LEVI STRAUSS GAILEN
(1973-VI-5)
Zail da munduan iragarle on izaten. Eta Levi Strauss-en eta estrukturalismo guztiaren hileta jotzeko beharra garaitu ez zutenak, ez dira iragarle hobe gertatu: «1968ko Maiatzak —esan zuten delako hiletari presatuok— betirako desegin du estrukturalismoa. Modaren fruitu zena, gainerako modak bezala berehala suntsituko da orain».
Althusser-en ahuleziak eta heterodotsiak berehala salatu zituzten ortodotsoek; Chomsky-ren esanak berehala presentatu zituzten batzuek azken hitz modura; eta batzuen iritziz, Levi Strauss denon branka edo denez, gauza bera: «kitto duk» entzuten zen bazterretan orain dela bizpahiru urte.
Ez nintzen ni orduan, eta are gutxiago gaur, batere iritzi horretakoa. Gizonaren ezaguerari buruz, egiaren partetzat daukat estrukturalismoa. Baina, jakina, gai hau kaseta-artikulu labur batez baino sakonkiago aztertu behar litzake; eta agian egingo dut (berriro ere!) halako batez liburu berri edo aldizkariren batetan.
On izango da, halere, gaur hemen zerbait bederen gogoraztea. Ilara nabarmenean, hiru koroa hartu berriak ditu etnologilari famatuak udaberri honetan (nahiz hirugarrena, itxuraz, arantzazko koroa badirudi ere...)
Alde batetik «Erasmo Sari» garrantzitsua jaso du Holandan (pitin bat Nobel-Sariaren kidea). Bestetik, ia harekin batera, Parisko «Académie Française» ospatsurako hautatua izan da. Eta, hirugarrenik, (eta ez arrakastarik axalenekoa, beharbada) «Esprit» hilabetekari ezagunak berriro ere, eta hiru edo laugarren aldiz gutxienez azkeneko hamar urteotan, bereziki aztertu du, baita gordinki eraso ere, Levi Straussen filosofi-ekarpena (ikus «Esprit», 1973-III, Domenach).
64 urtetan, hortaz, ikerturik, arakaturik, eta alde eta aurka solastaturik ikusten ditu «Tristes Tropiques»en idazle jakintsuak bere burua eta bere izkribu eskergak.
Zergatik? Zertan datza bada Levi Straussen ekarpenaren muina? Zein da haren ideia nagusia?
Haren pentsamolde zabalari gagozkiolarik, hiru argi funtsezko somatu uste ditut nik Levi Straussengan, eta hirurak gaurko euskal modako joeretatik arras urrun aurkitzen.
* * *
Levi Strauss etnologilaria da aurrenik; edo, nahiago baldin baduzu, gizarteen, etnien eta herrien ezagutzan eta gonbaraketan bereziki zaildua eta hezia. Herri arkaikoen erlijioen kataderaz arduratu da Parisen urtetan barrena.
Etnologi-ikerpideetan, hitz batez, oso handia da Levi Strauss, garai honetako handienetakoa segurki. Gaur arte, hain zuzen, etnologilaririk bat ere ez zen Frantses Akademiaren mailaraino iritsi. Kasu honetan, aldiz, etnologoa bakarrik ez baina idazlea eta gizarte-filosofoa saritu da. Zer dio, beraz, jakintsuak, gai honetaz? Zer deritzo gizarteari?
«Erasmo»ren irabazlea pluralista da osoki eta denean; hau da, ez da monista, ez du GILTZA BAKAR BAT ikusten denen funtsean. Ez du inolaz ere sinesten, esate baterako, gizadi guztia ibilbide edo bilakabide berberetik doanik; eta gizarte-plegu honi edo hari nahi-ta-ez segidan «hurrengo»rik datxekonik. Ez du inolaz ere sinesten gure zibilizazioa berez besteak baino «aurrerago» dagoenik, eta hortaz «atzeratuak» gero honetatik pasa beharko dutenik. Ez du inolaz sinesten, ideien mailan, ideia batzuk besteak baino «aurrerago» datozenik, eta hortaz, piskanaka, «fase» horretara denak geroenean helduko direnik.
Errelatibista da osotara, eta arrazakeria guztien etsai («Arraza eta Kondaira» liburuska edo Brasilgo genozidioen kontrako agiri ausartak irakurri besterik ez da behar). Hizkuntzak desberdinak diren moduan (eta ez hau beste hori baino «aurreratuago», eta abar) iruditzen zaizkio zibilizazioak eta kulturak desberdin eta pareko.
Kondairaren «aurrerapenak» oso oso errelatiboak eta zalantzazkoak iruditzen zaizkio; eta Kondairaren «sentidu» famatu hori, XX. mendeko mitologia huts.
Ez hori bakarrik: kulturen eta gizarteen arteko desberdintasunen ezabaerak edo galerak gizadi-dinamikaren beraren suntsiera ekarriko lukeela iruditzen zaio; eta eten gabe mintzo da berdinkeria guztien kontra: herrien bestetasuna behar du gizadiak, kulturen aniztasuna eta desberdintasuna atxiki behar dira: «II faut revenir à la complexité et à la diversité».
