EDDY MERCKX ETA SYLVERE MAES

 

(1969)

 

        Lerro hauek idazten ditudan momentoan, ez dakit Merckx'ek Fraintzia'ko Ingurua irabazi ote duenetz. Egun gutxi falta da jakin dezagun, halare; eta garaizailetzat jo diteke.

        Hau dala-ta, eta bidezko danez, anitz aldizkaritan agertu da gogoeta berbera: Belgika'k ez zuen «Tour» dalakoa 1939 ezkeroztik irabazi: urte hartan Sylvere Maes'ek garaitu zuen 30 minutu Vietto'ren aurretik. Belgikarrak milaka abiatuko dira datorren larunbatean «Parc des Princes» aldera beren txapeldun berria txalotzera. Lehendabiziko tren berezia iragarrita segituan bete da!

        Fraintzia'ko Inguruak ba du —eta irakurleak nik bezin ongi daki— bere alderdi txarra: ilabetean barrena Europa'ko herriek (Euskal Herrian, eta Erdal Herrietan gauza bera...) arazo guziak alde batera uzten bide dituzte; eta txirrindularien gorabeheretan jartzen bide dute arreta guzia. Berez kirol bat besterik ez zana, hortara, txirrindularientzako dirubide bihurtu da (Europa'n bai, beste tokitan ez beti: Bolibia'ko Ingurua, gonbarazio baterako, diru-saririk gabe jokatzen omen da; eta jarraitzaileentzako, telebistaren bidez edo prentsaren bidez jarraitzaile diranentzako diot, alienazio nabarmen bat bihurtu da. Robic'ek aste hauetantxe eman duen argibide itsusia ez da-izan kontrakoa...

        Herri xehearengandik besterik itxarotea, halare, ez ote da utopia bat?

        Ez noa, halaz ta guztiz ere, alde hortatik jotzera nere huntan: kritika hori bestek egingo dute nere ordez (dagoeneko egin ez badute beren...). Eta nik beste ikuspuntu bat agerrerazi nahi dut nere artikulu huntan. Alegia, Fraintzia'ko Inguruak ba duela askorentzat (nahi ez badugu ere, urte koloregabe eta legunen aztarna besterik ez bada ere) urruti-kutsu gazi gozo bat; eta urte bakoitzari kanta igarokor bat ohi dagokion bezelaxe, askoren bihotzetan, eta neurean ere bai, aspaldiko txirrindularien izenek eta gorabeherek ba dakartela beti joandako urteen urrin bitxia.

        Merckx'en arrakastek, horrela, neuri eta beste askori eskierki, gerra nagusiaren aurreko giroa dakarkigute saihetsetik. Merckx'en bidez, René Vietto, Gino Bartali, Guy Lapébie, Slyvere eta Romain Maes, Tiéthard, Trueba, eta garai urrun haietako txapeldunak agertzen dira. Eta hauekin arras loturik, urte haietako haurtzaroko oroitzapen ahaztuak. Neretzako, esate, baterako, Sylvere Maes'en izena zeharo lotuta dago Ondarreta'ko ondartzarekin: Fraintzia'n hiru urtez egondako adiskideek eta lehengusuek, berriki etxeraturik, erakutsi ziguten «Tour» delakoa zer zan. Ez genuen orduan ulertu haien frantsestasunak zer adierazten zuen...

        Fraintzia'ko Inguruak, hortara, urteen iraganaren azkarra nabarmenerazten du miloi askoren kontzientzian; gauza agiria baita txirrindularien ospe gaitzak urte gutxitan ez duela ia aztarnarik ere uzten. Brusela'ko Gare du Nord'en ondoan ba zegoen, hain zuzen, oso gutxi arte (bera hil arte), bizikleta bat ezagugarri, Maes famatuaren trabena apal eta ez-ezaguna. Nola uka hunen ikuspenak erruz pentsarazten zuela?

        Eta nik ez dut uste konturatze edo oharrera hunek batere kalte egiten duenik, nahiz askotan oso agirikoa ez izan. Garai bakoitzak, berri bakoitzak, pertsona bakoitzak ia-ia, bere jainkoak ditu; eta jainko-sistema horrek ez du besterentzako ez baliorik ez itzulpenik. Estrukturalismoan gaude bete-beteean. Mitoek jarraitu egiten diote alkarri, multzotan; baina gaurko mitoak ez dituzte biharkoek desegingo, uxatuko baizik. Ez dago funts aldakaitzik: «konnotazioa» beti da desberdina. Bartali eta Merckx bi aroren lekuko dira, bi biziera-urteren idarokitzaile, bi mugarri belaunen segidan.

        Orain 40 urte dituztenek, gogotiago irakurtzen dituzte «Orain dala 30 Urte» sailean Sylvere Maes'en eginak, gaurko Merckx'enak baino; eta gehiago dutenek, gogotiago irakurriko lituzteke Franz'enak, Leduc'enak, Bottechia'renak edo Thys'enak... Bizi legea da.

        Ez dakit nik hau zertan izan ditekean guztiz kaltegarri, gizonaren kakoaren irudi garbi bat ematen baitiku kirolaren hizkeran: danok gera geure aldiaren eta geure kondaira-zertzeladen seme eta jopu. Bidezkoena eta jatorrena ausarki aitortzea litzake.

        Nekez egin ohi dugu, ordea. Ondikotz!

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia