«LA FROUSSE DU DIMANCHE»

 

(1970-I-31)

 

        «Plus de la moitié des gens a la frousse du dimanche»: jendearen erdia baino gehiago bildur zaio igandeari. Hauxe esaten zidan lehengoan baionar adiskide batek; eta, jakin gabe noski, gaurko soziologilarien sospresa-buru eta katramila-iturri bihurtu den egia aipatzen zidan.

        Alegia: jendeak ez duela astirik izan nahi. Jendeak lanegin egin nahi duela funtsean, hori uste ez badu ere. Jendea, horrengatik, ikarak dago jai-bezperan; eta, ene adiskideak egokiro zion bezala, igandearen bildur da.

        Hauxe da hain zuzen Georges Friedmann soziologilari ezagunaren azken tesia (irakur, otoi, berriki agertu duen «La Puissance et la Sagesse» liburua), eta argi eta garbi aitortzen digu berak, ez zuela horrelakorik espero. Uste zuen G. Friedmann-ek, gehienek bezala, lanegin-behar aspergarriaren loturatik libratu nahi duela gizonak; eta, teknologia aurreratu ala, gizonak pozik baliatuko eta uxtiatuko zituela bere asti berri guziak. Eta ordurarteko denbora baldindu horiek —alienatu horiek, hobeki esateko— nolanahiko lotkia guzietatik at jarriko zituela, eta hutsik utziko.

        Ez da horrelakorik gertatu, ordea; eta Friedmann'ek aitortzen duenez, nahasi egin ziren soziologilariak hori pentsatuz: ez bide da egia gizonak lanaren hersturatik eta loturetatik irten nahi duela: «Etxeko lanak, diru-ordainik gabeko 'bricolage' delakoa, etxen behartasunik gabe egiten den lana, alegia, ez bide zaio aski. Beste lanbide ordaindurik bilatu behar du kanpoan, eta, batez beste bederen, behartzaile behar du izan bigarren lanbide horrek».

        Kasu! Ez dut nik esaten, eta ez inork, hamabi orduz lanegitea kirol bat edo festa bat denik, ez seta hutsa! Gaur gaurkoz, urritasunaren garaian gaudeno (Sartrek bezala esateko), bizi ahal izateko egiten da lana, eta astirik ez dago, edo ia. Erdipurdi edo gaizki bizi ahal izateko egiten da lan, baita osasunarentzako akigarri den moduan. Zer esanik ez orain dela ehun urte, kapitalismo gaztearen mendean... Honek ez du dudarik.

        Baina nork bere burua eta familia mantentzeko behar dituen lan-orduak gutxituz doaz. Eta Ameriketako Erresuma Elkartuetan, gonbarazio baterako, eta Europa-ko herririk «aurreratuenetan» (Suezia, Suiza, Alemania, Holanda) astiaren arazoa sortzen hasia da. Astean 36-an-ordu, eman dezagun; eta gutxiago. Langile batzu, beraz, gero eta langile gehiago, astia izaten hasi dira: denbora apur bat ba dute egunero (larunbata eta igandeaz gain) libroki ari izateko, eta diru-lanari datxezkon ordu alienatu batzuk gutxienez alde batera uzteko.

        Hots, zer gertatzen ari da USA-n? Astia duen jende horrek «bete» egin nahi duela asti-unea, «lotuta» pasa nahi duela denbora hori; edo, ene adiskideak zion bezalatsu esateko, astegunetako igande-pusken bildur dela: «ez da batere gauza segurua pertsona guzientzako, irabazketa haundiago izan eta astia luzatzeko aukera gertatu, eta nahi-ta-nahi-ez, asti luzeago baten eskaera benetan egingo denik».

        Igandean oso erraza da pentsatzera eta gogoeta ilunetara lerratzea; eta jendeak, orain inkestek erakusten dutenez, lanegin nahiago du (baita bi lekutan, baita hirutan) igandeko asti-une geldi horietan bere buruarekin heriotzarat ari topo egitea baino.

        Mintza bekigu berriro Georges Friedmann: «ongi-biziaren bultzada, eta 'standing' edo bizi-maila delakoa, urrun daude bigarren lanbidearen kakoa arras argitzetik: askotan, aitzitik, bai lanean eta bai lan-ezean somatzen den barne-ikarari ihes egiteko bide bat da bigarren lana: biderik kilikagarriena eta errazena hain zuzen». «Egiazki —dio Friedmann-ek— langile askok ez du asti luzeagorik bere esku izan nahi».

        Behin eta berriz dio Friedmann-ek lanak taxutu edo «estrukturatu» egiten duela gizonaren biziera; eta, honen bidez, falta ohi zaigun «biziaren zentzua» lortzen dugula. Lanak, hitz batez, paketu egiten gaitu geure buruarekin, lasatzen, eta erantzun argirik gabeko galderetatik urruntzen. Lanak, beraz, alienatu egiten gaitu; baina esan ohi den mailan baino sakonkiago. Lanak estali egiten du gizonaren benazko egoera.

        Sasi-terapeutika hau ongi ezagutzen dugu. Nancy Morse eta Robert Weiss-en inkestek erakutsi dutenez, galdera egin zaien langileetarik %-eko 80-ek hau erantzun dute: baita bizi-beharrak beharturik ez baleude ere, lanean jarraituko lutekeala...

        Psikologilariek, bestalde, gauza bera esaten dute. Friedmannek Erich Fromm aipatzen digu. Honek, psikiatra askok bezala, sentidurik-ez eta helbururik-ez ezin sakonago horretan somatu uste du gaurko gizonaren ihes-egin-beharraren kakoa. Eta hau dio: «Eragile edo bultzagarri horien inportantzia haundia (alegia, diruaren, indarraren edo izen-onaren bilaketa errabiatuak) pertsona alienatuak bere barne-hutsuneari ordari edo konpentsazio-kide bat aurkitu nahi izateak horretaratzen du; eta ez, askok hau uste bait du, eragile horiek berezkoak eta inportanteenak izateak».

        Soziologilariek, hortaz, harriturik, hau aurkitu uste dute: erretiro-aldia, lan-eza eta lanegin ondoko astia, anaia bixkiak direla; eta sosaren arazoa ez dela beti haiekiko izan ohi den bildur ezagunaren kakoa. Hau barneago dago itxuraz.

        Friedmann-en teoria zientifiko hauek aisa sala daitezke «burges»tzat. Ez zaio arrisku hau frantses jakintsuari itzuri. Baina gizonaren barne-kezka eta sentidu-behar horietan sinisten ez dutenek, ez dute gizonarengan urdail-betearen problema baino goragokorik ezer konponduko; eta, aski dela esanez, batetik irain egiten diote gizonari; eta, bestetik, laister bilduko dute, sinistuta egon, beren sukaldekeriari dagokion txerrijana eta hondakin-uzta. Gizona gauza apurra da, bai; baina ez da ogi hutsez elikatzen. Gizartearen gaitzak sakonago dira urdail gorabehera guziak baino; nahiz hauek dauden bitartean, hau egia hutsa da, besterik somatzen zail izan.

        «Astia barne-hutsune bat bezala hartu ohi dute Ameriketako langileek», ekiten du Friedmann-ek. «Hutsune hori diru-emale den brikolajeen bidez betetzen dute zenbait aldiz, beste batzutan bigarren lanbide batez; eta ez bakarrik 'diru-gose' direlako ('money hungry', sindikatoetako zuzendariek esan ohi dutenez); baina baita hutsune hori bete nahi dutelako».

        Jendea igandeari bildur zaio, hitz batez, oso bildur. Bai, jauna. Eta nekez uxa daiteke arazo-iturri funtsezko hau axalean gelditzen diren fraseologiez.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia