Edgar Alan Poe

 

Kontakizunak

 

euskaratzailea: Koro Navarro

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Itzulpena: Koro Navarro

 

Euskarazko edizioa: Literatura unibertsala, 2000

Jatorrizkoaren data: 1832-1849

 

Edgar Alan Poe euskaraz:

       http://ekarriak.armiarma.com/?i=249

 

Informazio gehiago:

       http://armiarma.com/emailuok/?p=1387

 

 

HITZAURREA

 

       Edgar Allan Poe: bizitza eta obra

       Edgar Allan Poe Bostonen jaio zen, 1809an, eta Baltimoren hil zen, 1849an. Misteriozko eta beldurrezko lanek eman zioten ospea: «The Raven» («Belea») poemak, eta «Ligeia» eta «The Murders in the Rue Morgue» («Rue Morgueko hilketak») kontakizunek, adibidez, oso fama handia izan zuten, gaur egun ere bizirik dirauena. Idazle gutxi dago literaturaren historian Poek adinako interpretazio eta hipotesi sorrarazi duenik. Idazle gutxik liluratu dituzte Poek bezala belaunaldiz belaunaldi irakurleak eta mitomanoak. Pertsonak berak ere, baita obratik aparte ere, interes bizia sorrarazi du.

       Antzezleen semea zen Poe. Ama zen, izan, antzezle, eta arrakasta handia izaten zuen bere lanetan; aitak ez zuen antzerkirako batere balio, eta edaten hasi zen. Alkoholak markatuko zituen bikotearen hiru seme-alabak: William, zaharrena, gazterik hil zen, tuberkulosi alkoholikoz; bigarrena, Edgar, idazlea, delirium tremenseko krisi batek jota hil zen, eta alaba gazteena, Rosalie, adimen urrikoa zen. Edgarrek bi urte zituela, etxetik alde egin zuen aitak. Ama, haurdun eta gaixorik, hegoaldera joan zen, han sustraituagoa baitzegoen antzerkia. Hogeita lau urterekin hil zen, Edgarrek lau urte ere bete gabe. Amaren eritasunak eta heriotzak arrasto sakona utzi bide zuten Poeren memorian.

       Umeak familia banatan geratu ziren. Allan senar-emazteek hartu zuten Edgar. Eskoziar jatorriko familia aberatsa zen, presbiterianismo zorrotzekoa. 1812an Allan jauna Londresa joan zen, eta berarekin eraman zituen emaztea eta haurra. Lau urte eman zituzten han, barnetegietan Edgarrek. Han, alde batetik, asko ikasi zuen —«frantsesa, historia, latina eta literatura asko»—, baina, bestetik, kalte handia egin zion Ingalaterrako egonaldiak, aldaketak ekarri zion bakardade eta noraezagatik, hegoaldeko paisaje eguzkitsuetatik atera eta «ingeles herri goibeltsu» batean utzi baitzuten, bakarrik, iparreko lainoetan, zaharkinen artean. Hango eraikinak agertuko ziren hogei urte geroago «William Wilson» kontakizunean, eta orobat da hangoa liburu honetako Usher Etxeko dekoratua, ipuin gehientsuenetako bera: etxe zahar izugarri handia, lainoetan galdua, horma-altua, ate-astuna, ziegez beteak diruditen sotoak dituena, eta inoiz bertan bizi izan ziren hilen arrastoak nonahi igartzen zaizkiona. Dekoratu erromantiko hori ez da bakarrik literatura gotikoaren oroitzapena; era berean da idazlearen haurtzaroko bizikizun latzen emaitza.

       1820ko udan itzuli ziren Allandarrak Richmondera. Edgar, hamaika urterekin, haur ikaratia, isila, goibela zen, eta, bere heroi guztiak bezalaxe, bere baitan itxi zen. 1823 eta 1824 artean, Byronen lana eredu hartuta, ondu zituen lehen poemak. 1826an Virginiako Unibertsitatean sartu zen, filologia klasikoa eta modernoa ikastera. Baina, ikaskideekin batera, edanean eta jokoan hasi zen. Izan ere, edariak ekarriko zion Poeri hondamendia: taldean ondo hitz egiteko bizkorgarriren bat behar izaten zuen, baina kopa bat jerez hartzea sekulako mozkorraldi baten hasiera gertatzen zitzaion; eta gutxitan iristen bazen ere intoxikaziora, eskandalu izugarriak sortu zituen behin baino gehiagotan. Esan izan da drogazalea ere bazela, baina ez dirudi egia denik. Nolanahi dela ere, zor handiak egin zituen unibertsitatean; aitaordeak ez zituen ordaindu nahi izan, eta 1827an gurasoen etxetik alde egin zuen Edgarrek, Bostongo hirira. Urte haietan idatzitako poema batzuk besterik ez zuen hartu bidairako, laster argitaratuko zituenak: Poems. Tamerlane and Other Poems (1827, Tamerlan eta beste poema batzuk). Poek berak idatzitako ohar biografiko batzuen arabera, sekulako abenturak bizi izan zituen garai hartan, askatasunaren aldeko borrokan, Grezian, Errusian, Siberian... Gezurra zen dena. Soldadu joan zen, eta hegoaldeko hainbat gotorlekutan ibili ondoren, West Point-eko Akademia Militarrean sartu zen. Gogokoa zuen hango diziplina, hantxe aurkitu zuen behar-beharrezko zuen bizitza ordenatua. Bere izaera zakarrak ordea berehala sortu zizkion arazoak agintariekin. Azkenean bota egin zuten eskola militarretik, eta gurasoengana itzultzen saiatu zen. Ez zuten onartu ordea, eta izeba batengana joan zen: Maria Clemm, beti zainduko zuen emakume eraman onekoa, Poeren emazte maitea izango zen Virginiaren ama, bere ama.

       1833rako argitaratuak zituen hiru poema liburu, baina, ez baitzuten arrakastarik izan, hitz lauz hasi zen idazten. Baltimore Saturday Visitor egunkariak ipuin lehiaketa batean ehun dolarreko saria eskaintzen zuela-eta, Poek sei kontakizun bidali zituen. «MS. Found in a Bottle» («Botila batean aurkitutako eskuizkribua») kontakizunak irabazi zuen lehiaketa (1833). Adiskide batek eskatuta, Southern Literary Messenger aldizkariko zuzendaritza hartu zuen: eginahalean, hamazazpi aleko argitaraldia hamabost milaraino igotzea lortu zuen. Bizitza berri bat hasteko gogoa zuen, aldizkariko lanak segurtasuna eskaintzen zion, zoriontsua zela zioen. Bere lehengusu Virginia Clemmekin ezkondu zen: urtebeteren buruan hilko zen hamahiru urteko emakume-haurra, Mariaren alaba. Ezkondu eta hilabete gutxiren ondoren ordea, guztiz bat-batean, ondoezik larrienak jota zegoen poeta: «(...) alferrik borrokatu naiz malenkoniaren kontra. Zorigaitzak jota nago, eta ez dakit zergatik». Opioa eta alkohola hartzen zituen bere egonezina sendatzeko. Neurrigabe edaten hasi zen, eta zenbait egunez desagertzen zen, taberna zulo miserableenetan. Krisiak gero eta gogorragoak ziren. Hainbat aldizkaritako zuzendari izan zen, eta modu berean errepikatzen ziren beti gertaerak: gau eta egun lan eginez, bere ardurapean zituen aldizkarien argitaraldiak biderkatu ondoren, arrakasta eta dirua lorturik, bat-batean depresiozko krisiak jotzen zuen, eta lur jota geratzen zen. Virginiaren heriotzaz gero, are larriagotu ziren krisi haiek. Bazekien edariak izugarrizko kaltea egiten ziola, baina ezin zuen utzi. Berrogei urte zituela hil zen, Baltimoren, Delirium tremenseko krisi batek jota, bakarrik, estimatzen zutenek ezer ez zekitela, bere ipuinetako pertsonaiei deika. «Jainkoak lagun dakiola nire arima gaixoari» izan omen ziren Edgar Poe gizarajoaren azken hitzak. Bestelakorik esan da ordea. Izan ere, idazlea hil bezain pronto sortu zen elezaharra, sortu ziren elezaharrak, Poeren bizitzak bezala obrak ere eskaintzen dituen gaietatik abiatuta: sadismoa, nekrofilia, intzestoa, droga. XX. mendeko psikoanalisiak, esan gabe doa, berebiziko materiala aurkitu du Poerengan, eta horrek areago zabaldu du idazle madarikatuaren izena.

 

* * *

 

       Edgar Allan Poek poesia, fikzioa eta kritikaren teoria landu zituen. Zenbait kritikariren iritziz (T.S. Elliot, A. Huxley), ezertan ez zuen obra biribilik lortu. Poeren poesiak, oso bakuna baita, oso erritmo markatuko lelo baten efektua eragiten du, eta sentimendu sakon eta primitiboak azaleratzen ditu. Poemen musikaltasuna agerikoa da, baina egileak sarritan belarrira ondoen jotzen duen hitza hautatzen du, ez poemaren zentzuak behar duena. Izan ere, hitzen esanahiek ez zuten Poe bereziki arduratzen, ezta poemaren beraren esanahi orokorrak ere.

       Izumenezko eleberria genero herrikoia eta tradizio handikoa da ingeles hizkuntzazko erromantizismoan. Poek leialtasunez jarraitzen dio tradizio horri, topiko guztiei eutsiz, baina osagai berriak txertatu zizkion, eta generoa bikain berriztatu zuen. Lehen begiratuan, klasikoak bezalakoxeak dira Poeren izumenezko ipuinak: heroia bakar-bakarrik dago gaztelu zahar batean, edo ziega batean itxita dago, edo basoan galduta dabil. Osagai horiek ordea Poek ez ditu deskribatzen: halako lekuetan, egoera horietan egoteak dakarren egonezina eta larritasuna deskribatzen ditu. Izuzko ipuinetan gehiago nabarmentzen da izakia lekua baino, sentsazioa objektua baino. Poek ez du eszenografia bat antolatzen, izumenezko ipuin klasikoetan bezala; aitzitik, gogo egoera iradokitzea da helburua. Irakurketa poliki-poliki hasten da, irakurlea egoeraren dimentsio psikologikoaz jabe dadin; Poeren unibertsoa ez baitago ez benetako munduan ez izadiaz gaindikoan: adimenaren mundua da harena, gogoarena, errealitate objektiboaren gainean eraikia. Egileak ez du irakurlea mundu horren existentziaz komentzitu nahi: mundu hori sentiarazi nahi dio, kontzientzia guztiz nahasirik duen pertsona baten gogo egoeraren kide egin nahi du. Kontakizun askotan, benetan gertatuak fantasia bitxienekin nahastu zituen. Horren adibide argia da The Narrative of Arthur Gordon Pym (1838, Arthur Gordon Pym-en kontakizuna), Melvilleren Moby Dicken aurrekaritzat hartzen dena; orobat nahasten ditu fantasia eta errealitatea —fantasia nagusitzen da, jakina— bilduma honetako «Maelström» ederrak. Poeren beste istorio famatu batean, liburu honetan argitaratzen den «Usher Etxearen hondamena» kontakizunean, neurosi kasu bat aztertzen da, oraintsu jakin denez, bere ezagun baten kasua, ez, uste izan den bezala, berea.

       Poeren ipuinek eragin handia izan dutela inork ez du auzitan jartzen; areago, literatura genero berri baten sortzailea izan zela ere esaten da, polizia eleberriarena hain justu. Detektibe logikaz betea eta sen handikoa, Sherlock Holmes-engandik hasita detektibe guztien eredua izango zena, Poek asmaturiko Monsieur Auguste Dupin da, The Murders in the Rue Morgue (1841, Morgue kaleko hilketak), The Purloined Letter (1842, Gutun ebatsia), eta hemengo Marie Rogêten misterioa istorioetako protagonista. Dupin dandy bat da, itxuran nahiz arrazobidean, bere lana dotoretasun matematikoz egiten duena, eta matematikaren logika zehatzaz harilduko dira istorio hauek. Ez dute ordea alderdi makabroa galduko, xehetasun odoltsu higuingarrienak ere argi deskribaturik agertzen baitira; itxuraz oso bestelakoak diren istorio beldurgarrienak —hemengo Putzua eta pendulua edota Berenizek adibidez— logikarik hertsienaren garapenean oinarritzen diren bezala.

       Asaldagarria izaten da maiz Poeren kontakizunen irakurketa. Egonezinak hartzen baitu irakurlearen irudimena —eta itzultzailearena—, ez plazerrik gabe ordea. Poeren kontakizunek sentikortasunari eragiten diote, haren alderdirik senezkoen eta ezkutuenari. Eta eragin hori negatiboa da, ez baitu ekintzara edo ezer baiestera bultzatzen; gehienera ere, ezezagunak edo ezagutu daitekeenaren mugak gugan duten indarrari buruzko hausnarketa sorrarazten dute. Hala ere, higikunde erromantikoko bigarren mailako epigonotzat hartu dute adituek Poe; fikziozko lanetan, eleberrigile gotikoen ondorengotzat, eta Byron eta Shelleyren jarraitzailetzat bertsozkoetan. Badirudi hortaz ingeles tradizioan kokatu beharra dagoela, baina, obra ingelesez idatzia badu ere, Poe ez da britainiar idazlea, idazle iparramerikarra da, areago, Estatu Batuetako hegoaldekoa da: badira bere obran errepikatzen diren gai batzuk, familiako krimen baten obsesioa, izugarrikeriak, Faulkner, O'Neill edota Tennessee Williams-en lanetan ere agertuko direnak.

       Berehala ezagutu eta goretsi zuten atzerrian Poeren izena. Bi frantses poeta izan zituen propaganda egileak: Charles Baudelaire eta Stéphan Mallarmé. Haiek ezagutarazi zuten, ez bakarrik Frantzian eta Europan, baita Estatu Batuetan bertan ere. Poek paper erabakigarria jokatu zuen frantses literaturan: poesian ereduzko maisua izan zen, eta gidaria kritikan. Frantses sinbolismoa Poeren Konposizioaren filosofia lanean oinarritu zen, haren irudiak baliatu zituen, eta haren adibideak erabili zituzten «poesia huts» delakoaren teoria modernoa sortzeko.

 

* * *

 

       Bilduma hau osatzen duten kontakizunak ezagunak dira oso. Dauden guztiak dira ezagunak, baina ez daude guztiak, garrantzizkoenetako batzuk euskaratuak baitaude. Amontillado upela lehendik ere irakur zitezkeen euskaraz, sona handiko idazle-itzultzaileek euskaratua (Jon Mirandek aurrena, Oskillasok gero), aspaldi samar. Beste bertsio bat izango da beraz hau, modernoagoa bai behintzat, batuagoa. Ordenari dagokionez, kronologia hartu da irizpidetzat. Marie Rogêten misterioa ordea, gainerakoak baino askoz luzeagoa baita, eta estiloz oso desberdina —ez da, besteak bezala, izumenezkoa, aldiz, esan den bezala, polizia eleberriaren generoan sartzen da—, azkena utzi da.

Koro Navarro Etxeberria

 

 

Berenize

 

       Dicebant mihi sodales, si sepulchrum amicae visitarem, curas meas aliquantulum fore levatas.

EBN ZAIAT

 

       Oinazea era askotakoa izaten da. Tankera asko hartzen ditu lur honetan zorigaitzak. Ostadarrak bezala, osorik hartzen du zorigaitzak ere odaiertz zabala, ostadarrarenak bezain ugariak ditu koloreak eta hark bezain desberdinak, baina harexen modura elkarri estu lotuak. Ostadarrak bezala osorik hartzen du zorigaitzak ere odaiertz zabala! Baina nolaz atera dut nik edertasunetik itsustasun mota bat? Nolaz, bakearen itunetik, oinazearen pareko ideia? Baina nola gaitza etikan ongiaren ondorio baita, hala jaiotzen da pozetik ere nahigabea. Edo iraganeko zorionaren oroitzapena gaurko estura da, edo gaur diren agoniek, izan ahal izan ziren estasietan dute jatorria...

       Egaeus dut bataio izena; abizena ez dut aipatuko. Alabaina, ez dago eskualde honetan nire arbasoen oinetxe ilun grisa baino dorre ohoragarriagorik. Ameslarien arrazakoa dela esan izan dute gure leinuaz; eta xehetasun harrigarri askotan, familiaren etxearen nolakotasunean, egongela nagusiko freskoetan, logeletako tapizetan, armategiko pilare batzuen zizel lanetan, eta, batez ere, antzinako margolanen galerian, liburutegiaren estiloan eta, azkenik, liburutegi horretako edukien bitxikerian, bada uste hori frogatzen duen nahiko lekukotasun.

       Gela horrekin lotuak daude nire lehen urteetako oroitzapenak, eta hango liburuekin; liburu horiez ez naiz gehiago mintzatuko. Hantxe hil zen gure ama. Hantxe jaio nintzen ni. Baina alferrik da esatea lehenago ez nintzela bizi izan, ez duela arimak jaiotzaren aurreko izaterik. Ezetz diozue? Ezin hasiko gara orain auzi horri buruzko eztabaidan. Ni arrunt sinetsita nago horretaz, baina ez diot besteri ezer sinetsarazi nahi. Bada, nolanahi ere, airezko formen oroitzapen bat, begi espiritual eta esanguratsuena, soinuena, soinu musikal baina tristeena; galduko ez den oroitzapena da, itzala bezalakoa, lausoa, aldakorra, zehazgabea, ziurtasunik gabea, eta itzala bezalakoa, orobat, itzalaz bezala hartaz ere ez bainaiz libratuko nire arrazoiaren argitasunak dirauen artean.

       Gela horretan jaio nintzen. Ezereza iduri arren ezereza ez zen gau luzetik bat-batean maitagarrien lurraldean esnatu nintzelarik, irudimenezko jauregi batean, monasterioetako pentsamendu eta erudizioaren eremu zabalean, ez da harritzekoa txundituta eta gogo biziz begiratzea neure ingurura, haurtzaroa liburuetan alferrik galdu eta gaztetasuna ameskerietan xahutu izana; baina harritzekoa da, urteak joanda, heldutasun beteak nola aurkitu ninduen oraindik ere gurasoen etxean; miragarria da nolako etena gertatu zen nire bizi iturrietan, miragarria zenbateraino irauli zen nire pentsamendu arruntenaren nolakotasuna. Mundu honetako errealitateek ikuskarien gisara baino ez ninduten hunkitzen; eta ametsen munduko ideia eroak, nire eguneroko izatearen gai ez ezik, izatea bera bihurtu zitzaizkidan, izate osoa eta bakarra.

 

* * *

 

       Berenize eta ni lehengusuak ginen, eta elkarrekin hazi ginen nire gurasoen oinetxean. Baina ez ginen modu berean hazi: ni, osasungabe, eta tristuran murgilduta; arina, graziaz beterik eta energiaz gainezka hura; mendialdeko itzulia zen harena; nireak, klaustroko ikasketak; ni neure bihotzaren baitan bizi nintzen, eta guztiz emana, gorputzez eta arimaz, meditazio sakon eta garratzenetara; bizitzan arduragabe mugituz hura, bidean sortzen zitzaizkion itzalak edo ordu bele-hegodunen ihes isila batere gogoan hartu gabe. Berenize! Haren izena aipatzen dut... Berenize! Eta izenaren soinuarekin, ehunka ernatzen dira memoriaren hondakin ilunetan oroitzapen asaldatuak! Ai, zeinen bizia ageri zaidan orain haren irudia, zorion eta pozezko lehen egun haietan bezalakoa! Oi, edertasun zoragarri eta, hala ere, fantastikoa! Oi, Arnheimgo zuhaixketako silfidea! Oi, iturri haietako naiadea! Eta gero... misterioa eta izumena da gero dena, eta kontatu behar ez litzatekeen istorioa. Eritasun batek, eritasun hilgarri batek, hartu zuen Berenize, simun haizearen erasoak bezala; eta, begira nengokiola, aldaketaren espirituak astindu zuen, adimenean, ohituretan eta izaeran barneratu zitzaion, eta, modurik sotil eta ikaragarrienean, nortasuna bera ere nahasi zion! Ai! Suntsitzailea joan-etorrian zebilen, eta biktima... non zen biktima? Ez nuen ezagutzen... edo ez nuen jada Berenize bezala ezagutzen.

       Nire lehengusuaren izaera moral eta fisikoari halako nahasmendu izugarria eragin zion aurreneko eritasun hilgarri hark beste asko ekarri zituen ondotik. Bere nolakoan denetan penagarriena eta tematuena zena aipatuko dut, epilepsia moduko bat, behin baino gehiagotan trantzean amaitzen zena, ia-ia ezereztea zirudien trantzean, eta maiz oneratzeko modua harrigarri gogorra izaten zuena. Bitarte horretan neure gaitza —ezin dudala bestelako izenez deitu esan baitidate—, neure gaitza, bada, ikaragarrizko lastertasunaz ari zitzaidan areagotzen, eta, denborarekin, monomania bihurtu zen, forma berria eta ezohikoa zuena, unetik unera indartzen zena, eta, azkenean, ezin ulertuzko moduan menderatu ninduena. Monomania hori, horrela izendatu behar badut, psikologiaren jakintzak arreta deritzan adimenaren tasun horren suminkortasun gaizto bat zen. Litekeena da ez ulertzea; baina beldur naiz, izan ere, irakurle arruntari interes intentsitate nerbioso hau adieraziko dion beste modurik ez ote den izango, zeren haren eraginpean, neure kasuan behintzat (teknikoki ez mintzatzeagatik), meditazioaren ahalmenak unibertsoko objektu arruntenen behaketaz arduratzen baitziren, eta bete-betean haietan murgiltzen.

       Arreta guztia liburu baten ertzeko txikikeriaren batean edo tipografian ipinita ordu luze nekagabeetan hausnarrean aritzea; liluratuta geratzea, udako egun oso batez ia, tapiz bat edo lurra zeharka jotzen zuen itzal bitxi bati so; gau oso batez lanpara baten sugar tenteari edo su baten txingarrari begira-begira egotea; lore baten urrinarekin egunetan eta egunetan ametsetan aritzea; hitz arrunten bat beti-bat errepikatzea, harik eta hitzaren soinuak, errepikatzearen errepikatzeaz, adimenari ideiarik batere adierazten ez zion arte; gorputzaren gelditasun erabateko, luze eta tematiaren bidez mugimendu edo izate fisikoaren zentzuak oro galtzea: halakoxeak ziren arrarokeria arrunt batzuk, ez kaltegarrienak, antzekorik izan den arren ezin analiza edo esplika daitekeen adimenaren ahalmenen egoera batek sortuak.

       Baina ez nazazue oker ulertu. Berez hutsalak ziren objektuek sorrarazten zuten arreta desegoki, zorrotz eta gaiztoa, ez da nahastu behar, nolakotasunari dagokionez, gizaki orok duen hausnarrerako zaletasunarekin, batez ere irudimen biziko pertsonek duten horrekin. Era berean, ez zen, lehen unean pentsa daitekeen bezala, muturreko egoera bat, zaletasun horren gehiegikeria-edo, aitzitik, funtsean zen berezia eta desberdina. Lehen kasuan, ameslariak, edo zaleak, objektu normalean ez hutsal batek erakarri duelarik, harexek sortutako ondorio edo iradokizunen nahasmenean, pixkana, gogotik baztertzen du oharkabean delako objektua, harik eta, sarritan atseginkeriez betea den ameskeria hori amaitzen denean, incitamentuma, edo gogoeten lehen kausa, osorik desagertu edo ahaztu zaiola konturatzen den arte. Nire kasuan, lehen objektua hutsala izaten zen beti, baina, nire begiratuaren hoztasunaren ondorioz, garrantzi desitxuratua eta irreala izaten zuen. Dedukzio gutxi egiten nuen, edo batere ez; eta haiek ere setaz itzultzen ziren jatorrizko objektura, beren ardatzera. Hausnarketak ez ziren inoiz izaten, inoiz ez, atseginak; eta, ameskeriaren amaieran, lehen kausak, begien bistatik galdu ez ezik, iritsia izaten zuen gaitzaren ezaugarri nagusia zen interes naturaz gaindiko eta gehiegizko hori. Hitz batean, nire kasuan gehien lantzen zen adimenaren ahalmena, lehen esan dudan bezala, arreta izaten zen, eta ameslariaren kasuan berriz espekulazioa.

       Garai hartan irakurtzen nituen liburuak, berez nire nahasmena larriagotzen ez zuten arren, nahasmenaren beraren nolakotasun fantastiko eta lotura gabearen parte ziren, eta ez txikia gainera, ikusiko denez. Ondo gogoan ditut, besteren artean, Coelius Secundus Curio italiar noblearen De Amplitudine Beati Regni Dei, San Agustinen Jainkoaren hiria lan handia, eta Tertulianoren De Carne Christi; azken horretako esaldi paradoxazko batek —Mortuus est Dei filius; credible est quia ineptum est: et sepultus resurrexit; certum est quia impossibile est—, osorik hartu zuen nire denbora, ikerketa neketsu eta alferreko aste askoan.

       Ikusiko da hortaz nolako antza zuen nire arrazoimenak, hutsalkeriek bere orekatik aterarazten zutelarik, Ptolomeo Hefaistok aipatzen duen itsas harkaitz harena, hura ere, giza bortxaren erasoak gogor erresistitu arren, eta orobat uraren eta haizearen haserrealdi bortitzenak, anbulu zuri deritzan lorearen ukituarekin baino ez baitzen ikaratzen. Eta nahiz eta, pentsalari arduragabeari, dudarik gabeko gauza irudituko bide zaion eritasun zoritxarreko haren ondorioz Berenizeren egoera moralean sortu zen aldaketak parada ezinhobea eskaintzen zidala esplikatzen saiatu naizen hausnarketa bizi eta ezohiko hori lantzeko, halakorik ordea ez zen batere gertatu. Nire gaixoaldiko tarte argietan, Berenizeren zorigaitzak, izan ere, min ematen zidan, eta, bihotzeraino bainuen sartua haren bizitza gozo eta erosoaren hondamen erabatekoa, iraultza bitxi hura hain bat-batean gertatu zen modu harrigarriaz gogoetan aritzen nintzen, sarritan eta minduta. Baina gogoeta horiek ez ziren nire gaitzaren nolakotasunari zegozkionak, aitzitik, nirearen antzeko egoeran gizaki arruntari bururatuko zitzaizkiokeen modu berekoak ziren. Nire nahasmenak, bere izaerari leial, Berenizeren egoera fisikoaren aldaketa ez garrantzitsu baina bai deigarriak nabarmentzen zituen, haren nortasun pertsonalaren itxuraldaketa bitxi eta asaldagarria.

       Bere edertasun paregabearen egun argitsuenetan, ez dut uste Berenize maite izan nuenik. Nire izatearen bitxikeria arraro hartan, nire sentimenduak ez ziren inoiz izaten bihotzekoak, eta nire grinak adimenekoak izaten ziren beti. Goizean goizeko grisean, basoko eguerdiko itzal korapilatuetan, liburutegiko gau isiltasunean, Berenize igaro, eta nik ez nuen ikusten Berenize bizia, arnasa hartzen zuena, ametsetako Berenize bat baizik; ez lurreko izakia bailitzan, lurrari atxikia, haren abstrakzio baten gisara baizik; ez mirestekoa, baina aztertzekoa; ez objektu maitagarri, aitzitik, espekulazio ulergaitz baina nahasi baterako gai. Eta orduan, orduan, dardarka jartzen nintzen haren aurrean, eta zurbildu egiten nintzen inguratzen zitzaidanean; hala ere, minaren minez, haren egoera eroria eta tamalgarria deitoratzen nuelarik, gogoan izaten nuen luzaroan maite izan ninduela, eta, une gaizto batean, ezkontzaz mintzatu nintzaion.

       Eta azkenean, gure ezteien eguna hurbiltzen ari zenean, halako batean, neguko arratsalde batean —Alzion ederraren inude diren sasoiz kanpoko egun bero, lasai eta lainotsu horietako batean—, liburutegi barneko gelan nengoelarik (eta bakarrik nengoela uste nuen), begiak jaso, eta han ikusi nuen Berenize nire aurrean.

       Nire irudimen asaldatua, giro lainotsuaren eragina, gelako argi mehe dardartia, edo haren irudia inguratzen zuten tapiz grisak, zer ote zen halako irudi-lerro dudatsua eta nahasia sortzen zuena? Ezin esan nuen. Ez zuen hitzik esan; eta nik ahaleginak eginda ere ezin nuen silabarik ebaki. Dardar ikara hotz batek korritu zidan gorputza; eraman ezinezko larritasuna gaineratu zitzaidan; jakin-min izugarri bat sartu zitzaidan ariman; eta eserlekuan atzera eginda, arnasestuka eta geldi-geldi geratu nintzen denbora puska batez, begiak Berenizerengan finkaturik. Ai! Gehiegia zen haren argaltasuna, eta haren irudiaren lerroetan lehengo izakiaren arrastorik ez zen sumatzen batere. Berenizeren aurpegira jo zuen azkenean nire begiratu suharrak.

       Bekokia altua zuen, eta oso zurbila, eta bitxiki lasaia; garai batean bel-beltza izan zuen ilea, partez, bekoki gainean erortzen zen, eta kizkur ugariek estaltzen zizkion loki sakonak; kizkur horail biziak ziren ordea haiek, eta beren nolakotasun fantastikoan, begitartean nagusitzen zitzaion malenkoniarekin guztiz ezin adostuzkoak. Begiek ez zuten ez bizitasunik ez distirarik, eta nini gabeak ziruditen; eta oharkabean itzuri egin nion kristalezko begiratu hari, ezpain mehe eta eroriei so egiteko. Zabaldu ziren ezpainak; eta esangura bitxiko irribarre batean, begibistara azaldu ziren pixkana Berenize aldatu haren hortzak. Hobe Jainkoak hortz haiek ikusten utzi ez balit, edo ikusi eta bertan hil banintz!

 

* * *

 

       Ate baten kolpeak distraitu ninduen, eta, berriz begiratu nuenean, alde egina zen Berenize gelatik. Baina nire adimenaren gela nahasitik ordea, handik ez zuten, ai, alde egin, eta ez zuten alde egingo, hortzen mamu zuri eta beldurgarriek. Ez hortzen azaleko arrastorik, ez esmalteko itzalik, ez ertzetako akatsik, irribarre pasakor hartan ezertxo ez zen izan nire oroimenean irarrita geratu ez zenik. Orduan baino argiago ikusten ditut orain. Hortzak! Hortzak! Hemen zeuden, eta han, eta leku orotan, ikusgai eta ukigai nire aurrean; luzeak, estuak eta zuriegiak, ezpain zurbilak haien inguruan bihurrituta, aurreneko mugimendu izugarri haren unean bezalaxe. Indar bete-betean gaineratu zitzaidan orduan nire monomania, eta alferrik borrokatu nintzen haren eragin bitxi eta eraman ezinezkoaren kontra. Kanpoko munduko objektu ugarietatik, hortzetan baino ezin nuen pentsatu. Irrika suharrez desiratzen nituen. Haien behaketa hutsera bildu zen bestelako ardura eta zaletasun oro. Haiek, haiek bakarrik nituen adimenaren begietan, eta haietxek, beren banakako izatean, bihurtu ziren nire adimenaren jardunaren funtsa. Era guztietako argietan behatu nituen. Jarrera guztiak harrarazi nizkien. Haien ezaugarriak aztertu nituen. Haien berezitasunen gainean aritu nintzen hausnarrean. Haien nolakotasunaren aldaketan pentsatzen jarduten nuen. Ikara egiten nuen irudimenean ahalmen sentikorra eta kontzientea, eta, baita ezpainen laguntzarik gabe ere, adierazpen moralaren gaitasuna egozten nienean. Arrazoiz esan izan da Mademoiselle Salléz «que tous ses pas étaient des sentiments», ni Berenizez arrunt sinetsita bainengoen que toutes ses dents étaient des idées. Des ideés! Ai! Horra hor erraustu ninduen pentsamendu burugabea! Des idées! Ai! Horixe zen, beraz, halako eromenaz gutiziatzen nuena! Iruditu zitzaidan haien edukitzeak beste ezerk ez zidala bakea itzuliko, haiek bakarrik ekarriko zidatela berriz arrazoimena.

       Eta horrelaxe bildu ninduen ilunabarrak, eta gero iluntasuna etorri zen, eta geratu zen, eta joan zen, eta eguna berriz argitu zuen, eta bigarren gau baten lainoak hasi ziren berriz inguratzen; eta gela bakartian eserita jarraitzen nuen oraindik; eta meditazioan murgilduta nengoen oraindik; eta hortzen mamuak bere nagusitasun ikaragarrian jarraitzen zuen oraindik, gelako argi eta itzal aldakorren gainean balebil bezala, nabarmen eta gorrotagarri. Azkenean garrasi batek, ikara eta atsekebezkoa irudi, urratu zituen nire ametsak; eta gero, isilune baten ondoren, ahots asaldatuen hotsa entzun zen, eta, hotsarekin nahastuta, pena edo oinazezko intziri isilak. Altxatu nintzen eserlekutik, liburutegiko ateetako bat zabaldu, eta neskame bat ikusi nuen ondoko gelan, malkoetan blai, eta hark esan zidan Berenize... Berenize ez zela jada! Epilepsialdi batek jo omen zuen goizean, eta orain, gaua iristean, gertu zeukan hilobia, eta eginak ziren hilobirako prestakuntza guztiak.

 

* * *

 

       Liburutegian eserita aurkitu nuen neure burua, bakarrik berriz ere. Amets nahasi eta estugarri batetik esnatu berria nintzela irudi zuen. Banekien gauerdia zela, eta banekien eguzkia sartu zenetik lurpean zetzala Berenize. Baina bitarteko aldi goibelaz ez dut gogoramenik, ez behintzat gogoramen zehatzik. Izumenak betetzen zuen hala ere denboraldi haren oroitzapena, eta izumen are ikaragarriagoa zen lausoa zelako, eta, anbiguoa zelako, handiagoa zen beldurra. Orri beldurgarria zen nire izatearen liburuan, oroitzapen nahasi, lazgarri eta ulertezinez osorik betea. Saiatu nintzen oroitzapen haiek dezifratzen, alferrik ordea; zeren, joandako soinu baten izpiritua nola, halaxe sumatzen bainuen belarrietan, behin eta berriz, emakumezko ahots baten oihu zorrotz zulatzailea. Gauzaren bat egin nuen... baina zer ordea? Ozen egin nuen galdera, eta gelako oihartzun xuxurlariek erantzun zidaten, «baina zer ordea?»

       Lanpara bat neukan ondoko mahaian, eta kutxatila bat hartatik gertu. Ez zuen aparteko berezitasunik, eta sarritan ikusia nintzen, familiako sendagilearena baitzen; baina nola iritsi zen hara, nire mahai gainera, eta zergatik ikaratzen nintzen begiratzen nuenean? Haiek ordea ez ziren kontuan hartzeko gauzak, eta azkenean liburu baten orri irekietan ipini nituen begiak, eta han azpimarraturik ageri zen esaldi batean. Ebn Zaiat poetaren hitz berezi baina bakunak ziren: «Dicebant mihi sodales si sepulchrum amicae visitarem, curas meas aliquantulum fore levatas». Baina zergatik, hitz haiek irakurtzean, laztu zitzaizkidan buruko ileak, eta zergatik gogortu zitzaidan zainetan odola?

       Kolpe arin bat entzun zen liburutegiko atean, eta, hilobitik aterea balitz bezain zuri, zerbitzari bat sartu zen hanka-punttetan. Izumenak erotuta zekartzan begiak, eta ahots dardarti, lakar, isil-isilaz mintzatu zitzaidan. Zer esan zuen? Esaldi puska batzuk entzun nituen. Gaueko isiltasuna urratu zuen garrasi ikaragarri bat aipatu zuen, nola elkartu ziren zerbitzariak, nola ibili ziren hots haren jatorriaren bila; eta haren hitzak ikaragarri argiak bihurtu ziren orduan, isilka mintzatu zitzaidanean hilobi bortxatu batez, hiljantziz estalitako gorputz desitxuratu baina oraindik arnasa hartzen zuen batez... taupadaka oraindik... oraindik bizirik!

       Nire arropak seinalatu zituen; lokatzez beteta zeuden, eta odoleztatuta. Nik ez nuen hitzik egin, eta zerbitzariak eskua hartu zidan gozo-gozo: giza azazkalen harramazkak ageri zituen. Hormaren kontra jarrita zegoen zerbait seinalatu zidan. Zenbait minutuz egon nintzen hari begira: pala bat zen. Oihuka, mahaira inguratu eta mahai gaineko kutxatila hartu nuen. Baina ezin ireki nuen; eta nire dardar-ikaretan, ihes egin zidan eskutik eta astun erori zen, eta mila puskatan hautsi zen; eta handik, zarata handiaz, hortz zirujiazko zenbait tresna atera zen, eta haiekin nahasirik sakabanatu ziren lurrean hogeita hamabi gauza txiki, zuri, boli tankerakoak.

 

 

Usher Etxearen hondamena

 

                     Son coeur est un luth suspendu;

                     Sitôt qu'on le touche il résonne.

                                          DE BÉRANGER

 

       Udazkeneko egun triste, ilun eta isil batean, behe-behean astun hodeiak, alderik alde igaro nuen zaldi gainean, bakarrik, eskualdeko parte harrigarri beldurgarri bat; eta ilunabarreko itzalak biltzen ari zirenean hantxe nengoen azkenean, begien aurrean Usher Etxe malenkoniatsua nuela. Ez dakit nola gertatu zen; baina, eraikinari lehen begiratua egin orduko eraman ezinezko goibeltasuna barneratu zitzaidan espirituan. Eraman ezinezkoa diot; zeren sentipen hura ez baitzidaten arintzen, poetikoak izaki, gogoari atseginak-edo gertatzen zaizkion goibelaren edo ikaragarriaren irudi natural horiek, ezta latzenek ere. Aurrean nuen eszenari begiratu nion —etxeari berari, jabetzaren paisaje bakunaren ezaugarriei, horma biluzei, leiho begi-huts ziruditenei, ihi ilara bakanei, eta zuhaitz iharren enbor zuri urriei—, arimako sentipen guztiz erori batez, zeina lur honetako sentipenekin ezin baita alderatu, ez bada opio hartzailearen biharamunarekin, eguneroko bizimodura itzuli behar suminarekin, errezelaren altxatze gorrotagarriarekin. Bihotzaren hoztasun bat, hondoratze bat, gaizkitze bat zen hura: gogoaren goibeltasun irtenbide gabea, irudimenaren ezein ernegarrik bikaintasunaren aldera ezin desbideratu zuena. Zer nuen, hasi nintzen gogoetan, zerk estutzen ninduen bada Usherko Etxea ikustean? Ezin argituzko misterioa zen; eta gogoetan ari nintzela borborka gaineratzen zitzaizkidan ideia ilunekin ere ezin nintzen borrokatu. Asetzen ez ninduen ondorio batera iritsi behar izan nuen; alegia, nahiz eta, izan, badiren gure espirituari eragiteko ahalmena duten objektu natural bakanen konbinazioak, eskura ditugun gogoetak baino harantzago gertatzen da ahalmen horren analisia. Izan zitekeen, pentsatu nuen, eszenaren ezaugarrien, margolanaren xehetasunen bestelako antolamendu bat, eta aski izan zitekeen beste antolamendu hori Usher Etxearen ahalmen goibeltasun-eragilea aldatzeko, edo ezabatzeko beharbada; eta, ideia hori nerabilela buruan, bere distira lasaia etxearen ondora zabaltzen zuen urmael beltz eta fantastiko baten ertz-ertzera eraman nuen zaldia, eta uretara begiratu nuen; baina aurrekoa baino dardara larriagoaz ikusi nituen ur haietan ihi grisen irudi berrosatu eta alderantzizkatuak, eta zuhaitz-enbor mamu modukoak, eta leiho begi-huts itxurakoak.

       Alabaina, tristurazko etxe hartantxe eman behar nituen aste batzuk. Jabea, Roderick Usher, adiskide mina izan nuen gaztetan; baina joanak ziren urte asko azkenekoz elkartu ginenetik. Gutun bat iritsi zitzaidan eskualde hartako urruneko parte batera —haren gutun bat—, halako premiaz idatzia non erantzun gisa bertara joatea baino ez zuen onartzen. Idazkerak aztoramendu handia ematen zuen aditzera. Eritasun fisiko larri batez mintzatzen zen nire laguna, adimenaren desordena estugarri batez, eta ni ikusteko desira biziaz, neu omen nintzen-eta haren adiskide hoberena eta bakarra, eta nire konpainiaren berotasunarekin bere eritasuna nolabait ere arintzea espero omen zuen. Hori guztia, eta askoz gehiago, esateko era zela-eta, eta eskaera egiteko moduagatik, bihotz-bihotzez, men egin nion berehala, dudarik batere egin gabe, niri halere arras eskakizun bitxia iruditu zitzaidan hari.

       Gaztetan adiskide minak izan ginen arren, ezer askorik ez nekien nire lagunaz. Oso betizua izan zen beti. Banekien hala ere familia zahar hura, aspaldi-aspalditik, sentikortasun bitxi batek nabarmendu zuela, eta sentikortasun gehiegizko hori, arte asaldatuzko obretan gauzatu zela denbora askoan; eta banekien halaber, azken garaietan, karitatezko egite eskuzabal baina diskretuetan agertu izan zela delako sentikortasuna, eta orobat musika zientziaren zaletasunean; zientzia horren zailtasunetan ordea, musikaren edertasun ortodoxo eta erraz antzemangarrietan baino areago. Banuen halaber gertaera guztiz ohargarri baten berri, alegia, Usher arrazaren leinuak ez zuela inoiz albo-adar iraunkorrik sortu; beste hitzetan, familiaren ondorengoak denak ziren zuzenekoak, eta horrelaxe gertatu izan zen beti, oso gorabehera txiki eta laburrekin. Gabezia horrek, egin nuen neure artean, buruan nerabilelarik zeinen antzekoak ziren jabetzaren nolakotasuna eta biztanleena, eta mendeen joanean ez ote zuten eraginik izan batak bestearen gainean; gabezia horrek, hau da, albo-adarreko ahaiderik ez izateak, eta horren ondoriozko aitarengandik semearenganako igorpenak, desbiderapenik batere gabe, parekatu bide zituen bata eta bestea, harik eta, jabetzaren jatorrizko izena aldaturik, «Usher Etxea» izen bitxi eta nahasgarria bihurtu zen arte, erabiltzen zuten baserritarren buruan nonbait familia bera eta familiaren etxea, biak, izendatzen zituena.

       Esan dut keinu inozo samar haren ondorio bakarra —urmaelera begiratzearena—, hasierako zirrara berezi hura areagotzea izan zela. Dudarik gabe, nire sineskeriaren —izan ere, zergatik ez dut bada horrela izendatuko?— indartze lasterraz ohartzeak, indartzea bera areagotu zuen. Halakoxea da, aspalditik jakin dudanez, izumenean oinarritzen diren sentimendu guztien paradoxazko legea. Eta arrazoi horrengatik bakarrik beharbada, urmaeleko iruditik begiak berriz ere etxerantz jaso nituenean, ideia bitxi bat bururatu zitzaidan, hain ideia funsgabea, izan ere, non arima estutzen zidaten sentimenduen indar bizia erakusteko aipatzen baitut bakar-bakarrik. Hain nuen irudimena asaldatua, non sinestera iritsi bainintzen bazela etxean eta eremu haietan haiei eta inguruko lurrei bakarrik zegokien giro berezi bat, zeruko haizearekin parekotasunik ez zuena; aitzitik, zuhaitz iharretatik sortzen zen giro hura, horma grisetatik eta urmael isiletik: lurrin kiratsu eta mistiko bat, opakoa, astuna, nekez antzematen zena, berun-kolorea.

       Ametsa behar zuena arimatik egotzirik, bertagotik aztertu nuen eraikinaren benetako itxura. Gehiegizko antzinatasuna zen etxearen ezaugarri nagusia. Handia zen denborak eragindako koloreen ezabatzea. Onddo txiki-txikiek hartzen zuten osorik kanpoaldea, erlaitzetik zabaltzen zen armiarma-sare mehe bat bailiran. Baina horrek ez zekarren, berez, hondamen handirik. Eraikuntzeko parterik ez zen batere erori; eta irudi zuen elkarren kontrakoak zirela osagaien arteko lotura oraindik ere egokia eta harri bakoitzaren hondamena. Kanpoko haizearen batere trabarik gabe soto ahantziren batean egonik, urte askoan usteldu den zur-lan zaharrak izaten duen osotasun itxura gogorarazi zidan. Hondamendi seinale hori izan ezik, eraikuntza lanari ez zitzaion hala ere egonkortasun faltarik batere igartzen. Behatzaile zorrotz baten begiak aurkituko zuen agian nekez antzematen zen zirrikitu bat, eraikinaren aurrealdeko teilatutik abiatzen eta horman behera sigi-saga jarraituz urmaeleko ur geldietan galtzen zena.

       Gauza horiei erreparaka, etxerainoko bide laburra egin nuen. Nire zain zegoen zerbitzari batek hartu zidan zaldia, eta ezkaratzeko arku gotikoa gurutzatu nuen. Urrats isileko morroi batek gidatu ninduen, hitzik egin gabe, korridore ilun, ugari, nahasietan barna, bere nagusiaren irakurgelaraino. Bidean aurkitu nituen gauza askok areagotu zizkidaten, nola ez badakit ere, aipatu berri ditudan sentimendu lausoak. Nahiz eta inguruan nituen objektuak, sabaietako zizel lanak, hormetako tapiz ilunak, zoruen ebanozko belztasunak, eta ibili ahala zarata ateratzen zuten armarri fantasmagorikoak, nahiz eta denak ziren haurtzarotik ondo ezagutzen nituen gauzak, edo haien antzekoak, nahiz eta duda izpirik gabe onartzen nuen ohikoa zela niretzat hura guztia, harrimenez konturatu nintzen, hala ere, zeinen ezezagunak gertatzen zitzaizkidan irudi arrunt haiek sorrarazten zizkidaten burutapenak. Zurubietako batean familiako sendagilearekin topo egin nuen. Aurpegian, pentsatu nuen, zorroztasun gaiztoa eta harrimena, biak, antzematen zitzaizkion. Aztoratuta agurtu ninduen, eta aurrera egin zuen. Orduan morroiak ate bat zabaldu zuen, eta bere nagusiaren aurrean utzi ninduen.

       Sarrarazi ninduten gela zabala eta altua zen oso. Leihoak luzeak, estuak eta punta-zorrotzak ziren, eta hain urrun zeuden haritz beltzezko lurretik, non gela barrutik ezin baitziren iritsi. Argi gorrizko izpi ahul batzuk sartzen ziren leiho hesidunetatik, eta haiei esker bereiz zitezkeen inguruko gauza handienak; begiak, nolanahi ere, alferrik saiatzen ziren gelako urrutieneko bazterretara edota sabaiko ganga eta zizel lanetara iristen. Tapiz ilunak zeuden hormetan zintzilik. Altzariak ugariak ziren, erosotasunik gabeak, zaharrak eta hondatuak. Liburu eta musika tresna asko zegoen inguruan barreiatuta, baina bizitasunik ez zuten han batere sortzen. Oinazezko giroa arnasten nuela sentitu nuen. Tristura handi, sakon, ezin gaindituzko batek hartzen eta betetzen zuen dena.

       Gelara sartu nintzenean, luze-luze etzanda egona zen sofa batetik altxatu zen Usher, eta berotasunez agurtu ninduen. Berotasun hark, pentsatu nuen hasieran, asko zuen gehiegizko adiskidetasunetik, munduko gizon ennuyéaren ahalegin behartutik. Baina behin erreparatu nire lagunaren begitarteari, eta sinetsita geratu nintzen haren egiazkotasunaz. Eseri ginen; eta zenbait minutuz, Usherrek ez baitzuen hitzik egiten, erdizka errukia eta erdizka harrimena zen sentimendu batez egon nintzaion begira. Ez dut uste Roderick Usher bezala hain tarte laburrean hainbeste aldatu den gizon asko izan denik. Nekez lortu nuen neure buruari sinetsaraztea aurrean neukan gizon haren nortasuna haurtzaroko lagunarena bera zenik. Nolanahi ere, Usherrek beti izan zuen aurpegiera nabarmena. Hilotzena zuen larruazaleko zurbiltasuna; begiak handiak zituen, urtsuak, eta argitasun paregabekoak; aski finak ezpainak eta oso argiak, baina kurba ezin ederragokoak; sudurra hebrear eredu delikatukoa, baina halakoek izaten ez duten sudur-zulo zabalekoa; kokotsa oso egitura finekoa, bere aurrera beharrean indar moralaren premiaz mintzatzen zena; armiarma-sarea baino leunagoa eta finagoa ilea; ezaugarri horiek, eta kopetaldea ohi baino irtenagoa izateak, aise ahanzten ez den aurpegiera osatzen zuten. Baina hainbesteraino zegoen aldatua ezaugarri horien nolakotasun nagusiaren gehiegian, eta komunikatzen zuten adierazpenean, non zalantza ere egiten bainuen norekin ari ote nintzen hizketan. Larruazalaren zurbiltasun orain mamu antzekoak, eta begiaren distira mirarizkoak, harritu eta are beldurtu ninduten ororen gainetik. Zetazko ilea bera ere arduragabe zuen hazia, eta, armiarma-sare moduko tankera hartan, alboetan baino areago aurpegia inguratuz ageri baitzitzaion, ezin nuen, ezta ahaleginak eginda ere, ile haren itxura nahasia gizatasunaren ideiarekin inondik inora lotu.

       Nire adiskidearen maneren koherentzia faltak, haien lotura ezak, berehala txunditu ninduen; eta laster konturatu nintzen larritasun sakon bat, nerbio asaldura gehiegizko bat gainditzeko eginahal ahul eta hutsaletatik sortua zela koherentzia falta hura. Era horretako zerbaitetarako prestatu ninduten, egia da, adiskidearen gutunak ez ezik, haurtzaroko zenbait ezaugarriren oroitzapenak, eta haren gorpuzkera eta izaera berezitik sortzen ziren ondorioek. Aldizka bizia eta aldizka motela zen Usherren jokamoldea. Ahotsa bat-batean aldatzen zitzaion, ezin erabaki dardarti batetik (haren bizitasunak erabat sorgortua zirudienean), trinkotasun indartsu moduko batera, adierazmolde bortitz, astun, presagabe, eta soinu-hutsera, ebakera gutural, bizigabe, orekatu, eta ezin hobeto modulatura, zeina arrunt mozkortzen direnetan edo opio hartzaile erremedio gabeetan ikus baitaiteke maiz, larritasun handieneko aldietan murgilduta daudenean.

       Era horrexetan mintzatu zitzaidan nire bisitaldiaren helburuaz, ni ikusteko zuen desira zinezkoaz, eta nik ekar niezaiokeen soseguaz. Luze samar mintzatu zen bere eritasunaz zuen ikusmoldearen gainean. Eritasun hura, esan zuen, familiako sortzezko gaitza omen zen, eta etsita zegoen sendagarririk ez ziola bilatuko; nerbioetako eritasun bat, besterik ez, erantsi zuen berehala, dudarik gabe laster sendatuko zena. Sentipen ezohikoetan agertzen omen zen. Haietako batzuk, xehe-xehe aipatu baitzituen, interesgarriak iruditu zitzaizkidan, eta harrigarriak, nahiz eta, agian, kontatzeko moduak berak ere, tonu orokorrak, izan zuen horretan eraginik. Zentzumenen zolitasun gaizto bat pairatzen omen zuen; janari motelena besterik ezin zuen onez eraman; testura jakineko arropak baino ezin jantzi zitzakeen; lore guztien usainak gertatzen zitzaizkion itogarri; argirik ahulenak ere eragozten zizkion begiak; eta oso soinu gutxi omen zegoen, eta harizko tresnetakoak horiek, izumenez betetzen ez zuenik.

       Izumenaren molde bitxi batek guztiz menderatuta zeukala konturatu nintzen.

       —Eromen honetan —esan zuen—, eromen negargarri honetan hilko naiz. Horrelaxe galduko naiz, ez bestela. Etorkizuneko gertaerek ikaratu egiten naute, baina ez gertaerek berek, haien emaitzek baizik. Edozein gauzak dardarka jartzen nau, baita txikienak ere, baldin eta eraginik izan badezake nire arimaren nahasmendu ezin pairatuzko honetan. Arriskua ez dut arbuiatzen; bai ordea arriskuaren erabateko efektua, hau da, izumena. Estuasun honetan, egoera errukarri honetan, sentitzen dut iritsiko zaidala, lehenago edo geroago, bizitzatik eta arrazoitik, bietatik batera, alde egiteko unea, mamu gaizto horrekin, izumenarekin, borrokan.

       Alabaina, tarteka-tarteka, zantzu hautsi eta nahasien bidez, nire adiskidearen buru egoeraren beste ezaugarri berezi baten berri jakin nuen. Mendean hartuta zeukaten bere etxaldeari zegozkion hainbat sineskeriek, eta, urte askoan, ez zen ausartu etxalde hartatik ateratzen, halako eragin bitxi bat omen zela-eta. Eragin haren balizko indarra ilunegi adierazi zidan hemen hitzez hitz berriz esan ahal izateko; berak zioenez, bere espirituari eragitera iritsi omen ziren, luzaroan pairatu zituela-eta, familiako etxearen forma eta substantziari zegozkien berezitasun batzuk; horma eta dorre grisen itxura fisikoaren efektuak, eta haiek guztiak ispilatzen ziren urmael ilunarenak, azkenean, beren mende hartu omen zuten Usherren izate morala.

       Onartu zuen, nolanahi ere, eta zalantzaz, sorburu naturalago eta ukigarriago batean ere aurki zitekeela era horretan eragiten zion tristura berezi hori, arreba maite baten eritasun larri eta aspaldikoan, eta haren heriotzan, agerikoa eta hurbilekoa baitzen; hura izan omen zuen urteetan lagun bakarra, huraxe zuen lur honetan geratzen zitzaion azken ahaidea. «Hura hil ondoren», esan zuen, sekula ahaztuko ez dudan garraztasunaz, «bera (bera, etsia eta ahula) izango zen Ushertarren leinu zaharreko azkena». Hizketan ari zela, Lady Madeline (halaxe deitzen baitzen arreba), gelaren bestaldetik igaro zen poliki-poliki, eta, nitaz ohartu ere gabe, desagertu zen. Guztiz txunditurik begiratu nion, baita ikaraturik ere; ez nuke asmatuko ordea sentipen haien zergatia agertzen. Sorgortasunezko zirrara batek hartu ninduen nire begiek neskaren urratsei jarraitu zietenean. Azkenean itxi zen atea haren atzetik, eta nire begiratuak senaz eta irrikaz bilatu zuen anaiaren begitartea: baina aurpegia eskuetan ezkutatuta zeukan, eta, hortaz, ohikoa baino zurbiltasun askoz handiago batek hartuak zituela Usherren hatz akituak, hori bakarrik ikusi ahal izan nuen, eta negar-malko beroak isurtzen zirela haien artetik.

       Lady Madelineren eritasunak aspalditik zuen auzitan jarria sendagileen jakintza. Apatia orokorra, gorputzaren pixkanako hondamena eta katalepsiaren ezaugarri batzuk zituzten alditxar sarri baina iragankorrak ziren diagnosi bitxiaren osagaiak. Usherren arrebak gogor egin zion beti bere eritasunaren zamari, eta ez zuen ohean geratu nahi izan; baina ni etxe hartara iritsi nintzen eguneko ilunabarrean, amore eman zion bere suntsitzailearen indar zapaltzaileari (asaldura ezin adierazizkoaz anaiak gauean esan zidanez), eta konturatu nintzen emakume hura azkenekoz ikusi bide nuela; Lady Madeline, bizirik behintzat, ez nuela berriz ikusiko.

       Ondorengo egunetan, ez Usherrek, ez nik, ez genuen arrebaren izena aipatu: eta nire adiskidearen malenkonia arintzeko eginahaletan eman nituen egun haiek. Elkarrekin aritzen ginen margotzen edo irakurtzen; edo entzuten nituen, ametsetan bezala, haren gitarra kantariaren inprobisazio bitxiak. Eta horrela, adiskidetasun gero eta estuago batek Usherren gogoan onartzen ninduen neurrian, garraztasunez ohartzen nintzen alferrekoa zela gogo hura animatzeko, iluntasunetik ateratzeko egiten nuen ahalegin oro, zeren iluntasun hura, berez baletor bezala, unibertso fisiko eta moraleko objektu guztietara zabaltzen baitzen, tristuraren irradatze etengabean.

       Beti izango ditut gogoan Usherko Etxeko nagusiarekin bakarka eman nituen ordu larri haiek guztiak. Hala ere, huts egingo nuke Usherrek erakusten edo ezagutarazten zizkidan ikasketen edo egitekoen nolakotasunaren ideia zehatzik eman nahi izango banu. Idealtasun larritu eta guztiz desorekatu batek sufre distira bat barreiatzen zuen nonahi. Belarrietan itsatsita geratu zaizkit Usherren hilkantu luze bat-batean asmatuak. Besteren artean, Von Weber-en azken baltsaren doinu gogorraren bertsio bitxi bat, gaiztoa eta anplifikatua, gordetzen dut oinazez gogoan. Nire adiskidearen irudimen nahasiak osatzen zituen margolanetatik, dardara eragiten zidan lausotasuna eransten baitzuen pintzelkada bakoitzean, eta dardara are larriagoa, zergatia ez nekielako; margolan haietatik bada (hain biziak, non begien aurrean baititut oraindik ere), alferrik saiatuko nintzateke idatzizko hitzek mugatzen duten parte txiki hori baino gehiago adierazten. Margolanen bakuntasun erabatekoak, marrazkien biluztasunak, ikuslearen arreta osoa bereganatzen zuten. Izan baldin bada ideia bat margotu duen kristaurik, Roderick Usher da hori. Nigan behintzat —orduan inguratzen ninduen giroan—, ikara izugarria, eraman ezinezkoa, sortzen zidaten hipokondriako hark bere oihalean ipintzen zituen abstrakzio hutsek; hainbesterainoko ikara, non halakoaren arrastorik ez baitut sentitu ezta Fuseliren ameskeria distiratsu baina hala ere konkretuegi batzuk ikustean ere.

       Oso modu eskasean bada ere, nire adiskidearen margolan fantasmagoriko haietako bat eman daiteke nolabait ere hitzen bidez aditzera, ez baitzen besteak bezain zurruna. Margolan txiki bat zen, ganga edo tunel luze-luze eta lauki-zuzen baten barrenaldea erakusten zuena; tunelaren hormak txikiak, leunak eta zuriak ziren, eta etenik edo apaingarririk batere gabeak. Marrazkiaren bigarren mailako xehetasun batzuek adierazten zutenez, lurra baino askoz beherago zegoen. Irteerarik ez zitzaion luzera osoan inon ikusten, eta ez zen sumatzen ez zuzi ez bestelako argi iturri artifizialik; hala ere bazen izpi indartsuzko argi isuri bat, margolanaren osotasuna lekuz kanpokoa zirudien argitasun fantasmagoriko batez zipriztintzen zuena.

       Aipatu dut lehenago ere Usherren entzumenaren gaiztotasuna, harizko tresnen zenbait efektu salbuetsita, musika oro ezin pairatuzko bihurtzen ziona. Hala, gitarrari jartzen zizkion muga estuek sorrarazten bide zuten, hein handi batean, Usherren joaldien nolakotasun fantastikoa. Baina horrek ez du esplikatzen impromptus haien erraztasun larria. Fantasia bitxi haietako notek bezala, hitzek ere (izan ere, eta ez gutxitan, bat-bateko hitz errimadunez laguntzen baitzuen musika), larritasun artifizial handieneko une batzuetan bakarrik ikus daitekeen kontzentrazio horren emaitza behar zuten izan, lehenago ere aipatu dudan egoera berezi horrena. Ondo gogoan ditut rapsodia haietako baten hitzak. Harexek eragin zidan beharbada zirrararik sarkorrena, Usher kantuan ari zela, orduantxe sumatu bainuen aurreneko aldiz, hitzen esanahiak estali nahi zuen isuri mistikoan, ederki asko zekiela berak hain gora ipinitako arrazoimena zabuka hasia zela bere tronuan. «Jauregi sorgindua» zuten bertsoek izena, eta horrela zioten gutxi gorabehera:

 

I.

       Gure zelairik berdeenean, aingeru zintzoek zaindurik, bazen behin jauregi eder eta handientsu bat, harroa eta argitsua. Hantxe zegoen gaztelua, Pentsamendu erregeren lurretan! Sekula ez da izan hegoak hain leku ederrean astindu duen serafinik.

 

II.

       Estandarte horiak, loriazkoak, urrezkoak, higitzen ziren jauregiko teilatu gainean; (hau, hau guztia, aspaldiko denboretan gertatzen zen). Eta egun gozo haietan almenen artean mugitzen zen haizea, eta lurrin hegodun bihurturik zen alboratzen.

 

III.

       Zelai zoriontsu hartako ibiltariek bi leiho argitsutatik ikusten zituzten espirituak, tronu baten inguruan laut baten doinuaz dantzan, hantxe baitzegoen, ondo merezitako aintzaz, erreinuko nagusia.

 

IV.

       Eta perlaz eta errubiez dir-dir egiten zuten jauregiko ateek, eta handik heltzen ziren, isuriz-isuriz, Oihartzunak, inoiz baino argitsuago, beren ahots ederrez erregeren trebetasuna eta jakintza kantatzea baitzuten egiteko bakar gozoa.

 

V.

       Baina izaki gaiztoek, tristuraz jantzirik, eraso zioten behin erregeren jabetzari; (dolu gaitezen, ai, ez baita harentzat beste egun argitzerik izango). Eta aspaldiko istorio zaharra baino ez da haren etxearen inguruan argitzen eta loratzen zen aintza, nekez gogoratzen dena, hilobiratua baita denbora hura.

 

VI.

       Eta bidaiariek oro, gorriz argitutako leihoetatik, forma handiak ikusten dituzte orain han, mamuak bezala doinu itxuragabeaz higitzen direnak; eta bitartean, isuri gaiztoko ibai bat nola, ate zurbiletik, betiko irteten da jende-saldo higuingarria: barre dagite, baina irribarrerik ez dute gehiago egingo.

 

       Ondo gogoan dut nola balada honetatik sorturiko iradokizunek gogoeta batzuk egitera eraman gintuzten, Usherren iritzi bat agerian jarri zutenak. Hizpidera dakart iritzi hori, ez hainbeste berria zelako (izan baitira horrelako ideiak bururatu zaizkien beste gizon batzuk ere), iritzi hura zeinen gogor aldezten zuen Usherrek adierazi nahi dudalako baizik. Landaregaien sentikortasuna zen oro har hizketagaia. Usherren irudimen aztoratuan ordea ausartagoa zen ideia hori, baldintza jakin batzuetan gai inorganikoen mundura ere zabaltzen baitzuen. Hitzak falta ditut haren konbentzitzeko gaitasunaren norainokoa, haren abandono suharra adierazi ahal izateko. Sineste hori, nolanahi ere, bere arbasoen etxeko harri grisei lotuta zegoen (lehenago ere iragarri dudan bezala). Sentikortasunaren baldintzak, harri haietan, osagaien kokatzeko moduan gauzatzen ziren Usherren ustez: harrien antolaketaren ordenan, haien gainean hazitako onddoen eta inguruko zuhaitz hondatuen ordenan, baina, ororen gainetik, antolaketa horren berorren iraupen luzean sumatzen zen, Usherren iritziz, delako sentikortasuna, eta urmaeleko ur geldietan gertatzen zen errepikapenean. Horren froga —sentikortasunaren froga— ikus omen zitekeen, hala esan zuen (eta harridurak astindu ninduen mintzatu zenean), uren eta hormen inguruan berez gertatzen zen giro baten kondentsazio motel baina seguruan. Horren guztiaren emaitza, erantsi zuen, argi antzematen zen gizaldiz gizaldi bere familiaren patua taxutu zuen eragin isil baina hala ere desegoki eta ikaragarrian, eta harexek bihurtu omen zuen bera, orain nekusana, une hartan zena. Iritzi horiek ez dute komentario beharrik, eta ez dut batere egingo.

       Gure liburuek —urte askoan ezindu haren bizitza intelektualaren parte ez txikia izan ziren liburu haiek—, pentsa daitekeen bezala, lotura estua zuten ideia fantasmagoriko horrekin. Liburu asko aztertzen genuen elkarrekin, haien artean Gresseten Ververt et Chartreuse; Machiavelliren Belfegor; Swedenborgen Zerua eta infernua; Holbergen Nicholas Klimm-en lurpeko bidaia; Robert Flud, Jean D'Indaginé, eta De la Chambreren Kiromantzia; Tiecken Bidaldia distantzia urdinera, eta Campanellaren Eguzkiaren Hiria. Denetan gogokoena Directorium Inquisitorium obraren oktabako edizio txiki bat genuen, Eymeric de Gironne domingotarrarena; eta baziren pasarte batzuk Pomponio Melaren obran, Afrikako satiro zaharre eta egibanoei buruzkoak, Usherri ordu askoko ameskeriak eragiten zizkiotenak. Kuarta gotikoko liburu bereziki bitxi eta jakingarri baten irakurraldi arretatsuan aurkitzen zuen ordea nire lagunak gozamenik handiena; eliza ahaztu baten eskuliburua zen, Vigiliae Mortuorum secundum Chorum Ecclesiae Maguntinae.

       Berehala gogoratu zitzaidan liburu hark deskribatzen duen erritu gaiztoa, eta hipokondriakoaren gainean izan zuen eragin ia segurua, ilunabar batean adierazi zidanean, Lady Madeline hila zela bat-batean esan ondoren, haren gorpua hamabostaldi batez gordetzeko asmoa zuela (betiko hilobiratu aurretik), gaztelupeko kripta ugarietako batean. Jokamolde bitxi hori zilegiztatzeko erabili zuen argudioak, nolanahi ere, ez zidan eztabaidarako aukerarik eman. Erabaki horretara heldu omen zen (halaxe kontatu zidan berak), zenduaren eritasunaren nolakotasun bitxia, sendagileen galdeketa estugarri eta premiatsu batzuk, eta familiako hilerriaren urruntasun eta kokaleku agerikoegia gogoan hartuta. Ez dut ukatuko, zurubiaren ondoan aurkitu nuen pertsonaren begitarte zital hura gogoratuz, ez nuela desirarik batere izan une hartan ardura kaltegabea, ez behintzat arrarokeria, iruditu zitzaidan hari kontra egiteko.

       Usherrek berak hala eskatuta, neronek lagundu nion denboraldi baterako hilobiratze haren prestakuntza lanetan. Gorpua zerraldoan sartuta zegoen, Usherrek eta biok eraman genuen bere atsedenlekura. Ezarri genuen sotoa (hain luzaroan itxita eduki zutena, non gure zuziek, giro gaizto hartan erdi itzalirik, miaketan hasteko betarik ia ez baitziguten eman), txikia zen, hezea eta argitasunik batere gabea; nire logela zegoen eraikineko parte berean zegoen, askoz ere beherago ordea. Leotz baten helburu higuingarrietarako erabili izan zen nonbait aspaldiko garai feudaletan, eta, azkenaldian, sutautsa edo beste erregairen bat gordetzeko; izan ere, kobrez estalita zeuden lurraren parte bat eta sartzeko gurutzatu genuen arkupe luzearen barrenalde osoa. Atea burdin lodizkoa zen, eta modu berean zegoen babestua. Ate haren zama izugarriak kirrinka hots zorrotza atera zuen gontzen gainean mugitu zenean.

       Ikarazko eskualde hartara iritsita, gure doluzko zama zurezko euskarrien gainean ipini ondoren, hilkutxaren tapa artean ireki gabea apur bat zabaldu, eta han etzanda zegoenaren aurpegiari begiratu genion. Anaia-arreben arteko antz harrigarriak erakarri ninduen aurrena; eta Usherrek, nire pentsamenduak asmatuz-edo, hitz batzuk esan zituen marmarka, eta hala jakin nuen bikiak zirela zendua eta bera, eta lotura ia ezin ulertuzkoak izan zituztela beti bien artean. Gure begiradek, nolanahi ere, ez zuten askorik iraun hilarengan, ezin baikenion ikaratu gabe begiratu. Lady Madeline gaztaro betean hilobiratu zuen eritasunak, katalepsiazko heriotza guztietan gertatzen den bezala, arrosa kolore arin baten iseka utzi zion bularrean eta aurpegian, eta irribarre irudikor bat ezpainetan, zenduengan hain ikaragarria izaten dena. Bere lekuan utzi genuen ostera tapa, torlojuez iltzatu, eta, burdinazko atea ondo itxita, etxeko goialdeko gela ez askoz alaiagoetara abiatu ginen, neka-neka eginda.

       Eta orduan, pena garratzezko egun batzuk joanda, aldaketa nabarmena gertatu zen nire adiskidearen buruko nahasmenduaren ezaugarrietan. Desagertuak zituen ohiko manerak. Utzi edo ahaztu egin zituen egiteko arruntak. Gelaz gela ibiltzen zen urrats presati, desberdin eta helburu gabeez. Kolore are zuriagoa hartu zuen, ahal zen neurrian, haren begitartearen zurbiltasunak; eta guztiz desagertua zuen begiradaren argitasuna. Ez zitzaion gehiago entzun ahots aldika lakar hura; eta dardarazko duda bat zuen orain, izu-laborrizkoa zirudiena, adierazmoldearen ezaugarri nagusia. Zenbaitetan, izan ere, bururatu zitzaidan haren adimen beti asaldatua ez ote zen sekretu beldurgarriren bat prestatzen ari, eta ez ote zebilen sekretu horren berri emateko kemenaren bila. Beste batzuetan ordea eromenaren zentzugabekeriara jo behar izaten nuen hura guztia esplikatzeko, zeren hutsari begira ikusten bainuen orduetan eta orduetan, guztiz arretatsu, irudizko soinuren bati adi bezala. Ez da harritzekoa nire adiskidearen egoerak neu ere ikaratu izana, areago, baita kutsatu ere. Argi sentitzen nuen nola barneratzen zitzaidan, mailaka-mailaka, motel baino ziur, Usherren sineskeria zoro baina zirraragarrien eragin gaiztoa.

       Lady Madeline leotzean ipini eta handik zazpigarren edo zortzigarren eguneko gauan, oso berandu, sumatu nuen bizi-bizi sentipen haien indar osoa. Orduak eta orduak pasa arren, loaren arrastorik ez nuen sentitzen. Gogor saiatu nintzen nitaz jabetu zen larritasunaren zergatiak argitzen. Ahaleginak egin nituen neure buruari sinetsarazteko sentitzen nuen hartatik asko, dena ez bazen, gelaren altzari goibelen eragin beldurgarriagatik zela, eta tapiz ilun eta saretuengatik, altxatzen ari zen haize gogorrak mugiarazirik, hormen gainean batera eta bestera kulunkatzen baitziren, zarata itsusi bat atereaz oheko apaingarrietan. Baina alferrekoak izan nituen ahalegin haiek guztiak. Ikara ezin uxatuzko batek hartu zidan gorputza; eta, azkenean, larritasun zeharo arrazoigabe baten deabrua sartu zitzaidan bihotzean. Arnasestuka eta borrokan hura gainditu nahian, tente jarri nintzen burkoen gainean, eta, gelaren belztasuna miatuz, han entzun nituen —zergatik ez dakit, ez bada senak hartara bultzatu ninduelako—, hots apal eta zehazgabe batzuk, ekaitzaren etenuneetan iristen zirenak, bitarte luzeetan, ez nekien nondik. Izumenezko sentipen ikaragarri batek guztiz menderatuta, ezin esplikatuzkoa baina ezin pairatuzkoa baitzen, oheko arropak kolpetik kendu (zeren konturatzen bainintzen ez nuela gau hartan lo gehiagorik egingo), eta gelan barna atzera eta aurrera presaka ibiliz saiatu nintzen murgildua nintzen egoera errukarri hartatik ateratzen.

       Eginak nituen itzuli batzuk, eta aldameneko zurubian entzun zen urrats arin batek hartu zuen halako batean nire arreta. Berehala konturatu nintzen Usherrena zela urrats hura. Hurrengo unean nire atea jo zuen, emeki, eta gelan sartu zen, lanpara bat eskuan zekarrela. Aurpegia, ohi bezala, ezin zurbilagoa zuen; halere, hori baino nabarmenago, bazuen begietan halako poz ero bat, histeria ezkutu bat, jokaera osoan antzematen zitzaiona. Itxura hark ikaratu egin ninduen, baina nahiago nuen edozer gauza hain luze pairatu nuen bakardadea baino, eta lasaituta ere hartu nuen Usherren etorrera.

       —Ez al duzu ikusi? —esan zuen bat-batean, une batez isilik egon ondoren ingurura begira—, ez duzu ikusi? Egon, egon! Oraintxe ikusiko duzu.

       Era horretan hitz eginez, eta lanpara arduraz estali ondoren, leihoetako batera joan zen, eta ekaitzari zabaldu zion.

       Lurretik altxatu gintuen ia gelara sartu zen haize erasoaren indar bortitzak. Izan ere, gau ekaiztsua zen, baina oso ederra hala ere, eta guztiz berezia bere izugarrian nahiz edertasunean. Inguru hartan haize zirimola batek bere indarra biltzen bide zuen; haizearen norabidea sarri eta bat-batean aldatzen zen, eta, hodeien trinkotasun gehiegiagatik ere (eta hain zeuden hodei haiek behean, non etxeko dorreak zanpatzen baitzituzten), sumatu ahal izan genuen nolako lastertasunaz mugitzen ziren hodeiak, nonahitik abiatu eta elkar joka, urrunean desagertu gabe. Esan dudan bezala, hodeien trinkotasun gehiegia gorabehera, sumatzen genuen haien mugimendua; baina inon ez genuen ikusten ez ilargirik ez izarrik, ezta tximisten argitasunik ere. Hala eta guztiz ere, lurrin nahasizko masa handi haien azpiak, eta orobat inguruan genituen lurreko objektu guztiak, distiratsu ageri ziren, etxea inguratzen eta hil-jantzian biltzen zuen gas isuri motel eta ikusgai baten argi naturaz kanpokoan.

       —Ez duzu hau ikusi behar... ezin duzu hau ikusi! —esan nion, dardar-ikaraz, Usherri, gozo baina aldi berean sendotasunez leihotik aulkira eramanez—. Ikuskari horiek ikaratu egiten zaituzte, baina gertaera elektrikoak besterik ez dira, eta ez dira hain arraroak gainera. Baliteke putzu ustelduan izatea beren jatorri beldurgarria. Leihoa itxiko dugu; haize hau hotza da, eta arriskutsua da zuretzat. Hara hor zure eleberri gogokoenetako bat. Nik irakurriko dut, eta zuk entzun; eta horrelaxe emango dugu gau beldurgarri hau, biok elkarrekin.

       Hartu nuen liburu zaharra Sir Launcelot Canningen "Mad Trist" zen; baina liburu hura Usherren gogokoena zenik gehiago esan nuen txantxa triste bat egiteko, zinez baino; zeren, egiazki, haren ugaritasun topizkoko eta irudimenik gabean ez baitzegoen nire adiskidearen espiritualtasun jasoarentzat interesgarria izan zitekeen ia ezer. Nolanahi ere, hura zen eskura genuen liburu bakarra: eta neure buruari sinetsarazi nahi nion bazela itxaropenen bat nire lagun hipokondriakoa larritzen zuen estuasunak aringarririk izan zezan (zeren horrelako arrarokeriez baitago betea buruko gaitzen historia), baita irakurri behar nuen eromen haren gehiegian ere. Izan ere, entzuten zuenean, edo entzuten zuela zirudienean, nire lagunak ageri zuen bizitasun bitxia eta larria antzemateko gai izan banintz, neure burua zorionduko nuen nire asmoak izan zuen arrakastagatik.

       Iritsia nintzen Ethelred, Tristeko heroia, ermitan bakez sartzen alferrik saiatu ondoren, oldarrean sartzera doan istorioaren parte ezagunera. Puntu horretan, gogoratuko denez, honela dio kontakizunak:

       «Eta Ethelred, sortzez baitzen bihotz adoretsukoa, edan berri zuen ardoaren eraginak indarturik, ez zuen gehiago itxaron ermitauarekin hitz egiteko, izatez baitzen hura, izan, setatsua eta gaiztoa; aitzitik, euria bizkarraren gainean sentitu zuelarik, eta ekaitza altxako ez ote zen beldurrez, jaso zuen bere mailutzarra, eta, kolpeka, ateko oholak urratu zituen bere esku larruz babestuarentzat leku egiteko; eta orduan, beraganantz indarrez tiraka, hainbesteraino apurtu, eta urratu, eta txikitu zuen dena, non baso guztian entzun baitzen egur ihar eta hutsaren zarata eta oihartzuna».

       Esaldi hori bukatzean ikara egin nuen, eta, une batez, isildu nintzen; zeren iruditu baitzitzaidan (nahiz eta berehala erabaki nuen nire irudimen asaldatuak engainatu ninduela), iruditu zitzaidan, etxearen oso urruneko bazterren batetik, heldu zitzaidala argi-argi belarrietara, parekotasun guztiz zehatzez, Sir Launcelotek hain xehe deskribatu zuen hausturaren eta urraduraren oihartzuna izan zitekeena (hori bai, itoa eta moteldua). Dudarik gabe, kointzidentzia hutsak hartu zuen nire arreta; zeren, leihoetako gontzen kirrinkarekin, eta oraindik ere indarragotzen ari zen ekaitzaren zarata nahasiekin batera, soinu hark, berez, ez baitzuen seguraski ezer ni horrela erakarri edo nahasteko. Irakurtzen jarraitu nuen:

       «Baina Ethelred heroi zintzoa, atetik sartzean, biziki haserretu eta txunditu zen, ez baitzuen ermitau zitalaren seinalerik batere aurkitu; aldiz, haren ordez, dragoi bat ikusi zuen, ezkatez estalia eta guztiz harrigarria, agerian suzko mingaina, urrezko jauregi lur-zilarreztatu baten aurrean zaindari; eta ezkutu bat ikusi zuen horman esekita, brontze distiratsuzkoa, hitz hauek idatzirik zituena:

 

              Hemen sartzen dena, konkistatzailea izango da;

              Dragoia hiltzen duenak, ezkutua irabaziko du.

 

       Eta Ethelredek bere mailutzarra jaso zuen, dragoia buruan jo, eta parean erori zitzaion; eta dragoiak bere arnasa nazkagarria jaurtiki zuen, eta halako oihu lakar eta izugarria egin zuen, eta hain zorrotza, non Ethelredek belarriak eskuez estali baitzituen hots beldurgarri hartatik babesteko, haren antzekorik ez baita sekulan entzun».

       Hemen bat-batean isildu nintzen berriz ere, eta txundimen gogorreko sentipen batez oraingoan, zeren dudarik batere gabe une horretan bertan entzun bainuen (nahiz eta nondik zetorren inola ere ezin nuen esan) garrasi edo kirrinka hots guztiz ezohikoa, apala, itxuraz urrunekoa, baina lakarra eta luzea: eleberrigileak deskribatutakoari jarraituz nire irudimenak osatu zuen dragoiaren garrasi bitxiari emandako erantzun zehatza.

       Bigarren eta guztiz ezohiko kointzidentzia hori zela-eta, aztoratuta arrunt harrimena eta izu-laborria nagusi ziren ehunka sentipen elkarren kontrakoen ondorioz, izan nuen oraindik ere aski kemen bitxikeria hura aipatuz nire lagunaren larritasuna ez areagotzeko. Ez nekien hark ere soinuak entzun ote zituen; baina, hori bai, azken minutuetan aldaketa bitxi bat gertatu zen Usherren jokaeran. Hasieran nire parean zegoen, baina pixkana-pixkana aulkia lekuz aldatu zuen, harik eta gelako aterantz begira jarri zen arte; eta horrela ezin nion aurpegia osorik ikusi, nahiz eta ezagun zuen ezpainak dardarka zituela, bere kasa marmarka arituko balitz bezala. Burua bularraren gainean erortzen utzi zuen; banekien ordea ez zegoela lo, begiak irekitzen ikusi bainuen, zabal eta zurrun, soslaiez erreparatu nionean. Gorputzaren mugimenduak ere esna zegoela adierazten zuen, alderik alde kulunkatzen baitzen zabu arin baina etengabe eta beti-berdin batez. Horretaz guztiaz konturatuta, berriz ere heldu nion Sir Launceloten kontaerari, honela jarraitzen baitzuen:

       «Eta orduan heroia, dragoiaren hira izugarritik ihes eginda, brontzezko ezkutuaz gogoratu zelarik, eta hautsia baitzen ezkutu haren aztikeria, bidea ixten zion gorpua alboratu, eta ausarki inguratu zen, gazteluko zilarrezko lurra zapalduz, ezkutua esekita zegoen hormaren aldera; baina ezkutuak ez zuen itxaron heroia iritsi zen arte, aldiz, bere oinetara erori zen zilarrezko lurraren gainean, burrundara ikaragarri handia eta beldurgarria atereaz».

       Ez al ziren hitz horiek nire ezpainetatik osorik atera, sumatu nuen —une hartan bertan, hain zuzen ere brontzezko ezkutu bat zilarrezko lur batera astun erori balitz bezala—, zarata baten isla argi, huts, metaliko eta durunditsua, itxuraz hala ere itoa. Nire onetatik aterata, jauzi batez zutitu nintzen; Usherren kulunka neurtuak berriz aldagabe jarraitzen zuen. Haren aulkira inguratu nintzen presaka. Lurrean finkatuta zituen begiak, eta harrizko zurruntasuna ageri zuen aurpegian. Eskua sorbaldan ipini nionean ordea, astindu indartsu batek hartu zion gorputz osoa, irribarre bitxi bat agertu zitzaion ezpainetan, eta marmar apal, presatu, ezin ulertuzkoan jardun zela ikusi nuen, ni bertan nintzela ohartuko ez balitz bezala. Harengana makurtuz, azkenean ulertu nuen hitz haien esanahi izugarria.

       —Ez al duzu entzuten? Nik entzuten dut bada, eta entzun dut. Luze, luze, luze, minutu askoz, ordu askoz, egun askoz, entzun dut... Baina ez nintzen ausartzen... Erruki zaitez nitaz, zorigaiztoko gupidagarri honetaz! Ez nintzen ausartzen, ez nintzen ausartzen... hitz egiten! Bizirik ipini dugu hilobian! Ez al nizun esan oso zorrotzak ditudala zentzumenak? Orain esaten dizut bada, Madelinek zerraldoaren barruan egin zituen lehen mugimendu txikiak entzun nituen. Entzun nituen, orain egun asko, orain egun asko... egun askoan entzun ditut... Baina ez nintzen ausartzen... ez nintzen ausartzen hitz egiten. Eta orain, gaur gauean, Ethelred... Ja, ja! Ermitauaren ate hautsia, eta dragoiaren heriozko oihua, eta ezkutuaren durundia! Esan areago zerraldoaren zarata zela arrebak urratu duenean, eta bere presondegiaren burdinazko gontzen kirrinka, eta haren ahaleginak sotoko arkupe kobreztatutik atera nahian! Ai! Nora egingo dut ihes? Ez al da bada hemen izango aurki? Ez al datorkit nire presagatik kargu hartzera? Ez al ditut entzun zurubian egin dituen urratsak? Ez al dut bereizten haren bihotzaren taupada astun beldurgarria? Zoroa!

       Eta une horretan bat-batean zutitu zen, eta garrasika esan zituen hitzak, ahalegin hartan arima ematen ari balitz bezala:

       —Zoroa! Atearen bestaldean dagoela diotsut!

       Hitz haien indar gizatasunaz gainekoak aztikeria baten ahalmena ekarri balu bezala, une hartan bertan beren ebanozko masail-hezur handiak zabaldu zituzten hizlariak seinalatzen zituen ohol zahar erraldoiek. Haize-laster bortitzaren eragina izan zen; baina han, ate haien ondoan, hantxe zegoen bere hil-jantzian bilduta Usherko Lady Madelineren irudi luzea. Odola zuen arropetan, eta borrokaldi gogor baten seinaleak ageri zituen bere gorputz akituaren gune guztietan. Atean dardarka geratu zen une batez, atzera eta aurrera kulunka; gero, intziri apal bat eginez, astun erori zen bere anaiaren gainean, eta bere herioaren agonia bortitz eta oraingoan egiaz azkena zuen hartan, gorpu bihurtuta eraman zuen lurrera, hark iragarritako izumenen biktima bilakarazirik.

       Gela hartatik, eta etxe hartatik, ikaraz itzuri nintzen. Bere amorru osoaz jotzen zuen oraindik ekaitzak hiribide zaharra gurutzatu nuenean. Bat-batean argitasun ikaragarri bat sortu zen bidean, eta atzera jiratu nintzen, halako argi bitxia nondik atera ote zen ikusi nahian; zeren etxe erraldoia eta haren itzalak, besterik ez bainuen atzean. Ilargi bete odol-gorriarena zen distira, bizi-bizi argitzen baitzuen oraingoan lehen ia antzematen ez zen urraduratik, hasieran esan dudanez, sigi-saga eginez, teilaturik oinarriraino zabaltzen zen hartatik. Begira nengokiola, zabaldu egin zen urradura, haize bolada gogor batek jo zuen, satelitearen orbita osoa lehertu zen bat-batean nire begien bistan, eta zorabioak hartu ninduen horma sendoak erortzen ikusi nituenean; eta burrundara luze zaratatsu bat izan zen ehunka uraldiren ahotsa bezalakoa... Eta ilun eta isil itxi zen nire oinetan putzu sakon ustela Usher Etxearen hondakinen gainean.

 

 

Maelström

 

       Jaungoikoak izadian dituen bideak, eta orobat Probidentzian dituenak, ez dira gure bideak bezalakoak; era berean, ezin parekatu dira inola ere gure sorkariak eta Haren eginen zabaltasun, sakontasun eta ulergaiztasuna, Demokritoren putzua baino handiagoa baita haiek beren baitan duten sakona.

JOSEPH GLANVILLE

 

       Iritsiak ginen harkaitz handienaren gailurrera. Zenbait minutuz hitzik egin ezinik geratu zen agurea, hain zegoen leher eginda.

       —Aspaldi gabe —esan zuen azkenean—, nire seme gazteenak bezain ongi gidatuko zintudan bide honetatik; baina, orain hiru bat urte, gauza bat gertatu zitzaidan kristau bati sekula gertatu ez zaiona, edo, gertatu bazaio, ez da kontatzeko bizirik atera; eta orduan pairatu nituen izu-laborrizko sei orduek txiki-txiki eginda utzi zizkidaten gorputz-arimak. Oso gizon zaharra naizela pentsatuko duzu, baina ez da hala. Egun bat nahikoa izan zen ile hauek beltz-beltzetik zurira aldatu, nire zangoak ahuldu eta nire nerbioak desegiteko, eta, orain, ahalegin txikienak ere dardarka jartzen nau, eta itzal batek ikaratzen nau. Ba al dakizu justu-justu naizela gai labar txiki honetatik behera zorabiatu gabe begiratzeko?

       «Labar txikia», zeinaren ertzean hain arduragabe etzan baitzen agurea atseden hartzera non gorputzaren parterik handiena zintzilik geratzen baitzitzaion, ukondoa zuelarik, muturreko ertz irristakorrean ipinita, erortzea eragozten zion gauza bakarra, «labar txiki» hura, harkaitz beltz distiratsuzko amildegi babesgabea, hamabost edo hamasei bat oin gora altxatzen zen azpian genuen harkaitz mordotik. Ezerk ez ninduen eramango ertz hartatik dozena erdi bat iarda baino gutxiagora. Zinez diot, hain larritzen ninduen nire lagunaren posizio arriskutsuak, non lurrean luze-luze etzan, inguruko sasiei heldu eta hala ere zerura begiratzen ere ez bainintzen ausartzen; eta aldi berean, alferrik saiatzen nintzen haizearen zakarrak mendiaren oinarriak berak ere arriskuan jarriko zituelako burutapena uxatzen. Denbora behar izan nuen eseri eta urrutira begiratzeko adina adore biltzeko.

       —Atera burutik irudipen horiek —esan zidan nire gidariak—, aitatu dizudan pasadizo hori gertatu zen lekuaren bistarik hoberena izan dezazun ekarri zaitut-eta hona... eta leku hori aurre-aurrean duzula kontatu nahi dizut istorio osoa.

       »Hemen —jarraitu zuen agureak, ezaugarritzen zuen modu berezi hartan—, hemen Norvegiako kostaldetik gertu gaude, hirurogeita zortzi graduko latitudean, Nordland-go probintzia handian... eta Lofodengo barruti beldurgarrian. Gu gauden mendi gailur hau Helseggen da, Mendi Lainotsua. Jarri tenteago... Heldu belarrari zorabioak jotzen bazaitu, horrelaxe... hara begiratu, beheko eraztun lurrinezko hori baino harantzago, itsasora.

       Burua erdi joanda, so egin eta ozeano zabal-zabala ikusi nuen. Ura hain zegoen iluna non Nubiako geografialariaren Mare Tenebrarumen kontakizun hura gogorarazi baitzidan. Gizakiaren irudimenak ezin asmatu du hura baino ikuspegi goibel eta negargarriagorik. Ikusmena irits zitekeen bezain urrun, munduaren hesiak bailiran, labar izugarri beltz eta irtenak ageri ziren eskuin eta ezker, lerroak eta lerroak; are goibelagoak egiten zituen olatuen aparrak bere gailur zuri beldurgarria labar harrien gainetik gora altxatzen zuenean, uluka eta orroka beti. Gu geunden amilburuaren pare-parean, itsas barnean bost edo sei milia harantzago, uharte txiki bat ikusten zen, itxura mortukoa; edo, zehatzago mintzatuz, uhartearen kokagunea antzematen zen, inguratzen zuten olatu ikaragarriei esker. Lehorretik bi mila inguru gertuago, beste uharte bat ikusten zen, tamainaz txikiagoa, oso malkartsua eta idorra, tarteka harkaitz ilunez inguratua.

       Itsasoaren itxurak, urrutieneko uhartearen eta kostaldearen arteko puskan, bazuen zerbait oso bitxia. Nahiz eta une horretan hain gogor jotzen zuen haizeak lehorraren aldera non itsas zabalean oso urruti ageri zen brigantin bat oihal handian bi erriza jarrita baizik ekaitzetik ezin babesturik baitzebilen, eta behin eta berriz desagertzen zen haren gila, guztiz urperaturik; ez zegoen ordea olatuen joan-etorri ohikorik batere, aitzitik, itsasoak astinaldi labur, laster, haserreak jotzen zituen, norabide guztietan, bai haizearen aurrez aurre, bai beste edonola. Aparrik ez zegoen ia, ez bazen harkaitzen ondo-ondoan.

       —Urrutieneko uharteari —jarraitu zuen agureak—, norvegiarrek Vurrgh deitzen diote. Erdian dagoena Moskoe da, eta Ambaaren da iparralderantz milia batera dagoena. Urrutiago Islesen, Hotholm, Keildhelm, Suarven eta Buckholm daude. Eta oraindik urrutiago —Moskoe eta Vurrgh uharteen artean—, Otterholm, Flimen, Sandflesen eta Stockholm. Horiek dira leku hauen izenak; baina zergatik izendatu behar ote ziren, hori ez dakigu ez zuk eta ez nik. Entzuten al duzu ezer? Antzematen al duzu uretan aldaketarik?

       Hamar bat minutu generamatzan Helseggen-go gailurrean. Lofodengo barnealdetik igo ginen, eta, hortaz, ez genuen itsasoa ikusi harik eta gailurrera iritsi eta gure aurrean lehertu zen arte. Agurea hizketan ari zela, hots gero eta ozenago bat entzuten zela konturatu nintzen, Ameriketako zelai batean bufalo talde handi batek egiten duenaren modukoa; eta aldi berean sumatu nuen une hartako itsas egoera, itsasgizonek zakartua deritzaten hori zena, aldatzen hasi zela bat-batean, eta ekialdera jotzen zuen itsaslasterra bihurtzen ari zela. Begira nengokiola ere, abiada izugarria ari zen hartzen; unetik unera handitzen zen, indarragotzen. Bost minutu geroago, itsaso osoa, Vurrgh-eraino, amorru ezin gobernatuzkoan lehertzen zen; baina Moskoe eta kostaldearen artean iristen zuen amorru hark bere gorena. Han, elkarren kontrako milaka kanaletan irekitzen eta bideratzen zen uren barren zabala, eta bat-batean lehertzen zen, inarrosaldi eroetan, gora eta behera, irakinean, txistuka, zirimola erraldoi eta kontatu ezinezkoetan biraka, ekialderantz murgilduz, jauzika ez bazen zurrunbiloka, urak sekulan iristen ez duen lastertasunaz.

       Minutu batzuen buruan, beste aldaketa bat gertatu zen, hura ere erabatekoa. Itsasoaren gaina zerbait berdindu zen, eta zurrunbiloak, banaka-banaka, desagertu egin ziren, eta aldi berean aparrezko zerrenda harrigarriak sortu ziren lehen halakorik batere ikusten ez zen lekuan. Aparrezko zerrenda haiek, azkenean, oso urrutira zabalduz, eta elkarri erantsita, desagertutako zurrunbiloen mugimendu birakari bera hartu zuten, zurrunbilo handiagoa osatzeko nonbait. Bat-batean zurrunbilo handia —guztiz bat-batean— bakandu egin zen, eta milia batetik gorako diametroa zuen zirkulu bat eratu zuen. Apar distiratsuzko eraztun zabal batek osatzen zuen zurrunbiloaren ertza; baina haren tantarik ez zen batere erortzen inbutu beldurgarriaren ahora, zeinaren barrenaldea, begiak iristen ziren lekuraino, urezko horma leun, distiratsu eta beltz-beltza baitzen, ostertzari buruz berrogeita bost bat graduko angeluan makurtua, kulunka zalapartariez abiada eroan biraka eta biraka zebilena, ahots beldurgarri bat, erdi garrasi, erdi orro, bidaliz haizetara, Niagarako ur-jauzi indartsuak berak ere, bere hilzorian, zerura jaurtikitzen duena ez bezalakoa.

       Oinarrietaraino dardaratzen zen mendia, eta harkaitzek zabu egiten zuten. Buruz behera etzan nintzen, eta belar eskasei heldu nien arrunt larrituta.

       —Hau —esan nion azkenean agureari—, hau Maelströmgo zurrunbilo handia da inondik ere.

       —Hala esaten zaio batzuetan —esan zuen—. Guk, norvegiarrok, Moskoe-ström deitzen diogu, erdibideko Moskoeko uharteagatik.

       Zurrunbilo hari buruz esaten zirenek ez ninduten inola ere prestatu ikusi berri nuenerako. Jonas Ramusen kontakizunak, horixe baita agian denetan xeheena, aztarnarik ere ez du ematen ez ikuskariaren handitasunaz, ez izugarriaz, ez behatzailea nahasten duen berritasun kutsu asaldagarriaz. Ez dakit ziur nondik ikusi ote zuen idazle hark zurrunbiloa, ez zein unetan. Baina ez Helseggenen gailurretik, ez behinik behin ekaitzak jotzen zuenean. Badira hala ere deskribapen horretan, xehetasunei dagokienez, hona ekar daitezkeen pasarte batzuk, oso motelak badira ere ikuskariak eragiten duen zirrara adierazterakoan.

       «Lofoden eta Moskoe bitartean» dio, «hogeita hamasei edo berrogei besokoa da uraren sakona; baina beste aldean, Ver (Vurrgh) aldera, asko gutxitzen da sakontasun hori, hainbesteraino non itsasontzi bat ezin baita igaro, ez behintzat harkaitzetan apurtzeko arriskurik gabe, ezta eguraldi ona egiten duenean ere. Itsasgora denean, habailetan egiten du itsaslasterrak Lofoden eta Moskoe arteko bitartea; ur-jauzi ozen eta beldurgarrienak nekez berdintzen ditu uraren itsasorako itzuliak; zenbait legoa urrutira ere entzuten da zarata, eta zurrunbiloak edo osinak hain izaten dira zabalak eta sakonak, non itsasontziak, haren erakarmenaren barruan sartzen baldin badira, erremediorik gabe gertatzen baitira irentsiak eta hondoratuak, beheko harkaitzen kontra txiki-txiki egiteraino; eta ura baretzen denean, gora igotzen dira ostera ere ontzien puskak. Baina itsasaldiaren aldaketaren unean bakarrik gertatzen dira soseguzko tarteak, eguraldi ona bada, eta ordu laurden bat baino ez dute irauten, itsasoa berriz ere harrotzen hasten baita pixkana-pixkana. Itsaslasterra gogorrenean dagoenean, eta ekaitz batek areagotzen badu lasterraren indarra, arriskutsua izaten da norvegiar milia bat baino barrurago sartzea. Txalupak, yateak eta itsasontziak eraman izan ditu lasterrak haren eraginpera iritsi baino lehen kontuz ez ibiltzeagatik. Era berean, noiznahi gertatzen da baleak ur-lasterretik gertuegi iritsi, eta uraren bortiztasunak menderatzea; eta halakoetan ezin esan dira nolako oihuak eta intziriak egiten dituzten, libratzeko eginahal alferrekoetan. Behin artz bat harrapatu zuen itsaslasterrak Lofodendik Moskoera igeri joan nahian, behera eraman zuen, eta artzak ikaragarrizko orroak egiten zituen, lehorrean ere entzuten zirenak. Izei eta pinu enborrak, itsaslasterrak urperatuta, erruz azaleratzen dira, baina txiki-txiki eginda denak, ezpal mordo baten gisara. Horrek argi adierazten du hondoa harkaitz zorrotzezkoa dela, eta zuhaitzak-eta haien artean jirabiran ibiltzen direla. Itsaslaster hau itsasoaren gora-beherek arautzen dute, alegia, sei orduz behin izaten diren itsasgora eta itsasbeherek. 1645. urtean, emakunde-igandeko goizean, hainbesteko zarataz eta indarrez jo zuen non kostaldeko etxeetako harriak berak ere lurrera erori baitziren».

       Uraren sakontasunari dagokionez, ezin ulertu nuen nola neur zitekeen zurrunbiloaren inguruan. «Berrogei beso» horiek Moskoeko zein Lofodengo kostaldetik gertuko kanalaren parte batzuei buruzkoak izango dira. Moskoe-strömek erdian duen sakontasunak ezin neurtuzkoa izan behar du; aski da Helseggengo harkaitz garaienetik ikusten den zurrunbiloaren osinari axaleko begiratu bat egitea hortaz jabetzeko. Beheko Flegeton ibai hartara gure gailurretik begiratuz, irribarre baino ezin egin izan nuen, gogoratu nuenean nolako xalotasunaz jasotzen dituen Jonas Ramus zintzoak, sinesgaitzak direlakoan, balea eta artzen pasadizoak; izan ere, guztiz ageriko gauza iruditzen baitzitzaidan, erakarmen hilgarri horren eraginpean gertatuz gero, gaurko itsasontzi handiena ere luma bat urakanaren kontra bezain babesgabe legokeela, eta berehala desagertuko litzakeela oso-osorik.

       Fenomeno hau esplikatzeko ahaleginak —eta batzuk, gogoan dut, aski egokiak iruditu zitzaizkidan irakurri nituenean—, oso bestelakoak gertatzen zitzaizkidan amildegiaren gailurretik ikusita, ez ninduten asetzen. Onespen zabalena duen ideia da ezen zurrunbilo honek, eta orobat Feroe uhartea arteko beste hiru zurrunbilo txikiagoek, «beste jatorririk ez dutela, itsasgoran eta itsasbeheran, gorakako eta beherakako olatuek harkaitz eta hondarrezko uharri baten kontra jotzen duten kolpea baino, zeren halako moduan geratzen da ura han itxita, non ur-jauzi bat bezala erortzen baita; hortaz, zenbat eta goragoa itsasaldia, orduan eta beherago joaten da ura bere erorian. Zurrunbilo edo ur-zirimola bat da horren guztiaren emaitza, zeinaren xurgatze indar harrigarria, beste saio batzuei esker, aski ondo ezagutzen baita». Horiexek dira Encyclopædia Britannicaren hitzak. Kircher eta beste zenbaiten aburuz, Maelström-en kanalaren erdian ba omen da osin bat Lurrean sartu, eta beste nonbait, oso urrun, ateratzen dena; irtetzen den lekuari dagokionez, Botniako Golkoa aipatzen dute idazle gehienek. Iritzi horri lotu zitzaion berehala nire irudimena, berez funtsik gabea zen arren; eta, nire gidariari aipatu niolarik, harrituta geratu nintzen entzun nionean esaten, nola, horixe bazen ere gai honi buruz norvegiarrek zuten ideia, berak ez zuen halakorik uste. Aurreko ideiari dagokionez, ez zuela ulertzen aitortu zuen; eta horretan ados nengoen berarekin, zeren, paperean argia izanik ere, guztiz ulertu ezinezkoa bihurtzen baitzen, eta baita zentzugabea ere, osinaren trumoi haren pean.

       —Ikusi duzu zurrunbiloa —esan zidan agureak—. Zatoz orain harkaitz honen atzera, eta babesean eseriko gara, hala motelagoa izango da-eta itsasoaren orroa. Istorio bat kontatuko dizut, Moskoe-ström horri buruz nik ere zer edo zer badakidala sinets dezazun.

       Eseri nintzen agureak esan bezala, eta istorioa kontatzen hasi zen.

       —Nik eta nire bi anaiek izan genuen behin belaontzi bat, goleta modura tresnatua, hirurogeita hamar bat tonakoa. Ontzi hartan ibiltzen ginen arrantzan Moskoeren atzealdeko uharteetan, Vurrgh-tik gertu. Itsasaldi harroa den guztietan izaten da arrantza ona, une egokietan, saiatzeko kemena izanez gero; baina Lofodengo arrantzaleen artean, hirurok bakarrik joaten ginen maiz uharteetara, esan dizudan bezala. Ohiko arrantza lekuak askoz ere urrutiago daude, hegoalderantz. Han noiznahi egin daiteke arrantzan, arrisku handirik gabe. Baina inguru honetan dauden aukerako lekuetan, harkaitzen artean, askoz arrain gehiago dago, eta ugariagoa da gainera; eta hala, egun bakar batean harrapatzen genuen guk beste batzuek, halako ausardiarik gabe, aste betean ere bilduko ez luketena. Izan ere, ausarkeria zen geurea, lana egin ordez bizitza arriskatzen baikenuen, eta kemena hartzen kapital bakartzat.

       »Hemendik bost bat milia gorago dagoen badia txiki batean edukitzen genuen ontzia; eta, eguraldi ona zenean, itsasaldien arteko hamabost minutuez baliatuz, Moskoe-strömgo kanal nagusia gurutzatu eta osina baino askoz harantzago, Otterholm edo Sandflesen inguruan geratzen ginen ainguratuta, han zurrunbiloak ez baitira izaten beste lekuetan bezain bortitzak. Hantxe geratzen ginen, harik eta ia itsasaldi bitartea ailegatzen zen arte, eta orduan aingura jaso eta etxera abiatzen ginen. Ez ginen inoiz itsasoratzen joaterakoan nahiz etortzerakoan alboko haizerik ez bagenuen —bueltan ere faltako ez genuela ziur ez baginen—, eta gutxitan nahasten ginen horretan. Sei urtean, itsasoaren baretasuna zela-eta, bi bider geratu behar izan genuen gau osoaz aingura botata, barealdiak ez baitira askotan gertatzen hemen; behin kasik aste betez geratu behar izan genuen arrantza lekuan, goseak akabatzen, bertara ailegatu eta berehala altxatu zen haize eraso bat zela-eta. Arriskua hain zen handia, non erokeria baitzen gurutzatzen hastea. Orduko hartan, itsasoan barneratuko gintuen itsaslasterrak (zeren zurrunbiloek jira eta jira ibili baikintuzten, eta halako indarraz, non azkenean aingura askatu, eta herrestan eraman baikenuen), baldin eta zeharka doazen itsaslaster ugarietako batean sartu ez bagina —hemen da gaur, eta joana da bihar—; harexek eraman gintuen Flimengo babeslekuraino, eta han, Jainkoari eskerrak, gelditu ahal izan ginen.

       »Gure arrantza lekuan aurkitzen genituen arazoen hamarrena ere ezingo nizuke kontatu. Oso leku txarra da bertan egoteko, baita eguraldia ona denean ere; baina beti moldatzen ginen Moskoe-strömen erronka istripurik gabe gainditzeko, nahiz eta batzuetan bihotza ere estuturik izaten nuen, barealdia baino minutu bat lehenago edo geroago iristen ginenetan. Haizea batzuetan ez zen izaten hasieran iruditu bezain indartsua, eta halakoetan nahi baino bide laburragoa egiten genuen, itsaslasterraren indarragatik ontzia gobernatu ezin da. Anaia zaharrenak bazuen hemezortzi urteko seme bat, eta neuk ere banituen bi mutil galant askoak. Ederki lagunduko ziguten halakoetan, bai arraunean, bai arrantzan; alabaina, geure buruak arriskatu bai, baina bihotzik ez genuen gazteei arriskura joaten uzteko; zeren, esan dizudanagatik ere, izugarrizko arriskua baitzen hangoa, eta gezurra litzateke besterik esatea.

       »Egun batzuk falta dira kontatu behar dizudana gertatu zenetik hiru urte betetzeko. Uztailaren hamarra zen, 18....go urtean, munduaren parte honetako jendeak inoiz ahaztuko ez duen eguna, sekula zeruetatik etorri den urakan ikaragarrienak jo baitzuen. Baina goiz osoan, eta arratsaldean berandu arte, hego-mendebaldeko haize gozo leuna izan zen eta eguzkiak distiratsu argitzen zuen. Gure arteko itsasgizon zaharrenak ere ez zuen iragarriko ondoren zetorrena.

       »Eguerdiko ordubiak aldera abiatu ginen hirurok —bi anaiak eta neu— uharteetara, eta arrain ederrez bete genuen berehala ontzia; inoiz ikusi genuena baino arrain gehiago zegoen egun hartan, hirurok esan genuen. Strömgo parterik txarrena itsasaldien artean egiteko asmoa hartuta, zazpiak-edo izango ziren —nire erlojuan—, aingura jaso eta etxerako bidea hartu genuenean, bai baikenekien zortzietan izango zela itsasaldi bitartea.

       »Istriborko haize ederra genuela itsasoratu ginen, eta puska batean bizi-bizi joan ginen, arriskuaz akordatu ere gabe, ez baikenuen sumatzen arriskuaren arrastorik batere. Bat-batean, aurrez aurre jo gintuen Helseggendik zetorren haize bolada batek. Oso gauza bitxia zen —sekula ez zitzaigun halakorik gertatu—, eta larritzen hasi nintzen, zergatik ondo jakin gabe ere. Ontzia haize kontra jarri genuen, baina, bareguneak zirela-eta, ahaleginak eginda ere ezin genuen aurrera egin. Ainguratuta egondako lekura itzultzea proposatzekotan nintzela, txopara begiratu, eta abiada txundigarriaz altxatzen zen hodei kobre-kolore bitxi batek estalia ikusi genuen ostertza.

       »Bitarte horretan, desagertu egin zen bultzatzen gintuen haizea, eta bare-bare geratu ginen, batera eta bestera kulunkan. Egoera horrek, nolanahi ere, ez zuen askorik iraun, ez behintzat hartan pentsatzeko beta izateko. Minutu bat pasa baino lehen, gainean genuen ekaitza; bi minutu joan ez, eta zerua osorik zegoen estalia. Eta horrekin, eta itsasoaren aparrarekin, hainbeste ilundu zuen, non ontzikoek elkar ikusi ere ez baikenuen egiten.

       »Alferrik da orduan jo zuena bezalako urakan bat deskribatzen saiatzea. Norvegiako itsasgizon zaharrenak ere ez du sekulan halakorik ikusi. Haizeak harrapatu baino lehen hedatu genituen bela guztiak; baina, aurreneko erasoaldian, han joan ziren zerratu balituzte bezala gure bi mastak itsasora... eta masta nagusiak berekin eraman zuen gure anaia gazteena, hari lotu baitzitzaion seguruago egotearren.

       »Uretan ipini den lumarik arinena zen gure ontzia. Gaina erabat itxia zeukan; ataka bat besterik ez zegoen brankaren aldean, eta hura ondo-ondo ixten genuen beti Ströma gurutzatu behar genuenetan, itsaso harroaren kontra babesteko. Horregatik izan ez balitz berehala hondoratuko ginen, zeren zenbait minutuz urpean egon baikinen osorik. Ezin esan dut anaia zaharrena nola libratu zen itotzetik, ikusteko betarik ere ez bainuen izan. Niri dagokidanez, trinketa askatu bezain laster, luze-luze etzan nintzen ontzian, brankako karel estuaren kontra oinak ipini, eta, eskuekin, masta nagusiaren oinarritik gertu zegoen burdinazko uztai bati heldu nion. Sen hutsez jokatu nuen —horixe zen ordea egin nezakeen gauzarik hoberena—, pentsatzeko ere ikaratuegia nengoen-eta.

       »Zenbait minutuz, esan dudan bezala, erabat urperatuta egon ginen, eta denbora horretan guztian arnasari eutsi nion, uztaiari helduta. Gehiago ezin iraun izan nuenean, eskuak askatu gabe, belauniko jarri nintzen, eta, hala, burua atera ahal izan nuen. Une hartan gure ontzitxoak astindu bat egin zuen, zakur batek uretatik ateratzean egiten duen bezalakoxea, itsasoaz apur bat libratzeko. Ahaleginean ari nintzen gaineratu zitzaidan sorgortasuna gainditu nahian, nire onera etorri eta zer egin pentsatzeko, eta hartan norbaitek besotik heltzen ninduela sentitu nuen. Anaia zaharrena zen, eta bihotzak pozez jauzi egin zidan, etsita bainengoen itsasoan zela; baina hurrengo unean izu-laborri bihurtu zen poz hura, zeren ahoa nire belarrian ipini, eta, garrasika, hitz hau esan baitzidan: Moskoe-ström!

       »Sekula inork ez du jakingo nolako zirrara sentitu nituen une hartan. Burutik oinetara hasi nintzen dardarka, sukarraldi gogor batek jota bezala. Ondo asko ezagutzen nuen hitz haren esanahia. Banekien zer adierazi nahi zidan anaiak. Une hartan bultzatzen gintuen haizearekin, zuzenean gindoazen Strömgo zurrunbilora, eta ezerk ezin gintuen salbatu.

       »Konturatuko zinenez, Strömgo kanala gurutzatuz zurrunbiloa baino askoz gorago joaten ginen beti, baita eguraldi bareenarekin ere, eta zain geratzen ginen gero, kontuz eta arretaz, barealdia noiz iritsiko; baina orduko hartan zuzen-zuzen gindoazen zurrunbilora... Noiz eta hura bezalako urakan batek jotzen zuenean! «Seguru aski, pentsatu nuen, lasaialdiaren unean iritsiko gara hara... eta horrekin izan dezakegu itxaropenik». Baina hurrengo unean neure burua madarikatu nuen, itxaropenean pentsatzeko bezain ergela izateagatik. Bai bainekien, ondo asko gainera, galduak ginela, baita itsasontzi hamar aldiz handiago batean egon bagina ere.

       »Joana zen ordurako ekaitzaren lehen erauntsia, edo beharbada ekaitzaren aurretik gindoazelako ez genuen hainbeste sentitu; nolanahi ere, lau eta apartsu eduki zuen haizeak hasieran itsasoa, baina gero mendi eskergetan hasi zen altxatzen. Zeruan ere aldaketa bitxi bat gertatu zen. Oraindik bel-beltza zegoen, baina, guztiz bat-batean, oskarbi agertu zen gure gainean, sekulan ezagutu dudan zerurik argiena, urdin kolore bizi-bizikoa, eta hantxe ageri zen ilargi betea, ikusi gabea nintzen bezalako distiraz. Zehaztasunik handienaz argitzen zuen gure inguru guztia. Baina, Jainkoa, hura ikuskaria argitzen zuena!

       »Anaiarekin hitz egiten ahalegindu nintzen; baina, ezin ulertu nuen modu batez, hainbesteraino handitu zen burrunba non ez baitzidan hitzik aditzen, belarrira ikaragarrizko garrasiak eginagatik ere. Halako batean buruari eragin zion, heriotza bezain zurbil, eta hatz bat luzatu zuen, esateko bezala: entzun!

       »Hasieran ezin nuen ulertu zer esan nahi zidan, baina ideia gaizto bat bururatu zitzaidan segituan. Erlojua atera nuen sakelatik. Ez zebilen. Ilargiaren argitan erreparatu nuen, negar-malkoetan lehertu nintzen, eta itsasora bota nuen. Zazpietan geratua zen! Pasea zen barealdia, eta furia bete-betean zegoen Strömgo zurrunbiloa!

       Itsasontzi bat ondo egina denean, ondo tresnatua badago, eta zama handirik ez badu, haizeak bultzatzen du ekaitz gogorra denean, eta olatuak ontziaren azpitik irristatzen direla ematen du beti (oso gauza bitxia iruditzen zaio hori lehorrekoari); zamalkatzea esaten zaio horri itsasoko hizkeran. Kontua da ordu arte oso ondo joan ginela olatuen gainean, zamalkatuz; baina une hartan ur puska erraldoi batek hartu gintuen beheko txopatik, eta berarekin eraman gintuen gora egin zuenean, gora eta gora, zeruraino igoko bagina bezala. Olatuak hain handiak izan zitezkeenik ez zitzaidan burutik pasa ere egingo. Eta gero behera joan ginen, abailetan, irristatuz eta murgilduz, eta, zorabioak hartuta, arrunt gaizkitu nintzen, mendi tontor handiren batetik behera ametsetan eroriko banintz bezala. Goi-goian ginenean begiratu azkar bat egin nuen ingurura... eta aski izan nuen. Istant batean ikusi nuen zehatz-mehatz non ginen. Moskoe-strömgo zurrunbiloa milia laurden bat aurrerago zegoen; baina hura ez zen betiko Moskoe-ström, zuk hemen ikusten duzun zirimola hau putzu batekoa ez den bezala. Non ginen jakin ez banu, eta zer espero behar genuen, ez nuen leku hura ezagutuko. Gauzak ziren bezalakoak izanik, izumenez itxi nituen begiak. Betazalak elkarrekin lotzen zitzaizkidan, espasmoak jota bezala.

       »Ez ziren bi minutu baino gehiago pasatuko, eta bat-batean olatuak txikiagotzen ari zirela sumatu genuen, eta aparrak inguratzen gintuela. Ontziak bira erdi bat egin zuen ababor aldera, eta tximista bezala abiatu zen gero norabide hartan. Une hartan bertan, ulu zorrotz baten moduko zarata batek ito zuen uraren orroa... Ehunka lurrin baporek beren lurrina batera botata egingo luketenaren moduko zarata zen. Iritsiak ginen zurrunbiloa inguratzen duen aparrezko eraztunera; eta pentsatu nuen, jakina, osinean murgilduko ginela ondoren. Osinaren barrenaldea ezin genuen ondo ikusi, bultzatzen gintuen lastertasun txundigarria zela-eta. Belaontzia ez zirudien urperatuko zenik, aldiz, airezko burbuila bat bailitzan zihoan olatuen gainetik, irristadan bezala. Istriborra zegoen zurrunbiloaren aldean, eta ababorretik altxatzen zen utzi berria genuen itsas zabala. Horma eskerga bat dardarka jarri, eta halaxe altxatzen zen itsasoa gu eta ostertzaren artean.

       »Harrigarria emango du, baina une hartan, osinaren ahoan bertan ginela, lasaiago sentitu nintzen inguratzen ari ginenean baino. Itxaropenik gehiago ez izatea erabakita, joan egin zitzaidan hasieran zoratuta eduki ninduen izuaren parte handi bat. Etsipenak sosegatuko zizkidan noski nerbioak.

       Harrokeria dirudi —bene-benetan ari natzaizu ordea—, baina gogoetan hasi nintzen zeinen gauza handia zen modu horretan hiltzea, eta zorakeria zela nire bizitza bezalako huskeriaz arduratzea, Goikoaren ahalmenen erakusgarri hain zoragarria ikusteko aukera izanik. Uste dut lotsaz gorritu ere egin nintzela ideia hori bururatu zitzaidanean. Zirimolari berari buruzko jakin-min handi batek hartu ninduen geroxeago. Sentitu nuen, benetan, haren zokoak esploratzeko desira, baita egin behar nuen sakrifizioa ordainduz ere; eta lehorreko lagun zaharrei ikustekotan nintzen misterioen berri eman ezina, horixe nuen penarik handiena. Ideia horiek, dudarik ez dago, bitxiak dira gizon batek noiz eta halako egoera batean buruan ibiltzeko; orduz geroztik sarritan pentsatu izan dut burua ez ote zidaten arindu ontziak osinaren inguruan egiten zituen itzuliek.

       »Beste gauza bat ere izan zen, berriz ere neure onera ekarri ninduena; haizea geratu egin zen, ezin baikintuen harrapatu une hartan geunden lekuan. Izan ere, zerorrek ikusten duzunez, aparrezko eraztuna askoz ere beherago dago itsasoaren maila baino; une hartan ordea gure gainetik zegoen, horma altu, beltz, eskerga bihurtuta. Ekaitz gogor batean ez bazara itsasoan sekula suertatu, ezin zara konturatu zenbaterainoko buru nahasketa sortzen duten haizeak eta aparrak batera. Itsutu egiten zaituzte, gortu, ito, eta ezer egiteko edo pentsatzeko ahalmena kentzen dizute. Baina orduan, neurri batean behintzat, libre ginen horrelako eragozpenetatik, heriotzara kondenatutako gaizkileek litxarreria batzuk, kondena oraindik ziurra ez zenean debekatuak zituztenak, libre dituzten bezala.

       Ezin esan da zenbatetan egin genuen eraztunaren buelta. Jira eta jira aritu ginen, ordubetez beharbada, itsas azaletik baino areago itsas gainetik hegan, indargunearen gero eta erdirago, haren barneko ertz beldurgarritik gero eta hurbilago. Denbora horretan guztian ez nuen uztaia askatu. Anaia beheko txopan zegoen, karelaren azpian ondo lotuta zegoen upel huts bati helduta, huraxe baitzen aurrenekoz harrapatu gintuenean ekaitzak eraman ez zuen gauza bakarra. Osinaren ertzera hurbiltzen ari ginenean, upela askatu, eta uztaian lotzera etorri zen anaia; bere izumenaren hilzorian, nire eskuak apartatzeko ahaleginetan hasi zen, uztaia ez baitzen bioi helduleku segurua eskaintzeko bezainbestekoa. Sekulan ez dut min handiagorik sentitu ahalegin horretan ikusi nuenean baino, une hartan erotuta zegoela ondo nekien arren, beldurraren ikaragarriak guztiz zoratutako gizona zela. Baina borrokan hasi ere ez nintzen egin. Ederki asko nekien ez zuela axola biotatik zeinek heltzen zion uztaiari; hortaz, nire lekua utzi nion eta txopara joan nintzen, upelera. Ibiltzea ez zen gauza zaila; izan ere, ontzia seguru mugitzen baitzen, maila beti berean, zurrunbiloaren olatu eta mugimendu ikaragarriekin zabu eginez bakarrik. Ez al nintzen nire helduleku berrian kokatu, zabu ikaragarria egin genuen istribor aldera, eta zuzenean amildu ginen zulora. Otoitz isil labur bat egin nion Jainkoari, eta dena bukatu zela pentsatu nuen.

       »Beheraldiaren zorabioarekin, oharkabean estutu nituen eskuak upelaren gainean, eta begiak itxi nituen. Zenbait segundoz, berehalako suntsitzea espero bainuen, ez nintzen begiak zabaltzen ausartu, eta harritu ere egin nintzen ez nenbilelako uraren kontra heriozko borrokan. Baina han joan zen une bat bestearen ondoren, eta bizirik nengoen oraindik. Erortzearen sentipena eten egin zen; eta ontziaren mugimenduak aurreko bera zirudien, alegia, aparrezko eraztunean geundenean bezalakoa, ontzia lehen baino makurtuago zegoela izan ezik. Adore hartu, eta begiak ireki nituen ostera.

       »Inoiz ez dut ahaztuko nolako beldur, izumen eta miresmenez begiratu nuen nire ingurura. Ontzia zintzilik geratu zela zirudien, magiaz bezala, berehanzko bidearen erdian, zirkunferentziaz izugarri handia eta sakonean harrigarria zen inbutu baten barruko azalean. Inbutuaren horma guztiz leunak ebanoarekin nahastuko ziren, baldin eta lastertasun beldurgarriaz jiratuko ez balira, eta argitasun dirdaitsu fantasmagorikoa igorriko ez balute, zeren ilargi betearen izpiak, lehenago deskribatu dudan hodeien arteko soilune biribiletik irtenda, urre kolorezko uholde loriagarri bat osatuz sartzen baitziren horma beltzen artetik, eta baita askoz beherago ere, osinaren bazter barrenekoetaraino.

       »Ezeri erreparatzeko ere nahastuegia nengoen hasieran. Handitasun ikaragarri haren eztanda besterik ezin nuen ikusi. Neure onera itzultzen hasi nintzenean ordea, begiak berez joan zitzaizkidan beherantz. Osinaren azal makurtuan belaontzia zintzilik zegoen moduagatik, eragozpenik gabeko bista nuen norabide hartan. Gila galgatua zegoen, hau da, ontziaren gaina paralelo zegoen uraren planoari buruz, baina ura berrogeita bost gradutik gorako angeluan zegoen makurtuta, eta, hortaz, alboratuta geundela ematen zuen. Alabaina, konturatu nintzen ez nuela askoz neke handiagorik hartu behar neure buruari eusteko ontzia zuzen balego baino; biratzearen lastertasunari zor zitzaion hori nik uste.

       »Ilargiaren izpiek osinaren azken-azkenera iritsi nahi zutela irudi zuen. Hala ere, behea osorik biltzen zuen laino trinkoa zela-eta, ezin nuen ezer ondo bereizi. Ostadar bikain bat ageri zen lainoaren gainean, musulmanen ustez Denboraren eta Betikotasunaren arteko bide bakarra den zubi estu eta kulunkari hori bezalakoa. Laino hori, edo bitsa, inbutuaren pareta handien elkar jotzeak sortzen zuen dudarik gabe, behe-behean elkartzen baitziren denak; baina laino hartatik Zeruetara igotzen zen ulua, hori ez naiz deskribatzen ausartzen.

       »Goiko eraztun aparrezkotik osinera bertara erori ginenean oso urruti joan ginen maldan behera; baina ondorengo beheraldia ez zen inola ere aurrenekoaren parekoa izan. Jira eta jira aritu ginen, ez mugimendu uniformeetan, zabu eta astindu zorabiozkoetan baizik. Zabu eta astindu haiek iarda gutxi batzuk mugiarazten gintuzten zenbaitetan, eta besteetan berriz zurrunbiloaren jira osoa eginarazten ziguten ia-ia. Beherakada, bira bakoitzean, motela zen, baina erraz antzemateko modukoa halere.

       »Era horretan gindoazen ebanozko isuri zabal hartara begiratuz, laster konturatu nintzen gure ontzia ez zela zurrunbiloaren barruan zegoen gauza bakarra. Itsasontzi puskak ageri ziren gure gainetik nahiz azpitik, egur masa handiak eta zuhaitz enborrak, eta bestelako gauzak ere erruz, txikiagoak ordea, etxeko altzarien puskak, kutxa hautsiak, upelak eta oholak. Aipatu dut lehenago ere nire hasierako izu-laborrien lekua hartu zuen jakin-nahi naturaren kontrakoa. Nire patu beldurgarrira hurbildu ahala, jakin-nahi hori hazi egiten zela ematen zuen. Begira jarri nintzen, interes bitxiz, inguruan zebiltzan gauza ugarietara. Zoratuta behar nuen egon, zeren dibertsioa ere bilatzen bainuen, beheko aparraren alderako jaitsialdien lastertasun erlatiboen gainean gogoetan. «Izei zuri horrek», aurkitu nuen halako batean neure burua esaten, «horrexek jauzi egingo du hurrena, eta horixe desagertuko da», eta gero zapuztuta geratzen nintzen, ikusirik lehenago desagertzen zirela, zuhaitzari aurrea hartuta, salgai-ontzi holandar baten hondakinak. Azkenean, era horretako hainbat saio egin ondoren, eta denetan huts eginik, hortaz ohartzeak —alegia, huts egiten nuela beti—, beste hausnarbide batean abiarazi ninduen, eta zangoak berriz ere dardarka jarri zitzaizkidan, eta taupada lasterrean hasi zitzaidan ostera bihotza.

       »Ez zen ikara mota berri bat nigan hainbesteko eragina izan zuena, itxaropen zirraragarriago baten sorrera baizik. Itxaropen hori, partez, memoriatik sortzen zen, eta partez ikusten ari nintzenetik. Gogora etorri zitzaidan, nola, Lofodengo kostaldean barreiaturik, era askotako gauzak agertzen ziren, Moskoe-strömek beretuak aurrena eta egotziak gero. Gauza gehienak txiki-txiki eginda egoten ziren, modu harrigarrian: marraskatuta bezala eta ezpalduta irteten ziren, halako moduan non zotz mordoa baitziruditen; baina gero garbi-garbi gogoratu nuen nola izaten ziren gauza batzuk batere desitxuratu gabeak. Diferentzia hori ordea ezin nuen esplikatu, ez bazen pentsatuz guztiz irentsiak gertatu zirenak zirela gauza ezpalduak, eta besteak berriz itsasaldiaren beranduko aldi batean sartuko zirela zurrunbiloan, edota, zerbaitengatik, sartu eta hain mantso jaitsi zirela, non ez baitziren hondoa ukitzera iritsi itsasgora edo itsasbehera baino lehen, zer tokatzen zen. Iruditu zitzaidan, kasu batean zein bestean, gauza haiek zurrunbiloak berak itzuli ahal izan zituela itsasoaren azaleraino, eta ez zutela lehenago hondoratuak edo lasterrago irentsiak gertatu zirenen patu bera pairatu. Aldi berean, hiru gauza garrantzitsuz ohartu nintzen. Lehenik, arau orokor gisa, zenbat eta handiagoak gorputzak, lasterragoa izaten zen haien beheraldia; bigarren, neurri bereko bi masaren artean, esferikoa izanik bata, eta bestea beste edozein formatakoa, esfera jaisten zen beti lasterrena; hirugarren, neurri bereko bi masaren artean, bat zilindrikoa bazen, eta bestea beste edozein formatakoa, motelago hondoratzen zen zilindroa. Nire ihesaldiaz gero, frankotan hitz egin dut gai honen gainean gure barrutiko eskola-maisu batekin; eta harengandik ikasi dut nola erabiltzen diren "zilindro" eta "esfera" hitzak. Harexek esplikatu zidan —ahaztu zait ordea esplikazioa—, ur azalean zeuden pusken formaren berezko ondorioa zela nik antzeman nuena, eta erakutsi zidan nola zilindro batek, ur zurrunbilo baten azalean, erresistentzia handiagoa jartzen dion hondoratzeari, eta nekezago barneratzen den, neurri bereko gorputz batek baino, edozein delarik ere gorputz horren forma.

       »Bazen beste gertaera harrigarri bat ideia horiek biziki sendotzen zituena, eta ziurtatzeko grina piztu zidana; izan ere, upela zirudien gauza bat gainditzen genuen jira bakoitzean, edo ontzi baten bela-zurruna edo masta, eta haien antzeko beste asko. Eta non konturatzen naizen ezen, zurrunbiloaren zoragarria ikusi nahian begiak zabaldu nituenean, lehen gure maila berean egondako gauzak, gu baino askoz ere gorago zeuden oraingoan, eta ez zuen ematen askorik mugitu zirenik hasieran zeuden lekutik.

       »Ez nuen zalantzarik egin. Helduta nengon upelera estu lotzea erabaki nuen, hura karelpetik askatu, eta upelean lotuta uretara jauzi egin. Keinuka, gugandik hurbil zebiltzan upelak seinalatuz, abisu egin nion anaiari, eta ahal nuen modu guztietan ahalegindu nintzen nire asmoak adierazten. Azkenean iruditu zitzaidan ulertu zuela nire ideia; baina, ulertu ala ez, etsipenez eragin zion buruari, eta uko egin zion uztaiaren ondoko leku hartatik mugitzeari. Ezin iritsi nintzen berarengana; larritasunak ez zidan atzerapenerako betarik ematen, eta hala, borrokaldi latz baten ondoren, bere patuari jarrai zekion utzi nion; upela karelpean estekatzen zuten uhalez baliatuz, upel hartan bertan neure burua lotu eta jauzi egin nuen itsasora, duda-mudatan ibili gabe.

       »Espero nuen huraxe izan zen emaitza. Istorio hau neroni ari natzaizu kontatzen, ikusten duzu handik ihes egin nuela, eta nola ere badakizu. Aldez aurretik asmatuko duzu beraz esan behar dizudan guztia, eta, hortaz, labur amaituko dut nire istorioa. Ordubete-edo pasatuko zen ontzia utzi nuenetik, eta halako batean, ni baino askoz beherago joan ondoren, ontziak lau edo bost bira egin zituen segidan, oso laster, eta, nire anaia maitea berarekin zeramala, zuzen-zuzen murgildu zen, bat-batean eta betiko, beheko aparraren kaosean. Ozta-ozta jaitsia zen lotuta nengoen upela osinaren hondoaren eta ontzitik jauzi egin nuen lekuaren arteko distantziaren erdia baino beherago, eta, hartan, aldaketa handi bat gertatu zen zurrunbiloaren nolakoan. Gutxitzen hasi zen inbutu zabalaren alboen malda. Zurrunbiloaren birek indarra galtzen zuten pixkana. Mailaka-mailaka, aparra eta ostadarra desagertu ziren, eta osinaren behealdea goratzen ari zela irudi zuen. Zerua oskarbi zegoen, desagertua zen haizea, eta ilargi beteak distiratsu argitzen zuen mendebaldean, Lofodengo kostaldea begien bistan nuela, itsasoaren azalean agertu nintzenean, Moskoe-strömgo osina egondako lekuaren gainean. Barealdiaren ordua zen, baina, urakanaren ondorioz, olatu izugarrietan altxatzen zen oraindik itsasoa. Olatuek bultzatu ninduten Strömgo kanalera, eta minutu gutxian kostaldera heldu nintzen, arrantza lekura. Itsasontzi batek jaso ninduen, nekeak lehertuta, eta (desagertua baitzen arriskua) izumenaren oroitzapenarekin hitzik egin ezinik. Lankide zaharrak nituen ontzira igo nindutenak, eguneroko lagunak; ez ninduten ezagutu ordea, espirituen mundutik etorria ezagutuko ez zuten bezala. Bezperan bel-beltza nuen ilea, eta orain ikusten duzun bezain zuria nekarren. Aurpegiera ere guztiz bestelakoa omen nuen. Kontatu nien nire istorioa, baina ez zuten sinetsi. Orain zuri kontatzen dizut, baina ez dut espero Lofodengo arrantzale alaiek baino errazago sinetsiko duzunik.

 

 

Erretratu obala

 

       Gaztelu hura, nire zerbitzariak, nire zauri larri haiekin gaua kanpoan pasatzen utzi baino, oldarrean sartu nahiago izan zuena, iluntasuna eta handitasuna bateratzen dituzten eraikin erraldoi horietako bat zen, Apeninoetan han-hemen luzaro kopetilun egon direnetakoa, ez gutxiago errealitatean Radcliffe andrearen irudimenean baino. Itxura osoa zuen utzi berria zela, aldi baterako nonbait. Gela txikien eta altzari soileneko batean hartu genuen egoitza. Gazteluko dorre urrun batean zegoen. Apaingarri aberatsak zituen, hondatuak eta zahartuak ordea. Hormak tapizez estaliak zeuden, eta era askotako armarriez apainduak; margolan modernoak ere asko zeuden, bizitasunez beteak, arabeskozko marko urre-kolore aberatsetan ipiniak. Margolan haiek —eta ez zeuden hormetan bakarrik zintzilikatuak, aitzitik, baziren gazteluaren arkitektura bitxiak sorrarazten zituen zoko ugarietan ere—; margolan haiek biziki erakarri ninduten, nire eldarnio hasi berriagatik beharbada; gelako ate-leiho astunak itxi zitzala eskatu nion, bada, Pedrori —gaua baitzen ordurako—, piztu zitzala nire ohearen burualdean zegoen argimutil luze baten kandela guztiak, eta zabal zitzala alderik alde ohea inguratzen zuten belus beltzezko errezel parpailadunak. Halaxe nahi nuen gela, gero, loak hartzen ez baninduen, besterik ezean, margolan haiei begiratu eta burkoaren gainean aurkitu nuen liburutxo bat, margolanak kritikatzen eta deskribatzen omen zituena, aztertu ahal izateko.

       Luze, oso luze, aritu nintzen irakurtzen, eta arduraz, ardura handiz, begiratu nituen margolanak. Laster eta atsegin joan zitzaizkidan orduak, eta iritsi zen gauerdia. Argimutila ez zegoen lekurik egokienean, eta, nire zerbitzaria erdi lotan zegoenez, ez bainuen esnatu nahi, neke handiz eskua luzatu eta lekuz aldatu nuen, argiak liburu gainean beteago jo zezan.

       Inola ere espero ez nuen ondorioa izan zuen ordea mugimendu hark. Kandelen argi izpiek (kandela asko baitzen), horma-zulo bat argitu zuten, ordu arte ohearen habeetako baten itzal ilunean ezkutaturik geratua. Era horretan ikusi nuen garbi-garbi han zegoenik ere sumatu ez nuen margolan bat. Neska gazte baten erretratua zen, justu-justu emakumetzen ari zen unekoa. Margolanari begiratu arin bat egin, eta begiak itxi nituen. Zergatik itxi oten nituen, neronek ere ez nekien hasieran. Baina betazalak bilduta nituela, bururatu zitzaidan zergatia. Bere kasa itxi zitzaizkidan, pentsatzeko denbora irabazteko, begiek engainatu ez nindutela ziurtatzeko, irudimena baretu eta menderatzeko, eta, hala, sosegatuago eta ziurrago begiratu ahal izateko. Handik minutu gutxira berriz erreparatu nion, zuzen-zuzenean, margolanari.

       Orduko hartan ondo ikusten nuela, hortaz ezin nuen eta ez nuen dudarik egin; zeren ematen baitzuen oihala jo zuen lehen izpiak desagerrarazi zidala zentzumen guztietara zabaldua nuen lozorro ameslari hura, eta berehalakoan esnatu ninduela.

       Erretratua, esan dut lehen, neska gazte batena zen. Haren burua eta lepoaldea besterik ez zuen hartzen, eta teknikoki vignette deritzan moduan egina zen, Sullyren buru gogokoenen tankerara. Besoak, bularra, baita ile distiratsuaren ertza bera ere, ezin antzemateko moduan desagertzen ziren erretratuaren atzealdea osatzen zuen itzal lauso baina sakonean. Markoa obala zen, urre kolore aberatsekoa eta estilo moriskoko filigranez apaindua. Artelan zen neurrian, ezin zitekeen gauza miresgarriagorik izan margolan hura baino. Baina ez lanaren egikerak, ez begitartearen edertasun hilezkorrak, ezin izan ninduten hain bat-batean eta hain barruraino asaldatu. Are gutxiago izan zitekeen nire irudimenak, bere lozorrotik astinduta, buru hura pertsona bizi batenarekin nahastu izana. Berehala konturatu nintzen marrazkiaren berezitasunek, vignettearenak, eta markoarenak, sortu bezain laster uxatu zutela ideia hori, istant bakar batez ere halakorik pentsatzea eragotzi zutela. Pasatuko nuen ordu bete agian gauza horiez hausnarrean, erdi eserita, erdi etzanda, begiak erretratuan iltzatuta. Azkenean, margolanaren efektuaren benetako sekretuarekin lasaiturik, ohe gainean etzan nintzen ostera. Adierazpenaren bizitasun itxura erabatekoan aurkitu nuen margolanaren lilura, eta hasieran bizitasun hura harrigarria gertatu bazitzaidan ere, azkenean nahasi, menderatu eta guztiz izutu ninduen. Zirrara sakon eta errespetuzko batez, lehengo lekuan jarri nuen berriz argimutila. Begien bistatik urrunduta beraz nire asaldura haren eragilea, margolanak eta haien historiak agertzen zituen liburura jo nuen larri. Erretratu obala izendatzen zuen zenbakira joan, eta hantxe irakurri nituen ondorengo hitz lauso eta bitxi hauek:

       «Edertasun guztiz bereziko dontzeila zen, eta maitagarria bezain bizitasunez betea. Eta zoritxarrekoa izan zen margolaria ikusi, eta maitatu, eta esposatu zuen eguna. Gizona, suharra, jakinzalea, zorrotza, eta Artearekin jada ezkondua; neska, edertasun berezieneko dontzeila, eta maitagarria bezain bizitasunez betea; oro argitasun eta irribarre, eta oreinkumea bezain jostaria; gauza guztiak maitatzen eta gozatzen zituena; Artea baino gorroto ez zuena, hura baitzuen arerioa; bere maitearen begitartea lapurtzen zioten paletak eta pintzelak eta gainerako tresna gaiztoek bakarrik ikaratzen zutena. Hala bada, izugarria izan zen dama harentzat margolaria bere emazte gaztearen erretratua egiteko desioaz mintzatzen entzutea. Emakume apala zen ordea, eta esanekoa, eta umil-umil eman zituen aste asko eta asko dorreko gela ilun, altuan eserita, argiak oihal zurixka goitik bakarrik jotzen zuen gela hartan. Baina bera, margolaria, bere lanaz loriatzen zen, eta orduak eta orduak, egunak eta egunak ematen zituen lanean. Eta gizon suharra zen, eta gogorra, eta haserrea, ametsetan galtzen zena; eta ez zuen ikusi nahi dorre bakartu hartan halako modu beldurgarrian jotzen zuen argiak nola hondatzen zituen bere emaztearen osasuna eta indarra, ahitzen ari baitzen bere senarraz beste guztien bistan. Hala ere emazteak irribarre egiten jarraitzen zuen, kexurik gabe, zeren ikusten baitzuen atsegin arras bizia hartzen zuela margolariak (zeinak ospe handia baitzuen) bere egitekoan, eta gau eta egun aritzen zela bere senarra hain maite zuen, baina hala ere egunetik egunera motelagotzen eta ahultzen zen hura margotzen. Eta erretratua ikusi zuten batzuek antza aipatzen zuten, isilka, mirarizko gauza bailitzan, eta margolariaren gaitasunaren froga bezainbeste, hain zoragarri margotzen zuen emaztearenganako maitasunaren froga balitz bezala. Baina azkenean, lana bukatzen ari zenean, inori ez zioten uzten dorrean sartzen; erotu egin baitzen margolaria bere lanaren eginahalean, eta begiak ez zituen oihaletik ia apartatzen, ezta emaztearen begitarteari so egiteko ere. Eta ez zuen konturatu nahi aldamenean eserita zeukan emakumearen masailetatik atereak zirela oihalean zabaltzen zituen koloreak. Eta aste asko iragan, eta egiteko gutxi geratzen zenean, ez bazen pintzelkada bat ahoan eta tanta bat begian, sugarra lanpararen zuloan nola, hala dardaratu zen berriz damaren izpiritua. Eta orduan pintzelkada jo zuen margolariak, eta ipini zuen kolorea bere lekuan; eta, une batez, zurtuta geratu zen berak sortu zuen lan haren aurrean; baina hurrengo unean, lanari begira oraindik, dardarak hartu zuen eta guztiz zurbildu zen, eta, izuturik, oihuka "Bizitza bera da, bai, hau!", bere maiteari begiratzera itzuli zen: ... Hila zen!»

 

 

Bihotz salataria

 

       Egia da, bai! Urduria izan naiz beti, ikaragarri urduria, eta halakoxea naiz orain ere; baina eroa naizela, zergatik diozue hori? Eritasunak zentzuak zorroztu dizkit, ez ezabatu, ezta moteldu ere. Ororen gainetik, entzumena zorroztu dit. Gauza guztiak entzuten nituen, lurrekoak eta zerukoak. Infernuko gauza asko entzuten nituen. Nola izango naiz bada eroa? Entzun! Entzun zeinen osasuntsu, zeinen lasai kontatzen dizuedan istorio osoa.

       Ezin esan dut ideia hura aurrenekoz nola etorri zitzaidan burura; baina behin sortuz gero, gau eta egun zebilkidan buruan. Helbururik ez nuen batere. Ez nuen grinarik sentitzen. Maite nuen agurea. Ez zidan sekula okerrik egin. Sekula ez ninduen iraindu. Ez nuen haren urrea desiratzen. Agurearen begia izan zela uste dut. Horixe izan zen, bai! Sai baten begia zuen: begi urdin argi bat, ganduak lausotua. Odola izozten zitzaidan begi hura nigan finkatzen zuenean; eta, hala, urratsez urrats, pixkana-pixkana, agurea hiltzera deliberatu nintzen, begi hartatik betiko libratzeko.

       Horra bada. Burutik eginda nagoela pentsatuko duzue. Burutik eginda daudenek ezer ez dakite ordea. Baina ikusi behar ninduzuen. Zeinen jakintsu jokatu nuen, nolako arduraz, nola prestatu nuen dena, nolako disimuluaz hasi nintzen lanean. Sekula ez nintzen adeitsuagoa izan agurearekin hil nuen aurreko astean baino. Eta gauero-gauero, gauerdi aldera, agurearen gelako ateko kisketa jiratu eta zabaltzen nuen, eta nolako arretaz gero! Ondoren, atea burua sartzeko adina zabalduta nuenean, kriseilu bat jasotzen nuen, itxi-itxia, ondo itxia, argirik batere ez zedin izan, eta orduan burua sartzen nuen. Ai, ikusi izan bazenute zeinen kontu handiz sartzen nuen burua, barre egingo zenuten! Poliki-poliki mugitzen nuen, oso poliki, agurea ez esnatzearren. Ordubete behar izaten nuen burua atetik sartu eta gizona bere ohean etzanda ikusteko. Ja! Burutik eginda dagoen bat nola izango da bada hain zuhurra? Eta orduan, burua osorik gelaren barruan neukanean, gontzek zarata ateratzen baitzuten, kontuz-kontuz hasten nintzen kriseilua zabaltzen, pixka bat zabaltzen nuen, argi-izpi bakar batek jo zezan saiaren begia. Eta horixe egin nuen zazpi gau luzez —gauero gauerdian—, baina itxita aurkitzen nuen beti begia, eta ezin izaten nuen lana burutu; zeren agureak ez baitzidan okerrik egiten, haren Begi Gaiztoak baizik. Eta goizero-goizero, eguna argitzen zuenean, sartzen nintzen lasai agurearen gelan eta deliberamenduz mintzatzen nintzaion, bere izena adiskidetsu aipatuz eta zer moduz igaro zuen gaua galdetuz. Izan ere, oso ernea beharko zuen gizonak susmatzeko zer eta, gauero-gauero, hamabietan justu, begira egoten nintzaiola lo zegoenean.

       Zortzigarren gauean ohi baino arduratsuago ibili nintzen atea zabaltzerakoan. Lasterrago mugitzen da erloju baten orratza nire eskua mugitzen zena baino. Gau hura baino lehenago sekulan ez nuen sentitu zenbaterainokoak ziren nire ahalmenak, zenbateraino nintzen ernea. Pentsatzea ere han nengoela, poliki-poliki atea zabaltzen, eta ametsetan ere ez zitzaizkiola otuko agureari nire asmo eta pentsamendu sekretuak! Barre txiki bat egin nuen ideia hura bururatu zitzaidanean; eta baliteke agureak entzun izana, zeren bat-batean ohean mugitu baitzen, aztoratuta bezala. Atzera egin nuela pentsatuko duzue agian, baina ez nuen halakorik egin. Ikatza bezain beltza zegoen logela iluntasun erabatekoan (zeren kontraleihoak ondo itxita baitzeuden, lapurren beldurrez), banekien agureak ezin zuela atearen irekidura sumatu, eta, hala, bultzaka jarraitu nuen, gozo-gozo.

       Burua barruan neukala, eta kriseilua zabaltzekotan nintzela, hatz lodia irristatu zitzaidan itxitura metalikoan, eta agurea ohe gainean eseri zen, oihuka: «Zein dabil hor?»

       Geldi-geldik geratu nintzen, ezer esan gabe. Ordu oso batez ez nuen gihar bat bera ere mugitu, eta denbora horretan guztian ez nuen agurea etzaten entzun. Ohean eserita jarraitzen zuen, adi, nik gauero hormako erloju heriotza-iragarleak aditu nituen bezalaxe.

       Halako batean intziri arin bat entzun nuen, eta heriozko izuaren intziria zela konturatu nintzen. Ez zen oinazezkoa edo penazkoa, ez; hots mehe itoa zen, ikarak arima hartu duenean sakonenetik irteten dena. Ederki asko ezagutzen nuen hots hura. Maiz atera zen neure bularretik, gauaren erdi-erdian, mundua osorik lo dagoenean, bere oihartzun ikaragarriaz erotzen ninduten ikarak areagotzeko. Ondo ezagutzen nuela diot. Banekien zer sentitzen zuen agureak, eta erruki nintzaion, bihotz-bihotzean barre egiten banuen ere. Banekien esna egona zela aurreneko hots arina entzun zuenetik, ohean jiratu zenez geroztik. Harrezkero areagotu baino ez ziren egin agurearen ikarak. Saiatu zen arrazoirik gabeak zirela sinesten, baina ezin zuen. Esango zuen bere artean: «Tximiniako haizea besterik ez da... Gela zeharkatu duen sagu bat da», edo «Kilker bat da, behin bakarrik kantatu duena». Bai, uste horiekin saiatuko zen bere burua lasaitzen: baina alferrik zuen dena. Alferrik dena; zeren Heriotzak, isilik inguratuta, bere itzal beltzean bildu baitzuen biktima. Eta ezin sumatuzko itzalaren eragin heriozkoak sentiarazten zion —nahiz eta ez ninduen ez ikusten ez entzuten—, sentiarazten zion nire burua han, gelaren barruan.

       Luzaroan zain egon ondoren, pazientzia handiaz, eta berriz etzaten zenik ez bainuen aditzen, kriseilua pixka bat zabaltzea erabaki nuen, pixka-pixka bat besterik ez. Hortaz, zabaldu nuen —ez dakizue zeinen mantso—, harik eta, azkenean, izpi mehe bakar bat, armiarma baten haria bezalakoxea, irekiduratik atera eta sai begia bete-betean jo zuen arte.

       Zabalik zegoen begia, zabal-zabalik, eta haserreak hartu ninduen begira nengokiola. Argi eta garbi ikusi nuen: urdin sorra, eta hezurrak muineraino izozten zizkidan gandu gorrotagarri hark estalia; baina ezin nuen agurearen aurpegiaren edo gorputzaren beste parterik ikusi: zeren, senez bezala, leku madarikatura gidatu bainuen argi-izpia.

       Ez al dizuet lehen ere esan zuek eromentzat hartzen duzuen hori ez dela izaten zentzumenen zorroztasun gehiegia baino? Une hartantxe, izan ere, hots apal, sor, laster bat iritsi zitzaidan belarrietara, erlojuek kotoian bilduta daudenean egiten dutena bezalakoa. Ederki ezagutzen nuen hots hura ere. Agurearen bihotzaren taupada zen. Hotsak nire haserrea handitu zuen, danborraren soinuak soldaduaren adorea handitzen duen bezala.

       Baina orduko hartan ere neure buruari eutsi nion, eta ez nintzen mugitu. Ahal nuen tinkoena eutsi nion argi-izpiari agurearen begia bete-betean jo zezan. Bitarte hartan indartzen ari zen bihotzaren taupada. Lasterragoa egiten zen, eta ozenagoa, unean-unean. Izugarria izan behar zuen agurearen ikarak! Gero eta ozenagoa egiten zen, esan dudan bezala, unean-unean ozenagoa! Konturatzen al zarete? Esan dizuet pertsona urduria naizela: urduria naiz, bai. Eta une hartan, gaueko ordu hilean, etxe zahar hartako isiltasun beldurgarrian, hots hark, hain bitxia izanik, ezin menderatuzko izu-laborria sortu zidan. Hala ere, batere mugitu gabe jarraitu nuen beste zenbait minutuz. Baina taupada ozenagoa egiten zen, gero eta ozenagoa! Bihotza lehertuko zitzaidala iruditzen zitzaidan. Eta beste kezka bat bururatu zitzaidan orduan: auzokoren batek ere entzun zezakeen hots hura! Iritsia zen agurearen ordua! Oihu ozen batez, kriseilua erabat zabaldu eta gelan sartu nintzen. Behin egin zuen agureak garrasi, behin bakarrik. Segundo batean arrastatu nuen lurrera, eta haren gainera bultzatu nuen ohe astuna. Pozaren pozez, irribarre egin nuen, egina baitzen egitekoa. Baina, zenbait minutuz, hots ito batez taupadaka jarraitu zuen agurearen bihotzak. Horrek ez ninduen ordea kezkatzen, hormaren bestaldean ez baitzen entzungo. Isildu zen azkenean. Hila zen agurea. Ohea mugitu eta gorpua aztertu nuen. Bai, hilda zegoen, ondo hilda. Eskua agurearen bihotzean jarri, eta hantxe eduki nuen zenbait minutuz. Ez zegoen taupadarik batere. Ondo hilda zegoen. Begi hark ez ninduen gehiago larrituko.

       Oraindik ere burutik eginda nagoela uste baduzue, ez duzue halakorik gehiago pentsatuko, gorputza ezkutatzeko hartu nituen lan eta nekeen berri ematen dizuedanean. Gauak aurrera egiten zuen, baina ni gogor aritu nintzen lanean, txintik atera gabe. Aurrena gorputza laurdenkatu nuen. Burua, besoak eta hankak moztu nizkion.

       Lurreko hiru ohol altxatu nituen gero, eta zulo hartan ezkutatu nituen gorpu hondakinak. Orduan beren lekuan utzi nituen berriz oholak, hain zuhur, hain egoki, non giza begiak ez baitzuen han arrarokeriarik batere igarriko, ezta agurearenak ere. Zer garbiturik ez zegoen, ez zegoen inolako arrastorik, ez odol tantarik. Oso erne ibili nintzen. Azpil batek jaso zituen denak. Ja, ja!

       Goizeko laurak baziren lan haiek guztiak amaitu nituenerako, eta oraindik ere gauerdian bezain ilun zegoen. Erlojuak ordua jo zuenean, ate joka ari zirela entzun nuen. Lasai-lasai joan nintzen atea zabaltzera. Izan ere, zeren beldur izan behar nuen orain? Hiru gizon sartu ziren, eta oso adeitsu aurkeztu zituzten beren buruak poliziako ofizial gisa. Auzoko batek garrasi bat entzun omen zuen gauerdi aldean, eta erasoren bat-edo izan ote zen pentsatu zen. Informazio hori polizia bulegora iritsi zenean, berak (ofizialak) ikerketak egitera bidali zituzten.

       Irribarre egin nuen; izan ere, zeren beldur izan behar nuen? Ongietorria egin nien. Garrasia, esan nien, neuk egin nuen, ametsetan ari nintzela. Agurea, esan nuen, kanpoan zen, mendialdean. Etxe osoa ikustera eraman nituen nire bisitariak. Etxea miatzeko esan nien, miatzeko ondo. Gidatu nituen, azkenean, agurearen gelara. Haren gauzak erakutsi nizkien, bere lekuan denak, ukitu gabeak. Nire segurtasunaren pozarekin, eserlekuak hartu, gelara eraman, eta hantxe eskaini nien beren nekeen atsedena; eta nik, nire garaipen betearen ausarkerian, biktimaren gorpua zegoen lekuaren gain-gainean jarri nuen neure aulkia.

       Lasaituta geratu ziren ofizialak. Nire manerek konbentzitu zituzten. Ni oso eroso nengoen. Hirurak lasai eserita, ohiko gauzez jardun ziren, eta nik gustura erantzuten nien. Baina, denbora puska baten ondoren, zurbiltzen ari nintzela konturatu nintzen, eta alde egin zezaten desiratu nuen. Buruko minak nengoen, eta burrundara moduko bat sentitzen nuen belarrietan: baina ofizialek eserita eta berriketan jarraitzen zuten. Burrunda zehatzagoa egin zen: hantxe zegoen, eta are zehatzagoa egin zen: ozenago mintzatu nintzen hots hartaz libratzeko; baina hotsak bere horretan jarraitzen zuen, gero eta zehatzago, harik eta azkenean konturatu nintzen arte, hots hura ez zegoela neure belarrien barruan.

       Dudarik gabe, zuri-zuri jarri nintzen; baina etorri handiagoaz mintzatu nintzen, eta ahots goragoaz. Baina hotsa indartzen ari zen; eta nik zer egin nezakeen? Hots apal, sor, laster bat zen, erlojuek kotoian bilduta daudenean egiten dutena bezalakoa. Arnasestuka hasi nintzen, eta, hala ere, ofizialek ez zuten entzuten. Lasterrago hasi nintzen hizketan, biziago; baina hotsa ozenagoa egin zen. Zutitu eta huskeriez jardun nintzen, garrasi bizian eta sekulako imintzioak eginez; baina hotsa ozenagoa egin zen. Zergatik ez zuten alde egiten? Atzera eta aurrera hasi nintzen, urrats handiak eginez; baina hotsa areagotu egin zen. Jainkoarren! Zer egin nezakeen? Amorruaren amorruz, aparra ateratzen zitzaidan ahotik, biraoka ere hasi nintzen! Atzera bota nuen eserita egon nintzen aulkia, eta arrastaka eraman nuen oholen gainean, baina hotsa denen gainetik altxatzen zen, eta etengabe areagotzen zen. Ozenagoa, ozenagoa, ozenagoa egin zen! Eta hala ere lasai jarraitzen zuten gizonek berriketan eta irribarrez. Jainko ahaltsua! Ez, ez! Entzuten zuten! Susmatzen zuten gertatua! Bazekiten! Nire izumenari iseka egiten zioten! Horixe pentsatu nuen orduan bai, eta horixe pentsatzen dut orain ere. Baina edozer gauza zen agonia hura baino hobea! Edozer gauza, irri hura baino eramangarriagoa! Ezin nituen irribarre faltsu haiek eraman! Garrasi egin behar nuela sentitu nuen, hilko bainintzen bestela! Eta orduan... Berriz! Entzun... Horra... Ozenago! Ozenago! Ozenago! Ozenago!

       —Ez itxurarik egin, nazkagarri horiek! Aitortzen dut, hil egin dut! Altxa itzazue oholak! Hara hor! Bihotz doilor horren taupada da!

 

 

Putzua eta pendulua

 

                     Impia tortorum longos hic turba furores

                     Sanguinis innocui, non satiata, aluit.

                     Sospite nunc patria, fracto nunc funeris antro,

                     Mors ubi dira fuit vita salusque patent

 

       Arrunt gaizkiturik nengoen, hil beharrean gaizkiturik agonia luze hartan; eta azkenean askatu nindutenean, eta esertzen utzi, zentzumenek alde egiten zidatela sentitu nuen. Epaia —heriotzazko epai beldurgarria—, belarrietara heldu zitzaizkidan hitzetan azkena izan zen. Ondoren, ametsezko xuxurlo zehazgabe batean murgildua zirudien Inkisiziokoen ahotsen soinuak. Iraultzaren ideia ekarri zidan xuxurlo hark gorora, agian errota gurpil baten durundiarekin lotzen zelako nire fantasian. Aldi labur batez bakarrik ordea; ez bainuen gero besterik entzun. Alabaina, puska batez, ikusi egin nuen; nolako gehiegikeria izugarrizkoaz ordea! Arropa beltzez jantzitako epaileen ezpainak ikusi nituen. Zuriak iruditu zitzaizkidan —hitzok marrazten ari naizen orri hau baino zuriago—, eta irrigarri izateraino mehe; mehe, sendotasunaren adierazpenaren intentsitateaz; erabaki aldaezinarenaz; giza torturaren mesprezio zinezkoarenaz. Ikusi nuen neure Patua izango zen dekretua ezpain haietatik ari zela oraindik jaulkitzen. Ikusi nituen mintzaera hilgarriaz bihurritzen. Ikusi nituen neure izenaren silabak taxutzen; eta, ez baitzen ondoren beste soinurik etorri, dardar egin nuen. Ikusi nuen, orobat, izumen zorozko istant batzuez, gelako hormak estaltzen zituzten oihal beltzen astindu txit leun eta ia igarri ezinezkoa. Eta mahaiaren gainean zeuden zazpi kandela luzeetara joan zitzaizkidan orduan begiak. Lehen begiratuan karitatearen ikur iruditu zitzaizkidan, salbatuko ninduten aingeru lerden zuriak; baina gero, tupustean, goitinahi beldurgarriena gaineratu zitzaion nire gogoari, eta gorputzeko zuntz oro sentitu nuen ikara egiten bateria galbanikozko hari bat ukitu banu bezala, aingeruen formak mamu zentzugabeak bihurtzen ziren artean, sugarrezko buruekin, eta ikusi nuen haiengandik ez zitzaidala laguntzarik etorriko. Eta orduan ia oharkabean bururatu zitzaidan, musikazko nota aberatsa bailitzan, nolako atseden gozoa izan behar duen hilobikoak. Poliki eta isilka etorri zitzaidan gogoeta hura, eta luze jo bide zuen erabat argitu zitzaidan arte; baina azkenean nire espirituak pentsamendu hura beretu zuenean, une hartan bertan, desagertu egin ziren epaileen irudiak, magiaz bezala, nire aurretik; ezerezean galdu ziren kandela luzeak; haien sugarrak guztiz itzali ziren; ilunaren belztasuna gaineratu zitzaidan; beheraldi ero zurrunbilotsu batean ziruditen irentsiak sentsazio guztiak, arima Hadesean bezala. Gero isiltasuna, eta gelditasuna, eta gaua izan ziren unibertsoa.

       Kordea galdu nuen, baina ez dut halere esango kontzientzia osorik galdu nuenik. Hartatik geratzen zena ez naiz definitzen saiatuko, ezta deskribatzen ere; hala ere, ez zegoen dena galdua. Lozorrorik pisuenean... Ez! Eldarnioan... Ez! Korde galtzean... Ez! Heriotzan... Ez! Hilobian bertan ere, ez dago dena galdua. Ez baitago bestela gizonarentzat hilezkortasunik. Lozorro sakonenetik atereaz, ametsen baten sare fina urratzen dugu. Hala ere, hurrengo segundoan (hain izan baitzitekeen mehea sare hori), ez dugu gogoratzen amets egin dugunik. Korde gabeziatik bizitzara itzultzean bi aldi izaten dira: lehenbizi, adimenaren edo espirituaren zentzuarena; bigarren, existentzia fisikoarena. Litekeena dirudi, baldin eta, bigarren aldia iritsirik, aurrenekoaren aztarnak gogoratzen baditugu, aztarna horiek atzeragoko leizeko oroitzapenen adierazle gertatzea. Eta leize hori da... Zer da? Nola bereizi ahal izango ditugu, besterik ez bada ere, hango itzalak eta hilobikoak? Baina lehen aldia izendatu dudan horretako aztarnak ez badira nahierara gogoratzen, hala ere, denboraldi luze baten ondoren, ez al zaizkigu bada beren kabuz etortzen, guk miresmenez nondik datozen galdegiten dugun artean? Kordea inoiz galdu ez duenak nekez aurkituko ditu jauregi bitxiak eta aurpegi harrigarriki ezagunak hausberoan distiraka; nekez ikusiko ditu airean hegan gehienek ezin sumatu dituzten ikuskari tristeak; nekez jardungo da gogoetan lore berriren baten perfumeaz... Nekez asaldatuko du haren gogoa sekulan arduratu ez zitzaion musikazko kadentziaren baten esangurarekin.

       Gogoratzeko ahalegin sarri eta burutsuen artean; nire arima eroria zen itxurazko ezerezezko egoeraren seinaleren bat antzemateko borroka latzen artean, izan dira arrakastaren ametsa izan ditudan uneak; izan dira aldi labur batzuk, aldi laburrak oso, oroitzapen batzuk erdietsi ahal izan ditudanak, geroztiko arrazoi argitu batek itxurazko oharkabetasun horri baizik ezin zegozkiokeela ziurtatzen dizkidanak. Memoriaren itzal horiek, oso modu lausoan, hartu eta isil-isilik berekin ninderamaten irudi luzeak erakutsi dizkidate, beherantz beti, beherago oraindik, harik eta beheraldiaren azkengabearen ideia hutsak zorabio ezin jasanezko bat gaineratu zidan arte. Orobat erakusten didate bihotzean nuen izumen lauso bat, hain zuzen ere bihotzaren gelditasun ezohikoagatik. Gauza oro hartzen duen bat-bateko higimen falta dator gero; berekin naramaten haiek (hura bai jarraigo izugarrizkoa!), beren jaitsieran, mugarik ezaren muga gainditu, eta beren egitekoaren unagarriaz atsedetera gelditu balira bezala. Horren ondoren axolagabekeria eta hezetasuna datozkit gogora; eta, gero, eromena da dena: gauza debekatuetan diharduen memoriaren eromena.

       Tupustean etorri zitzaizkidan berriz ere espiritura mugimendua eta soinua —bihotzaren mugimendu zalapartaria, eta, belarrietan, haren taupaden hotsa—. Eten bat gero, dena hutsa zena. Eta gero berriz hotsa, eta mugimendua, eta ukimena —gorputz osora zabaldutako xinurritu sentipen bat—. Existentziaren ezaguera hutsa gero, gogoetarik gabea —luzaro iraun zuen egoera—. Eta gero, guztiz bat-batean, pentsamendua, eta ikarazko izumena, eta nire benetako egoeraz jabetzeko ahalegin bizia. Gero, sentikortasunik ezean erortzeko desira handia. Gero arimaren berpizte lehiatsu bat eta mugitzeko ahaleginak, mugitzea lortu nuen arte. Eta orduan epaiketaren oroitzapen osoa, hormetako oihal beltzena, epaiarena, zorabioarena, korde galtzearena. Eta gero, epaiketaren ondoren etorri zen guztiaren ahanztura erabatekoa; geroak eta ahalegin handiek, modu lainotsuan bada ere, gogora ekarri didaten guztiarena.

       Artean begiak zabaldu gabea nintzen. Bizkarrez etzanda nengoela sentitzen nuen, eta lokabe. Eskua luzatu nuen, eta astun erori zen gauza heze eta gogor baten gainean. Saiatu nintzen eskua zenbait minutuz han uzten, non ote nengoen eta zertan ote nintzen asmatzeko ahaleginetan. Desiratzen egon arren, ez nintzen ausartzen begiak zabaltzera. Beldurtu egiten ninduen nire inguruko objektuak aurrenekoz ikusteak. Ez gauza beldurgarriak ikusteak, aitzitik, ikusteko ezer ez izateak beldurtzen ninduelako. Azkenean, erabateko etsimenez beterik bihotza, bat-batean zabaldu nituen begiak. Nire uste okerrenak egiaztatu ziren orduan. Betiereko gauaren ezerezak inguratzen ninduen. Arnasa hartzen ahalegindu nintzen. Iluntasunaren intentsitateak zapaltzen eta itotzen ninduela zirudien. Eramanezina zen giroaren astuna. Geldi-geldi jarraitu nuen, arrazoitzeko ahaleginetan. Inkisizioaren epaiketa ekarri nuen gogora, eta hartatik abiatuta nire benetako egoeraren berri izaten saiatu nintzen. Iragana zen epaiaren unea; eta iruditzen zitzaidan denbora luzea joana zela ordudanik. Hala ere, istant batez ere ez nuen uste izan hila nengoenik. Uste hori, fikziozko liburuetan irakurtzen duguna gorabehera, ez da batere adosten benetako existentziarekin; baina non eta zein egoeratan nengoen? Hiltzera kondenatuak, banekien, autos da fé-etan hil ohi ziren, eta halakoxe bat izan zen nire epaiketaren gauean bertan. Nire ziegara bidali ote ninduten berriz, hurrengo sakrifizioa noiz izango, hartarako hilabete asko falta zen arren? Berehalaxe konturatu nintzen ezin zitekeela halakorik izan. Biktimak segituan eramaten zituzten. Areago, nire ziegak, Toledoko kondenatuen ziega guztiek bezala, harrizko lurra zuen, eta argia ez zuten erabat ezabatzen.

       Halako batean burutazio beldurgarri batek odola turrustaka jarri zidan bihotzean, eta, une labur batez, soraio geratu nintzen berriz ere. Neure onera etorri nintzenean, kolpetik zutitu nintzen, zuntz guztiak konbultsioz dardarka. Eroaren gisan luzatu nituen besoak alde guztietara. Ez nuen ezer sentitu; hala ere, pauso bat bera egiteko beldur nintzen, hilobi baten hormak oztopo izango nituelakoan. Izerdia tontorka zerien nire poro guztiei, eta anpulu handi hotzetan geratzen zitzaidan kopetan itsatsita. Ezjakitearen agonia jasan ezinezkoa gertatu zitzaidan azkenean, eta arduraz mugitu nintzen aurreraka, luze-luze besoak eta begiak beren zuloetatik atera beharrean, argi-izpi meheren bat atzemateko itxaropenaz. Zenbait urrats egin nuen modu horretan; baina beltza eta hutsa zen oraindik dena. Askeago hartu nuen arnasa. Ageriko gauza zirudien behintzat ez zela, neurea, patuetan izugarriena.

       Eta orduan, oraindik ere kontu handiz aurreraka nindoala, Toledoko izugarrikerien gaineko ehunka zurrumurru gogoratu zitzaizkidan oldeka. Gauza bitxiak kontatzen ziren ziegez —nik beti ipuintzat hartu nituenak— baina bitxiak hala ere, eta ikaragarriegiak berriz esateko, isilka ez bada. Goseak hiltzen utziko al ninduten lurpeko mundu iluntasunezko hartan; edo nolako patua, agian oraindik ere beldurgarriagoa, ote nuen zain? Ondo asko ezagutzen nituen neure epaileak, eta ez nuen beraz zalantzan jartzen heriotzara kondenatu nindutela, eta ohikoa baino heriotza latzagora gainera. Modua eta ordua ziren arduraz betetzen eta burua galarazten zidaten gauza bakarra.

       Nire eskuek, luze-luze eginda, aurkitu zuten azkenean oztopo gotor bat. Horma bat zen, harriz egina itxuraz, oso leuna, irristakorra eta hotza. Horma hari jarraitu nion, antzinako zenbait kontakizunetatik ateratako konfiantza falta erneaz mugituz. Bide horrek, nolanahi ere, ez zidan nire presondegiaren neurriak jakiteko modurik eskaintzen; izan ere, jira osoa egin nezakeen eta, oharkabean, aterea nintzen puntu berera itzuli; hain zirudien guztiz berdina paretak. Hala bada, Inkisizioko aretora eraman nindutenean sakelan neraman labanaren bila hasi nintzen, baina desagertua zen; nire arropen ordez artile lakarrezko jantzi bat nuen soinean. Labanaren ahoa harrizko paretako arrakala txikiren batean sartzea neukan pentsatua, nire abiapuntua markatzeko. Arazo hori, izan, ez zen batere garrantzitsua; nire irudimenaren nahasmen hartan ordea, ezin gaindituzkoa iruditu zitzaidan hasieran. Jantziaren pusketa bat urratu eta luze-luze jarri nuen angelu zuzenean paretaren kontra. Presondegiaren jira osoa egin eta itzulia bukatzean nahitaez aurkitu behar nuen pusketa hura. Pentsatu, hori pentsatu nuen: baina ez nuen kontuan hartu presondegiaren neurria, ezta neure ahultasuna ere. Lurra hezea eta irristakorra zen. Puska batean aurrerantz joan ondoren, halako batean balantzaka hasi eta erori egin nintzen. Nekearen gehiegiak lurrean mantentzen ninduen; eta, etzanda nengoela, loak laster hartu ninduen.

       Esnatu, eta beso bat luzatu nuenean, ogi puska bat eta pitxer bat ur aurkitu nituen neure aldamenean. Nekatuegia nengoen gorabehera horiez gogoetan hasteko, baina gogo biziz jan eta edan nuen. Handik gutxira, berriz hasi nintzen presondegiaren itzulia egiten, eta, eginahalean, iritsi nintzen azkenean oihal puskara. Erori nintzen arte berrogeita hamabost urrats nituen kontatuak, eta beste berrogeita zortzi kontatu nituen berriz ibiltzen hasi nintzenetik; eta orduantxe iritsi nintzen piltzarrera. Guztira, beraz, ehun bat urrats ziren; eta, iardako bina urrats kontatuz, kalkulatu nuen berrogeita hamar iardako jira izango zuela ziegak. Nolanahi ere, angelu asko aurkitu nuen horman, eta, hortaz, ezin asmatu nuen nolakoa izan zitekeen kriptaren forma; zeren hura kripta zela baino ezin bainuen pentsatu.

       Helburu zehatzik ez nuen —ez behintzat itxaropenik— bilaketa haietan; baina jakin-min lauso batek bultzatzen ninduen jarraitzera. Hormatik aldenduta, itxituraren eremua gurutzatzera deliberatu nintzen. Ardura handienaz mugitzen nintzen hasieran, zeren lurra, ekai gotorrez egina bazirudien ere, zikinagatik baitzen arriskutsua. Azkenean, nolanahi ere, adore hartu, eta urrats sendoz abiatu nintzen, eremua ahalik eta lerro zuzenenean gurutzatzeko ahaleginean. Aurreratuko nituen hamar edo hamabi urrats, eta hartan zangoen artean trabatu zitzaidan jantziaren urratua. Hura zapaldu, eta ahuspez erori nintzen.

       Erorikoaren nahasmenean, ez nuen berehala antzeman xehetasun harrigarri samar bat, baina, segundo batzuk geroago, eta lurrean erorita nengoela oraindik, nire arreta erakarri zuen. Hau zen: presondegiko lurraren kontra neukan kokotsa, baina ezpainek eta buruaren goialdeak, itxuraz kokotsa baino beheraxeago egon arren, ez zuten ezer ukitzen. Aldi berean lurrin likatsu batek kopeta bustitzen zidala zirudien, eta onddo ustelen usain berezia iritsi zitzaidan sudur zuloetara. Besoa luzatu nuen, eta ikaraz konturatu nintzen putzu biribil baten ertzera eroria nintzela; une hartan ordea ez nekien zenbateraino zen sakona. Ertzaren azpi-azpiko horma haztatuz, lortu nuen pusketa bat askatzea, eta amildegira erortzen utzi nuen. Segundo asko eman nituen haren oihartzuna entzuten, beherako bidean leizearen alboak jotzen baitzituen harriak; azkenean entzun zen nola murgiltzen zen bat-batean uretan, eta ondoren oihartzun ozenak etorri ziren. Une hartan bertan ate baten zabaltze lasterraren hotsa zirudiena etorri zen nire gainetik, eta hura bezain ate-ixte bizkor batena; aldi berean argi-izpi mehe baten distira bereizi zen ilunean, eta agertu bezain azkar desagertu zen.

       Garbi ikusi nuen niretzat prestatua zuten patua, eta neure burua zoriondu nuen, istripuaren une egokiari esker ihes egin ahal izan niolako. Erori aurretik beste urrats bat egin, eta munduak ez ninduen gehiago ikusiko. Eta Inkisizioari buruzko istorioetan nik hain fantasiazko eta fribolotzat jo nuen bezalakoxea zen itzuri berria nuen heriotza. Haren tiraniaren biktimentzat, bazen heriotza mota bat herstura fisiko beldurgarrienez betea, baina bazen beste bat ere, izugarrikeria moral are higuingarriagoak zekartzana. Azken heriotza horretarako nengoen ni gordea. Sufrimendu luzeen ondoren hain nituen nerbioak jota, non neure bozaren beraren soinuak dardarka jartzen baininduen, eta, hortaz, edozein alderditatik begiratuta ere, subjektu guztiz egokia bihurtuta nengoen zain nituen torturatarako.

       Burutik oinetaraino dardarka, haztamuka egin nuen atzera hormarainoko bidea, deliberaturik nahiago nuela han hil putzuetako izugarrikerien arriskupean jarri baino, putzu bat baino gehiago marrazten baitzuen nire irudimenak, presondegiaren leku desberdinetan jarriak. Bestelako gogo egoera batean egonez gero izango nuen kemenik haietako leize batean murgilduz nire miseriak behingoan bukarazteko; baina koldarretan koldarrena nintzen ni une hartan. Era berean ezin ahaztu nuen putzu haiei buruz irakurri nuena, alegia, bizitzaren bat-bateko iraungitzea ez zela haien helburu ikaragarrietan sartzen zen gauza.

       Ordu askoan eduki ninduen esna espirituaren asaldurak; baina azkenean lokartu nintzen ostera ere. Esnatu ondoren, aurreko aldian bezala, ogi puska bat eta pitxer bat ur aurkitu nituen aldamenean. Egarri kiskalgarri batek itotzen ninduen, eta zurrutada batez hustu nuen edontzia. Drogaren bat eduki behar zuen; izan ere, edaten hasi, eta guztiz logaletuta sentitu bainintzen. Lo sakon batek hartu ninduen berehala, heriotzarena bezalako loak. Zenbat iraun zuen, hori ez dakit; baina, begiak berriz zabaldu nituenean, ikusgai ziren nire inguruko gauzak. Distira sulfuroso bati esker, hasieran nondik zetorren jakiterik izan ez nuen arren, presondegiaren neurria eta itxura ikusi ahal izan nituen.

       Oso nahastuta ibilia nintzen neurri kontuan. Hogeita bost iarda baino gehiago ez zuen hormen itzuli osoak. Zenbait minutuz alferreko ardura sortu zidan datu horrek; alferrekoa, izan ere! Zeren, nire egoera hartan, zerk izan zezakeen bada garrantzi gutxiagorik presondegiaren neurriak baino? Baina nire espirituak ardura harrigarria jartzen zuen huskerietan, eta neurketan zer akats egin ote nuen jakiten saiatu nintzen. Azkenean argitu zitzaidan egia. Esplorazioko lehen ahaleginetan, berrogeita hamabi urrats kontatu nituen erori nintzen unea arte; oihal pusketatik urrats batera edo bira egon behar nuen orduan; hortaz, ia osorik egina nuen presondegiaren itzulia. Gero lo geratu nintzen, eta esnatzean, lehen egindako bide beretik joan nintzen ostera ere; horregatik uste izan nuen itzulia benetan zena baino bi bider handiagoa zela. Gogoaren asaldurak ez zidan konturatzen utzi ezkerrean nuela horma itzulia egiten hasi nintzenean, eta bukatzean berriz eskuinean.

       Nahastuta nenbilen, orobat, itxituraren formari zegokionean. Bidea haztamuka bilatuz, angelu asko aurkitu nuen, eta hartatik atera nuen lekua formaz oso irregularra zela; izan ere, hain baita indartsua letargiatik edo lozorrotik esnatzen denarengan iluntasun erabatekoaren eragina! Sakonune txiki batzuk besterik ez ziren angeluak, edo horma zuloak, tarteka-tarteka ipiniak. Presondegiaren forma karratua zen oro har. Nik harria zela uste izan nuena burdina zen, edo beste metalen bat, xafla handi-handietan ipinia, eta haien joskurek, edo loturek, sortzen zituzten sakonuneak. Itxitura metalikoaren gain osoa zirriborroez beteta zegoen, fraideen sineskeria zitalak sorrarazitako irudi gorrotagarri eta nazkagarriez. Deabruen irudi mehatxuzkoek, hezurdurek eta beste imajina are beldurgarriagoek estaltzen eta desitxuratzen zituzten paretak. Munstro haien formak aski ongi taxututa zeudela ikusi nuen, baina koloreak lausotuak eta galduak zeuden, giro heze batek eraginda edo. Konturatu nintzen halaber lurra harrizkoa zela. Salbatu berria nintzen putzu biribilaren barailak logalez bezala zabaltzen ziren ziegaren erdi-erdian; baina beste putzurik ez zegoen presondegian.

       Hori guztia lauso samar ikusi nuen, eta ahalegin handiak eginda; lozorroan nengoen artean zeharo aldatu baitzen nire egoera. Oraingoan ahoz gora nengoen, luze-luze etzanda zurezko egitura moduko baten gainean. Egitura hari estu lotuta nengoen, gerriko baten antzeko xingola luze baten bitartez. Xingolak, itzuli asko eginez, zango-besoak eta gorputza inguratzen zizkidan, eta burua bakarrik uzten zidan libre, eta baita ezkerreko besoa ere, ozta-ozta, eginahalean, aldamenean neukan lurrezko platereko janaria hartzeko moduan. Ikusi nuen, guztiz izuturik, pitxerra kendu zidatela. Guztiz izuturik diot; egarriak itotzen bainengoen. Nire egarria piztea zen nonbait torturatzaileen asmoa, haragi min-mina baitzen platerean zegoen janaria.

       Gora begiratuz, nire presondegiko sabaia aztertu nuen. Hogeita hamar edo berrogei bat oin altu zen, eta alboetako hormen modu berean zegoen eraikia. Hango xafletako batean ageri zen irudi guztiz berezi batek zur eta lur utzi ninduen. Denbora irudikatzen zuen, normalean egin ohi den moduan; baina, segaren ordez, begiratu arin batean pendulu handi bat zirudiena zeraman eskuan, antzinako erlojuetan ikusi ohi ditugunak bezalakoa. Arreta handiagoz begiratzera bultzatu ninduen zerbait bazuen, nolanahi ere, makina haren itxurak. Zuzenean gora begiratu nuenean (zeren nire gain-gainean baitzegoen), mugitzen ikusten nuela iruditu zitzaidan. Ondorengo unean egiaztatu egin zen nire irudipena. Itzulia laburra zen, eta, jakina, motela. Zenbait minutuz hari begira egon nintzen, ikaraz edo, baina harrimenez gehiago. Mugimendu aspergarri hari beha egoteaz nekatuta, gelako beste gauzetara begira jarri nintzen.

       Hots arin batek hartu zuen nire arreta, eta, behera begiratuta, arratoi izugarri batzuk ikusi nituen lurra zeharkatzen. Putzutik atera berriak ziren, zeina ozta-ozta nire eskuinean ikusten bainuen. Begira nengokien arren, saldoka ateratzen ziren arratoiak, presaka, begi gosetiez, haragiaren usainak erakarrita. Ahalegin handiak egin behar izan nituen plateretik uxatzeko.

       Joango zen ordu erdi edo, ordu bete ere bai agian (ezin bainuen denbora zehatz neurtu), ostera gorantz begiratu nuen arte. Ikusi nuenak nahastu eta guztiz harritu ninduen. Ia iarda batez handitua zen penduluaren ibilbidea. Horren ondorioz, lastertasuna ere askoz handiagoa zuen. Alabaina, gehiena asaldatu ninduena nabarmen jaitsi zelako ideia zen. Konturatu nintzen —nolako izuaz esan beharrik ere ez dago— altzairu distiratsuzko ilargierdi batez osatua zela penduluaren behealdea, eta oin bat inguru luze zela mutur batetik besterako distantzia; muturrak goraka zeuden makurtuak, eta argi zegoen bizarra mozteko labana bezain zorrotza zela azpiko ertza. Orobat bizarra mozteko labana bezala, penduluak trinkoa eta astuna zirudien, eta ertzetik gora mehetu egiten zen, goiko egitura sendo eta zabaleraino. Brontzezko zurtoin astun bati zegoen lotua, eta airean kulunkatzean txistu egiten zuen tresna osoak.

       Ezin nuen jada batere zalantzarik egin fraideen torturarako trebetasunak niretzat prestatua zuen etorkizunaz. Ondo asko zekiten Inkisiziokoek ezagutzen nuela putzua —ni bezalako uko egile setatientzat prestaturiko putzua—, putzua, infernuaren ikurra, esamesek ziotenez zigor guztien azken Tulea zen hura. Istripu batek libratu ninduen putzu hartan erortzeaz, eta banekien ustekabea, edo estiran oharkabean erortzea, osagai garrantzitsua izaten zela espetxeko heriotza haietako bitxikerietan. Ez nintzen erori, eta deabru haiek ez zuten jadanik ni amildegian murgilarazteko asmorik; eta horregatik (ez baitzegoen beste irtenbiderik) bestelako suntsipen bat, lasaiagoa, neukan zain. Lasaiagoa! Nire hilzorian, irribarre egitekotan egon nintzen hitz horren halako erabileran pentsatu nuenean.

       Zertarako eman heriozkoak baino izugarriagoak izan ziren ordu luze, luze haien berri; altzairuaren zabu durundiatsuak kontatzen eman nituen ordu haiek, zertarako aipatu! Ontzaz ontza, mantso-mantso, urteak ziruditen tarteen ondoren bakarrik sumatzen zen jaitsialdian, behera zetorren pendulua, eta beherago! Egunak igaro ziren —egun asko ere igaro bide ziren— harik eta penduluaren arnasa garratza hain gertu pasatzen zitzaidan arte non haize egiten zidala irudi baitzuen. Altzairu zorrotzaren usaina sartzen zitzaidan sudurrean. Errezatu egin nuen, zeruak ere nekatu nituen errezoka lasterrago jaits zedin. Guztiz erotuta, burua zimitarra beldurgarriaren pareraino jasotzeko ahaleginean aritu nintzen. Eta gero bat-batean lasaitu, eta —haur bat litxarreria bitxi bati bezala— geldi-geldi geratu nintzen heriotza distiratsuari irribarreka.