Jesu-Kristok aldareko sakramendu sainduan hazi nahi gaitu bere gorphutz sakratuaz, eta bere odol preziatuaz, horra zertako dagon gure aldaretan. Jainkoa ene janhari, Jainkoa ene edari dut. Nahi nau bazkatu, eta gizendu bere gorphutz sakratuaz, bere odol preziatuaz. Hala berak seguratzen nau: har zazue, eta jan zazue, hau da ene gorphutza, hau da ene odola; ene haragia da egiazki janhari, ene odola da egiazki edari; ni jaten nabenak komunionean bere baithan du bizitzea, ni haren baithan bizi naiz, eta hura bizi da ene baithan, ni ene Aitaz bizi naizen bezala, hura ere nitaz bizi da, ni jaten nabena, ene baithan dago, eta ni haren baithan nago; horra Jesusen hitzak, horra Jesusen erranak. Nahi du beraz komunionean egin gurekin alientziarik hertsiena, unionerik handiena, batasunik perfetena; ethorri nahi da gure ganat, ez aphur batetako bainan bethiko; egon nahi da gurekin sekulako; berekin bat egin nahi gaitu; gutaz, hunela erran badaiteke, harenbertze Jesus egin nahi du: gonbidatu nahi gaitu bere ganat: bere iduriko egin nahi gaitu: komunionean berekin gorphutz eta odol bere egin nahi gaitu. O amodio mugarrigabea! O karitate soberanoa! O samurtasun sobraniozkoa! Non da artzaina bere gorphutzaz bere arthaldea bazkatzen duena? Non da ama bere odolaz bere haurra hazten duena? Zu zare, Jesus, artzain ona, gu zure ardiak zure gorphutzaz neurritzen gaitutzuna. Zu zare, Jesus, aita samurra, zure umeak zure odol preziatuaz sasiatzen gaitutzuna. Nola asko estima dezaket egin darotazun emaitza handia! Nola asko adora zaitzaket, o ene Jabe soberanoa? Sustenga zazu, Jauna, ene izate guzia, ez dezadan pentsa, ez dezadan erran eta ez dezadan egin deus ere zure arabera baizen; egizu, o amodiozko Jainkoa, zutaz, zure baithan, eta zurekin bat egina bizi naizen bezala, zuretzat izan nadin oso-osoa.
III
Ez noizean behin, bainan maiz nahi gaitu Jesusek hazi komunione sainduan bere gorphutz sakratuaz, eta odol preziatuaz: hartarakotz dago egun oroz gure aldaretan: hartarakotz erraten daroku, bere plazerak ematen dituela gizonen umeekin izatean: hartarakotz bere burua ezarri du ogiaren eta mahats arnoaren idurien azpian: hargatik dio, haren haragia janhari dela. Desiratzen du beraz, gutaz maiz errezibitua izatea, ez erremedioa hartzen den bezala, bainan neurrimendua hartzen dugun bezala, maiz eta husuki. Ah Jauna! asko eta sobra ohoratua izanen nintzen zu bethi adoratzeaz. Nik igurikitzeko nuen grazia baino handiagoa eginen zinarotazun, urthean edo bizian behin ere zure burua niri emateaz, oraino zure xedea da, maiz haz nadin zure gorphutz sakratuaz; bizkitartean kontentatu naiz urthean behin zu errezibitzeaz; eta orduan ere nola? Menturaz bortxaz; menturaz munduaren errankizunen gatik; menturaz preparazione gutirekin; menturaz zure herran eta etsaikoan nintzelarik. Barkha datzu, Jauna, orai arterainoko falta guziak; indatzu zeronek nigar gozo eta baliosak, auhenda detzadan zure amodiozko sakramenduan egin darozkitzudan afrontuak; promes ematen darotzut egiaz eta izpirituz adoratuko zaitudala, maiz eta sainduki errezibituko zaitudala; egidazu grazia promes hunen konplitzeko.
BIGARREN MEDITAZIONEA
KOMUNIONEAZ
I
Handiak dire maiz komuniatzeko ditutzun arrazoinak. Helas! zure burua maite baduzu, maiz Jesus zure baithan errezibituko duzu. Zer zorion ez da zuretzat zure Jainkoaz husuki haztea, zure Jainkoa maiz zure bihotzean ostatatzea! Ohoratua zintezke zure Erregeren mahainean maiz jartzeko libertatea bazindu, eta beraz zer gloria, zer zorion ez da zuretzat errege guzien Erregeaz zure buruaren bazkatzea! Nolako onak eta ontasunak ez othe darraizko komunione saindu bati? Zer izanen da komunione husuaz? Komunione on batek phazegatzen eta flakatzen du gure pasione gaixtoen bizitasuna, ematen daroku Deabruaren tentazioneen kontra indarra, kontserbatzen eta berretzen du gure baithan graziaren bizia, finkatzen du fedea, borthizten esperantza, sustatzen eta hedatzen karitatea; hura da pena eta nahigabetan gure kontsolamendua, eta phizte glorios baten bahi preziatua. Zer ez du beraz Jesusek eginen gure arimetan fede bizi batekin, konfidentzia oso batekin, amodio khartsu batekin, humilitate egiazko batekin, saindutasun eta garbitasunekin maiz errezibitzen dugunean. Egizu experientzia, eta ikhasiko duzu zein on den maiz eta sainduki komuniatzea: kostuma dohatsu huntan behin ematen bazare lehenbiziko giristinoak bezala, zure dolore bakharra izanen da komuniatu gabe egun bat iragatea. Zure intentzionea da, o ene Salbatzaile maitea! maiz gure ganat ethortzea, eta arimako intresek ere hertxatzen naute husuki zure ganat joaterat; ethorriko naiz beraz maiz, eta aldi guziez bihotz xahu batekin; berthute guziez ene ahalaz berreginduko dut ene arima, gai izan dadintzat zu ostatatzeko, o Jesus ene amodioa, ene bizia, ene guzia! Zure graziaz efetuzko errenda zatzu oraiko ene deliberazione hauk.
II
Funsgabekoak dire komunione husutik gibelatu nahi zintuzketen atzekiak. Ez da konbeni, diote batzuek, mundupean bizi behar dena hain maiz mahain saindurat hurbiltzea. Zergatik ez? Zer bada komentuetan bizi direnak baizen ez dire Jesusez gonbidatuak? Mundupean dagoenak ez dezake bada higuin bekhatua, eta maita Jainkoa? Mundupean dagoenak ez dezake garbi kontserba bere arima? Lan, okupazione eta egiteko handiak ditut, dio bertze batek; eta nik diot, beraz maiz komuniatu behar duzu. Zertako? Zure egitekoetan ongi joateko, zure lanak balios Zerukotz errendatzeko. Ez naiz, diozu finean, ez naiz asko perfeta hain maiz komuniatzeko, eta bada maiz eta sainduki komuniatuz ardietsiko duzu desiratzen duzun perfekzionea; mahain saindutik urrunduz ez zare perfetako bihurtuko; nor borthizten eta gizentzen da jan eta edan gabe egonez? Nahi badut gauza guziez balia naiteke, o ene Jesus maitea, zu errezibitzerat preparatzeko; bekhatu xoila da zure ganik urrun nazakena, ukho egiten diot orai beretik eta bihotzez, eta hasten naiz zuri jarraikitzen; garbi nazazu bekhatuaren notha guzietarik, indazu guzien gaineko higuintzarik handiena, eta zure ganako amodiorik khartsuena.
III
Maiz komuniatzeko ukho egin behar diozu bekhatu mortalari; ezen nihoiz ere ezin komunia dezakeguke bekhatu mortalean gure kondenazionetan baizen; ordean maiz, hala nola astean behin, komuniatu nahi duena izan behar da, ez ustegabeko, edo flakeziazko falta xumerik gabe, bainan bai bekhatu benialaren ganako afekzionerik gabe, erran nahi da, gaitzetsi higuindu eta aborritu behar dituela bekhatu benial guziak; ezen maiz Jesusen mahainean jartzeko, haren adiskide min eta maite-maitea izan behar da; beraz hari damu egiten dioten bekhatuen amodioa eta afekzionea gabe kausitu behar da: horra maiz komuniatzeko behar den disposizionea; eta nork gibela nazake hunen izatetik? Oraino desira khartsu bat izan behar dut Jesusen errebizitzeko, gose eta egartsu handi bat ene arima hartaz neurritzeko, gutizia handi bat hartaz bizitzeko, lehia handi bat haren ohoratzeko eta berthutean aitzinatzeko. Sobra galdetzen othe zait? Ez othe du bada merezi Jesusek niri eskatzen zaitan desira, egartsu, gutizia eta lehia saindu hura?
Ah! Jauna, lazo izatu naiz eta antsikabe orai artean, ez dut ezagutu ene burua, gutiago ezagutu dut zure ontasuna, bainan orai argitzen, orai atzartzen nauzu; nahi naiz baliatu zure samurtasunaz eta miserikordiaz, zu errezibitzeko maiz ene bihotzean, zu kontserbatzeko maiteki ene ariman.
MEDITAZIONEA
MEZAKO SAKRIFIZIOAZ
I
Ez da giristinotasunean deus ere mezako sakrifizioa baino errespetagarriagorik; han ofritzen da egiazki eta errealki Jesu-Kristo ogiaren eta arnoaren idurien azpian: kreatura guzien Kreatzailea, gizon eta Aingeruen Jauna, Zeruaren eta lurraren Jabe soberanoa bere Aitari zaio ofrendatua; behin xoilki gurutzearen gainean egin duen ofrenda egun oroz erreberritzen du aphezaren eskuez aldareen gainean. Gizonek eta aingeruek bere obrarik handienez, bere adorazionerik khartsuenez baino gehiago eta gehiago ohoratzen du Trinitate saindua mezako sakrifizio bakhar batek, zeren balio infinitu bat bai du hemen ofritzen zaioen Jesu-Kristok: bere burua imolatzen du Jainko-gizon hunek gure partez, izate soberanoaren adoratzeko, egin darozkigun nonbregabeko on eta ontasunez eskerren emateko, guk egin diotzagun ofentsa eta afrontuen barkhamenduaren galdegiteko, eta hain nezesario tugun grazia eta laguntzen eskatzeko. Horra zer hari den Jesu-Kristo aldareen gainean, eta hauk guziak egiten ditu enetzat, ene salbatzekotzat. Zer obligazione ez diot, zer errespetu ez diot zor? Nola egon behar nindeke Elizan mezako sakrifizioan? Nola unha naiteke, aldareetan ene Jesus dudanean? Nola luzegi kausi othe dezaket bethi laburregi iduritu behar zaitan denbora saindua?
II
Sakrifizio hunen handitasunaren araberakoak izan behar dire zure sentimenduak. Han zare lekhuko bezala, beraz han zer iragaten den jakin eta kontsideratu behar duzu. Han zure moldean aphezaren eskuez sakrifizioa ofritzen duzu, beraz sainduki han egon behar zare, beraz humiltasunekin eta errespeturekin meza entzun behar duzu, zure esperantza eta konfidentzia phiztu behar ditutzu. Han zure burua Jesusekin batean Aita Zerukoari sakrifikatzen diozu, beraz zure bekhatuak higuindu behar ditutzu, hetaz Jesusen izenean miserikordia galdegin behar duzu; hitz batez, Kalbarioko mendiaren gainerat bazindoaz bezala joan behar zare Elizarat meza entzuterat. Hortik juja zazu nolako debozionea, atentzionea eta errespetua galdetzen duen meza sainduak. Ikhus azu nolako kharrarekin joan behar zaren, nolako artharekin han egon behar zaren, zertaz han entretenitu behar zaren. Aingeruek berek ikharaz betherikako errespetu batekin adoratzen dute Jesus aldareen gainean, eta nola zu egon zaitezke errespeturik gabe? Helas, Jauna, aithortzen ditut mezako denbora saiduan egin ditudan huts guziak; enetzat ofritzen duzun sakrifizioan maiz berretu ditut urratu behar nituen bekhatuak, eta irritatu dut phazegatu behar nuen zure kolera; barkha dietzadatzu beraz ene hobenak, eta garbi zazu egun ene arima bere notha guzietarik.
III
Mezako sakrifizioa hain errespetagarria delarik arren, gutiak dire hari zor zaion ohorea ekhartzen diotenak. Nolako kharrarekin lehiatu othe zare meza entzuterat? Artha izan othe duzu, ahala zinduen guzian, sakrifizio hain errespetagarrian kausitzeko? Ez othe duzu pasatu astea oso-osoa lazotasun phuru batez meza entzun gabe? Eta han kausitu zarenean, nola egotu othe zare? Joan zare obligazionezko egunetan ere kostumaz eta usantzaz, ez fedeaz eta debozioneaz animatua. Jainkoaren adoratzen, Jainkoari eskerren ematen, Jainkoari barkhamendu eskatzen, Jainkoari grazien galdetzen enplegatu othe duzu bethi mezako denbora laburra? Hala behar zen; ordean hala egin othe duzu? Orhoitu othe zare non zinen, zertan zinen, eta zertako Elizarat joan zinen? Ez da egia miletan, zure izpiritua barraiatua, egon zarela, alde guzietarat beha egon zarela, postura imodest batean egon zarela, Jesus aldareen gainean zena ahantzirik, sahetsekoekin solhasean egon zarela? gorphutzez Elizan, izpirituz kanpoan; belhauniko lurrean, gogoz munduko egitekoetan; arrosarioa, edo liburua eskuan, eta bihotza konpainietan okupatua; ez nola meza entzunen zinduen, bainan ea noiz, zein laster meza akhabatuko zen. Ez othe da hau izatu zure meza entzuteko moldea? Ez othe zare bethi hunelako izatu? Menturaz joan zare Elizarat, ez Jainkoaren adoratzerat, bainan hunelako edo halako presunak, bertzetan errexki ikhusiko ez zintuenak, han ikhusterat, eta hetaz ikhusia izaterat. Hargatik menturaz arrimatu zare, eta aphaindu idola bat bezala. Ahalkatzen naiz, Jauna, orhoitzen naizenean Elizan mezako denboran egin ditudan huts handiez, guziez miserikordia galdetzen darotzut, promes ematen darotzut hemendik harat ahal bezain maiz meza entzunen dudala, eta ahal bezain sainduki han kausituko naizela.
MEDITAZIONEA
JAINKOAREN MISERIKORDIAZ
I
Guziz handia eta hedatua da Jainkoaren miserikordia. Sofritzen ditu bekhatorosik handienak; bere ganat deitzen ditu gaixtaginik errebelenak; gonbidatzen ditu ihesi dabiltzanak, barkhamendua prometatzen diote bere etsaiei; oihuz dohakote, eta besoak hedatzen diotzate galtzerat dohazinei; berak eskatzen diote berak eman bihotza; eta behin, bietan, hiruetan gorraena eginik ere, ez da gibela joaten: hark gu ofentsatu bagintu bezala, gure xerkha dabila; bilhatzen gaitu, gure beharra balu bezala. Artzain ona bezala (edo ez othe da bera artzain hura?) gu errebelatuen ondoan abiatzen da, ez du guphidesten nekhea eta izerdia, ez ditu kondatzen urhatsak; eta kausitzen gaituenean, bozkariatzen da, maiteki ematen gaitu bere sorbalden gainean, gidatzen gaitu bere heirat, eta ezartzen gaitu bere ardi leialen, bere adiskide minen herrunkan. Zeru guzia alegrantzietan da; plazer gehiago da, Aingeruen artean, bekhatore konbertitu batez, ezen ez bethi prestutasunean egotu diren lau-hogoi eta hamar justuz; eta seme prodigoak bere falta aithortzean, haren aitak izatu zuen bozkarioak erdizkara bezala ezagut-arazten daroku, Aita Zerukoak, gu humiliatuak bere aitzinean ikhusteaz, duen plazera. O Jainkoaren miserikordia mugarrigabea! O amodiozko gaindidura ezin konprenituzkoa! Eta nola nagoke bekhatuan! Nola momento batez ere luza dezaket bekhatutik atheratzea! Baliatuko naiz, Jauna, zure deitze ezti, gonbidatze amultsuez; damu dut ene luzamendu eta eskergabetasun guziez, utziko dut bekhatua, eta itzuliko naiz zure ganat ene bihotz guziaz.
II
Zure bizitze pasatua examinatzen baduzu, Jainkoaren miserikordiaren efeturik miragarrienak zure baithan kausituko ditutzu. Nolakoa izatu zare haurtasunetik lekhora? Nolakoa gaztetasunean? Zer egin duzu kausitu zaren lekhu eta enplegu diferentetan? Helas, zenbat bekhatu handi gogoz, zenbat hitzez, zenbat obraz, zenbat neglijentziaz! Zenbat bertzeei eragin othe diozute zure arinkeriez, zure aire libroez, zure dosteta ergelez, zure kantu imodestez! Nork kondatuko ditu zure falta guziak! Nork ezagutuko du zure zaurien handitasuna! Nork zundatuko ditu zure bihotzeko gaitz zaharrak! Nola zare oraino munduan! Nola ez othe zare Ifernuan! Orduan hil bazine, non izanen zinen orai? Errazu. Helas! damnatuen artean, Deabruen baltsan, erreprobatu guzien konpainian. Nork beiratu zaitu hain zorte izigarritik? Nork bada? Jainkoaren miserikordia handiak. Estatu dohakabe hartan ere zenbat aldiz ez zaitzu mintzatu Jainkoa bere inspirazione sainduez, bere ministroez, eritasunez, zure lagun gaixtaginen heriotzeaz, edo bertze batzuen konbertsioneaz: hauk guziak maite zintuen, eta salbatu nahi zintuen Jainkoaren boz batzuek ziren. Hauk guziei gorraena egin diozute. Hartu duzu maiz konbertitzekko desira, deliberatu duzu bekhatua utzi, bizitzea ganbiatu behar duzula; ordean bethi ber-bera egon zare; merezi zinduen beraz Jainkoaz abandonatua izatea, halarik ere egun berri-berritan deitzen, herxatzen zaitu. O miserikordia, ala zure handia! Norat nahi den beha dezadan, guzietan ez dut ikhusten zure ontasunik baizen. Zer laiteke nitaz, oraino uzkur banindago, oraino gibela banindago? Ez, Jauna, orai beretik heldu naiz zure ganat, orai beretik probotxatu nahi naiz hain arraiki eta jeneroski ofritzen darotazun miserikordiaz. O Jesus guziz urrikalmendutsua! ene bekhatuek ikharatzen naute; bainan zure izenak berak animatzen nau; bekhatoros naiz, eta bekhatorosik dohakabeena; bainan zu ene Salbatzailea zare.
III
Jainkoari afronturik handiena egin zinozoke, dudatzen bazindu haren miserikordiaz. Zuk ofentsatu duzun Jainkoa ona eta ontasuna bera, leiala eta leialtasuna bera da; seguratzen gaitu, eta juramenturekin, ez duela nahi bekhatorearen heriotzea; ez da egundaino, haren baithan fidatu denik, galdu; eta ez, hura behartu duenik, laguntza gabe gelditu: Jainkoari damurik handiena egitea laiteke beraz, haren baithan ez fidatzea: hori laiteke Cain dohakabearen segitzea; hori laiteke zure bekhatu guziak baino handiagoko krima bat; hori laiteke odol hotzean damnatzea. Ah! diozu ordean, ene bekhatuak handiegiak, ene zauriak zahartuegiak dire, eta nihork ez du nik bezanbat eta nik bezalako gaixtakeriarik egin. Zure bekhatuak handiak dire; ordean Jainkoaren miserikordia handiagoa da. Zure zauriak zahartuak dire, eta nihork ez du zuk bezanbat, ez zuk bezalako gaixtakeriarik egin; zure bekhatu handiek obligatu behar zaituzte konfidentzia handi baten izaterat: plazerekin Jainkoak seinalatzen du bere miserikordia handia, eta, bekhatorosik handienei barkhatzean, ezagut-arazten du klarkienik bere bothere soberanoa. Nola sofritu zaitu, ofentsatzen zinduenean? eta nola ez darotzu beraz eginen agindu darotzun, eta eskatzen diozun miserikordia. Ala ene dohatsua, hain Aita onarekin egiteko izateaz! Ez duzu nihoiz ere ahantzi, o ene Jainkoa, zure haurra naizela, nik ahantzi arren ene Aita zinela. Heldu naiz, zuri ene falta guzien aithortzera, grazia eta miserikordia eskatzera. Orhoit zaite, othoi, zure promesaz, beha diozozu zure Seme maite enetzat gurutzean hilari, eta haren amoreak gatik barkha datzu ene bekhatu guziak.
MEDITAZIONEA
PERTSEBERANTZIAZ
I
Ez da asko deliberazione sainduen hartzea, edo konbertitzeko gutiziaren izatea; behar da egiazki bizitze giristinozkoa besarkatu eta segitu; inutil laiteke ere zenbait denboraz, zenbait urthez berthutearen pratikatzea, finerainokoan iraun behar du Jainkoaren amodioak: azken hatserainokoan irauten duen pertseberantziarik agindua eta emana zaio eternitateko khoroa! Zer probotxu da ongi hastea, gaizki akhabatzen bada bizia? Zer probotxu da ezagutzea Jainkoa, bekhatua higuintzea, berthutea maitatzea, denbora batetaraino, baldin biziaren finean Jainkoa ahanzten, berthutea uzten, eta bekhatua onhesten bada? Saul Erregea ongi hasi zen, Judas zenbait denboraz ongi zioen; ordean bata eta bertzea gaizki hil dire, damnatu dire. Zorigaitz harrek ernatu behar gaitu, hekien eta bertze hainitzen malurak zuhurtu behar gaitu. Zenbat aldiz ez duzu deliberatu oso-osoa behar zaizkola eman Jainkoari? gogotik lothu behar zaizkola zure salbamenduko egitekoari? zin-zinez behar zarela trabailatu Zerukotz? bizkitartean lan hau, hasi orduko, utzi duzu, gibelat joan zare, hartu zinduen bidetik aldaratu zare, zure bizitze zaharrerat bihurtu zare. Orai kondenatzen duzu zure laxotasuna; eta nolakoak izanen dire orai hartzen ditutzun deliberazioneak? hauk ere ahantziko eta hautsiko othe ditutzu? Ez, Jauna, ez naiz berriz bihurtuko orai auhendatzen ditudan bekhatuetarat, zure laguntzarekin fermu egonen naiz ene deliberazionean.
II
Deliberazione onak har-arazi darozkitzuten arrazoin berek obligatu behar zaituzte hekien atxikitzerat. Bekhatua utzi duzu zeren higuingarria dela ikhusi bai duzu; bada bethi bekhatua orobat izigarria izanen da, monstro hau Jainkoaren kontrako erreblota ingratasunez, eta intsolentziaz bethe bat izanen da; zertako ez duzu bethi aborrituko eta gaitzetsiko bethi aborrigarri den bekhatua? Menturaz, Jainkoaren justiziaren zorroztasunak, eta garraztasunak ikharaturik, hasi zare bekhatuari ukho egiten; bada Jainkoa bethi justutasuna eta zuzentasuna bera izanen da, bethi higuinduko du bekhatua eta bekhatorea, beraz bethi beldurtasun saindu hunek obligatu behar zaitu bekhatuari ihes egiterat. Menturaz Jainkoaren maitagarritasunen kontsiderazioneak obligatu zaitu haren maitatzerat; bada ez da sekulan jauna ganbiatuko, bethi ber-bera izanen da, guziz ona, infinituki perfeta, soberanoki ederra, mugarri gabe maitagarria, zure Aita, zure Nausia, zure Erregea, zure errekonpentsa: beraz bethi behar duzu maitatu, bethi behar duzu zerbitzatu; deusek ez zaitu behar separatu haren ganik: deusek ez du behar hoztu edo gutitu, hari zor diozula ezagutzen duzun amodioa. Helas! Jauna, ikharan nago zeren ezagutzen bai dut ene inkonstantzia; zuk ere ordean hura ezagutzen bai duzu, izan zaite ene sustengua; egizu iraun eta pertsebera dezadan zeronek ene baithan, sor-arazi ditutzun disposizione sainduetan.
II
Deliberazione onak har-arazi darozkitzuten arrazoinez bertze alde errexutako bekhatuaren beldurrak finkatu behar zaitu besarkatu zinduen bizitze sainduan. Zer laiteke zutaz bihurtzen bazine orai nigarrez garbitu ditutzun falta beretarat? Helas! zure ondoko estatua lehenbizikoa baino areago laiteke; ezen zerk bihur-araz othe zintzake, hain laxoki abandona zinezaken, Jainko-Jauna ganat? hagitz gaitza laiteke zure konbertsionea, errexutako bekhatuan orai, bai orai erortzen bazine. Lehenago zure bekhatuen eskusatzeko erran zinezaken, ez zinduela ongi ezagutzen hekien belztasuna, bainan orai ez zinduke eskusa hautarik batere. Jainkoaren miserikordiarik handienen efetuak errezibitu ditutzun egun hautan; beraz heldu bazine Jaunaren ofentsatzerat, ez da egia mezprezatuak laitezkela zutaz haren miserikordialren dohainak? Hautsi ditutzun Satanekin amarratua zindauzkaten gathe borthitzak; desarmatu eta bentzutu duzu borthitz-armatua; garaitu duzu zure arimaren tirano kruela; berriz bekhatuaz sar-araz bazineza zure bihotzean, helas! mutiriago eta nausiago han ego laiteke; bera baino gaixtoagoko zazpi Deabru harturik, zure ariman finka lezake bere egoitza dohakabea. Nola khen zinezake zure ganik? Ikhusten duzu beraz zein obligazione hertsia duzun fermu egotea hartu duzun bizitze berrian. O Salbatzaile amultsua! ahantz zatzu ene errexuta iraganak, finka zazu ene bihotzean errexutaren higuintza, eta indazu grazia oso-osoa zure zerbitzuan enplegatzeko ene bizi guzia: eta zuk, o Birjina saindua! ama guzietarik maitagarriena eta samurrena! ardiets diezadazu iragan denborarentzat urrikirik minena, presenteko leialtasunik handiena, eta ethorkizuneko deusek ezin inharrosiko duen konstantzia bat, egizu, o Ama maitea! ongi konpreni dezadan, saindutzen gaituen grazia hura dela ene artha guziak galdeiten dituen ontasun bakharra, haren gatze xoilak merezi detzakela ene auhenak eta nigarrak; bide hortaz eternitate guzian kantatuko dut Zeruan Jaunaren miserikordia eta zure ontasuna.
HAGONIAKO OTHOITZAK, LITANIAK
Jauna, duzun urrikari.
Kristo, duzun urrikari.
Jauna, duzun urrikari.
Andre dena Maria, hunentzat
othoitz egizu.
Aingeru, eta Arkanjelu guziak,
hunentzat othoitz egizue.
Abel saindua, hunentzat othoitz egizu.
Justuen gorthea, hunentzat othoitz egizu.
Abraham saindua, hunentzat othoitz egizu.
Jondoni Joani Baptista, hunentzat othoitz egizu.
Patriarka, eta Profeta guziak, hunentzat othoitz egizue.
Jondoni Petri, hunenzat othoitz.
Jondoni Paulo, hunentzat.
San Andres, hunetzat.
Jondoni Joani, hunetzat.
Apostolu, eta Ebanjelista guziak, hunetzat othoitz egizue.
Jaunaren dizipulu guziak, hunentzat.
Inozent saindu guziak, hunentzat.
Jondoni Estebe, hunentzat. Jondoni Laurendi, hunentzat.
Martir saindu guziak, hunentzat.
San Silbestre, hunentzat.
San Gregorio, hunentzat.
San Agustin, hunentzat.
Aphezpiku, eta kofesor guziak, hunentzat othoitz egizue.
San Benedikto, hunentzat.
San Frantzes, hunentzat.
Fraide, eta ermitau guziak, hunentzat.
Magdalena saindua, hunentzat.
Santa Lucia, hunentzat.
Birjina, eta Alhargun guziak, hunentzat.
Saindu eta Sainda guziak, hunentzat ararteko izan zaitezte.
Jauna, urrikal bekizu, eta barkha diozozu.
Jauna, urrikal bekizu, eta beira zazu.
Zure koleratik, beira zazu, Jauna.
Heriotzeko arriskutik,
Heriotze gaixtotik,
Ifernuko penetarik,
Gaitz guzietarik,
Deabruaren eskuetarik,
Zure Sortzeraren medioz,
Zure Gurutzearen, eta Pasionearen medioz,
Zure Heriotzearen eta Ehorztearen medioz,
Zure Phizte gloriosoaren medioz,
Zure Zeruetarat igate miragarriaren medioz,
Izpiritu kontsolatzailearen graziaz,
Azken judizioko egunean,
Bekhatorosak, othoi entzun gaitzatzu. Beira zazu, Jauna.
Huni barkhatzeaz othoizten zaitugu, arren entzun gaitzatzu.
Jauna, duzun urrikari.
Kristo, duzun urrikari.
Jauna, duzun urrikari.
Othoitza
Zohaz, arima Kristaua, ilkhi zaite mudu huntarik, zu kreatu zaituen Jainko-Aita guziz botheretsuaren izenean, zure gatik sofritu duen Jesu-Kristo Jainko biziaren Semearen izenean, zure gainerat isuria izatu den izpiritu sainduaren izenean; Aingeru, Arkanjelu, Tronu, eta Dominazione, Printzipatu, eta Potestate, Kerubin eta Serafinen izenean; Patriarken eta Profeten, Apostolu, eta Ebanjelisten, Martir eta Kofesoren, Fraide eta Ermitau, eta Birjinen izenean; arren bakean izan dadila zure lekhua, eta Parabisuko gloriaren erdian zure egoitza, Jesu-Kristo gure Jaunaren medioz. Halabiz.
Jainko urrikalmendutsua, Jainko ezti eta mantsoa, Jainko, zeinak, zure miserikordien nonbre handiaren arabera, urratzen bai ditutzu urriki egiazko bat dutenen bekhatuak, eta pasaturikako krimarik handienak egiten izatu ez balire bezala, urrikal bekizu N, zure zerbitzaria, eta arraiki beha zozu; ezagutzen ditu, eta aithortzen ere darozkitzu bere bekhatu guziak; bihotzaren erditik, helas! barkhamendu eske dagotzu; othoi, Jauna, entzun ezazu. Zeronek, o Aitarik samurrena, garbi diotzotzu, haragiaren flakezaz, edo Deabruaren tronperiaz, egin ahal izatu dituen huts guziak; eta zure odolaren gostuz erosi duzun menbroa junta zozu zure Elizaren gorphutzari: duzun konpasione, Jauna, horren marrazkez; urrikal zakizkote horren nigar minei. Zure miserikordian du xoilki bere fidantzia: errezibi zazu arren zure adiskideen herrunkan, Jesu-Kristo gure jaunaren medioz. Halabiz.
Gomendatzen zaitut (ene anaia, edo arreba maitea) Jainko guziz botheretsuari, eta haren kreatura zaren bezala, ematen zaitut haren eskuetan, arren, noiz ere, herioa ethorririk, naturari zor diozuna pagatuko bai duzu, bihur zaitezen, zu lurretik formatu zaituen, Autor bera ganat.
Zure arima beraz gorphutzetik ilkhitzean, aitzinera ethor dakiola Aingeruen tropa, hurbil dakizkitzula jujetzat jarriak daudezen Apostolu handiak; dathorzula oraino Martir gloriosoen armada triunfanta; ingura zaitzala Kofesoren gortheak; bozkariorekin errezibi zaitzatela Birjina garbiek, eta plaza zaitzatela Patriarken galtzarrean.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima lehenago Enok eta Elias gizonen heriotze komunetik beiratu zintuen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Noe uholde jeneraletik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Abraham Ur Kaldeakoaren eskuetarik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Isaak, Abraham bere aitaren eskuetarik, imolatu gabe, beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Lot Sodomako sutik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Moises Faraon Ejiptoko Erregearen eskuetarik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Daniel lehoinen putzutik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Susana, faltsoki akusatua zen krimatik, beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, David Saul Erregeren, eta Goliaten eskuetarik beiratu zinduen bezala. Halabiz.
Jauna, beira zazu zure zerbitzariaren arima, Jondoni Petri, eta Jondoni Paulo presondegietarik beiratu zintuen bezala. Halabiz.
Eta nola beiratu bai duzu Santa Tecla Birjina eta martir dohatsua hirur suplizio dorpheetarik, hala othoi beira zazu zure zerbitzari hunen arima, eta emozu Zeruko gloriaz gozatzeko grazia, Halabiz.
Gomendatzen darotzugu, Jainko handia, N. zure zerbitzaria, eta zu othoitzten zaitugu, Jesu-Kristo munduaren Salbatzailea, arren ez dezazun errefusa plazatzea Patriarken galtzarrean horren arima, zeinaren gatik hain amultsuki mundurat jautsi bai zare. Ezagut zazu, o Jauna, zure kreatura, ez Jainko faltso eta arrotzek, bainan zuk zeronek, o Jainko bizi eta egiazkoa, kreatua: ezen, Jauna, ez da zu baizen Jainkorik, eta nihon ere ez da zure obra handiak bezalakorik: bozkaria ezazu beraz horren arima zure presentziaz; ez orhoit leheneko horren bekhatuez; hek guziak gaztetasunaren fuliak, eta pasioneen suak egin-arazi diotza. Aithortzen du, Jauna, hoben handitan erori dela; bainan bederen ez ditu ukhatu eta arnegatu Aita, Semea, eta Izpiritu saindua, aitzitik Jainko gauza guzien Kreatzailea laialki adoratu du.
O Aita guziz eztia, ahantz zatzu horren gaztetasuneko huts eta ignorantzia guziak, eta, zure miserikordia handiaren arabera, zure gloriaren erditik hortaz orhoit zaite. Idek-otzu Zeruko portaleak, Aingeruekin bozkaria dadintzat. Zeruko armadaren manamendua merezitu duen Micael Arkanjeluak errezibi dezala horren arima: dathortzkotela aitzinerat Aingeru sainduak, eta eraman dezatela Zeruko gloriaren erdirat: han har dezala jondoni Petri Apostoluak, zeinari Jesu-Kristok eman bai diotza Zeruko gakhoak: lagun dakiola Jondoni Paulo, zeina izan bai da Kristo berak hautaturikako jarro berezia: hortaz othoitz egin dezala Jondoni Joani Ebanjelista Jaunaren Apostolu maiteak, zeinari konfidatuak izatu bai zaizko Zeruko sekretuak. Othoitz egin dezatela oraino bertze Apostolu guziek, zeinei eman izan bai zaie amarratzeko, eta laxatzeko podorea. Finean egin dezatela horrentzat othoitz mundu huntan harenbertze sofritu duten bertze Saindu guziek, arren, gorphutzetik horren arima separatzen denean, merezi dezan sartzea Zeruko glorian, aitzingidaritzat duela Jesu-Kristo gure Jauna, zeina bizi bai da, eta erreginatzen bai du Aita eta Izpiritu sainduarekin menderen mende guzietan. Halabiz.
FINA