TABU ETA MITOLOGIA

 

(1972-VII-15)

 

        Maiatzean argitara den «Cuadernos para el Diálogo»aren XXX-gn.alean, bi artikulu luze datoz ezkontzari eta dibortzioari buruz; eta orain arte gure gizartean tabu izan den gai hori (legearen mailan, bestalde, horretantxe dago) argi-eta-garbi aztertzen da.

        Ia horrekin batera, X. Kintana-ren «Behin Batean» azken liburua irakurri dut. Eta gainerako atalak, eta «Ukronia»ko errazkeriak batez ere, neure gogokoak izan ez ditudala aitortu behar badut ere, «Amore Maite» delakoa biziki istimatu dudala esan nahi nuke. Hots, Kintanak kapitulu horretan agertzen duen pentsakera-joera orain arteko tabu batzuen kontra artez doala gauza ageria da.

        Setsu-harremanen arazoa, honetaz ez da dudarik, giroan dago.

        Oraintxe, Uztailan, Metz-en izan den «LIX Semaine Sociale» delakoak ezkontza eta maitasuna izan ditu aztergaitzat; eta intelektual katolikuak berak, kasetetan irakurri dugunez, argiro eta lasai mintzatu dira setsutasunari buruzko gorabeherez. Aspaldiko partez...

        Sail honetan, beraz, badago liberazio bat. Eta oskurantista ez garen guztiok jotzen dugu txalo. Hain zuzen ere guk geuk, orain dela gutxi arte iraun duen tabu-giroa ezagutu eta jasan dugunok, jotzen dugu txalo gogozenik.

        Ezen Erdi-Haroko atso zahar, agure edo senton ez garenok ere (berrogei bat urte izatea aski) tabu-giro hori osorik ezagutu baitugu. Orain dela oso urte gutxi arte, ezkontzaz eta maitasunaz hauxe zen erakasten zitzaiguna (ezkontzaren helburuak, alegia, nagusitik axalera):

                1/ Jainkoari haurrak ematea;

                2/ haragikeriaren kontrako babespide lortzea;

                3/ elkar-laguntza ematea.

        Jasan dugun moral horren arabera, hortaz, setsutasuna eta maitasuna berezita zeuden. Setsutasuna haurrak izateko ez bestetarako erabil zitekean. Zenbat haur? Berriz ere berezkunde bat: setsua batetik, burua bestetik: nola gerta. Galdera bera pekatu: Jainkoak eman hainbat, bost, bederatzi, hamazazpi... Setsutasunak ez zuen helburu aipagarri bakar bat baizik: haurrak ematea.

        Bigarren puntuan, halere, eta ikus dezakezunez, bazegoen setsutasunarekin zer-ikusia zuen beste helburu bat. Baina berau ere ez zen maitasunari buruzkoa, haragikeriaren («keria», jakina!) kontrako babesa izatea baizik. Alegia: setsutasunaren lohikerietatik, satsukerietatik, zikinkerietatik eta likiskerietatik ihes egiteko bide gisa.

        Zeharo tabuak elikatzen zuen pentsakera hori gainbehera joatea, txalotu besterik ez da egin behar. Hau gauza ageria da. Nahiz kontzientziaren eta filosofiaren mailan moral-zarrakaera horrek askori ekarri dizkion kezkak eta zalantzak oso larri izan.

        Metz-ko bilkuretan, esate baterako, setsuaren atseginak eta amatasuna elkargandik berezita presentatu dira. Eta, alderantziz, atsegina eta sendimendua elkarturik, baita elkarren elikatzaile eta oinarri gisa. Ezkontza-aurreko setsu-harremanak berak, gaur arte madarikazio iturri, sendimenduak azkar erroturik eta datozkeen ondorioez bikoteak zinez jabeturik daudelarik, ez dituzte kristau moralista guztiek besterik gabe kondenatu.

        Hau guztia urrats gaitza da; baina, berriz ere, argia kanpotik etorri bide da Elizara, giza-askatasunaren sail hau jainkogabeek bultzatu dute, eta argi-egile ofizialen aurka ari da baztertzen oskurantismoa arazo garrantzitsu honetan. Argia behin eta berriz Ilunpeetatik bide dator. Ez da xehetasun apur bat, eta gazteek erreparatu egiten dute.

        Problema honetan, beraz, gainerakoetan bezala, farisauek maite dituzten erregela eta agindu jeneraletatik urrundu, eta gizonari dagokion erantzukizunaren moralera ari gara pasatzen. Moralak gizonaren errespetua izan behar du oinarri, eta ez funtsik gabeko tabuak eta hertsikeri ilunak. Moralak, euskarazko hitz berriak egokiro dioen bezala, «gizabidea» izan behar du.

        Setsutasunaren arazo hauei gagozkielarik, hortaz, emakumearen errespetua izan behar gidari nagusia; eta, hala nahi izan denean, datozkeen haurrekikoa. Eskubide osoa du emakumeak (gizonak ere bai, noski; baina emakumeak izan ohi du gaurko bikotean, gizartearen eta izadiaren aldetik, egoerarik ahulena) maitasunean eta setsutasunean bere nortasuna begiratzeko eta osatzeko; eta haren sendimenduek eta nahirik sakonenen errespetu osoa merezi dute. Hauxe da freinu bakarra, ene ustez. Emakumea ez da arraren jostailu bat, pertsona bat baizik. Setsu-harremanetan, haurrik etorriko ez bada ere (eta gauza ageria da gaur setsutasuna eta amatasuna bi gauza desberdin izan daitezkeala) emakumearen sendimenduen begiramendua dago gailen. Gizonok hau aitortzea bidezko da. Maitasunezko harremanetan bi parte daude, ez bat; eta bion zinezko adostasunetik at ez dago setsu-zapalketa besterik. Adostasunean, berriz, tabuak erauzi bebar.

        «Macho ibérico» negargarriaren ipuinak zeharo baztertu beharra dago gure aldetik. Eta aski lan! Gizona eta emakumea BI PERTSONA dira; ez pertsona bat eta «majefesa» bat. Emakumeak bere dei berezia du emakume gisa, ez arraren eraskin gisa. Mahomet-ek esan omen zuenez, gizonak sartzen dira Alah-ren zerura; eta emakumeen loria... gizonen loria betestean omen datza! Mahomet-ek horrelakorik esan ez bazuen ere, oso sarturik daude Euskal Herrian tankera horretako iritziak.

        Setsutasuna «a-priori»ko tabuetatik liberatzea, horretara, guztiz beharrezkoa zen; eta oraindik ere lan gaitza dago sail horretan, ia dena eginkizun dagoelako. Jokabide burugabeak nagusi dira oraindik; eta funtsik ez duten debekuek eta ikarek arrunt betetzen dituzte gizonen eta emakumeen arteko harremanak. Sail horretan gure gizartea arras bizi da oraindik errutasun-konplejo arkaiko, oso eta nabarmenean. Ezer ez da zilegi; baina, batera, emakumea ohera edo sukaldera.

        Badirudi, halere, batzuk ikusita bederen, tabu horiek hankaz gora botatzeko, beste mitologia berri bat eraiki beharra legokeala. Eta setsu-liberazio gisa, beste mito bat proposatzen da: alegia, emakumearentzat gizon kaskarinaren «superazioak» eskaintzen dira.

        Hots, gizona eta emakumea ez dira berdinak; eta izanari dagokion partea ez du kultura-iraultza batek aldatuko. Nietzschegandik hasi, eta Freud-ek, Hesnard-ek, Simone de Beauvoir-ek berak («Le Deuxième Sexe» ikus) funtsezko liferentzia hori nabarmenerazi dute. Emakumeak BESTELA irizten die setsutasunari eta maitasunari; eta errotikako bestetasun hori oso kontutan hartzen ez duten teoriek, emakumea berriz kateatuko dute beste muturretik.

        Oso arazo zaila da hau, jakina. Izadiak eta Kulturak, gizaizanak eta gizarte-kutsuak elkarrekiko muga nun duten asmatzea baita kakoa.

        On da, halere, tabu-girotik irteten hastea.

        Eta, ahalean, mitologia berririk gabe jokabide egokiagoak bilatzen saiatzea.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia