ALFERREI GUTUN IDEKIA
(1971-II-15)
Agur alfer hori:
Alferkeria ez duk munduan gauza berria. Ba zekiat eta ba dakik. Kokodriloen losusta luzeen berri duenak, nekez uka ziezakek saurioak alferrak direnik. Hots, saurioak Sekundarioan bizi izan hituan! Orain dela ez zekiat zenbat miloi urte!
Alferrarena egin ahal izateko erabiltzen diren aitzekiek, alderantziz, itxura «berria» hartu diate gaur. Funtsezko eta betiko alferkeria horren «superestrukturak» edo azalpenak, aldatu egin dituk. Alde horretatik, hi alfer «berria» haiz. Alfer «klasikoen» ondoren, alfer «berriak» agertu zarete gaur gure artera.
Hik ez duk, eskierki, Paul Lafargue-ren «Le Droit à la Paresse» liburu famatua irakurri, nahiz liburu horrek 90 urte izan. Jakin gabe, ordea, aitaginarrebaren teoriak baino maiteago dituk hik suhiarenak (parte hau bederen!), eta gogozago jarraitzen. Lafargue-k bezala hik ere «lanaren mistika» gorroto duk; eta, Marxen suhiaren teorien berri izan bahu, maizago aipatuko hituzkean heure alde. Lanaren mistika hori, burgesiaren «azken argudio metafisikoa» dela uste bait zuen, langileria zeharo eta bururaino zapal ahal izateko.
Aurreko mendeetan, betespenak, kontenplazioak alegia, ohore guzia merezi zian, eta bizimodurik gorenekotzat hartu ohi huan; beharbada mende haietan Eliza eta komentuak nagusi zirelako. Gaur batere ez. Gaur «american way of life» delakoa gutzaz jabetu duk, eta lan egin beharra zegok. Beharraz gain ere, ahal dugun eta plus-valiarik haundiena lortu behar omen diagu. Baina, horrekin batera etekinak noren poltsikura doazen aztertzen ez badugu, beteko diren poltsiku horien jabeen jokoa egiten diagu. Baietz, beraz: konprenitu uste haut.
Orain ba dakik, beraz. Laura Marx-en senarrak berak Thiers-en bitimak, Londres-a desherritutako sozialista ospatsuak, gauza bera esaten zian: alferkeria gizonaren ESKUBIDE BAT dela, eta «lanegiteko eskubidea» eskatzea astakeria hutsa... burgesiaren menpean bederen.
Ni neu ere sorkuraz alferra izanik, bai Lafargue eta bai hi konprenitzeko egoera onean nagoela uste diat: surangilek hainbat maite uste diat nik ere eguzkitan etzan eta kolperik eman gabe ordu pare batez egotea. Nork ez?
Eta ba zekiat, eta ez sorkura hutsez bakarrik, ba dagoela gure gizartean produktibidadearen mithologia bat, burgesiak oratua; eta, hau dela-ta, oso gaizki iritzia dela alferkeriaren defentsa. Gehien-gehienik alferra izan ziaitekek; baina alferkeriaren defentsa egitea ez duk haizu, ezin itsusiago duk; besteren lepora bizi direnei ziaiek itsusiena hain zuzen. Hik ba duk, ordea, alferkeriaren teoria bat egiteko ausardia. Ez oso bikaina izanik ere, zorionak biltzea merezi dik hire kemenak.
Dudarik gabe, beraz, hire jokabidean ba ziagok zerbait funtsezkorik; edo izan ziaitekek.
Gizonaren kakoa, bestalde, ezin ziaitekek lanaren arabera eta lan-ordutan neur; batez ere lan-ordu horiek, janari-bilaketa-ordu besterik ez direnean: helburuz eta izanaz faltsutuak. Hein batean, gizonaren gizatasuna janari-bilaketa-ordu horietatik at mamitzen duk. Sentidu honetan, horrengatik, hire jokabidea, eta lanari dioan gorrotoa, ongi ulertzen dizkiat.
Bigarrenekorik, beraz, hire laguntza «sistema»ri eman nahi ez dioala diok. Hik ez omen duk inolaz ere nahi burgesia ezertan indartu, eta ez duk sistema barruan lanegin nahi. Gaurko lana alienatua ziagok; eta hik salatu eta errefusatu egiten duk. Bego. Horrek guziak ba dik bere funtsa. Aitor diat.
Baina hire jokabideak oso kutsu txarra uzten dik nigan; eta, sinistuta egon, are kutsu txarragoa uzten dik langileengan. Zeren-eta hik gure gizartearen lana arbuiatzen duk, baina gizarte horren ekarriak, BESTEREN IZERDI ETA NEKETAN MAMITUAK, lasai eta gostuan erabiltzen dituk. Ez haiz basamortura joaten, gizartearekiko mespretxuz; kafeterietara eta trabenetara baizik. Mutila haiz!
Langileak «sistema»ren barruan ezin-bestean eta bizi-beharrez ari dituk lanean, ez ziagok zalantzarik; beren bizia hondatzen ari dituk ere bai; eta hire jokabidea jauntxokeria bat iruditzen ziaiek. Nola ez? Eta hire argudioak eta abileziak, nahiz Lafargue-ren nahiz Marcuse-ren soinekoz jantzirik, alferkeria erruduna eta nabarniena iruditzen ziaizkiek. Ezen Lafargue-k eta Marcuse-k besterik esan eta besterik egin ere bait zuten; baina hik, itxuraz bederen, iraultzaz kalaka ugari eta alferkeriari eutsi.
Langile askok eta askok ez zekitek goiz bateko astia zer den. Betidanik, haurtzarotik beretik, EGUNERO lantegi batera edo baserriko eginkizunetara inoiz hutsik egin gabe joaten akitu eta zahartu dituk; eta goiz bakar batetan alferrarena egitea zer den ez diate jakin. Arrantzale, nekazari eta industri-langile askok eta askok ez diate sekula astegun bateko astirik ezagutu... gaisorik egon edo erretiroa hartzean izan ezik. Orduko astia miseriaz eta oinazeaz nahasia irentsi behar izan diate. Lehenago hil direnek ezta hori ere. Eta hori gaur, lehenago erretirorik ez bait zegoen. Hik defenditu nahi dituan horiek, beraz, ez diate behin ere dastatu, igandez kanpo, astiaren gozoa. Horietxek dituk, beraz, zapalduak, ez hi. Hire zapalketa teorikoa duk, alegiazkoa. Hi ederki bizi haiz, bapo, lasai. Langileen zapalketa, berriz, pratikoa eta egiazkoa duk: hauetxeak bizi dituk alienaturik, loturik, eta astirik batere gabe. Kontuz, beraz.
Hi ez haiz oraindik «sisteman» sartu. Zorionak! Ez zak ahantz hori lujo bat denik. Ez pentsa gero lujo apala: lujorik haundiena, hain zuzen, denbora eta astia ezin bereztea!
Irain haundia duk txiroarentzako aberatsek beren ondasunak lotsarik gabe haren aurrean erakustea eta beren indartasunaz harroputz agertzea.
Baina irain larriagoa duk, nik uste, DENBORA ALFERRIK HONDATZEA ETA XAHUTZEA. Egunero goizeko hamaiketan ohetik jaikitzen dena, egunero arratsaldeko lauretan oraindik ere mahainetik jaiki ez dena, egunero berriketa aspergarritan denbora pasatzen duena, beharbada oso egokiro mintzo duk «sistemaz». Hik ere ederki egiten duk. Baina ni bildur egiazko langileei, egiazko zanpatuei, asti zer den jakiteko 65 urteak bete behar dituztenei, eta egiazko sozialistei, ez ote hatzaien hi «sistema» bera baina higuingarriago.
Ez diat inolaz ere esan nahi goizetik arratseraino (eta ahal baduk, gainera) eten gabe «lanean» egon behar duanik, are gutxiago zein lan-motatan. Hori norberak ikusi behar dik bere helburuen arabera... eta bere patrikaren arabera!
Ez hori bakarrik: ni ados negok funtsean Lafargue-rekin; eta pentsatzea, gogoeta-egitea, eta izadiaz goza ahal izatea, lehen mailako eskubideak iruditzen ziaizkidak. Lafargue-ren batere gogaide ez zen Mahatma Gandhi-k ere astero hartu ohi zian «isiltasunaren eguna»; pentsatzeko, otoitz egiteko, bere buruarekin solasean egoteko; eta, hitz batez, «alfertasunean» igarotzeko. Ezen horretan ez bait dago «keriarik».
Gauza bakar bat gogorazi nahi nian gaurkoan: astia urrea dela, urrea baino baliosago ere bai. Eta hik, itxuraz, asti hori alferrik hondatzen duala. Gogoan har zak, otoi: langile askok, gehienek gaur arte, astia zer den ez dutela bizi guzian jakiten ahal. Eta langile horiek eta nik neuk hi sinis hazagun, astiarekiko errespetu osoa eta ezin haundiagoa erakutsi behar diguala aurrenik.
Azken ohar bat bukatu aurretik. Horrela jokatuz, hire esanetan bederen gorroto uste duan «sistema» hori, heuk gotortzen duk. Gizarte berriaren eredutzat heure burua aurkeztuz, heuk ematen diek aitzekia eder bat sozialismoaren etsaiei. Heuk uzten dituk farragarrri heure burua eta, okerrago dena, zinez eta egiazki «sistema» horren kontra egiteko dena eskeintzen dutenak.
Denbora galdu nahi izatekotan, ez hadi plazara ager; izkuta hadi bederen. Izan zak astirik gabe bizi direnekiko errespetu apur bat.
Agur t'erdi!
© Txillardegi