LEKUKO BIKAIN BAT IL DA

 

(1960-III)

 

        «Egiazkoa billatzea eta
naigarria billatzea ez dira bat»

(CAMUS)

 

        1960ko Urtarrillaren lauean, berri hits batek astindu zituen bazterrak: Albert Camus, Nobel-Sari ezaguna, zorigaiztoko ixtripu batean illa zan.

        Segituan asi ziran berari buruzko solasak eta artikuluak. Eta gure artean ere, ondo gogoratzen naiz, nik uste baiño geiago itzegin zan egun aietan, eta nik uste ere baiño obeto.

        Izan ziran kontrakoak ere. Nola ez. Zenbait tokitan erabaki zozo au artu zan: Camus'en eriotzari buruz deus ere ez esatea. Izan ere, etzan oso jokabide jatorra... Edo-ta nabarmen gelditu zan gauza bat: batzuk etzutela Camus aipatu ere nai, pekatu batzuk bezela, bildurrez-eta aipatzeagatik beragatik kalteren bat gerta zekigun.

        Orrek aski adierazten ditu Camus'en balioa eta gaurkotasuna. Unkituko ezpalu, senti-araziko ezpalu, elitzake arriskurik izango.

        Camus'en alde kaltegarria, alere, iñork eztu ukatu. Eta nik ere ez. Politikarengatik itxaron ba zitezkean iritzi gogorrak, erlijioaren aldetik gogorragoak.

        Baiña, geure artean eta Jaungoikoari esker, idazle andi onen obra bekokia zabalez aztertu da; eta ori pozkarria da, Camus'en alde ona badago-ta. Bere presunaren zintzotasun, prestutasun eta jatortasuna batipat orain arte danak artu dituzte aintzakotzat. Ilbeltzaren ogeiean, bi apaizek eman zuten bere iritzia Camus'ez Donostia'ko «La Voz de España»n; eta, biak, Jose Lasa'k eta Juan Landibar'ek, oso egoki eta etorkor itzegin zuten. «Dana dala —bukatu zuen Aita Lasa'k— bedeinkatu egiten ditu Jaungoikoak ostikatutako zuzentasunaren alde jokatu zutenak».

 

* * *

 

        Batzuk arriturik gelditu ziran. Eta oso arritzekoa ezta.

        Urte askotan zear, Camus'en alde bat bakarrik aipatzen zan: Absurduarena. «Sisifo'ren Mitoa» bere saioa zegoen beti aurrean, ots, asierako bere idea nagusi au: munduak eztu sentidurik. «Atzerritarra» bere nobela bizi eta zoragarrian ere Absurduaren Filosofia agertzen zan nobela antzera. Eta, onengatik 1945 aldean, Fraintzia'ko esistentzialisten artean aipatzen zan Camus, eta esaten: Jean Paul Sartre, buru; eta, ondoren, Simone de Beauvoir, Georges Bataille eta Albert Camus. Heidegger, Gabriel Marcel katolikua eta Jaspers protestantea, esistentzialistak izanik ere, etziran oiekin batera agertzen; urte aietan Sartre baitzan nagusi. (Aita Santuaren dokumentuetan, berdin: Sartre aipatu ez arren, Sartre'ren Filosofia gaitzesten da; ez Marcel'ena esate baterako.)

        Are geiago. Eta barka nere gertaera batez itzegitea. 1951 urtean, ni Bilbo'n nengoelarik, oso ots aundia atera zuen Camus'en liburu berri batek: «Jaikitako Gizona». Eta, nere aitari —Paris'a baitzijoan egun aietan— ekartzeko eskatu nion. Paris'ko liburu-denda batean sartu omen zan ba nere aita, saio famatu orren eskean; eta, dendariak galdetu omen zion:

        —Eta, zeiñentzako nai duzu?

        —Neure semearentzat.

        —Zenbat urte ditu?

        —Ogei ta bi.

        —Ba... Etzenioke eraman bear... Badakizu: Camus ori esistentzialista zoro eta lizun oietako bat da; danetan bildurgarriena omen da. Beraz, zeuk ikus. Baiña...

