SARTRE'REN UKOAZ

 

(1964-XI-18)

 

        Suezia'ko Akademiak eman dion Nobel-Saria ez onartuz, Sartre'ren izena berriz ere izan da munduan zehar aipatua.

        Eta, bestetan bezela, ez hozki. Batzuk arras onetsi dute Sartre'ren ukoa: «hori da gizon bat», esan dute. Beste batzuk, aldiz, arras gaitzetsi dute: «horra hot Sartre faltsukerian eta demagogian berriz ere, 250.000 koroak ez ukanik ere, bere entzutea berretzen baitu, eta sosa ere ez baitzaio falta hain zuzen».

        Zergatik? Zertan da kakoa?

        Sartre'ren obran eta bizieran ba dira alde batzuk, itxuraz arrunt liferenteak. Hiru aipatuko nituzke nik.

        Sartre'ren Literatura-lana, batetik: «Le Mur», «La Nausée», «Les Mains Sales», antzerkiak eta nobelak batez ere; Sartre'ren Filosofia-lana bestetik: «L'Etre et le Néant» bereziki; eta Sartre'ren Politika-lana azkenik: ez partidu baten edo besteren agindupean egiña, Sartre ez baita partidu-gizon; baiña bai politikazko arazoetan bere agiriko jokabideena: Erresistentziaren denborakoa, Budapest'eko gertaeren ondoriozkoa, Arjelia'ko gerlazkoa, eta abar. Hiru joera edo alde horietatik, zeiñek egin du Sartre —orain, eta lehen ere bai— batzuen ustez guztiz txalogarri, eta besteenez guztiz ere arbuiagarri eta higuingarri?

        Literaturako bere obretan anitz likiskeria dago, sobera: ukatzerik ez dago. Eta hori dala-ta, kaltegarri jo ohi dira bere izkriburik gehienak: Eliza Katolikuak, esate baterako, bere lan guziak sartu ditu «Indize» dalakoan. Literaturaren beraren aldetik, beraz, ba du Sartre'k etsai franko eta oso aipu txarra.

        Gazteriaren hondatzailletzat daukate batzuk. Nobel-Sariaren berria jakitean, Gabriel Marcel'ek, esate baterako, ez zuen bere luma gozatu: «Là est la raison pour laquelle je n'hésite pas à dire, pesant mes mots, que dénigreur invétéré, blasphémateur systématique, il aura répandu autour de lui les enseignements les plus pernicieux, les conseils les plus toxiques qui aient jamais été prodigués à la jeunesse par un corrupteur patenté». Ezin diteke nehor bortizkiago mintza. Ez dugu ahaztuko ere Gide'ren esaera gogorra: «1920-ean 'dada'-mogimendua sortu zan; 1944-ean, aldiz, 'caca' dalakoa»... Eta, Gide halere, gauza jakiña, bere iritzi eta jokabideetan Moral hertsi baten esklabo hain zuzen ez izaki...

        Ba da, beraz, zerbait horrelakorik. Eta Sartre'ren kontrako gorrotoaren parte bat azal dezake lohikeriez izkiriatzeko tema horrek.

        Halere Sartre'k azaltzen dituenak, ez dira gaurko giro ustelaren sortzaille izan, giro ustel horren Literatura-iduria baizik. Europa'ko zinemakiak eta europar idazleen idazkiak (Moravia, Malaparte, Vaillant, Mann, eta abar) irakurri besterik ez dago: giroaren ustela ez du Sartre'k bere kaskotik atera eta ohituretan sarrarazi.

        Ba da besterik. Zeren-eta Sartre'ren izkribuen kakoa, bere filosofian baitago: alegia, bere etsistentzialismo-mota berezian.

        Sartre'k ez du Jainkoagan siñisten. Ez du Jainkoa aipatu ere egiten (eta huntan ez da biziki bitxia, ez pentsa).

        Eta, bestetik, filosofiaren aldetik, etsistentzialismoaren ezagugarriak ditu: ikusi gabe behar du gizonak hautatu; gizonaren sentidua ezin dezake adimenduak ezertan argi; Ezerezak inguratzen gaitu alde guzietatik; heriotzarat ari gera; eta abar. Beltza da Sartre, ukatzaille da, Kierkegaard bezela, Unamuno, Heidegger, eta gaiñerako etsistentzialista guziak bezela.

        Hutsean dardaratzen baldin bada gizona, Sartre'ren Literatura-norki edo pertsonajeak ez dira bere filosofiaren nahi-ta-nahiezko ondorea baizik. Sartre'ren etsistentzialismoa da, horrela, Sartre'ren kakoa. Eta aurkintza huntan zer harriturik ez dago.

        Hots, Sartre'ren filosofia ez da bere asmazio zoro bat, ez. Filosofo kate luze baten mail bat baizik ez da Sartre. Eta ongi adierazten du horrek etsistentzialismoaren funtsa, problemari berari gagozkiola, gauza sakona dala; eta ez bizar kontu bat, edo espantuka ibiltzeko seta bat ere.

        Gabriel Marcel katolikua etsistentzialista da alde askotatik. Eta berdin ere Pascal, Maine de Biran, Kafka, Berdiaeff, Nietzsche, Husserl, Agustin saindua, eta... Buda Sakyamuni bera!!! Buda'k eta Sartre'k filosofia antzekoak dituzte: «Entre certain existentialisme et le boudhisme existent de telles affinités, que l'attirance exercée par l'un explique le goût que l'on éprouve pour l'autre», zion orain dala urte batzuk Fr. Taymans jesuitak.

        Bai, irakurle. Etsistentzialismo-motak oro, funtsean harturik, (ez beraz Sartre'ren erakoa bakarrik) gizonaren kezka nagusiaren ume dira; eta ezin ditezke huskeriatzat edo modañotzat har.

        Sartre, alde huntatik, munta haundiko filosofo bat iruditzen zait; eta literaturako bere lana, filosofia horren erakusle eta argitzaille dan aldetik hain zuzen, oso inportantea ere.

        Baiña, horrez gaiñera ere, politikaren maillako bere jokabideek azal dezateke, ongienik nik uste, Sartre'ren kontrako gorroto amorratua: Sartre ezkertarra baita politikaz.

        Ez komunista. Komunista izateko marxista izan behar da; eta marxistaz gain, leninista; eta leninistaz gain, stalinista, krutxefista, brexnefista, eta abar, aldikal. Bistan da, ordea, «L'Etre et le Néant» eta «Le Capital» bi mundu dirala. Sartre ez da nehundik ere komunista.

        Baiña sozialismoaren aldeko da, eta kapitalismoaren etsai: hau bai. Nobel-Sariari uko egitean, ez du bere ezkertar joera hori izkutatu: «Mes sympathies vont indéniablemente au socialisme, et à ce qu'on appelle le bloc de l'Est». Bere iritzia hori da; eta iritziak libro dira. Bestetik, bere ideia horien arabera jokatuz, «intelektual» izena merezi izan du berriz. Ezen ideien arabera jokatzeak merezi baitu txalo; eta are gehiago merezi, hogei ta zazpi milloi liberaren galera dakarrenean. Ez dut ikusten, beraz, bere ukoan, ezer ere arbuiagarririk. Ukoa ohore zaiola uste dut.

        Sartre beti jokatu da aitziñakoi edo progresista guzien alde, eta kolonialismoaren kontra. Bertrand Russell ere berdin. Ez dut hortan akatsik ikusten.

        Horixe da anitzek barka ezin dizaiokeana. Ezkertar bere joera horrengatik, nun-nahiko eskuindarrek bihotzaren erditik gorroto dute: Franco'ren prentsak joan dan Urrillan frantsesaren kontra bota dituenak baiño haundiagorik botatzea, zail da.

        Gisa da.

        Sartre'ren kasoan, beraz, hau agertu da batez ere argi eta garbi: eskuindarren eta ezkertarren arteko muga gaur nondik pasatzen dan.

        Eta hori jakitea beti izaten da ona.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia