzean eseri eta, irmoki helduz, magalean hartu zuen Tiburoiren burua. Sena izan zen hori, eta sen indartsu, irmo berberak bultza zuen bere eskua Tiburoiren kopeta laztantzera. Haren gorputzak hezurgabetua zirudien hondamenaren poderioz.
Tiburoiren begiak ez ziren sabaitik mugitzen, baina laztan haien eraginez, hitz egiten hasi zen totelka.
— Batere dirurik ez daukat —zioen bere ahots monotonoak—. Atxilotu eta hamar mila dolarreko fidantza eskatu didate. Esan egin behar izan diot epaileari. Denek aditu dute. Denek dakite zera... batere dirurik ez daukadala. Behin ere ez dudala eduki. Ulertzen al duzu? Nire liburu hori gezur hutsa zen. Dena gezurra, goitik hasi eta beheraino. Dena asmatua zen. Orain denek dakite. Esan egin behar izan diot epaileari.
Katherinek burua laztantzen zion eztiro eta kemen handi hura hazi eta hazi ari zen bere baitan. Mundua baino handiagoa sentitzen zen. Magalean zeukan mundu osoa eta kontsolatu egiten zuen. Bazirudien errukiak ikaragarrizko estatura ematen ziola. Bere bular bake-emaileek negar egiten zuten munduko atsekabeagatik.
— Ez nion inori kalterik egin nahi —jarraitu zuen Tiburoik—. Ez nion Jimmieri tirorik botako. Atzera jotzeko aukerarik izan baino lehen harrapatu ninduten. Hil egin nahi nuela pentsatu zuten. Eta orain denek dakite. Batere dirurik ez daukat.
Laxa-laxa etzanda segitzen zuen, gorantz begira.
Bat-batean Katherineren kemena botere bihurtu zen, eta boterea parrastadan gorputzetik zabaldu zitzaion eta bere menpean hartu zuen. Momentu bat nahikoa izan zuen zer zen eta zer egin zezakeen jakiteko. Pozez gainezka zegoen, eta inoiz baino ederrago.
— Aukerarik ez duzu izan —esan zuen eztiro—. Bizitza guztian granja zahar honetan aritu zara eta ez da zuretzat aukerarik izan. Nola dakizu ezin duzula dirurik egin? Nik uste dut posible zaizula. Badakit baietz.
Bere burua hartarako gai ikusita esan zituen hitz horiek. Hantxe eserita zegoela, bere botereari buruzko ziurtasuna erne zen bere barruan, eta bere bizitza guztia une hartaraxe zuzenduta zegoela konprenitu nuen. Une hartan jainkosa zen, patuaren xantrea. Ez zen harritu senarraren gorputza pixkanaka gogortzen hasi zenean. Haren kopeta laztantzen segitu zuen.
— Joan egingo gara hemendik —esan zion salmodia doinuz—. Arrantxoa saldu eta alde egin egingo dugu hemendik. Hartara behin ere eduki ez duzun aukera izango duzu. Ikusiko duzu. Nik badakit zer zaren. Zugan sinesten dut.
Tiburoiren begiek beren moteltasun ikaragarria galdu zuten. Bere gorputzak jiratzeko indarra aurkitu zuen. Katherineri begiratu eta une hartan zer ederra zegoen ikusi zuen, eta, begiratzen zion bitartean, Katherineren kemena bere barrura pasa zen. Tiburoik estutu egin zuen gogorki bere burua emaztearen belaunen kontra.
Katherinek burua beheratu eta begiratu egin zion. Ikaratuta zegoen, botereak alde egiten zion une hartan. Bat-batean Tiburoi tentetu egin zen ohean. Ahaztua zuen Katherine, baina bere begiek hark emandako sasoiaz distiratzen zuten.
— Joan egingo naiz laster —hots egin zuen—. Joan egingo naiz arrantxoa saltzeko modua izan bezain azkar. Orduan nire txanda izango da. Nire aukera izango dut orduan. Zer naizen erakutsiko diot jendeari.
4
Tularecitoren sorrera iluntasunean amiltzen da, eta bere aurkikuntza berriz Zeruko Belardietako biztanleek sinetsi nahi ez duten mitoa da, fantasma kontuak sinetsi nahi ez dituzten bezalaxe.
Franklin Gomezek morroi bat zuen, Pancho izeneko indio mexikar bat, eta besterik ezer ez. Hiru hilabetean behin, Panchok aurreratutako diruak hartzen zituen eta Monterreyra joaten zen bere bekatuak konfesatu, penitentzia bete, absoluzioa jaso eta mozkorra harrapatzera, aipatutako ordenan. Kartzelara sartu-atera bat egin gabe pasatzeko modua baldin bazuen, Pancho bere buggy-ra igo eta lotara jartzen zen tabernak ixten zituztenean. Zaldiak etxeraino arrastatzen zuen, juxtu egunsentia baino lehen ailegatzen zelarik, gosaldu eta lanera joateko nahiko denborarekin. Pancho lo egoten zen beti ailegatzen zenean; horregatik sortu zuen halako jakin-mina arrantxoan, goiz batez, esparrura arrapaladan sartu zenean, ez bakarrik esna, baizik eta garrasika bere eztarriaren indar guztiaz.
Franklin Gomezek arropak jantzi eta bere arrantxoko morroiari galde egitera atera zen. Istorioa, bere koherentzia gabeko katramilatik askatu zutenean, honako hau izan zen: Pancho etxerako bidean omen zetorren, beti bezain ernai. Blake-tarren etxetik hurbil, ume bat sentitu omen zuen negarrez kamio bazterreko salbia sastraka artean. Zaldia geldiarazi eta begiratzera joan zen, ez baita sarritan gertatzen umeekin horrela topatzea. Eta espero bezala umetxo txiki bat aurkitu zuen lurrean, salbia arteko zabaltoki batean. Tamainagatik, hiru bat hilabete izango zituela pentsatu zuen Panchok. Lurretik jaso eta pospolo bat piztu zuen zer nolako gauza aurkitu ote zuen ikusteko, eta orduan —latzaren latza!— umeak maleziaz begiarekin keinu egin eta ahots sakonez zera esan omen zion: «Begira! Hortz txorrotx-txorrotxak dauzkat.» Panchok ez zuen begiratu. Bota zuen gauza hura bere ondotik, igo zen buggyra eta etxerantz jo zuen arrapaladan, zaldi zaharrari joka latigoaren girtenarekin eta uhurika txakur bat bezalaxe.
Franklin Gomez bere patilei tiraka egon zen puska batean. Panchoren izaera, pentsatu zuen, ez zen histerikoa ezta pattarraren eraginpean ere. Erabat esnatu izanak sastrakan zerbait bazela frogatzen zuen. Azkenik, zaldiari zela jartzeko agindua eman, abiatu eta ekarri egin zuen umea. Ia hiru urtetan ez zuen umeak berriz hitz egin; eta, aztertuta, hortzik ere ez zioten aurkitu. Baina bi kontu horiek ez ziren aski izan lehen adierazpen zital hura egin ez zuenik sinestarazteko Panchori.
Haurrak beso motz, potoloak zituen, eta bernak luzeak, artikulazio kolokatsuekin. Bere buru handiak, lepoaren tarterik gabe, sorbalda itxuragabeki zabalen artean hartzen zuen atseden. Bere aurpegi txapalagatik, eta bere gorputz bitxiagatik, umeari Tularecito izena eman zioten automatikoki, «Igel Txiki», Franklin Gomezek sarritan Koiote deitzen bazion ere, «zeren», esaten zuen, «mutil honen aurpegian koiotearen aurpegian aurkitzen den antzinako zuhurtasun hura baitago.»
— Baina begiratu bernak, besoak, sorbaldak, Señor —gogorarazten zion Panchok.
Eta hala, Tularecito izena geratu zitzaion. Umetxo deformatu hura nork abandonatu zuen ez zen behin ere jakin. Franklin Gomezek bere arrantxoko patriarkatuan onartu zuen, eta Panchok umearen ardura hartu zuen. Panchok, hala ere, ez zuen behin ere galdu mutilari zion beldur xor hura. Ez urteek, ez penitentzia gogorrek ezin izan zuten Tularecitoren lehen hitz haien eragina ezabatu.
Mutila azkar hazi zen, baina bosgarren urteaz geroztik bere adimenduak ez zuen aurreratu. Sei urterekin Tularecito gai zen gizon baten lanak egiteko. Bere eskuetako behatz luzeak gizon gehienen behatzak baino trebeagoak eta indartsuagoak ziren. Arrantxoan, Tularecitoren behatzez baliatzen ziren. Korapilo zailek ez zioten luzaro aurre egiten. Landareak aldatzeko esku aproposak zituen, behatz samurrak, behin ere kimu berri bati minik egin ez ziotenak edo landare txertatu baten azala zanpatu ez zutenak. Bere behatz errukigabeak gai ziren indioilar bati zintzurra bihurritzeko inolako ahaleginik gabe. Gainera, Tularecitok bazuen beste dohain entretenigarri bat ere. Behatz lodiaren atzazalaz oso itxura zuzeneko animaliak grabatzen zituen hare-harrian. Franklin Gomezek koiote nahiz puma, txita nahiz katagorrien efigie txiki ugari zeuzkan bere etxean. Orekan jarritako aztore baten irudia, bi oin hartzen zituena, jangelako sabaitik zintzilik zegoen alanbre batzuen bitartez. Panchok, ez baitzuen umea behin ere gizatiar kontsideratu, modelatzeko gaitasun hura ere munduaz besteko sorreratik zetorkion dohaintzat hartu zuen, Tularecitoren ezaugarri deabruzkoen atal gero eta zabalagoan sailkatuz.
Nahiz Zeruko Belardietako biztanleek Tularecitoren sorrera deabruzkoan sinetsi ez, ezinegona sentitzen zuten hala ere haren aurrean. Bere begiak zaharrak eta lehorrak ziren; bere aurpegiak troglodita tankerako zerbait bazuen. Bere gorputzaren indar handiak eta bere dohain bitxi eta ilunek beste umeengandik bereizten zuten eta larritu egiten zituzten gizon eta andreak.
Gauza bakar batek piztu zezakeen Tularecitoren haserrea. Edozeinek, gizon, andre edo umek, bere eskulan bat axolagabeki hartzen edo puskatzen baldin bazuen, sutan jartzen zen. Bere begiek dizdiz egiten zuten eta bortizki erasotzen zion profanatzaileari. Horrelakorik gertatu zen hiru aldietan, Franklin Gomezek eskuak eta hankak lotu zizkion eta bakarrik utzi zuen bere ohiko aldarte onera etorri bitartean.
Tularecito ez zen eskolara joan sei urte bete zituenean. Ondorengo bost urteetan, eskualdeko ume eskolatu gabeen arduradunak eta eskola ikuskariak aldian behin kasuari arreta pixkaren bat eskaini zioten. Franklin Gomezek onartzen zuen Tularecitok eskolara joan beharra zeukala eta bidali ere egin zuen behin baino gehiagotan, baina mutikoa ez zen sekula bertaraino ailegatu. Ikara hartzen zuen, eskola desatsegina egingo ote zitzaion, eta beraz ezkutatu egiten zen, besterik gabe, egun batez edo. Hamaika urte izan zituen arte, karga-jasotzaile baten sorbaldak eta lepo-bihurritzaile baten esku eta besagainak, ez zuten lortu legearen indar bateratuek mutiko hura eskolara eramatea.
Franklin Gomezek pentsatu bezala, Tularecitok ez zuen ezertxo ere ikasi, baina beste dohain berri baten frogak azaldu zituen berehala. Ederki marrazten zuen, hare-harrian ederki grabatzen zuen bezala. Miss Martin, maistra, haren gaitasunaz jabetu zenean, igeltsu puska bat eman eta animalia prozesio bat egiteko esan zion arbelaren luzera guztian. Eskola bukatu eta gero ere lanean aritu zen Tularecito, eta hurrengo goizean desfile txundigarria ageri zen hormetan. Han zeuden Tularecitok noizbait ikusitako animalia guztiak; muinoetako txori guztiak haien gainetik hegaldatzen ziren. Kriskitin suge bat behi baten atzetik arrastatzen zen; koiote bat, isats iletsua harro-harro goratuta, usnaka zihoan txerri baten orpo atzetik. Baziren han katar eta ahuntzak, dortoka eta gopherrak, denak ala denak ere harritzeko moduko xehetasun eta egiaz marraztuak.
Miss Martin jota geratu zen Tularecitoren jenialtasunarekin. Klasearen aurrean goraipatu eta hitz batzuk esan zituen hark marraztutako izaki bakoitzari buruz. Berekiko, jenio hura aurkitu eta sustatzeagatik etorriko zitzaion ospean pentsatzen zuen.
— Askoz gehiago ere egin ditzaket —jakinarazi zion Tularecitok.
Miss Martinek tapatakoak eman zizkion bizkar zabalean.
— Ba egingo dituzu —esan zion—. Egunero marraztuko duzu. Jaungoikoak eman dizun dohain handia da.
Orduan esan berria zuenaren garrantziaz jabetu zen. Makurtu eta begiratu aztertzaile bat eman zien Tularecitoren begi gogorrei, poliki-poliki errepikatuz:
— Jaungoikoak ernan dizun dohainn handia da.
Miss Martinek erlojuari begiratu eta, zorrotz, iragarri zuen:
— Laugarren mailako aritmetika... arbelera.
Laugarren mailakoak lehian abiatu, ezabailuak hartu eta animaliak kentzen hasi ziren beren zenbakiei tokia egiteko. Bi pasada emateko betarik izan baino lehen, Tularecitok ekin egin zien. Egun handia izan zen. Miss Martinek, eskola guztiak lagunduta ere, ezin izan zuen mutikoa menderatu, zeren Tularecito amorratuak gizon baten indarra baitzuen, gizon ero batena gainera. Ondorengo batailak eskola hondatu zuen, pupitreak irauli, tinta ibaiak isuri, maistraren lore erramileteak gelatik barrena sakabanatu. Miss Martinen jantziak tarratekoz beteta zeuden, eta mutil handiak, batailaren zama haien gainera erori zenez, mailatuta eta krudelki kolpatuta. Tularecitok esku, hanka, hortz eta buruaz borrokatzen zuen. Ez zuen gizalegezko araurik errespetatzen eta azkenean irabazi egin zuen. Eskola guztiak, Miss Martin erretagoardian zutela, alde egin egin zuen batimendutik, Tularecito amorratua hango jaun eta jabe utzita. Joan zirenean, berak atea giltzaz itxi, begietako odola garbitu eta lanean hasi zen hondatutako animaliak osatzeko.
Gau hartan Miss Martin Franklin Gomezengana joan eta mutilari astindu bat emateko eskatu zion.
Gomezek sorbaldak goratu zituen.
— Benetan esaten al didazu astindu bat emateko, Miss Martin?
Maistraren aurpegia harramazkez beteta zegoen; bere ahoak espresio garratza ageri zuen.
— Halaxe nahi dut, bai —esan zuen—. Ikusi bazenu gaur zer egin duen, ez zenidake ezer aurpegiratuko. Lezio bat behar duela esaten dizut.
Gomezek berriro sorbaldak goratu eta Tularecitori hots egin zion barrakoitik etor zedin. Latigo astun bat hartu zuen hormatik. Orduan, Tularecitok Miss Martini irribarre leun-leuna eskaintzen zion bitartean, Franklin Gomezek kolpe latzak eman zizkion bizkarrean. Miss Martinen eskuak ere jotzeko mugimendu nahigabekoak egiten zituen. Zigorra bukatutakoan, Tularecitok bere gorputza haztatu behatz luze aztertzaileekin, eta betiere irribarrez, barrakoira itzuli zen.
Miss Martinek izututa ikusi zuen zigorraren azkena.
— Baina, animalia hutsa da eta! —hots egin zuen—. Zakur bat astintzea bezalaxe izan da.
Franklin Gomezek maistrari zion mesprezioaren arrasto bati bere aurpegira agertzen utzi zion.
— Zakur bat kikildu egingo zen —esan zuen—. Zeuk ere ikusi duzu, Miss Martin. Animalia dela diozu, baina animalia zintzoa, dudarik gabe. Marrazkiak egiteko esan eta gero hondatu egin dizkiozu. Tularecitori ez zaio hori gustatzen...
Miss Martin zerbait esaten saiatu zen, baina Gomezek bizkorrago segitu zuen:
— Igel txiki honek ez luke eskolara joan behar. Lana bai, lana egin dezake; gauza zoragarriak egin ditzake eskuekin, baina ez da kapaza eskolan erakusten diren gauzatxo errazak ikasteko. Ez da eroa, baizik eta Jaungoikoak erabat bukatu gabe uzten dituen horietakoa. Esan nizkion gauza horiek Ikuskariari, eta berak esan zidan legeak eskolara joatera behartzen zuela Tularecito hemezortzi urte bete arte. Zazpi urte falta dira horretarako. Zazpi urtez nire Igel Txikik lehen mailakoekin eseri beharko du legeak hala agintzen duelako. Ulertu ezin dudan gauza da.
— Giltzez itxita eduki beharko lukete —sartu zen Miss Martin—. Ume hori arriskutsua da. Ikusi egin behar zenuen gaur.
— Ez, Miss Martin, libre utzi beharko lukete. Ez da arriskutsua. Inork ez daki berak bezala lorategia zaintzen. Inork ez daki behiak jezten berak bezain azkar eta gozo. Mutil ona da. Gainera igo gabe ere badaki zaldi ardailatua mantsotzen; jo gabe ere badaki txakurra hezten. Baina legeak dio zazpi urtez lehen mailan eseri behar duela «K-A-T-U, katu» errepikatzen. Arriskutsua balitz erraz asko hilko ninduen astindu dudanean.
Miss Martinek sentitu zuen bazeudela berak ulertu ezin zituen gauzak, eta gorrotatu egin zuen Franklin Gomez horregatik. Bera miserable hutsa izan zela sentitu zuen, eta hura berriz eskuzabala. Hurrengo goizean eskolara heldu zenean, Tularecito bere aurrean aurkitu zuen. Hormaren tarte guzti-guztiak animaliaz estalita zeuden.
— Ikusten? —esan zion mutikoak, sorbalda gainetik pozez zoratzen begiratzen ziola—. Askoz gehiago. Eta oraindik badaukat liburu bat gehiagorekin, baina horman ez dago denentzako tokirik.
Miss Martinek ez zituen animaliak ezabatu. Eskolako lana paperean egin zuten, baina ikastaldiaren bukaeran uko egin zion bere postuari, osasun txarra jarriz aitzakia bezala.
Miss Morgan, maistra berria, oso gaztea eta oso polita zen; gazteegia eta arriskutsuki polita, pentsatu zuten ibarreko gizon adinduek. Goiko mailetako zenbait mutilek hamazazpi urte bazituzten. Benetan zalantzan jartzekoa zirudien hain maistra gazte eta politak eskolan inolako diziplinarik mantendu ahal izatea.
Lanerako entusiasmo bizia ekarri zuen berarekin. Eskolarentzat txundigarria izan zen, ordura arteko maistra guztiak neskazahar urtetsuak izan baitziren, aurpegietan, zirudienez, oin nekatuen aztarrena zeramatenak. Miss Morgani gustatu egiten zitzaion irakastea, eta eskola, bere eskuetan, gauza ezohikoak gertatzen ziren toki kilikagarria bihurtu zen.
Hasiera-hasieratik inpresio handia egin zion Tularecitok Miss Morgani. Bazekien hari zegokion guztia, liburuak irakurri eta ikastaroak egin zituen hari buruz. Borrokaren istorioa jakin zuelarik, arbelaren goialde guztian tarte bat utzi zuen Tularecitok bere animaliekin bete zezan, eta, hark bere desfilea bukatu zuenean, marrazki-taula handi bat eta arkatz bigun bat erosi zizkion bere diruarekin. Handik aurrera Tularecitok ez zuen letrekin nekatu beharrik izan. Egunero bere marrazki-taulan aritzen zen, eta arratsaldero modu zoragarrian landutako animaliaren bat erakusten zion maistrari. Honek ikasgelako hormari josita jarri ohi zituen marrazkiak, arbelen gainetik.
Ikasleek gogo onez hartu zituzten Miss Morganen berrikuntzak. Klaseak kilikagarriak bihurtu ziren, eta maistrak amorrarazten ospe inbidiagarria lortutako mutilentzat ere interesa galdu zuen eskolari su emateko posibilitateak.
Miss Morganek ohitura bat ezarri zuen, ikasle guztien maitasuna eskuratu ziona. Arratsaldero, ordu erdiz, irakurri egiten zien. Zatika, Ivanhoe eta Talismana irakurri zizkien; Zane Greyren arrantza istorioak, James Oliver Curwooden ehiza istorioak; Itsas Otsoa, Oihanaren Deia... ez ume ipuinak, oilo gorri txikia eta azeria eta antzarrari buruzkoak, baizik eta helduentzako istorio interesgarriak.
Miss Morganek ongi irakurtzen zuen. Mutilik elkorrenak ere bereganatu egin zituen, eta ez zuten sekula piperrik egiten zati bat galtzeko beldurrez, eta aurrerantz makurtuta egoten ziren jakin-minez arnaska.
Baina Tularecitok marrazten segitzen zuen bere arreta guztiarekin, soilik aldian behin geldituz maistrari begiarekin keinu egiteko, eta jende ezezagunari buruzko kontaketa urrun haiek inoren jakin-mina nola esna zezaketen ulertzen saiatzeko. Berarentzat benetako gertaeren kronikak ziren, bestela zergatik zeuden idatzita? Istorioak lezioak bezalakoak ziren. Tularecitok ez zituen entzuten.
Bolada baten ondoren, Miss Morgani iruditu zitzaion haize gehiegi eman ziela ume zaharrenei. Berak gogoko zituen amandre ipuinak, gogoko zuen populazio osoak imajinatzea amandreetan sinetsi eta, ondorioz, ikusi ere egiten zituztenak. Bere ezagun trebatu eta jakintsuen zirkulu seguruan, hala esan ohi zuen sarritan: «Ameriketako kultur inanizioaren parte bat amandreen existentziaren ukapenetik dator, ukapen baldar eta superstiziotsua.» Aldi batez amandre ipuinak irakurtzera dedikatu zuen arratsaldeko ordu erdia.
Orduan aldaketa bat gertatu zen Tularecitoren baitan. Pixkanaka, Miss Morganek bere istorio haiek irakurri ahala elfo nahiz iratxo, maitagarri nahiz ieltxuei buruz, Tularecitoren jakin-mina esnatu egin zen eta arkatz saiatua nagi-nagi geratu zen bere eskuan. Gero Miss Morganek gnomoei buruzko istorioak irakurri zituen, haien bizitza eta ohiturei buruzkoak, eta Tularecitok arkatza erortzen utzi eta maistraren aldera makurtu zen hitzik ez huts
egiteko.
Eskolatik atera eta gero Miss Morganek milia erdiko bidea zeukan apopilo zegoen granjaraino. Bakarrik joatea gustatzen zitzaion, makila batekin kardaberei burua kenduz, edo sasi-zuloetara harriak boteaz galeperrak orroka atera zitezen. Txakur saltolari, zulo-miatzaile bat lortu behar zuela pentsatzen zuen, emozio haiek berarekin batera biziko zituena, eta ulertuko zuena zer xarma zuten lurreko txuloek eta hosto ihartuen gainean sakabanatutako oinatzek, melankolia bitxiko txorien txistuek eta lurretik isilka ateratako usain biziek.
Arratsalde batez Miss Morganek klerazko haitz baten malda igo zuen, gain lau eta zurian bere inizialak grabatu asmoz. Gorakoan urratua egin zuen behatzean arantza batekin, eta inizialen ordez, zera harramazkatu zuen: «Hemen izan naiz eta nire parte hau utzi dut», eta klera-harri zupatzailearen kontra estutu zuen behatz odoldua.
Gau hartan, eskutitz batean, honela idatzi zuen: «Bizi eta ugaltzeko nahitaezkoa zaionaz gain, gizonak batez ere bere buruaren aztarren bat utzi nahi du, froga bat edo, benetan existitu duela adierazten duena. Bere froga hori egurrean, harrian edo beste jendearen bizitzan uzten du. Desira sakon hori denon baitan dago, hasi komun publikoetan hitz lizunak idazten dituen mutilagandik eta bere irudia arrazaren gogoan grabatzen duen Budarekin bukatu arte. Bizitza hain da irreala. Nik uste bagarela ere dudatan jartzen dugula zinez, eta baietz frogatu nahian goazela mundutik barrena.» Eskutitzaren kopia bat gorde zuen.
Gnomoei buruz irakurtzen jardundako arratsalde hartan, etxerantz zihoala, kamio bazterreko belarrak zirti-zartaka hasi ziren une batez, eta Tularecitoren buru itsusia agertu zen.
— Oh! Beldurtu egin nauzu —hots egin zuen Miss Morganek—. Ez zenuke hain ustekabean azaldu behar.
Tularecito altxa zen eta irribarre egin zuen lotsatuta, sonbreirua izterraren kontra astinduz. Bat-batean Miss Morganek beldurra handitzen sentitu zuen bere barruan. Kamioan ez zegoen inor... inuzenteei buruzko istorioak irakurriak zituen. Nekez menderatu zuen bere ahots dardaratia.
— Zer... zer nahi duzu?
Tularecitok zabalki irribarre egin eta astindu gogorragoa eman zion sonbreiruari.
— Patxadan etzanda zeunden, ala zerbait nahi duzu?
Mutila zerbait esaten saiatu zen, eta gero bere irribarrearen atzean babestu zen berriro.
— Beno, ez baduzu ezer nahi, aurrera segituko dut —airean alde egiteko prest zegoen.
Tularecitok beste ahalegin bat egin zuen.
— Beste jende hori dela-eta...
— Zer jende? —galdetu zuen Miss Morganek zorrotz—. Zer du jendeak?
— Liburuko beste jende hori dela-eta...
Miss Morgan, arinduta, barre eta barre hasi zen, buru atzean ilea askatzen ari zitzaiola antzeman arte.
— Zer esan... zer esan nahi duzu... gnomoak?
Tularecitok baiezkoa egin zuen buruaz.
— Zer jakin nahi duzu beraiei buruz?
— Sekula ez dut horrelakorik ikusi —esan zuen Tularecitok. Bere ahotsak ez zuen gora-beherarik egin, nota baxu bakar batean mantendu zen.
— Begira, nik uste oso jende gutxik ikusten dituela.
— Baina bazirela banekien.
Miss Morganen begiak kizkurtu egin ziren jakin-minez.
— Ah bai? Nork esanda zenekien?
— Inork esan gabe.
— Ez dituzu sekula ikusi, eta inork ez dizkizu aipatu? Hortaz nola jakin zenezakeen bazirela?
— Banekien, besterik gabe. Sentitu egingo nituen, beharbada. Ondo asko ezagutu ditut liburuan.
Miss Morganek pentsatu zuen: Zertan ukatu behar diot gnomoen kontu hori ume xelebre, osatu gabeko honi? Ez al litzateke bere bizitza aberatsagoa eta zoriontsuagoa izango badirela sinetsiko balu? Eta zer kalte egingo lioke horrek?
— Behin ere saiatu al zara bakarren bat bilatzen? —galdetu zion.
— Ez, ez naiz bila ibili. Banekien bazirela, besterik gabe. Baina orain bila hasiko naiz.
Miss Morgan txoratzen zegoen egoera haren aurrean. Non idatzia bazuen paper hartan, non grabatua bazuen haitz hartan. Istorio zoragarri bat grabatu ahal izango zuen, liburuetako istorio guztiak baino askoz benetakoagoa izango zena.
— Non hasiko zara bila? —galdetu zion.
— Zuloak egingo ditut lurrean —esan zuen Tularecitok lasai asko.
— Baina gnomoak gauean bakarrik ateratzen dira, Tularecito. Gauez zaindu beharko dituzu. Eta bakarren bat aurkituz gero nigana etorri eta esan egin beharko didazu. Konforme?
— Bai, konforme —onartu zuen.
Maistra abiatu zenean, mutikoa atzetik begira geratu zitzaion. Etxerako bidean, Miss Morganek bila eta bila imajinatu zuen Tularecito gauaren erdian. Gustatu egin zitzaion irudia. Agian aurkitu ere egingo zituen gnomoak, agian haiekin bizi eta hitz egin ere egingo zien. Hitz erakarle gutxi batzuekin Tularecitoren bizitza irreala eta liluragarria izatea lortu zuen, eta inguruan zituen bizitza ergeletatik bereizia. Mutikoaren bilaketa hark inbidia sakona ematen zion Miss Morgani.
Ilunabarrean Tularecitok bere txamarra jantzi eta pala bat hartu zuen. Erreminten estalpetik ateratzera zihoan unean Pancho zaharra azaldu zitzaion.
— Nora hoa, Igel Txiki? —galdetu zion.
Tularecitok hanka mudatu zuen, ezinegonez atzerapenagatik.
— Ilunpetara noa. Gauza berria ote da ba?
— Baina zergatik hartu duk pala? Urrea ote dagoen edo?
Mutilaren aurpegia gogortu egin zen bere asmoaren seriotasunaz.
— Aitzurrera noa, lurpean bizi den jende txikia bilatzeko.
Hura entzutean, Pancho bere onetik atera zen izu-izu eginda.
— Ez hadi joan, Igel Txiki! Entzun hire adiskide zaharrari, Jainkoaren aurrean hire aita den honi, eta ez hadi joan! Han sastraka artean aurkitu hindudan, eta salbatu deabruengandik, hire senideengandik. Orain Jesusen anaia txikia haiz. Ez hadi itzuli hire jendeagana! Entzun gizon zahar honi, Igel Txiki!
Tularecitok begiak lurrari josi eta bere pentsamendu zaharrak informazio berri honen argitan aztertu zituen.
— Nire jendea dela esan duzu —hots egin zuen—. Ni ez naiz besteak bezalakoa ez eskolan eta ez hemen. Hori badakit. Mira sentitzen dut lur hotzaren sakonean bizi den nire jendeagatik. Katagorri txulo baten ondotik pasatzen naizenero, arrastaka barrura sartu eta nire burua bertan ezkutatzeko gogoa izaten dut. Nire jendea ni bezalakoa da, eta hots egin egin didate. Etxera itzuli beharra daukat, Pancho.
Panchok atzera jo eta behatz gurutzatuak goratu zituen.
— Hoa hortaz deabruagana, hire aitagana. Ni ez nauk behar bezain zintzoa deabrukeria honi aurre egiteko. Santu bat beharko litzateke horretarako. Baina begira! Behinik behin seinalea egiten diat hire eta hire arraza guztiaren kontra.
Eta airean, bere aurrean, gurutze babes-emailea egin zuen.
Tularecitok tristeki irribarre egin eta, buelta emanez, muinoetarantz jo zuen.
Bere etxerantz zihoala, Tularecitok pozez gainezka zeukan bihotza. Bizitza guztian arrotz izan zena, erbesteratu bakartia, etxera zihoan orain. Betiko moduan, lurraren mintzoak aditu zituen: zintzarrien hots urruna, zirikatu duten galeperraren murmurioa, gau hartan kantatzeko asmorik ez zuen koiote baten ulu ahula, milioi bat intsekturen nokturnoak. Baina Tularecitok beste soinu bat aditu nahi zuen, hanka biko izakien mugimendua, eta ezkutuko jendearen mintzo isilak.
Halako batean gelditu eta hoska hasi zen: «Aita, etxean naiz», eta ez zuen erantzunik aditu. Katagorri txuloen barrura xuxurlatu zuen: «Non zarete, nire senideok? Ez da ezer, bakarrik Tularecito, etxera datorrena.» Baina ez zen erantzunik izan. Are okerragoa, gnomoak hurbil zeudenik ere ez zitzaion iruditzen. Bazekien orkatz eme bat eta oreinkume bat jaten ari zirela handik urrutira gabe; bazekien, ikusi ezin bazituen ere, basakatu bat zelatan ari zitzaiola untxi bati sastraka baten atzetik; baina gnomoen aldetik mezurik ez zitzaion heltzen.
Azukrezko ilargia azaldu zen muino artetik.
— Orain animaliak jatera aterako dira —esan zuen Tularecitok erdi inuzenteen zurrumurru papera bezain finean—. Jendea ere atera egingo da orain.
Sastraka bukatu egiten zen ibar txiki baten ertzean eta baratz batek hartzen zuen haren tokia. Zuhaitzak hostoz lepo zeuden, eta lurra ederki landua. Bert Munroeren baratza zen. Lehen, saila abandonatuta eta fantasmarik gabe zegoenean, Tularecito sarritan etorri ohi zen gauez hona, lurrean etzatera, zuhaizpean, eta izarrak harrapatzera behatz samurrekin.
Baratzera sartu orduko, etxera hurbiltzen ari zela jakin zuen. Ez zituen aditzen, baina bazekien gnomoak hurbil zeudela. Behin eta berriro hots egin zien, baina ez ziren etorri.
— Beharbada ez zaie gustatzen ilargiaren argia —esan zuen.
Muxika handi baten oinean egin zuen bere zuloa, oso sakona eta alderik alde hiru oin bazituena. Lan hartantxe jardun zuen gau osoan, aldian behin entzuteko geldituz eta ondoren zuloa geroz gehiago sakonduz lur freskoan. Nahiz ezer aditu ez, sinetsita zegoen hurbiltzen ari zela haiengana. Ez zuen etsi eguna zabaldu arte, eta, orduan, sastraka artera erretiratu zen lotara.
Goizerdian Bert Munroe koiote tranpa bati begiratzera atera eta zuloa aurkitu zuen zuhaitzaren oinean. «Zer demonio ordea», esan zuen. «Mutikoren batzuk ibiliak izango dira tunela egiten. Arriskutsua da! Lurra gainera amilduko zaie, edo norbait barrura erori eta mina hartuko du.»
Atzera etxera joan, pala hartu eta zuloa bete zuen.
— Manny —esan zion seme gazteari—, ez hintzen ba hi ibiliko baratzean aitzurrean, ezta?
— Ez! —esan zuen Mannyk.
— Eta? Ba al dakik nor ibili den?
— Ez! —esan zuen Mannyk.
— Beno, norbaitek zulo handi bat egin dik hor kanpoan. Arriskutsua duk. Esan mutilei ez horrelako zulorik egiteko, bestela lurrak azpian harrapatuko dizkik.
Iluna etorri eta Tularecito sastraka artetik atera zen berriro ere bere zuloari ekiteko. Goraino beteta aurkitu zuenean, animalia basati baten orroa egin zuen, baina gero besterik pentsatu eta barrez hasi zen. «Hemen zegoen jendea» esan zuen pozik. «Ez zekiten nor zen, eta beldurtu egin ziren. Zuloa bete dute, gopherrek egiten duten bezalaxe. Oraingoan gorde egingo naiz, eta zuloa betetzera etortzen direnean, nor naizen esango diet. Orduan maitatu egingo naute.»
Eta Tularecitok zuloa zabaldu eta askoz sakonagoa egin zuen lehen baino, zeren lurraren parte handi bat harrotuta baitzegoen. Eguna argitu baino lehentxeago, baratz ertzeko sastraka artera erretiratu, eta lurrean etzan zen zelata egiteko.
Bert Munroe berriro ere bere tranpari begiratzera atera zen gosaldu aurretik, eta berriro ere zulo irekia aurkitu zuen. «Deabrutxo horiek!» hots egin zuen. «Lehengoan segitzen dute, eh? Apustu egingo nuke Manny ere tartean dabilela.»
Une batez zuloa aztertu eta segidan lurra barrura botatzen hasi zen oinaren saihetsaz. Marru basati batek buelta emanarazi zion. Tularecito gainera zetorkion, igel bat bezalaxe saltoka bere berna luzeen gainean eta bere palari eraginez garrote bat balitz bezala.
Jimmie Munroe aitari hots egitera etorri zenean, gosaltzera joan zedin, lur muntoaren gainean erorita aurkitu zuen. Odola zerion ahotik eta kopetatik. Lur palakadak ateratzen ziren zulotik hegaka.
Jimmiek pentsatu zuen norbaitek hil egin zuela bere aita eta gorpua lurperatzera zihoala. Korrika etxera joan, izuak jota, eta bizilagun batzuei telefonatu zien etor zitezen.
Dozena erdi bat gizon arrastaka heldu ziren zuloraino. Tularecitok lehoi zauritu batek bezala borrokatu zuen, eta bai bere postuari eutsi ere, bere pala harekintxe buruan eman zioten arte. Gero lotu eta kartzelara eraman zuten.
Satinasen sendagile batzar batek mutila aztertu zuen. Medikuek galderaren bat egiten ziotenean, berak leun-leun irribarre egin eta ez zuen erantzuten. Franklin Gomezek zekien guztia esan zion batzarrari, eta Tularecitoren kustodia eskatu zuen.
— Benetan diotsut ezin dugula hori egin, Mr. Gomez —esan zuen azkenean epaileak—. Mutil ona dela diozu. Eta atzo bertan gizon bat hiltzeko ahalegina egin zuen. Konprenitu behar duzu ezin dugula libre utzi. Orain ez bada geroago, norbait hiltzea lortuko du.
Deliberazio labur baten ondoren, Napara bidali zuten Tularecito, ero kriminalentzako etxera.
5
Helen Van Deventer emakume altua zen, aurpegi egoki, zorrotza zuena, eta begi tragikoak. Tragediaren kontzientzia bizi batek zeharkatzen zuen bere bizitza guztia. Hamabost urterekin alargun itxura eduki zuen norbaitek bere katutxo pertsiarra pozoitu ondoren. Sei hilabetez dolutu zen harengatik, ez nabarmenki, baizik ahots ito eta jokaera isilez. Bere aita hil zenean, katutxoaren sei hilabete haien ondoren, doluak etenik gabe jarraitu zuen. Antza zenez tragedia gosea sentitzen zuen Helenek, eta bizitzak erruz eskaintzen zion halakorik.
Hogeita bost urte zituela Hubert Van Deventerrekin ezkondu zen, ehiztari musugorri bat, urtean sei hilabete mota bateko edo besteko izakiren bat tiroz bota nahian pasatzen zituena. Ezkondu eta hiru hilabetera bere buruari bota zion tiroa, masusta lahar batekin estropezu eginda. Hubert nahiko gizon ausarta zen. Zuhaitz baten azpian hilzorian zegoela, bere kide batek emaztearentzat mezuren bat utzi nahi ote zuen galdetu zion.
— Bai —esan zuen Hubertek—. Esan ni ere liburutegian disekatuta jartzeko, orein-altze arra eta ahariaren arteko tartean! Esan hau ez diodala gidariari erosi!
Helen Van Deventerrek itxi egin zuen saloia bertako trofeo guztiekin. Handik aurrera gela hura Huberten izpirituari eskeinia egon zen. Gortinak bilduta egoten ziren. Saloi hartan hitz egiteko premia sentitzen zuenak isilka hitz egiten zuen. Helenek ez zuen negarrik egin, ez baitzegoen bere izaeran negar egitea, baina bere begiak handiagoak egin ziren, eta sarritan joanda bezala egon ohi zen, beste garaietara bidaiatzen duenaren begirada espresio gabeaz. Hubertek Russian Hill-eko etxea utzi zion, San Franciscon, eta fortuna koxkor bat ere bai.
Bere alaba Hilda, Huberten heriotza baino sei hilabete geroago jaioa, haur polita zen, panpina bat bezalakoxea eta bere amaren begi handi berberak zituena. Hilda ez zen behin ere oso ongi egoten; erraztasun harrigarriz harrapatzen zituen umeen gaitz guztiak. Bere jenioa, hasieran garrasi egite hutsarekin agortzen zena, hondatzaile bihurtu zen batetik bestera mugitzeko gai izan zenean. Zirtzilatu egiten zituen bere haserrearen bidean egokitutako gauza hauskor guztiak. Helen Van Deventerrek kontsolatu eta mimatu egiten zuen, eta gehienetan ez zuen lortzen Hildaren jenioa okerragotzea besterik.
Hildak sei urte zituela, Phillips doktoreak, familiako medikuak, Mrs. Van Deventerrek aspalditik susmatzen zuena aipatu zuen.
— Onartu beharra daukazu Hilda ez dagoela erabat ondo burutik —esan zion—. Psikiatra batengana eramateko esango nizuke nik. Amaren begi ilunak zabaldu egin ziren atsekabez.
— Ziur al zaude, jauna?
— Nahiko ziur. Ez naiz espezialista. Nik baino gehiago dakien norbaitengana eraman beharko duzu.
Helenek apartatu egin zituen begiak medikuagandik.
— Nik ere pentsatu izan dut hori, jauna, baina ezin dut beste gizon batengana eraman. Zuk zaindu gaituzu beti. Zu ezagutzen zaitut. Beste gizon batekin ezingo nintzateke ziur egon.
— Zer esan nahi duzu «ziur» horrekin? —lehertu zen Phillips doktorea—. Ez al dakizu garaiz hartuz gero senda genezakeela?
Helenen eskuak goratu egin ziren apur bat, eta gero berriro erori, etsita.
— Behin ere ez da ondo jarriko, jauna. Garai txarrean jaio zen. Bere aitaren heriotza... gehiegi izan zen niretzat. Ez nuen indarrik bildu haur perfektu bat erditzeko.
— Hortaz zer asmo duzu? Zure burutazio horrek zentzurik ez du, atrebentziarekin esanda.
— Zer egin liteke, jauna? Itxoin eta esperantza izan. Badakit ez dudala amore emango azkeneraino, baina ezin dut beste gizon batengana eraman. Nik zainduko dut eta nik hartuko dut bere ardura. Dirudienez, horrelakoxea izan behar du nire bizitzak.
Irribarre egin, oso modu tristean, eta bere eskuak goratu egin ziren berriro.
— Iruditzen zait nahita jartzen dizkiozula zailtasunak zeure buruari —esan zion sendagileak haserre.
— Ematen zaiguna hartu beharra daukagu. Etsiko dut. Seguru dakit, eta harro nago horretaz. Ez dago nire pazientzia hautsi dezakeen tragediarik. Baina bada gauza bat eraman ezin dudana, jauna. Ezin didate Hilda ondotik kendu. Nirekin edukiko dut, eta zu beti bezala etorriko zara, baina beste inork ez du tartean sartu behar.
Phillips doktorea gogaituta joan zen etxetik. Emakumearen egonarri hark, nabaria eta alferrikakoa, sutan jartzen zuen beti. «Neu banintz Patua», pentsatu zuen, «bere erresistentzia patxadatsu hori xahutzeko tentazioa sentituko nuke neuk ere.»
Hori gertatu eta denbora gutxira Hilda bisioak eta ametsak izaten hasi zen. Gaueko izaki ikaragarriak, atzapar eta hortzekikoak, hil nahian etortzen zitzaizkion lotan zegoela. Gizontxo itsusiek atximur egiten zioten eta hortz-karraska hasten zitzaizkion belarrira, eta Helen Van Deventerrek bera frogan jartzera etorritako pertsonaia berriak bezala hartu zituen bisioak.
— Tigre bat etorri eta sobrakamari tiraka ibili da —hots egiten zuen Hildak goizean.
— Ez ametitu ikara zaitzan, laztana.
— Baina hortzak sartu nahi zituen tapakitik barrena, ama.
— Gaur gauean zure ondoan eserita egongo naiz, bihotza. Hala ez du etortzerik izango.
Egunsentira arte neskatoaren ohe ondoan geratzeko ohitura hartu zuen. Bere begiak distiratsuagoak eta sukartsuagoak egin ziren bere izpirituaren erresistentzia frenetikoarekin.
Bazen gauza bat ametsek baino kezka handiagoa sortzen ziona. Hilda gezurrak esaten hasia zegoen.
— Gaur goizean lorategira atera naiz, ama. Gizon zahar bat zegoen kalean eserita. Bere etxera joateko eskatu dit, eta joan egin naiz. Urrezko elefante handi bat zeukan eta haren gainean ibiltzen utzi dit.
Neskatoaren begiek urrutira begiratzen zuten ipuina asmatzerakoan.
— Ez horrelakorik esan, bihotza —erregutzen zion amak—. Badakizu ez duzula horrelakorik egin.
— Egin dut ordea, ama. Eta gizon zaharrak erloju bat eman dit. Erakutsiko dizut. Begira.
Eskumuturreko erloju bat atera zuen, diamantez apaindua. Erlojua hartzerakoan, Helenen eskuak dardara egiten zuen izututa. Segundo batez bere aurpegiak ohiko erresistentzia itxura galdu zuen, eta haserreak hartu zuen haren tokia.
— Nondik atera duzu, Hilda?
— Gizon zaharrak eman dit, ama.
— Ez, esan non aurkitu duzun! Aurkitu egin duzu, ezta?
— Gizon zaharrak eman dit.
Erlojuaren atzealdean monograma bat zegoen grabatuta, iniziale batzuk Helenek ezagutzen ez zituenak. Letra grabatu haiexei begira geratu zen, etsipenez. «Amak gordeko du han», esan zuen zakarki. Gau hartan isilka lorategira atera, palatxo bat hartu eta lur azpian gorde zuen erlojua. Aste hartan burdinazko hesi handi bat altxarazi zuen lorategiaren inguruan, eta aurrerantzean Hildak ez zuen behin ere bakarrik ateratzerik izan.
Hamahiru urte zituela, Hildak etxetik ateratzea lortu eta ihesari eman zion. Helenek detektibe pribatuak kontratatu zituen aurki zezaten, baina, lau egun geroago, polizia batek aurkitu zuen Hilda Los Angeleseko konpainia inmobiliario baten bulego abandonatuan lotan zegoela. Helenek polizia-etxera joan behar izan zuen bere alaba libratzera.
— Zergatik egin zenuen ihes, bihotza? —galdetu zion.
— Ba zera, pianoa jo nahi nuelako.
— Baina etxean badaukagu bat eta. Zergatik ez zenuen gure pianoa jo?
— Oh, bestelako bat jo nahi nuen, handietako bat.
Helenek Hilda magalean hartu eta besarkatu egin zuen indarrez.
— Eta zer egin zenuen orduan, laztana?
— Kalean nengoen eta gizon batek bere kotxera igotzeko eskatu zidan. Bost dolar eman zizkidan. Gero ijito batzuk aurkitu eta haiekin bizitzera joan nintzen. Erregina egin ninduten. Gero ijito gazte batekin ezkondu nintzen, eta haur txiki bat izatera gindoazen, baina nekatuta sentitu eta eseri egin nintzen. Orduan polizia batek hartu ninduen.
— Laztana, nire laztan gaixo hori —erantzun zion Helenek—. Badakizu hori ez dela egia. Esan duzun guztian egia izpirik ez dago.
— Egia da ordea, ama.
Helenek Phillips sendagileari hots egin zion.
— Ijito batekin ezkondu zela dio. Ez duzu pentsatuko... ez duzu benetan pentsatuko horrelakorik egin zezakeenik, ezta? Ezingo nuke burutu.
Sendagileak arretaz begiratu zion neskatoari. Bere azterketa amaitutakoan ia maltzurki mintzatu zen.
— Esan nizun espezialista baten eskuetan jarri behar zela.
Neskatoagana hurbildu zen.
— Azkenaldi honetan izan al da andre zahar gaiztoa zure logelan, Hilda?
Hildaren eskuak larritu egin ziren.
— Atzo gauean tximino batekin etorri zen, tximino ikaragarri handi batekin. Kosk egin nahi izan zidan.
— Beno, gogoan izan ezin dizula minik egin, ni zutaz arduratzen naizelako. Andre zahar horrek beldurra dit niri. Berriro etortzen bada, esan nik zaintzen zaitudala eta ikusiko duzu zer azkar alde egingo duen.
Neskatoak irribarre egin zuen, nekatu antzera.
— Tximinoak ere alde egingo al du?
— Horixe. Eta, bide batez esanda, tori karameluzko makilatxo hau zure alabarentzat.
Mentazko barratxo arraiadun bat atera zuen poltsikotik.
— Han Babetteri eman beharko zenioke. Hala du izena, ezta?
Hildak gozokiari heldu eta gelatik alde egin zuen.
— Horra ba! —esan zion sendagileak Heleni—. Zoritxarrez ezagupen eta esperientzia faltan nago, baina gauza bat seguru dakit. Hilda askoz okerrago jarriko da. Bere heldutasunera ailegatzen ari da. Aldaketa garai horrek, berarekin dakartzan gainezkakeria emozionalekin, areagotu egiten ditu beti buruko gaitzak. Ezin dut esan zer gertatuko den. Hiltzaile joera har lezake edo estreina ikusitako gizonezkoarekin alde egin lezake. Ez baduzu esku adituetan uzten, ez baduzu zer edo zer egiten ondo zain dezaten, damutuko zaizun zerbait gerta liteke. Azken ihes hau abisu bat besterik ez da izan. Ezin duzu horrela jarraitu. Zeuretzat ere ez da bidezkoa.
