NORUEGA'KO «SUPERMARKET» BATZUK GAINBEHERA
(1969)
3.800.000 lagun, 324.000 kilometro koadratu, 2.500 kilometro Ipar'etik Hego'raino. Horra hor Noruega hozki aurkeztutzeko modu bat.
Noruega ezagutu duen bat, ordea, ezin diteke hortan geldi. Noruega olerkiaren aberri berbera baita. Ni neu, bederen, ez naiz aurrerakoan gauza izango, malenkonia kutsu nabarmenik gabe Noruega'ri buruz ezer pentsatzeko edo idazteko.
Aspaldidanik somatzen nuen, hau bai, Knut Hamsum'en liburuetan eta Edward Grieg'en melodia hunkigarrietan. Noruega'n aurkituko nuela, joatekotan, illunabarretako isiltasun geldi hori. Eta aurkitu egin nuen gainezka; eta, beste euskaldun batzuk bezela, iparralde horietarako joerak kilikatzen nau bortizki. Euskal Herria'n ezagutu dugun amai-giroak argitasun epeletara bultzatuko baikintuen gu, eta ez Mediterraneo'ko betetasun haragikoietara.
Noruega'ko bazterrak ezagutu ondoren, gure inguruetan Izadia erdi-Izadi besterik ez dala aitortu beharra dago; eta gure urrutietan bizi diran baserritarrik bakartienak, kale betean bizi dirala!
Geilo'tik pasa naiz ni, esate baterako, Oslo eta Bergen'en arteko bide erditsuan, mendi-mendian. Herriska urrun hartantxe hil zan berriki Trigve Lie famatua aspaldian ONU'ko lehendakari izana. Igarotzerakoan Maiatzaren hondarrean ginan; eta eskualde menditsu garai haietan Geilo'ko aberrian bertan lakuak hormaturik zeuden oraindik eta elurra inguru guzian nagusi. Eguraldia epela eta eguzkitsua izanagatik ere kaminoa elur lodian idekitako hildo hestu sakon bat besterik ez zan. Gure Larraine edo Uztarrotze hiri ondoko hauzo erosoak iruditzen zaizkit Noruega'ko herriska haien ondoan.
Itsasertzean jakina danez eta «Gulf Stream» dalakoari esker, giroa askoz epelagoa da. Oslo'ko kaia ez bide da sekulan histen. Hiri ederra Oslo, itsasoko kolkoak ugari eta ikusgarri, zurezko etxeak eta hormigoiezkoak alkarren lehian ugaltzen ari; baina, Belgika'n eta Holanda'n bezela, familia-etxetxoak milaka hiriaren ondoko inguru guzian. (Noruega'koak, noski, danak zurez eginak).
Kaiarengatik beharbada, eta arrain-azokari darion usainarengatik eskierki, gureago atxematen da Bergen'go hiria. Kai zaharreko Hansea'ko etxeak erasten dute urruntasuna.
Telemark'eko bakardadeetan baserri guziak dira zurezkoak; eta gauza bera baserri guzien ondoko ukuilua eta bizitegia. Hirukote horiek oso tipiko eta desberdin egiten dute ikuspena.
Hunek guziak, alabainan, ez luke etorlearen bihotza inarrosiko. Fiordoek hunkitzen dute bihotza. Eta Noruega'z oroitzean, ikuskari bat dago gailen hura ezagutu duenarengan: fiordoak.
Noruega ez dago aldamenean. Baina olerkiaren ahalmena piztu edo indartu nahi duten euskaldun guziei, aholku ziur bat emango diet nik: aukera gertatzen zaielarik, zalantzarik gabe fiordoen bakardadean elikatzera joan ditezela. Hardanger'ko eta Sogne'ko fiordoetara bereziki.
Fosse'ko erroitz ikaragarrietan behera iritxi nintzan ni igaz Ejfiord eta Kinsarvik'a. Inoiz ez dut nere burua apalago eta ezteusago ikusi, eta Izadiaren edertasun kupidagabea nabarmengo eta gaitzago. Uxolak ehunka metrotan behera, arkaitz gogorrak zut mila metrotako paretak osatuz, kresal usaina ezin sarkorrago aidean, itsas-gain geldi hura ispillu baten pareko, ontzi zuribeltz hura fiordo-beso meharrean barrena urruntzen ari, goi eskerga guzietan elurra zuri-zuri; eta isiltasun giro hura urratuz, urrutiko uxolen zurrumurru jarraikian eten gabe ari, anitz antxeta eta kaiuren oihua... Gustave Doré'ren marrazkiek han dukete iturburua; eta horrengatik izan ziran Dante'ren dina.
Pake harrigarri hura ezagutu dutenek, illunabar luzakor haietan pasean ibiltzeko zoriona ezagutu dutenek, ongi ulertzen naute: malenkoniaren Arcadia Noruega'n dago.
Bainan Izadiak Naturalezak, Noruega'n hunkitzen badu ere, noruegatarrek berek ez gutxiago. Bergen'go inguruan, esate baterako, ugarteak milaka daude, kilometrotan zehar sakabanaturik, eta ontzien bidea oso zail eginez. Arkaitzezko ugartetxo gogor askotan, zurezko etxe bakar bat agiri da: ugarte hartan arrantzale-familia bat bizi da. Bat, eta ez bi. Handik bostehun metrotara, beste ugarte ñimiño batean, beste familia bakar bat. Eta abar. Bergen'an joateko (itsasoa oso nahasia ez badago...) ordubete behar da, edo ordu pare bat...
Fiordoetan, halere, harrigarriagoa da ikusten dana. Fiordoetan dauden herriak oso txikiak dira: Ulvik, Odda, Ardal, Norheimsund, edozein, herriska txiki-txikiak dira. Eta Ballestrand, esate baterako, koskorragoa baldin bada, estatuek egin dute haundiago, Ballestrand bakantza-leku baita. Hori hala izanik ere, fiordoetako arkaitzezko hormetan beretan zintzilikaturik uretara jeisteko ere nondik joan ditekean ulertzen ez dalarik, etxetxoak agertzen dira han hemenka...
Noruegatarrak, aspaldiko vikingoak bezela, itsastarrak izatea derriorrezkoa da. Itsastarrak eta artistak. Kon-Tiki'ren eratzailea noruegatarra izatea konprenitzekoa da, Noruega'tarra itsasoan eta mendian murgildua bizi baita. Hamsum'en libururik ezagunenak, Nobel-Saria balio izan zionak, «Pan» du izena; eta Pan Izadiaren jainkoa da.
Zer eman du Noruega'n mundu berriak? Aldakuntza haundiak, noski. Norainokoak diran zail da jakiten.
Baina Flugesand jaunak supermerkatuei buruz berriki esan duena oso gogoangarria iruditu zait: «Ba dago ere —dio Flugesand'ek— eta nik nekatu gabe esaten dut behin eta berriz, Noruega'ko pentsakera. Berriketa apur bat eginez erostea maite dugu guk. Giza-hartu-eman horri atxikitzea oso inportantea iruditzen zaigu: helburutzat daukagu alkarketa-eta horiek ez galtzea. Noruegatarren izakera da hunen kakoa. Saltzailearen eta eroslearen arteko alkarrizketak lotura bat sortzen du gurean, eta lotura hori ez dugu inolaz ere galdu nahi»...
Hau da Flugesand jaunak eman duen azalpena. Gertaerak izuturik baititu ekonomikoiak eta amerikanismoa bereutetzat dutenak: alegia super-merkatuak ez dira batere aisa ari Noruega'n: jendeak ez ditu maite. Haundienetako batzuk hetsi ere behar izan dute; eta beste mordo bat koloka omen dago. Galestixeago ordaindurik ere noruegatarrak alboko lagunari erostea nahiago du!
Nola ukatuko beraz fiordoez gain, ba dagoela Noruega'n zer miretsirik?
© Txillardegi