        Eta, orrela, nere aitak etzidan liburua ekarri.

        Orixe zan asieran Camus'ez esaten zana. Eta orrengatik ni gure artean gaizkiegi ar zedin bildur nintzan.

        Baiña, gerora, Sartre'rekin Camus'ek moztu zuenetik batez ere, bereizten asi ziran biak; eta geroz ta nabarmenago ikusi zan, Camus esistentzialisten artean jarri ba diteke ere, eztala iñundik ere Sartre'ren anaia. Eta diferentzia au agirian jarrita, Camus irten da irabazle. Zeren Sartre'k izkribu irakugarriak ba ditu ere («Murrua», esate baterako, italiar Moravia'ren kutuna), beste batzuk lizunkeria atsekabea besterik eztira, eta azkenean goragaleak ematen dituzte.

        Arira itzulita, au esan bear da ere: Camus'en aldakuntza ori leenagotik asia zala. «Izurritea» bere «kronika» ospatsuan, karidadea goratzen du; eta Tarrou eta Rieux, izurritean alegintzen diran personaje nagusiak, biak, Jaungoikoa ukatu arren, erdi santuak dira.

        «Izurritea»n urruti gaude «Atzerritarra»tik. Bigarren au irakurrita (eta liburu au beingoz irakurtzen da nai-ta-naiez, bere xarmak eta interesak eraginda), kutsu arrigarri bat gelditzen zaigu biotzean. Meursault ura, batez ere kondenatua izan arte, eztugu ondo ulertzen: utsean dardaratzen da: gaurko gizon asko bezela, egia da, baiñan alere bere jokaera arrigarri zaigula. Meursault'ek eztu sentitzen, eztu pentsatzen, eztirudi egiazko gizon bat. Bere amodioetan, bere amaren eortzetan, arabitar bat iltzen duenean, ametsetan bezela ari da, ezta ezertaz konturatzen. Geroenean bakarrik, eriotza ondoan ikusi duenean, gizonaren egiazko egoeraz oartzen da; baiñan, orduan ere, leenagoko aroez tristuraz betea oroitzen da. Berak, berne-muiñetan, sasi-biziera ura naiago zuen, sasi-pake ura, sasi-keria beraz, egia garratza baiño.

        «Izurritea»n, berriz, ots, bost urte igarota, Camus ezta leengoa. Eztu Jaungoikoarengan siñisten, jakiña; baiña gizona maite du. Gizonaren patu tristeak sakon unkitzen du eta, biziak salbatu nairik, gogoz lanegiten du izurrite betean. Meursault'engandik Rieux'engana tarte aundia dago, zalantzarik gabe.

        Beraz, «Sisifo'ren Mitoa»ren absurdu utsa igaroa zan aspaldidanik.

        Gizona maite du, ba, Camus'ek; ez, alabaiña, dan baiño obea edo zintzoagoa dalakoan. Ez. Camus eztabil ametsetan. Camus'ek bere ortan maite du; berak badaki gizonaren ontasuna eta bertutea noraiño irits ditezkean. Alarik ere, kupidagarri zaio, eta maite du.

        Baiña onek eztu Jainkoa'rengana eramaten. Camus'en Moralak eztu oiñarria Jainkoa'rengan. Seneka'k eta estoikoak bezela, Moral bat eraiki nai du Camus'ek Jaungoikua gabe. Eta ezta txantxetan ari. «Bizi naizen munduak nazka ematen dit; baiña bertan sufritzen dutenen laguna eta kidea naiz.» Camus'en bizieran zear, biotz onekoa zala nabarmentzen da. Camus egiatia zan, etzan itxura egiteen aldekoa. Bere adiskide guziak ao batez aitortzen dute.

