Bernard Shaw

 

Candida

 

euskaratzailea: Jon Agirre Garai

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Itzulpena: Jon Agirre Garai

 

Euskarazko edizioa: Literatura unibertsala, 2002

Jatorrizkoaren data: 1894

 

Bernard Shaw euskaraz:

       http://ekarriak.armiarma.com/?i=314

 

Informazio gehiago:

       http://armiarma.com/emailuok/?p=598

 

 

Candida: Antzerki atsegina

 

HITZAURREA

 

       Idazlea

       George Bernard Shaw Irlandan jaio zen 1856ko uztailaren 26an. Etxeko gazteena izan zen, hirugarrena, eta arreba bi zeuzkan. Aita George Carr Shaw zen eta ama Lucinda Elizabeth Gurly Shaw. Jatorriz protestantea zenez familiari nagusien taldekoa izatea zegokion, irlandartutako burgesiakoa, baina aita, lehenengo, soldata eskaseko funtzionarioa eta, ondoren, arrakasta gabeko merkataria izan zenez, gure gizonak txiro dotorearen giroa bizi izan zuen gaztetxotan. Egoera hori lotsagarriagoa iruditzen zitzaion pobre hutsa izatea baino. Lehenengo tutorea osaba elizkoi bat izan zuen, ondoren eskolara hasi zen, baina baztertu egin zituen ikasketa guztiak eta, hamasei urte zituela, bulego batean hasi zen lanean.

       Jakinduria zabala lortu zuen musikaz, ertiaz eta literaturaz; alde batetik, amaren eraginagatik eta, bestetik, Irlandako Galeria Nazionalera egiten zituen ikustaldiakatik. Shawtarrenean Dublinen George John Vandeleur Lee musika-irakaslea bizi zen 1866az gero; 1872an amak senarra utzi zuen eta, alaba biak hartuta, Londresera joan zen irakasle zuenarekin.

       1876an erabaki zuen gure George Bernard Shawek idazle izatea. Hogei urte zituen eta Londresera joan zen amaren eta arreba zaharrenarengana, bigarrena hila baitzen. Garai hartan larrutik jasan zuen pobrezia: amaren lepotik bizi zen, eta amaren diru-sarrerak aitaren pentsioa, libera esterlina bat astean, eta musika irakasten ateratzen zuena baino ez ziren. Museo Britainiarreko irakurgelan ematen zituen arratsaldeak eleberriak idazten eta eskolan ikusi ez zuena irakurtzen. Iluntzean, aldiz, Londresko intelektualen bilera eta eztabaidaguneetan hartzen zuen parte, bere heziketa osotzeko asmoarekin.

       Dozena-erdi bat eleberri idatzi zituen eta ez zioten bere sasoian bat ere argitaratu. Hala ere, garai horretan aurkitu zuen bere nortasuna: barazkizale, sozialista, hizlari trebe, polemista bilakatu zen, eta antzerkiak idazten hasi. Fabiotar Elkartearen sortzaile sutsuenetakoa izan zen 1884an: klase ertaineko sozialisten taldea, Ingalaterrako gizartea aldatu nahi zuena, baina ez iraultzaren bidez, baizik eta bizitza intelektual eta politiko guztira zabalduz edo, Sidney Webb politikari eta ekonomialariaren hitzetan, «iragaziz»; Quintus Fabius Maximus Verrucosus kontsul eta diktadore erromatarraren izenetik hartu zuten deitura, ezizenez Cunctator (zuhurra) zelako. Elkartearen ekintza guztietan hartu zuen parte, batez ere argitalpenetan: 1889an Fabian Essays in Socialism argitaratu zuten, eta Candidan aipatzen da.

       Artikuluak eta kritikak argitaratu zituen literaturaz, musikaz eta ertiaz zenbait egunkaritan, batzuetan ezizenez: Corno di Bassetto eta G.B.S., batik bat. Nortasun bitxia zeukan Bernard Shawek: bere izen-abizenen lehen letrek (G.B.S.) ezer iradokitzen ez zutenez, Corno di Bassetto erabiltzen hasi zen; goitizen hori aukeratu zuen, alde batetik, Europako aitoren semearen kutsua zeukala iruditu zitzaiolako eta, bestetik, inork ez zekielako zer zen. Izatez, musika-tresna baten italierazko izena da, adar ingelesaren antzekoa baina baxuagoa. Geroakarrenean musika-tresna horren ahairea entzun zuenean, esan ei zuen txarto aukeratu zuela ezizena: hiletarako balio zuela doinu horrek, baina ez bere kritika jostari eta garratzak izenpetzeko.

Antzerkigintzari dagokionez, horixe da gehien idatzi zuena. Satira gogorrak idatzi zituen, bere garaiko gizartean ikusten zituen hipokrisia eta bidegabekeriak salatzeko. Ezagunenak: Widowers’ Houses, Mrs. Warren’s proffession, Plays pleasant and unpleasant, Three Plays for Puritans, Man and Superman, John Bull’s Other Island, Major Barbara, The Doctor’s Dilemma, Androcles and the Lion, Heartbreak House, Pygmalion, Back to Methuselah, Saint Joan, The Aple Cart eta beste batzuk. Gai tragikoak direnean ere George Bernard Shawek beti sartzen du umorea eta ez da inoiz tragediarik gertatzen bere lanetan.

       Bere garaiko antzerkigintza eraberritu zuen. Gogorregia zen gaia tratatzeko modua, gordinegia Ingalaterrako gizarteak erraz onartzeko. 1925ean Literaturako Nobel Saria eman zioten, baina berak uko egin zion sariari. 1950eko azaroaren 2an hil zen Ingalaterran (Ayot Saint Lawrence, Hertfordshire).

 

       Idazlana

       George Bernard Shawek idatzi zituen lehen antzerkiak idazlearen hitzetan Zakarrak ziren, «ikuslea egoera zakarren aurrean jartzen zutelako». Horren ordainetan, ikusleak erakartzeko beste lau idatzi zituen, berak Atseginak izendatu zituenak. Haiek eta hauek, denak batera argitaratu zituen 1898an Plays: Pleasant and Unpleasant izenburuarekin. Antzerki atseginetariko bigarrena da Candida, 1897an lehenengoz antzeztua. Garrantzi handia izan zuen Ingalaterrako antzertiaren historian, beronen arrakastak antzerki-lan mordo bat taularatzea ekarri baitzuen.

       Emakumeak bi gizonen artean aukeratu beharra da antzerkiaren gaia, baina benetan berria dena emakumeak aukeratzeko darabilen irizpidea da: garai hartako eta, oraindik, oraingo irizpide arruntetatik urrun. Gizonak gogorra eta sendoa izan behar ote duen, eta hori zer den, edo gogor eta sendoaren itxura ematea benetan gogorra eta sendoa izatea ote den, horiexek darabiltza antzerki honetan, azkeneko ustekabera heldu arte. Gaia oso maitea da idazle honentzat; bere bizitzak zerikusia ere badauka, antzerkia irakurrita irakurlea ohartuko denez, hitzaurrean esandako datu autobiografiko batzuk agertzen baitira antzerkian ere. George Bernard Shawek feminismoa landu zuen bere antzerkietariko batzuetan: honetan, eta Man and Superman eta You Never Can Tell antzerkietan ere bai.

 

Jon Agirre

 

 

1. ekitaldia

 

       Urriko goiz oskarbi batean, 1894an, Londresko ipar-ekialdeko auzoa; barruti zabala da, Londresko Mayfair eta St James auzoetako girotik hainbeste milia urrunago, eta inondik ere ez hain mehar, osasun-galgarri, kirasdun eta itogarria gune txiroetan. Boladan ez dagoen erdi-mailako bizimodua franko; kale zabalak; milaka bizilagun; ondo hornituta burdinazko komun itsusiz, Erradikalen Klubez eta tranbia horien jario amaiezina bideratzen duten errailez; kale nagusietan gozagarri, etxaurreetako «lorategi» belartsuen luxua, gizakiaren oinek zapaldu gabea, ez bada burdinatetik atarira doan oinbidean, hoztasunez jasandako monotoniak itsustuta, alegia, milaka eta milaka metrotan adreiluzko etxe zatarrak, burdinazko hesi beltzak, harrizko espaloiak, arbelezko teilatuak, eta errespetagarriro zarpail jantzitako edo gaitzesgarriro okerrago jantzitako jende ekandu samarra, gehienetan inoren lanaz axolagabe diharduena. Ageri duten kemen eta gar apurrak txokozaletasuna eta negoziorako «bekokia» badutela erakusten du. Poliziakoak eta elizak ere ez dira beti-batekoa apurtzeko bezain bakanak. Eguzki ederra dago: lainorik ez; eta keak itxura fresko eta garbia edozeri kentzen dion arren —aurpegi nahiz esku, adreilu nahiz mortairu—, ez dago londrestar bati eragozpenak sortzeko bezain astun.

Ezaintasunaren basamortu honek badu bere oasia ere. Hackneyko errepidearen kanpoaldeko muturrean 217 akreko parkea dago, burdinazko hesiz barik, zurezko langaz hesitua, landare-sail asko dituena, zuhaitzak, bainuzaleentzako aintzira, auzoko soropilzaintza-arte miretsiaren garaipen diren lorategiak, eta hareatza, haurren gozamenerako itsasaldetik hara inportatutako hareatza, baina arin hustua, Kingsland, Hackney eta Hoxtongo etxe-fauna xehe guztiarentzat berezko zomorro-gordeleku bilakatu baita. Deigarriak dira bertako musika-bandaren agertokia, hizlari erlijiozale, erlijio-aurkari eta politikoentzako altzari gabeko mintzatokia, kriket-zelaiak, gimnasioa eta harrizko kiosko antigoalekoa. Ikuspegia zuhaitzek edo belardiaren gorabeherek mugatzen dutenez, toki atsegina da. Lurra hesiraino lau-lau heltzen den guneetan, adreiluak eta mortairua agerian direla, tximinia-aldrak eta harago kea zeruaren seinale izaki, ikuspegiak suntsidura eta likistasuna ageri du.

       Victoria parkeko ikusterik ederrena St Dominic elizako erretore-etxearen aurreko leihotik dago, ez baita adreilu bakar bat ere ikusten. Abade-etxea alde batetik baino ez da itsua, etxaurrean lorategia dauka eta atartea. Bisitariak mailetan gora atartera igotzen dira; saltzaileak eta etxekoak eskailerapeko atetik jaisten dira etxabera; etxabeko aurrealdean gosari-gela dago, otordu guztietarako, eta atzealdean sukaldea. Eskaileretan gora, atariaren solairuan, egongela dago, beira fineko leihotzarra parkera duela. Bertan, umeetatik eta etxekoen otorduetatik salbu dagoen gela bakar horretan, erretorea, aita James Mavor Morell, lanean ari da. Bizkar biribileko aulki birakari sendo batean jarrita dago, leiho ondoan zeharretara ipinitako mahai luze baten muturrean, ezkerreko sorbaldaren gainetik begiratuz gero ikuspegiaz gozatzeko moduan. Mahaiaren beste muturrean, mahaiaren kontra, beste mahai txiki bat dago, lehenaren zabalera erdia daukana, idazmakina batekin. Idazkaria makinaren aurrean jarrita dago, leihoa atzean daukala. Mahai handia beterik dago: panfletoak, aldizkariak, gutunak, tiradera-kutxak, elizkizunen egunkaria, postetxeko tarifak eta horrelakoak. Aulki bat hutsik dago erdian, erretorearekin egitekoak dauzkaten bisitarientzat, abadea dagoen muturrerantz biratuta. Apaizak bere eskueran ditu, kutxatxo batean, idazteko gauzak eta, markoan, argazki bat. Atzean daukan horman liburu-apalak daude; begi-zorrotzak neurria hartuko dio abadearen ideologia eta teologiari, Mauriceren Teologia-saiakerak eta Browningen olerki-sorta osoa ikusirik, eta erreformistaren politikagintzari, Aurrerakuntza eta pobrezia azal-horia, Fabiotar saiakerak, John Ballen Ametsa, Marxen Kapitala eta sozialismoari buruzko dozena-erdi bat literatura-mugarri gehiago ikusirik. Aurrez aurre gelaren beste aldean, idazkariaren ondoan, atea dago. Harago, beheko suaren aurrez aurre, liburuen apalategi bat edaritegitxoaren gainean, eta sofa, ondoan. Su bizia dago; eta ingurua oso atsegina da: besaulki erosoa eta laka beltzezko ikatz-pala loreduna albo batean, aulkitxo bat umeentzat beste aldean, beheko suaren gain bernizatua, zurezkoa, txukun moldatutako apalarekin, gainean ispilu-ale txikiak paneletan itsatsita, bidaiako erlojua larruzko kutxatxoan (ezkontzako oparia ezinbestean), eta horman gorago Tizianoren Jasokundea margolaneko irudi nagusiaren irarlana. Oro har, gela etxezain on baten gela da, nahiz eta, mahaiari dagokionez, gizon trauskil batek mendean hartua, baina gainerakoan bere puntuan. Altzariek, apaintasunaren aldetik, aldiriko altzari-saltzaile bekokidunen iragarkietako «egongelarako altzari-sorta» estiloa salatzen dute; baina gelan ez dago ezer alferrekorik, ez arranditsurik, dirua urriegia baita aldiriko erretorearen etxean boladako apaingarriak erosteko.

       Aita James Mavor Morell Ingalaterrako Elizako apaiz kristau-sozialista da, eta St Matthew Elkargoko eta Kristau-sozialisten Batasuneko kide eragilea. Berrogeita urteko gizon adoretsu, bikain eta herrikoia, mardoa eta itxura onekoa, gartsua, gizalege atsegin, gozo eta zaindukoa, eta, berezkoa duen ahots ozena, eskarmentu oneko hizlariaren atleta-ahoskera garbiaz erabiltzen badaki, eta urrun entzuteko moduan eta adierazpidea maisuki kontrolatuz. Punta-puntako elizgizona da bera, nahi duena nahi duenari esateko gauza, berotu barik jendeari errieta egiteko gai, inor apaletsi gabe bere autoritatea ezartzeko gai eta, behar izanez gero, lotsagabea izan barik edonoren lana eragozteko ere bai. Bere sugar eta bihotz-zabaltasun iturri emankorra ez da behin ere agortu: oraindik jan eta lo, nekearen eta atsedenaren arteko borroka erraz irabazteko adina gogoz egiten du. Hala ere, ume handi bat da, bere dohainez harro, ulergarria denez, eta bere buruarekin gustura, konturatu gabe. Gorpuzkera osasuntsua dauka: bekoki zabala, begitarte zintzoa eta begi argi eta biziak, aho tinko baina ez bereziki ondo ebakia, eta sudur mamitsua, hizlari dramatikoaren sudur-hegal mugikor eta zabalekikoa, baina, bere aurpegiera guztia bezala, sotiltasunik gabea.

       Idazkaria, Proserpine Garnett andereñoa, hogeita hamar bat urteko emakumetxo bizkorra da, klase ertain apalekoa, txukun baina arropa merkeak jantzita, artilezko gona beltza eta atorra; mokoprestu xamarra eta hitz-jario lasterrekoa, eta ez oso ongi ikasia jendetasunean, baina sentibera eta maitekorra. Idazmakinan klik-klik-klik dabil lanpetuta Morellek goizeko azken gutuna irekitzen duen bitartean. Gizonak etsipen-keinu barregarri bat egin du irakurritakoan.

 

PROSERPINE: Beste hitzaldi bat?

MORELL: Bai. Hoxtongo Askatasun Taldeak igande goizerako nahi nau («igande» azpimarratu du, zentzugabekeria bailitzan). Nortzuk dira?

PROSERPINE: Anarkista komunistak, nik uste.

MORELL: Anarkistak izan behar, ez baitakite parrokoa ezin dela iganderako hartu! Esaiezu elizara etortzeko nire hitzaldia entzun nahi badute: on egingo die. Esan astelehen eta ostegunetan bakarrik joan naitekeela. Hor daukazu egunkaria?

PROSERPINE (egunkaria eskuetan harturik): Bai.

MORELL: Datorren astelehenerako hitzaldirik?

PROSERPINE (egunkarian begiratuta): Tower Hamletseko Erradikalen Klubean.

MORELL: Tira, eta ostegunean?

PROSERPINE: Ingalaterrako Lurra Berreskuratzeko Ligan.

MORELL: Eta horren hurrengo?

PROSERPINE: St Matthew Elkargora astelehenean. Langileen Alderdi Burujabearen Greenwicheko Biltzarra ostegunean. Astelehenean Sozialdemokraten Federazioaren Mile Endeko Biltzarra. Ostegunean, sendotza, lehenengo eguna. (Eroapena galtzen hasita) Pss, hobe berorrek ezin duela esaten badiet. Dozena-erdi bat ezjakin harroputz baino ez dira, nabarmen hutsak, denen artean bost txelin ere ez dauzkatenak.

MORELL (irribarrez): A, baina badakizu senitarteko ditudana.

PROSERPINE (berari begira harrituta): Berorren senitartekoak!

MORELL: Bai, aita berbera daukagu... zeruan.

PROSERPINE (lasaiago): A, hori baino ez bada?

MORELL (tristuraz, beragan bitxia bada ere oso fin adierazten baitu bere ahotsak): A, sinesgabea. Denek esaten dute, baina ez du inork sinesten: inortxok ere ez. (Zakar, lanera itzulita) Tira, tira! Proserpine andereñoa: ezin duzu egunik aurkitu nabarmenkilo horientzat? Hilaren 25a? Herenegun libre zegoen.

PROSERPINE (egunkarian begiratuta): Hartuta: Fabiotar Elkartean.

MORELL: Arraioa, Fabiotar Elkartea. 28a ere bai?

PROSERPINE: Afaria udaletxean: Fundatzaileen Lagundikoekin afaltzeko gonbita.

MORELL: Konponduta: afarira joan beharrean, Hoxtongo Askatasun Taldera joango naiz. (Idazkariak hitzordua isilik jaso du, aurpegiko izur guztietan Hoxtongo anarkistekiko mesprezu erabatekoa agertuz. Morellek postaz iritsitako Eliza Erreformistaren ale bat bere azaletik atera du, eta Stewart Headlam jaunaren editoriala eta St Matthew Elkargoaren berriak begiratzen hasi da. Eginkizun horiek etenda geratu dira Morellen apaiz lagunkidea agertu denean, Aita Alexander Mill, Morellek unibertsitate hurbilenetik ekarritako gaztea, Oxfordetik hara Londresko ekialde muturreko auzoari bere unibertsitate-prestakuntzaren onurak eskaintzera etorri zena. Borondate oneko apaizgai harrotxoa, sutsua eta heldugabea, akats benetan jasanezinik ez daukana, ez bada ezpainak ertzetatik hatz-erdi oso bat nahita itxirik hitz egiteko ohitura, ahoskera zainduagoa erabiltze aldera, eta unibertsitateko bokal-sorta, Hackneyko arrunkeriaren gainetik —berak esaten duen moduan— Oxfordeko fintasunaren erakusgarri. Morelli txakur batek besteko leialtasuna dionez, guztiz bereganatuta dauka; Morellek Eliza Erreformistatik begiak altxatu eta, bihozbera, diotso) Zer, Lexy? Berriro berandu, betiko moduan!

LEXY: Hala da, bai. Goizean goiz jaiki nahi nuke baina...

MORELL (poz-pozik): A! A! (Apetatsu) Meditazioa eta otoitza. Lexy: meditazioa eta otoitza.

LEXY: Badakit. (Bihurrikeria erantzuteko goratuz) Baina nola meditatu eta otoitz egin lotan nagoenean? Ezta, Prossy andereñoa? (Suaren epelerantz doa).

PROSERPINE (latz): Garnett andereñoa, inporta ez badizu.

LEXY: Barka iezadazu. Garnett andereñoa.

PROSERPINE: Gaurko lan guztia egiteko daukazu.

LEXY (behesuan): Baina...

PROSERPINE: Ez dago «baina»rik. On egingo dizu bazkaria jan aurretik merezi izateak, behingoagatik, nik egiten dudan moduan. Ala! Alferkerian hasi barik. Orain dela ordu erdi egon behar zenuen zure eginkizunetan hasita.

LEXY (harrituta): Hala da, Morell?

MORELL (umoretsu; begiak ñir-ñir): Bai. Gaur neure txanda da alferkerian hasteko.

LEXY: Zu, alferkerian! Baina zuk ez dakizu nola.

MORELL (jaikiz): A! A! Ez dakidala? Neuretzat hartuko dut goiza. Emaztea datorkit: hemen egon behar du hamabiak laurden gutxiagotan.

LEXY (harrituta): Hain azkar! Umeekin? Uste nuen hila amaitu arte egotekoak zirela.

MORELL: Eta egongo dira: egun bitarako baino ez datoz, Jimmyri flanelazko zerbait erostera, eta bera gabe nola konpontzen garen ikustera.

LEXY (larri): Baina, Morell estimatua, Jimmyk eta Fluffyk izan dutena eskarlatina bada, uste duzu zuhurra dela...

MORELL: Eskarlatina! Txorakeriak! Elgorria daukate. Neuk ekarri nuen etxera Pycroft kaleko eskolatik. Erretorea medikuaren modukoa da, ume: infekzioari aurre egin behar dio soldaduak balei egin behar dien bezalaxe. (Lexy sorbaldan jo du gizonki) Harrapatu elgorria ahal baduzu, Lexy: berak zainduko zaitu; eta nolako zoriona izango den hori zuretzat! E?

LEXY (irribarre ezerosoa): Hain da zaila ulertzea Morell andreaz diharduzunean...

MORELL (samur): A, ume, ezkon zaitez; ezkondu emakume on batekin, eta orduan ulertuko duzu. Mundu honetan ezarri nahian gabiltzan Zeruetako Erreinuaren aurrerakin bat da hori. Horrexek sendatuko dizu alferkeria. Gizonak, ganorazkoa bada, zorion-ordu bakoitza zeruari ordaindu behar diola sentitzen du, lan eginez, etengabe eta gogor, besteak zoriontsu egiteko. Ez daukagu eskubiderik zoriona eralgitzeko zoriona sortu gabe, ezta ondasunik eralgitzeko ondasuna sortu gabe. Har ezazu Candida bezalako emaztea, eta beti egongo zara zorretan ordaindu behar horretan. (Lexyri esku-kolpetxoa eman dio bizkarrean eta gelatik irteten doa).

LEXY: A, itxaron apur batean: ahaztuta neukan. (Morell gelditu egin da eta biratu, eskua kisketan duela) Aitaginarrebak bisita egin behar dizu.

 

Morellek, harrituta eta atsekabez, berriro itxi du atea, portaera guztiz aldatuta.

 

MORELL: Burgess jaunak?

LEXY: Bai. Parkean ikusi dut norbaitekin eztabaidan. Zuri hona zetorrela adierazteko eskatu dit.

MORELL (sinesgogor): Baina hona ez du deitu hiru urtean. Ziur zaude, Lexy? Ez zabiltza txantxetan, ezta?

LEXY (egiati): Ez jauna, benetan.

MORELL (pentsakor): Mm! Candida ikusi nahiko du, guztiz ahaztu baino lehen. (Ezinbestekoaren aurrean etsita, kanpora doa).

 

Lexy atzean begira geratu zaio begirada samurrarekin. Garnett andereñoak, ezin duenez Lexy astindu, bere sentimenduak lasaitzeko idazmakinarekin jarraitu du.

 

LEXY: Ona, gizona! Bai bihotz onekoa, maitagarria! (Morellen lekua hartu du mahaian, guztiz eroso jarri da eta zigarreta atera du).

PROSERPINE (eroapena galduta, lanean ibili den gutuna idazmakinatik atera eta tolestuz): O, gizonak emaztea maite beharko luke, hura dela-eta kokolotu barik.

LEXY (kolpatuta): O, Prossy andereñoa!

PROSERPINE (idazteko gauzen kutxara di-da hurbildu da gutun-azal baten bila eskutitza sartzeko, hitz egiten duen bitartean): Candida ez dakit zer, Candida badakit zer, beti Candida gora eta Candida behera! (Gutun-azalean txistua ipiniz) Ez da gehiago behar edonor senetik ateratzeko (azala itsasteko sakatuz), emakume bat hain zentzugabe goraipatzen entzutea baino, beste barik ile polita eta nola-halako gorpuzkera daukala eta.

LEXY (serio aurpegiratuz): Nik guztiz ederra dela deritzot, Garnett andereñoa. (Argazkia jaso, begiratu eta are zirraragarriago) Guztiz ederra. Nolako begiak dituen!

PROSERPINE: Ez, ba, nireak baino hobeak, horratik! (Gizonak utzi egin du argazkia eta emakumeari zurrun begira dago) Badakigu ni arrunta eta azken mailakoa naizela zure iritzirako.

LEXY (handientzaz zutiturik): Jainkoak begira nazala berak sortu duenaz horrelakorik pentsatzetik! (Emakumearen aurretik, tente, gela zeharkatu du liburuen apalategiaren aldera).

PROSERPINE (ironia garratzez): Mila esker. Oso atsegin eta kontsolagarria, benetan.

LEXY (emakumearen doilorkeriak goibeldurik): Ez nekien Morell andrea gorroto zenuenik.

PROSERPINE (sumindurik): Nik ez dut gorroto. Oso atsegina da, eta bihotz onekoa: maite-maite dut, eta bere egiazko dohainak ikusten ditut edozein gizonek baino askoz hobeto. (Gizonak burua astindu du. Emakumea jaiki eta berarengana doa zeharo umore-txartuta) Ez didazu sinesten? Jeloskor nagoela uste duzu? A, nola ezagutzen duzun giza bihotza, Lexy Mill jauna! Zeinen ondo ezagutzen duzun emakumearen ahultasuna, ezta? Atsegina da, ziur, gizona izan eta adimen garatu eta sakona izatea, geure moduan emozio hutsak izan beharrean, eta zuen maitasun-amets zoroekin bat egiten ez badugu jeloskorrak garelako dela jakitea! (Emakumeak sorbalda-astindu bat egin eta, gizonarengandik urrunduz, sutondora doa eskuak berotzera).

LEXY: Ai, zuek emakumeok, gizonaren indarraren gakoa bazeneukate gizonaren ahultasunarena daukazuen bezala, ez legoke feminismo beharrik.

PROSERPINE (sorbalda gainetik, makurtuta baitago, eskuak berotzen): Non entzun dizkiozu Morelli hitz horiek? Zuk zeuk ez dituzu asmatu: ez zara hain buruargia.

LEXY: Egia da. Ez nau lotsatzen bere hitzak hartu izanak, beste egia espiritual asko hartu dizkiodan bezala. Emakume Liberalen Federazioaren urteroko hitzaldian esan zituen. Jakin ezazu eurek balioetsi ez bazizkioten ere, nik neuk, gizon honek, balioetsi nizkiola. (Apalategira bihurtu da berriro, horrek emakumea zapuztuko duelakoan).

PROSERPINE (ilea atontzen beheko suaren gainean dagoen ispiluetako batean): Ondo da. Nirekin hitz egiten duzunean emazkidazu zeure ideiak, diren bezala, ez berarenak. Ez duzu itxura txarragoa ematen, bera imitatzen saiatzen zarenean baino.

LEXY (minduta): Bere ereduari jarraitzen ahalegintzen naiz, ez bera imitatzen.

PROSERPINE (berriro gizonaren ondoan, lan-mahaira bidean): Bai, imitatzen duzu: haren berdina egiten duzu. Zergatik jartzen duzu aterkia ezkerreko besapean, eskuan ekarri beharrean beste edonork bezala? Zergatik ibiltzen zara kokotsa aterata, hara eta hona begiak irrikan, zu, goizeko bederatzi eta erdiak baino lehen sekula jaikitzen ez zarena? Zergatik esaten duzu «ezagutbidea» elizan, beti esaten baduzu «ezaupidia» gure arteko elkarrizketan! Ba! Zer uste duzu, ez dakidala? (Idazmakinara itzuli da) Ea! Erdu eta hasi behingoz lanean: nahikoa denbora-galtze izan da goiz bakar baterako. Hemen dago egunkariaren ale bat, gaurkoaz. (Agenda eman dio eskura).

LEXY (irainduta): Eskerrik asko. (Hartu eta mahai ondoan zutik irakurtzen hasi da, emakumeari bizkarra emanez. Emakumea bere oharrak idazten hasi da gizonaren sentimenduez kezkatu gabe).

 

Atea zabaldu da, eta Burgess jauna ezer esan barik sartu da. Hirurogei bat urteko gizona da, purtzilkeriak saltzen nahitaez norberekoi izan beharrak trauskildu eta zirtzildua, eta, geroago, gehiegi jateak eta merkataritzan arrakasta izateak ugaritasunaren nagikerian bigundua. Arrunta, ezjakina, zurruteroa, lana merke egiten dutenen iraintzaile eta erdeinatzailea, ondasunak eta mailak errespetatzekoa, baina egia braust botatzekoa eta, jarrera bietan ere, ez gorrotorik ez bekaizkeriarik ez duena. Munduak ez dio ondo ordaindutako lanik eskaini, izerdi-lana baizik; eta, horren ondorioz, harrapari samarra bilakatu da. Baina berak ez dauka horren susmorik bat ere, eta bene-benetan uste du lagunartean lasai-lasaia, maitekorra eta elkarbizitzako akatsak umorez hartzen dituen gizon batek, alegia, berak, merkataritzan lortu duen oparotasuna negozioetarako duen trebetasun, arte, zuhurtzia eta eskarmentuaren garaipena dela, ezinbestekoa eta gizartearentzat onuragarria. Gorputzez potoloa da, aurpegi karratu zabalaren erdian sudur muturtua dauka; bizar hauskara, eta erdian, kokospean, izpiltxo urdindua; malkoz beteriko begitxo urdinek iradokitzen duten sentiberatasun erostaria erraz kutsatzen dio berak ahotsari: esaldiei doinu arranditsua emanez.

 

BURGESS (atalasean geldirik, ingurura begira): Morell jauna etxean emen da’o.

PROSERPINE (jaikita): Esango diot etortzeko.

BURGESS (etsita Proserpineri begira): Zu ez zara lehen lanak idazmakinaz e’iten zizkion neskatila bera?

PROSERPINE: Ez.

BURGESS (marmarka sutondoko alfonbrara doala): Ez, hu’a bestelakoa zen: gaztea-goa. (Garnett andereñoak begiratu egin dio, gero kanpora doa, atea danba itxita) Ta? Lanpetuta, Mill jauna?

LEXY (agenda itxi eta sakelan sartuz): Bai, irten beharra daukat orain.

BURGESS (garrantzia emanez): Ez galdu denbora’ik nirekin, Mill jauna. Hona ekarri nauena nire eta Morell jaunaren arteko kontu priba’ua da.

LEXY (gaizki hartuta): Ez daukat zuen artean sartzeko asmorik, zaude lasai, Burgess jauna. Egun on izan.

BURGESS (ugazaba bailitzan): Bai, e’un on zuri.

 

Lexy aterantz doala Morell itzuli da.

 

MORELL (Lexyri): Lanera zoaz?

LEXY: Bai, jauna.

MORELL: Hartu nire zetazko zapia eta bildu ondo eztarria. Haize hotza dabil. Ala, zoaz.

 

Lexy, horrekin Burgessen zakarkeria ahaztuta, adore harturik badoa kanpora.

 

BURGESS: Zure koajutoreak mizketan, betiko moruan, James. E’un on. Gizon bat neuk emandakotik bizi bada, ondo erakuste’ ’iot bere lekua zein den.

MORELL (lehor samar): Beti erakusten diet nire apaiz lagunkideei beren lekua zein den, hau da, nire laguntzaile eta lankide direla. Neure apaizek egiten didaten beste lan egiten badizute zure dendari eta biltegiko langileek, bizkor aberasten zabiltza, horratik. Hartu zure aspaldiko jarlekua esertzeko.

 

Morellek, zakar, beheko suaren ondoko besaulkia seinalatu dio; gero, mahaian hutsik dagoen aulkian jesarri da, bisitariagandik urrun samar, konfiantzarik ez emateko moduan.

 

 

BURGESS (zirkinik egin barik): Betiko berberberbera, James!

MORELL: Azkenekoz deitu zenuenean —orain dela hiru bat urte, gutxi gorabehera— gauza bera esan zenuen, baina toles gutxiagorekin. Orduan zure hitzak izan ziren, zehatz esateko, «betiko kokolo inuzente berberberbera, James!»

BURGESS (lasaitzeko): Bueno, ba, esan banuen esan nuen; baina (alaitasun abegikorrez) horrekin ez nuen minik eman nahi. Zorionekoa da inuzentetxoa den eleizgizona: lanbideak eskatzen dio. E’onola ’re, ez naiz etorri kontu zaharrak astintze’a, pasatakoa pasa dela esate’a baino. (Bat-batean hotsandiko) James: o’ain dela hiru urte, putakeria galanta e’in zeni’an. Kontratu bat gala’azi zeni’an; ta, nola ez ba, hasarra’u e’in nintzen eta hitz gordintxoak bota nizkizulako alaba neure kontra jarri zenuen. Bueno, ba, k’istiau onaren moruan nator. (Bostekoa eskainiz) Barka’uta zaude, James.

MORELL (barruak astinduta): Lotsagabe arraioa!

BURGESS (atzera eginez, hartutako tratua gaitzesteko ia negarrez): Ho’i ahal da eleizgizonak hitz e’iteko morua, James? Ta zuk, gaine’a?

MORELL (bero): Ez, jauna, hori ez da elizgizonak hitz egiteko modua. Okerreko hitza erabili dut. Esan behar nuen, lotsagabea halakoa: horixe da Done Paulok edo edozein abade zintzok esango zizukeena. Zer uste duzu, ahaztu dudala erruki-etxekoak arropaz hornitzeko egin zenuen kontratu-eskaintza hura ala?

BURGESS (jendetasunez mozkortuta): Zergadunen inte’esak babestu nahian e’in nuen, James. Eskaintza’ik merke’na zen: ezin duzu uka’u.

MORELL: Bai, merkeena, beste edozein enplegatzailek baino soldata txarragoak —goseak hilaren soldatak—, kia, goseak hiltzeko soldatak baino txarragoak ordaintzen zenizkielako arropak ehuntzen zituzten emakumeei. (Gero eta haserreago) Emakume horiek nire parrokiakoak ziren. Zure eskaintza onartzea lotsagarria zela ikusarazi nien arduradunei: mundu guztiari ikusarazi nion zuri izan ezik. (Sutan) Nola ausartzen zara, jauna, hona etorri eta barkamena eskaintzen, eta alaba aipatzen, eta...

BURGESS: Trankil, James! Trankil! Trankil! Ez zaite’ hasarra’u huskeria bategaitik. Aitortu dut oker nengoela.

MORELL: Benetan? Ez dizut entzun.

BURGESS: Ho’ixe baietz. O’ain aitortzen dut. Benga: karta hu’a idatzi izana barkatzeko eskatze’ ’izut. Nahikoa da?

MORELL (atzamarrekin mahaian jotzen): Hori ez da ezer. Igo dituzu soldatak?

BURGESS (garaile): Bai.

MORELL: Zer!

BURGESS (zintzo itxura eginez): Lan-emaile eredugarria bihurtu naiz. O’ain ez dut emakume’ik enple’atzen: denak kale’atu ditut; eta lana makinek egite’ ’ute. Gizon batek ’e ez du orduko txelin-erdia baino gutxia’o irabazten; eta behargin espezializa’uek sindikatuek eska’utakoa kobratze’ ’ute. (Harro) Zer esan behar di’azu o’ain?

MORELL (menderatuta): Ba ote liteke! Jainkoa, zeruetako poza handiagoa da damu den bekatari bakar bategatik... (Burgessengana hurreratu bitartean, harenganako amultsutasunez gainezka) Ene Burgess maitea: zu bai eskuzabala. Bihotz-bihotzez eskatzen dizut barkamena txarto pentsatu dudalako. (Haren eskua estutuz) Eta orain, ez zara hobeto sentitzen aldatu ondoren? Esazu, aitortu: zoriontsuagoa zara. Zoriontsuagoa dirudizu.

BURGESS (goibel): Bueno, beharba’. Hala izango da, zu kontu’atu bazara. Nolanahi ’re, udaletxean ameti’u zi’aten kontratua. (Amorratuta) Ez zutela nirekin ezer jakin nahi soldata juxtuak ordaintzen ez banituen... mutur-luze alu mada’ikatuak!

MORELL (eskua utzirik, guztiz etsita): Beraz horregatik igo zenituen soldatak! (Goibelduta eseri da).

BURGESS (zorrotz, lotsa galduta eta ozenago hitz eginez): Zergaitik e’ingo nuen, ba, bestela? Zer da langileak mu’itzen dituena, mozkorra eta gehie’ikeria baino beste’ik? (Besaulkian eseri da patxada handiarekin) Oso ondo datorkizu, James: egunkarietan agertzen zara ta gizon ona bezala ate’atzen zaituzte; baina ez duzu inoiz pentsa’u nolako kaltea egite’ ’uzun, dirua, ondo erabiltze’ ’uen jendeari hartu ondoren nola gasta’u ez dakiten langileen eskuetan ipinita.

MORELL (hasperen sakon batekin, gizabidez baina hotz hitz eginez): Zer negoziok ekarri zaitu gaur goizean niregana? Ez dut sinetsiko senidetasun-sentimenduagatik bakarrik denik.

BURGESS (setati): Horrexegaitik da, bai: sedinetasun-sendimentuagaitik ta ez beste ezergaitik.

MORELL (egonarria galdu barik): Ez dizut sinesten.

BURGESS (mehatxatzaile jaikiz): Ez i’dazu berriro esan ho’i, James Mavor Morell.

MORELL (mugitu barik): Behar den beste aldiz esango dizut, sinesten ez dizudala konturatu arte. Ez dizut sinesten.

BURGESS (barru-barruan minduta): O, e’arto, horren zakarra izaten jarraitu nahi baduzu, hobe dut alde e’itea. (Aterantz doa gogoz kontra. Morellek, keinurik ere ez. Ez da heldu atera) Ez nuen espero horrenbeste gorroto aurkitzea zugan, James. (Morellek erantzun gabe jarraitzen du, urrats gutxi batzuk gehiago egin ditu Burgessek aterantz gogoz kontra. Gero itzuli egin da, intzirika) Nahikoa ondo konpontzen izan gara, gure eritzi diferenteak gorabehera. Zergaitik aldatu zara horrenbeste nirekiko? Hitzemate’ ’izut: hona a’iskidetasun hutsak ekarri nau, ez neure alabaren senarrarekin txarrean ibiltzeko. Benga, James: izan zaitez k’istiaua, ta bota bostekoa. (Eskua Morellen sorbaldan jarri du sentibera).

MORELL (besteari pentsakor begiratuz): Begira, Burgess. Kontratu hori galdu baino lehenago bezain ongi etorria izan nahi duzu hemen?

BURGESS: Bai, James. Nahi dut, egia.

MORELL: Zergatik ez duzu jokatzen, bada, orduan egin zenuen bezala?

BURGESS (eskua kontuz kenduta): Zer esan nahi ‘zu?

MORELL: Esango dizut. Gazte inuzentetzat jo ninduzun orduan.

BURGESS (lausengari): Ez, nik ez, James. Nik...

MORELL (mozturik): Bai, zuk bai. Eta nik zu agure alprojatzat jo zintudan.

BURGESS (indar guztiekin errefusatuz Morellek bere buruari egin dion akusazio itsusia): Ez, zuk ez, James. Orain zeure buruari egite’ ’iozu bidebagekeria.

MORELL: Bai, nik bai. Baina hori ez zen oztopo izan elkarrekin ondo konpontzeko. Jainkoak egin zintuen nik alproja esaten dudana eta Jainkoak egin ninduen zuk inuzente esaten duzuna. (Adierazpen honen ondorioz Burgessi bere zutabe moralaren giltzarriak huts egin dio. Gorputza ahul sentitzen hasi da, eta, begirada babes gabe Morellengan itsatsita, eskua kendu du, ikarati, oreka ez galtzeko, solairua oinpean okertu balitzaio bezala. Morellek aurrera darrai, sinetsita dagoenaren ahoskera lasai berarekin) Ez nintzen ni hasiko, ez kasu batean, ezta bestean ere, Jainkoaren lana eztabaidatzen. Hona zintzo bazatoz bere burua errespetatzen duen goitik beherako alproja sinetsi baten gisan, zeure alprojatasuna zuritzen eta halakoa izateaz harro, ongi etorria izango zara. Baina (eta orain Morellen ahoskera ikaragarri bilakatu da; eta jaiki egin da eta aulkiaren atzealdea jo du hitzei indarra emateko) ez zaitut hemen jasango amarruekin bazatoz lan-emaile eredugarria zarela eta aldatu zarela sinetsarazi guraz, udal-kontratu bat dela eta jaka aldez aldatu duen apostata hutsa baino ez zarelarik. (Buruarekin baieztatu dio esandakoa; gero su-bazterreko alfonbratxora doa eta aginte-jarrera erosoa hartu du suari bizkarra emanda, eta aurrera darrai) Ez; gizona bere buruarekin zintzoa izatea dut gogoko, baita gaiztakerian ere. Eta orain: hartu kapela, eta hanka; edo bestela eseri eta emadazu alproja-arrazoi on bat nire lagun izan nahi izateko. (Burgess, bere sentipenak irribarre behartu batekin adierazteko adina jabaldu direnez, lasaitu egin du proposamen zehatz horrek. Une batez aztatu du, eta, ondoren, astiro eta oso apal, Morellen ondoan ezkerreko jarlekuan eseri da) Oso ondo. Orain, hustu barruak.

BURGESS (barretxoak ihes egin dio): Bueno, oso arraroa zara, James, eta zuzen zaude. Baina (ia pozik) maitagarria zara ezinbestean: gaine’a, lehen esan dudan bezela, eleizgizon batek esaten duen guztia serio hartze’ik ez da’o, edo mundua aldrebes joango litzakete. Ez da hala? (Bere burua prestatzen du berbaldi sakonagorako, eta, Morelli begiratuz, seriotasun motelarekin darrai) Bueno, ez dit inporta zuri esatea, bata bestea’kin zintzoak izatea nahi duzunez, behin batean inuzentetzat hartu zintudala; baina hasita nago pentsatzen beharba’ kontu zaharrak zi’ela.

MORELL (pozarren): Aha! Ari zara konturatzen behingoz, ezta?

BURGESS (bikain): Bai, garaiak aldatu di’a inoiz pentsa’uko nuke’na baino gehia’o. O’ain dela bost urte, gizon argi bat e’ ez zen izango zure ideien zale. Neure kautan galdetzen nuen nola uzten zizuten predikatzen ’e. Ze, nik ezagutze’ ‘ut eleizgizon bat urte askotan bere lanetatik aparta’uta e’uki duena Londresko apaizpikuak, nahiz ta gixajoa zu baizen eleizkoia izan. Baina gaur e’un, baten batek mila libera e’iten ba’it apostu zu zeu noizbait apaizpiku izango zarela, ez diot hartuko. (Oso hunkigarri) Zu eta zeure taldea era’ina izaten hasi zarete: naba’itzen dut. Noizbait zerbait eman beharko dizute, isila’azteko baino ez bada ’re. Azken batean, sen ona daukazu, James: zuk hartu zenuen bidea bide pro’txugarria da luzera be’ira zure tankerako gizon batentzat.

MORELL (bostekoa oso-osorik eskainiz): Bota bostekoa, Burgess. Orain, zintzo ari zara hitz egiten. Ez dut uste gotzain egingo nautenik; baina egiten banaute, afari-bileretan eta, ezagutzen ditudan enpresaburu guztien aurrean aurkeztuko zaitut.

BURGESS (irribarretxo lotsati batekin altxatu eta bosteko adiskidetsua onartuta): Zure partea izango ‘zu, James. Gure arteko liskarrak akabo o’ain, ezta?

EMAKUME BATEN AHOTSA: Esazu baietz, James.

 

Harrituta, berehala bihurtu dira, eta ikusi dute Candida sartu berri dela eta eurei begira dagoela beti izaten duen aurpegierarekin, hau da, ama baten barkaberatasun atsegina dariola. Hogeita hamahiru urteko emakume mardula da, ondo elikatua; beharbada, iragar daiteke, bihar-etzi potoloa izango dela, baina orain bere onenean dago, gaztetasunaren eta amatasunaren xarma biekin. Jendearen maitasuna erakarriz eurekin nahi duena egin dezakeela konturatu den emakumearen jokabideak ditu, eta horrela jokatzen du tolesik gabe eta eskrupulu txikiena ere izan gabe. Nolabait, beste edozein emakume politen modukoa da, helburu norberekoi arruntak lortzeko bere sexu-erakargarritasunei zukua ateratzeko bezain argia; baina Candidaren bekoki garbiak, begi bizkorrek eta neurriko aho eta kokotsak espiritu zabala eta izaera duina ematen diote maitasun-amarruak barkatzeko. Behatzaile objektibo bat, ikusiaz batera, berehala konturatuko litzateke Jasokundea beheko suaren gainean ipini zuenak, espirituz antzekoak zirela iruditu zitzaiolako ipini zuela, eta gainera ez zukeen sumatuko ez senarrarengan ez emaztearengan horrelako asmorik, ezta Tizianoren ertiarekiko inolako kezkarik ere.

Une honetan kapela eta mantelina ditu jantzita, burusi bat dakar aterkiaren inguruan bilduta eta uhalez lotuta, eskuko poltsa, eta aldizkari sorta bat.

 

MORELL (bere arduragabekeriagatik jota): Candida! Zergatik... (Ordulariari begiratu dio, eta larrituta dago hain berandu delako) Ene laztana! (Arineketan emaztearengana, eta burusia uhaletik hartuz, damuaren harrak ausikita barka eske) Zurekin trenean biltzeko asmoa nuen. Denborak ihes egin dit. (Burusia sofara jaurtiz) Hain harrapatuta eduki nau... (Emaztearengana itzulita) Ahaztu egin zait, ene bada! (Besarkatu egin du emaztea damudunaren zirrara sentituz).

BURGESS (apur bat lotsatuta eta zalantzati nola hartuko ote duen): Ze’ mo’uz, Candy? (Artean senarraren besoetan dagoenez, masaila eskaini dio eta aitak musu eman) Jamesek eta biok akordu bat egin dina’u. Akordu onoragarria. Ezta, James?

MORELL (oldartuta): Zer akordio eta makordio! Zeure erruagatik egin zait berandu Candidaren bila joateko. (Berotasun errukiorrez) Ene maite gaixoa: nola konpondu zara maletekin? Nola...

CANDIDA (eten eta askatuz): Baina, baina, baina! Ez nengoen bakarrik. Eugene han egon da gurekin; eta elkarrekin egin dugu bidea.

MORELL (lasaituta): Eugene!

CANDIDA: Bai, maletekin borrokan dabil, mutil gizajoa! Irten, maitea, lehenbailehen; bestela kotxea ordainduko du, eta ez dut nahi. (Morell arineketan doa kanpora. Candidak poltsa behearen gainean utzi du; mantelina eta kapela erantzi ditu eta sofan ipini burusiarekin, berbetan dabilen artean) Zer, aita: nola ari zara moldatzen etxean?

BURGESS: Ez din me’ezi etxean bizitzea hik alde e’in huenetik, Candy. Handik buelta bat e’itea nahi niken, eta neskari zerbait esatea. Nor da hirekin etorri den Eugene hori?

CANDIDA: O, Eugene Jamesen aurkikuntzetariko bat da. Ekainean aurkitu zuen nasan lotan. Ez duzu ikusi gure koadro berria (Jasokundea seinalatuz)? Hori eman zigun.

BURGESS (sinesgogor): Bai, ze’a! Zer esan nahi di’an, neuri, heure aitari: nasako kotxedunek eta, ho’lako koadroak eroste’ ’ituztela? (Zorrotz) Ez i’dan ziria sartu, Candy: Goi Elizako irudia dun ho’i; eta Jamesek berak aukeratu din.

CANDIDA: Oker berriro. Eugene ez da kotxeduna.

BURGESS: Nor da, ba? (Sarkasmoarekin) Aitoren semea, ezta?

CANDIDA (atseginez buruari eraginda): Bai. Osaba lord britainiarra du! Bene-benetako kondea.

BURGESS (halako berri onak sinetsi ezinik): Ez dun izango!

CANDIDA: Bada izango. Berrogeita bost libera esterlinako txekea zeukan sakelan zazpi egunen bururako, Jamesek nasan aurkitu zuenean. Berak uste zuen ezingo zuela dirutu zazpi egun pasa arte; eta kreditua eskatzeko lotsa zen. O, mutil maitagarria da! Benetan maite dugu.

BURGESS (aristokrazia gutxiesten duela itxurak eginez, baina begiak dirdiratsu): Mm! Ez ninan pentsa’uko Victoria parkean konde baten loba aurkituko huenik, motel samarra izan ezik. (Irudira berriro begiratuz) Noski, irudi ho’i ez dinat begi onez ikusten; baina hala ’re goi-mailakoa dun, balio handiko arte-lana: argi zagon. Ea ni berari aurkezteko modua topatzen dunan. (Erlojuari begiratu dio urduri) Minutu bi baino ez ditinat hemen e’oteko.

 

Morell Eugenerekin itzuli da; Burgess Eugeneri gogo biziz begira dago begi biak malkoz beteta. Eugene hamazortzi urteko gazte bitxi lotsatia da, argala, emakume-antzekoa, ume-ahots finekoa, eta, gaztetan, nortasuna guztiz garatu baino lehen alegia, gauzak harrapatzeko bizkorra eta zorrotza denaren sentikortasun minbera erakusten duten aurpegiera nahigabetu edo atsekabetua eta portaera kikila dauzka. Erabakitzeko ahalmenik batere gabea, ez daki non egon ez zer egin. Burgessen beldur da, eta bakardadera ihes egingo zukeen ausartu balitz; baina egoera guztiz arrunta bizi-biziro sentitzea kirioak atezuegi izateak eragiten dio; eta sudurzuloek, ahoak eta begiek kasketa gogorrak harrapatzeko joera salatzen dute, nahiz eta bekokia, errukiak zimurtu ondoren, lasaigarria den. Hain da berezia, ia munduz kanpokoa dirudi; eta jende prosaikoak kaltegarritzat dauka munduz kanpoko izate hori, jende poetikoak aingeruzkotzat daukan bezalaxe. Janzkera anarkikoa du. Estaminezko jaka urdin zahar bat dauka jantzita, botoiak lotu gabe, artilezko tenis-alkandoraren gainean, zetazko zapia gorbatatzat, jakaren estiloko prakak eta olanazko zapata marroiak. Janzki horiekin txilar artean etzan eta uretan ibili dela ematen du; eta ez dirudi inoiz eskuilatu dituenik.

Sartzean ezezagun bat ikusi duenez, gelditu egin da, eta hormaren kontratik doa gelaren beste muturrera.

 

MORELL (sartuaz batera): Jarrai iezadazu: azken finean, baduzu ordu-laurden bat gurekin hitz egiteko. Hau aitaginarreba dut. Burgess jauna... Marchbanks jauna.

MARCHBANKS (urduri apalategiaren kontra atzez): Pozten nau ezagutzeak, jauna.

BURGESS (beraganantz gela zeharkatuz guztiz maitekor, Morell Candidarekin sutondoan elkartzen den bitartean): Pozten nau eza’utzeak, bai ho’ixe, Morchbanks jauna. (Bostekoa botatzera behartuz) Zer de’itzozu zuk egu’aldi honi? Espe’antza ‘aukat ez diozula Jamesi uzten ideia inuzente ho’iek zuri buruan sartzen?

MARCHBANKS: Ideia inuzenteak? A, sozialismoa esan nahi duzu? Ez.

BURGESS: Oso ondo. (Berriro erlojura begiratuz) Tira, o’ain joan beharra ‘aukat: ez da’o beste erreme’iorik. Zu ez zoaz harantz, ezta, Morchbanks jauna?

MARCHBANKS: Norantz da harantz?

BURGESS: Victoria parkeko geltoki’a. Aldiriko bat da’o hamabiak eta ho’eita bostean.

MORELL: Lelokeriak. Eugene gurekin geratuko da bazkaltzen, hala espero dut.

MARCHBANKS (larri bere burua zuritu nahian): Ez... ni... ni...

BURGESS: Bueno, bueno, ez dizut sakatu nahi: postura, Candyrekin bazkaltzea nahiago duzula. Gau’en baten, espe’antza ‘aukat, etorri eta nirekin afalduko ‘zu neure klubean, Nagusi Fundatzaileenean, Nort’n Folgiten. Benga: esaidazu baietz!

MARCHBANKS: Eskerrik asko, Burgess jauna. Non dago Norton Forgate... Surreyen behean, ezta?

 

Burgess barre-algaraka hasi da, esan ezin daitekeen bezala.

 

CANDIDA (salbatzera etorrita): Trena galdu behar duzu, aita, berehala ez bazoaz. Itzuli arratsaldean eta esaiozu Marchbanks jaunari non aurkitu kluba.

BURGESS (pozik barreka): Surreyen behean! Kar-kar! Ez da txarra, ez. Bueno, ez dut inoiz ikusi gizonik Nort’n Folgit’ eza’utzen ez zuenik. (Bere garraxiek lotsatuta) Agur, Morchbanks jauna: ba’akit ondoe’i hazitakoa zarela nire txantxa txartzat hartzeko. (Berriro eskaini dio bostekoa).

MARCHBANKS (astindu urduri batekin hartuz): Ezta pentsatu ere.

BURGESS: A’io, a’io, Candy. Etorriko naun hurrengo baten. Agur, James.

MORELL: Bazoaz?

BURGESS: Ez larritu. (Kanpora doa xalotasuna moteldu gabe).

MORELL: E, atera lagunduko dizut. (Jarraitu egin dio).

 

Eugenek begiekin jarraitu die beldurti, arnasari eutsiz Burgess joan den arte.

 

CANDIDA (barreka): Eta, Eugene? (Ikara batez bihurtu da, eta egon ezinik Candidarenganantz doa, baina gelditu egin da, zer egin erabaki ezinik, Candidaren begirada jostalaria ikusitakoan) Zer deritzozu gure aitari?

MARCHBANKS: Ez... ez dut ezagutzen ondo oraindik. Adineko jaun oso atsegina dirudi.

CANDIDA (ironia leunarekin): Eta Nagusi Fundatzaileenera joango zara berarekin afaltzen, ezta?

MARCHBANKS (triste, serio hartuta): Bai, atsegin baduzu.

CANDIDA (hunkituta): Badakizu, jakin, oso mutil atsegina zarena, Eugene, zure bitxitasun guztiarekin. Aitari barre egin bazenio ez lidake axola izango; baina are gogokoago zaitut berarekin atsegina izan zarelako.

MARCHBANKS: Barre egin behar nuen? Konturatu naiz barregarria den zerbait esan duela; baina hain txarto pasatzen dut ezezagunekin; eta ez dut inoiz harrapatzen izkirimiria. Sentitzen dut bihotzetik. (Sofan eseri da, ukondoak belaunetan eta lokiak ukabilen artean, aurpegieran etsipenaren sufrimendua ageri duela).

CANDIDA (onean errieta eginez): E, ala! Ume handi hori! Inoizkorik txartoen zaude gaur goizean. Zergatik zeunden horren melankoliatsu kotxean?

MARCHBANKS: O, ez zen ezer. Kotxe-gidariari zenbat eman behar ote nion pentsatzen nentorren. Badakit guztiz leloa dela; baina ez dakizu zeinen zailak diren gauza horiek niretzat... nola kikiltzen nauen ezezagunekin harremana eduki beharrak. (Laster eta ziurtatu nahian) Baina ondo egon da. Haren irribarreak eta kapela-ukituak esker ona adierazi dute Morellek txelin bi eman dizkionean. Hamar eskaintzekotan nengoen.

 

Eguerdiko postaz heldutako eskutitz eta egunkariak dakartzala sartu da Morell.

 

CANDIDA: Ene, James maitea, kotxe-gidariari hamar txelin ematekotan zegoen! Hamar txelin hiru minutuko bidaldi bategatik! Ene maitea!

MORELL (mahaian, eskutitzetan begira): Jaramonik ere ez, Marchbanks. Gehiegi ordaintzeko sena eskuzabala da: gutxiegi ordaintzekoa baino hobea, eta ez hain ugaria.

MARCHBANKS (kadentasunean berriro eroriz): Ez: koldarkeria, ezgaitasuna. Morell andrea oso zuzen dago.

CANDIDA: Horixe dagoena. (Eskuko poltsa hartu du) Eta orain Jamesekin utzi behar zaitut bien bitartean. Emakume batek hiru astean kanpoan izan ondoren etxea nola aurkitzen duen jakiteko lar poeta zarelakoan nago. Emadazu burusia. (Uhalez bildutako burusia sofatik hartu eta eman dio Eugenek. Ezkerreko eskuan hartu du, poltsa eskuinean dauka eta) Orain eseki iezadazu kapa besotik. (Esaneko) Orain kapela. (Poltsa daukan eskuan ipini du) Orain zabaldu atea. (Aurretik doa arineketan, eta atea zabaldu du) Eskerrik asko. (Emakumea kanpora doa, eta Marchbanksek atea itxi du).

MORELL (oraindik mahaian lanpetuta): Geratuko zara bazkaltzen, Marchbanks, noski.

MARCHBANKS (izututa): Ez nuke geratu behar. (Morelli begiratu dio azkar, baina haren begirada zuzenari eutsi ezinik berehala aldendu ditu begiak, eta gehitu du, gezurretan dabilela agerian duela) Esan nahi dut ezin gera naitekeela.

MORELL: Esan nahi duzu ez zarela geratuko.

MARCHBANKS (sinetsarazi nahian): Ez: nahi nuke, benetan. Mila esker. Baina... baina...

MORELL: Baina... baina... baina... baina... Ba! Nahi zenukeela, zatoz, ba. Lotsa bazara, zoaz, egizu osteratxo bat parkean eta idatzi poesia ordu bata eta erdiak arte; eta gero zatoz ganoraz bazkaltzera.

MARCHBANKS: Eskerrik asko, biziki nahi nuke. Baina, benetan, ez nuke geratu behar. Egia esan, Morell andreak esan zidan ez geratzeko. Esan zidan ez zuela uste bazkaltzen geratzeko eskatuko zenidanik, baina gogoan izan behar nuela, zuk eskatzen bazenidan ere, ez zenuela benetan nahi. (Erostari) Esan zuen ulertuko nuela, baina ez dut ulertzen. Mesedez berari ez esan esan dizudala.

MORELL (txantxetan): A, hori da dena? Parkean osteratxo bat egiteko bota dizudan gonbitak ez dizu korapiloa askatzen?

MARCHBANKS: Nola?

MORELL (umore onez lehertzen): Zergatik, tontolapikoa halakoa... (Baina algara horrek zartakoa eman die bai berari bai Eugeneri. Jarioa eten du) Ez, ez dut horrela esango. (Eugenerengana dator seriotasun samurrez) Ene gazte maitea; gu bezalako senar-emazte zoriontsuontzat, sakratua den zerbait dauka emaztea etxera itzultzeak. (Marchbanksek azkar begiratu dio, esanahia erdi aurreratuz) Aspaldiko laguna edo gizaseme guztiz zintzo eta begikoa ez da oztopo izaten horrelakoetan; baina noizean behingo bisitaria bai. (Eugeneren aurpegieran izu-laborri bizia agertu da bat-batean, ulertuaz batera. Morellek, bere pentsamenduetan murgilduta, aurrera darrai horretaz konturatu barik) Candidak uste zuen nik nahiago nukeela zu hemen ez izatea; baina oker zegoen. Oso gogoko zaitut, mutiko; eta ni nagoen bezala ezkonduta egotea zeinen ederra den zeure begiekin ikustea gura nuke.

MARCHBANKS: Ederra! Zu ezkonduta! Hori uste duzu! Sinesten duzu!

MORELL (baikor): Jakin dakit, ene gazte. Larochefoucaldek esan zuen ezkontza komenigarriak badaudela, baina atseginak ez. Zuk ez dakizu zelako erosotasuna ematen duen morroi hori bezalako gezurti maltzur eta ziniko ustelari engainatzen ez uzteak. A! A! Orain, zoaz parkera, eta idatzi olerkia. Ordu bata eta erdietan, ordu-orduan, gogoratu: ez diogu inoiz inori itxaroten.

MARCHBANKS (zalapartaka): Ez, geldi: ezin duzu. Argitu beharko dizut.

MORELL (nahastuta): E? Argitu zer?

MARCHBANKS: Hitz egin behar dizut. Gauza bat konpondu behar dugu bion artean.

MORELL (ordulariari begirada txeratsua eginez): Orain?

MARCHBANKS (irmo): Orain. Gelatik irten orduko. (Urrats batzuk atzera egin du, eta zutik geratu da Morelli aterako bidea ixteko moduan).

MORELL (mugitu gabe, eta ilun, kontua gauza serioa dela konturatuz): Ez naiz gelatik kanpora joango, ene mutil: zeu joango zinela uste nuen. (Eugenek, atera duen ahots sendoagatik ahalketuta, atzea eman dio, haserreak iraulka. Morell berarengana doa eta eskua jarri dio sorbaldan irmo eta amultsu, eskua kentzeko egin duen astinduari jaramonik egin gabe) Zatoz: eseri lasai; eta esadazu zer den. Eta gogoratu: gu lagunak gara, eta ez dugu zalantzarik izan behar eroapena eta adikortasuna baino besterik izango ez dugula batak bestearekiko, edozer esan behar dugula ere.

MARCHBANKS (dagoen lekuan bihurtuz): O, ez nabil bidegabe portatzen: bakarrik (aurpegia eskuekin estaliz) erabat izututa nago. (Ondoren, eskuak jaitsiz eta aurpegia Morellengana suharki zuzenduz, aurrera darrai mehatxatzaile) Ikusiko duzu eroapentsu eta atsegin izateko garaia den ala ez. (Morell, harria bezain irmo, begira dauka bihozbera) Ez begiratu niri zure buruari ederretsiz. Zeure burua daukazu neu baino indartsuagotzat; baina dardara eragingo dizut aldean bihotzik baduzu.

MORELL (bere buruarekin guztiz ziur): Dardara niri, mutil. Bota hori, ea zer den.

MARCHBANKS: Lehenengo...

MORELL: Lehenengo?

MARCHBANKS: Zure emaztea maite dut.

 

Morellek atzera egin du, eta, une batez txunditurik begira geratu ondoren, barre-zantzoka hasi zaio. Eugene sor eta lor gelditu da baina ez kolokan; eta laster bete da amorruz eta erdeinuz.

 

MORELL (barrea isiltzeko eseriz): Zera, ene haurra, nola ez duzu, ba, maiteko. Mundu guztiak maite du: ezinbestean. Atsegin dut hori. Baina (laguna barreguraz aztertuz), diot, Eugene: uste duzu zure kasua hitz egitekoa dela? Ez dituzu hogei urte; berak hogeita hamar pasa dauzka. Ez duzu uste gehiago dela ume-maitasunezko kasua?

MARCHBANKS (indarrarekin): Ausartzea ere berari buruz horrelakorik esaten! Hori da berak sentiarazten duen maitasunaz duzun iritzia! Iraina da hori berarentzat!

MORELL (bizkor jaikiz, ahotsa aldatuta): Berarentzat! Eugene, kontuz ibili. Eroapena izan dut. Eta eroapena izaten jarraitzea espero dut. Baina gauza batzuk ez ditut onartuko. Ez nazazu behartu ume batenganako eduki beharko nukeen bihozberatasuna zurekiko izaten. Izan zaitez gizona.

MARCHBANKS (atzean zerbait eskobatzen balego bezala mugituz): O, baztertu dezagun faltsukeria hori guztia. Nardagarri gertatzen zait, pentsatzea bakarrik, horretariko zenbat eta zenbat jasan behar izan ote duen berak urte gogaikarri hauetan guztietan, zure buruaskitasunaren zerbitzupean modu zeurekoi eta itsuan sakrifikatu duzun urte hauetan guztietan: zuk! (harengana bihurtuz) pentsamendu bakar bat... zentzu bakar bat berarenaren berdina ez duzun horrek.

MORELL (filosofiaz): Badirudi nahiko ondo daramala. (Aurpegira zuzen begiratuz) Eugene, mutil: irrigarri ari zara portatzen, guztiz barregarri. Pertsona sanoa zara, hori duzu zeure alde. (Ikaskizuna buruaren astindutxo batekin amaitu du antzina ohi zuen moduan, eta sutondoko alfonbrara doa eskuak, atzean ipinita, berotzera).

MARCHBANKS: O, uste duzu ez dakidala hori guztia? Zer uste duzu, jendeak ez daukala irrigarri jokatzen duenean zentzuz jokatzen duenean bezain arrazoi benetako eta egiazkorik ala? (Morellen begirada lehenengo aldiz moteldu da. Eskuak berotzea ahaztu zaio, eta zutik geratu da entzuten, lazturik eta pentsakor) Egiazkoagoak dira: egiazkoak diren arrazoi bakarrak dira. Zu oso lasaia, zuhurra eta neurtua zara nirekiko, zure emaztearekin inuzentetuta nagoela ikusten duzulako; hain zuzen, lehentxoago hemen egon den adineko gizona zure sozialismoarekiko oso jakintsua den bezala, horretan inuzentea zarela ikusten duelako. (Morellen nora eza biziki ari da areagotzen. Eugenek aurrea hartua dio, eta galderaz josten dabil) Oker zaudela frogatzen du horrek ala? Nirekiko duzun mesprezu handiusteko horrek oker neu nagoela frogatzen du ala?

MORELL: Marchbanks, demonioren bat dabil berba horiek zure ahoan jartzen. Erraza da —ikaragarri erraza— gizonari bere buruarekiko ziurtasuna jipoitzea. Hori aprobetxatzea, gizonaren espiritua apurtzeko, demonioaren lana da. Kontuz ibili zer egiten duzun. Kontuz ibili.

MARCHBANKS (errukirik gabe): Badakit. Nahita egiten nabil. Esan dizut dardara eragingo nizula.

 

Une batez bata bestearen aurrez aurre daude mehatxatzaile. Gero Morellek bere duintasuna berreskuratu du.

 

MORELL (samurtasun zintzoaz): Eugene, entzun iezadazu. Egunen baten, hala espero eta itxaroten dut, nire moduko gizon zoriontsua izango zara. (Eugene artegatzen hasi da, eta uko egin dio haren zoriontasunaren balioari. Morellek, guztiz irainduta sentitzen den arren, bere burua menderatu du maisutasun apartaz, eta berbaldiaren edertasun artistiko handiarekin jarraitzen du aldagaitz) Ezkonduko zara; eta zure kemen eta adore guztiarekin jardungo duzu munduko bazter guztiak zeure etxea bezain zoriontsuak izan daitezen. Jainkoaren erreinua munduan eraikiko dutenetarikoa izango zara; eta —nork daki?— litekeena da zu obra-maisu izatea ni peoi soila naizen lekuan; ze, ez ezazu pentsa, mutil, nik ez dudala zugan ikusten, gaztea izanik, nik inoiz nahi izan ditzakedanak baino ahalmen handiagoen promesa. Ondo dakit olerkariarengan dela gizakiaren Espiritu Santua —jainkoa barruan duela— jainkotiarren. Ikaratu beharko zintuzke horretaz pentsatzeak... olerkariaren pisu astuna eta dohain handia zeugan egon daitezkeela pentsatzeak.

MARCHBANKS (hunkitu gabe eta erruki barik, gaztearen hitz egiteko gordintasuna Morellen oratoriaren aurka, zorrotz): Ez nau ikaratzen. Besteengan ez egoteak ikaratzen nau.

MORELL (bere sentimendu zintzoek eta Eugeneren burugogorkeriak kitzikatuta bere estiloaren indarra areagotuz): Orduan saiatu hori pizten besteengan —nigan—, ez itzaltzen. Bihar-etzi, ni bezain zoriontsua zarenean, benetan zure anaia izango naiz fedean. Lagunduko dizut sinesten Jainkoak eman digun mundua paradisua ez bada geure kirtenkeriagatik baino ez dela. Lagunduko dizut sinesten zure laneko ekintza guztiek zoriontasuna ereiten dutela, noizbait uzta nagusian dena —baita apalena ere— jasotzeko. Eta azkena, baina sinets iezadazu, ez txikiena, lagunduko dizut sinesten zure emazteak maite zaituela eta zuenean zoriontsua dela. Horrelako laguntza behar dugu, Marchbanks: horren premia larria dugu eta beti. Hainbeste gauza daude guri zalantza eragiten digutenak, behin gure adimenari kezkatzen uzten badiogu. Baita etxean ere, gudalekuan bezala jartzen gara, zalantza-gudaroste etsai batek inguratuta. Traidorearen lana egin eta barruan utziko dizkidazu horiek zalantzok?

MARCHBANKS (ingurumarian begiratuz ia zoratuta): Horrela da berarentzat hemen beti? Bihotz handiko emakume bat irrikatzen errealitateagatik, egiagatik, askatasunagatik; eta metaforaz, sermoiz, hitz-jario ustelez, erretolika hutsez gogaituta. Uste duzu emakume baten bihotza predikatzeko duzun trebetasunetik bizi daitekeela?

MORELL (eztena barruan): Marchbanks: oso zail egiten didazu neure burua menderatzea. Nire trebetasuna zurea bezalakoa da, benetan balio badu behintzat. Hitzak bilatzeko dohaina da, jainkoaren egia zabaltze aldera.

MARCHBANKS (oldarka): Berbalapikoaren trebetasuna da, ez gehiago eta ez gutxiago. Zer zerikusi dauka ondo hitz egiteko abilidadeak egiarekin, organoa jotzeak daukana baino gehiago? Ez naiz inoiz zure elizan egon; baina izan naiz zure mitin politikoetan; eta ikusi zaitut entzuleak zorameneraino berotzen: hau da, gogoberotu egiten dituzu, juxtu, edanda baleude bezala portatzen diren arte. Eta euren emazteek ikusi eta konturatzen ziren zeinen inuzenteak ziren. O, istorio zaharra da: Biblian aurkituko duzu. Iruditzen zait David erregea, gogoberotasun-aldietan, guztiz zure antzekoa zela. (Hitzekin sastadak emanez) «Baina emazteak bihotzetik arbuiatu zuen».

MORELL (haserre bizian): Kanpora gure etxetik. Entzun duzu? (Harenganantz doa mehatxatzaile).

MARCHBANKS (atzeko sofaren aurka estutuz): Utz nazazu bakean. Ez ni ukitu. (Morellek gogor oratu du berokiaren paparretik: mutila beldurrez kuzkurtu da sofan jausita eta txilioka hasi da) Geldi, Morell: jotzen banauzu, neure buruaz beste egingo dut; ezingo dut eraman. (Ia histerian) Utzi joaten. Kendu esku hori.

MORELL (astiro eta mesprezuari enfasia emanez): Kumetxo negarrontzi txepel hori. (Askatu egin du) Zoaz, aldiak emanda zeure burua ikaratu baino lehen.

MARCHBANKS (sofan, arnasestuka, baina aske, Morellek eskua kendu ondoren): Ez naiz zure beldur: zeu zara neure beldur.

MORELL (lasai, gainean dago eta): Hori dirudi, ezta?

MARCHBANKS (suhartasun hantustetsuaz): Bai, hala da. (Morell bihurtu eta erdeinuz aldendu da. Eugene nekez zutitu da eta atzetik doakio) Zuk uste duzu ni eskutan gogor hartzeak kikildu egiten nauenez... nik (malkoak ahotsean) indarkeriaz hartzen nautenean amorruz negar baino ezin egin dezakedanez... kotxe gainetik pisu astun bat zure moduan ezin jaits dezakedanez... zure aurka ezin dezakedanez borrokan egin zure emazteagatik, eskulangile mozkor batek egingo lukeen bezala: horregatik guztiagatik uste duzu zure beldur naizela. Baina oker zaude. Zuk britainiarren adorea esaten diozun hori ez badaukat ere, britainiarren koldarkeria ere ez daukat: ni ez naiz elizgizon baten ideien beldur. Zure ideiei aurka egingo diet. Zure ideien esklabotzatik salbatuko dut bera. Neure ideiekin egingo diet aurre. Etxetik botatzen nauzu ezin duzulako jasan berak aukeratzea zure ideiak ala nireak. Bera berriro ikus dezadan beldur zara. (Morell, haserretuta, bat-batean beragana bihurtu da. Mutilak ihes egin du atera beldur menderaezinak eramanda) Bakean uzteko diotsut. Banoa.

MORELL (mesprezu hotzarekin): Itxaron apur baten; ez zaitut joko: ez larritu. Emaztea datorrenean zergatik joan zaren jakin nahiko du. Eta jakiten duenean ez zarela berriro ate horretatik sartuko, horren azalpenen bat ere nahiko du. Ez dut, gero, bera kezkatu gura, dongaro jokatu duzula esanez.

MARCHBANKS (atzera indarberrituta): Esango diozu. Esan behar diozu. Egia ez den azalpenen bat ematen baduzu, gezurtia eta koldarra izango zara. Esaiozu nik zer esan dudan; eta zuk gogorkeriaz eta gizonkeriaz erantzun didazula, eta zelako astindua eman didazun, arratoi-txakurrak arratoia astintzen duen moduan; eta nola kikildu eta izutu nauzun; eta kumetxo negarrontzia deitu didazula eta etxetik kanpora bota nauzula. Zeuk esaten ez badiozu, neuk esango diot: idatzi egingo diot.

MORELL (nahastuta): Zergatik nahi duzu jakitea?

MARCHBANKS (poz-atsegin lirikoz beteta): Berak ulertuko nauelako, eta ulertzen dudala jakingo duelako. Honi buruzko hitz-erdi bat ezkutatzen badiozu... ez bazaude neure moduan prest egia osoa bere aurrean agertzeko... orduan, zure egunak amaitu arte jakingo duzu bera neurea dela eta ez dela zurea. Agur. (Badoa).

MORELL (ikaragarri larrituta): Geldi hor: ez diot esango.

MARCHBANKS (ate ondoan bihurtuz): Egia nahiz gezurra, esan egin behar diozu, alde egiten badut.

MORELL (amore emanez): Marchbanks, batzuetan justifikatuta dago...

MARCHBANKS (moztuz): Badakit, gezurrak esatea. Alferrik izango da. Agur, Elizgizon jauna.

 

Atera bihurtu denean, zabaldu egin da eta Candida sartu da etxeko andre jantzita.

 

CANDIDA: Bazoaz, Eugene? (Hobeto behatuz) Ederto, maitea, begira zelako itxura daukazun, horrela kalera joateko! Olerkaria zara, bai, horixe. Begira iezaiozu, James! (Berokitik oratu, eta badaroa Morelli erakusteko) Begiratu idun horri! Begiratu korapilo honi! Begiratu nolako ilea! Batek pentsatuko luke norbait saiatu dela zu itotzen. (Eugenek Morelli begiratu nahi izan dio, baina Candidak tira egin dio) Hona! Egon geldi. (Iduneko botoiak lotu dizkio, lepoko zapiaren korapiloa txukundu du eta ilea apaindu dio) Hori da! Orain itxura politagoa duzunez, uste dut hobe zenukeela bazkaltzen geratzea azken finean, ezetz esan dizudan arren. Ordu-erdian prest egongo da. (Azken ukitua eman dio korapiloari. Mutilak musu eman dio eskuan) Ez zaitez kokoloa izan.

MARCHBANKS: Geratu nahi dut, noski... ez badu zure senar jaun agurgarriak besterik esaten, behintzat.

CANDIDA: Geratuko da, James, hitz ematen badu mutiko zintzoa izango dela eta mahaia ipintzen lagunduko didala?

MORELL (labur): A, bai, noski: hobe du. (Mahaira doa eta paperekin lanpetuta dagoenarena egiten hasi da).

MARCHBANKS (Candidari besoa eskainiz): Zatoz eta ipin dezagun mahaia. (Besoa hartu du. Atera elkarrekin doaz. Irten ahala gehitu du) Gizasemerik zoriontsuena naiz.

MORELL: Ni ere bai... orain ordubete.

 

 

2. ekitaldia

 

Egun berbera, arratsalde-erdian. Gela berbera. Bisitarientzako aulkia berriro jarri dute mahaian. Marchbanks, bakarrik eta beste zeregin barik, idazmakina nola dabilen asmatu nahian dabil. Atean norbait sumatutakoan, errudunaren moduan aldendu da leiho aldera eta ikuspegiak buru-belarri erakarrita dagoenarena egiten hasi da. Garnett andereñoa, Morellek diktaturiko eskutitzak takigrafiaz jasotzen dituen koadernoa dakarrela, idazmakinaren aurrean eseri da, eta transkribatzen hasteko prestatu du langunea, Eugene dagoela konturatzeko lanpetuegi. Bigarren lerroa hasterakoan gelditu eta makinari begira geratu da. Zerbait oker dabil, noski.

 

PROSERPINE: Arranopola! Nire idazmakinarekin endredatzen ibili zara, Marchbanks jauna; eta alfer-alferrik duzu egin ez bazenu bezala begiratzea.

MARCHBANKS (izuti): Barkatu, Garnett andereñoa. Makinarekin zerbait idatzi nahi nuen, besterik ez. (Erostaka) Baina, ezin.

PROSERPINE: Ederto, lerroartea aldatu diozu.

MARCHBANKS (egiati): Ziurtatzen dizut halakorik ez dudala egin. Benetan. Gurpiltxo bati baino ez diot eragin. Klik moduko bat egin du.

PROSERPINE: A, orain ulertzen dut. (Lerroen tartea konpontzen diharduen bitartean, jario handiarekin ari da hizketan) Dirudienez danbolina zela pentsatu duzu. Erraz-erraz, eskukoari eragin, eta artezean aterako dizu maitasunezko gutun bat zeuretzat, ezta?

MARCHBANKS (serio): Asma liteke maitasun-gutunak idazteko makina. Horrelako eskutitz guztiak izaten dira berdinak, ala ez?

PROSERPINE (nolabait suminduta: horrelako eztabaidak, kortesiazko hitzetatik harago, bere gizabidezko arauetatik kanpo daudenez): Nola jakingo dut, ba? Zergatik galdetzen didazu niri?

MARCHBANKS: Barka eskatzen dizut. Nik uste nuen jende buruargiak —negozioak egiten eta eskutitzak idazten eta horrelakoak egiten dakienak— beti izan behar izaten zituela maitasun-aferak, zoratu ez egiteko.

PROSERPINE (jaikiz, haserre bizian): Marchbanks jauna! (Begirada garratza bota dio, eta apalategira doa handientzarekin).

MARCHBANKS (umiltasunez hurreraturik): Espero dut zu ez iraindu izana. Beharbada ez nituen aipatu behar zure maitasun-aferak.

PROSERPINE (apaletik liburu urdin bat hartuz eta mutilarengana saminki bihurtuz): Nik ez daukat maitasun-aferarik. Nola ausartzen zara horrelakorik esaten? Pentsatzea ere. (Liburua besapean ipini du, eta, idazmakinara itzultzen ari dela, Marchbanksek interes eta begikotasun handiagoarekin diotso).

MARCHBANKS: Benetan! A, orduan lotsatia zara, neure moduan.

PROSERPINE: Ez ba, ni ez naiz lotsatia. Zer esan nahi duzu?

MARCHBANKS (isilpean): Izan behar: horrexegatik daude munduan hain maitasun-afera gutxi. Denok gabiltza maitasunagatik irrikitan: gure izaeren lehen beharrizana da, gure bihotzen lehen erregua; baina ez gara ausartzen gure irrika adierazten: lotsatiegiak gara. (Oso egiati) O, Garnett andereñoa, zer ez zenuke emango beldur barik egoteko, lotsa barik...

PROSERPINE (eskandalizatuta): Baina, zer da hau!

MARCHBANKS (umearen egonezinarekin): A, ez iezazkidazu esan lelokeria horiek: ez naute engainatzen. Zertarako esan? Zergatik zara beldur, nirekin, zaren bezalakoa agertzeko? Ni zeure modukoa naiz.

PROSERPINE: Nire modukoa! Arren, zer zabiltza, ni losintxatzen ala zeure burua losintxatzen? Ez nago oso ziur nor. (Berriro saiatu da lanera itzultzen).

MARCHBANKS (emakumea misteriotsu geldiaraziz): Ixo! Maitasun bila nabil; eta oparo aurkitzen dut besteen bihotzetan. Baina hartaz galdetzen saiatzen naizenean, lotsa ikaragarri honek ez dit uzten; eta mutu geratzen naiz, edo, okerrago dena, gauza hutsalak esaten: inuzenteen gezurrak. Eta ikusten dut ni eskatzen ari naizen maitasuna txakurrei eta katuei eta txoritxoei ematen zaiela, etorri eta eskatu egiten dutelako. (Ia zotinka) Eskatu egin behar da; mamuaren modukoa da: ezin du hitz egin lehenengo hitz egiten ez bazaio. (Bere betiko doinuan, baina malenkonia sakonez) Munduko maitasun guztia hitz egiteko irrikitan dago; ez da ausartzen, besterik ez; zera delako: lotsatia! lotsatia! lotsatia! Horra hor munduaren tragedia. (Zotin sakon batekin bisitariaren aulkian jesarri da eta aurpegia eskuetan bildu du).

PROSERPINE (txundituta, baina erne: bere ondra, gazte arraroekin borrokan izaki): Jende dongeak noizbehinka gainditzen du lotsa hori, ezta?

MARCHBANKS (ia basati altxatuz): Jende dongea maitasunik ez daukana da: beraz ez dira lotsa izaten. Maitasuna eskatzeko adorea daukate ez dutelako behar: maitasuna eskaintzeko adorea daukate ez daukatelako ezer emateko. (Jarlekuan jausi da gogotxartuta, eta, betilun, gehitu du) Baina guk, daukagun maitasuna besteen maitasunarekin bildu nahi dugunok, ezin dugu hitz-erdirik atera. (Lotsati) Bat zatoz, ezta?

PROSERPINE: Hara: horrela hitz egiten amaitzen ez baduzu, gelatik alde egingo dut, Marchbanks jauna; benetan alde egingo dut. Ez da egokia.

 

Berriro jarri da idazmakinan, liburu urdina zabaldu du eta pasarte bat kopiatzen hasi da.

 

MARCHBANKS (etsita): Esatea merezi duen ezer ez da egokia. (Jaiki eta gelatik dabil, hara eta hona, berbetan) Ez zaitut ulertzen, Garnett andereñoa. Zertaz egin behar ote dut berba?

PROSERPINE (erdeinuz): Hitz egizu ezdeuskeriei buruz. Hitz egizu eguraldiaz.

MARCHBANKS: Ezdeuskeriei buruz lasai berbetan egongo zinateke ume bat inguruan bazeneuka, egarri, negar batean?

PROSERPINE: Ez dut uste.

MARCHBANKS: Beraz, ni ezin naiz egon ezdeuskeriei buruz berbetan, bihotza egarri, negar batean dudala.

PROSERPINE: Orduan, isilik egon.

MARCHBANKS: Bai, horretara heltzen gara beti. Isilik egoten gara. Isiltzen du horrek zure bihotzaren negarra? Negar egin, egiten du eta, ala ez? Egin behar, bihotzik baduzu.

PROSERPINE (bat-batean jaikiz, eskua bihotzean duela): O, alferrik da lan egiten saiatzea horrela hizketan zabiltzan bitartean. (Bere mahaitxoa utzi eta sofan eseri da. Sentimenduak azalmintzaren azalean ditu) Ez dizu axola nire sentimenduak negarrez dauden ala ez; baina gogoeta bat esango dizut, hori guztia dela eta.

MARCHBANKS: Ez daukazu esan beharrik. Badakit hala dena.

PROSERPINE: Baina, kontuz! Inoiz esaten baduzu nik esan dudala, ukatu egingo dut.

MARCHBANKS (errukitsu): Bai, badakit. Eta beraz ez daukazu berari esateko ausardia?

PROSERPINE (jauzi eginez): Berari! Nori?

MARCHBANKS: Dena delakoari. Maite duzun gizonari. Edonor izan liteke. Apaiz lagunkidea, Mill jauna, beharbada.

PROSERPINE (destainaz): Mill jauna!!! Gizon perfektoa niri bihotza apurtzen? Halakorik! Nahiago zu, Mill jauna baino.

MARCHBANKS (atzera eginez): Ez, benetan: barkatu; baina ez duzu hori pentsatu behar. Ni...

PROSERPINE (artega, sutondora doala eta bertan solaskideari atzea emanez): O, ez larritu: ez zara zu. Ez da pertsona zehatz bat.

MARCHBANKS: Badakit. Zuk sentitzen duzu maite dezakezula, eskaintzen zaizun edonor...

PROSERPINE (biratuz, bizituta): Eskaintzen zaidan edonor! Ez, ez horixe. Zertzat hartu nauzu?

MARCHBANKS (etsipenez): Alferrik da. Ez didazu benetako erantzunik emango: mundu guztiak esaten dituen gauza horiek baino ez. (Han-hemenka dabil sofaraino eta kontsolamendu gabe eseri da).

PROSERPINE (erreta bere gizabidea aristokrata batek gutxietsi duelakoan): A bai, elkarrizketa originala nahi baduzu hobe duzu joan eta zeure buruarekin hitz egitea.

MARCHBANKS: Horixe da olerkari guztiek egiten dutena: beren buruarekin ozenki jardun; eta munduak entzun egiten die. Baina bakardade ikaragarria ematen du noizean behin besteren bat hitz egiten ez entzuteak.

PROSERPINE: Itxaron Morell jauna etorri arte. Berak egingo dizu hitz. (Marchbanksek muzin). O, ez daukazu aurpegi arraroak ipini beharrik bera dela eta: zuk baino hobeto daki hitz egiten. (Jenioz) Txoriburu hori aterako lizuke hitz eginez. (Bere tokira haserre itzultzen ari dela, mutilak, bat-batean konturatuta, salto egin eta gelditu du).

MARCHBANKS: A, orain ulertu dut!

PROSERPINE (gorrituta): Zer ulertu duzu?

MARCHBANKS: Zure sekretua. Esadazu: benetan eta egiaz bera maite izan dezake emakume batek?

PROSERPINE (horrek muga guztiak gainditu balitu bezala): Hara!!

MARCHBANKS (sutsu): Ez, erantzun iezadazu. Jakin nahi dut: jakin behar dut. Nik neuk, ezin dut ulertu. Ez diot ezer ikusten ez bada hitzak, santujalekeriak, jendeak ontasuna esaten diona. Ezinezkoa da zuk hori maite izatea.

PROSERPINE (egokitasun hotza agertuz mutila mesprezatu nahian): Ez dakit zertaz ari zaren. Ez dizut ezertxo ulertzen.

MARCHBANKS (gartsu): Bai horixe. Gezurretan zabiltza: ...

PROSERPINE: Baina!

MARCHBANKS: ...Ulertzen didazu; eta badakizu. (Erantzuna jasoko duela deliberatuta) Maite izan dezake emakume batek?

PROSERPINE (aurpegira artez begiratzen): Bai. (Mutilak aurpegia eskuekin estali du) Zer duzun ez badakit ere! (Mutilak eskuak kendu ditu. Emakumea, mutilaren tragedia-aurpegiak ikaratuta, berehala aldendu da albait urrunen, aurpegira begi-begira, mutilak, sutondoko ume-aulkian guztiz zapuzturik esertzera joateko, atzea eman arte. Emakumea atera hurbildu denean, ireki egin da eta Burgess sartu da. Gizona ikusiaz batera deiadar egin du) Ene jainkoa! Hemen norbait dago. (Eta, bere buruaren jabe, berriro eseri da mahaian bere lekuan. Orri garbi bat ipini du idazmakinan Burgess Eugenerenganantz doan bitartean).

BURGESS (maila handiko bisitariari abegi ona egiten tematuta): Bueno, honela bakarrik utzi zaituzte, Morchbanks jauna. Zuri la’un e’itera etorri naiz. (Marchbanksek atsekabeturik begiratu dio, bestearengan eraginik izan ez badu ere) James orrezkaritza batekin bilduta da’o jantokian; eta Candy goian da’o nahi duen jostun gaztetxo bati erakusten. (Doluminez) Bakarti sentitu behar duzu hemen mekanogarfista baino beste inor e’uki gabe hizketarako. (Besaulkia mugitu eta eseri da).

PROSERPINE (zeharo sutan): Oso ondo egongo da orain, zure elkarrizketa zainduaren bentajarekin: oso kontsolagarria, nola ez. (Makinaz idazten hasi da laztuta).

BURGESS (haren ausarkeriak txundituta): Ez nengoen zurekin hizketan, andretxoa, nik daki’ala.

PROSERPINE: Ikusi duzu inoiz edukazio txarragorik, Marchbanks jauna?

BURGUESS (gogortasun arranditsuz): Morchbanks jauna jatorra da, eta ba’aki bere lekua zein den, eta hori batzuek dakitena baino gehia’o da.

PROSERPINE (amorratuta): Argi dago zu eta biok ez garela jaun eta andre jatorrak: ondo argi hitz egingo nizuke Marchbanks jauna hemen ez balego. (Makinako papera alborantz atera du eta urratu egin da) Hara! Eskutitza alferrik galdu dut… dena berriro egin behar orain. O, ezin dut jasan… agure kokolo buruhandia!

BURGUESS (jaikiz, suminak arnasgabetuta): E! Ni, a’ure kokolo buruhandia? Bai, e? Halako’ik (arnaska)! Ko’forme, neska! Ko’forme. Itxa’on zure na’usiari esan arte. Ikusiko ‘zu. Erakutsiko ‘izut: baietz ikasi.

PROSERPINE (urrunegi joan dela konturatuta): Ni…

BURGUESS (isilaraziz): Ez: e’indakoa e’inda da’o. Alferrik da o’ain esatea. Jakingo ‘zu nor naizen. (Proserpinek desafiozko kolpe batez irristarazi du idazmakinaren orga, eta destainaz darrai lanean) Ez e’in kasu’ik e’ ez, Morchbanks jauna. Ez du me’ezi. (Berriro eseri da garrantzi handiarekin).

MARCHBANKS (erabat urduri eta nahasita): Ez genuke hobe gaia aldatzea? Ni… nik ez dut uste Garnett andereñoak ezer esan nahi zuenik.

PROSERPINE (ziurtasun osoz): A, ez nuen ezer esan nahi, hortaz; horixe behar genuen!

BURGUESS: Nik ez nuke neure burua horri adi e’otera beheratuko.

 

Txirrin elektrikoak bi aldiz jo du.

 

PROSERPINE (ohar-liburua eta paperak hartuz): Hori niretzat da. (Kanpora doa bizkor).

BURGUESS (emakumeari atzetik esanez): A, barkatuko dizugu. (Azken hitza esan duenaren garaipentxoak nolabait lasaituta, eta oraindik erdi-makurtuta garaipena areagotzeko prest, emakumea jagoten geratu da une batez; ondoren bere jarlekuan Eugeneren alboan jesarri eta isilmandatuka diotso) O’ain bakarrik gaudenez, Morchbanks jauna, utz i’dazu ematen mundu guztiari emango ez nioke’n a’iskide-aholkua. Noiztik ezagutze’ ’zu James, gure suhia?

MARCHBANKS: Ez dakit. Ez ditut inoiz egunak gogoratzen. Orain hilabete gutxi batzuk, beharbada.

BURGUESS: Ezer arraro’ik igerri diozu inoiz?

MARCHBANKS: Ez dut uste.

BURGUESS (hunkigarri): Ezingo zenuke. Ho’i da arriskua. Bueno, zora’uta da’o.

MARCHBANKS: Zoratuta!

BURGUESS: Burutik total e’inda. Adi egon zaitez eta igerriko diozu.

MARCHBANKS (deseroso): Baina hori izango da bere iritziak…

BURGUESS (belaunean hatz erakuslearekin jo eta sakatuz adi egon dakion): Ho’ixe da nik pentsatzen nuena, Morchbanks jauna. Denbora askoan pentsa’u izan dut haren eritziak baino ez zi’ela; baina, argi ibili, eritziak oso gauza serioa izate’a iristen di’a jendeak pra'tikara e’amatea e’abakitzen duenean, berak e’in duen bezala. Baina ho’i ez da kontua. (Ingurura begiratu du bakarrik daudela ziurtatzeko, eta Eugeneren belarrira hurreratu da) Zer uste ’zu esan di’ala gaur goizean gela honetan bertan?

MARCHBANKS: Zer?

BURGUESS: Esan dit… gu hemen gaudela baizen egia da hau… esan du: «Ni inuzentea naiz», esan du; «eta zu alproja hutsa zara». Ni alproja, kontu e’izu! Eta ge’o bostekoa bota ’it, hitz e’arretan ibili ba’ina bezala! Esango ’idazu gizon ho’i sano da’oela?

MORELL (kanpotik, atea zabaltzen dabilela, Proserpineri): Lor itzazu denen izen eta helbideak, Garnett andereñoa.

PROSERPINE (urrunetik): Bai, Morell jauna.

 

Morell barrura sartu da, ordezkaritzaren agiriak eskuetan.

 

BURGUESS (Marchbanksi ahapetik): Horra hor. Be’iratu eta ikusi. (Handikiro jaikiz) Barka’u, James, baina, kexa bat e’in behar dizut. Ez dut nahi; baina e’in beharra daukat, eskubidea eta betebeharra ’aukat.

MORELL: Zer da kontua?

BURGESS: Morchbanks jaunak baiezta’uko ‘it: lekukoa izan da. (Oso hotsandiko) Zure andre gazte horrek erukazio guztia galdu eta a’ure kokolo buruhandia naizela esan dit.

MORELL (bihotz-bihotzetik): O, baina, Prossy gurea nolakoa den, gero? Hain da zintzoa: ez daki isilik egoten! Prossy gaixoa! A! A!

BURGESS (amorruz dar-dar): Eta zuk uste ’zu, be’ak esan duela ta, ho’i jasan behar dudala?

MORELL: Bu, lelokeriak! Ez iezaiozu kontuan har. Ez dio axola. (Txokora doa eta tiraderetariko batean sartu ditu paperak).

BURGESS: E, niri ez dit axola. Horren gainetik na’o. Baina ondo da’o ho’i? Ho’ixe da jakin nahi dudana. Ondo da’o ho’i?

MORELL: Hori Elizarentzako itauna da, ez laikoentzakoa. Minik eman dizu? Hori da zuretzako galdera, ezta? Ez dizu eman, noski. Ez pentsatu gehiago horretan. (Gaia amaitutzat jo du mahaian bere lekura joan eta eskutitzetan lanean hasiz).

BURGESS (Marchbanksi ahapetik): Zer esan dizut? Burutik e’inda. (Mahaira doa eta gose denaren adeitasun urriarekin itaundu du) Noiz da aparia, James?

MORELL: Oraindik, pare bat ordu arte ez.

BURGESS (etsita negarguraz): Emai’azu liburu atsegin bat sutondoan ikusteko; emango, James? Tipo ona zara.

MORELL: Nolako liburua? Liburu ona?

BURGESS (arranguraz ia garraxi eginez): Bai, ze’a! Gustatzeko mo’uko zerbait, denbora emateko baino ez. (Morellek aldizkari irudidun bat hartu du mahaitik eta eskaini dio. Apalik onartu du) ‘kerrik asko, James. (Sutondoko aulki handira itzuli da, eta bertan eroso jarri da, irakurtzen).

MORELL (idatzi ahala): Candida laster etorriko da zurekin egotera. Bidali du ikaslea. Lanparak betetzen dabil.

MARCHBANKS (atsekaberik handienarekin ihardetsiz): Baina horrek eskuak lohituko dizkio. Ezin dut hori jasan, Morell: lotsagarria da. Neuk beteko ditut. (Aterantz abiatu da).

MORELL: Hobe duzu ez egitea. (Marchbanks gelditu egin da, zalantzan) Nire botak garbitzen baino ez lizuke utziko, goizean nik neuk egin beharrik ez izateko.

BURGESS (erabateko gaitzespenez): Orain ez daukazu, ba, zerbitzaria, James?

MORELL: Bai, baina ez da esklaboa; eta hiru banitu bezala dago etxea. Horrek esan nahi du denok lagundu behar dugula. Ez da plan txarra: Prossyk eta nik lanaz hitz egin dezakegu gosaldu eta gero garbitzen dugun bitartean. Garbitzea ez da neketsua lagun bi daudenean horretarako.

MARCHBANKS (oinaze batean): Uste duzu emakume guztiak direla Garnett andereñoa bezain artile arrunta?

BURGESS (hanpaduraz): Ho’i egia da, Morchbanks jauna: ho’i egia da. Artile arrunta da.

MORELL (soseguz eta esanguratsu): Marchbanks!

MARCHBANKS: Bai?

MORELL: Zenbat zerbitzari ditu zuen aitak?

MARCHBANKS (umore-txartuta): A, ez dakit. (Sofara doa, Morellen galderetatik ahalik eta urrunen egoteko bezala, eta egonezin handiarekin jesarri da, parafinan pentsatzen).

MORELL (oso ahots apalean): Hainbeste direlako ez dakizu! (Erasokorrago) Artile arrunta landu behar denean, txirrina jo eta baten bati pasatzen diozue, e?

MARCHBANKS: O, ez nazazu oinazetu. Zuk txirrina jo ere ez duzu egiten. Baina zure emaztearen atzamar ederrak parafina-olioz zikintzen ari dira, zu hemen zauden bitartean eroso jarrita berbaldia botatzen horrexetaz: amaitu ezineko berbaldia! Berbaldia! Berbak! Berbak! Berbak!

BURGESS (ihardespen hori biziro eskertuz): Ho’i, ho’i! De’bruak ’e hobeto! (Pozarren) Erantzu’ i’ozu horri, James, artez.

 

Candida sartu da, mantala jantzita, irakurtzeko argiontzia garbi, beterik, eta argi egiteko prest dakarrela. Mahaian Morellen ondoan ipini du, erabiltzeko gertu.

 

CANDIDA (hatz-mamiak elkarrekin igurtziz, sudurraren tik txiki bat eginez): Gurekin geratzen bazara, Eugene, uste dut zeure ardurapean jarriko ditudala lanparak.

MARCHBANKS: Geratuko naiz lan gogor guztia niri ematekotan.

CANDIDA: Oso galaia zara; baina uste dut atsegin nukeela nola egiten duzun ikustea lehenengo. (Morelli) James, ez zara arduratu etxea behar bezala zaintzeaz.

MORELL: Zer egin dut —edo ez dut egin—, maitea?

CANDIDA (gogortxo): Nire neure txakurtxoaren eskuila betuna emateko erabilita dago. (Bihotz-minezko intziria egin du Marchbanksek. Burgessek inguruan begiratu du, harrituta. Candida sofara doa ziztu baten) Zer gertatzen da? Gaixorik zaude, Eugene?

MARCHBANKS: Ez, gaixorik ez. Bakar-bakarrik izua! Izua! Izua! (Burua esku artera makurtu du).

BURGESS (jota): Zer! Izututa, Morchbanks jauna! O, ho’i txarra da, zure adinean. Uxatu e’in behar duzu atoan.

CANDIDA (bareturik): Lelokeriak, aita! Izu poetikoa baino ez da, ezta, Eugene (mutila laztanduz)?

BURGESS (lotsatuta): O, izu po’tikoa da? Barka eskatzen dizut, barkatu. (Sutondorantz itzuli da berriro, ondorioa arinegi atera izana madarikatuz).

CANDIDA: Zer da, Eugene? Garbitzeko eskuila? (Mutilak dardara egin du) Tira, ba! Ez dio axola. (Mutilaren alboan eseri da) Ez zenidake opari egin nahi boli eta nakarrezko beste berri polit bat?

MARCHBANKS (leun eta doinuz, baina triste eta irrikaz): Ez, garbitzeko eskuila barik, ontzi bat: potina, urrutira joateko, mundutik alde, haitzurdinezko solairuak euriak garbitzen eta eguzkiak lehortzen dituen lekura; hego-haizeak tapiz berde-purpura ederren hautsa astintzen duen lekura. Edo zalgurdia! Zerura eroan gaitzan, argiontziak izarrak izanik, parafina-olioz egunero bete beharrik ez dagoen lekura.

MORELL (zorrotz): Eta nagiak, norberekoiak eta alferrak izatea beste egitekorik ez dagoen lekura.

CANDIDA (gaitzituta): O, James! Nola bota dezakezu dena pikutara?

MARCHBANKS (sutzen): Bai, nagiak, norberekoiak eta alferrak izatea, hau da, ederra eta askea eta zoriontsua izatea: ez dio gizon orok bihotz guztiarekin hori desio maite duen emakumeari? Horixe da nire ideala: zein da zurea, eta etxe-ilara beldurgarri hauetan bizi den jende izugarri guztiarena? Predikuak eta eskuilak! Zu predikatzeko eta emaztea eskuilatzeko, noski.

CANDIDA (xelebre): Botak garbitzen ditu, Eugene. Zeuk egin beharko dituzu bihar, hori esan duzulako berari buruz.

MARCHBANKS: O, ez aipatu botarik! Zure oinak politak izango lirateke mendietan.

CANDIDA: Nire oinak ez lirateke politak izango Hackneyko errepidean bota barik.

BURGESS (gaizpidea hartuta): Benga, Candy! Ez ha’i arrunta izan. Morchbanks jauna ez da’o horretara ohituta. Izuak ematen habilkio berriro. Po’tikoak esan nahi dut.

 

Morell isilik dago. Itxuraz lanpetuta dabil eskutitzekin: benetan, nahasirik dago, beldurrez, bizi izan duen esperientzia berri eta kezkagarriagatik, hau da, zenbat eta ziurrago dagoen bera bere eraso moralekin, orduan eta errazago eta eraginkorrago saihesten ditu Eugenek. Bere burua berak errespetatzen ez duen gizon baten beldur izaten hasita ikusteak min garratza ematen dio.

Garnett andereñoa telegrama batekin sartu da.

 

PROSERPINE (Morelli telegrama eskura emanez): Erantzuna ordaindutakoa. Mutila zain dago. (Idazmakinara itzuli eta bertan eseriz, Candidari) Maria prest daukazu sukaldean, Morell andrea. (Candida jaiki da) Tipulak heldu dira.

MARCHBANKS (asaldatuta): Tipulak!

CANDIDA: Bai, tipulak. Ez Espainiako benetakoak... gustu txarreko tipula gorri txikiak. Txikitzen lagunduko didazu. Goazen.

 

Gerritik oratu du eta kanpora daroa, hari tiraka. Burgess altxatu egin da nahigabetuta, sutondoko alfonbratxoan zutik, eurei begira zuhurtuta.

 

BURGESS: Candyk ez luke ibili behar noble baten lobarekin horrela. Urrune’i joaten a’i da. Entzun, James: sarritan portatzen da horren arraro?

MORELL (labur, telegrama idazten): Ez dakit.

BURGESS (bihozbera): Polito e’iten du berba. Beti e’uki izan dut etorria po’siarako. Candyk hereda’u du abildade ho’i. Ipuin e’arrak konta’azten zizki’an honelako umetxoa baino ez zela. (Gutxi gorabehera oin biko garaiera adieraziz).

MORELL (berean buru-belarri): Bai, noski. (Telegrama lehortu eta irten).

PROSERPINE: Kontatu ohi zenizkion ipuin ederrok zeuk asmatzen zenituen?

 

Burgessek, erantzutera beheratzeko batere asmorik gabe, destainazko jarrerrarik harroputzena hartu du sutondoko alfonbratxoan.

 

PROSERPINE (bare): Ez nuen sekula pentsatuko zeuk egingo zenuenik. Bide batez, hobe dut zuri abisatzea, Marchbanks jaunari halako gustua hartu diozunez gero. Zoratuta dago.

BURGESS: Zora’uta! Ze’a! Baita neu ’re!!

PROSERPINE: Burutik eginda. Ikaratu egin nau, badiotsut, zu etorri aurretxoan. Ez zara konturatu nolako gauza bitxiak esaten dituen?

BURGESS: Ho’ixe da, beraz, po’siazko izuak esan nahi du’na. Behin edo bitan bururatu zait apur bat senetik irtenda e’on behar duela, alajaina! (Gela zeharkatu du aterantz, joan ahala ahotsa ozenagotuz) Bueno, e’arra hau aterpea gizon batentzat, zaintzeko inor barik, zeu baino!

PROSERPINE (aurretik igaro zaionean): Bai, ze izugarria izango litzatekeen zuri zerbait jazoko balitzaizu!

BURGESS (harro-harro): Ez i’dazu hitzik e’in niri. Esaiozu zeure na’usiari lorete’ira joan naizela zi’arro bat e’iten.

PROSERPINE (burlazar): O!

 

Burgessek ihardetsi orduko, Morell itzuli da.

 

BURGESS (bihozbera): Buelta bat emate’a lorete’ira, James.

MORELL (zakar): A, konforme, konforme. (Burgess kanpora doa agure nekatuaren itxura erdiragarria eginez. Morell mahaian, zutik paperen gainean, Proserpineri diotso, erdi umorez, erdi absente) Tira, Prossy andereñoa, zergatik ibili zara nire aitaginarrebari berba potoloak esaten?

PROSERPINE (lotsaz gorri-gorri eginda, eta bista atoan altxatuta, erdi minduta, erdi erantzukiz): Ni... (Negarrez hasi da).

MORELL (alaitasun samurrez, mahaiaren ingurutik harenganantz doala eta kontsolamendua emanez): O, baina, baina, baina! Berdin da, Pross: agure kokolo buruhandi bat da, ezta?

 

Negar-zotinetan lehertuz, lasterraldia egin du atera, eta ostean galdu da, ate-danbada batekin. Morell, burua astinduz etsita, zizpurua egin eta nekatuta doa bere aulkira, bertan jarri eta lanean hasi da; zaharra eta kezkatua ematen du.

Candida sartu da. Etxeko lana amaitu du eta amantala erantzita dator. Berehala ohartu da senarraren itxura abailduaz, eta isilik bisitarien aulkiaren kontra zutik geratu da, senarrari adi begira. Ez dio ezer.

 

MORELL (begiak goratuz, baina luma altxatuta lanari berriro ekiteko prest): Eta? Non dago Eugene?

CANDIDA: Eskuak garbitzen sukaldeondoan, iturrian. Sukaldari bikaina izango da Mariari dion beldurra gainditzen badu.

MORELL (labur): A! Dudarik ere ez. (Berriro hasi da idazten).

CANDIDA (hurrago joanda, eta, esan bitartean, eskua leunkiro gainean ipiniaz, geldiarazteko): Zatoz hona, maitea. Utz iezadazu zu ikusten. (Luma bota du eta emaztearen esanetara jarri da. Zutiarazi egin du, eta mahaitik apur bat aldendu, denbora guztian senarrari kritikoki begiratuz) Ipini aurpegia argitara. (Leihora begira ipini du) Gure mutilak ez dauka itxura onik. Lan gehiegi egiten ibili da?

MORELL: Ohi dudana baino gehiago ez.

CANDIDA: Oso zurbil dago, eta ile-zuri, eta zimurrekin, eta zahar. (Senarraren malenkonia handiagoa egin da; eta bilatutako alaitasunez eraso dio emazteak) Ala: (sofarantz tiraka) gaurkoz nahikoa idatzi duzu. Utzi Prossyri amaitzen. Zatoz eta hitz egidazu.

MORELL: Baina...

CANDIDA (tematuz): Bai, hitz egin behar didazu. (Eserarazi du, eta bera alfonbran jesarri da haren belaunondoan) Orain (eskuak elkartuz) itxura hobea hartzen hasi zara dagoeneko. Zergatik irten behar duzu gauero hitzaldiak eta berbaldiak egiten? Astean ozta-ozta daukat arratsalde bat zurekin egoteko. Jakina, zuk esaten duzun guztia egia da eta oso zuzena; baina ez du onik egiten: ez die axola zer esaten diezun ezta apurrik ere. Zurekin ados daudela uste dute; baina zertarako jendea ados eduki gero juxtu esan diezunaren kontrakoa egiten badute atzea ematen diezun unean bertan? Begira gure kongregazioa St Dominic elizan! Zergatik etortzen dira igandero zuri kristautasunari buruz jarduten entzutera? Zeragatik, negozioetan eta dirugintzan sei egunez buru-belarri ibili ondoren dena ahaztu eta atseden hartu nahi dutelako zazpigarrenean; horrela, freskaturik itzul daitezke eta lehenago baino diru gehiago egiten jarrai dezakete! Zuk benetan lagundu egiten diezu horretan, eragotzi beharrean.

MORELL (seriotasun kementsuz): Oso ondo dakizu, Candida, zeharo gogor egiten diedala horregatik sarritan. Eta elizara joateko ez badute besterik atsedena eta dibertsioa baino, zergatik ez dira gauza atseginagoetan... laxoagoetan saiatzen? Gauza onen bat izan behar, gurago badute igandeetan St Dominic leku txarragoak baino.

CANDIDA: Baina leku txarragook ez dira egoten irekita; eta egonda ere, ez dira ausartzen joaten inork ikusiko ote dituen. Gainera, James, maitea, hain bikain predikatzen duzu, eurentzat antzerkira joatea bezala da. Zergatik uste duzu izaten direla emakumeak hain sutsu?

MORELL (jota): Candida!

CANDIDA: O, badakit. Zuk, mutil kokolo horrek, uste duzu zure sozialismoagatik eta zure erlijioagatik dela; baina hori balitz, esaten diezuna egingo lukete zu ikustera etorri soilik egin beharrean. Prossyren gaitza dute denek.

MORELL: Prossyren gaitza! Zer esan gura duzu, Candida?

CANDIDA: Bai, Prossy, eta izan dituzun beste idazkari guztiak. Zergatik dago Prossy gauzak garbitzeko gertu, eta patatak zuritzeko, eta zergatik apaltzen du bere burua modu guztietara, astean sei txelin, hiriko bulegoan irabazten zuena baino gutxiagoren truke? Zurekin maiteminduta dagoelako, James: horrexegatik. Denak daude zurekin maiteminduta. Eta zu predikatzearekin maiteminduta zaude hain polito egiten duzulako. Eta zuk uste duzu dena dela zeruetako erreinuarenganako sugarra lurrean; eta eurek ere hori uste dute. Ai, kokolo maitea!

MORELL: Candida, zelako zinismo beldurgarria, arima-galgarria! Txantxetan zabiltza? Ala... nola liteke? ...jeloskor zaude?

CANDIDA (pentsakortasun bitxiz): Bai, batzuetan apur bat jeloskor sentitzen naiz.

MORELL (sinesgogor): Prossygatik?

CANDIDA (barreka): Ez, ez, ez, ez. Ez inorgatik jeloskor. Jeloskor beste norbaitegatik, maite behar luketen moduan maite ez duten norbaitegatik.

MORELL: Nigatik?

CANDIDA: Zu! Zergatik? Maitasunez eta adorazioz alferrik galduta zaude eta: zuretzako ona dena baino askoz gehiago jasotzen duzu. Ez, Eugenegatik esan nahi dut.

MORELL (ikara baten): Eugene!

CANDIDA: Ez da bidezkoa maitasun guztia zureganako izatea, eta batere ez berarentzat, nahiz eta berak zuk baino askoz beharrago duen. (Inarrosaldi batek dardara eragin dio bere borondatearen aurka) Zer da kontua? Kezkaren bat sortu dizut?

MORELL (presaka): Ezta bat ere. (Emazteari begi-begira larri) Badakizu nire uste osoa daukadala zugan, Candida.

CANDIDA: Harroputz hori! Horren ziur zaude zure eutsi ezinezko lilura eta xarmaz?

MORELL: Candida, min ematen didazu. Ez dut inoiz pentsatu nire lilura eta xarman. Zure onberatasunean, zure araztasunean pentsatu dut. Horrexetan daukat neure uste osoa.

CANDIDA: Nolako gordinkeria, zelako gauza jasangaitza niri esateko! O, elizgizona zara, James: erabateko elizgizona.

MORELL (itzuli eta urrunduz, bihotzean jota): Hala esaten du Eugenek.

CANDIDA (interes biziz, besoak senarraren belaunean ipini eta haren gainera makurtuz): Eugenek beti izaten du arrazoia. Mutil zoragarria da: kanpoan izan naizen denbora guztian gero eta gogokoago dudala konturatu naiz. Badakizu, James, berak susmorik txikiena ere izan ez arren, nirekin burua galdu arte maitemintzeko prest dagoela?

MORELL (itun): O, berak ez dauka horren susmorik, ezta?

CANDIDA: Alerik ere ez. (Besoak senarraren belaunetik batu ditu, eta pentsakor biratu da, jarrera patxadatsuagoa hartu du eskuak altzoan dituela) Noizbait jakingo du: hazten denean eta esperientzia hartzen duenean, zeure moduan. Eta jakingo du nik jakin behar nuela. Jakin gura nuke zer pentsatuko ote duen nitaz orduan.

MORELL: Txarrik ez, Candida. Espero dut eta hala bedi, txarrik ez.

CANDIDA (zalantzati): Edo bai, zeraren arabera.

MORELL (aztoratuta): Arabera!

CANDIDA (hari begira): Bai, berari zer gertatzen zaion, horrexen arabera. (Senarra espresiorik gabe begira dauka) Ez duzu, ba, ikusten? Kontua da nola heltzen den bera maitasuna benetan zer den ikastera. Esan nahi dut nolako emakumeak irakatsiko ote dion hori.

MORELL (zer egin ia ez dakiela): Bai. Ez. Ez dakit zer esan nahi duzun.

CANDIDA (azaltzen): Emakume on batengandik ikasten badu, orduan ondo egongo da: barkatuko dit.

MORELL: Barkatu!

CANDIDA: Baina jo dezagun emakume txar batengandik ikasten duela, hainbeste gizonek bezala, bereziki olerkariek, emakume guztiak aingeruak direla uste baitute! Demagun maitasunaren balioaz konturatzera heltzen dela bere ezjakintasunean alferrik galdu duenean eta bere burua lotsagarri utzi duenean! Barkatuko ote dit orduan, zure ustez?

MORELL: Barkatu, zergatik?

CANDIDA (zenbaterainoko leloa den ohartuz, eta apur bat etsita, baina samurtasun osoz hala ere): Ez duzu ulertzen ala? (Buruari eragin dio. Senarrarengana itzuli da berriro, pribatutasunik handienean azaltzeko moduan) Esan nahi dut, barkatuko ote dit berari nik neuk ez erakutsi izana? Emakume txarren eskuetan abandonatu izana, nire onberatasuna... zuk esan duzun moduan, araztasuna gorabehera? Ai, James, ze gutxi ulertzen nauzun, zure uste osoa nire onberatasun eta araztasunean daukazula esateko! Eugene gaixoari emango nizkioke biak, hotzak hilik dagoen eskekoari aldeko txala emango niokeen gogo bizi berberarekin, beste ezer ez balego ni gelditzeko. Jarri zure uste osoa zuri dizudan maitasunean, James; amaituko balitz, niretzat ardura gutxikoak izango bailirateke zure berbaldiak: zeure burua eta besteak egunero engainatzeko esaldi hutsak. (Jaikitzekotan da).

MORELL: Bere hitzak!

CANDIDA (bere burua gaingiroki txukuntzen jaiki ahala): Noren hitzak?

MORELL: Eugenerenak.

CANDIDA (atseginez): Beti izaten du arrazoia. Berak ulertzen zaitu; ulertzen nau; ulertzen du Prossy; eta zuk, laztana, zuk ez duzu ezer ulertzen. (Barre egin du, eta musu eman dio senarrari kontsolatzeko. Senarrak atzera egin du, sastada eman baliote bezala, eta jauzi batean zutitu da).

MORELL: Nola izan zaitezke hori egiteko gauza, musu... O, Candida (larrimina ahotsean) harpoia bihotzean sartu bazenit nahiago nuke musu hori eman izana baino.

CANDIDA (harrituta): Ene maitea: zer pasatzen da?

MORELL (erotu beharrik emaztea uxatuz): Ez ni ukitu.

CANDIDA: James!!!

 

Eten egin zaie elkarrizketa Marchbanks sartu baita Burgessekin; Burgess ate ondoan geratu da, begira, eta Eugene senar-emazte bien erdian jartzera lehiatu da.

 

MARCHBANKS: Zeozer pasatzen da?

MORELL (hilotza bezain zuri, bere burua irmo kontrolatuz): Ezer ez, zera baino: edo zuk arrazoia zeneukan gaur goizean, edo Candida zoratu egin zaigu.

BURGESS (ahalik eta ozenen protesta eginez): Zer! Candida ’re zo’atu! O, benga, benga, benga! (Gela zeharkatu du sutondoraino, bide guztian protestaka, eta pipa laratzean jo du errautsa botatzeko).

 

Morell etsita jesarri da mahaian, aurrerantz okertuta aurpegia estaltzearren, eta atzamarrak elkarri gogor lotuta geldi eduki ahal izateko.

 

CANDIDA (Morelli, lasaiago eta barreka): O, aztoratuta baino ez zaude! Hori da dena? Ze konbentzionalak zareten jende ezkonbentzionala! (Jarlekuaren besoan eseri da alaitsu).

BURGESS: Benga, porta’u ha’i, Candy. Zer pentsa’uko du Morchbanks jaunak hitaz?

CANDIDA: Hori da Jamesek irakatsi didalako neure kabuz pentsatzen, eta inoiz ez jaramonik egiten jendeak nitaz zer pentsatuko ote duen. Ederto balio izan du berak pentsatzen zuen berbera pentsatu izan dudan bitartean. Baina orain! Zerbait ezberdin pentsatu dudala eta! Hara! Begiratu! (Morellengana seinalatu du, oso jostagura).

 

Eugenek begiratu egin du, eta berehala sakatu du eskua bihotzean, minen batek zulatu balio bezala. Sofan eseri da tragediaren zain dagoen gizonaren antzera.

 

BURGESS (sutondoko alfonbratxoan): Bueno, James, egia da ez duzula betiko itxura zirarragarria.

MORELL (ia negar-zotina den barrearekin): Hala dirudi. Barka eskatzen dizuet denoi: ez naiz konturatu nolako zalaparta ari nintzen sortzen. (Sentimenduak menderatzen ahaleginduz) Tira, tira, tira, tira, tira! (Berriz hasi da paperekin lanean, alaitasun irmoz).

CANDIDA (sofara abiatu eta Marchbanksen alboan jarririk, umorez, oraindik zirtolari): Tira, Eugene: zergatik zaude horren triste? Tipulek negar eragin dizute?

MARCHBANKS (ahapeka andreari): Zure ankerkeria da. Gorroto dut ankerkeria. Gauza ikaragarria da pertsona bat beste bati oinazea ematen ikustea.

CANDIDA (ironiarekin laztanduz): Mutil gizajoa! Ankerra izan naiz? Gustu txarreko tipulatxo gorriak txikitzean izan da?

MARCHBANKS (bihotzez): O, geldi, geldi: ez dut esan nahi nirekin. Oinaze beldurgarria eman diozu senarrari. Bere mina sentitzen dut neure bihotzean. Badakit zure errua ez dena... jazo beharreko zerbait da; baina ez ezazu zigortu. Dardara ematen dit oinazea eman eta barre egiten duzunean.

CANDIDA (sinesgogor): Neuk oinazea Jamesi! Lelokeriak, Eugene: gehiegizkoa esaten zabiltza! Kokoloa! (Jaiki eta mahaira doa kezkati) Ez egin lan gehiagorik, maitea. Zatoz eta hitz egizu gurekin.

MORELL (maitekor baina garratz): A, ez: nik ez dakit hitz egiten, predikatzen baino.

CANDIDA (eskua ferekatuz): Tira, zatoz eta predikatu.

BURGESS (erabat kexu): A, ez, Candy. Utzi hori guztia.

 

Lexy Mill sartu da, estu eta larri.

 

LEXY (lasterka Candidari eskua ematera): Zer moduz, Morell andrea? Biziro pozten nau zu berriro gure artean ikusteak.

CANDIDA: Eskerrik asko, Lexy. Ezagutzen duzu Eugene, ezta?

LEXY: A, bai. Zer moduz, Marchbanks?

MARCHBANKS: Nahikoa ondo, mila esker.

LEXY (Morelli): St Matthew Elkargotik nator oraintxe. Atsekaberik handienak jota daude zure telegrama dela eta.

CANDIDA: Zer esateko telegrafiatu duzu, James?

LEXY (Candidari): Haiei hitz egitekoa zen gaueon. Mare kaleko areto nagusia hartua dute eta diru-mordoa eralgia afixatan. Joaterik ez zuela esateko izan da Morellen telegrama. Sekulako ekaitza sortu du haien artean.

CANDIDA (harrituta, eta okerren bat susmatzen hasita): Berba egiteko hitzordua kendu!

BURGESS: E’ingo niken bere bizitza guztian lehenengo aldia izan dela. Ezta, Candy?

LEXY (Morelli): Telegrama espresa bidaltzea ebatzi dute, zure erabakia aldatzerik ba ote zenuen eskatzeko. Jaso al duzu?

MORELL (egonarria galtzeko zorian): Bai, bai, jaso dut.

LEXY: Erantzuna ordaindutakoa zen.

MORELL: Bai, badakit. Erantzun dut. Ezin joan naiteke.

CANDIDA: Baina zergatik, James?

MORELL (ia amorruz): Aukeratzen ez dudalako. Jende honi ahaztu egiten zaio ni ere gizona naizela: uste dute hitz egiteko makina naizela, nire bizitzako ilunabar guztietan eurei berba egiteko bizten dena. Ezin dezaket nik gau bat eduki etxean egoteko emaztearekin eta lagunekin?

 

Denak daude harrituta barru-lehertze hori dela eta, Eugene izan ezik. Ez du aurpegiera aldatu.

 

CANDIDA: O, James, ez duzu kontuan hartu behar horretaz esan dudana. Eta joaten ez bazara bihar kontzientzia txarrak erasoko dizu.

LEXY (larderiatuta, baina presatu guraz): Badakit, noski, bidegabeko eskaerak egiten dizkizutela. Baina mundu guztiari telegrafiatzen ibili dira beste hizlari baten bila; eta Agnostikoen Ligako lehendakaria baino ez dute lortu.

MORELL (berehala): Hara, gizon bikaina. Zer nahi dute hoberik?

LEXY: Baina beti esaten du sozialismoa eta kristautasuna bateraezinak direla. Guk egin dugun on guztia desegingo digu. Zuk hobeto dakizu jakina; baina... (Sorbaldak jaso eta sutondora doa noraezean Burgessen albora).

CANDIDA (lausengari): Bai, zoaz, James. Denok joango gara.

BURGESS (marmarka): Kontu e’in, Candy! Badionat! Egon gaitezen etxeko sutondoan, eroso. Pare bat ordu baino gehia’o ez din emango kanpoan.

CANDIDA: Hemen bezain eroso egongo zara batzarrean. Tribunan jarriko gara denok eta jende garrantzitsua izango gara.

MARCHBANKS (beldurretan): Ez, mesedez, ez gaitezen joan tribunara. Ez, denak izango ditugu begira: ezingo nuke jasan. Ni aretoaren atzealdean jarriko naiz.

CANDIDA: Ez zaitez beldur izan. Zuri barik, Jamesi begi-begira egongo dira denak.

MORELL: Prossyren gaitza, e? Candida!

CANDIDA (alai): Bai. Prossyren gaitza.

BURGESS (korapiloa askatu ezinik): Prossyren gaitza! Zertaz diharduzu, James?

MORELL (jaramon egin barik, jaiki egin da; atera doa; eta, irekita daukala, aginte-doinuarekin dei eginez): Garnett andereñoa.

PROSERPINE (urrunetik): Bai, Morell jauna. Banoa.

 

Denak zain, Burgess izan ezik: disimuluz Lexyrengana bihurtu da.

 

BURGESS: Entzun, Mill jauna. Zer da Prossyren gaitza? Ze gaixo dauka?

LEXY (isilmandatuka): Ez dakit zuzen-zuzen, bada; baina arraro hitz egin dit gaur goizean. Beldur naiz batzuetan pixka bat senetik irtenda ez ote dagoen.

BURGESS (gainezka eginda): Nola, kutsakorra izan behar du! Lau, etxe berean!

PROSERPINE (atalasean agerturik): Zer behar du berorrek, Morell jauna?

MORELL: Telegrafiatu St Matthew Elkargora banoala.

PROSERPINE (harrituta): Ez daude, ba, berorren zain?

MORELL (obediaraziz): Egizu esan dizudana.

 

Proserpine, beldurtuta, idazmakinaren aurrean eseri da, eta obeditu egin dio. Morellek, orain guztiz deliberatuta eta adoretsu, Burgessenganaino zeharkatu du gela, Candida bere joan-etorriei begira duela, harridura eta goganbehar gero eta handiagoarekin.

 

MORELL: Burgess, zuk ez duzu etorri nahi.

BURGESS (deitoratuz): O, ez ‘zazu horrela hartu, James. Kontua da gaur ez dela i’andea, ba’akizu.

MORELL: Tamala. Uste nuen mahaiburua aurkeztea gurako zenuela. Eskualdeko Kontseiluko Lan-batzordean dago, eta eragina dauka kontratuen kontuan. (Burgess berehala esnatu da) Etorriko zara?

BURGESS (gogo biziz): Noski, ez naiz, ba, joango, James. Beti izaten da atse’ina zuri entzutea!

MORELL (Prossyrengana bihurtuz): Bileran oharrak jasotzea nahi nuke, Garnett andereñoa, beste egitekorik ez baduzu. (Ezetz egin du, berba egiteko beldur) Zu bazatoz, Lexy, betiko legez?

LEXY: Jakina.

CANDIDA: Denok goaz, James.

MORELL: Ez, zu ez zatoz; eta Eugene ez dator. Hementxe egongo zara eta zurekin edukiko duzu... etxera itzuli zarela ospatzeko. (Eugene jaiki egin da, arnaska).

CANDIDA: Baina, James...

MORELL (agintzen): Esan dut. Zuk ez duzu etorri nahi; eta berak ez du etorri nahi. (Candida protesta egitekotan da) Baina ez larritu: jende-aldra ederra izango dut zuek gabe ere, lehenago inoiz entzun ez didan jende onbideratu gabeak beteko ditu zuen aulkiak.

CANDIDA (kezkati): Eugene, ez zenuke etorri gura?

MORELL: Eugeneren aurretik joateko beldur izan behar nuke: berbaldiekiko hain kritikoa denez. (Mutilari begira) Badaki bere beldur naizela: horixe esan baitit goizean. Ederto ba, beldur zenbateraino naizen erakutsiko diot hemen zure zainpean utzita, Candida.

MARCHBANKS (bere buruari, sakon sentituz): Hau ederra. Hau pagotxa. (Berriro eseri da, ezpainak bananduta entzuten).

CANDIDA (goganbeharrez larri): Baina... baina... Zeozer pasatzen da, James. (Guztiz kezkatuta) Ez dut ulertzen...

MORELL (emaztea besoetan samurtasunez hartuz eta bekokian musu emanez): A, uste nuen neu nintzela ulertzen ez zuena, maitea.

 

 

3. ekitaldia

 

Gaueko hamarrak jota. Errezelak itxita eta argiontziak piztuta. Idazmakina bere kutxan dago; mahai handia hustu eta txukundu egin dute: denak adierazten du gaurko lana amaitu dela.

Candida eta Marchbanks beheko suaren ondoan jarrita daude. Irakurtzeko argiontzia beheko suaren gaineko apalean dago, aulkitxoan ozen irakurtzen dagoenari, Marchbanksi, argi egiten. Eskuizkribu-pilotxo bat eta pare bat poesia-liburu daude alfonbratxoan bere aldamenean. Candida besaulkian dago. Brontze zurizko su-burdina tente dauka eskuan. Erdi etzanda eta haren muturrari begi-begira, oinak surtarantz luzatuta, itzarrik ametsetan dago, handik urrun-urrun eta Eugene ahaztu-ahaztuta.

 

MARCHBANKS (errezitaldia etenez): Bizi izan diren olerkari guztiek ipini izan dute pentsamendu hori bertsotan. Ezinbestean: ezin eutsi. (Emakumeari begiratu dio baiezkoa jasotzeko, eta su-burdinarekin buru-belarri dagoela konturatu da) Ez zara egon entzuten? (Erantzunik ez) Morell andrea!

CANDIDA (ikara hartuta): E?

MARCHBANKS: Ez zara egon entzuten?

CANDIDA (errudunaren jendetasun gehiegizkoarekin): Bai horixe. Oso ederra da. Jarraitu, Eugene. Aingeruari zer gertatzen zaion jakin nahirik nago.

MARCHBANKS (eskuizkribua eskutik behearen gainera jausten utzirik): Barkatu aspertu zaitudalako.

CANDIDA: Baina ez nauzu aspertzen, benetan. Jarraitu, mesedez. Bai, Eugene.

MARCHBANKS: Aingeruari buruzko olerkia orain dela ordu laurden amaitu dut. Hainbat gauza irakurri dizkizut harrezkero.

CANDIDA (damututa): Barka iezadazu, Eugene. Su-burdinak hipnotizatu egin nauela uste dut. (Jaitsi egin du).

MARCHBANKS: Ikaragarri ezeroso sentiarazi nau.

CANDIDA: Zergatik ez didazu esan? Berehala jaitsiko nuen.

MARCHBANKS: Beldur nintzen esanez gero zu ere ezeroso sentituko ote zinen. Arma bat zirudien. Antzinako pertsonaiaren bat banintz, nire ezpata atera eta bion erdian jarri beharko nuen. Morell sartu balitz pentsatuko zuen su-burdina altxatu duzula gure artean ezpatarik ez zegoelako.

CANDIDA (arduratuta): Zer? (Nahasita dagoenaren begirada emanez mutilari) Galdu egin naiz esan duzun horretan. Zure soneto horiek guztiz nahaspilatu naute. Zergatik egon beharko luke ezpata batek bion erdian?

MARCHBANKS (iheskor): Ba! Ez du ardura. (Eskuizkribua jasotzeko makurtu da).

CANDIDA: Ipini hori behearen gainean berriro, Eugene. Nire poesia-egarriak mugak ditu: baita zure poesia izanda ere. Ordu bi baino gehiago eman dituzu niri poesia irakurtzen, ia James irten denetik. Hitz egin nahi dut.

MARCHBANKS (jaikiz, beldurrak): Ez, ez dut hitz egin behar. (Nora ezean doala, ingurura begiratu du, eta, bat-batean, gehitu du) Uste dut kanpora joango naizela parkean egurastera. (Aterantz doa).

CANDIDA: Lelokeriak; itxita dago aspaldi. Zatoz eta eser zaitez alfonbratxoan, eta egizu gogoeta beti egiten duzun moduan. Atsegitea nahi dut. Ez duzu nahi?

MARCHBANKS (erdi izu-laborrietan, erdi poz-atseginez): Bai.

CANDIDA: Zatoz, ba. (Bere aulkia apur bat atzeratu du lekua egiteko).

 

Mutila zalantzan dago; ondoren, lotsati, alfonbratxoan etzan da, aurpegiz gora, eta burua emakumearen belaunetan pausatu du, hari gora begira.

 

MARCHBANKS: O, ze triste egon naizen ilunabar guztian, zuzen jokatzen ibili naizelako. Orain oker jokatzen nabil; eta zoriontsua naiz.

CANDIDA (samur atseginduta mutilarekin): Bai, ziur nago heldu iruzurti bihurri paregabea sentitzen zarela. Zure buruarekin nahiko harro, ezta?

MARCHBANKS (burua bizkor altxatuz eta, emakumea hobeto aztertzeko, apur bat bihurtuz): Kontuz ibili. Zu baino askoz helduagoa naiz, ez badakizu ere. (Belauniko paratu da, eskuak otoitzerako elkartuta eta besoak emakumearen altzoan dituela, eta gero eta biziago dabil hitz egiten, odola pil-pil hasi zaio eta) Esan diezazkizuket gauza bihurriak?

CANDIDA (beldur nahiz zakartasunik batere gabe, eta mutilaren grinarekiko begirune osoz, baina ama bihotz- -zabalaren umore-ukituarekin): Ez. Baina benetan eta egiaz sentitzen duzun edozer esan dezakezu. Zernahi, ez du inporta zer den. Ez naiz ikaratuko, betiere zu zeu bazara hitz egiten duena, eta ez jarrera hutsa: jarrera galaia nahiz jarrera bihurria, ezta jarrera poetikoa ere. Zure ohore eta zintzotasunari egiten diet aldarri. Orain esazu nahi duzuna.

MARCHBANKS (aurpegiera bizia ezpainetatik eta sudur-hegaletatik itzaliz, begiak espiritualtasun patetikoz ñir-ñirtu ahala): O, orain ezin dut ezer esan: dakizkidan hitz guztiak jarrera bati edo besteari dagozkio, denak... bat izan ezik.

CANDIDA: Zein da bat hori?

MARCHBANKS (leun, izenaren doinuan galduz): Candida, Candida, Candida, Candida, Candida. Horixe esan behar dut orain, nire ohore eta zintzotasunari egin baitiezu aldarri; eta ez dut inoiz gogoan ez sentimenduan Morell andrea: beti Candida.

CANDIDA: Jakina. Eta zer duzu Candidari esateko?

MARCHBANKS: Ezer ez, zure izena mila aldiz esatea baino. Ez duzu sentitzen une oro dela erregua zuretzat?

CANDIDA: Ez zaitu zoriontsu egiten erregutzeko gai izateak?

MARCHBANKS: Bai, guztiz zoriontsu.

CANDIDA: Ederto, ba, zorion horixe da zure erreguaren ordaina. Gehiagorik nahi duzu ala?

MARCHBANKS (dohatsu-plantetan): Ez, zeruan sartu naiz, eta han ez dago nahirik.

 

Morell sartu da. Gelditu egin da atalasean, eta begiraldi batean jabetu da zer gertatzen ari den.

 

MORELL (ilun eta bere buruari eutsiz): Espero dut ez dizuedala eragozten.

 

Candida ziztu baten altxatu da, baina lotsa-apurrik ere gabe, bere buruari barreka. Eugenek, Candidaren bat-bateko mugimenduak irauli duenez, bere jarrera berriro hartu du jaiki gabe, eta alfonbran jesarri da hankak besarkatuta, bera ere lotsa gutxirekin.

 

CANDIDA: Ai, James, nolako ikara eman didazun! Hain gustura egon naiz Eugenerekin, ez dut entzun ere egin giltza kisketan. Nola amaitu da batzarra? Ondo egin duzu berba?

MORELL: Ez dut hobeto hitz egin neure bizitza guztian.

CANDIDA: Hori marka! Zenbatekoa izan da diru-biltzea!

MORELL: Ahaztu egin zait galdetzea.

CANDIDA (Eugeneri): Bikain egin behar izan du, bestela ez zuen ahaztuko. (Morelli) Non daude beste guztiak?

MORELL: Nik alde egin ahal izan baino askoz lehenago joan dira: uste izan dut ezingo nuela sekula ihes egin. Nonbaiten izango dira afaltzen edo.

CANDIDA (etxeko lanetarako doinuarekin): A, horrela bada, Maria, joan liteke ohera. Esan egin behar diot. (Kanpora joan da, sukaldera).

MORELL (Marchbanksi goitik begikera gogorra): Ta?

MARCHBANKS (alfonbratxoan hankak gurutzaturik uzkurtuta, eta hala ere trankil Morellekin: umoretsu demonio): Ta?

MORELL: Baduzu ezer esateko?

MARCHBANKS: Inuzentearena egiten ibili naizela hemen pribatuan zu inuzentearena egiten ibili zaren bitartean jendaurrean.

MORELL: Nekez modu berean, nik uste.

MARCHBANKS (bizi-bizi, estropezuka altxatuz): Berdin, berdin, berdin, berdin. Gizon onarena egiten jardun dut. Zeure moduan. Heroikeriak egiten hasi zarenean ni hemen utzita Candidarekin...

MORELL (gura barik): Candida!

MARCHBANKS: Bai, bai, horraino heldu naiz. Baina ez zaitez larritu. Heroikeriak kutsagarriak dira: zugandik harrapatu dut gaitza. Zin egin nuen ez nuela esango zu ez zaudenean orain hilabete zure aurrean esango ez nukeen ezer.

MORELL: Bete duzu hitza?

MARCHBANKS (bat-batean besaulkiaren bizkarrean jesarririk): Bere kabuz bete da hitza duela hamar bat minutu arte. Arterago, irakurtzen aritu natzaio: neure olerkiak irakurtzen, edonorenak, elkarrizketa saihestearren. Zeruko atearen kanpoaldean egon naiz, eta barrura sartu gura ezik. O, ez dakizu ze heroikoa izan den, eta ze ezerosoa! Orduan…

MORELL (bere suspensea zurrun kontrolatuz): Orduan?

MARCHBANKS (aulkiaren jarlekura prosaikoki irristatuz, jarrera arrunt samarra harturik): Orduan ezin zuen irakurketa gehiagorik jasan.

MORELL: Eta zeruko atera hurreratu zara azkenean?

MARCHBANKS: Bai.

MORELL: Ta? (Amorratuta) Esazu, ba, gizona: ez dizu axola nola nagoen?

MARCHBANKS (leun eta doinuz): Orduan aingeru bilakatu da; sugarrezko ezpata bat zegoen hara eta hona higitzen, eta ezin izan naiz sartu; ate hori benetan infernuko atea zela ikusi dut eta.

MORELL (garaile): Arbuiatu egin zaitu!

MARCHBANKS (mesprezu bortitzarekin jaikiz): Ez, inozo hori: hori egin balu ez nuen sumatuko zeruan nengoela. Arbuiatu nauela! Uste duzu horrek salbatuko gintuela! Bertutetsuaren gaitzidurak! O, bera bizi den mundu berean bizi izaterik ez duzu merezi! (Atzea eman dio eta gelaren beste muturrera doa destainaka).

MORELL (tokitik mugitu gabe isilik adi egon da): Uste duzu hobea zarela niri horiek agertuta, Eugene?

MARCHBANKS: Hemen da bukatu mila eta batgarren ikasgaia. Morell, ez daukat oso iritzi ona zure sermolaritzaz, ez pentsatu: nik neuk hobeto egingo nukeela deritzot. Aurkitu nahi dudan gizona Candidarekin ezkondu zen gizona da.

MORELL: Candidarekin ezkon...? Neu esan nahi duzu?

MARCHBANKS: Ez dut esan nahi aita James Mavor Morell, moralista eta hitzontzia. Aita Jamesek beroki beltzaren azpian hor nonbait estalita izan behar duen benetako gizona esan nahi dut: Candidak maite izan zuena. Ezinezkoa da iduneko botoia aurrean lotu beharrean atzean lotzen duzulako soilik maite izatea zu Candida bezalako emakume batek.

MORELL (ausart eta tinko): Candidak ezkontzeko hitzeman zidanean, orain ikusten duzun moralista eta hitzontzi berbera nintzen. Beroki beltza janzten nuen; eta iduneko botoia aurrean lotu beharrean atzean lotzen nuen. Uste duzu maiteago nindukeela lanbidean faltsua izateagatik?

MARCHBANKS (sofan, orkatilak oratzen): Ba! Barkatu egin zizun, niri barkatzen didan bezala koldarra izatea, eta mengela, eta zuk esaten duzun kumetxo negarrontzi txepela eta gainerako guztia. (Ameskoi) Horrelako emakumeak bikaintasuna du bere barruan: gure arimak maite ditu, eta ez gure txorakeriak eta harrokeriak eta ilusioak, ezta idunak eta berokiak, ez aldean ditugun gainerako zatar eta mantarrak ere. (Une batez hausnartu ondoren, Morellengana bihurtu da gurata itauntzeko) Jakin nahi dudana da nola igaro zenuen ni geldiarazi ninduen sugarrezko ezpata.

MORELL: Beharbada hamar minutu garrenean ez nindutelako eten.

MARCHBANKS (ezustean harrapatuta): Zer!

MORELL: Gizakia gailurrik garaienetara igo daiteke; baina ezin dezake han luzaroan iraun.

MARCHBANKS (salto eginez): Hori gezurra da: hantxe iraun dezake betiko, eta hantxe baino ez. Gainerako mementoetan izaten da atsedenik aurkitu ezina, bizitzari, aintza isil horri, zentzua aurkitu ezina. Non uste duzu emango nituzkeela unerik gozoenak, gailurretan baino?

MORELL: Sukaldeondoan, tipulak txikitzen eta argiontziak betetzen.

MARCHBANKS: Edo pulpituan, buztinezko arima merkeak eskuilatzen?

MORELL: Bai, hori ere bai. Bertan izan ditut nire unerik arrakastatsuenak, eta eskubidea, horrelako batean, ni maita nazan eskatzeko. Ez nuen nik hartu inork emandako unea; ezta erabili ere beste gizon bati zoriona osteko.

MARCHBANKS (nazkatu samar, beheko surantz arin-aringa): Ez daukat inolako zalantzarik libra bat gazta erosten bazeunde bezain zintzo egin zenuela tratua. (Alfonbratxoaren ertzean gelditu da, eta, pentsakor, bere buruari hitz eginez, Morelli atzea emanda, gehitu du) Ni eskeko baten moduan bakarrik joan ninteke berarengana.

MORELL (mugitu da): Hotzak hilik dagoen eskeko baten moduan! Mantoi eske doakiona!

MARCHBANKS (bihurturik, harrituta): Eskerrik asko nire poesiari ukituak emateagatik. Bai, gogoko baduzu: hotzak hilik dagoen eskeko baten moduan, mantoi eske doakiona.

MORELL (urduri): Eta berak arbuiatu. Esango dizut zergatik arbuiatu zintuen? Esan diezazuket, berak esango balizu bezala. Arrazoia da...

MARCHBANKS: Berak ez ninduen arbuiatu.

MORELL: Egin ez!

MARCHBANKS: Eskatu nahi izan nion guztia eskaini zidan: mantoia, hegoak, buruko izar-koroa, eskuetako lili zuriak, oinpeko ilargi ilgora...

MORELL (mutilari helduz): Egiozu bidea egiari, gizona: nire emaztea neure emaztea da; ez dut nahi zure litxarreria poetiko gehiagorik. Ondotxo dakit bere maitasuna galdu badut, eta zuk irabazi, inongo legek ez duela lotuko.

MARCHBANKS (xelebre, beldurrik eta erresistentziarik gabe): Hel nazazu paparretik, Morell: azken batean berak txukunduko dit iduna, goizean egin duen bezala. (Poz-atsegin isilez) Eskuekin ukitzen nauela sentituko dut.

MORELL: Gazte deabru hori, badakizu ze arriskutsua den niri hori esatea? Ala (bat-batean etsita) zerbaitek adoretu zaitu?

MARCHBANKS: Orain ez naiz beldur. Lehen ez zintudan atsegin: horregatik egin nuen ihes zuk ukitutakoan. Baina gaur, oinazetu zaituenean, ikusi dut maite duzula. Harrezkero zure adiskidea izan naiz: lepoa bihurritu iezadazu nahi baduzu.

MORELL (lasaiago): Eugene: hori gezur bihozgogorra ez bada, giza sentimenduen aztarrenik geratzen bazaizu, esango didazu zer jazo den ni egon ez naizen bitartean?

MARCHBANKS: Zer jazo! Zergatik, sugarrezko ezpata... (Morellek eroapena galdu eta ostikoa jo du behearen gainean) Konforme, prosa argian, maitasunik gorenarekin maite izan dudanez maitasun horretan irauteak ematen zidan zoriona besterik ez nuen nahi. Eta gailurrik garaienetatik jaisteko astia izan orduko zeu sartu zara.

MORELL (sufrimendu sakonez): Beraz oraindik erabakizun. Oraindik zalantzaren egonezina.

MARCHBANKS: Egonezina! Gizonik zoriontsuena naiz ni. Orain ez dut ezer gura bere zoriona baino. (Sentimendu-ukaldi batean) O, Morell, utz dezagun bakean. Zergatik aukeratu behar du nire moduko zorigaiztoko nerbio-gaitz mengel bat edo zure moduko erretore txerriburu bat? Egin dezagun erromesaldia, zuk sortaldera eta nik sartaldera, berak merezi duen moduko maitale baten bila: goiaingeru ederren bat, purpurazko hegoak dituena...

MORELL: Astoaren biolina! Mesedez, ni zugatik uzteko bezain ero badago, nork babestuko du bera? Nork lagunduko dio? Nork egingo du lan beragatik? Nor izango da bere umeen aita? (Sofan eseri da arreta barik, ukondoak belaunetan eta burua ukabilen artean ipinita).

MARCHBANKS (atzamarrekin klaska eginez): Berak ez ditu galdera alu horiek egin. Bera da norbait babestu nahi duena, norbaiti lagundu nahi diona, norbaitegatik lan egin nahi duena: babestu, lagundu eta lan egiteko umeak emango dizkion norbait nahi duena. Berriro umetxo bilakatu den gizon helduren bat. O, inozo hori, inozo hori, hirutan inozoa! Neu naiz gizona, Morell: neu naiz gizona. (Dantzan dabil urduri, txilioka) Zuk ez duzu ulertzen emakumea zer den. Esaiozu etortzeko, Morell: esaiozu etortzeko eta utz iezaiozu aukeratzen gu bion... (Atea ireki da eta Candida sartu da. Mutila gelditu egin da harri bihurtu balitz bezala).

CANDIDA (harrituta, atalasean): Zertan arraio zabiltza, Eugene?

MARCHBANKS (lekuz kanpo): Jamesek eta biok prediku-norgehiagoka bat daukagu; eta berak parterik txarrena daroa.

 

Candidak Morell aztertu du une batez. Atsekabetuta dagoela ikusirik, ondoan makurtzera lehiatu da, guztiz gogait eraginda.

 

CANDIDA: Zirikatzen ibili zara. Ez dizut onartuko, gero, Eugene: entzun duzu? (Morellen sorbaldan ipini du eskua, eta, haserrearen haserreaz, ahaztu egin du emazte-ukitua) Nire mutila ez da egongo arduratuta: neuk babestuko dut.

MORELL (harro jaikiz): Babestu!

CANDIDA (senarrari jaramonik egin barik, Eugeneri): Zer ibili zara esaten?

MARCHBANKS (izututa): Ezer ere ez. Ni...

CANDIDA: Eugene! Ezer ere ez?

MARCHBANKS (errukigarri): Esan nahi dut... ni... barkatu. Ez dut egingo berriro: benetan, ez dut egingo. Bakean utziko dut.

MORELL (sumindurik, Eugeneren aurkako mugimendu erasokor batekin): Bakean utzi ni! Gazte...

CANDIDA (isilaraziz): Ixo! Ez, utzi niri, James.

MARCHBANKS: O, ez zaude nirekin haserre, ezta?

CANDIDA (zorrotz): Bai, banago: oso haserre. Etxetik botatzeko arrazoirik ez zait falta.

MORELL (Candidaren gogortasunagatik sor eta lor, eta emazteak beste gizon batengandik salbatu izana gustuko ez duela inondik ere): Gizabidea, Candida, gizabidea. Neure burua zaintzeko gauza naiz.

CANDIDA (senarrari laztan eginez): Bai, laztana: jakina bazarena. Baina ez zaitu inork gogaitu behar, ez tristetu.

MARCHBANKS (malkoak irten beharrean, aterantz bihurtzen): Banoa.

CANDIDA: O, ez daukazu joan beharrik: ezin zaitut bota gaueko ordu honetan. (Suhartsu) Lotsatu zaitez! Lotsagarria!

MARCHBANKS (etsipenez): Baina zer egin dut nik?

CANDIDA: Badakit zer egin duzun: denbora guztian hemen egon banintz bezain ondo dakit, jakin ere. A, oso itsusia izan da hori! Ume baten modukoa zara: ezin diozu mihiari eutsi.

MARCHBANKS: Nahiago dut hamar aldiz heriotza, zuri istant bateko mina ematea baino.

CANDIDA (umekeria horrekiko mesprezu handiarekin): Askoz mesedegarriagoa izango nuen zure heriotza!

MORELL: Candida, ene laztana: liskar hau ez da batere egokia. Gizon biren arteko kontua da; eta neu naiz hau konpontzeko pertsona egokia.

CANDIDA: Gizon bi! Gizon esaten diozu horri! (Eugeneri) Mutil gaizto hori!

MARCHBANKS (errietatik kemen miragarriro maitekorra bilduz): Mutiko bati bezala egin behar bazait agiraka, mutikoaren aitzakia jarri beharko dut. Bera hasi da. Eta bera ni baino handiagoa da.

CANDIDA (konfiantza apur bat galduz, Morellen duintasunarekiko ardurak kezkatu baitu): Hori ezin da egia izan. (Morelli) Zu ez zara hasi, ezta, James?

MORELL (mespretxatzaile): Ez.

MARCHBANKS (suminduta): O!

MORELL (Eugeneri): Zeu hasi zara... gaur goizean. (Eugenek goizean zerbait esan diola senarrak arratsaldean egin dion aipamen misteriotsuarekin zerikusia daukala berehala pentsaturik, Candidak susmoz beterik begiratu dio. Morellek hizketan darrai, nagusitasun irainduaren hanpadurarekin) Baina bestean arrazoia duzu. Biotan handiena naiz ni, bai, eta, espero dut, indartsuena, Candida. Beraz hobe duzu arazoa nire eskuetan uztea.

CANDIDA (berriro senarra baretuz): Bai, maitea; baina... (kezkati) ez dut ulertzen gaur goizekoa.

MORELL (emeki erdeinatuz): Ez daukazu ulertu beharrik, laztana.

CANDIDA: Baina James, ni... (Kaleko txirrinak jo du) Arranopola! Hemen datoz denak. (Kanpora doa atea zabaltzera).

MARCHBANKS (Morellengana lasterka): Ene, Morell, ez da itzela? Haserre dago gurekin: gorroto nau. Zer egin behar dut?

MORELL (bereziki etsita, gelaren erdian hara eta hona): Eugene, burua jirabiraka daukat. Laster barreka hasiko naiz.

MARCHBANKS (irrika bizian darraiola): Ez, ez: pentsatuko du neuk eraman zaitudala histeriara. Barrerik ez egin.

 

Berba-hotsa eta barre-algara entzun dira hurbiltzen. Lexy Mill, begiak distiratsu dituela, eta, portaerak erakusten duenez, aldartea gura barik lar berotuta, barrura sartu da Burgessekin, koipetsu eta bere buruarekin atseginduta, baina bere senean. Garnett andereñoak, kapela eta jakarik dotoreenak jantzita, atzetik jarraitu die; baina, begitartea lehen baino argiago daukan arren, etsipenak mendean hartuta dauka. Idazmakinaren mahaitxoa atzean daukala, esku bat mahaitxoan ipini du, bermatzeko, eta bestea bekokitik igaro du apur bat nekatuta eta zorabiatuta balego bezala. Marchbanks lotsa da berriro eta leiho ondoko txokora urrundu da, Morellen liburuak dauden lekura.

 

LEXY (birloratuta): Morell, zorionak eman behar dizkizut. (Eskuak estutuz) Zeinen hitzaldi zintzo, bikain eta goiargitsua egin diguzun! Zeure aurrekoak denak gainditu dituzu.

BURGESS: Hala da, James. Adi e’uki nauzu amaitu arte. Ezta, Gornett andereñoa?

PROSERPINE (arduratuta): O, ez nengoen zuri adi: oharrak hartzeko ahaleginetan nenbilen. (Ohar-liburua atera du, takigrafiaz idatzitakoari so egin dio, eta ia negar eragin dio).

MORELL: Bizkorregi joan naiz, Pross?

PROSERPINE: Bizkorregi baino arinago. Badaki berorrek ezin dudala minutuko laurogeita hamar hitz baino gehiago jaso. (Biharamun goizean prest izateko, ohar-liburua idazmakinaren alboan haserre botata lasaitu du bere barrua).

MORELL (baretzaile): Ai, tira, tira, berdin da, berdin da, berdin da. Afaldu duzue denok?

LEXY: Burgess jauna oso atsegina izan da eta benetan afari ederra eskaini digu Belgraverenean.

BURGESS (eskuzabaltasuna bor-borka dariola): Ez esan, Mill jauna. (Apalik) Denok izan zarete ongi etorriak nire sorpersa txikira.

PROSERPINE: Xanpaina edan dugu. Ez nuen lehenago inoiz dastatu. Erabat zorabiatuta nago.

MORELL (ezustekoa hartuta): Xanpaina, afaltzeko! Oso adeitsua izan da hori. Nire ele-edertasuna izan ote da gehiegizko horren guztiaren arrazoia?

LEXY (erretorikaz): Zure ele-edertasuna eta Burgess jaunaren bihotz-zabaltasuna. (Birloratuaren ateraldien freskotasunarekin) Eta zeinen lagun jatorra den kontseiluburua, Morell! Gurekin etorri da afaltzera.

MORELL (modu esanguratsuan Burgessi begira): Et, et, et, et! Kontseiluburua! Orain ulertu dut!

 

Burgessek diplomaziarako duen trebetasunagatik sentitzen duen bizi-poza mesprezuzko lakar-eztul adierazgarri batekin estali du. Lexyk besoak ehundu ditu eta sofaburuaren kontra geratu da guztiz aldarte oneko, oreka ia galdu ondoren. Candida sartu da edontziak, limoiak eta, erretilu batean, ur beroaren pitxarra dakartzala.

 

CANDIDA: Nork hartuko du limoi-ura? Badakizkizue gure arauak: alkoholik batere ez. (Erretilua mahai gainean utzi du, eta limoi-zukugailua hartu du, besteei galdezka bezala begira).

MORELL: Alferrik, laztana. Denek edan dute xanpaina. Prossek hitza jan du.

CANDIDA (Proserpineri): Ez zinen, ba, xanpaina edaten ibiliko!

PROSERPINE (temati): Bai, edan dut. Garagardoarekin baino ez naiz abstemioa, xanpainarekin ez naiz abstemioa. Garagardoa ez zait gustatzen. Badago nik erantzuteko eskutitzik, Morell jauna?

MORELL: Gehiagorik ez, gaueon.

PROSERPINE: Oso ondo. Gabon, denoi.

LEXY (xalo): Ez da hobe izango etxera laguntzen bazaitut, Garnett andereñoa?

PROSERPINE: Ez, eskerrik asko. Gaur gauean ez dut inor behar inguruan. Hobe nuke horrelako edaberik hartu ez banu. (Nola-hala aterako bidea hartu, atearekin estropezu egin eta ozta-ozta lortu du onik ateratzea).

BURGESS (suminduta): Edabea, esatea ’re! Neska horrek ez daki zer den txanpana! Pommery eta Greeno, hamabi koma sei botilako. Basokada bi eran ditu dzanga-dzanga.

MORELL (neskarekin kezkatuta): Zoaz eta jagon ezazu, Lexy.

LEXY (larrituta): Baina benetan baldin badago... Demagun kalean abesten edo horrelako zerbait egiten hasten dela.

MORELL: Horrexegatik: gerta litekeelako. Hobe duzu ziurtatzea etxera lagunduta.

CANDIDA: Egizu, Lexy; hona hemen lagun on bat. (Eskua estutu dio, eta atera darama eztiki bultzaka).

LEXY: Argi dago nire eginbidea dela. Espero dut beharrezkoa ez izatea. Gabon, Morell andrea. (Gainerakoei) Gabon. (Badoa. Candidak atea itxi du).

BURGESS: Jainkozaletasunez gainezka jarri zaigu bigarren tragoxka e’in orduko. Jendeak ezin du horrela eran. (Sutondora zeharkatuz, bizi-bizi) Bueno, James: ixteko ordua da. Morchbanks jauna: zure konpainiaren plazerra izango ahal dut zati batetan etxe’ako bidean?

MARCHBANKS (beldurturik): Bai, hobe dut joatea. (Bizkor doa aterantz; baina Candida aurrean jarri zaio eta bidea eragotzi dio).

CANDIDA (aginte eztiarekin): Zu eseri. Oraindik ez zoaz.

MARCHBANKS (kikildurik): Ez, nik... ez nuen esan nahi. (Sofan eseri da negarguraz).

CANDIDA: Marchbanks jaunak gurean emango du gaua, aitatxo.

BURGESS: A, bueno, gabon esango ’inat. Hurrengo arte, James. (Morelli bostekoa estutu dio, eta Eugenerengana doa) Esaiezu argiuntzi bat ipintzeko gauean ohe ondoan, Morchbanks jauna: zure kexa horiekin esnatzen bazara gauean kontsola’u e’ingo zaitu. Gabon.

MARCHBANKS: Eskerrik asko, esango diet. Gabon, Burgess jauna. (Eskua eman diote elkarri. Burgess atera doa).

CANDIDA (Morell harrapatuz, Burgessen atzetik baitoa): Egon hemen, maitea: neuk ipiniko diot aitari berokia. (Burgessekin doa kanpora).

MARCHBANKS (jaiki eta Morellengana lapur baten moduan doala)

Morell, itzelezko istilua atera behar digute orain? Ez zara beldur?

MORELL: Ezta izpirik ere.

MARCHBANKS: Lehenago ez naiz inoiz izan zure kemenaren bekaitz. (Morelli besaurrean jarri dio erreguka eskua) Zaude nire ondoan, egongo zara?

MORELL (irmotasunez askatuz): Nork berea da legea, Eugene. Orain bion artean aukeratu behar du.

 

Candida itzuli da. Eugene geldiro doa atzerantz sofara, eskola-mutil erruduna bezala.

 

CANDIDA (bien erdian, Eugeneri zuzenduta): Damututa zaude?

MARCHBANKS (bihotzez): Bai, bihotza erdiratuta.

CANDIDA: Ederto, beraz barkatuta zaude. Orain zoaz ohera mutiko on baten moduan: Jamesekin hitz egin nahi dut zutaz.

MARCHBANKS (guztiz nahigabetuta jaikiz): O, ezin dut hori egin, Morell. Hemen egon behar dut. Ez naiz joango. Esaiozu.

CANDIDA (susmoak baieztatuta): Esan, zer? (Mutilaren begiek emakumearenak saihestu dituzte iheskor. Emakumea bihurtu egin da eta hitzik gabe egin dio galdera Morelli).

MORELL (hondamendiagatik bere burua besarkatuz): Ez daukat ezer esateko, ez bada (une honetan ahots sakonagoa jarri du, samurtasun neurtu eta goibela lortuz) bera dela munduan daukadan altxorrik estimatuena... baldin eta benetan nirea bada.

CANDIDA (hotz; hizlariaren senera jo duelako eta St Matthew Elkargoko entzuleria balitz bezala tratatu duelako irainduta): Ziur nago Eugenek ezin duela gutxiago esan, baldin eta hori bada dena.

MARCHBANKS (adoregabetuta): Morell; gure lepotik barreka ari da.

MORELL (bat-bateko jenio-ukaldi batean): Ez dago zeri barre egin. Guri barreka zabiltza, Candida?

CANDIDA (haserre isilarekin): Eugene oso buruargia da, James. Espero dut barre egingo dudala; baina ez nago ziur guztiz haserretuko ez naizela. (Su-pazterrera doa, eta bertan geratu da beheko suaren gaineko apalean bermatuta eta oina babesgarrian ipinita, eta bitartean Eugene Morellengana isilka hurbildu da eta mahukatik oratu dio).

MARCHBANKS (ahapeka): Geldi, Morell. Ez dezagun ezer esan.

MORELL (begiratzera ere apaldu gabe, bultzada batekin askaturik): Espero dut ez duzula mehatxu gisa esan, Candida.

CANDIDA (argi abisatuz): Kontuz ibili, James. Eugene, joateko eskatu dizut. Bazoaz?

MORELL (lema tinko hartuta): Ez da joango. Geratzea gura dut.

MARCHBANKS: Joango naiz. Nahi duzun guztia egingo dut. (Atera bihurtu da).

CANDIDA: Geldi! (Obeditu egin du) Ez diozu entzun Jamesi geratzea gura duela? James da hemen nagusia. Ez dakizu hori?

MARCHBANKS (amorruz gorrituta, olerkari gaztea tiranokeriaren aurka bezala): Zein eskubide dela eta nagusi?

CANDIDA (isilago): Esaiozu, James.

MORELL (sor eta lor): Ene maitea, ez dakit zein eskubidek egin nauen nagusi. Ez dut horrelako eskubiderik aldarrikatzen.

CANDIDA (gogor aurpegiratuz): Zuk ez dakizu! Ai, James, James! (Eugeneri, gogoetan murgilduta) Ulertzen ote duzun ez dakit, Eugene! (Buruarekin ezetz egin du mutilak ezinean, Candidari begiratzen ausartzen ez dela) Ez, gazteegia zara. Hara, baimena ematen dizut geratzeko: geratu eta ikasteko. (Sutondotik aldendu eta bien erdian paratu da) Eta James, zein da kontua? Ala, esadazu.

MARCHBANKS (ahapeka alde batetik bestera gizonari): Ez esan.

CANDIDA: Esazu. Ez egin jaramonik honi!

MORELL (geldiro): Arretaz prestatu nahi zintudan, Candida, txarto ulerturik gerta ez dadin.

CANDIDA: Bai, laztana, ziur nago saiatu zarela. Baina lasai: ez dut txarto ulertuko.

MORELL: Hara... ba... (Zalantzan, prest zeukala uste zuen azalpen luzea aurkitu ezinik).

CANDIDA: Hara?

MORELL (argi eta garbi): Eugenek dio berarekin maiteminduta zaudela.

MARCHBANKS (erotu beharrik): Ez, ez, ez, ez, inoiz ere ez. Ez dut esan, Morell andrea: ez da egia. Nik esan dut maite zaitudala. Nik esan dut ulertzen zaitudala, eta bera ez dela gai. Eta ez dut hitz egin hor sutondoan jazotakoaren ondoren, lehenago baino; zin dagit. Goizean izan da.

CANDIDA (argituta): Goizean!

MARCHBANKS: Bai. (Emakumeari begiratu dio, sinesteko erregutuz, eta soilik gehitu du) Hori izan da nire idunari gertatu zaiona.

CANDIDA: Idunari? (Bat-batean ulertuta Morellengana bihurtu da, jota) O, James: zeuk egin... (isildu da)?

MORELL (lotsatuta): Badakizu, Candida, jenio txarra daukadana. Eta berak esan du (dardaraka) zuk bihotzetik arbuiatu nauzula.

CANDIDA (Eugenerengana arin bihurtuz): Hori esan duzu?

MARCHBANKS (beldurretan): Ez!

CANDIDA (ia amorruz): Beraz Jamesek gezurra esan dit. Hori da esan nahi duzuna?

MARCHBANKS: Ez, ez: ni... nik... (etsipenez) ...Daviden emaztea izan zen. Eta ez zen etxean izan, senarra denen aurrean dantzan ikusi zuenean baino.

MORELL (moderatzaile baten trebetasunarekin gidaritza hartuz): Denen aurrean dantzan, Candida; eta pentsatzen zuen haien bihotzak astintzen zebilela bere misioan eta ez zeukaten besterik gaixoa baino, Prossyren gaitza. (Emaztea protesta egitekotan da; senarrak eskua altxatu du isilarazteko) Ez zaitez ahalegindu suminduaren itxura egiten, Candida:...

CANDIDA: Ahalegindu!

MORELL (jarraituz): Eugene zuzen zegoen. Ordu gutxi geroago esan zenidan bezala, berak beti dauka arrazoia. Berak ez du ezer esan zuk askoz hobeto esan ez duzunik. Bera olerkaria da, dena harrapatzen duena; eta ni erretore gizajoa, ezer ulertzen ez duena.

CANDIDA (damututa): Mutil inozo batek esaten duenak axola dizu, nik antzeko zerbait esan nuelako txantxetan?

MORELL: Mutil inozo horrek badaki umearen etorriarekin eta sugearen maltzurkeriarekin hitz egiten. Nirea ez, berarena zarela aldarrikatu du; eta, zuzen nahiz oker, egia izan ote daitekeen beldur izatera heldu naiz. Ez dut jarraituko zalantza eta susmoen oinazepean. Ez naiz zurekin biziko zugan sekretuak daudela. Ez dut jasango jeloskor izan beharra, lotsagarrikeria onartezina. Bat gatoz —bera eta biok— bion artean aukeratuko duzula orain. Zure erabakiaren zain nago.

CANDIDA (astiro urrats bat atzeratuz, erretorikak bihotza gogortuta, nahiz eta atzean sentimendu zintzoak agertu): A! Hortaz, aukeratu beharra daukat? Iruditzen zait nahiko garbi dagoela batena edo bestearena izan behar dudala.

MORELL (irmo): Guztiz garbi. Behin betiko aukeratu behar duzu.

MARCHBANKS (larri): Morell, ez duzu ulertzen. Bere buruaren jabe dela esaten ari da.

CANDIDA (mutilarengana bihurtuz): Hori eta pilo bat gauza gehiago ari naiz esaten, maisu Eugene, laster igarriko diozuenez biok ere. Eta arren, nire jaun eta jabeok, zer eskaintzen didazue nik aukeratu ahal izateko? Enkanterako naukazue, antza. Zer eskaintzen duzu, James?

MORELL (aurpegiratuz): Cand... (Zapuztu egin da, begiak malkotan eta eztarria ezinean: hizlaria animalia zauritua bihurtu da) Ezin dut hitz egin...

CANDIDA (senarrarengana doala, barruak bultzatuta): Ai, azukre koxkorra...

MARCHBANKS (larri-larri): Geldi, ez du balio. Ez diozu agertu behar sufritzen zaudela, Morell. Ni ere oinaze-zaldian nago, baina ez nago negarrez.

MORELL (indar guztiak bilduz): Bai, zuzen zaude. Ez nabil erruki bila. (Candidagandik bereizi da).

CANDIDA (atzera eginez, hotzago): Barka iezadazu, James; ez zaitut ukitu nahi izan. Zure eskaintza entzuteko zain nago.

MORELL (apaltasun handiarekin): Ez daukat ezer eskaintzeko ez bada neure gogortasuna zu aldezteko, neure zintzotasuna zure segurtasunerako, neure trebetasun eta artea zure bizibiderako, eta neure autoritatea eta maila zure duintasunerako. Hori guztia da gizonak behar diona eskaini emakumeari.

CANDIDA (astiro-astiro): Eta zuk, Eugene? Zer eskaintzen didazu?

MARCHBANKS: Ahultasuna. Nora eza. Bihotzaren egarria.

CANDIDA (hunkituta): Eskaintza ona, Eugene. Orain badakit zeren arabera aukeratu.

 

Geldi geratu da txandaka bati eta besteari jakinminez begira, haiek aztatzen balebil bezala. Morellen berebiziko ziurtasuna beldur bihotz-erdiragarria bilakatu da Eugeneren eskaintza entzunda, eta larritasuna baretzeko indar guztia galdu du. Eugenek gorputz guztia atezu dauka, gihar bat ere mugitu gabe.

 

MORELL (ahots itoarekin: larriminaren sakonetik lehertutako deia): Candida!

MARCHBANKS (ahapetik, mesprezu-ukaldi batean): Koldarra!

CANDIDA (esanguratsu): Biotariko ahulenarena izango naiz.

 

Eugenek berehala harrapatu du esan nahi duena: aurpegia zuritu egin zaio altzairua labean bezala.

 

MORELL (kolapsoaren baretasunarekin burua makurtuz): Zure epaia onartzen dut, Candida.

CANDIDA: Ulertzen duzu, Eugene?

MARCHBANKS: O, galdua naiz. Ezin du zama astun hau jasan.

MORELL (sinesgogor, burua eta ahotsa zakartasun irrigarriarekin altxatuz): Ni esan nahi duzu, Candida?

CANDIDA (irribarretxo batekin): Eser gaitezen eta lasai hitz egin dezagun honetaz hiru lagunen moduan. (Morelli) Jarri, maitea. (Morellek, galdu samar, sutondotik hartu du aulkia: umeena) Ekar iezadazu aulki hori, Eugene. (Besaulkia adierazi du. Mutilak isilik dakarkio, are hoztasun indartsua agertuz, eta Morellen hurrengo kokatu du, Morell baino apur bat atzerago. Emakumea jarri egin da. Mutilak bisitarien aulkia hartu eta eseri da; ez zaio antzematen buruan zer darabilen. Denak jarrita daudenean emakumea hasi da, naretasun-unea eskainiz gizonezko biei, bere doinu bare, zuhur eta samurrari esker) Gogoratzen zara zer esan zenidan zutaz, Eugene: nola inor ez den zutaz arduratu zure inude zaharra hil zenez geroztik, nola zure arreba apain argiak eta anaia arrakastatsuak amaren eta aitaren kutunak izan ziren; zeinen zoritxarrekoa zinen Etonen; nola aitak Oxfordera gogoz kontra itzultzera behartu nahi zintuen; nola bizi behar izan zenuen ez erosotasunik, ez ongietorririk, ez aterperik ez zenuela, beti bakarti, eta ia beti higuindua eta ulertu gabea, mutiko gizajoa!

MARCHBANKS (bere bizimoduaren zintzotasunari leial): Neure liburuak dauzkat. Izadia daukat. Eta azkenik zeu aurkitu zintudan.

CANDIDA: Ez du axola horrek une honetan. Orain, honako beste morrosko honi begiratzea nahi dut: neure mutilari! Sehaskatik alferrik galdua bera. Hamabostean behin joaten gara bere gurasoak ikustera. Gurekin etorri beharko zenuke, Eugene, etxe horretako erregearen erretratuak ikusteko. James jaioberria! Haurtxorik zoragarriena! James eskolako lehenengo sariarekin, zortzi urte baino ez dituela! James kapitaina hamaika urterekin! James lehenengoz arropa luzeekin! James mota guztietako egoera loriatsuetan! Badakizu zeinen indartsua den (espero dut minik ez dizula egin)... zeinen argia den... zeinen zoriontsua. (Gero eta serioago) Itaundu Jamesen amari eta hiru arrebei zenbat kostatzen den indartsua, argia eta zoriontsua izatea ez den beste eginkizun guztietatik James salbu uztea. Itaundu niri zenbat kostatzen den Jamesen ama eta hiru arrebak eta emaztea eta gure umeen ama, dena batean izatea. Itaundu Prossyri eta Mariari zeinen nekagarria den etxea, tipulak zuritzen laguntzeko bisitaririk ez dugunean ere. Itaundu James kezkatzera eta bere sermoi ederrak hondatzera etortzen diren dendariei nork botatzen dituen kanpora. Dirua eman behar denean berak ematen du, dirua ukatu behar denean neuk ukatzen dut. Berarentzako erosotasun eta asetasun eta maitasunezko gaztelua eraiki dut, eta begirale egoten naiz ardura txiki arruntek eragotz ez dezaten. Neuk bihurtu dut hemengo nagusi, berak ez badaki ere, eta, orain dela gutxi, horretara nola heldu den azaltzeko gai izan ez den arren. (Ironia gozoarekin) Eta pentsatu duenean zurekin joan nintekeela, bere kezka bakarra zen... zer gertatuko ote zitzaidan niri! Eta ni geratzera tentatzeko zer eskainiko eta (aurrera makurtuz esaldi bakoitzean ilea laztanduz orrazteko), bere gogortasuna ni aldezteko! Bere artea nire bizibiderako! Bere duintasuna nire mailarako! Bere... (geldoago) ai, zure berba-sail ederrak nahasten ari naiz eta lardaskatzen, ezta, laztana? (Masaila maitagarriro jarri du senarrarenaren kontra).

MORELL (guztiz azpiratuta, emaztearen aulkiaren ondoan belaunikatu eta mutiko baten tolesgabetasunarekin besarkatuz): Dena da egia, hitz bakoitza. Naizena egin nauzu eskuen lanarekin eta bihotzeko maitasunarekin. Emaztea zaitut, ama, arreba: nireganako maitasun-ardura guztiak biltzen dituena.

CANDIDA (senarraren besoetan, irribarre eginez, Eugeneri): Zuretzat ama eta arreba naiz, Eugene?

MARCHBANKS (higuin-keinu gogor batekin jaikiz): A, sekula ere ez. Banoa, orduan, gau ilunera!

CANDIDA (bizkor jaikiz): Ez zara joango horrela, Eugene?

MARCHBANKS (gizon-ahotsaren —ez mutilaren— doinua hitzetan): Badakit zer ordu den jotzen duenean. Luze iritzita nago egin behar dena egiteko.

MORELL (dagoeneko zutik): Candida, ez utzi burugabekeriaren bat egiten.

CANDIDA (ziurtasunez, Eugeneri irribarre eginez): O, ez dago beldurrik. Zorionik gabe bizi izaten ikasita dago.

MARCHBANKS: Ez dut zorionik nahi aurrerantzean: hori baino prestuagoa da bizitza. Erretore James: esku-beteka ematen dizut nire zoriona; maite zaitut maite izan dudan emakumearen bihotza bete duzulako. Agur. (Aterantz doa).

CANDIDA: Azken hitz bat. (Mutila gelditu egin da, baina emakumearengana bihurtu barik. Candida hurreratu zaio) Zenbat urte dituzu, Eugene?

MARCHBANKS: Munduak dituen beste, dagoeneko. Gaur goizean hamazortzi nituen.

CANDIDA: Hamazortzi! Egingo didazu, mesedez, olerkitxo bat emango dizkizudan esaldi biekin? Eta egingo duzu promes nitaz pentsatzen duzun bakoitzean berriro esango dituzula?

MARCHBANKS (mugitu gabe): Esazkizu esaldiak.

CANDIDA: Hogeita hamar ditudanean, berak berrogeita bost. Hirurogei ditudanean, berak hirurogeita hamabost.

MARCHBANKS (emakumearengana bihurtuz): Ehun urtetan adin bera izango dugu. Baina hori baino sekretu hobea daukat bihotzean. Utz iezadazu orain alde egiten. Gaua kanpoan aurrera doa eroapenik gabe.

CANDIDA: Agur. (Aurpegia hartu dio eskuekin, eta, mutilak asmoa igarri, eta belauniko jarri denez, muin egin dio bekokian. Gero Marchbanks hegaz doa gau ilunean. Candida Morellengana bihurtu da, besoak eskainiz) A, James!

 

Elkar besarkatu dute. Baina ez dakite olerkariaren bihotzeko sekretua.