Hitz batean, bidaldia itsasoz egitearen aurka nengoen, Calais-tik Dover-era igarotzeko tartea izan ezik, eta erabaki nuen bide guztia lehorretik egitea. Izan ere, presarik ez nuen, eta diruari garrantzirik ematen ez nionez gero, hori zen biderik erosoena. Eta gustorago ibiltzeko, kapitain zaharrak nirekin bidaldia gustora egingo lukeen jaun ingeles bat ekarri zuen, Lisboako merkatari baten semea. Gero beste bi merkatari ingeles hartu genituen, eta Pariseraino zihoazen beste bi jaun portuges gazte. Horrela sei ginen denera, eta bost zerbitzari. Bi merkatariek eta bi portugesek zerbitzari bana baitzeramaten bikoteko, merkeago izateko, eta nik ingeles marinel bat hartu bainuen nirekin bidaldia zerbitzari gisa egiteko, nire zerbitzari Ostiralez gainera, arrotzegia baitzen bidaldi horretan zerbitzari baten lekua hartzeko.
Era horretan irten ginen Lisboatik, eta gure taldea ongi zamaritua eta armatua zegoenez gero, gudaroste txiki bat osatzen genuen, eta ni kapitain izendatzeko ohorea egin zidaten, bai zaharrena nintzelako, bai bi zerbitzari nituelako, bai eta bidaldiaren eragilea izan nintzelako ere.
Itsasoko egunkariekin nekerik eman nahi izan ez dizudan bezala, ez zaitut lehorreko egunkariarekin nekaraziko, baina ezin ditut aipatu gabe utzi bidaldi luze eta zail honetako zenbait gertaera.
Madrilera iritsi ginenean, eta Espainia gure arteko inork ezagutzen ez zuenez gero, pixka batean han geratzea erabaki genuen, Espainiako gortea, eta ikustea merezi zuten beste gauzak ezagutzeko, baina udaren amaiera aldean ginenez gero, presaka ibili ginen, eta Madrildik urriaren erdi aldera irten ginen. Baina Nafarroako mugara iritsi ginenean, bidean igaro genituen zenbait herritan izutu egin ginen, Frantzia aldeko mendietan elur pila bota zuela, eta mendien beste aldera igarotzen ahalegindu ondoren, arrisku handian zeudela ikusita, zenbait bidaiarik Iruñera itzuli behar izan zutela esan zigutenean.
Iruñera iritsi ginenean, horixe bera aurkitu genuen; eta niretzat, eguraldi beroan bizitzen ohitua egonda, eta ia soinean jantzirik eraman ezin zen lurraldeetan, hotza jasanezina zen; are mingarriagoa egin zitzaigun ezustean harrapatu gintuelako. Izan ere, hamar egun lehenago Gaztela Zaharretik irten ginen, eta han eguraldia epela baino gehiago beroa zen, eta bat-batean Pirineo mendietako haizea hasi ginen sumatzen, gogorra eta hozmina, jasanezina bilakatzeraino, eta hatzak eta behatzak gogortu eta hozmintzeko arriskuan jartzeko neurriraino.
Ostiral gizajoa izutu egin zen benetan mendiak denak elurrez estaliak ikusi zituenean, eta giro hotza sentitu zuenean, ez baitzuen ordu arte bere bizitza osoan horrelakorik ikusi ez sentitu.
Gauzak are gehiago okertzeko, Iruñera iritsi ginenean elurra marra-mara ari zuen eta horrela iraun zuen denbora luzean. Horregatik hango jendeak zioen negua garaia baino lehenago iritsi zela; eta bideak, ordu arte nekez igaro bagenituen, handik aurrera igaro ezinak izan ziren. Labur esateko, elur pilak lodiegiak ziren zenbait tokitan guri bidaldia egiten uzteko, eta elurra izoztua ez zegoenez gero, iparraldeko herrietan gertatu ohi den bezala, ezin zen urrats bakar bat eman bizirik lurperatuak izateko arriskurik gabe. Iruñean hogei egun eman genituen gutxienez, eta negua zetorrela, eta eguraldiak hobera egiteko itxurarik ez zuela ikusita, Europa osoan inork gogoratzen zuen negurik hotzena baitzen hura, Hondarribira joatea proposatu nuen, eta handik Bordelera itsasontziz, itsasaldia oso motza baitzen.
Baina horretan ari ginela, bost jaun ingeles iritsi ziren, Frantziako aldean, gu espainiarrean ginen bezala, mendiak ezin igaro zeudenean, gidari bat aurkitu, eta haren gidaritzapean, lurraldea Languedoc-eko lurmuturraren ondotik zeharkatu eta gero, azkenean mendiak igaro zituztenak, elurrak traba egiten ez zien zenbait bidetatik; eta elurra ugari ikusi zuten arren, esan ziguten izoztua, eta gu eta zaldiak gainean ibili ahal izateko bezain gogortua zegoela.
Gidari horren bila joan ginen, eta esan zigun gu eramateko bide berbera hartuko zuela, eta elurraren kezkarik ez izateko, basapiztietatik babesteko arma nahikoak genituela ikusten baitzuen; izan ere, esan zigun maiz gertatzen zela horrelako elurteak zirenean otsoak mendi barrenetan azaltzea, goseak amorrazten, lurra elurrez estalia zegoelako. Esan genion ongi prestatuak ginela animalia horiei aurre egiteko, berak bi oinetako otso mota berezi batetik zaintzen bagintuen; esan zigutenez gero, horien arrisku handia baitzen, batez ere Frantzia aldeko mendietan.
Ziurtatu zigun horrelako arriskurik ez zela izango gure bidean; beraz berehala bat etorri ginen haren atzetik joateko. Hala egin zuten baita ere, beren zerbitzari eta guzti, beste hamabi jaunek, batzuk frantsesak, besteak espainiarrak, lehen esan dudan bezala, aurrera egiteko saioa egin ondoren, atzera egin behar izan zutenak.
Horrenbestez, Iruñetik abitau ginen gure gidariarekin, azaroaren 15ean; eta harritu ninduen, aurrera egin beharrean, hogei milia baino gehiago, zuzenean atzera egin zuelako, Madrildik etortzeko erabili genuen bide beretik. Bi ibai igaro ondoren eta lautadara iristean, eguraldi epela aurkitu genuen berriz, lurraldea atsegina eta elurrik bat ere ez; baina bat-batean, ezkerretara jo, beste bide bat hartu eta berriz hurbildu zen mendietara, eta egia bada ere mendi tontorrak eta amildegiak beldurgarriak zirela, horrenbeste bira, ingurubide eta bide-zidor ibili ondoren, mendate garaienak konturatu gabe, eta elurraren traba handirik gabe igaro genituen. Bat-batean Languedoc eta Gaskoiniako lurralde emaritsu eta atseginak erakutsi zizkigun, eta oraindik urrun ginen arren, eta bide zail samarra geratzen zitzaigun arren, dena berdea eta loreztatua ageri zen.
Hala ere, kezkatu ere egin ginen, egun eta gau oso batean elurra eten gabe egin zuela ikustean; eta hain lodi aritu zuenez gero, ezin izan genuen aurrera egin. Baina gidariak lasai egoteko esan zigun, berehala atertuko zuela. Konturatu ginen egunero jaisten eta jaisten ari ginela, eta gero eta iparralderago jotzen genuela; eta horrela, gure gidariaren esanetara, egin genuen aurrera.
Gaua egin baino bi ordu lehenago, gidaria aurretik zihoala, eta gure ikusmenetik kanpo, hiru otso izugarri oldartu zitzaizkion, eta haien atzetik hartz bat, baso sarri baten ondoan zegoen erreten batetik aterata. Otsoetako bik gidariaren gainera jauzi egin zuten, eta guregandik milia erdi urrunago egon balitz, irentsi egingo zuten, gu laguntzera iritsi baino lehenago. Animalietako bat zaldiari atxiki zitzaion, eta besteak gizonari egin zion eraso, horrenbesteko indarrez, ezen hark ez baitzuen izan ez denborarik, ez lasaitasunik, pistola ateratzeko, eta guri ozenki oihuka deitu besterik ezin izan zuen egin. Ostiral zerbitzaria nire alboan zihoan, eta zaldi gainean arrapaladan aurreratzeko esan nion, zer gertatu zen ikustera. Ostiralek gizona ikusi bezain laster, hark bezain ozenki egin zuen oihu:
— Oi, nagusi! Nagusi! —baina mutil adoretsu batek egingo lukeen bezala, zuzenean gizon gizajoaren ondoraino hurbildu zen, eta pistola hartu, eta otsoari tiro egin zion buruan.
Zorte ona izan zuen gizon gizajoak Ostiral izan zelako beregana joan zena, bere herrian ohitua baitzegoen horrelako piztiekin, eta ez baitzioten beldurrik ematen; horregatik, esan dudan bezala, hurbildu eta tiro egin zion. Aldiz, guretako edonork urrunagotik botako zukeen tiroa, eta horrenbestez, huts egin zezakeen, edo nahigabe gizonari eman.
Dena den, ni baino ausartagoren bat ere izutzeko modukoa zen; eta, giza talde osoa ikaratu zen benetan, Ostiralen pistola hotsarekin batera, bi aldeetan otsoen ulu goibelak entzun zirenean; eta hotsa mendien oihartzunak bikoiztu zuenean, iruditu zitzaigun talde ikaragarri bat zegoela, eta agian beldurra eragiteko moduko taldea izan zitekeela.
Halere, Ostiralek otso hura hil zuenean, zaldiari atxiki zitzaionak berriz, animalia utzi, eta alde egin zuen; eta eskerrak buruan lotu zitzaion, uhalak eta ahokoa hortzetan trabatu baitzitzaizkion, eta horrela ez zion kalte handirik egin. Gizonak ordea, zauri larriagoak izan zituen; izan ere, pizti amorratuak bi aldiz egin zion hozka, behin besoan, eta hurrengoan belauna baino pixka bat gorago, eta zaldi zoratuaren gainetik erortzeko zorian zegoen, Ostiral hurbildu eta otsoari tiro egin zionean.
Pentsatzekoa da Ostiralen pistolaren hotsa entzutean, ibilera arindu egin genuela, eta bideak uzten zigun bezain azkar, ez baitzen bat ere erraza, arrapaladan joan ginela, zer gertatu zen ikustera. Traba egiten ziguten zuhaitzetatik irten bezain laster, argi eta garbi ikusi genuen gertatutakoa, Ostiralek salbatu zuela gidari gizajoa, nahiz eta behar bezala ez ikusi zein izaki mota zen hark hil zuena.
Baina ez da inoiz borroka gogorragorik eta ezustekoagorik izan orain azalduko dudana baino, Ostiral eta hartzaren artean izandakoa alegia; eta gu guztiok hasieran harritu eta kezkatu gintuen arren, azkenean inori bururatu zaion unerik alaiena eskaini zigun.
Hartza izaki astun eta baldarra da, eta ez daki otsoak bezala lasterka egiten, hura bizkor eta arin ibiltzen baita beti, baina baditu bi ezaugarri, gehienetan bere ekintzetako arau direnak: lehenengoa, gizonak ez ditu berezko harrapakinak, berezko harrapakinak diot, ez baitakit zer egingo luketen goseak amorrazten egonez gero, eta hori zen orduan gertatzen zitzaiena, lurra dena elurrez estalia baitzegoen. Baina ez dute gizonari eraso egiteko ohiturarik, hark ez badio kalterik egiten. Aldiz, basoan aurkitzen baduzu, eta bakean uzten baduzu, hark ere bakean utziko zaitu; baina harekin gizabidez jokatzeko ardura hartu beharko duzu, oso jaun kaskarina baita. Ez du pausua bere bidetik okertuko, ezta printze batengatik ere; are gehiago, benetan beldurtuta bazaude, onena duzu beste aldera begiratu eta aurrera egitea. Izan ere, haren aurrean jarri eta mugitu gabe hari begira geratzen bazara, iraintzat hartuko du; eta zerbait bota edo jaurtitzen badiozu, eta harekin jotzen baduzu, zure behatza baino handiagoa ez den makila bat izanda ere, iraintzat hartuko du, eta bere zeregin guztiak alde batera utziko ditu mendekua lortu arte, bere ohoreari egindako kaltea garbitzeko. Hori da lehenengo ezaugarria; bigarrena, berriz, hura iraintzen baduzu, ez zaituela bakean utziko, ez gau eta ez egun, mendekua lortu arte, eta atzetik joango zaizula, batera eta bestera, harrapatu arte.
Nire zerbitzari Ostiralek gidaria salbatu zuen, eta bere ondora iritsi ginenean, zaldi gainetik jaisten laguntzen ari zitzaion. Gizona, biak batera zegoen, zauritua eta beldurtua, eta bigarrena gehiago lehenengoa baino. Halako batean, basotik hartz bat irteten antzeman genuen, hartz erraldoi bat, inoiz ikusi dudan handiena, zalantzarik gabe. Animalia ikustean harritu samarrak geratu ginen, baina Ostirali, ordea, pozez eta adorez bete zitzaion aurpegia.
— Oi!, oi!, oi! —esan zuen Ostiralek hiru aldiz, animalia seinalatzen zuen bitartean—. Ene nagusi, utzi ni joan, nik eskua eman, nik zuei barre eragin.
Txunditua nengoen mutila horren pozik ikusita.
— Zoratu egin zara? —esan nuen—. Jan egingo zaitu.
— Ni jango! Ni jango! —esan zuen Ostiralek bi aldiz—, nik bera jango, nik zuei barre eragin. Hemen egon denak, nik zuei barre eragin.
Eta lurrean eseri, botak berehala erantzi, eta poltsikoan zituen txapinak, —guk hala esaten genien haiek erabiltzen zituzten zapata zapalei—, hartu eta jantzi zituen. Nire beste zerbitzariari eman zion zaldia, eta pistola zeramala, han joan zen ziztu bizian, tximista baino agudoago.
Hartza lasai zihoan bere bidetik, inori eraso egiteko asmorik gabe, Ostiral harengana hurbildu, eta, hartzak ulertuko balio bezala, dei egin zionean:
— Entzun, entzun —esan zuen Ostiralek— nik hitz egin zurekin.
Gu urrutitik gindoazen Ostiralen atzetik. Une horretan mendietako Gaskoinako aldera jaisten ari ginen, eta, lautada zabal eta oro har ireki samar batera iritsi ginen, han-hemenka zuhaitz ugari ageri ziren arren.
Esaten ari ginen bezala, Ostiral hartzaren atzean orpoz orpo doa, eta bizkor hurbiltzen zaio. Harri handi bat hartu, bota, eta bete betean harrapatzen du buruan. Hala ere, harria hormaren kontra bota izan balu baino min handiagorik ez dio egin. Ostiralek ordea, nahi duena lortzen du; izan ere, mutil barrabasak beldurrik ez zuen, eta hartza bere atzetik joatea besterik ez zuen nahi, eta guri barre eragitea, berak esaten zuen bezala.
Hartzak harrikada sumatu, eta Ostiral ikusi bezain laster, beste aldera jiratu eta atzetik joan zaio lasterka, urrats handi eta gaiztoak emanez, oinak arrastaka, eta lastertasun bitxi samarrean, zaldi batek lasterka nekez iritsiko lukeena, hala ere. Han abiatzen da Ostiral, eta guregana hartzen du bidea laguntza eske baletor bezala. Gu orduan hartzari tiro egiteko prest gaude, nire zerbitzaria salbatzeko. Dena den, oso haserre nengoen hartza guregana ekarri zuelako, hartzak beste bide batetik joatea baitzuen buruan; eta batez ere haserre nengoen hartza guregana bideratu ondoren, berak ihes egin zuelako. Orduan oihu egin nion:
— Aizu zakur —esan nion—, hori al zen zure barre eragite hori? Alde egizu hortik, eta hartu zaldia, guk animaliari tiro egingo diogu eta.
Hark nik esandakoa entzun, eta esan zidan oihuka:
— Ez tiro, ez tiro, egon lasai, zuek barre handiak egin.
Eta mutil trebea hartza baino bi aldiz arinago zebilenez gero, bat-batean guregana begira jarri zen, eta arte handi bat aurrean ikustean, berak nahi zuenerako egokia, bere atzetik joateko esan zigun keinuka. Pausoa bizkortu eta arin-arin igo zen zuhaitzera, eskopeta lurrean utzita, zuhaitzaren oinetik bospasei iardatara edo.
Hartza berehala iritsi zen zuhaitzera, eta guk urrutitik jarraitzen genion. Lehenengo eta behin, eskopetaren aurrean geratzen da, hura usaitu eta bertan uzten du, eta han doa zuhaitzean gora atzaparka, katu baten eran, baina hark baino askoz pisu astunagoa zuela. Harritua nengoen nire zerbitzariaren zorakeria horrekin, eta ez nuen inolaz ere ikusten barre egiteko arrazoirik, eta hartza zuhaitzean gora zihoala ikusi genuenean, hara hurbildu ginen.
Zuhaitzeraino iristean, han ikusi genuen Ostiral adar handi baten ertzean, eta hartzak harengana iristeko bidearen erdia edo egina zuela. Baina hartza adarra meheagoa zen aldera iritsi orduko, esan zuen Ostiralek:
— Ah, orain zuek ikusi nik hartzari dantzan egiten irakatsi.
Orduan jauzi eginez adarra astindu zuen, eta hartza zanbuluka hasi zen; baina lasai geratu zen eta atzera begiratu zuen nola itzuli ikusteko. Orduan bai barre egin genuela. Baina Ostiralek ez zuen horrekin amaitu, ez horixe. Hartza geldirik ikusi zuenean, berriro dei egin zion, hartzak ingelesez ulertuko zuela uste izan balu bezala:
— Zer, ez zoaz aurrerago? Tira, etorri aurrerago.
Eta jauziak eta astinduak utzi zituen, eta hartzak, esandakoa ulertu balu bezala, urrutixeago joan zen; orduan berriz hasi zen jauzika, eta hartza berriro geratu zen.
Iruditu zitzaigun une egokia zela animaliari buruan tiro egiteko, eta Ostirali ez mugitzeko esan nion ozenki, guk hartzari tiro egiten genion bitartean. Baina hark oihu egin zuen gogotik:
— Oi, arren! Ez tiro, nik geroko tiro.
«Geroxeago» esan nahi zuen. Dena den, eta gertaera laburtzeko, Ostiral etengabe dantzan ari zela eta hartza horren kilimatsu zebilela ikusita, barreari eman genion gogoz. Baina oraindik ez genekien zer asmo zuen gure adiskideak. Izan ere, hasieran, astinduaren astinduz, uste genuen hartza zuhaitzetik behera botako zuela, baina konturatu ginen animalia zuhurregia zela hori gertatzeko, ez baitzuen urrunegi joan nahi erortzeko beldurrez, aldiz, bere atzapar zabalak eta bere zangoak gogor estutzen zituela zuhaitzaren kontra, eta ezin genuen asmatu gertaera zertan amaituko zuen.
Baina Ostiralek berehala argitu zizkigun zalantzak. Ikusi zuenean hartzak gogor eusten ziola adarrari, eta ezin ziola buruan sartu aurrerago joatea, esan zion:
— Ederki, ederki, zu ez etorri aurrerago, ni joan, ni joan. Zu ez etorri niregana, ni joan zuregana.
Hori esan eta Ostiral adarraren mutur meharreneraino joan zen; bere pisuak adarra okertu zuen, eta poliki poliki hartaz baliatu zen beheraino jaisteko, haren gainean irristatuz, lurrera jauzi egin ahal izateko moduko tartera iritsi arte; eta han joan zen lasterka eskopetaren bila, eta hura hartu eta zain geratu zen.
— Ederki, Ostiral —esan nion—, zer egin behar duzu orain? Zergatik ez diozu tiro egiten?
— Ez tiro egin —esan zuen Ostiralek—, oraindik ez. Orain tiro egin, nik ezin hil. Nik itxaron, zuei berriz barre eragin.
Eta hala egin zuen, berehala ikusiko duzun bezala. Hartzak bere etsaia joan zela ikustean, adarrean atzera egiten hasten da, baina kontu handiz, pausu bakoitzean atzera begiratuz, atzerantz enborrera iritsi arte. Orduan alde bereko atzeko eta aurreko zangoarekin hasten da zuhaitzetik jaisten, atzaparrez ongi atxikita, eta aldiro zango bat mugituz, oso poliki. Une horretan, eta zangoa lurrean jartzera dihoanean, Ostiral hurbiltzen zaio, eta armaren ahoa belarrian sartuz, tiro egiten dio, eta animalia zerraldo uzten du.
Orduan mutil barrabasa barre egiten genuen ikusteko jiratu zen, eta gure aupegiei begiratuta pozik ginela konturatu zenean, barre algara ozenak egin zituen.
— Horrela guk hiltzen hartza nire herrian —esan zuen Ostiralek.
— Horrela hiltzen dituzue? —esan nuen—. Nola baina, ez duzue eskopetarik eta.
— Ez —esan zuen—, ez eskopeta, baina gezi oso handi luze bota.
Atseginaldia izan zen hura guretzat, baina oraindik leku basati batean ginen, gidaria oso larri zauritua genuen, eta ez genekien zer egin. Otsoen uluak buruan ongi sartuak nituen, eta benetan diot, Afrikako itsasertzean behin entzun nuen hotsa, eta dagoeneko aipatu dudana, izan ezik, ez dut inoiz horrenbeste ikaratu nauen hotsik entzun.
Gauza horiek eta gauaren gertutasunak aurrera eginarazi zigun, bestela, Ostiralek nahi zuen bezala, animalia ikaragarri hura larrutuko genukeen, larru ona baitzen eramateko; baina hiru legoa geratzen zitzaizkigun oraindik, eta gidariak bizkor ibiltzeko esan zigun. Beraz, animalia utzi, eta bidaldiari ekin genion.
Lurra oraindik elurrez estalia zegoen, mendietan bezain sakona eta arriskutsua ez izan arren; eta animalia gosetuak, gero entzun genuenaren arabera, basoetara eta lautadetara jaitsi ziren, goseak bultzata janari bila, eta herrietan kalte ikaragarriak egin zituzten, hango biztanleak ezustean harrapatu baitzituzten, eta ardi eta zaldi ugari jan baitzituzten, eta baita jendea ere.
Leku arriskutsu batetik pasa behar genuen, eta gure gidariak esan zigun, inguruan otso gehiago izatekotan, han aurkituko genituela. Lautada txiki bat zen, alde guztietatik basoz inguratua, amaieran mendi-lepo mehar eta luze bat edo igarobide bat zuena, hain zuzen ere, basoa zeharkatzeko eta ostatu hartu behar genuen herriraino iristeko igaro behar genuena.
