ZALANTZATAN DAGOEN APAIZ HORRI
(1971-IX-5)
Agur:
Elizak mundutar agertu nahi duen mementoan, apezgaitegiak eta komentuak hustutzen ari dira. Horra hor dato bat. Igandean mezatara joatea, baita herri txikietan ere, modaz pasatzen ari da; Garizuman lehenago haragi-uztea modaz pasa den bezala. Gurasoekiko errespetua eta amodioa gainbehera doaz; eta Europan zehar zaharrak ez dira etxen hiltzen, agure-etxeetan baizik. Mendetan zehar sexo-arazoetan gizarte-tabu izan diren erregelak, zaharrakatzen eta erortzen ari dira; eta «beti hala izan dela» esateak ez du gaur egia biltzen, eta hitz eroso bat besterik ez da: arazo honetan benetako «débâcle» bat dago. Hamabi urtetako neska-mutilek argi-eta-garbi esaten dute Jainkorik ez dagoela; eta hamasei-hemezortzirekin (kasu, bai geronen artean ere!) drogaren beharra nabaitzen hasiko da laister, Ameriketan eta Europan bezala (Polonia barne!). Ez da ia inor aurkitzen bizitza honetan «bidenabar» gaudela zinki sinisten duenik; eta inoiz Jainkoari bakardadean otoitz egiten duenik aurkitzeko, kandela bat ez litzake aski.
Kristau fedea atxikitzen duten fraileek eta serorek ez dute abitua ikusi ere nahi; eta komentua utzi, ezkondu, eta kalean eta kaletar gisa eraman nahi dute Jesukristoren mezua. Dena omen dago gainditua, «superatua»; eta zutik ez bide da deusik ere geldituko. Zuk zerorrek ere dena utzi, eta mundutar saltsan abiatzeko asmoa izan duzu behin baino gehiagotan; eta deliberoa ere aurki, itxura denez. «Apaiz berri» izan nahi duzu. Nork ez zinduke ulertuko?
Maila honetako krisirik inoiz ezagutu badu, ez du Elizak ezagutu aspaldi honetan horrelako gain-beherakorik; eta agnostiko garenok errepara dezakegu hau Eliza-barneko inork baino hobeki, nik uste. Ez dago aitor honetan hileta jotzeko gogorik batere. Krisia ez bait da instituzio-krisi huts bat, sinistun baikor batzuek sinistarazi nahi luketenaren kontra; Fede-krisi oso bat baizik. Ez da egia predikatzeko «modua» aldatu beharra dagoela, edo ebanjelioa «gaurko» problemen arabera azaldu behar dela, edo Eliza beste modu batera «antolatu» behar dela; eta, BESTERIK GABE, gauzak normal jarriko direla.
Krisia sakonago delako, bai instituzioak, bai morala, bai dena, koloka daude gure begien aurrean. Eta zu zeu ere bildur zera oso; eta ez zinake gaur inolaz ere ausartuko, esate baterako, kalean zehar, are gutxiago gazte-biltzar batetara, Asis-ko Frantses edo Ars-eko Apaizari buruzko liburu bat besapean daukazularik agertzera. Herabe zara kristau fedea, edo gelditzen zaizun azken apur hori, erakusteko. Defentsiban zaude osoki.
Soluzioa politikaren mailan aurkitu uste duzu. Egia esateko: joera hau konprenitzen dut. Ukatu ezina bait da Elizarekiko urrunera politika-mailan sortua dela askotan. Mendi-gaineko sermoia gidaritzat omen duen Eliza, indartsuen morroin agertu da eskuarki; eta indargabeen aldeko nahia, Elizaren kontrako iraultza bihurtzen da errazki. Zuk hau duzu gogoan, sentidu horretako tatxa-pilo eskerga garbitzen lagundu nahi duzu, eta aisa ulertzen zaitut. Baina krisiaren soluzioa, sinistuta egon, ez da politika hutsaren mailakoa, politika-mailan ondorioak izango baditu ere.
Kamaleoia bezala egitea erabaki bide duzu. Alegia: mundutarrak bezala jantzi, mundutarren kezkak ez beste onhartu, eta mundutarren nahiak, esperantzak eta helburu nagusiak (denak mundu honetarako, gisa denez) zeure egin. Hitz batez: «modan» jarri nahi duzu, edo jartzeko bezperan zaude. Asmo horretan abiaturik, ez zara aurrerakoan beste munduaz mintzatuko, mundu honetaz baizik; eta ez duzu gizonentzako zeruko loria bilatuko, lurreko zoriona baizik. Zure erlijioa horretara politika iraultzaile bihurtuko da; eta zure predikua, mitin ezkertar. Indartsuen laudoriotan eratutako politika lotsagarria egin beharrean, beste muturrera joango zara, baina politikaren mailan beti. Pilatos-en etxean egunero bapo afaldu beharrean, Pilatos-en kontrako iraultza muntatuko duzu. Eta ez da dudarik aldakuntza horretan Kristo-gandik bertago zaudela. Zeure kontzientziaren arabera jokatu duzu.