Hortik zer entzuten da, ordea?: «Saludamos toda asimilación étnica y cultural no forzada como un paso al frente positivo en la marcha hacia una sociedad única y planetaria»...
* * *
Levi Straussen jakintz-adar berezia (azken hogei urteotan batez ere) MITOLOGIA izan da. Mitologiaren azterketari jalki zaio gogotik, eta hemengo eta hango, gaurko eta atzoko, mitoak ikertu ditu. Zer aurkitu du funtsean?
Ez batere gure arteko sasi-jakintsuren batek (gaur!) egiten duen politikeria errazik, baina mitoan pentsakera eta antolakera-moldearen funtsaren batasuna. Maila honetan, bai: giza-izpirituaren batasuna atxeman du akademiko berriak.
Ez beraz mitoen mamiaren mailan, ez Kondairaren balioaren mailan, ez klase-aitzekien mailan bertan ere; baina mitoen OPOSIZIO-EGITURAN, mitoen ELKAR-OSAKETAN, mitoen giza-izpirituaren ERANTZUN-BEHAR sakonen mailan. Mitoek ARGITU ETA AZALDU egin nahi dute mundua; eta argibide eta azalpide hori ALDAKAITZAK DIRA FUNTSEAN, nahiz gero nahi bezala erabiliak izan. Horretan bai —esan digu— badago mitologia guztien artean, eta denboran barrena, FUNTSEZKO BATASUN BAT. Mitoen batasun honek, beraz, ez du oinarria politikazko edo ekonomiazko EZINTASUNEAN (gizonaren INGURAMENDUAN, alegia), baina gizonaren PENTSAKERAN BERTAN baizik (alegia, gizonaren ADIMENDU-EGITURA GORDE ETA INKONTZIENTEETAN).
Politikaren mailakotzat jotzen diren alienazioak, hortaz, sakonagoak dira; eta frogak mila aldiz emanaz ditu Kondairak. «La conception d'un entendement menant une ACIVITE AUTONOME et asservie d'abord à elle-méme se trouve à mes yeux confirmée par la découverte et le déchiffrement du code génétique, cette langue universelle qu'utilisent toutes les formes de vie, et où l'on peut voir le PROTOTYPE ABSOLU dont, à un autre niveau, le langage articulé répercute le MODELE auquel restent associés les noms de Troubetzkoi et de Jakobson» (Jean Pouillon-ek bildutako deklarazioak, Nouvelles Littéraires, 1971-X-1).
* * *
Levi Strauss, azkenekorik, biziki uzkur agertzen da —lehenengo puntuan adierazi dudanez— gizadiaren «aldakuntzei» dagokienez. Ez ditu ganbiamenduak berehala sinesten, eta sasi-iraultza asko somatzen du. Horretatik haren kontra zabaldua den «eliatista» deitura: alegia, anti-dialektiko eta gelditasunaren aldeko. Eta MODELOEN MAILAN hala da Levi Strauss.
Teorien atzean, dio, teoria horien ELKAR-OSAKETA ETA AURKARITZAK aztertu behar dira. Mitoak suntsitu egiten dira Kondairan zehar, bai; baina mitoen arteko ESPERANTZA ETA ULERKETAREN EGITURA GORDEA ez da batere aldatzen. Aurrerapenik ez dago kultura batetik bestera pasatzean: aurrerapenak BARNEKOEK EZ BESTE sinesten dituzte. Brahma-Siva-Vishnu ahazturik ere, HIRUKOTE HORREN EGITURA ez da aldatzen, Dumézilek erlijioen gonbaraketan frogatua duenez.
Mitologiak eta sinesteek SISTEMAK osatzen dituzte, sufijoek eta soinuek SISTEMAK osatzen dituzten bezala. Gizonaren azken jokabidea eta azken egarria ulertzeko, argi handiagoa eman dezake Hizkuntzaren jakintzak, gainerako giza-jakintze baino. Zeren-eta gizonaren kakoa bere pentsakeraren EGITURA IZKUTUAK baitira, eta ez, banaka harturik, USTEZKO arrazoinak.
* * *
Ez da harritzekoa, beraz, Piaget, Freud eta Levi Straussen artean ideia-lotkia harrigarriak topatzea. Eta hiru jakintza-gizon aparta horien egokiera sakonak, Levi Straussen ekarpenaren BALIOA adierazten du, ene ustez, eta ez inolaz ere berorren iritzien hutsala.
On litzake, beraz, egiaren bila ari diren euskaldun intelektual gazteek balio hori kontutan hartzea; eta, ahal dutelarik, akademiko berriaren libururik funtsezkoenak bederen (teknikoenak ez badira ere) irakurtzea; hau da: «Race et Histoire», «Anthropologie Structurale» eta «La Pensée Sauvage».
Ez dut uste irakurria damutuko zaienik.
© Txillardegi