ZINEAK GUTXITZEN ARI

 

(1969-III-4)

 

        Hein batean bederen, zinea gain behera doa. Ez itzaltzera edo ahaztutzera doalako, hau ez; teatroa joan ez dan bezela. Zineikusleak, halere, gutxitzen ari dira Europa guzian. Hitz batez: zinera doan jendetza hurriago da gaur orain dala urte batzuk baiño; eta hurritzea ez da oraingoz gelditu.

        Estadistikek argiro erakusten digute hau. Belgika'n, esate baterako, hauxe da zine-egoera:

                1962-an: 1432 zinema-areto

                1968-an: 820 zinema-areto

        Azkeneko sei urteotan, beraz, %-eko 42 izan dira hetsiak. Ia-ia erdia.

        Habailla hortan, beraz, laister galduko du zineak orain dala zenbait urte zuen inportantzia.

        Zer egiten du jendeak, hortaz, zinera ez doalarik? Irakurleak berak ere ba daki: jendeak telebixta ikusten du. Telebixta nagusitu zaio zineari urte gutxitan. Eta zinearen eragiña ukatzen duenik ez dago, nik uste. Hots, telebixta herrikoitu eta ugaldu ala, eragilleago bihurtzen da. Herriarengana irixteko bidea, beraz, gero eta garbikiago, telebixta da.

        Ondorio larriak ditu fenomenu hunek. Herriaren moldagintzan, pentsakeran, hizkuntzan, estadistikek ongi erakusten dutenez, telebixta da gaur urrutitik nagusi; eta, Belgika'ko kasoak agerrerazten duenez, gero eta inportantzia haundiagoa hartuko du. Telebixtaz jabetzeko burruka (De Gaulle'z gogoratzea aski da) gero eta latzago egiten da nun-nahi.

        Zer egingo dugu guk, beraz, euskaldunok, telebista osoki erderaren menpean dagoen artean? Deus ez! Besterik gertatzea miraria litzake. Gure etorkizuna eskolan jokatzen da, dudarik ez. Baiña telebixtan ere bai, eta ez gutxiago. Telebixtak gidatzen ditu herriak gaur Europa'n, telebixtak igarotzen baititu aterik izkutuenak eta hestuenak.

        Gure euskera maitea «mendi-tontorretan garbi eta orbangabe» beti egongo dala predikatzen zuten zozoak ixildu egin bide dira. Gaitz erdi! Baiña estadistikak erakusten dituen dato bildurgarri horiek kontutan ez hartzea, tontorzalekeria litzake. Eskolarenaz gain, badugu euskaltzaleok helburu nabarmen bat: telebixta euskeraz.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia