ERRORIK-EZA ETA GIZON ABSTRAKTOA
(1971-IV-24)
Bestetan ere aipatua dut neure lerro hauetan Georges Friedmann soziologilariaren azken liburu bikaina: «La Puissance et la Sagesse» deritzana. Eta nik aipatzea baino zuk irakurtzea hobe; ez bait dio benetan liburu askori zorrik. Ba du liburuan irakurleak zer pentsaturik eta zer kezkaturik.
Friedmann larritzen duten problemetako bat (Simone Weil kezkatu zuen bezala) gizon modernoaren «déracinement» delakoa da: euskeraz nolapait esateko, gizon modernoaren errorik-eza, des-erroztaera, erauzketa edo sustrai-falta. Teknikaren (eta areago automazioaren) soziedade honek, bai Ekialdean bai Mendebaldean, bai kapitalismoan bai sozialismoan, errorik gabeko gizon kolore eta «monodirezionala» ematen du. Eta egungo gizon horrek, ekonomi-estrukturen gainetik ere, gizaki-mota berbera ematen du: errorik gabeko gizon bat, gizon «horizontal» edo «abstraktoa».
Hots, gizon «abstrakto» honek ez du inundik ere ez barne-bakerik erakutsi, ez zorion-itxurarik, ez gutixiagarri eta irudigarri egin zezakeanik deus. Gizon berri horrek, beti, aztertzailea soziologo izan ala olerkari, filosofo ala langile soil, beti erortzen da gure aurreko soziedadearekiko malenkonian eta galdu-minean. Zergatik hori?
Gure arteko baikorrenek (eta ez dira urri) ez dute dudarik egiten: malenkonia, tristura eta belaskeria horiek ez dira sasi-azterketa eta atzerakeria baizik. Eta lasai gelditzen dira, munduak eta zibilizazio honek gizonari gero eta zoriontasun haundiagoak emango dizkion segurantziarik gotorrenean.
Ez nago ni, ordea, hala gerta dedin batere ziur. Gero eta zalantzakorrago nago, hain zuzen. Eta ez neure buruz neure gertakarien arabera mintzatzera uzten dudalako: honek ez luke garrantzirik. Baina irakurri egiten dut arazo hauetaz ahal dudana; eta gizon abstrakto eta errogabe horren trajeria gauza nabarmenak iruditzen zaizkit, nori nahi bezala. Gure zibilizazioari buruzko baikorkeriak gogoeta-faltaren haurride dira, nik uste. Eta zibilizazioaren beraren akatsak sistema-akats (politika-sistema akats, alegia) bihurtu nahi dituztenek, argitasun-eskasia berbera erakusten dute. Ene ustez, jakina. Friedmann irakurri behar lukete hainek.
Baina soziologilari izan gabe ere, gauza nabarmena da gizon «abstrakto» horren gezurra. Lur-sustraiak eta aberri-loturak betirako «gaindituak» dauden sentimendu farragarriak omen dira. Hitz batez: gizaro batetan sustraitu beharra ipuin hutsa litzake; edota Mundu Berri Zoriontsu eta Desalienatuaren Jaiotza freinatzeko aitzekia izkutu eta itsusi bat...
Ez dut uste benetan.
Eta neronek maiz solastatu dudan fenomeno bat aipatuko dut. Atzerrian bizi-beharretan dagoen jende dexente ezagutu ondoren (euskaldunak askotan), gauza bat esan dezaket: errorik gabeko gizon «abstrakto» horrek mito hutsa dirudiela. Errorik gabeko gizona, gunik ezean, ihartu eta hil egiten da. «Orhiko xoria Orhin laket».
Harrigarria litzake honi buruz estadistika batzu izatea, eta ez ditut. Baina egin aurretik ere, neronek erreparatu dudan fenomenoa beste edonork errepara dezake: atzerrian bizi direnen arteko proportzio haundi batek, barne-oreka zeharo galdu, eta psikiatraren laguntza behar izaten duela. Emakumeek batez ere. Frantses psikiatra lagun batek aitortzen zidan behin: «J'ai parmi mes clients actuels des Basques que vous connaissez; mais je ne vous dirai pas leurs noms. Vous seriez certainement étonné» (Zuk ezagutzen dituzun euskaldun batzu daude oraingo ene bezeroen artean; baina ez dizut haren izenik esango. Harritu egingo zinake eskierki).
«Diru-egoera txarra»ren bidez dena argitu uste izango luke zenbaitek. Eta, jakina, askotan diru-egoera oso txarra izanik, hein batez azal dezakeala pentsa daiteke. Baina psikiatraren behar gorritan gertatu diren desherritu aberats batzu ezagutzen ditut.
Bretainarrek inkesta mamitsu bat egin zuten orain dela urte batzu atzerrian bizi diren bretainarrez; eta, oker ez banago, «Ar Vro»n argitara. Eta behin ere ez zaizkit ahaztu ondorioak. Gutxi gora-behera, artikulua ez bait dut hemen, hauek ziren: atzerrian bizi ziren bretainarrak, proportzio bildurgarritan, ardoaren jopu dira; eta proportzio bildurgarritan ere erotu egiten dira. Batez ere «Bretagne bretonnante»ko semeak; alegia, bretaineraz mintzo den Bretaina-ko seme direnak.
Zergatik hau guzia?
Erantzuna gauza garbia da, ene ustez; errorik gabeko gizona, errorik gabeko landarea bezalaxe, ihartu egiten da, eta hil. Gizon «abstraktoa»ren teoria, nun-nahi etxekotua eta nun-nahi burruka jeneraletarako gertu, mito hutsa da: fededun berrientzako ipuin hutsa.
Gizonak, biziko bada eta munduarekiko eta bere buruarekiko arrotz izango ez bada, sustraiak behar ditu: sorterri-sustraiak. Gaur arteko zibilizazio zaharrak, gupidarik gabe arrastaka darabilgun zibilizazio madarikatu horrek, gizonari bihotzaren erditik behar duen erroztatzea edo sustraikuntza ematen zion. Eta gizonak «sentidu» bat aurkitu uste zion bere biziari, Naturalezarekiko harremanak atxikitzen zituen, eta sutondoan eskuak berotzea zer zen ba zekien. Ez dut galdutako parabisu bat artikulu-gai; baina parabisurik lehen izan ez den bezala, geroan ere ez da mamituko.
Gizon abstraktoa, ama duen teknika-zibilizazio «aurrerazale» honek, errogabe bihurtzen du, Naturalezatik arras berezten, eta ezinago zoritxarreko egiten. Astakeria guztiz sakon hauen ondorio hilgarriak ozta-ozta hasi dira agertzen: hyppiak, droga, kontestazio guztizkoa. Inoiz baino ageriago bait zaio gazteriari gure zibilizazio honen beltza, hutsa eta gezurra.
Mundua ez omen da atzera bihurtzen. Baina «atzera» zer den ez dakigu. Soziologilarien ustez, teknika-zibilizazioa, eta dagokion hiri-kuntza edo urbanizazioa, aurrera joango dira, nola-edo-hala. Gaixo bilobak...
Gauza bat ageri zait garbiro, dena dela: ez dakigula zer gertatuko den. Atenas eta Erroma suntsitu egin ziren. Eta Tiahuanaco suntsitu egin zen.
Errorik gabeko gizon «razionala» ihartu eta erotu egiten da; eta errorik gabeko herria, bastartu eta eskastu.
Euskal Herriak ba du oraindik lurtasun-sustrai hori. Otoi: ez dezagun gal. Zibilizazioaren krisia ezin nabarmenagoa da. Krisi horren giltzarriak aurrerapen abstraktoaren eta gizon monokromo, sustraigabe eta abstraktoaren «zorion»aren mitoak izanik, erokeria ezin eroago litzake soziologilariek erroztatu beharraren alde agertzen direnean, guk des-erroztatzearen alde jokatzea.
© Txillardegi