Nik neuk, era berean, neure barneak esaten didana esango dizut. Federik ez baduzu, Jesukristo galaxien egilea dela eta hil ondoren piztu dela sinisten ez baduzu, ongi egingo duzu molde hori hartuz; nahiz hobeki litzakean aurrerakoan Jesukristoren lekuko gisa ez agertzea. Kristau fedea baldin baduzu, berriz, mundutar moda horietara egokituz gaizki egingo duzu.
Laister Ameriketara joango den emakume gazte bat ezagutu dut berriki. Segurantzia haundiaz eta txit sutsu mintzatu zait kontsumo-gizarte nazkagarri honen kontra; baita 1.968-ko Maiatzean izan zuen itxaropen liluragarriaz. Ondoko gertakari hitsak, ordea, ilundu egin zuten, etsiarazi, eta betirako markatu. Partidu «guziek» saldu zuten iraultza orain dela hiru urteko aste gogoangarri haietan, eta denak zaku berean sartu beharra dago. Guztiz gogaituta, ameriketar talde iraultzaile batetara biltzea erabaki du senarrarekin eta haurrarekin; iraultza USA-n gertatuko bait da aurrenik. (Oharra: Mitterrand-en errainaz mintzo nintzen).
Zein iraultzaz mintzo da? Bi puntu nagusitara bil daiteke, ene ustez, emakume honen helburua: 1/ gaurko gizartean ez dago «maitasunik», zion ermuki; 2/ gaurko gizartean dena da «zikoizkeria» eta «txatxukeria». Mundu berri bat behar da, EGIAK argitua eta MAITASUNAK oratua. Helburu honi instituzio «guziek» egin diote uko. Gizarte osoa dago ustelduta, eta organizazioak «oro», baita ezkertar izenekoak ere, zeharo ondoratutazion. Ihes egin behar da Fraintzia-tik, ihes Europa osotik, ihes kontsumo-gizartetik, ihes orain arteko sasi-profeta guziei. Nor, ihes?
Aspaldian hau zitzakean erantzuna: «basamortura». Gaur ez: «Ameriketara», esan zuen ene lagunak. Nahikunde metafisiko bati, erantzun politiko bat eman dio, erantzun alienatu bat beraz. Ameriketara zion; Erresuma Elkartuetara hain zuzen; euskaldun zaharrek bezala esateko, «arraina burutik usteltzen hasten delako», eta kontsumo-gizarte honen burua USA delako.
Emakume horren desiretan eta etsipenetan ez dakusat sendimendu nahasirik edo funsgaberik. Beregan somatu dudan iraultza-garra fina da; USA-ko arrazakeria eta beltzen zoritxarra kondenatzeko erabili dituen hitzak, bidezko zaizkit oso; G. Jacksonen gartzelaldi ezin lotsagarriago eta heriotza bitxia gaitzesteko, edozein gizon prestuk erabiliko lituzkean hitzak eta arrazoinak aurkitu ditu; gidari harturik dituenak (Sartre, Angela Davis, Che Guevara, Jackson bera) gizon bikainak dira. Emakume hau, zinez, justizia-egarriak itota dago; egiazki dio kontsumo-gizarte doilor hau uzkaili eta hankaz gora bota behar dela.
Jende askoren azterpidea, iruditzen zaidanez, eta gazte prestu fin askorena bereziki, horixe litzake gutxi gora-behera; eta gure artean molde honetako pentsakera gaur lehen baino zabalago izatea, oso seriotan hartu behar da, altxor bikain bat delako gure gerorako.
Kontsumo-gizartearen GORAGALEA, eta berean nagusi eta jabe diren zapaltzaileekiko GORROTOA, ez dira sendimendu berri bat; eta zuk, apaiza izanik, ba dakizu Jesukristok MADARIKATU egin zituela bai aberatsak bai farre-egiten dutenak. Baina horiek gaur, nik uste, sendimendu zabalago, egiazkoago eta hedatuago dira. Etsipen etsiaren zabalkunde bildurgarriak ez du, erroan, besterik erakusten: gu ohitu egin bide gara lohiaga kirats honetan, baina gure begien aurrean mamitzen ari den mundu-mota bizi ezina da bere horretan.
Areago ere bai: ezagutu dudan emakume horrengan; eta politikaz etsi, beren ezintasunaz jabetu, eta drogatzen hasten direnengan, akuilu berbera bide da eragile: kontsumo-gizarte honi ihes egin nahi, baina ezin egitea. Hippy delakoek eta USA-ko ezker berriak elkarrekin lotura izatea, normala iruditzen zait: hauek eta haiek mundu hau gainditu nahi duten gizakumeak dira, eta sentidu horretan ezkertar. Besteak, mundua bere horretan baliatu eta uxtiatu nahi dutenak, eskuindarrak, pozik bizi dira kontsumo-gizartean; eta ihes egin beharrik ez dute senditzen.
Hots, zein da gaurko gizadiaren ihesi-nahiaren kakoa? Hemen, iruditzen zaidanez, batera letozke psikologoak eta soziologoak, literatura-joeren aztertzaileak eta zu zerori ere: ez datza kakoa mekanizazio edo automazioan bertan, ez teknikaren aurrerapenetan, ez baserria eta mendia utzi-beharrean, ez gizartearen hirikuntzan, ez klase-banaketan eta ekonomi-desberdintasun lotsagarrietan beretan. Kakoa bizierari SENTIDURIK EZIN AURKITZEAN DATZA.
Max Weber-ek bezala esateko, mundua «desliluratuta» gelditu zaigu, «désenchanté, desencantado». Kritikamenak hoztu egin du mundua, erantzi, kamustu, itsustu, lilura-gabetu. Eta haragia zeharo larrutu ondoren, hezur iharrak azaldu zaizkigu gorri-gorri; eta kosmoan arrotzak garela ulertu dugu. Ikaspen honek areago ukatu gaitu naturalezatik, dirudienez, lehenagoko soineko eta estalki koloretsu eta gezurtatzaile haiek baino... Bizieraren sentidua emateko balio ez duen egia, Egia ez bait litzan...
Sexotasunari buruz gertatu dena iruditzen zait gizarte-eboluzioaren eredu on bat: sexo-gorabeherei misterioa eta izkutukia kendu ala (eta eranzketa fenomenoaren neurria da) egoera txartu egin da; eta sexoari buruzko liberazioak ugaldu egin du neurotikoen armada, antibiotikoek minbizidunen ostea ugaldu duen bezelaxe. Giza-sexotasuna, bestalde, kontsumo-gai bihurtuz, glandula-mekanika axaleko bilakatu da; eta urrats honi datxekon deslilurari, barne-hutsunea jarraitu zaio. Sexo liberazio deritzanak, horretara, agertu egin du giza-egarriaren bestetasun funtsezkoa, eta ez ematu. Tabuaren zapalkerari, taburik ezaren desesperantza nagusitu zaio; eta lilura debekatu urrunari, deslilura gogaikarri ezin hurbilagoa. Sexotasunean funtsatzen zen guzia, eta arimaren elikatzaile ziren iturri freskoak, idortu egin dira.
Arrabotsa eta zalaparta gero eta beharrago zaizkio horrela gizon modernoari.
Ba dirudi, hitz batez, gaurko deslilura oso horrek bi aurpegi duela: bata misterioaren suntsiera, bestea bizieraren sentidurik eza.
Hots, batetik misterioan funtsaturik eman behar da munduaren azalpena, gauza nabarmena bait da mundua OSOKI dela misterio hutsa. Iritzi hau batzutan inkontzientea izanagatik ere, muinetan beretan iltzaturik darama gizonak: astrologiaren eta «Planeta»ren arrakastak lekuko.
Eta, bestetik, misterio horretan eraturik, gizonak helburu eder zabal bat behar du gidari, Absolutu bat, eta honen arabera bizierari sentidu bat eman.
Itzul gaitezen, beraz, orain zure asmora.
Zuk, adiskide ezezagun horrek, mezu bat dakarzu; eta mezu horretan misterioa eta bizieraren sentidua dira oinharri. Gaiari dagokionez, beraz, seguru egon zaitez: gizonak behar duen HIZKUNTZAZ mintzo zara misterio eta sentidu horietaz mintzo zaren guzietan. Eta, alderantziz misterioa eta bizieraren azken azalpena alde batera utziko dituzun neurrian, gizonak behar duen hizkuntzatik urrunduko zara.
Pilatos-en alde jokatzeak ez du barkaziorik. Hau garbi da. Baina Pilatos-en kontra, eta Pilatos-en mailan kontra, jokatzea ez da aski besterik gabe, trazendentzia-mezu orokor berezi baten ondorio ez bada. Pilatos ez da ebanjelioaren arazoa; eta Pilatosen defentsa, noski, are gutxiago. Beste modu batera esateko: mundutar moldera aldatu ala, zure mezuaren balioa galduko da; eta «ulergarriago» edo «baliagarriago» egin ala, ezabatu egingo da trazendentzi-mezu gisa.
Ez da egia zure mezua funtsean moral-mezu huts baten mezua denik: estoikoen moralak ez dio zorrik kristauenari gogorrez, ez zorrotzez. Zure mezuaren indarra honetan datza nik uste: gizonak barne-muinetan ENTZUN NAHI duen hizkuntza dela.
«Apezgaitegiak eta komentuak hustutzen ari dira» esanez hasi dut artikulua. Baina hau erants liteke ene ustez: apaizak mundutarrago, eta elizak hutsago. Horretan kausa/ondorio bikotea ikusi uste dut.
Mintza zaitez zeure mintzairan, eta entzuleak ez zaizkizu faltako; Absolutu-egarria ez bait da gaur inoiz baino apalagoa.
Izan zazu, hitz batez, mundutar hizkuntzei entzungor egiteko kuraia. Izan zaitez ulertu-ezina.
Ala konkordismoak utz, eta uztazu dena.
Bihotzez agur t'erdi.
© Txillardegi