Etienne Decrept

 

MAITENA

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Maitena: pastorala hitz neurtuz eta larriz egiña: bi-zatitan Charles Colin-en musikarekin, Ettiene Decrept. RIEV, 155-206 o., 1910.

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00579.htm

 

 

MAITENA

 

PASTORALA HITZ NEURTUZ ETA LARRIZ EGIÑA

CHARLES COLIN-EN MUSIKAREKIÑ

 

BI ZATITAN

 

       Denbora huntako alegia. Teatriak itxuratzen dauku sorropill bat menditto baten gañian. Erdian, harrizko gurutze zahar bat. Eskoñetarik, orga bide baten hastapena zoñek daramana, gurutziaren azpitik, ithurri baten alderat. Ithurria, urrunxko baita, ezta ageri. Bide hortarik hurbill, laborari etxe handi bat, haitzez inguratua. Etxe hunen gibelian, hirirat duan bidexka bat. Huntarik eta bertze biderat, teatriaren honduan, sasi-geretadun batek zabaltasun guzia atxikitzen du. Sasitik haratago etxe mulxo bat eta, arras urrun, Españiako mendiak. Exkerretarik haitz eta zurxuriak, landa baten aintziñian.

       Gurutziaren eta eskoñeko bidiaren bazterrian lur zapatuz egiñikako alk ak.

       Eskoñeko etxiak izan detzazke azinden heyak beherian eta yendien egoitza gañian. Harrizko eskaler batek huntarat helaraz dezala. Etxeko alabaren gelako leihorat eskaleretik hurbill ditake. Haratxago eskalera ezkaatzeko athiari buruz akabatzen da.— Ezpada hola antolatzen ahal, yendien egoitza beherian izanen da.

       Maitena lehen aldiko argitarat emana izan da Bilbon, Campos-Eliseos deitzen den Teatrian 1909ko Mayatzaren 29an. «Sociedad Coral» izena dueneko kantariak ziren agerzalliak.

 

 

PASTORALAKO

HITZKARIAK ETA AGERZALLIAK

 

PIARRES: Laborari zaharra (J. MOLINA).

BATIXTA: Piarresen semia (E. URRICELQUI).

GANIX: Hauzoko etxenausi ona (D. PORTUONDO).

DOMINGO: Pillotaria (F. ALONSO).

MAITENA: Piarresen alaba (M. BADENES).

XAADIÑ: Batixtaren andria (C. BADENES).

LABORARI BAT (A. LARRAÑAGA).

EMAZTE BAT (D. BRAVO).

LABORARIAK (gizon eta emazte).

 

 

ZATI LEHENA

 

 

LEHEN AGERRALDIA

 

MAITENA lehenik, gero DOMINGO.

 

MAITENAK (Pegarra hankaren gañian, eskaleretik yausten da kantatzen duelarik.)

              Amodio bat badut berriki sortua,

              Behar litaken baño beinau xoratua!

              Goizetik illhunzerat hor hemen banua,

              Agertuko zitzaitan ene maiteñua...

 

DOMINGO agertzen da oskoñeko bidetik. Bi xixtera, bat bertziaren barnian kokatuak, hautan espartiñ eta pillotak mokanes gorri batez inguratuak, beso azpian ditu.

 

MAITENA ikustiarekiñ bahatxiago aintziñatzen da mutikua. Nexka ere gelditu da eta bi gaztiek elkar behatzen dute, irri ixill bat ezpañetan.

 

DOMINGOK: Nor ote duzu maiteño hori, Maitena?

MAITENAK: Kantua mintzo da... ez ni.

DOMINGOK: Nahi nuke goguan duzuna kantatu bazindu eta ni banintz kantuko maiteñua.

MAITENAK: Beti aho eder, zu!

DOMINGOK: Zuretzat? Berritz eta beti!

MAITENAK: Ez baziñe hoin maltzurra!...

DOMINGOK: Nor da ba ni baño zuzenagorik?

MAITENAK: Zu baño? (irri luze bat egiten du)

DOMINGOK: Maitena, zer da irri hori?

MAITENAK: Ha! Ha! Hor balauzi hola bildu ditutzun gaixoñuak!

DOMINGOK: Ba! Eztut hekientzat amodiorik izan. Fantesia pixka bat... doi-doya. (Hurbilltzen da MAITENARI) Amodioak berekiñ dabill errespetua, eta ene ahotik eztuzu aingeruek entzun ahal ez luketen hitzik entzun... zuk MAITENA.

MAITENAK: (eztiki) Egia da.

DOMINGOK: Egun ere zertako utzi ditut hirian lagunak hoin goizik? Zuri exateko Xillar benzutu dutala.

MAITENAK: (loriatua) Xillar?

DOMINGOK: Ba. Hemendik goiti pillotari handienen errunkan izanen naiz. Oste duzuya fantesiaz maite nintuenenzat hola aldaratuko nintzala?

MAITENAK: Nik dakita?

       Kantatzen du burua aphaldurik.

              Hobeki har nezake zure erasia,

              Gizonentiat banaki zer den fantesia.

DOMINGOK: (eztiki)

              Arteka illhun hori begien artian

              Etzazula ba tinka ene entzutian.

       MAITENAREN eskua berian harturik:

              Fantesia da su eztiñobat axalian dena gelditzen;

              Haren sukarra bihotzetikan ezta sekulan hurbilltzen;

              Berotzen badu hartu duena eztu, ez, aise erretzen.

MAITENAK: (trufaz)

              Miñ ezti horrek hurbill ahal du kausitzen erremedio.

              Nahiz eztuen berak frogatu, ene zenzuñoak dio:

              Zuk fantesia deitzen duzuna deitzen dela amodio!

DOMINGOK:

              Amodioa eztela izan oraño zure barnerat,

              Ematen duzu, ene maitia, argiki ezagutzerat.

              Ez balitz hola etzintuzke utz hoin ariñki mintzatzerat.

MAITENAK:

              Beraz emadazu ba zerden ikusterat.

DOMINGOK:

              Amodioa zerden aitzazu, Maitena:

              Gizonaren nausirik izigarriena.

              Hegal ukhaldi batez ukhitzen duena

              Esklabo da betiko errege horrena.

MAITENAK: (irriz)

              Esklabo izatia: Oi! Zer zoriona!...

DOMINGOK:

              Zorion handiena ginduke oraitik,

              Elkarrenak bagiñe nausi horrengatik.

              Bañan libro bazare haren ukhalditik,

              Ez bazaitu gidatu niganat eskutik,

              Eztut pena kenduko ene bihotzetik.

MAITENAK:

              Zorionian nahi dut bizi oraitik

              Elkarrenak bagare nausi horrengatik.

              Kolpatua naiz ere haren ukhalditik.

              Aspaldi gidatu nau zuganat eskutik:

              Penak kenduko ditut zure bihotzetik.

 

Biek

 

DOMINGOK:

              Kolpatua bazare haren ukhalditik,

              Eneganat gidatu bazaitu eskutik

              Pena kenduko duzu ene bihotzetik

MAITENAK:

              Kolpatua naiz ere haren ukhalditik

              Aspaldi gidatu nau zuganat eskutik

              Penak kenduko ditut zure bihotzetik.

 

(Biak elkarri behatzen dutelarik ixillik dauzi ixtaño bat.)

 

MAITENAK: Siñesten dut maite nauzula, Domingo, eta zuria izanen naiz. Bañan aitak eztu nahiko!...

DOMINGOK: Erakusten diozkatenian, hemendik bizpa hiru urteren buruan, zembeit ehun untza urrhe, suhitzat hartuko nau.

MAITENAK: Gaixo Domingo, nun bilduko ditutzu untza hoik?

DOMINGOK: Ene ofizio berriarekiñ Ameriketan.

       Arratsalde huntan, phartidatik lekhora, yaun batek galdetu daut nahi nukenez Buenos-Airesetat gan, han duen plaza batian piliotan haitzeko. Hamar milla libera urrhetan emanen dauzkit sei illabetentzat, gastu guziak bere gañ.

MAITENAK: Zer sosak! Hamar milla libera!

DOMINGOK: Ba eta trebesak libro! Bizkaiko pillotari batzuek fortuna egiñ dute eskualde hartan. Nik, hiru urtez, zuk dukezun dotia baño gehiago bill dezaket.

MAITENAK: Baditake... Hatik, maite banauzu zaude hemen.

DOMINGOK: (harriturik) Eztuzu burua galtzen, Maitena? Zer nahi duzu egiñ dezadan, hemen egonez? Espartiñ zola yosten, xirola yotzen eta noizian behiñ —egun bezala— partida bakhar batzuen irabazten? Ene hazteko doya... Eznau sekulan nahiko zure aitak.

MAITENAK: Billduko dut.

DOMINGOK: Aisiago egiñ lezake ene diruak.

MAITENAK: Ba, eta hango neskek zu.

DOMINGOK: Ni?

MAITENAK: Beldur naiz.

DOMINGOK: Beraz beti dohakabe egon beharko dut?

MAITENAK: Hola etzaitut galduko.

DOMINGOK: Hoinbertze maite nauzu ba? Maitena...

       Eskua hartzen du Maitenari eta bereganat helarazten hau.

       Yainkuaz! utz nezazu! Norbeit heldu da.

 

(Domingok uzten du)

 

MAITENAK: Etzaitela gan Ameriketat.

DOMINGOK: (bahatxe) Ager zaite leihorat illhundu eta... mintzatu behar dugu hortaz...

MAITENAK: Ez! Ez!

DOMINGOK: Ba! Ba! Sarri arte, ene Maitena maitia.

MAITENAK: Ez! Ez!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

MAITENA — DOMINGO — GANIX

 

GANIX sartzen da geretatik. MAITENA abiatzen da ithurriko alderat.

 

GANIXEK: (hurbilltziarekiñ) Zer da ba? Nork ganazten zaitu hemendik? Nik ala Domingok?

MAITENAK: Ez batek eta ez bertziak. Afaiteko tenoriak ganazten nau...ithurria ez beita hemen.

GANIXEK: Ez bide dire ostatutik itzuliak zuen gizonak, Maitena?

MAITENAK: Bezperak onduan: Ez omen dute muslaririk atxeman eta abantzu gurekiñ heldu ziren... Ikus arte, yaunak.

 

(Badua).

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

DOMINGO — GANIX

 

GANIXEK: (trufa irri batekiñ) Zerbeit ehituen eman nahi, andereñuak.

DOMINGOK: Uste duka?

GANIXEK: Ezetz ziokan.

DOMINGOK:  Egia duk; galdetu zioyat hala denez emazte zaharrek diotena.

GANIXEK: Zer ziotek?

DOMINGOK: Galdetu dukala Maitena Piarres zaharrari!

GANIXEK: Eta gero?

DOMINGOK: (irri handi batekiñ) Eta...Maitenak nahi hauela.

GANIXEK: Zer da hortan irriñgarririk?

DOMINGOK: (beti irriz) Gauza gutti...

GANIXEK: Egiñtzak irri, mutikua. Egiñtzak... Orduan... Maitenaren "EZ EZ" heikiek nahi zieten erran?...

DOMINGOK: Eztuela hi bezalako senharrik behar.

GANIXEK: Hire beharra likek, menturaz?

DOMINGOK: Nork zakik?... Bazukek, hauxo!

GANIXEK: Ez huke petrenzione txarra... Xirol!

DOMINGOK: (koleran) Hik beziñbat balio diat gero... Jauregy!

GANIXEK: Errakok Piarresi...

DOMINGOK: (molsa ateraturik) Guk ere baitiagu hogoi liberakuak huntan, gaizo Ganix!...

GANIXEK: (kantatzen du)

              Gaizo Ganix!...

              Ganix hunek baitik: Etxe eder bat,

              Hiru landa handi eta ttiki bat,

              Bi sorro, bi oihan, mahastiño bat,

              Hogoi idi, behi eta zaldi bat.

              Ohoz eta xitoz: nork zakik zembat?

              Zillar eta urrhe saski erdi bat...

              Atxemak holako bertze gaizo bat!...

DOMINGOK: (trufaz)

              Eztik ene aitak etxerik utzi...

              Haren lurretarik aise nauk bizi...

              Ene arnuak likek usaña bizi...

              Behiak lasterxko ditiat deitzi...

              Ollua behar nikek hiretik hazi...

              Urrhiaren biltzia zaitak ahantzi:

              Hire fortunari milla goraintzi! —

       Gaphelua, Ganixi buruz, ateratzen du.

GANIXEK:

              Etxe oneko yabiak

              Idekitzentik begiak...

              Hitz ederrentzat —ezpada bertzerik—

              tapatzen bi beharriak...

              Eta zaluxko kanporat bialtzen

              amoros sosik gabiak.

DOMINGOK:

              Hor erraten dautakena

              Lukek arrazoñ zuzena,

              Aski hazkarra, indar guziekiñ,

              balitz etxeko yaun ona

              Ateratzeko bere alabari

              kaskuan sartu zayona.

GANIXEK:

              Eskual-Herriko nexkatxek

              Bihotz amulsua ditek.

              Hatik! Ezkontzak unsa doazila

              beti danik bazakitek,

              Bi diru meta, elkar iduriak,

              dituztelakotz esposek.

DOMINGOK:

              Oi! Zer yuyamendu hotza,

              Amorosentzat arrotxa.

              Maite duenak sosaren azpian

              eztik aphaltzen ezkontza...

              Dakidan batek hañitz gorago dik

              alxatu bere bihotia!

 

(PIARRES agertzen da ezkaatzeko athian).

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

DOMINGO — GANIX — PIARRES

 

PIARRESEK: (irri dorpe batekiñ) Hik dakikan hori aise gora ganen duk hik beziñ ariñ badik sakola.

DOMINGOK: Edozeñ nexkatxa handi beziñ handia da.

GANIXEK: (irriz) Bazindaki, Piarres nortaz mintzo den.

PIARRESEK: Ez ahalduk gure Maitenaz?

GANIXEK: Preseski ba.

PIARRESEK: Gure Maitena, horrek? Xirol soñulariaren semiak? Errak to, Yanfutria, hik huke Landaburuan sartzeko kopeta?

DOMINGOK: (eztiki) Eztut holakorik erran.

GANIXEK: Hala hartu diat ba.

PIARRESEK: Dadiñ ala ez, entzunak hau: Hire ollar dohañak hire errunkako ollandekiñ enplegatzik. Denbora galduko duk gure ohatzian sortu denari yarraikiz... Denbora eta beharri bat, ezpadire biak...

DOMINGOK: Ez baziñe zaharra, azken hitz horiek paga zintuzke eskarniatzen duzunari -Bo! omore onian naiz! (Irri batekiñ) Ikus arte, Piarres. Musu bat Maitenari.

 

(Beti irriz ithurriko bidetik badua.)

 

 

BORTZGARREN AGERRALDIA

 

PIARRESEK: Apho zirzilla! Ikusi duka eta enzun? Musu alabari! Ez bezalako aphua!

GANIXEK: Mutiko hoik urgulluz hantzen dire plazetan.

PIARRESEK: Pillotari bat!... eta nundik yalgi dena? oraño. Lehengo denboretan etxe onetako semiak agertzen zitukan plazetarat, baño etzieten yokua irabazbidetzat hautatzen! Besta bihamunetan itzultzen hituen beren golde edo ingumetarat — Oraikuak aldiz, bertze ofiziorik ez ditek! Eta ainziña ardura beitute, yozak edarirat, yozak neska tzarretat, yozak yauntzi aberatsenetat! Indiano baten sosa behar liketek irauteko!

GANIXEK: (irriz) Hala da!

PIARRESEK: (yartzen da alki balen gañian) Badakika, Ganix, nor behar duen Maitenak senhartzat? — Mutiko sano bat, ni bezala laboraria, ene kastakua —erran gabe zuak— eta bereziki eskandalarik sekulan eman ez duten burasotarik ateratua.

GANIXEK: Atxeman ditake nahi dukezun suhia, aski hurbill.

PIARRESEK: Holako zerbeit entzun diat.

GANIXEK: Zer entzun duzu?

PIARRESEK: Ene alabaz agradatua haizela.

GANIXEK: Egia da.

PIARRESEK: (gozoki) Ikusten duzue? Eta Maitenak zer ziok?

GANIXEK: Zertako galdetu behar nion?

PIARRESEK: Hala duk.

 

GANIXEK: Ez ote zare nausia?

PIARRESEK: Siñesten diat.

GANIXEK: Beraz, zure alabak zuk nahi duzuna egiñen du.

PIARRESEK: Ez gindikek bertzerik eskas!

GANIXEK: (eskua eskañirik) Emadazu bortzekua.

PIARRESEK: (Ganixi eskua harturik) Hire aita, ene adixkide zaharra, mundu huntan balitz uros huke gure bi famillien bat egite huntaz.

GANIXEK:  Ene ama gaixua eta zure emazte zena ere.

PIARRESEK: Bi ahizpa bezala hituen. Hots! Eztiagu holako eguna hillen orhoitzapenekiñ illhundu behar! Biziekiñ guazen!...

       (Oihu egiten du etxalderat).

              Batixta! — Xaâdiñ! -

       Etxetik emazte botz bat.

              Hoou!

PIARRESEK: Zatozte!

       (Berritz Ganixi eskua harturik)

       Kasik sortzen ikusi hautala hatik! Amaren aldetik Maitenak dituen ontasunak ezagutzen dituk eta badakik, eskutik eskurat, zer emanen diotan! Erranak erran eta hortan akabo!...

GANIXEK: Zuk ere badakizu zeren yabe naizen?

PIARRESEK: (irriz) Ba, mutikua, ba. Ezpauk beden idirik!

GANIXEK: (irriz) Ez, ez. Idiak heyan dauzkat.

PIARRESEK: (irriz) Hor ditek toki hoberena.

       Xaadiñ agertzen da, laneko arropetan.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — PIARRES — XAADIÑ — gero BATIXTA

 

PIARRESEK: Nun da Batixta?

XAÂDIÑEK: Heltzen da. Heyan zen.

BATIXTAK: Hemen naiz, aita. Zer da berri? To! Ganix...

PIARRESEK: Zatozte ene sahetserat.

 

(Hiruek Piarres inguratzen dute).

 

PIARRESEK: (kantatzen du)

              Hunen aita zena zen ene laguna,

              Lagun guzietarik maitatuena;

              Ganix, bera, guretzat hauzo hobena.

              Adixkidien artian atxikiena;

              Badakizue dela: gizon zuzena,

              Laneko gustu duena,

              Herrian aberatsena!

              Andretzat eman diot gure Maitena.

 

BATIXTAK ETA GANIXEK:

              Bibitxiak garela ziotek beti!

              Egia izanen duk hemendik goiti.

XAÂDIÑEK:

              Bibitxiak zaiztela diote beti!

              Egia izanen da hemendik goiti.

PIARRESEK:

              Yauregy hill zenian, Ganix zen haurra,

              Baño gizontasunez kasik zaharra.

              Baliosa arrazaz eta hazkarra,

              Ixilla billkuretan, hatik zuhurra.

              Unsa akhitazirik bere indarra,

              Ontasun bat du ederra...

              Hemengo segur bakarra!

              Maitenak hori luke, hori senharra.

 

BATIXTAK, GANIXEK ETA XAÂDIÑEK:

              Bibitxiak (etc).

PIARRESEK:

              Etxeko yaunak behar du

              Etxian gobernamendu

              Aise bizi nahi badu.

              Emazte, seme, alaba, mutill,

              ozkongay ala ezkondu:

              Etxeko yaunak ezpadu

              Guzientzat adimendu

              Errekan etxia laster izanen du.

       (Denek errepikatzen dute aire hori).

XAÂDIÑEK: (Ganixi) Maitenak ezagutzen ditu zure sentimenduak eta bihurtzen dauzkitzu?

GANIXEK: Eznuke nexkatxa baten haurtasunaz baliatu nahi haren bihotzaz yabetzeko, lehenik aitari bere baimena galdetu gabe.

PIARRESEK: Baditake. Hatik, orai baimen hori duzunaz geroztik unsa egiñ zinduke Maitenari gorthe pixka baten egitia, aithortu gabe ene koñatari aitak hitzeman dautzula. Emaztiek eztute maite hetaz burhasuek nahi dutena egiñ dezaten.— Gañerat, siñetsazten ahal badiozu beldur zarela Piarresek ez, hala-hula, nahi izatia, haren beharra baduzula aitaren itzulazteko zure alde, zure hauzia aintziñaaziko duzu berga on batez. Emaztiak hola egiñak gare: Bertziek ez nahia nahi dugu.

BATIXTAK: Llagun, ene andria konsellu onekua duk.

PIARRESEK: Azkenik, aitak manatua alabak egiñen du.

GANIXEK: Eztut ene burua iguñazi nahi. Millesker Xaâdiñ.

XAÂDIÑEK: (entzuten dagolarik) Ori! Maitena ezta urrun. Gertakaria zure alde da, Ganix.

PIARRESEK: (irriz) Guk, zeleta detzagun!

 

(Baduazi etxe gibelerat Piarres eta Batixta. Xaâdiñ etxian sartzen da).

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA

 

MAITENAK: (pegarra buruan kantatzen du)

              Zu, maiteño pullita, ikusi geroztik,

              Yan, edan, lorik eztut egiten zugatik;

              Igaiten zarenian etxe aintziñetik

              Eztezakezut erran nola nagon xutik...

       Kantu hori erratiarekiñ sartzen da leatrian Maitena.

       Ganix erreposki aintziñatzen da eta gurutzetik hurbill baratzen.

GANIXEK: (eztiki) Beti kantuz haizare Maitena. Zu bezalako emazteño alegera etxe baten bozkarioa litake.

MAITENAK: Adiñak omoria egiten du. Hogoi urtetako nexkatxa guziek kantatzen dute.

GANIXEK: Zuk diozu. Nik ez dezaket erran: Ez naiz zure omore onari beizik ohartu eta ez ditut zure kantuak beizik entzun.

MAITENAK: (irriz) Ezta harrigarri. Bertziak hemendik urrunxko dabillza... Hatik, ithurrirat doazinian entzun dituzketzu.

GANIXEK: Eztut zure boza beizik atseinekiñ aitzen.

MAITENAK: (beti irriz) Millesker. Ez nuen uste hitz xuri estekatzen bazindakiela!

GANIXEK: Zergatik? Aire dorpia dutalakotz?

MAITENAK: Ez... ez... adiñarengatik.

GANIXEK: Ene adiña? Ez naiz hogoi eta hamar urtetarat heldua.

MAITENAK: Yesus! Egia da. Zer den haur izatia! Aitaren adiña abantzu ematen zintudan.

GANIXEK: (irri lodi batekiñ) Eztut ba Batixtarena beizik... eta zure koñata Xaâdiñ zure adiñekua da.

MAITENAK: (harriluxerik, gurutzeko alkiaren gañian ematen du bere pegarra) Ba. Hola da... Bañan... Hola mintzatzeko...

       (Kantatzen du)

              Zertan duzu gogua?

GANIXEK: (Kantuz)

                            Orai naiz ohartzen

              Ene arrebañua dela emaztetzen.

MAITENAK:

              Hori ikusi duzu?

GANIXEK:

                            Sentitu hobeki...

              Zer egiñ dut orduan? Ongi ala gaizki?

 

MAITENAK:

              Etzaitut konprenitzen!

GANIXEK:

                            Aitzazu garbiki!...

       (Hurbilltzen da Maitenaz)

              Gazterik trixte billakatu naiz

              ama gaixua galtzian...

              Egoitza beti illhun zitzaitan

              ene lanetik sartzian...

              Argi pixka bat kausitzen nuen,

              Maitena, zuen etxian.

              Amodioa hola sortu zait

              Zure begien azpian.

MAITENAK: (irriz)

              Lehen bezala ikusten nauzu

              eta naiz lehengo haurra.

              Zu bezalako gizonarentzat

              ez oño aski zaharra...

              Heda nezaken ergelkeriak

              hantaz zintuzke mutturra...

              Hoin desberdiñak bortxaz ginduke

              bizitze molde makhurra.

GANIXEK:

              Iguñtzen dutan dorpetasuna

              nahi dut laster ahantzi...

              Ergelkerian ene kopeta

              noizian behiñ legunazi...

              Zure irriek, zure kantuek

              egun dautet siñetsazi

              Eztela nihor, gazte delarik,

              behar hedoyetan bizi.

MAITENAK: (trixtaturik)

              Holako elhe ukhigarriek

              ariman naute kolpatu...

              Merezi duzun amodioaz

              nahi nituzke pagatu...

              Bañan bahatxe, sekeretuan,

              beharko dautzut aithortu:

              Bertze batentzat ene bihotza

              dela yadanik mintzatu...

 

(Piarres agertzen da, koleratua.

Gau itzala yausten da teatriaren gañerat).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA — PIARRES

 

PIARRESEK: Zer entzun dut? Ene alabak sekeretuan norbeit maite duela? Etxekueri gordetzeko, unsa eziñ aithortzekua izan behar dun amodio hori!

MAITENAK: (umillki) Tenoria etzen oraño ethorria.

PIARRESEK: Zer dun atziki hori? Tenoria ez ethorria! Maite dunaz lorios bahintz, kanta hezake zeruraño! Bañan ez. Mutill tzar bat dun dudarik gabe. Xirolen seme deusetako on ezten bezalako bat...

MAITENAK: (burua altxaturik) Domingo behar den bezalako mutikua da.

GANIXEK: Egia zion!...

PIARRESEK: (hatsik gabe bezala egotu eta) Zer! Zer! Hori dun? Hori dun hire gizon gaya? Ala yokua! Hori eskas gindiñan!

MAITENAK: (bahatxe) Maite dut.

PIARRESEK: Maite! Maite! Eta uste dun aski dela hik maitatzia? Uste dun ene etxia, ene familia, ene izena, desohoratuko ditudala holako lohitik ateratzen den bati Landaburuko alaba emanez?

MAITENAK: Maite dut.

 

(Batixta eta Xaâdiñ Piarresen oihuek agerrazten dituzte).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA- PIARRES — BATIXTA- XAADIÑ

 

BATIXTAK: Zer da, aita? Zer da?

PIARRESEK: (Maitenari) Badakiña arbasorik nihok eztiola mutiko hori ezagutu? Badakiña nor nahirekiñ horren ama ibillia zela ezkont aintziñian eta hunen senharra etzela tupiñ estalki bat beizik?

MAITENAK: (abantzu nigarrez) Bardiñ zait! Bardiñ zait! Maite dut! Maite dut!

PIARRESEK: (bere herra garhaitzen duelarik) Aski hortan.— Gaurtik goiti kenduko dion hire amodioa eta huni (Ganix erakusten dio) emanen... Hola nahi diñat. (Xaâdiñek sobraldak alxatzen ditu).

MAITENAK: (borthizki) Oh!... Orai ikusten dut elkar aditu zindutela batek ene saltzeko, bertziak ene erosteko!... Zuen azindetarik bat bezala ibilli nahi nintutzuen, buruan hartu gabe zuen antolamenduek nahasten ahal nintuzketen baialez!... Hatik nik ere badut ene burua... Kasko bat, aita, zuria beziñ gohorra. Eta kasko hortan ezarri dut...

PIARRESEK: (hortzak tinkaturik) Ixillik ago!

MAITENAK: Eznauzu izitzen!... Kasko hortan ezarri dut Xirol lohitik yalgi horren andria...

PIARRESEK: (Maitenaz hurbilltzen delarik) Ixillik ago!

MAITENAK: (besuak gurutzaturik) Domingoren andria izanen naiz zuk nahi ala ez!...

PIARRESEK: (eskua alxaturik, Maitenaren yotzeko hiñian) Hi? Ni?

       Bertziek nahi lukete atxiki, banañ Maitena yo lezake ezpalitz Anyelus hasten urrungo elizan.

       Piarresek orduan esku alxatua bere gaphelurat aphaltzen du, hau esku exkerrerat ematen, gurutziaren señalia egiten eta burua beheititurik othoitzian hasten da. Bertziek ere gauza bera egiten dute.

       Ixilltze luze bat, izkillek yotzen dutelarik.

       Gero.

BATIXTAK: (aitari eztiki) O! aita, etzinduen sekulan ukhi lausaingatzeko beizik!..

PIARRESEK: (ahalkerekiñ) Hala duk eta!... Orai arte nik erranak beti egiten zitikan.— Nun zen hori baño haur eztiagorik? Eta orai... horren onentzat nabillanian, hola alxatzen duk ene nahien kontra.

MAITENAK: Yainkuaz, Ganix, errakozu ez nauzula bortxaz nahi!...

GANIXEK: Bortxaz ez. Bañan othe dakizu zuhauk, etzarenez denborarekiñ ene alde itzuliko? Utziko dautzut denbora.

PIARRESEK: (borthiztua) Debru bat eta erdi! Etzioyat egunik ere uzten. Bihar goizian ezpada hire alde itzulia lekhua husten ahalko dik!... Aitzen dun Maitena? Gaten ahalko haiz nuat nahi. Hirirat nahi badun. Hirirat neskato, bertzen zerbitzari!...

 

(Etxian sartzen da.— Maitena nigarrez hari da Xaâdiñekiñ).

 

 

HAMARGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA — BATIXTA — XAADIÑ

 

GANIXEK: Maitena, ez egiñ nigarrik. Aita eztituko da eta ene hauziak igurikatuko du zuk nahi dukezun arte...

MAITENAK: Zoñ ona zaren Ganix.

BATIXTAK: Segur ona dela!... Hobeki egiñen zinduen... Guazen hemendik Ganix: Etxiaño laguntuko haut.

 

(Bi gizonak geretatik baduazi).

 

 

HAMEKAGARREN AGERRALDIA

 

MAITENA — XAADIÑ — gero BATIXTA

 

XAÂDIÑEK: (kantatzen du)

              O! Zer nigarrak! Zer egun beltzak, ene ahizpa maitia!

              Zer trixtezian utziko duzun bihar etxe hau guzia.

              Gure aldian, nahi bazindu, uros zinduke bizia;

              Etzen balio mutill batentzat zorion horren galtzia.

MAITENAK:

              Behexi dutan mutill horrekiñ nahiago dut sofritu,

              Ezenez eta eskasik gabe bertze batekiñ zahartu.

              Segi zazu ba, oraintik beraz, hautatu duzun bidia...

MAITENAK:

              Ez naiz ez segur izanen dela beti arrosek gordia...

XAÂDIÑEK:

              Erortzen bada zure gañerat pena bat aski handia,

              Orhoit zaite nik nahi dutala hartarik beden erdia...

MAITENAK: (besarkatzen duelarik)

              Zoñ ona zaren, ene Xaâdiñ, ene ahizpa maitia...

              Zoñ trixte naizen zutarik urrun eta betiko gatia...

              Zure aldian nahiko nuen uros iragan bizia...

              Amodioak gomendatzen daut zorion horren galtzia.

 

(Batian)

 

XAÂDIÑEK:

              O! Zer nigarrak (etc. )...

MAITENAK:

              Zoñ ona zaren (etc.)

 

(Elkarren besoetarat erortzen dire)

 

PIARRESEN BOZA etxetik

       Ho... ou! Xaâdiñ! Afaria ahantzten duzu!

XAÂDIÑEK: Berehala!...

       (Batixta hurbilltzen da geretatik sartu eta).

XAÂDIÑEK: Batixta! Pegar hori sarrazu, fagorez!

       (BATIXTAK hartzen du pegarra eta etxian sartzen du)

XAÂDIÑEK: (Maitenari) Etzare sukaldeako?

MAITENAK: Ez. Eztut, den herran, aita ikusi nahi. Gelarat nua.

XAÂDIÑEK: Afaria harat ekarriko dautzut.

MAITENAK: Ez naiz gose.

XAÂDIÑEK: Pausa zaite unsa. Argia pitxtua utziko dut?

MAITENAK: Ba... Millesker Xaâdiñ —

 

(Gaua arras erori da).

 

 

HAMABIGARREN AGERRALDIA

 

MAITENA — gero XAADIÑ (barnetik)

 

MAITENAK: (bere buruari) Zer egiñ behar dut nik... orai?

 

       (Maitenaren gelako leihua argitzen da. Xaâdiñ handik mintzatuko da).

 

MAITENAK: (berritz) Zer egin behar dut?

XAÂDIÑEK: (leihotik) Duthe xorta bat edanen duzu?

MAITENAK: Ez. Ez. Eztut deusen beharrik...

XAÂDIÑEK: Banua beraz gizonetarat. Gau on!..

MAITENAK: Gau on, Xaâdiñ.— Leihua idekirik utzazu.

XAÂDIÑEK: Unsa da... gau on...

 

(Gordetzen da Xaâdiñ).

 

 

HAMAHIRUGARREN AGERRALDIA

 

MAITENA

 

       Ene Yainko maitia! Izpiritua ilhunpetan dut. Eztakit nola ezaut ene bide xuxena. Argi nezazu eta erran zerri behar dutan obeditu: Aitaren nahikerieri ala ene amodioaren manamendueri.— Gaizki egiten baut haukieri yarraikiz... othoi! emadazu indarrik aski ene sentimendu tzarren garaitzeko... Ixillik egoten da burua eskuetan, eta kolpez xutitzen. Etxian sartzen da eta agertzen bere gelako leihuan.

 

 

HAMALAUGARREN AGERRALDIA

 

MAITENA — DOMINGO

 

DOMINGOK: (urrun kantuz)

              Ene maitiak begiak ditu

              gau itzalaren kolore...

              Gorphutza lerden, larrua gozo,

              hortzak argi, ahua lore...

              Nihok munduan enetzat eztu

              harek beziñ bat bothere...

       (Kantatziarekiñ bahatxe hurbilltzen da).

       MAITENAK burua leihotik ateratzen du.

DOMINGOK: (hurbillago)

              Astian irriz, orai penetan

              segurtasunikan gabe...

              Higatzen ditut oren luziak

              galdetuz zer nuken hobe:

              Maitia urrun uztia edo

              Finkatzia ene yabe!...

       (Maitenak argia hilltzen du eta, Domingo bigarren kopla akabatziarekiñ sartu beita teatrian, erraten dio).

MAITENAK: Unsa egiñ duzu ethortzia!

DOMINGOK: (alegeraki) Etzinduen ba nahi... (Maitenaren leiho azpirat heltzen da).

MAITENAK: Nahi nauzu zurekiñ Ameriketat ereman?

DOMINGOK: (harritua) Zu?

MAITENAK: Zer zare: Izitzen?

DOMINGOK: Funszki. Segi nintuzketzu haraño?

MAITENAK: Ba. Han ezkontzekotan. Aitak, hemen eztu sekulan nahiko.

DOMINGOK: Eta han aitaren baimenik eztugu behar!

MAITENAK: Badakit.

DOMINGOK: (loriatua) A! a! Piarres! Zure suhia izanen naiz ba! ni Xirol! Bihar berian gaten ahal gare Bordeleaño. Nihauk amerikanuari ihardetsiko diot.

MAITENAK: Egiñazu yuramentu, Domingo, andretzat hartuko nauzula.

DOMINGOK: (gaphelua eskuan gurutziari buruz) Yainkuaren aintziñian yuramentu egiten dut, Maitena, ene andria izanen zarela, untzitik yautsi orduko.

MAITENAK: (burua Domingoren bururaño aphaldurik) O! Banakien ba, maite nintutzula...

 

(Ixillik dauzi)

 

DOMINGOK: Zoñ uros naizen Maitena!...

MAITENAK: Guazen behala, aitak trabatu gabe. Ene puxka zenbeit bildu ditut eta ene sos bakarrak ere.

DOMINGOK: Baut nik dirua eta ene amerikanuak emanen dauzkit eskas ditugunak.— Zato! —

 

Maitena bahatxe etxetik ateratzen da.

Domingok bazterrak zeletatzen ditu.

Maitena, Domingori hurbiltdu orduko, hunek besarkatzen du.

 

DOMINGOK: Maite zaitut!

MAITENAK: (serioski, eskuz urrundurik) Gauzen prestuki! Zure emaztegaya naiz.

       (Elkar behatzen dute eztiki)

       Hola, Domingo. Urrikirik ez dezagun izan

DOMINGOK: Maitena! ene amodio garbia ez nuke itsustu behar.

MAITENAK: (etxia behatzen duelarik) Aita! aita! Zure urgulluak nahi du!...

 

(Urruntzen dire)

 

LEHEN ZATIAREN AKABANTZA

 

 

BIGARREN ZATIA

 

Lekhu bera — Ogi epkaitzeko denbora da.

 

 

LEHEN AGERRALDIA

 

Bazkal onduan laborariak (gizon eta emazte) lanerat duazi —

 

       Kantatzen dute

                     Gure lanaren saria

                     Huna nun den ethorria:

              Lur zahar hunek lehen beziñbat maite du laboraria.

 

       Emazte batek

                     Neguko zuen indarrak

                     Hartu ditu lur zaharrak

              Odol berri bat egiten dio lurrari gizon hazkarrak.

 

       Gizon batek

                     Lur onak egin dezala

                     Ene mamitik odola,

              Ematen badaut zakuka bihi bertze urthetan bezala!

 

       Gizon guziek

              Ematen badu zakuka bihi bertze urthetan bezala,

              Bere hazteko, gure indarrak

                     Beti lurrak

                     Har detzala,

              Ez gare hortaz axola!...

 

       Gizonek eta emaztiek

                     Biba! Biba lur ona!

                     Aiten aitek emana!

              Egon bedi gure haurrentzat guretzat izan dena!

 

(Laborariak urruntzen dire azken kopla bahatxe kantatzen dutelarik).

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — XAADIÑ

 

(Batixta eta Xaâdiñ etxe gibeletik sartzen dire,
Batixtak eskuan sega (edo sorbaldan) Xaâdiñek,
xatarretan den haurño bat besuetan lokharrazten duetarik).

 

XAÂDIÑEK: (kantatzen du)

              Lo! lo! ene maitia, enekiñ egizu...

              Nigarren ixurtzeko denbora baduzu..

              Lo! lo! ene maitia, enekiñ egizu!

BATIXTAK: (kantatzen du)

              Yadanik lo dago?

XAÂDIÑEK:

                                      Ba... beti bezala;

              Ageri da hortaz nexkaño bat dela,

              Hunen adiñian bere bi anayak

              Etziren errexki lokharrazten biak.

BATIXTAK: (irriz)

              Eskolak ahal du zuk etzindukena?

XAÂDIÑEK:

              Ernatuko dire... Hau da hastapena.

BATIXTAK:

              Ba, laborantxako beti badukete,

              Nahiz ez yakintsun, aski yakitate.

XAÂDIÑEK:

              Egiñ dezatela guk egiñ duguna...

BATIXTAK: (Xaâdiñi eskua harturik)

              Bakotxak balauka nik dutan laguna!...

XAÂDIÑEK: (eztiki)

              Zer mihi leguna!

       (ixilltze labur bat).

BATIXTAK:

              Bizi eztia ezagutu dut maitia zure aldian.

              Bozkarioa eta bakhia sartu zauzkit bihotzian.

              Atsekaberik ezta lakhetzen ephel duzun airian.

       (Xaâdiñek eztiki behatzen du)

BATIXTAK: (kantuz)

              Zuk duzun xarma ukhigarriak nuntik du bothere hori:

              Gorphutz, arimak egiñazteko bortxaz zure zerbitzari...

              Beldur ez banintz galda nioke ifernuko debruari.

       (Etxetik ateratzen da Piarres)

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — XAADIÑ — PIARRES (zahartua)

 

PIARRESEK: Beti ergelak zuek... beti yostetan.

XAÂDIÑEK: Nigarretan nahiago gintuzketzu?

PIARRESEK: Adiñ bateat heldu eta serios behar du gizonak. Irriak eta kantuak haurrari duazkote.

BATIXTAK: Nundik ditutzu ideya berri hoik? Eztautzu atsalde loak onik egiñ?

PIARRESEK: (goraki) Ehadila nitaz trufa! Eskarniatze hori sori etzaitak!

XAÂDIÑEK: Hots! Oihuka hasten bazare hunek buba galduko du. Banua barnerat. Emazue gostuan...(sartzen da etxian)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — PIARRES

 

PIARRESEK: Kantuak! Irriak!

BATIXTAK: Zer demontre duzu, gizona, zenbeit denbora hautan? Denak gaizki zauzkitzu! Badakigu ba, behar orduetan, serioski egoten; bañan irri iteko orena ére noizian behiñ ethortzen da... etairriak —azkeneko— eztu nihori kalterik egiten...

PIARRESEK: Haurrek ez ditek bozkariorik hedatu behar zimurtua denian aitaren kopeta...

BATIXTAK: Guria beziñ legun zinduke, ez bazindu gauza illhun batzuen gañerat aphaltzen. Yainkuari esker, libertitzeko ahalak zure inguruan bazintuzke. Ori! Eztezaket atxik! Nik ere baut zuretzat erratekua.

PIARRESEK: Hik?

BATIXTAK: Ba. Nik eta ene emaztiak... Gehienetan, arbasuek bere haurren haurrak beren haurrak bezinbat maite dituzte... ezpada gehiago.— Haur inozent hoikien aldian berak haurtzen dire... eta gaixuekeztute beren yokuetan aitatxi baño lagun hoberik!... Zuk othe dakizu baditutzun ere?

       (Piarresek, harriturik, behatzen du).

BATIXTAK: Segur nintzen! Eztakizu. Eta hori zergatik? Presuna xoill batek izpiritu guzia bethetzen dautzulakotz!

PIARRESEK: (sorbaldak alxaturik) Bo!

BATIXTAK: Ezta borik! Epia da. Orai bardiñ zauku. Bañan zenbeit urthez sofritu dugu zure ezaxola hortaz.

PIARRESEK: Nihoiz eztuk sofrituko ene faltaz nik hiriaz egiñ dutan beziñbat.

BATIXTAK: Eniaz? Zer dut obena?

PIARRESEK: Hire arreba zaindu behar nuen, eta eni erran Xirol hori yarraikitzen zitzakola.

BATIXTAK: Eta... Eta... Eta gero? Uste duzu Maitena bere nahietan trabatuko ginduela? Mintza zaite sanoki! Hobeki egiñen zinduen eman bazinio Domingorekiñ ezkontzeko baimena... Etzen alargunduko,menturaz...

PIARRESEK: Uste duka kokiñ txar haren dolua hartuko diatala?

BATIXTAK: Haren andriarena unsa atxikitzen duzu segurik.

PIARRESEK: Banaki hobi berian dauzila, lorietan har nezakek diokan dolua; aitzen duk?

BATIXTAK: Zure goguaren kontra mintzo zare, aita. Maitena hemen balitz!...

PIARRESEK: Urkha nezakek!... Eta aski hortan. Eztiat nahi aipha dezazuen ere neska tzar haren izena. Ez aipha dezazuen ere!

BATIXTAK: Unsa da. Zure aldetik hobeki goberna zazu zure buru xuria ezpauzu nahi itzul dadin.

PIARRESEK: Nik? Nik?

BATIXTAK: Zuk. Erran dautzut lehenago ere...

PIARRESEK: (borthizki) To! Hire zozokeriek eztitek ihardestia balio. (Sartzen da etxian, athiak arrabotsekiñ hetsirik).

 

Batixtak eztiki behatzen du.

Ganix geretatik sartzen da, sega sorbaldan.

 

 

BORTZGARREN AGERRALDIA

 

GANIXEK: Aita asarre duk.

BATIXTAK: Hola duk beti... eztenian gaizkiago... ixillik dagonian.Egun osuak iragaiten ditik... maiz... hor, alki hortan... edo ezkaatzeko athiari bizkarrez... hitzik erran gabe... begiakithurriko biderat armaturik...

GANIXEK: Maitenak hartu zuen bidia.

BATIXTAK: Ba...

       (Ixillik dauzi)

GANIXEK: Eztuzue berririk?

BATIXTAK: Bortz urte hau tan...

GANIXEK: Nun ote duk?

BATIXTAK: Eskualdunik ezten eskualde batian, dudarik gabe.

GANIXEK: Gaixo nexka! Enekiñ hain unsa izan zitakena!...

BATIXTAK: (erdi irriz) To! Bertze xoro bat.

GANIXEK: Zer diok?

BATIXTAK: Ganixek, oraño, Maitena maita dezake!

GANIXEK: Ez...

       (kantatzen du)

              Plañu diat eztelakotz dohatsua!

BATIXTAK:

              Hill ote duk bihotz hortan zagon sua?

GANIXEK:

              Hik, Batixta, galdetzen duk billa denez?

              Hilla dela, ba zioat.

BATIXTAK:

                                          Eta nik: Ez!

GANIXEK:

              Axal huts bat duk ene bihotza...

              Gaztetasunak unsa hustu dik,

              Denbora luzez bere behatza

              Tarte denetan gorriazirik.

              Elhurrak eztik hill horren hotza:

              Axal huts bat duk ene bihotza!...

BATIXTAK:

              Agertzen balitz lehengo hura

              Ithurriñoko bide xokuan,

              Bihotz hill hori litake xora,

              Haur berak luke laster eskuan.

              Ahantz lezake igan denbora

              Agertzen balitz lehengo hura...

GANIXEK:

              Ene bihotza hill zen bezala

              Lehengo hura gau hartan hill zen.

              Ikus nezake haren itzala

              Eta itzal bat ezta maitatzen.

              Frutua hill zen, salbu axala,

              Ene bihotza hill zen bezala...

 

Xaâdiñ sartu da teatrian, Ganixek bigarren kopla hastiarekin.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — GANIX — XAADIÑ

 

XAÂDIÑEK: (irri ixill batekiñ) Bi heriotze hoik sobera eztiki kantatzen ditutzu Ganix, ez bien pitxtia nahi izateko.

GANIXEK: Ez ditazke pitx, Xaâdiñ. Ahalka nintake, orai hartzen banu andretzat bertze bati eman dena. Plañu dut, behar bezalako gizonak emazte dohakabe bat plañu dezaken bezala. Aithortzen dut, Maitena bertze bat baño gehiago plañu dutala, denak baño gorago alxatu nuelakotz... Hatik hortan baratzen da ene karitatia.—

XAÂDIÑEK: Hola bada, Ganix... zergatik eztuzu bertze batekiñ ezkontzeko xedia hartzen?..

GANIXEK: Eztezaket bi aldiz maita...

XAÂDIÑEK: Nor ezkontzen da amodioz? Gehienak ondokuen izatingatik, etxiaren atxikitzeko... egiten dire! Amodioa da soberakiñ bat. Eztu gaitzik egiten, ez, baño hortaz errexki pasa ditake. Eta zu, zure etxiaz hoin lorios zarena, zure izen ohoratuaz hoin urgulluzzuzenki!- hartua zarena, nahi ditutzu izen hori, ontasun eder hori erortzerat utzi, izena illhunpetarat eta ontasuna ezagutzen ez di-tu tzun eskuetarat?

GANIXEK: (serioski) Unsa mintzo zare beti, Xaâdiñ. Diozkatzun guziak buruan erabilli ditut... Halarik ere nahiago dut naizen bezala egon.

XAÂDIÑEK: Beraz... beraz... hura maite duzu oraño.

XAÂDIÑEK: (irriz) Atxemak hori! to!

XAÂDIÑEK: Ezdautazu sekulan siñetsaziko zuk, aiten errespetuko gizona, familliako izenaren gizona, hitz batez —orhoitzapeneko gizona— zuk uzten ditutzula orhoitzapen hoik guziak zurekin hilltzerat ezpauzu arrazoña baño arrazoñ handiago bat zure burua hoñ arrazoñ guttirekiñ gobernatzeko!...

       (Ithurriko bidian agertzen da emazte beltxez aphaindu bat. Behala, haitzen gibelian gordetzen da. Mantaliñ batek burua eta bisaya estaltzen diozka).

GANIXEK: (beroki) Orhoitzapenaz mintzo zare, Xaâdiñ?... Ba, orhoitzapenaren esklabo naizelakotz hotzki behatzen eta ikusten ditut ene inguruan edo botherian diren gauzak. Iganarekiñ eztut eta eznuke konparatzekorik... Hortako naiz bizi ene orhoitzapenarekiñ.

       (Ixilltze labur bat).

XAÂDIÑEK: (kantatzen du)

              Gan direnekiñ bazare bizi

              Hatsik eztuzu, gizon maitia;

              Behar zintuzke zirenak utzi

              Eta segitu berritz bizia...

              Othoitz bat duzu orhoitzapena

              Biziek hillentzat erraten dutena...

BATIXTAK:

              Ba othoitz bat duk orhoitzapena

              Biziek hillentzat erraten dutena.

GANIXEK:

              Ba, othoitza da, othoitz ezti bat

              Ene arimak irakatsia

              Dakizunaren arimarentzat

              Eta hunek maiz ihardetsia...

              Othoitz bat duzu orhoitzapena.

              Hillek bizientzat erraten dutena

       (Emazte beltxez aphaindua hurbilltzen da, bertziek behatzen dutelarik eta, haukien parerat heldu eta, mantaliña alxatsen du).

HIRUEK: (oihu batian) Maitena!...

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — GANIX — XAADIÑ — MAITENA

 

MAITENAK: (Ganixi) Millesker Ganix! Millesker atxiki dautazun orhoitzapenarentzat.

       (Ganixek urrhats bat gibelka egiten du).

GANIXEK: Zu zare? Zu?

XAÂDIÑEK: (besarkatzen du Maitena) Maitena!... gure Maitena!..

BATIXTAK: (eskua harturik Maitenari) Ene arreba ttikia! Banakien ba ikusiko zintugula!

MAITENAK: Ez nauzue ha ahantzi? (Xaâdiñen sorbaldaren gañian burua uzten du erortzerat eta bi koñatak nigarrez hari dire). (Ixilltze luze bat).

XAÂDIÑEK: (eztiki) Gaixtagiña! Nola egon ahal zare hoinbertze denbora zure berririk igorri gabe? Bortz urthe hatik!... eta ordu arte bi hitz xoillki, aitari baimenaren galdetzeko? — Bertzienganik yakiñ dugu alargundu ziñela eta... beharretan izan zarela...

MAITENAK: (burua alxaturik) Ba zorrak egiñ ditugu, Domingo, haurra eta ni eri... izan garenian, baño denak pagatu ditut ene lanarekiñ. Eztut arditik zor.

BATIXTAK: Hainbertze irabazten zuelarik etzezaken ba zerbeit bazterrerat eman?

MAITENAK: Denak iresti ditu.

GANIXEK: Bestari emana zen, beti danik.

MAITENAK: Hastian ez. Baño, ahulegia zen laguneri ihardokitzeko; laster bere biziotat erori da. Gaixuak hala atxeman du bere miña. Plazatik lehertua ateratzian, etxerat itzultzeko orde, bardiñ gau guziak edaten eta yokotan iganen zituen!... Den hazkarrenak eztezake iraun... hola. Unsa pekhatu ditu bere obenak!...

XAÂDIÑEK: (bahatxe) Eta haurra?

MAITENAK: (nigarrez) Han dago aitaren sahetsian. Biak bulharretarik gan dire...

BATIXTAK ETA XAÂDIÑEK: O!...

MAITENAK: Eta ni nola nago?... Zerk atxiki nau? Bizitzeko nahikunde gorde batek ala erlisioniak? — Gure yaun erretor zaharrak zion eztugula Yainkuaren obra hausten ahal... eztugula holako eskurik! Hitz horietaz ardura orhoitu naiz...

XAÂDIÑEK: Zer sofritu duzun. Maitena! Banañ gurekiñ ahantziko ditutzu oren dohakabe hoik.

MAITENAK: (susa aire batekiñ) Ahantziko?

GANIXEK: (hurbildurik) Maitena, esperantza atxikazu.

MAITENAK: Ezta enetzat esperantzarik... Gorderik nahi nintzen ene haur denborako lekhuan pasatu, zuek guziak urrundik ikusi eta sekulako gero itzuli.— Eztut indar hori izan eta bihotza ahorat ethorri zait entzun zaituztanian nitaz hoin eztiki mintzatzen. Aski da. Ene ahuleziak eta ene trixteziak bi gau-xoriek bezala beren hegalak zabal letzazkete zuen indarraren eta bozkarioaren gañian.

GANIXEK: Gazte zare, Maitena. Gaztiari indarra laster berritz heltzen zayo.

MAITENAK: (irri dolorotsu batekiñ) Ni gaztia?

       (Kantatzen du)

              Zorigaitzak zahartzen du

              Adiñak baño hobeki...

              Hartaz dut indarra galdu

              Ez uste beziñ emeki;

              Bortxaturik dutan pixka,

              Beldurtua behar baño,

              Ethorri naiz ttaka-ttaka,

              Lekhu maite huntaraño!

              Zuen zerua urgi zen —

              Noiz eniak duen lanhua —

              Eztadila has illhuntzen

              Enegatikan... Banua!

XAÂDIÑEK:

              Egonen zare gurekiñ,

BATIXTAK:

              Egonen zare Maitena!

              Ez Batixta! Ez Xaâdiñ!

              Badakit aitaren pena!

GANIXEK:

              Zer? Utzi nahi gaitutzu?

              Ene arropa beltxetan

              Zertarat naiz on, errazu?

              Bi hill hor ditut errestan!...

GANIXEK:

              Hillak hillekiñ utzatzu!...

XAÂDIÑEK:

              Illhunpetik yalgi zaite

              Eta idek bi begiak!

              Sor lekhuko iruzkiak

              Zaitu lehen beziñ maite...

              Soñ beltxetik billhuzia

              Biharko izanen zare,

              Baduzu bat su kolore

              Denboraz egiñazia..

              Maitena... hor da bizia!

       (Besarkatzen du Maitena)

BATIXTAK ETA GANIXEK:

              Soñ beltxetik billhuzia, etc.

MAITENAK:

              Soñ beltx aspaldi yauntzia

              Da ene ideyen pare...

              Denborakuen kolore

              Zen lehen egiñazia:

              Kaxibiatzen da bizia!

 

(Berritz denek batian kantatzen dute azken kopla,
Maitenak beria berziek Xaâdiñena.)

 

MAITENAK:

              Zauzte. Ni... ez... ez...! Hor dut bidia! —

 

(Piarres agertzen da etxeko athian.)

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — GANIX — XAADIÑ — MAITENA — PIARRES

 

PIARRESEK: (kantatzen du)

              Unsa egiñen dun hemendik gatia,

              Ezpadun nahi nik bortxaz bialtzia.

XAÂDIÑEK ETA BATIXTAK:

              Ez erakuts, aita, bisay borthitz hori

              Halako penetan ibilli denari.

PIARRESEK:

              Berak billdu penak karria detzala

              Lehengo loriak zituen bezala.

BATIXTAK:

              Xorokesi hetaz egun da ahalke.

MAITENAK: (bermaturik)

              Gau hartan egiña gaur egiñ nezake!

PIARRESEK:

              Entzuten duzue madarikatua

              Gorago kantatzen bere bekhatua!

              Hua berehala! Hua ba hemendik!

              Senharrik eztun! Eztun aitarik!

              Hua, bidez bide, denen azpiko;

              Batez esker tzar, bertziaz ostiko!

              Hori dun hori, hik merezia!

              Gakhoz hesten haut gure etxia!

              Hua berehala, hua ba hemendik!

              Senharrik eztun... Eztun aitarik!

              Eztiñat behar neska galdurik!

       (Piarres sartzen da etxian).

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — GANIX — XAADIÑ — MAITENA

 

MAITENAK: (samiñki) Horra! Aitaren urgullua ez ditake kukull barkamenduraño! Adio Xaâdiñ!...

XAÂDIÑEK: (indarrekiñ) O! Eztitake...! Khordokatuko dut gizon horren bihotza!

       (Etxerat dua.)

 

 

HAMARGARREN AGERRALDIA

 

BATIXTA — GANIX — MAITENA

 

GANIXEK: Eta hik, Batixta, eztuk deus egiten aitaren ukhitzeko?

BATIXTAK: Nik? Ene andriak nik baño bothere gehiago dik...

GANIXEK: Ago ba! Aitaren aintziñian dardaretan haiz ume baten pare. Badakika zer erranen duten inguruan, uzten bauk bialtzerat hire arreba?

BATIXTAK: Zer erran zezaketek?

GANIXEK: Utzi dukala, haren ontasunez yabetzeko...

BATIXTAK: Nork usteko dik holako itsuskeria?

GANIXEK: Denek...

BATIXTAK: Hik ere?

MAITENAK: Ez. Ez. Ganixek eztu holakorik siñetsiko.

GANIXEK: O! o! Nork daki?

BATIXTAK: (indarrekiñ) Hik? Ene lagun hobenak? O! Eztuk Landaburutik atherako!

       (Lasterka badua etxerat)

 

 

HAMEKAGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA

 

GANIXEK: (bahatxe) Entzun nezazu, Maitena. Galde batzu egiñ ditut ene bihotzari. Dudatu nahi izan dut, baño azkenian bortxatua naiz ene amodio bozaren ezagutzerat... Ba maite zaitut oraño... ez lehen bezalaez... hobeki. Eztakit, orai, bertze batena izan zarela. Iganaz ez naiz orhoit. Zorigaitzak zutaz emazte berri bat egiñ du; orai zare lehen maite nuen nexka pullit eta airosaren ahizpa handi bat; ahizpa nobliago, ederrago eta ukhigarriago bat... Maite zaitut, Maitena.—

MAITENAK: Zure sentimenduek plazer eta pena ematen dautet. Ene trixtezian asmatu dut, ba, zer izan zitaken ene bizia zure sahetsian... eta ezti zitzaitan zure bisaya. Hortako, aixtian entzutiarekiñ zer errespetu atxikitzen duzun ene orhoitzapenari, iduritu zait ez naizela hoñ galdua mundu izigarri huntan...

GANIXEK: (hurbilldurik) O! Egia ote da?

MAITENAK: Yainkuaz! Etzatzula, behar eztiren bezala har ene hitzak. Segurki ukhitzen nau, arimaño, zure estekamenduak; uros naiz holako sentimendu osua eta garbia zu bezalako gizon zuzenaren baitan sorrazirik... bañan...ene eskerretan eztuzu kausitu behar adixkidantza beizik... eta ez... (ixilltzen da)

GANIXEK: Errazu ba!... Ez amodiorik?

       (Maitenak buruz ba egiten du).

GANIXEK: Eztut zure amodioa kolpez ereman nahi! Oraiko zure adixkidantza aski nuke... Geroxago...

MAITENAK: Geroxago?

GANIXEK: Ba. Zure inguruan sorraz nezaken aire sano eta eztian zure arimak noizpeit irabaz beilezake bakhia... igan biziko sukharren eta galernen artian galdu duen bakhe eziñ ahantzizko hura... banuen esperantza sendatu zintudalakotz, azkenian, maitatuko nintutzula.

MAITENAK: (ukhitua) Ni baño hobia zare! Nor nahi baño hobia! Bertze bat aixtian izan dutan ahalkiaz loriatuko zen. Ez naiz ba zuregatik gan etxetik ihesi? Bertze batek etzituen enetzat elhe gaixtuak beizik izanen... eta zuk, ene iguñtzeko orde, gure mintzairak dabillzkan hitz xurienak, lore batzu bezala, behexten ditutzu eni eskaiñtzeko!

       (Xaâdiñ agertzen da).

 

 

HAMABIGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA — XAADIÑ

 

XAÂDIÑEK: (trixteki) Lipar batez uste izan dut aita benzutu nuela. Xutik zagon sehaskaren sahetsian. Nexka behatzen zuelarik, nigarrak xortaka estalkiaren gañerat erortzen zitzaizkon eta etzituen ikusten. Eztut sekulan eta nihok eztu hola gizon borthitz hori atxeman.

GANIXEK: Maitena ikusten zuen zure nexkaren adiñian.

MAITENAK: Gaixo aita!...

XAÂDIÑEK: Orduan hurbilldu naiz eta boza alxatu gabe, eri bati mintzatzen zayon bezala erran diot, barka zaitzula. Pekhatu duzula aski zure hutsarentzat, eztela zuzen bietan huts baten pagaraztia. Erran diozkat ene bihotzmiñak ematen zauzkitan arrazoñ guziak. Etzuen yeus ihardesten, bañan ba nigar eta nigar... eta nihoni nizarretan, hatsik gabe baratu naizenian, uste izan dutanian zure hauzia ene zela... kolpez gizon zahar horren begiak idortu dire eta nihoiz entzun ez diotan boz ikaragarri batekiñ erran daut: Ez.

       (Maitena besarkatzen du)

MAITENAK: Xaâdiñ maitia!

       Ixilltze labur bat.

GANIXEK: Maitena, etzare nihoin azpiko!...

       (Kantatzen du).

              Alargundu geroztik arras libro zarz...

              Nahi duzuya izan etxeko andere?

              Yauregia zure da! (erakusten dio bere eremua)

MAITENAK:

                                       Ene Yauregia?

GANIXEK:

              Ba, eta ni harekiñ.

MAITENAK:

                                         Zu?

GANIXEK:

                                               Ba, ni.

MAITENAK:

                                                        Egia?

GANIXEK:

              Othoi! Errazu baietz, Maitena,

              Bat bertziari estekaturik,

              Segi dezagun bide xuxena...

 

              Zurekiñ banaiz eztut beldurrik:

              Gerta ditazken itzulientzat

              Nun har nezake lagun hoberik?

 

              Zato ba ziñez gure etxerat

              Han izateko denen lehena...

              Nahi baduzu egin uros bat

              Othoi, errazu baietz, Maitena!

 

XAÂDIÑEK:

              Nahi baduzu egiñ uros bat

              Othoi, errazu baietz, Maitena!

MAITENAK:

              Eztut, erranen hitz bakhar hori,

              Nahiz bihotza billdu dautazun,

              Sobera aphal beinaiz erori...

 

              Aita, egoitza, anayak egun

              Eta betiko galdu onduan,

              Bizi nahi dut etxetik urrun.

 

              Mantaliñ beltxa berritz buruan

              Aintziñat nua!... Millesker zuri.

              Yarri artiño zure lerruan

              Eztut erranen hitz bakhar hori.

GANIXEK: O! Zure aitaren alaba zare. Zer urgullua den zuria!

MAITENAK: Ene lanaren medioz heltzen banaiz zure errunkarat, zuria izanen naiz. Egun ez ditake. Zer naiz egun? Bide higatzalle bat. Asma nezake karitatez hartu nauzula, ez amodioz, eta ideya horrek ustel lezake ene bizia.

GANIXEK:  Urgullua! Urgullua!

MAITENAK: Ez naiz dena urgullu. Etzintudan bertzenaz erranen ni baño hobia zarela. Biziak zahartu nau, sobera ikhasi dut eta beldur naiz izan dezazun gero ezkontza hitx hunen urrikia.

GANIXEK: O!

MAITENAK: (eskua Ganix eskañirik). Zure errunkarat, heltzen naizenian, zuria izanen naiz... lehenago ez.

       (Piarresen boza alxatzen da etxiaren barnetik).

       Batixta! Batixta! Errhoazi nahi nauka? (Agertzen da buru has, begiak xoratuak. Batixtak segitzen du.)

 

 

HAMAHIRUGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA — XAADIÑ — PIARRES

 

PIARRESEK: (Maitenari) Oraño hor haiz? Nahi dun ba hik, gure izena hire itsuskeriekiñ zikiñdu onduan nik garbi dezadan hire odolarekiñ?

XAÂDIÑEK: Burutik zuazi gizona!

       Banañ Piarresek, behatzen beitzuen alde guzietat, hartzen du Batixtal sasiaren kontra utzi zuen sega eta, Xaâdiñ beso ukhaldi batez aldaratu eta, sega airian hedaturik, Maitenari buruz dua oihu egiten duelarik:

       Hua berehala! Hua bixtatik! Edo hillzen haut!

       Maitena ezta muitzen; iduri du ukhaldiaren nahian daula; Batixtak besotraka aita atxiki du; Ganix, yauzi batez, Maitenaren aintziñian eman da, oihu egiten duelarik.

       Aski! (Ixilltze luze bat).

       Maitenak behatzen du bere aita, buruarekiñ adio bat egiten du deneri, ziñatzen du gurutze zaharrari buruz eta erreposki abiatzen da ithurriko bide alderat.

       Piarresek utzi du sega erortzerat eta, harritua bezala, behatzen du Maitena urruntzen. Bañan ikusten duenian gurutziaren gibeleko haitzek estaltzeñ dutela yadanik Maitena, oihu izigarri bat egiten du:

MAITENA!

       Maitena gelditzen da, dudan egoten, burua erdi itzulirik, eta segitzen du bere bidia. Orduan, Piarresek asmatzen duenian sekulako doala bere alaba maitia boza nigarrek dardarazirik egiten dio:

Maitena! Maitena!

       harenganat lasterka dualarik.

       Maitena baratu du... itzuli...eta ikustirekiñ aita besuak zabaldurik yarraikitzen zayola, bera ere lasterka ethortzen da aitarenganat, erraten duetarik:

Aita! Aita!

       Elkhar besarkatzen dute. Ixilltze luze bat.

 

BATIXTA — XAÂDIÑ — GANIX: (Laborarieri oihuz)

       Zatozte! Zatozte!

       Laborariak sartzen dire

 

 

HAMALAUGARREN AGERRALDIA

 

GANIX — MAITENA — XAADIÑ — PIARRES — BATIXTA

Laborariak (gizon eta emazte)

 

Piarresek sustengaturik, Maitena aintziñatzen da.
Bertziek inguratzen dituzte, lehenik Batixtak,
Xaâdiñek eta Ganixek, gero laborariek.

 

BATIXTAK: (kantuz)

                     Zorion handi bat egun

                     Guk ere kanta dezagun:

              Gure kopetak egon ditezen beti orai beziñ legun.

XAÂDIÑEK:

                     Gure Maitena hasteko

                     Dugu klarez aphainduko

              Argitasuna egundik goiti etxe hunek zor beitako!

PIARRESEK:

                     Haur sobera maitatua

                     Deus ezta zure eskua:

              Ibilltzen du ba nahi bezala ene bihotz ahuldua.

GANIXEK: (Maitenari)

              Orai, errazu baietz, Maitena,

              Bat bertziari estekaturik

              Segi dezagun bide xuxena...

MAITENAK: (eztiki)

              Zurekiñ banaiz eztut beldurrik:

              Gerta ditazken itzulientzat,

              Nun har nezake lagun hoberik?

GANIXEK:

              Zato ba, ziñez, gure etxerat

              Han izateko denen lehena.

DENEK: (salbu Maitenak)

              Nahi baduzu egiñ uros bat

              Orai, errazu baietz, Maitena!

MAITENAK: (bi eskuak Ganixi emanik)

              Ba erraten dut, erran nuena!

       Ganix eta Maitena aintziñian dauzi. Bertze guziak gibelian edo sahetsetan.

DENEK: (kantatzen dute)

              Zorion handi bat egun

              Guk ere kanta dezagun:

              Gure kopetak egon ditezen beti orai beziñ legun.

 

(AKABANTZA)

 

ETIENNE DECREPT ETA ETXEMAITE