Emanuel Intxauspe

 

MARIA BIRJINAREN HILABETIA

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Maria Birjinaren hilabetia, Michel Inchauspe. Pauen Vignancou, 1894

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00554.htm

 

 

MARIA BIRJINAREN HILABETIA

edo Maiatzian egün oroz
egiteko irakuraldiak
Maria Birjinaren bizitze eta
berthüte ederren gainen

 

Jaun Aphezkupiaren baimenarekin
Argitara emanik

 

Pauen Vignancouren Inprimerian

Sylvain Dufauk muldaturik

1894

 

 

BAIMENA

 

       Guk, François Jauffret, Baionako Aphezpikuak, gogotik onhesten dugu eta benedikatzen Murde Intxauspe, jaun bikario jeneralak Zuberoko fededunen fagoretan berriki moldatu duen Maria Birjinaren Hilabetea. Obra horrek, ez da dudatzeko, egile jainkotiar eta jakintsunaren xedetan den bezala, dakharzke arima giristinoeri probetxurik handienak.

Emana Baionan, otsailaren 26n 1894

François, Baionako aphezpikua

 

 

AMA BIRJINA MARIA
NOKÜGABE KONZEBITIARI
EGILIAREN ESKENIA

 

       Birjina Maria, Jinkoaren Ama, zelü-lürreko Erregiña; eta ere, zure Seme dibinoaren eta zühauren huntarzünaz, gure Ama zirena; zure aitzinian ahalkerekin belhainkatürik, eskentzen deizüt ene zahartarzüneko lan txipi hau. Ene eskazian hartü dizüt hunen adelatzeko ausartzia, nahiz ene herritar maiter ezagüterazi, ene ahalaren arau, zonbat handi diren Jinkoaganik ükhen dütüzün dohain berheziak; zoin paregabe izan diren zure berthütiak eta zure merezimentiak; zoin handi diren zelian zure ahalak eta Jinkoak eman deitzün bürüzagikoak.

       Badakit ez-nizala haizü gaiza hoien behar bezala ezagüterazteko, nihaurek hoietzez ez-tüdanaz geroz üdüripen bat baizik. — Badakit gizon argitienek eta mintzazale ederrenek ere aithorthü diela zure goratarzünez eta perfetzionez mintzatzeko bere eskartarzüna; eta züzenekin, zeren Jinkoak baizik ez-peitütü konprenitzen eta izartzen ahal.

       Bena mintzatzen giren bezala Jinkoaren beraren perfetzione mügagabez, gure ahalaren arabera, sori düzü zurez ere ber gisan mintzatzera atrebi gitian. Esperantza dizüt arren onhetsiren düzüla ene nahikünte huna; eta zonbat nahi güti balio dian ene lanak, — nahi deikedazüla, o Ama huna, ordaritzat ardietsi grazia, Jinkoak emaiten deiztadan azken egün hoiez ontsa pheretxatzeko eta hiltze saintü baten egiteko. Halabiz.

Emml. I. Apheza

 

 

AITZINEGÜNEKO EDO
BEZPERAKO IRAKURALDIA

 

Transite ad me qui concupiscitis me et
a generationibus meis implemini.
Eccli. 24-26.

 

       Tziauste eneganat ni maite naizienak eta ene ekhoizpenez aberats zitaie.

       Horik dira Maria Birjinak egün berheziki erraiten deizkün hitzak, guri eta Khiristi hun güzier.

       Jinkoak eman deikü Salbazalia Mariaganik eta nahi dü Mariaganik igaran ditian gure salbamentiaren egiteko behar dütügün graziak. Jinko Aitaren alhaba gehiena eta maitena da; Jinko Seme gizon eginaren Ama, Spiritü Saintiaren Espusa xahiena, Trinitate saintiaren obrarik ederrena. Hortakoz merezi dütü, Jinkoatarik landa, gure ohoreskü eta gür handienak, gure laidorioak eta gorestiak. Bena zelü-lürreko erregina den bezala, beita ere gure ama eta guretako huntarzünez osoki bethia, goretsi bezala, behar dügü maithatü, konfidantza handi bat hartan ükhen, gure beharrüniak hari agertü eta hel dakigün othoitü.

       Egün oroz behar dügü laidatü eta othoitü; bena berheziki Maiatzeko hilabete huntan, hau hari konsekratürik beita, Maria Birjinaren hilabetia deithürik eta mündü güzian fededünez alagrantzia handitan ohoratürik.

       Eliza guzietan Ama Birjinaren altharia eta imajina liliz eta argiz üngüratürik eta edertürik dira; eta Khiristi hunak egün oroz haien aitziniala bildüko dira, Mariaren laidorioen khantatzera, haren handitarzünez eta berthütez mintzatzen entzütera eta bere othoien hari eskentzera. Jüntatüko gira gü ere Eliza katholikoak Mariari alde orotarik erantzünen deitzon khantü eta othoitzer. Jinen gira haren ohoretan eraiki dügün althariaren aitziniala, haren laidatzera eta arimako eta khorpitzeko behar dütügün grazien galthatzera; haren othoitzera gure familiegatik, Eliza ama saintagatik eta Franziagatik.

 

 

Khiristiek bethidanik ohoratü die Maria

 

       Khiristi denboren hatsarretik, Maria Birjina, Jinkoaren Ama, izan da ohoratürik. Orano bizi zelarik, Elia Profetaren dizipüliek, Karmeleko mendian eraiki zeioen eliza bat. Españolen bethiko sinhestia da Jaundone Jakoberi agertü zela Ama Birjina Saragozen, pilar baten gañen, orano bizi zelarik; korajatü ziala Ebanjelioaren pheredikatzera eta hitzeman zeiola egiazko fedia ez zela jagoiti galdüren Españatik. Pilar haren üngürian eraiki zian J. Jakobek eliza bat, eta ordütik ohoratü zien khiristiek Ama Birjina Pilarekoa. S. Denysek, S. Marzialek, S. Ireneek, S. Lazarok eta beste Apostolien denboretako Aphezküpiek ekharri zien Frantziarat ere Ebanjelioarekin, Maria Birjinaren debozionia. Hastetik hari konsekratu zien asteko azken eguna; Neskanegüna deithürik izan da gure leheneko aitez; uste izateko beita erran nahi ukhen diela euskaraz Birjinaren egüna, neskaren egüna. Haren bestak khiristiek egiten zütien boztario handirekin, Jesü-Kristenak bezala, khiristigoaren lehen denboretarik. — Bena düdarik ezta Maria Birjinaren debozionia bethi handitzez joan dela denborarekin; mündiaren ürhentzialat hüllantziarekin, fedia gure artian elas, txipitzen delarik.

       Hamabigerren mentian S. Dominikak ezari zian Arrosarioaren debozionia; Eskapilarioarena S. Simon Karmelitak, ama Birjinaren beraren manüz. Egünian hiruretan zeiniaren joitia eta hirur Ave Mariaren erraitia, Maria Birjinaren, Jinkoaren Semiaz amatziaren ohoratzeko, hamalau gerren mentian izan zen ezaririk eta Aita saintiez indüljentziaz aberastürik.

       Hamazortzi gerren mentian, diala orai ehün bat urthe, Italietan hasi ziren Maria Birjinari Maiatzeko hilabetiaren konsekratzen, eta egün oroz Ama Dibino haren ohoratzen othoitze eta egitate hun zonbaitez. Errebolüzioniaren üholde lotsagarria igaran zenian eta Erlejione saintiak bere libertatia küperatü gure Franzian, debozione hori gogo hunez hartü zien eta besarkatü khiristi hunek eta laster bazter orotarat hedatü zen, eta orai mündü oratan zelebratürik da eliza katolikoetan.

       Aita Saintiak, Pio VII gerrenak, eman dü hirur ehün egünen indüljentzia maiatzeko egün oroz irabazteko, zonbait othoitze edo obra hun, Ama Birjinaren ohoretan, etxen edo elizan egiten dianari; — eta indüljentzia oso bat edo plenario bat hilabetian behin irabazteko, kofesatzen eta komüniatzen delarik eta Elizaren intentzionetan othoitzen.

       O Maria Birjina, Jinkoaren Ama eta gure Ama huna, jüntatzen gütüzü mündü orotako zure haur eta zerbützari fideler; haiekin egün oroz jinen gitzaitzü gure laidorioen eta othoien eskentzera. Beha zakizkü zure huntarzün handian, eta Jinkoaganik ardiets itzagützü, arimen eta korpitzentako behar dütügün graziak. Halabiz.

 

 

LEHEN EGÜNA

 

Mariaren Jinkoaz aitzingogoatzia eta hitzemaitia

 

       Jinkoak ikhusi zian bethidanik gizonaren erortia; eta ere bethidanik hitzartü zian, bere miserikordia handian, haren eraikitia eta salbamentüko bidian haren ezartia; eta hortakoz Jinko Semiaren gizonegitia izan zen erabakirik; eta ordüdanik haitatürik izan zen, haren Ama izan behar zian Birjina.

       Bere huntarzünaren detse handi hori Jinkoak ezagüterazi zian Adami eta Ebari, noiz-eta bere bekhaitiagatik ohiltü beitzütian lürreko Pharadusütik, eta kondenatü hiltzera, nekian eta nigarretan herrestatü ondoan bizitze esteiari bat. Madarikatü zian berriz debria, süge ifernükoa, bere inganioez gure lehen burhasoak bekhatiala erorerazi zütiana, eta erran zeion: etsaigoa ezariko ziala haren eta emaztiaren artian eta emaztiak lehertüren zeiola büria; — emazte hura debriaren huinpetan ezarlia, Maria da, Salbazaliaren Ama.

       Lau mila urthez mündiak egürüki dü gizonketiaren Arrerosle hura eta haren Ama jinkozkoa. Anhartian Jinkoak berritzen zütian bere hitzemaitiak, eta ere figüratzen edo üdüriazten zütian: Salbazalia gizon saintü batzüz, eta haren Ama Maria ere emazte sainta horiez: — Sara Abrahamen emaztiaz, zoinen arrazan benedikatürik izan behar beitzien mündüko nazione güziek; — Rachel Jakoberen emazte maitiaz eta Joseph jüstoaren amaz; — Debora eta Jahel emazte bihoztoiez, zoinek Jinkoaren popülia etsaietarik libratü beitzien; — Anna saintaz, Samüel Profeta handiaren amaz; — Jüdith korajusaz Holoferna gaitzari büria muztü zianaz eta Israeleko popülia salbatü; — Esther ederraz, errege Assuerüsek emazte güzien gainetik maithatü zianaz, eta Aman gaiztoa ürkha erazi zianaz.

       Maria da odei txipi hura, Elia Profetak ikhusi ziana; zelü orotara gero hedatü beitzen eta lürra, idortiaz ütsaltürik zena, euri gizen batez busti beitzian.

        maria da, Isaia Profetak anonzatü Birjina, zoinek konzebitü behar beitzian eta sorthü seme bat, zoinen izena beitzatekian Emmanuel, erran nahi beita Jinkoa gurekin edo Jinkoa gizon eginik.

       Salütatzen zütügü, o Maria, Jinkoaren gogoan bethidanik izan ziren kreatüra maitena, handiena, eta perfeitena; — gure arrerosteko hastetik hitzemana, Patriarkek egürükia eta Profetek anonzatia; so egigüzü zure haur desterratü hoier eta lagün gitzatzü zelüko bidian ebilten, ikhus ahal zitzagün han, loriaz eta dohatsütarzünez üngüratürik.

 

 

Gerthaldia edo istoria

 

       Mila zortzi ehün eta berrogei eta bian, Alfonsa Ratisbone deitzen zen Jüdio bat gerthatzen zen Erroman igaraitez, Napleserat eta gero Malthako islarat joaiteko geiian. Bathü zian Theodore de Büssiere deitzen zen jaun bat, protestan izanik, katoliko argitü eta bero bat. Ratisbonak hastio zian Erlejione katolikoa eta burhau itxusienak erran zeitzon Jesü-Kristen Erlejioniaren kontre. M. de Büssierak eztiki ihardetsi ondoan, erran zeion: galthatzen deizüt grazia bat neke eztena, Maria Birjinaren Medalla hau ekhar ezazü lephoan, eta goizan eta arratsen irakur ezazü othoitze txipi hau: Memorare edo orhit zite.Ratisbone lehenik trüfatü ondoan galtho hoiez, gero zeditzen da Büsieraren isidurari. Medella ezartzen deioe lephoan eta othoitzia berari izkiriba erazten. Izkiribatzen zialarik, gogoan sarthü zeion eta nonnahi, bera zenian, jiten zeion gogoala. Hantik laur egünen bürian, urtharilaren 20n, M. de Bussiere bazoan M. de Lafarroinaisen ehortzetaren hitzarzera; M. de Ratisbone kharrikan bathürik, bere botüran hartzen dü eta badoatza S. Andre delle Fratte deitzen den Elizala. Hanko gehienekin hitzartzen ari delarik M. de Büssiere, Alphonse de Ratisbone sartzen da küriositatez Elizan; han so dagoalarik, batbatian xapela batetan argi handi batek üngüratzen dü eta belhainka erorten da, beste ordüz J. Paule Damaseko bidian erori zen bezala. Han zagon argiari so, ezagützia galdürik bezala, nigar turrustaz, M. de Bussiere jin zeionian iratzartzera. Ezzakian non zen; jeiki zen, hartü zian bulharrian zian Ama Birjinaren medailla, erraiten zialarik: hau düzü, hau düzü, lagünt nezazü aphez baten gana. Eraman zian M. de Bussierak Aita de Villefort jesuitagana. Argitürik ediren zen Erlejioneko phüntü güzien gainen; eta Aita Saintiaren baimenarekin hamar egünen bürian, urtarilen 31n izan zen batheiatürik. Konbertitze miraküllüzko hori, nahi ükhen zian Aita Saintiak izan ledin xeheki ikhertürik, eta ezagütürik egiazki maria Birjinaren photere eta huntarzün handiaren egitate bat dela. Alphonsa Ratisbona gero apheztürik, erlejius hil izan da, saintüki bizi ondoan.

 

 

BIGERREN EGUNA

 

Maria Birjinaren konzepzione nokügabia

 

       Heltü zirenian Arrerosliaren jiteko Jinkoak markatü denborak, agetü behar zian haren Amatako haitatürik izan zen kreatüra berheziak. Baziren Judean, Nazaretheko hiri txipian, senhar emazte saintü elibat, Joakhim eta anna deitzen zirenak. Dabiten odoletik elkhitzen ziren, bena ezpaitzien aberatstarzünik, bizi ziren müdiaz ahatzerik, ixilian bere ahal oroz Jinkoa zerbützatzen zielarik eta hari othoitze hanitz egiten. Adinian aitzinatürik ziren eta ez zien haurrik; horrek bihozmin emaiten zeien, Dabiten ondoriotik sorthü behar zialakoz Arrerosliak, bena Jinkoaren boronthatiari zauden ümilki menperatürik. Hurak haitatü zütian Jinkoak bere kreatürarik perfeitenaren eta maiteenaren Aita eta Ama izateko; haietarik nahi izan zian sor ledin Maria Birjina, Krist Salbazaliaren, Jinko-Seme gizoneginaren Ama izan behar zianak.

       Adam eta Ebatarik elkhi haurrak gerthatzen dira oro sortzapeneko bekhatiaz thunatürik eta debriaren esküpeko: bene ez-zen sori, Jinko-Semiaren Ama izan behar ziana, izan ledin ihulaz debriaren esküpian ez bekhatiaz thunatürik; hortakoz hari Jinkoak egin deio grazia berhezi bat, eta fededün güziek sinhetsi behar die Elizak erabaki dian egia hau: Birjina Maria bere konzebizioneko lehen menian Jinko oro-photeretsiaz, Salbazaliaren merezimentiengatik, sorzarozko bekhatiaren thona orotarik xahü izan dela begiratürik.

       Bai, Maria Birjina izan da bekhatü gabe konzebitürik, eta izatia ükhen dian mementotik lehertü dü süge infernükoaren büria; — eta ere ordütik haren arima izan da ez berbera osoki xahü, bena Jinkoaren dohain berhezienez eta handienez edertürik eta aphaintürik; — halanola ordütik agertü beita Jinkoaren begien aitzinian, Aingüriak oro beno ederrago eta maithagarriago, hain eder non Jinkoak berak erran beitü hartzaz: osoki eder zira, ene haur maitia, eta eztüzü thunarik zütan. Tota pulchra es, amica mea et macula non est in te.

       Alagera gitian eta eskerrak Jinkoari eman ditzagün zeren egin dian hatsarretik Maria Birjina hain xahü, hain eder eta Jinko Semiaren Ama izateko hain digno. Boz gitian Mariarekin, eta dohatsü dela oihüsta dezagün, Jinkoak kreatüra güzien gainetik dohainstatü dialakoz.

       Ezpagira gü sorthü bekhatü orijinala gabe, ükhen dügü sortzetik laster, hartarik xahatürik izateko grazia, eta Jinkoaz bere haurretako ezagütürik, Batheyüko sakramentian. Aikünü Mariak bezala begiratü lehen grazia hura! Elas, elas! Zonbatetan eztügü galdü eta Jinkoaren khexia merexitü!

       O Maria, Birjina thunagabia, guretzat othoi egizü, zuri hersatzen gütüzü. Ardiets izagüzü ezagüt dezagün, pheretxa dezagün eta begira dezagün Jinkoaren grazian izatia; harek egiten beikütü gü ere Jinkoaren haur eta zelietako primü.

 

 

Istoria

 

       Saintien eta Eliza katolikoaren Sinhestia izan da bethiere, Maria Birjina, Jinkoaren Ama, izan dela konzebitürik bekhatü orijinaletik xahü. Sant Anbrosik erraiten dü Mariak eztiala ükhen ez bekhatü orijinalaren ez bekhatü aktüalaren nokürik. Sant Augüstik dio, bekhatüz denian kestione, Mariak berhez ützi behar diala, Jinkoaren ohoriagatik. Sen Jean Damassenak, S. Ildefonsek goratik oihützen die Maria eztela izan sorzaroko bekhatiaz khozatürik. Ber sinhestia erakatsi die gero S. Bernatek, S. Bonaventürak eta S. Thomas, theologoen bürüzagiak.

       Zazpigerren mentetik, Ekhi-jalkhi aldeko elizetan, egiten zien Ama Birjinaren Konzeptzioniaren Besta; berantago hamabigerren mentian Besta horren zelebratzen hasi ziren Angleterran, Franzian, Espagnan eta Italietan; eta khiristi hunek maite zien Ama Birjinaren pribilejio berhezi horri sinheste eta ohore emaitia. Bena Elizak ez zian gaiza horrez fedezko artikülü bat egin. Aita Saintiek debetatü zien erakastia eta erraitia Maria Birjina konzebitürik izan dela bekhatü orijinalarekin; Bena ez-zien egin fedezko artikülü bat, sinhestiaz izan dela konzebitürik bekhatü gabe.

       Sinheste hori erabakirik izan da 1854 urthian. Pio IX Aita Saintiak, galthatü ondoan mündüko aphezküpü güzien eta ordre religius güzien ustekeria hortan gainen, deithü zütian Elizako gehienak oro Erromara; eta abentiaren 8n, lürreko alde orotarik bildü ziren aphezküpien, Ordretako aitzindarien eta berrogei eta hamar mila khiristien aitzinian, oihüstatü zian, erabaki eta zintü Maria Birjina sortzapeneko bekhatütik xahü, izan dela konzebitürik; hori dela egia bat khiristi güziek sinhetsi behar diena, Jesü-Kristen Elizaren haur ezagütürik eta salbatürik izateko.

       O Maria, gogotik sinhesten dizügü bethi xahü izan zirela, bai bekhatü orijinaletik, bai beste bekhatü orotarik; eta jakitate horrek eta sinheste horrek boztarioz bethatzen gitizü eta gogotik erraiten dizügü:.

       Benedikatü dela Maria Birjina Jinkoaren Amaren konzepzione Sainta eta thunagabia! (300n indül.). Zure bethiereko thunagabiaz, xahü begira ezazü gure bihotza eta gure khorpitza, O Maria Birjina ezinago garbia. (300 egünen ind.).

 

 

HIRUR-GERREN EGÜNA

 

Maria Birjinaren Sortzia

 

Quae est ista quae progreditur quasi aurora consurgens?

Nor da hori zoin agertzen beita goiz-ozkorria üdüri?

Cant. c. 9.

 

       Sorthü zen azkenekoz, Salbazaliaren Ama izan behar zian Birjina, laur mila urthez egürükia. Jinkoak egin kreatürarik perfeitena zen, Aingüriak oro beno ederrago eta maithagarriago. Trinitate saintiak sirats handirekin begiak hartan ükhüratzen zütian; Jinko Aitak hartan ikhusten zian bere egiazko alhaba, erraitekorik ez-ziana, dohain güziez aphaintia; Jinko Semiak bere Ama, eta bere Ama izateko gisa orotaz gei zena; Spiritü Saintiak bere tenplo saintiena eta bere espusa maithagarriena. Aingüriek ikhusirik ordüdanik haren edertarzün paregabia, ezagützen die eta salütatzen bere eregiña bezala.

       Debria izitzen dü horren ikhustiak; Adam eta Ebaren haurretarik lehena beita eta bakhoitza, bizia ükhen dianian, haren photeriala erori eztena; eta ezpeitü edireiten hari oldartzeko indarrik ez biderik. Ezagützen dü horrek izan behar diala, haren büria zaphatü behar dian, Jinkoak hitzeman emazte hura; eta errabiahanditan jarten da, bena auherretan, indargabe beita khausitzen, haur sorthü berri horren aitzinian.

       Gizon-kentiak behar zükian alagrantziatan jarri, Maria Birjinaren sortzian. Arthizarrak lehentzen dian bezala ekhiaren agertzia, Mariaren sortziak anonzatzen zian Salbazaliaren jitia, Jüstiziazko Ekhiaren jaikitia. Bena gizonek ez-zien ezagütü, zelia boztü eta ifernia izierazi zian sortze handi hori; egin izan beitzen ixilian, praubezian eta aphalmentian, Salbazaliaren sortziak gero igaran behar dükian bezala.

       Orai gük beitakigü nolako izan den dohain-huneko sortze hori, jünta gitian Trinitate saintiari eta zelietako izpiritü dohatsier eta salüta dezagün boztariorekin eta amodiorekin, Jinkoaren Ama eta zelü-lürreko erregiña gei den haur benedikatü hori. Galtha dizogün gure arimaren begiratzia Jinkoaren grazian; merezi dezagün gük ere, Trinitate saintiaz eta aingüriez gogo hunez ikhusirik izatia.

 

 

Istoria

 

       Franzia deithürik izan da Mariaren Erresuma, regnum Galliae regnum Mariae.

       Eta ere Sa. Klotildak ardietsi zian Klobis bere senharraren eta Errege paganoaren konbertitzia, Maria Birjinaren arartekotarzünari hersatzez. Charlemagne Enperadore handiak, hanitz eliza eta komentü eraiki zütian Mariarenohoretan. Blanche de Kastilla erreginak zor ükhen dü Ama Birjinaren debozioniari Sen Luis Erregiaren ama izatia; ber gisan geroago Anna d'Autrichak, Luis XIV errege handiaren ükheitia.

       1528n, Higanautek Parisen urthiki zien Ama Birjinaren statüa edo üdüri bat eta puñal khaldüz phorrokatü zien. Franzois 1enak, Franziako Erregiak, egin erazi zian ber handiagoko imaje bat oro zilharrez. Prosesione handi bat egin izan zen, Ama Birjinari arraparazione egiteko; zortzi Aphezküpü, Erregeren Khorteko Prinziak, Enbasadoriak, Ordre güzietako Erlejiusak eta Eliza güzietako Aphezak bildu ziren, jente ozte handi batekin. Pariseko Aphezküpiak meza erran zian eta Erregek bere esküz ezari zian zilharrezko Ama Birjina, Higanautek bestia laidostatü zien lekhian; eta gero belhainka othoitü zian Maria Birjina beregatik eta Franziagatik, nigar turrustak ixurten zütialarik. — Luis XIIIk arra-eraiki zian Eliza hanitz Mariari konsekatürik, Higanautek errerik edo egotxirik izan zirenak; berheziki gure alderdietan Betharrameko eliza, Sarrantzekoa eta Büglosekoa. Harek berak konsekatü zian Franzia Maria Birjinari, eta manhatü egin ledin urthe oroz haren ohoretan Prosesione handi bat, Andere Dona Maria Agorrilakoaren egünian; zoin geroztik bethi egite beita.

       Salütatzen zütügü, Maria, Jinko Aitaren Alhaba, Jinko Semiaren Ama, Jinko Spiritü Saintiaren espusa, Trinitate Saintiaren tenploa, eta kreatüra güzien Erregiña. Egizü ohora zitzagün, maitha zitzagün, othoi zitzagün egün oroz fidelki; eta holatan merezi dezagün zurekin izatia zelian, zure arartekotarzünaren moienez.

 

 

LAUR-GERREN EGÜNA

 

Nomen Virginis Maria.

Birjinaren izena da Maria

 

       Sorthü zenetik bederatzü egünen bürian, S. Joakimek eta santa Annak eman zeioen bere haurrari izena, Maria. Elizako Aiten ustia da, eta ez-ta düdatzeko, Aingüriak Jinkoaren manüz erran zeiela S. Joakimi eta Santa Annari izen hori eman lizoen, haur bat ükhenen ziela hitzeman zeienian. Jesüsen izenaz beste, ez-ta izen ederragorik ez handiagorik Mariaren izena beno. Hebrü eta Siriako mintzajian, Maria erran nahi da: Goratia, Argitia, Anderia, Gehiena, Amoriozko itsasoa, Kharatstarzünezko itsasoa, eta itsasoko izarra; — horik oro sinifikatzen tü Maria izenak. Ageri da zoinen ontsa Mariari dohazkon sinifikazione edo errannahi horik oro.

       Lehenik Goratia edo Altxatia; hain gora izan da altxatürik Maria, non ez-peitü Jinkoa baizik bera beno goragorik. — Jinkoak eman deitzo kreatürari emaiten ahal diren dohainak oro. — Jinko Aitaren bethiereko loria eta dohatsütarzüna da, bera üdüri Semiaren ekhoiztia eta erraitia: hau da ene Semia, huntan dütüt ene siratsak oro; — eta Mariak Jinko Aitarekin loria hori partajatzen dü; harek ere ber Jinko Semiaz erraiten ahal beitü: hau da enen semia! — Maria izan da Argitia; haren gogoa ez-ta izan guria bezala lüzaz ülhünpetan; Jinkoak hastetik argitü ükhen dü gizonak jakin behar dütian egia güziez; eta haren Arima izan da bethi Espiritü Saintiaren dohain eta grazia güzien argiaz betherik eta üngüratürik.

       Maria Anderia da, emazte güzien artian benedikatia eta ororen gehiena eta erregina; hartakoz deithürik da mintzaje orotan Andere Dona Maria.

       Maria erran nahi da orano itsaso kharatsa, haren Arima izan beita dolorezko itsaso batetan sarthürik eta pulunpatürik, ikhusi dütianian bere semiaren pasioneko eta heriotzeko oiñhaze garratzak eta harekin igurtzi.

       Maria da ere Amoriozko itsasoa, zeren Mariak Jinkoarentako eta guretako dian amorioa, handiago beita Aingürien eta gizon güzien amorioa beno, eta bazterrik ez ondorik ez-tian itsaso bat üdüri beita.

       Maria izenak erran nahi du orano itsasoko izarra, eta sinifikazione hori ere ontsa dohako; zeren ephar-izarrak itsasoak Marinelak bidatzen dütian bezala, bizitze huntako itsaso gaitz eta lanjerusian, khiristiek zelüko portiala heltzeko Mariaganat behar beitütie begiak altxatü, Mariari hersatü, harek gida ditzan et lagünt ditzan zelüko portialano.

       Maria izena photerez eta eztitarzünez betherik da. Izen horrek ikharatzen dü ifernia eta ihesi egorten etsai gaiztoa. — Izen horrek hunkitzen dü Jinkoaren bihotza eta eraitserazten dütü gütara haren miserikordiak eta graziak. — Izen horrek eraikitzen dü arima eroria eta konsolatzen aflijitia; — Mariaren izenak sarerazten dü esperantza bekhatore dolütiaren bihotzian; — Mariaren izenak emaiten dü jüstoari ontsan iraiteko eta aitzinatzeko nahia eta indarra.

       O Maria, Maria, izen photeretsia, izen eztia, ükhen zitzadala bihotzian eta ahoan, bizi nizano eta hiltzeko orenian!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       1683n, Türkek setiatzen zien Vienna, Autrixako hiri kapitala; eta Europaren erauztera abiatzen ziren berrehün mila soldadoekin. Sobieski, Poloniako Erregia, joan zen armada batekin Autrixienen sokhorritzera. Bürüllan, Ama Birjinaren Sortzeko otaban igante egünian, meza entzün zian, komüniatü eta gero oihü egiten zialarik bere troper: goatzan agoñurekin, Maria Birjinaren izenian! Attakatü zian builta handirekin Türken armada; erauzi, ützülikatü, barreiatü, phorrokatü eta ondarak ihesi igorri. Mahometen bandera handia ediren zien hilen artian eta igorri Aita Saintiari, Innozent XI gerrenari. Hunki handi horren eskerretan, ordü berian Aita Saintiak manhatü zian egin ledin bethikoz Andere Dona Mariaren Izen Saintiaren besta, haren sortze otabako igantian; hori geroztik Eliza Saintiak zelebratzen beitü amorio eta eskerrekin.

 

 

BOST-GERREN EGÜNA

 

Mariaren dohain berheziak

 

       Mariaren haurzaroa ezta izan Adamen ondoko beste haurrena üdüri. Sorzarozko bekhatiagatik lüzaz gurekin arima ehortzirik bezala dago khorpitzian, enthelegurik gabe, boronthaterik gabe. Arima da gizonaren pharterik nublena eta gorena; arimaz Jinkoaren üdüriko gira eta aingürien pare; eta gü berant artino ezkira bizi arimaren bizitziaz. Ezta holako izan Mariaren kondizionia. Hura ezpeita izan sorzarozko bekhatiaz khozatürik, eztütü ere haren ondorio gaiztoak igurtzi; haren arima izan da hatsarretik enthelegiaz argitürik, eta Jinkoak hastetik gizonari eman zütian jakitate güziez dohaintürik; eta holatan bere biziaren hatsarretik Jinkoa ezagütü dü, Jinkoa maithatü dü eta Jinkoari eman deitzo zor zeitzon eskerrak eta laidorioak. Eta nola, Mariak izan behar zialakoz Jinkoaren Ama, Jinkoak eman beitütü haren arimari argi, edertarzün eta dohain kreatürari ematen ahal direnak oro; hastetik Aingüriak oro beno ere haboro izan da, eta hastetik Jinkoari ützüli deio, Aingüriek ützültzen ahal deioen beno ohore, esker eta amorio haboro. Eta Mariaren gogoa eta bihotza ezpeitziren jagoiti Jinkoaganik berhezten, haren amorioa, haren eskerrak eta ohoreskiak bethi thaigabe, haren arimatik Jinkoaganat igaiten ziren; eta bethi grazia berri erraitserazten zien Jinkoaganik. Hortik aphür bat gogoa ditake zonbat handi diren Jinkoak Mariaganik errezibitü dütian ohoriak; eta ere zonbat handi izan diren Jinkoak ordari igorten zeitzon graziak eta dohain berriak. Horik ziren bi turrusta bethi handitzez zoatzanak, bata Jinkoaganik Mariaganat jaisten, bestia Mariaganik Jinkoa ganat igaiten. Mariak eztü ützi galtzera dohain hetarik batere; orotzaz bethi hazi dü eta bethi haboro edertü eta goratü bere arima, sortzetik hiltzerano.

       Batheiatürik izateko dohain huna ükhen dügünaz geroz, zonbat gük ere eztügü ükhen grazia Jinkoaganik? Ezpagüntü ützi galtzera, balia erazi bagüntü, saintü handiak ginateke. Bena elas, zer egin dira gütan, eta batheiüko grazia eta geroztik ükhen dütügünak?

       O Maria, ardiets izagüzü heben-harat hobeki balia gitian Jinkoak bere miserikordian emanen deizkegün graziez.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Sen Dominika ari zelarik pheredikatzen Karkasonan, Maria Birjinaren eretzeko debozionen gainen, ekharri zeioen heretiko bat debriaz hartürik izan zena, Mariaren kontre oihüz mintzatü zelakoz. Sen Dominikak Jinkoaren izenian manhatü zian debria erran lezan, heretiko hura ützi beno lehen, egiak zirenez harek, S. Dominikak, Maria Birjinaren handitarzünaz eta photeriaz erraiten zütianak. Debriak, egiten zialarik, orroa izigarri bat, erran zian: «Khiristak, gizon hori gure etsai handia da, eta bortxatü niz erraitera, horrek Mariaz erraiten deitzienak oro egiak direla. Eztügü photererik Mariaren zerbützarien kontre; hanitz dira salbatzen direnak hari hersatüz hiltzerako menian; eta Maria Birjinari bere bizian debot egoiten direnatürik ezta batere damnatzen».

       O Maria, nahi gütüzü izan bizi gireno zure zerbützari eta zure haur.

Lagünt gitzatzü Jinkoaganik ükheiten dütügün graziez baliatzen, haien galtzera ez üzten; saintüki bizitzen, saintüki hil gitian; zelüko glorian Jinkoak orori eman nahi leikegün dohatsütarzüna bethiere zurekin goza dezagün. Halabiz.

 

 

SEIGERREN EGÜNA

 

Maria emaiten da Jinkoari

 

Quam pulchri sunt gressus tui, filia principis!

Zoinen eder diren zure urhatsak, o Erregeren Alhaba!

 

       Maria Birjina eraman zien bere Aita eta Amek, hirur urthetan, Jerüsalemeko tenploala; eta han ordütik Maria eman zen Jinkoari zen-güzia eta egin zian birjinitatezko botoa.

       Mariak, bere izatiaren lehen hatsarretik, ezagütü dü Jinkoa, eta harenganik, izatiarekin, üken dütian dohain berheziak; eta ordütik hasi da haren maithatzen eta laidatzen. Ezta ordian izitzeko ikhusten badügü Maria Birjina hirur urthetan, Jerüsalemeko tenplo handialat joaiten bere büriaren Jinkoari eskentzera, ützirik bere etxondoa, ützirik bere Aita eta Ama maitiak.

       Oh, bai, eder izan dira Jinkoaren eta Aingürien aitzinian haur gazte horren urhatsak! Mündian agertü zen kreatürarik ederrena eta xahiena joaiten zeion Jinkoari, Serafinek zien beno amorio sütatiago batekin, bere khorpitzaren, bere izate güziaren Jinkoari emaitera, hari ützültzera haren huntarzün mügagabetik ükhen dütian dohainak oro. O sakrifizio ederra, Jinkoari ezinago laket izan zaiona! Halakorik ezpeitzian ükhen, ez ükhenen bere Seme gizon eginaganik ükhan dianaz besterik.

       Eder izan da sakrifizio hori Mariaren aldetik; bena ere eder izan da haren Aitaren eta Amaren aldetik. Jinkoak eman zeien haur benedikatü hori bere zahartarzünian; eta zonbatenaz beitzen maithagarriago eta adinari emanik zen beno enthelegütsiago, hanbat esker gehiagorekin eta gogo hoberekin Jinkoari egin zeioen haren sakrifizioa, Aita eta Ama Jinkotiar handi haiek.

       Mariaren ürhats goistiarrak eta haren Aita eta Amen sakrifizio jenerosak, orhiterazi behar deikuie, gü ere Jinkoarenak girela, giren güzia; eta harenganik dütügüla dütügünak oro; hari oro zor dütügüla, eta haren zerbützüko eta haren gogara baizik eztütügüla behar enplegi harenganik ükhen dütügün dohainak.

 

 

Istoria

 

       Jeanna, Alfonsa Vren Portügaleko Erregiaren Alhabak, zühürtarzün handirekin gobernatü zian Erresuma, Aitak eta Anayiak gerla egiten zielarik Türken kontre Afrikan. Bitorius hantik ützültzen zirelarik, Aitaren aitziniala joan zen Jeanna bere suñeko ederrenekin; eta nula ikhusi beitzian Aita ekharririk zela hari plazer egitera, galthatü zeion Abiereko komentian sartzia eta bere Birjinitatiaren Jinkoari konsekatzia. Onhetsi zian Aitak nahibada gogoz-gainti eta komentian sarthü zen. Bena haren edertarzünaren eta kalitate handien fama hürrün hedatü beitziren, Franziako Erregek, Charles VIIIk, galthatü zian emazte eta erregiñatako. Ordükoz Alfonsa, Jeannaren aita hilik zen eta Jean IIa, Jeannaren anayia zen Portügaleko errege. Charlesek galthatü zeion Arreba, menazatzen zialarik gerla eginen zeiola ezpazeion emaiten. — Jean IIak, Abierera joanik, erraiten deio Arrebari behar diala ezkontze hortara konsentitü, beraren eta popüliaren begiratziagatik gerla baten gaitzetarik.

       Jeannak galthatzen dü egün baten thermañia arrapostü emaiteko. Arte hortan badoa bere gelara; eta han Maria Birjinaren imajinaren aitzinian lüherrastürik, othoitzen dü hel dakion eta lagünt dezan Jesüs Jaunari konsekratü deion Birjinitatiaren begiratzen. Maria Birjinak haren bihotzetik khentzen dütü lotsak oro eta bethatzen dü haren gogoa bake eta sirats handi batez.

       Biharamenian erraiten deio bere anaie erregiari; prest nüzü zure eta Franziako erregeren nahiaren egitera, errege bizi balin bada. Jean IIa Abierako komentutik alagera badoa Lisbonarat, eta heltü denian bere palazioala, berria ekhartzen deioe, Charles VIIIa Franziako erregia, destorbüz hil izan dela; ez-zian hogei eta zazpi urthe baizik. — Jeanna dohatsü hori ohoratürik da Portügalian eta Dominikanoen ordrian, sainta bezala, maiatzaren hamabian, Innozent XII Aita saintiaren baimenarekin.

       Zure konzebitze thonagabiaz eta zure bethiereko Birjinitatiaz, xahü edükazü gure bihotza eta gure khorpitza, o Maria ezinago garbia. Eta gure bizitzia higa dezagüla, zük bezala, Jinkoaren zerbützian!

 

 

 

ZAZPIGERREN EGÜNA

 

Mariak Birjinitatezko botoa egiten dü Tenploan

 

A te quid volui super terram, Deus cordis mei
et pars mea Deus in aeternum.

Zützaz besterik zer nahi düt lürrian, o ene bihotzeko Jinkoa,
zü bethiko ene pharte bakhoitza.
(Ps. 72, 26).

 

       Mariak aragizko khorpitz batetan ekharten zian arima bat, Aingüriena beno xahiago eta Aingüriena beno argitiago zena. Hartan, arima osoki nausi zen eta khorpitza osoki arimaren manüzpeko. Eta Jinkoak hastetik eman zeitzon argiez ikhusten beitzian, arimaz Jinkoaren eta aingürien üdüriko zela, eta aldiz khorpitzaz lürrezko, ezagütü zian zonbat eder zen Birjinitatia, eta Jinkoari konsekratü zeion bere arimaren eta khorpitzaren xahütarzüna, bethiko Birjinitatiaren botoaz. Haren ondotik, errege Profetak erranaren arauera, hanitz Birjinak jarraiki behar zien haren ürhats ederrer; bena Maria izan da lehena, Maria izan da Birjinitatiaren banderaren eraikizalia. Eta hori egin dü bazakialarik ahalkegarri zela, Jüdioen artian emaztentako, haurrik ez ükheitia, eta berheziki hura bezala Dabiten kastatik zirenentako; kasta hartarik behar zialakoz Salbazaliak sorthü. Hori egin dü entzün gabe Jesüsen ahotik, hobe dela ezkuntü gabe egoitia, orok eztiela hori konprenitzen, bena bai Jinkoaganik argia eta grazia ükhen dienek. Hain eder agertü zen xahütarzüna non haren amorekatik, ükho egin beitzian Salbazaliaren Ama izateko esperantzari ere.

       O Birjinitatia, o xahütarzüna zoinen eder ziren! Zük haiterazi düzü Maria Jinko Salbazaliaren amatako; zük xarmatzen dütüzü Jinkoaren begiak, zük irabazten düzü haren bihotza; — zük arrapatzen düzü bekhatiak gizonian egin desordria; zük emaiten düzü arimari khorpitzaren goitzeko indarra eta haren etxekitzeko bere manüpian! Xahütarzünak emaiten deie barneko indarra eta kanpoko edertarzüna. Hura gabe beste berthütiak oro ahültzen dira, ülhüntzen eta hiltzen.

       Bai, eder da, balius da xahütarzüna; bena xabor da, delikatü da, gal-ehi da ezinago; — mirail argi bat da, bena hats batek ülhüntzen dü; lilirik ederrena da, bena hunkitze batek gastatzen dü; — tresor ezinago baliusa da, bena lürrezko untzi hauskor batetan ekhartzen dügü.

       Behar da maite ükhen, behar da begiratü ernetarzün eta maiña handirekin. Begirari eman behar zaitzo, ümiltarzüna, lotsa, solaz eta okasione gaizto orotarik hürrün egoitia, sakramentien ardüra hartzia eta Maria Birjinari othoitze egitia.

       Orhit zite, o Maria huntarzünez bethia, eztela egundano entzünik izan, zure arrimiala laster egin diana, zure lagüngoagalthatü diana, zure arartekotarzünari hersatü dena izan dela abandonatürik; — nik ere, konfidantza horrez phiztürik, zuregana, o Birjina Birjinen Ama, laster egiten dit; zuregana huna nüzü; hau naizüla zure aitzinian bekhatü eginez dolütürik; eztitzatzaüla, o Salbazaliaren Ama, ene othoiak gaitzetsi, bena entzün itzatzü huntarzünekin eta balia zakitzat. (300 egünen indülj.).

       O Maria, begira ezazü gütan xahütarzüna; zuri gomendatzan deizügü gure bihotza gure gogoa, gure arima, gure khorpitza.

 

 

Istoria

 

       Hermann Cohen Jüdio zen; gazterik müsizien handi.

       1847n, Ama Birjinaren hilabetian, othoitü zien Parisen, Santa Valeraren elizan orgeñak etxeki litzan; eta müsikaren amorioz onhetsi zian. Sakramentü saintiaren beneditzionia heltü zenian, bere büria oro borogatü zian nahasirik eta bortxaz bezala aphaltü zen. Bigerren egünian ber zotükiak borogatü zütian eta zerbaitek erran zeion behar ziala erlejione katolikoa besarkatü. Geroko egün batez, meza deia entzünik, sarthü zen Santa Valeraren ber elizan eta han algarren ondozka hirur meza entzün zütian. Katoliko izateko gogoaz hartürik, Alemanerat joan zen; han, Emas deitzen den hirian, meza handia entzüten dian egün batez, haren arimara argi handi bat jaisten da, Jiinkoaren presentziaz üngüratürik eta hala honkirik izaten da, nun nigar turrustak baitohazko bi begietarik. Nahiz zeliak argitü zian Erlejione katolikoaren egiez, M. Legrand aphezaganik hartü zütian behar ziren erakaspen eta argiak; eta urthe berian 1847n, Agorrilaren 28n, batheiatürik izan zen, eta Agosti izena hartü zian. 1850n sarthü zen Erlejius Karmen ordrian, eta saintüki hil izan da; arima hanitz Jinkoari irabazi ondoan, bere pheredikiez eta huntü dütian kantika ederrez.

 

 

 

ZORTZIGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzea Tenploan

 

Melior est dies una in atriis tuis super millia.

Hobe da egün bat zure etxen eziez mila mündüko jeietan. (Ps. 83, 11)

 

       Errana da arima Jinkotiarrentako, mündütik kanpo erlejionezko etxetan bizitzia pharadüsü bat dela. Ezta izan arima Jinkotiarrik Mariaren parerik. Zonbat ordian ez-zian behar harek laket izan, Jinkoaren tenploan gai eta egün oroz, Jinkoari eskentzen ziren laidorioetan, sakrifizioetan, eta othoitzetan! Haren gogoa eta bihotza bethi Jinkoarekin ziren; ez-zen haren gogoa barreiatzen guria bezala mündü huntako mila gaizatara; Jinkoaganat thiratürik zen eta han harekin baizik ez-zen gozatzen eta phausatzen. Haren bihotza aldiz bethi erratzen zian Jinkoaren amorioaren süiak, eta sü hura bethi handitzez zoan. Zer maiña eta joritarzünekin, zer sirats handirekin garbitzen eta aphaintzen zian gomendatü zeioen tenplüko pharte sakratia! Zer gogo hunarekin eta zer antzerekin josten eta brodatzen zütian Tenploaren eta aphezen althatzeko oihalak! Bena nolako nahi lanetan izan zedin, Mariak ez-zian bere hunian, batere nekerik gabe; haren khorpitz eta ariman, zentzü eta photeriak oro beitziren ordena perfeitenian eta manüzpe osoan. Haren khorpitza arimaren peko zen; eta arimak, bethi zelütiko leiñhüriez argitürik, ezagützen zian Jinkoaren boronthatia; eta Jinkoaren boronthatiaren egitera erakharten zütian bere boronthatia eta khorpitzeko eta arimako indarrak oro.

       Bekhatü orijinalak nahasi beitü gure izatia, eztügü gü beithan, Mariak bere beithan zian ordena eta nausigoa. Gütan ardüra khorpitza oldartzen da arimaren kontre, eta arima bere nahiala plegatzen dü. Gütan gogoa ardüra barreiatürik da mündüko gaizetarat eta Jinkoaganik hürrüntürik. Gütan bihotzak soberatan, jinkoa ützirik, kreatürak behar beno haboro maithatzen dütü edo ere hastiatzen. Horik oro gaizki beitira eta Jinkoaren nahiaren eta manien kontre, behar dügü güdakatü, jinkoaren grazia eta Maria Birjinaren lagüngoa galthatzen dügülarik; khorpitzaren ezarteko arimaren manüzpian, gure gogoaren Jinkoarekin etxekitzeko eta gure bihotz oroz Jinkoaren maithatzeko.

       O Maria, gure Ama huna, ezagützen dütüzü gure enjogidüra gaiztoak eta gure flakütarzüna. Nahi dizügü ontsa egin eta nahi gütüzü gaizkitik begiratü; bena hori ezpeitiokegü güdükatü gabe gure etsaien kontre, tziauri, othoi, guri lagüntza egitera, gure arimak Jinkoaren boronthatia ezagüt eta egin dezan bethi, zük bezala; eta khorpitza etxek dezagün arimaren manüzpian.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       S. Andre Korsini Florenzan sorthü zen familia noble eta aberats batetarik. Haren Aitak eta Amak, lüzaz haur gabe egon beitziren, hitzeman zien Jinkoari konsekratüren zeioela emanen zeien lehen haurra. Andre sorthü zeien, Amak haren sortzeko menian, amets egin zian sorthü ziala otso hüme bat, zoin eliza batetan sarthü beitzen eta hantik axuri elkhi. Eraiki zien haur hori maina handirekin; bena handitü zenian libertimentier eman zen; ez-zen behatü nahi Aita eta Amen aholkier ez mehatxier. Egün batez gaizki mintzatü zen bere Amari; hau ordian nigar turrustaz hasi zen eta erran zeion: «Ah, ene Semia, ikhusten dit sobera baizik egiatü dela ene ametsaren lehen phartia, ez-takit zer izanen den bigerrenaz». Andrek, amaren nigarrez hunkirik, galthatü zeion zer zen amets hura. Amak erran zeion: «Zure Aitak eta nik Jinkoari hitzeman giniozün konsekatüren geneiola, emanen zeikün lehen haurra. Erditzeko phüntian, amets egin nizün sorthü niala otso hüme bat, eta otso hüme hura eliza batetan sarthü zela eta hantik axuri elkhi». Andre, hori entzün ondoan jaiki zen eta joan Erlejius Karmesen elizala; han Ama Birjinaren althariaren aitzinian belhainkatürik, othoitü zian bekhatoren ikeslekhü hura, Jinkoaganik ardiets lizon bere bekhatien pharkamentia. Gero Karmesen aitzindaria othoitü zian errezebi lezan bere komentian. Sarthü zen, Erlejius saintü baten bizitzia eraman zian; gero Florenzako Aphezküpü  bere bortxaz haitatürik izan zen, eta saintü handi bat jaukitü.

 

 

 

BEDERATZÜGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Tenploan

 

Pulchra es, amica mea, suavis et decora.

Eder zira, Birjina maitia, ezti eta maithagarri. (Cant. 6, 3).

 

       Maria handitzen zen Tenploan adinez eta graziaz Jinkoaren eta lagünen aitzinian. Haren edertarzün handiena barnetikoa zen, haren arima beitzen Jinkoaren begietan Aingürü güziena beno argitiago eta ederrago. Bena haren kanpotiko edertarzüna ere paregabe zela erakasten deiküie Elizako Aitek. S. Denis Areopajitak, Jondone Phaulek konbertitiak, erraiten deikü, hain zela eder Maria, non haren ikhusteko dohaina ükhen zian lehen aldian, erori beitzatekian haren hoinetara, haren adoratzeko Jinko bat bezala, ezpazian ordükoz ikhasi ez-zela Jinko bakhoitz bat baizik.

       Eder zen Maria, eder eta maithagarri kanpotiko itxuratik; bena hanitzez ederrago eta maithagarriago barnetiko dohainez. Tenploan harekin bizi ziren neskatila gazten artian, ümilena zen, manentena, lagünentako hobena eta zerbütxantena; bethi lehiatü zer nahi lan eta manüren egitera.

       Ez-zen Eskriptüra Saintian eta Erlejioneko gaizetan hura bezain jakintsürik; ez-zen eskü-lanetan hura bezain trebe eta xothil zenik.

       Eta zonbat nahi handi eta paregabe ziren Mariaren khorpitzeko eta arimako dohainak, ezta behinere sarthü haren gogoan ürgüllüzko sendimentü bat; eztü behinere bere büria estimatü bestiak beno haboro. — Bazakian untsa berainez deus ez-zela eta deus ez-ziala; Jinkoaganik zütiala zütianak oro, eta hareganat oro ützüli behar zütiala; — haboro ükhen dianak, haboro zor diala eta haboroz behar dükiala khuntü eman; — Jinkoaren dohainez zerbütxatzia bere büriaren lorifikatzeko, Jinkoari zor zaionaren ebastia dela, Lüziferen bekatia. Holatan zonbatenaz beitzen dohaintsiago, hanbatenaz bere büria zordünago edükitzen zian Jinkoaren eretzian; eta bethi zegoan haren arima ümilitatezko, eskerrezko eta amoriozko aldika batetan; eta hola Jinkoari ützültzen zeitzon thaigabe, hareganik ükhenak oro.

       O Maria, gük ere khorpitzeko eta arimako dohainak zük bezala Jinkoaganik ditüzügü, eta zük bezala haren zerbützatzeko, laidatzeko eta maithatzeko emanik. Elas, ezkira hetzaz zerbützatü gure bürien eraikiteko, ürgülliaren hazteko, gühauri eta kreatürer emaiteko Jinkoari zor dütügünak? Egizü, o Birjina Maria, zük bezala ezagüt ditzagün Jinkoaren eta gure protsimo lagünen eretzeko gure obligazionak; eta ardiets ezagüzü haien behar bezala bethatzeko grazia.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Sant Antoninek khontatzen dü eliza gizon bat bazela hanitz debot zena Maria Birjinari. Egün oroz galthatzen zian bethi haboro haren perfetzionen ezagützia eta haren gehiago maithatzia; eta nola ezinago maite beitzian Ama Dibino hura, galthatü zeion haren begithartiaren ikhusteko grazia.

       Aingürü bat jin zeion erraitera ükhenen ziala galthatzen zian grazia; bena Maria ikhusiren zien begiek ez-ziela haboro lürreko gaizarik ikhusiko. Baitetsi zian Mariaren zerbützariak; bena bere beithan igaran zian: soginen deiok begi batez eta bestia begiratüren dük.

Hala egin zian: Maria agertü zeion bere edertarzünaren ospe handian; eta galdü zian, hura ikhusi zian begiaren bista. Bena ordütik bestiaz ikhusten zütian lürreko gaizak hain zeitzon itsusi eta hügüngarri; non thaigabe othoitzen beitzian Maria Birjina khen lizon, othoi, bigerren begiaren bista, elezan ükhen gogoan haren edertarzünaren orhitzapena baizik. Maria berriz agertü zeion eta bi begien bista ützüli; bena ezeitzon zerbützatü mündüko gaizen hastiatzeko baizik eta zelükoen bethi haboro maithatzeko eta estimatzeko. (S. Ant. 11. part. XV. 34).

 

 

HAMARGERREN EGÜNA

 

Maria Birjinaren ezkontzia

 

Noli timere quia tecum sum.

Ez ükhen lotsarik ni zurekin beiniz. (Js. 42.5)

 

       Maria Birjina ontsa edireiten zen Tenploan, Jinkoaren etxian, eta ez-zian beste nahirik, bere bizitze huntako egünen han igaraitia baizik. Eta bestalde beitzakian zoinen eder zen xahütarzüna, Jinkoari konsekratü zeion bere Birjinitatia. Bena ez-zen mündian eta gütiago jüdioen artian ezagütürik berthüte eder horren balioa; hartakoz ezkontzeko adiniala heltü zirenian Tenploan hartürik izan ziren neskatilak, aphez nausiek ützültzen zütien aita amer, hek senhar bat eman liezen. Mariaren aita eta ama hilik beitziren, erran zeioen aphezek ezkontü behar ziala. Mariak ezagüterazi zeien Jinkoari egin ziala Birjina egoiteko botoa. Algargana bildürik jakiteko zer egin behar zien, aphezek Jinkoaren argiak galthatü ondoan, deklaratü zien behar zeioela Mariari eman senhar bat legiaren arauera.

       Jinkoak onhetsi zian Mariaren Birjinitatezko botoa; ihurk ez-zakialarik, hura haitatürik zen eta adelatürik Trinitate Saintiaz Salbazaliaren amatako. Bena nahi zian Jinkoak ükhen lezan Mariak bere khantian senharraren itzala; eta hori Birjinak amatzian, bere ohoria xahü begira lezan jenten aitzinian; Inkarnazioniaren gordatzeko, thenoria jin artio, gizoner eta debriari; bai eta haurrari eta haren amari süstengü baten emaiteko. — Nola Maria beitzen Dabit erregiaren arrazatik jaisten, behar zian ber odoleko gizon bati jüntatü legiaren arauera. Aphezen deyiala jin ziren Dabiten kastako ezkongeiak Tenploala; eta haiekin Josef adinian jadanik aitzinatia, Jinkoaren Izpiritiak phusatürik. Aphez Handiak erran zeien Jinkoak behar ziala berak erakutsi zoin nahi zian izan ledin Mariaren senhar; eta bakhoitzaren izenarekin phausa erazi zeitzen makhila idor bedera Arkha saintiaren khantian; eta erran zeien: zoinen ere makhila hozitüren eta lilitüren beitzen hura izanen zela Jinkoaz haitatia eta Mariaren espusa.

       Biharamenian Josefen makhila ediren zen berbera hozitürik eta lilitürik; eta aphez handiak eman zian Mariari Senharretako. Sen Gregori Nissekoak, Sen Jeromek eta beste Izkiribano Saintü hanitzek hori jakinerazi deiküie. Eta erraiten ere deiküie Mariak lehia handirekin ezagüterazi zeiola Josefi, Jinkoari egin zian Birjinitatezko botoa; eta Josefek bere aldetik erran zeiola Mariari ber botoaz Jinkoari hertsirik zela eta hartakoz zela ordartino egon ezkuntügabe. Ordü berian hitzartü zien ezanen zirela algarrentako Jinkoari egin zien promesaren begirazale eta jakile.

       O Maria, ikhusten dizügü amirazione eta plazer handirekin, nola Jinkoak, zure ixilik, adelatzen dütian gure arrerosteko zützaz egin behar deizkün honki handiak. Zure xahütarzünaz eta xahütarzünaren amorioaz merezitü dizü haitatürik izatia Salbazaliaren Amatako. — Eta ber gisan Sen Josefek bere xüxentarzünaz eta xahürtazünaren amorioaz merezitü dizü haitatürik izatia zure espustako eta Salbazaliaren aita ordaritako. O Maria, o Josef, ardiets izagüzie xahütarzünaren amorioa eta haren arrankürarekin begiratzeko grazia!

 

 

 

Istoria

 

       Prinzesa Margarita Kolona, Erromako familiarik handienetako alhaba zen. Haurretik Maria Birjinari hanitz debot izan zen eta hitzeman zeion Birjinitatia harek bezala bethi begiratüren ziala. Aita eta ama gazterik galdü zütian eta bere anaiek ezkunterazi nahi zien bortxaz, bere heineko Prinze nuble batekin. Margarita esmeriatürik hersatü zen Maria Birjinari; othoitü zian hel lekion eta bere photere handiaz legünt lezan, berak hainbeste maite ükhen zian Birjinitatiaren begiratzen. Maria Birjina agertü zeion, bihotza ematü; eta segürtatü zian begiratüren ziala maite zian berthüte ederra. Erran zeion nola behar zian egin anaiek eginerazi nahi zeioen ezkontziaren barreierazteko. Mariaren aholkier gogotik jarraiki zen Margarita Kolona. Ezkontzia barreiatü zen eta Margarita sarthü zen sen Franzesen ordenan eta bere bizitze xahiaz eta saintiaz merezitü dü dohatsien artian khuntatürik izatia. Haren besta egiten da S. Franzesen ordenan, abentiaren 30n.

 

 

 

HAMEKAGERREN EGÜNA

 

Anontziazionia

 

Ave gratia plena, Dominus tecum..

Gür zuri graziaz bethia, Jauna zurekin düzü. (Luc. 1, 28)

 

       Maria eta Josef bizi ziren Nazaretheko hiri xipian, prauben ixiltarzünian eta aphlatarzünian; egünak eta gaiaren pharte honbat igaraiten zütielarik, lanian, othoitzian, librü saintien irakurtian; eta algarren hon izatez, bizitzia algarri ahalaz eztitzen zielarik.

       Bena heltü zen Jinkoak bethidanik erabaki thenoria Salbazaliaren mündialat igorteko; eta bere tronoaren khantüko Aingürü handienetarik bati eman zeion mezia, joan ledin berriaren eramaitera, haren Amatako haitatürik eta adelatürik zen Birjinari; hura beitzen Maria, Josefen espusa, Nazaretheko etxolan gorderik bizi zen Israeleko Alhaba ümila.

       Aingürü Gabriel agertü zeion, othoitzian zegoalarik, argi handi eta ezti batez üngüratürik; eta erran zeion: Gür zuri, graziaz betherik zirena, Jaun-goikoa zurekin düzü; benedikatia zira emazte güzien artian. — Hitz hoien entzütiak eta Aingüriaren ikhustiak ikharatü zien Maria; eta gogoan igaraiten zian zer erran nahi zen gürtze handigarri hori: Aingüria lehiatü zen haren lotsaren iraistera, erraiten zeiolarik: Ez ükhen beldürrik, Maria, ezi Jinkoaren gogotikoa zira. Izorra gerthatüren zira eta Seme bat sorthüren düzü, eta Jesüs izena emanen derozü, erran nahi beita Salbazalia.

       Hura izanen düzü handi, Goihengoihenekoaren Semia dükezü, eta Jinko Jaunak emanen diozu Dabiten tronoa eta haren erregegoak eztikezü ürhentzerik. — Mariak ihardetsi zeion: Nola hori izan daite, eztüdanez geroz gizonarekin ezagützerik. — Erran zeion Aingüriak: Espiritü Saintia zütara jaitsiren düzü eta Gaingainekoaren berthütiak üngüratüren zütü. Hartakoz ere zütarik sorthüren den Saintia Jinkoaren Semia dükezü. Zure küzüña Elizabeth ere, bere zahartarzünian haurdüntü düzü, eta bere izorraren seigerren hilabetian düzü; ezpeita deus Jinkoak ez-tiokianik. Maria sarthü zen bere ezdeustarzünaren eta aphaltarzünaren ezagütze barnenian, eta erran zian: Huna Jinko Jaunaren neskatoa, egin bekit zük erran düzün bezala. Eta ordü berian Jinko Semiak hartü zian khorpitz bat eta arima bat haren sabel sakratian.

       Aingürü Gabrielekin, gür deizügü, O Birjina Maria, Jinkoaren Ama, birjinen lehena eta bandera zaina. Lehenetsi düzü Birjinitatia, Jinkoaren Ama izateko loriari; eta hola merezitü düzü Trinitate Saintiaren, Aitaren, Semiaren eta Espiritü Saintiaren amorio berheziena; Birjina eta Ama batetan izateko pribilejioa eta zuretako sirats orotako eztiena. Pharte hartzen dizügü zure lorian eta boztarioan; egizü zure hontarzünaz eta Jinkoaren aitzinian düzün photeriaz, ikhus zitzagün egün batez zure zelü-lürreko erreginazko tronoan, eta pharte ükhen dezagün zure Seme Dibinoak merezitü deikün Dohatsütarzünian.

 

 

Istoria edo gerthaldiak

 

       Abe Maria da Aingürü Gabrielek Jinkoaren phartez Maria Birjinari egin dian gürra edo salütazionia. Egün batez Santa Mektildak erran zeion Ama Birjinari: O Ama Maitia, nahi neizketzü erran gizonak erraiten ahal deitzün laidorio handienak eta zure bihotzarentako hitz laketgarrienak. — Ama Birjina agertü zeion eta erran: ene haurra, uste ükheiten ahal düna gizonak egiten ahal deitadala laidoriorik eta erraiten hitz hunkigarriagorik, zoin beitira Jinkoaren beraren phartez Aingürü Gabrielek erran deiztadan hitzak eta eman deiztan laidorioak. Ez ezteitan erraiten ahal, eta eztün gizonik erraiten ahal deitadanuk, othoitze edo laidorio onhesgarriagorik zoina beita Abe Maria. Hori uste ükheitia lüken Jinkoa beno gorago joan nahi izatia.

       Sen Franzesek erraiten zian: Abe Maria erraiten düdanian zeliak zabalzen dira, Aingüriak bozten, lürra ürgaizten, ifernia ikharatzen eta debriak ihes joaiten.

       Suarez Theologien Sabantak erraiten zian bere jakitatia oro nahiago zükiala galdü, eziez Abe Maria baten merezementia.

       Dezagün arren maite ükhen erraitia eta milatan arrerraitia Abe Maria, bizian, hilzeko menian eta gero zelian!!

       Dupanloup Aphezküpiak khuntatzen dü deithürik izan zela Dama gazte batengana, zoin haur ükheitetik gaizkitü beitzen. Franziako Marechal baten Alhaba zen; ezkontze handi bat eta aberats bat eginik, seme baten sortzeko ükhen zian boztarioa; bena barberek erran zien bera hilzeko menian zela, eta Jaun Dupanloup kargatü zien berri horren eriari emaitiaz. Aita, ama eta senharra desolazione handienian ziren. Dupanloup hüllantzen da tristezia handi batekin; eriak honki jin egiten deio erri ezti eta itxura eme batekin. — O, Madama, dio Aphezküpiak, zer zorigaitza! — Zer, ihardesten deio eriak, hil behar düdala? bena Jauna eztüzia uste zelialako nizala? — Bai, bai esperantza dizüt. — Oh, bena ni segür nüzü eta hartakoz deskantsü dit bihotza. — Ene haurzarotik maite ükhen dit Abe Mariaren erraitia, eta aspaldiko urthetan egün oroz erran ditit kunderak. Eta hainbeste aldiz amoriorekin eta konfidantzarekin erran ondoan Maria Birjinari: othoi egizü enegatik orai eta ene hilzeko orenian, segür nüzü heltüra eginen deitadala; heben dela ene khantian eta zelialat eramanen diala ene arima. Hil zen sendimentü hoietan, beriak oro konsolatzen zütialarik; güzien bihotzak eraikiten eta ürgaizten, bere fede handiaz eta arimaren emetarzün alageraz.

 

 

HAMABI-GERREN EGÜNA

 

Maria Birjina badoa Santa Elisabethen ikhustera

 

Respexit Deus humilitatem meam,
ex hoc beatam me dicent omnes generationes.

Jinkoak so egin dü ene aphaltarzünari, heben-harat
hente mente güziek deithüren naie dohatsia.
(Luc. 1. C. 48).

 

       Maria Birjinak jakin zian Aingüriaganik Elizabeth haren küzüña, bere zahartarzünian, haur esperantzatan zela. Hügü zian jenten aitzinialat agertzia, gorderik bere atxolan egoitia zeion laket, Jinkoarekin eta bere Ezpus Saintiaren itzalian. Bena askazi bezala bere boztarioaren erakusteko, eta behartzen ahal zen lagüngoen emaitiagatik, eta ere Jinkoaren Espiritiaz bulkatürik, joan zen lehia handirekin Nazaretherik Hebronera Elizabethen ikhustera. Etxen sartzian bere gürrak eta goraintziak egin zeitzon bere küzüñari. Haren mintzoaren entzütiari jauzi zen haurra Elizabethen sabelian, eta ber denboran Espiritü Saintiak argitü zian Elizabeth eta oihü egin zian: O benedikatü dela zure sabeleko frütia! eta nontik heltü zait ene Jaunaren Ama jin dadin enegana? Dohatsü zira sinhetsi beitüzü, zeren Jinkoak erran deitzünak betheren beitira zübeithan.

       Ordian Mariak ikhusirik, Jinkoak agertü zeiola bere küzüñari, haren beithan egin zian misterio handia; haren bihotzak bere bethedüratik ixuri zütian eskerrezko eta ümilitatezko hitz eder horik:.

       Magnificat anima mea Dominum.

       Handi dela Jinkoa ene Arimak ezagützen dü eta oihützen. — Eta ene gogoa boztarioa jauzten da ene Jinko Salbazalia beithan. Zeren so egin beitü bere neskatoaren aphaltarzünari; ezi heben-haratdohatsia ni deithüren naie jente-mente güziek. Zeren egin beiteitzat gaiza handiak photeretsü denak; eta haren izena Saintü beita. Eta haren hontarzüna hedatzen da mentez mente haren beldur direnetara. Erakutsi dü bere besoaren indarra; iraxi dütü bere gogoetan goratzen zirenak. — Egotxi dütü photeredünak bere jargietarik, eta alxatü dütü aphalak. Gose zirenak hontarzünez bethe dütü, eta aberatsak igorri dütü hütsik. Eraiki dü Israel bere haurra, bere güphidestiaz orhitürik: Hitzeman dian bezala güre Aitasoer, Abrahami eta haren ondokoer mente güzietako.

       Mariaren kantika eder hori egün oroz Elizak erranerazten dü eliza-gizoner eta erlejiuser.

       Maria egon zen Elizabethekin hirur hilabeteren üngürünia; eta haren emerditzeko zerbütziak egin zeitzonian, ützüli zen bere etxerat.

       O Maria, ikhas dezagün zureganik, gure gogarako diren lanen eta gaizen üzten, ürkho-lagünari behar-ordian heltüra egiteko; eta laidorio güzien Jinkoaganat igorten, deus hon dütügünak Jinkoaganik beitütügü!

 

 

Istoria

 

       Ezta himnorik ez kantikarik, ez eta Psalmorik Magnificata bezain eder denik. Santa Jülienna, Sakramentü Saintiaren bestaren ezarerazliak, egünian bederatzütan erran ohi zian kantika hori. — S. Anselmok khuntatzen dü bera sendotürik izan dela Magnificataren erraitez hanitz sofrierazten zeion eritarzün batetarik. Irakurten dügü saintü hanitz hil direla, Magnificata khanterazten zielarik bere azken mementoetan, eta Maria Birjina haien arimen hartzera ordian jinik; berheziki Santa Maria Ogniezen eta Sen Franzes Solanoren bizitzian hori gerthatürik irakurten da.

       Maite ükhen dezagün Mariaren kantika eder horren ardüra erraitia; Jinkoaganik üken dütügün graziez eskerren ützültzeko, eta gure büriaren etxekitzeko bethi aphalmentü eta lotsa handi batetan Jinkoaren aitzinian, eztügülakoz grazia hurak behar bezala balia erazi.

 

 

HAMAHIRURGERREN EGÜNA

 

S. Josefen antsia

 

In te, Domine, speravi, non confundar in aeternum.

Zütan, Jauna, ezari dit ene egürükia,
eztit behinere ükhenen ahalkerik.
(Ps. 30. 1.).

 

       Santa Elisabethenganik Nazaretherat Maria Birjina ützüli zenetik laster, Sen Josefek ezagütü zian, Maria Birjina haren espusa sainta haur esperantzatan zela. Izigarri üdüritü zeion gaiza hori, ezagützen beitzian Mariaren berthüte paregabia, eta ere beitzakian egin ziala Jinkoari Birjinitatezko botoa. Ezzakian zer phensa, zer erran, ez zer egin. Ezziokian sinhets Mariak egin ahal ükhen ziala gaizkirik, eta ez zeitan haren salhatzera bentüra, ogendün bezala kondena erazteko; eta bestalde üdüri beitzeion ez ziala berekin begiratzen ahal, gogoan zebilan behar zianez ixilik igorri.

       Maria Birjinak ikhusten zian bere espus saintiaren antsia handia; bena ixil zegoan, Jinkoatan osoki bermatzen beitzen; eta phensatzen beitzian Jinkoak beizik ez ziokiala sinhetseraz hartan haren Photeriak egin zian miraküllü handia. Bere beithan igaraiten zian, Elisabethi ezagüterazi zian bezala, Jinkoak bere thenorian ezagüteraziren zeiola Josefi ere; eta bihotza eme egürükitzen zian Jaunaren orena. Ezzen inganatü bere esperantzan: Sen Josef gogozkan zegoalarik nola behar zian igorri Maria Birjina, agertü zeion Jaunaren Aingüria eta erran zeion: Josef, Dabiten semia, ez ükhen beldürrik zurekilan etxekitzez Maria zure espusa, ezi haren beithan sortzeko den haurra Espiritü Saintiaren obra da. Sorthüren dü seme bat eta deithüren düzü Jesüs, ezi harek salbatüren dü popülia bere bekhatietarik; hori egin da Profetaren errana betha ledin: huna non Birjina izorra gerthatüren den, eta sorthüren dü seme bat, zoinen izena beitate Emmanuel, erran nahi beita Jinkoa gurekin.

       Aingüriaren hitzak ehiñera sinhetsi zütian Josefek; Jinkoa adoratü zian, hari eskerrak ützüli eta boztariorekin eta errespetü handiago batekin Maria bere espusa bere etxian etxeki.

       O Maria, o josef, ikhas dezagün zienganik, ez izatia lehiatü ihuren gaizki jüjatzera; eta gühaur gaizki erabilirik bagira eta gaizki jüjatürik, Jinkoaganik gure jüstifikazioniaren bathiekin egürükitzia!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Aita Beauveau, Erlejius Saintiaren bizitzian irakurten dügü, 1649 gerren urthian, soldado aleman elibat Novianeko herrian igaraitez zirelarik, ostatü batetan jokian hasi zirela. Batek hanitz galdü beitzian, jeiki zen kolera handitan, eta beitzen jokülarien gelan Ama Birjinaren üdüri bat, hasi zen haren joiten, bur-haustatzen zialarik. Bena ordü berian ikhara batek eta oiñhaze gaitzek hartü zien haren khorpitza. Ezpeitzen ebilten ahal, eta tropak behar beitzian joan, ezari zien zamari baten gainen; bena bere büria aurthiki zian eta hil zen errabian lürra jaten zialarik. Heriotze eta gaztigü izigarri horrek Novianeko popülia izitü zian, eta hanko erretora, Ama Birjinari egin laidoen arraparatziagatik, joan zen prosesionian, Mariaren imajina profanatiaren ostatütik elizalat eramaitera, han lekhü eder batian haren ezarteko.

       Galthatü zian, bildürik ziren gizon batek har lezan imajina; ihur ezpeitzen hüllantzen, musde Beauveau Novianeko markisa, hüllantü zen, hartü zian imajina eta errespetü handirekin eraman elizala. Ez-zen ordartino sobera Jinkotiar, bena ordian haren bihotza izan zen hunkirik eta erauzirik. Ützi zian mündia, sarthü Jesuiten ordrian eta Erlejius Saintü bat egin zen eta hanitz arima zelüko bidian berekin gidatü.

       O Maria eta Josef, zien artian bethi izan den bakiaz eta batarzün eztiaz, othoitzen zütiegü, hürrünt ditzatzien gütarik eta gure etxetarik aharrak eta bekhaizteriak; bizi gitian, ziek bezala eta egiazko Khiristiek bizi behar dien bezala, bakian eta algarren amorio hunian. Halabiz.

 

 

HAMALAURGERREN EGÜNA

 

Jesüsen sortzia Bethleemen

 

Descendit de caelo et homo factus est,
natus ex Maria Virginae.

Jaitsi da zelütik eta gizon egin da,
sortürik Maria Birjinaganik.
Sinboloa.

 

       Maria eta Josef bizi ziren Nazarethen, gogoa Jinkoarekin, Salbazaliaren sor-mügaren haidürü, noiz eta mania jiten beita orori, Augüsti enperadoriaren phartez, joaiteko bere izenen emaitera, bakhoitzak bere ondorioko hirian. Dabiten odoletik elkhiten beitziren eta haien etxondoa Bethleemen beitzen, behar ükhen zien Mariak eta Josefek Nazaretherik Bethlemera joan negü bihotzian, hogei eta hamabost lekuaren bidian. Heltü zirenian Bethleemeko hiriala, ez-zien ihurere ediren hurak etxen hartü nahi ükhen zütianik; ez-zen haien lekhürik ostatietan. Behar ükhen zien hiritik kanpo joan eta han sarthü harpe batetan zoin aberen atherbe zerbützatzen beitzen. Abeltegi hura zian haitatü bere palaziotako zelü-lürren Nausiak, jin denian lürriala, gure üdüria hartürik, gure Salbatzeko. — Ainikere betherik ziren egünak, eta heltürik zen Mariaren emerditzeko müga. Gai-erditan belhainka othoitzian zelarik, Jesüs haurra haren besoen artiala elkhi zen haren birjinitatia zaurthü gabe, eta boztario saintü batez bethatzen zialarik haren bihotza. Besarkatü zian errespetü handirekin; berekin ekharri zütian oihalez üngüratü zian eta gero phausatü aberen jan-askan. Horra nola nahi izan den sorthü, zelütik gure salbatzera jin den Jinkoa, mündiak laur mila urthe hartan egürükitzen zian gizon-kentiaren Arreroslia. Han da barrüki txar hartan, aberen jan-askan etzanik; Maria eta Josefekin, bi abere dütü bere khortetako. Bena lürra ixil bada, gizonek ezpadeioe kasürik egiten, zelia zotükatzen da; Aingüriak jaisten dira haren sor lekhiala eta khantatzen die haren handitarzüna: Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus bonae voluntatis: Gloria Jinkoari zelü-gainetan eta bakia lürrian gogo hunezko gizoner! eta ezpiritü dohatsü hurak jüntatü ziren Mariari eta Josefi, Jinko gü bezalako haur egin zenari zor ziren adorazionen, gürren, eskerren eta amorioaren emaiteko.

       O Jinko Salbazalia, guregatik hola txipitü, ez deustü nahi izan zirena, gük ere Aingüriekin, Mariarekin eta Josefekin ezagützen zütügü gure Jinkoarentako; gure Kreazalia zira, gure Nausi gehiena, gure Arreroslia; gük ere orai eta bethi, bizi gireno, eta eternitate güzian, nahi deitzügü eman gure adorazioniak, eta gur aphalenak; gure eskerrak eta gure bihotzeko amorio güzia.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Khiristigoaren laurgerren Mentian, Nestorius Konstantinopleko Arxebiskoa hasi zen bere popüliari egiazko sinhestiaren kontre ziren gaiza batzien erakasten: Jinko semia ez-zela gizon egin bena gizonari jüntatü; bazirela bi persona Jesü-Kristetan eta Maria Birjinak ez-ziala behar deithü Jinkoaren Ama, Erakaspen berri hoiek nahasi eta gaiztü zütian Khiristiak eta ez-ziren nahi haboro Aphezküpiaren elizalat hüllantü. Aita Saintiak eta khiristitarzüneko Aphezküpiek jakin zienian zer erakasten zian Nestoriusek, haren kontre jaiki ziren eta egiazko fediaren sinhestiak goraki aithortü zütien. Bena heresiak zainik elezan egin, S. Zelestin, Aita Saintiak, Ephesara deithü zian konzilio jeneral bat; bildü ziren berehün Aphezküpü. Han S. Zirille Alexandriako aphezküpiak lehen jargia etxeki zian eta gehiengoa hartü, S. Zelestin Aita Saintiaren ordari. Ekhainaren 22n 433 gerren urthian, Aphezküpiak bildürik egon ziren Ephesako elizan goizetik arratseko zortzi orenetarano. Popülia haidürü zegoan kanpoan antsia handitan. Oihüstatü zeioenian Nestorius bere isidüra gaiztoan gogortia, izan zela heretiko bezala kondenatürik, Jesü Kristen Elizatik eta bere Aphezküpügoatik egotxirik, boztario handitan Jinkoaren kaidatzen eta Maria Birjina Jinkoaren amaren oihüstatzen eta goresten hasi zen popülia. Eta aphezküpiak lagüntü zütien bere egongietara ospe eta alagrantzia handitan, argiz eta züziz üngüratürik; insensü eta ürrin hun bide orotan errerazten eta barreiatzen zielarik. Hiri güzia gai orotan argiz betherik egon zen. S. Zerillak gero egin zian pheredikü bat Sa Mariaren elizan eta Maria Birjinaren laidorioak goraki egin zütian. Erran zian: salütatzen zütügü, gürtzen gitzaitzü, o Maria Jinkoaren Ama, mündiaren tresora eta Argia; zü, Ama eta Birjina zirena; zü, zure sabelian edüki düzüna mügarik eztiena, bazterrik gabea; zü, zelüko Aingüriak bozten dütüzüna; ifernüko debriak ihes igorten, Satan hoinpian lehertzen; zü zoinenganik jaiki beita Jinkoaren Seme bakhoitza, ülhünpetan eta herioaren itzalian zaudenen Argia eta Salbazalia; zü, ihurk behar bezala laida ahal ez zitzaikana!

       Ordütik Khiristiek Abe Mariari, Aingüriaren Salütazioniari, eretxeki dütie hitz horik: Santa Maria, Jinkoaren Ama, zük othoi ezazü gü bekhatorengatik orai eta gure hiltzeko orenian. Halabiz.

 

 

 

HAMABOST-GERREN EGÜNA

 

Artzainen deitzia Jesüs Salbazaliagana

 

Deus superbis resistit,
humilibus autem dat gratiam..

Jinkoak ürgüllütsiak zaphatzen tü,
eta ümiler emaiten dü grazia.
(1. B. Petri, 5.5.).

 

       Jinko Salbazalia jin zen Profetek markatü denboran; sorthü zen libürü Saintietan ekharririk zen bezala, Bethleemen, Dabiten hirian, bere askazien artian eta Jinkoaren popülü haitatiaren erdian. Bena nola gizon-kentia galdü beitzien ürgülliak, goranahiak, lürreko aberatstarzünen güdiziak eta aragiaren siratsetarako jaidürak; gaitz hoietarik gizon-kentiaren sendotzeko, nahi izan da Salbazalia sorthü eta bizi, aphaltarzünian, gabezian, nekezian eta atsekabetan; eta mündüko handiak, jakintsiak eta aberatsak ez-ziren jori, estatü hartan Salbazale hitzemanaren ezagützeko. Hori erakutsi zeien Mariari eta Josefi Bethleemetarrek, ihurk bere etxian ez-zütianian hartü nahi ükhen, praube üdüri zielakoz.

       Hortakoz ere Salbazaliaren sortzia ez-zian Zeliak halakoer agertü, bena gogoz xüxen, xahü eta aphal zirener. Jinkoak igorri zütian Aingüriak Artzain elibati, zoin beitzauden gaiaz bere ardien begiratzen iratzarririk. Batbatian gai-erditan, argi handi batekin jaisten zaie zelütik Jinkoaren mezülera eta izitzen dira. Erraiten deie Aingüriak: ez ükhen beldürrik, ezi jiten nitzaizie boztariozko berri handi baten emaitera. Sorthü zaizie Salbazalia, hura beita Krist Jauna, Dabiten hirian; eta huna nola ezagütüren düzien: edirenen düzie haur bat oihalez trozatürik eta aberen jan-askan etzanik. Hainbesterekin agertü zen aingürü saldo handi bat, eta mezülerazi jüntatürik, hasi ziren Jinkoaren goresten eta khantatzen: Gloria in excelsis Deo: gloria jinkoari zelü gainetan eta bakia lürrian gogo hunezko gizoner. Artzainek berhala alkharri erran zien: goatzan Bethleemera, eta ikus dezagün Jinkoak ezagüterazi deikün gerthü handi hori. Joan ziren lehia handirekin eta zelüko argiak gidatürik sarthü ziren Bethleeme khantüko barrüki txarian; eta han ediren zien Maria eta Josef eta haurra etzanik aberen jan askan, Aingüriak erran bezala. Sinhetsi zien hura zela mündiaren Arreroslia, belhainkatü ziren eta eskentü zeitzoen bere ohoreskiak; bere eskerrak, bere bihotzeko sendimentü hobenak eta boztariozko ikhuskeriak. Eta gero ützüli ziren, Jinkoa laidatzen zielarik goratik eta orori erraiten zer entzün eta ikhusi zien. Mariak oro ikhusten zütian, orori behatzen eta ohartzen zen eta oro begiratzen zütian eta erabilten bere gogoan, bai zelütiko erazagütziak, bai gizonen egitate hunak eta gaiztoak; batek haren bihotza eraikiten eta bozten beitzien, eta bestek egoisten eta bihozterritzen.

       O Maria, zü, Jinkoaren Ama, Trinitate Saintiak dian kreatürarik maitena, saintütarzünez, perfetzionez Aingüriak oro gaintitzen dütüzüna, Jinkoak nahi ükhen dizü, zure zühauren bizitzia ere izan ledin bethi boztarioz eta bihozminez aldikatürik. Nula othian gük, bekhatorek, uste ükheiten ahal dügü bethi boztarioan eta sirats hunetan izatia? Egizü orhit gitian gizonarentako lür hau nigarrezko ibarra dela; güdükako izatia dela hebenko bizitzia, zelian baizik eztela bethiko phausürik eta boztario osorik.

 

 

 

Istorioa edo gerthaldia

 

       Khiristiek lehen-lehen denboretarik, ohore eta amorio handirekin edüki zütien Bethleemeko barrükia eta hanko aberen jan-aska. Santa Helena, Konstanti enperadoriaren amak, han eraikerazi zian Eliza handi eta eder bat, orai orano ikhusten dena. Haren barnia berrogei eta laur harri-habek edo kolonak, laur herrokatan ezaririk, bost phartetan berhezten die; habe bakhoitza sei metra gora da. Elizaren bi saihetsetarik eskelerak eraisten dira Jesüsen sor lekhiala, harpeko barrükiala. Hura ützirik da lehen zian handigoan; badü hamabi metra lüze, eta largotarzün laur metra eskaz. Argitürik da hogei eta hamabi ürhe eta zilharrezko lanpadaz. Barnia oro, gaina, pea, eta saihetsak, marbre baliusez estalia da. Harpe zolan, harri prezius batetan ürhe eta zilharrezko leinhürüz üngüratürik, irakurten dira hitz horik: Hic de VIrgine Maria Jesus-Christus natus est: Haben Maria Birjinaganik Jesü-Krist sorthü izan da.

       Aberen zurezko jan-aska zointan Maria Birjinak phausatü beitzian Jesüs haurra, han berian begiratürik eta ohoratürik izan da S. Jeromeren denboretarano, ezi hartzaz mintzo da bere librietan; bena gero ekharririk izan da Erromarat, eta ezaririk Santa Mariaren eliza handian, zoin hartakoz deithürik izan beita Jan-askako Santa Mariaren eliza. Aska haren zurak zerratürik dira Zilharrezko, ürhez eta perlaz aberastürik den, untzi eder batian, zoin agertzen beitie fideler Egüberri bestetan. Eliza hura eginerazi zian Maria Birjinak laurgerren mentian; huna nula. Jean Patrizio Erromako senatür aberats bat eta haren emaztia haur gabe beitziren eta khiristi hon, bere huntarzünak eskentü zütien Maria Birjinari. Zelüko Erregiña agertü zeien gai batez eta erran zeien, Eliza bat eragin lezen biharamenian elhürrez markatürik edirenen zien günian, Eskilineko mendian. Biek ber mezia ükhen beitzien, joan ziren Liberio Aita Saintiagana, eta hari ezagüterazi bere detsia eta Ama Birjinaren galthoa. Ber gaiza, gai hartan berian, galthatü zeion Ama Birjinak Aita Saintiari berari. Joan zen prosesionian Eskilinko gorüniala, agorrilaren bosta zen, bero handia, eta ediren zien lürra elhürrez estalirik, elizak hartü behar zian tregoan. Miraküllü horren besta egiten da agorrilaren bostian. Hortan da, Jesüs haurraren lehen khüna izan den, aberen jan-aska.

 

 

HAMASEIGERREN EGÜNA

 

Errege Majen jitia Jesüsen adoratzera

 

Vidimus stellam ejus...
et venimus adorare eum..

Ikhusi dügü haren izarra, eta jin gira
haren adoratzera.
(Matth. c. 1).

 

       Jinko Salbazalia, laur mila urthe hartan egürükia zena, jin zen azkenezkoz gizon-kentiaren arrerostera; sorthü zen bere popülü haitatiaren eta bere askazien artian, bena berarenek ez-zien ezagütü ez hartü nahi ükhen; aphalmentü handienian agertü beitzen mündiala. Bena etzanik zelarik Bethleemeko barrüki txarian gabezia handienian, zeliak erakusten zian haren Jinkotarzüna eta mündiari egin izan zen dohain handia; haren heltziaren ezagüteraztez, egia, ontsa eta xüxentarzüna maite zien gizoner.

       Aingüriek jakinerazi zien Jüdeako Artzainer. Ber denboran, Profetek anonzatü beitzien izar berri batek markatüren ziala haren jitia; izar hura agertzen da ekhi-jalkhigiako aldian. Egiaren jakin nahian bizi ziren hirur errege jakintsük ikhusten die; eta ohartürik Jüdeatik elkhi behar zian errege handiaren sortzia anonzatü behar zian izarra zela, berhala algarrekin hitzartürik phartitzen dira. Aitzinian aphaltürik joaitez, bidia izarrak erakutsi zeien Jerüsalemera hel artino; han galdü zeien; eta ustez bere bidajiaren mügala heltü zirela, galthatü zien goratik non zen Jüdioen errege sorthü berria. Haien jitiak eta galthoak izitü zütien Herodes erregia eta Jerüsalemeko popülü güzia. Herodesek bildü zütian Aphez gehienak eta Jakintsiak eta galthatü zeien non behar zian sorthü Krist egürükitzen zienak. Jakinik haienganik Bethleemen behar ziala sorthü, Profeten erranaren arauera, erran zeien Herodesek errege Majer joan litian Bethleemera eta ediren zükeienian, jin lekitzon erraitera non zen, harek ere bere üngürian egin litzon bere gürrak eta ohoreskiak. Jerüsalemerik elkhitzian izarra berriz agertü zeien errege Majer eta lagüntü zütian Bethleemeko barrükiala. Han ikhusi zien gabezia handienian Maria, Josef eta Jesüs haurra; bena zelia mintzo zeien eta haien fedia ez-zen khordokatü. Aphalmentü izigarri hartan ezagütü zien mündiaren Salbazalia eta Jabe gehiena; belhainkatü ziren, adoratü zien eta gero eskentü zeitzoen bere oberendak; ürhia bere Erregeri bezala, insensia bere Jinkoari bezala, eta mirrha gizon hilkorrari bezala. Lekhiak erakutsi zeien gabezia osoa; bena haurraren eta Mariaren begithartiak, Jinkotarzünaren leinhüriez argitürik ziren, eta haiek erakusten zeien Jinkoaren khantian zirela.

       Mariak sirats handirekin ikhusten zütian, bere seme dibinoari Erregek, artzainen ondotik, eskentzen zütien ohoriak. Haren bihotza bozten zen Jinkoagatik, bena ez-zen den gütiena hantzen; ez-zütian ohore horik beretakotzen; egoiten zen hareen gogoa bethi bere ez-deustarzünaren aphalmentian.

       O Maria, zureganik ikhas dezagün gühaurtarik deus ez-kirela, deus hunik ez-tügüla; — balinbadügü khorpitzeko edo arimako dohain zonbait, hurak Jinkoaganik dütügüla; — eta Jinkoak eman deizküla haren zerbützatzeko eta lorifikatzeko. — Bizi gitian arren, zü bezala, O Maria, bethi ümilitatian, aphaltarzünian, ezagützen dügülarik gütan hun direnak oro Jinkoarenak direla, eta gurerik ez-tügüla ez-deustarzüna eta bekhatia baizik.

 

 

 

Istoria

 

       Hirur errege Majen khorpitzak ohoratürik dira Koloñako Eliza Katedral ederrian. Istoriak emaiten deitze izen horik: Melchior, Gaspar eta Baltazar. Jesüs haurrari bere ohoreskiak eman ondoan, eta Maria Birjina ganik entzün ondoan haren miraküllüzko anonziazionia Gabriel Aingüriaz, abiatü ziren bere herrietarat. Bena Jinkoak gaiaz abisatü zütian elitian ützül Herodesenganat haren gogoküntiak gaizto beitziren. Beste bide bat arren hartü zien Jüdeatik elkhitzeko. Bizitze saintia eraman zien eta egin ahal oroz egiazko Jinkoa ezagüterazi eta zerbützerazi bere menpekoer. Errana da S. Thomas Apostoliak, Jesüs hil eta Arraphiztü ondoan, Ebanjelioaren erakastera Indietarat joanik, orano bizirik ediren zütiala, batheiatü eta aphezküpü konsekratü; eta gero martir hil zirela. — Haien Erlekiak edo khorpitzak Santa Elenak Persatik Konstantinoplerat erakharri zütian eta han Sta Sophia deitzen den Eliza ederrian ohore handirekin ezari. Gero S. Eustorjek, Emmanuel Enperadoriaren dsenboran, ekharri zütian Milanerat, Italietan. Azkenian, mila ehün eta hiruretan hogei eta hirur gerren urthian, Frederik enperadoriak erauzi eta erre beitzian Milaneko hiria; hantik, Reynol Aphezküpiarekin, Enperadore harek eroan zütian Errege Majen Erlekiak Koloñako elizalat bere ontzi aberatsekin; eta han ohore handirekin begiratürik dira. Horik oro Benoit XIV gerren Aita Saintiak, ekhartzen dütü, Jesü-Kristen bestetan gainen egin dian libürian.

       Maria Birjina, Jinkoaren Ama, ardiets izagüzü zure ümilitatiarekin, Errege Majen fedia; ezagüt dezagün Jesüs Jauna Althareko Sakramentü Saintian, haiek barrükian ezagütü zien bezala; eta han haiek bezala eskent dizogün, ürhia, insensia eta mirrha; erran nahi beita gure bihotzaren amorioa, othoitze huna, eta nahgaben eta sofrimentien gogotik egartia, haren boronthate saintiaren arauera. Halabiz.

 

 

HAMAZAZPIGERREN EGÜNA

 

Maria Birjinaren Pürifikazionia edo garbitzia

 

Tota pulcha es, amica mea, et macula non est in te..

Oro ederra zira, ene maitia, eta eztüzü thunarik zütan. (Cant. 4. 7).

 

       Emerdiak, seme batez amatu zirenak, theiü bezala egoiten ziren berrogei egünez, eta bazoatzan gero Jerüsalemeko tenploala xahatzera. Jinkoari behar zien eskentü axuri bat sakrifizioko, eta ürzo bat bekhatien pharkamentütan; praubegi zirenek axuri baten orde eskentzen zien bi ürzo. Eta gero lehen haurrak behar beitzian Jinkoari eman, lehentxa güziek bezala, erosi behar zien haurra bost diharü phezarentako.

       Ageri da lege horik ez-zirela eginik ez Mariarentako ez Jesüs Jinko Salbazaliarentako. Mariak, zelüko Aingüriak beno xahiago zenak, ez-zian garbitü beharrik; Birjina zen amatü aitzinian, eta birjina egon zen, amatü ondoan; eta Jinkoak berak erran zian hartzaz profetaren ahotik: ez-tüzü zütan thunarik; macula non est in te. Bena Mariaren edertarzüna eta loria Jinkoak eta aingüriek baizik ez-zien ezagützen; eta Mariak bere büria ez-zian bestiak beno haboro edükitzen, Jinkoaganik zütialakoz zütianak oro eta zen güzia. — Hartakoz ere legiari, obeditziaz ez-zen düdatü; beste emazten aztian sarthü zen, eta txipienekin eta praubenekin nahasi, praubenen oberendaren emaiteko. — Eta gero beste amek bezala erosi zian bost diharü pezarentako bere semia, Jinko seme gizon egin zena mündiaren erosteko eta debriaren eskietarik gizonen elkhitzeko; Jinko Aitari preziotzat eskentüz bere aphaltze izigarriak eta bere odola eta bizia.

       Oh, zoin guriak ez bezalako diren Mariaren gogoak eta egitatiak! Guri üdüri zitzeikegün behar bada, Jesüsen ohoriak galthatzen ziala Mariak ager lezan Jinkoaren ama eta Birjina izateko zian loria; gük nahi dügü mündiak ezagüt ditzan dütügün, edo ustez dütügün, dohainak, antziak eta kalitatiak oro; nahi günüke uste ükhen dezen ere badügüla dügün beno haboro. Mariak ezagützen zian Jinkoak egin zeitzola grazia berhezienak; berak zion: fecit mihi magna, Jinkoak egin deizt grazia handiak; bena zonbat ere ükhen beitzian, hanbatenaz bere büria Jinkoari zordün edükitzen zian, eta holatan bera aphaltzenago zen, oro Jinkoari ützültzen zeitzolarik. Hürrün zen Jinkoaren dohainez bere büriaren handitzetik, ez bere beithan, ez gizonen aitzinian.

 

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Huna berri eta gütarik hüllan gerthatü etsenplü bat. Jüliena B. zen andere gazte bat edertarzün handitakoa eta ezpiritüz betherik zena. Ama bat bazian hanitz Jinkotiarra, eta hamar urthetan ezari zian komentü batetan eskolatzen. Haur harek entzüten beitzian eijer zela eta enthelegütsü, ürgüllüak hantü zian; bestiak beno haboro bere büria edükitzen zian; lagünak gütiesten eta phüstatzen; ez-zian phensatzen bere begithartiaren, bere bilhoaren, bere khorpitzaren aphaintziari eta aphaingarrier baizik. Auherretan, bai bere ama, bai komentüko serorak ari izan zeitzon ürgüllü horren korrijitü eta zapatü nahiz. debeiagarri beitzeitzon komentüko mehatxiak eta erantzünak, ardietsi zian aita-amenganik hantik elkhitia eta mündatar eskola batetan sartzia. Hamazortzi urthetan hantik elkhi zen, andere handi eta eder; banitatiaren mirail, erlejionerik gabe, debriaren apeu-gei paregabe.

       Ama desolatürik zen; alhaba eskolatik elkhi zenetik urthe baten bürian, eritü zen ama hori eta hilzeko menian jarri. Othoitü zian Ama Birjina osagarria ardiets lizon Jinkoaganik, alhaba galtzetik begira ahal lezan; eta hitzeman zeion emanen zeiola, sendotzen bazen, ürheria balio handitako bat, bere alhabak hanitz aldiz galthatü zeiona. Sendotü zen eta elizako Ama Birjinaren lephoan ezari zian ürheria. Erran zeion gero alhabari zer hitzeman zian bere eritarzünian eta zer egin zian. Andere Jüliena kolera handi batian jarri zen; joan zen Elizala eta Ama Birjinaren lephotik elkhi zian ürheria eta etxerat ekharri. Hantik bi orenen bürian apopletsia kolpü batek jo zian, eta hirur egünen bürian hil zen, üzten zialarik bere Ama antsia handian, Jinkoak mündü huntan pünitü ondoan haren ürgüllia, ez-zükianez igorri haren arima ürgülliak galdü zütian Aingüriekin.

       O Maria, ümilitatiaren mirailla, egizü ikhas dezagün zureganik ürgülliaren hastiatzen, ümilitatiaren maithatzen eta pratikatzen; eta Jinkoaren dohainez zerbützatzen haren loriatako, eta ez gure ürgülliaren bazkatzeko.

 

 

HAMAZORTZIGERREN EGÜNA

 

Jesüsen eskentzia Tenploan

 

Tuam ipsius animam pertransibit gladius.

Zure zihauren bihotza espatak igaranen dü. (Luc. 2. 35).

 

       Pürifikatzeko edo xahatzeko legiari menpetzia egin zianian, Maria eta Josef abiatü ziren haurraren Jinkoari eskentzera eta erostera. Huna non ordian aitziniala agertzen zaien gizon zahar gürgarri bat, Simeon deitzen zena. Egürükitzen zian Salbazale hitzemana, eta Jinkoak ezagützera eman zeion ez-zela hilen hura ikhusi gabe. Espiritü Saintiak bulkatürik jin zen Tenploala, eta harek argitürik ezagütü zian Mariak besoan zian haurra zela Mesias hitzemana, lau mila urthe hartan Jinkotiar gizonek egürikitzen ziena. Hüllantü zen, hartü zian bere eskietan haur dibinoa, bere bulharrian errespetüekin tinkatü; eta begiak zelialat altxatürik erran zian: Ützazu orai, Jauna, zure zerbützaria joaitera bakian, zure hitzaren arauera; ene begiek ikhusi dienaz gainian mündü güziari igorri düzün Salbazalia, ilhünpetan diren paganoen argitzeko eta Israel zure popüliaren loriatako. Gero Mariaganat ützülirik erran zeion: hau dükezü hanitzen galgarri eta Salbagarri Israelen; eta zure zihauren bihotza ere trenkatürik izanen düzü dolorezko ezpata batez.

       Hainbesterekin agertü zen Anna Profetesa, lauretan hogei eta laur urthe zütiana. Senharra zazpi urtheren bürian galdü zian eta geroztik bizi zen Tenploan, gaiak eta egünak igaraiten zütialarik othoitzetan eta baruretan. Hau ere Jesüs haurraren ikhustian, hasi zen Jinkoari esker emaiten, eta Salbazale jin beharra zela oihüstatzen, Arreroslia egürükitzen zien güzier.

       Zelizak gisa hortan agertzen zütian, Mariak bere ümilitatiaren eta praubeziaren pian gordatzen zütian senthagallak. Bena boztü bazeion bihotza, haren seme dibinoaren hola goresten entzütiak; garrazki eritü zian, Simeonek aiphatü zeion ezpatak, zoinek haren arima trenkatü behar beitzeikon. Haregatik laidorioek ez-zien haren bihotza hantzen, ez nahigaben egürikitziak egoisten; Jinkoaren boronthatiari beitzagon bethi, arraerraiten zialarik: hau naizüla, Jauna, zure neskatoa, egin bekit zük ontsa edireiten düzüna.

       Mariak bezala har ditzagün bethi Jinkoaganik, hongoak eskeerekin, eta nahigabiak bathiekin. Egün hunetan erran dezagün Mariarekin Magnificat anima mea Dominum; eta egün gaiztoetan: Jauna, ziren benedikatü; egin bedi zure boronthatia zelian bezala lürrian; zük beitakizü zer den hobe ene arimaren Salbamentütako.

 

 

Istoria

 

       Zozime erlejius eta aphez Saintiak, Palestinako desertü batian bathü zian emazte bat bilho xuritüz khorpitza estalirik; hura zen Santa Maria Egiptakoa; eta Aphez Saintü haren maniari ihardesteko khuntatü zeion bere bizitzea, gisa huntara: Sorthü niz Egiptan, hamabi urthetan ene aita eta amaren gaztigier ihes egiteko joan nintzan Alexandriako hirialat, eta han ene Arima lohian nahasi nian. Egün batez khiristiak joaiten beitziren Jerüsalemerat khürütxe Saintiaren bestaren egitera, haier jüntatü nintzan. Hara heltü ondoan ene lagünekin, elizan nahi izan nintzan sarthü, bena zerbaitek borthan baratü nündian eta auherretan indarkatü nintzan sarthü nahiz. Ordian phensatü nian Jinkoak ene bekhatiegatik ez-nündiala üzten sartzera.

       Eliza heipian ikhusi nian Ama Birjinaren imajina bat; erori nintzan haren hoinetara eta erran neion: O Birjina loriusa, Jinkoaren Ama, enüzü digno zureganat ene begien altxatzeko, eta zük eni so egiteko, zü xahütarzüna bera beitzira eta bi oro theiarzün. Bena orhit zite bekhatoren Salbatzera jin dela zureganik sorthü dena; ütz nezazü Elizan sartzera eta khürütxe saintiaren adoratzera, zointan zure Seme dibinoak bere odola ixuri beitü eta bizia eman bekhatoren Salbatziagatik. Hitzemaiten dizüt bekhatürik haboro ez egitia eta zük erakutsiren deitazü bidiari jarraikitzia. Borogatü nian Maria Birjinak entzün nündiala; jeiki nintzan, sarthü nekerik gabe elizan; eta han khürütxe Saintiaren hoiñetan belhainkatü, lürra ene nigarrez busti eta ene bekhatien pharkamentia galthatü. Bihotza largatü zeitan; ützüli nintzan Ama Birjinagana, hari eskerren emaitera eta galthatzera zer egin behar nian. Boz batek erran zeitan: abil Jordane ühaitzetik harat. Joan nintzan üjaitz ondoala; hur saintü hartan ükhüzi nintzan, gero sarthü nintzan khantian zen eliza batetan; kofesatü nütian ene bekhatiak eta komünione Saintia errezibitü. Gero igaran nian ühaitza eta desertü huntan sarthü. Berrogei eta zortzi urthe badü heben nizala. Lehen hamazazpi urthetan igurtzi dütüt tentazione borthitzak, bena hersatzen nintzan ene ihes-lekhiala, ene Ama Maitiari, Maria Birjinari; eta harekin batian garhaitzen nütian debriaren eta aragiaren oldartziak; eta hogei eta hamar urthe badü bakian Jinkoa zerbützatzen düdala. Hil zen ostirale saintü egünian, ostegün saintüz Sen Zozimaren eskütik komünione saintia errezebitü ondoan.

       O Maria, mündü huntako hun-gaitzen artian, othoi bekhatü egitetik begira gitzatzü; eta lagünt gitzatzü pazentziarekin hartzen, Jinkoak gure bekhatiegatik igorten deizkün gaztigien.

 

 

HEMERETZÜGERREN EGÜNA

 

Ejiptarat ihes egitia

 

Surge et fuge in Egyptum.

Jeiki zite eta zoaza Ejiptirat. (Math. 2. 13).

 

       Mündü huntako bizitzia, hun gaitzen aldikatze bat da. Egün ozargidünen ondoan jiten dira odeiziak; atseginen ondoan atsekabiak. Mariak ükhen zian ikhusteko plazera, bere Seme dibinoa laidatürik eta goretsirik: Zelüko aingüriez, Bethleemeko artzain Jinkotiarrez eta Errege Majez; gero Tenploan Simeon jüstoaz eta Anna Profetesaz. Bena hantik laster zer borogü lazgarriak ez-zütian igurtzi! Jinkoaren aingüria agertzen zaio gaiazJosefi, eta erraiten deio: Jaiki zite, har zazü haurra eta haren Ama eta ihes egizü Ejiptarat eta han zaude nik erran artino; ezi Herodes ariko düzü haurraren ediren nahiz haren galerazteko. Negü bihotza zen; hürrün zen Ejipta, bazien berrehün lekua bide editeko, mendiak eta desertiak gainti. Jinkoak ützi ahal zükian familia saintia deskansü Nazarethen eta Herodesen bekhaizteria gaiztorik begiratü, gaiztoaren hil eraziztez eta beste hanitz anzora. Gü ehiñera ekaririk ginatekian erraldi hoietarik erantzütera. Josefek eta Mariak eztie phensatzen, Jinkoaren maniari berhala jarraikitziari baizik. Eztie ezagützen biderik, eztie bidaje lüze hortako hazkürririk; bena deusez arranküratü gabe, ezarten zielarik osoki bere konfidantza Jinkoatan, zoinek bestordüz gidatü eta hazi beitzütian Israelitak berrogei urthez, haiek igaran behar zien desertian; badoatza gaiaren erditan. Nahiz ezteikün Eskriptüra Saintiak deus erraiten, ezta düdarik Jinkoaren Aingüriek lagüntü zütiela, hazkürria hornitü eta gaitzbidetarik begiratü. Heltü zirenian Ejiptara, Pallade istorienak eta Elizako lehen aitek erraiten deiküie Jinko falsien tenploak ikharatü zirela eta haien muldiak erori.

       Familia Saintiak igaran zian Ejiptan zazpi urtheren üngürünia, atzen eta paganoen artian; Josefek bere lanaz eta izerdiaz egüneko ogia ükhen erazten zeielarik. Kharats bazen desterrüzkü ogi hori, eztitzen zian Jesüs haurraren presentziak; eta haren lehen elhek ürgaizten zien Mariaren eta Josefen bihotza, eta alageratzen zütian haien egünak.

       Zer nahi agi dakigün nahigabe eta gerthü gaizto, ikhas dezagün Mariaganik ororen hartzen Jinkoaren eskütik gogo hunez; orhitüz gure Aita zelükoaren manüz oro heltü zaizküla; gure arimaren hunagatik oro igorten deizküla; eta beharordü güzietan prest dela guri heltüra egitera, hartan bermatzen bagira eta hari hersatzen.

 

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       S. Anselmok, S. Gregorik eta beste izkiribizale zahar hanitzek khuntatzen die, Maria eta Josef Ejiptarat ihes zoatzalarik Jesüs Haurrarekin, erori zirela uhuin saldo baten eskietara. Hauetarik batek, Jesüs haurraren begithartiaren edertarzünaz joik, erran zian lagüner: Jinkoa jin ahal baledi lürrialat khorpitz batekin, erran nezake haur hori Jinkoa dela. Uhoin hura deitzen zen Dismas, eta bere aitarekin, uhoin tropa baten gehien zen.

       Familia Saintiaren itxurak bihotza hunki beitzeion, sar-erazi zütian bere etxolan, eman zeien jatera eta edatera; eta phausa-erazi ondoan, lagüntü nahi ükhen zütian basa-herri hetarik kanpo, Ejiptako mügetarano. Eta haien üztian erran zeien: Beharordia heltzen bada, orhit ziteie nitzaz eta egin deiziedan hunkiaz; eta heltüra ziek ere egidazie. Mariak eskerrik hunkigarrienak eman zeitzon, eta erran zeion, haren Semiak emanen zeiola hil gabe hunki egin zeienen saria.

       Hogei eta hamahirur urthe igaran ziren; arte hortan Dismas uhoinak egin zian gaizki hanitz; gizon-ehaite eta brigandaje izigarriak. Azkenekoz atzemanik izan zen, eta kriminel handienetarik zen bezala, khürützian hiltzera kundenatürik. Alxatü zienian khürütxen gainen bere uhoin lagün batekin; eta bien artian ikusi zianian Jesüs Salbazalia, haren begithartiaren eztitarzün eta majestate dibinoak orhiterazi zeion, dio Sent Anselmok, bestordoz desertian bathü zian haur ederraren begithartia; eta bere beithan zerbaitek erraiten zeion, hura bera zela eta zelüko Nausia. Uhoin lagünak nausatzen beitzian Jesüs Jüdioekin, erraiten zeiolarik: Krist bahiz, libra hadi ihaur eta gü hirekin; — Dismas, uhoinak mehatehatzen zian eta erran zeion: Eztüka hik Jinkoaren beldürik, hunen ber gaztigian izatez? Gük halere jüstoki egarten diago, gure egitaten phena igurzten beitügü; bena hunek zer gaizki egin dü? — Eta gero Jesüsen ganat begiak itzülirik erran zeion: Jauna, orhit zite nitzaz, zure erresumalat ützüli ziratekianian. Jesüsek ihardetsi zeion: egiaz erraiten deiat, egün enekin izanen hiz pharadüsian. Zonbait lekhütan haren besta egiten da Aphirilaren hogei eta laurian; hari hersatzen dira uhoinetarik eta gaiztoetarik begiratürik izateko.

       O Ama Dibinoa, zer phena, zer borogü Jinkoak igorten ahal deikü zuri igorri deiziena beno garratzagorik; noiz eta manhatü beitzütie negiaren erdian, hürrün joaitera, popülü atze eta paganoen artiala? Egizü, zük bezala, Jinkoaren nahiak oro har ditzagün gogo azkar batekin eta konfidantza oso batekin. Othoitzen ere zütügü ardiets diezagüzün zure seme dibinoaganik, gure bekhatien pharkamentia; eta gure hiltzeko menian merezi dezagün haren ahotik entzütia: egün izanen hiz enekin pharadüsian! Halabiz.

 

 

HOGEIGERREN EGÜNA

 

Jesüs galdürik Jerüsalemen

 

       Jinkoaren Aingüria berriz agertü zeion Josefi Ejiptan eta erran zeion: Jeiki zite, har zazü haurra eta haren Ama eta ützül zite Israel zure herrialat. Phartitü ziren, berriz igaran zütien Arabiako desertiak eta jin ziren Nazaretheko bere etxialat. Han bizi ziren ixilian, itzalian, mündiaz gütietsirik, egüneko ogia bere lanaz irabazten zielarik; eta Jesüs handitzez zoan khorpitzez bezala, zühürtarzünez eta graziaz. Urthe oroz bazoatzan Maria eta Josef Jerüsalemera Bazkoko besten egitera; Jesüsek hamabi urthiak bethe zütianian, eraman zien berekin. Zortzi egün iraiten zien Bazko bestek; ürhentü zirenian abiatü ziren oro bakhoitzak bere herrietarat; Jerüsalemerik Nazarethera bazen hogei eta zortzi lekua, hirur egünen bidia. Saldoka bazoatzan ber herrietako jentiak, gizonak eta emaztiak berhez. Jerüsalemerik phartitzian, uste zian Mariak Jesüs Josefekin zatekiala, eta Josefek Mariarekin. Arratsen algarganatü ondoan ikhusi zien izidürarekin haurra galdü ziela. Txerkhatü zien auherki askazien eta ezagünen artian; ihurk ez-zian ikhusi. Ützüli ziren esmeriatürik nigarrez Jerüsalemerat. Hirur egünez debalde üngüratü ondoan etxiak eta kharrikak, bathü orori galthatzen zielarik: ikhusi düziela gure Jesüs haurra, sarthü ziren Tenploan, einhiak, bihozminak eta nigarrek aurritürik; bena zer izidüra eta bihotz largatzia ez-zien borogatü, ikhusi zienian bere Seme Jesüs, Dotorren, legeko jakintsien biltzarre handi baten erdian jarririk; haier galtho egiten, haier ihardesten, eta bere jakitatiaz eta bere arrapostien zühürtarzünaz oro izitürik edükitzen! Hüllantü zeion Ama eta erran zeion: Ene semia, zertako hola egin deiküzü? Aitak eta nik esmeriatürik txerkatzen züntügün. — Ihardetsi zeion Jesüsek: zertako txerkatzen nündüzien? ez-zenakiena behar düdala izan ene Aitaren egitekoak diren lekhian? — Joan ziren gero algarrekin Nazarethera; eta han bizi ziren lanian; mündiaz gütietsirik, praube beitziren; eta Jesüsek Amaren eta Josefen maniak egiten zütian.

       O Maria, Jesüsen galtze hori izan düzü zure bihotzarentako ordartino ükhen zünian zauririk mingarriena; Ejiptarat ihes egitian sofritü zünian, bena bazünian ürgaizgarri zurekin, zure Seme Dibinoa. Bena oraiko gerthü huntan, seme hura, zure bihotzeko tresor batkoitza, galdü ükhen düzü eta hirur egünez mingazki nigarstatü eta arranküra handienarekin txerkatü düzü.

       O Ama Maitia, begira gitzatzü Jesüsen galtzetik gure faltaz, bekhatü eginez; eta jagoiti hel balekigü zorigaitz hori, egizü phausürik eztezagün ükhen hura berriz ediren artino; eta harekin baketü artino, egiazko dolümen batekin penitenziazko sakramentialat hüllantüz.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Jinko hunak nahi ükhen dü begiratü antze berhezi batekin Nazaretheko familia saintiaren etxia. Santa Helenak eraiki erazi zien eliza eder bat eta etxe hura haren barnian hartü. Bena Türkak nausitü ziren hamahirurgerren mentian Palestinako lürrez, eta khiristien elizak egotxi zütien lekhü haboroetan. Nazarethen, Santa Helenak eraiki Eliza erauzirik izan zen; bena haren erdian, Ama Birjinaren etxe txipia xuti beratü zen. — Zeliak ez-zian nahi fedegaben artian egon ledin, eta Aingüriek eraman zien Dalmazialat Maiatzaren hamarian 1291 gerren urthian; Khiristi zonbaitek ikhusi zien airian, eraisten eta phausatzen Tersatzeko hiri khantian. Alexandre, Tersatzeko aphezküpia eri gaizki zen, ohian hirur urthe hartan. Ama Birjina agertü zeion eta erran: haren Nazaretheko sor etxia ekharririk izan zela haren hiri khantiala, joan ledin ezagütziaren egitera, eta gerthü horren jakilegoaren egiteko osagarria ützültzen zeiola. Jeiki zen berhala aphezküpia, oro etxen eta kanpoan haren sendo ikhustez izierazten zütialarik; eta joan zen jente saldo handi batekin, Maria Birjinak markatü lekhiala, eta han ediren zien etxe txipi bat; hameka metra lüze eta laur metra eta erdi largo; harri althare bat bürü batian khürütxe batekin eta Mariaren imajina Jesüs haurrarekin. Ama Birjinak erran zeion Alexandre aphezküpiari, Altharia Jondone Pethirik eraikirik zela eta imajina zedratze zurez Sen Lükasek eginik. Aphezküpia belhainkatü zen, mürrier errespektüekin pot egin, eskerrak eta othoitziak Mariari eskentü. Gero Dalmaziako Gobernadoria eta Alemaniako Enperadore katolikoa abisatü zütien gerthaldi izigarri horrez. Eta Enperadoriak igorri zian, Tersatzeko Aphezküpüsendotiarekin, laur gizon jakintsü Palestinerat; eta han ikhusi zütien etxiaren fundameneko harriak lüherrasian, Dalmaziako etxiaren ber izariko eta harriak mota bereko; eta khiristiak dolü handitan etxe saintia galdüz.

       Ama Birjinaren etxia ez-zen hirur urthez baizik egon Dalmazian. Berriz Aingüriek eroan zien Italietara, orai Loretta deitzen den lekhiala, 1295n urthian; Bonifazi VIII gerrena zen Aita Saintü. Manü eman zian miraküllü hori argitürik izan ledin. Igorri zütian hamasei depütatü jakintsü, lehenik Dalmaziala eta gero Nazarethera, segürtatzera egiazki Maria Birjinaren etxia dela. Orai Eliza ezinago eder den baten erdian, marbre baliusenez üngüratürik, ikhusten da etxe saintü hura, zointan Maria sorthü beita eta zointan Aingüriak ekharri beitzeion berria izanen zela Salbazaliaren Ama. Paul II gerrenak hasi zian Eliza hura eta Jüles II gerrenak ürhentü. Hamasei Aita saintük aberastü die, eta elizako tresor spiritüalez haborok dohaintü. Ezin khunta ditake han Maria Birjinak egin dütian graziak eta mirakülliak.

 

 

HOGEIETABATGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Nazarethen
Jesüsekin eta Josefekin

 

       Ebanjelio saintiak erraiten deikü Jesüs bizi izan dela bere amaren eta Josefen manüzpian; eta haren hamabi urthetarik hogei eta hamar urthetarano ezteiküie libürü saintiek besterik deus erraiten haren egitatez. Irakurten dügü berbera, hasi zenian pheredikatzen eta miraküllü egiten, haren ezagünek zioiela: nontik dü horrek jakitate hori eta photere handi hori? ezta hori zurgin ezagützen dügün hura, Mariaren Semia? Eta hitz hoietarik ikhusten dügü, Istoriak bestalde erakasten deikün bezala, Jesüsek bere bizitzia maiergoan, zurgin, igaran ziala, hogei eta hamar urthetarano, Mariarekin eta Josefekin; eta Maria Birjina haiekin bizi izan dela lanian, jente aphalen antzora.

       Zer erakaspen handia guretako! Jesüs Jinko Semia, mündiaren Kreazalia, Aingürien eta kreatüra güzien nausia, Mariaren eta Josefen manüzpian bizi, hogei eta hamar urthez, lanian, eskazerian, mündiaz gütietsirik; eta harekin Maria eta Josef, bere lanaren eta izerdiaren aphalmentü handienian. Eta hurak ziren Zeliaren amurioa, boztarioa eta loria. Jinko Aitak haietan ezarten zütian bere konplasentziak; Aingüriek amiratzen zien haien saintütarzüna, haien berthüten handia, haien arimaren edertarzüna; gizonek aldiz ez deus batzuentako edükitzen zütien. Bizitze aphal, gorde eta eskerniatü hartan, haien bihotzak, haien gogoak eta haien mihiak igorten zien Jinkoaganat amurio, laidorio eta othoitze, Aingürü güzienenak beno baliosago zirenak. Eta berak bere etxano txipian eta bere praubezian, irusago edireiten ziren, Erregiak eta Prinziak bere aberatstarzünen erdian beno; ezpeitzien ez-zienik deus anbizionatzen; elika beitziren osoki bere lanetik egün orozko bizipidiaren ukheitiaz. Irus ziren bihotzeko bakia beitzien, eta hirurak algarrekin bakian eta batarzün perfeitenian bizi beitziren; irus algarrekin izatiaz; hirurak beitziren kreatürarik maithagarrienak, erraitekorik ez-zienak, huntarzünez, eztitarzünez eta ümilitatez bethiak; algarri zerbütxü eta plazer egitia baizik txerkatzen ez-zienak. Hola egünak igaraiten zütien eztiki, gogoa eta bihotza bethi Jinkoarekin bere lanaren artian; hartzen zütielarik egün oroz orenak, Jinkoaren othoitzeko, irakurtze saintü baten egiteko eta elhesta zelütiar zonbaitez algarren sütatzeko.

       Jesüs, Maria eta Josef, oh zoinen eztiki, igaran litakian gure egünak, ziek bezala bizi baginte, Jinkoaren grazian, algarrekin bakian eta batarzün hunian, gure estatiaz kuntent; anbizionerik gabe, Zeliaren irabaztiaz besterik!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Karmela da mendi bat, Jerüsalemerik bi egünen bidian eta Nazaretherik bost lekoatan. Han bizi izan den Elia Profeta handia, eta haren ondotik Elise haren dizipülü maitia, eta beste hanitz gizon Jinkotiar, othoitzetan, penitentzian, Salbazale hitzemanaren haidürü. Jinkoak emaiten zeitzen gizon saintü haier argi eta photere handiak, berheziki geroaren jakitia. Jesü-Krist, bere misionia konplitürik, igain zenian zelietarat eta Espiritü Saintia igorri zianian bere Apostolier, Karmeleko Profetak izan ziren lehen Khiristietarik, eta errana da, haiek bere Karmeleko mendian eraiki ziela lehen eliza Maria Birjinaren uhuretan orano lürrian bizi zelarik; hartakoz ere deithürik dira Karmesak Mariaren Anaiiak, eta izan dira lege berriko lehen Erlejiusak. Kroisaden denboran, jin ziren Europarat; Sen Luis erregiak erakharri zütian Franziarat eta eman zeien Komentü bat Parisen. Angleterrerat ere joan ziren, eta han Maria Birjinak erran zeion ermithain bizi zen gizon Saintü bati, jünta ledin Karmelita erlejius haier. Emethain hura deitzen zen Simon Stock. Nola hanitzek ezpeitzien nahi, Karmesen ordre hori Europan jar ledin, Simonek sügar handirekin galthatzen zian Maria Birjinari hel lekien eta eman liezen maite zütielako marka bat. Ama Birjina agertü zeion ordüko Aita Saintiari, Innocent III gerrenari, eta gomendatü zeitzon Karmesak bere haur berheziak bezala. Gero agertü zeion Simoni berari eta eman zeion Eskapilarioa, erraiten zeiolarik nahi ziala Karmelita güziek ekhar lezen; hura izanen zela haiekin egiten zian adiskidegoa berheziaren siñalia eta bahia; eta saio hura ekharten zienak begiratüren zütiala heriotze gaiztotik, ifernüko sü eternaletik; eta mündü huntan galbide hanitzetarik. Ber graziak hitzeman dütü gero khiristi fidel güzier, saio edo eskapila hori txipitürik debozionerekin ekharriko diener. Hanitz gisatako miraküllüz Jinkoak boroga-erazi dü hitzemaite hoien egia; Elizak aprobatü dü debozione balius hori eta hanitz indüljenziaz aberastü.

       Jesüs, Maria eta Josef, eman izagüzie bakian eta batarzün hunian bizitzeko grazia, gure etxekoekin, gure askaziekin eta Khiristi lagün güziekin!

 

 

 

HOGEI ETA BIGERREN EGÜNA

 

Maria Kanako ezteietan

 

       Ebanjelio Saintian irakurten dügü, ezteiak egiten zirela Kana Galileako hiri batetan; eta familia Jinkotiar beitzen eta arauz ere askazi, Maria Birjina Jesüsekin eta haren dizipüliekin eztei hetara joan zela. Apairia ürhentü gabe ardoa jin zen eskaztera; hori nabaritü zian Mariak, eta ikhusirik ahalke handitan khausitzera zoatzala espusak eta haien etxekoak, hüllantü zen bere semiagana eta erran zeitzon hitz horik berak: eztizie ardurik. — Jesüsek ikhusi zian bere amak nahi ziala, harek eman liezen ardu, miraküllü baten egitez; eta lehenik iraxi bezala zian ihardestez: zer da zure eta ene artian? ene orena ezta orano heltü. — Erran bazeion bezala: Ama, zure nahiak oro egin zitit oraidrano, zure seme legian; orai miraküllü bat galthatzen deitazü; bena miraküllü egiteko photeria eztit zureganik, bena bai ene Aita zelükoaganik, eta eztüzü orano heltü harek markatü dian miraküllü egiteko thenoria. Idüri zian ihardeste horrez Jesüsek ezagüterazten zeiola Amari, harek galthatzen ziana ez-zaitekeiala egin. Amak aldiz ikhusi zian prest zela harek nahi zianaren egitera, ezi erran zeien zerbützarier, egin litzen Jesüsek emanen zeitzen maniak; eta sei untzi handitako hura, Jesüsek ardutara khanbiatü zian. Miraküllü horren egitez bere amaren galthoala, eta hari egin zian ihardestiaz, Jesüsek erakusten deikü zonbat handi den Ama Birjinak dian photeria. Ez-zen haltü orano Jinko Aitak markatü thenoria miraküllü egiteko; Jinko bezala zian Jesüsek miraküllü egiteko photeria; eta Jinkotarzüna ez-peitzian Mariaganik, ez-zen Jinkozko egitekoetan Mariaren manüzpian. Halerik ere erakusteko mente güzier ez-tiala deus arrafüsatzen ahal bere amari, galthoa egin deiolakoz, aitzinatzen dü miraküllien hasteko thenoria eta khanbiatzen dü hura ardu hobeniala.

       Orhit gitian arren ezinago handi dela Mariaren photeria Jesüsen bihotzen gainen; hersa gakitzon gure beharrüne güzietan konfidantza handienarekin, eta gure arimaren aitziko eztiren ber, segür izan gitian haren bidez ardietsiren dütügüla gure galthoak.

       O Maria, Jinkoaren aitzinian zure galthoak orophoteretsü dütüzü; ikhusten düzü zonbat handi eta hanitz diren gure beharrüniak eta gure flakeziak; errozü zure Seme Dibinoari, vinum non habent, ez-tizie arduik, eztizie indarrik, eztizie agoñürik; hel zakitze eror eztitizn eta zure grazia gal ez-tezen.

 

 

Gerthaldia edo istoria

 

       1834, soldado zahar bat bazen Angulemako hirian. Bizitze sinheste gabe eta barreiat bat eramanik animal bat bezala bizi zen; eta minez hartürik beitzian khorpitza, bere büria eho nahi ükhen zian. Ixilik bere gei gaiztoaren konplitzeko, phozu azkar bat iretsi zian, eta harek sütan ezari zeion barnia. Elkhi zen etxerik behar ziala ospitalian sartzia galthatü; bena idüritü zeion norbaitek besotik hartzen ziala eta erraiten zeiola: Abil sen Pieerako elizala eta han kofesa hadi. Phusatürik bezala joaiten da eta galthatzen dü jaun Erretora; arristiriko hirur orenak ziren, eta Erretora joanik zen kofesatzez akhitürik, baruraren haustera; ezi gorozema zen. Jakinik presatürik zela galthazalia, joaiten da elizala, eta entzüten dü soldado zaharra. Jakin dianian phozu iretsi diala, erraiten deio aphezak, behar deiola permetitü medezi bati erraitia zer egin dian, kontrephozu eman diezon. Onhesten dü, bena bere kofesioa ürhentü dükianian. Aphezak ikhusi ondoan zer sendimentüekin egin dian kofesionia erraiten deio: adiskidia, zure bizian behar ükhen düzü fidel izan Jinkoaren edo Ama Birjinaren eretzian zonbait debozioneren egitera. — Jauna eztit batere egin; othoitziak ützi zitit ahaztera, eta sinheste gabe bizi izan nüzü. Amaganik ükhen nian gomendü bat, soldado phartitzian, hura dit bera begiratü. — Eta zer zen gomendü hura? — Eman zitazün Ama Birjinaren Eskapilario bat eta erran zitazün, begira nezan bizi nintzano; eta bulharra zabaltürik erakutsi zeion. — Erran zeion aphezak; Jinkoari eta Maria Birjinari eskerrak emetzü, Eskapilario horri zor dükezü zure salbamentia. — Gero medeziagana lagüntü zian, eta hunek jakin zianian zer phozu iretsi zian, erran zeion: behar züntian phozu horrek bi orenetan barnen eho, miraküllü bat düzü orano bizi ziren; hil zen dolümenezko eta khiristarzünezko sendimentü hobenetan.

 

 

 

HOGEI ETA HIRURGERREN EGÜNA

 

Maria Birjina, Jesü-Kristen bizitze püblikoan

 

       Jesüs, Jinko Salbazalia, egon zen hogei eta hamar urthe ixiltarzünian, lanian eta itzalian, Nazaretheko herri txipian, Maria bere Amarekin eta Josefekin. Heltü zenian thenoria mündiari bere Jinkotarzünaren erakusteko, ützi zian bere Ama maitia; joan zen lehenik desertialat berrogei egünen igaraitera othoitzian, barurian eta penitentzian; eta gero agertü zen eta hasi pheredikatzen egündano ikhusi ez-zien indar eta gehiengoarekin. Ber denboran bere hitzak azkartzen zütian miraküllü süerte güzien egitez: ütsier emaiten zian bista; mintzoa mütier, entzütia gorrer; mainkhiak eta herbalak ebil erazten zütian eta hilak phitzerazten. — Eta ordian, Jesüsen ondoan Jüdeako popülia oihüz eta laidorioz zebilan denboran, Maria bera zegoan bere Nazaretheko etxanoan, ohi bezala gorderik, bere lanaz bizitzen ümiltarzünian eta ixilian. Behin irakurten dügü Ebanjelio Saintian, Ama joan zeiola ikhustera, jente ozte handi batez üngüratürik pheredikatzen ari zelarik. Norbaitek erran zeion Jesüsi: zure Ama eta askazi elibat hor daudetzü kanpoan, zuri mintzatü nahiz. — Eta ihardetsi zian: haren Ama, haren anaie eta arreba zirela, haren Aita zelükoaren boronthatiaren egiliak; erran balü bezala: ene askazigoa natüralaz mintzo zitzaiztaie; bena jakin ezazie askazigoa baliusago bat enekin badükilala nork ere egiten beitü ene Aita Zelükoaren boronthatia. — Ber gaiza erran zian beste behin, emazte batek, haren entzütez loriatürik, oihü egin beitzian: dohatsü Sabela zü ekharri zütiana, eta dohatsü bulharrak zük egoski dütüzünak! Ihardetsi zian Jesüsek: hanitzez dohatsiago Jinkoaren hitza entzüten dienak eta hura begiratzen. Ihardeste hoiez Jesü-Kristek erakusten deikü, natüralki haren Ama izatia beno, handiago dela haren graziak Khiristiari emaiten dian askazigoa; eta Maria dohatsiago dela Jinkoa fidelki zerbützatüz eta bihotz oroz maithatüz, eziez Salbazaliaren Ama izanez.

       Gabriel Arkanjeliak erran zeionian Jinko Salbazaliaren Ama izanen zela: ihardetsi zian: Jaunaren neskatoa niz, egin bekit Jinkoak nahi diana. — Jinkoak erretiratü zeionian Josef bere lagüna, erran zian: egin bedi Jinkoaren boronthate saintia. — Bere Seme Dibinoak bera etxen ützi zianian Ebanjelioaren erakastera joaiteko, erran zian: egin bedi Jinkoaren boronthatia! Eta egon zen itzalian eta bakhartarzünian, Jesüsen Pasionia hel artino, bethi Jinkoaren boronthatiaren egiten. O Maria, egizü ikhas dezagün zureganik, zer nahi gertha dakigün gure bizitzian, hun edo gaizto, Jinkoaren eskiaren adoratzen eta erraiten: gure Aita zira, zük badakizü zer den hoberenik guretako, zure boronthate Saintia egin bedi.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Thebaidako ermithain bat phartitü zen bere desertütik, nahiz ikhusi nolako ziren Jinkoaren egitatiak gizonen eretzian. Bidian doalarik batzen dü gizon gazte itxüra hon bat, eta hunek eskentzen deio haren algüntzia; ermithainak gogotik onhesten dü haren eskenia. Lehen gaian lothü ziren beste ermithain baten etxanoan; eta hantik elkhitzian ikhusi zian ermithainak bere lagüna zilhar gathüllü baten sakolan sartzen. Bigerren gaia igaraiten die komentü batetan, eta gaierditan komentiari sü emaiten dü gizon gaztiak; jentiak oro jaikerazten tü eta bera ezkapatzen da bere lagünarekin; — hirurgerren gaia igaraiten die gizon aberats abarizius baten etxen, eta hantik phartitzian gizon gaztiak, ostatü emaile aberatsari eskerren erakusteko, emaiten deio bezperako ermithainari ebatsi zian zilhar gathüllia. Laurgerren gaia igaraiten die gizon Jinkotiar hon baten etxen; eta phartitzian, harek emaiten deie bere seme bakhoitza haien bide honian ezarteko. Zübü batetara heltü direnian, gizon gaztiak phusatzen dü haurra hurialat eta itho erazten dü. Ordian Ermethaina gaiztürik jarten zaio eta erraiten deio: hi debria hiz, hürrünt adi eneganik. — Ihardesten deio gizon gaztiak: ez, enüzü debria bena bai Jinkoaren Aingüria; harek igorri nizü zure desinganatzera, ezpeitütüzü behinere zihaurek Jinkoaren egitatiak untsa ezagütüren. Haren manüz eta gizonen arimen hunagatik egin ditit zük gaizki ikhusiak oro.

       Hartü diot zilhar gathüllia ermitahinari, gaiza txar hari sobera estakatü beitzen arimaren damütan. Erre dit erlejiusen komentia, aberatsegi izanez laxatzen beitziren, eta orai praubezian erlejiusago izanen beitira. Eman dit zilhar gathüllia phakütako, gizon aberats abarizius hari, ezpeitü guri egin zerbütziaren beste phakürik ükhenen, abariziak ifernialat eramanen beitü. — Itho erazi dit gizon Jinkotiar haren seme bakhoitza, hari sobera estekatü beitzen; nahi beitzian izan ledin aberats eta uhurez üngüratürik, eta hola bere semia eternitatekoz galdüren beitzian eta bai bere büria ere. Ikhusten düzü gizonek ardüra gaizki uste dütienak, Jinkoak ontsa egiten dütiala eta haren egitatek eztiela behar gizonez jüjatürik izan. — Hori erran eta ezabatü zen Aingüria; ermithaina belhainkatü zen, Jinkoari eskerrak eman eta ümilki ützüli bere desertialat.

 

 

HOGEI ETA LAURGERREN EGÜNA

 

Jesüs gaizki erabilirik, saldürik
eta bere dizipüliez ükhatürik

 

       Mariak entzüten zütian boztariorekin Jesüsen miraküllien eta pheredikien berriak, popüliaganik ükheiten zütian laidorioak eta ohoriak; berheziki nola Erramü egünian izan zen trionfan errezebitürik Jerüsalemen. Bena ez-zien üzten osoki bere bihotza boztarioari; beitzakian bazütiala isterbegiak, bekhaitzak eta etsai handiak; eta haiek sofri erazi eta hil erazi behar ziela.

       Eta ere Erramü ondoko hirurgerren egünian, Jüdasek saldü zian hogei eta hamar diharü phezarentako; Olibetako baratzian izan zen atzemanik eta estekatürik gaizkigile bat bezala; eta bere Apostoliak izitürik ihesi joan ziren, etsaien eskietan üzten zielarik.

       Phetiri hürrüntik jarraiki zeion, bena etsaien mithil eta neskato elibatek galthatürik, ez-zenez hura Jesüsen dizipülietarik, hiruretan ükhatü zian eta erran ez-ziala ezagützen. Anna et Kaifa Aphez handien etxian igurtzi zütian laido, nausa eta goitzarren ümiliagarrienak. Pilatüsek azoterazi zian, elhorriz, khoroatürik popüliari eralutsi; eta popüliak, aitzineko igantian trionfan Jerüsalemen errezebitü zianak, oihüz galthatü zian, Krüzifika lezen eta hil erazi. — Pilatüsek kondenatü zian, eta etsaiek Khürütziaz kargatürik eraman zien Kalbarioko mendiala. Ordian agertü zen haren Ama dibinoa, pharte hartzeko haren ümiliazionetan eta haren sofrimentü izigarrietan. Joan zeion aitziniala Kalbarioko bidian eta Jerüsalemeko emazte sainta zonbaitekin jarraiki zeion mendi thinialano.

       Amira dezagün Ama Birjinaren egitatia; Bere Seme dibinoa popüliez laidatürik, goretsirik den denboran, gorderik egoiten da; eztoa, haren ama bezala, Semiaren mirakülliez, pheredikü ederrez eta laidorioez boztera eta fekizitazione errezebitzera; ordian itzalian dago; ezta aiphatürik, ezta ezagütürik, eskerniatürik, gaizki erabilirik, eta hiltzera kondenatürik denian gaizkigile handien bat bezala, ordian agertzen da, ordian bere büria erakusten dü, haren goitzarrenetan pharte hartzera lehiatzen da.

       O Maria, zonbat zureez bestelako diren gure egitatiak! gü bozten gitizie ohoriek eta laidorioek eta haien ondoan gogotik bagoatzü; — lotsa gütüzü ümiliazionen eta sofrikerien, eta haier ahalaz ihesi egiten dizügü. Ikhas dezagün zureganik Jesüsen khürütziaren maithatzen eta kharreiatzen; merezi dezagün harekin eta zurekin lorifikatürik izatia zelian!

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Jinkoak laidatü dü Maria, Profetez erran dianian: Zü osoki eder zira eta eztüzü zütan thunarik; laidatü dü eta goretsi Gabriel Arkanjeliaren ahoz, hunek erran deionian; salütatzen zütük graziaz betherik zirena; Jinkoa zurekin düzü, benedikatia zira emazte güzien artian. Jinkoak Eskritüra Saintian gisa hortan altxatzen dü Maria; eta gaiza izigarria! Heretikoek Eskritüra saintia handiesten die, eta halerik ere Mariaren eretzeko bethi orok ükhen die debrüzko aiherkünde bat; horrek berak markatzen beitü satanen direla. Roussel Oloronko Aphezküpü Protestantak, Biarno phozoatü ondoan, nahi ükhen zian Züberua ere protestantü. Jin zen Maulera; Ama Birjinaren eta saintien ohoratzia eta othoitzia gaizki zela erakasten hasi zen. Gure burhasoak gaiztü ziren erakaspen hoien entzütiari; eta musde Maitiak, aiskora khaldüz egotxi zian Aphezküpü heretikoaren pheredikagia. Erdi hilik eroan zien Roussel Oloronerat; eta hantik laster hil izan zen. Gure üskal herriak bethi jarraiki dü Maria Birjinaren eta Saintien ohoratzia, Biarnon, Betharrameko eta Sarrantzeko Ama Birjinaren elizak heretikoek egoisten eta erratzen zütien denboran. Rousselen ondoan Claude Regin izan zen Oloronko Aphezküpü ezaririk; bena Protestantak nausitü beitziren Biarnon, Claude Reginek behar ükhen zian ezkapi Maulerat bere Kalunjekin. Han egon ondoan hogei bat urthez, joan zen Vendomako komentialat, eta han saintüki hil izan zen. Denbora hetan Üskaldünek armak hartürik, bere odolaren eta biziaren khostüz bere fedia Protestanten kontre defendatü zien. Jinkoak erakutsi zian zonbat onhetsi zian Pierra Maitiaren egitatia; gero haren semia Oloronko Aphezküpü egin beitzian eta errelijione katolikoaren arraeraikizale Biarnon; haren ondotik orano, beste bi Pierra Maitiaren arraseme izan dira Oloronko Aphezküpü.

       Euskaldünak, Jinkoaren aitzinian ikhus dezagün batügünez gure bihotzetan gure aitek zütien fedezko sendimentiak eta Errekijioniaren amurioa; eta ikhusten badügü hoztürik direla gütan sendimentü hurak, galtha dezogün Mariari azkar ditzan eta bero ditzan; eta ezkitzan ützi beste hanitz bezala laxükeriaz eta ezaxolkeriaz fediari ükho egitera eta arimen galtzera.

       O Maria gure Ama Maitia, fidel egon nahi gütüzü gü ere, gure leheneko Aitak bezala, zure Seme Dibinoari eta zure Debozioniari; egizü, zure othoitzen medioz, egon gitian bethi Khiristi hun eta holatan egiazko Üskaldün. Amen.

 

 

HOGEIETABOSTEGERREN EGÜNA

 

Maria Khürütziaren hoinetan

 

Venite et videte si est dolor sicut dolor meus..

Hüllant ziteie eta ikhus azie badenez
dolorerik enia bezalakorik.
(Jerem. thr. 1. 12)

 

       Ezta amarik bere semia maite ükhen dianik, Maria Birjinak Jesüs bere Seme dibinoa maite ükhen dian bezala; ezpeita semerik Jesüs bezain hunik, Jesüs bezain maithagarririk eta perfeitik, ez eta amarik Birjina Maria bezain bihotzberarik. Eta Ama harek ikhusi dü bere Semia, bere büria beno maitiago diana, gizonen salbatzera jin zen Jinko Seme, haren sabelian gizon egina; ikhusi dü khürützian hedatürik; eta han, haren eskiak eta zankhoak itze handi batzüz krüdelki zilatürik. Ikhusi dü khürützen gainen, itze hetarik xilinxan, haren khorpitza altxatürik zeliaren eta lürraren artian. Ama bihotzbera harek senditü dütü bihotzian bere Seme Dibinoak khorpitzian sifritü dütian oiñhaze güziak; aski handi beiziratekian haren milatan hilerazteko. Haren bihotza ürratürik zen, xehekatürik, marrüskatürik; bena nahi zian sofritü; nahi zen jüntatü bere Seme Salbazaliari; harekin eskentü nahi zen bitima bezala Jinko Aita zelükoari, gure bekhatien arraparatzeko, guri zelüko gloriala heltziaren merezitzeko. Eta holan gure arrerostia harek ere merezitü dü kreatürak merezitzen ahal dian bezainbat; eta hartakoz ere deithürik da gizon-kentiaren Arrerosliaren khidia edo arrerosle-lagüna, (corredemptrix). Hartakoz ere bere Semiak ordian eman zeikün Amatzat; harekin han bizitze berriala, bizitze bethierekoala sorthü beikütü. Dolore gabe sorthü zian Jinko Salbazalia; bena gützaz, gü bekhatoriak beikinen, gützaz amatü da dolore handienen sofritzez. — Geroztik, o Maria Birjina, deitzen ahal zütügü gure Ama, zure Semiak erran beiteizü, Jondane Johaneren personan, gü oro erakusten gintzeitzülarik: horra zure semia; eta guri: horra zure Ama.

       Arren Ama zütügü, o Maria Birjina; bena dolorezko haurrak gütüzü, sofrimentü handienetan gützaz amatü beitzira. O Maria, othoi, egon zite gure Ama, eta hortako egizü egon gitian gü bethi zure haur. Zure haur egonen gütüzü, bekhatiari ihes egitez; — bekhatiak khentzen beiteikü Jinkoaren haur kalitatia eta debriaren haur egiten beikütü. Arren, o Ama maitia, begira gitzatzü bekhatialat arraerortzetik; egon gitian bethi Jinkoaren haur eta zure haur; eta dei ahal zitzagün bethi: gure Ama maitia; eta zük zure aldetik, dei ahal gitzatzün: ene haur maitiak.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Maria Birjina gure Ama da, eta egün oroz erakusten dü zonbat handi den haren amurioa, khiristi fidel haren haurren eretzian. Maria Birjinaren zerbützari eta maithazale handienetarik izan da Alphonsa Rodriguez dohatsia, Jesuiten konpañakoa. Ezpeitzian ükhen hatsarretik eskola handirik, lanetako frera edo aneietarik zen, eta lüzaz bortha zaingoa egin zian. Hanitz maite zian Maria eta Arrosarioaren üngüratzia zen haren siratsik handiena. Maria Birjina hanitz aldiz agertü zeion sokhorritzera eta konsolatzera. Demonioak haren bekhaitz beitziren, eta Jinkoak üzten beitütü zonbait aldiz bere zerbützari handienen garrazki therritatzera, egün batez eskaler bat behera arthiki zien; oihü egin zian Maria Birjinari eta ez-zian batere minik hartü. — Bestaldi batez gogoan ezari zeion debriak, egün batez bide xüxena ütziko ziala eta izanen zela bethikoz damnatürik. Lotseria handi batek hartü zian, eta ez-ziokian irax bere gogotik damnatürik izan behar zialako phensamentia. Bena bere etsimentü lazgarrian oihü egin zeion Mariari: O Maria, o Ama Maitia, othoi, hel zakitzat! Maria agertü zeion, argi eder batez üngüratürik eta erran zeion: heben nük, Alphonsa, ene semia, eta eztük deusen lotsarik ükhen behar, ni hirekin naikeiano. — Eta hainbesterekin izidürak oro ohiltü ziren haren gogotik eta bake handi bat haren bihotzian sarthü zen.

       Beste egün batez arima tristeziaz eta erreusdüra handi batez betherik, egotxirik eta ezintürik beitzagon, Demonioak erran zeion: non dük orai, hire Maria? bena hainbesterekin argi handi batek bethe zian haren khanbara, eta demonioak eta Alfonsaren tristürak algarrekin ezabatü ziren.

       Zahartürik zen eta bere Aitzindariak igorri zian egün batez, hürrün eta lekhü gora batetan zen gaztelü batetara. Ezin heltüz izerdi oro hur zen; eta ezinago nekez zebilan. Jin zeion Maria; txükatü zeitzon bere izerdiak ama batek bere seme maitiari bezala; eta memento hartarik, bere zankhoak azkartürik eta zalhetürik ediren zütian; eta ehiki ürhentü zian bere bidajia.

       Behin bere debozioniaren berotarzünian Alfonsak erran zeion Maria Birjinari: bazakit, o Ama hona, maite naizüla; bena uste dit nik zü maiye zütüdan, zük ni maite naizün beno haboro; — Maria Birjinak ihardetsi nahi ükhen zeion eta erran: Alfonsa, ene semia, jakin ezak hik enetako duian amurioa, nik hiretako düdanari konparatürik, eztala hur txorta bat beno haboro itxasoaren althian.

 

 

 

HOGEI ETA SEIGERREN EGÜNA

 

Maria Jesüsen hiletarik phiztian

 

       Maria xütik egon zen khürütziaren hoinetan hirur orenez, Jesüsen agonia güzian; eskentzen zütian Jinko Aitari bere Semiarekin haren sofrimentiak gure arrerostiaren sari; eta Bitima handi haren imolazionian, bere agin ahal oroz, sartzen zen Jinkoa Aitaren eta bere Seme dibinoaren sendimetietan; eta harek ere eskentzen zian bere Semia jüstizia eternalari, hil ledin guri bizitze eternalaren ardiesteko. — Eraitsi zienian khürützetik haren khorpitz hila, hartü zian bere alzoan, txükatü zütian haren zauri izigarriak; lagüntü zian hobilala; eta hobia zerratü zienian, erretiratü zen Jerüsalemen hartü zian khanbaralat. Han igaran zian neskan-egüna othoitzian; gogoan igaraiten zütialarik bere Semiari sofri erazi zeitzen thormentiak eta goitzarrenak; bena ere sinheste oso batekin egürükitzen zialarik haren arraphiztia. Ezi beste güziek galdü zielarik esperantza eta fedia, Mariak begiratü zütian. Hartakoz ere hari konsekratürik da neskan-egüna, haren beithan baizik egün hartan ezpeitzen bizi egon fedia.

       Nahibada eztian Ebanjelioak aiphatzen Jesüs arraphiztiaren agertzia Mariari; Elizaren sinhestia izan da bethiere, lehen-lehenik, hiletarik phiztü zen bezain sarri, Jesüs agertü zeiola bere Amari. Ainikere sori zen ezinago, izan ledin hura lehenik haren phiztürik ikhustiaz konsolatürik, harek beitzian orotangainti pharte hartü haren pasioneko eta hiltzeko phena garratzetan.

       Oh, zoinen handi izan zen Ama Sainta haren boztarioa, ikhusi zianian bere Seme Dibinoa bizirik eta arraphiztiaren dohain ederrerz üngüratürik. Zonbat ere erdiragarri izan beitzen Ama eta Seme haien batzia Kalbarioko mendian, hanbat bozgarri izan zen ordian Amaren eta Semiaren besarkatzia. Ihurk eztitzake erran ez asma haien bihotzeko sendimentiak, ez haien elhen gozoa eta eztitarzüna. Itxasoa bezain handi izan zen Mariaren bihozterriaren kharasdüra, ostirale egünian; itxasoa bezain handi ere izan zen ordian haren boztarioaren eztitarzüna eta hedadüra.

       Alagera gitian Ama Dibino haren alagrantziaz; haren haur bezala pharte har dezagün haren boztarioan; eta güdizia dezagün Semiarekin eta Amarekin zelian, haien eta saintien boztario eternalen gozatzia.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Seigerren mentian, bostehün eta laur hogei eta hamargerren urthian, Erromako hiria izan zen üzürri izigarri batez desolatürik; jentiak hilzen ziren bidetan zebitzalarik. Pelajio Aita Saintia ere eritarzün harek eraman zian. Haren ordari, Sen Gregori handia izan zen Elizaren gehien ezaririk. Üzürria bethi handitzez beitzoan eta lotsatürik beitziren jentiak, orok hiriarekin ehortzi behar ziela, Sen Gregorik menhatü zütian, komentietako Erlejius eta Serorak, gizonak eta emaztiak, txipiak eta handiak, oro hersa litian Maria Birjinari, eta güziek pharte har lezen prosesione handi batetan Santa Maria Handiaren elizatik, Jondane Pethiriren elizalano. Aita Saintia bera prosesioniaren bürü jarri zen, eta aitzinian ekhar erazi zian Sen Lükasek egin Ama Birjinaren imajina, Santa Maria Handiaren elizan begiratzen dena.

       Jinkoak entzün zütian Aita Saintiaren eta popülü desolatü haren othoiak. Prozesionia hüllantzen zelarik Jondane Pethiriren elizalat, Tibre ühaitzaren zübü bürian beita gaztelü handi bat, lehen Adrien enperadoriaren gaztelia deitzen zena; entzün zütien haren aldetik Aingüriak khantatzen: Regina caeli laetare, Alleluia. — Quia quem meruisti laetare, Alleluia. — Resurrexit sicut dixit, Alleluia. — Zelüko erregina, alagera zite; Alleluia; — zük ekharri düzün Semia, Alleluia — hiletarik phiztü beita erran dian bezala, Alleluia. — Eta Sen Gregori Aita Saintiak ihardetsi zian. — Ora pro nobis Deum, Alleluia. — Othoi ezazü Jinkoa gure gatik; Boz gitian, Alleluia.

       Üzürria baratü zen ordü berian; eta hori beitzen aphirilaren hogei eta bosta, Sen Marken egüna, geroztik Erromako eliza güzietako aphezek eta Errelijiusek arregiten die prozesione bera Santa Maria Handiaren elizatik Jondone Pethiriren elizala, ber egünian. Eta gerostik ere khantatzen da Regina Caeli laetare Bazko denboran. Ordütik ere Adrienen gaztelü hura deithürik da Aingüriaren gaztelia; ikhusi beitzen ordian Aingürü bat gaztelü gainian ezpataren furrebian sartzen, markatzeko ürhentü zela Jinkoaren gaztigia.

       Erregina photeretsia, üzürri gaiztoetarik begira gitzatzü; bena lehenik egizü eztitzagün merezi gure gaizki eginez.

 

 

HOGEI ETA ZAZPIGERREN EGÜNA

 

Maria Jesüsen zelietarat igatian

 

       Mariak lagüntü zian Jesüs Olibetako mendi thiniala, apostoliekin eta hari jarraiki ziren beste dizipüliekin. Han entzün zütian Salbazaliaren azken hitzak eta hartü zütian haren azken beneditzioniak; eta gero ikhusi zian zelietarat altxatzen. — Badoa Semia eta üzten dü bere ama maitia lürrian. — Zertako eztü berekin eramaiten? Eztia zelia merezitü? Ez-tia lürrian aski sofritü? hainbeste bihotzminen ondoan, behar dia igurtzi orano Semiaganik berhezirik, lür triste huntan desterratü egoiteko bihotzmina? Ezagützen dü Jesüsek bere Amaren berthütiaren handia; badaki zonbat sakrifizio hori balia eraziko dian Jinkoaren loriatako, bere merezimentien hanizteko, eta fededün güzien ekhoizpenetako. Badaki zonbat haren ikhustiak eta entzütiak ürgaitziren dütian Apostoliak, eta beraren haboro ez ükheitiaz konsolatüren. — Ezta behatzen, Semia Amari josten dian amuriaren botzari; eta üzten dü Maria lürrian, ez zonbait egünez edo hilabetez, bena hogei eta lau urthez!!

       Maria, ütz baledi Jesüsenganat eramaiten dian amorioaren borthiztarzünari, ethen litake berhala haren arimaren eta khorpitzaren lotkarriak eta hegalta leite haren arima Jesüsen ondotik zelialat. Bena bada haren beithan zerbait orano azkaragorik Jesüsi eretxekitzen dian amorioa beno. — Hura da Jinkoaren boronthatiaren egin nahia, hari menpetürik osoki egoitia eta bere nahikünte güzier ükho egitia. Hortakoz aski da harentako jakitia nahi diala Jinkoak egon dadin orano lürrian, erraiteko gogotik: hau naizüla, Jauna, zure neskatoa, egin bedi nitan zük nahi düzüna; nik eztizüt beste nahirik zure boronthatiaren egitia baizik. Hola egürükitzen dü emetarzün eta bathi handienarekin, hel dadin Jinkoak bere detse saintietan markatü thenoria mündü hiragarri hunen üzteko eta joaiteko bere Semiaren saihetsian, haren beraren dohatsütarzünian pharte hartzera.

       O Maria ikhas dezagün zure ganik mündü huntako nahigaben egarten; eta heben maiteenek güntükieneganik separtzen, orhitüz zelian edirenen dütügüla hebentik galdü dütügünak, eta hekilan gozatüren dütügüla Jinkoak bere zerbützarientzat zelian adelatü dütian bethiereko siratsak. — Bena konfidantza horren ükheiteko egigüzü, o Maria, bizi gitian zü bezala, bihotzez berhezirik lür huntako gaiza igarankoretarik; eta Jinkoaren boronthatiaren ahalaz fidelki egitez, gure aihoak eta hasperenak, zuriak bezala, thaigabe igain ditian zelialat.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Sen Bernardin Sienakoak khuntatzen dü Franziako Aitonenseme bat joan zela, zerbützari leial eta jinkotiar bat lagün hartürik, Jerüsalemera eta üngürünrtako lür saintietara. Bisitatü zian Bethleeme, belhainkatü zen Jesüs Jinko Semia sorthü zen barrükian, hanko lürrari pot egin zian. Gero joan zen Nazarethera, han hogei eta hamar urthez Mariarekin eta Josefekin Jesüsek oküpatü lekhia eta etxia ikhusi zütian eta ohoratü. Üngüratü zütian Salbazaliak iruski, eta bere presentziaz santifikatü lekhiak. — Ükhüzi zen Jordaneko ühaitzian zointan izan beitzen Jondane Johanek batheiatürik. — Üngüratü zian desertia zointan berrogei egünez barur egon beitzen. Ikhusi zian Hebron, non santifikatü beitzian Jondane Johane bere amaren sabelian. — Ikhusi zian Bethania, Maria Madalenaren, Martharen eta Lazaro arraphiztiaren jauregia. — Igain zen Taborreko mendi thiniala non bere Jinkotarzünaren gloria erakusti beitzian Phetiriri, Jakoberi eta Johaneri. — Gero üngüratü zütian Pasioneko lekhü saintiak, Jesüsek bere odolaz busti zütianak: Olibetako baratzia, Kaifaren etxe lekhia, Pilatusen palazioa, Azotatürik izan zeneko lekhia; elhorriz khoroatürik eta khorpitza oro zaurthürik Jüdioer Pilatusek erakutsirik izan zen heigora. — Gero jarraiki zen Jesüsek bere ürhatsz eta bere odolaz markatü dian bide dolorezkoari khürütxiaz kargatürik. — Kalbarioan, hobi saintian, lürra busti ondoan bere nigarrez; eta Eliza ezinago ohoragarri, Santa Helenak eraiki zian hartan, bere debozionia elikatü ondoan; igain zen Olibetako mendi thiniala zointarik Jesüs zelietarat altxatü beitzen. Han haren hoinen herexak potü zütian amorio handirekin eta gero erran zeion: O Jauna, Jesüs ene Salbazale maitia, ükhen dit konsolazione handia, zük mündü huntara jin izan zirenian, zure presentziaz eta zure ürhatsez santifikatü dütüzün lekhü güzietan zuri jarraikitzekoa. Bena orai norat joaiten ahal niz zure edireiteko? ezi nik eztit beste aihorik, eztik beste güdiziarik zurekin izatia baizik, zure ikhustia, zure maitatzia eta zurekin bategitia baizik. — Jesüsek entzün zütian haren aihoak; eta han berian hil izan zen amoriozko hasperen batetan. Haren mithil leialak ehortzi zian eta haren hiltze saintiaren berria ekharri etxekoetarat.

 

 

 

HOGEI ETA ZORTZIGERREN EGÜNA

 

Mariaren bizitzia Jesüs Zelietarat igainez geroz

 

       Jesüs igain zenian zelietarat, Maria Apostoliekin eta beste emazte Saintiekin ützüli zen Jerüsalemerat; eta han, Jesüsek azken apairia egin zian gela handian, egürüki zien, othoitzian eta ixilian, jaits lekien, Jesüsek hitzeman zeien Espiritü Saintia. Phentekoste egünian konplitü zen Salbazaliaren hitza; jaitsi zen Espiritü Saintia Mariaren, Apostolien eta bildürik algarrekin zauden dizipülien gaina, süzko mihi batzien itxürian; eta bethe zütian haien gogoak eta bihotzak, argiz, indarrez eta agoñuz. Joan ziren ordütik Apostoliak beldürrik gabe, Jerüsalemen eta gero Jüdean eta atzerri güzietan, Jesüsen Jinkotarzünaren eta harek erakatsi egien ezagüteraztera.

       Maria egon zen Jondone Johanerekin eta hari jarraikiten zen; egünak igaraiten zütian othoitzian; eta bere aholkiez eta orazionez lagüntzen zütian Ebanjelioaren pheredikazaliak. Ezagün da gogoz eta bihotzez jarraikiten zeitzela güzier, mündia bere artian phartitürik joan zirenian lürreko nazione güzietarat. Ezi bethidanik khontatürik eta sinhetsirik izan da, Jondane Jakobe jin beitzen Españarat, eta bihozterritürik beitzagon ez-zeitzolakoz harek nahi bezala behatzen hanko popüliak; Maria Birjina, orano bizi zelarik, agertü zeiola pilar baten gañen xütik; bihotza eraiki zeiola eta erran ari ledin nagitü gabe, Ebanjelioaren azi saintiaren barreiatzen; Españako zinkienik lothia, eta mündiak iraiten ziano hari leial egonen zela.

       Jerüsalemen egon ahal izan zeno, Kalbarioko bide dolorezkoaren igaraitia zen Mariaren debozione maitena; eta non nahi izan ledin, haren konsolio gozoena, bere Jesüs maitiaren komünione saintian errezebitzia, eta mezako sakrifizio saintian pharte hartzia.

       Ezta irakurten, ez Ebanjelio saintian ez Elizako Aiten librietan, Mariak egin diala miraküllürik, ez pherediküz konbertitü jenterik; eta haregatik Mariaren ixilezko egitatiak Jinkoaren aitzinian baliosago eta laketgarriago ziren Apostolien egitate handiak beno; Mariaren barnetiko disposizionek gaintitzen beitzütien Apostolien eta beste kreatüra güzien disposizioniak; handiago beitzen harek Jinkoarentako zian amorioa, harek Jinkoaren gogara egiteko eta izateko zian nahia, beste kreatüra güziena beno. Bethi haren gogoa Jinkoarekin zen; haren bihotza bethi haboro Jinkoaren amorioaren süiaz erratzen zen; beha zagon Jinkoak zer harenganik galthatzen zian eta berhala haren egitera hütsik egin, ez gogoz, ez bihotzez, ez obraz; eztü bere bizian mementorik galdü, oro Jinkoaren boronthatiaren egiten enplegi beitütü.

       O Maria, egizü hürrüntik berere zuri jarraiki gitian; eztezagün ütz galtzera Jinkoak zeliaren irabazteko emaiten deikün denbora; gure lanak, gure gogoküntiak, gure bihotzeko sendimentiak izan ditian oro Jinkoaren gogoarako zuriak bezala.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Sarranze lehenago eremu basa bat zen; Bedustarrek bere haziendak batzietan harat eramaiten zütien alhatzera. Ülhain batek nabaritü zian bere idi bat bestiak beno gizentzenago zeiola; ustez ediren zükian güne gizen zonbait, jarraiki zeion egün batez eta ikhusi zian belhainka, hur ondoan. Arranzale bat han beitzen, biak hüllantü ziren eta idiaren aitzinian ikhusi zien Maria Birjinaren harrizko molde bat. — Beduseko erretorari eta herritarrer berhala erran zien zer ikhusi zien. — Erretorak Oloronko Jaun Aphezküpia abisatü zian, berak ülhainaren errana egiati zela ikhusi ondoan. Jaun Aphezküpia bere kalunjekin joan zen lekhü hartara; errespetürekin hartü Mariaren imajia eta prosesionian eraman bere Katedralera. Bena biharamenian hantik galdü zen, eta ediren zien bere leheneko lekhian. — Gerthü horrez segürtatürik, Maria nahi zela izan han ohoatürik, eta han nahi zütiala erakutsi bere hontarzüna eta photeria, eraiki zien han berian Eliza bat; eta hasi ziren alde güzietarik sentoralak edo pelegriak harat saldoka jiten; eta Maria Birjinak haien debozionia saristatzen zian miraküllüz eta fabore berheziz.

       Behar izan zen eraiki jenten atherbe; S. Norberten Frairiak jin ziren eta komentü bat egin zien bere eta Sentoralentzat; Premontreak deitzen ziren. Haien üngürian herri bat altxatü zen laster. Üskaldünek eta Biarnesek maite zien debozionian joaitia Andere Dona Maria Sarranzekoagana eta grazia hanitz ardiesten zien.

       Üskaldün famatü bat, libürü sabant baten egilia, Arlande Oyhenart Maulekoa, izan zen Ama Birjina Sarranzekoaz sendotürik, barberek ezin sendo zaitekiala zioen hausküra batetarik.

       Arlande Frances de Maitia, izen hortako hirurgerren Oloronko Aphezküpia, paralisia kolpü batez joik, hersatü zen Andere Dona Maria Sarranzekoari. Igorri zütian tortxa batzü eta manhatü zonbait mezaren haren Elizan erraitia. Laster osoki sendotia izan zen eta bere diosesaren bisitatzeko huntürik. Ama Birjina Sarrantzekoarentako zian ezagütziaren eta debozioniaren erakustiagatik, nahi izan zen ehortzirik izan Eliza saintü hartan eta ordeñü ederrak egin zeitzon.

       1569n Protestantek erre zien Sarrantzeko Maria Birjinaren eliza eta komentia. Bena hogei eta hamabost urtheren bürian, Maule Maitiako semek, Oloronko Aphezküpütürik, arreraiki zütien. Arte hartan Ama Birjinaren imajina egon zen gorderik Sarrantzeko Khiristi hun baten etxen.

       O Maria, gure Ama, othoi, oraiartino bezala begira ezazü fedia gure üskal herrian!

 

 

HOGEI ETA BEDERATZÜGERREN EGÜNA

 

Maria Birjinaren hiltzia

 

       Maria Birjina bizi izan da, Santa Brijitaren erranez, hiruretan hogei eta hirur urthe; bena Elizako izkiribazalae jakintsienen arauera, hiruretan hogei eta hamabi urthetara heltü zen; horrek emaiten beiteio hogei eta laur urthe, Jesüs zelietarat igainez geroz.

       Oh! zonbat handi izan diren Mariak arte hortan irabazi dütian merezimentiak, berthütetan eta perfetzionian egin dütian ekhoizpenak! sortzetik hiltzerano haren arima edertzez eta bethi grazian ekhintzez joaiten zen. Jinkoak thaigabe bere grazien abondantziak hartara ixrten zütian, eta Mariak ez-zian üzten grazia hetarik den mendrena galtzera, güziez baliatzen zen, güziak Jinkoaganat ützültzen zütian eskerretan eta amoriotan; eta holatan haren Jinkoaganako amorioa bethi handitzez eta berotzez zoan; Jinkoak berak baizik ezpaitü mesüratzen ahal zer heinetara heltü diren haren merezimentiak eta perfezionian egin dütian ekhoizpenak. Bizi zen lürrian Jinkoaren boronthatiaren egitiagatik, bena haren gogoa eta haren bihotza bethi zelietan ziren Jinkoarekin, bere Seme Dibinoarekin.

       Heltü zenian haren zelietarat joaiteko thenoria, ezta düdarik Jesüsek abisatü ziala egünaz eta orenaz, beste hanitz saintüri fabore hori egin dianez gainian. Apostoliak ere izan ziren Jinkoaz jakintsütürik eta oro bildü ziren Jerüsalemera haren azken hitzen entzütera eta hareen beneditzioniaren hartzera. Sen Denys Areopajitak erraiten deikü bera ere phüntü hartan han khausitü zela Thimote Jondone Phauleren dizipüliarekin.

       Mariak mila heriotze sofritü zian Jesüsen pasionian eta hiltzian; bena beraren hilzia izan zen eritarzün gabe, sofrimentü gabe, agoniarik gabe. Erran zeionian bere Semiak: tziauri, ene Ama maitia, igaran düzü negia, ürhentü düzü desterria, tziauri ene Aitak bethidanik adelatü deizün tronoan ene saihetsian, haren eresuman pharte hartzera. Ordian amoriozko hasperen batekin haren arima berhezi zen haren khorpitzetik eta igain zelialat.

       O Maria, ezti izan düzü eta desiragarri zuretako heriotzia, eramaiten beizüntian zük bethi orotangainti maite züntienetarat; eta zure bizia izan beita itzalik gabe, sortzetik hiltziala, argi bat bethi handitzez joaiten zena. Bena guretako, hainbeste gisaz Jinkoa ofensatü dügünentzat, lotsagarri, ikharagarri düzü hiltzia. Egizü, othoi, hürrüntik hartara adela gitian, bizitze penitent eta xüxen batez; heltü datekianian mementoa, konfidantzarekin gure arima Jinkoaren miserikordiari gomenda ahal dezagün, zure arartekotarzünarekin.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Diala hanitz mente, Biarnon, Lestella deitzen den herri batetako artzain zauden haur elibatek ikhusi zien argi handi bat, ühaitziala heltzen zen mendiaren zolan. Hüllantü ziren eta izidürarekin nabaritü zien han, harroka artian, Maria Birjinaren imajina eder bat argitürik. Lasterka ützüli ziren herrialat oihüstatzen zielarik zer ikhusi zien. Lehiatü ziren hanitz, jakitera egia zenez haurrek errana; eta güziek ber gaiza ikhusi zien. Herriko erretora bere popüliarekin joan zen, eta ohoratü eta othoitü ondoan han Maria Birjina, eraman zian imajina herriko elizalat; bena biharamenian, imajina joan zen leheneko ber lekhiala. Phensatü zien nahi ziala Ama Birjinak han ohora lezen; bena phatar basa hartan ezpeitzeitan egin xapelarik; huraz beste gaintian eraiki zien harpe eijer bat eta harat eraman imajina. Bena berriz, biharamenian, ber lekhialat ützülürik ediren zien. — Següratürik ordian han zela nahi izan ohoratürik eta ez bestetan, eman ziren lanari; hautse zien mendi ondoa, lekhü egiteko eliza bati, eta eraiki Maria Birjina Betharramekoaren xapela. Üngürünetako herri güzietarik bazoatzan pelegriak, eta Miraküllü hanitz eginik izan zen Khiristi deboten faboretan.

       (1559) Mila bostehün eta hirur hogei eta berderatzian, Protestantek erre zien; mürriak berak baratü ziren xütik; eta estatü deithoregarri horrek irain zian berrogei eta laur urthe. Marka, Tolosako eta gero Pariseko Arxebisko izentatürik izan zen, ordüko Biarnes jakintsiak, khontatzen dü, denbora hartan ikhusten zela mürrü erre haien barnia argitürik; eta ezagüterazten dütü ordian han gerthatü miralülliak. Musede Salettes, Leskarreko aphezküpiak, arreraikerazi zian Eliza; eta 1616n, üztailaren 14n, Leonard de Trappes, Aucheko Arxebiskoak, bendikatü zian ospe handirekin, eta prosesionian eraman eta ezari Ama Birjinaren imajina althare nausiaren alde gainian. — Ber denboran lantherazi zian mendiaren thinian zurezko khürütze handi bat. — Ber Istorien Markak izkiribatü dü khürütze hartan gerthatü miraküllia. Urthe berian bürüllan, egünaren erdian, Montaut Betherrameren eretzian den herriko jente batzük, aize borthiz batek buhatzen zialarik, ikhusi zien khürützia lürrerat erorten, eta hain sarri bera xütitzen argi handi batez üngüratürik. Gerthaldi hori izan zen egiazko borogatürik. — Gehienen ustia izan zen miraküllü horrez Jinkoak markatzen ziala, egiazko erlejioniaren Biarnon Protestantez egoistia, eta haren berriz lorioski Katolikoez arreraikitzia.

 

 

HOGEI ETA HAMARGERREN EGÜNA

 

Mariaren, Arraphiztürik,
Zelietarat eroaitia

 

       Heriotzia bekhatiaren gaztigia da; ez-zian arren Mariatan züzenik; bena orotan bere Semia bezala izatiagatik, heriotzia Mariak ere igurtzi behar zian. Hil izan da eta ehortzi Jesü-Krist bezala; bena ere hura bezala, hirur egünen bürian Maria bere Semiaren photeriak hiletarik phiztü dü; eta eroanik izan da khorpitz eta arimatan zelietarat; hori izan da bethidanik Eliza Saintaren sinhestia. Anikere ez-zen sori, Jinko Seme gizon egina aragistatü zian khorpitza, izan ledin sokhiduraren eta harren bazka. Errana da hirur gai-egünez Apostoliak egon zirela Ama Birjinaren hobiaren üngürian, psalmo eta kantika khantatzen; eta entzüten zütiela zelüko Aingürien botzak haienekin jüntatzen. Oro ixiltü ziren hirurgerren egünian; bena Sen Thomas ezpeitzen haren hiltziala heltü, ordian jin zen eta galthatü zian Ama Birjinaren begithartiaren, nahiz hilik, ikhusteko siratsa. Zabaltü zien hobia, eta hütsik ediren zien; ez-zen han, haren khorpitza üngüratü zian mihisia baizik, eta ürrin hun bat barreiatzen zien lili molzo bat. Gisa hortan, eta barnetik ere jakintsütüz, Jinkoak ezagüterazi zeien Apostolier Maria hiletarik phiztü zela eta khorpitz eta arimetan Jinkoak eroan ziala zelietarat. Khiristigoaren hatsarretik Elizak zelebratü dü Mariaren zelietarat eramaiteko besta; eta hori da haren ohoretan egiten den bestarik handiena; ordian bozten beitira khiristiak, Mariaren haurrak, haren ikhustez bere Seme Jinkoarekin bethikoz jüntatürik, bere merezimentü paregabez saristatürik, Jinkoaren lorian eta dohatsütarzünian phartedün jarririk sekülakoz.

       Gük hil behar dügü, gure bekhatüzko khorpitzak behar dü tzüstotü eta erhaustü; bena jinen da egüna gure Kreazaliaren maniak phitzeraziko beitü eta arimari jünta ezariko; algarrekin Jinkoa zerbützatü ondoan, mündü huntan ziren denboran, algarrekin goza dezen eternitatian, merezitü dien saria; edo algarrekin bekhatü eginez merezitü dütien gaztigiak, algarrekin egar ditzen eternitatian.

       Arraphizte jeneraleko egün izigarri hartan, o Maria, o gure Ama huna, nahi güntükezü oro gloriazko arropa xuriaz beztitürik, -Jesüsez deithürik izan esküñeko aldialat, zure gaintialat. Bena hori behar beitügü mündü huntan bizi gireno merezitü, bekhatiari ihes egitez eta berthütiaren pratikatzez; egizü orhit gitian bethiere gure egin bidez; eta Jüje soberanoari errendatü behar dükegün khuntü garratzaz, lür huntako gure bizitziaz eta harenganik ükhen dütügün hunki güziez.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       1854en, urthian Pio IX Aita Saintiak, mündüko alde güzietarik Aphezküpiak bere gana bildürik, hen aitzinian ospe handirekin oihüstatü zian eta erabaki, Maria Birjina Jinkoaren Ama, begiratürik izan dela xahü sorzaroko bekhatiaren thonatik. Hantik laur urthe gabe, 1858n, baranthallaren hamekan, Maria Birjina thonagabia agertü zen Lurdeseko basa bazter batetan, haur gazte bati zoiñ Bernadetta deitzen beitzen. Erran zeion nahi ziala lekhü basa hartan eraiki lezen eliza bat haren ohoretan; — Khiristiek penitentzia egin behar ziela, Jinkoaren khexü jüstoaren ematikatzeko; — eta hortako pelegrien prosesione handiak jinen zirela lekhü hartarat; bena behar zela othoitü bekhatoren konbertitziagatik. Erran zeion haren izena zela Konzepzione thonagabia. Haur haren esküz sor erazi zian, bera agertzen zen harpe ondotik üthürri bat, zoinen hurak sendotzen beitütü eritarzün mota güziak; ütsier bista emaiten, mütier mintzoa, paralisatier menbrien üsaja.

       Tarbeseko Aphezküpiak, gizon jakintsienez ikher erazirik, bai Bernadetaren erranak, bai egin izan ziren sendotze miraküllüzkoak, egia zela deklaratü zian Maria Birjinaren haur hari agertzia.

       Eliza, Mariaren nahiaren arauera laster eraiki zen; eta berak erran zian bezala, alde orotarik Lurdeserat abiatü ziren pelegriak prosesionetan; ez berbera üngürünetako herrietarik, ez berbera Frantziatik, bena Españatik, Italietarik, Beljikarik, Angleterrarik, Autrixarik, Poloniarik eta ere Ameriketarik. Eliza bobedatik behera ikhusten dira herri eta nazione güzietako banderak, harat pelegriek ekharririk. Pio IX, Aita Saintiak, solanelki khoroa erazi zian Lurdeseko Ama Birjina; eta Leon XIIIk, gaizak oro herroetarik eta zinki ikhererazi eta argi-erazi ondoan, aprobatü dü, Maria Birjinaren Lurdesen agertzia izan ledin ohoratürik baranthallaren hamekan; eta hortako meza eta ofizio partikülar baten erraitia onhetsi dü.

       Iferniak, eta Franzian satanen mithilek, egin ahala egin die sinheste horren galerazteko eta pelerinajen bara-erazteko; bena debalde izan dira haien indarka güziak. Khiristien sinhestia eta pelegrien prosesioniak bethi handitzez joaiten dira eta egün oroz entzüten da miraküllü berri eginik Lurdeseko harpian.

       O Maria, ifernia nazione güzietan nausi dela üdüri dian egün gaizto hoietan, zü zira gure esperantza; zü zira satanen büriaren leherzalia; zük zühaurek goithü dütüzü bethiere, egiaren etsaiak; erakuts ezazü lürrari, erakuts ezazü iferniari, bethi bardin photeretsü zirela; egotx itzatzü Jinkoaren eta arimen etsaiak; salba ezazü Eliza eta salba ezazü Frantzia.

 

 

HOGEI ETA HAMEKAGERREN EGÜNA

 

Maria Birjina zelian

 

       Ezta gizona haizü asmatzera, gütiago erraitera zonbat handi, zonbat gora, zonbat eder eta zonbat dohatsü den Maria zelian. Aingürien bederatzü khortiak beno gorago da; haiek orok algarrekin beno haboro ospe, argi eta edertarzün emaiten dü zeliari. Berak hek güziek beno haboro ohoratzen, laidatzen, maithatzen eta eskerstatzen dü Trinitate Saintia. Jinko Aitaren alhaba da, Jinko Semiaren Ama, Jinko Espiritü Saintiaren Espusa; eta badütü gaintika kalitate ezin aiphatü hoiek galthatzen dütien dohainak. Hortakoz ere Mariatan Jinkoak konplasentzia gehiago hartzen dü, saintü eta ezpiritü dohatsü güzietan beno; eta züzen handirekin khoroatü dü Zelü-lürreko erregiña; Patriarken, Profeten, Apostolien, Martiren, Birjinen eta beste saintü güzien erregiña; Jinkoa bera baizik ezta hura beno gorago, ederrago, photeretsiago eta handiago denik. zelia argitzen eta alageratzen dü; ifernia ikhara-erazten; Pürgatorioa ürgaizten; guri lürren gainen güdükan gaudener bere Amazko eskia hedatzen, Jinkoaren grazien gütara ixurtzeko, etsaien kontre gure defendatzeko, eta zelüko bide xüxenian gure gidatzeko.

       Boz gitian, alagera gitian, Maria Birjinaren loriaz, haren goratarzünaz, haren photeriaz eta haren orotangaineko dohatsütarzünaz. Erran dizogün gogotik eta bihotzetik: Salütatzen zütügü graziaz, merezimentüz eta gloriaz betherik zirena, Jinko Jauna zurekin düzü, zurekin amoriorekin, zurekin bere tresor güziekin; benedikatia zira emazte güzien artian, alxatia kreatüra güzien gainetik; eta güziek bethiere deithüren zütie dohatsia, orotangainti dohatsia, zütan eta zützaz Jinkoak egin beitütü gaiza handiak, eternitate orotan Saintiek eta Aingüriek amiratüren dütienak. Zure Seme Dibinoaren saihetsian erregina jarririk zira; photeriak oro badütüzü gure salbatzeko, zuri hersatzen bagira. Hartakoz deithürik zira Zelüko bortha, zützaz baizik ezpeita han sartzerik. — Zureganik Jinko Aitak eman diküzü Salbazalia, eta zureganik nahi dizü gütara igaran ditian harek merezitü deizkün graziak. Bena behar deitzügü galthatü, gure bortxaz ezpeikütüzü lagüntzen ahal; Jinkoak nahi dizü, eta zük Jinkoak bezala, ükhen dezagün nahikünte huna; ezagüt dezagün gure eskazkeria eta ezina, eta guri heltüra egitera dei zitzagün.

       Bai erregina photeretsia, bai gure Ama huna, othoitüren zütügü; maite ükhenen dizügü egün oroz eta behar ordü güziez zuri hersatzia; beitakigü zuri debot dena, zure othoitzera fidel egoiten dena, izanen dela zützaz mündü huntako lanjeretan begiratürik eta hilzeko orenian sokhorritürik.

 

 

Istoria edo gerthaldia

 

       Hamabigerren mentian, iferniak jaikerazi zütian Franzian egiazko erlejioniaren etsai batzü, Albijoak deitzen zirenak. Sen Dominika jin zen heretiko gaizto haiek egiten zien gaitzaren baratzera; Khiristien fediaren galtzetik begiratzera. Sügar handirekin pheredikatzen zütian Jesü-Kristen Ebanjelioko egiak; bena bihotzmin handirekin ikhusten zian ez-ziala ekhoizpen handirik ükheiten. Egün batez phenatürik othoitzen zegoalarik, agertü zeion Maria Birjina eta erran zeion, ütz litzan pheredikü sasantak eta erakats lezan Arrosarioaren erraiten; eman zeion berak Arrosario bat eta erakatsi hamabost misterioak; erraiten zeiolarik, behazaler esplika litzan algarren ondozka misterioak eta orazioniak erran eraz.

       Berhala hasi zen Maria Birjinaren maniaren egiten eta izigarriko ekhoizpenak hain sarri agertü ziren; heretikoak konbertitzen ziren eta Khiristiak fedian eta erlejioneko pratiketan azkartzen.

       Albijoa heretiko haietarik bat, S. Dominikak egiten zian hunaz gaiztürik, hasi zen itxuski Maria Birjinaren kontre eta Sen Dominikaren kontre mintzatzen. Debrü saldo bat sarthü ziren haren khorpitzian, eta bürdün khatiez estekatürik, hanitz gizonek nekez edükiten zien.

       Eraman zien sen Dominikaren aitziniala, eta Saintiak Jinkoaren izenian manhatü zütian debriak erraitez heretikoaren ahotik, zonbat handi den Mariaren photeria eta zonbat balius haren eretzeko debozionia. Debriak zinez bühürtü ondoan, bortxaz errabia handirekin goratik erran zien: bai bortxatü gira aithortzera; Maria orophoteretsü da hari hersatzen direnen ifernütik begiratzeko. Haren hitz batek indar haboro dü Jinkoaren aitzinian Saintü güzien othoitzek beno. Hartzaz baizik galerazi günükian egiazko fedia lürretik. Ekhiak ohiltzen dütian bezala ülhünpe belzak, hala harek desegiten dütü gük arimen galzeko hedatü sariak eta adelatü zephoak. Hari debot egoiten dena eztitake gal. Sen Dominikak aithormen horik elkhi ondoan debrien ahotik, erran erazi zian Arrosarioa ikhusler, eta heretikoa izan zen behargabetarik libratürik.

       Eztitake erran zonbat honki eta miraküllü egin dian Arrosarioak.

       Arrosarioaren berthütez Europa izan delakoz Türketarik begiratürik, Sen Pio Vak establitü dü Arrosarioaren besta ürrietako lehen igantian. Oraiko denboretan iferniak egiten beitütü indarka handiak Eliza katolikoaren kontre, Leon XIIIak, Aita Saintiak gomendatzen deikü, fediaren salbatzeko, Arrosarioaren debozionia; hartakoz manhatü dü erran dadin igante oroz püblikoki elizetan, eta egün oroz ürrietako hilabetian.

 

 

KONSEKRAZIONIA MARIA BIRJINARI

 

       O Maria, Birjina thonagabia, Jinkoaren Ama eta ere gure Ama, Othian ürhentü behar dügia zure hilabete maite hau! Badakizü zoinen gogo hunez jiten ginen egün oroz zure althariaren eta imajinaren aitziniala zure laidorioen entzütera, gure ohoreskien eta othoitzen zuri eskentzera. Bena mündü huntan eztüzü deus iraipusik, gaiza güziek ürhentze bat badizie; zelian baizik eztüzü besta eta sirats bethierekorik. Haregatik egün orozko ohore hoien emaitetik baratürik ere, ezkütüzü nahi baratü zure maithatzetik ez eta zure othoitzetik o Maria, o gure Ama huna; eta hilabete saintü hunen ürhentzian tinkatü nahi ditizügü zurekilanko estekak. Hortakoz jiten gütüzü orai gure bürien berheziki zuri gomendatzera. Zure gomendian, zure antziaren pian ezarten dizügü giren güzia: gure arima, gure khorpitza, gure bizia eta gure hiltzia. — Gure Ama ezari zütü zure Seme dibinoak, eta badakizügü guretako dütüzün Amazko sendimentiak, hanitzez azkarrago direla mündü huntako ama bihotzberenenak beno. Gure Ama zira eta izan nahi zira, eta gü ere nahi gütüzü izan zure haur. Hartzen zütügü arren bethikoz gure Amatzat; har gitzatzü zük ere bethikoz zure haurretako. Emaiten gitzaitü osoki, begira gitzatzü zurekin, zure Seme Dibinoaren eta zure zerbützüko. Gomendatzen deizügü gure bihotza Jinkoak beretako lehenik galthatzen deiküna; egizü maitha dezagün gaiza ororen gainetik; eta zü Ama huna maitha zitzagün hartarik landa, eta kreatürak Jinkoaren amorekatik eta harek nahi dian heinian. Emaiten deizügü gure gogoa, begira ezazü herrapide eta inganio gaizto orotarik, eta edüki ezazü fediaren eta egiaren argi ederrian. Gomendatzen deizügü gure khorpitza; begira ezazü xahütarzünian eta arimaren manüzpian; nausi eztadin aragia izpiritiaren kontre. Egizü, Jesüsi eta zuri jarraikiz, ebil gitian egiaren eta ontsaren bide xüxenian; hil gitian saintüki; zurekin Jinkoaren ikhusteko bere glorian, haren laidatzeko, maithatzeko eta gozatzeko bethiere zurekin, zelüko dohatsütarzünian. Halabiz.

 

 

MEZA DENBORAKO OTHOITZIAK

 

Mezaren has aitzinian

       Zure althare saintiaren aitzinian ümilki belharikatürik, adoratzen zütüt Jinko oropoteretsia; sinhesten dit fermoki entzütera noan meza dela Jesü-Krist gure Salbazale Jaunaren Khorpitzaren eta Odolaren sakrifizioa, Kalbarioko mendian gizon güzientzat ofritü zian ber sakrifizioa, nahi bada ofritzeko manera ezten hala berekoa. Emadatzü, o ene Jinkoa, aphezarekin hunen zuri dignoki ofritzeko behar dütüdan disposizioniak. Jesü-Kristen eta Elizaren entenzioner jüntatzen nizalarik, eskentzen deizüt mezako sakrifizio saintü hau; 1. zure majestate dibinoari, zor zaion orotangaintiko ohoriaren emaiteko; 2. egin deizkützün honki güziez eskerren errendatzeko; 3. gure bekhatiek egin deizien ogenaren arrapazionetako; 4. behar dütügün grazien eta lagüngoen zure ganik ardiesteko; horik oro Jesü-Kristen merezimentien moianez zoin beita sakrifizio adoragarri hunen Apheza eta Bitima. Halabiz.

 

Mezaren hastian

       Eztüzü ene aithortziaren beharrik ene bekhatien jakiteko, o Jinko gaiza guziak dakitzüna! bena nahi düzü ezagüt ditzagün eta aithor ditzagün gihaurek, zure kontre egin dütügün gaizkiak; aithortzen ditizüt, Jauna, zeliaren eta lürraren aitzinian eta pharkamentü galthatzen deizüt bihotzmin handireki; orhit zite zure eskien obra nizala, zure Odolaren khostüz arrerosi naizüla; eta zure miserikordia mügagabian ükhazü pietate nitzaz.

       Birjina Sainta zelüko Aingüriak pharadüsüko Saintü eta Saintak zier hersatzen niz: ene bekhatiez ofensatü düdan Jinkoaren aitzinian, zien othoitzez balia zakiztade.

 

Introitan

       Jauna, emadazü Patriarkek eta Profetek Salbazaliaren ikhusteko zien egarsü handi hartarik eta mündü hontako lanjer eta traba güzien artetik zureganat jiteko lehia saintü bat.

 

Kyrie eleisonetan

       Jauna, ükhazü pietate nitzaz! Jauna, ükhazu pietate nitzaz! O Jinko miserikordiusa, nik bezala ofensatü zütianak, gaizkiala ni bezala ekharririk denak, thai gabe eta bethi egin behar leikezü oihü hori: Jauna, ükhazü pietate nitzaz!

 

Gloria in excelsis-ian

       Ziauste zelüko Aingürü eta Saintiak lagünt gizatzie Jinkoaren laidatzen. Algarrekin khanta dezagün haren gloria zelü goihenetan, benedika dezagün, adora dezagün, eskerrak eman ditzogün; gure Jinkoa da, gure jabia da, gure Kreazalia da, gure Arreroslia da; Saintü da, Jüsto da, huntarzünez eta miserikordiaz betherik da, Aita, Seme eta Spiritü Saintü, bethidanik izan dena eta bethi izanen dena. Halabiz.

       Gloria in excelsis Deo et in terra pax hominibus bonae voluntatis. Laudamus te; benedicimus te; Adoramus te; Glorificamus te; Gratias agimus tibi, propter magnam gloriam tuam: Domine Deus, Rex caelestis, Deus, Pater omnipotents: Domine, Fili unigenite, Jesu-Christe, Domine Deus, Agnus Dei, Filius Patris. Qui tollis peccata mundi, miserere nobis. Qui tollis peccata mundi, suspice deprecationem nostram. Qui sedes ad dexteram Patris, miserere nobis, Quoniam tu solus Sanctus; Tu salus Dominus; Tu solus Altissimus, Jesu-Christe; Cum Sancto Spiritu, in gloria Dei Patris. Amen.

 

Oremusetan