Atzera begiratzeko edo arrazoitzeko aztoratuegia, Fleet Street ondoan dauden etxarte mehar horietako batera sartu zen oldarrean, untxi bat zulo batera nola. Halako ideia lauso bat zuen buruan, ezen, ustekabe-kutxa baten irudiko agure antzemangaitz hura benetan atzetik segika bazeukan, karrika txikien labirintu hartan berehala galarazi ahal izango ziola arrastoa. Atzera-aurrera bizian murgildu zen, bada, karrika zulo bihurri haietan, areago baitziruditen pitzadura hutsak, kale formalak baino; gero, hogeiren bat angelu txiki-handi osatu eta horrenbestez poligono asmagaitz bat trazatu eta gero, pausatu egin zen, ea inolako segizio-hotsik entzuten ote zuen atzetik. Ez zen halakorik batere; eta edonola ere ezin izango zen gauza handirik entzun, elurrezko estalkiak soinugabetzen baitzituen karrika-zoruak. Red Lion Court pasatu eta han inguruan, hala ere, hiritar kementsuren batek hogeiren bat yardako tarte batean kendua zuen elurra, harlauza busti dirdaitsuak agerian utzirik. Handik pasatzean ez zion jaramon handirik egin, labirintu-zuloaren beste adar batera itsumustuan oldarturik. Handik bizpahirurehun yardara berriro entzutera gelditu zenean, ordea, bihotza ere gelditu egin zitzaion, harri gordin haien gainean klinki-klanka, elbarri infernuzkoaren makulu hotsa entzuten baitzuen, eta harekin batera oinen herresta neketsua.

       Zerua elur-hodeiz kargaturik zegoen, arratsaren tenore hartarako goiztiarregia zen halako iluntasun eta neke-zama batean utzirik Londres. Syme-ren alde bietara pasabidearen hormak itsu eta ezaugarrigabe ageri ziren; ez zen leiho txikirik ez bestelako begi-zulorik ere. Etxe-erlauntza hartatik ospa egin eta berriz kale zabal argitsura irteteko gogo bizia sentitu zuen. Hala ere, atzera-aurrera bihurriak eginez ibili zen luzaro, karrika nagusira irten orduko. Irten ere, uste izan zuen baino askoz gorago irtena zen. Ludgate Circus-eko zabaldi handi bezain hutsa behar zuen hark noski, berehala bistaratu baitzitzaion, zeru goi aldean hantxe, San Pauloren Katedrala.

       Hasieran harrigarri gertatu zitzaion ibilbide zabal haiek hain hutsik aurkitzea, hiria izurri batek jo izan balu bezala. Gero bere artean egin zuen alde batera normala zela hustu samarturik egotea bazterrak; lehenik eta behin, elur-ekaitza are arriskutsua izaterainoko gogorra zelako, eta bigarrenik, igandea zelako. Eta igande hitza bururatze hutsak ezpaina hozkarazi zion; handik aurrera hitz hura halako berbajoko higuin bat begitanduko zitzaion beti. Zeru goieneko elur-laino zuri haren azpian, halako koloregiro guztiz ere bitxi bat ageri zuen erabat hiriak, ilunbista berde moduko bat, itsas azpiko herri batena irudi. San Pauloko kupula ilunaren atzean ageri zen ilunsenti itxi goibelak kolore ketsu, susmo beltzekoak zituen —berde gaixo higuingarriak, gorri hilak, brontzekolore ustelduak—, zeinak doi-doi baitziren aski argiak elurraren zuritasun sendoa enfatizatzeko. Baina kolore higuin haien kontra hantxe zegoen katedralaren itzal-isla beltz tantaia; eta haren gailur-gailurrean elur-plapa handi bat ageri zen, halabeharrez han erori, eta artean ere Alpeetako haitz bati bezala zatxekona. Txiripaz behar zuen han, baina, erori zen moduan, goreneko partetik hasi eta kupularen erdia estaltzen zuen, zilarraren argi betez nabarmenaraziz orbetzarra eta gurutzea. Hari erreparatu zionean, Syme tente-tente jarri zen, eta oharkabeko agur bat egin zuen ezpata-makilaz.

       Konturatzen zen deabru-irudi hura, itzala bailitzan, bizkor zein astiro, atzetik zeukala beti ere, eta ez zitzaion axola. Giza fede eta adorearen sinbolo bat iruditzen zitzaion, zeru aldea ilundu ahala lurraren goialde hartan argi egiten zuena. Deabruek zerua eskuperaturik izan zezaketen, baina ez oraindik ere gurutzea. Gogo bizia sortu zitzaion segika zebilkion elbarri arin-arinkari haren sekretua erauzteko; hala, karrikak Circus zabalera ematen zuen puntura iristean, bertan jiratu zen, makila eskuan, jazartzaileari aurpegi emateko.

       De Worms Profesorea astiro agertu zen, kantoian jiratu eta kalexka irregular bat atzean utziz, bere itxura naturazbesteko hura gas-argi bakarti baten kontra islaturik, halako moldez non berehala baitzetorren burura haur-leloetako harako irudi guztiz irudimentsu hura: «adarra baino okerragoko bidea egindako gizon okerra». Zinez zirudien karrika adarbihurritsuetako ibili makur hark ote zuen hain itxuragabeki okertu. Hurbildu ahala, farolargiak distira egiten zuen haren betaurreko jaso, haren aurpegi gora altxatu, pairakorrean. Syme-k San Jurgik herensugeari bezala itxaroten zion, azken azalpen baten edo heriotzaren zain dagoenak bezala. Profesore zaharra, ordea, Syme-ren pareraino iritsi, eta inondik ere ezagutu ez balu bezala pasatu zen, betazal dolumintsu haien kliskik ere gabe.

       Uste gabeko xalotasun isil hartan bazen zerbait Syme-ri ezin gehiagoko haserre bizia eragin ziona. Gizonaren aurpegi eta jokabide soraioak garbi adierazten bide zuten jazarpen hura guztia halabehar hutsa zela. Mingostasunaren eta mutiko-burlaize ezin eutsizko baten arteko kemen halako batek indarberritu zuen Syme. Keinu bihurri bat egin zuen xixtakoan, agureari kapelua burutik kentzeko bezala, «ezetz harrapatu» edo halako zerbait oihukatu, eta lasterketan ekin zion Circus zuri, zabalean barrena. Ezkutatzea ezinezkoa zen hara ezkero. Sorbalda gainetik atzerantz begiraturik, agure zaharraren figura beltza ikus zezakeen atzetik segika, urrats luze arinenean, miliaren lasterketa irabaztera doanaren pare. Gorputz saltari haren gaineko buruak, baina, zurbil, serio-serio, profesional zirauen berdin, arlekin batek unibertsitateko irakasle baten buruari eutsiko balio bezala.

       Hanka-bururik gabeko jazarpen hark lasterka biziz iraun zuen Ludgate Circus-en zehar, Ludgate Hill-en gora, San Pauloren Katedralaren jiran, Cheapside-en barrena, inoiz izandako amesgaizto guztiak oroitaraziz jazarriari. Gero Syme-k ibai aldera ekin zion ihesean, eta ia kaietaraino iritsi zen. Taberna apal baten leihoak bistaratu baitzituen, barneko argiek horiztatuak, haraxe oldartu zen itsumustuan, eta garagardo bat eskatu. Taberna-zulo satsu bat zen, atzerriko itsasgizonez betea, opioa erretzeko nahiz labanak dantzatzeko leku aproposa.

       Handik pixka batera, De Worms Profesorea sartu zen tabernara; kontu handiz eseri, eta baso bete esne eskatu zuen.

 

 

8. KAPITULUA

Profesoreak azalpenak ematen ditu

 

       Gabriel Syme ororen buruan aulki batean finkatu zenean, Profesoraren bekain goratu eta betazal berunkara haiek aurrez aurre zituela, halaberean finko eta ororen buruko, bete-betean berritu zitzaizkion beldurrak. Biltzar ankerreko partaide ulertezin hura, orain ez zen dudarik, atzetik segika etorria zitzaion. Gizonak alde batetik elbarri gisa nortasun bat baldin bazuen eta beste bat jazarle gisa, antitesiak interesgarriago bihur zezakeen, baina ez inondik ere lasaigarriago. Ez zuen on handirik pentsatuz ezingo zuela berak Profesorearen joko bikoitz hori azaldu, baldin eta, ezbehar larriren bat tarteko, Profesoreak berea igartzen bazion. Txarro bete garagardo hustu zuen, Profesoreak bere esnea ukitu orduko.

       Bazen aukera bat, nolanahi ere, itxaropentsu iraunarazten ziona, nahiz babes handirik ez eman. Agurearen ibilketa hark ez zuen nahitanahiez Syme-rekiko susmo garbi nahiz lausorik adierazten noski. Beharbada arauzko molde edo zeinu bat zen hura. Beharbada harat-honat zoro hura berak ulertu behar zukeen adiskidetasun hutsezko seinale nolabaiteko bat zen. Beharbada erritual bat zen. Beharbada Ostegun berriari beti egiten zitzaion halako jazarpena Cheapside-n zehar, alkate hautatu berriari leku berean agurrezko eskolta egin ohi zaion bezala. Bere jakinbeharren argibidean nondik ekin erabaki ezinik zebilela, hara non hasten zaion hantxe bere aurrean hizketan Profesore zaharra, eta erabat moztuta uzten. Syme-ri bere lehen itaun diplomatikoa egiteko betarik eman gabe, anarkista zaharrak tupustean galdetu zion, inolako prestaketarik gabe:

       — Polizia al zara?

       Zernahi ere espero bazuen ere, ez zuen inondik inora espero noski halako galdera gordin zehatzik egingo ziotenik. Ekaitzaldian ere bare itxurari eusten trebe izanik ere, nabarmen samar irten zitzaion txantxa-doinu edo batez eman zuen nola-halako erantzuna.

       — Polizia ni? —esan zuen, irri zozoz—. Nondik atera duzu, ordea, polizia traza dudanik nik?

       — Ez dut askorik nekatu behar izan burua —erantzun zuen Profesoreak patxadaz—. Hasieratik iruditu zitzaidan polizia itxura zenuela. Eta orain ere hala iruditzen zait.

       — Akaso polizia-kapelu bat hartu dut deskuidaturik jatetxetik irtetean? —galdetu zuen Syme-k, irrimodu xelebrez—. Ba ote daramat deskuiduan aldean zenbaki bat itsatsirik inon? Halako erne-zut itxura dute inolaz ere nire botek? Zergatik izan behar dut polizia? Uztazu, otoi, postaria izaten.

       Profesore zaharrak itxaropenari lekurik ematen ez zion larritasun serio-serioz eragin zion buruari, baina Syme-k berean aurrera ekin zion, ironia sukartsuz.

       — Baina beharbada gaizki ulertuko nituen zure aleman filosofiaren xehetasun finak. Beharbada adiera berezian erabili duzu polizia hitza. Eboluzioaren zentzuan, Profesore jauna, tximinoa hain ezarian doa galduz poliziaren baitan, ezen neronek ezin baitiot antzeman halako ñabardurari. Tximinoa ez da izatekoa den polizia baino. Beharbada Clapham Common-eko neskazahar bat ez da izatekoa zen polizia baino. Ez zait axola izakizun den polizia banaiz. Ez zait axola edozer ere izatea aleman pentsamenduaren arabera.

       — Polizia-lanean diharduzu? —esan zuen agureak, Syme-ren etsi-etsiko ateraldi inprobisatu hari ezjaramon eginez—. Detektibea zara?

       Syme-ri bihotza harri bihurtu zitzaion, baina ez zuen aurpegian mudantzarik erakutsi.

       — Zure iradokizun hori irrieragingarri hutsa da —hasi zen—. Zer demontregatik...

       Agureak indar biziz jo zuen mahai korrokoilduaren gainean bere elbarri-esku dardartiaz, ia-ia hautsiz mahia.

       — Entzun al duzu nire galdera argi eta zuzena, espioi hitzmerkea alaena? —egin zuen garrasi, ahots neurrizgaineko, zorrotzez—. Bazara, ala ez zara, polizia-detektibea?

       — Ez! —erantzun zuen Syme-k, lepoa borreroaren eskuetan lukeenak bezala.

       — Zin dagizu? —esan zuen agureak, Syme-rengana makurturik bere aurpegi hila, zeinak higuingarriro berpiztua batzirudien orain—. Zin dagizu? Zin dagizu? Zin faltsu badagizu, betiko galduta zaudela deritzozu? Zure hiletan deabruak dantza egiten duela? Zure hilobian amesgaiztoak bertan-goxo egiten duela? Seguru zaude benetan? Anarkista bat zara, dinamitari bat? Eta, oroz gain, ez zara ezein zentzuz ere detektibe? Ez zara britainiar poliziako partaide?

       Ukondo zorrotza mahaian aurreratu, eta bere esku herbala belarrian ezarri zuen, hegal baten gisa zabalik.

       — Ez naiz britainiar poliziako partaide —esan zuen Sy-me-k patxada zoroz.

       De Worms Profesorea aulkian amildu zen atzera, atake arin bat eman balio bezalatsuko itxura xelebrean.

       — Tamalgarria da —esan zuen—, ni banaiz eta.

       Syme oldarrean zutitu zen, eserita zegoen aulkia atzerantz kanka botarik.

       — Zu bazara-eta zer? —esan zuen, pott eginik—. Zu bazarela zer?

       — Polizia, bada —esan zuen Profesoreak bere lehen irribarre zabalez, lenteen atzetik brist-brist begiak—. Baina zuk poliziak adiera finkorik gabeko hitz bat baino ez direla deritzozunez, ez dut noski zerikusirik zurekin. Britainiar poliziako kidea naiz; baina zu ez zarela diostazunez, dudan datu bakarra dinamitazaleen elkarte batean topatu zaitudala da. Atxilotu egin beharko zintuzket noski —eta hitz horiekin bat, Syme-k bere txalekoaren poltsikoan zeraman txartel urdinaren faksimil peto-peto bat ezarri zuen mahai gainean Profesoreak, bere polizia-aginpidearen sinboloa.

       Syme-k lipar batez sentsazioa izan zuen kosmosa azpikoz gora iraulia ote zen erabat, zuhaitzak oro beherantza hazten ari zirela, eta izarrak, berriz, bere oinpean zituela guztiak. Gero kontrako uste sendoa joan zen nagusituz. Azken hogeita lau orduetan kosmosa zinez azpikoz gora egona zen, baina orain unibertso iraulia berriro bere zuzenera etorria zen. Egun guztia ihesean pasarazi zion deabru jazarle hura ez zuen bere etxeko anaia zaharragoa baino, eta hantxe zeukan orain mahaiaren beste aldean berari barrez. Ez zion une hartan inolako xehetasunik eskatu; aski zuen jakinik, horrek pozik bezain ergel sentiarazten bazuen ere, arriskuan zegoelako larritasun jasangaitza sorraraziz segika ibilia zitzaion itzal hura ez zela bere lagunarengana iritsi nahi zuen norbaiten itzala baizik. Aldi berean konturatu zen gizon zuntzun bezain askea zela. Ezen edozein gaixo-egoeratatik jator oneratzeko ezinbestekoa baita nolabaiteko umiliazio osagarri bat. Iristen da une bat halako egoeretan, non soilik hiru gauza baitira posible: lehenik, bozkario sataniko harro halako batean irautea; bigarrenik, malkoak; eta hirugarrenik, barrea. Syme-ren berekeriak gogotik heldu zion lehen burubideari segundo batzuez, eta gero bat-batean hirugarrenera lerratu zen. Txalekoaren poltsikotik bere polizia-agiri urdina harturik, mahai gainera bota zuen; gero, bere bizar laru punta-zorrotz harekin ia sabaia jotzeraino jaso burua, eta algara zoroz ekin zion barrez.

       Plateren, poteen, ahots deiadartsu, tupusteko borroka eta arrapaladako ihesaldien harrabots atergabez beteriko zulo haren erdian ere, bazen Syme-ren algara hartan zerbait homerikoa, erdi-mozkorturiko gizon askori burua jirarazi ziona.

       — Zeri e'iten dio parre, na'usi? —galdetu zuen kaietako behargin harritu batek.

       — Neure buruari —erantzun zuen Syme-k—, eta berriro murgildu zen bere erreakzio estatikoaren agonia lehergarrian.

       — Eutsiozu zeure buruari —esan zuen Profesoreak—, edo histeriko jarriko zara azkenerako. Hartu beste garagardo bat. Nik ere hartuko dut.

       — Zure esnea hor duzu-eta oraindik —esan zuen Syme-k.

       — Nire esnea! —esan zuen besteak, hondorik gabeko mesprezu destainaz betean—, nire esnea! Uste al duzu arrimatu ere egingo nintzatekeela ni nazkagarrikeria horren usainera, anarkista zikinok aurrean egon ezik? Kristauak gara denok sala honetan, nahiz beharbada —gaineratu zuen, begiratu bat botarik bezeria aiko-maiko hari— ez zuzen-zuzenak. Esnea bukatzeko? Arraoietan baietz! Oraintxe bukatuko dut! —eta jo eta mahaitik behera irauli zuen zakar basoa, kristala txirtxilatu eta zilar jario bat isuriz zoruan.

       Syme begira-begira zegokion.

       — Orain ulertzen dut! —egin zuen espantu, harriduran pozik— ez zara noski agure bat inolaz ere.

       — Ezin dut hemen aurpegia kendu —ihardetsi zuen De Worms Profesoreak—. Lan dexente du makilajeak. Zaharra naizenentz, berriz, ez dagokit niri esatea. Hogeita hemezortzi urte bete ditut aurten.

       — Bai, baina esan nahi dut —esan zuen Syme-k, erretxin samar— ez duzula osasun-aitzakiarik batere.

       — Bai —erantzun zuen besteak, inpartzialtasun barez—. Katarroak harrapatu ohi ditut sarri samar.

       Lasaitu ederra hartu duenaren zoro-puntu nabarmen horrez egiten zuen algara Syme-k. Barregarri zitzaion, oso, Profesore elbarria egiaz taula-gainerako bezala jantziriko antzezle gazte bat izatea. Ez zuen, haatik, barre makalagoa egingo egokiera hartan, piperrauts-pote bat iraulita ere.

       Profesore faltsuak, trago egin, eta bizar faltsua xukatu zuen.

       — Ba al zenekien —galdetu zuen— delako Gogol hori gureetarikoa zela?

       — Nik? Ez, nik ez nekien —erantzun zuen Syme-k, nolabaiteko ezustez—. Zuk ere ez, ala?

       — Hildakoek adinaxe nekien nik —ihardetsi zuen De Worms zelakoak—. Uste nuen nitaz ari zela Lehendakaria, eta galtzak bete dardaraz nengoen.

       — Eta nik, berriz, nitaz ari zela uste nuen —esan zuen Syme-k, bere barre deslai samar harekin—. Eskua errebolberrean neukan denbora guztian.

       — Nik ere bai —esan zuen Profesoreak, kopetilun—; eta Gogolek ere bai, jakina.

       Syme-k kolpe bat eman zion mahaiari, oihu batez lagundurik.

       — Hara! Hiru ginen-eta geureetarikoak! —ekin zion bero-bero—. Zazpitik hiru borrokatzeko moduko kopurua da. Jakin izan bagenu, hala ere, hiru ginela!

       De Worms Profesorearen aurpegia ilundu egin zen, eta ez zituen jaso begiak.

       — Hiru ginen —esan zuen—. Hirurehun izan bagina ere, haatik, ezingo genuen ezer egin.

       — Ezetz, hirurehun lagun lauren aurka? —galdetu zuen Syme-k, burlaize nabarmen samarrez.

       — Ez —esan zuen Profesoreak serio-serio—; ez hirurehun lagun Iganderen aurka.

       Eta izen hutsak hotz eta betilun utzi zuen Syme; barrea bihotzean hil zitzaion, ezpainetan hil aurretik. Lehendakari ahantzezinaren aurpegia argazki koloreztatu bat bezain bizi agertu zitzaion buruan, eta alde nabaria zegoen Iganderen eta haren satelite guztien artean, ezen haien aurpegiak, beren anker-basa eta lazgarri-beltzean ere, motelduz zihoazen pixkanaka oroimenean, beste giza aurpegiak bezala, baina aitzitik Iganderena bazirudien errealago bihurtuz ote zihoan absentziarekin, alegia gizon baten irudi pintatua denborarekin bizira pizten.

       Isilik geratu ziren biak puska batean, eta gero Syme-ren hitzak oldarrean etorri ziren, xanpainari bitsa tupustean nola.

       — Zer da hau, ordea, Profesore —egin zuen espantu—. Beldurra al diozu gizon horri?

       Profesoreak, bere betazal astun haiek jaso, eta zintzotasun ia etereo bat erakusten zuten begi urdin handi zabal-zabalez begiratu zion Syme-ri.

       — Bai, beldurra diot —esan zuen otzan-otzan—. Eta zuk ere bai.

       Syme mutu geratu zen une batez. Gero, iraindu duten gizon bat bezala bertan zutitu, eta indarrez apartatu zuen ondotik aulkia.

       — Bai —esan zuen, ahots deskribaezinez—, arrazoi duzu. Beldurra diot. Horregatik, Jainkoarengatik zin dagit topatu arte jazarriko natzaiola beldurrez naukan gizon horri, eta muturreko bat emango diodala. Zerua balu ere tronu, eta lurra oin-aulki, zin dagit handik eratsiko dudala.

       — Nola? —galdetu zuen Profesoreak, begiak zabal-zabalik so—. Zergatik?

       — Beldurra diodalako —esan zuen Syme-k—; inork ez bailuke utzi behar unibertsoan beldurra ematen dion ezertxo ere.

       De Worms-ek harridura itsu halako batez kliskatu zituen begiak. Hitz egiteko saio bat egin zuen, baina Syme-k aurrea hartu zion ekinean, ahots apalez baina hala ere azpitik halako asaldura gizagabe bat zeriola:

       — Nor makurtuko litzateke beldurrik ez dien gauza soilak porrokatzera? Nork apalduko luke bere burua soilik ausart izatera, boxeolari arrunt bat bezala? Nor konformatuko litzateke beldurgabe izateaz, zuhaitzak bezala? Beldurra diozun gauzari egiozu borroka. Gogoratu Siziliako bidelapur bati azken errituak eman zizkion harako ingeles apaizaren istorio zahar hura; nola herio-ohean lapur handi hark esan omen zion: «Ezin dizut dirurik eman, baina bai bizi guztirako aholkua: erpurua laban-ahoan, eta behetik gora jo». Halaxe diotsut nik ere: behetik gora jo, izarrak joko badituzu.

       Besteak sabaira begiratu zuen, bere posea osatzen zuten trikimailuetarikoa baitzuen hori.

       — Igande izar finkoa da —esan zuen.

       — Izar loka bat bezala erortzen ikusiko duzu —esan zuen Syme-k, eta kapelua jantzi zuen.

       Deliberamenduz beteriko keinu hark mekanikoki zutiarazi zuen Profesorea.

       — Arrastorik ba al duzu —esan zuen, txundidura onbera halako batez— nora zoazen zehazki?

       — Bai —ihardetsi zuen Syme-k zakar antza—; Parisen bonba hori jaurti dezaten eragoztera noa.

       — Ideiarik ere ba al duzu nola? —itaundu zuen besteak.

       — Ez —esan zuen, deliberamendu berdinez.

       — Gogoratuko duzu, noski —berrekin zion bere buruari De Worms zeritzonak, bizarretik tira eginez eta leihotik kanpora begiratuz—, ezen, arrapalada samarrean bilkuratik sakabanatu ginenean, Markesaren eta Bull Doktorearen esku pribatuetan utzi zirela izugarrikeriarako antolakizun guztiak. Markesak honezkero Kanala zeharkatzen behar du noski. Baina hortik aurrera nora doan eta zer egingo duen, ez da uste izatekoa Lehendakariak berak ere ote dakien; guk behintzat ez. Jakin, Bull Doktoreak bakarrik daki hori.

       — Madarika dadila! —egin zuen Syme-k espantu—. Eta ez dakigu non den.

       — Bai —esan zuen besteak, bere buru-joan itxura xelebre harekin—; nik badakit non den.

       — Eta esango didazu? —galdetu zuen Syme-k begi larriz.

       — Eraman egingo zaitut —esan zuen Profesoreak, eta bere kapelua hartu zuen gakotik.

       Syme begira geratu zitzaion, zirrara zurrun halako batez.

       — Zer esan nahi duzu? —galdetu zuen zorrotz—. Bat egingo duzu nirekin? Arriskua onartuko duzu?

       — Hara, gazte —esan zuen Profesoreak atsegintsu—; dibertigarri zait ikustea koldartzat naukazula. Hitz bat bakarrik nuke horretaz esateko, zure erretorika filosofikoaren ildo beretik erabat doana. Zuk uste duzu ezinezkoa dela Lehendakaria porrokatzea. Nik jakin dakit hala dela, eta hala ere saiatu egingo naiz —eta atea irekirik, aire bolada mingots bat sartu baitzen horrenbestez tabernara, elkarrekin irten ziren kaien ondoko karrika ilunetara.

       Elurrik gehiena baltsaturik edo lokatz-lardaskaturik zegoen, baina han-hemenka lapastadaren bat ageri zen oraindik, erdilunbean zuri bainoago gris. Kalexkak lohi zeuden, istilez beterik, eta itxura aldakor, halabeharrezkoz ispilatzen zituzten putzuek faroletako argiak, mundu desberdin eta erori baten zatiak irudi. Syme aztoratu samarturik zihoan argi-itzalezko nahasmen hartan barrena abian; lagunak, ordea, hanka-arin aski bizian ekina zion han aurrean, kale amaierako zirrikituan, ibai argiztatuaren tarte mehar batek suzko barra bat zirudien alderantz.

       — Nora zoaz? —itaundu zuen Syme-k.

       — Oraintxe bertan —erantzun zuen Profesoreak— kale kantoi horretaraino noa, ea Bull Doktorea oheratu den dagoeneko. Osasunzalea izaki, goiz erretiratzen da.

       — Bull Doktorea! —egin zuen espantu Syme-k—. Kale kantoi horretan bizi al da?

       — Ez —erantzun zuen lagunak—. Egia esan, aparte samar bizi da, ibaiaren beste aldean, baina hemendik jakin dezakegu ohera joana den.

       Solasean kale kantoiraino iritsirik, sugarrez pikardaturiko ibai goibelera begira jarri, eta aurrez aurreko ur-ertza seinalatu zuen makilaz. Gune hartan, Surrey aldetik, ia ibaiaren gain-gaineraino iristen zen etxebizitza multzo garai horietako bat bazen, leiho argiztatuz zipriztindua, fabriketako tximiniak irudi altura ia zoro baterainoko tantai. Haietako etxe multzo baten jite eta kokapenak, bereziki, ehun begiko Babel Dorre halako bat iradokitzen zuen. Syme-k ez zituen ezagutzen Amerikako etxeorratz ia zerurainokoak, eta, amets batean baino ezin zituen irudikatu beraz, etxetzarrok.

       Hantxe begira-begira zegoela, ezin konta ahal argiz josiriko dorretzar hartako argirik gorena itzali zen tupustean, Argos beltz hark bere ezin konta ahal begi haietariko batez keinu egin balio bezala.

       De Worms Profesoreak, bertan jiratu, eta bere botaren kontra jo zuen makilaz.

       — Beranduegi da —esan zuen—; gure Doktore osasunzalea ohera joan zaigu.

       — Zer esan nahi duzu? —galdetu zuen Syme-k—. Horrako horretan bizi al da, beraz?

       — Bai —esan zuen De Worms-ek—; ikusten ez den leiho horrexen atzean, hain zuzen. Etorri nirekin eta afal dezagun zerbait. Biharko utzi beharko dugu bisita.

       Gehiagoko hautsimautsirik gabe, Profesoreak zenbait zeharbidetan barrena eraman zuen Syme, harik eta East India Dock Road-eko distira eta ardailara iritsi ziren arte. Profesoreak, auzoaren ezaguera aski nabaria erakutsiz, denda argiztatuzko lerroa ostera halako ilunbista eta isiltasun tupusteko batean galtzen zen leku batera jo zuen, zeinean ostatu zuri zahar bat ageri baitzen, aski hondatua, bidetik hogeiren bat oinera.

       — Aukerako ingeles ostatu mordoxka topa daiteke oraindik, nonahi halabeharrez utziak, fosilak irudi —esan zuen Profesoreak—. Behin leku txukun bat topatu nuen West End-en.

       — Eta, jakina —esan zuen Syme-k, irribarrez—, hauxe da delako West End-eko leku txukun hori.

       — Halaxe da —esan zuen Profesoreak begirunetsu, eta barrura sartu zen.

       Afaldu eta lo egin zuten, inolako aitzakiarik gabe. Hirugiharrez lagunduriko indabek —uste guztiak hausten zituen jende hark ederki prantatuak—, etxepeko sotoetatik inork inondik inora agertzerik espero ez zezakeen borgoina botilak, arego indartu zuten Syme ordurako sentitzen hasia zen burkidetasun eta ongizate sentsazio hura. Pasatua zuen sofrikario latz hartan isolamenduarena izan zuen funts-funtseko izu, eta ez dago hitzik bakar-bakarrik egotearen eta aliatu bat izatearen artean dagoen leize sakona adierazteko. Matematikariei onar dakieke lau bi bider bi dela. Baina bi ez da bi bider bat; bi mila bider bat da. Horra zergatik, desabantailak desabantaila (eta ehundaka dira), mundua hala ere monogamiara itzuliko den beti.

       Syme gai zen, lehenbiziko aldiz, bere istorio latz bezain bitxi hura guztia barnetik jaregiteko, Gregory-k ibai ondoko taberna koxkor hartara eraman zuen unetik hasita. Mantso eta zabal jardun zuen, bakarrizketa naharoan, benetako lagun xaharrekin mintzatu ohi garen moduan. Bere txanda iritsi zitzaionean, De Worms Profesorearen papera jokatua zuen gizonak ere ez zuen hitz egiteko gogo makala erakutsi. Haren historia Syme-rena bezain txoroa zen ia.

       — Ez zaude batere gaizki mozorrotua —esan zuen Syme-k, baso bat Mâcon hustuz—; Gogol gaixoarena baino dexentez hobea mozorroa. Hasiera-hasieratik iruditu zitzaidan iletsuegixe zela hura.

       — Teoria artistiko desberdinekin jokatzen dugu —ihardetsi zuen Profesoreak, pentsakor—. Gogol idealista bat zen. Anarkistaren ideal abstraktu edo platonikoa irudikatu nahi zuen. Ni, berriz, errealista naiz. Portretgilea. Portretgile hitza, ordea, ez da guztiz zuzena noski. Izan, portret bat nauzu.

       — Ez zaitut ulertzen —esan zuen Syme-k.

       — Portret bat nauzu —errepikatu zuen profesoreak—. De Worms Profesore ospetsuarena, hain zuzen, zeinak, oker ez banago, Napolesen behar duen.

       — Esan nahi duzu haren gisa mozorrotu zarela —esan zuen Syme-k—. Baina ba al daki berak beraren musua begirunerik gabe erabiltzen ari zarela?

       — Bai ongi jakin ere —ihardetsi zuen Profesoreak adoretsu.

       — Orduan zergatik ez zaitu salatzen?

       — Nik salatu dut bera —erantzun zuen Profesoreak.

       — Eta nola da hori? —esan zuen Syme-k.

       — Atsegin handiz azalduko dizut, nire historia entzuten aspertzen ez bazara noski —ihardetsi zuen atzerriko filosofo ospetsu-bikainak—. Lanbidez antzezlea naiz, eta Wilks dut izena. Antzerki munduan era guztietako konpainia txarrekin ibilia naiz, bohemio jiteko jendaila askorekin. Batzuetan zaldi-apustuetara arrimatzen nintzen, beste batzuetan artistakiloen lagunarte zarpailera, eta noizean behin errefuxiatu polikoenera. Ameslari atzerriratuak biltzen ziren zulo horietako batean, alemaniar filosofo nihilista gorena bide zen De Worms Profesore delako hori aurkeztu zidaten. Ez nuen gauza handirik atera harengandik, salbu eta begibistako itxura nazkagarri hura, arreta handiz arakatu bainuen. Frogatua bide zuen, nonbait, unibertsoaren printzipio suntsitzailea Jainkoa zela; beraz, gogor aldezten zuen haserrezko energia etengabe bat behar zela, gauza guztiak jo eta txiki-txiki egingo zituena. Energia, zioen, Guztia da. Herrena zen, begi-laburra, eta partzialki elbarria. Ezagutu nuenean aldarte txolin samarrean nengoen, eta hain ere desatsegin iruditu zitzaidan, ezen imitatzea erabaki bainuen. Marrazkigile izan banintz, haren karikatura bat marraztuko nuen. Antzezle nintzen soilik, eta haren karikatura antzeztu baino ez nezakeen egin. Profesore zaharraren itxura ustel gaitz haren esajerazio demasa izan nahi zuen modu nabarmenean makilatu nintzen. Haren jarraitzailez beteriko aretora sartu nintzenean, barre-algara ozenez hartzea espero nuen, edo (kaskoak ordurako berotuegiak bazeuzkaten) irainaren kontrako haserre era berean ozenez. Ezin dut deskribatu nolako ezusteak jo ninduen, ikusirik isiltasun begirunetsuz hartzen nindutela, eta gero (ezpainak estreina ireki nituenean) miresmenezko murmurioz. Artista bete-betearen madarikazioa eroria zitzaidan gainera. Sotilegia izan nintzen. Errealitatearekiko fidelegia. Benetan Profesore nihilista bikaina nintzela uste zuten. Gaztea ninduzun eta artean aski sanoa, baina aitortu behar dut kolpe latza izan zela. Erabat neure onera etortzeko betarik eman gabe, ordea, aipatu miresle horietariko bizpahiru sumin-jario lehiatu ziren niregana, esanez jendaurrean niri burla egiteko ahalegin bat hauteman zutela aldameneko gelan. Ea zer zen, nik. Itxura zenez, tipo guztiz nabarmen bat nire parodia itxuragabe bat eginez mozorrotua zen. Neure neurria pasatuxea nintzen xanpainarekin, eta, eroaldi halako batek jota, hasitakoarekin aurrera segitzea erabaki nuen. Hala, salara sartu zenean, bilerakideen begirakune gaitzei eta neronen bekain jaso eta begi izoztuei eman behar izan zien aurpegi Profesoreak.

       Ez dut noski esan beharrik bion arteko talka gertatu zela. Inguru guztian nituen pesimista haiek Profesore batetik bestera begiratzen zuten, ezinegonez larri, ea biotatik benetan erkinena nor zen. Nik irabazi nuen, ordea. Osasun kaxkarreko agure zahar bat, nire arerioa zen bezalakoa, nekez gerta liteke adinaren lorian dagoen antzezle gazte bat bezain txundigarriro erkin. Izan ere, benetakoa zuen elbarritasuna, eta, berezko muga estu hori kontuan harturik, ezin zen noski agertu ni bezain elbarri jator-petoa. Gero intelektualki saiatu zen nire baieztapenak suntsitzen. Amarru guztiz sinple batez erantzun nion erasoari. Berak baizik inork uler ez zezakeen zerbait botatzen zuenean, neronek ere uler ez nezakeen zerbaitekin ihardesten nion. «Ez zait buruan sartzen —zioen— nolatan gara zenezakeen eboluzioa ezeztapena baino ez delako printzipioa, kontuan izanik tartean hutsune direlako zerak sartzea eskatzen duela horrek berez, desberdintasunak bere funtsetariko bat horretantxe baitu.» Eta nik, berriz, destainatsu oso: «Zuk Pinckwerts-i irakurri diozu hori dena; inboluzioak eugenesikoki funtzionatzen zuelako ideia aspaldi plazaratu zuen Glumpe-k.» Ez dut esan beharrik noski asmazio hutsak zirela Pinckwerts nahiz Glumpe direlakoak. Hango jendeak, ordea (hainbat niretzat ezustean), oso ongi gogoratzen bide zituen. Ikusirik metodo ikasi, misterioz bete hark aukeran eskrupulo gutxi samar zuen etsai baten eskuetan uzten zuela, modu arruntago batera lerratu zen: «Argi dago —esan zuen destainazko irrimurritzez—, Esoporen harako zerri gezur-huts hark bezain bete-betean asmatzen duzu.» «Eta zuk, berriz —erantzun nion nik, irribarrez— Montaigneren harako kirikino hark bezala egiten duzu huts.» Esan beharrik ba ote dut ez dela Montaigne-renean kirikinorik aipatzen? «Zure trikimailu horrek ez du —esan zuen— zure bizar horrek baino oinarri sendoagorik.» Ez nuen erantzun burutsurik halako ateraldiarentzat, azkarra ez ezik zoritxarrez guztiz zuzena baitzen. Bulartsu ekin nion, hala ere, barrez; zerbait esan behar, eta «Panteistaren botak bezala» etorri ahala bota, eta bertan jiraturik bizkarra eman nion, garaile ohoretsu. Benetako Profesorea bota egin zuten; bortizkeriarik gabe, hala ere, nahiz bilerako bat pazientziaz saiatu zen hari sudurra tiraka kentzen. Orain, itxura denez, Europako bilera guztien kuttuna egina dago ustezko iruzurtia. Hain temati eta haserre agertzeak, pentsatuko duzunez, dibertigarriago bihurtzen du.

       — Tira —esan zuen Syme-k—, uler dezaket bizar zahar higuingarri hori gau bateko txantxa-mantxa baterako janztea, baina ez dut ulertzen ez gero gainetik kentzea.

       — Historiaren beste partea duzu hori —esan zuen imitatzaileak—. Bileratik alde egin nuenean, begirunez beteriko txalo sorta bat bizkarrean, karrika ilunean behera ekin nion herrenka, handik aski urrundurik laster gizaki bat bezala ibili ahal izango nintzen esperantzan. Uste gabean, ordea, kantoian jiratzekotan nintzela, ukitu bat sumatu nuen sorbaldan, eta, atzera jiraturik, polizia ikaragarri handi baten itzalpean kausitu nuen neure burua. Nire arrastoan zebiltzala esan zidan. Elbarri itxura halako bat saiatu, eta alemaniar azentu zorrotzez egin nion espantu: «Nire arrastoan, ibili, munduko zapalduak dabiltza, horra. De Worms Profesorea deritzon anarkista bikaina izatearen kargupean atxilotzen nauzu noski.» Eskuan zuen paper bat kontsultatu zuen poliziak, patxadarik galtzeke. «Ez, jauna —esan zuen gisatsu—; ez, behintzat, zehazki horregatik, jauna. De Worms Profesorea deritzon anarkista ospetsua ez izatearen kargupean atxilotzen zaitut.» Kargu hori, inondik ere kriminala izatekotan, dudarik gabe bietatik arinena zen noski, eta han joan nintzen urdinezkoarekin, zalantzaz betea, baina ez bereziki lurjota. Hainbat gelatatik pasarazi, eta halako batean azkenean polizi-buru baten aurrera eraman ninduten, eta hark azaldu zidan anarkia-zentruen aurkako kanpaina gogor batean ari zirela buru-belarri, eta halako arrakasta izan zuen nire mozorrofesta hori oso baliagarria gerta zitekeela segurtasun publikorako. Soldata on bat eskaini zidan, eta honako txarteltxo urdin hau. Solasaldi laburra izan genuen arren, zentzuzkotasun ikaragarri eta umore zabaleko gizona iruditu zitzaidan bete-betean; hortik aurrera, berriz, ezin dizut gauza handirik esan haren itxuraz, zeren...

       Syme-k bertan behera utzi zituen labana eta sardexka.

       — Badakit, bai, zergatik —esan zuen—: gela ilun batean mintzatu zinetelako.

       De Worms Profesoreak, buruaz baietz egin, eta bere basoa hustu zuen.

 

 

9. KAPITULUA

Betaurrekodun gizona

 

       — Zoragarria da Borgoinako ardoa —esan zuen Profesoreak tristeki, edontzia mahai gainean utziz.

       — Zuri begiraturik ez dirudi hala denik —esan zuen Syme-k—; botika balitz bezala edaten duzu.

       — Barkatu beharko duzu nire portaera —esan zuen Profesoreak goibelki—; aski egoera xelebrean gertatzen naiz. Barnetik mutiko batenaren pareko bozkario bizian nago; baina hain ondo sartu naiz Profesore elbarriaren paperean, ezen orain ezin baitut alde batera utzi. Halako moldez non, lagun artean nagoela ere, mozorrotzeko beharrik gabe, ezin baitiot hala ere utzi astiro mintzatu eta kopeta zimurtzeari: neure kopeta balitz bezalaxe. Guztiz zoriontsua izan naiteke, ez dakizu?, baina halako modu elbarri batean edo soilik. Esan-beharrik sutsuenak erabil nitzake bihotzean jauzika, baina oso bestelakoturik iristen zaizkit ahora. Entzun behar zenidake «Eutsi goiari, motell!» esaten. Malkoak irtengo litzaizkizuke.

       — Hala da, bai —esan zuen Syme-k—; baina ezin dut burutik kendu horrez guztiaz landa ere apur bat kezkaturik zaudela benetan.

       Profesoreak ikara txiki bat egin zuen bere aulkian, eta tinko begiratu zion.

       — Oso tipo argia zara —esan zion—; pozik nago zurekin lan egiteaz. Hala da, bai, laino handi samar batek goibeltzen dit gogoa. Arazo latza dugu aurrean —eta esku bien artean hondoratu zuen kopetalde soildua.

       Gero, ahots apal-apalez:

       — Pianoa jotzen badakizu?

       — Bai —esan zuen Syme-k, ezuste garbian harrapaturik—; ez omen naiz batere txarra.

       Gero, besteak hitz egiten ez zuenez, gaineratu zuen:

       — Espero dut hodeitzarra aienatu izana.

       Isilune luze baten ondoren, Profesorea bere eskuen itzal leize-antzekotik mintzatu zen:

       — Berdin litzateke idazteko makina erabiltzen bazeneki.

       — Eskerrik asko lausenguarengatik —esan zuen Syme-k—; ez da horrenbesterako.

       — Entzun esango dizudana —esan zuen besteak—, eta gogoratu norengana joan behar dugun bihar. Zu eta biok bihar saiatu behar duguna Koroaren Bitxiak Dorretik lapurtzen saiatzea baino askoz ere arriskutsuagoa da. Gizon ikaragarri zorrotz, ikaragarri sendo eta ikaragarri makur bati sekretu bat lapurtzen saiatu behar dugu. Ez dut uste dagoenik munduan gizonik —Lehendakaria alde batera utzirik, jakina— betaurrekodun gixon irrimirritsu hori bezain larriki txundigarri eta izugarria denik. Ez du beharbada Idazkariaren ezaugarri den heriotzaren aldeko joran gori hori, anarkiaren aldeko martiri-grina zoro hori. Idazkariaren fanatismo horrek berak, ordea, badu giza pathos halako bat, eta deusek salbatzekotan horrexek salba lezake. Doktore koxkorrak, berriz, buru-osasun ikaragarria du, animalekoa, Idazkariaren gaitza baino gaitzagoa. Ez al zara ohartu nolako birilitate eta bizitasun higuingarria duen? Goma trinkozko pilota bat bezain jauzkari arina duzu. Sinestadazu, Igande ez zegoen noski lotan (inoiz egiten ote du lorik?) prestatzen ari ziren izugarrikeriaren nondik-norako guztiak Bull Doktorearen buru beltz biribil horretan giltzapetu zituenean.

       — Eta zuk uste duzu —esan zuen Syme-k— munstro berdingabe hori ematuko dela nik pianoa jotzen badiot?

       — Ez izan astakirtena —esan zuen Syme-ren leziatzaileak—. Atzamar bizkor eta independienteak edukiarazten dituelako aipatu dut pianoa. Syme, elkarrizketa horretatik burutik onik edo bizirik irten nahi badugu, gizapiztia horrek ez antzemateko moduko zeinu-kode bat beharko dugu bion arterako. Bost hatzez baliatzen den alfabeto zifratu bat eratu dut, xinple-xinplea... honela, begira —eta mahai gainean dantzarazi zituen atzamarrak—: G A I Z K I, gaizki, seguruasko maiztxo erabili beharko dugun hitza.

       Syme-k berriro bere basoa bete, eta trikimailua aztertzen hasi zen. Aparteko bizkorra zen buruhauste-jokoetarako, eta magiazkoetarako esku trebea zuen, eta ez zuen denbora luzerik behar izan mahai nahiz belaun gainean jotako kolpetxo oharkabeak iruditu behar zuten hatz-mugimenduz mezu sinpleak igortzen ikasteko. Ardoak eta konpainiak, ordea, efektu berezia zuten Syme-rengan, beti eragiten baitzioten halako xalotasun fartsazale nabarmen samar bat, eta Profesorea laster gertatu zen hizkuntza berriak Syme-ren garun bero-berotik pasatu ahala erakusten zuen indar soberatuaren kontra borrokan jardun beharrean.

       — Hainbatsu hitz-zeinu behar ditugu —esan zuen Syme-k serio-serio—; akaso behartuko garen hitzak, esanahi-ñabardurak. Nire hitzik kuttunena «garaikide» da. Eta zurea?

       — Utzi txorakerioi behingoan —esan zuen Profesoreak kexu-doinuz—; ez dakizu zein serioa den hau.

       — Eta «jori» ere bai —esan zuen Syme-k, buruari maltzur-argi airez eraginez—. «Jori» behar dugu... belarrarengatik esaten da, ez dakizu?

       — Pentsatzen al duzu —galdetu zuen Profesoreak haserre bizian— belarraz hitz egin behar dugula Bull Doktorearekin?

       — Bada modu bat baino gehiago gaiari heltzeko —esan zuen Syme-k hausnarkor— eta bortxa itxurarik gabe hitza tartean sartzeko. Esan genezake: «Bull Doktorea, iraultzailea zaren aldetik, oroit zara noski nola behin tirano batek belarra jateko aholkatu zigun; bada, halaxe, gutariko askok, udako belar berde joriari so...»

       — Sartuko al zaizu buruan —esan zuen besteak— trajedia baten aurrean gaudela?

       — Ederki sartu ere —ihardetsi zuen Syme-k—. Komikoa izan beharra dago beti trajedia batean. Zer beste arraio egin liteke, bada? Nahi nuke gure arteko hizkuntza honek irismen zabalagoa balu. Ezin genezake hatzetatik behatzetara hedatu, ezta? Solasean ari garela botak eta galtzerdiak kentzea eskatuko luke horrek, eta hori, modurik diskretuenean jokaturik ere...

       — Syme —esan zuen lagunak, zuzen eta zorrotz—, segi ohera!

       Syme, nolanahi ere, ohe gainean eserita egon zen luzaroan, kode berrian trebatzen. Hurrengo goizean, artean ekialdea iluntasun itxi-itxian zetzala esnatu zen, eta bere aliatu bizar-gris hura topatu zuen hantxe mamu bat bezala ohe ondoan.

       Begiak kliskatuz tentetu zen ohean; gero, pixkanaka gauzen akordura etorririk, manta-izarak alboratu, eta zutitu egin zen. Iruditu zitzaion nolabaiteko modu bitxian oheko arropa haiekin batera bertan behera desagertuak zirela aurreko gaueko babes eta elkarkidetasun guztia, eta arrisku hotz baten aire halako batek jota geratu zen hantxe zutik. Artean ere erabateko konfiantza eta leialtasuna sentitzen zuen bere lagunarengana; baina urkamendira doazen bi gizonen arteko konfiantza zen hura.

       — Tira —esan zuen Syme-k, halako alaitasun bortxatu batez, galtzak janzten zituela—. Zure alfabeto horretaz egin dut amets. Asko kostatu al zitzaizun moldatzea?

       Profesoreak ez zuen erantzunik eman; hantxe aurrez aurre begira geratu zitzaion, neguko itsasoaren koloreko begiz. Syme-k, bada, errepikatu egin zuen galdera:

       — Zera, asko kostatu al zitzaizun halako trikimailua asmatzea? Ni trebea omen naiz halako gauzetarako, eta ordubete luzeko nekea hartu behar izan nuen. Kolpetik bururatu al zitzaizun guztia?

       Profesorea isilik zegoen; begiak zabal-zabalik zeuzkan, eta ia ez antzemateko moduko irribarretxo finko bat ezpainetan.

       — Zenbat denbora behar izan zenuen?

       Profesorea ez zen higitu.

       — Arranopola!; ezin al duzu, bada, erantzun? —oihukatu zuen Syme-k, azpitik beldurraren antzeko zerbait zuen haserre tupustekoan—. Profesoreak erantzun zezakeen ala ez gora-behera, ez zuen behintzat erantzun.

       Syme ostera begira geratu zitzaien pergamino gisako aurpegi zurrun eta begi urdin soraio haiei. Lehen pentsamendua Profesoreari burutik egin ote zitzaion izan zen; bigarrena, ordea, ikaragarriagoa zen. Azken finean, zer zekien berak hain arinki laguntzat onartua zuen izaki bitxi hartaz? Zer, ezpada gizona gosari anarkista batean parte hartua zela eta istorio irriegingarri bat kontatua ziola? Zein probabilitate gutxi zegoen han beste lagun bat izateko, Gogol-ez gainera! Gerra aldarrikatzeko modu berebiziko bat ote zen aurrean zuen gizonaren isiltasuna? Eta so diamantekara hura, berriz, azken bihurraldia egina zuen traidore hirukoitz baten destaina latza baino ez ote zen azken finean? Hantxe eutsi zion, isiltasun bihozkabe hartan adi-adi. Ia entzun zitzakeen irudimenean dinamitazaleak beraren bila etortzen, leun-leun kanpoko korridoretik gelarantz hurbiltzen.

       Gero begiak beherantz apaldu, eta liparrean barre-algara bat lehertu zitzaion. Profesoreak berak estatua bat bezain ahoskabe bazirauen ere, haren bost hatz mutuak dantza bizian ari ziren mahai hilaren gainean. Syme-k kontu egin zion esku hiztunaren atabalatze arinari, eta argi irakurri zuen mezua:

       — Honela bakarrik mintzatuko naiz. Ohitu beharra dugu.

       Lasaitu ederraren ezinegon urduriz tikitakatu zuen erantzuna:

       — Ederki. Goazen gosaltzera.

       Hitzik gabe hartu zituzten kapelu-makilak; Syme-k, haatik, gogor ere gogor heldu zion bere ezpata-makilari.

       Minutu batzuk baino ez ziren luzatu gosariarekikoak egiteko —kafea eta ogitarteko gogor baldar batzuk kafe-txosna batean—, eta ibaiaren beste alderako beren bideari ekin zioten gero; apurka zabalduz zihoàn argi gris haren pean, Akeronte bezain lander ageri zen ibaia. Bezperan beste urertzetik ikusia zuten eraikin multzo eskergaren oinera iritsi ziren, eta isiltasunean abiatu ziren ezin konta ahal maila harrizkoetan gora, noizean behin baranda gainean iruzkin laburren bat egiteko baino gelditu gabe. Eskailera-tarte biz behin edo, leiho baten paretik pasatzen ziren; leiho bakoitzak egunsenti zurbil, trajiko bat erakusten zien, Londres gainera larri ere larri zabaltzen. Bakoitzetik begiraturik, ezin konta ahal teilatu arbelezkoek euri ondoko itsaso gris, nahasi halako baten uhinaldi berunkarak ziruditen. Syme gero eta ohartzenago zen halako zuhurtasun hotz bat edo zuela abentura berri hark, eta horrek okerrago bihurtzen zuela lehenagoko ibilera zoro guztiak baino. Aurreko gauean, esate baterako, amets bateko dorre baten antza hartu zien etxebizitza garaioi. Orain, berriz, maila neketsu azkengabe haietan gora zihoala, haien kopuru ia infinituak zuen adoregabetzen eta aztoratzen. Ez zen, ordea, amets baten edo gehiegikeria nahiz tronpagarritzat har zitekeen zerbaiten izularri bero halakoa. Haien infinitutasuna areago zen aritmetikaren infinitutasun huts hori bezalakoa, zerbait pentsaezina, baina hala ere pentsamenduarentzat ezinbestekoa. Edo eta izar finkoen distantziari buruz astronomiak egiten dituen baieztapen txundigarriak bezalakoa. Arrazoiaren etxea igotzen ari zen, eta arrazoi-eza bera baino ere lazgarriagoa zen.

       Bull Doktorearen solairura iritsi zirenean, azken leiho batek egunsenti zuri, zorrotz bat erakutsi zien, ertzetan zerrenda gorri halamoduzko batzuk ageri zituena, buztin gorriarena irudiago laino gorri batena baino. Hala, Bull Doktorearen atiko biluzira sartu zirenerako, argiz beterik zegoen goiza.

       Syme-ri buruan inguruka ibili zitzaion gela huts harekin eta argi-urratze apainduragabe harekin loturiko oroitzapen historiko edo bat. Atikoa ikusi zuen unean, eta Bull Doktorea mahai batera jarririk idazten, orduantxe gogoratu zen zer zen: Frantziako Iraultza. Gillotina baten isla beltza bakarrik falta zen goizaren gorri-zuri larrien kontra. Bull Doktorea alkandora zuri eta galtzalabur beltz hutsetan zegoen; ile motz-motzeko buru ilun hura, inor ez zen batere harrituko ileorde baten azpitik agertu balitz; Marat izan zitekeen, edo Robespierre moldakaitzago bat.

       Zeharoago arakatuz gero, haatik, laster ezabatzen zen frantses irudipen hori. Jakobinoak idealistak ziren; gizon honi, berriz, materialismo hilgose halako bat zerion. Goiz-argi zuri mina albo batetik sartzen zen, itzal zorrotzak sortuz, eta horrek aldi berean zurbilago eta angelutsuago bilakatzen zuen gizona, balkoiko gosarikoan zirudiena baino. Hala, haren begiak estaltzen zituzten bi lente beltz haiek zinez izan zitezkeen burezurreko zulo ilunbeltz bi, hilotz baten itxura petoa ematen baitzioten. Hain zuzen ere, inoiz Herio zurezko mahai batera eseri balitz idaztera, huraxe zatekeen hura.

       Begirada jaso, eta, aski irribarre argiz harturik sartu berriak, arin asko zutitu zen, Profesoreak aipatua zuen bizkortasun malgu harekin. Aulki bana eskaini zien, eta, ate atzeko gako batera joanik, txaleko-jakak jantzi zituen, tweed lakar ilunekoak biak; goraino lotu zituen botoiak, txukun eta egoki, eta gero atzera bere mahaira eseri zen.

       Doktorearen jokaerari zerion aldarte on isil-bareak defentsarik gabe utzi zituen haren bi aurkariak. Ez hasieran halako zailtasun bat gabe, Profesoreak isiltasuna hautsi zuen halako batean:

       — Sentitzen dut hain goizetik eragotzi izana zure bakea, burkide —esan zuen, atzera De Worms-en hitz egiteko modu makal hura bere eginik—. Eginak izango dituzu noski Parisko aferaren prestaketa guztiak, ezta?

       Gero, astirotasun infinituz, gaineratu zuen:

       — Iritsi zaizkigun berrien arabera, guztiz ere kaltegarri litzateke inolaereko atzerapena, baita minutu batekoa balitz ere.

       Bull Doktoreak irribarre egin zuen ostera, baina hitzik gabe begira segitu zuen. Profesoreak berriro ekin zion, geldiune bat eginez hitz abaildu bakoitzaren aurretik:

       — Ez ezazu, otoi, pentsa itsumustuan natorkizunik hau esatera; baina aholkatzen dizut plan horiek aldatzeko, edo, beranduegi bada horretarako, zure agentearen atzetik joateko eta ahal duzun laguntza guztia emateko. Syme burkideak eta biok esperientzia bat izan dugu, zeinak denbora gehiago hartuko bailuke kontatzen, batere erremediorik jarri nahi badiogu geratzen zaiguna baino. Nolanahi ere, xehetasun osoz azalduko dizut, denbora galtzeko arrisku eta guzti, baldin eta hona ekarri gaituen auzia ulertzeko ezinbestekoa dela iruditzen bazaizu, noski.

       Geldo-geldo biribilkatzen zituen esaldiak, ezin jasateko moduko luze eta iraupentsu bihurrituz, hain praktikoa zen Doktore koxkor hura zoratu eta ezinegonez leherrarazteko esperantzan, hala bere jokaldia agerian utz zezan. Doktore koxkorrak, ordea, irribarrez so egin baino ez zuen egiten, eta bakarrizketa maldan gora larrian zihoan. Syme ordura arte ez bezalako ondoez eta etsi-larri halako bat sentitzen hasi zen. Doktorearen irribarre eta isiltasuna ez ziren, inondik ere, ordu erdi lehenago Profesorearekin buruz buru pairatu behar izan zituen begirakune kataleptiko eta isiltasun lazgarri haien gisakoak. Profesorearen mozorro eta imintzio haiek guztiek bazuten grotesko hutsa zen jite nolabaiteko bat, panpina muxubeltx-ilexut horietako baten tankeran. Batek haurtzaroan Mamuaz beldurtu izana gogoratzen duen bezala gogoratzen zituen Syme-k bezperako larritasun xelebre haiek. Orain, ordea, egun argia zen, eta hantxe zegoen tweedez jantziriko gizon osasuntsu sorbalda-karratu hura, betaurreko itsusi haien halabeharra salbu deus berezirik ez zuena, begirada zorrotz ez irrimodu gaiztorik erakusteke, irribarre iraunkor betiberdin bat aurpegian, hitzik ere egin gabe. Errealitate eramanezin baten sentsazioa ematen zuen, oro har. Eguzkiaren argi gero eta distiratsuagoan, Doktorearen aurpegiko koloreak, haren tweed oihalen ehunkera-ñabardurak, bizitasun guztiz nabarmena hartzeraino hazi eta zabalagotuz zihoazen, eleberri errealista batean halako xehetasunek garrantzi handiegia hartu ohi duten modu berean. Irribarrea, hala ere, leun askoa zen; buruaren posea ere adeitasun finekoa; lekuz kanpo zegoen gauza bakarra isiltasun hura zen.

       — Esaten ari nintzaizunez —ekin zion berriro Profesoreak, hondar astunetan zehar lebilkeenaren nekez—, gertatu zaigun ezbeharra, Markesari buruzko informazioa eskatzera bultzatu gaituen kontua, kontatzea komeniko litzatekeen gauza irudituko zaizu beharbada; baina berez Syme burkideak zerikusi handiagoa izan zuenez gertakarietan nik baino...

       Eresi-lelo baten antzera luzatzen zituen hitzak, herresta nagian; Syme-k, hala ere, begira baitzegoen, haren atzamar luzeak dantza bizkorrean ikusi zituen mahai zoro haren ertzean. Mezua irakurri zuen: «Zuk segitu beharko duzu. Deabru honek tantarik ere gabe utzi nau!»

       Larrienean ere laguntzan etortzen zitzaion inprobisaziorako ausardia berezko harekin oldartu zen Syme borrokalagun hitz-hustuaren lekua betetzera.

       — Hala da, bai; niri gertatu zitzaidan kontua —esan zuen itsumustuan—. Suertatu zitzaidan detektibe baten ezaguera egitea, nire kapeluari esker errespetuzko pertsonatzat hartu baininduen. Errespetagarritasun sona horri eutsi nahian, Savoy-ra eraman eta bapo mozkortu nuen. Horren eraginpean, konfiantza hartu, eta oraintxe kontatzen ari natzaizun bezalaxe bota zidan handik egun pare batera Markesa atxilotzea espero zutela Frantzian. Beraz, non eta zu edo ni haren arrastoan joaten ez garen...

       Doktoreak modurik adiskidetsuenean eusten zion artean ere bere irribarre hari, eta begi estaliek ez zuten inolako zirrikiturik uzten. Profesoreak aditzera eman zion Syme-ri berak jarraituko zuela azalpenekin, eta lehengo mantsotasun landu beraz ekin zion berriro:

       — Berehala ekarri zidan Syme-k niri informazio hori, eta hona etorri gara biok elkarrekin, ea zuri zer iruditzen zitzaizun egin behar zela informazio horrekin. Esan beharrik ez da nolako larritasuna duen nire iritziz zera...

       Bitarte guztian ia Doktoreak Profesoreari begiratzen zion bezain finko egon zitzaion Syme Profesoreari begira; halako irribarrerik batere gabe, ordea. Arma-lagun bien kirioak abegikortasun geldi haren atezuan krask egiteko zorian zeudela, hara non Syme, bat-batean aurrerantz makurtu, eta oharkabean bezala hasten den mahai ertzean atzamarrak dantzatzen. Haren aliatuak mezua jaso zuen: «Intuizio bat dut.»

       Profesoreak, bere bakarrizketan apenas etenik egiteke, zeinukatu zion: «Zeuretzat gorde».

       Syme-k telegrafiatu zuen: «Berebizikoa da!»

       Besteak ihardetsi zuen: «Berebiziko ustela!»

       Syme-k esan zuen: «Poeta naiz.»

       Bestearen erantzuna zorrotz iritsi zen: «Gizon hila zara.»

       Syme bere ile laruraino gorri-gorri zegoen, begiak sukarretan su. Intuizio bat zuen, bai, zorabioaren antz handia zuen ziurtasun halako batetik sortua. Tip-tap sinbolikoei ostera ekinik, honako mezua bidali zion lagunari: «Ezin duzu pentsatu zenbaterainoko poetikoa den nire intuizioa. Udaberria datorrenean sentitzen dugun zertasun bat-bateko hori du.»

       Horrenbestez, lagunaren atzamarrei begira geratu zen adi-adi. Hara erantzuna: «Zoaz infernuko zulora!»

       Profesoreak, bada, berriro ekin zion Doktorearekin ari zuen bakarrizketa soilik ahozko hari.

       «Edo beharbada zuzenago litzateke —esan zuen Syme-k atzamarren bidez— oihan hostotsuen barrenean inoiz topatzen dugun itsas usain bat-bateko horrekin parekatzea.»

       Lagunak ez zuen erantzuteko lanik hartu.

       «Edo eta esatea —tip-tapkatu zuen Syme-k— emakume polit baten ile gorri sutsuak bezain duda gutxi uzten duen kontua dela.»

       Profesoreak hizketan segitzen zuen, baina Syme-k erdiz erdi sartzea erabaki zuen. Aurpegia aurrerantz bota, eta aintzat ez hartzerik ez zegoen ahotsez esan zuen:

       — Bull Doktorea!

       Doktorearen buru lerden irribarretsu hura ez zen higitu, baina haren solaskideek zin egin zezaketen betaurreko ilun haien azpian begiak Syme-rengana bihurtu zirela, zorrotz.

       — Bull Doktorea —esan zuen Syme-k, bere zehatz eta adeitsuan bitxia gertatzen zen ahots batez—, mesedetxo bat egingo al didazu? Axola al litzaizuke betaurrekoak kentzea?

       Profesorea bere aulkian brau jiratu zen, eta ezuste beteko haserregorri izoztu halako batez begiratu zion. Syme-k, bere bizitza eta fortuna guztia mahai gainera botatzen duen gizon baten gisa, aurrerantz egin zuen, aurpegi sutsuz. Doktorea ez zen higitu.

       Segundo batzuez, orratz bat erortzen entzuteko moduko isilune bat gertatu zen, Tamesis-eko bapore urrun baten tutu-jotze bakar batek behin erdibitua. Gero Bull Doktoreak, astiro altxatu, irribarrez beti ere, eta betaurrekoak erantzi zituen.

       Syme zart zutitu zen eta atzerantz egin, kimikalari batek eztanda arrakastatsu baten aurrean bezala. Izar irudikoak zituen begiak, eta une batez atzamarraz seinalatu baino ezin izan zuen egin Syme-k, hitzik gabe.

       Profesorea ere bizkor asko zutitua zen, itxurazko elbarritasunaz erabat ahantzirik. Aulki-bizkarraren gainean bermatu, eta zalantza betean geratu zitzaion begira Bull Doktoreari, hura beraren begien aurrean apo bihurtu balitz bezala. Izan ere, ez zen antzaldaketa makalagoa huraxe.

       Ia mutiko baten itxura zuen gizon gazte bat ikusi zuten bi detektibeek beren aurreko aulkian eseria; urraren koloreko begi alai xaloak zituen, begitarte tolesgabea, hiriko bulegari bati zegozkion cockney jantziak, eta on-puska eta aukeran arrunt samarra izateko aire dudarik gabe bat, oro har. Irribarreak hantxe segitzen zuen, baina nini baten lehen irribarrea izan zitekeen.

       — Banekien poeta nintzela —egin zuen espantu Syme-k, estasi halako batean—. Banekien nire intuizioa hutsik gabea zela, Aitasantuarena bezala. Betaurrekoek zuten errua! Betaurrekoek eta kito! Begi beltz gaitzon ondoan, gainerako guztiak, osasun horrek eta alai itxura horrek, deabru hilen arteko deabru bizi halako bihurtzen zuten noski.

       — Zinez alde bitxia dago lehengo itxuratik —esan zuen Profesoreak dardarka—. Bull Doktorearen egitasmoari dagokionez, ordea...

       — Utikan egitasmoa! —egin zuen orro Syme-k, bere onetik irtenda—. Begiraiozu! Begira aurpegi horri, begira alkandora-iduneko horri, begira bota dontsuoi! Ez diozu, bada, anarkista trazarik hartuko, ala?

       — Syme! —egin zuen besteak espantu, artegatasun agoniazkoan.

       — Jainkoarren! —esan zuen Syme-k—. Neure gain hartuko dut arriskua! Bull Doktorea, hara: polizia nauzu. Hona nire txartela —eta mahai gainera hantxe bota zuen txartel urdina.

       Profesorea artean ere beldur zen dena galdurik zegoela; hala ere, leiala zen. Berak ere polizia-agiri ofiziala atera, eta bere lagunarenaren ondoan ipini zuen. Hirugarren gizonak, orduan, barre-algaraz ekin zion, eta goiz hartan lehen aldiz haren ahotsa entzun zuten:

       — Izugarri pozik nago hain goiz etorri zaretelako —esan zuen, eskola-ume baten nabarmen-puntu halako batez—, zeren honela elkarrekin abia gaitezke hirurok Frantziara. Bai, neu ere kide nauzue, horra —eta txartel urdin bat erakutsi zien arinki, formalitate hutsez bezala.

       Xixtakoan bola-kapelu bat jantzirik buruan, mamu-lente haiek begi aurrean berriro, hain zen bizkor mugitu Doktorea aterantz, ezen oharkabean haren atzetik joan baitziren besteak, sen hutsez. Syme-k bere gogoetetan murgildu samarturik zirudien, eta halako batean, atea zeharkatzeko unean, makilaz jo zuen bet-betan atarteko zorua, burdin-hotsa aterarik harriaren kontra.

       — Baina, baina, Jaungoiko Ahalguztidunaren izenean —egin zuen espantu—, gauzak honela, demoniozko detektibe gehiago ginen, demoniozko dinamitazale baino, demoniozko Biltzarre demonio guztietako horretan!

       — Aise borroka gintezkeen —esan zuen Bull-ek—; lau hiruren kontra ginen.

       Profesorea eskaileretan behera desagertua zen jadanik, baina haren ahotsa iritsi zitzaien sakonetik:

       — Ez —esan zuen ahotsak—; ez ginen lau hiruren kontra... ez genuen halako aukera ederrik. Lau Baten kontra ginen.

       Besteek isilik jaitsi zituzten eskailerak.

       Bull zeritzon gaztea, berezko ezaugarri zuen adeitasun xalo harekin, kaleraino besteen atzetik joaten tematu zen; behin han, ordea, haren arintasun mardula nagusitu zen oharkabean, eta bizkor-bizkor egin zuen tren-konpainiako argibide-bulego batera zuzen, sorbalda gainetik hitz eginez besteei.

       — Gauza ederra da lagunxaharren bat izatea aldean —esan zuen—. Nerbioetatik seko jota egon naiz, beti bakar-bakarrik. Ia-ia Gogol-engana joan eta besarkada bat eman nion hantxe, ez baitzen, haatik, zuhur jokatzea izango nire aldetik. Ez ahal nauzue erdeinatuko, espero dut, halako kakalarriak jota egoteagatik.

       — Infernu larri hartako deabru larri guztiei zor diet —esan zuen Syme-k— neure kakalarriaren parte bat. Deabrurik okerrena, hala ere, zu eta zure betaurreko infernutiarrok zineten.

       Gazteak barre egin zuen, poz-atsegin betean.

       — Ederra trikimailua, ezta? —esan zuen—. Halako ideia sinplea... ez nirea, jakina, nik ez dut halako buru argirik. Hara: nik detektibe sartu nahi nuen; dinamitarien aurkako taldean, ahal zela. Lanpostu hartarako, ordea, dinamitazale gisa mozorrotuko zen norbait nahi zuten; eta denek ere zera baino garbiago omen zeukaten nik ezingo nuela sekula izan dinamitazale baten itxurarik. Guztiz errespetagarria omen nuen ibilera, eta atzetik ikusirik Britainiar Konstituzioa ematen omen nuen. Osasuntsuegia omen nuen itxura, eta optimistaegia; fidagarri eta onberaegia; guztietariko izen gaitz pilo halakoa erantsi zidaten Scotland Yard-en. Esan zidaten gaizkile bat izan banintz fortuna egin nezakeela noski gizon prestuaren itxura honekin, baina gizon prestua izatearen zoritxarra fortunatu zitzaidanez ez zegoela aukerarik txikiena ere baliagarri izan nenkien, gaizkile itxurak eginik ere. Azkenean, hala ere, hango nagusietakoa behar zuen morroi baten aurrera eraman ninduten, sorbalda gainean halako burutzar itxuraz mugarik gabea zuen morroi batengana, hain zuzen. Eta etsipenez mintzatu ziren han guztiak ere. Batek galdetu zuen ea bizar trinko batek ezkuta ote zezakeen nire irribarre atsegin hau; beste batek esan zuen aurpegia belzten bazidaten akaso anarkista beltz baten itxura eman nezakeela; baina hara non sartzen den tartean esan dizuedan morroizahar hori, inork espero ez zuen ateraldi halako batekin: «Betaurreko keztatu batzuekin molda liteke», esan zuen, zalantzarik uzten ez zuen tonuan. «Begira zer itxura duen; bulego batean ari den mutiko aingerutiar bat dirudi. Jantz iezazkiozue orain keturiko betaurreko batzuk, eta haurrak garrasika hasiko dira kalean topo egitean.» Eta halaxe gertatu zen, alajaina! Behin begiak estaliz gero, gainerako guztiak, irribarre eta sorbaldatzar eta ile motzak, deabru koxkor baten itxura peto-petoa ematen zidan. Esan dudan moduan, aski gauza sinplea zen, egin eta gero, mirariak bezala; baina hori ez zen kontu guztian mirarizkoena. Bazen guztiz ere txunditurik utzi ninduen beste zerbait, eta oraindik ere larritu egiten naiz oroitzean.

