LEVY STRAUSS'EK UNAMUNO'RENGANA

 

(1965-V)

 

        «Ba dira gure artean, bere konbentuetako ikaskizunetan existentzialismoa azkenengo filosofi-bolada bezela ikasten duela ta, gaurko gizona larritasunez, angustia eta ezin-egonaren pean bizi dela uste dutenak. Baiñan egia oso besterik da. Gaurko gizonak ez du larritasunik sentitzen, ez du trajedia ezagutzen. Bearbada mundua mundu danetik ez da gizona paradisutik ain urbil sentitu. Ba dirudi Sisifo'k azkenengo aldiz aldapa gaindu duela, ez dela aurrerakoan eroriko».

        (Mike] Lasa'k, 115 gn. Z. Argian)

 

        Iritziaren pisua!

        Etsistentzialismoa, hasierako hitz horietan ageri denez, ez litzake gure munduaren sillu edo ezagugarri... estalgarri eta nahaspide baizik! Egia ote?

        Ez, nere ustez. Lasa adiskidearen izkribuak gogotik irakurri ohi ditut: luma gazteen artean, berea zait trebeenetako bat. Bere ideiarik gehienak ere, eskuarki onar nitzake.

        Goiko puntu hortan, ordea, ezin natorke bat.

        Gure mendea, nere ustez, barne-asalduz eta bihotz-larritasunez ittota dago. Nabarmen agertu da hau oraingo filosofian, literaturan eta artean. Heidegger, Kafka eta Picasso ez dira ustekabean bateratu, aria sakonik gabe: funtsezko zerbaiten esale jator eta egiazko izan diran neurrian dirudite alkar. Sustraietan daude alkar-harturik.

        Egia esan —eta hau Lasa'k berak garbi lizaiguke ongienik bere iritzia xehero argituz— artikuluaren egilleak berak ez du zin-ziñez esandakoa siñisten. Eta, hasierakoa legundu nahiz edo, hunela mintzo da aitziñago: «Itxurarik gabeko euforia honetan guk ez dugu siñistu nai».

        Bego hortan gaurkoz.

        Zeren-ta ba dago «amerikar» irribarre zozoaren mitoa. Irribarre geldo eta tentela, ba dakigu zein. Dentifrikoen eta telebistaren irudietan agertu ohi da usu: kolorezko aldizkari batzuk ikusi, zalantza ar diteke. Irribarre hortara biltzen bide da zoriona, helburua, zerua, eta gaurko gizonaren kakoa bera: baso bana eskuan, ximenki...

        Dentifrikoaren eta Coca-Colaren giro xuri eta xeru hortan, etsistentzialismoa gerra ondoko «erikeria» ere, funsgabe eta bizartsu baten pare kontsidera diteke. Komunista likits bat litzake Sartre, Jaspers «crypto» bat, eta abar. Danak munstro-eli bat...

        Nola konpreni, ordea, gure gizartean gero eta ero gehiago izatea? Estadistikak aztertzea besterik ez dago: gero eta burutik egindako gehiago, gero eta adimenduz eri ugariago. Ez da hau gizartearen oreka irribarretsu horren alde mintzo...

        Gure mendeko jendea egarri da, barneko pakea behin ere baiño galduago du; eta hauxe adierazten digute batera bai artearen eta bai Zientziaren beraren joerek.

        Barne-asaldu horren emagarria erlijioa baita, biek eman dezateke fenomenuaren neurria.

        Munduarekiko etsipenak, norarik gabeko zorabioak oro, eta herio hortan hozitu ohi dan absolutuaren kezkak, ordea, axaleko itxurak zenbait aldiz besterik gogorazi arren, gure mendean eta gure gizartean larridura kosmikoak bizi-bizirik eta zindo baiño zindoago dirauela erakusten dute.

        Entzun dezagun Jung psikanalista, esate baterako: «Arimaren muiñaren azterketak, azalean pentsatu ere ezin zitekean gauza anitz dakar argitara. Hori dala-ta, ez da batere harritzekoa, indartsuenik eta berezkoenik izpirituaren erlijiozko ekiera kausitzea. Egungo gizonarengan ekiera hori baita nagusi, eta sexotasunarena edo gizarte-jokabidearena baiño aisa finkatuago». Zinemak eta literatura ikusiaz, ez genuke guk horrelakorik esango.

        Positibismotik eta arrazoin-bide hotzetatik aldegin nahi bizi hori, beste mailla batzutan ere agertzen da. Arrazoiña omen da gidari gure mendeko gizartean; baiñan hau ez da egia. Galdegin dezagun zein liburu irakurtzen dan gehienik, edo zein astekari gehienik saltzen, edo-ta zenbat aldizkari argitaratzen dan astrologiaz eta «jakintza izkutuez». Txundituta geldituko giñake! Xehetasun bakar bat hemen aipatu nahirik, bijoa hau: Paris'en bakarrik, 1935-ean, 3.460 astrolojia-bulegoren berri zeukan Seine'ko Prefeturak... Gehiago ba zegokeala esan beharrik ez.

        Beste zerbait behar du jendeak bihotz-bihotzez. Eta ahal duela guztietara lehiatzen da.

        Gaurko soziolojia eta pisokolojia urrundik bederen jarraitzen dituztenak, ez dira albiste horietaz mendrenik ere harrituko. Zientziak berak dionez gizona ez baita gure soziedadeetan zipitzik aldatu, eta jakintsu guziek onartua baita gaur gizonak bi pentsaera-hildo dituela betidanik: «arkaiko» deritzana, eta «positiboa».

        Mende huntan Zientzian eta Filosofian berriera eta aldakuntza funtsezko batzuk gertatu dira: Einstein, Heisenberg, Freud, Husserl, Heidegger, Teilhard de Chardin.

        Baiña beste jakintza-sail batean ere, orain arte gutxiago ezagutzen dan beste aldakunzta sakon eta oiñarrizko bat hasi da. Ez, nik uste, gorago aipatutako horiek ekarri dutena baiño apalago halere.

        Larriz, Lévy-Bruhl'ek eman zion abiada pentsakera-bideen azterketa horri; eta Jung'ek, Eliade'k eta Lévy-Strauss'ek ekin diote gero.

        Erreboluzio hori soziolojiaren eta psikolojiaren mugan gertatzen ari da; eta gizonari buruz ekar ditzakean ondoreak ez dira oraindik guztiz garbiki agertu. Urratu berriak dira bideak; eta pentsatzaille horien liburuen salera errazak erakusten du ongi, jende ikasien interesa eskualde horietan dagoela egun! ...

        Zertan datza Lévy-Bruhl'en pentsaera-astindua? Huntantxe: gizonak bi eratara «pentsatzen» du.

        Gizonak zientziaren arabera pentsa dezake, enpirismoari hertsiki lotua; baiña, betidanik ere (eta gaurtxe ere bai geure artean, kasu!) pentsakera arkaikoaren arabera pentsa dezake: enpirismo-mota guztietatik at, bere baitatik intuizioz gauzei erasten dien sentidu baten arabera, mitoren bidez, «partizipazioz».

        Pentsakera arkaikoak (guziok: melanesiatarrek eta geurk europarrok dugunak, berriz diot) ez ditu subjetiboa eta objetiboa berezten: «dalakoan» «dalako» egiten du, adimendutik eta sendimendutik datozkion burutazioak parean ezartzen.

        Pentsakera positiboak, aldiz, berezi egiten ditu. Eta berezte hauxe da pentsakera positiboaren ezagugarri nagusia: sendimenaren nahikundeak hozki alde bat utzi, eta adimenak garbiki ulertarazten dionaz kanpo deus ere ez entzutea.

        Pentsakera arkaikoak bihotzaren arabera aztertuz, kasik bihozkadaz jokatuz, sentidu bat agerrarazten du munduan eta bizian: mundua mundu dan ezkeroztik, azalpen guztizko baten egarriak hilduratu du gizona; hortan egon da erlijioen eta mitolojia guzien kakoa: adimenduak atxeman ezin dezakean ulerbidea eman, lojikatik landa emanik ere.

        Pentsakera positiboak, aldiz, ez-entzuna egiten die bihotzaren dei guziei; eta, hotz eta latz, froga ditekeanari baizik ez dio begiratzen.

        Pentsakera arkaikoa, bizi eta nortu egiten dan mistikaz elikatzen da, mistikari dagokiona da bere funtsezko izaera; pentsakera positiboa, berriz, beti arrotz egoten dan ideiaz, eta ulertu baizik egiten ez dan zientziaz. Zientzian ez dago hortzerik, ez dago «partizipazio»rik, ez dago parte hartzerik. Ez dago mistikazko hartu-emanik. Mistikan ez dago silojismorik.

        Lévy-Bruhl'ek herri atzeratuetan xoilki aurkitu uste zuen pentsakera arkaiko hori, hastapenetan batez ere: Australian, Taamanian eta Melanesian. Eta geure gizartean...

        Iritzi hau oso larria zan. Zer esan nahi zuen biketa horrek? Pentsakera arkaiko hori mundu aurreratuetan itzaldu egin dala? Bi giza-mota al daude, beraz? Bi pentsa-bide, ote? Bi gizadi, hortaz, eta ez bakar bat? Dana ote da, pentsakeraz, fase-kontua? Mitoak, erlijioak, eta metafisika bera, arkaismo huts bat baizik ez dira funtsean?

        Ez dut artikulu labur huntan azalduko Lévy-Bruhl'en ganbiamendu eta billakaera guzia. Aski izan bedi bere azken iritzia: «gizonaren izpirituaren lojika-moldea edo estruktura, bat eta berdiña da leku guzietan eta ezagutzen ditugun gizarte guzietan».

        Nahiz-eta pentsakera arkaikoa eta pentsakera positiboa oso diferenteak izan, Lévy-Bruhl'ek ez zuen azkenean onartu sustraiezko bitasunik batere; gero eta garbikiago errepararazteko: bi ezagupide, bi pentsakera, bi pentsa-bide dituela gizonak, egia hutsa da; eta positiboa berriki baizik ez dala hasi gizadian ideien iturri eta galbaitzat ere, egia haundia. Baiña pentsakera arkaikoa, mitoak eta erlijioak sortu dituena (eta hein batean Artea elikatzen duena ere) ez da ez itzaldu eta ez iraungitzen hasi ere gure gizarte modernoetan. Hain zuzen ere, pentsakera arkaiko edo mito-egille horixe dugu gaur gizonaren pentsakeraren kuntzarik irmoena.

 

* * *

 

        Etnologoen artean Levy-Strauss dugu dudarik gabe gaur aipatuena eta sonatuena. Estrukturalismoaren azterbideak eta aurkikundeak gero eta harrigarriago dira. Etnolojia —eta gizonari buruzko filosofia, sahetsetik— dardaratzen hasia da.

        Zer dio Lévy-Strauss'ek pentsakera arkaiko hortaz? Bere iritzia jakingarria da.

        Lévy-Bruhl'engandik beste muturreraiño doala esan diteke... Baiña, berbera goragotik esateko!

        Pentsakera arkaiko bat ba dago, dio; baiña gizon arkaikorik ez. «Arkaismoaren lillura» salatzen du Lévy-Bruhl'engan. Alegia: zibilizazioan eta zibilizaziotik at, herri atzeratuetan eta herri aurreratuetan, gizona beti da bat, beti berbera; eta pentsakera arkaikoa...

        Are gehiago. Itxura diferentetan, eta jazkera desberdiñetan, sozioloji-giro bestelakotan, gizonak beti eman die bere barne-katramillei soluzio-multzo bakar bat, aldaketa gutxirekin.

        Benetan diferenterik eta harrigarririk, gizonak ez du gauza haundirik asmatu. Azalpenen barne-moldea edo estruktura aztertu ezkero (alkarrekin azalpen guziak hartuz, eta ez banaka edo bakarka) funtsezko azalpen-estruktura bakan batzuk daudela kausitzen da. Mitolojian estruktura eredu batzuk atxeman ditezke; ez milla. Ez problemak bakarrik, beraz. Soluzioak ere gutxi dira. Pentsakera arkaikoak beti ikusi uste izan du gauza bera mundua azaltzekotan.

        Zibilizazio guzietan (zibilizazio «hotzetan» eta zibilizazio «beroetan», gizonaren ekintzaren balioan siñisten ez duten eta siñisten duten zibilizazioetan, beraz) mito-multzo eta siñiste-sistema berberak erreparatzen dira. Estruktura bera behin eta berriz ematen da, anitz koloretan diximulaturik.

        Barka bekit Jung'en hitz bat erabiltzea Lévy-Strauss'en teoria agerrarazi nahi huntan: gizadiak, gizonek, beren inkonzientean izkutaturik daramaten «arketipo» bat jantziz eratu dituzte betidanik munduaren funtsezko teoriak.

 

* * *

 

        Zein da, horiek horrela, gizonaren jokabidea, edo ihardukiera hobeki, gure arrazionalismoaren aurrean?

        Arrazionalismoak, jakiña da, ez du enpirismotik at datorrenik ezer aintzakotzat hartu nahi. Ikus ezin ditekeana, begiez edo fotografia-tresnez ikus ezin ditekeana, nolapait bederen zentzuen bidez adi ezin ditekeana, izan ez da. Ez dago arimarik, beraz, ez dago Jainkoa, ez dago metafisikarik. XIXgn. mendea positibista izan zan; eta XXgn. ere ez oso bestelako.

        Arrazionalismoak ukatu egiten du arras pentsakera arkaikoaren jokabidea; planoa bera ukatzen du. Erlijioak eta mitoak mailla berean jartzen ditu, berdin jotzen otoitza eta majia, metafisika eta zentauroen siñistea, Ozeania'ko «mâna» eta kristauen grazia: danak zaku berean ezartzen, danak aditu-eziñak, ezin neurtuzkoak, eta ezin frogatzekoak zaizkiolako. Mito dira beraz; ipui, alegia huts eta alfer. Hitz batez: arrazionalismoak pentsakera arkaikoa bera ukatzen du, «gizonarengan dagoen gauzarik aldakaitzena» (Lévy-Bruhl).

        Hori obratu dan momentutik beretik, gizonaren pentsakera arkaikoa, betiereko babe nagusi eta jakinbide izan bada ere, ukatua eta baztertua izan da. Eta, ezin bestean, arrazionalismo horren kontra, bihotzaren eta erraien muiñetatik datorren ugolde baten antzo, etsistentzialismoa altxatu da gizon osoaren laguntzan, mehatxuz eta deihadarrez.

        Etsistentzialismoa ez da kasketa bat. Etsistentzialismoa ez da, hain zuzen, sekulan suntsituko. Pentsakera positiboaren ukoa baita etsistentzialismoa, eta pentsakera arkaikoaren abotsa. Comte eta Kierkegaard, Russell eta Unamuno, alkarren ukatzaille dira. Eta horrelako antipoda-bikoteak, arrazionalismoa azkartu ala, behin eta berriz sortuko dira. Gizonaren bi pentsakeren haurride baitira.

 

* * *

 

        Pentsakera positiboaren hedadurak bi irteera utzi dizkigu.

        Batzuen ustez, munduaren funtsezko sentidua ez dugu guk gaurkoz ezagutzen. Baiña pentsakera arkaikoaren jakinbidea —mitoen bidez munduko kontradizioak ezeztaraztea— sustraiez dute arbuiagarri. Iguriki egin behar dugu, diote. Gaur ez dugu konprenitzen. Zientziak aurreratu-ala ulertuko dugu. Egon eta itxaron: horra leloa. Ez dute halakoek problema ukatzen, mitozko soluzioa baizik. Marxisten teoriko dan Roger Garaudy'k eta marxista batere ez dan Bertrand Russell'ek, esate baterako, ia hitz berberak darabilzkikete puntu hau adierazteko.

        Baiñan etnologoei, psikologoei eta soziologoei kasu egin ezkero, «oraingozko» itsualdi hori ezin diteke egiazko soluzio bat izan; gizonaren pentsakerarik sakonena ukatzen duelako.

        Beste batzuen ustez, ordea, munduak ez du sentidurik; ez guk diogu kausitzen, eta ez bestek ere etorkizunean. Sentidurik ez baitu. Gu gizonok deserriturik gaude galaxietako errauts-ale galdu batetan. Izartegi osoa lokamuts hutsa da. Ezerk ez du sentidurik... Eta oihuka ditugu hortantsu Kierkegaard, Heidegger, Sartre eta Kafka.

        Bigarren ikusera hunek uzten dituen larridurak, ezin-egonak eta barne-egarriak, lojikari uko, eta pentsakera arkaikoaren intuizioetara eta jakintza-bideetara eramaten dute. Hasiak dira eramaten!

        Hortan gera nik uste, Lasa adiskidea. Parabisutik hurbil? Ez dut uste.

        Bere buruaren kontra ari da gizona. Eta, horregatik, bihotzean hiltzaturik darama, behin ere baiño mingarriago, gizatar kezkaren ezpata zorrotza.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia