Alfonso Maria Zabala

 

GABON GAU BAT
ETA BESTE IPUI ASKO

 

 

 

 

Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
 
Liburu gehiago eskuratzeko:
             
http://armiarma.com/liburu-e

 

 

 

 

 

Iturria: Gabon gau bat eta beste ipuin asko, Alfonso M.ª Zabala (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1962

 

http://klasikoak.armiarma.com/

 

Egileari buruzko informazioa:

       http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00570.htm

 

 

GABON GAU BAT
EUSKALERRIKO BASERRI BATEAN

 

 

I
TXOMIN URRETA

 

       Goian-bean euria perradaz bezela ari da; mendi tontor guztiak elurraz zurituak daude; artzaiak euren artaldeak aurretik dituztela zelaietara datoz. Abenduaren ogei ta laua da. Eguerri bezpera.

       Baserritar batzuek, euren diru-errentak eta kapoi gizenak nagusiai pagatu ondorean, erri aldera dijoaz. Eskuiko eskuan daramaten guardasol urdin eta galant bana, eta ezkerrarekin eltzen diote euren makillai, zeñak dakartzkien bizkarrean, eta zulo bat egiñik bakallau bana zintzilika. Au da nagusien erregaloa gau artan apaltzeko. Umore ona dakarte, ez ditu euri-jasak beldurtzen.

       Oen aurretik dijoa agure buru-zuri bat. Ez lioke iñork irurogei urte emango, alakoa da bere sasoia, alabaña, irurogei ta amarrean aspaldi igaro zan.

       —Txomin, —deitzen diote atzekoak—, zaude puxka bat, alkarrekin joango gera.

       Txomiñek begiratzen du atzera eta ezagututzen ditu bere erritarrak dirala, eta itxedoten die.

       —Arratsalde on Jainkoak dizula —esaten diote denak batean.

       —Baita zuei ere, mutillak.

       —Kanpo alde, Txomin, kanpo alde?

       —Bai; lan txiki bat banian, or, auzoan, eta eguna igaro diat nolerebait. Eta zuek errenta pagatzen? Ondo artu zaituzte  nagusiak?

       —Ondo artu gaituan? Arraiopola! Ez ginduan bada ondo artuko? Ez al diogu diru-talde txarra eraman! Ez du, ez, zer errenkurarik eduki. Zu, Txomin, orrelako lanik gabe bizi zera.

       —Aizak, nik ere nere gora-berak badizkiat, eta jakin nai badek, zor batzuek pagatzen izandu nauk.

       —A Txomin, Txomin! Zu gora zuaz, gora, ta gu berriz urteko errenta ezin konponduaz. Orain ere ekarri dezu zuk etxera erraiñ aberatsa, eta guri ez bezelako kukurruku jotzen dizu ollarrak.

       —Bai, motell, Jainkoari eskerrak ni ondo bizi nauk, baña gogotik lan eginda. Jakin zak: ni ezkondu nintzanean, Urretarenak milla dukat baño geiago zor zituan, eta uste diat, nere zor-artzekoak ortxe nunbait berdin izango dirala; ordea, ez dezute esango Txomin Urreta alperra eta jokalaria izandu danik.

       —Opa dizugu, Txomin zarra, opa dizugu zure zoriona, eta, ojala etxe-jaun guztiak zu bezin prestuak eta kristau onak balirake.

       Eta batek bat besteak bestea, sartu ziran euren erriko karrika nagusian.

       —Mutillak, —esan zien Txomiñek bere lagunai—. Gaur Eguerri bezpera dek, oraindik arratsaldeko irurak dituk geienaz, eguraldia ere otz-garbitzen ari dek, sar gaitean, bada, Martoloren trabenara; eta baldin zuen poltsak zimurtuak badaude zeren nagusiai eman diozuten azkeneko arditerañokoarekin, Txomin Urretak badik oraindik bost errealeko zar bat, eta arren ardoa erandakoan joango gaituk bakoitza bere etxera, makallau eta gaztaña erreak jatera eta sagardoz asetzera.

       —Biajun daizula, Txomin. Gaur gure sabelak ain gaizki ezpadira ere, zeren nagusiak bazkari ona eman digun, alaz guztiaz ere, estimatuko dizugu zure borondate ona; —eta Txomin aurretik zala sartu ziran ardantegian.

       —Kaxo, Martolo.

       —Kaxo, Txomin Urreta, konpañiarekin.

       —Ekartzak pitxar bat, baña urbagetik, oraindik zintzo gaudek, eta gañera, gaur ez dek ardorik bataiatzeko eguna.

       —Ez, Txomin, ez; gaur urak lodi dijoaz eta iñor ezin engañatu liteke. Ogirik bear dezute?

       —Ez, ez diagu goserik.

       —Zer modukoa iduritzen zaizute?

       —Au bai, au ardoa dek.

       —Zuen Joxepak oraintxe eraman ditu iru arrua; zuek baño gaizkiago norbaitek Eguerriak igaroko ditu; bazaramatzan gañera bakallau aundi bat eta bi bixigu.

       —Guztiak palta egingo ditek.

       —Asko biltzen al zerate apaltzera?

       —Gizona: etxean gaudek bi senar-emazte aldi eta morroi-neskameak, etorriko dituk ere Etxerberriko ama-alabak, eta etzekiat gure soldadua agertuko ote dan gaztigatu zigun bezela.

       —Martin esaten al dezu?

       —Bai, Martin.

       —A! Orregatik esan dezu Etxeberriko andre Mari eta Manuela apaltzen etxean dituzutela! Orain ere, zu, semea etxe aberatsean sartzera zoaz.

       —Baditek gizon baten premia, Martolo.

       —Bai, motz daude Etxeberrin gizon gabe.

       —Baña, gaur gure Martin ez badator, nere atsoa eta Manuela asiko dituk zizpuruz eta negarrez, eta bazekiat oiek gure umore guztia galdu bear digutela.

       —Oraindik ez dago zer esperantzarik galdu; zortziretan allegatzen da goitik datorren azkeneko trena, eta baldin an badator, bederatzi t'erdi edo amarretarako etxean dezute.

       —Jainkoari nai dakiola... Kobra zak, Martolo,... eta gabon.

       —Gabon, Txomin, konpañiarekin.

       —Agur, mutillak, zuek ortik eta ni emendik.

       —Eskerrik asko, Txomin Urreta.

       —Protxu on, protxu on eta beste bat arte.

 

 

II
URRETARENA

 

       Etzegoen urruti Urretarena, Txomiñen baserria, eta ala, oraindik egun argiz allegatu zan bere etxera.

       Andre Joxepa senarraren zai zegoan, eta sartu zan bezin laster atera ziozkan aste-egunetako soña eta oñetako legorra, esanaz:

       —Dena bustia etorriko zera, nere Txomin; alda zaitez, bada, katarro zarren batek garbitu baño lenago; oraindik badago zure palta gure etxean. Bada Martiñen berririk?

       —Ez al da izan kartarik?

       —Ez, nere senar maitea.

       Eta magalaren ertzarekin asi zan legortzen begietara zetozkion negar-malkoak.

       —Baña zeri negar egiten diozu, emakumea? Gaur gabean bederik ez ote zerate egongo negarrikan gabe?

       —A! Neri entzun balit buru gogor arrek, ez genduan orain orrelako penarik izango. Zortzi milla erreal gora bera, or izango giñan.

       —Ez bada neri kulparik egotzi —esan zion senarrak—; entzun zuan makiña bat aldiz ordekoa arkituko giñiola, baña, zer nai dezu? Berak etzuan gogorik dirutza ori guztia Gobernuak eraman zezan; eta joan bazan, or konpon bedi, bere gogoz joan zan.

       —Zorioneko gerrak, eta zorioneko erreboluzioak! —esan zuan andre Joxepak—. Bizitzaren erdia neri beintzat kendu dirate. Seme bat or galdu genduan azkenekoan, eta bestea nun dan eta nola dan ez dakigu Badajoztik Portugalera iges egin zuten ezkero.

       —Baña ez dakizu, Joxepa, andik itzuli eta Guadalajarako batalloian dagoala?

       —Bai, ordea ez dakigu an beste ainbeste egin zuten edo ez.

       —Zaude ixilik, emakumea, zaude ixilik, gaur negar egiteko gaua ez da ta; bestela batere apaldu gabe oera noa. Ez dakizu oraindik gaur etorriko dan ere, zortziretan omen dator azkeneko trena, eta estaziotik etxera ez ditu bi ordu igaroko.

       —Gizonen onerako gaur Belenen jaio zan aurtxo Jaungoikozkoak nai dezala nik emen ikustea!

       —Amen —erantzun zion Txomiñek, eta sartu zan sukaldean esanaz—: Gabon Jainkoak dizutela.

       —Baita zuri ere, aita; baita berorri ere, nagusi jauna, —erantzun zioten erraiñ Iñaxi eta morroi neskameak.

       —Su ederra daukazute?

       —Egunari dagokion bezela, aita.

       Eta ala zan izan ere; gurdi erdi bat egur igar egongo zan erretzen. Eta atzetik zintzilika zegoan pertz ori bat bakallauez beteta, beratu zedin; suaren aurrean ikusten zan berriz marmita aundi bat, eta aza zuriak bol bol egiten zuten. Iñaxi ari zan bixiguak garbitzen, Premiña neskamea iru tipula galant kazuela batera zeatzen bakallaua maneatzeko, eta Migel morroia gaztaña-morkotsak jaulkian anega bat kabituko zuan danbolin batera, eta etxeko nagusi gaztea orduantxe zetorren ukullutik kaiku bat esnerekin.

       —Prestamen aundiak dabiltzkizute, Iñaxi?

       —Urtean bein izaten da gabon, aita.

       —Egia; egun onek ori guztia merezi du.

       —Martiñen berririk, aita?

       —Ez, Iñaxi.

       —Ez ote zaigu agertuko?

       —Izan liteke.

       —Nik ez daukat esperantzarik —esan zuan andre Joxepak—; etortzekotan izkribatu bear zuan.

       —Ama, —esan zion Krixtobal bere semeak—, ez dezu bada esaten «esperantza» galdu zuana inpernura joan zala?

 

              —«Esperantzetan bizi, maite gozoa,

              noizbait kunplituko da gure plazoa»

 

—kantatu zuan Txomiñek, eta guztiak parreari eman zioten, baña Joxepak esan zion:

       —Bai, zu beti Gibel aundi; esan liteke Martiñez aztu zerala.

       —Ori dek —erantzun zion senarrak—; nunbait nik ez det izango biotzik.

       Iñaxik ere, bere amagiarrebak esperantza oso galdu ez zezan esan zion:

       —Nork daki, ama, ez ote zaigun oraindik gaur etorriko!

       —Aparia, beintzat, luzatu amarrak arte —agindu zuan nagusi zarrak—; azkeneko trenean badator garai ori bear du etxeratzeko. —Eta exeri zan aulki bat artuta suaren ondoan.

       —Nere emazte maitea, —esan zion Txomiñek andre Joxepari bi golpetxo sorbaldaren gañean emanaz—, ekarzu onera Martolonetik erosi dezun ortatik, barrendik eta kanpotik berotu gaitean.

       Bereala jarri zion aurrean kuartillo botilla bat, kristalezko edan-ontzi edo baso batekin eta zurrut bat egin ondoren esan zuan:

       —Aspaldian ez da sartu gure errian orrelako ardorik. Eta ardiak, Migel?

       —Denak bordan, jauna.

       —Eraman diek naiko zaldalea? Gaur oiek ere zelebra dezatela gabon-gabari dagokion bezela.

       —Bai, jauna, bai; ez dute zaldale eta pentsu faltarik.

       Onetan zakurra zaunkaz asi zan.

       —Zer du gure Pinttok zaunkaz?

       —Zer izango du? —erantzun zuan Kristobalek—. Asi dira gabonzaleak kantari, eta oiei zaunka egingo die.

       —Ez, Pinttok badik beste zerbait. Ua, Migel, zer duan zakur orrek, eta ezarri ezak katean norbaiti ozkaren bat egin ez dezaion.

       Irten zan morroia, deitu zion zakurrari eta jarri zuan katean, baña iruditu zitzaion atetik kanpora norbait zegoala, eta galdetu zuan:

       —Nor da emen? Eta zer nai dezute?

       —Pobreak gera, eta etxe-legorra nai genduke —erantzun zion urteetan aurreratutako emakume batek.

       —Atozte, bada, ikusi dezadan nor zeraten.

       —Ordea zakurrak beldurtzen gaitu.

       —Ez dizute ezer egingo, lotu det katean.

       Urbildu ziranean, ikusi zuan Migelek zirala ta emakume zar batzuek, mutiko kaxkar batekin.

       Sartu zan sukaldera eta esan zuan:

       —Nagusi jauna, senar-emazte beartsu batzuek mutiko batekin daude atean, eta gaur gauerako ostatua eskatzen dute.

       —Sar ditezela —erantzun zuan andre Josepak—; ez dakizu gure etxean etzaiola iñori etxe-legorrik ukatzen?

       Artu zuan, bada, krisellua morroiak eta argi egin zien sukalderaño.

       —Jainkoak gabon on bat dizutela —esan zuten sarreran.

       —Baita zuei ere —erantzun zuten denak.

       —Gau txarra darabiltzute?

       —Ez on ona —erantzun zuan gizon zarrak—. Oraindik iru orduko biajea genduan aur onen aitonen etxera, eta alde batetik gau otza ta illuna, eta bestetik berriz basa-bideak ikaratu gaitu; orregatik esan diot nere emazte Prantxiskari: «Begira: Txomin Urreta prestuaren etxean emango digute gaur gabeko ostatua, eta goazen ara, bidea galdu eta zer gertatu baño lenago». Eta ala etorri gera.

       —Ederki egin dezute —esan zion Txomiñek—. Iñoiz bada-ta, gaur da bidezkoai ostatua emateko eguna. Entzun izan diot gure erretore jaunari, gaurko gauaz ibilli zirala Joxepe ta Maria Belengo errian ostatu billa, eta etzala aietzaz iñor errukitu erri onetan aide asko bazituzten ere;

ala joan bear izan zutela erritik kanpora arkitzen zan estalpe batera, eta an jaio zala gure Salbatzalle Jesus, —eta kendu zuan buruko txapela—. Egin nai det bada kontu, aien izenean zatoztela gure etxera, eta ez bakarrik ostatua, baita ere apalduko dezute degunetik eta gero jantziko zaizute oe zuria.

       —Eta zuri, Txomin prestua, —erantzun zion Prantxiskak, begietatik esker onezko negar malkoak zerizkiola—, estalpe artan jaio zan Jaungoikoak pagatuko dizu guri egiten diguzun mesedea.

       —Nongoak zerate?

       —Aspaldi alkar ezagutu genduan, Txomin.

       —Nun?

       —Nun? Ez zera oroitzen nor zan Tomas Arrola?

       —Ai arraiea! Orainte oroitzen nauk... bai... bai... Tomas Arrola... Ai lagun! Ordutik onera urte asko on ta txar igaro dizkiagu.

       —Egia, Txomin. Neretzat, beintzat, azkeneko oek ez dira on onak izan.

       —Ordutik laster errira joango intzan.

       —Bai; eta an alkar ezagututa ezkondu giñan biok. Laster il ziran gure guraso zarrak, eta Jainkoak eman zizkigun bi seme. Bietatik bat gerran il zitzaigun. Gerra bukatuta gere basarri-lanakin ainbestean bizi giñan, baña, nolakoa zan gure zoria! Artzen du gelditu zitzaigun seme bakarra tipus gaizto batek eta ogei ta laugarren egunean Jainkoari kontu eman zion. Gure erraiña, Oñatiko alaba, aurdun gertatu zan, baña ainbeste gau galdu eta ainbeste pena igaro ondorean aurgite gaiztoa etorri zitzaion, eta egin zuan alaba eta ama zerraldo batean obiratu ditugu.

       Tomas Arrola onela mintzatzen zan bitartean, Prantxiskari negarra zerion, eta baita ere entzuten zeudenak arkitzen ziran oro kupiturik eta begietan malkoak ezin edukirik.

       Mutiltxoak batean aitonari bestean amandreari begiratzen zien bere begi urdin ederrakin. Andre Joxepari batez ere Tomas Arrolaren itzak biotza bi erdi egin zion, zeren oroitu zan berari ere gerra orretan il zitzaiola bere semea.

       —Orain goaz, bada, Oñatira —jarraitu zuan Arrolak—, bada gaztigatu digute erraiñ zanaren gurasoak, saldurik ditugun ganadu eta trasteak joan gaitezela aietara, eta zartzaroa alkarrekin igaroko degula, alkarri lagunduaz eta palta diranakatik Jaungoikoari erregutuaz. Ara Txomin, adiskide zarra, zerk ekarri nauen nere antziñako adiskidearen etxera.

       —Orrela dituk, lagun, mundu onetako gora-berak. Ez die, ez, gaizki esaten sermoigilleak gure bizitza gerra eta betiko burruka dala, eta mundu au negarrezko ibar triste bat. Baña legortu zaitezte, eran zazute txurrut bana eta laister aparia maneatuko ditek. Ea, Joxepa, oñetako legor batzuek oentzat.

       Andre Joxepak laster inguratu zituan artillezko galtzerdi eta alpargata batzuek Tomasentzat, eta arizkoak Prantxiskarentzat. Mutikoa, berriz, zituan abarka-mantarrak kendurik, gelditu zan oñutsik.

       Su galantaren ondoan exerita, gertaera zarrak kontatuaz, eta emakumeak aparia prestatzen ari zirala, etorri ziran bederatzi t'erdiak.

       Ordu artan sartu ziran ere Etxeberriko ama-alabak.

       Manuelak sartu zaneko begiratu zion andre Joxepari, galdetuaz bezela Martiñengatik, baña laster ezagutu zuan etzala oraindik arren berririk.

       —Badago guretzat lanik? —esan zuan gordeaz bere barrenean sentitzen zuan pena.

       —Ez, Manuela, gaur ez daukagu beste lanik apaldu baizik.

       Eta aulki bana artuik, eseri ziran andre Joxeparen ondoan.

 

 

III
GABON-ZALEAK

 

       —Gaur berandu datoz gabon-zaleak —esan zuan Txomiñek.

       —Ara or nun diran, aita, —erantzun zion bere seme Kristobalek.

       Eta ala zan egiaz, bada mutil-talde bat asi zan kantari ate kanpoan.

       Bozik onena zeukanak kantatu zuan lenengo, eta besteak erantzun zioten modu onetan:

 

              Agur, jente noblia,

              berri on bat dakargu,

              atentzioa eduki beza

              iñork aditu nai badu.

              Adan ta Ebak egin zuten

              paradisuan pekatu,

              gure neke-pena guztiak

              andikan ziran gertatu.

              Ikus zuan Jesus maiteak

              gizona oso galdua,

              Betiko Aitak asarraturik

              itxi ziola zerua.

              Orduan, bada, eskatu zion

              guretzat barkazioa,

              gurutzetikan emango ziola

              Berak satispazioa.

              Eskeñi zuan etorko zala

              gizona salbatutzera,

              gure kulpa ta pekatuak

              bere gañean artzera.

              Jesus emen da Salbatzallea

              munduak bear zuana,

              umil ta pobre larrugorrian

              datorkigu guregana.

              Ez du berezi jauregirikan

              mundura argitaratzeko,

              estalpetxo bat tellatu gabe

              arkitu du jaiotzeko.

              Egon zaitezte, kristau nereak,

              egon zaitezte sosegu,

              Jesus Belenen jaio da eta

              pozkidaz bete bear degu.

              Etxe ontako nagusi,

              itz oek ondo ikasi;

              limosna on bat ekarri beza

              baldin badegu merezi.

              Gabon ontxo bat igaro beza

              pamili guziarekin,

              beste bat arte, bagoaz orain

              zure limosna onarekin.

 

       —Ea, Iñaxi, jatxi zazu goiko aga orretatik lukainka on bat eta emaiezu gabon-zale oiei, bada guri ere orrelaxe eman oi ziguten oien sasoian.

       Artu zuan, bada, Iñaxik lukainkarik aundiena, eta eman zien ateak zeukan leiotik, eta joan ziran kantariak irrintzi egiñaz auzoko etxera.

       Etzuten ondo alde egin mutillak, nun sentitu zan berriz ere atean soñua, eta neskatxa-pillo bat asi zan kantatzen, baña soñu alegeregoan, eta oetan ere lenengo bozik ederrena zeukana. Ara nik entzun eta gogoratzen zaizkitanak:

 

              Belengo portalian

              Maria ta Jose

              aparia prestatzen

              orain ari dire.

              Nazaretik Belena

              oso nekaturik,

              asto baten gañean

              ikusi ditut nik.

              Astoa ta iria

              daude portalian,

              aurtxo bat jaiotzen da

              Gabon gauerdian.

              Belengo portaleko

              nere andre Mari,

              esan zaiezu nor dan

              aurtxo polit ori.

              Laztan bat emateko

              emaiazu neri,

              adoratu dezadan

              Jainko gizon ori.

              Atozte, artzaitxoak,

              atozte Belena,

              ikusiko dezute

              aurrik ederrena.

 

              Jainkoak gizonentzat

              biraldu duana,

              orrentzako daramat

              bildotsik onena.

              Nagusi jauna, ara

              bukatu kantuak,

              berri on  bana beza

              gure Jaungoikuak.

              Limosnaren zai gaude

              kanpoko atian,

              ori artuta gero

              beste bat artian.

 

       Oei ere eman zitzaien oitura zana eta joan ziran aurrekoen bidean panderoa joaz.

 

 

IV
MARTIN!!! MARTIN!!!

 

       —Bederatzi t'erdiak dira —esan zuan Txomiñek—; eman presa oraintxe apariari, Errosario santua errezatzen degun bitartean, eta baldin amarretako iñor agiri ez bada, apalduta, oera zarrak eta gauerdiko mezatara gazteak.

       Au esanarekin bat belaunikatu ziran geienak eta asi zuten Errosarioa; eta nolako debozioarekin! Batez ere andre Joxepak eta Manuelak etziruriten mundukoak, baizik aingerutxo batzuek. Manuelak zeuzkan eskuak gurutzatuta, eta Abe Mari bakoitzean jasotzen zituan bere begi beltz ederrak zerurontz, eta esan zitekean erregu bakoitza zala biotzaren erditik irtetzen zitzaion suspirio bat bezela, esanaz zeruko Erregiñari: «Nere Amatxo maitea, oroitu zaitez Martiñez!» Andre Joxepak, berriz, magalaren ertzarekin legortzen zituan noizik bein begietara zetozkion negar-malkoak. Bi emakume aiek leku batean zeukaten pentsamentua, Martiñengatik erregutzen zuten.

       Txomin, errosario aundi bat eskuetan zuala, bere buru zuriarekin, Aita gure eta Abe Mariak garboso errezatuaz zirurien Lege zarreko Aitalen bat.

       Tomas Arrola, bere emazte eta mutiltxoa, edozeñek esango zuan santutxo batzuek zirala.

       Kristobal, bere emazte Iñaxi eta neskamea ari ziran sukalde-lanetan; eta artzai Migel, danboliñari eragiñaz zegoan, eta noizik bein gaztañak egiten zituzten pin pun, zirt eta zart izugarriak. Etxeberriko andre Mari, bere alabaren ondoan belaunikaturik zirurien pazientziaren imajiña.

       Errosarioa bukatzearekin bat jarri zuan etxeko-andre gazteak maia zapi zuri batekin, onen erdian plater aundi bat, ertz batean sei librako ogi erre-berria, eta batean ta bestean labaña, kollara zurezkoak, ardo ta sagardoa eta dozen erdi bat edan-ontzi kristalezkoak.

       «Pekatari gaxoak Jaunagana biurtu ditezen Aita gurea...»

       «Etxe onetan palta diranakatik Aita gurea...»

       «Amabi Apostolu santuen onrarako Kredoa...»

       «Ama Birjiña Arantzazukoaren alabantzarako Salbea...»

       «Bedeinkatua eta alabatua izan dedilla Aldareko Sakramentu Santua...»

       Oek izan ziran Txomiñek Errosarioan esan zituan azkeneko erreguak; eta ziñatuaz altxa ziran denak eta bakoitzak artu zuan bere aulkia exeriaz maiaren ingurumarian.

       Eltzetik atera zuan Iñaxik burruntzali batekin olio-aza, erdian zegoan platera betetzeraño, eta etxeko nagusi zarrak sartu zuan lenengo bere kollara aza tartera, baña oraindik etzuan ondo bete nun asi zan zakurra, ez zaunkaz, baizik irrintzi edo garraxi egiñaz, eta katea ausi naiaz; esan zitekeala eze norbait ezagutu zuala, bada irrintzi aiek ziran barrengo pozak eta atsegiñak ateratzen ziozkanak.

       —Ezagutu al nauk, Pintto? —esan zuan norbaitek atean.

       —Martin!!! Martin!!! —deadar egin zuten denak batean sukaldean.

       Andre Joxepa eta Manuela joan ziran lenengoak illunpean eta itxumustuan atera, ez dakit nork zabaldu zion, baña zabaldu orduko ama-semeak besarkatu zuten alkar esanaz:

       —Ama!

       —Nere seme maite!

       —Manuelatxo kutuna!

       —Martin!

       —Esaten ziran nere biotzak emen izango ziñala.

       —Eta nik ere Errosario santua errezatzean artu det esperantza sendoa gaur emen ikusiko zaitudala.

       Sartu ziran sukaldean. Txomin etzan jaiki bere eser-lekutik.

       —Oraindik bizi zera, aita zarra? —esan zion semeak laztanduaz.

       —Bai, seme, bai, eta oraindik ere bizitzeko esperantza.

       Eta aita semeen begietatik irten ziran biña negar-malko galant, eta esan zuan Txomiñek:

       —Nere emaztea oraindik ez dek ordu asko esaten zirala nik biotza gogorturik neukala, eta ara nun ustez-uste gabean negar egin dedan. Ondo zeok, bada, seme, etorri aizenean, bestela etzekiat zer gabon-gau igaro bear genduan. Or zeokan ire ama aundi ori, Ama Birjiña Doloretakoa ziruriela, eta Manuela berriz, ezpañak zimurtuta esan zitekean okasio billa zegoala negar egiteko.

       —Zaude ixili, Txomin-koplas, orrelako gauzak esan gabe, —erantzun zion andre Joxepak, denak parre egiten zuten bitartean.

       —Zuek ondo zerate? —esan zien Martiñek puska bat sosegatu zanean bere anai, koñata eta gañerakoai.

       —Ondo, Martin; baña penaz geunden —erantzun zion Iñaxik—, zu palta ziñalako, eta ez genduan uste onezkero etorriko ziñala.

       —Ara, bada, ni emen.

       —Ken itzak, ken itzak, seme, praka gorri, txamarreta urdin eta buruko txano ori, bada ikustean ere etzirak onik egiten.

       Andre Joxepa eta Martin joan ziran gelara eta laster sartu ziran ostera sukaldean.

       Martin, mutil liraña, egokia eta galanta zan soldadu joan zanean, baña orain ala ere oso pinduta eta gizenago zegoan, ezpañaren gañean zeukan bizar-gorriak txit ederki ematen zion, etxean lagatako soña estuegi zeukan, eta txapela soldadu txanoa baño obeto zetorkion; batez ere Manuelak bere begi urgulluz betetakoak Martiñengandik ezin alderatu zituan.

       —Azi, edertu eta gizendu egin aiz, seme; ez dek soldadutzan ezer galdu —esan zion aitak.

       —Ama, eta zuri zer iduritzen zaizu? nolakoa dago zure Martintxu?

       —Apaltzak, apaltzak gizajo orrek, onezkero premian egongo aiz ta.

       Bereala Manuelak leku egin zion bere aldamenean, eta eseririk onen alboan asi zuten aparia.

       —Urte bete badek etxean egon bear uala, bear ez bezela asi ez baziñaten or kanpo alde oietan.

       —Aita, aita, uste dezu gu ala ibilli-zale giñala?

       —Zer burutazio izan zenduten, bada, ibilli ziñaten bezela ibiltzeko?

       —Guk? Geiago oroitzen giñan gu etxera etortzeaz; ordea gure nagusiak etzuten egon bear guziz kontentu, eta ardiak bordara bezela, ala eraman ginduzten nai zuten lekura.

       —Eta euskaldun asko ziñaten alkarrekin?

       —Bai; bagiñan makiñatxo bat.

       —Eta surik egin zenduten?

       —Ez, jauna; ez genduan kontrariorik ikusi ere.

       —Zer erabilli zenduten, bada?

       —Nik esango diot, aita.

       —Baña jan zak, Martin, —esan zion amak—, gero ere izango dek denbora, neri asko gustatzen etzaizkidan kontu oiek esateko.

       —Ari naiz, ama, ari naiz; eta zein gozoa dagoan bakallau-salsa au! Ezagun da, Iñaxi, koziñari ona zerala.

       —«Gose onarentzat ez da ogi beltzik», Martin, —erantzun zion Iñaxik.

       —Eta sagardoa? zer iruritzen zaik? —galdetu zion Kristobalek.

       —Ederretakoa, anai; banikan gogoa, gaztelauak burla egiten dioten erari onetatik bete bat egiteko.

       —Esan zak, esan zak, seme, zer gertatu zitzaizuten dalako toki oietan? —galdetu zion aitak.

       —Igaro dan Agorren kunplitu da urtea. Goiz batean, eguna zabaldu baño ordu betez lenago, ixiltxorik eta batere ixkanbillarik gabe esnatu ginduzten sarjentoak, esanaz, jaiki eta bakoitzak bere morral eta armak artu eta presta gindezela martxarako; egin genduan ziotena, eta aien esanak aditu besterik ez genduan guk egin; ala, izan giñan estranjerira eramanak; eta estranjerian, ere, erri batetik bestera.

       Guk genduan Konpañian Zegamako sargento segundo bat, Ibarreta zeritzana, mutil prestua, azkarra eta eskoladuna; au etzan ezertan sartu naspilla artan; bildu ginduan, bada, euskaldun guztiak, eta esan zigun: mutillak, salduak arkitzen gaituk; bearrik egiten ez badegu, etziok emen ezer guretzat; neri jarraitu nai badirazute, uste diat lana arkituko dedala; eman dezagu, bada, aditzera alde guzietan euskaldun prestu eta langilleak gerala, eta ez gaituk galduko; memorial bat sartuko zioagu Españiako Gobernuari esanaz zer gertatu zaigun eta uste diat laster itzuliko gerala malamentean laga degun gure erreinu maitera.

       »Etzan euskaldun bat bakarra gelditu sarjentoaren arrazoiai ondo iritzi gabe. Gure zorionerako etorri zitzaigun ere, erri artan arkitzen zan Españiako bize-konsula, eta onek, ez bakarrik billatu zigun lana, baita ere eskeñi zigun berak iritxiko zigula Gobernuagandik ostera itzultzea, eta batere kastigu gabe beste batalloi batean gure serbizioa prestatzea.

       »Lau illabete justuak igaro genituen alde aietan, eta oroituko zerate nola izkribatu nizuten Españiara etorri nintzala, eta Guadalajarako batalloian soldadu negoala.

       »Uste nuan baño urte bete geiago egon bear izan det etxetik kanpora, baña azkenean ere, Jaunari eskerrak, osasunarekin etorri naiz, nere guraso zarrak, nere pamili eta nere Manuelatxo ikustera.

       »Ara emen, etxekoak, gure gertaerak. Dijoala nai duana soldadu, ni beintzat ondo aspertua eta asea nator soldadutzatik.

       —Soldadua! —esan zuan andre Joxepak—. Amaren seme sobradua!

       —Egia dio, ama, esaera zarrak.

       Ontan apaldu zuten; amaika t'erdiak ziran eta esan zuan Txomiñek:

       —Ea; gu zarrak joango gera bakoitza bere txokora, eta zuek berriz, gazteak, zoazte eta guaerdiko meza entzun zazute.

       »Arrola, oa i ere oera ire emazte eta mutikoarekin; atsegin artuko diat egun oek gurekin igarotzen badituk, bada nere etxean adiskide zarrentzat ez dek ogirik eta borondate onik palta.

       —Milla esker, Txomin; Oñatin guri zer gertatu ote zaigun beldurrarekin egongo dira, eta bigar goizean lenengo meza entzunta bideari ekin bear diogu; baña eskeintzen dizut etorko naizela berriz ere, bizi banaiz, zuek ikustera eta nere antziñako kabo purrielarekin egun batzuek igarotzera.

       —Nai dekan guztian, Arrola. Aizak, emen ikusten ditukan bi gazte oek laster ezkonduko dituk, eta ator ezteietara.

       —Gusto aundiz. Emen izango naiz egun artan.

       Manuelak azkeneko itz aiek ez aditu egin zituan, eta arpegira irten zitzaiozkan kolore gorriak iñork ikusi ez zetzan, itzulita manteliña ipintzen asi zan. Martiñek etzuan orrelako malizirik izan; bada mundu guzia oartu zan arren arpegia geratu zala gerezi gorri bat bezela.

       Joan ziran, bada, gazteak mezatara, ta zarrak, oraindik ere itz aspertu bat egintakoan, ondo berotu ondorean, amabi t'erdietan oean sartu ziran.

 

* * *

 

       Urrengo urteko Gabon gabean bildu ziran Txomin Urretaren baserrira iru senar-emazte aldi. Martin eta Manuela ziran ezkonberriak eta Etxeberriko nagusi-etxekoandra gazteak.

       Onela jarraitzen dute oraindik ere, onraduak, prestuak, kristau onak eta zorionekoak izanaz.

 

Alfonso Maria Zabalakoak

 

«Euskal-festak Donostian – OROIMENGARRIA – 1887».

 

Euskal-Erria, XXI, 1889

 

 

NEGUKO ARRATSETAN
SU ONDOAN KONTU KONTARI

 

 

ZEGAMAKO SAKRISTAUA ETA ONTZA

 

       —Auxen da langitea egiten diguna ontzak —esaten zion bein batean Zegamako sakristauak bertako erretore jaunari.

       —Zer gertatzen dek ba?

       —Zer gertatzen dan? Gauero gauero jatxitzen da ontza bobedatatik, eraten du olioa, eta dago eliza illun, eta argi bage Sakramentu santua.

       —Kuisidadea dek orixe ere. Esan diat len ere milla bider, tiroz botatzeko ontz deabru ori, baño ire tema dala mediante, zeukagu geienean Sakramentua argi bage, eta oliotan bakarrik berriz malkarrot eragingo diok elizari; gaur gauean bada, egon adi elizan arma artuta bai, eta ontza datorrenean tiroz bota zak.

       Esan da egin; badago gure sakristaua, badator ontza gau erdi aldera, eta jartzen da lanpara gañean; orduan, kaskabela baño pozikago, jasotzen du arma, bañan ontzakin batera artzen du apunterian aldare nagusian zegon gurutzea.

       Etzion tiratu nai iñondik iñora gurutzeari, eta asten zaio korutik eskukin keñu egiñaz, eta esanez:

       —Txit, txit, alde egin beza, alde egin beza.

       Bañan kasorik ere etzion egiten gurutze santuak, eta ontzak iges egin etzegion, tiratzen du, eta tiroaren otsakin ikaraturik badijoa ontza bere zulora eta Santo Kristoak jotzen du lurra.

       Joan zan sakristaua iñozoa zer geratu ote zan,eta Jesus gurutzefikatua milla txiki egiñik ikusi zuanean, esan omen zion begietatik negarra zeriola:

 

              Nere Jesukristo Jauna,

              Zeuk ere kulpak ba'ituzu,

              gizona koleran ikusi ezkero,

              zertako aldegin eztezu?

 

Zegamakoa ez dan batek

 

Euskalerria I, (1880)

 

 

EPERRAK AZATAN

 

       Pim... Pum... Pam...

       —Aitona?

       —Zer bear dek?

       —Orain ere, lengi iru eiztari aiek atera dituzte eperrak.

       —Begira deiegun bada nun gelditzen diran... ikusi dituk?

       —Bai jauna.

       —Bakoitzak bana bota dituzte.

       —Eiztari bikañak dituk oiek.

       —Bai, gaur beintzat dozena bat eper bota dituzte.

       Soroan, arta-biltzen zebiltzan aitona-illobak; azkeneko itz auek esan zituzten bezin laister, eiztari aietako batek deadar egin zuan, esanaz:

       —Txomin, Txomin, ikusi dituzute eperrak zein aldetara egin duten?

       —Bai, jauna, —erantzun zion Txomin zarrak—. Bi gelditu dira Amiñao barreneko soro-muñoan, beste iru sartu dira Irutxetako txara-sakonean, eta besteak berriz Egurtzeko gaztañari goenera egin dute.

       Andik bereala jatxi ziran Txomin eta bere illoba arta-biltzen ari ziran sorora iru eiztariak, bi txakur ederrekin, eta aietako batek, egun onak eman ondoren, esan zuan:

       —Kaxo, Txomin zaarra: oraindik ere badago sasoia lanerako?

       —Zer egingo degu, jauna? Ez du edozeñek larogei ta amabi urtetan soroan lan asko egingo.

       —Egia, Txomin. Eta... —arta-urte ona dezute aurten?

       —Ainbestekoa, jauna. Jaungoikoa ez da gutzaz aaztutzen. Aurtengo urtea baño txarragoak izaten dira.

       —Gaztañak daukate beintzat itxura ona.

       —Oso ona, jauna. Zegamako baserritarra, artoa eta gaztaña izan ezkero, ondo da, nolabait urteari bultz egiten dio.

       —Bai, ala da; emengo nekazariak baño bizio geiago ez baluke iñork, zuek bezin zintzoak balirake beste Euskal-Erriko langilleak, ez lirake Amerika alde oietara joaten diranak joango.

       —Zer nai du, jauna. Jende alper eta seme gaizki azi asko dago orain bazterretan: gañera berriz andik etortzen diran gizon gezurti batzuk, sinitu eragiten die, an, urrea, paladaz biltzen dala, eta badijoaz zentzu bagen gisa beren guraso aide eta lur gozoak utzita, aberatsuko diralako ustean, eta an izan dan Altzukango Martolok dionez, badaude zenbait euskaldun pozik etorriko lirakenak, ontzia nork pagatua baleukate.

       —Arrazpo daukazu, Txomin; atzerriko soñua obea dala uste dute, eta zuk diozun bezela, aruntza joaten diranean ikusten dute zeñen garratza dan kanpoko ogia, bañan utziogun itzbide oni, eta artu zazute aragi puska bana eta eran zazute Mendigorriko, illak piztutzen ditun ardo zar ontatik.

       Batere kunplimentu bage, artu zuan Txominek, eskeñi zioten bota-ardoa, eta aragi eta ogi zati bat jan ondoren, eta esanaz lenbizi eman zionari «berorren osasun onerako» eta erantzunik «protxu on deizula», egon zan ordu laurden batean Aizkorriko gurutzeari begira.

       Iru eiztari aietako bat zan donostiarra, eta agure zarrak bota jatxi zuanean, esan zion:

       —Ala zankoa! Ori da eztarria, aitona. Gaba izan balitz, usteko nuen izarrak kontatzen ari ziñala, edo loak artu zinduela.

       —Ez, jauna; badaki zer gertatu dan: nik Aizkorriko gurutze santuari txit jaiera aundia diot, eta bota jaso dedanean, nere begiak uste bagean ango ermita ikusi dute, eta nere artean kredo batzuek errezatzen egon naiz.

       —Denbora alferrik ez igarotzeagatik? —erantzun zion donostiarrak.

       —Ori da, jauna.

       —Ea bada illobak orrelako jaierarik dion gurutze santu orri?

       Eta arturik eskuetan, baldin aitona luze egon bazan, etzan laburrago egon illoba, ala moduz eze, pikea bai, bañan beste gauzarik etzan gelditu, len ain ondo beteta zegon otxabako botan... baña mutil gaztea joan zan saltoan Otzartera, eta andik ekarri zuan beteta, lengoari inbidirik etzion ardoz.

       —Txomin; esan bear diguzu, zure illoba Otzartetik datorren bitartean, zer gertatu zitzaizun Zegamako erretoreari eramaten zizkiozun eperrakin, nere lagun auek aditu dezaten zure aotik.

       —Bai, jauna. Lenago're bost aldiz kontatu diot, bañan esango diot berriz ere.

       «Bada gutxiena irurogei urte. Orain daukagun erretore jaun onen aurrekoaren aurrekoa, zan txit mokau on zalea. Nik arrapatzen nitun eper guztiak arentzat izaten ziran, bañan sekulan etzidan ematen lau kuarto, kuartillu bat ardo erateko (bada garai ortan, lau kuartoan saltzen zan Naparroako ardorik onena). Ia ernega egiñik negon, bada polborak eta perdigoiak eramaten zituzten nik ardotan gastatu bear nituan txanponak.

       »San Migel egun batean, arrapatu nituan bi eper, bialdu nion (Jaungoikoak zeruan gertatu dezan) nere emazte Prudentxi zanarekin. Etorri zan etxera, eta esan nion:

       »—Prudentxi! Gaur beintzat ondo bazkalduko zenduan? Erretore jauna beste egunetan bezela, etzan portatuko bere egunean?

       »—Bai —erantzun zidan gaxoak—. Ona da errotaria, emateko artoaren lekuan garia; irten zait neskame zipotz eta prestu-ez ura, bere erbi-iñudearen lepo luze arrekin, eta eskerrik asko esanakin itxi dit atea eta bialdu nau etxetik.

       »Orduan esan nion asarratuta:

       »—Egon diteke ba seguru erretore jaun ori ez duala geiago jango nik arrapatutako eperrik.

       »Ez nion bada geiago bialdu.

       »Urrengo urteko uda azkenean, soro ontantxe arta-biltzen ari nintzala, ikusi nuangure erretorea, arma bizkarrean artuta zetorrela, eta bide-goen ortara allegatu zanean esan zidan:

       »—Jaungoikoak arratsalde on, Txomin.

       »—Ala diola berorri ere —erantzun nion.

       »—Eta, ez al dek eperrik arrapatzen?

       »—Bai, jauna, aurten iñoiz baño geiago.

       »—Zer egiten diek bada?

       »—Azatan egosi-ta jan, jauna.

       »—A deabru tontoa! Orixe dek bada gauza alperrik galtzea.

       »—Ez, jauna, ez —esan nion bekozkoa beltz beltz eginda—. Berorren etxera eramaten nituan aiek alperrik galtzen ziran, bañan orain, gure etxeko azak jaki onekin ederki gozatuta jaten ditugu.

       »Erretore jaunak, itzik erantzun bage alde egin zuan bidetik, eta andik egun batzuetara bialdu zidan txerri laurden bat, eta orduan ezagutu nuan damuturik zegola, eta asi nintzan ni ere eperrak bialtzen; eta sekulan ordu ezkero, etzidan utzi zerbait ondotxo eman bage.

       »Ara bada kontatu berorri ainbeste gustatzen zaion eperran kontua».

       Atsegin artu zuten iru eiztari aiek Txominen gertaera onekin, eta nola ordurako allegatu zan onen illoba Otzartetik, berriz ere galdetu nun gelditu ziran eperrak eta joan ziran beste dozen erdi bat arrapatzeko ustean.

 

Alfonso Maria Zabalakoak

Ondarrabin, Azaroaren zazpian.

 

Euskal-Erria, XIII, (1885)

 

 

ORI EZ DEK IRRINTZIA;
ORI DEK ARRANTZA

 

       Legazpiarrak, azkarrak eta erneak diralako sona dute, bañan azkarren artean ere kirten antzeko batzuk sortzen dira, pasadizo onek aditzera emango duan bezela.

       Aiztorrondon jaio, azi ta bizi izan zan artzai gazte bat joan zan bein batean konpesatzera Legazpiko abada batengana, asi zuten konpesioa, eta ez dakit orain zeren gañean, esan omen zion abadeak, ia zerbait zeukan.

       —Bai, jauna, badaukat —esan zuan artaiak.

       —Zer daukazu ba?

       Bañan artzaia omen zegon ixilik, eta noizik bein burua jiratuta, kanpora begiratzen zuala.

       —Esazu, esazu bildurrik bage dezuna, —esaten zion konpesoreak—; pekatu egiteko lotsatu bear da eta ez konpesatzeko.

       —Nik ezin esan dezaket ba egin dedan pekatua —erantzun zion azkenean ere artzaiak.

       —Zergatik ez ordea?

       —Zergatik emen dauden auek adituko duten.

       —Esazu ixiltxorik.

       —Ezin liteke ordea.

       —Beraz, beste lekuren batean esan bearko didazu?

       —Bai, nai badu.

       —Goazen ba korura eta an esango dezu.

       —Goazen ba.

       Igo ziran bada korura, eta ara emen artzaiak egin zuan konpesioa:

       —Ez dakit berorrek jakingo duan, nola ezkontzen naizen Kortako alaba gaztenarekin? Bada, lengo Ostegunean Arri-urdingo zelaian nere ardiekin nebillela, ikusi nuan zijoazela Arantzazura nere andregaia eta bere ama, urruti xamarretik ezagutu nitun, eta nun nengon aditzera emateagatik olaxe irritzin egin nien: Ji... ji... jiiiiii...

       Eta egin zuan irrintzi bat, eliza guztia aidean ipiñi zuana, esanaz konpesoreari:

       —Ara emen nere pekatua.

       —Ago ixilik, kirtena! —esan zion abadeak aoa eskukin estaliz—; ori ez dek irrintzia, ori dek arrantza, eta i bezelako astoak errotan obeto zeudek elizan baño.

       Eta utzirik koruan artzai iñozoa joan zan bere konpesonariora, itxogiten zeudenak konpesatzera.

 

Alfonso Mª de Zabala

 

Euskalerria, XIV, (1886)

 

 

BAKOITZE

 

       Ezkion da etxe bat Etxaluze deitzen diotena; etxe ontan bizi zan, bada makiña bat urte, izenez Mattolo eta izen gaiztoz Bakoitze zeritzaiona, jale erruzua eta edale berdiñik etzuana.

       Litxarrero xamarra zaneko pama zuan, eta zerbait errian paltatzen zanean, ondo edo gaizki, oni egotzi oi zioten.

       Oitura zan Ezkion, Urte-berri egunean, irtetzen ziran Alkate eta errejidoreak eta sartzen ziran berriak apari on bat egitea. Argindeiko etxeko-andreak maneatzen zuan apari au, eta bezperan Billaprankatik ekartzen zituan gaiak. Pasadizo au gertatu zan urtean ekarri zuan beste gauza askoren artean txerri-solomo eder bat gutxinaz dozena bat libra pisatuko zituana. Asteazkena zan egun ura eta peritik etxera etorri zanean, ipiñi zuan preskuran bere gelako leioan txerri-solomoa. Urrengo goizean eguna zabaldu baño lenago sartu zan Bakoitze Argindegin kopa bat aguardiente napar edatera, eta illargi ederrak argi egiñez ikusi zuan leioan zegoan jakia; eta nola deabrua iñoiz lo eztagon, eman zion gogora, arrapatu bear zuala txintxilixka zegon solomoa, esanaz bere artean: «Baldin errejidoreak erriaren kontura jan ta edan badezakete, nik ere, uste det, oiek aña eskubide badedala erriko gauzatara, eta solomo ori jan da ez dute beintzat tripa-miñik izango, ezta nik ere onekin kontzientzirik kargatuko». Eta geiagoko bage artu zuan aga luze bat etxetik eta baita're solomo ederra txamarrota-pera.

       Konturatu zanean Argindeiko etxeko-andrea solomoa palta zuala, esan zion alkateari, eta onek bialdu zion amabia erretore jaunari, esanaz zer gertatu zan eta erregutuz predikatu zezala mezaten lapurretaren gañean.

       Erretorea igo zan, bada, pulpitora eta asi zan esanaz:

       —Nere kristau maiteak: Jainkoaren legeko zazpigarren aginteak badakizute esaten duala «ez ostutzea»; beste edozein pekatu, egizko damutasunarekin, ez geigo egiteko asmo sendoarekin eta konpesorearen asoluzioarekin barkatzen da, baña lapurreta ez da barkatzen arrapatu dan gauza jabeari itzuli bage. Bart, Argindeiko etxetik arrapatu diote solomo galant bat; ia ba, nere kristauak: uste det aragi, jaki edo solomo batengatik zuetako iñork inpernura joan naiko eztuala, bada, emen ez dago beste erremediorik, edo errestituzioa edo kondenazioa San Agustiñek dion bezela. Bakoitzek badaki solomoa berea ez duala, biurtu beza ba; ala, barkatuko zaio mundu ontan bere pekatua eta izango du bestean betiko gloria. Amen.

       Elizan zeudenak, itz auek aditu zituenean begiratu zioten Bakoitze gizajoari, zein zegon anpolai gorria baño gorriago; atera zuan bada txamarrota-petik bere solomoa eta tiratu zuan esanaz: «Protxu on deizuela», eta irten zan elizatik eta ez zan Bakoitzen aztarrenik Ezkion izan urte askotan, alik eta gertakizun au ondo aztu zan arteraño.

 

 

BATAIOKO AIDAGOA

APAIDIÑA ETA SEME-PONTEKOA

 

       Bein batean omen zan guraso bat txit beartsua, ain pobrea, nun etzuan kornadu edo pelat bat jantzitzeko jaiotzera zijoakion zortzigarren semea, ez ta ere beste zazpirak eta emaztea bazkatzeko.

       Egun batean atera zan etxetik etzualako biotzik aditzeko bere emazte eta semeen negar tristeak, bada guztiak erabat eskatzen zioten.

       Bai omen zijoan, bai omen zijoan, eta egun guztian ibilli ondorean, arratsalde aldera sartu omen zan basamortu batera, emen arkitzen zan koba zulo batean gaua igarotzeko asmoan, nun (bere suerterako) bizi ziranlapur edo bide-ebasle samalda bat.

       Lapurrak, gizon arrotz ura euren bizi-lekuan ekusi zutenean, txit mirariturik, galdetu omen zioten: ea zer billatzen zuan bazter aetan, eta gure gizonak arri eta zur egiñik, erantzun zien:

       —Jaunak, naiz zorigaiztoko gizon bat, iñori kalterik egiten ez diot, atera naiz etxetik zergatik nere emazte aurdun dagoanak eta gure zazpi semeak ogia negarrez eskatzen ziraten; nik ez neukan ogirik, ainbat gutxiago nun irabazirik, emazteak ere ez dauka nun bildurik, egun gutxiren epean jaio bear zaion zortzigarren semea, eta aen penak ezin eramanik igesari eman diot.

       Bide-ebasle aen buruzaria urrukitu zan gizon gizajo artaz, eman zion apari gozoa eta egun sentian, erregalaturik diru-poltsa eta zaldi azkarra:

       —Zoaz —esan zion— zure pamiliarengana, eta zortzigarren semea jaiotzean gaztigatu nazazu, bada zure baimenarekin ni izango naiz arren aita-pontekoa.

       Arin ta pozkidaz beterik biurtu zan beartsu ura bere errira.

       Etxera zaneko, itxedoten zegoan semea jaio zitzaion, eman zion emazteari poltsa dirua, eta berealaxe itzuli zan lenago adierazi degun koba zulora, esan zion bide-ebasleen buruzariari zer gerta zitzaion, onek eskeñi zion gau artan joango zala eleizara eta kunplimentu emango ziola emandako itzari.

       Ala egin zuan, eta aita-ponteko izateaz landara, erregalatu zion aurrari urre-pillo galanta.

       Andik egun batzuetara aur ura iltzera gertatu zan, eta joan zan zerura. San Pedro arkitzen zan atean eta esan zion:

       —Sar zaite, aurra.

       —Ez naiz sartuko, nere apaidiña nerekin sartzen ezpada.

       —Eta, nor da zure aita-pontekoa? —galdetu zion santuak.

       —Bide-ebasle batzuen buruzaria —erantzun zion aurrak.

       —Bada, nere maitetxoa, zu sar dezakezu, baña ez zure apaidiña.

       Aurtxo ura exeri zan, tristuraz beterik, barrena sartu gabe.

       Benturaz bezela igaro zan andik Birjiña Maria, eta aur eder arren pena ekustean, galdetu zion:

       —Zergatik sartzen etzera, nere maitea?

       Aurrak erantzun zion etzuala sartu nai bere aita-ponteko gabe; eta San Pedrok esan zion Ama Birjiñari nor zan apaidiñ ura, eta etzala posible ta lege orrelako gizon gaiztorik zeruan sartzea.

       Aurra orduan belaunikatu zan bere eskutxoak gurutzaturik, eta negar ta negar egiten zuan. Nola Maria dan ama txit bera, urrikitu zan arren negarrakin, alde egin zuan, baña bereala itzuli zan edontzi edo kopa bat eskuetan zuela.

       —Tori —esan zion aurrari emanaz—, arkitu ezazu zure aita-pontekoa, eta esan zaiozu, damutasunezko negarrekin edontzi au bete dezala, eta orduan zeruan sartuko dala. Jarri itzazu zillarrezko ego oek, eta zoaz egaan.

       Lapurra zegoan lotan arkaitz baten gañean, sutunpa esku batean eta puñala edo ukabizia bestean zituala; esnatu zanean ekusi zuan bere aurrean eseririk aur eder bat, zillarrezko egoak sorbaldan eguzkiak bezela diztillatzen zutela, eta eskutxoan edontzi bat zuela.

       Lapurrak igortzi zituan begiak, iduripen edo ametsen bat zualako.

       —Ez zaude ametsetan —esan zion aurtxo arrek—; ni naiz zure seme-pontekoa, eta nator zu zerura eramatera, zergatik egin didazun pontean edukitzeko mesedea.

       Azaldu zion zearo zeruko atean gertatu zitzaiona Ama Birjiña eta San Pedrorekin.

       Orduan ireki zan lapurraren biotza mingrana bat bezela. Ainbesterañokoa izan zan bekatuen damua, nunbere bi begiak ixuri zuten negarra iturri bik bezela, eta penaren poderioz illotzik geratu zan. Aurrak urrezko edontzian batu zituan negar malko aek guztiak eta eraman zion Ama Birjiñari aita-pontekoaren arimarekin batean, eta biak sartu ziran zeruan; bada Jaungoikoak ez du nai pekataria betiko galtzea, baizik gaiztoa izan bada umiltasunarekin barkazioa eskatu eta zeruratzea.

 

A. Zabalak euskeratua

 

«Euskal-erria», (1880)

 

 

ONDARRABIKO
AMA GUADALUPEKOAREN
KONDAIRA

(Laburpena)

 

 

OLEARSO EDO JAIZKIBEL

 

       Jaizkibel izendatzen da, Ondarrabiko ipar-aldera dagoan mendian. Asiera du mendi onek Pasaiako Arandoko aitzean, eta bukaera Igerko munuan. Da txit aberatsa bere arrobietan, eta orain eremu eta arbol edo zuaitz gabe badago ere, oraindik eunki onen asieran, joan zitekean Ondarrabitik Pasaiaraño, arteak egiten zuten itzalpean; orain zorigaiztoan gertatzen zaio, Euskal-erriko baso geienai gertatzen zaiena: zur zarrak aizkoraz jo, eta landarerik ipiñi ez. Antxinako denboretan txit zan baso itxia mendi onetan, eta bertan arkitzen ziran basurde, basauntz, otso eta beste pizti-mota asko, ainbesteraño nun, oek eizatzera etortzen ziran Naparroako erregeak. Etorrera oetako batean, gertatu zan Sancho Abarkak ezagutzea menditar neskatxa gazte eta guztiz polita, eta ordutanik Justizko etxejaunak dute errege-odola euren zañetan, edozeñek bertako paper zarretan ekusi dezakean bezela.

       Mendi onen bukaeran, itxas-aldera dago Igergo gaztelua, Españiako errege Felipe bigarrenak erria eskudatzeko egiña, eta mendi beraren erdian dago berriz Guadalupeko elizatxoa.

       Lenagoko denboretan izendatzen zan mendi au Olearso, eta artu zuan izen au bere alboan izandu zan uritik, Ptolomeo eta Pomponio Melak diotenez.

 

 

NOIZ AGERTU ZAN
BIRJIÑA GUADALUPEKOA

 

       Esan dezaket izkribu onetan, iñork ukatzeko beldurrik gabe, Ondarrabiko Ama Birjiña Guadalupekoaren agerpena gertatu zala, edo Arantzazukoa baño lenago, edo bedeintzat ordutik laster.

       Ara zer arrazoi daukadan aitormen au egiteko. Aomen aundiko Sebastian Elkanok, Victoria zeritzaion ontzian egin zuan testamentua edo atzenaia, Uztaillaren ogei ta seian 1526garren urtean, eta laga zizkian Ama Birjiña Guadalupekoari urrezko sei dukat. Emendik dakusku bada, gure Birjiñaren jaiera zabaldua zegoala denbora arten euskaldunen artean bedeintzat, eta oitura zala atzenaietan zerbaitekin oroitzea; eta konturatu bedi irakorlea, gure egunetan bezin erraz ez zala zerutikako gauzen edo eginkizunen berririk zabaltzen; esan nai det, Guadalupeko Birjiñaren jaiera zabalduko zala eginkizun miragarrien bidez, eta onetarako bear zirela, gaur bear diran baño urte geiago, bada gaur, baporearen eta electricidad deitzen dioten orren bidez, mundu zabalean gertatzen dana, egun batetik bestera jakiten degu. Gañera: sinistu bear degu ere, On Sebastian Elkanok artuko ziola zion jaiera Guadalupeko Amari, ez itxasoan, nun igaro zuan bizitzarik geiena, baizik bere gaztezaroan, aurtasunean, edo menturaz bere gurasoetatik; ekus zazute, bada, arrazoi oek indarrik duten edo ez, zergatik Arantzazuko Birjiña agertu zanetik Elkano il zaneraño, geienaz ere, igaro ziran berrogei ta amabiren bat urte.

       Beste atzenai edo testamentu bat ere arkitzen da uriko elizaren zuzeleku edo artxiboan, nun Maria Ochokokoak lagatzen diozkan Birjiña Guadalupekoari «bi tarja eta erdi», edo bi ezkutu ta erdi, Abuztuaren amabian 1528garren urtean.

       Ez det arkitu izkribu zarragorik Birjiña Guadalupekoaren agerpenaren gañean, uste badet ere, goiz edo berandu zerbait arkituko dala Baionako eliz-nagusiko zuzelekuan, bada denbora artan Ondarrabiko eliza zegoan Baionako apezpikuaren mendean.

       Aski dira ordea bi irakasde edo atzenai oriek, edozeñek ezagutu dezan, Jaizkibelgo mendian onratzen degun imajiña agertu zala gutxienez (lenago ez bada beintzat), amabostgarren eunkiaren azkenean edo amaseigarrenaren asieran.

 

 

NORI ETA NOLA AGERTU ZAN
AMA BIRJIÑA GUADALUPEKOA

 

       Aoz ao guganaño etorri dan bezela, izkribatuko det Birjiña Guadalupekoaren agerpena.

       Bi artzai gazte zebiltzan Jaizkibelgo mendian euren ardiai kontu artzen, eta ara nun biak batean ekusten dute oi ez bezelako argi eder bat, orain elizatxoa dagoan lekuan. «Zer ote degu argi ori?» esan zion batak besteari, oso mirariturik; eta alkar alaituaz, joan ziran mendi gañeraño, eta pensatu besterik ez dago, nola arrituko ziran ekustean Maria Santisimaren imajiña, bere Semetxoa besoetan zuala eta eguzkiak bezela diztiatuaz. Belaunikatu ziran errespetorik aundienarekin, errezatu zioten gogora etorri zitzaizkien otoitzak, eta artzai aietako bat bertan gelditurik, jatxi zan bestea amilka, zoroa ziruriela, erriko Apez-aita eta Alkateari ikusi zutenaren berria ematera.

       Laster banatu zan Ondarrabian gertaera au; bai-ezean edo ez sinistu naian egon gabe, asi zan erri guztia mendia gora, eta zorioneko kristau on aiek, gelditu ziran pozturik eta atsegiñez beterik zerutikako mesede arrengatik, eta zerren Jaungoikoak biraldu zien errukitsuki eskudatzailerik onena. Bertatik asi ziran lanean eta laster jaso zuten elizatxo bat, (baña geroago obea egiteko asmoan).

       Eta zergatik ezarri zioten «Guadalupeko Birjiña» edo erbesteko izen ez-egoki au? Nola nai ere, lenengotik ez zitzaion orrela deituko, menturaz batzuek modu batera eta besteak bestera. Gañera: denbora aietan, Estremadurako Ama Birjiñak egiten zituan mirariak zabalduak zeuden Españiako bazter guzietan, eta au ekustera joaten ziran kristau talde aundiak, gaurko egunean Lourdesa dijoazen bezela; baditeke bada, ezarri ziotela izen au, Estremadurakoaren oroimenerako. Mejikon dago beste Ama Birjiña bat, Guadalupekoa deitzen zaiona, 1531'garren urtean agertua, gurea baño askoz geroago, bada nola orduan Mejiko zegoan españatarren mendean, ezarri zioten izen au, Estremadurakoaren oroimenean.

       Gaur bertan, Katalunian, egin dute eliz galant eta ederra Birjiña Santisimaren onran, eta ezarri dioten izena: «Ama Birjiña Lourdes Kataluniakoa».

       Ara bada nere ustean arkiturik «Guadalupe» itz erbesteko onen aztarrena.

       Itz onek ez dauka zer ikusi ez gazteluarekin, ez euskerarekin; da Arabeena, zeña Guad-al-upe izkribatzen dan, eta esan nai du, otsoaren erreka edo ibaia; Guad-al-ajara arrizko erreka, eta Guad-al-kibir erreka aundia, aditzera ematen duten bezela.

 

 

ONDARRABIKO ESITZE OROIMENGARRIA
1638'GARREN URTEAN

 

       Ozta ozta zabaldu zuan Uztaillaren lenengo eguna 1638'garren urtean, nun asi ziran jende armatuz betetzen Pausoko tellatugain eta Endaiako mendiak. Bazekiten ondarrabitarrak prentzesen prestamenak, eta erria esitzera zetozela, Príncipe de Condé-ren mendean. Kontuan zegoan Mari Juan Mugarretakoa ere, eta leenez neurriak arturik Prantzesen atzaparretatik imajiña santa librateko; aditu zituanean atabal eta sutunpen otsak, zaldien irrintziak eta gudarien ojuak, aldarera igo eta errespeto aundienarekin imajjiña artu, bere etxe barruko bizitza eta trastiai kasorik egin gabe, munduko gauzetan pensatu gabe, jetxi zan errira, berak maitatzen zuan gauzarik baliotsuena besoetan zuala.

       Onetarako gaztigatu zuan zer zijoan egitera, eta andra on au portaletara zaneko, an zeuden kabildoa, bilguma, zaldun eta gizon noble asko erri barruko beste gizon eta emakumeakin. Imajiña santa ekusi zutenean pozez eta atsegiñez beterik eraman zuten elizara. Emen belaunikatu ziran guziak, eta eskeñi zioten Jesusen Amari, baldin laguntzen bazien erria esitzera zetozenen garaitzan, egingo ziotela ots aundiko pesta, bezperan barurtuaz.

       Adituak izan ziran Ondarrabitarren erreguak eta eskaerak. Irurogei ta bederatzi egunez peleatu ziran portizki, ogei ta amasei milla oñezko, lau milla zaldizko, asko sutunpe beldurgarri eta ontzidi aundiaren kontra, erri barruan zazpireun soldadu besterik ez bazegoan ere, baña oei lagundu zien bertako gizon errutsuak eta emakume pizkorrak. Murruak desegin, porrokatu, eta egun batez zortzi aldiz asaldatu bazuten ere, ez zieten barrena sartzen laga ondarrabitar leialak. Murruen oñetan illotzik geratu ziran Prantziako zaldun eta agintari aomen aundienekoak.

       Azkenik, Eliza Ama Santak Maria Santisimaren jaiotza zelebratzen duan egunaren bezperan agertu zan Jaizkibelgo mendian españatar martiztia, oñezkoak Alfonso Enriquez Gaztelako Almirantearen mendean, eta zaldizkoak Velezko Markes eta Naparroako errege-ordekoak agintzen zituala.

       Eraso zien gure gudariak prantzesai, eta illunabarrean bukatu zan jazarra ura, lagatuaz etsaiak, ez bakarrik euren illak, baita ere arrapatu ziezten bost eun egintari eta soldadu, berrogei ta amar bandera, sutunpa geienak eta interesa eta barka asko. Bidasoako ibaian ito ziran bi milla eta geiago, bada ainbesterañokoa zan oen larrian, nun eriosuarren putzu onetara bota zituzten euren buruak, eta iges egin zutenak ez zuten gogorik eraman geiago Ondarrabi leial, noble eta errutsua etsitzeko.

       Ondo ezagutu zuten kanpotik eta barrendik peleatu ziran españatarrak, Maria Santisima Guadalupekoari zor ziotela garaipen miragarri ura; joan ziran bada guziak elizara, eta, naiz gauaz izan, kantatu zuten San Anbrosiok eta San Agustiñek konpondutako Te Deum laudamus zerutikakoa.

       Monsieur de la Forsa-k eduki zuan kuarteltzat Guadalupeko elizatxoa, emen arkitzen ziren santuen imajiñak erabilli zituan lotsagabekiro, ostikopean zanpatuaz, ereje kalbinista fede gabeko desleialaren gisan; baita ere agindu zuan, bere setako apaiz batek predikua egin zezala, esanaz kontentu ilko zala prediku ura aditu zualako, baña andik egun gutxiren buruan, uste zuen Ondarrabiko erria artu gabe, iges egin bear izan zuan estura larrian, ez predikua entzundako pozkidaz, eta ez Ondarrabia utzitako atsekabez, baizik il nai etzualako, lenago baietz esan bazuan ere.

       Predikua egin zuan apaiz erejea arrapatu zuten ondarrabitarrak beste soldadu batzuekin batera, baña ez zuten ezagutu nor zan, eta nola traste gaizto ark bazekian ezagutzen bazuten kiskal-eraziko zutela, eta Guadalupen geiago predikatzeko gogoak kenduko zizkatela, bere burua il edo bizi urari erasorik, igaro zan Endaiara.

       Ondarrabiak kunplitu zuan bere itza: urrengo egunean egin zan pesta aundi bat, eta adierazi zion Zeruko Erregiñari, Bera berezitzen zuala erriko Bitartekotzat.

       Ordutanik, urtero egiten dira pestak eginkizun onen oroimengarri, igoaz, Maria Santisimaren jaiotzaren egunean, kabildoa eta bilguma Guadalupera predikua eta meza nagusia entzutera, eta biramonean egiten da beeko elizan puntzio negarrezkoa esitze artan il ziran animen suprajio edo laguntzarako.

 

 

MARIA SANTA
GUADALUPEKOAREN BITARTEZ
GERTATU IZAN DIRAN
EGINKIZUN MIRAGARRIAK

 

       Lenago esan degun Monsieur de la Forsa-k, ereje kalbinista prestu-ez ark, laga zuan Guadalupeko elizatxoa txit ondatua, tellaturik gabe, eta eskerrak Jainkoari lau paretak txutik gelditu zirela; motibo onengatik, ezin eraman izanzuten Mariaren imajiña bere lekura; alabaña, bertako jendeak tellatua ezarri zion urte barruan, neguko euri jasakin lurra jo ez zezan. Birjiña Guadalupekoaren imajiña egoten zan erriko elizan, aldare nagusiaren eskubian, gau ta egun argi asko aurrean zituala.

       Emen zegoan bada Martxoaren ogei ta batean, 1639'garren urtean, igande egun batean. Arratsalde artan, beste kristau on askoren artean, egon zan Mariaren imajiña bisitatzen Guadalupeko serora, Maria Juana Mugarrietakoa, zeñak, bere Ama gozoari zion jaieragatik, esan zion elizako sankristau Martin Sopelanari, ez zezala utzi iñoiz ere irazeki gabe aurrean zeukan zillarrezko argi-ontzia; erantzunaz Martiñek, merezi zuan kontuarekin begiratzen ziola, eta ez zitzaiola argirik paltatzen ez egunaz eta ez gauaz.

       Egin zituen bada bere erregu edo otoitzak andra on Mari Juanak eta irten zan elizatik; sankristauak ere, illundu zuanean, jo zuan keda-ezkilla, piztu edo konpondu zituan Sakramentu eta Birjiñaren argi-ontziak, eta ekusirik ea iñor elizan geratzen zan (gaurko egunean egiten dan bezela), ateak itxi eta joan zan bere etxera.

       Keda jo bezin laster, itxitzen ziran portaleak ere, alako moduan eze, ezin sartu eta irten zitekenan erritik, ate eta murru gañetan zebiltzan zentinelak edo gau-guardak oartu gabe.

       Ara bada zer gertatu zan: Biaramonean, sankristauak eliza ireki, Ave Mari ezkilla jo eta argiak piztutzera joan zanean, ekusi zuan Ama Guadalupekoaren imajiña palta zala; oso arriturik uste ez zuan gertaera onekin, joan zan lasterka apez-aitari adieraztera; bereala errian banatu zan gauza onen berria, eta imajiña bedeinkatuak zer egin ote zuan ezin konturaturik zeudela, jakindu zan Guadalupen lenagoko lekuan zegoala, bere bi koro eta eskuetako lora sortakin.

       Bereala, On Juan Justiz eta Burgoak, lizenziadua eta erriko alkate zanak, ireki zuan billekindea, gauza au nolatan gertatu zan jakiteko: kastigatzeko egilleak, baldin gaiztakeriz egin bazan, eta argitaratzeko, baldin Maria Santak nai izan bazuan egin mirariz; deitu zituan bere aurrera ogei ta bi dakiratz, eta guziak juramentuaren azpian azaldu zuten zekitena, eta ez zan bat bakarra geratu Ondarrabian sinistu gabe mirariz gertatu zala eginkizun au, eta aditzera eman nai zuala Birjiña Guadalupekoak, Jaizkibelgo elizatxoa zala bere eser-lekutzat berezi zuana.

       Beste mirari bat gertatu zan 1760'garren urtean. Bazter guziak legortu eta nekazari gaxoa zegoan bere urteko neke eta izerdi guzien saria galtzeko perillean.

       Erriko elizan egin ziran erregu guziakin ez zan euririk iritxi; kabildoak eta bilgumak erabaki zuten bada, igo bear zutela prozesioan Guadalupera; adierazi zan errian, eta urrengo egunean, ondarrabitarrak mendira igo bezin laster, eraso zion alako euri-jasari non egon bear izan zuten, nai ta nai ez, elizatxoan eta serora-etxean, arratsaldeko ordubiak arte. Eskerrak eman ondorean Ama Birjiñari, zerren ain euri gozo eta beartsua egin zien, biurtu ziran etxera edo errira.

       Oraindik ez da urte asko, On Joakin Ollokoa, uri onetako apez-aita beneragarria, Guadalupeko elizatxora meza ematera zijoala, arkitu zuan emakume bat, prantzesa, Txomiñeneko maldan, Kristoren pausoa deritzaion lekuan, eta itzak itz-bidea emanaz, esan zion:

       —Jauna: nik zor diot mesede gogoangarri bat Birjiña Guadalupekoari. Urte bete izango da geienez ere, netorren nere seme maite eta elbarriarekin, sendagille aomen aundikoakin alegin asko egin ondorean, ea zerutik iritxitzen ote nuan, lurreko al-izanakin iritxi ez nuana. Jarri nuan bada nere seme gaxoa astotxo batean, eta malda onetatik giñoazela, esan ziran: «Ama, jetxi nazazu astotik, bada iruritzen zait nere gaitzak ezkutatu direla, nere iztar eta zankoetan sentitzen det oi ez bezelako indarra». Esan ta egin, jatxi nuan astotik, eta begira beza nolakoa izango zan nere poz eta atsegiña, ekusi nuanean oñez, ainbeste denboran pauso bat ezin eman zuan nere biotzeko laztana. Nik ez dakit une artan nolako otoitzak egin nizkan zeruko Ama gozoari, baña mingañak baño obeti adierazi zion nere begietatik irten ziran negar malko esker onekoak.

       Mirari onen oroimenerako, aldare nagusiaren ezker-eskubi, ezarri zituan emakume on onek marmol zurizko bi arri, zeñetan gaztelaniz eta prantzesez ara zer irakorten dan:

 

Recuerdo de agradecimiento a María J.A. de L. 1877

Souvenir de reconnaissance à Marie J.A. de L. 1877

 

 

AZKENEKO AMABOST URTE OETAN
GUADALUPEN EGIN DIRAN LANAK, PUNTZIO,
ERROMERI ETA BESTE ZENBAT GAUZA,
IRAKORLEAK EKUSIKO DITUANAK

 

       Guadalupeko Ama Birjñaren kondairaren bukaeran ezin laga dezaket zerbait esan gabe elizatxoan eta bere inguruan egin diran lanen gañean.

       Azkeneko gure arteko guda ori iraun zuan artean, imajiña santa egon zan uriko elizan, baña bukatu zanean, igo zuten berriz ere bere lekura, Urriaren amabostean.

       Arrigarria zan Birjiña Guadalupekoari laguntzen igo zan jende-taldea, ez bakarrik Ondarrabi, Irun eta beste Españiako errietatik, baita ere Prantziakoetatik.

Bost millatatik igarotzen ziran egun artan Guadalupen inguratu zirenak. Elizatxoa ez zan gai jende ura kabitzeko. Au guztia, aurrez gogoraturik, apez-aita jaunak baimena eskaturik zeukan apezpiku jaunari, meza kanpoan emateko.

       Esan zitekean aingeruak ere poztutzen zirela pesta artan. Zeru-goia zegoan urdin-urdiña lañotxo bat gabe. Prestatu zan aldarea, elizatxoaren ezkerrean dagoan mendi-tontorrean... eta asi zan meza. Apaiz beneragarriak jaso zuanean mendiaren gañean Jesusen Gorputz Santua, nor egon zitekean gogoratu gabe, Kalbarioan, gure amorez, gurutzean josirik, jaso zuten une negargarri ura?

       Bost milla kristauk ekusi zuten Osti Santua, Aita Betikoari eskeintzen apaizaren eskuak zerurontz biurtuak. A! Ekusgarriak ziran bost milla buru aiek makurturik eta askoren begietatik negar-malkoak lurrera ixuriaz; ez zan aditzen txintik, ez zan aditzen jendearen asnasarik, ez aizearen mugidarik; gertuan zegoan itxasoak ere azkenik, bere oi bezelako orrorik egin gabe eta bere gain urdiñera arrai-talde aundiak agertuaz, adierazi zuan poztutzen eta denbora berean umiltzen zala bere egillearen aurrean.

       Mendian eman zan mezaren oroimenak iraun zezan, oartu zitzaion gogora On Joakin Ollokoari, an bertan altxatu bear zuala, al bazuan, munduan arkitzen dan arrizko gurutzerik aundiena. Esan zion bere gogoa Antonio Berrotarango, arotz eta artista abillari, eta laster onek billatu zuan Arriestueta deritzaion Jaizkibel-mendiko arrobian nai zuan bezelako arri galant bat, zeñak zeuzkan luzeeran ogei ta bost oin t'erdi, eta bere pixua zan gutxienez berreun kintalekoa.

       Eraman bear zan zegoan lekutik iru milla kanaz urrutiagora, eta arri puska ura andik ateratzeko, bildu ziran eun ta berrogei ta amar gizon eta ogei ta bost idi pare. Lenengo egunean erabilli zuten milla kanan bezela, eta bigarrenean ekarri zuten, jarri bear zan lekuraño.

       Andik amar egunera atera ziran beste bi arri, bata amabost oñekoa gurutzearen besoak egiteko, eta bestea zazpi t'erdikoa gañerako.

       Asko da jakitea, gurutze onek dauzkala berrogei ta bi oin t'erdi peañaren ondotik asi eta bururaño. Peañak dauzka bost malla inguru guzian, eta malla oetan egon ditezke jarririk eun ta ogei gizon alkar asko estutu gabe.

       Gurutze au ekustean, lan oetan adituak direnak, esan izan dute mirariturik: «Bada norbait, alderdi edo gai geiago gabe, arri pixu oek txutik jarri dituana?»

       Gurute onen oñean jarririk dagoanak, ekusten ditu España bere lau probintzi euskaldun Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Naparroakin, eta Prantzia bere beste lau, Basses-Pirennees, Landes, Gironde eta Gers-ekin...

       Gurutze au dago Gipuzkoako lekurik zoragarrienean; emendik ekusten dira esan dituan probintziaz gañera, arkaitz, mendi, baso eta oianak; agiri dira zelai-soro, ibar eta sagasti mardulak; agiri dira uri, erri eta borda, uso txuriak diruritenak arbol-tartean; agiri dira buni-bide eta Irun eta Endaiako estazioak; agiri dira Burdeosko munu, Baionako barra, Biarrizko erri, Sokoako gaztelu, Ondarrabi eta Endaiako portu eta Abbadiren jauregi galanta; agiri dira itxaso zabal, Bidaso ibai eta errekatxo garbiak; agiri da Justiz aomen aundikoa, lotsatua bezela txara tartean; agiri da Guadalupeko elizatxoa bere dorre alaiarekin; agiri dira gure uri noble, leial, errutsu eta beti piela, bere murru urratuakin; agiri da... baña bukatu dezadan zer agiri dan, Aita Aranak gurutze onen peañan exeria zegoala konpondu zituan bi itz-neurtu oekin:

 

              Irun aldeko ibar ederra

              zoragarria bai dago!

              agiri dira Oiartzun mendi,

              San Martzial ta geiago;

              beste aldetik Larrun altua,

              Urruña berriz berago,

              oien ondoan euskaldunentzat

              bost erri maite badago.

 

              Begira an bean Endaia,

              eta Bidaso ibaia,

              bere gañetik dator su ta gar

              burnibidezko pasaia;

              Ondarraitz dago beste aldera,

              ta andik gora da alaia

              euskaldun andi Abbadi-k duen

              jauregi berri alaia.

 

       Bukatzera noa, esanaz emengo puntziorik aundiena egiten dala Agor-illaren zortzian, eta urtean asko erromerigille etortzen direla auzo-errietatik, baña batez ere Azenzio egunean; ez da berriz, bataz beste, egunik igarotzen, mezarik eman gabe.

       Oek dira nil bildu dituan berriak, Ama Birjiña Guadalupekoaren gañean; zerbait laga badet, izandu da ziazalde au ez geiegi luzatzeagatik...

       Irakorlea: gaizki esanak barkatu, eta gomenda nazazu zure erregu eta otoitzetan, Jesusek gurutzearen oñetan Amatzat laga zigun zeruko Erregiñari.

 

Alfonso María Zabala-koa

 

«Euskal-erria», XI, (1884)