ZINEMAREN JOERA
(1974-VI-16)
Parisen izana naiz berriki. Eta zalantzarik gabe zinemaren joera harrigarri gertatzen da hain nabarmen topaturik. Zinemaren aldakuntza, edo zinemaren nabarmenkuntza hobeki esateko, ez baita betiko kontua. Ez, ez. Zinemak porno alde horretara orain jotzen du gero eta lotsagabekiago; eta nekez uka daiteke nabarmenkeria horrek harritu egiten duela. Joera berri hori muga ondoko Miarritze eta Hendaiako zineman joera dela esatea ez da bidezkoa. Europako hiri handi guztietan (hiri handietan, nik uste, txikietan baino gizarte-freinu txikiago delako) joera berbera errepara baitaiteke.
Gaurko modaren arabera mintzatzekotan joera hori gauza «ona» dela esan behar omen da; setsu-konplejoak galtzen hasiak garela, kopetaz zabalago garela, eta abar. Hots, orain dela urtebetetsu idatzi nuena berretzeko arriskua ezaguturik ere (ikus ene «Olerki eta Ilunpe», 1973-III) kontrako neure iritzia eman nahi nuke aste honetan hemen; eta ahalean funtsatu.
Aski da Pariseko «Semaine de Paris» erostea, eta zinema-areto guztietako filmen kondua egitea. Hauxe egin dut nik artikulu hau prestatzean; eta hona hemen aurkitu ditudan zenbakiak. Aste hauetan 52 filma porno ematen ziren Parisen («sexy-érotiques» alegia, nahiz filma horiek askotan zeharo izan anti-erotiko...).
Kopuru hori handia izanik ere, egiaren parte bat baizik ez du erakusten. «Les Valseuses» filma, esate baterako, «comédie dramatique» gisa agertzen da zinema-astekari horretan; «Toute nudité sera châtiée» delakoa, berriz, «drame» gisa; eta irakurle guztiek ezagutzen duten «Le dernier tango à Paris» famatua, «comédie dramatique» gisa. Hauek guztiak kondatuz, beraz (alegia, 18 urtetara arte debekaturik daudenak, nolapait bigarren sail hau mugatzeko) beste 77 filma konda daitezke erdi-pornoen artean.
Hitz batez, aste hauetan Pariseko 129 zinematan ematen ziren filmak, edo porno ziren ofizialki («sexyérotique») edo erdiporno bederen.
Edonori gogora datorkion galdera, horretara, hauxe da: «liberatu» egin ahal da zinema, askatu alegia; ala «alienatu» egin ahal da? Konplejoak gainditzen ari gara, ala dena gainditu-nahi horretan geure burua beste era batetara txirotzen eta kateatzen?
Ene erantzuna ez da zalantzakoia: zinemaren joera hori, kapitalista batzuen irabazpide berri izanaz gain, modako alienabide eta desgizabide berri bat baizik ez da.
Errespetu txikiegia izan behar zaio gizonari (gizasemeei buruz hau egia izanik, zer esango emakumeei buruz!) zinema-mota hau inoren aberasgarri gerta daitekeela pentsatzeko. Azken funtsean noiztanik dira «etxe hetxiak» bisitatzaileen frustrazio-bidez besterik? Non dira mundutar esperentzia apur bat bederen izan eta hauxe aitortzen ez dutenak? Noiz idatzi izan da inon bizioa (eta setsu-saiheskeriak bereziki) gizonaren aberasgarri direnik?
Berriro ere aipatuko dut arabitar olerkari haren esakun zorrotza: «setsutasuna bera abiatuz geroztik, erotismo kitto». Hots, arabitar olerkari haren gizona eta amodioa zer diren ongi zekien; baina pornoak ezeren «gaindi-bide» izan daitezkeela uste dutenek ezer ez dakite gizonaren egiazko egarriaz, ezta egiazko Eros-ez ere. Ezen Eros ez baita (eta hau esanez Marcuse-rekin ados mintzo naiz) setsutasuna bakarrik; baina, Freud-engandik hurbilago, Bizi-Sena eta Estetika-dohaina ere bai.
Erotismoa eta Estetikaren ahalmena elkarri hertsiki loturik dauden bezala, setsukeriak eta heriotza ere loturik daude ez laxokiago. Gizona ez baita gorputza bakarrik.
Epikteto estoikoaren esakun bortitza onartu behar izan ez arren («arrastaka eta nekez gorpu bat daraman anima ahul hauskor bat baizik ez haiz hi»), mendetan barrena geure kuntzetik atera gaitun ideia zentzugabea arbuiatzen badugu ere (alegia, «haragia gizonaren etsaia eta galbidea» dela), hau esan daiteke eta esan behar da; sakontasunik eta sendimendurik gabeko setsu-harremanak gizonaren tristagarri direla, eta ez ezertan ere ezeren «gaindi-bide». Zinemaren joera pornoa, hortaz, eta alderdi horretatixek, joera kaltegarria da, eta gizonarekiko laido eta irain.
Platonismoaren ideiakeria salatu ahal izateko (eta salatu egin behar da), beste muturreko porno-aldi funsgabe hau ere salatu beharra dago. Gizona ez baita arima hutsa, baina haragi-hezur hutsa ere ez; eta erotismoak ezer gutxi baitu ikustekorik mekanikarekin.
Erotismoa, obratu aurreko amodio-giro berezia, maitasun hozitu berriaren Eros-aldia, baita barne-hutsune soila denean ere, baita olerki-egarri zorrotzaren pizgarri bakarra denean ere, baita ez-aren edo ezin-aren dei etsia denean ere, baita egiazko maitasun osotua ez denean ere, Olerki da, eta Eder-men, eta Arte-gun, eta gizonaren barne-aberasgarririk gardenena eta zinezkoena. Sendimenduan eta olerkian funtsatutako harremanen askatasunaren alde, berriro ere Marcuserekin batera, esango nukeen guzti-guztia, sendimendutik eta olerkitik at oratutako tximukeria horien aurka esango nuke zinki. Eta tximuek barka nazatela...
Zinema pornoa, gizonaren sakontasunaren uko zabarra eta zozoa den aldetik, gaurko gizartearen txirogarri nabarmen iruditzen zait. Eta gizasemearen, emakumearen eta maitasunaren beraren txirogarria den aldetik nahi nuke berriro ere eta osoki lerro hauen bitartez gaitzetsi.
Goethe-ren «Werther» eta Hamsum-en «Pan» liburu zoragarrien irakurle liluratua izan naizen hau, zinema porno horrek nardatu egiten nau, jaunak. Benetan. Zu ez ala?
© Txillardegi