Henrik Ibsen

 

Andere etxea

 

euskaratzailea: Jose Agirre

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Itzulpena: Jose Agirre

 

Euskarazko edizioa: Egan, 1980

Jatorrizkoaren data: 1879

 

Henrik Ibsen euskaraz:

       http://ekarriak.armiarma.com/?i=263

 

Informazio gehiago:

       http://armiarma.com/emailuok/?p=584

 

 

I.EKITALDIA

 

 

I. AGERRALDIA

 

Nora, Elena eta mutil bat. Gero Helmer

 

Zapia irekitzean txilina entzuten da atzean. Elena, bakarrik trasteak txukuntzen ari zen eta eskubiko atea irekitzera azkar doa. Orduan sartzen da Nora, kaleko jantziz pakete batzuk eskuetan dituela. Ondoren mutil bat datorkio eguberri-zuhaitz eta saski batekin. Norak, ahopean kantari, eskubiko mahai gainean uzten ditu paketeak. Mutilak Elenari ematen dizkio zuhaitz eta saskia.

 

NORA: Gorde ezazu ondo eguberri-zuhaitz hori, Elena. Haurrek ez dezatela ikusi, txukundu eta apaindu arte. (Mutilari.) Zenbat eman behar dizut?

MUTIL: Bost txakur handi (Hiru pezeta.)

NORA: (Tori korona bat.) Tori duro bat (Mutila agur egin eta doa. Norak atea ixten du. Beti ere irribarrez sonbrerua eta abrigua eranzten ditu. Gero patrikatik xorroka bat almendra ateratzen du eta bi edo hiru janez atzeko ezkerreko atera doa hanka-punttetan eta belarria entzuten jarririk.)  A! lan-gelan dago. (Ahopean kantari berriz ere eskubiko mahaira doa.)

HELMER: Nire larratxoria al da kantari?

NORA: (Paketeak irekiz.) Bai.

HELMER: Nire katagorria al dabil harantz eta horrantz?

NORA: Bai.

HELMER: Aspaldi etorri al zen nire katagorria?

NORA: Iristea egin dut. (Goxoen-xorroa gorde eta ezpainak garbituz.) Hator onera Torwaldo. Begira ze erosi ditudan.

HELMER: Etzaidazu nire jardunaren haria eten. (Geroxeago atea ireki eta pluma eskuan alde guztietara begira.) Erosi? Hau dena erosi al duzu? Berriz ere bilatu al du gure umeak dirua gastatzeko era?

NORA: Baina Torwaldo! Aurten eskua zabalxeago ibil nezake. Lehenbiziko eguberriak, exkaxian ia zuhurrrean ibili beharrik gabe.

HELMER: Bai... baina ez genezake dirua firri-farra bota ere...

NORA: Pitin bat Torwaldo, pitin bat. Ez? Orain jornal handia jasoko duzun honetan... eta dirua asko irabazi, dirua erruz...

HELMER: Bai, urte berriak, baina hiru hilabete joango dira lehenengo xoxa jasotzeko.

NORA: Ba... baina horregatik ze axola dio. Bitartean ordaintzekotan eskatu norbaiti!

HELMER: Nora! (Inguratzen zaio Norari eta berriketan belarritik heltzen dio.) Zu beti kaskarina. Egizu kontu mila duro eskatzen ditudala gero ordaintzekotan, eta zuk eguberri-jai honetan gastatu baina ni urtezahar arratsaldean teila batek burutik behera jo eta...

NORA: (Eskuaz ahoa ixten dio.) Ixo, ixo, ixo..., ez ezazu holakorik aitatu ere!

HELMER: Baina egizu kontu halaxe gertatzen dela! Eta orduan zer?

NORA: Hara, hori gertatuko balitz berdin-berdin lidake zorrak izan edo ez izan...

HELMER: Bai eta gero hartzekotan dirua emandako haiek?

NORA: Ba, zertarako arduratu haietaz. Arrotzak dira.

HELMER: Ai, Nora, Nora, ondo emakumea zara. Benetan ari naiz. Badakizu gai horretan ze iritzi ditudan. Inori zorrik ez, ordaintzekorik eta emanbeharrik ez. Hipotekaturik edo zorpean bizi diren etxean inoren mende eta morroi daude beti eta halako itzal hotza nabaritzen da. Orain arte gogor egin diegu zorrei eta burua tente darabilkigu eta falta zaizkigun egun apur hauengatik halaxe jarrai behar dugu.

NORA: (Tximinira inguratuz.) Ondo da, ondo da, zuk nahi duzun bezala, Torwaldo.

HELMER: (Atzetik doakiola.) Bueno, bueno. Larratxoriak ez du ibili behar hegoak txintxilik... Hara orain berriz katagorriak muturra okertzen al du? (Kartera ateraz) Nora, zer daukadala hemen?

NORA: Dirua! (Bizkor jiratuz.)

HELMER: Tori (billete mordo bat eman bezaio), eguberriak inguratzean, etxean gastu asko izaten da.

NORA: (Kantatzen.) Hamar, hogei, hogeita hamar... Eskerrik asko Torwaldo, honekin badut estuasunetik ateratzeko adina.

HELMER: Beharko: ez dago besterik.

NORA: Konponduko naiz horrenbesterekin. Baina aizu, atoz hona. Begira zenbat gauza erosi ditudan eta bai merke. Hara Ivar-entzat traje berria eta sablea. Bob-entzat zaldia eta tronpeta bat eta muñekatxoa bere sehaska eta guzti Emmy-entzat, merkenetik hori bai, segituan hausten duelako. Hara hemen berriz, neskameentzako mantalak eta oihala. Mariana gajoak gehixeago merezi zuen baina...

HELMER: Eta pakete horretan zer dago?

NORA: (Garraxi pitin bat eginaz.) Ez Torwaldo, ez, hori gauera arte ez duzu ikusi behar.

HELMER: Bueno, bueno. Eta zuk ere zabartxo horrek zer nahi zenuke?

NORA: Ba niretzat ez dut behar ezer ez.

HELMER: Horren benaz badiozu, sinistu egingo dizut. Baina esadazu, zer gustatuko litzaizuke?... garestiago gabe...

EMMA: Ba... ba... ez dakit ba. Honetara ezkero... aizu Torwaldo...

HELMER: Zer?...

NORA: (Txaketaren botoiak behatzekin darabiltzala baina aurpegira begiratu gabe.) Erregalo bat egitea erabaki baduzu...

HELMER: Esadazu ba behin. Zer?

NORA: (Dena segidan.) Dirua eman zeniezakedala Torwaldo. Ezta beharrezko asko izatea ere, esku artean duzuna, eta nik zerbait erosiko nuke...

HELMER: Baina Nora...

NORA: Bai horixe. Emango didazu e? Torwaldotxo mesedez eskatzen dizut. Zuhaitzetik txintxilik jarriko dut dirua, urrezko paper batean bilduta oso poliki...

HELMER: Zer izena du beti alferrik gastatzen ari den txoriak?

NORA: Bai. Badakit bai: zozonabarra. Baina egizu esaten dizudana, eta bitartean pentsatuko dut zer erosi. Ez al zaizu ondo iruditzen?

HELMER: (Irribarrez.) Nik emandako dirua ondo gastatzen eta fundamentuzko zerbait erosten bazeneki, bai, baina huskeria batzuetan dirua ezkutatzen da eta gero berriz ere nire patrikatik zer aterako.

NORA: Oi gauzak esaten dituzu Torwaldo.

HELMER: Egia huts-hutsa. Noratxo nirea (besoarekin gerria inguratuz). Zozonabarra oso ederra da baina hainbeste diru behar du... Ezin liteke pentsa zenbat kostatzen zaion gizon bati etxean zozonabar bat edukitzea...

NORA: Hori ere bai, nola esan zenezake hori? Nik ahal dudan guztia ahorratzen dut, hau argia den bezalaxe.

HELMER: O... horretan ez dago zalantzarik. Ahal duzun guztia bai, ahal ote duzu ordea batere?

NORA: (Alai ahopean kantari eta irribarrez.) Bazeneki zenbat gastu ditugun larratxori eta katagorri.

HELMER: Besterik ez bezalakoa zara! Aitaren antzeko hura ere eginahal guztian ariko zen nondik eta nora pilatuko eta eskutan zeukan ordukoxe ezkutatzen zitzaion. Behatz tartean aingirak bezala ihes egiten dizu eta nora joan zaizu ez dakizula gelditzen zara. Bai, bai Nora; gauza horiek odolean daramatzazu, ez dago dudarik. Baina ze egingo dugu ba, holakoxea hartu zintudan eta holakoxea beharko zaitut.

NORA: Nahiago nuke nik ere odolean gauza on asko aitarengandik ekarri banitu.

HELMER: Nik zaren bezalakoxea nahi zaitut, larratxori maitea (itxoin aldi baten ondoren). Baina aizu. Gaur nabaritzen zaitut halako, zerbait... hala-holako aurpegia daukazu... um...

NORA: Nik?

HELMER: Bai, zuk. Begira zaidazu begietara. (Begiratzen dio.) Ez ote kaxkarin onek ihesalditxoren bat hirira egin?

NORA: Ez, zergatik diozu?

HELMER: Ez ote da sudur hori goxotegiren batera sartu?

NORA: Ezetz Torwaldo, ezetz.

HELMER: Goxoak usnatu bederen egingo zituen?

NORA: Ezta pentsatu ere.

HELMER: Ez ote dituzu, bi edo hiru almendra hortz-tartean dastatu.

NORA: Ezetz ba, ezetz.

HELMER: Ondo da, ondo da. Berriketan ari nintzen, emakumea.

NORA: (Eskubiko mahaira inguratuz.) Ezta ametsetan ere, ez zait burura etortzen atsegin ez zaizunik egiten. Horretan ziur egon.

HELMER: Bai emakumea bai, badakit. Ez al zenidan ba agindu...? (Norarengana inguratuz.) Gorde itzazu, errege-erregalia horiek gauean zuhaitzetik txintxilik ikusiko ditugula.

NORA: Rank sendagile jauna gonbidatu al duzu?

HELMER: Ez, baina ezta beharrik ere, badaki-eta. Hala ere etortzen denean esango diot. Ardo zahar ederra enkargatua dut. Nora, ez dakizu zeinen pozik eta zaleturik nagoen gaurko gaua iristeko.

NORA: Bai ni ere. Eta haurrek izango duten poza, Torwaldo.

HELMER: A, zer poza ematen duen etorkizuna seguratua eta behar hainbat diru badaukagula jakiteak. Ez al da hala?

NORA: Bai zoragarria da, ametsa dirudi.

HELMER: Gogoratzen al zara azkenengo eguberritan nola genbiltzan? Hiru aste aurretik hasita gauero hor sartzen zinen gelan gauerdi edo gerogo arte eguberri-zuhaitzerako loreak egin eta guri ustegabeko erregaliak prestatzen... aritzeko. Ze luze eta aspergarri ziren egun horiek.

NORA: Nik ez nuen ba aspertzeko betarik izan.

HELMER: (Irribarrez.) Hala ere, ez genuen ba azkenean gauza handirik ikusi...

NORA: Horra ba, oraindik ere lelo horrekin ernegarazten behar ari al duzu, xiri eta xiri. Nik al dut errua, katuak sartu eta denak porrokatu eta txikitu bazituen?

HELMER: Ez Noratxo nirea, ez. Borondate guztiarekin jardun zinen denok izan genezan eta ahal duena egiten duenari ezin gehiago eskatu. Baina pozgarri da garai txar haiek joanak izatea.

NORA: Bai horixe, oraindik ezin dut sinistu, ametsa dirudi.

HELMER: Aurten ez naiz asper-asper egingo bakarrik egoten eta zuk ere ez daukazu begi eder eta esku-polit horiek penatu beharrik.

NORA: (Txaloak joaz.) Ez horixe, ez al da hala Torwaldo? Hau poza, Jainko maitea! (Helmerri besotik heltzen dio.) Eguberri jaiak pasatakoan ze egin behar dugun esango dizut orain (deitu egiten dute). Deika da bat edo bat (butakak txukunduaz). Zein ote dator? Ez genuen orain inoren beharrik.

HELMER: (Despatxura sartzera doala.) Nire galdez bada ez zaiztez ahaztu gero inorentzat ez nagoela.

 

 

II. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Elena

 

ELENA: (Sarrerako atetik.) Etxekoandre, emakume bat, zu ikusi nahi zaituala.

NORA: Sartzeko ba.

ELENA: (Helmerri.) Sendagile jauna etorri da.

HELMER: Sartu al duzu nire lan-gelara?

ELENA: Bai jauna. (Helmer despatxura sartzen da. Neskameak Kristina pararazten du, atea itxi eta doa.)

 

 

III. AGERRALDIA

 

Kristina eta Nora

 

KRISTINA: (Biajeko jantziz. Beldurtu xamar, zalantzan bezala.) . Egun on Nora.

NORA: Egun on. (Zalantzan.)

KRISTINA: Ez al naun ezagutzen?

NORA: Ez ba... edo bai... a, inondik ere ez haiz ba izango Kristina!

KRISTINA: Bai berbera.

NORA: Ene! Kristina, eta ez hindudan ezagutzen. Izan ere zeinek esan... ez daukan lehengo antzik.

KRISTINA: Ez den harritzekoa. Izan ere baditun bederatzi... hamar urte...

NORA: Elkar ikusi ez dugula. Hainbeste bai e? Bai, bai izango ditun bai. O azkeneko zortzi urteok, bai ederrak, zoragarriak! Bahekinake! Honako etorrita beraz? Neguaren bihotzean egin dun bai, ba, biaje luzea? Korajea behar din!

KRISTINA: Ikusten dun ba. Gaur goizean iritsi naun baporez.

NORA: Eguberri jaiak pasatzeko noski. Hau poza. Ederki ibiliko gaitun! Baina, eranztan neska abrigo hori! Ez dun noski, hotzik eukiko e? (Kristinari abrigoa eranzten laguntzen dio.) Holaxe. Orain tximini-ondoan eseriko gaitun biok patxara ederrean. Edo... ez, jar hadi butaka honetan, hor egon ohi naun ta. (Eskuak eskuartean hartuz.) Orain bai ikusten dinat hire orduko aurpegi atsegina baina lehenbizian... kolpetik..., ezin. Zurbilago, txuriago ote hagonan iruditzen zaidan eta argalago ere bai.

KRISTINA: Asko zahartu naiz, asko.

NORA: Ba pitin bat, pitin bat beharbada baino asko, asko ez. (Bat-batean ixiltzen da eta gero benaz eta serio.) A...txoroa nago. Ni hemen ari naun berritsuketan eta zu... Nire bihotzeko Kristina, barkatu nazazu.

KRISTINA: Zer esan nahi dun, Nora?

NORA: (Behatzetara begiratuz ezin sinistuz bezala.) Ea, alargundu al hintzenan ba?

KRISTINA: Bai, orain hiru urte.

NORA: Bai, banekinan. Izparringietan irakurri ninan. O! Kristina benetan esaten dinat. Egun haietan behin baino gehiagotan egon nitxonan karta mutur bat idaztekotan baina egun batetik besterako uzten ninan eta gero baninan beti zerbait.

KRISTINA: Ez naiz harritzen batere.

NORA: Oso gaizki egin ninan ba. Bihotzeko lagun gaixoa izaki-eta. Ze estuasun eta nahigabe ez ote ditun pasa! Gelditu al zain sikiera zerekin bizirik!

KRISTINA: Ez.

NORA: Semerik?

KRISTINA: Ezta.

NORA: Orduan ezer ez?

KRISTINA: Ezer ez, ezta bihotzean penarik ere, ez behintzat bihotza malkoz urtuarazteko moduko saminik.

NORA: (Ezin sinistu bezala begiratzen dio.) Nola izan ziteken?

KRISTINA: (Irribarre garratzez eta eskuarekin ileak atzeratuaz.) Zorionez edo txarrez hori askotan gertatzen dun, neska.

NORA: Bakar-bakarrik munduan! Penagarria izan behar din ba horretxek ba! Nik hiru ume ederrak zeuzkanat. Orain ezin erakutsi dizkinat, inudearekin atereak ditun eta. Baina esanazu dena.

KRISTINA:Ez, gero; lehenengo esan iezazkidan hik...

NORA: Ez, hik hitz egin behar dun. Gaur ez dinat nirekoia izan nahi, ez dinat higan bestetan pentsatu nahi. Gauza bat bakarrik esango dinat segituan. Ba al dakin egun hauetan aberastu garela edo aberasteko bidean sartu?

KRISTINA: Esan ezan, nola, nola?

NORA: Pentsa ezan. Bankuko direktore eta nagusi egin diten nire senarra.

KRISTINA: Hire senarra, hori dun suertea!

NORA: Ba horixe. Izan ere, abogatu batek hain urri biltzen din dirua, batez ere arrazoirik ez duenari arrazoirik ez duela esaten badio. Eta horixe egiten zinan gure Torwaldok, hala behar ere din eta. Orain pentsa ezan kontentu egongo ote garen! Urte berritan hartzen din kargua eta ordutik jornal polita izango din... orain arte ez bezala biziko gaitun, nahi bezala. Denean. Hau poza eta atsegina Kristina! Sinistu zaidan ederra dela nahi adina dirurekin eta ardura gabe bizitzea; ez al dun uste?

KRISTINA: Bai noski, behar hainbat edukitzea ederra izango huke.

NORA: Ez, behar hainbat bakarrik ez, ugari, ugari dirua. (Irribarrez.) Torwaldok oraindik ere hala egiten dudala uste din. Baino (behatzarekin amenazatuz) Nora ez dun uste duzuen bezain kaxkarin eta txoroa. Egia esateko hemen ez dinat izan ze gastatu handirik. Bizitzeko biok lan behar izan dinagu.

KRISTINA: Hik ere bai?

NORA: Bai huskeria batzuk: eskulana, gantxillua, bordatzen eta abar (doinua aldatuz). Eta gainera beste gauza bat ere bai. Badakin, Torwaldok ezkondu ginenean. Ministerioan lehen zuen lana utzi egin zuela, ez baitzuen espero igotzerik eta diru gehiago irabazi beharrean hunan. Lehenengo urtean izugarrizko lana izan zinan. Edozeri heltzen zionan eta goizetik gaueraino gelditu gabe aritzen hunan. Lehertu egin hunan azkenerako eta zeharo gaixotu. Sendagileak hego aldera joan zedila agindu zionan.

KRISTINA: A, Italian pasa zenuten urte bete?

NORA: Bai, ez hunan ba erraxa orduan etxetik ateratzen... Ivar jaio berria gainera, baino ez zegonan beste erremediorik. O! Ibili aldi zoragarria, izan diteken ederrena, eta Torwaldori bizia salbatu zionan. Baina zenbat sos kosta zitzaigunan, Kristina.

KRISTINA: Bai pentsatzen dinat.

NORA: Mila eta berrehun ezkutu... lau mila zortziehun korona. Badun dirua e!

KRISTINA: Bai neska, eta ez dun suerte makala behar denean izatea.

NORA: Aitak eman zigunan.

KRISTINA: A bai, eta oker ez banago hil aurretixe.

NORA: Bai Kristina, orduantxe hain juxtu, eta horra, ez nitxonan azken orduetan lagundu. Egun batetik bestera jaiotzeko neukanan Ibar eta Torwaldo gizagajoa hil zorian. Nire aita maitea! Ez ninan gehiago ikusi. Ezkondu nintzen ezkero horixe dinat saminik garratzena.

KRISTINA: Bai, bazekinat bai, asko maite huela. Horratx, Italiara joan zinaten?

NORA: Bai, dirua bageninan eta sendagileak, hartaraino behartu gintuztenan... Handik hilabetera irten gitxonan.

KRISTINA: Eta hire senarra, zeharo sendatu al hunan?

NORA: Bai neska, miraria zirudin.

KRISTINA: Eta... sendagile hori?

NORA: Ze esan nahi den?

KRISTINA: Nirekin batean, gizon bat etorri dun, neskameak, sendagile jauna esan dizute.

NORA: A bai, Rank jauna dun hori. Ez dun etortzen mediku bezala, lagun bezala baizik, egunean behin etortzen zaigun gutxienez. Ez, Torwaldo ez dun gaixotu geroztik. Haurrak ere osasuntsuak dizkinagu, ni ere ondo nabilen. (Altxatzen da salto batean eta txaloka.) Jainko maitea! Bai ederra dela, bizitzen eta pozik egotea. A baino neska, lotsa ematen zidan, nire kontutxoekin ari naun beti. (Esertzen da aulkitxo batean. Kristinaren ondoan haren belaunetara makurtuaz.) Ez haiz haserretuko e? Esadan: ez al hunan hire senarra maite? Orduan, zergatik ezkondu hintzenan?

KRISTINA: Nire ama gaixo zegonan, inortxoren laguntzarik ez ninan, eta gainera gure bi anaia txikiak nire kontu zeudenan. Ezkontza eskabideari uko egiteko ez neukala eskubiderik pentsatu ninan.

NORA: Bai, bai; ederki egin hunan. Aberatsa hunan beraz, ezkondu zinetenean?

KRISTINA: Lasai eta errax bizi hunan behintzat; baina haren aberastasunak ez zinatenan oinarririk eta bera hil zenean deabruak eraman zizkinan ezertxo ere utzi gabe.

NORA: Eta orduan?

KRISTINA: Lanean hasi behar izan ninan, eskola batean maistra... Eta zer ez. Azkeneko hiru urte hauek lanean gelditu ezinezko egun luze bat izan ditun niretzat. Orain denak bukatu dizkinat. Nire ama gajoak ez din nire beharrik hil baita, anaiak ere ez, hazi baitira eta bere buruaren jabe ditun.

NORA: Lasaitasun ederra nabarituko den.

KRISTINA: Ez neska. Bizimodu honetan ezin dinat etsi. Inori ezer egin beharrik ez! (Ezin egonez altxatzen da.) Zoko hartan, ezin nindunan bizi, ezin ninan etsi. Hona etorri naun, hemen erraxago izango delakoan zerbaitetan ari, pentsamentuak burutik kendu, ahaztu... Besterik ez bada lantoki bat bilatuko banu, ofizina batean edo sartuko banintz...

NORA: Asmo horiek al ditun? Lana ez baina deskantsua behar dun hik. Hobe bainuak hartzera joan.

KRISTINA: (Leihora inguratuz.) Nik ez zaukanat aitarik txangoa ordaintzeko.

NORA: (Altxatuz.) Ba ez hadi erresumindu.

KRISTINA: Hi haiz nirekin erresumindu behar ez duena. Nire egoerak duen gauzarik txarrena horixe dun: minberatu eta erresumindu egiten dela bat... Ez zaukanat inortxo ere, harentzat lanean jarduteko eta hala ere irabazi egin behar bizitzeko. Bizi egin behar horrek berekoi bihurtzen din persona. Horra zer nahi dun lehentxeago aberastu zaretela esan didananean niregatik poztu naun hiregatik baino gehiago.

NORA: Nola ordea? A bai sumatzen dinat! Torwaldoren hori hiretzako ere ondo datorrela pentsatuko hunan.

KRISTINA: Bai, horixe bururatu zaidan.

NORA: Izango dun-eta Kristina. Nik ekarriko dizkinat urak errotara poliki, poliki. Sumatuko dinat. Torwaldori zer esan; hiri laguntzeko amorratzen nagonan eta.

KRISTINA: Estimatzen dinaat bihotz-bihotzez Nora. Gainera hik egitea, beste zenbaitek egitea baino meritu gehiago din. Hik ez baititun ezagutzen bizitzako estuasunak, larrialdiak eta garraztasunak.

NORA: Nik ez, e? Hala uste aldun.

KRISTINA: (Irribarrez.) Eskulanak, gantxillua eta holako huskeriak... umea haiz oraindik Nora.

NORA: (Buruari eraginaz eta alde batetik bestera joanez.) Ez ezan horren arinki eta txoro hitz egin.

KRISTINA: Ze ba?

NORA: Besteak bezalakoa haiz hi ere, ez dudala ezertarako balio uste duzute.

KRISTINA: Tira, tira.

NORA: Ez dakidala bizimoduko berririk.

KRISTINA: Baina bihotzeko Nora, ez al dizkidan ba arestian esan hire estuasunak...

NORA: Ba, huskeria horiek... (Ixilago hitz eginez.) Ez dinat handiena esan.

KRISTINA: Zer dion?

NORA: Hire handitasunaren gailurretik begiratzen didan Kristina eta ez huken hori egin behar. Harro habil amari horrenbeste lagundu dionelako.

KRISTINA: Nik etzionat inori goitik behera begiratzen. Hori bai, pozik natxion amak azkeneko urteak lasai pasa zitzan egin nuena egin nuelako.

NORA: Eta harrotu egiten hau, hire anaiagatik egin dunanak.

KRISTINA: Arrazoiz gainera.

NORA: Halaxe uste dinat. Baina gauza bat esan nahi ninaken. Nik ere badinat zertaz harrotu eta pozik egon.

KRISTINA: Izango dun. Sinisten dinat. Jakin al nezake zer den.

NORA: Hitz egin dezagun ixil-ixilik Torwaldok ezer aditu ez dezan, ez niken nahi munduko urre guztiagatik ere... Ez din inortxok jakin behar Kristina hik besterik.

KRISTINA: Nigandik ez din inortxok jakingo.

NORA: Hator honaxeago. (Inguratuaraziz.) Ba... Nik ere badinat zertaz egon pozik edo harro. Nik salbatu nitxonan bizia Torwaldori.

KRISTINA: Bizia... salbatu? Nola?

NORA: Esan dinat ba nola joan ginen ba Italiara. Ba Torwaldo gaur ez hunake bizirik egongo Italiara joan al izan ez balu.

KRISTINA: Bai hala dun baino eta hire aitak eman zizuen behar hainbat diru.

NORA: (Irribarrez.) Bai hori dun Torwaldok uste duena, mundu guztiak ere bai baino...

KRISTINA: Zer baino?

NORA: Aitak ez zigunan eman zentimorik ere. Nik atera ninan dirua.

KRISTINA: Hik? Horrenbeste diru?

NORA: Mila eta berrehun eskudo.

KRISTINA: Nondik edo nola? Loterian? Tokatu al zitzainan?

NORA: (Aurpegi mukerrez.) Loteria? Ez niken meritu izpirik izango.

KRISTINA: Orduan nundik atera hunan ba?

NORA: (Irribarrez eta erdi kantari.) Je... ta ra ra ra ra.

KRISTINA: Gero ordaintzekotan emana ere ez hunan ba erraz.

NORA: Zergatik ez?

KRISTINA: Emazteak senarraren baimenik gabe ez dezakeelako gero itzultzeko dirurik hartu.

NORA: (Buruari eraginez.) O! Gauzak egiten dakien emakumea izan ezkero... Moldatzen jakin ezkero...

KRISTINA: Ezin dinat ba inola sumatu, muina urtzen jardunda ere.

NORA: Ez hadi horretan alferrik nekatu. Ez dinat esan aurreratu zidatenik: beste era batera atera nezakean. (Sofan esertzen da.) Maitale batek eman balit? Zer?

KRISTINA: Txoroa haiz neska.

NORA: Aitortu ezan jakiteko amorratzen hagoela.

KRISTINA: Aizan, Nora maite horrek. Ez al hunan arinki eta txoro, txoro jokatuko.

NORA: (Zutituz.) Txorakeria al da senarrari bizia salbatzea.

KRISTINA: Txorakeria iruditzen zaidan haren ez jakinean...

NORA: Ez zinan ezertxo ere jakin behar. Hori lehenbiziko. Ez zinan konturatu behar hiltzeko arriskuan zegoenik, aditzen al didan? Sendagileek niri osan zidatenan eta ez hari arriskuan zegoela eta hegoaldean denbora aldi bat egiten ez bazuen ez zela bizirik aterako. Kezkatxoetan ibili behar al ninan? Atzerrian zehar beste emakume asko bezala ibili nahi nuela esaten nion. Negarrak, zotinak, losintxak, xerak, zer ez nizkionan egiten. Halako batean behin gero ordaintzekotan dirua hartu zezakeela aditzera eman nitxonan. Orduan, Kristina, ta, ta, izutu hunan. Txoratu egin al nintzen esan zidanan eta bere senar eginkizuna nire gutiziarik ez egitea zela. Ba, ba, esan ninan nire baitan sendatuko dinat ba kosta ahala kosta. Eta orduantxe burura etorri zitzaidanan dirua nola sortu.

KRISTINA: Senarrari ez al zionan ba esan hire aitak, dirurik ez zizuela eman?

NORA: Ez, neska. Egun gutxi barru hil hunan eta. Nola bazinan asmoa aitari dena aitortu eta ez nezala salduta utzi eskatzeko, baino hain gaxo zegonan! Ez ninan premiarik izan.

KRISTINA: Eta geroztik ez al dion ezer esan senarrari?

NORA: Ze esan behar nitxonan, ezta buruan pasa ere holakorik. Gainera, gai horretan bera den bezain estu eta txorrotxa izan da! Zaila izango huke senarraren nagusitasunarentzat bizia niri zor didala jakitea. Ezin orain bezain goxoak izan gure hartu-emanak eta etxeko bakea.

KRISTINA: Eta ez al dion behin ere esango?

NORA: (Pentsatuz eta irribarrez.) Beharbada... egunen batean... urte asko, asko pasata gero... orain bezain polita ez nagoenean... Ez ezan barrerik egin! Alegia Torwaldok orain bezala niri begira, ni dantzan ikustearekin zoratzen ez denean, orduan beharbada, ondo etorriko zaidan ni maita nazan arrazoi berri bat eta... ni zergatik maitatu izan dezan... (Gelditu.) Ba! egun hori ez dun sekula iritxiko. Eta Kristina, zer iruditzen zain ba nire sekretua? Nik ere zeozertarako balio dinat. Buru hauste eta lo... galtze franko ekarri zidan arazo honek. Alajainkoa! Izan ere ordaintzeko eguna kunplitzean alperrik ditun berriketak eta askotan larri ibiltzen naun, hemen pitin bat eta handik igurtzi. Etxeko gastuetan ezin ba kendu Torwaldok eroso bizi behar din eta, haurrak ere ezin zarpa-zaharrekin ibiliko hitunan bai gaxoak, nire aingerutxoak!

KRISTINA: Hortaz dena heure gastutarako huenetik?

NORA: Jakina ba. Torwaldok nire gastutarako ematen didanetik erdia gastatzen dinat gehienaz ere, beti merkeenetik erosiaz. Eskerrak edozein jantzi ondo etortzen zaidala.

NORA: ...Torwaldo ez dun konturatzen. Baina batzuetan, Kristina, latza dun horixe. Hain atsegin zaigun apain-apain ibiltzea. Ez al da ala?

KRISTINA: Horixe bai neska.

NORA: Badinat beste iturri bat ere. Joan den neguan idazki batzuk hartu nizkinan makinaz kopiatzeko. Atea itxi eta goizaldera arte jarduten nindunan jo eta ke, Izugarri nekatzen nindunan hori bai, baino atsegin zitzaidanan oso dirua irabazteko lanean jardutea. Ia gizon nintzala zirudianan!

KRISTINA: Zenbat ordaindu ahal izan dun honela?

NORA: Ez zekinat ba juxtu-juxtu esateko. Hari-mataza nahastu ezkero ez errax askatzen... Ahal dudan guztia ordaindu dinat. Askotan gelditzen nindunan noraezean eta (irribarrez) orduan bururatzen zitzaidanan agure-zahar aberats bat nitaz maitemindu zela... ta

KRISTINA: Ze agure zahar?

NORA: Txorakeria... Eta hil egiten zala bere testamentuan hauxe azaltzen argi eta garbi. «Ditudan ondasun guztiak Helmerren andre politarentzat ematen ditut eta eman dezaizkiotela berehala».

KRISTINA: Aizan Nora zein dun agure hori?

NORA: Neska, neska, ezt dun inon holako agurerik. Ordaintzeko eguna gainean eta dirua nondik sortu e znekinanean niri bururatzen zitzaidala. Honezkero berdin dun. Ez zitzaidan batere axolarik ez agureagatik eta ez haren testamentuagatik... (zutitzen da bizi). Jainko maitea hau poza ematen du pentsatze hutsaz, lasai bizi, haurrekin jolasean ibili, etxea txukun eduki apain Torwaldori gustatzen zaion bezala. Gero udaberri... zerua urdin-urdin... txoriak kantari... Gero uda... berba txango luze bat egin, itsasoa ikusi berriz... o hau zoriona, hau poza (zintzarria entzuten da).

KRISTINA: Ate-joka baten bat; joan egingo al naun?

NORA: Ez, egon hadi. Ez dinat inor espero. Torwaldoren galdezka izango dun baten bat...

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Lehengoak, Elena eta gero Krogstad

 

ELENA: Barkatu etxeko andre. Jaunen bat dago atean... abokatuarekin hitz egin nahi duela.

NORA: Bankuko direktorearekin esan nahiko duzu.

ELENA: Bai andrea, horixe. Baina sendagile jauna ere hor barruan da-eta... enekian.

KROGSTAD: (Azaldu nahian.) Ni naiz andrea. (Elena ezkutatzen da.) (Kristina aztoratzen da, zuritu, gorritu, moretu eta berdetu egiten da batera eta leihora begira gelditzen.)

NORA: (Aurreratzen zaio hari, aztoratua hau ere ixil-xamar.) Zu? Ze gertatzen da? Ze esan behar diozu nire senarrari?

KROGSTAD: Bankuko asunto batzuetaz hitz egin nahi nioke. Han ari naiz lanean, eta aidanean zure senarra izango dugu nagusi...

NORA: Bai hala da.

KROGSTAD: Asunto gogaikarriak, andrea, besterik ez.

NORA: Horretan egizu mesede bere lan gelara sartzea. (Hotz eta motz agurtzen die, antekamarako atea itxi eta tximiniara inguratzen da.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Nora eta Kristina

 

KRISTINA: Zein dun gizon hori Nora.

NORA: Abokatu bat, Krogstad izena din.

KRISTINA: Huraxe den orduan...

NORA: Ezagutzen al dun ba?

KRISTINA: Aspaldi, luzaro izan hunan gure etxearen arduradun.

NORA: Huraxe den bai.

KRISTINA: Zeharo aldatua zegon.

NORA: Ezkonduta oso gaizki bizi zela uste dinat.

KRISTINA: Orain alargun dun noski.

NORA: Bai eta seme-alaba asko dizkin. Uf, kixkaltzen ari naun (estufa ixten du eta metedora urrundu).

KRISTINA: Guztietako negozioak omen zebilzkin aidanean.

NORA: Bai? Baziteken, ez zekinat. Utzi ditzagun negozio-kontuak, neska; alde batera, gogaikarriak ditun...

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Rank

 

KRISTINA: (Helmer'en despatxutik irtenaz eta atea erdi-irikitan uzten duela.)

RANK: Ez, ez; ez dizut galarazi nahi. Zurekin egongo naiz pitin batean. (Atea ixten du eta konturatzen da Kristina ere, han dagoela.) A, barkatu. Hemen ere enbarazoan gaude ba.

NORA: Ezta gutxiagorik ere... (batek bestea presentatuz.) Rank sendagile jauna; Linde jaunaren alarguna.

RANK: Izen hori sarri aitatu ohi da etxe honetan. Zu zinen noski, sartzerakoan ezkerretan pasa dudana.

KRISTINA: Bai ni mantso igotzen naiz, nekatu egiten naiz-eta.

RANK: Ez al zabiltza ondo?

KRISTINA: Nekatua aurkitzen naizela, horixe.

RANK: Besterik ez? Hortaz festarik-festa ibiliaz atseden hartzera etorriko zinen noski?

KRISTINA: Lan bila etorri nauzu.

RANK: Lehen nekatua eta akitua zaudela eta lan bila al zatoz? A ze erremedioa gaitz hori sendatzeko.

KRISTINA: Ez da ederra izango baina bizi egin behar da, jauna.

RANK: Bai ala diote denek: bizi egin behar dela.

NORA: Zuk ere jauna, ondotxo maite duzu bizia.

RANK: Bai. Halaxe da. Errukarri bat naizen ere nire oinazeak al dudan guztia luzatzen saiatzen naiz gogor. Eta beste hainbeste egiten dute nire gaixoek ere. Baita sentimentuz, bihotzez eta espirituz gaixo daudenek ere berdin egiten dute. Hortxe gelditu da horietako bat Helmerren lan-gelan. Kurak egiten dabilen bat, gaixo klase horientzat ere bai baitira ospitaleak.

KRISTINA: A! (Harrituaz.)

NORA: Ze esan nahi duzu?

RANK: Krogstad legegizon horregatik ari nintzan. (Kristinari.) Zuk ez duzu ezagutzen baina. Horra hezurretaraino usteldua dago eta hala ere, munduari izugarrizko gorabehera balio bezala, bizi egin behar duela dago erabatean.

NORA: Hara? Zertaz ari zen ba Helmerrekin.

RANK: Justu-justu esateko ez dakit baino banku kontuak zituzten zerbait ere.

NORA: Hara, ez nekien Krogstad jaunak bankuan zer ikusirik bazuenik.

RANK: Bai, bankuan lana eman diote zeozertan. (Kristinari hitz eginaz.) Ez dakit hau zuen artean ere izango diren holako gizonak baino hemen badira batzuk, inor gaiztotua eta okertua sentimentuz gaixotua bilatzen badute, puestorik onena berari emango diote zuzentzen edo sendatzen ote den eta bitartean sanoak lanik gabe gelditzen dira.

KRISTINA: Izan ere gaixoak dira arretarik handienaz zaindu behar direnak.

RANK: (Bizkarrari eraginaz.) Ederki diozu. Baina horretatik hara zer datorren: gizarte guztia gaixotuegi bihurtzen dela. (Norak orain arte bere batean zegien algara egiten du eta txaloka hasi.) Zeri barre egiten diozu? Zuk ba ote dakizu gizartea zer den ere?

NORA: Ba, zein mintzatu da bururatu ezin daiteken zure gizarte horretaz? Beste zerbaitek ematen dit barregurea, hain da ederra... Esadazu Jauna, bankuko langile guztiak hemendik aurrera nire senarraren mende egongo al dira?

RANK: Horrek ematen al dizu barregurea?

NORA: (Irribarrez, hara eta hona dabilela.) Pentsatzen jarri eta ere... guk... Torwaldok hainbeste gizon bere esku eduki... Benetan polita da, pozgarri, ezin leike sinistu... (poltsikutik almendrak ateratzen ditu zorroan.) Nahi al dituzu almendrak?

RANK: Hara almendrak? Hori etxe honetan ez al da ba kontrabandoa?

NORA: Bai baino hauek Kristinak ekarri dizkit.

KRISTINA: Nik?

NORA: Ez hadi ikaratu, neska. Hik zer hekinan ba niri Torwaldok goxoak jatea galarazten didan ala ez! Ba behingoagatik... Ez dio axolarik izango e, sendagile jauna? Tori ezazu zuk ere... (bat ahora ematen dio). Eta hik ere bai. Kristina. Nik txiki-txiki bat jango dut, bat bakarra, bi gehienaz... (hara eta hona dabilela). Bai jauna oso pozik nago, zorioneko naiz. Gauzatxo bat nahi nuke gogo biziz.

RANK: Ea ba zer den hori?

NORA: Torwaldoren aurrean gauzatxo bat esateko horrenbesteko gogoa daukat.

RANK: Eta zeinek galarazten dizu ba esatea?

NORA: Ez naiz ausartzen itsusia basta.

KRISTINA: Itsusia?

RANK: Horratx hobe izango duzu ez esan baina guri... zer da honenbesterainoko gogoarekin Torwaldoren aurrean esan nahi duzuna?

NORA: Sekulako gogoa daukat deiader egiteko. Tximistak, trumoiak, hodeiak, erauntsia.

RANK: Bai txoroa zarela.

KRISTINA: Tira Nora.

NORA: (Almendrak ezkutatuz.) Ixo!

 

(Helmer «paleto» bat besoan eta sonbrerua eskuan duela despatxutik dator.)

 

RANK: Egizu deiadar hori, hemen da.

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Helmer

 

NORA: (Helmerrengana inguratuz.) Bialdu duzu horratik gizon hori?

HELMER: Bai, oraintxe joan da.

NORA: Zure baimenaz aurkeztuko dizut: Kristina orain kanpotik etorri da...

HELMER: Kristina? Barkatuko didazu baina ez naiz ba gogoratzen...

NORA: Linde jaunaren andrea, gizona, Kristina Linde...

HELMER: A! bai; bai. Umetako lagunak nire emaztea eta biok ezta?

KRISTINA: Bai jauna, bai, antzina elkar ezagutu genuen.

NORA: Ea horra, ni ikusteagatik egin du horren ibilaldi luzea, dauden eguraldiekin.

HELMER: Ez eta izango?

KRISTINA: Horregatik bakarrik ez...

NORA: Kristin, ofizina kontuetan asko jakina eta oso ohitua da jakin dezazun eta gainera gizon jakintsu eta iaio baten eskuetan jartzeko asmotan dabil gehixeago ikasi ote dezakeen...

HELMER: Ederki egingo duzu, andrea.

NORA: Holaxe ba, izparringietan irakurri zuenean zu bankuko direktore egin zintuztela, honantza abiatu zen... Aizu Torwaldo, niri gustua emateagatik egingo duzu zerbait Kristina hartzeko ezta?

HELMER: Ezinezko ez da. Alargun al zaude?

KRISTINA: Bai.

HELMER: Eta ofizinan lanean aritzen ohitua?

KRISTINA: Bai polliki...

HELMER: Orduan ez da zaila izango zuretzat leku bat bilatzen.

NORA: (Txalo-joka.) Ikusten al dun?

HELMER: Garai onean etorri zara andrea.

KRISTINA: Ez dakit nola estimatu...

HELMER: Ez dezagun holakorik aitatu (abrigoa jantziz). Gaurkoagatik barkatu egin beharko didazu.

RANK: Zaude. Ni ere banoa. (Larruzko bufanda hartu eta tximinian epeltzen du.)

NORA: Ez berandu arte egon, e Torwaldo?

HELMER: Ordubete barru hemen naiz.

NORA: Hi ere ba al hoa Kristina?

KRISTINA: (Abrigoa jantziz.) Ostatua bilatu behar dinat.

HELMER: Elkarrekin joan gintezke bide puxka batean.

NORA: (Janzten lagunduz.) Hain estu ez bagendu! Lastima! Ezin zitekeen ba inola ere.

KRISTINA: Zer esaten ari haiz neska. Ikusi arte Nora hori eta eskerrik asko.

NORA: Gero arte, gaur gauean etorriko haiz noski? Eta zu ere bai sendagile jauna. Ezetz? Bai, bai. Ez hasi hemen aitzakiatan...

       Jantzi arropa gehixeago. (Bihoaz hizketan eskubiko atze aldetik.) (Haurren hitz-hotsa entzuten da eskaileretan.)

NORA: Badatoz, hemen dira haurrak! (bihoa bizkor-bizkor atea irekitzera eta Mariana aurrekin da).

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Lehengoak Mariana eta haurrak

 

NORA: Zatozte, zatozte (musuka hartzen ditu) nire zeru zatiak. Begiraien Kristina, ez al ditun ba ederrak!

RANK: Ez zaitezte gelditu hor haizetan.

HELMER: Goazen, andre Linde, ama ez denak une honetan Norarekin egotea, ezin burutu lezake. (Helmer, Rank eta Kris, bihoaz eskaileretan behera. Mariana eta haurrak barrura sartzen dira, Norak atea itxi eta gero.)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Nora, Mariana eta haurrak

 

NORA: Aurpegi alaiak dakarzkizute, horiek dira muxu gorriak. Sagarrak edo marrubiak dirudite. (Haur gehienek batera hitz egiten diote agerraldiaren hasieratik bukaera arte.) Ondo ibili al zarete ba. Ederki. Hara. Zuk txinrotik tira eta Emmi eta Bob eraman al dituzu? Biak bai? Indar asko daukazu e? Ivar. Ekatzu pittin bat Mariana (hartzen du neska txikiena) Ai nire muñekatxoa! (aberearekin dantzan). Bai, bai amatxo Bobekin ere dantzatuko da bai. Hara. Elur pilotak egin dituzute e? Ni ere joango nintzen pozik zuekin. Ez, utzi zaidazu Mariana, erantziko ditut nik, utzi, utzi, utzi jolastu egiten naiz bitartean-eta. Zoaz sukaldera bitartean. Hotz aurpegia daukazu eta kafe bero-bero pixkat izango da zuretzat. (Bihoa Mariana ezkerreko atetik. Norak eranzten ditu haurrak, abrigoak txanoak eta abrigoa eroritako tokian nonahi sakabanatuak gelditzen dira. Bitartean umeak ixildu ere gabe ari dira hizketan.) Txakur handi batek segitu dizutela. Ezta izango, baina koskarik egingo e? Zuek bezalako haur txikitxoei, txakurrak ez die koskarik egiten! E Ivar, ez paketerik miatu e? Ez, ez gauza txarrak daude barruan! Zer, jolasean ibili nahi duzuela! Zertan ibiliko gara ba! Buleketan, bai, buleketan bai, Bob gorde dadila lehenbizi. Ni? Ala gordeko naiz ba ni?

 

Nora eta haurrak jostaketan dabiltza, barrez eta iskanbilan. Azkenik Nora mahaiaren azpian gordetzen da. Haurrak korrika etorri eta zoko miran aurkitu ezinik. Ez dute ikusten baino nola barreari eutsi ezinik dagoen haren barre-soinua entzuten dute eta mahai-azpia jasorik azkenean ikusten, zalaparta eta algarak.

Nora piko-txikoka irtetzen da, ikararazi nahirik bezala. Berriz algara eta zalaparta. Bitartean atea jo dute baina inork ez du kasurik egingo. Erdi irekitzen da eta Krogstad azaltzen. Pittin bat itxoiten du. Besteek jolasean segitzen dute.

 

 

X. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Krogstad

 

KROGSTAD: Barkatu etxeko andrea.

NORA: (Karraxi bat egiten du eta erdi altxatuaz.) Zer behar duzu hemen?

KROGSTAD: Atea erdi irekia zegoen eta... Ikusten denez ahaztu egin zaio ixtea.

NORA: (Altxatuaz.) Nire senarra ez dago etxean Krogstad jauna.

KROGSTAD: Bai badakit.

NORA: Orduan zer behar duzu?

KROGSTAD: Zuri hitzerditxobat esan.

NORA: (Haurrei alde batera.) Zoazte Ana Maria'rekin. Ez, ez, jaun honek ez dio amatxori espik egingo. Joaten denean segituan jolastuko gara. (Laguntzen die haurtxoei ezkerreko egontoki aldera eta atera.)

 

 

XI. AGERRALDIA

 

NORA: Nirekin hitz egin nahi al duzu.

KROGSTAD: Bai horixe nahi nuke.

NORA: Gaur? Oraindik ez gaude hilaren lehenengo egunetan.

KROGSTAD: Ez gaur gabon da, eta zure esku dago eguberri hauek nola igaro.

NORA: Zer esan nahi zenuke.

KROGSTAD: Utzi dezagun hori orain alde batera, beste zerbait dabilkit buruan. Bai al du betatxo bat niri entzuteko?

NORA: Bai... Bai... Ez dakit ba...

KROGSTAD: Ondo da. Ni Olsen ostatuan eserita nengoalarik, zure gizona pasatzen ikusi dut.

NORA: A! Bai!

KROGSTAD: Andre batekin.

NORA: Bueno eta... eta...

KROGSTAD: Galderatxo bat egin al nezake? Andre hori Linde andrea zen noski.

NORA: Bai.

KROGSTAD: Kanpotik etorri berria al da?

NORA: Bai gaur iritsi da hain zuzen.

KROGSTAD: Zure laguna da noski?

NORA: Bai, baina ez dakit ba horrenbeste galderarekin...

KROGSTAD: Nik ere garai batean ezagutzen nuen.

NORA: Bai badakit.

KROGSTAD: Hara, jakinaren gainean zeunden. Pentsatzen nuen bai. Horretan galdetu diezazuket Linde andreak bankuan lana izango duen ala ez?

NORA: Nolatan ausartu zara hori galdetzen Krogstad jauna? Zu nire senarraren morroi bat besterik ez zara eta... Baina galdetu duzun ezkero esango dizut. Linden andreak bankuan lana izango du eta gainera niri eskerrak Krogstad jauna. Horra ba, orain badakizu.

KROGSTAD: Asmatu egin dut berriro.

NORA: (Batera eta bestera doan bitartean.) Senarra nire esanera jar nezake eta, andre naizen aldetik zerbait esan badiot... Ai Krogstad, bat inoren mendeko denean begiratu behar luke inori minik eman gabe edo minberatu gabe...

KROGSTAD: Horretan senarra zure esanera itzultzen da...

NORA: Bai jauna.

KROGSTAD: (Esateko modua aldatuz.) Andrea, egingo al zenidake mesede zure senarrari nire alde hitz egitea?

NORA: Zer? Ze esan nahi duzu? Zein dabil zuri lantokia kentzeko asmoan?

KROGSTAD: A! Alferrik da itxurak egitea. Zure lagunari ez zaio atsegin nirekin batean lanean jardutea. Konprenitzen dut hori eta horrelaxe nire lana galdu dut.

NORA: Aizu ematen dizut nire hitza...

KROGSTAD: Bai hitz bitan. Oraindik garai da eta ahalegin guztia egin ezazu, lantegitik bota ez nazan. Konseju horixe ematen dizut.

NORA: Nik ez dezaket ezertxo ere egin Krogstad jauna.

KROGSTAD: Hara, ba arestian oso beste aldera mintzatu zara...

NORA: Baina zuk zer uste duzu, senarra nire nahietara menderatua daukadala?

KROGSTAD: Ezagutzen dut zure senarra; elkarrekin, ikusten ibili ginen ezkero eta ez dut uste bankuko direktore jauna senarra baino egoskorragoa denik.

NORA: Nire senarrarengatik gaizki esatera bazatoz... Kanpora.

KROGSTAD: Andrea bai kementsua.

NORA: Ez dut zure beldurrik. Urte berri hauetan zure atzaparretatik askatuko naiz.

KROGSTAD: (Bere buruari eutsiz.) Adi ezazu hau andrea. Beharrezko balitz nire lantoki apalari eusteko hil edo bizi jokatuko nuke.

NORA: Bai, hil edo biziko kontua baita.

KROGSTAD: Ez da soldatagatik bakarrik. Bada beste zerbait inportanteago. Zuk badakizu, jakina, mundu guztiak badaki eta nik orain dela urte mordo bat hala-holako zerbait egin nuen.

NORA: Bai zerbait entzuna badut.

KROGSTAD: Ez zen epailekura iritsi baina ate guztiak itxiak gelditu zitzaizkidan. Orduan, zerbaiti heldu behar eta zuk dakizun negozio klase horietara sartu nintzen eta ausartzen naiz esaten, ez naiz besteak baino gaiztoago. Orain negozio horiek utzi egin nahi ditut. Nire semeak hazten ari zaizkit eta haien aurrean izen ona ez nuke galdu nahi. Bankuko enpleoa zen horretarako lehenengo maila, lenengo pausoa; orain maila hori kendu egin nahi didazue eta berriro ere lokatzetan lepahezurreraino sartu.

NORA: Krogstad ahal banu nik pozik lagunduko nizuke.

KROGSTAD: Ahal banu ez, nahi banu, ez duzu nahi, ordea; hala ere nik dakit hau nola behartu.

NORA: Esan egingo al diozu nire senarrari dirua zor dizudala.

KROGSTAD: Arraioa! eta esango banio?

NORA: Bilaukeria bat litzateke (erdi negarrez), sekretu horixe da nire poza, nire harrokeria eta hark jakin... Zeinengandik eta zure bidez gainera. Nahikoa litzateke nahigabe izugarriak ekartzeko etxera.

KROGSTAD: Nahigabeak bakarrik?

NORA: (Oldarki.) Nahi baduzu egin zenezake; zerorri aterako zara galduan, horrela jakingo baitu nire senarrak zer gizon klase zaren (beste gabe altxa).

KROGSTAD: Etxe barruko nahigabeak bakarrik uste al duzu hortik etorriko zaizkizula?

NORA: Nire gizonak jakiten badu berehala ordainduko du zorra eta zure atzaparretatik libre geldituko naiz.

KROGSTAD: (Norarengana pauso bat inguratu bedi.) Ai andrea; edo, zu ez zara oroitzen edo negozio kontu horietan oso gutxi dakizu eta jakinaren gainean jarri egin beharko zaitut.

NORA: Zer ba?

KROGSTAD: Zuk senarra gaixo zegoenean mila eta berrehun ezkuturen ezkutuko prestamua eskatu zenidan.

NORA: Ezpainun besterik ezagutzen.

KROGSTAD: Eta nik dirua emango nizula agindu.

NORA: Eta eman ere bai.

KROGSTAD: Dirua ematerako kondizioak jarri nizkizun baina zuk ez zenuen zeure senarren gaixotasuna beste ardurarik eta hain larri zenbiltzan, diru hori eskuratu arte ez dut uste asko begiratu zenienik kondizio hauei, horregatik ez zara harrituko orain gogorarazten badizut. Hara: neronek idatzi nuen erreziboa zuk izenpetu zenezan.

NORA: Bai eta izenpetu nuen.

KROGSTAD:Bai eta beheraxeago beste lerro batzuk erantsi nizkion. Lerro horietan jartzen du zure aitak erantzungo zuela diru horretaz eta errenkada haiek hark izenpetu behar zituen.

NORA: Behar zituen eta egin zituen.

KROGSTAD: Izenpetzeko eguna zure aitaren esku utzi nuen eta berak jarri behar zuen ze egunetan izenpetzen zuen, gogoratu al zinen horretaz.

NORA: Bai noski, hala zen.

KROGSTAD: Gero erreziboa zuri eman nizun aitari korreoz bialdu zeniezaion, ez al zen hala?

NORA: Bai halaxe zan.

KROGSTAD: Gauzak itxura dutenez. Berehala bialdu zenion aitari, handik bost edo sei egunera itzuli baitzenidan errezibua aitaren firma eta guzti. Eta orduan jaso zenuen dirua.

NORA: Bueno bai, eta ez al dizut itzuli esan bezala?

KROGSTAD: Gutxi gorabehera bai baina. (Lehengo harira itzuliaz.) Egun haiek zuretzat tristeak ziren noski andrea.

NORA: Bai egia da hori.

KROGSTAD: Zure aita, uste dudanez oso gaixo zegoen.

NORA: Hilzorian.

KROGSTAD: Egun gutxi barru hil al zen?

NORA: Bai jauna.

KROGSTAD: Aizu andrea, gogoratzen al zara oraindik ere zure aita ze egunetan hil zen.

NORA: Bai. Agorraren hogeita bederatzian.

KROGSTAD: Halaxe da jakin dudanez eta horregatik gauzatxo batek harritzen nau. (Papertxo bat patrikatik atereaz.) Alegia zure aita hil eta handik hiru egunera izenpetu zuela paper hau. Nora, esango al zenidake hori nola daiteken. (Nora ixilik jarri.)

KROGSTAD: Begien bistan dago gainera «urriaren» hitza ez dagoela zure aitak idatzia baizik eta ustez ezaguna dudan beste baten letra da. Hartara ezkero horrek ez du garrantzi handirik zure aitari ahaztu egingo zitzaion ze egunetan izenpetzen zuen jartzea eta besteren batek hil zela jakin baino lehenago jarriko zituen hitz horiek. Asuntoaren giltza, firma da. Benetan, zure aitarena al da firma hori? Zure aitak berak jarri al zuen hor izena?

NORA: (Pittin batean ixilik dago gero burua altxatzen du eta borrokarako prest bezala begiratzen dio.) Ez, ez zuen hark jarri. Nik idatzi nuen hor aitaren izena.

KROGSTAD: Begira andrea. Ohartzen al zara ze gorabehera ekarri liezazukeen aitorketa honek?

NORA: Zergatik! Egun gutxi barru hor izango duzu dirua.

KROGSTAD: Barkatu zaidazu beste galderatxo bat. Zergatik ez zenion zure aitari erreziboa bidali?

NORA: Ezin zitekeelako. Hain gaixo zegoen gizajoa! Eta firma hori eskatzeko esan egin behar nion zertarako nuen. Eta tankera hartan zegoen gizon hari... Nola aitortu nire senarraren bizia hari batean zegoela? Ezin zitekeen.

KROGSTAD: Hobe zen horretan hegoalderako txango aldi hori ez egitea.

NORA: Hori ezinago. Biaje horretantxe zegoen nire senarraren osasuna eta bizia eta ezin nezakeen utzi.

KROGSTAD: Baina ez al zara konturatzen ze bilaukeria egin zenuen nirekin?

NORA: Ez nuen betarik horretan pentsatzeko, gainera bost axola zitzaidan niri nire senarraren bizia arriskuan zegoela jakinik ere hain hotz eta bihotz gabe ikusten zintudan hortaz.

KROGSTAD: Andrea ikusten denez ez zara konturatzen zer garrantzi duen zuk egin duzun horrek. Kontuan jausi zaitezen hauxe esango dizut..Ni lohipean sartu eta utzi naun txarkeria ez zela hori baino okerragoa.

NORA: Zuk egin zenuena, emaztearen bizia salbatzeko egin zenuela sinistarazi nahi al didazu?

KROGSTAD: Legeei ez zaie ardura zergatik egin dugun gaiztakeria.

NORA: Orduan legeak ez dira zuzenak.

KROGSTAD: Zuzenak edo okerrak paper hau agintariengana eramaten badut lege horien barruan epaituko zaituzte.

NORA: Ez dut uste. Alaba batek ez du eskubiderik hilzorian dagon aita zaharrari buruhausterik eta nahi gabekorik emateko eta emazte batek ez al du eskubiderik bere senarraren bizia salbatzeko? Nik ez ditut legeak zehatz-mehatz ezagutzen baina ziur nago non edo han jarriko duela gauza hori estuasun eta egokiera batzuetan libre dela. Eta... zuk, lege gizona zaren horrek ez al dakizu hortaz ezertxo. Ez derizkiot legegizon bezala oso iaioa zarenik Krogstad jauna.

KROGSTAD: Baliteke baino esku artean darabilzkigun hautuetan ohitua naizela aitortuko duzu: orain egin ezazu nahi duzuna. Baina bigarren aldiz nik nozitzen badut zuk ere nirekin batera nozitu beharko duzu. (Agurtzen du eta badoa.)

 

 

XII. AGERRALDIA

 

NORA: (Pittin batean pentsakor gero buruari eragiten dio.) Ba! Beldurtu egin nahi ninduen baina ez naiz tuntuna. (Haurtxoen jantziak biltzen hasten da eta geroxeago gelditu.) Hala ere ezin liteke! Maite sumindua...

HAURRAK: (Ezkerreko atean.) Ama, joan al da jaun hori?

NORA: Bai, bai, badakit baino ez iezaiozue inori aitatu jaun hori hemen izan denik e! Entzun! Ezta aitatxori ere.

HAURRAK: Ez ama, orain jostatu nahi al duzu gurekin.

NORA: Ez, orain ez.

HAURRAK: A! agindu zenigun ama.

NORA: Ezin dut ba, zoazte ederrok lan asko daukat. (Maitasunez ateraino laguntzen die eta ixten du atea.)

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Elena

 

NORA: (Silloian esertzen da, bordatzeko zapi bat hartzen du eta pixka batean jardun eta gero kendu, uzten du, jaikitzen da eta sarrerako aterantz doa.) Elena, ekarri ezazu zuhaitz hori (inguratzen da ezkerreko mahaira eta kaxoi bat irekitzen du, berekiko). Ez! Ezin liteke inola ere!

MIRABEA: (Eguberri zuhaitzarekin.) Non jarri behar da etxeko andrea?

NORA: Hortxe erdi-erdian.

MIRABEA: Besterik ezer behar al du.

NORA: Ez, eskerrik asko. Baditut hemen behar ditudanak. (Badoa mirabe zuhaitza utzi ondoren eta Nora arbola apaintzen hasten da.) Hemen argiak behar dira. Hemen berriz loreak jarriko ditut! Doilorra! Bilaoa!... berriketak e... Ez du ezertxo ere esan nahi. Polita jarri behardugu eguberri zuhaitza... Nik zuk nahi duzun guztia nahi dut Torwaldo... Dantzatuko naiz, zuri atsegin emateagatik kantatuko dut. (Helmer, paper pila bat galtzarbean duela sartzen da.)

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

Nora eta Helmer

 

NORA: Hara! Hemen al zara.

HELMER: Bai inor etorri al da.

NORA: Hona ez.

HELMER: Harritzekoa da ba. Krogstad etxetik ateratzen ikusi dut.

NORA: A, bai, bai, Krogstad egon da istant batean.

HELMER: Baietz igarri zertara etorri den. Bere alde hitz egin diezadazula zuri eskatzera etorri al da?

NORA: Bai.

HELMER: Eta zeuri jaio balitzaizu bezala egiteko esango zizun gainera: bera etorri zaizunik niri esan gabe?

NORA: Bai Torwaldo baina...

HELMER: Nora, Nora zer egin duzu? Hori den bezalako gizon batekin hizketan jarriko zinen ba eta baietz agindu egin diozu gainera. Eta okerrena gero niri gezurra esan!

NORA: Gezurra?

HELMER: Ez didazu ba esan ez dela inor etorri? (Behatzarekin amenazatuaz.) Ez du berriz horrelakorik egingo nire larratxori kantariak... e? Txoriak mokoa garbi eduki behar du txorrotxio alaiak ateratzeko. (Gerritik heltzen dio.) Ez al da hala? Bai, banekien bai nik (uzten dio). Bueno gau honetan ezta hitz ere gehiago! (Tximiniaren aurrean esertzen da.) Bai ederki egoten dela hemen! (Paperari begira. Nora berriz zuhaitza apaintzen kera pixka bat.)

NORA: Torwaldo. Torwaldo!!

HELMER: Zer?

NORA: Etzi Stembergen etxera dantza-aldira joateko pozez zoratzen nago.

HELMER: Eta ni berriz zu nola azalduko ote zaren jakiteko irrikitzen!

NORA: Ba aspertu naiz oraintxe.

HELMER: Zertan?

NORA: Ez dut bilatzen gustuko soinekorik. Denak txatxu eta itxusi iruditzen zaizkit.

HELMER: Ederki gaude! Hori da ateraldia! Nora!

NORA: (Butakaren atzealdetik ukalondoak ezartzen dizkiola.) Presa al duzu Torwaldo?

HELMER: Ba...

NORA: Ze paper dituzu horiek?

HELMER: Bankuko gauzak.

NORA: A...

HELMER: Kargua utzi eta ateratzen diren direktoreek nahi ditudan aldaketa guztiak egiteko eskubidea eman didate, bai pertsonetan eta bai gauzetan eta eguberri aste honetan horixe prestatzen ari behar dut, urte berritarako dena erabakia eduki nahi nuke eta.

NORA: Orduan horregatik Krogstad gixagajoa...

HELMER: Jum...!

NORA: (Eskuarekin ileak igurtziaz.) Horren lanperatua ez bazeunde, mesede bat eskatuko nizuke.

HELMER: Ea, ba, zer litzateke?

NORA: Inor baino gusto gehiago duzu, eta dantza horretara nahi nuke ba apain joan... Torwaldo, ez al zenidake zuk aukeratuko soinekoa?

HELMER: Ara, hara gure kaska-gogorra nola bigundu dan.

NORA: Bai Torwaldo zu gabe ezin dut ezer erabaki.

HELMER: Bueno, bueno, ikusiko dut, asmatuko dut zerbait.

NORA: A, bai ona zarela! (zuhaitzera itzultzen da) (Ixil-unea). Aizu eta oker handia al da Krogstadek egin duena?

HELMER: Lapurretak egin ditu. Ba al dakizu hori zer den?

NORA: Beharbada mixeria gogorrak behartuko zuen horretara.

HELMER: Bai askotan gehiegi pentsatu gabe egiten dira gauzak eta ez dut nik hoinbestez gainera behingoagatik bakarrik gizona gaitzetsiko.

NORA: Ez, ezta Torwaldo?

HELMER: Bat baino gehiago zintzotzen dira baldin eta bere okerra aitortu eta zigorra betetzen badute.

NORA: Zigorra?

HELMER: Baino Krogstadek ez du bide hori hartu. Maltzurkeriaz eta azpikeriaz estali nahi izan du egindako okerra eta horrexek galdu du.

