UNAMUNO ALA JAMMES?

 

(1966)

 

        Aspaldian, orain dala hamabost bat urte, irakurri nuen Jammes'en «Los Robinsones Vascos» liburua. Egia esango ahal dut? Bai. Esan egingo dizuet: liburua hasi, eta... ez nuen bukatu. Horra egia: ezin! Bi gazte xeru haiek... hondartza xeru hartara etorriak... euskal izen «garbiak» eta gaiñerakoa frantseseraz... dana hain xerukiro gertatzen... hain xerukiro ibilki... Ene! Nolako garbitaxuna euskaldunona! Nolako xaxi-olerkitasuna gure hondartzetan! Miarritze'ko «Syndicat d'Initiatives» dalakoak azaltzen duen «Chambre d'Amour»'aren istorioa eta Jammes'en hori nola ez aldera?

        Mistral'en «Mireio» (españeraz eta euskeraz) orduan irakurri nuen ere, edo orduantsu; baiña plegu berekoa izanik ere, ez ninduen hainbestetaraiño... gogaitu.

        Berdintsu ere Pierre Loti bere kide eta adiskidearen izkribuekin: bizpahiru liburu irakurri ditut osoki, «Ramuntcho», esate baterako, nekez, oso nekez, amorro bizian batzutan, baiña... gainditu egin nuen.

        Jammes ez. Hunekin ezintasun guztizkoa. Francis Jammes gogaikarri izan zitzaidan, faltsu, arras pikuan ari, guztiz Euskal Herri'tik urrun (Loti eta Peyré, Trueba eta Zunzunegi, sail ederra dugu!).

        Hazparne'ko bere jauregia, eta herrian oraindik ere gelditu dan jauntasun-aztarna, neuk neure begiez ezaguturik, hobeki ulertu dut: Jammes Hazparne'ko jauntxoa zan. Urbil bizi izanik ere, urrun bizi. Euskal Herri'ko geografia maite izanik ere, Euskal Herri'ko jendea nagusiro eta jauntxokiro mespretxatuz. Jammes'entzat gu turismoko bitxikeria giñan.

        Nor zan kontrako nere joera sakon horien eragille eta errudun nagusia? Bilbotar famatu bat zalantzarik gabe: Ronda-kalean sortutako gure Unamuno.

        Ikasle nintzan, garai hartan Bilbo'n, eta, bata bestearen ondoan, Unamuno'ren lanak irakurri ohi nituen. Horrela itsatsi ziran nigan bizkaitar «olerkari filosofo»aren ideiak. Eta horrengatik, gizonaren barne-sukarra eta gogo-zorabioa egiazkoegiak zitzaizkidan, gure herriaren zoria txantxetan, kontrabando-ohitura baten gisa, edo folklore-estakurutan edo sasi-olerkigintzan lardaskatua eta xahutua onartzeko.

        Nork uka dezake, ordea, xerukeriarik gabe, bigunkeria guzietatik urruti baiño urrutiago, Unamuno olerkari eta idazle aparta danik?

        Fagoaga'k haunditzat hartzen ditu biak, batari mesede eta besterai laido egiñez; Zumalakarregi eta Eraso parean jarriaz gertatuko litzakean bezela.

        Unamuno sakona dalako, gizatarra dalako, eta egiazko olerkitasuna senditzen eta sendiarazten dakielako, idazle eta olerkari haundia da. Baiña bizkaitarra, bestelakoa izateaz gain ere, biarnotarra baiño milla aldiz gorago da nere ustez. Zeren-eta Olerkia Egiak egiten baitu; eta ez belaskeriak edo egiarik ezak. Fagoaga'k ez du hau esaten; Baiñan esan egin behar zuen, nere ustez. Idazleak eskubiderik ahal du herritik eta gizonarengandik aldegiteko, eta ametsetan gerizatzeko?

        Zer da Olerkia? Zer da idazle bat? Zein da Literaturaren betekizuna? Kakoa hortan da.

        Korapillo hori ezin diteke hitz gutxitan aska. Idazle batek bere burua sartu behar ahal du munduan, ala pikuan bizi diteke «Olerkia» eta «Literatura» egiteko?

        Erantzuna garbia da nere ustez: Unamuno, ez Jammes.

        Olerkia eta arinkeria, Literatura eta xerukeria, idazkintza eta ameskeria, ez dira bat, ez datxezko alkarri, ez dira soin bereko haragi eta hezur.

        Jammes, beraz, ongiegi hartu du Fagoaga'k bere artikuluan, bien artean irakurleak prestuki bata ala bestea berdin aukera ahal balezake bezela. Kaskarinkeria eta burgeskeria ezin ditezke olerki-iturritzat eta filosofiatzat har (hedonismoa eta olerkia nahasi gabe bederen).

        Jammes idaz-lanetan ez dago gizatar egarririk, ez dago surik, ez dago arimarik; nik behintzat ez ditut aisa aurkitu. Bere zuhaitzek berek ez dute lurrean sustrairik. Bere euskaldunak ez dira turistentzako jauzkari mordo bat baizik: koloreztatuago eta hobe! Bere Euskal Herriak, bere Biarno'k, bere Ortheze'k berak, ez dute zaiñik. Bere sorkurek oro ez dute gizatar giharrik. Mundutik at bizi dan haundiki baten amets zonzoak baiño ez dira; edo ez zaizkit neri.

        Unamuno'ren izkribuenak ez. Unamuno'ren sorkariak eta giza-kezkak, geureak dira; bere Euskal Herria, gaztetan gerra ondoan ezagutu zuena batez ere, geuk ezagutu duguna da, zoritxarrez, bere bidearekiko itsutua.

        Unamuno gure etsai amorratua danean ere (eta gehiegitan dugu etsai, ondikotz!), geurea da, Baroja bezela; eta bere odolak daramazkien berotasuna eta ukoa, gure herri gizajoak eta gizadi osoak pairamendu eta sofrikario ikaragarritan zehar mamitu eta bildu dituen egia latzak baizik ez dira.

        Hau dio Fagoaga'k: «el diálogo... entre el poeta bucólico y el pensador existencialista no fue posible». Egia. Baiñan ez zait xuxena edo bidezkoa iruditzen bi idazleak parean jartzea, berriz diot; ez baitira nehundik ere mailla berekoak, Jammes ez baita, ez jokabidez eta ez gizatasunez, Unamuno'ren arikoa.

        Unamuno'k ez du gizonaren tragedia bere kaskotik, edo eroaldi batean, «asmatu». «El Cristo de Velázquez» ez da beroaldi bat... Jammes'en mundua, aldiz, axalekoa da, gezurrezkoa da eskierki Euskal Herri'ko ikuskera dan aldetik. Alde huntatik, atzerritar aspertu eta aspergarri baten sasi-Euskal Herria bat baizik ez da.

        Unamuno gure etsaia da. Jammes gure «empresario»a.

        Kasu, halere. Mutur batetik bestera igarotzea errexa baita.

        Etsistentzialisten kontra, «ezker» (?) aldetik batzutan egiten diran maiseoak ez dira oso bidezkoak izaten. Ilya Ehrenbourg'en ustez, esate baterako (P. C.-aren zerbitzari leial beti), etsistentzialisten larrimiña (eta «El Sentimiento Trágico de la Vida»ren hestuasunak, beraz) ez dira burgeskeriaren hondakiñak baizik. Ehrenbourg'ek dionez, «sozialismo»an ez da horrelakorik senditzen: ustelkeria horiek amaitu egin dira...

        Eskuiñaren muturrean, aldiz, Robbes Grillet (Robbes Grillet eskuiñean, bai, berak oso aurrerakoitzat bere burua hartu arren). Literatura eta Politika guztiz berezi behar dira. Hau egiñaz, noski, burgeskeria guzien jopu billakatzen da. Hitzek ez badute fitsik esan behar, idazleak ez badu ezer esan behar... ixil bedi!

        Zaillago da, esate baterako, Sartre'ren jokabideari eustea. Fedea elizkeriarik gabe, ekintza itsukeriarik gabe. Zaillago eta xuxenago hargatixek. Nola joka? Etsai askoren kontra: «toutes les Eglises nous repoussent et nous excommunient». Unamuno'k ere hori zion: «no me clasifiquéis».

        Idazlearen bidea hori da: zernahi gostarik ere, Egia zerbitzatzea. Eta Egia hortan, gizonaren norarik-ezari eta larrimiñari parte haundi bat dagokio. Funtsean ez dira Sartre eta Unamuno alkargandik hain urrun.

        Literatura eta Politika, Egia eta Ekintza: ez dira gauza bera; ez dira aisa ezkontzen. Hau ongi dakite egiazko intelektualek. Ezin ezkontaraztetik, milla katramilla datoz. Beste hainbeste Egia ezin obratzetik eta ezin aurkitzetik beretik ere. Zer predika? Zer egin?

        Ipuiei eta sasi-olerkitasunei uko egiteko bertute izar behar da.

        Eta hortan, iruditzen zait, Unamuno'ren aurrean kendu behar dugu txapela.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia