Evelyn Waugh
Dickens atsegin zuen gizona
euskaratzailea: Juan Mari Mendizabal
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Itzulpena: Juan Mari Mendizabal
Euskarazko edizioa: Erein, 1995
Jatorrizkoaren data: 1933
Evelyn Waugh euskaraz:
http://ekarriak.armiarma.com/?i=512
Informazio gehiago:
http://armiarma.com/emailuok/?p=236
Dickens atsegin zuen gizona
McMaster jaunak Amazonasen ia hirurogei urte eman bazituen ere, inork ez zekien haten existentziaren berririk, Shiriana indiar familia gutxi batzuek izan ezik. Sabana txiki batean zegoen haren etxea, inguru hartan tarteka agertzen diren hondar eta belarrezko sail ttipi horietako batean, bost kilometro inguruko zabalerakoa eta alde guzietatik oihanez inguratua.
Lur haiek ureztatzen zituen erreka ez zen inongo mapatan agertzen; ur-laster ugari zituen, beti arriskutsuak eta urtesasoi gehienetan zeharkaezinak, eta eskola-atlas guztietan markatuta egon arren oraindik ibilbide guzuz hipotetikoa duen Uraricuera ibaiaren goi-urekin bat egiten zuen. Eskualdeko biztanleek, McMaster jaunak izan ezik, ez zuten inoiz entzun Kolonbia, Venezuela, Brasil edo Boliviako errepublikez, nahiz eta guztiok, une batean edo bestean, lur haien jabegoa erreklamatu izan.
McMaster jaunaren etxea gainerakoenak baino handiagoa zen, baina antzeko ezaugarriak zituen: palmondo-lastozko teilatua, bularreraino iristen ziren buztin eta adaskez egindako hormak, eta buztinezko zorua. Bazeuzkan dozena bat inguru abelgorri ziztrin, sabanan larratzen zirenak, tapioka-saila, zenbait bananondo eta mangondo, zakur bat eta, inguru haietako ale bakarra, atzetik kargatzen zen eskopeta kanoi bakarrekoa. Kanpoko mundutik eskuratzen zituen gauza urriak merkatari-sorta luze baten bidez iristen zitzaizkion, eskuz esku pasata, eta dozena bat hizkuntzatan trukatuak Manausetik oihanaren gotorleku urrunera zabaltzen den komertzio-sareko hari luzeenetako baten mutur urrunean.
Egun batean, McMaster jauna kartutxo batzuk betetzen ari zela, Shiriana bat joan zitzaion esanez gizon zuri bat hurbiltzen ari zela, bakarrik eta gaixo, oihanean barrena. Kartutxoa itxi, harekin eskopeta kargatu, prest zeuzkan gainerako kartutxoak patrikan sartu eta adierazi zioten lekurantz abiatu zen.
McMaster jauna harengana iritsi orduko, gizona jadanik oihanetik kanpo zegoen, lurrean eserita, egoera tamalgarri batean. Ez zeraman ez kapelurik ez oinetakorik, eta jantziak hain zarratatuta zeuzkan non gorputzaren hezetasunari esker bakarrik itsasten zitzaizkion gorputzari; oinak ebakiz beteta eta izugarri handituta zeuzkan, eta ageriko larruazal guztia intsektu eta saguzar koskez josita; sukarrak ipinitako eromena zeraman begietan. Sukar-ametsetan zebilen bere buruarekin hizketan, baina ziplo gelditu zen McMaster jaunak hurbildu eta ingelesez hitz egin zionean.
«Nekatuta nago», esan zuen gizonak; eta gero: «Ezin naiz gehiago ibili. I-Ienty dut izena, eta nekatuta nago. Anderson hil egin da. Aspaldi gertatu zen. Ziur aski oso xelebrea naizela pentsatuko duzu».
«Uste dut gaixorik zaudela, adiskidea».
«Nekatuta bakarrik. Honez gero zenbait hilabete joan dira zer edo zer jan nuen azken alditik».
McMaster jaunak zutitzen lagundu zion eta, besotik helduz, bere etxerantz eraman zuen belar-konkorrak zeharkatuz.
«Oso hurbil bizi naiz. Etxera iristen garenean oneratuko zaituen zerbait emango dizut».
«Oso atsegina zara». Handik gutxira esan zuen: «Aizu, ingelesez hitz egiten duzu. Ni ere ingelesa naiz. Henty dut izena».
«Ba Henty jauna, ez duzu ezertaz kezkatu behar. Gaixo zaude eta bidaldi latza egin duzu. Zaindu egingo zaitut».
Oso astiro zihoazen, baina Aknean etxera iritsi ziren.
«Etzan zaitez horko hamakan. Zerbait ekarriko dizut».
McMaster jaunak etxearen atzeko gelara sartu eta poto bat atera zuen larru-meta baten azpitik. Zuhaitz-azal eta hosto lehorrezko nahasketa batez beteta zegoen. Eskukada bat hartu eta kanpoko surtara hurbildu zen. Handik itzultzean Hentyri esku bat lepondoan jarri, eta besteaz edankuia batetik behar-edabea edatera eman zion. Honek zurrutada batzuk edan zituen, haren mingostasunak dardar xume bat eragin ziolarik. Azkenean dena edan zuen. McMaster jaunak hondarrak lurrera bota zituen. Henty ostera etzan zen hamakan, negar-zotinka isilen artean. Laster lo sakon batek hartu zuen.
Andersonek Brasilgo Parimara eta goi-Uraricuera aldera eginiko espedizioari «zorigaitzeko» epitetoa jarri zion prentsak. Londresen egindako lehen antolakuntzetatik hasi eta Amazonasen era tragikoz desegin zen arte gertatu ziren urrats guztiak zorigaiztoak markatuak izan ziren. Hasieralko eragozpen haietako bati esker sartu zen Paul Henty espedizioan.
Bera ez zen berez esploratzailea; gazte lerden orekatua zen, gustu kontentagaitzekoa eta ondasun gutiziatukoa; ez zen intelektuala, baina arkitektura fina eta baleta preziatzen zituen, bidaiatua zen irispidean zeuden mundu zabaleko zenbait bazterretara; bildumazalea zen aditua izan gabe, miretsia zen gonbidatzen zuten emakumeen artean, eta bere izeben begiramena zuen. Berebiziko xarma eta edertasuneko emakume batekin ezkonduta zegoen, eta emazteak asaldatu zion bizitza ordenatu hura, ezkonduta zeramatzaten zortzi urteetan bigarren aldiz aitortu zionean beste gizon batenganako rmaitasuna. Lehenbiziko aldian maitemintze laburra izan zuen tenislari profesional batekin; bigarrenean Coldstream Goardiako kapitain batekin, baina hau serioagoa zen.
Errebelazio hark eragindako konmoziopean Hentyk izan zuen lehen gogoeta bakarrik afaltzera irtetea izan zen. Lau klubeko bazkide zen, baina haietatik hirutan emaztearen maitalea tzratzeko arriskua zegoen. Hortaz, gutxitan joaten zen kluba aukeratu zuen: editore, abokatu eta Ateneorako hautagai ziren gizon eskolatuek osatzen zuten lagunarte erdi-intelektuala, alegia.
Han, afalostean, elkarrizketan hasi zen Anderson profesorearekin, eta hantxe aditu zuen lehenbiziko aldiz Brasilgo espedizioaren berri. Une hartan idazkariak iruzur egin eta espedizioko kapitalaren bi herenekin alde egin izana zen antolamenduak atzeratzen ari zen zorigaitza. Partaideak -Anderson profesorea; Simmons doktorea, antropologoa; Necher jauna, biologoa; Brough jauna, topografoa; irrati-operaria eta mekanikaria- prest zeuden, tresneria zientifiko eta kiroletakoa kutxetan zeuden entziratzeko prest, beharrezkoak ziren bitartekoak agintari egokiek zigilatuta eta sinatuta zeuden, baina mila eta berrehun libra jarri ezean plan guztia bertan behera utzi beharko zuten.
Henty, aipatu den bezala, ondasun dexenteko gizona zen; espedizioak bederatzi hilabete eta urtebete artean iraungo zuen; landetako etxea itxiz gero -emazteak nahiago izango baitzuen Londresen bere maitalearen ondoan egon, pentsatu zuen-, behar zen dirua baino gehiago lortu ahal izango zuen. Bidaia hura halako distira batez inguratuta zegoen, bere ustez agian emaztearen sinpatia ere bihurtuko ziona. Orduan eta hantxe, klubeko sutondo aurrean, erabaki zuen Anderson profesoreari lagun egitea.
Arratsean etxera itzuli zenean emazteari iragarri zion: «Erabaki dut zer egin».
«Bai, maitea?»
«Ziur zaude jadanik ez nauzula maite?»
«Maitea, badakizu miresten zaitudala».
«Baina ziur zaude maiteago duzula goardia hori, dena delako Tony hori?»
«A, bai, askoz maiteago. Gauza guztiz bestelakoa da».
«Ba oso ondo. Ez dut dibortzio-saiorik egingo urtebetez. Dena ondo pentsatzeko beta izango duzu. Datorren astean Uraricuerara abiatuko naiz».
«Ene bada, non dago hori?»
«Ez nago erabat seguru. Brasilgo eskualdea da, uste dut. Ikertu gabe dago. Urtebete emango dut kanpoan».
«Baina maitea, zein arrunta! Liburuetako jendea bezala; zera, ehiza larria era hori guztia».
«Honez gero jabetuko zinen pertsona oso arrunta naizela».
«Tira, Paul, ez atsegaitza izan... Hara, telefonoa. Tony izango da. Bera bada, asko axola al zaizu berarekin bakarrik hitz egiten badut?»
Baina prestakuntzetako hurrengo hamar egunetan zehar emazteak samurtasun handiagoz jokatu zuen, soldadua bi aldiz utzi zuen alde batera Hentyrekin ekipamendua aukeratzen ari zen dendetara joateko, eta kotoi txirikordatuzko gerrikoa erosi behar zuela konbentzitu zuen. Hentyren azken arratsean emazteak afari-festa bat antolatu zion Enbaxadan, era lagunen artetik nahi zuena gonbidatzen utzi zion; senarrari bururatu zitzaion bakarra Anderson profesorea izan zen, zeina bitxiro jantzita agertu zen, etengabe dantzatu zen eta ez zuen inorengan interesik piztu. Hurrengo egunean Henty andrea bere senarrarekin joan zen trenera, era tapaki urdin argi leunegi bar oparitu zion, kremailera eta monograma zeraman kolore bereko antezko kaxan sartua. Agur-musua eman zion esanez, «Ondo zaindu zeure burua dena delako leku horretan».
Southamptoneraino lagundu izan balio, bi gertakari dramatikoren lekuko izango zen. Brough jauna ontziratze-pasarelara iritsi gabe, atxilotu egin zuten zor bat zela medio, 32 librako kontua; espedizioaren arriskuei emandako publizitateak zuen errua. Hentyk ordaindu zuen zorra.
Bigarren eragozpena ez zuten hain erraz gaindituko. Necher jaunaren ama besteak igo ordurako baporean zegoen; misiolari-aldizkari bat zeraman, Brasilgo oihanei buruzko narrazio bat irakurri berri zuenekoa. Ez zion ezerk semearen bidaia onartaraziko; baporean geratuko zen semea berarekin lehorrera itzuli arte. Beharrezkoa izanez gero, semearekin bidaiatuko zuen, baina hura ez zen oihan hartara bakarrik joango. Andre zaharraren erabakia hautsiko zuen argudiorik ez zegoen, eta azkenean, ontziratze ordurako bost minutu falta zirela, aire garailez eraman zuen semea, eta taldea biologorik gabe geratu zen.
Brough jaunaren atxikimenduak ere ez zuen luze iraun. Bidaiatzen ari ziren baporea kruzeroa zen, eta pasaiariak hartzen zituen bidaia zir kularra eginez. Brough jaunak astebete eskas zeraman baporean, eta haren mugimendura ozta-ozta ohitua zenerako ezkontzeko hitzemanda zegoen; oraindik hitzemanda zegoen, beste andere batekin baina, Manausera iritsi zirenean, eta atzera bota zituen bidaia segitzeko jarri zizkioten arrazoibide guztiak; itzul-bidaiarako dirua Hentyri eskatu eta lehenbizi aukeratutako emakumearekin Southamptonera iritsi ondoren, berehalakoan ezkondu ziren.
Kredentzialak begiratu behar zizkioten Brasilgo funtzionariak ez zeuden jadanik agintean. Hentyk eta Anderson profesoreak administrari berriekin negoziatzen zuten bitartean, Simmons doktoreak ibaian gora segitu zuen Boa Vistaraino, bertan hornidura gehienekin kanpamendu basea ezarriz. Bertako goarnizio iraultzaileak segituan bahitu zituen hornidurok, eta Simmons doktorea bera ere zenbait egunetan espetxeratu zuten, umiliazio ugari jasanaraziz; ziren zenean halako sumindura zuen non aske utzi eta berehala kosta aldera jo zuen, eta Manausen gelditu zen beste espediziokideei bere kasua pertsonalki Rioko agintarien aurrean jartzeko asmoa zuela jakinarazteko helburu bakarrarekin.
Hartara, lanetan hasteko oraindik hilabetea geratzen zitzaiela, Henty eta Anderson profesorea bakar bakarrik aurkitu ziren, eta beren hor niduren zati handienaz gabetuta. Berehala itzultzearen desohorea eramanezina egiten zitzaien. Puska batez aztertu zuten Madeiran edo Tenerifen sei hilabetez ezkutatzea komeni ote zitzaien, baina hara joanda ere fitekeena zen sumatuak izatea, Londresetik abiatu aurretik argazki gehiegi argitaratu zirelako aldizkari ilustratuetan. Beraz, gogoa ilunduta, bi esploratzaileak beren kabuz abiatu ziren azkenik Uraricuera aldera, inorentzat baliagarria izan zitekeen ezer lortzeko itxaropen gutxirekin.
Zazpi astetan zehar plisti-plasta ibili ziren oihaneko tunel berde hezeetan barrena. Indiar biluzi misantropo batzuen zenbait argazki egin zituzten, suge batzuk botilatan sartu, eta ondoren galdu egin zituzten txalupa ur-lasterretan irauli zitzaienean; gehiegi eskatu zieten beren urdailei, natiboen festetan edabe toxiko nazkagarriak hartuz; geratzen zitzaien azukrea lapurtu zien Guianako urre bilatzaile batek. Azkenik, Anderson profesorea malaria gaizto batek jo, zenbait egunez hamakan hortzak karraskatuz egon, koman sartu eta hil egin zen, Henty bakarrik utziz dozena bat Maku arraunlarirekin, ezagutzen zituen hizkuntzetatik hitz bakar bat ere ez zekitenak. Norabidea aldatu eta ibaian behera abiatu ziren hornidura gutxi eta elkarrenganako konfiantza are gutxiagorekin.
Egun batean, Anderson profesorea hil zenetik aste bat inguru pasata, Henty esnatu zenean jabetu zen bere morroiak eta txalupa gauean zehar desagertu zirela, bera hamaka eta pijamarekin bakarrik utziz, Brasilgo leku habitatu hurbilenetik laurehun bat kilometrora. Senak esaten zion ez zuela han geratu behar, nahiz eta handik mugitzeak zentzu askorik ez zuen. Ibaiaren bideari jarraitzea deliberatu zuen, txaluparen bat topatuko zuen itxaropenez hasieran. Baina oso laster oihan osoa agerpen eroez bete zitzaion, mongo arrazoi kontzienterik gabe. Aurrera egin zuen, noiz ibietan barrena, noiz sastraketan lauoinka.
Berak nola edo hala beti uste izan zuen oihana janariz betetako lekua zela, bazegoela Psugeen, eta indiarren eta piztien arriskua, ez ordea gosez hiltzekoa. Baina orain ikusten ari zen ez zela hala inondik ere. Oihanaren osagai bakarrak arantza eta aihen-belarren artean gailentzen ziren zuhaitz-enbor eskergak ziren. Lehenbiziko eguneaw izugarri sofritu zuen. Gero anestesiatuta bezala geratu zen, batez ere nahasita mirabe-uniformea soinean zutela hurbiltzen zitzaizkion biztanleen jokabidearen aurrean, otordua ekarri ondoren axolagabeki desagertzen baitziren, edo bestela plateraren estalkia altxatu eta apoarmatu biziak erakusten zizkioten. Londrestik ezagutzen zueñ jende asko agertu eta inguruan lasterka hasten zitzaion oihu irrigarriak eginez, guztiz erantzun ezinezkoak zitzaizkion galderak luzatuz. Emaztea ere agertu zitzaion, eta Henty poztu egin zen hura ikusiz, kapitainaz gogaitu eta bere bila joan zela pentsatuz, baina hura ere, gainerakoak bezala, desagertu egin zen.
Orduan gogoratu zen nahitaezkoa zuela Manausera iristea; indar handiagoz ekin zion bideari, ibaiko harriekin estropezu eginez eta aihen-belarren artean harrapatuta geratuz. «Baina ez dut arnasa alferrik gastatu behar», pentsatu zuen. Gero hura ere ahattu zitzaion, eta ez zen beste ezertaz jabetu McMaster jaunaren etxeko hamaka batean etzanda aurkitu zen arte.
Zuzpertzea geldoa izan zen. Hasieran, argitasunezko egunak sukar-ametsezkoekin txandakatzen ziren; gero sukarrak behera egin zuen eta bere onera itzuli zen, oso gaixo jarraitu arren. Sukarrezko egunak gero eta urriagoak ziren, eta azkenik tropikoetako sistema normalaren arabera etortzen zitzaizkion, nolabaiteko osasunaldi luzeen artean. McMaster jaunak belar-botikak ematen zizkion aldian behin.
«Zapore nazkagarria du», esan zuen Hentyk, «baina on egiten du, bai horixe».
«Oihanean guztirako botikak daude», esan zion McMaster jaunak; «indarberritzekoak eta gaixotzekoak. Ama indiarra nuen, eta belar askori antzematen irakatsi zidan. Tarteka nire emazteengandik ere ikasi izan dut. Badaude sendatzen duten landareak, edo sukarra ematen dutenak, hil edo erotu egiten zaituztenak, su~ geak uxatzen dituztenak, arrainak makaltzen dituztenak gero arbolako fruta bailiren eskua luzatu eta uretik hartu ahal izateko. Neronek ezagutzen ez ditudan botikak ere badira. Esaten da batzuek bizitzara itzularaz ditzaketela usteltzen hasi diren gorpuak, baina ez dut sekula halakorik ikusi».
«Baina zu ingelesa zara, ezta?»
«Aita zen ingelesa; beno, Barbadoskoa behintzat. Misiolari moduan etorri zen Guiana Britaimartera. Emazte zuria zuen, baina Guia nan utzi zuen urre bila abiatzeko. Gero nire ama hartu zuen. Shiriana emakumeak itsusiak dira, baina oso leialak. Nik asko izan ditut. Sabana honetan bizi diren gizon-emakume gehienak nire umeak dira. Horregatik obeditzen didate; horregatik eta eskopeta daukadalako. Aita izugarri luze bizi izan zen. Oraindik ez dira hogei urte hil zela. Gizon eskolatua zen. Ba al dakizu irakurtzen?»
«Bai, horixe».
«Jende guztiak ez du zorte hori. Nik ez dakit».
Hentyk barre egin zuen desenkusatuz. «Baina hemen ez duzu irakurtzeko aukera handirik izango noski».
«Horixe bada, hortxe dago koxka. Liburu asko dauzkat. Erakutsiko dizkizut hobeto zaudenean. Duela bost urte arte izan zen hemen ingeles bat; beltza zen, baina Georgetown-en eskolatua. Hil egin zen. Egunero irakurri ohi zidan hil zen arte. Hobetzen zarenean irakurri egingo didazu».
«Atsegin handiz egingo dut».
«Bai, irakurri egingo didazu», errepikatu zuen McMaster jaunak, edankuiaren beste aldetik buruaz baiezka eginez.
Eriondoko lehen egunetan Hentyk gutxi hitz egin zuen bere anfitrioiarekin; hamakan etzanda egoten zen lastozko sabaiari begira, emaztea gogoan, bere buruari behin eta berriz kontatuz elkarrekin eman zuten bizitzako gertakariak, tenislari profesionalarekin eta militarrarekin izandako aferak barne. Egunak, zehatzmehatz hamabi ordukoak denak, berrizi gabe pasatzen ziren. McMaster jauna lotara erretiratzen zen eguzkia jartzean, eta lanpatxo bat uzten zion piztuta -eskuz egindako metxa bat behi-gantzez betetako poto batetik zintzilik-, banpiroak uxatzeko.
Henty etxetik irten zen lehen egunean McMaster jaunak etxalde inguruan paseotxo bat egitera eraman zuen.
«Gizon beltzaren hilobia erakutsiko dizut», esan zuen, mangondoen artean zegoen muinotxo bateaa gidatuz. «Oso atsegina izan zen nire kin. Arratsaldero-arratsaldero, hil zen arte, bi orduz irakurri ohi zidan. Uste dut gurutze bat jarriko dudala, haren heriotzaren eta zure etorreraren oroigarri, ideia polita da. Jainkoarengan sinesten al duzu?»
«Egia esan, ez dut horretaz askorik pentsatu».
«Ez zaizu arrazoirik falta. Nik asko pentsatu dut, eta oraindik ez dakit. ... Dickensek sinesten zuen».
«Litekeena da».
«Bai horixe, bere liburu guztietan nabaritzen da. Ikusiko duzu».
Arratsalde hartan McMaster jauna oroigarri. bat egiten hasi zen beltzaren hilobirako. Trintxa handi batez aritu zen gogorraren gogorraz kirrinkak eta metal-hotsak ateratzen zituen zura lantzen.
Azkenean, Hentyk sukarrik gabe sei edo zazpi egun segidan zeramatzanean, McMaster jaunak esan zuen: «Honez gero nahiko ondo zaude liburuak ikusteko».
Txabolaren mutur batean mandio antzeko bat zegoen, teilatuaren hegaletan eraikitako plataforma. McMaster jaunak zurubia haren aurka bermatu eta igotzen hasi zen. Henty, oraindik kili-kolo gaixotasunaren ondoren, atzetik zihoan. McMaster jauna plataforman eseri zen eta Hentyk, zurubiaren goialdean, ingurura begiratu zuen. Fardeltxo batzuk zeuden pilatuta, trapuz, palmondo-hostoz eta ondu gabeko larruz estekatuak.
«Zaila izan da harrak eta inurriak urrun mantentzea. Bi ale ia erabat suntsituta daude. Baina indiarrek badakite olio mota oso eraginkor bat egiten».
Hurbilen zeukan fardela ireki eta txahal-larruz koadernaturiko liburua luzatu zion. Etxe goibelaren amerikar edizio zaharra zen.
«Nahi duzunarekin has gaitezke».
«Dickens atsegin duzu?
«Bai, jakina. Atsegin baino gehiago, askoz gehiago. Izan ere, entzun ditudan liburu bakarrak baitira. Aitak irakurri ohi zizkidan, eta gero gizon beltzak... eta orain zuk. Dagoeneko askotan entzun ditut, baina ez naiz aspertzen; beti dago ikasteko eta arreta jartzeko gauza gehiago, hainbeste pertsonaia, hainbeste eszenategi, hainbeste hitz... Dickensen liburu guztiak dauzkat, inurriek jandakoak salbu. Denbora asko behar da denak irakurtzeko; bi urte baino gehiago».
«Beno», esan zuen Hentyk alai, «nire bisitaldia ez ahal da hain luzea izango».
«Nik baietz espero dut. Zoragarria da berriro hastea. Aldi bakoitzean gozatzeko eta miresteko gauza gehiago aurkitzen ditudala iruditzen zait».
Etxe goibelaren lehen liburukia jaitsi zuten, eta arratsalde hartan Hentyk bere lehen irakurketa egin zuen.
Beti gozatu zuen ozen irakurtzen, eta ezkondu osteko lehen urtean zenbait liburu banatu zituen emaztearekin modu hartaz, harik eta egun batean hark, konfiantzazko une bakanetako batean, beretzat tortura bat zela aitortu zion arte. Haren ondoren zenbait aldiz pentsatu zuen atsegingarria izango zela haurrak izatea haiei irakurtzeko. Baina McMaster jauna entzule paregabea zen.
Agurea zangalatrau zegoen hamakan Hentyren aurrean, hari begirik kendu gabe, eta isiltasun osoz haren hitzei ezpain-mugimenduez jarraituz. Maiz, pertsonaia berriren bat agertzen zenean, irakurleari esaten zion, «Esañ berriz izena, ahaztuta neukan», edo, «Bai, bai, ondo gogoratzen naiz. Hil egiten da, emakume gajoa». Sarri askotan etenarazi egiten zion galderaren batez; baina galderek ez zuten izaten, Hentyk irudika zezakeen bezala, zerikusirik narrazioarekin -Lorden Ganberaren jarduera edo garaiko usadio sozialak bezalako gauzek, nahiz ulertezinak suertatu behar zitzaizkion, ez zuten kezkatzen-, pertsonaiekin baizik, beti pertsonaiekin. «Ea, emakumeak zergatik dio hori? Benetan ari al da? Zerk zorabiarazi ote du, suaren beroak ala paper horretako zerbaitek?» Algara bizian hasten zen bertakó ateraldiekin eta Hentyri barregarriak iruditzen ez zitzaizkion zenbait pasarterekin, eta bitan edo hirutan errepikatzeko eskatzen zion; eta gero, «Bakartien Kalea»n agertzen diren gizaseme baztertuen sofrimenduak entzutean malkoak zerizkion masailetan behera bizarreraino. Istorioari buruz egiten zituen iruzkinak sinpleak izaten ziren beti. «Uste dut Dedlock gizon oso harroa dela» , edo, «Jellyby andrea ez da bere seme-alabez nahikoa arduratzen». Hentyk ia anfitrioiak bezainbeste gozatzen zituen irakurketak.
Lehenbiziko egunaren amaieran agureak esan zuen, «Zoragarri irakurtzen duzu, beltzak baino azentu askoz hobea daukazu. Eta hobeto argitzen duzu dena. Badirudi ia-ia aita berriro hemen dagoela». Eta irakurraldi bakoitzaren amaieran gizalegez ematen zizkion eskerrak gonbidatuari. «Asko gozatu dut gaur. Atala izugarri zorigaitzekoa zen. Baina, oso oker ez hanago, dena konponduko da».
Bigarren liburukian sartuta zeudenerako, ordea, agurearen gozamenak eskaintzen zion berritasuna motelduz joan zen, eta Henty, na hiko sendotuta, egonezina sentitzen hasi zen. Behin baino gehiagotan aipatu zuen aldegin beharraren gaia, txalupez, euriaz eta gidariak aurkitzeko sistemez galdetuz. Baina McMaster jaunak entzungor egiten zuen, hitzerdi haiei jaramonik egin gabe.
Egun batean, Etxegoibelatik irakurtzeko geratzen ziren orriak erpuruaz pasatuz, Hentyk esan zuen, «Asko geratzen zaigu oraindik. Aldegin aurretik bukatu ahal izatea espero dut».
«Bai, gizona», esan zuen McMaster jaunak. «Ez zaitez horregatik kezkatu. Izango duzu bukatzeko beta, adiskidea».
Lehenbiziko aldiz, Hentyk halako mehatxuantza hartu zion anfitrioiaren jokabideari. Arratsean, eguzkia jarri baino lehentxeago jaten zúten tapioka-ahi eta gazikizko otordu laburrean, Hentyk ostera aipatu zuen gaia.
«Hara, McMaster jauna, iritsi zait zibilizaziora itzultzeaz pentsatzen hasteko garaia. Honez gero luzaroegi probetxatu naiz zure abegikortasunaz».
McMaster jaunak plateraren gainera makurtu zuen burua, tapioka-ahizko ahokadak murtxikatuz, baina ez zuen erantzun.
«Noiz uste duzu lortu ahal izango dudala txalupa bat? ... Esan dut ea noiz uste duzun lortu ahal izango dudala txalupa bat. Ez dut hitzik zure ontasuna eskertzeko, baina...»
«Erakutsi dizudan ontasuna sobera ordaintzen didazu Dickens irakurriz. Ez dezagun gai hau berriro aipatu».
«Hara, pozten nau gozatu duzula entzuteak. Nik ere gozatu dut. Baina benetan hasi behar dut itzultzeaz pentsatzen...»
«Bai», esan zuen McMaster jaunak. «Beltza ere horrelakoa zen. Beti zegoen horretaz pentsatzen. Baina hemen hil zen...»
Hurrengo egunean Hentyk birritan aipatu zuen gaia, baina anfitrioiak ez zuen ezer jakin nahi. Azkenean esan zion, «Barkatu, McMaster jauna, baina niretzat hil ala bizikoa da. Noit lor dezaket txalupa bat?»
«Ez dago txaluparik».
«Baina indiarrek bat egin dezakete».
«Euriei itxaron behar diezu. Orain ez dago nahikoa ur ibaian».
«Zenbat falta da?»
«Hilabete... bi hilabete...»
Bukatu zuten Etxe goibela, eta Dombey eta semea bukatzen ari ziren euria iritsi zenean.
«Aldegiteko prestakuntzei ekiteko garaia dut».
«Hori ezinezkoa da. Indiarrek ez dute txaluparik egingo euritean; beren sineskeria bat da».
«Zergatik ez zenidan esan?»
«Ez al nizun aipatu? Ahaztu egingo zitzaidan».
Hurrengo goizean Henty bakarrik irten zen anfitrioia lanpetuta zegoen bitartean eta, ahal zuen itxura axolagabeena eginez, aurrera egin zuen sabanan zehar indiarren txabola multzoraino. Lauzpabost Shiriana zeuden atari batean eserita. Ez zuten begirada jaso hurbildu zitzaienean. Bidaian barrena ikasitako Maku hitz urriez mintzatu zitzaien, baina ez zuten ulertzeko nahiz ez ulertzeko keinurik egin. Orduan txalupa bat marraztu zuen hondarrean, zurgintzazko mugimendu batzuk egin zituen, lehenbizi indiarrak eta gero bere burua seinalatuz, gero haiei zerbait emateko mugimenduak egin zituen, eskopeta, kapelua eta merkataritzako zenbait artikuluren ertza marraztuz. Emakume batek barre egin zuen, baina inork ez zuen ulertu zuelako keinurik egin, eta Henty bere nahia bete gabe joan zen.
Eguerdiko otorduan, McMaster jaunak esan zuen: «Henty jauna, indiarrek esan didate berekin hitz egiten saiatu zarela. Errazagoa da esan nahi duzun guztia niri esatea. Jabetzen zara noski ez luketela ezer egingo nire baimenik gabe. Izan ere, nire umetzat jotzen dute beren burua, eta sarri askotan arrazoia dute».
«Ba egia esateko, txalupa bati buruz aritu natzaie».
«Horixe esan didate niri. Eta orain, otordua bukatu baduzu, agian beste atal bat irakur genezake. Nahiko murgilduta nabil liburuan».
Dombey eta semea bukatu zuten. la urtebete joan zen Henty Ingalaterratik abiatu zenetik, eta betirako erbestezko susmo goibelak kolpetik areagotu zitzaizkion halako batean, Martín Chuzzlewit orrikatzen ari zela, lapitz-letra irregularrez idatzitako dokumentua aurkitu zuenean.
1919. urtea
Nik, Brasilgo James McMaster, zin egiten diot Georgetowneko Barnabas Washingtoni liburu hau, hots, «Martin Chuzzlewit», bukatzen badu aldegiten utziko diodala bukatu bezain laster.
Ondoren lapitzez idatzitako Xlodi bat zetorren, eta segidan: McMaster jaunak egindako marka, sinatuta Barnabas Washington.
«McMaster jauna», esan zuen Hentyk, «argi eta garbi hitz egin behar dizut. Bizitza salbatu didazu, eta zibilizaziora itzultzen naizenean ahal dudan modurik onenean ordainduko dizut. Zentzuzkoa den edozer emango dizut. Baina orain nire borondatearen aurka gordetzen nauzu hemen. Aske urtea eskatzen dizut».
«Baina gizona, zerk lotzen zaitu? Ez zaitu ezerk behartzen. Zoaz nahi duzunean».
«Ondotxo dakizu ezin joan naitekeela zure laguntzarik gabe».
«Kasu horretan, emaiozu atsegin agure bati. Irakur iezadazu beste atal bat».
«McMaster jauna, nahi duzunarengatik zin dagizut Manausera iristen naizenean nire lekua hartuko duen norbait aurkituko dudala. Gizon bati ordainduko diot egun osoan zehar irakur diezazun».
«Baina ez dut beste inoren premiarik. Zuk oso ondo irakurtzen duzu».
«Azkeneko aldiz irakurri dut».
«Ez nuke nahi», esan zuen McMaster jaunak gizalegez.
Arratsean, afalorduan, tapioka-ahi eta gaziki plater bakarra eraman zuten, eta McMaster jaunak bakarrik jan zuen. Henty isilik zetzan, goiko lastoari begira.
Hurrengo eguerdian plater bakarra ipini zuten McMaster jaunaren aurrean, baina oraingoan hark eskopeta zeukan belaunen gainean, muntatuta, jaten ari zen bitartean. Hentyk Martin Chuzzlewit irakurtzen jarraitu zuen etendako lekutik hasita.
Asteak etsi-etsian pasa ziren. Nicholas Nickleby eta Dorrit txikia eta Oliver Twist irakurri zituzten. Orduan arrotz bat iritsi zen sabanara, urre bilatzaile mestizoa. Gisa hartako gizonek bizitza osoa ematen zuten oihanean, errekatxoaztarnen bila, legarra báhetzen eta, ontzaz ontza, larruzko zorrotxoa urre-hautsez betetzen, gehien-gehienetan bakardadez eta gosez hiltzeko, bostehun dolarreko urre-haursa lepotik dilindan. McMaster jauna haserretu egin zen agerpen haren aurrean; tapioka-ahia eta passo pixka bat eman eta bidali egin zuen iritsi eta ordubetera, baina ordubete hartan Hentyk bere izena paper zati batean zirriborratu eta gizonaren eskuan jartzeko beta izan zuen.
Aurrerantzean itxaropena zegoen. Egunek aurrera egin zuten errutina aldagaitzean: egunsentian kafea, goiza egonean ematen zuen McMaster jauna etxaldeko lanetan han-hemenka ibiltzen zen bitartean, tapioka-ahia eta passo eguerdian, Dickens arratsaldean, tapioka-ahia eta passo, eta batzuetan fruta pixka bat ere bai afaltzeko, isiltasuna eguzkia jartzen zenetik egunsentia arte, metxa txikia behi-gantzean distiratzen eta goiko palmondo-lastoa ia sumatu ezinik. Baina Henty konfiantza eta itxaropen lasaian bizi zen.
Noizbait, urte hartan edo hurrengoan, urre bilatzailea herrixka brasildarren batera iritsiko zen, Hentyren berri emanez. Ezinezkoa zen Anderson espedizioaren hondamendia oharkabean pasa izana. Hentyk irudika zitzakeen prentsa herrikoian agertu behar izan zuten izenburuak; litekeena zen une hartantxe bilaketataldeak izatea berak zeharkatutako eskualdean; eta agian edozein egunetan ahots ingelesak adituko ziren sabanan eta dozena bat abenturazale lagun iritsiko ziren oihanean barrena. Irakurri ahala ere, bere ezpainek orrialde inprimatuei mekanikoki jarraitzen zieten bitartean, gogoa urrunduz zihoakion aurrean zeukan anfitrioi lehiatsu eroarengandik, eta bere buruari kontatzen hasi zitzaizkion etxeratzearen inguruko pasadizoak, zibilizazioarekiko berrelkartze mailakatuak; Manausen bizarra moztu eta arropa berria erosten zuen, dirua eskatzen zuen telegrafoz, telegramak hartzen zituen zorionak emanez; Belem-erako ibai-bidaldi lasaia gozatzen zuen, baita Europako bapore handia ere; Bordeleko ardo fina, haragi freskoa eta sasoiko barazkiak dastatzen zituen; lotsati zegoen emaztearekin elkartzean, nola hitz egin behar zion zalantzan... «Esan zenuen baino askoz luzeago izan zara kanpoan, maitea. Honez gero galdu zinela uste nuen...»
Eta orduan McMaster jaunak eten egin zuen. «Axola al zaizu pasarte hori berriz irakurtzea? Bereziki atsegin dut».
Asteak joan ziren; ez zegoen erreskate-taldearen arrastorik, baina Hentyk eguna jasan ahal izaten zuen biharamunean gerta zitekeenaren itxaropenaz; adeitasunezko zirrara xume bat ere sumatu zuen bere espetxezainarenganako, eta horregatik arrats batean hark auzo indiar batekin luze hitz egin ondoren ospakizun bat proposatu zionean, gogo onez eman zion baiezkoa.
«Bertako jaiak dira», azaldu zion, «eta píwari egiten aritu dira. Agian ez zaizu gustatuko, baina probatu beharko zenuke. Arratsean gizon horren etxera joango gara».
Hartara, afalostean sabanaren beste aldeko txabola batean suaren inguruan zeuden indiarrekin elkartu ziren. Kantatzen ari ziren era apatiko eta monotono batez, eta edankuia handi bat ahoz aho pasatzen. Gatilu bana ekarri zieten Hentyri eta McMaster jaunari, eta hamakak izan zituzten es~rtzeko.
«Dena edan behar duzu gatilua jaitsi gabe. Hala agintzen du etiketak».
Hentyk edabe iluna irentsi zuen ez dastatzen ahaleginduz. Baina ez zen atsegaitza, ahosabaian gogorra eta lokaztsua Brasilen eskaini ziz kioten edabe gehienak bezala; aitzitik, eztiaren eta ogi beltzaren lurrina zerion. Erosoago eseri zen, ezohiko poza sentituz. Beharbada une hartantxe bilaketa-taldea kanpatuta zegoen leku hartatik bidai egun batzuetara. Bien bitartean, bero eta logaletuta sentitzen zen. Kantuaren kadentziak gora eta behera egiten zuen etengabe, liturgia batean bezala. Beste edankuia bat piwari eskaini zioten, eta hutsik bihurtu zuen. Zabal-zabal etzanda geratu zen lastoan proiektatzen zen itzal-jokoari begira, eta Shirianak dantzan hasi ziren. Orduan begiak itxi, Ingalaterraz eta bere emazteaz pentsatzen hasi, eta lokartu egin zen.
Esnatu zenean, betiere txabola indiarrean, ohi baino luzeago lo egin zuela iruditu zitzaion. Eguzkiaren posizioagatik bazekien arratsalde amaiera zela. Bakar bakarrik zegoen. Erlojuaren bila hasi eta harriduraren harriduraz jabetu zen ez zeramala eskumuturrean. Festara etorri aurretik etxean utziko zuela pentsatu zuen.
«Bart gauean mozkor ederra harrapatu nian», hausnartu zuen. «Edari traidorea, alajaina». Buruko mina zuen, eta sukarra ostera etorriko ote zitzaion beldur izan zen. Oinak lurrean jarri zituenean konturatu zen nekez egon zitekeela zutik; balantzaka zebilen eta gogoa asaldatuta zeukan, eriondoko lehen asteetan bezala. Sabana zeharkatzen ari zela, behin baino gehiagotan gelditu behar izan zuen begiak itxi eta arnasa sakona hartzeko. Etxera iritsi zenean McMaster jaunarekin topo egin zuen.
«Adiskidea, berandu zatoz gaur arratsaldeko irakurketaldira. Ordu erdi eskas geratzen zaigu ilundu arte. Zer moduz zaude?»
«Pott eginda. Arranopola, edari hori ez da niretzat egina».
«Oneratuko zaituen zerbait emango dizut. Oihanean guztirako botikak daude; esnatzen zaituztenak eta lotarazten zaituztenak».
«Ez zenuen nire erlojua menturaz ikusiko?»
«Gabe al zaude?»
«Bai. Uste nuen soinean neramala. Aizu, ez nuen inoiz honen luze lo egin».
«Haurtxo bat zinenetik ez, behintzat. Badakizu zenbat denbora? Bi egun».
«Txorakeriak. Ezinezkoa da».
«Bai, horixe. Denbora luzea da. Lastima da, ez baitituzu gonbidatuak ezagutu».
«Gonbidatuak?»
«Bai, jauna. Entretenigarria izan da lo zeunden bitartean. Hiru gizon atzerritar. Ingelesak. Lastima da zuk ezagutu ez izana. Lastima haientzat ere; bereziki zu ikustera etorriak ziren eta. Baina zer egin nezakeen nik? Hain gustura zeunden lo. Honaino etorri ziren zu ikustera, beraz, axolako ez zitzaizula pentsatuz, eta haiek agurtzea Eznezkoa zitzaizunez, oroigarri txiki bat eman nien, zure erlojua. Zerbait nahi zuten zure emazteari eramateko, sari handia eskain tzen baitu zure berrien truke. Oso pozik jarri ziren harekin. Eta argazkiak egin zizkioten zure etorreraren oroigarri gisa ipini nuen gurutzetxoari. Hark ere pozik jarri zituen. Oso erraz pozten ziren. Baina ez dut uste beste bisitarik egingo digutenik, hemen bizitza hain bakartia daramagu... Atseginik ez dugu, irakurtzen hartzen duguna izan ezik. ... Ez dut uste berriro bisitaririk izango dugunik. ... Tira bada, botika ekarriko dizut hobeto senti zaitezen. Buruko mina duzu, ezta? ... Gaur ez dugu Dickens irakurriko. ... Baina bihar, eta etzi, eta etzidamu bai. Irakur dezagun berriro Dorrit Txikia. Liburu horretako zenbait pasarte entzuten ditudan bakoitzean negar egiteko gogoa izaten dut».
Loveday jaunaren ateralditxoa
1
«Aita ez duzu oso aldatuta aurkituko», ohartarazi zion Lady Mopingek autoak Udal Zoroetxeko atea zeharkatu zuenean.
«Uniformez jantzita al dabil?», galdetu zuen Angelak.
«Ez, maitea, ez horixe. Ezin hobeto zaintzen dute».
Angelaren lehen bisitaldia zen, eta berak ira~ doki zuelako eraman zuten alta ikustera.
Hamar urte iragan ziren Lord Moping barneratu zuten uda amaierako egun euritsu hartatik; Angelarentzat oroitzapen nahasi baina samineko eguna izan zen; Lady Mopingen urteroko lorategi-festa eguna, beti samina, eta egun hartan nahasi samarra eguraldiaren gurariagatik; izan ere, lehen gonbidatuak iritsi artean argi, distiratsu eta promesez betea izanik, kolpetik beltz eta ekaiztsu bihurtu baitzen. Jendea korrika abiatu zen aterbera; kanpadenda handia bertan behera erori zen; zerbitzariak kuxin eta aulkiekin joan-etorri bizian hasi ziren; haizeak mahai-oihal bat Txileko pinuaren adarretan utzi zuen, euritan astintzen; atertu zuenean gonbidatuak arretaz irten ziren belardi blaituetara; beste ekaitz bat; beste hogei minutu eguzki. Arratsalde higuingarria izan zen, eta seiak aldean gailurrera iritsi zen bere aitaren suizidiosaioarekin.
Lord Mopingek suizidioz mehatxatzeko ohitura zeukan lorategi-festa zegoen bakoitzean; urte hartan aurpegia ubelduta aurkitu zuten, tiranteez urkatuta laranjondo-berotegian; auzo batzuek, euritik babesteko bertaratuak, lurrera jaitsi zuten, eta afalordua baino lehen anbulantzia bat joan zitzaion bila. Harrez geroztik, Lady Moping tarteka joaten zitzaion bisita egitera eta te-ordurako etxeratzen zen, esperientziaz hitz egiteko gogorik gabe.
Bere auzokide askori ez zitzaien egokia iruditzen Lord Mopingen lojamendua. Baina han ez zen egoile arrunta, noski. Zoroetxeko hegal berezi batean bizi zen, zoro aberatsagoak bes~ teengandik banatzeko propio egina. Bertakoei ardura osoa eskaintzen zitzaien, beren maniek permititzen zuten neurrian. Beren arropa aukera zezaketen (batzuk fantasia bizienetara ematen ziren), marka garestienetako puroak erre zitzaketen, eta beren barneratzearen urteurrenetan afari pribatu batera gonbida zitzaketen be~ rekin harreman estua zuten beste zoroak.
Hala ere, esan beharra dago hura ez zela insritúzio-mota garestiena, inola ere ez; «GOGOURRITUENTZAKO UDAL EGOITZA» deitu ra zorrotzak, gutun-paperetan inprimatua, bertako begiraleen uniformeetan josia, sarrera nagusiko txartel nabarmenean ere pintatua, asoziazio baxuenak iradokitzen zituen. Noizean behin, diskrezio gutxiago edo gehiagorekin, Lady Mopingen lagunak saiatzen ziren hari itsas aldeko kliniken xehetasunak ematen, «doktore oso argiek zuzenduak dira, nerbioetako gaixotasun zailentzat egokiak diren lursail pribatu zabalak dituzte», baina Lady Mopingek ez zituen aintzat hartzen; semea adin-nagusitasunera iristen zenean egoki irizten zien aldaketak egin ahal izango zituen; bien bitartean, ez zuen errejimen ekonomikoa lasatzeko inongo asmorik; senarrak traizió lotsagarria egin zion berak laguntza leiala eskatzen zion urteko egun bakarrean, eta merezi baino hobeto irten zen hartatik.
Beroki astunez jantzitako pertsona bakarti batzuk zebiltzan belardian barrena, urrats luzeez batzuk, oinak arrastaka besteak.
«Horiek klase apaleko zoroak dira», esan zuen Lady Mopingek. «Zure aita bezalako jendearentzat lorategitxo eder bat dago. Iaz aldaska batzuk bidali nizkien».
Adreilu horizko fatxada soilaren ondotik pasatu eta doktorearen sarrera pribatura iritsi ziren. Bertan autoa utzi eta doktoreak gisa hartako elkarrizketetarako paratuta zeukan «bisitagela»n hartu zituen. Leihoa burdinazko barrotez eta sarez babestuta zegoen barnealdean; ez zegoen sutondorik; Angela, urduritasunak bultzatuta, aulkia erradiadoŕetik urruntzen saiatu zenean, konturatu zen zorura torlojuz lotuta zegoela.
«Lord Moping zuek ikusteko prest dago», esan zuen doktoreak.
«Zer moduz dago?»
«A, oso ondo, primeran, oso pozik nago. Hotzeri itsusia izan zuen duela pixka bat, baina bestela egoera ezin hobean dago. Denbora ugari ematen du idazten».
Zoru baldosatuaren gainean oinak herrestan zeramatzan norbait aditu zuten. Atearen beste aldean ahots mehe kexati batek, Angelari aitarena iruditu zitzaiona, zioen: «Ez dut astirik, benetan. Itzul daitezela beranduago» .
Landetako azentu xumea zeukan ahots atseginago batek erantzun zuen, «Tira, gizona. Ikustaldi erabat formala da. Nahi baino luzaroago ez duzu geratu behar».
Orduan atea bultzatu zuten (ez zeukan ez kisketik ez sarrailarik) eta Lord Moping gelara sartu zen. Ile zuri-zuria eta adeitasun handiko aurpegiera zuen aguretxo batek laguntzen zion.
«Hau Loveday jauna duzue, Lord Mopingen laguntzailea».
«Idazkaria», esan zuen Lord Mopingek. Astiro hurbildu eta bostekoa eman zion emazteari.
«Angela duzu hau. Gogoratzen zara Angelaz, ezta?»
«Ez, ezin dut halakorik esan. Zer nahi du?»
«Zu ikustera etorri gara, besterik gabe».
«Ba tenore izugarri desegokian etorri zarete. Oso lanpetuta nabil. Idatzi al duzu Aita Santuarentzako gutun hori, Loveday?»
«Ez, milord. Berori gogoratuko da noski lehenbizi Ternuako arrantzatokiei buruzko zifrak begiratzeko eskatu zidala».
«Halaxe da. Tira, berdin dio, gutun osoa berridatzi behar delakoan nago eta. Informazio berri pila bat iritsi zait bazkalordutik hona. Pila bat... Beraz, maitea, erabat lanpetuta nago». Jakinminezko begirada urduria zuzendu zion Angelari. «Danubioarenagatik etorriko zinen inondik ere. Ba besteren batean etorri beharko duzu. Esaiezu konponduko dela, dena konponduko dela, baina ez dudala behar adina arreta emateko astirik izan. Esaiezu hori».
«Oso ondo, aita».
«Gainera», esan zuen Lord Mopingek umore txarrez, «bigarren mailako arazoa da hori. Lehenbizi Elba, Amazonas eta Tigris ibaiei ekin behar diegu, ezta, Loveday? ... Danubioa, alajaina. Ibaitxo ziztrin halakoa. Niretzat erreka besterik ez da. Tira, ezin naiz geratu, atseginak izan zarete etortzen. Gehiago egingo nuke zuen alde ahal banu, baina ikusten duzue zein lanpetuta nagoen. Idatz iezadazue horri buruz. Hori da. .Jar ezazue dena idatziz».
Eta hura esanez gelatik irten zen.
«Ikusten duzue egoera ezin hobean dagoela», esan zuen doktoreak. «Mardultzen ari da, ederki ari da jaten eta lo egiten. Egia esan, bere sistema osoaren tonua orbanik gabea da».
Atea ostera zabaldu eta Loveday itzuli zen.
«Barkatu itzultzea, doktorea, baina beldur nintzen andereñoa kezkatuta ote zegoen milordek antzeman ez izanagatik. Ez diozu jaramonik egin behar, andereñoa. Hurrengoan oso pozik jarriko da zu ikustean. Baina gaurkoan suminduta dago lanean atzeratu sainar dabilelako. Hara, doktore jauna, aste osoa daramat liburutegian laguntzen eta ezin izan ditut milorden txosten guztiak makinara pasatu. Eta bera ere nahasi egin da fitxategiarekin. Horregatik izan da. Ez du asmo txarrik».
«Bai gizon atsegina», esan zuen Angelak Loveday bere zereginetara itzuli zenean.
«Bai. Ez dakit zer egingo genukeen Loveday zaharra gabe. Denek maite dute, bai langileek bai pazienteek».
«A, bai, gogoratzen dut. Lasaitu ederra ematen du halako zaindari onak dituzula jakiteak», esan zuen Lady Mopingek; «ez dakien jendeak mozolokeria galantak esaten baititu zoroetxeei buruz».
«Baina Loveday ez da zaindaria», esan zuen doktoreak.
«Esan nahi duzu bera ere alditsua dela?», esan zuen Angelak.
Doktoreak zuzendu egin zuen.
«Egoilea da. Kasu nahiko interesgarria da, gainera. Hogeita hamabost urte daramatza hemen».
«Ba ez dut inoiz pertsona zentzuzkoagorik ikusi», esan zuen Angelak.
«Halako itxura ematen du, bai», esan zuen doktoreak, «eta halaxe tratatu dugu azken hogei urteotan. Etxe honen bizitza eta arima da. Ez da paziente pribatua, noski, baina haiekin nahasten uzten diogu. Bikaina da bilarrean, esku-jokoak egiten ditu kontzertuetan, gramofonoak konpontzen dizkie, haien zerbitzaria da, eta lagundu egiten die gurutzegrametan eta bestelako, e... hobbyetan. Emandako zerbitzuen truke eskupeko xumeak ematen uzten diegu besteei, eta honez gero nolabaiteko dirutza egingo zuen. Trebea da paziente zailenekin ere moldatzen. Gizon paregabea leku honetarako».
«Baina zergatik dago hemen?»
«Ba gauza nahiko tristea da. Oso gaztea zela, norbait hil zuen, ezagutzen ez zuen neskato bat; bizikletatik bota eta itoarazi egin zuen. Bere burua entregatu zuen berehalakoan, eta hemen izan da geroztik».
«Baina orain guztiz kaltegabea da. Zergatik ez diozue joaten uzten?»
«Beno, denon onerako izango balitz kalean legoke inondik ere. Ez du seniderik, Plymouthen bizi den arrebaorde bat izan ezik. Garai batean bisita egitera etortzen zitzaion,, baina urteak dira ez dela agertzen. Bera oso pozik bizi da hemen, eta ziur egon zaitezke ez dugula guk urratsik emango hemendik joan dadin. Baliagarriegia da guretzat».
«Baina ez dirudi bidezkoa», esan zuen Angelak.
«Pentsa zure aitaz», esan zuen doktoreak. «Galduta egongo litzateke Loveday idazkari izango ez balu».
«Ez dirudi bidezkoa».
2
Angela zoroetxetik irten zen, bidegabekeriazko irudipen baten zamapean. Bere ama ez zegoen ados.
«Pentsa, bizitza osoa eroetxe batean hertsita ematea».
«Laranjondo-negutegian urkatzen saiatu zen», erantzun zion Lady Mopingek, « ChesterMartindarren aurrean».
«Ez naiz aitaz ari. Loveday jaunaz ari naiz».
«Ez dut uste ezagutzen dudanik».
«Bai, aita zaintzeko jarri duten eroa».
«Zure aitaren idazkaria. Gizon oso adeitsua, nire ustez, eta bere lanerako ezin egokiagoa».
Angelak apur batez baztertu zuen gaia, baina hurrengo egunean bazkalorduan berrekin zion.
«Ama, zer egin behar da norbait eroetxetik ateratzeko?»
«Eroetxetik? Jainkoarren, neska, ez duzu nahiko zúre aita hona itzultzea noski».
«Ez, ez. Loveday jauna».
«Angela, erabat nahastuta ikusten zaitut. Konturatzen naiz hutsegitea izan zela atzoko bisitalditxora nirekin eramatea».
Bazkalondoan Angela liburutegian sartu zen, eta luze gabe buru-belarri murgilduta zegoen entziklopedian agertzen ziren ero-legeei buruzko xehetasunetan.
Ez zion amari gaia berriz aipatu, baina bi aste beranduago, aitaren hamaikagarren Barneratze Festarako faisai batzuk eraman behar zirela eta, Angelak berak eramateko desio ohigabea agertu zuen. Ama bestelako gauzetan lanpetuta zebilen, eta ez zitzaion susmagarria iruditu.
Angela bere auto txikian abiatu zen zoroetxera, eta ehiza entregatutakoan Loveday jaunaz galdetu zuen. Une hartan lanpetuta zegoen koroa bat egiten, edozein unetan Brasilgo Enperadore izendatuko zutela espero zuen egoile batentzat, baina egiteko hura utzi eta minutu batzuk eman zituen Angelarekin hizketan. Honen aitaren osasunaz eta umoreaz mintzatu zirén. Denbora puska bat pasata Angelak galdetu zion, «Ez al duzu inoiz hemendik irteteko gogoa izaten?»
Loveday jauna begi berde-urdin adeitsu haietaz so geratu zitzaion. « Hemengo bizitzara ohitu naiz, andereñoa. Gogoko dut hemengo jende gaixoa, eta uste dut haietako batzuek gogoko nautela. Edo behintzat, nire mina izango luketela joango banintz».
«Baina ez duzu inoiz pentsatzen berriro libre izatea?»
«Bai horixe, andereñoa, pentsatzen dut; ia etengabe pentsatzen dut horretaz».
«Zer egingo zenuke aterako bazina? Izango da noski hemen geratzea baino nahiago zenukeen zerbait».
Agurea urduri mugitu zen. «Hara, andereñoa, esker txarrekoa dirudi, baina ezin uka dezaket pozik onartuko nukeela ateralditxo bat, gozatzeko zaharregia izan baino lehen. Denok dauzkagu geure irrika gordeak, eta sarri askotan izan dut gauza bat egiteko desioa. Ez galdetu zer den. ... Ez luke luzaro iraungo. Baina uste dut hori egindakoan, egun batean bakarrik, agian arratsalde batean bakarrik, orduan lasai hil ahal izango nintzatekeela. Adore berriz ekin ahal izango nioke hemengo jende gaixoari laguntza emateari. Bai, hori uste dut».
Angelaren begiak malkotan zeuden arratsaldean abiatu zenean. «Bere ateralditxoa izango du gizagaixoak, bai horixe», esan zuen bere artean.
3
Egun hartatik aurrera, aste askotan zehar, Angelak helburu berri bat izan zuen bizitzan. Aire kontzentratu batez eta erreserbazko kortesia ohigabea erabiliz mugitzen zen etxeko errutina arruntean zehar, Lady Moping erabat nahasita utziz.
«Uste dut neska maiteminduta dagoela. Egbertsondarren mutil zakar hori ez izatea espero dut».
Asko irakurtzen zuen liburutegian, zorrotz aztertzen zituen legezko edo medikuntzazko ezaguerak zituztela uste zuten gonbidatuak, eta erabateko begirunea erakusten zion Sir Roderick Lane-Foscote beren parlamentari zaharrari. «Alienista», «abokatu» edo «gobernu-funtzionari» hitzek lehen zine-artistek eta borrokalari profesionalek izaten zuten halako distira bat hartu zuten Angelarentzat. Kausa baten atzetik zebilen emakumea zen, eta ehiza-sasoia amaitu orduko irabazi egin zuen. Loveday jaunak askatasuna lortu zuen.
Zoroetxeko doktorea uzkur agertu zen, baina ez zuen kontra handirik egin. Sir Roderickek Barne Ministeritzara idatzi zuen. Beha rrezkoak ziren paperak sinatu zituzten, eta Loveday jaunari azkenik iritsi zitzaion hainbeste urte baliagarri eman zituen etxea atzean uzteko eguna.
Zenbait zeremoniak markatu zuten haren irteera. Angela eta Sir Roderick Lane-Foscote doktoreen ondoan eserita zeuden gimnasioko tribunan. Azpian biltzen ziren emozioa jasateko gai omen ziren instituzioko pertsona guztiak.
Lord Mopingek, atsekabezko esaldi egoki gutxi batzuk adieraziz, urrezko zigarro-kutxa bat eman zion Loveday jaunari ero aberatsen izenean; beren burua enperadoretzat hartzen zutenek domina eta ohore-tituluz bete zuten. Zaindariek zilarrezko erlojua eman zioten, eta ordaintzen ez zuten egoileetako askok negar egin zuten zeremonia egunean.
Doktoreak egin zuen arrutsaldeko hitzaldi nagusia. «Gogoan hartu», ohartarazi zion, «gure asmo onenak eta beroenak baino ez dituzula atzean uzten. Inork ahaztuko ez dituen loturek elkartzen zaituzte gurekin. Denborak zurekin dugun zor-sentimendua sakondu besterik ez du egingo. Etorkizunean inoiz aspertuko bazina munduko bizitzaz, hemen beti izango zara ongi etorria. Postua zure zain izango duzu».
Dozena bat inguru egoilek, eromen-maila desberdinekoak, jauzika eta saltoka jarraitu zioten bidean barrena, harik eta burdinazko ateak zabaldu eta Loveday jauna askatasunera irten zen arte. Haren maletatxoa aurretiaz bidali zuten geltokira; berak nahiago izan baitzuen oinez joan. Ez zuen bere planei buruz hitz egin nahi izan, baina ez zitzaion dirurik falta, eta gehienek uste zuten Londresera abiatuko zela ondo pasatzera, Plymouthen zeukan arrebaordea bisitatzera joan aurretik.
Denak harrituta geratu ziren Loveday askatu zutenetik bi ordutara itzuli zenean. Irribarre bitxi bat zeraman aurpegian, oroitzapenezko irribarre barnerakoi atsegina.
«Itzuli naiz», jakinarazi zion doktoreari. «Uste dut oraingoan betiko geratuko naizela hemen».
«Baina Loveday, bai oporraldi laburra. Ia ez duzu ondo pasatzeko betarik izan eta».
«Bai horixe, jauna, eskerrik asko, oso ondo pasatu dut. Urte guztiotan plazer txiki bat agindu nion neure buruari. Laburra izan da, jauna, baina guztiz atsegingarria. Orain berriro ekin ahal izango diot hemen dudan lanari inolako damurik gabe».
Zoroetxeko bidean, milla erdi bat haratago, bizikleta abandonatu bat aurkitu zuten gerora. Emakume-bizikleta zahar samarra zen. Handik hurbil, bide ondoko erretenean, neska gazte baten gorputz itoarazia zetzan: etxera tea hartzera zihoala, bidean barrena bere aukerez meditatzen zihoan Loveday jauna aurreratzera menturatu zen neska gaztearen gorpua.