NORA: Uste al duzu...

HELMER: Horrelako pertsona batek. Harra barruan darabilki eta noiz nahi gezurra esan ohi du hitzetik hortzera, baita etxean bere emazteari edo semeari ere. Eta hori seme-alabentzat izugarria da.

NORA: Zergatik?

HELMER: Gezur giro horretan etxeko guztiak kutsatzen direlako. Seme-alabak, arnasa hartzen duten bakoitzean, irensten dituzte gaiztakeri-haziak.

NORA: (Inguratzen zaio.) Egia ote da hori.

HELMER: Ez da ba izango, maite. Nire abokatutzan ikusi dut mila bider. Ia gaizto guztiek ama gezurti hutsa izan zuten.

NORA: Zergatik diozu ama?

HELMER: Gehienean amagatik izan ohi delako, askotan aitek ere berdin-berdin egiten dute baino. Hori abokatu guztiek badakite ongi asko. Eta hala ere Krogstadek urtetan gezurra eta saltsa dariola ibiliz bere seme-alabak kutsatu egin ditu, horregatik ez dut uste gizon hori zintzotu litekeenik. (Eskuak luzatzen dizkio.) Eta horrexegatik agindu behar dit nire larratxoriak ez duela txintik aterako haren alde. Agindu zaidazu. Ekatzu eskua. Holaxe. Egina dago. Hara esaten dizut: nahita ere ezin al izango litzateke horiekin lan egin holako pertsonek gonbitolarria ematen didate eta.

NORA: (Eskuak bereizten ditu eta zuhaitzaren beste aldetik jartzen da.) Bero dago hemen edo ke giroa... eta ni banago ba, hainbeste lan egiteko eduki-eta.

HELMER: (Altxa eta paperak bilduz.) Paper honetako batzuk ikusi behar ditut bazkal aurretik. Gero ea zure soinekoaz gogoratzen naizen. Zuhaitz horretan ere zerbait txintxilikatu beharko dut urrezko paperean bilduta. (Eskuarekin ileak igurtziz.) Nire larratxori polit hori! (lan-gelan sartzen da eta atea ixten du).

 

 

XV. AGERRALDIA

 

Nora eta Mariana

 

NORA: (Kera pitin baten ondoren ixil-mixilka.) Ez, ez. Ez da hori hola! Ezin diteke. Ezta inola erel

MARIANA: (Ezkerraldean.) Haurrek mundu guztitik hona etorri nahi dute.

NORA: Ez, ez, ez. Ez iezaiezu utzi etortzen. Zoaz kanpora beraiekin.

MARIANA: Bai, ondo da etxekoandre. (Bihoa.)

NORA: (Izututa, zurituta.) Nire haurrak kutsatu! Seme-alabak pozoitu! (Altxatzen du burua.) Ez da egia!, gezurra da hori! Ezin daiteke egia izan!

 

ZAPIA

 

 

II.  EKITALDIA

 

Lehengo irudi-toki bera. Atzean pianoaren ondoan, eguberri zuhaitza, jostailu eta apainduri guztiak kendua. Sofaren gainean Noraren sonbrero, guante eta abrigoa.

 

 

I. AGERRALDIA

 

Nora, egon-ezinik, larri, dabil horrantz eta honantz. Geldi bedi sofaren ondoan, har beza abrigoa, pentsatzen bego eta utzi berriz.

 

NORA: Badator bat edo bat... (Ate ondoraino joan eta zelatatuz.) Ez, ez dator inor... Ez da gaurko, nola ba gaur eguberri eguna da eta... ezta biharko ere... Beharbada... (atea ireki eta kanporantz begira). Ez buzoian ere ez dago ezer ere... Txorakeriak... Etxean benetako amenazoa. Ezin daiteke holakorik gerta. Hiru haurren ama izaki eta... (Mariana sartzen da ezkerretik kartoizko kaxa handi batekin.)

 

 

II. AGERRALDIA

 

MARIANA: Bilatu dut orratik azkenean soinekoaren kaja.

NORA: Ondo da. Utzi ezazu hor mahaiaren gainean.

MARIANA: (Uzten du.) Dagoen bezala beharbada ez zaizu ondo geldituko.

NORA: A hamar mila puska egingo nuke gustura txintxilatu eta kito.

MARIANA: Ez horixe, errax konpondu eta eratu daiteke. Pazientzia pixkat behar.

NORA: Bai Linderen andrearengana joango naiz laguntzera etor dakidan.

MARIANA: Haurtxo gajoak! Eguberritako erregalien jolasean dabiltza, baina...

NORA: Askotan aitatzen al naute?

MARIANA: Hain ama zulo dira...

NORA: Bai Mariana, beti gona tartean nituen baina aurrera ezin hainbeste denboran egongo naiz beraiekin.

MARIANA: Haurrak denera jartzen dira.

NORA:  Zuk hala uste al duzu? Iduritzen al zaizu ahaztuko ninduketela joango banintz betiko...

MARIANA: Jainko maitea, ez ezazu esan betiko!

NORA: Aizu, Mariana, beti gauza bat galdetuko nizukeenean nabil... Zuk nolatan utzi zenuen zure alabatxoa arrotzen eskuetan?

MARIANA: Ze erremedio! Noratxo hau hazi behar nuen eta.

NORA: Bai baina nolatan hartu zenuen erabaki hori?

MARIANA: Hain zen kolokazio ona! Ez zen suerte makala niri gertatu zitzaidana gertatutako neska batentzat. Bilau arek ez baitzuen nirekin ezer jakin nahi...

NORA: Seguru asko zure alabak ahaztuko zintuen!

MARIANA: Bai zera, lehenengo jaunartzea egin zuenean idatzi zidan eta gero berriz ezkondu zenean ere bai.

NORA: (Lepotik heltzen diola.) Ai Mariana maitea! Zu izan zinen niretzat ama haur nintzenean.

MARIANA: Noratxo gaixoak ez baitzuen ni beste amarik.

NORA: Eta nire haurrak ere amarik gabe gelditu balira, badakit bai nik berriz zu... Ba berriketak. Esateagatik esan egiten dira gauza hauek! (Kaxa irekitzen du.) Tira zoaz zure lanetara nik... Ikusiko duzu bihar zeinen ederra azalduko naizen.

MARIANA: Dantzari guztietan ez da izango zu baino politagorik. Ez horixe (Bihoa ezkerreko atetik).

NORA: (Kaxa ireki eta itxi eta utzi.) Etxetik aterako nintzateke ba. Baneki ziur ez dela inor etorriko... Bitartean etxean ez dela ezer gertatuko baneki... Txorakeriak! Ez da inor etorriko... Uxa pentsamendu txarrak! Beso erdi hauexek orraztu behar ditut eta esku-larruak apaindu... Uxa burutapen horiek!... bat, bi, hiru, lau (karraxi egiten du.) A, badator... (Atera joan edo ez joan zalantzan Kristina sartzen da, antekamaran sonbreroa eta abrigoa utzi dituelarik.)

 

 

III. AGERRALDIA

 

NORA: A. Hi al hintzenan Kristina? Ez zetorren noski beste inor hirekin? Garai onean hator neska!

KRISTINA: Nire galdezka joan haizela ezan zidaten!

NORA: Ba hire ostatu paretik pasa behar ninan eta pittin bat lagunduko ote hidanan joan naun. Eseri gaitezen eta esango dinat zer den. Bihar dantza-bilera dun gure gaineko bizitzan Stenberg kontsularen etxean. Eta Torwaldok, Napolesko arrantzale-andre jantzi nadila eta Caprin ikasi nuen tarantela dantza dezadala.

KRISTINA: Hola, hola. Ez zabiltza txikiri-txakarretan e?

NORA: Bai Torwaldok hala nahi din. Hemen zegon soinekoa. Torwaldok eginarazi zidanan, baina hain hautsia eta hondatua zegon ez zekinat...

KRISTINA: (Soinekoa ikusmiratu eta gero.) Bai neska laxter konponduko dinagu. Edergailu batzuk askatuak hiru edo lau lekutan besterik ez zeukan. Agudo, jostorratza eta haria. A. Hemen bazegon denetik.

NORA: Bai ona haizela.

KRISTINA: (Josten ari den bitartean.) Bihar hortaz arrantzale-jantziarekin. Etorriko naun ni ere, ixtant batean lehenik ikusi behar haunat. Atzo gauekoagatik eskerrak ematea ahaztuta nengoan...

NORA: (Altxa eta ixkina batetik besteraino joanaz.) Ez dinat uste, hemen ohi den bezain ondo egon ginenik. Pittin bat lehentxego etorri bahintzenan... Kristina. Torwaldok badin etxea atsegin egiteko artea.

KRISTINA: Baita hik ere... ezagun den bai aitaren alaba haizela. Aizan eta... Rank sendagile hori atzo bezain eroria al dago?

NORA: Ez, atzo inoiz baino eroriagoa zegonan. Gizajoak bizkarrezurrean zeukan izugarrizko gaitza. Bere aitak, emagalduekin ibiltzen zen nazkagarri bat izan behar zinan... horregatik semea txiki-txikitatik erdi gaixo beti.

KRISTINA: (Josteari utziz.) Baina neska, zeinek esan dizkin gauza horiek denak?

NORA: Hiru seme-alaba izan dituenerako bati, neska, sasi-mediku diren atso asko etortzen zaizkion bisitara eta gauza asko jakiten ditun...

KRISTINA: (Josten hasten da berriro eta berriro utzi.) Rank jaun hori egunero etortzen al da?

NORA: Bai egunik huts egin gabe. Gure lagunik onena bera den. Etxekotzako zeukanagu.

KRISTINA: Eta egia esate al du? Alegia esan nahi niken: txurikerian aritzea gustatzen al zaio?

NORA: Ez eta gutxiagorik ere. Zergatik galdetzen dinan?

KRISTINA: Atzo hemen elkar-topo egin genuenean eta ni zein nintzen esan nionean, nire izena sarritan entzun omen zuela esan zinan. Gero berriz hire senarrak nire aitamenik sekulan egin zionik ez hunan gogoratzen. Nire berri nolatan daki orduan Rank jaunak hire senarrak ez badu.

NORA: Arrazoi da Kristina. Torwaldok izugarri maite natxion eta beraz bakarrik izan nadila nahi din, esan dugun bezala. Haurren berri hartan zeloak hartzen zizkianan lehendikan maite ninduten pertsonez hitz egiten nionean eta jakina, utzi egin nitxionan haren aurrean aitatzeari, baina Rank jaunarekin askotan mintzatzen naun haietaz. Entretenigarri zaizkion.

KRISTINA: Entzuidan ondo, Nora. Gauza askotan oraindik ume bat haiz hi. Ni alde batetik hi baino urte batzuk gehixeago eta bestetik askoz gehiago ikusia natxion eta kontsejutxo bat eman behar dinat Rank delako jaun horri buruz. Honek honetan bukatu behar din.

NORA: Zerk bukatu?

KRISTINA: Gauza askok. Atzo esan hidanan nola ametsetan ikusten hunan maitale aberats bat eta dirua hartzen zuela...

NORA: Bai baino hik badakin ez dela holako maitalerik... zoritxarrez. Zer gehiago?

KRISTINA: Rank hori aberatsa al da?

NORA: Bai dirua badin.

KRISTINA: Eta familiakorik?

NORA: Ezta inortxo ere. Baino ze...?

KRISTINA: Eta egunero etortzen al zain hona?

NORA: Baietz ba.

KRISTINA: Errespetuko gizona bada itxura horietan nola ibili liteke, egunero higana etortzen.

NORA: Neska ez dinat konprenitzen zipitzik ere.

KRISTINA: Ez ezan diximulatu Nora. Uste al dun ez naizela konturatzen zeini eskatu hizkionan mila eta berrehun ezkutuak?

NORA: Txoratu egin al haiz? Benetan hori pentsatzen dunala? Nolatan eskatu nizkionan ba egunero sudurraren puntan daukadan lagun bati? eta gero ze aurpegi jarri...

KRISTINA: Orduan benetan hori ez dela?

NORA: Ezetz ba, ezetz. Ezta sekula-santan buruan pasa ere ez zaidan egin holako pentsamendurik; gainera garai hartan nahita ere ez zidanan emango. Artean ez zinan horrek dirurik: geroztik jaso dizkin ondareak.

KRISTINA: Hobe ere badun hiretzat, Nora.

NORA: Ez, neska, ez zitzaidan bururatuko medikuan eskatzerik... ezta... hala ere ziur nion eskatuko banio...

KRISTINA: Baina ez dun holakorik egingo e?

NORA: Ez neska, ez dinat uste premiarik izango dudanik ere, baina ziur-ziur nion nik hitz-erdi bat esango banio...

KRISTINA: Hire senarraren ixilean...?

NORA: Egoera hoentatik hala atera behar dinat, sartu ere hala egin nitxionan eta. Baina hau bai bukatu behar dudala.

KRISTINA: Esaten ninan nik atzo.

NORA: (Alde betetik bestera barrez.) Gizon batek arazo hauek emakume batek baino hobeto erabaki eta aurrera ateratzen dizkin.

KRISTINA: Gizon hori senarra baldin bada bai.

NORA: Txorakeriak! (geldituz). Baina ordaintzen denean, erreziboa itzuliko zidanen ezta?

KRISTINA: Jakina ba.

NORA: Eta paper higuingarri hura mila puska egin eta erre eta kiskali nezaken ezta?

KRISTINA: (Begira-begira jartzen zaio, josteari utzi eta poliki-poliki altxatzen da.) Aizan Nora, hik zerbait gordetzeidan.

NORA: Aurpegian antzeman al didan?

KRISTINA: Atzo goizetik hona zerbait pasa zain. Zer da?

NORA: (Harengana jiratuz.) Kristina (entzun-keinua). Ixo. Torwaldo hor zetorren. Joan hadi haurren gelara, Torwaldok ezin baitu inor josten ikusi. Esaion Marianari laguntzeko.

KRISTINA: (Soinekoak bilduz.) Bueno baina ez dinat etxe honetatik alde egingo harik eta den-dena esaten didanan arte. (Bihoa ezkerretik eta bitartean betor Helmer antekamarako atetik.)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Helmer eta Nora

 

NORA: (Helmerri bidera irtenaz.) Aspalditxoan zure zain nengoen, Torwaldo bihotzekoa!

HELMER: Jostuna al zen?

NORA: Ez, Kristina biharko soinekoa konpontzen ari zait... ikusiko duzu: ahoa bete haginekin utziko ditut denak.

HELMER: Bai gauza ederra bururatu zitzaidan.

NORA: Zoragarria. Baina nik ere badut meritua, zuri atsegin ematen saiatzeagatik e?

HELMER: (Kokotsa igurtziaz.) Meritua? Zure senarrari atsegin emateagatik meritua? Tira, tira, ez zenuen hori esan nahiko. Banoa, ez zaitut gehiago entretenitu nahi, soinekoa prestatu beharko duzu eta...

NORA: Eta zu, lanera al zoaz?

HELMER: Bai (paperak erakusten dizkio). Hara, bankuan izan naiz. (Despatxura sartzen hasten da.)

NORA: Torwaldo.

HELMER: (Geldituaz.) Zer?

NORA: Zure katagorriak arren eta arren gauzatxo bat eskatuko balizu...

HELMER: Zer?

NORA: Egingo al zenuke?

HELMER: Lehenbizi zer den jakin behar dut behintzat.

NORA: Zuk amore eman nahi bazenu eta egin zure katagorria saltoka eta brinkoka ibiliko litzateke.

HELMER: Esan ba zer den.

NORA: Larratxoriak txorrotxiorik politenak aterako lituzke.

HELMER: Larratxoriak ez daki besterik egiten.

NORA: Dantzatuko nintzateke ilargitan zure entretenigarri.

HELMER: Nora... Ezta ba izango gaur goizean aitatu didazun hura?

NORA: Bai Torwaldo... Egidazu mesede horixe.

HELMER: Eta oraindik ere baduzu korajea hori aitatzeko?

NORA: Bai, bai, emaidazu amore, Krogstadek bankuan jarraitzea nahi dut.HELMER: Begira, Nora, Linden andrea jarri dut hain juxtu leku horretan..

NORA: Estimatzen dizut baino beste bat bota ezazu Krogstad bota beharrean.

HELMER: Setatsua ere markakoa zara. Atzo goizean batere pentsatu gabe agindu zeniola eta nahi zenuke...

NORA: Ez da horregatik Torwaldo. Zuregatik da. Esan izan didazu behin baino gehiagotan gizon horrek periodikurik txarrenetan idatzi duela eta... kalte izugarria egin diezazuke! Beldurra ematen dit.

HELMER: A bai, badakit zer gertatzen zaizun, garai bateko gauzez oroitzen zara eta ikaratu.

NORA: Zer adierazi nahi duzu?

HELMER: Alegia zure aitari pasea gogoratzen zaizula.

NORA: Horixe ba. Oroitu zaitez zenbat paper zikindu zuten gure aitaren kontra persona bilau haiek eta zenbat gezur erantsi zizkioten. Gero puestoa galdu beharrean izango zen azkenean, nagusiak zu ez bazinduen bialdu, egia zer zen jakitera eta zuk hain bigun hartu ez bazendu.

HELMER: Baino Nora: zure aita eta ni ez gara zorro bateko irinak. Hark ez zuen beti garbi jokatu eta nik bai eta baita jokatuko gainera.

NORA: Bai baina... nork daki zer asma ez lezakeen mingain gaiztoak? Hain ederki bizi gintezke bake-bakean poz-pozik zu, haurrak eta ni gure habian! Horregatik hainbeste bider arren eta arren ari natzaizu.

HELMER: Ba hain zuzen zuk eskatzen didazulako ez nezake egin! Bankuan badakite denek kanpora doala eta orain jakingo balute direktore berriari bere emazteak asmoa aldarazi diola...

NORA: Zer?

HELMER: Ez lioke axolarik halare, jakina, zu zeurearekin atera ezkero. Uste al duzu mendeko guztien aurrean barregarri gelditu nahi dudala...? emaztearen mende nagoela eta omen zuk galtzak janzten dituzula aditzera emanez? Pentsa dezakezu ez litzatekela hau azkenekoa izango, laster lirateke bi baino gehiago zure bitartez nigandik hau edo hura iristeko ate-joka eta zirikaka. Gainera bada beste arrazoi bat ere Krogstadek lanik egin ez dezan bankuan ni direktore naizen bitartean...

NORA: Ze arrazoi?

HELMER: Bere gaiztakeriak gorabehera... nik honetara ezkero ez ikusia edo ez jakina egin nezake.

NORA: Bai, ezta? Torwaldo?

HELMER: Batik bat langile artetsua dela jakin dudan ezkero... baina... aspalditik ezagutzen dugu elkar. Gaztean txoro-txoro egin eta gero geure bizitzan hainbeste enbarazu egiten diguten adiskide horietako bat da. Elkarri hika hitz egiten diogu, horra. Eta gizon horrek ez daki inoren aurrean disimulatzen ere alderantziz badirudi orduan areago aritzen dela eta ez zait ixiltzen. Gogaikarria da benetan eta bankuan ezin burutu dut horrekin.

NORA: Torwaldo zuk ez duzu pentsatu esan didazuna.

HELMER: Zer ba?

NORA: Zikoizkeria bat litzakelako hori.

HELMER: Zikoizkeria? Zikoitza naizela uste al duzu?

NORA: Ez ba, Torwaldo maitea, eta horregatixe.

HELMER: Berdin dio. Zuk nik egina zikoizkeria diozu, beraz zikoitza naizela. Zikoitza, e? Hori ere aditu behar genuen! (Deituaz.) Elena!

NORA: Zertara zoaz?

HELMER: Erabaki bat hartzera. (Paperen artean bat bilatuz.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Elena

 

HELMER: Tori eskutitz hau. Oraintxe bertan bila ezazu mutil bat eta eraman dezala! segituan! zuzenbidea jarria dago. Tori dirua ere.

ELENA: Ondo da jauna. (Bihoa eskutitzarekin.)

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Nora eta Helmer

 

HELMER: (Paperak bilduz.) Horra ba andre setatsua.

NORA: (Erdi zotinka.) Zer doa sobre horretan?

HELMER: Krogstad botatzeko agindua.

NORA: Har ezazu berriro Torwaldo!Oraindik garaia da. Ez ezazula bialdu! Egizu nigatik... zugatik eta haurrengatik: Entzuidazu Torwaldo!... Egidazu mesede horixe! Ez dakizu gizon honek zenbaterainoko zoritxar ekarri liezazuken.

HELMER: Beranduegi da.

NORA: Bai beranduegi da.

HELMER: Barkatzen dizut Nora, zure larrialdi hau niretzat irain bat besterik ez den arren. Bai irain eta destaina egiten didazu horrela larritzearekin. Ez al da iraina niretzat, zuk legegizon txatxu horren bengantzaren beldur izan nintekeela uste izatea? Baina dena dela barkatzen dizut, asko maite nauzula adierazten du eta. (Besoetan hartzen du.) Behar-beharrezko da nire bihotzeko Nora. Nahi duena egin dezala. Une larrietan nik hartzen ditut erabakiak eta datorrena betor eratzukizun guztien jabe egiten naiz.

NORA: Zer esan nahi duzu?

HELMER: Erantzukizun guztiak nire gain hartzen ditudala.

NORA: (Irmo eta gogor.) Ez, hori ez duzu egundo egingo.

HELMER: Bueno, ondo da. Bien artean ba, Nora senar-emazteak garenez. Hala izan behar du. (Laztanduaz.) Orain konforme al zaude? Tira, tira, ez iezadazu begiratu usakume izutuak bezala. Zure usteak eta bururakizunak dira horiek! Utzi buruhauste horiek eta ekinaldi bat egizu dantzan biharko trebatu zaitezen. Ni ere lan-gelan sartuko naiz, atea itxiko dut eta ez dut handik ezer entzungo. Atera dezakezu nahi adina zarata! Rank datorrenean esaiozu non naizen. (Buruarekin agur zeinua egiten dio eta paperak bilduz despatxuan sartzen da eta atea ixten du.)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Nora, Rank eta gero Elena

 

NORA: (Arrunt izutua eta penatua, bego geldi-geldi eta bere kasa ixil-xamar hala dio.) Kapaz da hura egiteko. Kosta ahala kosta egingo du. Ez, behin ere ez! Edozer hori baino lehen!... Korajetu nadin... Aitzakiaren bat! (atea jotzen dute.). Rank sendagile jauna izango da! Edozer hori baino lehen... edozer gauza! (Kopeta eskuarekin igurzten du, eta bere burua ahaleginean lasaituta atea irekitzera doa. Zirristatik Rank ikusten da abrigoa zintzilik uzten. Ilunabarra da.) Arratsalde on sendagile jauna. Atea jotzeko tankeran antzeman diot zu zarela. Ez zaitez orain Torwaldorengana joan lanean ari baita.

RANK: Eta zu?

NORA: (Medikua sartu eta berak atea itxi bitartean.) Nik badakizu zurekin egoteko beti izaten dudala tarte pixka bat...

RANK: Eskerrik asko. Ahal dudan denbora guztia aprobetxatuko det.

NORA: Ze alditan denbora guztia?

RANK: Bai, izutu egiten al zara?

NORA: Esaera harrigarria da. Zerbait pasako al da ba?

RANK: Bai aspalditxotik igarria neukana, baila ez nuen uste hain agudo izango zenik.

NORA: (Larri besotik heltzen dio.) Ze pasatzen da? Ze esan dizute? Hasi eta buka guzti-guztia esan behar didazu...

RANK: (Tximini ondoan esertzen da.) Aldaparen barreneraino iritsi naiz eta honetara ezkero ez dago ezer egiterik...

NORA: (Arnasa hartuz, lasaiago.) Zeure buruagatik ari al zara?

RANK: Noski, zeinengatik ba? Zertarako nire buruari iruzur egin? Nire gaixo guztietan errukarriena ni naiz. Egun hauetan nire osasunari edo gaixotasunari alde guztietatik ondo begiratu diot eta nireak egin du! Hilabete bat baino lehenago, beharbada, hauts bihurtua nengoke...

NORA: Gizona, gizona, ez ezazula holakorik esan. Itxusiegia da hori aitatzeko ere.

RANK: Izan ere gertatu behar zaidana da zeharo itxusia eta ezin inola apaindu eta politu. Eta okerrena aurretik etorriko diren oinazeak. Gauzatxo bat bakarrik daukat ikusteko eta horixe egitean jakingo dut gutxi gorabehera noiz izango den azkenaren hasiera. Gauza bat esan behar dizut. Helmer izaeraz minberatia da eta gaitz egiten diote itsuskeriak. Ez dut nire ohe-buruan ikusi nahi.

NORA: Baina jauna...

RANK: Ez dut nahi eta kitto. Ez aitzakiarik sumatzen hasi. Nire etxeko atea itxiko diot. Hondamendia gainean dudala ziur jakin ordukoxe bialduko dizut nire tarjeta gurutze beltz batekin markatua eta horretatik antzemango diozu nire bukaera hasia dela.

NORA: Ez, e. Gaur aldrebeskeria gehiegi esaten ari zara. Eta nik umore oneko egotea neukan premiarekin...

RANK: Nola ordea, heriotza begien aurrean dudalarik (geldiunez). Eta besterengatik nozitu behar! Hori al da zuzentasuna? Etxe guztietan izaten da alde batera edo bestera gainerakoengatik nozitzen duenen bat...

NORA: (Behatzarekin belarriak itxiz.) Ixo! Ixo! Pozik gaude, pozik gaude.

RANK: Bai pentsatzen jarri ezkero barregarria da bai. Nire bizkarrezurrak sufritu behar gajoak aita (teniente) gaztea zenean alaiki festarik festa ibili zalako.

NORA: (Ezkerraldean beladorearen inguruan.) Esparragoak eta pastelak gehitxo gustatzen zitzaizkion ezta?

RANK: Baita gezurrak ere.

NORA: A bai, gezurrak asmatzea eta neska gazteak?

RANK: Horixe ba, neska gazteak ziriak nori sartu izateko.

NORA: Baita ardo gorria eta xanpaina... Lastima da horren gauza onak izaki eta bizkarrezurrari gaitz-egitea.

RANK: Bai, batez ere, sekula gauza on horiekin gozatu ez duen bizkarrezur gajoak nozitu behar duenean...

NORA: Bai horixe da okerrenal

RANK: (Norari begira-begira.) Hum...!

NORA: (Itxoin aldi txiki baten ondoren.) Zeri barre egiten diozu?

RANK: Barre, zuk egin duzu eta barre?

NORA: Ez jauna, ez, zu izan zara barre egin duzuna

RANK: (Altxatuz.) Uste nuen baino adar-jotzaleago zara.

NORA: Ez da hori. Gaur txorakeria besterik ez dudala esaten baizik.

RANK: Ezagun da bai.

NORA: (Medikuaren sorbalda gauean eskua jarrita.) Mediku maitea ez duzu hil behar eta Torwaldo eta biok hemen bakarrik utzi!

RANK: Ba, ezbehar horregatik belaxe kontsolatuko zarete. Hain erraz ahaztutzen dira hilak!

NORA: (Larritasunez begiratzen dualarik.) Hala uste al duzu?

RANK: Adiskide berriak egiten dira eta gero...

NORA: Adiskide berriak egin?

RANK: Bai Helmerrek eta zuk halaxe egingo duzue ni ezkutatu ordukoxe. Zu hasi zarela derizkiot. Ze egin behar zuen bart gauean hemen Linde andreak?

NORA: A... Ez al dizkiozu Kristina gajoari zeloak hartuko!

RANK: Bai. Huraxe izango da nire ondorengoa etxe honetan. Ni hiltzen naizenean andre hori...

NORA: Ixo. Ez ezazula hain ozenki hitz egin hemen dago eta.

RANK: Gaur ere bai? Ikusten duzu.

NORA: Nire soinekoa antolatzera etorri da. Jainko maitea, bai ulergaitza eta gogorra zaudela gaur. Orain txintxoa izan behar duzu e? Ikusiko duzu bihar zeinen ederki dantzatuko naizen eta pentsa zenezake zuregatik egiten dudala... bueno eta Torwaldorengatik ere bai, jakina! (ateratzen du zenbait gauza kaxatik). Eseri zaitez gauza batzuk erakutsi diezazkizudan!

RANK: (Esertzen da.) Ze erakutsi behar didazu?

NORA: Ez daukazu begiratu besterik... Ikusi!

RANK: Udako galtzerdiak.

NORA: Haragi kolorekoak. Ez al dira politak? Orain iluntxo dago baino bihar... Ez, ez, zuk ez duzu ikusiko zangoak besterik. Hala ere txiripaz zeozer gehiago ikusiko bazenu...

RANK: Hum...!

NORA: Zergatik jartzen duzu duda aurpegi hori? Ez ote didate ba ondo emango?

RANK: Nik zer dakit ba?

NORA: (Ixtant batean begira dagokio.) Joan zaitez pikutara! Gizona bai gaiztoa! (galtzerdiekin joaz belarri bat estutzen dio). Hala zaude orain (eta kaxan sartzen ditu).

RANK: Ze gauza harrigarri ikusi behar ditugu ba.

NORA: Orain batere ez. Ez duzu ezer ikusiko txintxoa izan ez zarelako (kaxa miatzen du kantari).

RANK: (Itxoin aldi txiki baten ondoren.) Hemen hola zurekin goxo-goxo nagoenean ezin dut asmatu... Ez dut sumatzen ze izango nintzen gaur sekula etxe honetara etorri ez banintz.

NORA: (Irribarrez.) Bai, egia esateko bapo zabiltza hemen.

RANK: (Ixilago eta aurrera zuzen-zuzen begira.) Eta hau dena utzi egin behar...

NORA: Txorakeriak! Ze utzi beharko duzu ba.

RANK: (Len bezala.) Eta ezin utzi eztigarri bat ere... Gehienaz ere laster uxatuko den saminaldiren bat... lehenengo datorrenak beteko duen hutsune txiki bat.

NORA: Eta nik eskatuko banizu...? Ze...?

RANK: Eskatuko ba zenidake... zer?

NORA: Maite nauzula seinale bat.

RANK: Bai, zer?

NORA: Alegia mesede izugarri bat.

RANK: Emango ote didazu ba inoiz poz hori?

NORA: Bai, baina zuk ez zenuke asmatuko zer den.

RANK: Ia ba, esadazu.

NORA: Ez, ez, ezin dut esan! izugarria da... kontseju bat, laguntza bat, mesede bat, horiek denak batera...

RANK: Orduan eta hobe. Ezin dut igarri ze izan diteken baina, esan ezazu ba behin. Ez al daukazu nigan konfiantzarik?

NORA: Inorgan baino gehiago. Badakit zu zarela nire lagunik onena eta leialena, eta honegatik dena kontatzera noakizu. Ba, jauna, gauza bat gerta ez dadin laguntza behar dut. Zuk badakizu zenbat maite naun Torwaldok, ixtant batean zalantzan egon gabe emango luke nigatik bizia.

RANK: (Norarengana makurtuaz.) Nora... hark bakarrik uste al duzu?

NORA: (Atzealderatuz.)

RANK: Zer? Hark bakarrik uste al duzu? Zuregatik pozik emango lukela bizia?

NORA: (Itunki.) Baina benetan?

RANK: Zin egin dut ni hil baino lehenago jakingo duzula. Egokiera hoberik ez nezake topa. Bai, Nora, nik ere bai! Esan zeniezadake uste oso-osoarekin.

NORA: (Lasas lasas altxatuaz.) Utzi zaidazu bakean.

RANK: (Pasatzen uzten dio baina altxa gabe.) Nora!

NORA: (Sarrerako atean.) Elena ekarri ezazu argia. (Tximini aldera joanez.) O, jauna gaizki egin duzu.

RANK: Gaizki egin al dut bihotzaren barren barrendik zu maitatzea?

NORA: Ez, baina aitortzea bai. Nahikoa zen...

RANK: Ze esan nahi duzu? Bazenekiela? (Neskamea sartzen da kriseilua eskuan duela mahai gainean utzita bihoa.) Nora... Andrea... Ba al zenekien galdetzen dizut.

NORA: Ba al dakit neronek ere? Ezin esan diezazuket. Baina nolatan egin duzu baldarkeria hori? Hain ondo ari ginen...

RANK: Dena dela, orain badakizu ziur gorputz eta anima zuk nahi duzunerako prest naukazula. Hitz egin nahi al duzu orain?

NORA: (Begira begiratuz.) Aitortu didazunaren ondorenean?

RANK: Mesedez esadazu zer dan.

NORA: Kito, gure hartu emanak bukatu dira. Ez duzu ezer jakingo.

RANK: Bai, bai, esadazu. Ez nazazula horrela zigortu. Ahal dudaneraino laguntzen utzidazu.

NORA: Orain gainera, esanak esan eta gero, ezin erregaliarik egin didazu. Gainera ez dut inoren beharrik; kutizia batzuk besterik ez ziren, bixtakoa da. (Mezedoran esertzen da, irribarrez begiratzen dio.) Bene-benetan gaizto-pikaroa zara Rank. Ez al dizu lotsik ematen orain aurpegia pixtuta elkarren aspajoak ikusten dizkiogunean?

RANK: Egia esatekotan ez. Baina alde egin behar dut... beti-betiko?

NORA: Ez gizona. Ezta pentsatu ere. Orain arte bezalaxe etorriko zara, jakina, Torwaldok zurekin egon gabe ezin etsi duela badakizu eta.

RANK: Bai baina zuk?

NORA: Nik? Nik hain begi-onez ikusten dut dena zu hemen zaudenean...

RANK: Horretxek, horretxek huts eginarazi dit lehen ere. Umea bai konprenigaitza zarela! Helmerrekin bezain gustura eta atseginez zeundela nirekin iduritzen baitzitzaidan askotan.

NORA: Eta egia da. Pertsona batzuk maitatuak baitira eta beste batzuk atseginak...

RANK: Hala da bai.

NORA: Jaiotetxean bizi nintzenean inor baino gehiago aita maite nuen jakina, baina nire atseginik handiena ixilka neskameen gelara jziki eta haiekin egotea izaten zen, ez baitzidaten behin ere errietarik ematen eta gainera hain kontu politak batek besteari kontatzen zizkioten...

RANK: A ederki da. Orduan neskameen ordezko nauzu ni.

NORA: (Biziki jaikiaz eta harengana joanaz.) Ez gizona, ez dut horrelakorik esan nahi izan. Baina kontu egin dezakezu orain Torwaldorekin lehen aitarekin gertatzen zitzaidana pasatzen zaidala.

ELENA: (Antekamaratik irtenez.) Etxekoandre! (Belarrira hitz egiten dio eta tarjeta bat ematen.)

NORA: (Tarjetari begiratuz.) A! (Patrikan gordetzen du.)

RANK: Gauza txarren bat?

NORA: Ez, ez. Zera... nire soineko berria.

RANK: Hara! Hor ez dago ba?

NORA: Bai, hori bai, baina hau beste bat da. Nik neronek eginarazi det... Torwaldok ezer ez daki...

RANK: A! Hori zen orduan zure sekretua?

NORA: Bai, horixe. Joan zaitez azkar Torwaldorengana eta eutsiozu han.

RANK: Lasai egon zintezke, ez dit alde egingo. (Helmer en lan-gelara joaten da.)

NORA: (Neskameari.) Eta sukaldean al dago zain?

HELMER: Bai andrea. Mirabeen eskaileratik igo da eta.

NORA: Ez al diozu esan bisita batekin nagoela?

ELENA: Bai, baina alferrik.

NORA: Ez al zuen joan nai?

ELENA: Ez; etxekoandrearekin hitz egin gabe ez doala inolaz ere esan du.

NORA: Ondo da. Datorrela ba. Baina, ixil-ixilik eta zaratarik atara gabe, eta ez iezaiozu inon esan, Elena, nagusiarentzat ustekabea baita.

ELENA: Bai, bai, ohartzen naiz...

NORA: Izugarrizko trumoia lehertzera doa. Eman dugu. Ez, ez, ez du horrelakorik gertatu behar! (Giltzez ixten du Helmerren despatxuko atea.) (Ondoren neskamea eta Krogstad.) (Hau biajero trajeaz, bota gogorrak eta larruzko txamarra ditularik.)

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Nora eta Krogstad

 

NORA: (Krogstadengana inguratuz.) Ahopean hitz egin nire senarra hor dago eta.

KROGSTAD: Ondo dago.

NORA: Zer nahi duzu

KROGSTAD: Zuri gauza bat esan.

NORA: Esan ba agudo zer den.

KROGSTAD: Badakizu noski lantokitik bota nautela.

NORA: Ezin galarazi izan det. Hil edo bizi jardun naiz zure alde, baina nire ahalegin guztiak alperrik izan dira.

KROGSTAD: Horren gutxi maite al zaitu zure senarrak? Zer gerta lekiokeen jakin eta hala ere ausartzen da...

NORA: Baina, uste ote dezakezu badakiela?

KROGSTAD: Egia esan behar badut, ez. Hori jakitea nire Torwaldo gizajoak ez baitu horrenbeste koraje.

NORA: Krogstad jauna nire senarraz errespetoz mintza zaitezela eskatzen dizut.

KROGSTAD: Zor zaion hainbat errespetoz hitz egingo det, baina zu arazoak ixilean gordetzen eta estaltzen hainbeste saiatzen zaren ezkero egin zenuen hartan zer gorabehera doakizun atzo baino jakinaren gaineagoan egongo zarela uste dut.

NORA: Zuk baino hobeto gauzak adieraziko dizkidatenak baditut.

KROGSTAD: Hala ba... izan ere nik bezalako legegizon txatxu batek...

NORA: Zer nahi duzu?

KROGSTAD: Ezer ez. Zu zer moduz zauden jakin, andrea. Egun guztia zugan pentsatzen pasa dut. Nahiz eta legegizontxo bat izaki, nahiz eta zuek halamoduzkotzat eduki, nik ere bihotza badut ordea.

NORA: Erakutsi iezadazu ba. Oroit zaitez nire haurrez.

KROGSTAD: Zuk gogoan izan al dituzu nireak? Baina, ez dio ardura handirik. Hauxe bakarrik esan nahi nizun: ez zaitezela gehiegi izutu eta larritu, ba oraingoz ez zaitut auzitegira eramango.

NORA: Ez, ezta? Banuen esperantza.

KROGSTAD: Arazo hau, onez onean ba lagun bezala buka genezake, gu hirurok ez beste inortxok ezer jakin gabe.

NORA: Nire senarrak ez du sekula ezer jakin behar.

KROGSTAD: Nola galarazi zenezake? Oraindik zor duzuna ordaintzeko adina diru ba al daukazu ba?

NORA: Oraintxe eta hemen bertan ez.

KROGSTAD: Egun gutxi barru eskuratzeko biderik topatu al duzu?

NORA: Ez, erabili nezakeen biderik ez.

KROGSTAD: Gainera ez lizuke ezertarako balioko, ez baitizut itzuliko papera munduko diru guztiagatik ere...

NORA: Jakin al nezake paper honekin zer egin nahi duzun?

KROGSTAD: Jaso egin nahi dut, besterik ez, nire mende euki, baina ez du beste inork ezer jakingo. Badakizu ba baldin eta etsipenez asmo txarren bat izango bazenu...

NORA: Bai, izan dut ba...

KROGSTAD: Denak utzita, ihes egitea pentsatu bazenu...

NORA: Pentsatu dut, bai.

KROGSTAD: Edo oraindik okerrago daiteken zerbait.

NORA: Baina nola?

KROGSTAD: Utzi itzazu asmo txar horiek.

NORA: Baina nola dakizu zuk asmo horiek ditutala.

KROGSTAD: Ia denek izan ohi ditugu lehenbizitik. Nik ere izan nituan.

KROGSTAD: Gainera txorakeria galanta litzake besterik ez, izan ere lehenengo trumoi-jasa pasatzen denean... Hementxe patrikan dakarkit zure senarrarentzat eskutitz bat.

NORA: Dena den bezala kontatzen al diozu?

KROGSTAD: Ahal den guztia zurituta, baina bai.

NORA: (Itsumustuan). Ez du karta hori ikusiko. Hautsi ezazu eta nik bilatuko dut zuretzat dirua.

KROGSTAD: Barkatu, andrea, baina uste dut esan dizudala arestian...

NORA: Ez nintzen lehendik zor dizudan diru horretaz ari. Esadazu nire senarrari zenbat eskatzea pentsaten duzun eta nik emango dizut.

KROGSTAD: Zure senarrari ez diot dirurik eskatzen!

NORA: Ze eskatzen diozu ba, orduan?

KROGSTAD: Esango dizut, ba. Gorago igo nahi dut, dirua egin, eta zure senarrak lagundu behar dit. Urte eta erdian nire izena belztu dezakeen ezertxo ez dut egin, eta urte eta erdi horretan goiak eta beheak jo behar izan ditut eta ezin esan ahala traba aurretik kendu. Pozik nengoen pitinka-pitinka bederen igotzen ari nintzen eta... Orain gauetik goizera lanik gabe uzten naute! Ez dut nahikoa, mesedez, errukiz, lehengo lana ematea! Gorago igo nahi dudala diot. Bankuan sartu nahi dut bai, baina lehen baino kondizio hobetan zure senarrak kargu berria sortu behar du niretzat.

NORA: Hori ez du egundo egingo.

KROGSTAD: Beharko. Ezagutzen dut nik hura eta ez du txintik aterako eta hainbeste iritsitakoan, ikusiko duzu. Urtebete baino lehen ni izango naiz bankuko direktorearen eskubiko eskua. Eta hortik aurrera bankua zuzenduko duena Enrike Krogstad izango da, eta ez Torwaldo Helmer.

NORA: Ez da horrelakorik gertatuko.

KROGSTAD: Apika, nahiago ote zenuke?

NORA: Badut korajea aurpegi emateko.

KROGSTAD: O! Ez nzu beldurtzen. Zu bezalako emakume guri eta fin batek...

NORA: Ezetz? Ikusiko duzu..., ikusiko!

KROGSTAD: Izotzaren azpian edo? Leize-zulo hotz eta ilunean. Eta udaberrian gainera azaldu, itxura galdua, itsusitua, ilerik gabe...

NORA: Ez nauzu ikaratzen.

KROGSTAD: Ezta zuk ere ni. Gauza horiek ez dira egiten, andrea. Eta zertarako egin gainera? Alfer-alferrik litzatekeena. Dena dela nik patrikan daukat...

NORA: Ni ez naizenean...

KROGSTAD: Zuk zeure burua hiltzen baduzu ere, nire eskutan dago zure izen ona. (Nora harritu eta zur eginda begiratzen dio). Horra jakinen gainean jarri. Ez ezazu txorakeriarik egin. Helmerrek nire eskutitza irakurtzean, segituan erantzungo dit. Eta ondo gogoan hartu, zure senarra dela honetara behartu nauena. Hori bai ez diodala behin ere barkatuko. Agur andrea! (Bihoa.)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Kristina

 

NORA: (Kontuz-kontuz «bestibulo»ko atea pittin bat irekitzen du eta xeletan dagoela). Joan da. Ez dio eskutitzik bidaliko. Ez, ezin daiteke. (Atea gero eta gehiago irekitzen du). Hara berriz. Gelditu egin da. Zalantzan dagoela dirudi. Botako ote du? (Karta bat buzoian erortzearen hotsa entzuten da eta ondoren Krogstaden pauso hotsa gutxituz-gutxituz eskaileretan behera doan heinean. Norak karraxi bat eztarrian itotzen du eta korrika itzultzen da «belador»eraino. Ixilune txiki baten ondoren) Buzoian dago! (Eta ixilka hanka punttetan antekamarako ate ondoraino) Hortxe dago. Ai Torwaldo, Torwaldo... galdu gara!

KRISTINA: (Ezkerreko atetik soinekoarekin sartzen da) Ez dinat gehiago egiterik izan. Probatu al den?

NORA: (Ixil xamar ahots itoaz) Kristina, hator honantza!

KRISTINA: (Sofaren gainean soinekoa utziz). Baina zer dun neska? Zeharo nahastua hago!

NORA: HAtor ona. Ikusten al den karta hori? Hara hor, buzoiaren zirrikitutik begira ezan!

KRISTINA: Bai hortxe zegon. Ederki ikusten dinat.

NORA: Ba karta hori Krogstadena dun.

KRISTINA: Nora...! Krogstad al hunan dirua eman zinana?

NORA: Bai, Torwaldok jakin egingo din.

KRISTINA: Sinistuidan Nora. Biontzat hobe duzue.

NORA: Baina hik ez dakin guztia. Gezurrezko firma bat ere badinat jarria.

KRISTINA: Jainko maitea!!! Zer dion?

NORA: Orain adi ezan Kristina. Entzun ezan hau ondo: testigu egin behar didan.

KRISTINA: Testigu? Zertan?...

NORA: Ni txoratuko banintz... Eta gerta daitekena dun...

KRISTINA: Nora!

NORA: Ezbeharren bat gertatuko balitzait..., eta hemen ez banengo...

KRISTINA: Nora, Nora burutik egin al zain?

NORA: Erru guztia bere buru gain hartu nahi lukenen bat izango balitz...

KRISTINA: Baina, nola uste dezaken?...

NORA: Orduan, Kristina, gezurra dela testigutzan aitortu behar dun. Ez naun erotu, nire kabaletan nagon eta hauxe esaten dinat: inortxok ere ez zuela jakin nik bakarrik egin ninan, bakarrik egin ninan, bakar-bakarrik. Ondo gogoan hartu ezan hori.

KRISTINA: Ez zaidan ahaztuko, baina ez zekinat...

NORA: A, nola jakingo dun, ba? Gauza harrigarri bat gertatzera zihoan.

KRISTINA: Harrigarria?

NORA: Bai, Kristina, baina izugarria dun. Ez liken horrelakorik gertatu behar; ez dinat nahi ezta inola ere.

KRISTINA: Krogstadekin hitz egitera noan oraintxe.

NORA: Ez hadi joan. Gaizki ibiliko hintzenake.

KRISTINA: Izan hunan garai bat niri atsegin ematearren edozer gauza, denik eta zailena ere egingo zukeena.

NORA: Hark?

KRISTINA: Non bizi dun?

NORA: Zer zekinat, ba, nik? (Patrika miatzen du). Hementxe zeukanat haren tarjeta. Baina eskutitza...

HELMER: (Barrutik atea joaz). Nora.

NORA: (Garraxi bat beldurrez eginik). Zer da, zer behar duzu?

HELMER: Ez zaitez beldurtu emakumea, ezin gintezkeela sartu, atea giltzatu egin duzu-eta. Soinekoa probatzen ari al zara?

NORA: Bai, bai, halaxe ari naiz. Ikusiko duzu zeinen polita egongo naizen, Torwaldo...

KRISTINA: Bertan bizi dun oso. Kale honen kantoian.

NORA: Bai, baina zertarako joan? Galdu gaitun, eskutitza buzoian zegon.

KRISTINA: Eta giltza senarrak al du?

NORA: Bai, beti.

KRISTINA: Krogstadek eska zezakeen eskutitza inork irakurri baino lehen, aitzakiaren bat bilatuko din artarako.

NORA: Baina Torwaldok ohitura duenez oraintxe din garaia...

KRISTINA: Bitartean joan akio bere gelara. Ni etorriko naun al dudan azkarrena. (Bihoa itsumustuan eskaratzeko atetik).

 

 

X. AGERRALDIA

 

Nora, Helmer eta geroxeago Rank

 

NORA: (Helmerren atera inguratzen da, irekitzen du eta barrura begira) Torwaldooo.

HELMER: (Barrutik). Tira ba, azkenean sartu gintezke. Zatoz Rank ikusi dezagun... (Agertzen da). Baina, zertan ginen ba?

NORA: Ze, Torwaldo maitea!!

HELMER: Rankek esan didanez soineko zoragarri bat ikusi beharrean ginen.

RANK: (Azaltzen) Nik hala uste nuen, baina ikusten dudanez oker nengoen.

NORA: Zeharo. Bihar arte ez nau inork ikusiko nire apaingarri guztiekin.

HELMER: Bai aurpegi txarra daukazula, Nora. Dantzan trebatzen gehiegi nekatu al zara?

NORA: Oraindik ez naiz aritu-eta.

HELMER: Ez dago beste erremediorik.

NORA: Bai Torwaldo bai. Ari behar nuen baina zu gabe ezin dut pauso bat eman, zeharo ahaztu zait.

HELMER: Ez dio axolarik lagunduko dizugu.

NORA: A bai? Horratik azkenean nirekin egoteko beta baduzu! Agintzen al didazu? Hain larri nago! Bilera hori... gaur gauean utzi itzazu negozio guztiak. Nahi duzu?

HELMER: Bai agintzen dizut. Gaur gauean zuk nahi duzunerako naukazu... txolina. A, bai, lehenago gauza bat ikusi behar dut. (Ezkaratz aldera abiatzen da).

NORA: Zertara zoaz?

HELMER: Kartak etorri ote diran ikustera.

NORA: Ez, Torwaldo ez zaitez joan.

HELMER: Zer ba?

NORA: Ez dira etorri, nik esaten dizut!

HELMER: Utzi idazu ikusten. (Pauso bat aterantz ematen du). (Nora pianora jartzen da eta tarantela jotzen ari). (Helmer Norari entzuteko geldituz). A!

NORA: Gaur zurekin entseatzen ez badut bihar ez dut dantzatzerik izango.

HELMER: (Noragan inguratuz). Benetan horren beldur al zara?

NORA: Bai horixe, beldurrez airean nago. Ari gaitean oraintxe bertan, oraindik badaukagu beta mahaian eseri arte. Jarri zaitez hor Torwaldo eta jo ezazu. Erakutsidazu, kontsejuak eman bestetan bezala.

HELMER: Beno, horretaraino leiatzen zaren ezkero hasi gaitezen ba (Esertzen da pianoan). (Kutxa bat irekitzen du; pandereta bat eta koloretako txamarra ateratzen ditu. Salto bat eginaz erdi-erdian jartzen da). Tira! Jo ezazu, dantzan hastera noa-eta. (Helmerrek jotzen du eta Norak dantzatu). (Rank Helmerren atzean bego Nora'ri begira).

HELMER: (Joaz). Astiro, astiro.

NORA: Ezin dut.

HELMER: Ez horren arin.

NORA: Horixe behar da, ba.

HELMER: Ba, ez duzu ondo egiten.

NORA: (Barrez eta pandereta dantzatuz). Ze esaten nizun nik?

RANK: Utzidazu niri pianoa jotzen.

HELMER: Bai gizona. (Altzatuaz). Horrela hobeto zuzendu ahal izango dut. (Rank esertzen da pianora eta jotzen du, Norak gero eta sutsuago inori kasurik egin gabe dantzan. Helmerrek tximini ingurutik aldian behin zerbait esaten dio baina berak ez dirudi entzuten duenik. Dabilela mototsa askatzen zaio eta ileak bizkarrean behera erortzen. Ez da ohartzen eta dantzari jarraitzen du.). (Kristina sartzen da).

 

 

XI. AGERRALDIA

 

Lehengoak Kristina eta gero Elena

 

HELMER: (Harriturik gelditzen da). O!! ...

NORA: Txoroaldi bete-betean harrapatu naun Kristina.

HELMER: Baina Nora bihotzekoa, bizia horretan balihoakizu bezala ari zara dantzan.

NORA: Halaxe da izan ere ta...

HELMER: Geldi Rank! Erotu egin dela dirudi. Gelditzeko!

 

(Rank'ek uzten dio piano jotzeari eta Nora bat-batean gelditzen da.)

 

HELMER: (Norari). Ez nuen asko uste, erakutsi nizun guztia ahaztu zaizu...

NORA: (Pandereta tiraz). Horra ba, ikusten duzu.

HELMER: Inork zuzentzearen premia handia daukazu.

NORA: Horixe behar dudala, eta zuk zuzenduko nauzu azkeneraino Torwaldo. Agintzen al didazu?

HELMER: Bai emakumea, izan ezazu nigan uste on.

NORA: Ez gaur eta ez bihar ez duzu nigan bestetan pentsa behar; ezta eskutitzik ireki ere; ezta buzoia ere.

HELMER: Bueno ba, berriz ere gizon horren beldurra.

NORA: Bai, pixka bat bai.

HELMER: Aurpegian antzematen dizut Nora, eta seguru asko haren kartaren bat egongo da hor.

NORA: Ez dakit... badaiteke, baina orain ez da irakurri behar. Ez dadila trabarik jarri gu bion artean ahalik eta hau dena bukatu arte.

RANK: (Helmerri aparte). Ez iezaiozula gogor egin.

HELMER: (Gerritik besoarekin helduz). Bueno ba, umea, zuk nahi duzuna egingo dugu: baina bihar dantzak bukatzean...

NORA: Orduan zure esku izango zara.

ELENA: (Eskubiko atetik). Mahaia jarria dago etxekoandre.

NORA: EkarTzazu xanpaina, Elena.

ELENA: Bai andre, oraintxe. (BiHoa).

HELMER: Hola! Jan-festa dugu dirudienez.

NORA: Bai eta jan-festa bihar arte. (Neskameari deituz). Eta almendra batzuk ere bai Elena; batzuk ez, asko hobe. (Torwaldori) Behingoa ez da egunero.

HELMER: Hori da hori, hola gustatzen zait niri. Ez beldurrez airean. Ohi bezalakoa izan behar duzu, nire larratxori kantaria.

NORA: Bai, Torwaldo, bai. Baina zoaz pittin batean eta zu ere bai Rank. Eta hik Kristina, lagunduidan txima horiek orrazten.

RANK: (Helmerri aparte jantokira doazela). Eta... ze? Joera hauek ezer berezirik igarrarazten al digute?

HELMER: Ez gizona, ez. Lehen esan dizudan umekeriazko izu hori besterik ez da. (Bihoaz eskubitik).

NORA: Eta zer?

KRISTINA: Kanpora joan dela.

NORA: Aurpegian antzeman dinat.

KRISTINA: Bihar gauerako omen zetorren. Lau letra utzi zizkionat.

NORA: Ez hunan egin behar. Datorrena datorrela. Izuaren zain egoteak ere atsegin ematen din!

KRISTINA: Ze espero dun, ba?

NORA: A... ez hunake konprenituko. Hoa haiengana. Ni ere banoan berehalaxe. (Bihoa).

 

 

XII. AGERRALDIA

 

Nora eta gero Helmer

 

NORA: (Apur batean bego zirkinik egiteke, bere baitara biltzeko bezala. Gero erlojuari begiratzen dio). Bostak. Zazpi ordu gauerdira, eta beste hogeita lau biharko gauerdira. Ordurako tarantela dantzatua izango dut. Hogeita lau eta zazpi? Hogeita hamaika orduko bizia zeukanat.

HELMER: (Eskubiko atean). Baina ze ari da larratxoria?

NORA: (Besoetara etzatzen zaio). Hemen naukazu!!!

 

ZAPIA

 

 

III. EKITALDIA

 

Lehengo irudi-toki bera. Mahaia, eserlekuak eta sofa erdi-erdian jarriak daude. Antekamarako atea zabalik. Musika entzuten da eta dirudienez goiko bizitzatik dator.

 

 

I. AGERRALDIA

 

Kristina eta geroago Krogstad

 

(Kristina mahai inguruan eserita bego, liburu bat eskuetan duela. Aldian behin atera begiratzen zorrotz eta adi-adi jartzen da.)

 

KRISTINA: (Erlojuari begiratuz). Ez dator eta ordua pasea da orratik. Halare... (Adi-adi jartzen da berriz). A... bera da. (Ezkaratzera joaten da eta poliki-poliki irekitzen du kanpoko atea. Ixil-mixilka). Sartu zaitez; bakarrik nago.

KROGSTAD: (Atean). Zure eskutitz bat hartu dut. Zer behar didazu?

KRISTINA: Behar-beharrezkoa dut zurekin hitz egitea.

KROGSTAD: A, bai? eta hementxe izatea ere behar-beharrezkoa al zen?

KRISTINA: Ezin zintudan nire etxera deitu, ez baitu ezkutuko aterik. Zatoz honantz biok bakarrik egongo gara. Helmerrenekoak dantzan dira bigarren bizitzan.

KROGSTAD: (Sartuz) Hara... (Harrituz). Helmerrenekoak dantzan al dira gaur gabean?

KRISTINA: Zergatik ez dira izango, ba?

KROGSTAD: Bai, bai.

KRISTINA: Hitz egin behar dugu, Krogstad.

KROGSTAD: Gu biok? Elkarri zer esanik ba al dugu oraindik ere?

KRISTINA: Gauza asko.

KROGSTAD: Ez nuen behin ere usteko.

KRISTINA: Zuk ez banauzu ondo konpreni inoiz ere.

KROGSTAD: Gure arteko gorabeherak konprenitzen ez zen burua asko nekatu beharrik. Sarri gertatzen dira horrelakoak. Bihotzik ez duen neskatxak kalabazak ematen dizkio senargaiari beste bat hobea inguratzen zaionean.

KRISTINA: Bihotzik ez dudala uste duzu hortaz? Niri ez zitzaidala kosta uste al duzu zurekikoak bukatzea?

KROGSTAD: Itxurak hala ziren.

KRISTINA: Benetan sinistu al duzu, Krogstad?

KROGSTAD: Hola izan ezik, zergatik idatzi zenidan, ba, tankera hartan.

KRISTINA: Besterik ezin nuelako. Gure hartu-emanak desegitera erabaki nuen ezkero zure bihotzetik niganako sentimendu denak atera behar nituan.

KROGSTAD: (Eskuari eraginaz). A... hori da... eta dena diru zikin pixka bategatik...

KRISTINA: Konturatu zaitez nik orduan ama zaharra eta bi anaia txiki mantendu behar nituela. Ezin gintezkeen zure zain egon, artean noizbait izateko esperantza besterik ez zenuen-eta.

KROGSTAD: Hala balitz ere, zuk ez zenuen eskubiderik beste bategatik ni zapuzteko.

KRISTINA: Hori ez dakit. Nire buruari hamaika aldiz galdetu diot horixe.

KROGSTAD: (Ixilago hitz eginaz). Zu galdu zintudanean uste nuen, hanka azpiko lurra ere falta zitzaidala. Begira, itxaso zabalean, ohol zahar bati helduta ur-gainean doi-doi dagoen gizona nauzu.

KRISTINA: Beharbada laster etorriko zaizu bizirik aterako zaituen txalupa.

KROGSTAD: Inguratu zitzaidan baina zuk etorrita kendu didazu.

KRISTINA: Nik ez dut horretan zer ikusirik izan, Krogstad. Gaur arte jakin ere ez nekien zure ordez zure lekura sartzen nintzenik bankura.

KROGSTAD: Hala izango da, zuk hala diozu-eta; baina orain dakizun ezkero zergatik ez duzu zapuztu eta puestoa uzten?

KRISTINA: Ez, zuretzat hala ere alfer-alferrik izango litzatekeelako.

KROGSTAD:Ba... dena dela, ni zure larruan banengo ez nuke hartuko.

KRISTINA: Nik buruz jokatzen ikasi dut. Beharrak erakutsi dit, nire bizitzan.

KROGSTAD: Ba, niri bizi-beharrak zenbaiten hitzetan ez sinisten erakutsi dit.

KRISTINA: Ikaskizun ederra da hori. Eta inoren egiteetan sinisten al duzu?

KROGSTAD: Nik badakit zergatik dioten.

KRISTINA: Ni ere ohol zahar bati heldu ezinik ia itoan nabil. Ez daukat nori lagundurik norengatik jardun, inor nire beharrean dagonik.

KROGSTAD: Zerorrek nahi izan duzu.

KRISTINA: Ez nuen aukeratzerik izan.

KROGSTAD: Nora zoaz azkenerako edo zer esan nahi duzu?

KRISTINA: Gaizki al derizkiozu biok itokarrean gauden ezkero elkarri eskua eman eta lagunduko bagenio?

KROGSTAD: Zer diozu?

KRISTINA: Ez al da hobe elkarri ohola kentzen jardun beharrean, biok ohol berari heldu eta elkarri laguntzea?

KROGSTAD: Kristina!!!

KRISTINA: Zergatik etorri naizela uste duzu, ba, hiri honetara?

KROGSTAD: Baina nitzaz oroitu ote zara, ba?

KRISTINA: Lan egin behar dut biziko banaiz. Nire bizi guztian, txiki-txikitandik, gogoratu nezakeen guztian lanean aritu naiz. Nire poz iturri handiena eta bakarra horixe zan: eta orain bakar-bakarrik nago munduan eta hutsune izugarria nabaritzen det, niregatik eta niretzat bakarrik lanean aritzea gogaikarria da arrunt. Esaidazu Krogstad, ia zeinengatik eta zertarako lanean ari behar dudan.

KROGSTAD: Ez dizut sinisten. Emakumearen harrokeria besterik ez da hori.

KRISTINA: Ikusi al nauzu inoiz harrotuta?

KROGSTAD: Esan duzun guztia egiteko kapaz al zinateke? Ba al dakizu nolakoa izan naizen?

KRISTINA: Bai.

KROGSTAD: Ba al dakizu ze fama daukadan eta nitaz ze gauza esan dituzten?

KRISTINA: Bai, arestian ondo asko ohartu naiz. Gainera zuk uste duzu, nik utzi ez bazintudan, ez zenuela zure izatea zikinduko.

KROGSTAD: Bai, hori bai egia dela.

KRISTINA: Eta ezin al daiteke garbitu?

KROGSTAD: Baina Kristina, konturatzen al zara ondo, zer esaten didazun? Baietz esango nuke zure aurpegia ikusi-eta. Beraz, baduzu korajea?

KRISTINA: Nik baten baten ama izateko premia daukat eta zure semeek ama bat behar dute. Gu biok, berriz, bata bestearenganako bultzadizoa nabaritzen dugu. Nik oraindik, zure barruan bizi den gizon horrengan badut sinismena, Krogstad... zurekin ez nau ezerk izutuko.

KROGSTAD: Eskerrik asko, Kristina, eskerrik asko. (Elkarri eskua ematen diote). Orain munduaren aurrean lokatzetatik atera eta burua tentetu behar dut, eta aterako naiz! A... baina ahaztuta nengoen... (Musika tarantela jotzen entzuten da.)

KRISTINA: Ixo! (Entzunaz). Ixo, tarantela! Zoaz, zoaz agudo!

KROGSTAD: Zergatik?

KRISTINA: Ez al duzu aditzen musika? Dantza-aldia bukatu da eta orain etorri egingo dira.

KROGSTAD: Bai, banoa, ba. Alferrik izango litzake gainera... Zuk ez duzu jakingo noski Helmerren aurka ezer egin dudanik?

KRISTINA: Bai, dena den bezalaxe dakit, Krogstad.

KROGSTAD: Eta hala ere baduzu korajea...

KRISTINA: Bai badakit zertaraino iritsi daiteken zu bezalako gizon bat zeharo etsitzen duenean.

KROGSTAD: A! Egin dudana desegin ahal baneza!

KRISTINA: Ba, desegin zenezake, zure eskutitza oraindik buzoian dago.

KROGSTAD: Ziur al zaude?

KRISTINA: Bai, baina...

KROGSTAD: (Aurpegiz aurpegi begiratuaz). Zertan zabiltza? Kosta ahala kosta zure lagun Nora salbatu nahi al duzu? Hala balitz hobe zenuke garbi-garbi aitortu! Hala al da?

KRISTINA: Ez gutxiagorik ere.

KROGSTAD: Halare! Orduan hementxe itxoingo diot Helmerri, nire eskutitza jaso egin nahi dudala esateko, ni lanetik bota nauen kontua besterik ez dela-eta... ez dauka irakurri beharrik eta... emateko esango diot.

KRISTINA: Ez Krogstad, ez, ez ezazu kartarik eskatu.

KROGSTAD: Baina ez al nauzu horretarakoxe gaur hona ekarri?

KRISTINA: Azkenengo hogeita lau ordu hauetan, gauza harrigarriak gertatu dira hemen eta Helmerrek dena den bezala jakitea komeni da. Gauzak diren bezala elkarri adierazi dezaizkiotela. Elkarri ixil-gordeka ibiltze honek bukatu behar du.

KROGSTAD: Zure kontu hartzen baduzu... Baina dena dela, bada nik egin dezakedan zerbait, eta lehenbailehen egitea komeni da...

KRISTINA: (Entzunaz). Alde egin ezazu! Zoaz! Dantza bukatu eta ez gaude seguru hemen.

KROGSTAD: Behean itxoingo dizut.

KRISTINA: Ondo da. Etxeko ateraino lagunduko didazu.

KROGSTAD: Sekulan ez naiz izan honen zorioneko! (Atariko atetik doa).

 

 

II. AGERRALDIA

 

Kristina, gero Helmer eta Nora

 

KRISTINA: (Irudi-tokia txukuntzen du pittin bat, eta bere abrigoa eta sonbreroa prestatzen.) Hau etorkizuna! Zerua ireki zait! Badut zeinentzat lan egin, badut zertarako bizi, badut familia, badut zaindu beharra. Berriro bizitzen hastera noa. (Entzunez). Badatoz. Agudo abrigoa. (Hartzen ditu sonbreroa eta abrigoa. Helmer eta Noraren ahotsa entzuten da. Nora Napolitana jantziaz eta «txal»arekin, bortxatua balitz bezala sartzen da, Helmerrek behartuta, honek fraka janzten du eta domino bat buruan.)

NORA: (Atean sartu nahi ezik). Ez, ez, ez dutt sartu nai, berriz gora noa ni, ez dut horren azkar etxeratu nahi.

HELMER: Tira, tira, zer duzu nire bihotzeko Nora?

NORA: Mesedez Torwaldo, mesedez eskatzen dizut, beste ordubete bakarrik.

HELMER: Ezta minutu bat ere, Nora. Badakizu zertan geratu ginen. Sar zaitez hemen hoztu egingo zara-eta. (Bortxatzen du sartzera.)

KRISTINA: Gau on.

NORA: Kristina.

HELMER: Hara, zu al zinen? Nolatan hemen honen berandu?

KRISTINA: Barkatu zaidazue, baina hainbesterainoko gogoa neukan Nora jantzi horrekin ikusteko...

NORA: Eta dantza garai guztian hemen egon al haiz nire zain?

KRISTINA: Bai, zoritxarrez, oso berandu etorri naun, gora igoak zineten eta... ez dinat alde egin nahi izan ikusi gabe.

HELMER: (Norari txala kenduz). Orduan begiratuiozu ondo. Uste dut merezi duela-eta. Zoragarri dago! Ez al da hala, andre?

KRISTINA: Xarmangarria, bai horixe.

HELMER: Harrigarri ederra! Ez al da ala? Han goian ere halaxe zioten denek. Baina bai setatsua umea! Ez zuela etorri nahi, eta ez zuela etorri nahi. Sinistu nahi al didazu ia behartu egin behar izan dudala dantzatik ateratzeko!

NORA: A, Torwaldo, damutu behar zaizu oraindik beste ordu erdi bat bederen ez utzia!

HELMER: Kontuak atera itzazu andre. Tarantela dantzatu du eta denak eskuak apurtu beharrean txalo jo diote, merezi ere bazuen bai. Eta ondoren, han utzi behar al nuen? Horretarakoxe nengoen neroni? Hartu dut besoetan nire Capriko neskatila polita eta jendeari ezker-eskubitara agur eginaz, kea bezain agudo ezkutatu... esan ohi den bezala. Holakoetan jendea aho zabalik uzteko behar-beharrezkoa da holaxe ezkutatzea, andre, eta ezin hori Norari buruan sartu. Uf! Bero dago hementxe! (Domino botatzen du aulki gainera eta despatxuko atea irekitzen du). Hara, ez al dago argirik? A, izan ere, barka zaidazu (sartzen da eta bi bujia pizten ditu).

NORA: (Ixil-mixilka eta presaka). Zer da?

KRISTINA: Hitz egin dinat berarekin.

NORA: Eta?

KRISTINA: Nora... esan egin behar dion dena hire senarrari.

NORA: (Etsipenez). Banekinan.

KRISTINA: Etzan Krogstaden beldurrik izan, baina hitz egin behar den.

NORA: Ezdinat txintik esango.

KRISTINA: Orduan kartak hitz egingo din hire ordez.

NORA: Eskerrik asko, Kristina, orain bazekinat zer egin behar dudan. Ixo, ixo...

HELMER: (Sartuaz). Ikusi al duzu, ba, ondo andre?

KRISTINA: Bai, orain lasai joan ninteke.

HELMER: Horratx, zurea al da lantxo hau?

KRISTINA: A, bai, eskerrik asko, ahaztuta nindoan.

HELMER: Galtzerdi egiten aritzen al zara?

KRISTINA: Bai.

HELMER: Hobe zenduke bordatzen ari.

KRISTINA: Zer ba?

HELMER: Politagoa. Begira, zapia ezkerrean hartzen da... hola... eta eskubiarekin orratza eramaten da... holaxe. Ikusten al duzu ze bira luxe-mehar egiten den? Ez al da polita?

KRISTINA: Ez nuke ezetzik esango.

HELMER: Galtzerdia egitea berriz beti da itsusi. Bi besoak gorputzari erantsiak eta orratzak beti ere goitik behera eta goitik behera doazela... txinoen lantegia dirudi! A, bai bizia zela gaur eman diguten xanpaina!

KRISTINA: Gabon, Nora, eta ez zaitezela izan setatsu!

HELMER: Ederki esana, andre.

KRISTINA: Gau on, direktore jaun!

HELMER: (Ateraino lagunduz). Gabon, gabon. Bidea badakizu, noski. Nik pozik... baino hain urrean dago!.. (Kristina joaten da eta Helmerrek atea ixten du.)

 

 

III. AGERRALDIA

 

Helmer eta Nora

 

HELMER: Eskerrak alde egin duela! Gogaikarri xamarra da andre hori!

NORA: Ez al zaude nekatua, Torwaldo?

HELMER: Ezta batere.

NORA: Ez al duzu logalerik?

HELMER: Ezta izpirik ere. Sekula baino erneago nago. Eta zuk? Zu bai nekatua eta logaletua zaude.

NORA: Bai, oso nekatua nago eta berehalaxe lo hartuko det.

HELMER: Ikusten duzu, nola nuen arrazoi, dantzalekuan ez gelditzeko.

NORA: Zuk beti duzu arrazoi.

HELMER: (Kopetan muxu emanez). Tira, larratxoria hasi da taiuz hitz egiten. Aizu, eta ohartu al zara zeinen kontentu zebilen Rank gaur gauean.

NORA: Bai? Ez dut hitz egiteko egokierarik izan.

HELMER: Nirekin ere ez du hitz asko trukatu baina aspaldian ez nuen ikusi horren umore onez (pitin batean begiratu eta hurreratzen zaio). Bai ederra dela norbere etxera itzultzea, zurekin bakarrik egotea...! O! Bai andre polit eta liluragarria zaudela!

NORA: Etzaidazu horrela begiratu, Torwaldo.

HELMER: Ez diot ba begiratuko nire altxorrik maiteenari!! Izar hau nirea da, nirea bakarrik, nirea oso osorik!

NORA: (Mahaiaren beste aldera alde eginaz). Ez iezadazu horrela hitz egin gaur gauean!

HELMER: Oraindik dantza-soinua borbor dabilkizu odolean eta ikusten dudanez, horrek oraindik liluragarriago egiten zaitu! Hara, badoaz gonbidatuak (ixilago). Nora, laster etxea ixiltasunean geldituko da.

NORA:Nik hala uste.

HELMER: Bai, ezta? Bihotzeko Nora! Gaur gauean bezala, lagunartean gabiltzanean ba al dakizu zergatik hitz egiten dizudan hain gutxi, zergatik egoten naizen zugandik urrun, aldian behin lapurretan bezala begiraka bat boteaz? Badakizu zergatik? Ba... zu nire ixilpeko maitalea, inortxok ez dakien nire gordeko andregai xamurra zarela pentsatzea gustatzen zaidalako.

NORA: Bai, bai; badakit zure pentsamendu guztiak niretzat direla.

HELMER: Eta irteterakoan, zure bizkar guri eta bigun horretan txaketa jartzen dizudanean, pentsatzen dut nire emazte berria zarela, ezteietatik gatozela, lehenbiziko aldiz nire etxera zakarzkidala eta azkenik biok bakarrik egongo garela... Biok bakarrik gaude nire edertasun guztiz ikarakoia! Gau-jai guztian zure antsian egon besterik ez dut egin. Dantzan zenbiltzalarik zure mugimentu zirikagarriak ikusi ditudanean, odola berotzen hasi zait, irakin dit eta ezin nuen gehiago burutu eta itsumustuan ekarri zaitut honaino.

NORA: Alde egidazu, Torwaldo. Utzi zaidazu. Ez dut nahi hori.

HELMER: Hara berriz! Iseka egiten didazu. Ez duzula nahi diozu? Ez al naiz zure senarra? Ez al zara nire andratxo polita? (kanpoko atea jotzen dute).

NORA: (Ikaratuta). Aditu al duzu?

HELMER: (Ezkaratzera joanaz). Zein da?

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Lehengoak eta Rank

 

RANK: (Barrendik). Ni naiz, sartu al ninteke ixtant baterako?

HELMER: (Sumindua). Ze behar ote du orain? Banoa, banoa (irekitzen dio). Estimatzekoa da gure ate parean pasatzen zaren guztian kasu egitea.

RANK: Zure hitz hotsa entzun dut, eta pittin batean sartu behar dudala bururatu dit. Hauxe leku goxo eta epela! Bake gozoan eta ondo bizi zarete. Zuek bi zorioneko!

HELMER: Zuk ere gaur iluntzeko dantzaldian gustura zenbiltzala ematen zenuen, ba.

RANK: Bai gizona, izugarri! eta zergatik gozatu ez bizia ahal denean eta ahal den arte behintzat?... Ardoa aparta zegoen.

HELMER: Batez ere, xanpaina.

RANK: Hala ere konturatu al zara? Erruz edan dut.

NORA: Torwaldok ere asko edan du gaur gauean.

RANK: Bai?

HELMER: Nora holakotan hain espeziala, berezia jartzen da...

RANK: Harrapa! Zergatik ez gauean gozatu, egun guztia lanean ondo aprobetxatuta gero?

HELMER: Ondo aprobetxatu? gaur zoritxarrez, ez ninteke horretaz asko harrotu.

RANK: (Bizkarrean joaz). Ni bai, ba.

NORA: Rank jauna, gaur zure mediku jakintza horretan gauza berriren bat ikasi duzu?

RANK: Horixe, ba, horixe.

HELMER: Hau ere badugu? Noratxo, mediku-jakintzan gauza berriak ikasteaz mintzo.

NORA: Eta ikasi duzunagatik zorionak eman behar al dizkizugu?

RANK: Noski, ba. Bai sendagilearentzat eta bai gaixoarentzat onen-onena gauza ziur jakitea da.

NORA: (Biziki, begiratu zorrotz bat botatzen dio). Ziur al dakizu?

RANK: Bai, badakit ziur. Eta hainbeste ikasi ezkero, ez al nuen, ba, eskubiderik gau-festa hau alai gozatzeko?

NORA: Bai, jauna.

HELMER: Nik ere hala uste dut; biharamunean damutu behar ez bazaizu behintzat.

RANK: Bizitzan zertaz ez da damutzen?

NORA: Jauna.. zuri maskarak atsegin izango zaizkizu noski?

RANK: Bai, batez ere jantzi harrigarriekin diranean.

NORA: Esaguzu, ba, zertaz jantziko ginateke zu eta ni hurrengo maskarak hartzen ditugunean.

HELMER: Hara beste txoroa, berriz! Dagoeneko beste dantzaldi batean pentsatzen.

RANK: Zu eta ni? Esango dizut, ba. Zu maskotaz jantzi zintezke.

HELMER: Bai, baina ze maskota-modu? Hola poliki emango liokeen bat...

RANK: Zure andrea agertu liteke egunero ikusten dugun bezalaxe ere...

HELMER: Hori da arrazoia! Bai, eta zu? Bururatu al zaizu nola jantzi zintezkeen?

RANK: Bai gizona, hori erabakia daukat.

HELMER: Jakin al daiteke?

RANK: Hurrengo dantza-aldian ikusi-ezina izango naiz.

HELMER: Berriketa horiekin al zatoz orain?

RANK: Bada kapelu handi bat. Ez al duzue behin ere entzun badela sonbrero handi bat persona ikusi ezin daitekela uzten duena? Ba, janzten du batek buruan eta kito! ez du inork ikusten.

HELMER: (Barreari eutsi ezinik). Bai, bai hala izango da.

RANK: Bueno! zertara etorri naizen ahaztuta nengoen, Helmer; emaidazu zigarro puru bat, zure habano horietako bat.

HELMER: Bai gizona (eskaintzen dio)

RANK: (Bat hartuaz). Eskerrik asko.

HELMER: (Pospolo bat piztuaz). Tori sua.

RANK: Eskerrik asko. (Pizten du). Eta orain agur.

HELMER: Agur, agur adiskide.

NORA: Gabon eta ondo lo egin.

RANK: Berdin, ondo lo egin zuek ere eta eskerrik asko suagatik (buruari eraginaz agurtu bitza eta bijoa).

 

 

V. AGERRALDIA

 

Helmer eta Nora, geroago Elena

 

NORA: (Ixil-xamar). Gehitxo edan du.

HELMER: (Beste zerbait pentsatzen ari balitz bezala). Baliteke. (Helmer patrikatik giltzak atera eta eskaratzera sartzen da.)

NORA: Zertara zoaz, Torwaldo?

HELMER: Buzoia hustera. Goraino betea da, eta bihar goizean izparringiak ez dira kabituko.

NORA: Gaur gauean lanean aritu behar al duzu?

HELMER: Bai horixe! Zer da hau? Sarraila behartu dute.

NORA: Sarraila?

HELMER: Bai, bat-edo-bat ibili da hemen. Neskameak ez dute, ba, sekula holakorikan. Jostarratz puska bat dago hemen eta ilea. Nora, ile hau zurea da...

NORA: (Biziki). Beharbada haurrak...

HELMER: Ohitura txar hori kendu behar didazu. Halare! Ireki dut behintzat. (Husten du buzoia eta deika). Elena... Elena!! Itzali ezazu sarrerako argia. (Badator eskuan kartak dituela eta ezkaratzeko atea ixten du). Hara ikusten duzu zenbat zeuden. (Sobrera begira). Zer da hau?

NORA: (Txuriaz dago). Eskutitz hori. Ez, ez, Torwaldo!

HELMER: Bi tarjeta Rankenak.

NORA: Medikuarenak?

HELMER: (Begiratuz). Bai, Rank sendagilearenak. Gain-gainean zeuden... orain irteterakoan utziko zituen.

NORA: Ezer jartzen al dute?

HELMER: Ez. Gurutze handi bat izenaren gainean. Hara. Broma zatarra da, ba! Bere heriotzaren berri emango baligu bezalaxe.

NORA: Halaxe ematen digu-eta.

HELMER: Zer? Zer dakizu? Zerbait esan al dizu?

NORA: Bai, horrek esan nahi du behin-betiko gugandik agurtu dela. Bere burua etxean jartzera doa hiltzeko...

HELMER: Gizajoa! Banekien ezin zitekeela luzaroan bizi, baina orain bat-batean... Eta piztia eritua bezala zokoan gorde nahi du.

NORA: Gertatu behar duen ezkero, ixilik eta gordean gertatzea hobe da. Ez al derizkiozu, Torwaldo?

HELMER: (Paseatuz). Etxekoa genuen. Ezin zait buruan sartu galdu dugunik. Bere oinaze eta bazterrean bizi beharrekin gure etxeko alaitasunaren ilun unea zan... Zer egingo dugu, ba. Behar bada hobe da beretzat behintzat (gelditzen da)... A... nire bihotzeko andretxoa! behin ere ez zaitut behar hainbat estutuko! Begira Nora ia-ia nahiago nuke arrixku handi batean jarriko bazina, nik nire bizia nire zainetako odola, naizen guztia zure alde arrixkatzeko.

NORA: (Askatzen da eta ahots irmoz eta erabakiz). Ikusi itzazu eskutitzak, Torwaldo.

HELMER: Ez, ez..., gaur gauean ez. Zurekin egon nahi dut, nire emazte maite!

NORA: Zure laguna hilzorian dagola jakinda?

HELMER: Bai, arrazoi duzu. Bihotza ilundu digu. Heriotzaren errainua jarri da gu bion artean eta banakatzen gaitu. Ahazten ahaleginak egin ditzagun. Ahaztu arte goazen, ba, bakoitza bere gelara.

NORA: (Lepotik heltzen diola). Gabon, Torwaldo..., gabon!

HELMER: (Kopetan muxu ematen dio). Gabon larratxori kantari. Lo egizu bakean. Eskutitzak irakurtzera noa. (Bere gelara sartzen da kartak eramanaz eta atea ixten du.)

NORA: (Ingurumaria eskuz miaketan dabil, begi zuriz gora eta hola Helmerren dominoa topatu eta gainetik janzten du eta erdi-karraxika ahotsa ebakiz dio.) Gehiago ez dut ikusi nahi behin ere, behin ere ez!!! Haurrak ere ez sekula santan A! ura izoztua, leize zulo... beltza... hondorik ez... A... pasea balego... Oraintxe hartuko zuen eta irakurri. Ez oraindik ez. Agur Torwaldo..., agur seme-alabak! (Ate aldera abiatzen da bizkor baina une horretantxe Helmerrek bere gelako atea irekitzen du indarrean eta karta eskuan duala azaltzen da.)

HELMER: Nora!

NORA: (Karraxi egiten du). A...

HELMER: Zer da hau? Ba al dakizu ze jartzen duen eskutitz honek?

NORA: Bai, badakit. Utzidazu alde egiten! Utziazu irteten!

HELMER: (Eutsiz). Nora zoaz?

NORA: (Askatu nahirik). Ez nauzu salbatuko, Torwaldo.

HELMER: (Atzeratzen da). Egia da orduan?... Egia dio eskutitz honek? Mila deabru!!! Ez, ezin daiteke, ezin daiteke.

NORA: Bai, egia da. Munduko gauza guztien gainetik maitatu zaitut.

HELMER: Ee? Utzi ditzagun txorakeriak.

NORA: (Pauso bat harengana inguratuz). Torwaldo!!

HELMER: Alua! Zer egin dun?

NORA: Utzidazu ateratzen. Zuk ez duzu nozituko nire erruz, zuri ez dizute nik eginaren kargurik hartuko.

HELMER: Utzi panplina horiek! Ez zara mugituko hemendik eta zehatz-mehatz esango didazu zer egin duzun! Ze alukeria gero! Baino konturatzen al zara zer egin duzun? esan ezazu, konturatzen al zera?

NORA: (Norak, gero eta hotzago begiratuz hotz-hotzean dio). Bai, orain konturatzen naiz zer garrantzi duten gauzek.

HELMER: (Harantz eta honantz aztoratuz dabilela). Hau esnatze izugarria! Zortzi urte horietan... nire poza, nire harrobidea... eta bitartean azal-huts, gezur-ontzi maltzur, areago, alu bat! Hau itsuskeria, hau bihotz-ikara eta izu-laburra. (Hartu eta begira-begira dagokion Noraren aurrean qeldituz). Nik antzeman behar nion zer gerta zitekeen. Aldez aurretik kontuak atera behar nituen. Zure aita halakoa izan da; haren antzeko atera zara zu ere. Jainkorik ez, bakerik ez, eta ezeren beldurrik ez. Zure gaztetako gorabeherak estali eta burua, ederki nozitu det. Nik zure onagatik egin nuen eta hau al da zure ordaina?

NORA: Bai, hauxe da.

HELMER: Nire zoriona txandu duzu eta nire etorkizuna hondatu. Ezin dut pentsatu beldurrez airean jarri gabe. Bihotzik eta begirapenik gabeko gizon baten eskuetan utzi nauzu eta orain egin dezake nahi duen guztia, nahi duena eskatu, nahi duena agindu eta nik txintik atera gabe egin behar. Horra ni ezer egin ezin dezakedala, desegindua eta lur joa emakume baten arinkeriagatik.

NORA: Nik mundu hau uztean libratuko zara.

HELMER: Ba, ez ezazu txorakeriarik esan. Zure aitak ere esaten zituen ugari. Zer aurreratuko nuke nik, zuk mundu hau uztearekin? Ezer ez. Eta beharbada, zurrumurrua zabaldu egingo litzateke jende artean eta gainera bateon batek pentsa dezake nik bultza zaitudala. Nik eragin dizudala. Eta hau dena zuri zor dizut, zuri, ezkondu ginen ezkero nire besoetan ibili zaitudan orri. Konturatzen al zara orain zer egin duzun?

NORA: (Lasai eta hotz-hotzean). Bai.

HELMER: Harri eta zur eginik gelditu naiz eta nire onera etorri ezinik nabil, baina egin behar da zerbait... (itxoin aldia). Erantzi ezazu «domino» hori. Eranzteko esaten dizut! (itxoin aldia). Gizon horri gustua emateko era bat topatu behar dut. Nola edo hala asunto hau estali behar da. Eta gu... gu ezertxo ere pasa ez balitz bezalaxe... itxuraz behintzat, jakina. Gaurtik aurrera ere, hementxe biziko zara; hori esan beharrik ez dago... baina haurrak heztea debekatua daukazu... ezin dezaket zure kontura utzi... A! Horrela hitz egin behar hainbeste maitatu dudanari! eta oraindik ere... bueno, bukatu ziren kontu horiek, joan ziren pikutara. Hemendik aurrera ez dago pentsatzerik zorionekoak izaten, hondakina salbatu, itxurak... (kanpoko atean deitzen dute, Helmer aztoratzen da) Zer da hori? horren berandu! Arraio madarikatua! Gizon horrek! ... Gorde zaitez, Nora! Esan ezazu gaixo zaudela. (Norak ez du zirkinik ere egiten. Helmer atea irekitzera doa).

ELENA: (Erdi jantzian eskaratzetik). Eskutitz bat etxekoandrearentzat.

HELMER: Ekatzu. (Karta hartu eta atea ixten du). Bai harexena da; baina ez dizut emango. Nik irakurri behar dut.

NORA: Irakurri ezazu.

HELMER: (Argira inguratuaz). Beldurra ematen dit. Batak bestea hondatu genezake. Ez, jakin behar dut nik. (Itsumustuan irekitzen du eta lerro batzuek irakurri, barruan datorren paper bati begiratzen dio eta pozik  aufa! oihu egiten du). Nora! Ea berriz irakurri dezagun! Bai horixe! salbatu naiz! Nora, salbatu naiz!

NORA: Eta ni?

HELMER: Zu ere bai, jakina. Biok salbatu gara. Hara ikusi ezazu. Erreziboa itzultzen dizu. Sentitzen duela dio eta damutzen zaiola... zorioneko gertakizun batek bere bizimodua zeharo aldatzen duela eta... ba, ez dio ardura handirik ze jartzen duen... Salbatu gara Nora! Salbatu gara. Gaurgero inortxok ez diezazuke gaitz egin! aufa! Nora! Lehenbizi txikitu ditzagun papertzar hauek. Utzidazu ikusten... (Erreziboari begiratzen dio). Ez... zertarako? Ez dut ezertarako ikusi nahi... amets txar bat izan dudala pentsatuko dut, eta kito. (Hausten ditu bi kartak eta surtara bota eta nola erretzen diran begira). Tira, dena bukatu da. Eguberri bezperatik jartzen zizun, zu... O! bai txarrak pasako zenituela hiru egun hauek! Nora!

NORA: Hiru egun hauetan borroka gogorrean bizitu naiz.

HELMER: Eta etsi egin duzu. Ez zenuen hiltzea beste biderik ikusten. Ahaztu itzazu zeharo garraztasun horiek denak. Ospa dezagun gure askapena eta esan behin eta berriro: bukatu da, bukatu da. Baino, aizu Nora, badirudi ez duzula aditzen: bukatu da. Zergatik zaude horren itun?... A! Nora gaixoa, pentsatzen dut bai... ezin sinistu duzu barkatzen dizudanik. Ba, sinistu ezazu, Nora, ezin egiten dizut : zeharo barkatua zaude! Badakit niganako maitasunez egin zenuela dena.

NORA: Egia da.

HELMER: Emazte batek bere senarra maite behar duen adinaxe maitatu nauzu, maitatzeko eran huts egin duzu. Zeure burua gidatzen asmatu ez duzulako uste al duzu, gutxiago maite zaitudala? Ez, ez. Izan ezazu uste hori nigan, eta ez zaizu faltako laguntza eta gidaria. Ez nintzateke ni gizon izango horregatixe maitagarriago ez bazintzaizkit. Ahaztu itzazu lehenengo larri-aldian esan dizkizudan hitz zakarrak mundua nire gainera zetorrela uste bainuen. Barkatu dizut hura, bai alajainkoa! barkatu dizut.

NORA: Eskerrik asko barkatu didazulako. (Bihoa eskubiko atetik).

HELMER: Ez zaitez joan, geldi zaitez hemen... (begiekin jarraitzen dio). Zertara zoaz gelara?

NORA: (Barrendik). Dantza-soinekoa eranztera noa.

HELMER: (Erdi zabalik gelditu den ate ondoan). Ondo da, bai, atseden har ezazu, lasaitu zaitez, pasa sustoa, nire txori txiki aztoratua. Zaude lasai nik baditut hego handiak zu estaltzeko. (Ate ondotik urrutiratu gabe harantz eta honantz). Bai goxo eta baketsua dela gure habia, Nora. Hemen seguru zaude. Putre bati atzaparretatik arestian kendu dioten usakumea bazina bezalaxe gordeko zaitut. Zure bihotzaren taupada larriak nik baretuko ditut pixkana-pixkana. Sinistu iezadazu, Nora, bihar beste era batera ikusiko dituzu gauzak. Denak lehen bezalaxe segiko du. Ez dut unero barkatzen dizudala esaten ari beharrik izango, zerorrek antzemango diozu. Nola uste dezakezu ez zaitudala ondo hartuko edo errieta emango dizudala? A! zuk ez dakizu maite duen bihotza zer den! Hain atsegin eta goxoa da gizon batentzat benetan barkatzea! Ez du emazte bakarrik barkatua, alaba zaio gainera. Gaurgero halaxe izango zara niretzat, Nora, biderik gabe galdu zinen gaixo hori! Ez zaitez ezertaz ardura. Esazkidazu zure kontu guztiak eta ni izango naiz zure borondate eta zure kontzientzia... Ara, berriz! ez al zara oheratu? jantzi egin al-zera berriz?

NORA: (Eguneroko jantziaz). Bai Torwaldo, jantzi egin naiz berriro.

HELMER: Zertarako?

NORA: Ez dut gaur gauean lo egiteko asmorik.

HELMER: Baina Nora bihotzekoa! ...

NORA: (Erlojuari begiratuaz). Oraindik ez da berandu. Eseri zaitez, Torwaldo. Hitz egin behar dugu. (Mahaiaren ondoan esertzen da bera.)

HELMER: Baina zer da hau? Zer duzu horren benaz begiratzeko?

NORA: Eseri zaitez! Luzaro jardungo gara. Gauza asko dauzkagu elkarri esan beharrekoak.

HELMER: (Esertzen zaio aurrez-aurre). Artega naukazu, Nora. Ez dizut tutik ere ulertzen.

NORA: Egia diozu bai. Ez didazu konprenitzen, eta nik ere ez dizut zuri konprenitu... gaur arte. Utzidazu hizketan. Entzun esaten dizudana... elkarren arteko gure kontuak garbitu egin behar ditugu.

HELMER: Ze kontu?

NORA: (Ixilaldi baten ondoren). Elkarren aurrez aurre gaude. Ez al zaizu ezer txokatzen?

HELMER: Ze esan nahi duzu?

NORA: Zortzi urte badira ezkondu ginela. Eta pentsa ezazu ez al du hau gu biok senar-emazteok elkarrekin benetan hitz egiten dugun lehendabiziko aldia?

HELMER: Benetan bai... baina zer?

NORA: Zortzi urte luze joan dira... eta gehiago elkar ezagutu genuenetik eta sekula ez dugu elkarrekin benazko hitzik trukatu pulamentuzko ezertaz!

HELMER: Zuk ezin kendu zenizkidakeela jakin eta, nire buru hauste eta kardabazioak kontatzen ari behar al nintzaizun, ba?

NORA: Ez nintzen kardaba horietaz ari. Esan nahi nukeena hauxe da: gu biok sekulan hartaz edo honetaz ze pentsatu edo ze uste izan behar dugun gauzak ondo miatuz ikusten saiatu al gera?

HELMER: Baina esadazu, bihotzeko Nora: zure egitekoa al da hori? Emakume bati dagokien eginkizuna al da?

NORA: Hor dago, ba, koxka. Horixe da guztia. Horretantxe egin didazue bidegabekeria izugarria, lehenbizi aitak eta gero zuk.

HELMER: Zer aitak eta nik?... Baina, ba al da, ba, munduan inor gu biok baino gehiago maitatu zaituenik?

NORA: (Buruari eraginaz). Ez nauzue sekulan maite izan. Atsegin zitzaizuen niri losintxaka eginez jolasean ibiltzea.

HELMER: Aizu, Nora, hizketa modu horrekin ze adierazi nahi duzu?

NORA: Entzuten duzuna, Torwaldo. Aitaren ondoan nengoenean, bere iritziak azaltzen zizkidan eta nik dena amor ematen nion, hark ez bezala, banerizkion ere, ez nion ezertxo esaten haserretu egingo baitzitzaidan. «Nire anderetxoa» deitu ohi zidan eta nirekin jostatzen zen, ni nire niniekin jolastu ohi nintzan bezalaxe. Gero zure etxera etorri nintzen.

HELMER: Hori da, hori, gure ezkontzaz hitz egiteko modua.

NORA: (Lehen bezalaxe). Esan nahi nuen aitaren eskuetatik zure besoetara pasa nintzela. Zuk dena zure gogora antolatu zenuen eta niri dena ondo iruditzen zitzaidan edo behintzat ala adierazten nuen. Ez dakit neronek ere ziur esateko, bata ala bestea zan. Orain atzera begiratuta premia gorrian bizitu naizela, nik uste, egunean egunekoa iritsi ezinik. Zuri atsegin emateko salto eta imintzio eginez aritu naiz. Aita eta biok duzue errua gaur nik ezertarako balio ez badut.

HELMER: Ulerkaitza zaude, Nora, ulerkaitza eta esker txarrekoa. Ez al zera zorioneko izan nire ondoan?

NORA: Ez, egundaino ez, hala uste izan ba nuan ere.

HELMER: Ezetz?... ez zarela izan zorioneko?

NORA: Ez, alai nenbilen besterik ezer ez. Atsegina zinen niretzat... baina gure etxea ez zen jolastoki bat besterik. Panpina handi bat izan naiz zure etxean, aitarenean panpina txiki bat nintzen bezalaxe. Horixe izan da gure ezkontza, Torwaldo.

HELMER: Arrazoi pittin bat baduzula ez dizut ukatuko, baina harri koskorra dagoen tokian harkaitza ikusten duzu. Baina tira, gaurtik dena erabat aldatuko gara... Jolaserako garaiak joan ziren, orain hezteko denbora da.

NORA: Hezteko zein? ni ala haurrak?

HELMER: Haurrak eta zu, bihotzeko Nora.

NORA: Ez zara gauza, Torwaldo, ni hezteko eta nirekin behar zenukeen bezalako emazte egiteko.

HELMER: Eta zeinek eta zuk esaten al duzu hori?

NORA: Eta nik berriz... zer dakit haurrei behar bezala erakusteko?

HELMER: Nora!

NORA: Ez al duzu zerorrek esan arestian? Ez al zenion, ba, lan hori niri ematen ezin zintezkeela ausartu?

HELMER: Irakinaldi batean esan dut eta orain horri heldu behar al diozu?

NORA: Alajaina! Garbi asko esan duzu. Nik ez dudela horretarako behar hainbat zentzun. Beste lan bat badaukat bai aurretik egiteko: neure burua hezi eta osatu eta horixe egin behar dut. Zuk ez diezadakezu hori egin; neronek bakarrik egin behar dut. Horregatik uzten zaitut eta banoa.

HELMER: (Saltoan altxatzen da). Zer... ze esan duzu?

NORA: Bakar-bakarrik bizi beharrean nago neure burua ezagutzeko; ezin nezake beraz zure ondoan segi.

HELMER: Nora! Nora!!

NORA: Oraintxe bertan alde egin nahi det. Gaur gauerako ostatua ez zait faltako Kristinaren etxean.

HELMER: Txoratu egin al zara? Ez daukazu alde egiteko eskubiderik. Debekatu egiten dizut.

NORA: Zuk ez diezadakezu ezer debekatu hemendik aurrera. Badaramazkit nire gauza guztiak. Zurerik ez dut ezer ere nahi ez orain eta ez sekula.

HELMER: Baina ze txorakeri da hau?

NORA: Bihar abiatuko naiz nire jaioterri aldera... han hobeto biziko naiz.

HELMER: Bai itsua zaudela, munduko berri ezer ez dakizun gaixo hori...!

NORA: Orain saiatuko naiz ikasten, bai Torwaldo.

HELMER: Zure etxea, zure senarra, zure seme-alabak utzi eta alde egin... Ze esango du jendeak?

NORA: Nahi duena esan dezala. Ezin egongo naiz huskeria horri begira. Niretzat behar-beharrezkoa da alde egitea.

HELMER: A, amorragarria da! Zure lehenengo eginkizunak ez dituzu bete nahi hortaz.

NORA: Zeintzuk dira, zure ustetan nire lehenengo eginkizun horiek?.

HELMER: Esan beharrik ere ba al dago. Zure senarrarentzat eta seme-alabekiko dituzunak!

NORA: Baditut horiek baino aurreragokoak.

HELMER: Ez. Zeintzuk izan ditezke, ba?

NORA: Nire buruarekiko ditudan eginkizunak.

HELMER: Beste ezer baino lehen, emazte eta ama zara.

NORA: Ez dut, ba, uste. Beste ezer baino lehen, zuk adinaxe eskubidetako persona bat naiz edo izaten saiatu behar dut, behintzat. Badakit bai, gizonik gehienak arrazoi emango dizutela Torwaldo, eta zure iritzi horiek liburuetan barreiatuak daudela, baina orain ez ninteke begira egon gizonek esan dutenari edo liburuek jartzen dutenari. Nik nire iritzia atera behar dut.

HELMER: Hara! Ez al dakizu etxe barruan ze leku dagokizun? Ez al daukazu huts egingo ez duen gidari bat horretarako? Ez al duzu erlijiorik?

NORA: Oraintxe ez dakit ziur-ziur erlijioa zer den!

HELMER: Ez dakizula zer den?

NORA: Artzai Hansenek esandako hauxe bakarrik dakit. Erlijioa, hau, hori eta gainerako guztia da. Hori ere beste gauza asko bezalaxe, bakarrik eta aske nagoenean aztertu eta ikusiko det. Ea hark zioena egia den edo niretzat, behintzat, egia izan daiteken

HELMER: O! Beste hainbeste entzun behar genionik ere emakume gazte bati!!! Erlijioak ezin bazaitu gidatu, utzidazu, behintzat, zure barru hori miatzen. Gaizki egina edo ondo egina bereziko dituzu ezta? Edo ezta hori ere? Esadazu.

NORA: Horra Torwaldo, ze nahi duzu? Ez dakit, ba, zer erantzun. Ez dakit. Ez dut ezer garbi ikusten. Bai, gauza bat ikusten dut garbi: zure eta nire iritziak arras desberdinak direla, legeak ez direla nik uste bezalakoak, eta lege horiek zuzenak direnik ez zaidala buruan sartzen. Nolatan ez dezake emakume batek hilzorian dagoen bere aita zaharrari buruhauste eta kardabazio berri bat ez emateko eskubiderik izan, edo bere senarraren bizia salbatzeko. Hori ezin diteke!!!

HELMER: Ume bat bezala ari zara hizketan. Ez duzu ezer konprenitzen bizi zaren gizarteari buruz.

NORA: Ez, ezta ezertxo ere. Baina ezagutu nahi dut inguruko gizarte hori eta jakin ere bai ea zeinek duen arrazoi; gizarteak, ala nik.

HELMER: Zu gaixo zaude Nora, sukarra daukazu eta burutik nahastu ez zarenik ere ez nuke esango.

NORA: Bai zera, sekula baino hotzago daukat burua eta segurantzia gehiago nigan.

HELMER: Eta segurantzia hori edukita, senarra eta haurrak utzita alde egiten al diguzu?

NORA: Bai.

HELMER: Horrek gauza bat bakarra esan nahi du ortaz.

NORA: Zer?

HELMER: Ez nauzula maite.

NORA: Halaxe da; horregatik da guztia.

HELMER: Nora, eta esan egiten didazu, gainera?

NORA: Sentitzen dut, Torwaldo, nirekin beti ona izan zara-eta. Baina zer egingo diot ba? Orain ez zaitut maite.

HELMER: (Bare irauten ahaleginduz). Horretan ere segurantzia osoa daukazu, noski.

NORA: Bai ziur nago, eta horregatixe ez dut hemen egon nahi.

HELMER: Eta esango al zenidake noiz eta nola galdu dudan zure maitasuna?

NORA: Bai gizona. Gaur gauean bertan, nik uste nuen miraria gertatu ez dela ikusi deudanean. Orduantxe jabetu naiz, zu ez zarela nik uste nuen gizona.

HELMER: Garbiago esan ezazu. Ez dut ulertzen.

NORA: Zortzi urte luzean egondu naiz zain, patxada osoan, bai baitakit mirariak ez direla egunero gertatzen. Azkenean iritsi da une larria eta nire buruari nion: oraintxe sortuko da miraria. Krogstaden eskutitza buzoian zegoen bitartean ez zait buruan sartu gizon horren eskabideetara makurtuko zinenik baizik eta esango zeniola: zabaldu ezazu ixtorio guztia barra-barra. Eta hori gertatuta gero...

HELMER: A, bai... eta nire emaztea lotsagorritan eta destainapean jarri eta gero...

NORA: Eta hori gertatuta gero... ni ziur nengoen oker guztien kargu eta jabe egingo zinela. Ni naiz erruduna, esanez.

HELMER: Nora!

NORA: Nik ez nuela hori ontzat emango eta ez nintzela ixilik egongo? Hala da. Baina zer balioko zuen nire hitzak zurearen ondoan? Horra, ba, horixe da nik beldurrez airean espero nuen miraria. Eta gerta ez zedin hiltzera nindoan.

HELMER: Nora, pozik ariko nintzen gau eta egun zuregatik lanean eta ezbehar guztiak pasa ere bai, baina ez du inork bere ondra, maiteagatik galtzen.

NORA: Milaka emakumek egiten dute!

HELMER: A! Eme batek bezala pentsatu eta hitz egiten duzu.

NORA: Baliteke. Baina zuk ere ez duzu pentsatu eta ez hitz egin nik behar nukeen gizonak bezala. Lasaitu zinenean, ez nire gain zetorren arriskua baizik zure gain zetorrena pasa zelako... ahaztu zaizu dena eta berriz ere zuretzat kardantxori kantaria izan nadila nahi duzu... zure besoetan erabiltzeko panpina, hori bai, inoiz baino kontu gehiagorekin errez hautsi nintekeela ikusi duzu-eta. (Altxatzen da). Entzun, Torwaldo, une hartantxe zortzi urtetan arrotz batekin bizitu naizela iduritu zait, eta arrotz batekin izan ditudala hiru haur... A! Ez dut pentsatu ere egin nahi! Nire gorputza zazpi mila puska egiteko gogoa datorkit.

HELMER: Konprenitzen dut. Ez dago ukatzerik: gu bion artean leize sakon bat ireki da. Baina esadazu, ezin al diteke leize zulo hori bete?

NORA: Ni orain naizen bezalakoa izanik, ez naiteke zure emazte izan!

HELMER: Ez ote naiz eraldatuko?

NORA: Behar bada, bai... panpina kentzen badizute.

HELMER: Aldendu... zugandik aldendu. Ez, ez, Nora; ez dut etsiko zu gabe.

NORA: (Eskubiko aterantz doala). Horregatixe alde egin behar dut segitun. (Bihoa eta betor abrigo, sonbrero eta txango-aldirako poltsarekin, eta hau silla baten gainean uzten du «beladore» inguruan.)

HELMER: Nora, oraindik ez, oraindik ez zaitez joan. Itxoin ezazu bihar arte.

NORA: (Abrigoa jantziz). Ezin nezake gaua igaro arrotz baten aterpean.

HELMER: Baina ezin al gintezke, ba, bizi anai-arrebak bezala?

NORA: (Sonbreroa jantziz). Bizi-era horrek ez luke luzaro iraungo! (txala bizkarretik behera hartuz). Agur, Torwaldo. Haurrak ez ditut ikusi nahi. Badakit nireetan baino esku hobeetan daudela. Orain nagoen bezala... ezin ninteke zuentzat ama izan.

HELMER: Baina egunen batean... Nora... egunen batean?

NORA: Ezin, ba, esan, ez baitakit nire etorkizunaren berri.

HELMER: Baina, dena dela, zu nire emaztea zara.

NORA: Emazte batek senarraren etxetik alde egiten duenean, nik orain alde egiten dudan bezala, legeak dioenez, senarra emaztearekiko eginkizun guztiez libre uzten dute. Dena delarik, hala uzten zaitut, ez baita ondo zu kateatuta gelditzea eta ni ez. Libertade osoa bi aldeontzat. Tori zure eraztuna. Ekatzu nirea.

HELMER: Hori ere bai?

NORA: Bai.

HELMER: Tori.

NORA: Eskerrik asko. Orain dena bukatu da. Hor uzten ditut giltzak. Etxeko martxaren berri neskameak badaki... nik baino hobeto. Bihar ni joan eta gero Kristina etorriko da nik hona ekarri nituen gauza guztiak baul batean sartzera eta bialduko dizkit.

HELMER: Dena bukatu da! Ez ote zara nitzaz behin ere oroituko?

NORA: Seguru asko bai sarritan zutaz, haurrez, etxe honetaz...

HELMER: Idatzi al diezazuket, Nora?

NORA: Ez, behin ere ez. Debekatu egiten dizut.

HELMER: Baina bialdu ahal izango dizut...

NORA: Ez, ezer ez.

HELMER: Laguntza pixka bat, behar bazenu.

NORA: Ez, ez. Ezin nezake ezer hartu arrotz batengandik.

HELMER: Arrotz bat besterik ez al naiz izango zuretzat, Nora?

NORA: (Ibilaldirako poltsa hartuaz). A Torwaldo, miraririk handiena gertatu beharko luke.

HELMER: Esadazu, ze mirari?

NORA: Gu biok hainbesteraino eraldatu beharko genuke... Torwaldo... nik mirarietan ustea galdua dut.

HELMER: Nik ez, ba. Esadazu, zenbateraino aldatu behar genuke?

NORA: Gure elkartzea benetako ezkontza izateraino. Agur. (Etxeko atea ixtearen hotsa entzuten da.)

HELMER: (Bere buruari ate ondoko sillan erortzen uzten dio eta bi eskuz aurpegia estaliz). Nora! Nora! (burua altxa eta bere ingurumarira begiratuz). Joan da, geroago ikusterik ez... (itxaropenez). Miraririk handiena.

 

AMAIA