ZIFRA BATZUK

 

(1970-XI-4)

 

        Joan den Urrian, beste urtetan bezala, Bichat-eko Elkarrizketak izan dira. Eta oso dato gogoangarriak aipatu ditu prentsak. Oso kontutan hartzekoak, batez ere, gizonak jasaten dituen gaitzak eta zanpaketak nolakoak diren garbi ikusteko.

        Sexotasunari buruz orain dela urte gutxi arte tente egon ziren hesiak gaur eroriak direla idatziz ez dugu inor harrituko: hori gauza ageria zaigu denoi.

        Zifrak mintzo direlarik, ordea, nabarmenago agertzen bide da egoeraren kakoa eta nolatasuna.

        Estadistikek erakusten dutenez, Ameriketako USA-n «gizakiaren eritasun bakteriatsuetan lehendabizikoa blenorragia da. Hain da zabala gaur, gaitzaren kontrako soluzio bakarra txerto bat izango litzakeala. Izurrite-maila hartua du hiri-gisako puntu guzietan».

        Ez USA-n bakarrik. Fraintzian, esate baterako, 200.000 kaso gertatzen dira urtean. Bretaña Handian 1960-tik 1969-ra arte, %-78 goititu da sexo-eritasun honen kopurua.

        Hauek eritasun bati dagozkion zifrak izanik, sexoaren arazoaz gure gizartea zertan den somatzen ez da zaila: aspaldiko hesi moralak funditu egin dira, gazteen artean batez ere.

        Zein adinetan laxotasun hori? Honetan, beharbada, estadistikak harrigarriago zaizkigu. Pilura dela-ta, ikastoki guzietara zabaldu dira hesirik gabeko sexo-ohitura berriak; eta, neskei dagokienez (13 urtetatik 16-etarakoak) hauek dira osagileek eman dituzten zifrak. Sexo-askatasunik handiena Bretaña-Handian dago: adin horretako ehun neska ikasletarik 63-k izan dituzte sexo-loturak. Segidan Alemania dator (%-60), gero Noruega (%-54), gero USA (%-47). Oso neska gazteri buruz ari garela ez ahantz. Mutilei buruz ez dut datorik ikusten, baina gorago jo beharra legokeala bistan da.

        Hots, soziologilari batek ongi esaten duenez, hau ez da harritzekoa, gizarte guzian egiten den propagandak «banalizatu» bait du sexo-lotura.

        Baina sexotasuna erotismorik gabe ez bait da gizonaren betegarri, eta ez gutxiagorik ere, sexo-laxotasun honek, erotismoa hilez eta pornografia hutsera bultzatuz (gaur ideki da Alemanian aurtengo bigarren pornografi-erakusketa... Alemanian bakarrik hau), sakondu egiten du gazteriaren hutsunea; eta lehen erotismo gizatar batek elikatzen zuen lilura erauziz, gaztaroaren lilura nagusia erauzi duela iruditzen zait.

        Morfina, heroina, LSD, eta gainerako drogak, horretara, gero eta maizago erabiltzen dira; eta, era berean, gazteek darabilzkite gehienik, ez helduek. Ottavioli-ren Txostenak orain dela hilabete batzuk erakutsi zuenez, toxikomanoetan %-eko 90-ek 30 urte baino gutxiago dute (21 urte baino gutxiago kasoetatik %-40ek). Eta hau zion: «le milieu scolaire ou étudiant se trouve aujourd'hui davantage atteint par la toxicomanie».

        Nagusiek aski dute beren ogibidearekin. Omen hau ere, ordea; ezen Georges Friedmann soziologilariak dionez, gizon modernoak ez du astia maite; eta askotan, herririk aurreratuenetan, ez diru-beharrez baina bere buruarekin bakartasunean ez gertatzeko, bigarren lan bat hartzen du! Zerbaitetan «hala-beharrez» ari delarik, ez du ezertan pentsatzen, eta lasai dago. Baina, libro delarik, pentsatzea gertatzen zaio; eta hauxe nahi ez, USA-n garbi agertzen hasi den bezala...

        Gauza bera gazterian. Itxuraz bederen libroago delarik, inoiz baino aurrerago joan bide da gizartearen kontrako bere ukaeran. «Gauchisme» delakoa dugu ukaeraren aurpegi bat; «hippy»-ismoa da bestea. Lehenengoan oraindik ba dago mundu honekiko esperantza bat; bigarren arbuio osoa dago, basamortuko bakarti haietan bezalaxe.

        Gazteria ez da, beraz, batzuek ikus-arazi nahi diguten zoro multzoa, axalez irribarre eta barnez zoriontsu. Gazteak nagusiak baino kezkatiago eta tristeago bizi dira askotan. Nagusiek etsi egin dute, eta ohitu egin dira. Gazteek ez beti. Ez askotan.

        Eta hauxe da gogorrena. Pertsona helduetan Europan heriotza-bideetan suizidioa laugarren heriotza-saila den bezala, gazterian... heriotza-iturri nagusia suizidioa da! Hesirik gabeko gazteria horrek bere buruaz beste egiten du inoiz baino maizago! Suezia-ko soziedadeak suizidio-mailarik gorena ematen duen bezalatsu.

        Zer adierazten du honek guziak?

        Ez dakit.

        Baina gizonaren liberazioa zer ote den ez da batere xinpleki agertzen zifra bildurgarri hauetan.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia