MONTE PALOMAR-EN ONDOKO GOGOETAK
(1982-IV-4)
Nork bere temak ditu. Nik ere bai neureak. Badakit. Eta beti ere, urrundik bederen, Astronomiak erakartzen nau. Izartegiari buruzko berriek gugan zuzpertzen duten ikara bera da kakoa, agian.
Kaliforniara etorri nintzenez geroztik, hemengo Obserbatorio famatu horietako bat bederen ikusi nahi nuen. Hubble ospatsuak zuzendu zuen «Wilson Observatory» delakoa dago bertena. Baina nik Monte Palomar-era joan nahi nuen: berrehun bat kilometro Los Angeles-tik. Baina...
Behinola, dena dela, Palomar izan baldin bazen ere teleskopiorik handiena zuen begiralekua, gaur ez da hala. Eta askoz ere hunkigarriago gertatzen dira radio-teleskopio erraldoiak. Arecibo-koak, esate baterako (Puerto Rico), mila oin ditu diametroan (hirurehun metro). Baina mogitzen diren beste batzu (Estonian, Japonen, Samarkandan aurten, 70 m. diametrokoa, Gengis Khan eta Tamerlan-en aberrian zerua miatzen ari...) askoz ere harrigarriago dira. Badakit.
Hala ere, Monte Palomar-ek erakartzen ninduen.
Baina teleskopio nagusia ikus badaiteke ere (530 tonelada, 200 azbete diametro, 12 urtez leundutako lente gaitzak 15 tonelada pisatzen dituelarik), Monte Palomar lan-lekua da; eta ez turismo-lekua. Mendialde ederra hura, hori bai; nahiz beldurgarria ere: baztar guztietan irakurtzen dira letreroak, kaskabel-sugeen arriskua gogoraziz. Erakustoki txiki bat, fotoz eta liburuz hornitua. Hori da dena. Teleskopio nagusiaren domo borobila, bere buruz mintzo zaigu; eta, nahi izan gabe ere, kosmoari eskainitako tenploa dirudi.
Baina giro hartan, anitz lekutan ikusitako foto berek eta zifra berek, asaldua piztutzen dute gugan: Andromeda, foto ederrean ageri (bertan hartua, jakina), gure «galaxia bizkia» ... Distantzia? 2.100.000 argi-urte; alegia, argiak bi miloi eta ehun mila urte behar dituela handik hona etortzeko... 300.000 kilometro segundoan eginik, eta egunak 86.400 segundo izanik, kontua erraza da: argi-urte batek 9,46 biloi kilometro ditu; eta Andromeda «bizkitik» gugana 10,41 triloi kilometro... bakarrik: Edo-ta, garbikiago ikusteko, 10.410.000.000.000.000.000 kilometro. 10,41 eta orain 16 zero koma 41 horren ondoan. Nork esan du Los Angeles «urruti» dagoenik?
Orain planketa handi bat egin dute nazio nagusiek, denen artean Kosmotik uhin berezirik ote datorren ikertzeko. Burutik eginak ote? Ez dirudi. Gure galaxian bakarrik (Andromedan bezalaxe) 200.000.000.000 izar dagoela kalkulatzen da. Berrehun bat mila miloi izar. Eman dezagun bizia gauza zaila dela, eta planeta bakar bat dagoela miloi izar bakoitzeko. Hala ere, gure galaxian bakarrik, 200.000 planeta interesgarri izan daitezke... Radio-teleskopio batzu adi jartzea ez da erokeria.
Gure planeta ez baita inondik ere «berezia». Gure galaxian, kanpo aldeko beso batetan dago gure eguzkia; leku «arrunt» batetan, erdialdetik oso urruti. Ez dago, zinez, arrazoirik, «Lurra» deritzan planeta hau gauza «berezia» eta «bakarra» izateko. Ezerk ez du zer berezirik somarazten beso eskerga horretan galduta goazelarik.
Baina gure galaxia bera, zer da? Normalean galaxiak elkarturik mogitzen dira espazioan barrena. Gure talde edo «Cluster» horretan, zein da gure egoera? Ez batere berezia, edo zentrala. Gure galaxi-mordoan, beste mila bat galaxia daude, gurearen tankera eta tamainakoak.
Areago: «Virgo Cluster» osoa (gure galaxi-mordoa) ez dago ezeren erdian. Gure «Super-Cluster»ean (galaxi-mordoen multzoan, alegia), gure sistema urrun dago erditik: 60 miloi argi-urtetara... Gure galaxia eta gure galaxi-mordoa bera, «beste bat» baizik ez dira... Itxuraz, deusik ez «espezialik» gure Cluster-ean.
Eta guztira, gaur gaurkoz, mila bat miloi galaxia kondatzen direlarik... Noraino hori? Geroak erranen. Oraingoz 15 mila miloi argi-urtetara dauden Quasar urrenetaraino. Datorkigun argi-errainua, orain dela hamabost mila miloi urte irten zen handik...
Nori zaio gogorregi ezer ez garela aitortzea?
Eta zalantzak, edo segurantziak nahiago bada, ez dira horretan bukatzen. Amino-azidoen kateak kasualitatez sortuak izateko, ez baita denborarik aski izan 15 mila miloi urte horretan. Hauxe izan da Fred Hoyle astronomo famatuaren azkeneko bonba. Bera, urte askotan jainkogabe amorratua, bapatean, bere azkeneko liburuan, Jainkoaren alde agertu da. «Mozart, Shakespeare, Gauss», azaldu ezinak dira kasualitate hutsaren bidez: «an intelligence within the Universe is directing the constant creation of microorganisms in interstellar gas» (= adimen batek zuzentzen du sorkari berrien jaiotza kosmoaren barnetik). Kasualitate hutsez gertatu dena azaltzeko, denboraren falta dago, Fred Hoyle-ren ustez.
Eta «berezko legeak» baldin badaude? Hauxe da ulerbide bakarra. Baina lege horiek, gertagaitzaren alde jokatzen ari (bizia eta estrukturaketa, gertagaitzena dira; esperientziaz ongi dakigunez), nondik etorri zaizkio materia itsuari?
Zientziaren alorrean, beraz, Jainkoaren arazoa dator berriz; ateo famatu eta jakintsuen eskutik. Badu honek zerbait harrigarririk, ideologiaren paradisua den gure herri sineskorrean. Jainkoaren arazoa arazo da. Horra egia. Nahiz erakatsi izan diren azalpenak, oro har, sinetsi ezinak izan. Eta nahiz gizonaren patua, beste arazo desberdin bat izan.
© Txillardegi