       — Zer zen, bada? —galdetu zuen Syme-k.

       — Hara —erantzun zuen betaurrekodun gizonak—: polizia-buru kankailu hark, neurria hain ondo hartu zidan eta nire ile eta galtzerdiei nolako betaurrekoak zihoazkien hain ederki asmatu zuen tipo horrek... tipo horrek, Jainko maitea, ez baininduen behin ere ikusi!

       Syme-ren begiak dirdai biziz begiratu zioten ziplo.

       — Nola, ordea? —galdetu zuen—. Uste nuen harekin mintzatu zinela.

       — Halaxe izan zen —esan zuen Bull-ek agudeziaz—; baina ikaztegi bat bezalako gela ilun batean mintzatu ginen. Ez zitzaizuen sekula halakorik bururatuko noski.

       — Ezta sekula ere —esan zuen Syme-k serio-serio.

       — Hamaika ikusteko jaioak gara —esan zuen Profesoreak.

       Aliatu berria haize-zirimola halakoa zen gauza praktikoetarako. Argibide-bulegoan, negozio-gizon baten laburtasunez galdetu zuen Dover-erako trenez. Informazioa lorturik, kotxe batera sartu zituen oldarrean lagunak, eta haiekin batera bera ere bai, eta laster ziren hirurak tren-bagoi batean, zertan zebiltzan guztiz jabetzeko betarik ere izan gabe presaren presaz. Solasa lasai jaregin orduko, Calais-erako ontzian ziren.

       — Prest neukan guztia jadanik —azaldu zien— Frantzian bazkaltzeko; atsegin ezinago handia zait, baina, norekin bazkaldu izatea. Bere bonba eta guzti bidali behar izan nuen ero hori, Markes piztia basati hori, zeren Lehendakariak ez baitzidan begirik kentzen, Jainkoak jakin nola. Egunen batean kontatuko dizuet historia. Arnasa eteteko modukoa guztiz. Itzurtzen saiatzen nintzen bakoitzean, han zen non edo non Lehendakaria, klub bateko arku-leihotik irribarrez edo omnibus baten gorenetik nire aurrean kapelua erantziz. Bene-benetan, nahi duzuena esan, baina tipo horrek deabruari saldu dio arima; sei lekutan egon liteke aldi berean.

       — Markesa bidali zenuela diozu, beraz —galdetu zuen Profesoreak—. Aspaldi abiatu al zen? Garaiz al gabiltza hura harrapatzeko?

       — Bai —erantzun zuen gidari berriak—. Dena kalkulatua daukat. Calais-en egongo da oraindik, gu iristen garenerako.

       — Baina Calais-en harrapatzen dugunean —esan zuen Profesoreak—, zer egingo dugu?

       Galdera horren aurrean, Bull Doktorearen begitartea zapuztu egin zen lehen aldiz. Apur batez pentsatzen egon, eta gero esan zuen:

       — Teorikoki, ustez, poliziari hots egin behar genioke.

       — Nik ez, behintzat —esan zuen Syme-k—. Teorikoki nik neure burua ito beharko nuke, hori egin baino lehenago. Neure ohorearengatik promes egin nion benetako pesimista moderno bat zen gizagaixo bati ez niola deus salatuko poliziari. Ez naiz kasuistikan aditua, baina ezin dut noski hautsi pesimista moderno bati emandako hitza. Haur bati emandako hitza haustea bezala da hori.

       — Kinka berean gaude biok —esan zuen Profesoreak—. Saiatu, saiatu naiz poliziari salatzen kontua, baina ezin izan dut, noizbait egin nuen zin ergel bat dela eta. Hara: antzezle lanetan nenbilen garaian, goitik beherainoko piztia halakoa nintzen. Zin-haustea edo traizioa dira egin ez ditudan krimen bakarrak. Halakorik eginez gero, ez nuke jakingo ongiaren eta gaizkiaren artean bereizten.

       — Ni ere pasatua naiz horretatik guztitik —esan zuen—, eta garbi daukat. Nik Idazkariari egin nion promes... ezagutzen duzue, irribarre gaianazpikatu hori duen gizona. Adiskideak, sekula gizaki izan den gizonik zorigaiztokoena duzue hori. Izan liteke liseriketa, edo kontzientzia, edo kirioak, edo mundu-ikuskera, baina ederki izorraturik dago; horrena bai infernu gorria! Nola jazarriko natzaio, bada, eta erasoka hasi, halako gizagaixo bati? Legenardun bat zigorraz zehatzea bezala da hori. Akaso burutik eginda egongo naiz, baina horra zertan naizen; eta hori da, bada, guztia.

       — Ez dut uste burutik eginda zaudenik —esan zuen Syme-k—. Banekien hala erabakiko zenuela, hasiera-hasieratik zera...

       — Eh? —esan zuen Bull Doktoreak.

       — Betaurrekoak kendu zenituenetik, esan nahi dut.

       Bull Doktorea, irribarre txiki bat egin, ontzigaina zeharkatu, eta eguzki argitako itsasoari begira geratu zen. Gero atzera itzuli zen, saltoka txiki arinean, eta isiltasun lagunarteko halako batek bildu zituen hiru gizonak.

       — Tira —esan zuen Syme-k—, badirudi denok gaudela moraltasun nahiz moralgabekeria mota berari atxikiak; hobe dugu, beraz, horren ondorioei aurpegi ematea.

       — Bai —baieztu zuen Profesoreak—; arrazoi osoa duzu; eta azkar ibili beharra dugu, zeren hor ageri baita jadanik Sudur-Gris delako lurmuturra, Frantziatik nabarmen.

       — Eta ondorioa honako hau da —esan zuen Syme-k serio—: bakarrik gaudela hirurok planeta honetan. Gogol joan zaigu, Jainkoak daki nora; akaso Lehendakariak euli bat bezala jo eta txikitu du honezkero. Biltzarrean hiru gizon hiru gizonen kontra gara, zubiari eusten zioten erromatar haiek bezala. Baina gu askoz ere okerrago gaude; lehenik, haiek beren erakundera jo dezaketelako eta guk ezin dezakegulako jo geurera; eta bigarrenik, berriz...

       — Bigarrenik, hiru gizon horietariko bat —esan zuen Profesoreak— ez delako gizona.

       Syme, buruarekin baietz egin, eta isilik egon zen segundo pare batez; gero esan zuen:

       — Hona zer bururatu zaidan. Zerbait egin beharra dago Markesa bihar eguerdira arte Calais-etik mugi ez dadin. Hogei plan edo gehiago erabili ditut buruan. Ezin dugu salatu dinamitazaletzat; horretan adostasuna dago. Ezin dugu atxiloarazi bestelako kargu nola-halako baten aitzakian, zeren aurpegia erakutsi beharko baikenuke; ezagutzen gaitu, eta amarru usaina hartuko lioke noski. Anarkisten beren aferaren batengatik gelditu behar duelako ziririk ere ezin diogu noski sartu; porru ederrik irentsaraz lekioke beharbada halako kontu batekin, baina ez Tsarra Parisen lasai asko dabilen bitartean berak Calais-en iraun behar duelakoa noski. Guk geuk harrapatzen saia gintezke, eta bahiturik edukitzen; oso gizon ezaguna da hemen, ordea. Bizkarzaintza pertsonal bat osatzeko adina lagun badu inguruan; sendoa da, oso, eta adoretsua, eta lanak izango genituzke. Bururatzen zaidan aukera bakarra, beraz, Markesaren alde dauden gauza horiexek berak geure alde aprobetxatzea da. Hain zuzen, Markesa itzal handiko aitoren seme bat izatea aprobetxatu behar dut. Adiskide asko baititu eta handikien lagunarterik bikaineneko kide baita, horixe aprobetxatu behar dut.

       — Zer demonio ari zara esaten? —galdetu zuen Profesoreak.

       — Syme-tarren lehen aipamena hamalaugarren mendekoa da —esan zuen Syme-k—; baina fama da haien leinukoa zela Bannockburn-eko zelaian Bruce-ren ondotik zihoan zalduna. 1350etik zuhaitza guztiz garbi dago.

       — Tipo hau ez dago burutik ondo —esan zuen Doktore koxkorrak, begiak arranpalo.

       — Gure ezaugarriak —segitu zuen Syme-k patxadan— «chevron bat zilar gule gainean eta hiru gurutzeño zelai zehar» dira. Ikur-hitza ez da beti bat.

       Profesoreak zakar heldu zion Syme-ri txalekotik.

       — Lehorra jotzear gaude —esan zuen—. Itsasgaitzak jota zaude, ala lekuz kanpoko adarjotze bat duzu guztia?

       — Esaten ari naizen kontuak ia mingarriro praktikoak dira —erantzun zuen Syme-k, inolako presarik ez duenaren patxadaz—. Saint Eustache-ko etxea ere oso antzinakoa da. Markesak ezin du ukatu zaldun-leinukoa dela. Ezin du orobat ukatu ni ere zaldun-leinukoa naizela. Eta nire gizarte-mailaren afera behin betiko erabat garbi uzteko, asmoa dut lehenbiziko aukera dudanean hari kapelua jo eta burutik kentzeko. Kaian gaude, baina, dagoeneko.

       Aztoramendu halako batean lehorreratu ziren eguzki indartsuaren pean. Syme-k, Bull-ek Londresen bezala harturik orain bere gain taldearen buruzagitza, itsasertzeko ibilbide moduko batean barrena eraman zituen, harik eta itsas gaineko bista zuten kafe-etxe berdaje joriz ia estali batzuetara iritsi ziren arte. Harro-puntu bat zuen ibilera kulunkari batez zihoan besteen aurretik, eta ezpata baten gisa dantzatzen zuen makila. Kafe-etxe lerroaren azken muturreraino zihoala ematen zuen, baina halako batean tupustean gelditu zen. Keinu zorrotz batez isiltasuna eskaturik, atzamar eskularruz jantzi batez seinalatu zien kafeko hostaila loretsuaren peko mahai bat, eta hara hantxe Saint Eustache-ko Markesa, hortzak bizarrarte beltz sarriaren erdian diz-diz, eta aurpegi beltzaran bipila, berriz, lastozko kapelu beilegi baten gerizpean, itsas urdin-ubelaren islan nabarmen.

 

 

10. KAPITULUA

Dueloa

 

       Syme kafeko mahai batera eseri zen bere lagunekin, begi urdinak han beheko itsaso distiratsua bezala ñir-ñir, eta Saumur botila bat eskatu zuen, egonezin atsegintsuz. Arrazoiren bategatik, barre egiteko gogo bizi bezain bitxia ematen zion aldarte batean zegoen. Ohi zuen baino nabarmen piztuago zegoen ordurako, eta animoak gorago zihoazkion Saumur-aren galga behera ahala; ordu erdi barru, zentzugabekeria-jario hutsa zen haren solasa. Esan zuenez, laster berak eta Markes zorrotzak izateko zuten elkarrizketaren plana lantzen ari zen. Arkatz batez oharrak hartzen zituen zoro-moro. Dotrina-liburu bat bezala antolaturik zegoen zirriborroa, galde-erantzunez, eta berealdiko isuri bizian irteten zitzaion plan-jario harrigarria ahotik.

       — Hurbilduko naiz. Haren kapelua burutik kendu aurretik, neurea erantziko dut. Esango dut: «Sain Eustache-ko Markesa, noski.» Hark, berriz: «Syme jaun ospetsua, jakina.» Frantses jiterik apain-bikainenaz esango du: «Zer berri?» Eta nik, berriz, neure erarik jator-bikainenaz: «Zaharrak berri, Syme-koari esker.»

       — Isilduko ahal zara —esan zuen betaurrekodun gizonak—. Zeure senera etorri, eta bota behingoan paper puska hori. Zer egiteko asmoa duzu benetan?

       — Katexima polit askoa zen, baina —esan zuen Syme-k patetikoki—. Uztazu irakurtzen. Berrogeita hiru galde-erantzun baino ez dira, eta Markesaren ateraldietako batzuk ederrak dira benetan. Arerioarekin justua izatea gustatzen zait.

       — Zertarako, ordea, zer guztia? —galdetu zuen Bull Doktoreak, bere onetik irtenxea.

       — Aupadari bide emateko, bada; zertarako, bestela? —esan zuen Syme-k, poz-pozik—. Markesak hogeita hemeretzigarren erantzuna ematen duenean, honela baitio...

       — Menturaz ez zaizu bururatu —galdetu zuen Profesoreak, sinpletasun astunez— beharbada Markesak ez dituela esango zuk hor jarri dituzun berrogeita hiru gauzak? Kasu horretan, ustez, zerorren epigramok bortxatu samar ager litezke aukeran.

       Syme-k mahaia jo zuen, begiak brist-brist.

       — Egia da eta! —esan zuen Syme-k—. Ez zitzaidan burutik pasatu. Jaun Profesore, aparteko buru argia duzu. Ospetsu egingo zara.

       — Zu bai zaudela total eginda xelebre! —esan zuen Doktoreak.

       — Geratzen den aukera bakarra —segitu zen Syme-k entzungor eginez— neronen eta hil nahi dudan gizonaren artean (halako esapidea zilegi bazait hemen) izotza hausteko beste metodo bat bilatzea da. Eta, elkarrizketa baten nondik-norakoa ezin baitu alderdietako batek bakarrik aurreikusi (zuk hain agudotasun apartaz seinalatu duzunez), egin daitekeen gauza bakarra, noski, zera da, alegia, alderdi horrek berak egitea, ahal dueneraino, elkarrizketa guztia bakarrik. Eta halaxe egingo dut, bai horixe! —eta tupustean zutitu zen, ile larua itsas haize leunak inarrosten ziola.

       Banda bat jotzen ari zen zuhaitz artean ezkutaturiko café chantant batean, eta orduxe arte emakume bat jarduna zen kantari. Syme-ren kasko berotuan, bandaren metal-orroa eta behinola Leicester Square-en hiltzeko prest zutitarazi zuen akerpiano haren tringili-trangulu soinua paretsuak ziren. Markesa zegoen mahaitxora begiratu zuen. Bi mahaikide zituen ondoan, longainaz eta zetazko kapelu apainez jantziriko frantses jaun arranditsuak, Ohorezko Legioaren arrosa-ikur eta guzti bata, gizarte maila ez nolanahikoko jendea, bistan zenez. Jantzi beltz zilindriko haien ondoan, Markesak, lastozko kapelu baldar eta udaberri-arropa argi haiekin, bohemioa eta are barbaroa zirudien; eta, hala ere, Markesa zirudien. Alabaina, errege zirudiela ere esan zitekeen, animale-dotorezia berezko harekin, begi destainatsu haiekin hantxe, buru harroa itsaso purpura-kolorearen kontra jasorik. Ez zen, ordea, inondiko kristau erregea, inolaz ere; areago zirudien despota ilunbeltz halako bat, erdi greko, erdi asiatarra, esklabotza gauzarik normalena bide zen garaian han goitik Mediterraneoko bere galera-ontzi eta esklabo kexatiei begira legokeena. Itxura huraxe izango zuen, pentsatu zuen Syme-k, halako tirano baten aurpegi urre-beltzaranak olibondo berde ilunen eta urdin irazekiaren kontra.

       — Hitzaldia egin behar duzu bilera horretan, bai ala ez? —galdetu zuen Profesoreak gaita txarrean, ikusirik Syme-k hantxe zutik segitzen zuela, mugitzeke.

       Syme-k azken basokada hustu zuen txinpart-ardo hartatik.

       — Bai —esan zuen, Markesaren mahai inguruko jendea seinalatuz—, ederra bilera. Ez dut batere gogoko bilera hori. Bilera horri bere sudurtzar kaoba-kolore itsusi horretatik tira egin behar diot.

       Han abiatu zen oldar arinean, nahiz ez halako oreka xuxenean. Markesak, hura ikusirik, harriduraz okertu zituen bere bekain beltz, asiriar haiek, baina adeitasunez egin zuen irribarre.

       — Syme jauna zara, ezta? —esan zuen.

       Syme-k gur egin zion.

       — Eta zu Saint Eustache-ko Markesa, noski —esan zuen, atsegin asko—. Atrebentziarekin, sudurretik tira egingo dizut.

       Hartarako aurreratu zelarik, Markesak atzerantz egin zuen, aulkia hankaz gora botarik, eta jaun txisteradun biek sorbaldetatik heldu zioten Syme-ri.

       — Iraindu egin nau, horra! —esan zuen Syme-k, azalpen-imintzioz.

       — Iraindu? —galdetu zuen, zorrotz, arrosa-ikur gorri eta guztikoak—. Noiz, ordea?

       — Oraintxe bertan, bada! —esan zuen Syme-k itsumustuan—. Nire ama iraindu du.

       — Zure ama iraindu! —egin zuen espantu jaundotoreak, sinesgogor.

       — Tira, konforme —esan zuen Syme-k, aldez bederen amor emanez—: nire izeba.

       — Nola liteke, ordea, Markesak zure izeba iraindu izana? —esan zuen bigarren jaundotoreak, harridura-puntu guztiz bidezko batez—. Hemen eseririk egona duzu-eta denbora guztian.

       — Eta esan duena, zer?! —esan zuen Syme-k ilunki.

       — Ez dut deus ere esan —esan zuen Markesak—, salbu eta bandari buruz zerbait. Wagner ongi jorik atsegin dudala esan dut soilik.

       — Nire familiaz ari zinen zeharka —esan zuen Syme-k irmoki—. Nire izebak gaizki jotzen zuen Wagner. Oso mingarri izan zaigu kontu hori beti. Mundu guztiak iraindu izan gaitu horregatik.

       — Bai gauza bitxi-harrigarria —esan zuen dominadun jaundotoreak, zalantzaz beterik Markesari begiraturik.

       — Zinez diotsut —esan zuen Syme-k serio-serio— zuen arteko solasaldi guztia nire izebaren puntu ahul horri buruzko iradokizun gaiztoz josirik zegoela.

       — Baita zera ere! —esan zuen bigarren jaundotoreak—. Niri dagokidanez, ez dut deus esan ordu erdiz, ez bada atsegin nuela neska beltxaran horren kantaera.

       — Ikusten?: berriro ari zarete! —esan zuen Syme-k, gaitziturik—. Izeba ile-gorria zen.

       — Iruditzen zait —esan zuen besteak— besterik gabe Markesa iraintzeko aitzakia bila zabiltzala.

       — Alazankoa! —esan zuen Syme-k, jiratu eta harengana so—. Argia tipoa!

       Markesa bertan zutitu zen, begiak tigre batenak bezala garretan.

       — Okasio bila nigana! —egin zuen espantu—. Nigana borroka bila! Ez du inoiz luzaroan itxaron beharrik izan, ez horixe!, horren bila etorri denak. Jaun hauek nire lekuko izateko prest egongo dira agian. Lau ordu badira oraindik egun argiz. Gaur bertan borroka gintezke, nigatik.

       Syme-k gur eder-galant bat egin zuen.

       — Markesa —esan zuen—, zure egintza zure sona eta odolaren duin da. Uztazu, arren, une batez kontsulta dezadan nire jagole izango diren jaunekin.

       Hiru zinki-zanka luzetan itzuli zen lagunengana, eta haiek, xanpainak eragindako asaldu hura eta eman zizkien azalpen ergelak artean gogoan, guztiz harriturik geratu ziren ikustean. Ezen orain ez zuen mozkor arrastorik ageri, nahiz aukeran zurbil samar zegoen, eta ahots apalean mintzatu zitzaien, zuzen eta zehatz.

       — Lortu dut —esan zuen, ahots lakarrez—. Piztiarekin buruz buru borrokatzeko tratua egin dut. Adi orain, ordea, zer esan behar dizuedan. Ez dago berriketarako astirik. Nire ordezkariak zarete, eta zuen baitan dago dena. Hortaz, zuenari eutsi behar diozue, amor eman gabe inolaz ere, bihar goizeko zazpietatik aurrera izan dadin dueloa, hala aukera izan dezadan Pariserako 7:45eko trena hartzea eragozteko. Tren hori huts egiten badu, bere krimena ere huts egingo du. Ezin dizue aitzakiarik jarri leku eta orduari buruzko halako txikikeria batean. Baina hona zer egingo duen. Geltoki batetik hurbil dagoen zelairen bat aukeratuko du, hala handik trena hartu ahal izateko. Oso ezpatari ona da, eta konfiantza izango du ni hil eta astia emango diola trena harrapatzeko. Ni ere ez naiz, haatik, batere txarra, eta uste dut lanak emango dizkiodala, okerrenean ere, trena gal dezan arte. Orduan, menturaz, hil egingo nau, emango dion amorrutik kontsolatzeko. Ulertu duzue, ezta? Tira, bada, egin ditudan adiskide xarmagarri batzuk aurkeztuko dizkizuet orain.

       Hala, bizkor-bizkor besteak zeuden lekuraino eraman, eta aurretik entzun gabeak zituzten izen txit aristokratiko banaz aurkeztu zizkien Markesaren ordezkariak.

       Syme-k tarteka zentzun berezia erakusten zuen, espasmo moduko argialditan, nahiz bestela ez izan izakeraz halakoa. Betaurrekoei buruzko bihozkada hartaz berak ongi esan zuen moduan, intuizio poetikoak ziren, eta batzuetan profezien indarra ere hartzen zuten.

       Kasu horretan zuzen kalkulatu zuen bere arerioaren jokabidea. Ordezkariek jakinarazi ziotenean Syme-k ez zeukala borrokatzerik hurrengo goiza arte, ondotxo konturatuko zen oztopo bat altxatzen zitzaiola hiriburura zeraman bonba-asmo ezin utzizko haren bidean. Ezin zuen, jakina, eragozpen hori azaldu bere lagunen aurrean, eta, beraz, Syme-k iragarritako aukerari heldu zion. Trenbidetik urrun ez zegoen landa koxkor bat aukeratzeko esan zien bere ordezkariei, eta lehen erasoaldiaren halabeharrari gomendatu zitzaion.

       Ohorearen zelaian patxada osoan agertu zenean, ez zitzaion antzematen orduantxe bidaian inora joateko inolako itxura larririk zuenik; eskuak poltsikoetan zeuzkan, lastozko kapelua buruan atzera, aurpegi eder brontzeztatua eguzkitara ausart. Lekuko arrotz bati, hala ere, harrigarri gerta zekiokeen ikustea haren konpainian ez zetozela bakarrik ordezkariak ezpata-kutxarekin, baizik eta Markesaren zerbitzarietariko bi ere bai, maleta bat eta janari-otarre bat garraiatuz.

       Hain goiz izanagatik, eguzkiak bere berotan biltzen zuen dena, eta Syme apur bat harritu ere egin zen hainbeste udaberri-lore ikusirik, urre eta zilar garretan dizdiz, belaun pareraino iristen zitzaièn belartza jorian.

       Markesa izan ezik, guztiak zeuden zeremonia-jantzi ilun hotsandikoz jantziak, tximinia beltzak ziruditen kapeluz; Doktore koxkorrak bereziki, betaurreko beltz haien gehigarriaz, fartsa bateko lurperatzailea zirudien. Syme-k ezin zuen ekidin halako kontraste bat sentitzea hileta-elizkizun baterakoak ziruditen jantzi haien eta basaloreak nonahi hazten ziren belaze eder distiratsu haren artean. Hain zuzen ere, lore horien eta kapelu beltzen arteko kontraste komiko hura ez zen lore horion eta afera beltz haren arteko kontraste trajikoaren sinboloa baino. Eskuin aldera oihan koxkor bat zuen; ezker aldera, han urrunean, trenbidearen bihurgune luzea, zeina, nolabait esateko, Markesarengandik zaintzen ari baitzen, hura baitzuen hark jomuga eta ihesbide. Aurrez aurre, arerioen multzo beltzen atzetik, laino tindatu bat irudi, almendrondo koxkor bat ikus zezakeen, loretan, itsasoaren marra urrunlausoaren kontra.

       Ohorezko Legioko kideak —Ducroix Koronela, ustezko izenez—, Profesorea eta Bull Doktorea zeuden lekura kortesia handiz hurbildu, eta proposatu zuen aintzat hartzeko moduko lehen zauriarekin eman zedila amaitutzat buruz-burukoa.

       Bull Doktorea, hala ere, Syme-k aholku zehatzak emanak baitzizkion, puntu horretan nola jokatu, duintasun handi bezain frantses kaxkarrez tematu zen borrokarietako bat segitzeko gauza izan ez zedin arte luzatu behar zuela dueloak. Syme-k berekiko zeukan hogei minutuz gutxienez gai izango zela ez berak Markesa eta ez Markesak bera borrokan segitzeko gauzaezturik uztea galarazteko. Hogei minutuan Parisko trenak alde egina behar zuen.

       — Monsieur de Saint Eustache-ri, mundu guztiak aitortzen dion trebetasun eta adorea kontuan harturik —esan zuen Profesoreak hotsandiro—, ez zaizkio noski axola izango halako metodo-gorabeherak, eta gure ordezkatuak arrazoi sendoak ditu topaldi luzeago bat eskatzeko. Delikateziak eragozten dit hemen garbiago azaltzea arrazoiok, baina zin egin diezazueket guztiz arrazoi zuzen eta prestu...

       — Peste! —jaulki zitzaion Markesari han atzean, aurpegia bat-batean ilundurik—. Utzi berriketari eta has gaitezen —eta lore garai baten burua ebaki zuen, zast, bere makilarekin.

       Syme-ri, ezinegon zakar hura ulertzen baitzuen, Markesaren sorbalda gainera joan zitzaizkion sen hutsez begiak, ea trena bistaratzen zuen. Ez zen, baina, ostertzean kerik ageri.

       Ducroix Koronelak, belaunikatu, eta, kutxa irekirik, bi ezpata biki atera zituen, zeinak eguzki argitan su zurizko zerrenda bi bihurtu baitziren. Markesari eskaini zion bat, zeinari hark zeremoniarik gabe erantsi baitzion eskua, eta bestea Syme-ri, zeinak eskuan hartu, okertu eta haztatu baitzuen, duintasunak onartzen zuen patxada guztiarekin. Gero Koronelak, beste bi ezpata atera, berak bat hartu, bestea Bull Doktoreari eman, eta gizonak beren lekuan kokatzeari ekin zion.

       Borrokari biek beren jaka-txalekoak erantziak zituzten ordurako, eta ezpata eskuan itxaroten zuten. Ordezkariak borroka-marraren alde banatan zeuden, haiek ere ezpatak biluzik, baina artean ere beren longain-kapelu beltzetan goibel. Ordezkatuek agurra egin zuten. Koronelak bare-bare esan zuen: «Ekin!», eta burdinorri biek tupust egin zuten ozenki.

       Altzairuen talka besoan sumatu zuen unean, historia honen gaia izan diren beldur fantastiko guztiak aienatu egin zitzaizkion Syme-ri, ohean esnatzen denaren ametsak irudi. Beren ordenan garbi-garbi gogoratzen zituen, kirioen tronperia hutsak izan balira bezala: nola Profesorearen beldurra amesgaiztoetako halabehar tiranikoen beldurra izan zen, eta Doktorearen beldurra, berriz, zientziaren huts airegabearen beldurra. Lehenbizikoa, edozein mirari gerta daitekeelako beldur zaharra zen; bigarrena, sekula miraririk gerta ez daitekeelako beldur modernoago, etsiago hori. Beldurrok, ordea, fantasia huts iruditzen zitzaizkion orain, zeren zer gaitz baten aurrean baitzegoen: heriotzaren beldurraren aurrean, hain zuzen, horrek ematen duen zentzun gordin, gupidagabearekin. Gau guztian erroitzetan amiltzen zela amets egin, eta urkatu behar duten goizean esnatuko litzatekeen gizona bezala sentitzen zen. Zeren, arerioak zeharka luzatzen zion ezpataren erretenean eguzkiaren argia lasterka ikusi zuen orduko, eta altzairu-mihi biak, bizidunak bailiran dardaraz, elkarrekin tupust egiten sumatu, garbi jakin zuen egokitu zitzaion etsaia borrokari ikaragarria zela, eta azken ordua iritsia zitzaiola aurki.

       Halako balio bitxi bezain bizia sentitu zuen inguruko lur guztian, oin azpiko belartzan; bizitzaren maitasuna sentitu zuen gauza bizi guztietan. Ia imajina zezakeen belarra hazten entzuten zuela; ia imajina zezakeen, bera hantxe zegoen bitartean ere, lore berriak ernetzen ari zirela eta kapulutan zabaltzen belazean: lore odol-gorri eta gar-urre eta urdinak, udaberri apainaren gala betean. Begiak Markesaren begi lasai, tinko, hipnotikoetatik lipar batez alderatzen zituen bakoitzean, loreturiko almendrondo koxkorra ikusten zuen zeru urdinaren islan. Iruditzen zitzaion ezen, mirariren batez onik ateratzea lortzen bazuen, prest egongo zela almendrondo hari begira bizi guztia pasatzeko, beste ezer desiratu gabe munduan.

       Lurrak, zeruak eta gauza guztiek galdu den zer baten edertasun bizia zuten bitartean, ordea, Syme-ren buruaren beste erdia kristala bezalako garden zegoen, eta gai zenik apenas usteko zuen trebezia mekaniko zehatz batez egiten zion kontra bere etsaiari. Haren ezpata-puntak eskumuturra zarraztu zion arinki, odol arrasto axal bat utzirik, baina edo ez zen inor ohartu, edo ezikusi egin zuten denek. Noizik eta behin, ihardetsi egiten zuen, eta behin edo bitan ia pentsatu zuen aurkaria zastatzea lortu ote zuen, baina ez ezpatan eta ez alkandoran odolik ikusi ez zuenez, oker zegoela suposatu zuen. Gero etenaldi bat gertatu zen, eta harekin aldaketa bat.

       Dena galtzeko arriskua ikusirik, Markesak, bere behako tinko hura etenik, begiratu bat bota zuen bere sorbalda gainetik eskuinaldera, trenbidea zegoen aldera. Gero Syme-rengana jiratu zuen atzera aurpegia, deabru batenera antzaldaturik, eta hogei armarekin ari balitz bezala ekin zion borrokan. Hain izan zen erasoa azkarra eta oldartsua, ezen ezpata distiratsu bakarrak gezi distiratsuzko zaparrada bat baitzirudien. Syme-k ez zuen trenbide aldera begiratzeko aukerarik izan; beharrik ere ez zuen, ordea. Aise asma zezakeen Markesaren tupusteko guda-grina zoro haren arrazoia: Parisko trena ikusmenean zen.

       Markesaren ekinlarri hitsak leher gaizto egin zuen, ordea. Syme-k, bi defentsalditan, borroka-zirkulutik kanpora egotzi zuen aurkariaren ezpata; hirugarren batean, berriz, hain ekinaldi azkarrez egin zion kontra, ezen aldi hartan ez baitzegoen dudarik jo zuela. Izan ere, Syme-ren ezpata Markesaren gorputzaren pisuaz kuzkurtu egin baitzen, hura zulatu eta. Hain zegoen seguru Syme bere etsaia zastatua zuela, nola baratzezain bat aitzurra lurrean sartu duela. Hala ere, Markesak atzerantz jauzi egin zuen ezpatakadatik, balantzarik ere gabe, eta Syme bere ezpata-puntari begira geratu zen, ergel baten moduan. Ez zegoen odol arrastorik ere.

       Isilune zurrun bat gertatu zen, eta gero Syme-ren txanda izan zen besteari oldar bizian ekiteko, jakinguraz su eta gar. Seguru asko bera baino ezpatari hobea zen Markesa, oro har, hasieratik suposatu zuen bezala, baina une hartan arreta galdurik eta desabantailan zegoela zirudien. Zoroki bezain makalki ziharduen borrokan, etengabe trenbidearen aldera begiratuz, ia trenari bailion beldur handiagoa, altzairu zorrotzari baino. Syme, berriz, sutsuki baina hala ere kontu handiz borrokatzen zen, haserre intelektual halako batez, bere ezpata odolgabearen igarkizuna asmatzeko grinaz. Xede horrekin, Markesaren gorputza bainoago, haren zintzurra eta burua bilatzen zituen. Handik minutu eta erdira, ezpata-muturra kokospean barrena sartzen ziola sumatu zuen. Ezpatan odolik ez. Bere onetik irtenda, berriro ekin zion ezpataz, eta zarrastada odoltsu bat izan behar zuena egin zion Markesari masailan. Zarrastada arrastorik ere ez, ordea.

       Une batez izu naturazgainekoz belztu zen Syme-ren zerua. Gizon hura sorginduta zegoen noski. Oraingo beldur izpiritual hau, alabaina, gauza ezainagoa zen, jazartzen zitzaion elbarriak sinbolizaturiko gainazpikatze izpiritual soila baino. Profesorea intxixu bat zen; gizon hau, berriz, deabru bat: Deabrua bera, ausaz! Nolanahi ere, gauza segurua zen ezen hiru bider zulatua zuela giza ezpata batek haren gorputza, eta ez zuela markarik utzi. Syme, pentsamendu horren aurrean, tente jarri zen, eta zerurantz kantari hasi zitzaion bere baitan onetik zuen guztia, haizea zuhaitzetan gora bezala. Bere historiako gauza gizatiar guztiak zebilzkion buruan: Saffron Park-eko txinatar argiontziak, jardineko neskaren ile gorria, kaiko itsasgizon prestu garagardoz lepo eginak, hantxe aldamenean zituen lagun leialak. Menturaz gauza bizi atsegin haien guztien ordezkari gisa aukeratua zen, sorkuntza ororen etsaiaren kontra borrokatzeko, ezpata ezpatari. «Azken finean» —egin zuen bere artean—, «deabru bat baino gehiago naiz ni; gizon bat naiz. Satanasek egiterik ez daukan gauza bakarretakoa egin dezaket: hil egin naiteke.» Eta burutazio horrekin bat, tutu-hots motel, urrun bat entzun zuen, laster Parisko trenaren txistu eta marrua izango zena.

       Naturazgaineko arintasun halako batez ekin zion berriro borrokari, mahomazale batek paradisuaren irritsez nola. Trena hurbildu ahala, bere baitan irudikatu zuen jendea lore-arkuak jartzen Parisen; bat egiten zituen hots gero eta handiagoa eta bera Infernuaren kontra zaintzen ari zen Errepublika bikain haren loria. Pentsamenduak gero eta gorago zihoazkion, trenaren marru gero eta ozenagoarekin batera. Marru larriaren ondotik, harrotasun-zantzo irudi, txistu luze zorrotz bat entzun zen. Trenak gelditzera egin zuen.

       Bat-batean, mundu guztiaren harriduraz, Markesak jauzi egin zuen atzera, aurkariaren ezpataren irismenetik guztiz kanpo, eta bere ezpata lurrera egotzi zuen bertan. Jauzia miragarrizkoa zen, eta miragarrizkoa izateko arrazoirik ez txikiena zera zen: lehentxeago Syme-k gizonaren izterrean barrena sartua zuela noski ezpata.

       — Gel! —esan zuen Markesak, berehala men egitera behartzen zuen ahots batez—. Zerbait esan nahi dut.

       — Zer gertatzen da? —galdetu zuen Ducroix Koronelak, harriturik begira—. Joko maltzurrik izan da, ausaz?

       — Nonbait izan da joko maltzurrik —esan zuen Bull Doktoreak, zurbil samar—. Gure ordezkatuak gutxienez lau aldiz zauritu du Markesa, eta ez zaio ezertxo ere gertatu.

       Markesak eskua jaso zuen, pazientziaren akabuko aurpegikera bitxi batekin.

       — Otoi, utzi mintzatzen —esan zuen—. Garrantzizkoa da oso. Syme jauna —segitu zuen, aurkariarengana jiraturik—, gaur hemen borrokan jardutearen arrazoia, zuzen gogoratzen banaiz, zuk agerturiko nahikunde bat da (nik bere garaian irrazionaltzat jo nuena): niri sudurretik tira egitekoa, alegia. Egingo al zenidake mesede lehenbailehen tira egiteko sudurretik? Tren bat hartu behar dut.

       — Kexu dagit. Arau guztien kontra doa —esan zuen Bull Doktoreak sumindurik.

       — Aurrez eredubiderik ez lukeen ebazpena litzateke hori zinez —esan zuen Ducroix Koronelak, bere ordezkatuari zalantza goibelez begira—. Ustez bada kasu bat jasoa (Bellegarde Kapitana eta Zumpt Baroia) zeinean topaldiaren erdian armak trukatu baitziren, borrokarietako batek hala eskaturik. Apenas har litekeen, baina, norberaren sudurra armatzat.

       — Tira egingo didazu ala ez sudurretik? —esan zuen Markesak, asaldu bizian—. Tira, tira, Syme jauna! Hori nahi zenuen; egizu, bada! Ezin duzu pentsatu ere egin zein garrantzizkoa den niretzat. Ez izan zeurekoia! Tira egidazu sudurretik behingoan, arren eskatzen dizut! —eta apur bat makurtu zen aurrerantz, irribarre xarmagarriz. Parisko trena, arnaska eta kirrinka, aldameneko muinoaren atzeko geltoki koxkor batera iritsia zen.

       Abentura haietan zehar behin baino gehiagotan izaniko sentsazio bera izan zuen Syme-k: zeruraino altxaturiko uhin ikaragarri bezain sublime batek azpian hartu behar zuelako sentsazioa, alegia. Erdizka ulertzen zuen mundu batean aurrera bi pauso eman, eta aitoren seme txit nabari haren erromatar sudur nobleari heldu zion. Gogor egin tira, eta eskuan geratu zitzaion.

       Segundo batzuetan hotsandikotasun zozo batekin halaxe egon zen, artean ere paper-orezko eranskina atzamarren artean, hari so, eguzkia eta lainoak eta oihan-muinoak agerraldi ergel hari goitik begira zeudela.

       Markesak ahots gora animotsu batez hautsi zuen isiltasuna:

       — Inork nire ezker bekaina beharko balu —esan zuen—, hona beretzat. Ducroix Koronela, onar ezazu, arren, nire ezker bekaina! Edozein egunetan ondo etor litekeen jeneroa duzu, horra —eta bere asiriar bekain ilunbeltzetako bat erauzi zuen serio-serio, harekin batera bere kopeta beltzaran haren erditsua eramanez, eta adeitsu eskaini zion Koronelari, erresuminez gorri-gorri hantxe baitzegoen, hitz-gabe.

       — Jakin banu —jaulki zuen, haserrez totelka— borrokatzeko bere burua gomaz estaltzen duen koldar batentzat ari nintzela...

       — Oi, badakit, badakit —esan zuen Markesak, itsumustuan bere zati bat edo beste zelaian barrena egotziz ezker-eskuin—. Oker zaude; baina oraintxe ezin dizut azalpenik eman. Trena geltokira sartu da, horra!

       — Bai —esan zuen Bull Doktoreak haserre bizian—, eta geltokitik irtengo da. Zu gabe alde egingo du. Ondotxo dakigu nolako deabrukeriarako...

       Markes misteriotsuak etsipen-keinu batez jaso zituen eskuak. Txorimalo bitxi bat zen, hantxe eguzkitan, aurpegi zaharraren erdia kendurik, eta beste aurpegi erdia azpitik irri-mirriz ñir-ñir.

       — Zoratu egin nahi nauzue, ala? —egin zuen espantu—. Trena...

       — Ez zara tren horretan joango —esan zuen Syme-k irmo, ezpatari tinko heldurik.

       Figura xelebrea Syme-rengana jiratu zen, eta esfortzu sublime baterako indarrak biltzen ari zela zirudien, hitz egin aurretik.

       — Tripazaku gogaikarri, begilauso burugabe zikin halako, txotxolo zahar madarikatu alaena! —esan zuen, arnasarik hartu gabe—. Arbitzar musu-arrosa iztupa-buru ergel halako...

       — Ez zara tren horretan joango —errepikatu zuen Syme-k.

       — Eta zer demonioetako arraiorengatik izan behar nuke nik —egin zuen orro besteak— tren horretan joateko gogoa?

       — Dena dakigu —esan zuen Profesoreak zorrotz—. Parisa zoaz, bonba bat jartzera!

       — Baita Jerikora ere, zeraren zera zertzera! —egin zuen espantu besteak, iletik tira eginez eta hura erraz asko askaturik—. Garunak beratu zaizkizue guztioi ala, ez konturatzeko zer naizen? Benetan uste al duzue trena harrapatu nahi nuela? Joatea daukate, niregatik, hogei tren ere Parisa. Utikan Parisko tren zikinok!

       — Zerk kezkatzen zintuen, orduan? —hasi zen Profesorea.

       — Zerk kezkatzen ninduen? Ez ninduen kezkatzen trena harrapatzeak; ea trenak ni harrapatuko ote ninduen nengoen ni kezkaturik; eta azkenean, alafede, harrapatu egin nau.

       — Sentitzen dut esan beharra —esan zuen Syme-k, euspen handiz— zure azalpenok ez dutela inolako inpresiorik eragiten nire baitan. Agian jatorrizko zure bekokitik geratzen dena eta zure kokotsa zenaren zatiren batzuk kenduko bazenitu, garbiago legoke zure esanahia. Buru-argitasuna modu askotara erdiets liteke. Zer esan nahi duzu trenak harrapatu zaituela diozunean? Nire literatur irudimena izan liteke, baina horrek zerbait adierazi behar duela sentitzen dut nolabait.

       — Den-dena adierazten du —esan zuen besteak—, eta den-denaren akabua. Igandek bere eskuetan gauzka, horra.

       — Bere eskuetan gauzka? —errepikatu zuen Profesoreak, zur eta lur—. Gu? Zer esan nahi duzu «gu» diozunean?

       — Polizia, jakina! —esan zuen Markesak, eta buru-larrua eta geratzen zen aurpegi-erdia kendu zituen.

       Agertu zen burua ingeles polizien artean arrunt dabilen buru ile-hori leun, ongi orraztua zen, baina aurpegia ikaragarri zurbil zeukan.

       — Ratcliffe Inspektorea naiz —esan zuen, zakartasunaren mugan zegoen presa halako batez—. Nire izena aski ezaguna da polizian, eta ez dut zalantza handirik zuek kideak zaretela. Hala ere, dudaren bat geratzen bazaizue, txartel bat badut... —eta txartel urdin bat ateratzen hasi zen poltsikotik.

       Profesoreak neke-keinu bat egin zuen.

       — Oi, ez erakutsi hori guri —esan zuen, unaturik—; badugu halakoetatik nahikoa, altxor-bila jolas bat antolatzeko ere.

       Bull zeritzon gizon koxkorrak, arruntasun eta bizitasun hutsez eginiko jendea dirudien askok bezala, bazuen kolpetik gustu oneko burubiderik. Kasu honetan, berak atera zituen, dudarik gabe, babak eltzetik. Antzaldaketa-agerraldi txundigarri haren erdian, ordezkari baten seriotasun eta erantzukizun osoz aurreratu, eta Markesaren bi ordezkariengana jo zuen.

       — Jaunak —esan zuen—, behar bezalako azalpen bat zor dizuegu noski; baina zinez diotsuet ez zaretela izan gogoetatzen duzuen bezain gustu txarreko txantxaren biktima, ez eta gizon baten ohorea zikin dezakeen deus lotsagarrirena ere. Ez duzue denbora galdu; mundua salbatzen lagundu duzue. Ez gara bufoiak, konspirazio zabal baten aurka guduka gabiltzan gizon etsi-etsiak baizik. Erbi-ehiza bagina bezala dabilkigu atzetik anarkisten elkarte sekretu bat; ez, hala ere, gosea nahiz aleman filosofia tarteko, han-hemenka bonba bat jar dezaketen gizagaixo zoro horietako bat, ez, baizik eta eliza aberats boteretsu fanatiko bat, mendebaleko pesimismoaren eliza, zeregin sakratutzat baitu gizadia piztia gaiztoen gisa suntsitzea. Zeinen gogor jazartzen zaizkigun, ikusi besterik ez duzue nolako mozorroetara behartu gaituzten —zeinengatik barkamena eskatzen baitizuet— eta nolako trikimailuetara, orain zuek pairatu behar izan duzuen hau kasu.

       Markesaren ordezkari gazteena, gizon mozkote bibote-beltz bat, kortesiatsu makurtu, eta esan zuen:

       — Onartzen dizkizuet, noski, desenkusak; baina zuek ere barkatuko ahal didazue zuen kinka horretan gehiago ez laguntzea, eta bertatik agur esatea. Lagun eta herritar ospetsu bat horrela eguratsean zati-zati egiten ikustea ez da ohikoa, eta, oro har, aski dateke egun bakar baterako. Ducroix Koronela, ez dut inolaz ere zure egintzetan eragin nahi, baina niri bezala iruditzen bazaizu honako lagunarte hau ez dela xuxen-xuxen egokia, atzera herrira abiatzekotan naiz oraintxe.

       Ducroix Koronela ibiltzen hasi zen mekanikoki, baina gero, tupustean bere bibote zuri hartatik tira egin, eta gogor ekin zion bertan:

       — Ez horixe! Ezta pentsatu ere! Jaun hauek halako jendaila makurraren arriskupean badaude, arrisku horretatik irten arte ni berekin nago. Frantziaren alde borrokatua naiz, eta gogorra litzateke orain zibilizazioaren alde borrokatzeko aukera hau pasatzen uztea.

       Bull Doktoreak, kapelua erantzi, eta airean astindu zuen, bibaka, jendaurreko bilera batean bezala.

       — Ez egin zarata gehiegi —esan zuen Ratcliffe Inspektoreak—; Igandek entzun zaitzake.

       — Igandek! —egin zuen espantu Bull-ek, eta kapelua erortzen utzi zuen.

       — Bai —ihardetsi zuen Ratcliffe-k—; horien artean egon daiteke.

       — Noren artean? —galdetu zuen Syme-k.

       — Trenetik jaisten ari den jendearen artean —esan zuen besteak.

       — Diozunak bururik ez hankarik ez du —hasi zen Syme—. Izan ere... Jainko maitea! —egin zuen bat-batean espantu, urrutian eztanda bat ikusten duen gizon batek bezala—. Jainkoarren! hau egia bada, Anarkisten Biltzarreko partaide ginen tontolapiko-aldra guztia anarkiaren kontra geunden! Denok ginen detektibeak, Lehendakaria eta haren idazkari pertsonala izan ezik. Nola ulertu behar da hori?

       Nola ulertu behar den! —esan zuen polizia berriak, harrigarriro bortizki—. Hilda gaudela esan nahi du horrek! Ez duzu ezagutzen Igande, ala? Ez al dakizu haren txantxak beti hain handi eta hain sinple direla non bati ez zaizkion burutik pasatu ere egiten? Bururatzen al zaizu ezer hau baino Iganderen estilokoagorik; alegia, bere arerio boteretsu guztiak Biltzar Gorenean jarri, eta gero hura gorena izan ez zedin arduratzea? Sinestadazu, konpainia guztiak erosi ditu, hari guztien jabe egin da, trenbide-adar guztiak kontrolpean dauzka... batez ere trenbide-adar hauxe! —eta hatz dardarati batez seinalatu zuen geltoki koxkorra—. Mugimendu guztia berak kontrolatzen zuen; munduaren erdia beraren alde altxatzeko prest zegoen. Baina baziren doi-doi bost lagun, inondik ere, aurpegi emango ziotenak... eta deabru zahar horrek, zer, eta Biltzar Gorenean jartzen ditu, elkarren zelatan gal dezaten denbora. Ergelak ez bestelako ergelak, berak planifikatu zituen gure ergelkeria guztiak! Igandek bazekien Profesorea Syme-ri jazarriko zitzaiola Londresen, eta Syme nirekin borrokatuko zela Frantzian. Eta bera kapital-masa eskergak metatzen ari zen, eta telegrafo-linea nagusien jabe egiten, gu ergelok bata bestearen atzetik korrika genbiltzan bitartean, itsumandoka jolasten ari diren haur inozo batzuen moduan.

       — Eta? —galdetu zuen Syme-k, halamoduzko patxadaz.

       — Bada —ihardetsi zuen besteak, bat-batean lasaiturik irudi—, itsu-itsuka jolasten harrapatu gaitu gaur hemen, basa-edertasun bikaineko zelai ezinago bakarti honetan. Munduaz jabetuko zen honezkero noski; zelai hau eta bertan gauden txorook harrapatzea baino ez zaio falta. Eta benetan jakin nahi baduzu zer nuen nik tren hori hona iristearen aurka, esan egingo dizut, zera, zein zen nire eragozpena: Igande edo haren Idazkaria jaitsi dira oraintxe tren horretatik, horra.

       Syme-ri nahi gabeko oihu bat irten zitzaion, eta denek ere han urrutiko geltokira jiratu zituzten begiak. Egi-egia zen jendalde handi samar bat mugitzen ari zela zeuden lekurantz. Urrunegi zeuden, haatik, inola ere bereizteko.

       — Saint Eustache-ko Markes ohiaren ekandua zen —esan zuen polizia berriak, larru-zorro bat aterarik— beti aldean eramatea operarako prismatiko pare bat. Lehendakaria nahiz Idazkaria, bietako bat guri jarraika dator jendetza horrekin. Geure zinak hautsi eta poliziari hots egiteko tentazioari lekurik uzten ez dion toki lasai-atsegin batean harrapatu gaituzte. Bull Doktorea, susmoa dut hobeki ikusiko duzula hemendik, zeure lente guztiz apaingarri horiekin baino.

       Doktoreari luzatu zizkion prismatikoak, eta hark, bere betaurrekoak berehala kendurik, begietara eraman zituen.

       — Ezin daiteke izan diozun bezain egoera txarra —esan zuen Profesoreak, dardara apur batez—. Jendetza handia da, bai, baina baliteke turista arruntak izatea noski.

       — Turista arruntek ez dute noski —galdetu zuen Bull-ek, prismatikoak begietan—, aurpegiaren erdia estaltzen dien mozorro beltzik eramango, ezta?

       Syme-k ia erauzi egin zizkion prismatikoak eskutik, eta bere begietara eraman zituen. Berengana zetorren jendaldeko askok itxura arrunt samarra zuen; egi-egia zen, hala ere, guztien buru zetozen bizpahiruk ahorainoko mozorro-erdi beltzak zeramatzatela. Mozorro hori oso erabatekoa da, batez ere halako urrutitik, eta Syme-ri ezinezkoa gertatu zitzaion inolako ondoriorik ateratzea jendetzaren aurrean hizketan zetozenen masaila-kokots bizargabeetatik. Halako batean, ordea, solasean ari zirela, denek irribarre egin zuten, eta haien arteko batek ahoaren alde bat bakarrik mugitu zuen irribarre egitean.

 

 

11. KAPITULUA

Gaizkileak poliziari jarraika

 

       Lasaitu ikaragarri bat hartu balu bezala kendu zituen Syme-k prismatikoak begietatik.

       — Lehendakaria ez dator hor, nolanahi ere —esan zuen, eta bekokia xukatu zuen.

       — Urruti daude, ordea, oso, han ostertzean —esan zuen Koronel txundituak, begiak kliskatuz, artean ere ez erabat bere onera etorria Bull-en azalpen adeitsu bezain presatu hartatik—. Hainbeste jenderen artean ezagutu ote zenezake inondik inora zuen Lehendakari hori?

       — Ezagutu ote nezake elefante zuri bat hainbeste jenderen artean? —esan zuen Syme-k, pipertu samarturik—. Xuxen esan duzunez, ostertzean daude; hura haien artean baletor, ordea... ala Jainkoa! Lurra ikaraz legoke, benetan.

       Isilunetxo baten ondoren, Ratcliffe izeneko lagun berriak burubide goibel bat azaldu zuen:

       — Jakina Lehendakaria ez datorrela hor. Hobe genuke, bai, Geminis lagun, hor balitz. Ziurrenik, honezkero garaileen zaldian dabil Parisen barrena, edo San Pauloren Katedralaren hondakinen gainean eserita dago.

       — Horrek ez du zentzurik! —esan zuen Syme-k—. Zerbait gertatzea baliteke gure absentzian; baina ez da posible hark mundua hola-hola tupustean bereganatzea. Egia da noski —gaineratu zuen, geltoki koxkorraren ondoko zelai urrunetara so bekokia zimurturik—, egia da, zinez, jendalde bat datorrela dirudiela honantz; ez dute, ordea, zuk diozun armada osatzen.

       — Ah, horiek —esan zuen detektibe berriak destainaz—. Ez, horiek ez dira halako gudaroste indartsua. Sinestadazu, baina, gure indarrentzat kalkulaturik daudela doi-doi: gu ez gara, lagun, aparteko zera noski Iganderen unibertsoan. Hari eta telegrafo guztien jaun eta jabe egin da honezkero. Biltzar Gorena akabatzea, ordea, egiteko arrunta zaio, postal baten gisa; bere idazkari pribatuaren esku uzteko moduko kontua —eta ttu egin zuen belartza gainera.

       Gero, besteengana jiratu, eta espanturik gabe esan zien:

       — Zer esan asko dago noski heriotzaren alde; hala ere, inork beste alternatiba inolaz ere gogokoago badu, aholku sendoa ematen diot nire atzetik abia dadin.

       Hitz horiekin, bere bizkar zabala jiratu, eta oihanerantz ekin zion, kemen isilez. Besteek begiratu bat eman zuten beren sorbalden gainetik, eta ikusi zuten gizonezko hodei iluna, geltokia utzi, eta diziplina misteriotsuz mugitzen zela ordekan zehar. Jadanik ikusten zituzten, begi biluziz ere, pittika beltzak aurrealdeko aurpegietan, zeramatzaten mozorroen ezaugarri. Jiratu, eta beren gidariaren atzetik ekin zioten, zeina ordurako oihanera iritsia baitzen, eta zuhaitz ñirñir-dardarkarien artean aienatua.

       Belazean eguzkia idor eta beroa zen. Oihanean murgiltzean, bada, gerizpearen kolpe freskoa sumatu zuten, urpekariak piszina itzal batean murgiltzean nola. Oihan barrua eguzki-argi zatikatuz eta itzal dardaratiz beterik zegoen. Errezela ikarati moduko bat osatzen zuten, zinematografoaren zorabiagarritasuna gogoraraziz ia. Berekin zihoazen figura trinko haiek berak ere ozta-ozta ikus zitzakeen Syme-k, haien gainean dantzatzen ziren eguzki eta itzal guneei esker. Noiz giza buru bat Rembrandt-en eskutikoa zirudien argi batek argitzen zuen, beste guztia ezabaturik; noiz ostera esku zuri bizi-bizi, itsugarriak zituen, eta beltz baten aurpegia. Markes ohiak lastozko kapelu zaharra begi gaineraino sartua zuen, eta hegalaren itzal beltzak hain zorrozki ebakitzen zuen haren aurpegia bitan, ezen jarraika zetozkienen mozorro-erdi beltz haietako bat zeramala baitzirudien. Irudikapen horren tintaz kutsatu zen Syme-ren harrimen gainezkaria. Mozorro bat ote zeraman? Mozorro bat ote zeraman inork? Ezer ote zen inor? Sorginkeriazko oihan hura, zeinean gizonen aurpegiak aldika beltz eta zuri bilakatzen baitziren, zeinean haien figurak aurrena eguzki-argiz blai baitzeuden eta gero berehala gau itxuragabean galtzen baitziren, argi-ilunezko kaos huts hura (kanpoko egunargi distiratsuaren ondoren) hiru egunez bera mugitua zeneko munduaren sinbolo bete-betea begitandu zitzaion Syme-ri, gizonek beren bizar eta betaurreko eta sudurrak kendu eta beste norbait bilakatzen zireneko mundu harena. Markesa deabru bat zela sinetsi zuenean sentitu zuen konfiantza trajiko hura harrigarriro aienatua zitzaion orain, Markesa laguna zela zekielarik. Hainbeste gauza txundigarriren ondoren, ia galdetzeko puntuan zegoen zer ote zen lagun bat eta zer etsai bat. Ba ote zen ezer zirudienaz landa zenik, izan? Markesa, bere sudurra kendu, eta detektibe bihurtua zen bertan. Ez ote zitekeen gerta berdin-berdin bere burua kendu eta iratxo bihurtzea? Ez ote zen dena, azken batean, oihanalde txundigarri haren, ilun-argi dantza haren gisakoa? Den-dena begitaldi labur bat baino ez, begitaldi beti iragarrigabea, eta beti ahantzia. Bada, pintore moderno askok bertan aurkitu dutena aurkitu zuen Gabriel Syme-k oihan eguzkiz blai haren erdian. Jende modernoak Inpresionismo esaten dion zera aurkitu zuen; alegia, bestelako izenez, unibertsoari zorurik aurkitzeko gai ez den eszeptizismo akaberako hori.

       Nola gizon bat amets gaizto batean saiatzen baita oihu egin eta esnatzen, hala egin behar zuen Syme-k ahalegin gogorra bere azken irudikazio okerren hura uxatzeko. Bi pausotzar egonezintsuz hartu zion aurrea Markesaren kapelu lastozkoa zeraman gizonari, gerora Ratcliffe deitzera jarria zen gizonari. Ahots nabarmenegi ozen-alaitsuz, isiltasun hondogabea hautsi, eta solasean ekin zion.

       — Galde al dezaket —esan zuen— nora arraio goazen honela?

       Hain izan ziren zinezkoak gogoan erabili zituen zalantzak, non orain guztiz pozik baitzegoen laguna giza ahots erraz batean mintzatzen entzunik.

       — Lancy-ko hiritik zehar ekin behar diogu itsasora bidean —esan zuen—. Eskualde horrek du, nik uste, probabilitate gutxiena horien alde egoteko.

       — Zer demontre esan nahi duzu horrenbestez? —egin zuen espantu Syme-k—. Ez da posible horiek mundu erreala horrela beren eskupean edukitzea. Ez dira hainbeste noski anarkista diren langileak, eta, noski, hala balira, jendalde hutsek ezingo lituzkete garaitu oraingo gudarosteak eta polizia!

       — Jendalde hutsak! —errepikatu zuen Syme-ren lagun berriak, destainazko purrustada batez—. Jendaldeez eta langile-klaseez diharduzu, beraz, horien baitan bailegoen auzia. Betiereko ideia ergel horrekin zabiltza noski, alegia, anarkia baletor, behartsuengandik letorkeela. Zergatik izan behar luke hala? Behartsuak matxinakoiak izan dira, baina sekula ez anarkistak: beste inork baino interes handiagoa dute nolabaiteko gobernu prestu bat egon dadin. Behartsuak asko ere asko du jokoan bere herrialdearen zortean. Aberatsa, berriz, ez da horrela lurrari atxikia; Ginea Berrira joan liteke yate batean. Behartsuek batzuetan aitzakia eman dute txarra zela gobernatzen zituen gobernua; aberatsek beti eman dute aitzakia gobernaturik egotea bera zela txarra. Aristokratak beti izan dira anarkistak, aitoren semeen arteko gerrak lekuko.

       — Txikientzako ingeles historiari buruzko hitzaldi gisa —esan zuen Syme-k— ez dago batere gaizki hori guztia, baina ez diot oraindik garbi ateratzen zer-ikasirik gure auzirako.

       — Bada, zera da —argitu zion lagunak—, Iganderen eskuin-eskurik gehienak Hego-Afrikar eta Amerikar milioidunak direla. Horregatik eskuperatu ahal izan ditu komunikazioak; eta horregatik gertatzen da orain polizia anti-anarkistaren azken lau borrokalari gailenak oihan batean zehar lasterka ibiltzea, untxiak bezala.

       — Milioidunena uler dezaket —esan zuen Syme-k, pentsakor—; burutik daude ia denak. Baina denborapasa alferren zale diren jaun adintsu makur batzuk-batzuk eskuperatzea gauza bat da; kristau nazio handiak eskuperatzea, berriz, beste gauza bat da. Sudurra egiten dizut apustu (barka zehar-aipua) Igandek ez lukeela batere erraza izango edozein lekutan osasun oneko edozein pertsona arrunt berera bihurrarazi behar balu.

       — Tira —esan zuen besteak—, zer motatako pertsonaz ari zaren, horren baitan dago hori noski.

       — Bada, esate baterako —esan zuen Syme-k—, sekula ezingo genuke bihurrarazi horrako pertsona hori —eta bere aurrez aurre seinalatu zuen zuzen.

       Eguzki-argizko zabalgune batera iritsiak ziren, zeina azkenean bere zentzu onera itzuli izanaren irudi adierazgarria baitzen Syme-ren irudimenean; eta oihaneko argiune haren erdian bazen figura bat, inguruan gauzak ikaratzeko moduan itsusitzen direnean hala ere zutik dirauen zentzun horren ikurtzat har zitekeena. Eguzkiak errerik eta izerditan blai, behar-beharrezko diren tresna koxkorren seriotasun hondogabeaz serio, frantses nekazari sendo bat egurra ebakitzen ari zen aizkoratxo batez. Haren orga handik hurbil zegoen, ordurako mozkinez beterik; belar axala jaten ari zèn zaldia ere, haren jabea bezala, adoretsua zen, baina ez etsian zoro; nagusia bezala, are ondasuntsua zen, baina triste samarra hala ere. Normandiar bat zen, frantsesen batez bestekoa baino garaiagoa eta argal-hezurtsua oso; eta haren figura beltzarana hantxe ageri zen, eguzkiargi-lauki baten kontra ilun, lanaren figura alegoriko halako baten gisa ia, freskoan irudikatua, hondoa urrez.

       — Syme jaunak dio —hots egin zion Ratcliffe-k Koronel frantsesari— gizon hori, behinik behin, ez dela izango sekula anarkista.

       — Syme jauna zuzen aski dabil horretan —erantzun zuen Ducroix Koronelak, barrez—; besterik ez balitz, ondare mordoa duelako zaindu beharra. Ahantzia nuen, ordea, zuen herrialdean ez dela ohikoa nekazariak aberatsak izatea.

       — Behartsua dirudi —esan zuen Bull Doktoreak, zalantzatsu.

       — Halaxe dirudi, bai —esan zuen Koronelak—; horrexegatik da aberatsa.

       — Ideia bat dut —hots egin zuen Bull Doktoreak bat-batean—; zenbat eskatuko liguke bere organ eramateagatik? Zakur horiek oinez dira guztiak, eta berehala utz genitzake atzean.

       — Nahi duena eskaini! —esan zuen Syme-k bizi-bizi—. Diru piloa daramat aldean.

       — Horrela ez duzue ezer lortuko —esan zuen Koronelak—; ez dizue inolako begirunerik erakutsiko, tratu-tirabiran jardun ezean.

       — Errekardaritzan hasi beharra ere, horratik! —ekin zion Bull-ek egonezinez.

       — Gizon librea delako jokatzen du horrela —esan zuen besteak—. Ez zara noski jabetzen; ez luke ulertuko zer dela-eta eskuzabaltasun hori. Ez da eskupekoak hartzeko egina.

       Hala, beren atzetik beren jarraikitzaile estrainio haien oin-hotsak entzuten zituztela zin egin bazezaketen ere, haatik hantxe eutsi behar izan zioten, harat-honat urdurian, frantses Koronela frantses egurginari azoka-egun bateko zirri-mirri eta tira-bira aisiatsuarekin mintzatzen zitzaion bitartean. Lau minuturen buruan, nolanahi ere, Koronela zuzen zegoela ikusi zuten, zeren egurginak beren planekin bat egin baitzuen, ez ongiegi ordaindutako kalesaltzaile baten morroitasun lausoarekin, sari egokia ordaindu zaion notario baten seriotasunarekin baizik. Esan zien egin zezaketen gauzarik onena zera zela, Lancy gaineko muinoetan zen ostatu koxkor batera jo zuzenean, hango ostalariak, bere azken urteetan dévot bilakatua zen soldadu zahar bat, dudarik gabe begi onez hartuko baitzituen, eta are arriskuak hartzeko prest egongo laguntzeagatik. Talde osoa, beraz, egur sorten gainean nola edo hala metatu, eta hantxe joan zen orga baldarrean binbili-banbala oihanlurraren beste alde malkartsuagorantz abian. Bere astun eta porrokatuan, bizkor asko zihoan ibilgailua, eta laster iruditu zitzaien, pozez gainezka, erabat urruti utziak zituztela, zirenak zirela, atzetik segika zetozkienak. Ezen, azken batean, igarkizun hura, alegia ea nondik lortu zituzten anarkistek jarraitzaile haiek guztiak, argitzeke zegoen artean. Gizon bakar baten presentzia aski izan zitzaien; Idazkariaren irribarre itxuragabea ikuste hutsarekin abiatuak ziren ihesi. Syme-k txitean-pitean begiratzen zuen bere sorbalda gainetik atzerantz, arrastoa segika zetorkien gudarostearen alderantz.

       Zuhaiztia aurrena argalago eta gero distantziarekin txikiago bilakatu ahala, oihanaz haraindiko eta hartan gaindiko hegi eguzki-argituak ikus zitzakeen; eta haietan zehar hantxe mugitzen zen artean ere, dena bat, jendalde beltz karratu hura, kakalardo munstro bat bezala.

       Eguzkiargi bizi-bizitan eta bere begi era berean zorrotzez, ia teleskopikoak baitzituen, oso garbi ikus zezakeen Syme-k gizonezko masa hura. Banakako giza irudi gisa ikus zitzakeen; baina gero eta harrituago zegoen gizon bakar baten gisa nola mugitzen ziren ikusirik. Arropa beltzez eta kapelu lauz jantziak ziruditen, kaleko edozein jendetza arrunt bezala; baina ez ziren hainbat eraso-lerrotan barreiatzen eta sakabanatzen eta atzera geratzen, jendalde arrunt baten kasuan gertatuko litzatekeenez. Halako zurruntasun lazgarri, makur batez mugitzen ziren, automata-gudaroste tinko-tinko baten modura.

       Syme-k Ratcliffe-ri ohartarazi zion hori.

       — Bai —ihardetsi zuen poliziak—, horra zer den diziplina. Horra zer den Igande. Hemendik bostehun miliara egongo da beharbada, baina haren beldurra guztien baitan dago, Jainkoaren hatza bezala. Bai, martxa beti-berean doaz; eta zeure botak egin apustu beti-bera dutela solasa, eta bai pentsaketa ere, beti-bera. Baina guri axola zaigun gauza bakarra zera da, horrela martxa beti-berean bistatik galduz joatea.

       Syme-k baietz egin zuen buruaz. Egia zen jarraikitzaileen mantxa beltza geroago eta txikiago bihurtuz zihoala, nekazariak bere zaldiari egurra ematen zion heinean.

       Paisaia eguzkitsuaren galgak, oro har laua bazen ere, oihanetik urrundu ahala behera egiten zuen, hegi zorrotzezko uhinetan amilduz itsasorantz, Sussex-eko goi-ordekaren behereneko hegiaren antz-antzera. Alde bakarra zera zen, Sussex-en bidea errekatxo bat bezalako bihurgunetsua izango zela, eta han, berriz, frantses bide zuria txorrotxean amiltzen zela beren aurrez aurre, urjauzi bat bezala. Malda piko hartan barrena, binbili-banbala zorrotzean jaisten zen orga, eta handik minutu gutxira, bidea are pikoago bilakatzen baitzen, beren azpian ikusi zuten Lancy-ko portu koxkorra eta itsasoaren arku-atal urdin handi bat. Beren etsaien hodei ibiltaria erabat desagertua zen ostertzetik.

       Zaldi eta orgak zumardi bat inguraturik brau jiratu, eta zaldiaren sudurrak ia jo zuen bete-betean «Le Soleil d'Or» kafe koxkorraren kanpoko aulkietan eserita zegoen jaun adintsu baten aurpegia. Nekazaria, desenkusa bat murduskatu, eta bere eserlekutik jaitsi zen. Besteak ere banan-banan jaitsi ziren, eta adeitasunezko esaldi zatikatuz hitz egin zioten jaun zaharrari, haren irekitasun adiskidekorrak argi eta garbi adierazten baitzuen ostatutxoaren jabea zela.

       Agure ile-zuri sagar-musu bat zen, begiak loti eta bibotea grisa zuena; mardula, sedentarioa, eta xaloa oso, Frantzian maiz aurki daitekeen baina Alemania katolikoan are ohikoagoa den tipokoa. Harekiko guztiak, haren pipak, haren garagardo-potoak, haren loreak, haren erlauntzak, arbaso zaharren garaidaniko bake halako bat iradokitzen zuen; gero, haatik, bisitariek ostatuko salara sartu eta gora begiratu zutenean, ezpata ikusi zuten, hantxe horman esekirik.

       Koronela, ostalaria lagun zahar bat bezala agurturik, ziztuan sartu salara, eta esertzera egin zuen, bizkorgarri erritualen bat eskatuz. Haren jokabidearen deliberamendu militarrak interesa piztu zuen Syme-rengan. Koronelaren ondoan eseri, eta, ostalaria alde egina zela eta, aukera ikusi zuen bere jakingura asetzeko.

       — Atrebentziarekin, Koronel —esan zuen, ahots apalez— zergatik etorri gara hona?

       Ducroix Koronelak irribarre egin zuen bere bibote zuri ile-zutaren azpian.

       — Bi arrazoigatik, jauna —esan zuen—; eta aurrena, ez garrantzizkoena, baizik praktikoena azalduko dut. Zeragatik etorri gara, hain zuzen, hauxe delako leku bakarra, hogei milia barru, zaldiak lor ditzakeguna.

       — Zaldiak! —errepikatu zuen Syme-k, bizkor jasorik begiak.

       — Bai —esan zuen besteak; benetan zuen etsaiak atzean utziko badituzue, zaldiak dira aukera bakarra, non eta ez duzuen noski bizikletarik edo automobilik poltsikoetan.

       — Eta nora jotzeko aholkatzen diguzu? —galdetu zuen Syme-k zalantzatsu.

       — Dudarik ere gabe —ihardetsi zuen Koronelak—, herria pasaturik dagoen polizia-postura lehiatu beharko zenukete ahalik eta lasterren. Nire adiskidea, zeinarentzat zirkunstantzia badaezpadako samarretan egin baitut arestian ordezkari-lana, iruditzen zait gehiegikerian erortzen dela, nabarmen, matxinada orokor baten posibilitateez ari delarik; baina berak ere nekez aldeztuko du, pentsatzen dut, jendarmeekin seguru ez zaudetela.

       Syme-k baietz egin zuen buruaz, serio-serio; gero, tupustean esan zuen:

       — Eta hona etortzeko zenuen beste arrazioa?

       — Hona etortzeko nuen beste arrazoia —esan zuen Ducroix-ek patxada lasaian— zera da, ez datorrela noski gaizki gizon on bat edo beste ikustea, inor heriotzatik hurbil egon daitekeenean.

       Syme-k horman gora begiratu zuen, eta baldarki pintaturiko erlijio-irudi patetiko bat ikusi zuen hantxe. Eta esan zuen:

       — Arrazoi duzu —eta ia lipar baten betarik emateke—. Inor arduratu al da zaldien kontuaz?

       — Bai —erantzun zuen Ducroix-ek—, ziur egon zaitezke iritsi orduko eman ditudala aginduak. Zuen etsai horiek ez zuten ematen lehiatzen zirenik, baina zinez harrigarriro bizkor mugitzen ziren, ongi trebaturiko gudaroste bat bezala. Ez nuen asko uste anarkistek halako diziplina handia zutenik. Ez duzue asti txikienik ere galtzeko.

       Hark hizketan amaitu orduko, ostalari begi-urdin ile-zuri xaharra sartu zen ttirriki-ttarraka gelara, esanez sei zaldi zeudela zelaturik kanpoan.

       Ducroix-ek hala aholkaturik, aldean eramateko moduko janari eta ardo puska batzuk hartu zituzten beste bostek biderako, eta, beren duelo-ezpatak zituztela arma baliagarri bakar, han abiatu ziren klinki-klanka bide zuri pikoan. Hura markesa zen bitartean Markesaren ekipaia garraiatzen ibiliak ziren bi zerbitzariak, denen adostasunez, atzean utzi zituzten, kafean edaten, eta erabakia ez zen gertatu guztiz haien berezko jaiduraren aurkakoa.

       Ordurako mendebalerantz apaltzen ari zen arratsaldeko eguzkia, eta haren izpiez Syme-k hantxe ikus zezakeen ostalari zaharraren figura sendoa, gero eta txikiago bilakatzen, baina artean ere bere lekuan zutik begira, isil-isilik, eguzkiaren distira ile zilarrezkoan. Syme-ri sineskeriazko irudikapen bitxi bat finkatua zitzaion buruan, Koronelaren esaldi halabeharrezkoak irudimenean utzia, alegia benetan huraxe zela, beharbada, lurarren gainean ikusteko zuen azken arrotz prestua.

       Txikiagotuz zihoan figura hari so segitu zuen, hark hantxe zirauela, arrasto gris soil bat irudi, gar zuri baten ukituarekin, atzean zuen malkarraren hormatzar berdearen kontra. Eta horrela begira zegoela, ostalariaren atzeko hegiaren gailurrean, han agertu zen gizon beltz-jantzi martxakarizko gudaroste halakoa. Gizon jatorraren eta haren etxearen gainean airean zintzilik zeudela ematen zuten, oti-laino beltz bat bezala. Doi-doi zituzten zaldiak garaiz zelatuak.

 

 

12. KAPITULUA

Lurra anarkiak hartua

 

       Bidearen aldapa larriari jaramonik egiteke zaldiei arrapalada bizia eraginik, laster berreskuratu zuten zaldizkoek oinezko martxariekiko abantaila, eta azkenean Lancy-ko lehen eraikinen islak galarazi zien bistatik jarraikitzaileen taldea. Nolanahi ere, luzea izan zen lasterraldia, eta, hirira sartzea egin zutenerako, ilunabarraren kolore eta tonu beroz janzten ari zen sartaldea. Koronelak iradoki zuen ezen, polizia-postura jo baino lehen, ahalegina egin behar zutela, pasakeran, agian baliagarria izango zen beste gizabanako bat biltzeko beren artera.

       — Hiri honetako bost aberatsetatik lau —esan zuen— iruzurgile arruntak dira. Pentsatzen dut halatsu dela proportzioa mundu guztian barrena. Bosgarrena adiskide dut, oso gizon jatorra; eta, gure ikuspuntutik are garrantzizkoagoa baita, automobil baten jabea da.

       — Oker ez banago, hala ere —esan zuen Profesoreak, bere aldarte on hura galtzeke, edozein unetan mantxa beltz narrastaria ager zitekeen bide zurian atzerantz begiraturik—. Oker ez banago, hala ere, apenas dugun astirik bisita-kunplimendutarako.

       — Renard Doktorearen etxea hemendik hiru minutura baino ez dago —esan zuen Koronelak.

       — Gure galbidea —esan zuen Bull Doktoreak— hemendik bi minutura baino ez dago.

       — Bai —esan zuen Syme-k—; lasterka bizian ekiten badiogu, atzean utzi behar ditugu, oinez dira eta.

       — Automobil bat du —esan zuen Koronelak.

       — Ez dakigu, hala ere, utziko ote digun —esan zuen Bullek.

       — Bai, guztiz zuen aldekoa da.

       — Kanpoan egon daiteke, ordea.

       — Eutsi pixka batean mihiari —esan zuen Syme-k tupustean—. Zer da hots hori?

       Segundo batez zaldizko estatuak bezain geldirik geratu ziren guztiak, eta segundo batez —bi edo hiru edo lau segundoz— zeru-lurrek ere halakoxe geldi ziruditen. Orduan belarri guztiek, arretaren larri ezinagoan, gauza bat bakarrik adieraz dezakeen dardara-taupada deskribaezin hori entzun zuten bidean barrena: zaldiak!

       Koronelaren aurpegiak bat-bateko mudantza bat jasan zuen, tximistak jo eta hala ere deusen zimikorik ere egin ez balio bezala.

       — Ederra sartu digute —esan zuen, ironia militar hitz-laburrez—. Zalditeriari harrera egiteko prest!

       — Nondik atera ote dituzte zaldiak? —galdetu zuen Syme-k, mekanikoki trostan jarriz bere zamaria.

       Koronela isilik egon zen apur batez, eta gero ahots bortxatuz esan zuen:

       — Zehaztasun oso-osoz ari nintzen aipatu nizuenean «Soleil d'Or» ostatua zela hogei milia barru zaldirik lor daitekeen leku bakarra.

       — Ez! —esan zuen Syme-k bortizki—. Ezin dut sinetsi halakorik harengandik. Ez da posible, ile zuri horrekin guztiarekin.

       — Behartu egingo zuten, beharbada —esan zuen Koronelak ezti-ezti—. Ehun lagun izan behar dute gutxienez; horrexegatik joango gara oraintxe nire adiskide Renard-engana, hark automobil bat baitu.

       Hitz horiekin, kale kantoi batean brau jiratu zaldia, eta han joan zen kalean behera, halako ziztuan, ezen besteak, ordurako ondo arrapalada bizian zihoazen arren, lanak izan baitzituzten haren zaldiaren buztan hegakariari jarraitzeko.

       Renard Doktorea kale piko baten gailurreko etxe garai eta eroso batean bizi zen, eta hala zaldizkoek, haren ate aurrean oineztu zirenean, berriro ikusi ahal izan zuten muinoaren ertz berde, gotorra, eta hartan bide zuria zeharka, hiriko teilatu guztien gainean hantxe. Arnasa hartu zuten berriro, bidean ez baitzen artean deus ageri, eta txirrina jo zuten.

       Renard Doktorea gizon irritsu bizar-nabar bat zen, Frantziak Ingalaterrak baino are hobeki iraunarazten jakin duen profesional-klase isil baina oso egitekotsu horren adibide on bat. Kontua azaldu ziotenean, neurrizgainekotzat jo zuen, guztiz, Markes ohiaren izularria; esan zuen, Frantses eszeptizismo sendo horrekin, ez zela noski pentsatzekoa, inondik inora ere, anarkista-matxinada orokor bat gerta zitekeenik.

       — Anarkia —zioen, soinburuak uzkurtuz—, zera, haurkeria hutsa!

       — Et ça —egin zuen espantu Koronelak tupustean, besteen sorbalda gainetik seinalatuz—, eta hori ere haurkeria hutsa da, ezta?

       Guztiek so egin zuten harantz, eta zalditeria beltzezko lerro makur bat ikusi zuten muinoaren gailurrari gaina hartzen, Atilaren kemen eta oldar berberaz. Abiadaren arina gora-behera, oste osoak ondo ere elkarturik zirauen, eta lehen ilarako aurpegi-mozorro beltzak ere hantxe zetozen, uniforme-ilara bat bezain xuxen. Alabaina, lauki beltz nagusia berdina izanik ere, nahiz biziago abian, bazen haatik orain desberdintasun ez nolanahiko bat, muino-hegiaren gainean garbi atzeman zezaketena, etzanikako mapa batean bezala. Zaldizkoen aldrak bloke bakarra osatzen zuen; baina zaldizkoetako bat ostetik puska batez aurrerago zetorren, ziztu bizian, eta eskuen eta orpoen mugimendu zoroz akuilatzen zuen zaldia gero eta bizkorrago joatera, halako gisan non pentsa baitzitekeen ez zela jarraikitzailea, jarraikia baizik. Are halako distantzia handitik, ordea, zerbait hain fantastiko, hain zalantzan jarri ezina ageri zen haren figuran, ezen garbi baitzeukaten Idazkaria bera zela.

       — Sentitzen dut honela moztea halako eztabaida kulturatsua —esan zuen Koronelak—, baina utziko al didazu zeure automobila, otoi, oraintxe bertan?

       — Sumoa dut guztiz erotuta zaudetela guztiok —esan zuen Renard Doktoreak, gizartekoi irribarre eginez—; baina eromen horrek ez dezala, Jainkoarren, gure adiskidetasuna eragotz. Goazen garajera.

       Renard Doktorea gizon otzan bezain animaleko ondasunen jabea zen; etxe-barrua Cluny-ko Museoaren parekoa zen, eta hiru automobil zituen doktoreak. Oso gutxitan erabiltzen bide zituen, nolanahi ere, Frantziako klase ertainaren gustu simpleak baitzituen, eta, doktorearen lagunak arakatu zituztenean, denbora dezente eman zuten haietako bat behintzat martxan jartzeko moduan zegoela konprobatzeko. Nekez bada ere, doktorearen etxe aurreko kaleraino eramatea lortu zuten. Garaje itzaletik irten zirenean, harritu egin ziren ikusirik tropikoetan gauak ohi duen tupustekotasun beraz etorria zela iluntzea. Edo uste zuten baino luzeago egonak ziren han barruan, edo lainozko oihalpe ezohiko batek bildua zuen hiria. Kale pikoetan barrena begiratu zuten, eta iruditu zitzaien lanbro arin bat ote zetorren itsas aldetik gora.

       — Oraintxe da aukera; bestela, jai dugu —esan zuen Bull Doktoreak—. Zaldiak entzuten ditut.

       — Ez —zuzendu zuen Profesoreak—; zaldi bat.

       Eta entzun ahala, gero eta garbiago zegoen harlauzen gainean klaska-klaska laster bizian hurbiltzen ari zen hots hura ez zela zaldialde osoarena, baizik hura atzean urrun utzia zuen zaldizko bakar batena: Idazkari buru-eria.

       Syme-ren familia, geroztik bizi-maila arruntera etorriak ziren asko bezala, auto baten jabe izan baitzen behinola, ederki ezagutzen zituen gure mutilak ibilgailuok. Jauzi batez igo txoferraren eserlekura, eta tiraka eta bihurrika ari zitzaion, aurpegia gorri-gorri, autoaren makinaria aspaldian erabili gabeari. Gider haietako baten gainean ahalegin guztian indar egin, eta gero ahots apalez esan zuen:

       — Ez dago noski martxan jartzerik.

       Hori esaten ari zela, kale kantoitik gizon bat agertu zen, oldar bizian zetorren bere zaldiaren gainean zurrun, gezi baten erru eta zurruntasunarekin. Okotsetik aurrera irten behar zuela zirudien irribarre bat zuen, masailezurra trokatua balu bezala. Automobil geldiaren pareraino etorri zen, zeinaren barruan pilaturik baitzeuden ordurako lagun guztiak, eta autoaren aurrealdean pausatu zuen eskua. Idazkaria zen, eta ahoa zuzen-zuzen jarri zitzaion garaipenaren hotsanditasunean.

       Syme bolantearen gainean indar eginez makurturik zegoen, eta ez zen soinurik, hirira sartzen ari ziren beste jarraikitzaileen zaldi-durundia baino. Halako batean, halare, burdina kirrinkarizko garrasi bat entzun zen, eta autoak jauzi egin zuen aurrerantz. Rast erauzi zuen autoak Idazkaria zela-gainetik, lekatik aizto bat nola; hogeiren bat yardaz ostikoka bizian arrastaka eraman, eta azkenean zoruaren kontra zabal-zabal eginda utzi zuen, han atzean urrun geratua zen zaldi ikaratuaren aurrez aurre. Bihurgunea bikain hartuz autoak kale kantoian jiratu zuenean, doi-doi ikusi ahal izan zituzten beste anarkistak kalea betetzen eta beren buruzagi eroria lurretik jasotzen.

       — Ez dut ulertzen zergatik dagoen hain ilun —esan zuen Profesoreak halako batean, ahots apalez.

       — Ekaitza dakar, nik uste —esan zuen Bull Doktoreak—. Tamala da, noski, argirik ez izatea auto honetan, bidea ikusteko ere.

       — Badugu —esan zuen Koronelak, eta autoaren behegainetik burdina landuzko argiontzi astun, antigoaleko bat al-txatu zuen bistara, barruan argi bat zuena. Antzinakoa zen, bistan zenez, eta, antza, eginkizun erdi-erlijiozkoren baterako erabilia edo zen jatorriz, ezen bazuen gurutze baten moldura baldar bat alboetariko batean.

       — Non arraiotatik inguratu duzu hori —galdetu zuen Profesoreak.

       — Autoa inguratu nuen leku beretik —erantzun zuen Koronelak, irri murritzez—, neure adiskide hoberenaren eskutik. Honako gure lagun hau bolantearekin borrokan ari zen bitartean, etxe atarira lehiatu naiz eta Renard-ekin hitz egin dut, hantxe bere lorioan geratua baita, oroituko zaretenez. «Ez dago noski —esan diot— argiontzi bat lortzeko betarik.» Gora so egin du, adiskidekor klisk eginez bere eskaratzeko sabai-arku ederrera. Hantxe zegoen, burdin lan fin-finezko katea batzuetatik esekirik, argiontzi hau, altxor-etxe horretako ehundaka altxorretatik bat. Indarka erauzi dut argiontzia sabaiko bere lekutik, xafla pintatuak urratuz eta bi txarro urdin eraitsiz bere oldarrean. Gero burdinazko argiontzia eskura eman dit, eta nik autoan sartu dut. Ez al nenbilen zuzen, noiz eta esan bainizuen merezi zuela noski Renard Doktorea ezagutzea?

       — Zuzen zenbiltzan, bai —esan zuen Syme-k serio-serio, eta autoaren aurrealdean eseki zuen argiontzi astuna. Zeuden kinkaren alegoria moduko bat hauteman zitekeen automobil modernoaren eta halako argiontzi berezi, eklesiastikoaren arteko kontrastean.

       Ordura arte hiriko alderik bareenetatik iraganak ziren, eta ez zuten topatu pare bat oinezko baino, lekuaren bake ala etsaitasunaz berri txintik ere emateko gai ez zirenak. Orain, aldiz, etxeetako leihoak banan-banan argiztatzen hasiak ziren, giza-bizitza eta jendetasun sentsazio handiagoa emanez. Bull Doktoreak, ihesaldian gidari izan zuten detektibe berriarenganantz jiratu, eta hain berezko zituen irribarre adiskidetsu haietako bat baimendu zion bere buruari.

       — Argi horiekin animatuago sentitzen da bat.

       Ratcliffe Inspektoreak bekainaldea zimurtu zuen.

       — Areago anima nazaketen argi bakarrak zerekoak dira —esan zuen—, hiria pasatu eta hortxe ageri diren polizia-postu horretakoak. Jainkoak ailiotsa hamar minutuan horra hel gaitezen.

       Une hartan Bull-en zentzu on eta optimismo irakinak gainez egin zuen borborka.

       — Burua galdu ote dugu, ordea! —egin zuen espantu—. Benetan pentsatzen baduzu jende arrunta etxe arruntetan anarkista dela, zerori zaude noski anarkista bat baino okerrago burutik. Oraintxe jiratu eta tipo horien kontra borrokan hasiko bagina, hiri osoa borrokatuko litzateke gure alde.

       — Ez —esan zuen besteak sinpletasun kordokagaitzez—, haien alde borrokatuko litzateke hiri osoa. Ikusiko dugu.

       Hala hizketan ari zirela, Profesorea aurrerantz makurtu zen, tupusteko asalduz.

       — Zer da hots hori? —esan zuen.

       — Zera, atzetik datozkigun zaldiak noski —esan zuen Koronelak—. Atzean utziak genituela uste nuen.

       — Atzetik datozkigun zaldiak! Ez —esan zuen Profesoreak—; ez da zaldi hotsa, eta ez dator atzetik.

       Hitzok esan orduko, aurrean zuten kalearen muturrean barrena bi forma distira eta zarata jario iragan ziren fiuka bizian. Tximista-ziztuan aienatu ziren ia, baina denek ikusi ahal izan zuten automobilak zirela, eta Profesoreak, zurbil-zurbil, zin egin zuen Renard-en garajeko beste bi automobilak zirela.

       — Harenak ziren, baiki —errepikatzen zuen, begiak aurpegitik irten beharrean—, eta gizon mozorrodunez beterik zihoazen!

       — Baita zera ere! —esan zuen Koronelak, haserre—. Renard Doktoreak ez zizkien inolaz ere utziko bere autoak.

       — Behartu egingo zuten, apika —esan zuen Ratcliffe-k bare-bare—. Hiri osoa dute beren alde.

       — Oraindik horretan zaude? —galdetu zuen Koronelak, sinesgogor.

       — Denok sinetsi beharko duzue aurki —esan zuen besteak, esperantzarik gabeko patxada etsiz.

       Unetxo batez isilaldi lelotu bat nagusitu zen, eta gero Koronelak ekin zion berriro kolpetik:

       — Ez, ezin dut sinetsi. Zentzugabekeria da hori. Frantses hiri baketsu bateko jende xehe...

       Horretan etenda utzi behar izan zuen esaldia, tiro-hots bat entzun eta argi-sastada bat ikusi baitzuen, bere begien aurrean hantxe. Autoak, dena emanda, ke zurizko arrasto bat uzten zuen bere atzetik, eta Syme-k bala baten fiua entzuna zuen belarri ondoan.

       — Jainko maitea —esan zuen Koronelak—, norbaitek tiro egin digu.

       — Hori ez da aski arrazoi solasa bertan behera uzteko —esan zuen Ratcliffe goibelak—. Segi, otoi, esaten ari zinenarekin, Koronel. Frantses hiri baketsu bateko jende xehea zenuen, oker ez banago, mintzagai.

       Koronela oso urruti zegoen ordurako satira gaizki hartzeko aldartetik. Begi txundituak kalearen zabalean ibili zituen.

       — Harrigarria da —esan zuen—, oso ere harrigarria.

       — Pertsona gogaikarri batek —esan zuen Syme-k— desatsegina ere deituko lioke noski. Nolanahi ere, pentsatzen dut kale hau pasatu eta horrako zelai horretan ikusten diren argiok Jendarmeriarenak direla. Berehala iritsiko gara.

       — Ez —esan zuen Ratcliffe Inspektoreak—, ez gara inoiz iritsiko.

       Zutik egona zen, bidean aurrera erne-erne begira. Orain, eseri, eta neke keinu batekin pasatu zuen eskua bere ile-adats leunetik txukun.

       — Zer esan nahi duzu? —galdetu zuen Bull-ek zorrotz.

       — Bada, ez garela sekula iritsiko —esan zuen pesimistak patxada osoan—. Dagoeneko bi lerro gizon armatu jarriak dituzte bidean trabeska; hemendik ikus ditzaket. Hiria armatan altxatua da, nik nioen bezala. Bete-betean asmatu izana dut kontsolamendu bakar, ihalozka nadin bertan.

       Eta autoko bere eserlekuan erosotu eta zigarro bat piztu zuen Ratcliffe-k; besteak, berriz, asaldaturik tentetu ziren, eta bidean aurrera josi begiak. Planak zalantzaz bete ahala, Syme-k autoaren abiada moteldua zuen, eta justu itsasora malda zorrotzean zihoan albo-karrika baten kantoian egin zuen azkenean gelditzera.

       Hiria itzalpeak hartua zuen ia, baina eguzkia ez zen artean sartu; haren argi zapalak zirrikitu bat irekitzea lortzen zuen guneetan, urre kolore gar biziko batez tindatzen zen dena. Albo-karrika hartan gora, antzokiko argi artifizialezko izpi-sortak bezain zorrotz eta mehar distiratzen zuen ilunabarraren azken argiak. Bost lagunen autoa jo zuelarik, gurdi irazeki bat bezala piztu zuen. Kalearen gainerakoa, ordea, haren bi muturrak bereziki, ilunbistarik sakonenean zetzan, eta segundo batzuez ezin izan zuten deus ikusi. Gero Syme-k, zeinaren begiak baitziren zorrotzenak, txistu mingots bat ahapetik egin, eta esan zuen:

       — Egi-egia da. Jendalde bat edo gudaroste bat edo zerbait halakoa dago kale honen muturrean trabeska.

        —Tira, halakorik bada —esan zuen Bull-ek, erretasunez—, beste zerbait behar du: jolas-borroka bat edo alkatearen urtebetzea edo halakoren bat. Ezin dut eta ez dut nahi sinetsi honelako leku bateko jende xume, atsegina dinamita poltsikoetan dabilenik hor zehar. Segi aurreraxeago, Syme, eta ikus dezagun zertan diren.

       Autoak ehunen bat yarda egin zuen aurrerantz narraska, eta gero denak zurturik geratu ziren, Bull Doktoreak barre-algara ozen bat jaulki baitzuen bat-batean.

       — Hara, inozo ergelok! —egin zuen espantu— zer esaten nizuen nik? Behi bat bezain legera etorkor da jendalde hori; eta, hala ez balitz ere, alde dugu.

       — Nola dakizu hori? —galdetu zuen Profesoreak, harriturik.

       — Saguzar itsu halakoa —egin zuen Bull-el espantu—, ez al duzu ikusten nor duten gidari.

       Arreta handiz begiratu zuten berriro, eta Koronelak, korapilo bat ahotsean, oihu egin zuen:

       — Hara! Renard da eta!

       Izan ere, gizairudi lausozko lerro bat mugitzen zen bidean zehar, eta haiek ezin ziren garbi berezi, baina, arratsapaleko argiak inoizka jo zezan haiengandik aski aitzinaturik, kalean gora eta behera hantxe zebilen Renard Doktorea baino ezin izan zitekeena, kapelu zuriz, bizar nabar luzeari tiraka, ezker eskuan errebolber bat zeukala.

       — Bai tentela ni! —egin zuen espantu Koronelak—. Jakina, jator ere jator baita morroia, laguntzera etorri behar azkenean.

       Bull Doktoreari belarrietatik gainezka ateratzen zitzaion barre-txinparta, eta eskumakila bat balitz bezain arduragabe dantzatzen zuen ezpata. Autotik jauzi egin, eta tarteko espazioa zeharkatzeari ekin zion oldarrean, hoska:

       — Renard Doktorea! Renard Doktorea!

       Handik lipar batera, Syme-k pentsatu zuen burutik eginak ote zituen begiak. Ezen Renard Doktore filantropiko hark, bere errebolberra deliberatuki jaso, eta bi aldiz egin zion tiro Bull-i, zartaden durundia ozen hedatu baitzen kalean barrena.

       Eztanda lazgarri hartatik ke-laino zurizko putzada irteten zen segundo berean ia, orobat irten zen ke-laino zurizko putzada luze bat Ratcliffe zinikoarengandik. Gainerako guztiak bezala, zurbilduxe zegoen, baina irribarre egiten zuen hark. Bull Doktorea —zeinari zuzenduak baitziren balak, burularrua gutxigatik huts eginez— hantxe geratu zen bidearen erdian geldi-geldi, beldur arrastorik gabe; gero, astiro-astiro jiratu, lagunak utziak zituen lekura herrestan itzuli, eta auto-barrura sartu zen, kapeluan bi zulo zituela.

       — Eta? —esan zuen zigarro-erretzaileak astiro—. Zer deritzozu orain?

       — Zera deritzot —esan zuen Bull Doktoreak zehaztasunez—, Peabody Eraikinetako 217. zenbakian nagoela, ohean, eta aurki esnatuko naizela jauzi batez; edo, hori ez bada, Hanwell-eko zoroetxeko gelaxka koltxoiztatu batean nagoela, eta doktoreak ez duela zer egin handirik nire kasuarekin. Aitzitik, jakin nahi baduzu zer ez deritzodan, hori ere esango dizut. Ez deritzot zuk deritzozuna. Ez deritzot, eta sekula ere ez diot iritziko, gizon arrunten masa, zera, pentsalari moderno satsuz osaturiko koadrila halako bat denik. Ez, jauna; demokrata naiz, eta oraindik ez dut sinesten Igandek berera bihur dezakeenik etxegintzako behargin edo dendamutil batez bestekoa. Ez, ni burutik egina egon ninteke, baina gizadia ez.

        Eskuarki erakusten ez zuen seriotasun batez jiratu zituen Syme-k bere begi urdin distiratsuak Bull-engana.

       — Jatorra zara oso —esan zuen—. Zurea soilik ez den buru-osasun batean sinesteko gai zara. Eta zuzen asko zabiltza gizadiaz, nekazariez eta ostatulari zahar atsegin hura bezalako jendeaz. Ez, ordea, Renard-i dagokionez. Hasieratik hartu nion susmoa. Razionalista da, eta, okerrago dena, aberatsa. Eginbidea eta erlijioa zinez suntsitzekotan, aberatsek suntsituko dituzte.

       — Zinez suntsituta daude dagoeneko —esan zuen zigarrodun gizonak, eta eskuak poltsikoan zutitu zen—. Hor datoz deabruak!

       Automobileko gizonek larri so egin zuten haren begiratu ameskararen norabidean, eta han ikusi zuten kale muturreko gudari-talde guztia beren gainera etortzen, Renard Doktorea aitzindari sutsu, bizarra haize leunean hegan.

       Koronela erretasun-espantu zakar ozenez jauzi zen autotik.

       — Jaunak —zioen—, hau sinestezina da. Txantxa arrunt bat izan behar du noski. Nik bezala ezagutuko bazenute Renard... zera, Victoria Erreginari dinamitari esatea bezala da hori. Burua galdua behar du batek pentsatzeko halako gizona...

       — Bull Doktoreak —esan zuen Syme-k sardonikoki—, kapelua bederen ondo galdua du dagoeneko.

       — Ezetz, bada, ezinezkoa dela! —egin zuen espantu Koronelak, zorua ostikoz jorik—. Azalpen bat emango du Renard-ek. Azalpen bat emango dit, bai horixe —eta aurrera ekin zion oldarrean.

       — Ez izan halako presarik —ebaki zuen, nagi, erretzaileak—. Berehala emango digu guztioi azalpena.

       Koronel erretxindua, ordea, entzunbidetik kanpo zen ordurako, aurrera eginez zetorren arerioarenganantz aurrera eginez. Renard Doktore buru-berotuak pistola jaso zuen ostera, baina, bere aurkaria nor zen hautemanik, zalantzan geratu zen, eta hala Koronela harekin buruz buru zegoen aurki, espantu biziko kargu-hartze keinuak eginez.

       — Alferrik da —esan zuen Syme-k—. Ez du ezer garbirik aterako fedegaldu horrekin hitz eginez. Zera proposatzen dut: autoa ziztuan jarri abian, eta jo eta erditik pasatzea, balak Bull-en kapelua pasatu diren bezala. Denak hilko gaituzte beharbada gu, baina beretako mordo eder bat eramango dugu aurretik.

       — Ezta pentsa'u 're —esan zuen Bull Doktoreak, bere bertutearen zintzoak mintzamoldea arruntagoturik—. Gizajoak erratuta egotea baliteke. Eman aukera bat Koronelari.

       — Atzera egingo dugu, hortaz? —galdetu zuen Profesoreak.

       — Ez —esan zuen Ratcliffe-ek ahots hotzez—, gure atzeko kalea ere harturik dago. Oker ez banago, zure beste lagun zahar bat ikusi dut hor, Syme.

       Syme-k, bizkor arraio jiratu, eta ibilia zuten bidean atzerantz begiratu zuen. Zaldizko oste irregular bat ikusi zuen bil-bil egiten eta berenganatz arrapaladan jausten. Zaldi-zelarik aurreratuenaren gainean ezpata baten zilar dirdira ikusi zuen, eta orobat, hura hurbildu ahala, agure baten adatsaren zilar dirdira. Bet-betan, ikaragarri zakar, bertan jirarazi autoa, eta itsasora txorrotxean zihoan karrikan behera abiarazi zuen oldarrean, hiltzea beste desirarik ez lukeen gizon baten gisa.

       — Zer demonio gertatzen da orain? —egin zuen espantu Profesoreak, besotik heldurik.

       — Goizeko izarra erori da! —esan zuen Syme-k, berak gidatzen zuen autoa ere izar loka bat bezala iluntasunean amiltzen zelarik.

       Besteek ez zituzten ulertu haren hitzak, baina, kalean gora atzera begiratu zutenean, han ikusi zuten etsaien zalditeria, kale kantoian jiratu, eta maldan behera beren atzetik jausten; eta denen aurretik ostatulari jatorra zetorren, arratsapaleko argiaren xalotasun ankerrak aurpegia gorriturik.

       — Mundua burutik eginda dago! —esan zuen Profesoreak, eta eskuen artean hondoratu zuen burua.

       — Ez —esan zuen Bull Doktoreak, umiltasun eragozgaitzez—, ni nago burutik.

       — Zer egingo dugu? —galdetu zuen Profesoreak.

       — Une honetan —esan zuen Symek, bihotz-hoztasun zientifikoz— uste dut jo eta zapart egitera goazela farola baten kontra.

       Hurrengo liparrean, autoa pott egina zen, burdinazko zer baten kontra jota. Hurrenagoan, lau gizonak metalezko kaos baten azpitik irten ziren narraska, eta itsasaldeko ibilbidearen ertzeko farola luze argal bat han zetzan orain, oker-bihurriturik, zuhaitz moztu baten adarra bezala.

       — Jo eta zapartatu egin dugu, beraz, zerbait —esan zuen Profesoreak, irribarre murritzez—. Kontsolagarri da.

       — Anarkista bihurtzen ari zara —esan zuen Syme-k, txukuntasunerako sen berezkoz jantzietako hautsa kenduz.

       — Denak ere —esan zuen Ratcliffe-k.

       Hala mintzo ziren bitartean, zaldizko bizar-zuria eta haren jarraitzaileak trumoika zetozen han goitik, eta ia une berean gizon ilara ilun batek lasterka ekin zion itsas hegian zehar, deiadarka. Syme-ek ezpata bati eskua erantsi eta hortzetan kokatu zuen; beste bi besapeetan ezarri, laugarren bat ezker eskuan hartu eta eskuinean argiontzia, eta ibilbide garaitik han beheko hondartzara egin zuen jauzi.

       Besteek ere jauzi egin zuten atzetik, bueltarik ez zuen ekintza hura aho batez onetsiz horrenbestez, han goian utziz auto-hondakinak eta hara biltzen ari zen jendaldea.

       — Beste aukera bat geratzen zaigu —esan zuen Syme-k, altzairua ahotik kendurik—. Zernahi ere den pandemonium hau guztia, pentsatzen dut Jendarmeriak laguntza emango digula. Ezin gara gu hara heldu, bidea ixten digute eta. Baina bada hortxe itsasoan barneratzen den moilarri edo uhin-haustarri halako bat, beste ezer baino luzaroago defenda dezakeguna, Horaziok bere zubi hura bezala. Jendarmeak agertu arte defendatu behar dugu. Segi nire atzetik.

       Hondartzan barrena han abiatu ziren, bada, Syme-ren atzetik kriski-kraska, eta segundo batzuen buruan botek ez zuten gehiago itsas legarra zapaltzen, harri zabal, lauak baino. Adar bakarrean itsaso lauso irakinean barneratzen zen kaimihi luze eta behe batean barrena ekin zioten ilaran, eta haren amaierara iritsi zirenean, beren historiaren amaierara iritsiak zirela sentitu zuten. Bertan jiratu, eta hiriari aurrez aurre jarri ziren.

       Antzaldaturik zegoen hiria, istilu huts. Jaitsi berriak zireneko ibilbide garai guztian zehar, jendezko korronte ilun orrokari bat ari zen, besoei eraginez, aurpegiak suturik, berak zeuden alderantz mehatxu-imintzioka. Lerro luze ilunean zuziak eta argiontziak ageri ziren han-hemenka; baina are ezein su-argik aurpegi haserre bat argiztatzen ez zuenean, gizairudirik urrunenean ere ageri zen, keinurik itzaltzuenean ere, halako gorroto antolatu bat. Garbi zegoen gizon guztien etsai madarikatu bilakatuak zirela, eta ez zekiten zergatik.

       Bizpahiru gizon, tximinoak bezalako txiki eta beltz irudi, bide-ertzaren gainetik hondartzara jauzi egin zuten, lehenago berek bezala. Hondar sakona urratuz egin zuten aurrera, orroa ikaragarriak eginez, eta uretara sartu ziren itsumustuan. Haien eredura, gizon masa beltz osoa hasi zen handik gainetik azukre-zukua bezala parrastan isurtzen.

       Hondartzaratu ziren gizonen artetik aurreratuenik, bera eta lagunak organ eraman zituen nekazaria ikusi zuen Syme-k. Zalgurditzar batean uretara plaust sartu, eta aizkora astinduz mehatxu egin zien.

       — Nekazaria! —egin zuen espantu Syme-k—. Ez dira matxinatu Erdi Arotik hona.

       — Polizia etorrita ere —esan zuen Profesoreak itunki—, ez dauka ezer egiterik jendalde horrekin.

       — Txorakeriak! —esan zuen Bull-ek etsi-etsian—; izango da oraindik ere hirian jenderik gizaki izena merezi duenik.

       — Ez —esan zuen Inspektore esperantzagabeak—, gizakia aurki desagertuko da mundutik. Gu gara gizadiaren azkena.

       — Baliteke —esan zuen Profesoreak, bere gogoetan galdurik. Eta gero, bere ahots ameskaraz—: Nola da zer hura, Dunciad poemaren amaierako zera?

 

              «Ez su publikori, ez pribaturi

              Dario gizakiz jainkozko argi!

              Hor hire erreinu gaitza, Kaos, zut;

              Hire hitz galgarriz argia hil duk:

              Antzes-oihala duk, Anarka, ixten;

              Ilunbe osoak oro du hartzen.»

 

       — Geldi! —egin zuen oihu Bullek tupustean—, jendarmeak irteten ari dira.

       Izan ere, polizia-postuko argi apalek gizairudi presatu batzuk han-hemenka ezabatu eta hausten zituzten, eta zalditeria diziplinatu baten klaska eta txintxin hotsa entzuten zen iluntasunean.

       — Jendalderen aurka kargatzen ari dira! —egin zuen oihu Bull-ek, larrialdizko estasian.

       — Ez —esan zuen Syme-k—, ibilbidean zehar lerrokatuak daude.

       — Karabinak eskuetaratu dituzte —egin zuen oihu Bull-ek, zirraraz dantzan.

       — Bai —esan zuen Ratcliffe-k—, eta gure kontra su egitekotan dira.

       Hitz horiekin, zizpa-desarraldi luze bat entzun zen, eta beren aurreko harrietan balek kazkabarra bezala kinki-kanka jotzen zutela zirudien.

       — Jendarmeek berekin bat egiten dute! —egin zuen espantu Profesoreak, bekokia joz.

       — Gela koltxoiztatu batean nago —esan zuen Bull-ek, soraio.

       Isilaldi luze bat gertatu zen, eta gero Ratcliffe-k, guztia gris-purpura halako batez jantzia zen itsaso harrotuaren gainetik begirada luzatuz:

       — Zer axola dio nor dagoen eroturik eta nor ez? Denok hilik egongo gara aurki.

       Syme-k, harengana jiratu, eta esan zuen:

       — Batere esperantzarik ez duzu, hortaz?

       Ratcliffe jaunak harria bezalako isil eutsi zion une batez; gero, azkenean, bare-bare esan zuen:

       — Ez; harrigarria bada ere, ez dut oraindik itxaropen guztia galdu. Bada halako esperantzatxo zoro bat burutik kendu ezin dudana. Planeta oso honen botere guztia aurka dugu, baina, hala ere, ezin diot utzi ezbaian jartzeari esperantza txiki zozo hori esperantzarik gabea ote den halaz guztiz.

       — Zertan edo norengan duzu zeure esperantza hori? —galdetu zuen Syme-ek, jakinminez.

       — Sekula ikusi ez dudan gizon batengan —esan zuen besteak, berunezko itsasoari begira.

       — Badakit nortaz ari zaren —esan zuen Syme-k, ahots apalez—: gela iluneko gizona. Baina Igandek hil egingo zuen honezkero.

       — Beharbada —esan zuen besteak irmo—; hala balitz ere, ordea, Iganderi hiltzen zail gertatuko zitzaion gizon bakarra da hura.

       — Entzun dut zuen autua —esan zuen Profesoreak, bizkarra jiraturik—. Nik ere gogor eusten diot sekula ikusi ez dudan zerbaiten esperantzari.

       Tupustean, Syme-k, itsu gisa barne-gogoetan murgildurik egona, brau jiratu, eta oihuka ekin zion, lotatik esnatzen denaren gisa:

       — Non da Koronela? Gurekin zela uste nuen!

       — Koronela! Egia da —esan zuen Bull-ek—, non arraio sartu da Koronela?

       — Renard-ekin mintzatzera joan da —esan zuen Profesoreak.

       — Ezin dugu utzi piztia horien erdian —asaldatu zen Sy- me—. Gizalegeari duin zaion moduan hil gaitezela, baldin...

       — Ez errukitu Koronelaz —esan zuen Ratcliffe-k, destaina-keinu margul batez—. Ederki dago hura. Zera...

       — Ez! ez! ez! —egin zuen oihu Syme-k, frenesi gisako batek harturik—, Koronela ere bai, ez eta ez! Sekula ez dut sinetsiko hori!

       — Zeure begiei sinetsiko al diezu? —galdetu zuen besteak, eta hondartzara seinalatu zuen.

       Beren jarzarleetariko asko uretara oldartuak ziren, ukabilak mehatxuka astinduz, baina itsasoa zakar zegoen, eta ezin zuten kaimingaina erdietsi. Bizpahiru gizairudi, hala ere, harrizko oinbidearen hasieran hantxe ziren, eta kontu handiz hartan barneratzen ari zirela zirudien. Argi batek, halabeharrez, aurreratuen zihoazen bien aurpegiak nabarmendu zituen halako batean. Haietako batek mozorro-erdi beltz bat zeraman, eta haren azpian ahoa halako nerbio-zorotasunez kizkurtzen zen, non bizar xerlo beltza hara eta hona bihurrikatzen baitzen, gauza bizi, egonezin bat bezala. Bestea, berriz, Ducroix Koronelaren aurpegi gorri eta bibote zuria zen. Eztabaida-saio serio-serioan ziharduten.

       — Bai, Koronela ere kito —esan zuen Profesoreak, eta harri baten gainean eseri zen—. Kito dena. Kito ni! Ezin naiz fidatu neure gorputz-makinariaz ere. Neure eskuak, berez altxatu, eta zapla joko banindu ere, ez nintzateke harrituko oraintxe.

       — Nire eskua altxatzen denean —esan zuen Syme-k—, beste norbait jotzeko izango da —eta kaimingainean barrena ekin zion, Koronela zegoen alderantz, ezpata esku batean eta argiontzia bestean.

       Azken esperantza nahiz duda suntsitzeko bezala, Koronelak, Syme hala zetorrela ikusirik, errebolberraz apuntatu eta su egin zuen. Tiroak ez zuen jo Syme, baina bai haren ezpata bete-betean, eta girtenetik hurbil moztu zuen. Syme-ek oldarrean ekin zion aurrera, eta burdinazko argiontzia kulunkarazi zuen buru gainetik.

       — Judas Herodesen aurrean! —esan zuen, eta jo eta harrien gainera lurreratu zuen Koronela. Gero Idazkariarengana jiratu zen, zeinaren ahoa bitsa dariola ageri baitzen orain ia, eta hain jestu zurrun eta zurgarriz zeukan argiontzia gora jasorik Syme-k, ezen gizona, hala esaterik badago, hantxe hormaturik geratu baitzen une batez, eta entzutera beharturik.

       — Ikusten duzu argiontzi hau? —egin zion oihu Syme-k, ahots ikaragarriz—. Ikusten duzu grabaturik daukan gurutzea, eta barruko sugarra? Ez da zuk egina. Ez da zuk piztua. Zu baino gizon hobeak ziren, sinetsi eta men egiteko gai diren gizonak, burdinaren erraiak kizkurtu eta suaren elezaharra iraunarazteko gai diren gizonak. Ez da zuk ibiltzen duzun kalerik, ez da zuk janzten duzun haririk, argiontzi hau bezala egina ez denik, zure filosofia ustelkeriaz eta arratoikeriaz bete hori ukatuz. Zuk ezin duzu ezer egin. Suntsitu bakarrik egin dezakezu. Gizadia suntsituko duzu; mundua suntsituko duzu. Aski izango ahal zaizu hori. Halaz guztiz, honako kristau-argiontzi zahar hauxe ez duzu, ez, suntsituko. Zuen tximino-inperioa sekula aurkitzeko trebe eta gai izango ez den lekura joango da hau.

       Kolpe bat eman zion Idazkariari burdinazko ontziaz, hura kordokarazirik; gero, bi bira emanarazirik buruaren jiran, itsasoan barrena urrun jaurti zuen airean, eta han argiontziak, suziri orrokari bat bezala une batez gar bizitu, eta hondora egin zuen.

       — Ezpatak! —egin zuen deiadar Syme-k, aurpegi gartsua atzeko hirurengana jiraturik—. Karga dezagun txakur horien aurka, heldu baitzaigu heriotzaren tenorea.

       Hiru lagunak atzetik segitu zioten, ezpata eskuan. Syme-ren ezpata hautsirik zegoen, baina taket bat eskuratu zuen arrantzale baten ukabiletik, gizona airean botarik. Laster jendaldearen kontra muturrez mutur jo, eta bertan akabatuko ziren noski, baldin zerbaitek bertan behera utzi ez balu gauza. Idazkaria, Syme hala mintzatu zenetik, eskuak bere buru kolpatuaren kontra egona zen, jota irudi; gero bat-batean bere mozorro beltza kendu zuen.

       Agiontzien argitara azaleratu zen aurpegi zurbilak, amorrua bainoago, txundidura erakusten zuen. Autoritare artegaz jaso zuen eskua.

       — Errakuntzaren bat dago —esan zuen—. Syme Jauna, apenas uste dudan zeure posizioa ulertzen duzunik. Legearen izenean atxilotzen zaitut.

       — Legearen izenean? —esan zuen Syme-k, eta erortzen utzi zuen makila.

       — Noski! —esan zuen Idazkariak—. Scotland Yard-eko detektibe naiz—. Eta txarteltxo urdin bat atera zuen poltsikotik.

       — Eta zer uste duzu garela gu? —galdetu zuen Profesoreak, besoak gora jasorik.

       — Zuek —esan zuen Idazkariak larriki—, nik ondo ere ondo dakidanez, Anarkisten Biltzar Goreneko kideak zarete. Zuen arteko baten gisa mozorroturik, nik...

       Bull Doktoreak itsasora bota zuen ezpata.

       — Sekula ez da izan Anarkisten Biltzar Gorenik —esan zuen—. Polizia koadrila ergel bat baino ez ginen, bata bestearen atzetik genbiltzana. Eta tiroka frejitu nahi gintuen jende jator horrek guztiak zera uste zuen noski, dinamitariak ginela, alegia. Banekien nik ezin nintzela oker egon jendalde horretaz —esan zuen, han behean alde bietara urrutiraino hedatzen zen jendetza ikaragarriari iribarrez so, poz-pozik—. Jende arrunta ez dago inoiz eroturik. Ni neu ere arrunta naiz, eta badakit hori. Banoa lehorrera, trago batera gonbidatzera mundu guztia.

 

 

13. KAPITULUA

Lehendakariaren atzetik

 

       Hurrengo goizean, bost lagun aztoratu baina irritsuk Dover-erako ontzia hartu zuten. Koronel gaixoak bazukeen kexatzeko arrazoirik, existitzen ez ziren bi alderdiren alde borrokatzera behartua aurrena, eta gero, berriz, burdinazko argiontzi batez jo eta eraitsia. Baina eskola zaharreko jaunguren guztiz bihotz-zabala zen, eta, lasaitu ederra harturik ezein alderdik ez zuelako zerikusirik dinamitarekin, atsegintasun handiz egin zien agurra kaian.