Aurrean zeukan Helen, tente-tente eserita. Sendagileari halako amorrazioa ematen zion erresistentzia hura ageri zuen aurpegian.
— Zer proposatzen didazu? —galdetu zuen lehor.
— Eroentzako ospitale bat —esan zuen Phillips doktoreak, eta gustatu egin zitzaion bere erantzunaren zakartasuna.
Helenen aurpegia gogortu egin zen. Bere erresistentzia tinkoxeagoa bihurtu zen.
— Ez dut egingo! —oihukatu zuen—. Nirea da, eta neu naiz bere erantzule. Neu geratuko naiz berarekin, jauna. Ez dut bistatik galduko. Baina ez dut etxetik bidaliko.
— Ondorioak ezagutzen dituzu —esan zuen sendagileak latz.
Orduan, abailduta sentitu zen emakume harekin arrazoitzerik ez zegoelako.
— Zure adiskidea naiz aspalditik, Helen. Zer dela-eta hartu behar duzu zeure gain miseria eta arrisku karga hau?
— Edozerekin burutzeko kapaz naiz, baina ezin dut etxetik bidali.
— Zilizioa maite duzu —esan zuen marmarka sendagileak—. Minak plazer ematen dizu. Ez zenuke inolaz ere tragedia izpirik huts egin nahi.
Sutan jarri zen.
— Helen, lehenago edo geroago gizon guztiek sentitzen dute emakume bati jotzeko gogoa. Gizon baketsua naizelakoan nago, baina oraintxe bertan gustura emango nizuke matraileko bat.
Helenen begi ilunetara begiratu, eta haren bizkarrean tragedia berri bat jartzea besterik ez zuela egin ikusi zuen; ez zuela lortu pairatu beharreko egoera berri bat ematea besterik.
— Eta orain banoa —esan zuen—. Ez gehiago niri hots egin. Egiatan esaten dizut: gorrotoa sentitzen hasi naiz zugana.
Zeruko Belardietako jendeak interes eta arranguraz jakin zuen andre aberats bat zetorrela ibarrean bizitzera. Enbor eta oholez betetako kamioikadak ikusi, Christmas Canyon delakoa igotzen, eta barre egin zuten mespretxu apur batez txabola batentzako enborren garraioan botatzen ari ziren diruagatik. Bert Munroe Christmas Canyon-en goi parteraino igo eta etxea altxatzen ari ziren arotzei begira egon zen egun erdi batez.
— Polita izango da —eman zuen jakitera Denetariko Dendan—. Enbor guztiak primerakoak dira, eta, zer iruditzen zaizue!, lorazainak lanean ari dira dagoeneko. Landare handiak eta zuhaitzak ekarri, denak loretan, eta lurrean jartzen dituzte. Van Deventer andre horrek oso aberatsa izan behar du.
— Erraz gastatzen dute behintzat dirua —ametitu zuen Pat Humbertek—. Jende aberats horrek bai dirua erraz gastatu.
— Eta, entzun beste kontu bat —jarraitu zuen Bertek—. Emakumeen gauzak, ez didazue ezetzik esango. Ea asmatzen duzuen zer ari diren jartzen leiho batzuetan... barroteak! Ez burdinazkoak, baizik haritzezko barrote handi, lodi batzuk. Dama zaharra koioteen beldur da, inondik ere.
— Zerbitzari asko ekarriko ote dituen ari nintzen pentsatzen. —T. B. Allenek itxaropenez hitz egiten zuen—. Baina, edozein modutara, apustu egingo nuke hirian erosiko dituela gauza guztiak. Horrelako jendeak hirian egiten du erosketa.
Etxea eta lorategia osatu zituztenean, Helen Van Deventer eta Hilda, Txinako sukaldari bat eta Filipinetako zerbitzari bat Christmas Canyon-dik gora igo ziren automobilean. Etxe ederra zen, enborrez egina. Arotzek enborrak zahartu zituzten azidoekin, eta lorazainek beren obrak aspaldiko lorategi baten itxura izatea lortu zuten. Erramu eta haritzak belazean utzi zituzten, eta haien gerizpean zinerariak hazten ziren, zuriak, urdinak eta purpura kolorekoak. Bidexken ertzetan urdintasun sinestezineko lobeliak zeuden.
Sukaldariak eta morroiak beren postuetara jo zuten berehala, baina Helenek Hildari besotik heldu eta lorategira atera ziren paseo bat ematera.
— Ez al da ederra! —hots egin zuen Helenek. Bere aurpegiak ohiko erresistentziaren parte bat galdua zuen—. Bihotza, ez al zaizu iruditzen gustura biziko garela hemen?
Hildak zineraria bat zuztarretik atera eta haritz enbor bati joka hasi zen bere harekintxe.
— Nahiago nuen gure etxea.
— Baina zergatik, bihotza? Ez geneukan hain lore politik, eta ezta horrelako zuhaitz handirik ere. Hemen egunero joango gara mendira paseatzera.
— Nahiago nuen gure etxea.
— Baina zergatik, bihotza?
— Ba nire lagun guztiak han zeudelako. Hesitik begiratu eta jendea ikus nezakeen pasatzen.
— Beste etxea baino gehiago gustatuko zaizu hau, Hilda, ohitzen zarenean.
— Ez. Sekula ez zait hau gustatuko, sekula.
Hilda negarrez hasi zen, eta gero, tarterik gabe, amorrazioz garrasika. Bat-batean lorategiko arba bat lurretik atera eta bularrean jo zuen ama bere harekin. Zerbitzaria neskaren atzean azaldu zen isil-isilik, eta besoetatik heldu eta etxe barrura eraman zuen, ostikoka eta garrasika.
Berarentzat prestatutako gelan, Hildak altzari guztiak hautsi zituen, metodikoki. Burkoei tarratekoak egin eta lumak sakabanatu zituen. Azkenean leihoko kristalak hautsi, haritzezko barroteak kolpatu eta garrasi egin zuen amorrazioz. Helen bere gelan eserita zegoen, ezpainak itxi-itxi eginda. Halako batean tentetu egin zen Hildaren gelara joateko bezala, eta gero berriro bere besaulkian hondoratu zen. Une batez, bere erresistentzia mutu hark ia-ia alde egin zion, baina segituan itzuli zitzaion sekula baino indartsuago, eta Hildaren gelatik zetozen deiadarrek ez zuten eraginik izan.
Morroia gela barrura lerratu zen.
— Pertsianak itxi, etxekoandre?
— Ez, Joe. Urruti gaude jendeagandik. Inork ezin du aditu.
Bert Munroek pasatzen ikusi zuen automobila, jende berria Christmas Canyon-go enborrezko txabolara zeramana.
— Zaila izango zaio emakume bati dena martxan jartzea laguntzarik gabe —esan zion bere emazteari—. Uste dut joan egin behar nukeela ezer behar duten ikustera.
— Gertatzen da jakin-minez zaudela —esan zion emazteak isekati.
— Beno, jakina, horrela hartzen baduzu ez naiz joango.
— Txantxetan ari nintzen, Bert —protestatu zuen emazteak—. Auzotasun ederreko seinalea iruditzen zait. Geroago ea ni neu ere joaten naizen bisita egitera Mrs. Whitesiderekin. Hori da egokiena. Baina orain zoaz zu eta ikustazu zer moduz konpontzen ari diren.
Sasoi onez igo zen, Christmas Canyon-go sakonean kantari zihoan errekatxo alaiaren ondotik. «Ez da lur ona lantzeko», esan zion bere buruari, «baina bizitzeko toki ederra da. Honelako toki batean bizi nintekeen gaur egun; bizi, besterik gabe... armistizioa heldu zen garaian heldu ez balitz.»
Beti bezala, lotsatu egin zen gerra beste pixka batez luzatu izana desiratzeagatik.
Hildaren garrasiak etxetik milia laurden batera zegoela iritsi zitzaizkion belarrira. «Zer arraio da hori?», esan zuen. «Norbait hiltzen ari direla ematen du.» Pausoa bizkortu zuen ikustearren.
Hildaren leiho barrotedunak etxearen sarrera nagusiraino zihoan bide-zidorrera ematen zuen. Bertek barroteei helduta ikusi zuen neska, begiak sutan zituela amorrazio eta beldurrez.
— Kaixo —esan zuen—. Zer gertatzen da? Zergatik utzi zaituzte hemen itxita?
Hildaren begiak kizkurtu egin ziren.
— Gosez naukate —esan zuen—. Hil nadin nahi dute.
— Zer txorakeria —esan zuen Bertek—. Zergatik nahiko luke inork zure heriotza?
— Oh! Nire diruagatik! —konfiatu zion neskak—. Ezin dute nire dirua eskuratu ni hil arte.
— Nola ba, neskato bat besterik ez zara-eta.
— Bai zera —esan zuen Hildak bekozkodun—. Emakume osatua naiz. Txikia ematen dut gosez naukatelako eta jo egiten nautelako.
Berten aurpegia ilundu egin zen.
— Beno, ikusiko dut zer egin dezakedan —esan zuen.
— Oh! Ez horiei ezer esan. Lagundu hemendik ateratzen, eta orduan nire dirua eskuratuko dut, eta orduan zurekin ezkonduko naiz.
Aurreneko aldiz, Bert arazoari antza hartzen hasi zitzaion.
— Horixe, lagunduko ez dizut ba —esan zion lasaitu nahiz bezala—. Zaude pixka batean eta ateratzen lagunduko dizut.
Etxea inguratu sarrera nagusiraino eta atea jo zuen. Zirrikitu egin zuten berehala; zerbitzariaren begi mozoloek kanpora begiratu zuten.
— Ikusi al dezaket etxekoandrea? —galdetu zion Bertek.
— Ez —esan, eta atea itxi zuen mutilak.
Une batez Bert gorri-gorri jarri zen purrustada harekin lotsatuta, baina gero, amorrarazita, deitu egin zuen ostera. Eta berriro ere atea bi behazbete zirrikitu, eta begi beltzek kanpora begiratu zuten.
— Berriro diotsut etxekoandrea ikusi beharra daukadala. Ikusi beharra daukat giltzaz itxita daukazuen neskato hori dela-eta.
— Etxekoandrea oso gaixorik. Asko sentitzen dut —esan zuen mutilak. Atea itxi zuen berriro. Aldi hartan morroiloari ematen sentitu zuen Bertek. Bide-zidorrean behera abiatu zen pauso-luzeka. «Ez bisitan etortzeko esango diot emazteari», pentsatu zuen bere artean. «Neska ero bat eta morroi zorritsu bat. Doazela infernuko zulora!»
Helenek bere logelatik hots egin zuen:
— Zer zen, Joe?
Mutila ate ondoan gelditu zen.
— Gizon bat etorri. Esan du berak zu ikusi behar. Nik esan zu gaixorik egon.
— Ondo da. Eta nor zen? Esan al du zergatik ikusi nahi ninduen?
— Nor ez dakit. Esan du berak zu ikusi behar Hilda andereñoagatik.
Aitaren batean, Helen zerbitzariaren gainean zen. Bere aurpegia haserre zegoen.
— Zer nahi zuen? Nor zen?
— Ez dakit, etxekoandre.
— Eta bidali egin duzu. Libertate gehiegi hartzen dituzu. Zoaz hemendik,
Bere burua besaulkira erortzen utzi eta begiak tapatu zituen.
— Bai, etxekoandre.
Joe buelta ematen hasi zen poliki-poliki.
— Oh, Joe, zatoz hona!
Mutila besaulki ondoan zuen, berak begiak agerian jarri baino lehen.
— Barkaidazu, Joe. Ez nekien zer esaten nuen. Ondo egin duzu. Nirekin geratuko zara, ezta?
— Bai, etxekoandre.
Helen zutitu eta leihorantz joan zen ezinegonez.
— Ez dakit zer gertatzen zaidan gaur. Miss Hilda ondo al dago?
— Bai, andereño lasai orain.
— Beno, egin sua salako tximinian, konforme? Eta gero eraman Hilda hara.
Txabolako salaren antolamenduan, Heleni iruditzen zitzaion monumentu moduko bat altxa zuela senarraren menez. Ehiza pabilioi baten antz ahalik eta osoena eman nahi izan zion. Gela handi bat zen, sekuoia-egurrezko panel eta habez hornitua. Tarteka-marteka, orein mota desberdinen buru disekatuek beren mutur galdekariak luzatzen zituzten. Gelaren alderdi batean harri-koskorrez egindako tximini handi bat nagusitzen zen, eta haren gainean batailako bandera frantses urratu bat zegoen zintzilik, Hubertek nonbaitetik ekarria. Giltzaz itxitako bitrina batean, Huberten fusil guztiak erreskadan zeuden zein bere armategian jarrita. Heleni iruditzen zitzaion ez zuela bere senarra erabat galduko halako gela bat zeukan bitartean bertan eserita egoteko.
Russian Hill-eko saloi hartan amets bat praktikatu izan zuen, atsegina zitzaiona. Hemen etxe berrian ere harekin jarraitu ahal izatea espero zuen. Ametsa ia erritual baten bitartez gauzatzen zen. Suaren aurrean eseri eta eskuak gurutzatzen zituen Helenek. Gero banaka-banaka trofeo disekatuei begiratzen zien une luze batez, bakoitzari errepikatuz: «Hubertek menderatu zuen hori.» Eta azkenean etorri egiten zen ametsa. Ia ikusi egiten zuen senarra bere aurrean. Bere gogoan, Huberten eskuen forma errepasatzen zuen, eta aldaken mehartasuna, eta bernen luzera eta zuzentasuna. Tarte baten ostean, gauzak nola esan ohi zituen gogoratzen zuen, azentuak non jartzen zituen eta aurpegia nola pizten eta gorritzen zitzaion ardailatuta zegoenean. Gonbidatuak trofeo batetik bestera nola Braman ohi zituen gogoratzen zuen Helenek. Bakoitzaren aurrean, Hubert orpoen gainean kulunkatu eta eskuak bizkar atzean gurutzatzen zituen, animalia nola hil zuen kontatzen zuen bitartean xehetasunik ttipieneraino.
— Ilargia ez zen aproposa eta ezeren aztarrenik ez zen inon. Fredek (gidaria zen Fred) esan zuen ezer harrapatzeko aukerarik ez genuela. Gogoan daukat goiz hartan hirugiharrik gabe geldituak ginela. Baina, badakizue, niri zerbaitek esaten zidan abiatu eta begiratu bat bota behar genuela.
Helenek istorio txepel, gatzik gabeko haiek kontatzen sentitzen zuen senarra, beti antzera bukatzen zirenak: «Ba zera, distantzia luzeegia zen eta kristoren haizea zetorren ezker aldetik, baina nik hala ere apuntatu eta pentsatu nuen: "Alferrik ari nauk", eta bertan hilko ahal naiz ez banuen jo eta bertan bota. Suerte hutsa izan zen, noski.»
Hubertek ez zuen benetan nahi bere entzuleek suerte hutsa izan zenik sinestea. Kirolari onaren jestu dotorea zen hura. Helenek gogoan zeukan berak, halakoetan, zera pentsatu ohi zuela, zergatik ez ote zitzaion kirolari onari ametitzen bere arrakastak aitortzea.
Baina holaxe garatzen zen ametsa. Senarraren irudia osatzen zuen, harik eta irudi hark gela menpean harto eta ehiztari handiaren sasoi oparoaz betetzen zuen arte. Ondoren, behin ametsa burutu eta gero, zirtzilatu egiten zuen. Ateko txirrinak, egun hartan, tonu bereziki mingarriaz jo zuen. Helenek gizonezkoen aurpegiak gogoratzen zituen, tristeak eta aztoratuak, istripuaren berri ematen zioten bitartean. Gorpua etxe aurreko harmailetatik igo zuten unean amaitzen zen beti ametsa. Tristurazko olatu itsugarri batek betetzen zuen Helenen bularra, eta berriro ere besaulkian hondoratzen zen.
Baliabide horien bitartez bizirik mantentzen zuen senarra, uko eginez, bere tema guztiaz, irudi hura bere memorian lausotzen uzteari. Hiru hilabetez bakarrik egon zen ezkonduta, esaten zion bere buruari. Hiru hilabetez bakarrik! Etsita zegoen itxaropenik gabeko melankolia sentimendu batekin bizitzera. Sentimendu horri arnasa ematen ziola bazekien, baina Huberten eskubidea zela iruditzen zitzaion, hari zor zion omenaldi moduko bat. Gogor egin behar zion tristurari, baina ihes egiten saiatu gabe.
Helenek denbora asko zeraman bere etxe berrian pasako zuen lehen gau honen zain. Tximinian egur puskak garretan zeudela, eta argia dizdizka animalien begi kristalezkoetan, ametsari ongietorria emateko asmoa zuen bere etxe berrira.
Joe logelara itzuli zen.
— Sua piztuta, etxekoandre. Orain nik Hilda andereñoari deitu?
Helenek begiratu bat bota zuen leihotik. Ilunabarra muino gailurretatik beherantz zetorren. Saguzar batzuk ere bazebiltzan jadanik, jiraka eta bueltaka urduritasunez. Galeperrek elkarri hots egiten zioten uretarako bidean, eta urrutian, mendi-lepoaren beheko aldean, beheek marru egiten zuten estalperantz zihoazela. Helen aldaketa bat ari zen nozitzen. Bake sentsazio berri batek betetzen zuen. Babestuta eta armatuta sentitzen zen hainbeste denboran setiatu zuten tragedien kontra. Besoak aurrerantz eta atzerantz luzatu, eta hasperen egin zuen gustura. Joek zain segitzen zuen ate ondoan.
— Zer? —esan zuen Helenek—, Miss Hilda? Ez, ez oraindik ekarri. Afaria laster izango da prest. Hildak ez badu afaltzera azaldu nahi, geroago ikusiko dut.
Ez zuen Hilda ikusi nahi. Bake berri, gozo hura eten egingo zen bestela. Ilunabarraren argitasun bitxian eseri nahi zuen, eseri eta galeperrak elkarri hoska sentitu, malda sasitsuetan behera ura edatera zihoazela ilundu aurretik.
Helenek zetazko txal bat bizkarrean hartu eta lorategira atera zen. Ematen zuen bakeak maldan behera arrapaladan jaitsi eta bere baitan hartzen zuela. Lore munto batean untxi gris txiki bat ikusi zuen isats zurikoa, eta haren ikusteak dardara eginarazi zion plazerez. Untxiak burua jiratu eta begira geratu zitzaion pixka batean, eta gero landare berriei koskaka jarraitu zuen. Bat-batean zoroki zoriontsu sentitu zen Helen. Gauza xarmangarri eta kilikagarriren bat gertatzear zegoen, gauza txit zoragarri bat. Bere bat-bateko poz hartan untxiari mintzatu zitzaion:
— Segi jaten, lore zaharrak ere har ditzakezu. Bihar azak aldatuko ditut zuretzat. Gustura hartuko dituzu, ezta, Peter? Begira, Peter, Peter al duzu izena? Zer tuntuna, untxi guztiek Peter dute izena. Kontua da, Peter, ezeren esperantzarik ez dudala izan aspalditik. Ez al da xelebrea? Ala, tristea ote? Baina orain zerbaiten esperantzan nago. Antizipazioz lehertzeko zorian nago. Eta ez dakit zer izan daitekeen espero dudana. Ez al da txoro kontua, Peter?
Aurrera jarraitu zuen, eskuaz agur eginez untxiari.
— Zinerariak goxoagoak zirela egingo nukeen nik —esan zion.
Uraren kantuak bide-zidorrean behera bultzatzen zion, erreka aldera. Ertzera hurbiltzen ari zela, galeper banda batek sastraka artera jo zuen ziztu bizian, asaldurazko garrasi totelekin. Helenek lotsa sentitu zuen enbarazu egin zielako. «Itzul zaitezte!» hots egin zien. «Ez dizuet tirorik botako. Untxia ez da nigatik kezkatu. Gainera, nahita ere ezingo nizueke tirorik bota.» Bat-batean, Hubertek eskopeta erabiltzen erakustera eraman zuen aldia gogoratu zitzaion. Solemnitate erlijiosoz erakutsi zion armari nola heldu eta nola apuntatu bi begiak zabalduta.
— Orain lata bat botako dut gora —esan zion—. Ez dut nahi behin ere tirorik botatzea geldirik dagoen zerbaiti... ezta behin ere. Kirolari eskasa da geldirik dagoen txoriari tiroa botatzen diona.
Helen lata hegalariari tiroka aritu zen eroa bezala, sorbalda gogortu zitzaion arte, eta automobilean etxerantz zihoazela tapatako bat eman zion senarrak.
— Puska batean ez duzu galeperrik botako —esan zion—. Baina untxiei emateko gai izan behar zenuke laster.
Jarraian, etxera ekarri ohi zituen larruzko uhal haiek etorri zitzaizkion burura, lepotik zintzilikatutako galeper mordoarekin.
— Uhaletik libratzen direnean, seinale nahiko denbora egin dutela zintzilik eta jateko moduan daudela —esaten zuen solemnitatez.
Bat-batean Helenek antzeman zuen ez zuela Hubertengan gehiago pentsatu nahi. Atzera begiratze hark ezabatu egin zuen ia bere bake sentsazioa.
Ilun zegoen ia. Salbiaren usainak gaua gozatzen zuen. Sukaldaria hoska ari zen sukaldetik, Helenek afaria iragartzeko erosi zuen zintzarriari eraginez. Txalean ondo bildu, dardarizo batekin, eta etxe barrura sartu zen.
Jangelan alabarekin aurkitu zen aurrez aurre. Arratsaldeko amorrazioaren aztarren guztiak ezkutatuta zeuden Hildaren aurpegitik; pozik zirudien, eta oso gustura bere buruarekin.
— Bihotza. Hobeto zaude, ezta? —hots egin zuen Helenek.
— Oh, bai.
Helen mahaiaren bestaldera joan eta muxu eman zion alabari kopetan. Gero, dardarizoka, besarkatu egin zuen Hilda une batez.
— Zer toki ederra den ikusten duzunean, oso maitea izango duzu. Badakit baietz.
Hildak ez zuen erantzun, baina bere begiek maltzur itxura hartu zuten.
— Maiteko duzu, ezta, bihotza? —ekin zion Helenek berriro, bere tokira itzultzen ari zela.
Hilda misteriotsu agertu zen.
— Beno, beharbada maiteko dut. Beharbada ez dut maite beharrik izango.
— Zer esan nahi duzu, laztana?
— Beharbada ez naiz hemen luzaro egongo.
— Ez zarela hemen luzaro egongo?
Helenek begiratu azkar bat bota zuen mahaiaren bestaldera. Bistakoa zen Hilda sekreturen bat gorde nahian ari zela, baina alde egin egiten zion.
— Beharbada ihes egin eta ezkondu egingo naiz.
Helenek bere besaulkian hondoratu eta irribarre egin zuen.
— Oh, bai. Horixe baietz. Hala ere hobe zenuke urte batzuk itxoitea. Nor da oraingoan, laztana? Printzea, berriro ere?
— Ez, ez da printzea. Gizon pobrea da, baina nik maitatu egingo dut. Gaur gure plan guztiak egin ditugu. Bila etorriko zaidala uste dut.
Helenen memorian zerbait harrotu zen.
— Gaur arratsaldean etxera etorri den gizona al da?
Hilda zutitu egin zen mahaitik.
— Ez dizut beste ezertxo ere esango —hots egin zuen—. Ez duzu galdetzeko eskubiderik. Baina zera, zaude pixka batean... etxe zahar honetan geratu beharrik ez dudala erakutsiko dizut.
Gelatik korrika atera eta bere logelako atea danbateko batez itxi zuen bere atzetik.
Helenek zerbitzariari hots egin zion zintzarriarekin.
— Joe, gaur etorri den gizonak zer esan du zehazki?
— Esan du berak zu ikusi behar neska txikiagatik.
— Zer nolako gizona zen? Zenbat urte zituen?
— Ez zaharra, etxekoandre, ez gaztea. Berrogeita hamar urte edo horrelakoren bat.
Hasperen egin zuen Helenek. Beste ipuin bat baino ez zen, Hildak sumatzen eta kontatzen zituen dramatxo haietako bat. Eta hain ziren benetakoak berarentzat, ume gaixoarentzat! Helenek astiro jan zuen, eta gero, sala handian, suaren aurrean eseri zen, enbor gorien txingar puskei eraginez axolagabeki. Argi guztiak itzali zituen. Suak dizdiz egiten zuen hormako buru disekatuen begietan, eta Helenen ohitura zaharrak indar hartu zuen berriro. Huberten eskuek zer forma zuten imajinatzen aurkitu zuen bere burua, zer estuak ziren haren aldakak eta zer zuzenak bernak. Eta orduan aurkikuntza bat egin zuen: bere irudimenak Huberten eskuak uzten zituenean, esku haiek ezkutatu egiten ziren. Ez zen bere senarraren irudia osatzen ari. Joana zen, betirako joana. Aurreneko aldiz aspaldiko urteetan, eskuak aurpegira eraman eta negar egin zuen Helenek, zeren bakea itzulia baitzen, eta bai expektazio oparoa ere. Lehortu zituen begiak eta gelatik barrena abiatu zen astiro, hango buruei irribarre eginez animalia bakoitza nola hil zen ez lekikeen arrotz baten begirada axolagabeaz. Gelak desberdina zirudien eta beste giro bat antzematen zitzaion. Leihoen krisketa berriak itsumustuan probatu eta parez pare zabaldu zizkion leiho handiak gauari. Eta gaueko brisara hasperenka sartu zen eta sorbalda biluziak bainatu zizkion bere bake freskoarekin. Leihora atera eta adi jarri zen. Hainbeste soinu txiki zetozen lorategitik eta lorategia baino harantzagoko muinotik! «Bizitzaz josia dago dena», pentsatu zuen. «Bizitzaz gainezka dago dena.» Pixkanaka, entzuten ari zela, etxearen bestaldetik zetorren karrask soinu batez ohartu zen. «Kastoreak baleude, kastore bat izango litzateke zuhaitz bati koskaka. Arantzurderen bat izango da beharbada, zimenduak jaten ari dena. Entzun izan ditut horrelako kontuak. Baina arantzurderik ere ez dago hemen horietan.» Etxetik bertatik zetozen karrask hotsaren dardarak. «Enborrak marraskatzen ari den zerbait izan behar du», esan zuen. Kraskatako txiki bat aditu zen. Hotsa isildu egin zen. Helen asaldatu egin zen, larrituta. Pasillo batetik bizkor-bizkor joan eta Hildaren gelako ate aurrean gelditu zen. Eskua kanpoko morroilo sendoan jarri eta hots egin zuen:
— Ondo al zaude, bihotza?
Ez zen erantzunik izan. Morroiloa isil-isilik ireki eta gelara sartu zen Helen. Haritzezko barrote bat moztuta aurkitu zuen, eta Hilda ez zegoen han.
Une batez tente-tente gelditu zen Helen leiho irekiaren aurrean, pentsakor begiratuz gau grisari. Gero bere aurpegia zurbildu eta bere ezpainek aspaldiko tinkotasun itxura hura hartu zuten. Atzera salarako bidea egiten zuen bitartean, bere mugimenduak mekanikoak ziren. Aulki baten gainera igo, armen bitrina ireki eta eskopeta bat atera zuen.
Phillips doktorea Helen Van Deventerren ondoan eserita zegoen coroner-aren bulegoan. Etorri beharra zuen umearen sendagile bezala, jakina, baina aldi berean pentsatu zuen bere presentziak lasaitu egin zezakeela Helen. Andreak ez zirudien beldurtua. Bere dolu garratz, ia basatian, itsasoak maiztutako harri bat bezain eraman handikoa ematen zuen.
— Eta espero al zenuen? —ari zen esaten coroner-a—. Pentsatzen al zenuen horrelakorik gerta zitekeenik?
Phillips doktoreak urduri antzera Heleni begiratu eta eztarria garbitu zuen.
— Nik zaindu nuen jaio zenez geroztik. Horrelako kasu batean, bere burua hil zezakeen edo beste norbait, zirkunstantzien arabera. Inori kalterik egin gabe bizitzen ere jarrai zezakeen. Indarkeriazko pausorik eman gabe pasa zezakeen bizitza osoa. Ezinezkoa zen esatea, ulertuko duzun bezala.
Coroner-a paperak firmatzen ari zen.
— Modu basatian egin zuen. Bistan da neska erotuta zegoela eta bere motiboak aztertzeko arrazoirik ez dagoela. Huskeria batengatik egingo zuen beharbada. Baina latz jokatu zuen. Halere berak ez zuen jakin. Bere burua errekan eta arma aldamenean. Suizidio epaia emango dut. Sentitzen dut zure aurrean horrela hitz egin beharra, Mrs. Van Daventer. Bera aurkitzea kolpe ikaragarria izango zen zuretzat.
Sendagileak auzitegiko eskailerak jaisten lagundu zion Heleni.
— Ez ezazu aurpegi hori jarri —esan zion—. Exekuzio batera zoazela ematen du. Hobe da horrela, benetan esaten dizut. Ez ezazu hainbeste sufritu.
Helenek ez zion begiratu.
— Orain badakit. Hemendik aurrera badakit zer espero duen bizitzak nigandik —esan zuen eztiro—. Orain badakit beti susmatu izan dudana. Eta burutzeko indarra badut, jauna. Ez nigatik kezkatu.
6
Junius Maltby gizontxo gazte bat zen, familia on eta eskolatu batekoa eta heziketa itxurazkoa izan zuena. Bere aita kiebra jota hil zenean, Junius idazkari postu batean endredatu zen katramilatsuki, eta horren aurkako lehia makalean pasa zituen ondorengo hamar urteak.
Lanetik ateratakoan Junius bere gela amueblatura erretiratzen zen, Morris besaulkiaren kuxinei tapatako batzuk eman eta irakurtzen pasatzen zuen ilunabarra. Stevensonen entseguak ingelesez idatzitako gauzarik ederrena iruditzen zitzaizkion ia-ia; askotan irakurri zuen Bidez-bide asto batekin.
Ilunabar batez, bere hogeita hamabosgarren urtebetetze egunetik denbora gutxira, Juniusi ondoeza egin zitzaion bere apopilo etxeko eskaileretan. Kordea etorri zitzaionean, bere arnasa nekeza eta behar ez bezalakoa zela antzeman zuen aurreneko aldiz. Noiztik ote zeukan horrela galdetu zion bere buruari. Kontsultatu zuen sendagilea atsegin eta optimista agertu zen.
— Zure gaitza ez dago aurreratuegia osatzerik ez izateko —esan zion—. Baina birika horiek San Franciscotik urruntzea erremediorik gabea duzu. Hemen laino artean geratzen bazara, ez zara urtebete biziko. Zoaz klima epel eta lehor batera.
Bere osasunaren ezbehar hark pozez bete zuen Junius, zeren bere kabuz eten ezin izan zituen kateak mozteko aukera eskaintzen baitzion. Bostehun dolar zeuzkan, ez dirua aurreratzeko ohitura zuelako, baizik, besterik gabe, gastatzea ahaztu egiten zitzaiolako. «Kopuru honekin», esan zuen, «edo sendatu eta berriro hutsetik hasiko naiz, edo bestela hil eta akabo dena niretzat.»
Bere bulegoko gizon batek Zeruko Belardietako ibar epel, babestuaren berri eman zion, eta Juniusek harantz jo zuen berehala. Gustatu egin zitzaion izena. Pentsatu zuen: «Izen horrek, edo ez naizela luzaro biziko iragartzen du, edo bestela heriotzaren ordezko sinboliko ederra da.» Iruditzen zitzaion izenak esanahi pertsonala zuela berarentzat, eta pozez zoratzen zegoen horrekin, zeren hamar urtez ez baitzen munduan ezer pertsonalik izan berarentzat.
Zeruko Belardietan bazen familia bat baino gehiago apopiloak hartzeko prest. Juniusek denak banan-banan aztertu eta azkenean Quaker alarguntsaren granjan bizitzera joan zen. Hari beharrezkoa zitzaion diru hura, eta gainera, Juniusek etxetik bereizitako txabola batean lo egiteko modua izango zuen. Mrs. Quakerrek bi seme txiki zituen, eta morroi bat hartua zeukan granjako lanak egiteko.
Klima epelak eragin goxagarria izan zuen Juniusen biriketan. Urtea pasa baino lehen kolorea hobetuta eta kiloak irabazita zegoen. Lasai eta zoriontsu bizi zen granjan, eta, denetan gehiena gustatzen zitzaiona, bulegoko hamar urteak atzean utzi eta ikaragarri nagituta zegoen. Juniusen ile hori eta bakanak orraztu gabe egoten ziren; betaurrekoak berriz, sudur zuzenean oso erorita eramaten zituen, begiak indartzen ari baitzitzaizkion, eta haien ukitua sentitzeko ohitura hutsagatik janzten zituen. Egunez txotx txikiren bat edukitzen zuen beti ahotik agerian, pertsona nagi eta pentsakorrenei dagokien ohitura. Osaketa hau 1910ean gertatu zen.
1911an, Mrs. Quaker kezkatzen hasi zen auzokoen esamesak zirela-eta. Gizon ezkongabe bat etxean edukitzearen inplikazioez ohartu zenean, larritu eta urduritu egin zen. Juniusen osaketa seguru antzekoa izan orduko, alargunak bere kezkak aitortu zizkion. Juniusek emaztetzat hartu zuen, berehala eta pozik. Horrela, etxe baten eta urrezko etorkizun baten jabe egin zen, zeren Mrs. Maltby berriak berrehun akre baitzituen belarretarako maldetan, eta bost akre baratzetarako behe-lurretan. Juniusek bere liburuak ekarrarazi zituen, eta Morris besaulkia, bizkar moldagarrikoa, eta Velazquezen Kardenala-ren kopia ederra. Etorkizunak arratsalde atsegin eta eguzkitsu baten itxura hartu zuen berarentzat.
Mrs. Maltbyk segituan morroia bidali eta senarrari lan eginarazten saiatu zen; baina zeregin horretan erresistentziarik nahasgarriena topatu zuen, fronte sendorik eskaintzen ez zuena erasoa harantz zuzentzeko. Sendatzen zen bitartean, Junius nagitasun-zale egin zen. Ibarra eta granja gustukoak zituen, baina bere hartan gustatzen zitzaizkion; ez zuen ez gauza berririk landatu nahi, ez lehengorik kendu nahi. Mrs. Maltbyk aitzurra eskuan jarri zionean, eta baratzera bidali zuenean lanera, ordu batzuk geroago, espero bezala, belazeko errekan hankak txintxilik zituela aurkitu zuen, Bahitua nobelaren sakela-edizioa irakurtzen. Juniusek barkamena eskatu zuen; ez zekien nola gertatu zen. Eta hori zen, hain zuzen ere, egia.
Hasieran Mrs. Maltby errietan aritzen zitzaion etengabe nagitasun harengatik eta bere janzkera axolagabeagatik, baina berak laster garatua zuen emazteari ez entzuteko abilidadea. Baldarkeria izango zen, hala iruditzen zitzaion, emazteari dama bat bezala jokatzen ari ez zen unean erreparatzea. Elbarri bati begira-begira geratzea bezala izango zen. Eta Mrs. Maltbyk, aldi batez senarraren erresistentzia lainotsuarekin lehiatu ondoren, mainak egiteko eta ilea ez zaintzeko joera hartu zuen.
1911tik 1917ra bitartean, Maltby-tarrak asko pobretu ziren. Hitz batean esanda, Juniusek ez zuen granjaren ardura harta nahi. Larrerako lur Are batzuk saldu beharra izan zuten janari eta arropetarako dirua ateratzeko, baina orduan ere eskas izan zuten jana. Pobrezia granjan jesarri zitzaien hankak gurutzatuta, eta Maltby-tarrak zarpa hutsez jantzi ziren. Behin ere ez zuten arropa berririk izaten, baina Juniusek David Grayson-en entseiuak aurkituak zituen. Laneko galtzak jantzi eta belazeko erreka ertzeko sikomoroen azpian esertzen zen. Batzuetan Adventures in Contentment irakurtzen zien bere emazte eta bi semeei.
1917aren hasiera aldera, Mrs. Maltbyk haurdun zegoela antzeman zuen, eta urte beraren bukaera aldera gerra garaiko gripe epidemiak krudeltasun ankerrez jo zuen familia. Beharbada gaizki alimentatuta zeudelako, bi mutikoak batera gaixotu ziren. Hiru egunez, etxea gainezka bezala egon zen ume gorri, sukartsuez; gainezka, oheko tapakien harietatik bizitzari atxikitzen saiatzen ziren behatz urduriez. Hiru egunez, lehian aritu ziren ahulki, eta laugarrenean, hil egin ziren bi mutikoak. Amak ez zuen jakin, erditzekotan baitzegoen, eta etxean laguntzera etorritako auzokoek ez zuten berria emateko ez kemenik ez krudeltasunik izan. Sukar beltzak haur-minez zegoela eraso zion, eta bere umea ikusterik izan baino lehen hil zuen.
Haurgintzan lagundu zuten auzoko emakumeek laster zabaldu zuten ibar guztian Junius Maltby irakurtzen egon zela erreka ondoan bere emazte eta umeak hiltzen ziren bitartean. Baina hori neurri batean bakarrik zen egia. Gaitza harrapatu zuten egunean, gaixorik zeudela ez zekielako egon zen errekan, hankak uretan zituela, baina ondorenean, noraezean bezala, jo batengana eta jo besteagana —ibili zen, hilzorian zeuden bi umeei gauza zentzugabeak kontatuz. Diamanteak nola osatzen diren kontatu zion zaharrenari. Bestearen ohe ondoan esbastikaren edertasuna, antzinatasuna eta sinbologia azaldu zituen. Bizitza bat Altxor Ubartea-ren bigarren kapitulua ozenki irakurtzen zuen bitartean itzali zen, eta gertatu zenik ere ez zuen jakin kapitulua bukatu eta gora begiratu zuen arte. Egun haietan joanda bezala ibili zen. Zeuzkan gauza apurrak atera eta erregalatu egin zizkien umeei, baina botererik ez zuten heriotzaren kontra. Aldez aurretik ere bazekien ez zutela izango, eta horrek latzago bihurtzen zuen dena.
Gorpu guztiak eraman zituztenean, Junius errekara itzuli zen eta Bidez-bide asto batekin delakoaren orri batzuk irakurri zituen. Hala-moduzko irritxo batzuk ere egin zituen Modestineren egoskorkeriagatik. Stevensoni izan ezean, nori bururatuko zitzaion asto bati Modestine deitzea?
Auzoko emakume bat etxera etorri, eta halako madarikazioak bota zizkion non berak, lotsatuta, entzun ere ez baitzion egin. Emakumeak eskuak aldaketan jarri eta mesprezioz betetako begirazoa bota zion. Eta gero umea ekarri, seme bat, eta bere aitaren besoetan utzi zuen. Hesiaren atetik atzera begiratu zuenean, Juniusen aldera, hantxe zegoen tente, piztitxo marrularia besoetan zuela. Non utzirik ez zuen ikusten, beraz halaxe eduki zuen puska batean.
Ibarreko jendeak istorio asko kontatzen zituen Juniusi buruz. Batzuetan gorrotatu egiten zuten jende saiatuak nagiari izan ohi dion amorrazioarekin, eta bestetan inbidia hartzen zioten bere nagitasun harexengatik; baina sarritan errukitu egiten zitzaizkion bere trakeskeria ikusita. Ibarrean inork ez zuen inoiz konprenitu Junius zoriontsu zela.
Kontatzen zuten behin batez, sendagileak esanda, Juniusek ahuntz bat erosi zuela haurrarentzat esnea izateko. Ez omen zuen ez animaliaren sexuaz galdetu, ez ahuntza zertarako nahi zuen esan. Ekarri ziotenean, azpiko aldera begiratu eta hala galdetu omen zuen serio-serio:
— Ahuntz normala al da hau?
— Horixe —esan zuen jabeak.
— Baina atze horretan, atzeko zangoen artean, ez al luke errapea edo horrelako zerbait eduki behar? Esnearentzat, alegia.
Ibarreko jendeak berebiziko algarak egin zituen kontu horrekin. Geroago, ahuntz hobea ekarri ziotenean, Junius ekin eta ekin aritu zitzaion bi egunez, eta ezin izan zion esne tantorik atera. Itzuli egin nahi zuen ahuntza, akatsa zuelakoan, jabeak nola jetzi erakutsi zion arte. Zenbait jendek zioen haurra ahuntzaren azpian jarri eta hantxe uzten zuela esnea bere kabuz xurga zezan, baina hori ez zen egia. Ibarrekoek aitortzen zuten ez zekitela nola lortu zuen umea haztea.
Egun batez Juniusek Monterreyra jo eta aleman edadeko bat kontratatu zuen granjan lagun ziezaion. Bost dolar aurreratu zizkion morroi berriari, eta sekula ez zion berriro ordaindu. Bi aste igaro baino lehen, morroia zeharo harrapatuta zegoen nagitasunaren sareetan eta ez zuen bere nagusiak baino lan gehiago egiten. Biak etxe inguruan eseri eta hantxe egoten ziren interesgarriak edo harrigarriak zitzaizkien gauzak eztabaidatzen: nola etortzen zaien kolorea loreei, naturan sinbologiarik ba ote dagoen, Atlantida non ote zegoen edo nola ehorzten zituzten Inkek hildakoak.
Udaberrian patatak aldatzen zituzten, beti beranduegi, eta xomorroak uxatzeko errautsez estali gabe. Indabak, artoa eta ilarrak erein, aldi batez zaindu, eta ahaztu egiten zituzten gero. Belar-gaiztoek dena estali eta ez zuten ezer ikusten uzten. Ez zen gauza ezohikoa Junius egundoko malba sastraka baten barruan ezkutatzen ikustea, gero pepino zurbil bat eskuan zuela azaltzeko. Ez zuen oinetakorik janzten, hanketan tur epela sentitzea gustatzen zitzaiolako, eta oinetakorik ez zuelako.
Arratsalde batez, Juniusek solasaldi luzea izan zuen Jakob Stutzekin.
— Begira —esan zion—, umeak hil zirenean pentsatu nuen horrorezko gailur bereziki altu bateraino heldua nintzela. Gero, hori burutik kendu baino lehen, horrorea atsekabe bilakatu zen eta atsekabea tristura bihurtzeraino urritu zen. Nik uste ez nituela ez emaztea ez umeak oso ondo ezagutzen. Hurbilegi neuzkan beharbada. Gauza xelebrea da, ezagutza hori. Xehetasunez ohartzea besterik ez da. Ikusbide luzeko eta ikusbide motzeko izpirituak daude. Nik behin ere ez dut balio izan hurbil dauzkadan gauzak ikusteko. Esate baterako, Partenona askoz ezagunagoa zait nire horko etxe horiek baino.
Bat-batean Juniusen aurpegia dardarka bezala hasi zen emozioz, eta bere begiek dizdiz egin zuten entusiasmoz.
— Jakob —esan zuen—, Partenonaren frisoaren irudirik ikusi al duzu behin ere?
— Bai, eta irudia bera ere ederra da —esan zuen Jakobek.
Juniusek bere morroiaren belaun gainean jarri zuen eskua.
— Zaldi horiek —esan zuen—, zaldi zoragarri horiek, belardi zerutiar baterantz doazenak. Gizon gazte, lehiatsu, eta aldi berean duin horiek, kornisaren bestaldean ospatzen ari den festa barregarrira abiatzen. Nola jakin ote dezake gizonak zaldi batek sentitzen duena oso pozik dagoenean. Eskultore horrek bazekien noski, beste gainontzean ezin izango zituen horrela zizelkatu.
Horrela mintzatzen ziren. Juniusek ez zekien gai bati lotzen. Sarritan gosea pasatzen zuten bi gizonek, belarretan oilo habiarik aurkitzen ez zutelako afal garaia heldutakoan.
Juniusen semeak Robert Louis izena zuen. Bururatu eta izen hori jarri zion Juniusek, baina Jakob Stutzek gogor egin zuen bere ustez nolabaiteko ederkeria literarioa zenaren aurrean.
— Mutilek zakurrek bezalako izenak eduki behar dituzte —zioen berak—. Silaba bakarra nahikoa da izen batentzat. Robert ere luzeegia da. Bob deitu beharko genioke.
Jakob ia berearekin atera zen.
— Amore emango dut —esan zuen Juniusek—. Robbie deituko diogu. Robbie azken batean Robert baino laburragoa da, ezta?
Amore ematen zuen sarritan Jakoben aurrean, zeren Jakobek etengabe borrokatxoak egiten baitzituen bere inguruan osatzen ari ziren armiarma-sareen kontra. Aldian behin, halako ardaila birtuoso batez, etxea garbitzen zuen.
Robbie seriotasunean hazi zen. Bi gizonen atzetik ibiltzen zen beti, haien elkarrizketak entzunez. Juniusek behin ere ez zuen mutil-koskor bat bezala tratatu, mutil-koskorrak nola tratatu behar ziren ez zekielako. Robbiek zerbait esaten bazuen, bi gizonek kortesiaz entzun eta beren elkarrizketan sartzen zuten adierazpena, edo ikerketa baten abiapuntu bezala ere erabil zezaketen. Gauza askoren aztarrenak jarraitzen zituzten arratsalde batean. Behin baino gehiagotan jotzen zuten egunero Juniusen Entziklopediara.
Sikomoro erraldoi batek adar horizontal bat luzatzen zuen belazeko errekaren gainetik, eta harexen gainean esertzen ziren hirurak, gizonak hankak uretaraino txintxilik zituztela eta puntekin harri txintxarrak mugituz, eta Robbie berriz haiek imitatzeko ahalegin nabarmenak eginez. Uretaraino ailegatzea gizontasunaren seinaleetako bat zen berarentzat. Garai hartarako, Jakobek ere baztertuak zituen oinetakoak; Robbiek berriz, sekula ez zuen bere bizitzan pare bat jantzi.
Eztabaidak goi mailakoak izan ohi ziren. Robbiek ez zekien umeen hizkera erabiltzen, behin ere ez zuen aditu eta. Ez zuten benetako elkarrizketarik izaten; hori baino areago, gogoeta kimu bati bere kasa ernetzen utzi, eta gero mirespenez zaintzen zuten bere adarrak zabaltzen zituen bitartean. Harritu egiten ziren beren elkarrizketak emandako fruitu bitxiaren aurrean, zeren ez baitzuten pentsaketa bideratzen, ez zuzentzen edo inausten ere hainbat jendek egin ohi duen bezala.
Hantxe adar gainean eserita egoten ziren hirurak. Arropak zarpailduta zeuzkaten, eta ilea trakets moztuta, juxtu begietan sartzea galarazteko adina. Gizonek bizarra luzatuta eta txukundu gabe zeukaten. Zapatariak ikusten zituzten beren hanka punta jostalariek sakondutako putzuaren azal gainean. Haizeak eztiro eragiten zion beren gaineko zuhaitz diganteari, eta honek aldian behin painelu marroi baten itxurako hosto bat uzten zuen erortzen. Robbiek bost urte zituen.
— Nik uste sikomoroak zuhaitz onak direla —adierazi zuen, hosto bat bere magalera erortzen ikusita.
Jakobek hartu hostoa eta nerbioen arteko tela guztia kendu zion.
— Bai —onartu zuen—, urarekin hazten dira. Gauza onek ura maite dute. Gauza txarrak lehorrak izaten dira beti.
— Sikomoroak handiak eta onak dira —esan zuen Juniusek—. Niri iruditzen zait gauza onek edo gauza atseginek oso handiak izan behar dutela irauteko. Gauza txar txikiek hondatu egiten dituzte beti gauza on txikiak. Gauza handiak gutxitan izaten dira pozoitsuak edo traidoreak. Horregatik, giza pentsamenduan, handitasuna onaren atributua da eta txikitasuna berriz gaitzarena. Ulertzen al duzu hori, Robbie?
— Bai —esan zuen Robbiek—. Ulertzen dut. Esate baterako elefanteak.
— Elefanteak gaiztoak izaten dira askotan, baina imajinatzen ditugunean, baketsuak eta zintzoak iruditzen zaizkigu.
— Eta ura? —sartu zen Jakob—. Urarena ere ulertzen al duzu?
— Ez, urarena ez.
— Ba nik bai —esan zuen Juniusek—. Ura bizitzaren jatorri dela esan nahi duzu. Hiru elementuetatik, ura esperma da, lurra matriza eta eguzkiaren argia hazieraren moldea.
Horrelaxe erakusten zizkioten umeari batere zentzurik gabeko gauzak.