OLERKI ETA ILUNPE
(1973-II-21)
Badakit: «horra hor erromantiko porrokatuok berriz ere ilunpeen alde mintzatzen ari. Betorkigu argia, eta urra biltza honek atzerakeriaren azken errezelak».
Gauza ezaguna baita ilunpeak maite zituztela erromantikoek: Erdi-Haroa zuten gogoko, ostarteko ilargi zurbila, lanbrotan hislatzen den gaztelua, itsasoaz bestalde ahaztutako herri urruna, galtzear zen ohitura edo ipuin zaharra... Erromantikoa, fosil-biltzaile. Hein batez bederen argitasuna gaitzi zaio erromantikoari. Alde honetatik, beraz, Turner da, eta osoki izan, erromantikoen margolaria. Erromantiko guztiek maite dute Turner-en giro lanotsua.
«Zer derasa, beraz, Larresoro belaska horrek?»...
Eta nik arrapostu: «Egia ote da ilunpeen aldeko joerak oro direla erromantizismo merke eta atzerakeria huts? Ez dakit».
Orain dela gutxi, hain zuzen, Barojaz mintzatu nintzelarik, argiaren eta flunaren arteko hauzi zahar hori ikutu nuen; ezen Barojak, euskaldun anitzek bezala, fjordoetako argitasun epela nahiago baitzuen, Kreta-ko edo Rodas-ko zeru urdin argitsu aratza baino. Era nik neuk ere bai: ez dut ukatzen.
Ez dakit zein olerkarik, bide beretik mintzo, hau esan zuen behin gutxi gora-behera: «Dès que le soleil apparait, la poésie s'en va» (alegia, eguzkia agertu orduko olerkiak alde).
Hots, eguzkiak, eguzkiak berak, eguzki ederrak berak, uxatzen baldin badu olerkia, zer egin dezakete erotismoaren «teknokratek» maitasunari eta setsutasunari dagokien olerkia errotik hondatu eta suntsi arazi baizik? Munduaren xarma hondatzen baldin badu eguzki dirdaitsuak (eta ni ez nago uste horretatik urruti), zer ez du pornografia nabarmenak hondatzen, lardazkatzen eta likistutzen?
Aste berean ikusiak ditut «Le Dernier Tango à Paris» eta Carpentier-en Agiria («Le tract du Dr. Carpentier»). Eta bion egokiera horrek ideia bakar bat gogorazi dit: eguzkiak berak honda badezake olerkia, oso «modan» dagoen joera porno honek birrindu egingo ditu, funditu, desegin, olerkia eta olerkiaren muina bera, lur-barnean apika atxik zezaketen azken zaintxoak berak bortizki erauziz.
«Le Dernier Tango à Paris» ikusi dut, bai; eta, besterik gabe eta argi-eta-garbi, oso pelikula txarra ikusi dudala iruditzen zait, atsekabea, itsusia, olerkirik gabea; eta Marlon Brando-k bere izenaz eta itzalaz pornografi-saio bat gerizatu duela. Ausardia gauza bat baita, eta itsuskeria eta gusto txarra beste gauza bat. «Le Dernier Tango» delakoa bordeletako lore kirats bat da, bordeletan ez bestetan erakusteko egokia. Eza? Tira, tira, mutilak! Ez gaitezen (berriz ere!) «moda»ren jopu izan!
Carpentier-en Agiria irakurri dut behin eta berriz; eta ez diot funtsik aurkitzen. «Homosetsualidadea arbuiatzeko arrazoinik ez dagoela» dio; «badirudiela (sic) setsu-harremanetan atsegintsuenak bi setsu desberdinen artekoak direla»... «errobera egiteak ordubeteko klase-arte hutsa edo arrastiri aspergarria bete ditzakeala»... «'normal' eta 'anormal' hitzei dagokien mamia ez dela ezertan funtsatua... Setsu-ekintza guztietan gauza bakar batek duela munta: senditzen den gogoa eta lortzen den atsegina»; eta «askatasunik handienak gidatu behar dituela gure hautuak»... «ez dagoela anormalik ezer»...
Beste hitz batez, eta buru-muinari gagozkiola, hau itzuliko genuke: adimenaren erabilkera 'normal' eta 'anormal' zer den ez dakigula. Erabili egin behar dela adimena: hauxe dela dena. Hil berria den Frank Costello-k bezala edo Che Guevara-k bezala erabiltzea, ez zaigula axola...
Eta ekiten du Carpentier-en paperak: «Paper honek helburu hau du: setsu-ekintza guztiak (sic) bultzatzea».
Kama Sutra liburua, era berean, modan dago.
Hitz batez, setsu-arazoetan ere teknokratak mintzo zaizkigu ozenki, eta gainerakoak isiltzen. Olerkariak isiltzen bereziki.
Hots, olerkariak isiltzen diren herrietan, laister heldu da isil osoa; olerkiaren amaia azken ilunpeen sarreraren aitzindaria delako.
Buruz eta frantsesez eman beharko ditut, zoritxarrez, arabitar olerkari haren esakun bikaina: «la sexualité n'apparaît que lorsque l'érotisme est mort» (setsuaren alderdia ez da erotismo-giroa hil ondora arte agertzen). Filma horiek, ordea, Agiri horiek eta setsuaren teknikeria horiek oro, maitasunaren eta erotismoaren hilberria barreiatzen dute, eta ez inundik ere atsegin berrien eta egiazko maitasunen hastapenik edo gorengorik batere. Higuinak sortzen ditu horrelakoak; ez liberatu-nahiak, ez «gorago» iritsi-izanak.
Ez dut, beraz, «moda»ko joera «berri» horien ARINKERIA salatuko (nahiz honetaz ere zer esana franko balegokean ere). Ez dut «moda»ko joera «liberatzaile» (??) horien GEZURRA agerreraziko; ez baitago inon ideia horien arabera eraikitako gizarterik, ez zoriontsurik ez zoritxarrekorik. Ez dut «moda»ko joera horien DIRU-ALDERDIA azalduko; gauza ageria baita telebistak hil duela zinea (edo zine arrunt erraza behintzat), eta zinemaren kapitalistek ez dutela pornografiaz beste biderik jendea erakartzeko. Ez dut, azkenik, joera horien MORALIK EZA aipatuko (zein moralen arabera egingo nuke?); gure kapitalista gizarteotan, gainera, gizon osoarekiko errespetuaren arrastorik ez izanik, moralik ez baitago batere, eta diru-hirrika moralgabea baizik nun-nahi eta zer-nahitan gidari baita.
Joera porno horietan, beraz, beste zerbait salatu nahi dut: GIZONAREN DESIRKUNDEEN ETA LILUREN EZAGUERARIK EZA.
Eguzkiak berak baldin badu olerkia lekutzen eta hiltzen, zer egiten du hartaz pornografiak? Hauxe izango da gaurko ene galdera bakarra. Pornografiaz bestaldera heriotza dago, besterik ez. Gauza ezaguna da setsu-arazoak, gizatar barnerik ez duenean, HERIOTZARA, suizidiora alegia, daramala.
Erotismoaren kezkak eta beharrak setsutasunaren teknika-mailan konpondu nahi eta uste dituztenak... ongi jaioak daude! Ez dute halakoek biziaren esperentzi ikaragarririk erakusten, alajainkoa! Erotismoa, atsegin-egarria, elkargana beharra, olerki-sena funtsean ene ustez, igurzketa-moldeen teknika huts bihurtu nahia, ez da oso... oso argitsua! Teknika guztiak eta igurzketa-mota guztiak baino aisa inportanteago eta eragileago baitira, erotismo hutsaren mailan, barne-egoera, sendimenduen azkarra, eta, hitz batez, gaur horren mespretxagarri bilakatu den «maite-min» famatu hori.
Askoz ere zorrozkiago somatu zituen gauzak Buddhak orain dela 25 mende; eta erotismoa eta atsegin-haro liluragarri hori IRUDIMENARI eta BARNE-EGOERARI dagokiela esan zuen.
Gaurko azterketa hotzak, horretara —eta pornografiak zer esanik ez— IRUDIMENARI bidea hesten dion neurrian (eta Joxe Antonio Artzek ez du besterik esan bere olerkietako batetan) atseginaren eta erotismo-giroaren beraren HILTZAILE gertatzen da; eta ez inolaz ere haren azkartzaile edo akuilatzaile.
Teknokrazia edozertan txarra baldin bada, setsu-arazoetan txarra eta hilgarria da segurki. Honek ez du dudarik.
Otoi, beraz! Erotismoaren ederra eta olerkia maite dituzuenok (olerki soila maite duzuenok aski litzake!): izan zazue kuraia, eta esazue enekin: «EZ! Aski da. Modan ez egoteko bildurrak ez gaitzala gal».
Aski baita; eta maila horretan Olerkiaren, Poesiaren, ilunpe eta argitasun epel sakratuak errespetarazteko deia egiteko unea iritxi baitzaigu.
Jasan moral oskurantista zapaltzaileari, dudarik gabe: EZ OSOA!
Baina modako arinkeriei, nabarmenkeria itsusiei, gezur alienatzaileei, axaleko sasi-argitasunei, OLERKIAREN IZENEAN BEDEREN: EZ!!
© Txillardegi