SELFRIDGE ETA VISHNU
(1973-IV-13)
Hotz zen Urtarrileko goiz goibel lanotsu hartan. Baina Oxford Street-eko Saltoki nagusietan ez zen liferentziarik ageri; gora eta behera pilatzen ziren jende multzoak, eta bi estaiatako autobus gorri ezagunek etengabe kurritzen zuten Londresko kale koloretsua. Bruselako Rue Neuve, Bordaleko Ste. Cathérine edo Antwerpen-go Meir bezala, Londresko Oxford Street kontsumo-zibilizazioaren ikurtzat har daiteke: Selfridge magasin gaitzetik azken dendatxoraino helburu bakar bat bazterretan: nola gehiago sal.
Eta horretan nintzela, hastapenetan izuti, gero eta ozenago, joan-etorriaren orroa etengabean piskanaka gailentzen ari, txilin hotsa entzun nuen Ekaldetik. Gazte talde bat zetorren, hamar bat neska mutilek osatua. Neskek paperak eta liburuskak eskaintzen zituzten. Mutilak, berriz, dantzan eta kantari zetozen. Burua soil zeramaten, Saigongo bonzoek herrikoi egin duten itxuran gutxi gora-behera; eta denengan, buruaren atzekaldean zintzilik, txintxosta ñimiño gisa, ile mordoxka bat ageri zen aidean jauzkari. Gerrien parean loturik, atabaltzar harrigarriak zekazkiten; eta hatsaren lurrinari jaramonik egin gabe, Indiako erdisoineko laranjaz ez bestez jantzirik, alai ekiten zioten beren kanta-dantza azkengabeari.
Ikusleei ematen zieten kaseta bitxia hartu nuen. Letra handitan: «Back to Godhead». Eta txikiagotan: «The Magazine of the Hare Krishna Movement» (n.º 47!). Neska gonaluze bat ondora zitzaidan, eta irribarrez tarjetatxo bat eman zidan: «You are cordially invited to the Radha Krishna Temple - 7, Bury Place - Bloomsbury, W.C.1, London».
Txundituta gelditu nintzen. Selfridge-enetik metro batzutara, Vishnu-ren mezua neukan eskuetan! Gazte haien barne-ausardia! Eta taldea dantza, eta dantza, eta taigabe dantza; eta kanta bera ari, nik uste:
«Hare Krishna,
Hare Krishna,
Krishna, Krishna,
Hare Hare».
Arthur Köstler irakurri ondoren, nekez sinets daiteke India sinestun zoragarrian. Baina gazte haiek ikusita, Asiako India egiazkoan zeharo bederen sinesterik ez badago ere, geure barruan daramagun India horretan sinetsi nuen. Eta gazte haien mezu kementsuak nigan oihartzun harrigarriak lortzen zituela erreparatu nuen. «Retour du refoulé» ote? Ez dakit. Baina gazte burusoil laranjatsu haiek goiz hartan ematen zuten lekukotasunak, barnemuinetan ikutzen zuen. Neska-mutil haiek dantzan eta kantuz ari, kontsumoaren erdigunean bertan esaten baitzioten «utikan» kontsumo zibilizazio harroputz huts honi.
Beti miretsi ditut egiazko «provo»ak, beren buruz «provo» direnak, alegia; «correcto»ak, aprobetxategiak, modakoiak, eta «haizeak nora zapiak hara» moduko gizonak betidanik ere mespretxatu eta mespretxatzen ditudan bezala. Ez ditut kamaleoiak maite! Oxford Street-eko talde hura, horretara, oso gogoko nuen. Aitor dut.
Gure segurantzi giro ustelean, egiazko ostikoak iruditu zitzaizkidan aldizkariaren ekarriak. Azalean, perlaz eta pitxiz ederturik (josirik hobe!) heriotzatik libratzen duen «soma» famatua neskatila bat txirla batetarik edaten ari. Liburuskaren barruan, berriz, Vishnuisten bilduma txiki bat: irudi batetan Krishna xirula jotzen ari; anitz fototan ageri, bestalde, «His Divine Grace A.C. Bhaktivedanta Swami Prabnupada» jauna, gaur Krishnaren lekuko nagusia ageri denez; orrialde oso bat «Yoga» eta «Bhâgavad-Gita»ren azken argitaraketen berri emateko...
Hindutar ebanjelioa den «Bâgavad-Gita»ren aipamenak topatu nituen erruz, han eta hemen; eta denok iruditu zitzaizkidan «mini-skirt» eta takoi nabarmenen Londresen (eta Donostian eta Iruñen) probokazio eta kitzika huts: «Krishna Mogimendua Pertsona Absolutuaren ZIENTZI-hurbilkera bat da... Alimaleen EKONOMI-beharrak gureak bezain inportanteak dira... Prestuki jokatu beharra dago, HURRENGO BIZIAN jaiotza on bat izateko... Krishna berbera mintzatu zaio gizonari BIBLIAN eta Koranen»... Eta abar.
Gaurko teknikeriaren salaketa («maya»ren ekarle delako, lilura, ALIENAZIO ekarle delako) aurkitu nuen; eta hinduista heterodotso baina guztiz aparta izan zen Gandhiz oroitu nintzen; bai hartaz, bai gaurko Vinoba Bhave harrigarriaz; bai hindutar izpiritu-gidari guztiek, Vedaren eraginaz, gaurtxe arte munduari eta zibilizazio teknikari atxiki dioten mespretxu osoaz.
Batzutan Marco Aurelioz oroitu nintzen: «Egintzaz beraz ardura hadi —zion Krishnak, Vishnu-ren azken gizagundeak— eta ez behin ere egintza horren bitartez izan dituzkean fruituez»...
Eta «Anti-Düring» gehiegi, eta «Bâgavad-Gitá» gutxiegi irakurtzen direla ulertu nuen; eta honetan ez dagoela zer pozturik, ez zer loriaturik. Gizona eta gizonaren egarriak ez baitira atzo agertu. Eta gaurko hazkurri eta edariek okegin arte higuinduko baitute laister: sei Krishna-biltoki Alemanian, bost Bretainia Nagusian, lau Fraintzian, bat Belgikan, bat Holandan, dozenaka Ameriketako Erresuma Elkartuetan...
Oxford Street-eko gazte-multzo hura, horrela, geroaren aitzindari argitsua iruditu zitzaidan, eta ez ihartutako mundu zaharkote baten azken arrastoa. «Sanâtana Dharma» zaharra xehetasunetan xuxena ez bada ere, egia da funtsean; eta hurrengo idei-mogimenduaren iragarle batzu ezagutu nituela segur izan nintzen.
Gaurko filosofia batzutan, alderantziz, funtsean gezurra direla esan behar da, nahiz xehetasunetan egia izan.
Oraindik ere horrela, txilinak orroan gailen eta dantza etengabean, talde hura neure barruan gogoratzen dudalarik, sinbolo bat ikusi nuela iruditzen zait: gazte haiek ez zihoazen Selfridgera, baina Selfridge-tik itzultzen baizik.
© Txillardegi