        Biotzez maite zuen, ba, Camus'ek gizona; zorigaiztokoa aurkitzen zuen. Aurrak, batez ere, bere obra guzietan oiñazearen menpean ikusten dituenean, biotza erdibituta ixuritzen zaio bere errukia. Oran'en, esate baterako, izurritea dagoela jakin danean, mutiko eder bat topatzen du Rieux medikuak. Une labur batez kiñurik egin gabe begiratzen diote alkarri; eta, bapatean, irribarre zabal bat egin dio mutikoak. Orduan, garbi adierazten ausartu ezpadira ere, Cottard'i eta Rieux'i idea berbera gogoratu zaie: «aur zoragarri eta errugabe au, bearbada, izurrite gaisto ontan ilko da. Zergatik bera?»...

        Errugabeak zigortzen dituen gaitzak beti asaldatzen du Camus, Dostoievsky bezela.

 

* * *

 

        Camus'ek ordea —eta auxe da Camus'en arriskua— eztu Jaungoikoa aipatzen ere. Aurren eriotza eta oiñazea ikusita, Ivan Karamazof'ek izugarrizko birauak botatzen ditu. Camus'ek eztu ezer esaten Jaungoikoa'ren kontra. Birauak botatzeko ere, Camus'ek eztu Jaungoikoaren bearrik.

        «Jaikitako Gizona» bere saio sakonean ondo progatzen duen bezela, gaurko gizona (eta Camus bera aien arteko, esaten ezpadu ere) beiñere baiño aurrerago joan da Jaungoikoaren ukaeran. Gaurko gizonak Jaungoikua ezezik, absolutuak berak ere arbuiatzen ditu, eta aaztu gero. Gaur ezta biraurik ere esaten. Camus bera, gonbazio batez, era ortantxe ari da: eztu Jaungoikoa ez ukatzen ez madarikatzen ez deitzen. Alde ontatik, egiazki, Sartre'ren mallan jarri diteke.

        Itz aundiak nazkatu egiten dute, absolutu guziak bezela. Nobel-Saria ematerakoan, Arjelia'z pittin bat itzegin zuenean, nabarmen gelditu zan au: Abertzaletasuna, esaterako, abstraktuan, gogai jenerala eta zabalegia dalako, etzitzaiola ajolik, itz uts bat zitzaiola, etzuela artan siñisten. Aurrerago beste zio batzuk aipatuko ditut ere, orrela zergatik jokatu zuen argitzeko.

        Camus'ek bere ama maite zuen, au bai; edo kalean topatzen zuen elbarritua edo aurra. Auek biotzez maite zituen. Baiña Camus etzan kontzeptuez fidatzen. Jaungoikoa, Askatasuna, Partiduak, eta absolutu eta sasi-absolutu guziak etzitzaizkion atsegin, etzituen maite: aitzekia utsak iruditzen zitzaizkion.

        Camus'ek eztitu siñisten: geiegi baliatu izan dira alakoak, bere ustez, izkutuko naikeriak diximulatzeko.

        Katoliku-Elizari buruz berdin pentsatzen du. Badirudi bere pentsakerak, besterik gabe, eta nai-ta-ezean, ukatzera eraman bear zuela. Baiña orrez gaiñera, kritiko askok (Gabriel Marcel, eta Louvaine'ko Charles Moeller irakasle famatua aien artean), katoliku izanik ere, beste zio bat ikusten dute ere: Elizaren politika-jokabide batzuk ez ote zioten gugandik alde eragin uste dute. Gorago esan dudan bezela, Camus'ek uste baitzuen munduko ilkintzarik zitalenak itz agurgarriak aipatuz egin dirala. Ain zuzen ere, Camus'entzat Inkisizioa eta beren erakoak izan ziran «oztopo-arriak» Moeller apaiz jakintsuaren iritziz.

        Komunismoaren etsai etsia da ere. Irakurleak dakien bezela, 1934 tik 1935 era Camus komunista izan zan. Ontan, beraz, Gide'ren bidea eraman zuen. Eta au bezela, geroago komunisten jokabideengatik etsita, aurka jarri zan, guztiz eta il arte. «Jaikitako Gizona»n kritika zoragarria eta zorrotza egiten du, kapitulu oietan, kristau batek «izenpe ezin dezakean lerrorik eztago» (C. Moeller).

        Karidadea eta maitatu-bearra geroz eta biziagoa egiten da Camus'engan.

        Koestler'ekin batera liburu bat idazten du eriotza-penaren kontra. Leendik ere au uste zuen Camus'ek: gizon bat iltzen duenak, il egin bear du. Orrengatik (ikus «Jaikitako Gizona») nihilistak ondo xamar jartzen ditu, geienak azkenean iltzen baitziran atentadoak eginda gero. Eta orrengatik ere naiz Arjeliarra izan bera, eta bere sorterria maitatu, ezpide zan ondo konpontzen F.L.N. koakin, auen terrorismoarengatik. Oni buruz ezta aaztu bear ere bere aita Alsace'koa zala, ama Mallorca'koa; eta bera, naiz Arjelia'ko Mondovi errian jaio, eta Argel'en pasa gaztaroa, Fraintzia'ko kulturaz azia izan zala.

        «Erortea»k joera berbera darama. Nobela eredu ontan, bere burua Seine'ra botaiaz iltzera dijoan neska bat ez salbatzeagatik, damua jarraitzen zaio Clamence'ri toki guztietara. Camus'en ustez, berriz, lagundu egin bear da, maitatu egin bear da. Salbatzen saiatu bear izan zukean berak emakume gajo ura, eta etzuen egin. Arriskatu egin bear zuan bere burua ezezagun ura ito etzedin.

        Moralaren aldetik Camus kristau biurtzen da piskanaka.

        Moralaren kezka ori geroz ta biziago zuelako, Camus'en alde mintzatzen dira batzuk. Baiña, bestetik, Jaungoikoa ukatuz saiatu zalako, kontra jartzen dira beste batzuk.

        Eta, egia esan, bi alde dira Camus'engan eta, aatik, bi irakurle-mota: alde daudenak, bere bertuteengatik; kontra daudenak, berriz, bere ateismoarengatik.

        Alde daudenak, Camus'en presuna defenditzen dute. Kontra daudenak, berriz, bere filosofia kondenatzen.

        Au dala-ta, gauza zelebreak gertatzen dira Camus'ekin: katoliku askok bere alde itzegiten dute; eta komunistak, ordea, aurka.

 

* * *

 

        Camus'ek, nere ustez, oker egon ala zuzen EGIAZKOTASUNA eta JATORTASUNA ditu bere alde. Oitantxe ikusi uste dut nik bere baliorik gorena.

        «Nik gizon bat izan nai dut», dio Camus'ek Rieux atxeterraren aoz. Camus'ek egia nai du, egia batez ere eta garratza baldin ba da ere. Eztu aitzekiarik nai, eztu estakururik nai. Bere xede au agirian dago, eta orrengatik aukeratu dut idazpuru, irakurleak irakurria duena. Auxe dio ere Guehénn'k artaz itzegiten duelarik: «Beti ere eskasian finka gindezkean bildur zan bera».

        «Nere aroa ulertzeko alegin bat da au», dio Camus'ek. Berak lekuko izan nai du aurrenik; eta, aal ba lu, aztertu ere bere garaieko gizonaren kezka.

        Sasi-literatura etzaio ajolik: «idazkera», idaz-«legeak», eta «teknika» ori guzia, bost ajola zaizkio. Berak sustraia eta pentsaera nai ditu bakarrik, gure Unamuno'k bezela. Badu, dudarik gabe, bere idazkera zolia eta bizia: baiñan au bidenabar lortzen du; eta, askotan, ezta ideien edertasuna eta naturaltasuna baizik. Bere izkribuetan ezta apainkeriaren aztarnarik aurkitzen. Camus apala da. (Izakeraz ere izutia omen zan oso.)

        Bilbotar filosofoak «nivola» esan ba zien bere nobelai, onek ere eztie «nobela»ren izena eman nai bereai; eta «récit» edo «chronique» dietzen die. Sekulan ez «roman».

        Danetan Camus GIARRAZ eta MAMIAZ arduratzen da; eta ez sasi-estiloetako azaleko mintzaz.

        Gogorregia zaio Camus'i gizonaren prolema txikikeriatan eta uskeriatan ibiltzeko. Idatzi zuen guzia, biotzetik zeriola idatzi zuen. Camus'ek eztu pasarteko izkriburik. Camus'ek ezin dezake ariñean idatz.

        Iritzi ontantxe dago ere R. M. Albérés: oraindik goizegi zaio eskierki esatea. Baiña bere ustez «Camus'ek etzuen Proust irakurri; eta Colette, Virginia Woolf, eta Bernard Shaw etzitzaizkion ardura».

        Au egia ba litz, ni enintzake sobera arrituko. Camus'ek («Jaikitako Gizona» irakurri besterik ezta) eztu idazle geiegi goratzen: Dostoievsky aipatzen du, Nietzsche, Democrito... Rimbaud ere atsegin zaio olerkari, baiña Abisinia'ra joan zan ezkeroztik, saldukeria bat egin zuela eztu izkutatzen.

        Santamaria'k ere orregatik maite du Camus: «Bere izkribuetan larruaren azala besterik ipintzen eztuten idazleak, galerazi egiten naute. Gaiñaldea bakarrik ematea, ezer ez ematea baita. Literatura guzia alperrikako xeekeriak asmatzea besterik ezpada, nik eztakit idazleak zertarako idazten duen, ezta idazlearen deia ere zertan datzan».

        Camus'ek askatasuna maite du malla eta arazo guzietan. «Combat» egunkaritik, Resistentzian eta gero ere bai; «Express»tik, UNESCO-tik, eta beti, askatasun guzien alde mintzatzen da eta jokatzen du, eta kolore guzietako nagusikerien kontra: «teatroan bezela urian ere, eriotza darraio bakarrizketari».

        Camus'en izkriburik geienak saio-antzera idatzirik daude; eta tankera ontan zorrotza da oso.

        Baiña bearbada obea da oraindik olerkari-antzera. Arjelia'ko edertasunaz mintzatzean, «Noces» obran esate baterako. Bere irudipenak amesgarriak dira:

        ...«Itsasertz auetan, urtero-urtero lore-neskatxen uzta berri bat azaltzen da. Dirudienez, udara batez irauten dute bakarrik. Urrengo urtean, aurrekoan beren soiñak zugaitz-kimak bezin gogorrak zituzten neskatillak etortzen dira beren ordez, lore gartsu... Goizeko amaiketan, zelaietik jetxita, oial nabarrez doi-doi jantzita aragi gazte ori guzia, ondarrera ixuritzen da, eta ugin koloretsu baten antzo leertzen»...

        Eriotzaren kezka eta Mediterraneo'ko edertasuna nahasita agertzen dira. Eta naaste orrek berak biziago eta sakonago, egiten ditu biak. Ontan ere Unamuno'rengandik urbil dabil. «Témoignage Chrétien» astekariaren kolaboratzaillea dan Jacques Madaule ezagunaren itzez azaltzeko: «nolabait esateko, guztiz batera eta aldi berean, bizitzeko atsegiña eta bizitzeko absurdua azaltzen ditu.»

        Beraz, arima bat aurkitzen da ortan guzian, gurekin sentitzen duen biotz paregabe bat.

        Camus'engan, nik beintzat, gizon aparta bat aurkitu uste dut leenik. Gizon bat: ezagutu nauen gizon bat, gure aldiko lekukorik bikainenetako bat. Ez, gaiñera, Fontán'ek eta bestek diotenez, geure aroko lekuko bat. Nik eztut ori uste. Gizonaren heiña, larrimiña eta gogoa, orren errotik ezagu-erazi dituen idazle bat, illezkorra da, eta ezta sekula guzian aaztuko.

        Beraz, bijoakio Camus gizonari nere errespetu-itzal guzia.

        Danok zor diogula uste dut.

        Eta, Unamuno'k bezela, soluzioa emateko Camus'ek balio ezpadu, bizierak bear duen sentiduaren egarria pizteko, leengo mallakoa dala deritzat.

 

 

 

© Txillardegi

 

 

"Txillardegi / Gertakarien lekuko" orrialde nagusia