BERTRAND RUSSELL HIL DA
(1970-II-12)
Hirurogei urte zaharrago ni baino, sekulan ez nik buruz-buru ikusia (neretzako zoritxarrez!); eta, halere, gure ondoko adiskide min bat galdu dugula iruditzen zait. Ez gure ondoko lagun arrunt bat, gure gaineko lankide eta gidari argitsu bat baizik.
B. Russell'en biziera miresgarria aztertzen saiatu naiz aspaldidanik. Bere autobiografian berak argiro erakasten duen bezela, hiru gauzak bultzatu zuten munduan: Eros'ekin lotua dan maitasunak, Egiaren egarriak, eta zapaldutako gizonekiko kupidak. B. Russell gizon aparta izanik, eta nik apalki segi ahal izan dudanaren neurrian, hiruetan miretsi dut: bai amodioaren olerkaria, bai zientzia-gizona eta filosofoa, eta bai erreboluziolaria. Hirurak batera gizon berarengan aurkitu: ez da maiz horrelakorik gertatzen.
Goitasun hortako gizon baten emana artikulu batera biltzen ezina da. B. Russell ekintzan iruditu eta jakintzan irakurri egin behar da; eta hortara bultzatzen saiatuko naiz ni.
Russell matematikalaria zan batetik. Bere «Principles of mathematics» eta geroko «Principia Mathematica» (hiru liburutan), egiazko aintzindariak izan omen dira gaurko Logika eta Matematika berrietan. Fisikari buruzko bere lanak oso inportanteak izan dira, era berean: bai materiari buruzkoak, eta baita errelatibidadeari buruzko liburu labur baina trinkoa ere: Einstein ia inork konprenitzen ez zuen garaian argi eta errazki azaldua.
Oso gaztetandik jainkogabe, Russell sinistuta zegoen erlijioak kalte ikaragarriak ekarri dizkiola gizadiari. Bere «Zorionaren bidea»n oso hotzean, baina oso gogorki ere bai, mintzo zaigu erlijioaz; ez berez filosofi-problema zaiolako, kondairan izan dituen alderdi txarrengatik baizik. Jainkoaren hipotesia ez zaio «batere beharrezkoa» iruditzen; eta Jainkoa «sobera» dagoela uste du. Munduan, «kosmo atsekabe hontan», zentzugabe iruditzen zaio Jainko on, amultsu eta zuzen bat sartu-nahia. Zentzugabe eta kaltegarri.
Ohitura-arazoetan Russell guziz zegoen gure soziedadearen Moralaren kontra. Sexo-kontuetan bereziki, ezkontza hautsi-ezinaren etsai porrokatua zan (eginetara paseaz lau aldiz ezkondu zan, 80 urteetan azkenekoz!). Bere maitasunez argitara dituen gutunak nik ezagutu ditudan ederrenen artean jarriko nituzke, 1950-ean, jakina danez, Literaturako Nobel-Sana jaso zuen.
Erreboluziolaria zen ezkero, sozialista ere zan arras eta 'lord' izan arren, kapitalismoaren kontrakoa izan zan osoki. Wilson'en politikaz nazkatu arte (Wilson'engatik utzi zuen Labour-Party), bere erresumako sozialistekin jokatu zuen betidanik. Marx'en filosofia ez zuen halere inoiz ontzat eman: marxismoan teologia berri bat antzeman zuen hasieratik. Eta, horrengatik, anarkismotik bertago egon zan marxismo-leninismotik baino. Ez zuen honek, halere, eskubi aldera eraman: 1963-an, esate baterako, Sartre'ren laguntzarekin, Viet-Nam'en «Tribunal Russell» famatua sortu zuen, amerikatarren genozidioa salatzeko eta agerrarazteko. Baina, era berean —eta Sartre'k bezela berriz ere— 1968-an Txekoslobakia'ko okupazioa salatu zuen. Régis Debray'ren alde jokatu zuen, bai; baina Soljenitsine'ren alde ere bai. Russell ez zan manikeotarra, ezta teokrazia baten morroin ere.
Oso gogoz gomendatzen diot irakurleari 1920-ean B. Russellek idatzi zuen politika-liburu sonatua: «Théorie et pratique du bolchévisme». Lenin, Trotsky, eta gainerakoak ezagutu ondoren, zail da sinisten orduantxe Russell'ek dana hain garbi ikusi zuela, eta etorkizuna hain zehatz igartzea. URSS'eko dogmakeriaren arriskua, askatasunik eza, burokrazia berriaren nagusikeria: dana esana dago liburuan Stalin ezaguna ere ez zalarik (hontan argiago izan zan Bakunin, egia esateko, akats berberak orain dala ehun urte salatu baitzituen...). Oso inportantea iruditzen zait, batez ere, burokrazia horren kontra burrukatzeko B. Russell'ek orrialde luze eta mamitsutan, proposatzen zuen bide bakarra: autojestioa. Nekez esan diteke besterik 1970-ean!
Benetan galdu dugu gizon haundi bat, genituen haundienetako bat zalantzarik gabe. Bere obra eskerga utzi digu argi-iturri; eta bere jokabidea ere bai, Russell ez baitzan behin ere ekintzarakoan atzean gelditu: dozenaka aldiz bisitatu zituen Inglaterra'ko gartzelak, orain dala urte gutxi azkeneko aldiz!
Egia du Lacroix filosofoak: «bi eragile izan ditu Russell'ek: matematika-logikarena, eta ASKATASUNAREN ETA ZUZENTASUNAREN GURTZA».
Agian frutu ugariak emango Russell'ek Euskal Herrian!
© Txillardegi