Eguzkia ezkutatzeko ordu erdi falta zenean barruratu ginen lehenengo basoan, eta eguzkia sartu eta geroxeago iritsi ginen lautadara. Ez genuen ezer aurkitu lehenengo basoan, legoa erdi baino gutxiago izango zuen baso barruko argiune batean, bata bestearen atzean eta ziztu bizian, harrapakinen bat ikusi eta haren atzetik joango balira bezala, bidea zeharkatzen bost otso handi ikusi genituen arte. Ez ziren gu han ginenik konturatu, eta berehala desagertu ziren gure begien bistatik. Hori ikustean gure gidariak, eta bide batez esango dut gizona koldar eta doilor hutsa zela, erne ibiltzeko esan zigun, otso gehiago etorriko zirela uste baitzuen.
Armak prest genituen, eta begiak erne ingurua arakatzen, baina ez genuen otso gehiagorik ikusi gutxienez legoa erdia izango zuen baso horretatik irten, eta lautadara iritsi arte. Baina lautadara iritsi bezain laster, izan genuen ingurua arakatzeko aukera. Lehenengo gauza zaldi hil bat aurkitu genuen, alegia, otsoek hil zuten zaldi gizajo bat, eta azkenik dozena bat otso lanean, ezingo genuke esan jaten ari zirenik, hezurrak marraskatzen baizik, haragia jana baitzuten ordurako.
Ez zitzaigun burutik pasa haien janaldiari traba egitea, eta haiek ere ez ziren gutaz gehiegi arduratu. Ostiralek tiro egin nahi zien, baina ez nion inolaz ere utzi, uste genuena baino arazo larriagaoa baikenuen esku artean. Lautadaren erdian edo geundela, gure ezkerraldeko basoan otsoen uluak modu beldurgarrian entzuten hasi ginen, eta handik pixka batera ehun bat ikusi nituen zuzen zuzenean guregana zetozela, denak bat eginda, eta gehienak behar bezala lerrokatuak, ofizial adituek prestatuko luketen gudaroste ongi eratu baten antzera. Ia ez nekien haiei nola aurre egin, baina konturatu nintzen gu guztiok lerro itxi bat osatzea izango zela modu bakarra, eta berehala jarri ginen horrela. Baina denboraz urri ibiliko ginenez gero, agindu nuen bi gizonetako batek bakarrik tiro egiteko, eta tiro egin ez zutenek, otsoek aurrera egiten bazuten, prest egoteko bigarren tiro-jasa egiteko; eta gero lehenengo tiro egin zutenek ez saiatzeko berriro fusilak betetzen, eta pistola bana prest izateko, denek fusil bana eta bina pistola baikenituen. Era horretara, sei bala batera botatzeko gai izango ginen, taldearen erdiak tiro eginda. Dena den, ez genuen premiarik izan, lehenengo tiroa egin orduko, etsaia geldi-geldi geratu baitzen, bai zaratak eta bai suak izututa. Lau otso zerraldo geratu ziren, tiroa buruan hartuta, beste zenbait zauritu genituen, eta odola zeriela joan ziren, elurretako arrastoek adierazten ziguten bezala. Konturatu nintzen ez zirela mugitzen, baina ez zutela berehalakoan atzera egin; eta orduan gogoratu zitzaidan norbaitek esan zidala animalia basatienak ikaratu egiten zirela gizonaren ahotsa entzutean, eta talde osoari ozenki oihu eginarazi nion. Eta ikusi nuen ustea ez zela erabat okerra, gure oihuak entzutean otsoak atzera egiten eta jiratzen hasi baitziren. Orduan haien atzeraldian bigarren tiroketa egiteko agindu nuen, hark lauoinka bidali zituen, eta handik baso alderantz desagertu ziren.
Horrek denbora eman zigun eskopetak berriz betetzeko, eta presaka gindoanez gero, martxan bete genituen. Baina fusilak bete eta prest jarri orduko, soinu ikaragarri bat entzun genuen gure ezkerretara zegoen baso horretan bertan, baina gu ginen lekutik urrunxeago, egiteko genuen bide berean.
Laster egingo zen gaua eta, gure kalterako, ilunabarra zen ordurako; baina hotsa gero eta ozenagoa zenez gero, argi eta garbi entzun genuen animalia madarikatu horien ulu eta oihuak zirela. Eta bat-batean, bizpahiru otso talde antzeman genituen, bat gure ezkerretara, bestea gure atzean, eta hirugarren bat gure aurrean; beraz inguratuta gintuztela zirudien. Dena den, eraso egin ez zigutenez gero, gure zaldiak eraman ahal izan genituen bezain bizkor, aurrera egin genuen. Baina bidea oso aldapatsua zen, eta gehienez ere lasterka bizi samar bat izan zen hura, eta horrela, lautadaren beste muturrera joateko igaro behar genuen basoaren sarrerara iritsi ginen. Ezuste galanta izan genuen ordea, mendi-lepo edo igarobidearen sarreran, otso pila izugarri bat aurrez aurre aurkitu genuenean.
Halako batean, basoaren beste argiune batean, eskopeta baten hotsa entzun genuen, eta harantza begiratu, eta zaldi bat ikusi genuen, zela eta uhalak jarrita zituela, tximista baino bizkorrago zihoala ihesean, eta bere atzetik hamasei edo hamazazpi otso ziztu bizian. Zaldiak otsoak ia orpoan atxikita zituenez gero, eta kontutan izanda hark ezingo ziola arrapalada hari eutsi, ez genuen zalantzarik izan azkenean zaldia harrapatu eta jan egingo zutela, eta halaxe gertatu zen.
Baina han ikuskizun are ikaragarriagoa izan genuen. Zaldia arrapaladan irten zen basoaren sarrerara iritsi ginenean, beste zaldi baten eta bi gizonen gorpuzkinak aurkitu genituen, animalia madarikatu horiek irentsiak. Gizonetako bat, zalantzarik gabe, eskopeta tiroa botatzen entzun genuen bera izan behar zuen, alboan eskopeta su egin berria baitzeukan; baina gizonak burua eta gorputzaren goiko aldea janda zituen.
Horrek ileak laztu zizkigun, eta ez genuen asmatzen zein bide hartu. Animaliek ordea, berehala erabakiarazi ziguten, inguruan biltzen ari baitzitzaizkigun, harrapakina eskuratu nahian; eta benetan uste dut gutxienez hirurehun izango zirela. Gure zorionerako ordea, basoaren sarreraren ondoan, enbor handi batzuk zeuden lurrean botata, aurreko udan edo moztuak, eta itxuraz handik garraiatzeko prest zeudenak. Nire gudaroste txikia enbor horien erdiraino eraman nuen, eta errenkadan zuhaitz-enbor handi baten atzean jarrita, aholkua eman nien zaldi gainetik jaisteko; eta enborra lubaki moduan aurrean genuela, triangelu bat edo hiru aurrealde osatu genituen, zaldiak erdian utzita.
Hori egin genuen, eta ongi egin gainera; izan ere, inoiz ez baita eraso gogorragorik izan, izaki horiek leku horretan egin zigutena baino. Marmar-hots ikaragarria eginez etorri zitzaizkigun gainera, eta, esan dudan bezala, gure lubaki ziren enborren gainera igo ziren. Zirudienez, haien haserrea batez ere atzean genituen zaldiak eragindakoa zen, hura baitzen lortu nahi zuten harrapakina. Gizonei lehen bezala tiro egiteko agindu nien, aldiro bi gizoneko batek, alegia. Tiroak oso zehatzak izan ziren, eta otso batzuk hil zituzten lehenengo tiroketan, baina etengabeko tiro egiteko premia genuen, deabruak balira bezala etortzen baitzitzaizkigun, atzekoak aurrekoei bultzaka.
Bigarren tiroketa egin genuenean, iruditu zitzaigun pixka bat gelditu zirela, eta ihes egingo zuten itxaropena ere izan nuen; baina une bat besterik ez zen izan, atzetik gehiago etorri baitziren. Beraz pistolak hartuta, bi aldiz tiro egin behar izan genuen, eta uste dut lau tiroketa horietan hamazazpi edo hemezortzi hilko genituela, eta beste bi halako herren utzi, baina hala ere gehiago zetozen.
Ez nuen azken tiroa alferrik erabili nahi, eta nire zerbitzariari dei egin nion, ez Ostirali, beste zeregin batean ari baitzen, izan ere, hark trebetasun handienaz nire fusila eta berea bete baitzituen borrokan ari ginen bitartean, baizik eta, esan bezala, nire beste zerbitzariari, eta sutauts adar bat eman, eta enborrean zehar sutauts jario lodi bat uzteko agindu nion. Hori egin, eta ozta-ozta alde egin zuen handik, otsoak iritsi ziren unerako eta batzuek enbor gainera jauzi egin zutenerako; orduan nik, pistola bete gabea sutautsaren ondoan jarri, klask egin, eta su eman nion. Enbor gainean zeuden otsoak kixkali ziren, eta haietako sei edo zazpi erori, edo, hobeto esan, gainera oldartu zitzaizkigun, suaren indarraren eta beldurraren eraginez. Haiek berehala akabatu genituen, eta beste guztiek, suak ikaratuta, gauak, ia ilun baitzegoen orduan, beldurgarriagoa egiten baitzuen, pixka bat atzera egin zuten. Orduan azken pistola tiroa denek batera egiteko agindua eman nuen, eta azkenean garrasi egin genuen. Hori ikusita otsoak ihes egiten hasi ziren, eta gu berehala irten ginen lurrean hil zorian aurkitu genituen hogei bat oso zauriturengana, eta ezpata-ukaldiaz josi genituen, espero genuena lortuz; izan ere, haien oihu eta uluak ongi ulertu baitzituzten beren kideek, eta orpoz ipurdi joan ziren gu han utzita.
Denera hirurogei inguru hil genituen, eta egun argiz izan balitz, gehiago hilko genituen. Guda tokia garbi zegoela, aurrera egin genuen, legoa bat geratzen baitzitzaigun oraindik herrira iristeko. Bidean gindoazela zenbait aldiz entzun genituen basoan izaki amorratuen oihuak eta uluak, eta zenbaitetan iruditu zitzaigun batzuk ikusi genituela, baina elurraren distirak begiak itsutzen zizkigunez gero, ez geunden ziur. Ordubete barru ostatu hartu behar genuen herrira iritsi ginen, eta han denak beldurrak airean eta armatuak aurkitu genituen. Zirudienez, bezperako gauean otsoak eta hartz batzuk herrian sartu ziren, eta denak izutu zituzten; horregatik gau eta egun zelatan egotera behartuta zeuden, gauez bereziki, aziendak, eta baita jendea ere, zaintzeko.
Hurrengo goizean, gure gidaria oso larri zegoen, eta hanka bi zauri gaiztotuen eraginez handitua zuenez gero, ezin izan zuen aurrera egin. Beraz gidari berri bat hartu behar izan genuen herrian, eta harekin Tolosaraino joan. Han eguraldi goxoa aurkitu genuen, eta mendialde emaritsua eta atsegina, eta ez elurrik, ez otsorik, edo antzekorik. Baina Tolosan bidaldiaren berri eman genuenean, esan ziguten mendi barrenetako baso handi horietan, batez ere elurra zenean, ez zela batere harritzekoa horrelakorik gertatzea. Dena den, jakin nahi izan zuten zein gidaria mota zen hura, urte sasoi gogor horretan jendea handik eramaten ausartzen zena, eta esan ziguten ez zela gauza makala izan denak irentsiak ez amaitzea. Esan genienean otsoen aurrean nola kokatu ginen, zaldiak erdian jarrita, zentzugabekeriaz jokatzea aurpegiratu ziguten, eta esan ziguten berrogeita hamar aukera genituela baten kontra han denak suntsituak izateko. Izan ere, zaldiak ikusteagatik haserretu baitziren otsoak horrenbeste, harrapakina aurrean zuten eta; eta beste edozein unetan eskopeten aurrean beldurtu egingo zirela, baina goseak amorrazten zeudenez gero, gure zaldiengana iristeko grinak ez ziela arriskuaren kalteak ikusten utzi; eta etengabeko tiroketaren ondorioz eta azkenean sutautsaren jarioaren trikimailuari esker menderatu izan ez bagenitu, zaila izango zela haiek gu ez sarraskitzea. Bestalde, zaldi gainean geratu izan bagina, eta handik tiro egin, ez zituztela zaldiak horrenbesteraino harrapakin gisa irrikatuko, ez behintzat gizonak gainean ez zituztenean adina; eta gainera, azkenean denak batera geratu izan bagina, zaldiei joaten utzita, ahalegin biziz ariko zirela haiek jaten, eta gu osorik eta onik egongo ginela, batez ere armak genituelako eta asko ginelako.
Niri zegokidanez, ez nuen bizitza osoan horren arrisku handirik ezagutu. Izan ere, hirurehun deabru guregana orroka eta ahoak zabalik zetozela ikusita, ez babesteko eta ez atzera egiteko lekurik ez genuela, etsita nengoen; eta edozein modutara ere, ez dut uste mendi horiek berriz gurutzatzeko gogorik izango dudanik. Iruditzen zait nahiago izango nuela itsasoz mila legoa egin, astean ekaitz bati aurre egin beharko banio ere.
Ez zen gauza aipagarririk gertatu Frantzian zehar egin nuen bidaldian; ez behintzat beste bidaiariek, nik baino hobeto, kontatu ez dutenik. Tolosatik Parisera joan nintzen, eta han denbora luezeegia eman gabe, Calais-era; eta urtarrilaren 14an, osorik eta onik lehorreratu nintzen Dover-en, bidaldian eguraldi hotz eta latza jasan ondoren.
Nire bidaldien amaierara iritsi nintzen, eta handik denbora gutxira nire ondasun aurkitu berriez inguratua nengoen, neramatzan diru-agiriak zintzo-zintzo ordaindu baitzizkidaten.
Nire laguntzaile eta aholkulari onena alargun zahar zintzoa zen; eta hark, bidali nion diruaren ordainetan, ez zion ez neke ez ardura handienari uko egiten, niri laguntzeko baldin bazen. Beraz harengan jarri nuen uste osoa, eta ez nuen kezkarik izan nire dirutzaren segurtasunari zegokionean, eta lehenengo egunetik azkena arte poza besterik ez zidan eman emakume zintzoaren izaera orbangabeak.
Eta orduan ondasunak emakumeari utzi, eta Lisboara, eta handik Brasilera joatea hasi zitzaidan bururatzen. Baina une horretan beste kezka bat azaldu zitzaidan, erlijioarena, alegia. Izan ere, erlijio katolikoaz zalantza batzuk izan nituen atzerrian egon nintzen bitartean, batez ere bakarrik egon nintzenean. Eta banekien ez nintzela Brasilera joango, eta are gutxiago han geratzeko asmotan, baldin eta Erromako erlijio katolikoa besarkatzea erabakitzen ez banuen, salbuespenik gabe; edo bestela neure sinesmenaren alde bizia ematea, erlijioaren martiri izatea eta Inkisizioan hiltzea erabaki behar nuen. Beraz etxean geratzea erabaki nuen, eta modurik aurkitzen banuen, lur-sailak saltzea.
Horretarako Lisboako lagun zaharrari idatzi nion, eta hark han bertatik erraz saldu zitzakeela erantzun zidan, baina egokia iruditzen bazitzaidan ahalmena eman beharko niola nire ordezkarien ondorengo ziren bi merkatariei nire izenean eskaintza egiteko, Brasilen bizi zirenez gero, ongi ezagutzen baitzuten haren balioa, eta merkataritzatik bizi zirenez gero, oso aberatsak zirela gainera, eta iruditzen zitzaiola gogo onez erosi nahiko zituztela, eta zalantzarik ez zuela egiten 4.000 edo agian 5.000 zortziko txanpon lortuko nituela.
Proposamena onartu nuen, eta agindua eman nion haiei eskaintza egiteko; eta hala egin zuen. Zortzi hilabete inguru geroago, itsasontzia itzuli zen, eta eskaintza onartu zutela, eta 33.000 zortziko txanpon bidali zizkiotela erantzun zidan, Lisboan zuten ordezkari bati, hark ordainketa egiteko.
Nik ordainetan, Lisboatik bidali zidaten salmenta-agiria sinatu nuen, eta nire lagun zaharrari bidali nion, eta hark etxaldearen truke, 32.800 zortziko txanpon balio zuten diru-agiriak bidali zizkidan; urteko 100 moidoreetako ordainketa beretzat hartuta, bizi zen artean, eta 50 moidoreetakoa, hiltzen zenean semearentzat, nik hitz eman nion bezala, lur-sailek urteko sari ona ematen baitzuten. Eta horrela amaitzen da nire zoriko eta menturazko bizitzaren lehenengo zatia, Goi-arduraren borondatearen mendekoa eta munduak gutxitan erakusten dituen bezalako gertaera ugari izan zituena; eta hasiera zoroa izan bazuen, bukaera aldera bizitza osoan zehar espero izan nuena baino zoriontsuagoa izan zen.
Edonork pentsatuko luke nekez lortutako zorioneko egoera horretan handik aurrera abenturak baztertuko nituela; eta hala izango zen, bestelako bizimodua izan banu. Baina hara-hona ibiltzen ohituta nengoen, familiarik ez nuen, lagunik ere ez, eta aberatsa izan arren, ez nuen ezagun askorik; eta Brasilgo etxaldea saldu banuen ere, ezin nuen herrialde hura burutik kendu, eta berriro hegoak zabaltzeko asmoari ezin nion uko egin; batez ere ezin nion aurka egin nire uhartea ikusteko nuen grina biziari, eta espainiar gizajoak uhartean ote zeuden, eta han utzitako gaizkileek nola hartu zituzten jakiteari.
Nire lagun zintzo alargunak ahalegin guztiak egin zituen niri asmo hori burutik kentzen, eta horren gogor saiatu zenez gero, zazpi urtez eduki ninduen atzerrira joan gabe; eta bitarte horretan nire bi ilobez, nire anaietako baten semeez, arduratu nintzen. Zaharrena, berez zerbait bazekarren eta, jaun baten eran hezi nuen, eta ni hiltzerakoan nire oinordekotzaren zati bat utzi nion bere ondasunei erantsia izateko. Bestea ontzi bateko kapitain baten eskuetan jarri nuen, eta bost urte horrela igaro ondoren, eta merkatari gazte trebe eta zuhurra zela argi utzi zuenean, ontzi on bat erosi nion itsasora abaitzeko; eta mutil gazte hori bera izan zen, ni, zahartzaroan, abentura berrietara bultzatu ninduena.
Bitartean, neurri batean han kokatu nintzen; izan ere, lehenik eta behin ezkondu egin nintzen, ez nire kalterako eta ez gogoz kontra, eta hiru seme-alaba izan nituen, bi seme eta alaba bat. Baina emaztea hil zitzaidanean, eta iloba Espainiara egindako itsasaldi batetik arrakastatsu iritsi zenean, atzerrira bidaldiak egiteko nuen grina, eta haren tema nagusitu zitzaizkidan, eta ontzirarazi ninduten, Ekialdeko Indietan merkatari gisa aritzeko. Hori 1694. urtean izan zen.
Bidaldi horretan uhartean nuen kolonia berrira joan nintzen, nire ondorengoak ziren espainiarrak ikusi nituen, eta hango bizimoduaren berri eman zidaten, baita han utzi nituen gaizkileena ere; hasieran espainiar gizajoak iraindu zituztela, gero nola adiskidetu ziren, haserretu, bat egin, eta berriz bereizi, eta nola azkenean espainiarrak indarra erabiltzera behartu zituzten, eta nola geratu ziren espainiarren mende, eta harrezkero zein zintzo hartu zituzten espainiarrek. Kontakizuna niri gertatutakoak bezain gertaera ugariz eta harrigarriz osatua zegoen; batez ere karibeekin izandako borrokei zegokionean, behin baino gehiagotan lehorreratu baitziren uhartean, eta baita uhartean egin zituzten aurrerapenei buruz ari zirenean; edo hango bostek kontinentera joateko egindako saioaz, handik hamaika gizon eta bost emakume preso eramateko; eta horren ondorioz, uhartera iristean hogei bat ume aurkitu nituen.
Hogei egun inguru eman nituen han, eta era guztietako hornigai premiazkoak utzi nizkien, batez ere armak, sutautsa, balak, arropak, lanabesak eta, Ingalaterratik ekarritako bi langile, hau da, arotz bat eta errementari bat.
Gainera, uhartea zatitu egin nuen haien artean, uharte osoaren jabetza niretzat gorde nuen arren; baina, hala ere, bat etorri ziren denak zatien banaketarekin, eta gauza horiek guztiak antolatu ondoren, eta handik ez zutela alde egingo hitz emanarazi ondoren, han utzi nituen.
Gero Brasilerantz jo nuen, eta handik uhartera jende gehiago zeraman ontzi bat bidali nien; eta beste gauzen artean, zazpi emakume bidali nizkien, neskame lanetarako aurkitu nituen egokienak, edo emaztetzat hartzeko; aukeran. Ingelesei berriz, hitza eman nien Ingalaterratik emakume batzuk bidaliko nizkiela, premiazko gauzen zamaldi on batekin batera, lurra lantzen saiatzen baziren; eta hala egin nuen geroago. Eta gizonak, behin menderatuak izanez gero, eta ondasunak banatu ondoren, zintzoak eta langileak zirela garbi utzi zuten. Brasildik bost behi ere bidali nizkien, horietako hiru txahala egiteko zeudela, eta ardiak eta zerriak; eta berriro itzuli nintzenerako, nahikoa ugaldu ziren.
Baina gauza horiek guztiak, eta hirurehun karibek uhartean zeudenei eraso egin zietela, lur-sailak hondatu zizkietela, eta karibe talde handi horren kontra bi aldiz borrokatu behar izan zutela; hasieran menderatuak izan zirela eta haien arteko hiru hilak, baina azkenean ekaitzak etsaien kanoak suntsitu zituela, eta gainerakoak goseak hil zirela edo hil egin zituztela, eta lurrak berreskuratu eta berritu zituztela, eta oraindik uhartean bizi direla dioen kontakizun batekin batera; gauza horiek guztiak, harrezkero hamar urtez bizi izan nituen beste abentura batzuetako gertaera harrigarriekin batera, agian hurrengo batean adieraziko ditut.