FONFURUAK
(1971-VIII-2)
Ez zait inoiz ahaztuko, nik uste, lehengo eguneko gertakaria. Ba zetorren ekaitza —kasetek esan dutenez, aspaldi honetan ezagutu den bortitzena— eta, zeru beruna hurbildu ala, tximistak bertago, eta ozenago bihurtzen zen ihortzirion orroa. Zalantzarik ez zegoen: hodei itsusi haiekin kaskabarra heldu zen.
Orduan, lehendabiziko haize balekin batera, kanpai-hotsa hasi zen etxe-ondoko eliza zaharretik inguruko bazterretara zabaltzen. Kanpaiari haizeak eragiten ziola pentsatu nuen haseran, soinua apala eta jarraikia bait zen, ia-ia metalezko zurrumurru bat. Lehendabiziko jasak hasi ziren orduan, eta kanpai-hotsa beti etengabe ari, dei etsian.
Zer oten zen hura galdetu nien alboko etxekoei; eta hauek, jende eskolatua, guztiz lasaiki honela erantzun zidaten: «Kanpai-hotsak gesaldu egiten du kaskabarra, eta euri bihurtzen. Uzta horrela babesturik gertatzen da».
Ez nuen deusik erantzun, ez alde ez aurka. Kanpai-hotsak ordu erdi batez erauntsi zuen hala-hala; eta gero, turmoiak urrundu zirelarik, isiltasuna osoa nagusitu zen bazterrez. Eta, egia aitortzeko, han ez zen kaskabar alerik erori.
Zientziaren arabera ez da ulertzen, noski, kaskabarrik ez sortu horretan kanpai-hotsak ezertxotan ere lagun zezakeanik. Jokabide horretan, beraz, lehen Euskal Herrian oso zabaldua, oso gertakari gogoangarri bat dagoela iruditzen zait. Zeren-eta eskualde hauetako baserritarrak, teknikari eta ekonomiari dagokienez, ez bait dira batere «atzeratuak»; hemen ez da idirik ez mandorik ageri, telebista nun-nahi da ikusten, eta nekazaritzako makina berriak etxe guzietako lanabes dira. Armagnac-eko nekazari jendea, «modernoa» da. Kaskoina ere ez da maiz entzuten, eta haurren artean inoiz ez.
Halaz ere, ekaitza hurbil delarik, kanpaiari eragin; eta bai kaskabarra, bai barazuza, bai harria urtuko badira, «fonfuruak» jo behar. Ez 1100-an edo 1700-an bakarrik. Ez. Fraintzia-ko departamendu aurrerazale eta antiklerikal batetan, telebista-oihan betean entzun ditut nik fonfuruak 1971-an turmoia heldu aurretik. (Oharra: Lanne Soubiran-en izkiriatua, Monzon lagun).
Gaurko Gizadiaren berriaren axala, horretara, gauza ageria iruditu zait. Mekanizazioak, «mini»ek eta «midi»ek, eskolak, telebistak, berebilak eman duen kosmopolitismoak eta harat-hunatak, ez dute gizon «zaharra» hil; alegia, Kosmoaren indar izkutuekin mintza daitekeala uste duen gizona. Gizon «zaharrak» makinen artetik ateratzen du burua, askoz ere lehenago harri landuen artetik burua altxa zuen bezala.
Funtsean gizon «zaharra» atxematen da bizirik, eta gizon «berria» behin eta berriz makaldurik, larriturik eta burtzoraturik. Hobeki esateko: Gizona da bizirik dirauena, eta haren izuak eta esperantzak. Alegia: Kosmoaren aurrean ezintasunean galdurik eta abandonaturik dagoela inolaz ere sisistu nahi ez duen gizona. Hauxe da bizi; eta bestea, razionala, herio-suhar.
Atzera ote doaz fonfuruak, eta zegozkien sendimenduak? Baietz erantzun behar dela dirudi. Baina ez zait hau oso gauza segurua iruditzen.
Fonfuruak jotzea atzera doa bere horretan, hau bai. Hain zuzen ere, harritu egin nau ohitura hau bizirik aurkitzeak.
Baina gaurko gizon modernoak, fonfuruak jotzen ez diren hirietan beretan, ez ote ditu fonfuruak bestela jotzen? Ene ustez dudarik ez dago: bai. Eta «bai» oso bat eman behar da. Baina itxura-aldaturik datoz fonfuruak gaur. Bestelako gerizabide magikoak erabiltzen dira. Baina bai helburua, eta bai jokabidearen muina, berberak dira funtsean: Naturalezak gizonarentzako prestatu duen zoritxarra magiaren bidez uxatzea, Kosmo etsai hau magiaz adiskidetzea, behin eta berriz kaskabarra fonfuru baten bidez euri bihurtzea. Gaurko fonfuruak teknika-itxurakoak dira; baina kanpai-hotsaren kide ondorioei buruz... eta garantiei buruz!
Fonfuruak bizi dira.
Eta kakoa ez da iluna, ene ustez, eta ez berriki aurkitua ere: Adimenaren eta Biziaren arteko dialektikak argitzen du dena, baita izan ohi diren gora-beberak. Gure Unamuno aipa liteke mezu honen iragarle gisa. Baina ba dago haundiagorik ere: Friederich Nietzsche dugu beharbada denetan haundiena.
Oraingo gure zibilizazioan —ez txiripaz Zibernetikaren aita— Adimena nagusi, eta Analisia. Guraso zaharrak fameliatik bota, eta agure-etxe batetara eramatea oso «logikoa» da. Sexotasuna eta sendimendua elkargandik bereztea oso «erosoa» da, pilura batzuk lagun. Kanposantuek agerritik urruntzeak eta disimulatzeak baretu egiten du. Gure zibilizazioa profilasiaren eta asepsiaren zibilizazio idorra da. Gure zibilizazioa «razionala» da; edo izan nahi du, hobeki esateko.
Baina gizonarentzako funtsezkoena ez da izan Zibernetika jainkosaren araberako «adimen» hotz hori, gizonaren HELBURUEN zerbitzutan erabili behar den zibernetika laguntzailea baizik. Zailena ez bait da problema bat askatzea edo garbitzea, problema bat SOMATZEA baizik. Hots, gaur modan dagoen adimena zibernetikoa da, analitikoa; eta hortaz BIZIERATIK ETA SINTESITIK AT. Gizonaren kakoa, gizonaren patuari sentidu ematen diotena, baloreak dira, helburuak, jatorrien berri ematen duten hitzak. Eta xede hauek ez dira Adimen huts eta hotzaren sorkari, beste maila batetako bilakizuna baizik.
Zaratustra-ren esanak, gure zibilizazioaren krisiaren salatari, inoiz baino egiago dira gaur; eta Nietzsche, heren profeta heren filosofo heren olerkari (gizon haundi guziak bezala), BIZIAREN mailan mintzo delako, eta BIZIAREN beharren alde deihadarka hotsegin zuelako, 1971-ko igarletarik beharrena da.
Zergatik jotzen dira fonfuruak? Nola uler daiteke Lurde-ko peregrinazio etengabea, ehun urtez isuri ugarian ari? Nola uler daiteke Bernadette Zubiru neskatilla arloteak sortutako imajina-industria txundigarria? Nola uler Benares, La Mecca, Compostela edo Jerusalem? Nola konpreni hainbeste intelektual baikorren desliluratzea? Nola azal drogaren hedakunde bildurgarria? Nola «Planeta»ren arrakasta?
Ez naiz, noski, fenomenu horien guzien barne-egiaz arduratzen neure honetan, sortu duten giza-erantzun gaitzaren problemaz baizik.
Ene ustez, gertaera horiek guziok iturri berbera dute: besterik behar du Biziak; gaurko zibilizazioak eskeintzen ez dion zerbait.
Gizonak Kosmoan bakarrik eta alferrik iraungitzen den izakia ez dela sinistu behar bide du. Hau eskeini ez dion zibilizazioa, anitzetan madarikatu du. Eta bihar ere gurea, hau segurutzat daukat, Kosmoarekiko loturak zeharo eten nahi dituelako hain zuzen, madarikatu egingo du; eta «confort» hau eta gainerako hobariak penarik batere gabe basamortuko bakardadean ehortziko.
© Txillardegi