CLAVEL FEDEAREN SUKARRAZ MINTZO

 

(1975-VI-13)

 

        Liburu batzutan egilearen txukun-nahia eta itxurakeria aski nabarmen soma badaitezke ere, beste muturrera eramaten gaitu Maurice Clavel-ek bere «Ce que je crois» liburu berrian. Ez baldarki egina delako, ez. Baina gure mendeko Isaias bailitzan bero-beroan mintzo zaigu Clavel, egiaren egarriak eta Fedearen segurantziak bizkorturik. Liburu harrigarri honek kiskaldu egiten gaitu, zinez, geure kuntzetik ateratzen, galda goriz eta ximiko zorrotzez oratua balitz bezalaxe (Edit. Grasset, 34,00 F).

        Clavel ez da esamesen batere beldur. Bost axola zaio bere esanak nola hartuko ote diren, moda eta errazkeria guztiez trufatzen da. Urte askotan barrena mundutar bideetan gaindi errebelaturik ibilitako gizona, Lip eta 68-Maiatzaren defendatzaile suharra, «Libération» eta beste ekintza «gauchiste»ren laguntzaile beroa, besterik ere bada: gaurko Clavel, ez lehengoa, kristaua baita; eta kristau agertu nahi du bere burua. Oso berandu arte ez gomertitua, Paulo eta Agustin sainduak gogorazten dizkigu; eta lehenengoaren hitzak bere eginez, hauxe esaten du: «Ez naiz ni mintzo, baina Kristo mintzo da nigan».

        Aitor hauek, jakina, gaurko Europan, eta ezker muturretik jalgiak batez ere, zeharo bitxi gertatzen zaizkie ezkertar ofizialei, Lacan-ek behin «progresista estacionario» deitu dituen horiei. Clavelen liburua probokazio hutsa da, herronka hutsa; mila aldiz gogorragoa, ene ustez, modako dogmakeria eta pornokeria guztiak baino. Clavel kontrakarrean dator osoki; eta zaku berean sartzen ditu gaur sasi-bidetzat jotzen dituen guztiak, «Sorbonako marxo-husserlo-heidegerriano-sartro-freudo-structuralo-nietzscheo-marxisme» bataiatuak. Errespeturik? Batere ez! Clavel ikonoklasta da.

        Kontrakarrean dator, hasteko, «kristau aurrerazala» delakoei buruz: «Ils ont si peur d'être les derniers chrétiens, qu'ils seront les derniers marxistes!». Euskaraz esanda, hain dira beldur azkeneko kristauak gertatzeko, azkeneko marxistak izanen direla. Marxisten eta kristauen arteko «elkar-hizketa» horiek eskarniatzen ditu ezin gupidagabekiago; eta kristau «progre» delakoen aurkako irainetan ez da txikikeriatan gelditzen: «Il y aura toujours une avant-garde d'Eglise pour relayer l'arrière-garde du Monde à l'instant même où elle s'évapore! Pareils aux résistants de 1945, ils découvrent Marx quand c'est mort, le prolo quand il est bourgeois, la lutte de classes quand elle est devenue foire d'empoigne de cinq à six catégories sociales!»...

        «Opio» iruditzen zaio marxismoa, «mito», nik dakita zer besterik? (= le marxisme est un opium, un mythe, una projection, un phantasme», 177); eta marxismo «zuzen»ari buruzko «okerkuntza» famatuetan ez du mendrenik ere sinesten: Proudhon-ek, gogorazten digu, 1844-an (eta stalinismoa baino lehentxeago, beraz, alajainetan!) hitz hauek izkiriatu zizkion Marx-i: «zure pentsakerak beldurtu egiten nau gizonen askatasunaz oroitzen naizelarik». Clavelek, horretara, osoki arbuiatzen du marxismoa; ez puntu honetan edo hartan bakarrik, ez eskuin aldetik; baina halaz ere gizartearen alienatzaile nagusitzat dauka, eta «azken pozoina» deitzen du (= le dernier poison, 198).

        Kontrakarrean ere, guztiz, «filosofi kristau» guztiei buruz. Fedea bizi egin behar dela uste baitu Clavelek, Jainkoaren deiari erantzunez; eta ulertu eta azaldu nahi guztietatik urrun. Nortu egin behar da Jesukristo. Kant-en ekarria betirakotzat joaz, kristautasunaren «azalpen» eta apologetika guztiak gaitzesten ditu. Fedea adimenetik at dago. Fedea adimenera bildu nahi izatea, hain zuzen, Fedea hiltzea da. Mistikoek bezala izkiriatzen du Clavelek, eta mistikoek bezala sinesten: harrigarriak dira honi buruz, mistikoetatik kanpo bederen, Fedearen eta setsu-amodioaren artean Clavelek egiten dituen pareketa ausartak. Urrun gaude «Ce que je crois» honetan «haragikerien» arbuio errabiatuetatik! Bertago senditzen dugu Nietzsche, Pla-y-Deniel zena baino!

        Kontrakarrean ere Clavel egungo munduaren gaitzaren giltzarriaz: egilearen iritziz Jainkoa falta du gaurko gizadiak, baina ez omen du aitortu nahi: «pour ne point avouer qu'on a tout perdu avec Dieu, et d'abord soi-même, on s'en prend a n'importe qui et à n'importe quoi». Bideak erratu bakarrik ez, beraz: helburua bera da hutsegina Clavelen ustez; gizona bere baitara dezakeen bakarra Jainkoa baita. Baina «Jainkoa» esanez, Jesukristo bera aipatu nahi du Clavelek.

        Nori ez zaio hizkera hau ezinago harrigarri gertatzen? Zenbait apaizen predikuak entzunda, nor da Jesukristoren mezuaz eta esperantzaz mintzo, eta nor besterenaz? Badaki Clavelek: «Ez naiz ni gauza —dio— eta ez dut egin behar ere, jesuita horren bidea hartzeko; Hegel-en mezua salbatu nahiago baitu berak bere lagunurkoaren arimak baino... Hegelen fedea, ordea, atxiki edo lortu nahi dutenek, aski dute Aita agurgarri horrengana joatea».

        Baina Clavel, Agustin bezala, ez da gizon txintxo istilu-gabe horietako bat. Clavelek ezagutuak ditu mundua eta loria, bidaiak eta atseginak; eta ez du izkutatzen. Bere ondokoei beharbada min emateko moduan («je ne comprenais pas ce qui l'avait retenue (bere emaztea, alegia) auprês de cette vieille loque méchante», 10), gorri-gorrian, bere mila amodioez mintzo da ausarki: «femmes, femmes».... Harrokeriarik gabe aipatzen ditu bere arrakestak sail horretan: ez bide ditu urri izan! Eta egoki mintzo da beti, jator, egiazki. Gauza bera bere nobelez eta antzerkiez. Gaur 54 urte dituelarik, ezagutua du munduaren loria, gizon handien adiskidetasuna (hunkigarria Mauriac-i buruz diona). Bihotzez ere, eta espanturik gabe, izkiriatzen du berak jasandako eroaldiaz: luzaz gaisorik egon ondoren gomertitu da idazlea, nahiz gaisoaldi horretan «sekula ez» Jainkoaz oroitu.

        Pascal du maiteenik agian, eta askotan aipu; baita Kierkegaard, Unamunoren «anaia bizkia». Michel Foucault-en pentsamenduari jarraitzen zaio bertatik, Fraintziako intelektual asko bezala, Foucault oso inportantzea izan daitekeela sinetsirik (ikus «Magazine Littéraire»ren banako berezia, Foucault-i buruz, número 101, 1975-ko Ekainekoa; 6,00 F).

        Eta gure giro itsu geldian (ideiei buruz ari naiz) ezin aproposago dator hori guztia.

        Ezen, funtsean, zerk bultzatu ote ditu Clavel eta Garaudy ezin desberdinagook, guztiz modaren kontrakarrean, iturri beretik edatera? Zer gertatzen da Europa «intelligentzian»? Zer adierazten du honek guztiak?

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia